Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Zuzenbide zibila  >>  Legeria  >> Erregistro zibila

Erregistro Zibilaren Erregelamendua. 1958ko azaroaren 14ko Dekretua

1958-11-14

Itzulpena nork: Aiora Aristondo, Aiora; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Justizia Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1958/12/11, 296. zk.

Erregistro Zibilaren Erregelamendua

1958ko azaroaren 14ko Dekretua

EAO, abenduaren 11koa

(1986ko irailaren 19ko EAOn eguneratuta)

Erregistro Zibilaren 1957ko ekainaren 8ko Legeko bigarren xedapen gehigarriaren arabera, legea indarrean jarri aurretik erregelamendua onetsi behar da, lege hori betearazteko.

Lege-agindu hori betetzeko, erregelamendu hau eman da, behin Kode Zibilaren funtsezko eraldaketa ezarrita; eraldaketa hori aribidean dagoen urteko apirilaren 24ko Legearen bitartez egin da, eta, dudarik gabe, kontuan hartzekoa da, lehenengo lege-testuak sedes materiae izenekoak eratzen baititu pertsonari eta beraren egoera zibilari buruzko arauketa substantiboaren inguruan. Horiek modu ofizialean jasotzea Erregistroaren eginkizuna da; hori dela eta, arau zibil substantiboaren aldarazpenetatik edozeinek organo horren arauak aldaraz ditzake, ezkontzaren eta adopzioaren inguruan oraintsu izandako aldarazpenek egin duten bezala.

Era askotakoak izan dira erregelamendu berriaren oinarri gisa erabilitako iturri eta osagaiak.

Hasteko, antzinako Erregistro Zibilaren Legetik sistema berriarekin bat datozen manu guztiak aintzat hartu dira; manuok ez zeuden jasota indarrean jartzear dagoen legean, izaera kasuistiko eta interpretaziozkoa zutelako.

Bestalde, aurreko legea betearazteko erregelamendua ere gogoan izan da. Erregelamendu horrek ez zuen kontuan hartu Erregistro Zibila erakunde bizia zela, eta, horregatik, erabat askieza zen.

Amaitzeko, lerrun eta garai ezberdinetako administrazio-xedapenak, eta Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenak salbuespeneko baliabideak izan dira, Erregistro Zibil ia sekularra zer izan den jakiteko, bai eta Erregistroaren inguruko arazo franko egoera desberdinen bidez konpontzeko ere.

Egungo legegintza-zereginean, ahaleginak egin dira aurreko arauei ziurtasuna, sotiltasuna eta batasun organikoa emateko, arau horiek kasuistikoak, osagarriak edo interpretazio hutsekoak baitziren. Arauok, batzuetan, euren artean ez zetozen bat; eta, beste batzuetan, ez ziren behar bestekoak, antzinako sisteman agertutako beharrizanak konpontzeko.

Lege berriak, gainera, Erregistroa konplexutasun osoz antolatu du, eta erakundeari teknizismo handiagoa eman dio; aldi berean, Erregistroa praktikoagoa, sotilagoa eta malguagoa egin du, eta, berebat, osoagoa, egiazkoagoa eta zuzenagoa. Horren ondorioz, nahitaezkoa izan da antzinako erregelamendu-arauetan horrekin bat datozen aldarazpenak barneratzea, eta, legeak oinarri berriak zituen arloetarako, beste arau batzuk ere ezartzea.

Erregelamenduaren lehenengo artikuluetara xedapen orokorrak biltzen dira; alde batetik, xedapenok interes orokorrerako eta partikularren intereserako nahitaezkoa den arintasuna eman behar diote Erregistroari, eta, bestetik, arazo jakin batzuei aurre egin behar diete, eta arazoon konponbidea bera izan behar da mota guztietako jardueretan, idazkunak izan, espedienteak izan zein ziurtagiriak izan.

Aipatu xedapenen artean, zerbitzua partikularrei errazteko balio duena azpimarratu behar da; izan ere, partikularrek edozein erregistrotara jo ahal izango dute euren egoitzari dagokion bulegotik.

Bestalde, Erregistroari lotuta, bereziki aipatu behar da gaitasunarekin zerikusia duen xedapena. Xedapen hori erabakitzeko, beharrizan praktikoek ezarritako irizpideak aplikatuko dira, eta, gainera, aintzakotzat hartu da Administrazio Auzibideetarako Jurisdikzioaren Legeak, eta, arestian, Administrazio Prozedurari buruzko Legeak, antzeko arazoari emandako konponbidea.

Borondatezko jurisdikzioaren arauak ordezko moduan aplikatuko dira Erregistroaren jardunean sortutako arazoetan, baldin eta arazo horietarako erregelamenduan konponbiderik ez badago, gehiegizko kasuismotik ihes egiteko nahiaren ondorioz edo arazook aurreikusteko ezintasunaren ondorioz.

Aplikazio hori Erregistroko jarduera publikoaren izaera bereziarekin bat dator, eta jarduera hori eta estatuak duen ohiko administrazio-jarduera oso ezberdinak dira; azken hori administrazio-zuzenbideak arautu du eta administrazio auzibideetarako jurisdikzioari dagokio.

Erregistroko jarduera publikoaren helburuak dira, zuzenbide erkidearekin duen lotura estua kontuan hartuta, egoera zibilari buruzko legitimazio-tituluak sortzea; zenbait kasutan, beste betekizun batzuekin, egoera bera eratzea; eta, beti, pertsonen izate zibilari buruz partikularrei informazioa ematea. Informazio horrek berme juridikoak dituenez gero, partikularrek konfiantza izan dezakete.

Hortaz, Justizia Administrazio izendatu izan den horretan ohiko diren arazo zibilen aurrean gaude, eta, ondorenez, hasiera-hasieratik, jurisdikzio arrunteko organoen ardurapean egon dira arazo horiek.

Maila jakin batean, Erregistro Zibileko espedienteetan esku hartzen badu formaren ikuspuntutik Administraziokoa den organo batek, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak, hurrenkera horretan eta haren eskumenekoak diren beste batzuetan, oinarrian ez dira desberdintzen beste mailetan organo judizialei eta euren ebazpenei dagozkien espedienteetatik; ebazpenon aurka ezin da errekurtsorik jarri, baina bide judizial arrunta beti irekita geratzen da.

Legeak ezarri du Erregistroa publikoa dela, idazkunen berri izan nahi duten interesdunentzat. Aurreko legeriaren arabera, Erregistroko ziurtagiriak eman behar zitzaizkion horiek eskatzen zituen pertsona orori. Irizpide horren inguruan erabateko aldaketarik gertatu ez bada ere, orain, hasiera azpimarratzen da, bai abusuak saihesteko, bai eta, erregelamenduak zehaztutako kasuetan, interesaren kualifikazio berezia eskatzeko ere.

Erregelamenduaren bidez jaso dira, batez ere, legearen 51. artikuluan publizitateari ezarritako murrizketak, eta, ondore horretarako, jaiotzari buruzko ziurtagiri laburtuak egitea arautu da. Horrela, jaioaren identifikazioari kalterik egin gabe, ondoko printzipioa eragingarria izan daiteke: «familiatik kanpo ezin izango da espainiarren artean bereizketarik egin, seme-alabatasun motarengatik».

Era berean, Familia Liburua Seme-alabatasunari buruzko Liburuarekin osatzen da; azken hori, gaur egun, Familia Liburuak duen helburu berarekin sortu da, lan-eremuaren barruan zein horretatik kanpo, modu legitimoan eratutako familian jaio ez diren seme-alabei dagokienez.

Legeak zehaztu dituen gida-lerroen arabera, Erregistroaren antolaketa eta jardunbidea garatu da, idazkunen inguruko mekanismoari sotiltasuna eman zaio, eta gehieneko eragingarritasuna lortu nahi da, ofiziozko akzioaren bidez eta euren betebeharrak ahanzten dituzten partikularrei zehapenak ezarrita.

Horrez gain, bake epaileek, arduradunaren eskuorde gisa, erregistroak zuzentzen dituztenerako, bake epaile horien esku-hartzea indartu da lege-irizpideen arabera; izan ere, esku-hartze hori nahitaezkoa da konponbide errazeko arazoetan, konponbide hori formularioetatik ateratzen bada. Era berean, zenbait oinarri ezarri dira, herri handietan Erregistroa biztanleria-dentsitatearen arabera eta zerbitzu publikoaren beharrizanen arabera antolatzeko.

Liburu bikoiztuen sistemaren barruan, liburuon ale bat barrutiko epaitegiaren idazkaritzan gorde behar zen, baina sistema hori praktikan ez da gauzatu.

Modu horretan, zalantzarik gabe, idazkunen iraunarazpena berma zitekeen, forma edo burokraziaren konplexutasuna gehituz. Egungo erregelamenduan, Probintziako Artxiboa sortzeak helburu bera du, artxibo horrek bere barnean hartuko baititu erregistroetako paper-sortak; taxu berean, suntsipen-kasuan, desagertutako idazkunak berregitea nabariro ziurtatu eta errazten da.

Liburu Egunkariak bermatuko du orri-bazterreko idazkunetan jasotako data egiazkoa izatea; idazkunotan, euren izaera dela eta, ezin da beti datatzat hartu idazkunak elkarren segidan edo hutsunerik nahiz tarte argirik utzi gabe egitearen ondoriozkoa.

Langileria eta Bulego Liburuak mugape bakoitzeko aldarazpenen historia jasoko du, eta, horrela, Erregistroko idazkunak bilatzea errazagoa izango da, erregistro horren eskumena zehazten baitu egitatea zein tokitan gertatu eta toki horrek. Fitxategien eta orri-bazterreko koordinazio-oharren sistemak arintasuna emango dio Erregistroak informazioa emateko duen eginkizunari. Arean ere, Erregistroak ez du balio jadanik datuen berri dutenek beharrezko ziurtagiriak eskura ditzaten bakarrik. Erregistroak balio du, orobat, datuon berri ez duten interesdunek Erregistroaren bidez horiek zehatz ditzaten.

Idatzoharrak, bestalde, arreta egokiekin arautu dira, inskripzioekin nahas ez daitezen, eta, informazio-helburua dutenez gero, behar besteko tituluetan oinarri daitezen. Horretara, idatzoharrei inskripzioen araubidea ezarriko zaie ordezko moduan, baina inskripzioek lehentasuneko balioa izango dute beti.

Jaiotza-folioen orri-bazterretan egindako inskripzioen harira, azaldu beharrekoa da guraso-ahalaren gain eragina duten egitateen kasuan hartutako irizpidea. Legeak agintzen du egitateon inskripzioa orri-bazterrean egitea, gurasoen heriotzari buruzko egitatea izan ezik, eta xedapen hori bete egiten da; baina saihestu beharra dago Erregistroko atal ezberdinetan egitate berari buruz inskripzioak errepikatzea. Hortaz, bananduta inskriba daitezkeen egitateek, eta, ondorioz, guraso-ahalaren aldaketa eragiten dutenek, orri-bazterreko erreferentzia-oharra soilik sortuko dute. Legearen irizpideari helduta, gurasoen heriotza ez da jasoko jaiotza-folioaren orri-bazterrean.

Naturaren araberako amarengandiko seme-alabatasuna ez da Erregistrora iritsiko aitorpen-egintzaren bidez bakarrik; aitzitik, lege berriaren xedapenen arabera, seme-alabatasun hori egiaztatutzat joko da erditzeari buruzko parte teknikoaren bidez eta egitatearen berri ziurra duenak egindako adierazpenaren bidez. Hala ere, legeak aita aipatzen du, adierazpena egitera behartuta daudenen artean, lehenengo lekuan.

Lege berrian ezarritakoa dela medio, eta erregelamendua aintzat hartuta, uler daiteke Kode Zibilaren 132. artikulua aldatu egin dela; horrela, aitak egindako adierazpenaren ondorioz, idazkunetan naturaren araberako ama nor den ezagutarazten bada, halako ezagutarazteak ez dira ofizioz ezabatuko. Ondorenez, naturaren araberako amarengandiko seme-alabatasunari buruz egindako inskripzioek segurtasuna lortuko dute, ezkonduta ez dagoen aitaren adierazpenaren bidez egindakoak izan arren; gogoan izan behar da halako inskripzioak maiz-sarri egiten direla. Ezin da ahaztu legeak, seme-alabatasunaren eratxikipen faltsuen aurrean, biktima babesten duela; helburu horretarako, nahikoa da, erregelamenduaren arabera, arduradunak emakume interesdunaren aurkakotasuna jakitea, inskripzioan amatasunari buruz aipamenik egin ez dadin. Modu horretan, idazkun laidogarriak, berehalakoan berezko ondorerik gabe geratu behar direnak, saihestu egingo dira, amak seme-alabatasunaren berri ez izateari buruz gero egindako idazkunaren ondorioz.

Seme-alabatasun legitimoari dagokionez, Kode Zibileko arauak zorrotz aplikatu dira; horretarako, aintzat hartu da lege-testu horren ondorioz legitimazioari buruzko presuntzioa bi inguruabar motatan oinarritzen dela; inguruabar horietako batzuk jaiotza-folioan inskriba daitezke, eta besteak, Erregistroko II. atalean.

Naturaren araberako seme-alabatasuna aitortzeko agiri publikoei buruz, praktikan erabilitako doktrina aplikatu da.

Azkenik, eta inskripzioak duen eragingarritasun bereziarekin bat etorriz, ez da onartu inolako aitorpenik inskribatzea, gutxieneko berme batzuekin egiaztatzen ez bada aitorpen hori antolamendu juridikoari egokitzen zaiola.

Pertsonaren identifikazioa errazteko, eta, aldi berean, guraso ezagunik ez duen pertsonaren egoera saminari aurre egiteko, arduradunek jaiotza-inskripzioan edo orri-bazterreko oharraren bidez jasoko dituzte ohikoak diren izenak, izenok inskribatutakoaren aita edo amarenak izango balira bezala; izen horiek, nahitaez, nortasun-aipamenen artean agertuko dira.

Bestalde, legeak arazo jakin batzuen inguruan xedatutakoa osatu eta garatzen da; arazo horiek, besteak beste, hurrengoak dira: izen berezia nork ezartzen duen eta nola; abizenak, orokorrean; errege-ematearen ondorioz legitimatutakoaren abizenak eta Espainiako naziotasuna eskuratzen dituztenena; amak bakarrik aitortu duen naturaren araberako seme edo alabaren abizenak alderanzteko erregelak; adopziozko abizenak eta izen-abizenei buruzko espedienteak.

Adopziozko seme-alaben abizenen kasuan, Kode Zibilak azken eraldaketaren ondoren xedatutakoa aplikatzen da, eta, horren espirituaren arabera, arau substantiboak osatu dira, adoptatuaren interesei babesik handiena emateko.

Naziotasunari buruzko espedientea bereziki arautu da, eta arau substantiboen osagarriak eman dira, lehenengoak oinarri hartuta; halakoak dira, esate baterako, aukerari eta emakume ezkonduaren naziotasunari buruzkoak.

Orokorrean, ezinezkoa da Erregistroak zuzeneko froga ematea pertsonaren naziotasunari buruz; hala ere, naziotasun hori zehaztea errazagoa izan dadin, Erregistrora eraman nahi dira, inskripzioaren edo idatzoharraren bidez, kasuan-kasuan bidezkoa zer den kontuan hartuta, zehaztapen horren gain eragina izan dezaketen egitate asko.

Naziotasunari buruzko adierazpen jakin batzuk inskribatzeko erraztasuna ahuldu egin da, Erregistroaren fedeari norainoko mugatua aitortuz.

Ezkontzaz denaz bezainbatean, erregelamendua Espainiako estatuak Aulki Santuarekin duen indarreko hitzarmenari egokitu zaio. Aulki Santuaren doktrinak, funtsean, Kode Zibilean eta Erregistro Zibilaren Legean ere islatu dira. Ezkontza kanonikoaren inskripzioa, bestalde, erregelamenduaren bidez garatu besterik ez da egiten.

Ezkontza zibilari buruzko arauek honako hauek izan dituzte gogoan: eraldatu berri den Kodea; Erregistroko Lege berria; 1956ko urriaren 26ko Dekretua; eta 1957ko apirilaren 2an Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak emandako zirkularra. Ildo beretik, kontsulten, gobernu-errekurtsoen eta epaiketa bidezko aurkaratzeen araubidea zehaztu da, egintza juridiko konplexu horretan bake epaileak dituen eginkizunak finkatuz.

Heriotza-inskripzioei dagokienez, nabarmentzekoak dira salbuespeneko inguruabarretan gertatutako heriotzei buruzko arauak. Arauok araubide erkideago eta arruntagoa barneratzen dute; araubide horrek, denon onurarako, presa-egoeretan emandako xedapen ugari nahiz kasuistikoak ordeztu ditu.

Aipatzekoa da, halaber, hobiratze-baimenaren arauketa malgua, aurreko antolamenduak sortutako zailtasunak ezabatzeko.

Laugarren atalean aintzat hartu dira Tutoretzen Erregistroari eta Absenteen Erregistro Zentralari buruzko xedapenak.

Tutoretzaz edo absentearen ordezkaritzaz besteko lege-ordezkaritzei dagokienez, erregelamendua azalekoa eta murrizgarria da, legeak atal horretan zalantzarik gabeko saiakuntza-izaera duelako. Zuhurtasunak esperientziaren datuak jasotzea gomendatzen du, antolamendu hedatuago, zehatzago eta xeheagoa egin aurretik. Nolanahi ere, ez dira baztertu agiri judizialetan jasotako ordezkaritzak, horiek legeari egokitu behar zaizkiola arrazoi moduan hartuta; horien publizitate formala Erregistro Zibilaren bidez egitea errazagoa izango da, artxibo judizialek eman dezaketen publizitatea baino.

Zehaztu egin da zein kasutan den beharrezkoa gobernu-espedientea; lege-testuaren zehaztasuna osatu egin da; eta erregela bereziak eman dira, espediente jakin batzuetarako eta ebazpenak inskribatzeko.

Arreta berezia jarri da epez kanpoko jaiotza-inskripzioari buruzko espedienteetan, orain arte espediente horren barruan seme-alabatasuna zehazteko zegoen nahastea argitu nahian.

Erregistroa berreratzeari buruz, antolamendu zehatza ezarri da, eta, antolamendu horretan, praktikaren irakaskuntzak jaso eta formula malguak finkatu dira, betiere behar besteko bermeak urritu gabe.

Presuntzio hutsaren balioa duten adierazpenak erabili ahal izango dira, besteak beste, naziotasunari buruzko egiazko ziurtagiriak lortzeko; ziurtagiri horiek eta legeria konparatuan hedatutakoak antzekoak izango dira, gure legerian horien gabezia nabaria baitzen.

Espedienteen izapidetzan nagusi dira estatuak bere jarduera guztietan ezarri nahi dituen irizpideak, alegia, ekonomia, azkartasuna eta eragingarritasuna.

Eskumenaren kasuan, hori lehen auzialdiko epaileari eratxikitzen zaio orokorrean, oso garrantzitsua baita, egoera zibilaren gain eragina duelako. Hala ere, arduradunen esku utz daiteke izapidetza, eta, are gehiago, erabakia, arazoaren izaerak edo garrantzi txikiak hori ahalbidetzen duenean; horrek, azkartasuna ekartzeaz gain, lehen auzialdiko auzitegietan arazo gehiegi ez pilatzea eragingo du.

Errealitatean nahitaezkoa da bizitzari, ezkongabetasunari edo alarguntasunari buruz froga erraza izatea, eta, ondore horretarako, frogabiderik soilenak eskatzen zaizkie Administrazioari eta partikularrei, hala nola, subjektuaren agerraldia eta zinpeko aitorpena, hurrenez hurren. Horrekin batera, eta joera berrien arabera, mekanika burokratikoa erraztu egingo da. Dena den, aurrerantzean ere, bizitza-, ezkongabetasun-, edo alarguntasun-agiriak egin ahal izango dira; horretarako, prozedura zehatza ezarri da, gutxieneko bermeak dituena eta nahi den helburua lortzeko egokia dena.

Idazkunen edo zehaztutako beste kontzeptu batzuen kasuan, doakotasun-printzipioari kalterik egin gabe, erregelamenduak ohiko arantzel-araubidea errespetatu, eta, aldi berean, doako justiziaren onura eskuzabaltasunez arautu du Erregistroan. Hori dela eta, froga asko erraztu da, praktikaren beharrizanen arabera. Halaber, beste doakotasun- kasu batzuk ezarri dira ziurtagiriak egiterakoan, eta halako kasuetan egundaino egon den nahastea ezabatu da.

Erregelamenduak Erregistro Zibileko Medikuen Kidegoari buruzko antolamendu organikoa barneratu du, eta horrek erraztu egingo ditu gaur egun indarrean dauden lege-testuak, betiere lege-sistematizazio egokiarentzat nahitaezkoa denari kalterik egin gabe, aipatu funtzionarioek Erregistroaren zerbitzupean baitihardute modu esklusiboan.

Eskuratutako eskubideei kalterik egin gabe, ahaleginak egin dira arauketak barnera ditzan funtzionarioen antolamendu orokorrak oinarri gisa zituen irizpideak, eginkizunaren berezitasuna dela-eta besterik behar ez den bitartean.

Ongintza-mutualitatea 1951ko uztailaren 17ko Aginduaren bidez sortu zen, eta mutualitate horren antolamendua, sinplifikatuta, orain gehitu da; gainera, batza berezi bat sortu da kidegoa ordezkatzeko.

Aipatu funtzionarioen araubide ekonomikoa izango da, aurrerantzean ere, arantzel-eskubideak zuzenean jasotzekoa. Zerbitzuaren beharrizanak eta funtzionarioen zuzkidura egokia egiteko aukera aintzat hartuta, zerbitzu hori probintzietako hiriburuetan eta 50.000 biztanletik gorako herrietan baino ez da izango.

Legeria berria, beraz, konplexu eta berritzailea da, eta, horren ondorioz, zuzenbide iragankorreko hainbat arazo sortu dira, ulerbidez, antzinako IV. atalaren itxiera, Tutoretzen Erregistroa Erregistro Zibilari eranstea, publizitate formala, liburu eta inprimaki berriak, izen-abizenak eta herritartze-agiriak.

Xedapen iragankorren helburua da arazo horiek konpontzea. Xedapenon bidez amaitu nahi da, berebat, askatze-gerraren ondorioz sortutako arazo korapilatsuarekin; arazo hori gertatu zen, agintari legitimoen menpe ez zeuden lurraldeetan idazkunak egiteagatik, eta lehenagoko xedapenetan ere hori konpontzeko ahaleginak egin ziren. Hori dela eta, ahal den neurrian, idazkunen eragingarritasunari eusteko, aipatu lurraldeetan egindako idazkunetara hedatu da akatsei eta akatsok zuzentzeko prozedurei buruzko araubide arrunta.

Azken xedapenetan, Afrikako probintzietan dagoen Erregistroaren araubide juridikoa zehaztu da; kasu horretan, araubide orokorra baino ez da aplikatuko, salbu eta, indigenei dagokienez, organoen arloan eta inskribatzeko moduko egitateen arloan salbuespenak egin behar direnean.

Azken xedapenak arantzelen egungo sistema indarrean utzi du; izan ere, legeria berriaren arabera egokitzapen jakin batzuk nahitaezkoak direla aitortu arren, egokitzapenok eurei dagozkien xedapen zehatzetan jasoko dira.

Hori guztia dela bide, Justizia ministroak hala proposatuta, Estatu Kontseiluaren irizpenarekin bat etorriz, eta Ministroen Kontseiluak aurretik hala erabakita, xedatu dut:

Artikulu bakarra

Behin betiko izaerarekin onetsi da honi erantsitako Erregistro Zibilaren Erregelamendua; erregelamendu hori indarrean jarriko da 1959ko urtarrilaren batean.

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA

Erregela erkideak eta osagarriak

1. artikulua.

Erregistro Zibileko organoak zuzenean eta ofizioz komunikatuko dira euren artean.

Kontsulatuetako erregistroen eta Espainian daudenen arteko komunikazioa prozedura berberaren bidez egingo da.

2. artikulua.

Agintariek, funtzionarioek edo partikularrek eskaerak egin ahal izango dituzte horien bizilekua edo egoitza non izan eta bertako Erregistro Zibilean, baldin eta bulego eskuduna beste udalerri edo mugape batean badago; bulego eskudun horri berehalakoan bidaliko zaizkio eskaerok.

Jakinarazpenak eta, orokorrean, eskatzaileari edo alderdiari egindako komunikazio oro ofizioz egingo dira, aurkezte- bulegoaren bitartez, herri horretan bertan aipatutako egoitzan.

Norbait, gaixotasunaren ondorioz edo beste arrazoi baten ondorioz, ezin bada Erregistrora joan, eta inskribatzeko moduko adierazpen bat egin behar badu, adierazpen hori zein tokitan egin behar eta toki horretara joango da arduraduna, hala denean idazkariaren laguntzarekin.

3. artikulua.

Egoera zibilari buruzko egintza bat egiteko gaitasuna dutenek gaitasuna dute, orobat, horri lotuta dagoen erregistro- jardun guztirako.

4. artikulua.

Interesdunaren heriotzak ez du eragozten lortu nahi izan den inskripzioa, ezta edozein unetan hasitako espedientearen izapidetza ere.

5. artikulua.

Presako arrazoi egiaztatuak daudenean izan ezik, gaiak lan-orduetan aztertuko dira, lan-orduok jendeak ikusteko moduko lekuan iragarriko direla.

Heriotzaren inskripzioa presakoa da beti.

6. artikulua.

Legeria honetan ezarritako betebeharrentzat berehalako betetