Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zuzenbide zibila  >>  Legeria  >> Orokorra

8/2015 Lege Organikoa, uztailaren 22koa, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duena

2015-07-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/23, 175. zk.

bcl_1545687570.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8222 8/2015 Lege Organikoa, uztailaren 22koa, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Konstituzioaren 39. artikuluan zehazten den moduan, botere publikoek familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatu behar dute, adingabeen kasuan batez ere, haien eskubideak bermatzen dituzten nazioarteko akordioak kontuan hartuta.

Manamendu horrekin bat etorriz, Estatuko legegileak, bere eskumenen esparruan, adingabearen babesak oinarritzat hartzen dituen erakunde juridiko publikoak eta pribatuak arautu ditu.

Horren emaitza Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa izan zen, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituena –aurrerantzean, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoa deituko diogu–. Bada, esparru arautzaile horrek adingabeen babes uniformea bermatzen du Estatuko lurralde osoan, eta erreferentzia gisa jardun du autonomia-erkidegoek beren eskumeneko gizarte-laguntzaren, gizarte-zerbitzuen eta adingabeen babes publikoaren esparruan onartu dituzten legeetarako.

Dena den, arau hori onartu zenetik ia hogei urte igaro dira, eta, ordudanik, adingabeen egoeran eragiten duten gizarte-aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, zeinek babes juridikorako tresnen hobekuntza eskatzen baitute, Konstituzioaren 39. artikulua behar bezala bete ahal izateko.

Hala jasotzen da Herriaren Defendatzailearen 2009. urteko «Jokaeraren Nahasmenduak dituzten eta Zailtasun Sozialeko egoeran dauden Adingabeak Babesteko Zentro»ei buruzko txostenean eta «2014. urteko adingabearen entzunaldi eta interes gorenari, babes-neurrien berrikuspen judizialari eta familia-prozesuei buruzko azterketa»n. Zentzu berean agertu ziren honako hauek ere: Estatuko Fiskaltza Nagusia, 2010. urteko Memorian jasotako gomendioetan; Haurren Eskubideei buruzko Batzordea, 2010eko azaroaren 3an Espainiari egindako azken gomendioetan; eta adopzio nazionalaren eta antzeko beste gai batzuen problematika aztertzen duen Senatuaren Batzorde Berezia –txostena Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2010eko azaroaren 17an–. Gainera, denbora-tarte horretan zehar nazioarteko hainbat hitzarmen jarri dira indarrean gure herrialdean, eta, horrenbestez, araudia egokitu beharra dago.

Aipatutako proposamenekin eta gomendioekin bat etorriz, lege honek gai organikotzat jotzen diren eremuetan beharrezkoak diren aldaketa juridiko-prozesal eta substantiboak txertatzea du helburu, zeren eta Konstituzioaren 14, 15, 16, 17.1, 18.2 eta 24. artikuluetan zehaztutako oinarrizko eskubideetan eta askatasun publikoetan eragiten baitute. Horrela, arestian aipatutako babes-tresnak hobetu nahi dira, adingabeei Estatu osoan babes uniformea bermatzen jarraitzeko helburuarekin. Hark esparru gisa balioko die autonomiaerkidegoei, adingabeak babesteko kasuan kasuko legeria garatzen dutenean, horien administrazio-egoera edozein dela ere, atzerritarren kasuan. Bi artikuluren eta hiru azken

xedapenen bitartez, adingabeak babesteko erakundeak arautzen dituzten lege nagusiak aldatzen dira.

Lehenengo artikuluan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren aldaketak zehazten dira; bigarrenean, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeari eragiten dioten aldaketak zehazten dira –aurrerantzean, Prozedura Zibilaren Legea–; azken xedapenetatik lehenengoan, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari dagozkion aldaketak jasotzen dira –aurrerantzean, Botere Judizialaren Lege Organikoa–; azken xedapenetatik bigarrenean, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzen da; eta azken xedapenetatik hirugarrenean, aldiz, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzen da.

II

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan txertatutako aldaketen bitartez, adingabearen interes gorenak lehentasunezko izaera izateko eskubidea garatzen eta indartzen da. Printzipio hori funtsezkoa da esparru honetan, baina, urte hauetan zehar, kontzeptu juridiko zehaztugabe horrek hainbat interpretazio izan ditu. Horregatik, eta kontzeptu horri edukia emateko helburuarekin, 2. artikulua aldatzen da, eta honako hauek txertatzen dira: Auzitegi Gorenaren azken urteetako jurisprudentzia, eta Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Batzordearen 2013ko maiatzaren 29ko 14. zenbakiko ohar orokorraren irizpideak –ohar hori haurrek beren interes gorenak funtsezko izaera izan dezaten duten eskubideari buruzkoa da–. Kontzeptu hori eduki hirukoitz batean oinarritzen da. Batetik, eskubide substantiboa da, adingabeak bere interes gorenak ebaluatuak izateko eskubidea baitu berari eragiten dion neurri bat hartzen denean, eta beste interes batzuk badaude, horiek behar bezala aztertu beharko dira irtenbide bat bilatu ahal izateko. Bestetik, interpretazio-izaera duen printzipio orokor bat da, eta, beraz, xedapen juridiko bat modu batean baino gehiagotan interpretatu badaiteke, adingabearen interesei egokien erantzuten dien interpretazioa aukeratu beharko da. Gainera, printzipio hori prozedurazko arau bat da. Hiru dimentsio horietan, adingabearen interes gorenak helburu bera du: adingabearen eskubide guztiak erabat eta modu eraginkorrean errespetatzen direla bermatzea, eta horiek guztiz garatzen direla bermatzea.

Hausnarketa horiek kontuan hartuta, argi dago adingabearen interes gorena zehazteko orduan, legegileak modu unibertsalean aitortutako balioak eta onartutako irizpideak hartu behar direla oinarri gisa, zeinak zenbait elementu eta kasuan kasuko egoerak aintzat hartuta baloratu behar baitira; gainera, behar bezala adierazi behar dira hartutako erabakiaren motibazioan, printzipioaren aplikazioa egokia izan den ala ez aztertzeko helburuarekin.

3. artikulua aldatzen da, eta, hala, Espainiak 2007ko martxoaren 30ean sinatu zuen Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko 2006ko abenduaren 13ko Konbentzioaren erreferentzia gehitzen da –2008ko apirilaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen berreste-agiria–; era berean, esparru horretako hizkuntza egokitzen da, eta desgaitasun terminoarekin ordezkatzen da urritasun terminoa.

9. artikulua aldatuz, modu xehatuagoan garatzen da adingabeak entzuna izateko duen oinarrizko eskubidea, Haurrak sexu-esplotaziotik eta -abusuetatik babesteko Europako Kontseiluaren Hitzarmenean zehazten denarekin bat etorriz –hitzarmen hori Lanzaroten egin zen 2007ko urriaren 25ean eta Espainiak 2009ko martxoaren 12an sinatu zuen, eta berreste-agiria –2010eko azaroaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen– eta Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Batzordearen 2009ko ekainaren 12ko 12. zenbakiko oharrean jasotako irizpideekin bat etorriz –ohar hori haurrak entzuna izateko duen eskubideari buruzkoa da–. Zentsutasun terminoa heldutasun terminoarekin ordezkatzen da lege organiko honetan nahiz haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen lege arruntean; izan ere, termino hori hobeto egokitzen da bere garaian Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean erabili zen hizkuntza juridiko eta forentsera. Oro har, termino hori erabiltzen da gai horri buruzko nazioarteko

hitzarmenetan: Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenean; Haurren babesari eta nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari buruzko Hitzarmenean –1993ko maiatzaren 29an Hagan egina–; edo Komunikazioen Prozedurari buruzko Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren Hautazko Protokoloan –2011ko abenduaren 19an New Yorken egina–. Berariaz zehazten da eskubide hori egikaritzeko orduan ez dela inolako bereizkeriarik egingo desgaitasuna dela-eta, ez familian ezta zuzenean nahastuta dagoen administrazio-, epaiedo bitartekaritza-prozeduretan ere, betiere Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen 2006ko abenduaren 13ko Konbentzioan jasotzen denarekin bat etorriz. Gainera, adingabeak eskubide hori behar bezala egikaritzeko dituen premia bereziak eta horiei aurre egiteko dituen bitartekoak zehazten dira. Gainera, erregulazio honetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (Suediaren aurkako 2002ko uztailaren 2ko SN kasua, Suediaren aurkako 2003ko abenduaren 16ko Magnusson kasua eta Espainiaren aurkako 2003ko azaroaren 4ko Bellerín kasua) eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia hartu da kontuan (martxoaren 10eko 96/2009 epaia) .

Era berean, 10. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da. Hala, adingabeei beren premietara egokitutako mekanismo egokiak erabiltzeko aukera eskaintzen zaie beren kexak Herriaren Defendatzailearen edo autonomia-erkidegoetako erakunde homologoen aurrean planteatu ahal izan ditzaten. Gainera, adingabeen benetako babes judiziala indartzen da, eta lege-laguntza eskatzeko eta defendatzaile judizial bat izendatzeko aukera gehitzen da.

Berritasun garrantzitsuen artean, II. tituluko IV. kapitulu berrian, jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan adingabeak barneratzea arautzen da; bertan, segurtasun-neurrien erabilera eta oinarrizko askatasun edo eskubideen murrizketa aurreikusten dira azken aukera gisa, baita kasu horietan gauzatu daitezkeen jarduketak eta esku-hartzeak ere. Arauketa espezifiko horrek erakunde garrantzitsuek planteatutako eskaerei erantzuten die, hala nola Herriaren Defendatzaileak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak planteatutako eskaerei; adopzio nazionalaren eta antzeko beste gai batzuen problematika aztertzeko Senatuaren Batzorde Bereziak ere jorratu zuen testuinguru hori. Hura bat dator Konstituzio Auzitegiak 2010eko abenduaren 2ko 131 eta 132/2010 epaietan adierazitakoarekin, zeinen bitartez ebatzi baitziren konstituzio-kontrakotasuneko bi arazo, Kode Zibilaren 211. artikuluarekin, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren azken xedapenetatik hogeita hirugarrenarekin eta Prozedura Zibilaren Legearen 763. artikuluarekin lotuak.

Haurrak babesteko zentro horiek adingabeen ezaugarri bereziak, konplexutasuna, baldintzak eta premiak hartzen dituzte kontuan, horiek esku-hartze espezializatua behar izaten baitute, erakunde publikoaren babespean daudenean.

Espainiako gizarteak aldaketa bizkorrak jasan ditu azken urteetan, eta, horren ondorioz, profil berri bat sortu da gizarte-zerbitzuak eta haurrak eta familiak babesteko zerbitzuak erabiltzen dituztenen artean.

Hori da, hain zuzen, babeste-zentroetan barneratzen diren adingabeen kasua. Haien kopurua gero eta handiagoa da, eta familiek eskatuta sartzen dira zentro horietan, erasozko portaerek, familian moldatu ezinak, gurasoenganako indarkeriazko egoerek eta gurasoerantzukizuna egikaritzeko zailtasun larriek eragindako arazoek sortzen dituzten egoera oso gatazkatsuen ondorioz. Halako adingabeen egoera psikologiko eta sozialaren aurrean, babeste-zentro arruntek edo adingabeen familiek gaur egun eskaintzen ez dituzten beste irtenbide batzuk bilatu behar dira; izan ere, adingabe horiek zentro berezietan barneratu behar dira, haien gizarte-egoerari eta egoera psikikoari buruzko txostena egin ostean.

Arauketa horrek adingabeen oinarrizko eskubideetan eragin dezake batzuetan, eta, beraz, araudian behar bezala finkatu behar dira esku-hartzearen mugak. Era berean, zenbait segurtasun-neurri arautu behar dira, hala nola eustea, isolamendua edo erregistro pertsonalak eta materialak, baita beste neurri batzuk ere, sendagaiak emateko neurriak, bisita-araubidea, irteteko baimenak edo komunikazioak, esaterako.

Edonola ere, zentro horiek ez dira inoiz hartuko gizartea adingabe gatazkatsuetatik babesteko tresna gisa, kontuan hartu behar baita, gainera, esku-hartzea ezartzearen sorburuan ez dagoela delituak egin izanaren aurretiazko akreditaziorik. Senitartekoek eta

ohiko hezkuntza-sistemak porrot egin dutenean edo halakorik ez dagoenean, zentro horiek adingabearen hezkuntzara xedaturiko, jokaera normalizatzeko eta nortasuna modu askean eta harmonikoan garatzeko esparru bat eskaini behar diete jokaera-arazoak dituzten adingabeei. Portaera-arazo larriei eta krisi-egoerei erantzuteko xedea duten baliabide zehatzak justifikatuta daude adingabe horiei testuinguru sozio-hezigarri eta psikoterapeutiko egituratuago bat eskaini behar zaielako, eta hori programa berezi baten bitartez bakarrik lor daiteke. Izan ere, arazoa ikuspegi positibotik eta aukerak kontuan hartuta tratatu behar da, oro har diseinatutako hezkuntza-printzipio eta -proiektuak oinarri hartuta.

III

Bigarren artikuluan Prozedura Zibilaren Legea aldatzen da, eta, hala, azaldutako berritasun substantibo horien eraginkortasuna bermatuko duten aldaketa prozesalak txertatzen dira, era berean, epaitegien aldetik adingabeen eskubide eta interesen ahalik eta babesik eraginkorrena lortu ahal izateko.

778 bis artikulu berria txertatuz, jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan adingabea barnera dadin baimen judiziala lortzeko prozedura azkar, sinple eta xehatu bat sartzen da, neurri horrek adingabeari eragin diezazkiokeen oinarrizko askatasunaren eta eskubideen esparruko mugak legitimatzeko. Erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak hala eskatuta adingabe bat zentro horietan barneratu ahal izateko, kontrol judiziala beharrezkoa da, eta, horretarako, erakunde publikoaren egoitzari dagokion lehen auzialdiko epailearen aurretiazko baimena eskatu beharko da; hori ez da horrela izango urgentziazko kasuetan, zeinetan adingabearen barneratzea beranduago berretsiko baita, Ministerio Fiskalak eta adingabeak berak esku hartuta.

Bestalde, aldaketak txertatzen dira egoitzetan eta beste leku batzuetan sartzeko baimenen araudian, horietan sartzeko titularraren baimena behar denean adingabe bat babesteko hartutako neurriak nahitaez betearazteko. Jokoan dauden oinarrizko eskubideak bermatu behar dira, eta, horregatik, Prozedura Zibilaren Legean 778 ter artikulu berriaren bitartez, prozedura berezi bat txertatzen da egoitza batean sartzeko eskaerez arduratzeko, betiere adingabeak babesteko administrazio-ebazpenak betearaziz.

Gaur arte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari esleitu izan zaio horretarako eskumena, ez baitzegoen prozedura zehatz bat, jokoan zeuden interes hauen oreka guztiz bermatzen zuena: batetik, administrazio-ebazpenak ukitutako adingabearen interes gorena, hura betearazteko haren egoitzan sartu behar denean; eta, bestetik, egoitzaren bortxaezintasunari dagokion oinarrizko eskubidea, Konstituzioaren 18.2 artikuluan jasotzen dena. Gaur egungo egoeraren aurrean, egoitzan sartzeko baimena emateko eskumena lehen auzialdiko epaitegiari esleitzea erabaki da, hari baitagokio esparru horretako erakunde publiko eskudunek emandako ebazpenen aurkako errekurtsoez arduratzea. Horrenbestez, jokoan dauden interesak baloratu behar dira, eta eskumen horrek ez du zerikusirik administrazioarekiko auzien epaitegiak betetzen duen funtsezko funtzioarekin, haren eginkizuna administrazio-jarduera zuzena dela kontrolatzea baita.

Prozedura labur, bizkor eta xehatu bat arautzen da. Oro har, baimen horiek babesneurriak urgentziaz betearazi behar izaten direnean eskatzen dira, eta, horrenbestez, bizkortasuna eskatzen da horiek ebazteko orduan; hori behar bezala bermatu ahal izateko, epaileak berehala eman dezake ebazpena, betiere premia hori justifikatuta dagoenean.

Lurralde-eskumeneko forua esleitzeko orduan, adingabeak babesteko prozesuetarako irizpide orokorra hartzen da kontuan, kasu bakoitzean esku hartzen duten epaitegiek irizpide bateratua izan dezaten, eta, betiere, beste eskumen-foru batzuk hartzeak eragingo lukeen dispertsioa saihestuz. Prozedurak Ministerio Fiskalaren esku-hartzea eta egoitzako titular interesdunaren entzunaldia bermatzen ditu; izapide horrek ez du inolako oztoporik edo atzerapenik eragingo ebazpen judizialean, kasu bakoitzaren urgentzia aintzat hartuta.

IV

Era berean, eta Prozedura Zibilaren Legean egindako aldaketen osagarri gisa, azken xedapenetatik lehenengoan Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzen da, egoitzan

sartu ahal izateko baimen judiziala emateko eskumenari dagokionez; hala, esparru horretako erakunde publiko eskudunak adingabeak babesteko adostutako neurriak nahitaez betearazi ahal izango ditu.

V

Azken xedapenetatik bigarrenean, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzen da, pertsonen salerosketaren biktima izan diren eta egoera irregularrean dauden atzerritarrak eta haien seme-alabak babestu ahal izateko.

VI

Azken xedapenetatik hirugarrenaren bitartez, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzen da.

Adingabe baten aurka gauzatutako indarkeria-mota oro guztiz justifikaezina da. Horien artean bereziki krudela da genero-indarkeria presente dagoen familia-ingurune batean bizi eta hazten direnek jasaten dutena. Indarkeria-mota horrek modu askotan eragiten die adingabeei. Lehenik eta behin, adingabe horien ongizatea eta garapena baldintzatzen ditu. Bigarrenik, osasun-arazo larriak eragiten dizkie. Hirugarrenik, emakumearen aurkako indarkeria eta harekiko nagusitasuna gauzatzeko tresna bihurtzen dira adingabeak. Eta azkenik, bikotekideek nahiz bikotekide ohiek emakumearen aurka izaten dituzten indarkeriazko jokaerak belaunaldiz belaunaldi transmititu daitezen errazten du. Adingabeak, etxean mota horretako indarkeria ikusten dutenean –hau da, babesik handiena jaso beharko luketen lekuan horrelako jarrerak ikusten dituztenean–, biktima bihurtzen dira ere.

Horregatik guztiagatik, lehenik eta behin adingabeak genero-indarkeriaren biktima direla aitortu behar da –1. artikuluan txertatzen da hori–, haien aurka gauzatu daitekeen indarkeria-mota hori ikusgai jarri behar baita.

Haiek ere genero-indarkeriaren biktima gisa aitortzeko, aldatu egin behar da 61. artikulua: batetik, argitasun handiagoa lortzeko eta, bestetik, epaileek kautelazko neurriei eta segurtasun-neurriei buruzko beren irizpena emateko duten betebeharra azpimarratzeko, indarkeria jasaten duen emakumearen menpeko adingabeak ukitzen dituzten neurri zibilei dagokienez bereziki.

Era berean, 65. artikulua aldatzen da, genero-indarkeria jasaten duen emakumearen kargura egon daitezkeen adingabeak babestu behar diren egoerak zabaltze aldera.

Azkenik, 66. artikuluaren idazketa hobetzen da; bisita-araubidearen kontzeptua gainditu eta hura modu globalean ulertuko da aurrerantzean, adingabeekin harremanetan jartzeko edo komunikatzeko modu edo egonaldi gisa, alegia.

VII

Lehen xedapen gehigarria gehitzen da, hau da, «erakunde publikoa» adierazpenaren erabilera ezartzen duena; bigarren xedapen gehigarriaren bidez, Gobernuari gaitasuna ematen zaio lege honen aplikazioan autonomia-erkidegoekin gutxieneko estandarrak eta irizpide komunak ezar daitezela sustatzeko; xedapen iragankorrean, aldiz, dagoeneko hasita dauden prozedura judizialei aplikatu beharreko araudia arautzen da, egindako aldaketak kontuan hartuta.

Xedapen indargabetzaile bat txertatzen da klausula indargabetzaile orokor bat ezarri ahal izateko.

Azken xedapenetatik laugarrenean, erreforma hau egiteko eskumen-tituluak arautzen dira. Artikulu guztiek izaera organikoa izango dute, baita azken xedapenetatik lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak ere; azken xedapenetatik bosgarrenean, aurrekontu-gastuaren igoerarik eza arautzen da; azken xedapenetatik seigarrenean, Gobernuari erregelamendua garatzeko gaitasuna ematen zaio; eta, azkenik, azken xedapenetatik zazpigarrenean xedatzen da legea indarrean jarriko dela Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei

egun igarotakoan, denbora-tarte hori nahikoa baita hark txertatzen dituen berritasunen edukia behar bezala ezagutzeko.

Lehenengo artikulua. Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituena, aldatzea.

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituena, honela geratzen da aldatuta:

Bat. I. tituluko I. kapituluaren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«I. KAPITULUA

Adingabearen eremua eta interes gorena»

Bi. 2. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. artikulua. Adingabearen interes gorena.

1.Adingabeek beren interes gorena baloratu eta hura funtsezkotzat har dadila eskatu ahal izango dute berei dagozkien akzio eta erabaki guztietan, eremu publikoan nahiz pribatuan. Lege hau eta berari eragiten dioten gainerako arauak aplikatzen direnean, eta erakunde publiko nahiz pribatuek, epaitegiek edo organo legegileek hartzen dituzten adingabeekin lotutako neurriak aplikatzen direnean, haien interes gorenari emango zaio lehentasuna, egon daitezkeen bestelako interes legitimoen gainetik.

Adingabeen jarduteko gaitasunari dagozkion mugak modu murriztailean interpretatuko dira, eta adingabearen interes gorena hartuko da kontuan une oro.

2.Adingabearen interes gorena interpretatu eta aplikatzeko, honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontuan, hargatik eragotzi gabe legeria espezifiko aplikagarrian zehazten direnak eta kasu bakoitzeko egoera zehatzen arabera egokitzat jo daitezkeen beste batzuk:

a) Adingabeak bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko duen eskubidea babestuko da, eta haren oinarrizko premia materialak, fisikoak eta hezkuntzakoak aseko dira, baita emozionalak eta afektiboak ere.

b) Adingabearen nahiak, sentimenduak eta iritziak kontuan hartuko dira, baita haren interes gorena zehazteko prozesuan progresiboki parte hartzeko duen eskubidea ere, betiere adingabearen adina, heldutasuna, garapena eta bilakaera pertsonalaren arabera.

c) Adingabearen bizitza eta garapena indarkeriarik gabeko familia-testuinguru egoki batean oinarrituta egotea komeni da. Ahal izanez gero, adingabea jatorrizko familiarekin geratuko da, eta familiako harremanak mantentzen saiatuko dira, ahal den neurrian eta adingabearentzat positiboa bada. Babes-neurri bat hartzea erabakitzen bada, familia-harrerari emango zaio lehentasuna, eta ez egoitzaharrerari. Adingabea bere familia-nukleotik banandu denean, adingabea hara itzultzeko aukerak eta komenigarritasuna baloratuko dira, eta, horretarako, babesneurria hartu den momentutik familiak izan duen bilakaera hartuko da kontuan. Une oro adingabearen interesei eta premiei emango zaie lehentasuna, eta ez familiak dituen premiei.

d) Adingabearen identitatea, kultura, erlijioa, usteak, orientazio eta identitate sexuala eta hizkuntza babestuko dira. Adingabeak ez du inolako bereizkeriarik jasango arrazoi horiek edo beste baldintza batzuk direla-eta, desgaitasuna barne, eta bere nortasunaren garapen harmonikoa bermatuko da.

3.Irizpide horiek baloratzeko orduan, elementu orokor hauek hartuko dira kontuan:

a) Adingabearen adina eta heldutasuna.

b) Adingabearen berdintasuna eta bereizkeriarik eza bermatzeko beharra, adingabea bereziki kaltebera denean hainbat arrazoirengatik: familia-testuingururik ez izateagatik, tratu txarrak jasateagatik, desgaitasunagatik, orientazio edo identitate sexualagatik, errefuxiatua izateagatik, asilo edo babes subsidiarioa eskatzeagatik, gutxiengo etniko bateko kide izateagatik edo beste ezaugarri edo egoera garrantzitsu batzuengatik.

c) Denboraren joateak adingabearen garapenean sortzen dituen ondorio itzulezinak.

d) Adingabea modu eraginkorrean gizarteratu eta garatu dadila sustatzeko hartzen diren irtenbideen egonkortasuna mantentzeko beharra, baita edozein motatako egoera-aldaketa material edo emozionalek adingabearen nortasunean eta etorkizuneko garapenean eragin ditzakeen arriskuak murriztea ere.

e) Adingabeak behar bezala prestatu behar du heldutasunera igarotzeko eta independentea izateko, bere gaitasunen eta egoera pertsonalaren arabera.

f) Beharrezkotzat jotzen diren eta adingabeen eskubideak errespetatzen dituzten beste haztapen-elementu batzuk.

Elementu horiek modu bateratuan baloratu beharko dira, premiaeta proportzionaltasun-printzipioak kontuan hartuta. Hala, adingabearen interes gorena lortzeko helburuarekin hartu beharreko neurriak ez ditu murriztuko edo mugatuko babesten dituen eskubideak baino gehiago.

4.Adingabearen interes gorenaz gain beste edonolako interes legitimoren bat izanez gero, interes gorenari erantzun eta beste interes legitimo horiek ere errespetatzen dituzten neurriei eman beharko zaie lehentasuna.

Interes legitimo guztiak errespetatzea ezinezkoa bada, adingabearen interes gorenak izango du lehentasuna, egon daitezkeen bestelako interes legitimoen gainetik.

Adingabearen interes gorena bermatzeko helburuarekin hartutako erabakiek eta neurriek behar bezala baloratu beharko dituzte ukitutako beste pertsonen oinarrizko eskubideak.

5.Adingabearen interes gorenarekin lotutako neurri guztiek prozesuaren bermeak errespetatu beharko dituzte, honako hauek bereziki:

a) Adingabeak informazioa jasotzeko, entzuna izateko eta prozesuan parte hartzeko eskubideak izango ditu, indarrean den araudiari jarraikiz.

b) Prozesuan profesional kualifikatuek edo adituek esku hartu ahal izango dute. Beharrezkoa izanez gero, profesional horiek desgaitasuna duten haurren premia zehatzei erantzuteko moduko prestakuntza izan beharko dute. Adingabeari eragiten dioten erabaki bereziki garrantzitsuetan, esparru horietan espezializatutako diziplina anitzeko talde tekniko baten txosten kolegiatua jasoko da.

c) Adingabearen gurasoek, tutoreek edo legezko ordezkariek parte hartu ahal izango dute, baita defendatzaile judizial batek ere, haien artean gatazka edo desadostasunik balego; Ministerio Fiskalak ere esku hartu ahal izango du prozesuan, adingabearen interesak defendatzeko.

d) Erabakia hartzeko orduan, erabakiaren motibazioan honako hauek gaineratu beharko dira: erabilitako irizpideak; irizpideak elkarren artean baloratzean eta orainaldiko nahiz etorkizuneko beste interes batzuekin baloratzean aplikatu diren elementuak; eta errespetatutako berme prozesalak.

e) Hartutako erabakia berrikusteko aukera eskaintzen duten errekurtsoak egongo dira, erabaki horretan adingabearen interes gorenari lehentasuna eman ez bazaio, edo adingabearen garapena dela-eta edo inguruabarren aldaketa esanguratsuak direla-eta hura berrikustea beharrezkoa den kasuetan. Adingabeek

doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea izango dute legez aurreikusitako kasuetan.»

Hiru. 3. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3. artikulua. Erreferentzia nazioarteko tresnei.

Adingabeek Konstituzioan eta Espainiak parte hartzen duen nazioarteko tratatuetan aitortzen diren eskubideak izango dituzte, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioan eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotzen direnak bereziki. Era berean, ordenamendu juridikoan bermatzen diren gainerako eskubide guztiak izango dituzte, inolako bereizkeriarik egin gabe jaiotza, nazionalitate, arraza, sexu, desgaitasun edo gaixotasun, erlijio, hizkuntza, kultura, iritzi edo bestelako egoera pertsonal, familiar edo sozialengatik.

Lege hau, bera garatzen duten arauak eta adingabeei buruzko gainerako legexedapenak Espainiak parte hartzen duen nazioarteko tratatuekin bat etorriz interpretatuko dira, eta, bereziki, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioan eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotzen denarekin bat etorriz.

Botere publikoek adingabeen eskubideak errespetatzen direla bermatuko dute, eta lege honetan eta aipatutako nazioarteko arauetan jasotzen denera egokituko dituzte beren jarduketak.»

Lau. 9. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«9. artikulua. Entzuna izateko eskubidea.

1.Adingabeak entzuna izateko eskubidea izango du, adinagatik, desgaitasunagatik edo beste egoera batzuengatik inolako bereizkeriarik jasan gabe, bai familia-testuinguruan, bai beste administrazio-, epaiedo bitartekaritzaprozeduretan, baldin eta bere testuinguru pertsonala, familiarra edo soziala ukitzen duten erabakiak hartu behar badira; adingabearen iritziak behar bezala kontuan hartuko dira, betiere haren adinaren eta heldutasunaren arabera. Horretarako, adingabeak hizkuntza ulergarrian jaso beharko du eskubide hori egikaritzea ahalbidetuko dion informazio guztia, bere inguruabarretara egokitutako formatu irisgarrietan.

Administrazio-prozeduretan edo prozedura judizialetan, adingabearen agerraldiek eta entzunaldiek lehentasunezko izaera izango dute, eta haren egoera eta garapen ebolutiboa kontuan hartuta egingo dira. Beharrezkoa izanez gero, profesional kualifikatuen edo adituen laguntza izango dute, betiere adingabearen intimitatea zainduz eta berarentzat ulergarria izango den hizkuntza erabiliz, bere inguruabarretara egokitutako formatu irisgarrietan. Era berean, adingabeari galdetu zaionaren berri eta bere iritziak izan ditzakeen ondorioen berri emango zaio, prozeduraren berme guztiak behar bezala errespetatuz.

2.Adingabeak, beharrezko heldutasuna duenean, bere kabuz edo bere burua ordezkatzeko izendatu duen pertsonaren bitartez egikaritu ahal izango du eskubide hori. Heldutasuna langile espezializatuek baloratu beharko dute, eta, horretarako, adingabearen garapen ebolutiboa eta kasu bakoitzean jorratu beharreko gaia ulertu eta ebaluatzeko duen gaitasuna hartuko dira kontuan. Adingabeak behar besteko heldutasuna duela ulertuko da, kasu guztietan, hamabi urte betetzen dituenean.

Adingabeak, eskubide hori bere kabuz egikari dezakeela bermatzeko, interpreteen laguntza izango du, beharrezkoa izanez gero. Adingabeak hitzen bidez edo hitzezkoa ez den komunikazioaren bidez adierazi ahal izango du bere iritzia.

Dena den, ezinezkoa bada edo adingabearen interesa dela-eta komeni ez bada, haren legezko ordezkarien bitartez jakin ahal izango da zer iritzi duen –betiere legezko ordezkari horiek adingabearen interesen aurkako interesik ez badute– edo,

bestela, lanbideagatik edo adingabearekin aparteko konfiantza izateagatik haren iritzia era objektiboan eman dezaketen pertsonen bitartez.

3.Administrazioedo epai-bidean adingabeen agerraldia edo entzunaldia ukatuko balitz (zuzenean nahiz ordezkariaren bitartez) , ebazpena adingabearen interes gorena kontuan hartuta arrazoituko da. Ebazpena Ministerio Fiskalari, adingabeari berari, eta, hala badagokio, haren ordezkariari jakinaraziko zaie; ebazpenean, erabaki horren aurka jar daitezkeen errekurtsoak adieraziko dira berariaz. Funtsari buruzko ebazpenetan, adingabeari egindako entzunaldiaren emaitza adierazi beharko da hala badagokio, baita haren balorazioa ere.»

Bost. 10. artikuluaren 2. zenbakian c) letra aldatzen da eta e) letra berri bat gehitzen da. Honela geratzen dira idatzita:

«c) Beren kexak Herriaren Defendatzailearen edo autonomia-erkidegoetako erakunde homologoen aurrean planteatzea. Xede horrekin, Herriaren Defendatzailearen ondoko bat arduratuko da, etengabe, adingabeekin lotutako gaiak jorratzeaz; adingabeei beren premietara egokitutako mekanismo egokiak erabiltzeko aukera eskainiko zaie, eta konfidentzialtasuna bermatuko.»

«e) Lege-laguntza eskatzea eta defendatzaile judizial bat izendatzea, hala badagokio, beren eskubideak eta interesak babestu eta defendatzeko beharrezkoak diren akzio judizial eta administratiboak abiarazteko. Edonola ere, Ministerio Fiskalak adingabeen eskubideak defendatzeko jardun ahal izango du.»

Sei. II. tituluan, IV. kapitulua txertatzen da, zeinak 25. artikulutik 35. artikulura bitarteko artikulu guztiak hartzen baititu –bi horiek barne–, eta honela geratzen da idatzita:

«IV. KAPITULUA

Jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro bereziak

25. artikulua. Jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan egiten den egoitza-harrera.

1.Kapitulu honetan aurreikusitako xedapenak bete beharko dituzte erakunde publikoen edo horiekin lankidetzan jarduten duten erakunde pribatuen menpeko jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan egiten diren barneratzeek, jarduketek edo esku-hartzeek, baldin eta zentro horietan aurreikusita badago segurtasun-neurrien erabilera eta oinarrizko eskubideak edo askatasunak mugatzeko neurriena.

Zentro horiek nazioarteko estandarrak eta kalitate-kontrolak bete behar dituzte; erakunde publikoaren zaintzapean edo tutoretzapean dauden adingabeen egoitzaharrera egingo da han, adingabeei jokaera-arazoak diagnostikatzen zaizkienean, behin eta berriz errepikatzen diren jokaera disruptibo edo disozialak dituztenean, gizarte-arauak eta hirugarrenen eskubideak urratzen dituztenean eta, gainera, horien babeserako premiek hala justifikatzen dutenean, betiere balorazio psikosozial espezializatu batek hala zehazten badu.

2.Zentro horietako egoitza-harrera erabiliko da soilik beste babes-neurri batzuen bitartez esku hartzea ezinezkoa denean. Haren helburua adingabeari hezkuntzarako esparru egokia eskaintzea izango da, jokaera normalizatu, ahal denean familiara itzuli eta nortasuna modu askean eta harmonikoan garatu ahal izateko, betiere testuinguru egituratu batean eta programa zehatzak aplikatuta hezkuntza-proiektu baten barruan. Horrenbestez, adingabea zentro horietan barneratzea eta haietan aplikatzen diren segurtasun-neurriak besterik ezean erabiliko dira, eta hezkuntza-helburua izango dute beti.

3.19. artikuluan aurreikusitako borondatezko zaintzaren kasuetan, familiak esku-hartze profesionalaren pean jartzeko konpromisoa hartu beharko du.

4.Zentro horiek ratio egokia mantenduko dute adingabe-kopuruaren eta horiek zaintzeko langile-kopuruaren artean, betiere adingabe bakoitzaren tratamendu pertsonalizatua bermatzeko helburuarekin.

5.Desgaitasuna duten adingabeek lehendik jasotzen zituzten laguntza espezializatuak jasotzen jarraituko dute, edo, bestela, egokiagoak diren beste batzuk emango zaizkie. Edonola ere, zentroetan eta gauzatutako jarduketetan egoki diren irispide-neurriak hartuko dira.

26. artikulua. Jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan barneratzea.

1.Adingabe baten tutoretza edo zaintza daukan erakunde publikoa eta Ministerio Fiskala legitimatuta egongo dira jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan adingabea barnera dadin baimen judiziala eskatzeko. Zentroan barneratzeko eskaera horrek behar bezala arrazoituta egon beharko du, eta adingabeen babesean espezializatuta dauden langileek idatzitako txosten psikosozialetan oinarrituta egon beharko du.

2.Ezin izango dira halako zentroetan barneratu gaixotasun edo nahasmendu mentalak dituzten adingabeak, baldin eta osasun mentalaren edo desgaitasuna duten pertsonen zaintzaren esparruan eskumena duten zerbitzuen tratamendu espezifikoa jasotzeko beharra badute.

3.Adingabeak zentro horietan barneratzeko, erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak baimen judiziala eskuratu beharko du lehenengo; halere, adingabeek entzunak izateko duten eskubidea bermatu beharko du, 9. artikuluan zehazten denarekin bat etorriz. Baimen hori Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeko 778 bis artikuluan araututako prozedura izapidetu ostean emango da. Baimenean, segurtasun-neurriak aplikatzeko aukera badagoen azalduko da, baita kasu bakoitzean ezar daitekeen bisita-, komunikazioeta irteera-araubidea denboraldi batez mugatzeko aukera badagoen ere.

Dena den, eta behar bezala arrazoitutako urgentziazko kasuetan, adingabea zentroan berehala barneratzea erabakitzen bada, erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak baimen judiziala jaso aurretik hartu ahal izango du erabakia. Nolanahi ere, jakinarazpena berehala egin beharko zaio epaitegi eskudunari, gehienez ere hogeita lau orduko epean, barneratzearen derrigorrezko berrespena gauzatu dadin; horretarako, eskura duen informazioa eta adingabea zentroan berehala barneratzea justifikatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu. Epaitegiak hirurogeita hamabi orduko epea izango du gehienez ere, jakinarazpena jasotzen duenetik, ebazpena emateko; baimenik ematen ez badu, barneratzea ondoriorik gabe geratuko da berehala.

4.Behin zentroan barneratuta, adingabeek idatzizko argibideak jasoko dituzte beren eskubide eta betebeharrei buruz, zentroaren funtzionamendu-arauei buruz, antolaketa orokorraren gaineko kontuei buruz, hezkuntzaeta diziplina-araubideei buruz, eta eskaerak, kexak edo errekurtsoak aurkezteko bideei buruz. Informazio hori emateko orduan, hura behar bezala ulertuko dela bermatu beharko da, adingabearen adina eta inguruabarrak kontuan hartuta.

5.Adingabeek beren premia zehatzei erantzuteko beharrezkoa den denbora egingo dute zentroan, ez gehiago. Adingabearen barneratzeaz arduratzen ari den organo judizialak hartuko du etetearen erabakia, ofizioz edo erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak hala proposatuta. Proposamen hori txosten psikosozial batean oinarrituta egongo da.

27. artikulua. Segurtasun-neurriak.

1.Segurtasun-neurriak izan daitezke: adingabearen euste mekanikoa edo fisikoa, haren isolamendua, edo erregistro pertsonalak eta materialak.

Neurri horiek hezkuntza-helburua izango dute, eta salbuespenarekin, premiarekin, proportzionaltasunarekin, behin-behinekotasunarekin eta gehiegikeria debekatzearekin lotutako printzipioei erantzun beharko diete; ahalik eta intentsitate

txikienarekin aplikatuko dira, beharrezkoa den denbora-tartean bakarrik, eta adingabearen duintasuna, pribatutasuna eta eskubideak errespetatuko dira une oro.

2.Segurtasun-neurriak adingabeen babesaren arloan prestakuntza egokia duten langile espezializatuek aplikatu beharko dituzte. Langile horiek besterik ezean erabili ahal izango dituzte segurtasun-neurri horiek, norbere defentsan edo adingabeak ihes egiten saiatzen diren kasuetan, agindu baten aurrean erresistentzia fisikoa gauzatzen dutenean edo norbere buruari edo hirugarrenei lesioak eragiteko edo jabetzari kalte larriak eragiteko arrisku zuzena dagonenean.

3.Zentroko zuzendariari edo hark eskuordetutako pertsonari dagokio segurtasun-neurriei buruzko erabakiak hartzea. Erabaki horiek behar bezala arrazoituta egon beharko dute, eta berehala jakinarazi beharko zaizkio erakunde publikoari eta Ministerio Fiskalari. Adingabeak, Ministerio Fiskalak eta erakunde publikoak erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute barneratzeaz arduratzen ari den organo judizialaren aurrean, eta hark dagokion ebazpena eman beharko du zentroaren txostena jaso eta adingabeari eta Ministerio Fiskalari entzun ostean.

4.Aplikatutako segurtasun-neurriak Gorabeheren Erregistro Liburuan erregistratu beharko dira, eta zentroko zuzendaritzak hura ikuskatu beharko du.

28. artikulua. Euste-neurriak.

1.Euste-neurriak hitzezkoak eta emozionalak, fisikoak eta mekanikoak izan daitezke, kasu bakoitzaren arabera.

2.Zentroetako langileek euste hitzezkoa eta emozionala erabili ostean bakarrik erabili ahal izango dituzte euste fisikoko edo mekanikoko neurriak, indar fisikorik erabili gabe, egoerak hala egiteko aukera ematen badu.

3.Euste fisikoa adingabearen eta arriskuan dagoen objektuaren edo pertsonaren artean jarrita bakarrik egin ahal izango da, espazioak eta mugimenduak fisikoki mugatuta eta, besterik ezean, protokolo zorrotz batean oinarrituz, fisikoki geldiarazita.

4.Euste mekanikoa adingabearen edo hirugarrenen bizitzari edo osotasun fisikoari arrisku larria eragin dakiokeenean bakarrik erabili ahal izango da, baita adingabearen estresa edo asaldura beste bitarteko batzuk erabilita murriztu ezin daitekeenean ere. Euste mekanikoko ekipo homologatuak erabiliko dira horretarako, protokolo zorrotz batean oinarrituz.

29. artikulua. Adingabearen isolamendua.

1.Adingabea, isolatzekotan, irtetea ezinezkoa den gune egoki batean geratuko da; neurri hori soilik erabili ahal izango da honelakoak saihestu nahi direnean: indarkeriazko ekintzak, autolesioak, zentroan bizi diren beste adingabe batzuei, langileei edo hirugarrenei lesioak eragitea edo instalazioetan kalte larriak eragitea. Isolamendua puntualki aplikatuko da, beharrezkoa den momentuan, eta ez da, inola ere, diziplinazko neurri gisa erabiliko. Ahal izanez gero, adingabearen logelan aplikatuko da, eta, hori posible izango ez balitz, antzeko bizigarritasuna eta dimentsioak dituen beste eremu batean.

2.Adingabea sei orduz jarraian isolatu ahal izango da gehienez ere, atseden hartzeko duen eskubideari kalterik egin gabe. Adingabea isolamendu-egoeran dagoen bitartean, hezitzaile batek ikuskatuko du une oro.

30. artikulua. Erregistro pertsonalak eta materialak.

1.Erregistro pertsonalak eta materialak pertsonaren duintasuna, pribatutasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatuz gauzatuko dira.

2.Adingabearen erregistro pertsonala eta miaketa horretarako nahitaezkoak diren langileek gauzatuko dituzte; langile horiek adingabearen sexu bereko zentroko bi profesional izango dira, gutxienez. Gorputzeko zatiren bat ikusgai jarri behar

denean, hura leku egokian egingo da, beste adingaberik aurrean ez dagoenean eta adingabearen intimitatea ahalik eta gehien babestuz.

Bitarteko elektronikoak erabiliko dira ahal izanez gero.

3.Zentroko langileek adingabearen gauzak erregistratu ahal izango dituzte, eta legez kontrako jatorria izan dezaketen objektuak kendu ahal izango dizkiete, baita norberarentzat nahiz beste pertsona batzuentzat kaltegarriak izan daitezkeen, zentroko instalazioak kaltetu ditzaketen edo adingabeentzat baimenduta ez dauden gauzak ere. Erregistro materialak adingabeari jakinarazi beharko zaizkio aurretiaz, haren aurrean egitea ezinezkoa den kasuetan.

31. artikulua. Diziplina-araubidea.

1.Zentro hauetan, diziplina-araubidea zentroko proiektu sozio-hezigarrian eta adingabe bakoitzarentzat prestatutako proiektu indibidualizatuan oinarrituko da beti; araubidea behar bezala jakinarazi beharko zaio adingabeari.

2.Diziplina-araubidea besterik ezean erabiliko da; gatazkak ebazteko sistema leheneratzaileei eta hezkuntza-interakzioari emango zaie lehentasuna. Ez da ezarriko adingabeen erantzukizun penala arautzen duten legeetan aurreikusitako mugen garrantzi bereko edo handiagoko mugarik.

3.27. artikulutik 30. artikulura zehaztutako neurriak ez dira, inola ere, diziplinazko helburuekin erabiliko.

4.Diziplina-araubideari buruzko arauketa autonomikoak Konstituzioaren, lege honen eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren printzipioekin bat etorri beharko du; adingabeari abokatu independente baten lege-laguntza bermatu beharko zaio, adingabeen duintasuna eta eskubideak une oro errespetatuz, eta haiek kentzeko inolako aukerarik gabe.

32. artikulua. Ikuskapena eta kontrola.

Herriaren Defendatzaileak, autonomia-erkidegoetako erakunde baliokideek eta

Ministerio Fiskalak egin ditzaketen zentroetako ikuskapenei kalterik egin gabe, adingabea babeste-zentro berezian sartzeko neurria hiru hilabetez behin berrikusi beharko du, gutxienez, erakunde publikoak. Adingabea zentroan sartzeko baimena eman zuen organo judizial eskudunari eta Ministerio Fiskalari jarraipen-txosten zioduna bidali beharko zaie aldizkakotasun berarekin, non Gorabeheren Erregistro Liburuko sarrerak jasoko baitira.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ikuskapenen eta txostenen ondorioetarako, Gorabeheren Erregistro Liburuak izaera pertsonaleko datuak babesteko indarrean den legerian ezarritako maila ertaineko segurtasun-neurriak bete beharko ditu, datuhartzaileei dagokienez.

33. artikulua. Sendagaiak ematea.

1.Adingabeei sendagaiak eman ahal izango zaizkie, haien osasunerako beharrezkoak direnean. Horretarako, osasun-arloko praxi profesionala bete beharko da, adostasun informatuari buruzko xedapenak errespetatuz, eta Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Lege Oinarrizkoan aurreikusitako termino eta baldintzetan.

2.Horretarako baimena duen mediku batek errezetatu beharko ditu beti osasun-preskripzioa behar duten sendagaiak; era berean, hark egingo du sendagaien administrazio zuzenaren eta tratamenduaren eboluzioaren jarraipena. Ondorio horietarako, adingabe bakoitzaren historia klinikoa erregistratuko da.

34. artikulua. Bisita-araubidea eta irteteko baimenak.

1.Senitartekoen eta gertuko beste pertsonen bisitak zentroko zuzendariak bakarrik mugatu edo eten ahal izango ditu, adingabearen beraren mesedetan – horretarako zer arrazoi dagoen azaldu behar du–, adingabearen hezkuntzatratamenduak hala gomendatzen duenean, betiere zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotako baldintzak kontuan hartuta.

Diziplina-neurrien aplikazioak ez du bisitak jasotzeko eskubidea mugatuko.

2.Jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro bereziko zuzendariak bertan dauden pertsonen irteerak mugatu edo bertan behera utzi ahal izango ditu, adingabearen beraren mesedetan eta arrazoiak emanez, adingabearen hezkuntza-tratamenduak hala gomendatzen duenean eta zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotzen diren baldintzei jarraikiz.

3.Bisita-araubidea eta irteera-baimenak mugatzen dituzten neurriak behar bezala jakinarazi beharko zaizkie pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari, betiere legeria aplikagarriarekin bat etorriz.

Ministerio Fiskalak eta adingabeak neurri horien aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute barneratzeaz arduratzen ari den organo judizialaren aurrean, eta adingabeari abokatu independente baten lege-laguntza bermatu beharko zaio. Organo horrek errekurtsoa ebatziko du, zentroak helarazitako txostena aztertu ostean eta pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari entzun ostean.

35. artikulua. Adingabearen komunikazio-araubidea.

1.Zentroetan sartutako adingabeek kexak helarazi ahal izango dizkiete, modu konfidentzialean, Ministerio Fiskalari, agintari judizial eskudunari eta Herriaren Defendatzaileari, edo autonomia-erkidegoetako erakunde homologoei. Diziplinaneurrien aplikazioak ez du eskubide hori mugatuko.

2.Adingabeak bere senitartekoekin eta gertuko pertsonekin izango dituen komunikazioak askeak eta isilpekoak izango dira.

Komunikazio horiek zentroko zuzendariak bakarrik mugatu edo eten ahal izango ditu, adingabearen beraren mesedetan –horretarako zer arrazoi dagoen azaldu behar du–, adingabearen hezkuntza-tratamenduak hala gomendatzen duenean, betiere zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotako baldintzak kontuan hartuta. Komunikazioak izateko eskubidea edo komunikazioen isilpekotasuna mugatu edo eteteko erabakia legeria aplikagarriaren arabera hartuko da, eta pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari horren berri eman beharko zaie, zeinek errekurtsoa jarri ahal izango baitute barneratzea baimendu zuen organo jurisdikzionalaren aurrean; gero, organo horrek errekurtsoa ebatziko du, zentroaren txostena aztertu eta pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari entzun ostean.»

Zazpi. Azken xedapenetatik hogeita hirugarrena aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Azken xedapenetatik hogeita hirugarrena.

Honako hauek lege arrunten izaera izango dute: 1. artikuluak; 5. artikuluaren 3. eta 4. zenbakiek; 7. artikuluaren 1. zenbakiak; 8. artikuluaren 2. zenbakiko c letrak; 9 bis, 9 ter, 9 quáter eta 9 quinquies artikuluek; 10. artikuluaren 1. zenbakiak, 2. zenbakiko a, b, d eta f letrek eta 3., 4. eta 5. zenbakiek; 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 19 bis, 20, 20 bis, 21, 21 bis, 22, 22 bis, 22 ter, 22 quater, 22 quinquies, 23 eta 24 artikuluek; lehen, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriek; xedapen iragankorrak; xedapen indargabetzaileak, eta azken xedapenetatik lehenengotik hogeita bigarrenera eta hogeita laugarrenak.

Aurreko paragrafoan zerrendatutako arauak azken xedapenetatik hogeita batgarrenean aurreikusitakoaren arabera aplikatuko dira.»

Bigarren artikulua. Prozedura Zibilaren 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, aldatzea.

Prozedura Zibilaren 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, honela geratzen da aldatuta:

Bat. 778 bis artikulu berri bat sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«778 bis artikulua. Jokaera-arazoak dituzten adingabeak babeste-zentro berezietan barneratzea.

1.Adingabe baten tutoretza edo zaintza daukan erakunde publikoa eta Ministerio Fiskala legitimatuta egongo dira jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro berezietan adingabea barnera dadin baimen judiziala eskatzeko; Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren –Kode Zibila eta Prozedura Zibilarena partzialki aldatzen dituenaren–

25. artikuluan aipatzen dira haiek. Eskaerarekin batera aurkeztu behar dute hura justifikatzen duen balorazio psikosoziala.

2.Zentro horietan adingabe baten barneratzea baimentzeko eskudunak izango dira zentroa dagoen tokiko lehen auzialdiko epaitegiak.

3.Baimen judiziala nahitaezkoa izango da, eta aipatutako barneratzearen aurretik emana izan beharko du, salbu eta, urgentziazko arrazoiengatik, neurria berehala hartzea beharrezkoa denean. Kasu horretan, erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak hurrengo hogeita lau orduen barruan komunikatu beharko diote epaitegi eskudunari, neurri horren nahitaezko berrespena egin dezan gehienez ere hirurogeita hamabi orduko epean epaitegiari barneratzea ezagutarazten zaionetik, eta, baimenik ematen ez bada, berehala utziko da ondorerik gabe barneratzea.

Zenbaki honetan aurreikusitako kasuetan, barneratze-zentroa dagoen tokiko lehen auzialdiko epaitegiak izango du neurria berresteko eta prozeduraz arduratzen jarraitzeko eskumena.

4.Epaitegiak, baimena emateko edo jadanik gauzatu den barneratzea berresteko, aztertu eta entzun egin beharko ditu bai adingabea, zeinari barneratzeari buruzko informazioa eman beharko zaion formatu irisgarrietan eta ulergarria zaion eta haren adinera eta inguruabarretara egokitutako moduan, bai erakunde publikoa, bai guraso-ahala edo tutoretza daukaten gurasoak edo tutoreak, baita agerraldia egitea komenigarria irizten zaion edo hura eskatzen zaion edozein pertsona ere, eta Ministerio Fiskalak txostena egingo du. Epaitegiak berak izendatutako aditu baten irizpena eskuratuko du gutxienez, hargatik eragotzi gabe kasurako garrantzitsu deritzon edo eskatzen zaion beste edozein froga gauzatzea. Barneratzeko baimena edo berrespena bidezkoa izango da, soilik, murriztapen gutxiagoko baldintzetan, modu egokian, artatu ezin denean adingabea.

5.Epaitegiak barneratzeko baimenaz edo berrespenaz emandako ebazpenaren aurka apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute adingabe ukituak, erakunde publikoak, Ministerio Fiskalak edo adingabeen babesaren gaian emandako ebazpenei aurka egiteko legitimazioa izaten jarraitzen duten gurasoek edo tutoreek. Apelazio-errekurtsoak ez du etete-ondorerik izango.

6.Barneratzea erabakitzen duen ebazpen berean adieraziko da ezen erakunde publikoak eta zentroko zuzendariak betebeharra dutela epaitegiari eta Ministerio Fiskalari informazioa aldizka emateko adingabearen inguruabarrei buruz eta neurria mantentzeko beharrari buruz, hargatik eragotzi gabe epaileak, egoki deritzonean, beste txosten batzuk eskatu ahal izatea.

Aldizkako txostenak hiru hilabetean behin egingo dira, betiere epaileak epe laburrago bat zehazten ez badu barneratzearen oinarri izan zen jokaeraren izaera kontuan hartuta.

Epea igarota eta erakunde publikoaren eta zentroko zuzendariaren txostenak hartuta, epaitegiak, ezinbesteko irizten dien jardunak egin eta adingabeari eta Ministerio Fiskalari entzun ondoren, bidezkoa dena erabakiko du barneratzearekin jarraitzeari edo ez jarraitzeari buruz.

Barneratzeen aldizkako kontrola zentroa dagoen tokiko lehen auzialdiko epaitegiari egokituko zaio. Adingabea jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko beste zentro berezi batera lekualdatzen bada, ez da beharrezkoa izango beste baimen judizial bat, eta beste zentro hori dagoen tokiko lehen auzialdiko epaitegiak hartuko du prozeduraren ardura. Lekualdatze-erabakia pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari jakinaraziko zaie, eta barneratzeaz arduratzen ari den organoaren aurrean errekurritu ahal izango dute; organo horrek ebatzi egingo du zentroari txostena eskatu ondoren eta pertsona interesdunei, adingabeari eta Ministerio Fiskalari entzun ondoren.

7.Adingabeak ez dira zentroan egongo beren behar bereziak artatzeko beharbeharrezko denbora baino gehiago.

Organo judizial eskudunak erabakiko du amaiera, ofizioz edo erakunde publikoak edo Ministerio Fiskalak proposatuta. Alde psikologiko, sozial eta hezkuntzakoen gaineko txosten batean oinarrituko da proposamen hori.

8.Ematen diren ebazpenen berri emango zaio adingabeari.»

Bi. 778 ter artikulu bat sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«778 ter artikulua. Egoitzetan eta gainerako tokietan sartzea adingabeen babesneurriak nahitaez betearazteko.

1.Erakunde publikoak berak egoitza duen tokian eskumena daukan lehen auzialdiko epaitegiari eskatu beharko dio egoitzetan eta gainerako eraikinetan eta tokietan sartzeko baimena, erakunde horrek adingabe bat babesteko hartutako neurriak nahitaez betearazteko beharrezkoa denean hura, betiere haietan sartzeko haien titularraren edo okupatzailearen adostasuna behar bada. Ebazpen judizial batek konfirmatutako egintza baten betearazpena denean, hura eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera.

2.Eskaera idazki bidez hasiko da, eta honako puntu hauek jasoko dira, gutxienez, bertan:

a) Eskaeraren oinarri den administrazio-ebazpena edo espedientea.

b) Zein egoitzatan edo tokitan sartu nahi den zehazki, eta bertara sartzeko adostasuna eman behar duen titularraren edo okupatzailearen identitatea.

c) Adostasun hori lortzen saiatu eta emaitzarik lortu ez izanaren edo emaitza negatiboaren justifikazioa. Hura beharrezkoa ez den kasuan, inguruabar hori arrazoiturik jasoko da eskaera-idazkian, eta ez da beharrezkoa izango aipatutako justifikazioa ekartzea.

d) Sarrera horren beharra erakunde publikoaren ebazpena betearazteko.

3.Erakunde publikoak eskaera aurkeztuta, egun berean helaraziko dio hura idazkari judizialak, egoitzaren edo eraikinaren titularrari edo okupatzaileari, hurrengo 24 orduko epean bere eskubideari komeni zaiona alega dezan baimena ematearen bidezkotasunari buruz soil-soilik.

Aurrekoa gorabehera, erakunde publiko eskatzaileak arrazoiturik eta sarrera erabakitzeko urgentziazko arrazoiak badirela egiaztaturik hala eskatzen duenean, dela administrazio-ebazpena betearazteko atzerapenak adingabearen segurtasunarentzako arriskua sor dezakeelako, dela haren oinarrizko eskubideei benetan eta berehala eragiten zaielako, epaileak hura erabaki ahal izango du berehala autoa emanez eta, kasu orotan, gehienez jota eskaera hartu eta hurrengo 24 orduko epean, aurretiaz Ministerio Fiskalak txostena eginda. Emandako autoan, bananduta arrazoituko dira neurriaren betekizunak bete izana eta interesdunari entzun gabe erabaki hura hartzea aholkatu duten arrazoiak.

4.Interesdunak alegazio-idazkia aurkeztuta edo, hura egin gabe, epea igarota, epaileak sarrera erabakiko edo ukatuko du, auto bidez, gehienez hurrengo 24 orduko epean, Ministerio Fiskalak txostena egin ondoren eta aurretiaz baloratuta artikulu honen 3. zenbakian aipatutakoak bete diren, erakunde publikoa betearazi

nahi den egintza emateko eskuduna den, eta eskatutako sarrera legezkoa, beharrezkoa eta proportzionala den babes-neurriarekin lortu nahi den helburua erdiesteko.

5.Sarrera baimentzen duen autoan, hura gauzatzeko muga materialak eta denborazkoak jasoko dira, zeinak babes-neurria betearazteko beharrezkoak soilik izango diren.

6.Sarrera baimentzen duen autoaren lekukotza erakunde publiko eskatzaileari entregatuko zaio, gauzatu dezan. Autoa luzapenik gabe jakinaraziko zaie prozeduran esku hartu duten alderdiei, eta, esku hartu ez badute edo jakinarazpena ezin izan bazaie egin sartze-eginbidea gauzatu aurretik, idazkari judizialak eginbidea gauzatzean jakinaraziko du hura.

7.Baimena erabakitzen edo ukatzen duen autoaren aurka, nahiz eta interesdunari aurretiaz entzun gabe eman, apelazio-errekurtsoa egongo da, eteteondorerik gabe; autoaren jakinarazpenetik kontatzen hasita hurrengo hiru eguneko epean jarri beharko da, eta lehentasunez izapidetuko da.

Eskaera ukatu arren, erakunde publikoak berriro egin ahal izango du hura, eskaeraren unean ziren inguruabarrak aldatuz gero.

8.Idazkari judizialak gauzatuko du egoitzarako sarrera, ezarritako mugen barruan eta erakunde publiko eskatzaileak lagunduta; indar publikoen laguntza izan dezake, beharrezkoa izanez gero. Eginbidea amaituta, prozeduraren artxiboa dekretatuko da.»

Hiru. Lehenengo xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Lehenengo xedapen gehigarria. Izaera arrunta eta eskumen-titulua.

1.Lege hau arrunta da, 763., 778 bis eta 778 ter artikuluak salbuetsita, haiek izaera organikoa baitute eta Konstituzioaren 81. artikuluaren babesean eman baitira.

2.Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren arabera Estatuari dagokion eskumenaren babesean ematen da lege hau, alde batera utzi gabe arlo honetan autonomia-erkidegoen zuzenbide substantiboaren berezkotasunak dakartzan nahitaezko berezitasunak.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Arau zaharragoetako erreferentziak.

Lege hau baino lehenagoko arauetan adingabeen babesaren arloan lurralde-eskumena duen erakunde publikoari egiten zaizkion erreferentziak erakunde publikoari egiten zaizkiola ulertuko da; aurrerantzean egingo diren lege-testuetan ere termino hori erabiliko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Estaldurari, kalitateari eta irispideari buruzko irizpide komunak.

Lege hau lurralde osoan aplikatzeko orduan, Gobernuak estaldurarekin, kalitatearekin eta irispidearekin lotutako irizpide komunak eta gutxieneko estandarrak zehaztu daitezela sustatuko du autonomia-erkidegoekin, batez ere jokaera-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentroei dagokienez.

Xedapen iragankor bakarra. Dagoeneko hasita dauden prozedura judizialei aplikatu beharreko araudia.

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedura judizialek hasi ziren egunean indarrean zegoen arautegia bete beharko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren arau guztiak, baita lege honetan xedatutakoarekin bateraezinak direnak ere.

Azken xedapenetatik lehena. Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzea.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 91. artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokie orobat baimena ematea, auto bidez, egoitzetan eta gainerako eraikinetan eta tokietan sartzeko, betiere haietan sartzeko haien titularraren adostasuna behar bada, administrazio-egintzen nahitaezko betearazpenerako hori egitea dagokionean, salbu eta gai horretan eskumena duen erakunde publikoak adingabe bat babesteko hartutako neurriak betearazteko beharrezkoa denean hura.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 59 bis artikuluko 2. zenbakia aldatzea.

Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 59 bis artikuluko 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Espainian egoera irregularrean dagoen atzerritar bat gizakien salerosketaren biktima izan dela uste bada behar bezala arrazoitutako argudioetan oinarrituz, administrazio-organo eskudunek artikulu honetako aurreikuspenak jakinarazi beharko dizkiote pertsona interesdunari. Gainera, oneratzeeta hausnarketa-aldia emateari buruzko proposamena helaraziko diote agintari eskudunari, erregelamendu bidez aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz, hark ebazpena eman dezan.

Oneratzeeta hausnarketa-aldi hori laurogeita hamar egunekoa izango da gutxienez, eta nahikoa izan beharko du biktimak erabakitzeko agintariei delitua ikertzen lagunduko dien ala ez, eta, hala badagokio, zigor-arloko prozeduran lagunduko duen. Biktimak identifikatzeko fasean zehar nahiz oneratzeeta hausnarketa-aldian zehar, ez da zehapen-espedienterik abiaraziko 53.1.a) artikulua hausteagatik. Gainera, abiarazi zaion administrazio-espediente zehatzailea etengo da, edo, hala badagokio, hasiera batean adostutako kanporatzearen edo itzularaztearen betearazpena. Era berean, oneratzeeta hausnarketa-aldian, aldi baterako egonaldia baimenduko zaio biktimari, eta haren biziraupenaren zaintzaile izango dira administrazio eskudunak; beharrezkoa bada, biktimaren eta haren semealaba adingabeen edo desgaitasuna dutenen segurtasunaz eta babesaz arduratuko dira, baldin eta Espainian badaude identifikazio-unean. Orobat, haientzat balioko dute artikulu honen 4. zenbakian (lagundutako bueltatzeari edo egoitza-baimenari, eta, hala badagokio, lan-baimenari buruzkoa) arautzen direnak, 16 urtetik gorakoak badira eta aparteko inguruabarrak direla medio. Hausnarketa-aldia amaitutakoan, biktimaren egoera pertsonala ebaluatuko dute administrazio publiko eskudunek, epe hori luzatzea komeni den erabakitzeko.

Salbuespenez, Espainian dauden eta biktimarekin senidetasun-loturak edo bestelako loturak dituzten pertsonen segurtasuna eta babesa bermatuko ditu administrazio publiko eskudunak, baldin eta egiaztatzen bada pertsona horiek ustezko trafikatzaileekiko izango luketen babesgabetasun-egoera oztopo gaindiezina dela biktimak laguntzeko erabakia har dezan.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzea.

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 1. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Lege honen bitartez, babes-neurri osoak ezartzen dira, zeinen helburua baita halako indarkeria prebenitu, zehatu eta ezabatzea, eta indarkeria horren biktima diren emakumeei, haien seme-alaba adingabeei eta haien tutoretzapean, zaintzapean edo jagoletzapean dauden adingabeei babesa ematea.»

Bi. 61. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozedura guztietan, epaile eskudunak, ofizioz edo biktimek, biktimen seme-alabek, biktimekin bizi diren pertsonek edo biktimen zaintza edo jagoletzaren mende dauden pertsonek, Ministerio Fiskalak edo biktimen arretaeta harrera-zerbitzuen administrazioek hala eskatuta, edozein kasutan erabaki beharko du kapitulu honetan –bereziki, 64., 65. eta 66. artikuluetan– jasotako kautelaeta ziurtatze-neurrien egokitasuna, horien epea eta betetze-araubidea ezarriz, eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren neurri osagarriak ezarriz.»

Hiru. 65. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«65. artikulua. Adingabeen gaineko guraso-ahala edo zaintza eteteko neurriak.

Epaileak genero-indarkeriaren ondoriozko erruztatuari eten ahal izango dio guraso-ahalaren, zaintza eta jagoletzaren, harreraren, tutoretzaren, kuradoretzaren edo egitezko zaintzaren egikaritza, haren menpe dauden adingabeei dagokienez.

Hura etetea erabakitzen ez badu, epaileak irizpena eman beharko du adingabeen gaineko guraso-ahala eta, hala badagokio, zaintza eta jagoletza, harrera, tutoretza, kuradoretza edo egitezko zaintza egikaritzeko moduari buruz. Horrez gain, adingabeen eta emakumearen segurtasuna, osotasuna eta sendabidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, eta haien eboluzioaren jarraipena egingo du aldian behin.»

Lau. 66. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«66. artikulua. Adingabeen bisita-, egonaldi-, harremaneta komunikazioaraubidea eteteko neurria.

Epaileak agindu ahal izango du genero-indarkeriagatik erruztatutako pertsonei bisita-, egonaldi-, harremanedo komunikazio-araubidea etetea haien menpe dauden adingabeei dagokienez.

Araubide hori eten dadila erabakitzen ez badu, epaileak genero-indarkeriagatik erruztatutako pertsonen egonaldi-, harremanedo komunikazio-araubidea nola gauzatu adierazi beharko du haien menpe dauden adingabeei dagokienez. Horrez gain, adingabeen eta emakumearen segurtasuna, osotasuna eta sendabidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, eta haien eboluzioaren jarraipena egingo du aldian behin.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Izaera organikoa eta eskumen-tituluak.

1.Lege organiko hau Espainiako Konstituzioaren 81. artikuluaren babesean ematen da. Artikulu guztiek izaera organikoa dute, baita azken xedapenetatik lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak ere.

2.Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluaren arabera Estatuari legeria zibila emateko dagokion eskumen esklusiboaren babesean ematen da lege organiko hau, bigarren artikulua, xedapen iragankor bakarra eta azken xedapenetatik lehena eta hirugarrena izan ezik; horiek Espainiako Konstituzioaren 149.1.6. artikuluaren babesean ematen dira, zeinak legeria prozesala emateko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.

3.Azken xedapenetatik bigarrena, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzen duena, Espainiako Konstituzioaren 149.1.2. artikuluaren babesean ematen da; artikulu horrek atzerritartasunaren arloko eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Gastua ez handitzea.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute gastu publikoa handitu.

Azken xedapenetatik seigarrena. Erregelamendu bidezko aldaketak eta garapenak.

1.Gobernuak beharrezkoak diren erregelamendu bidezko aldaketak eta garapenak egingo ditu lege hau aplikatzeko.

2.Estatuak eta autonomia-erkidegoek, dagozkien eskumenen eremuan, lege hau eraginkorra izateko behar diren neurriak ezarriko dituzte.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 22an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra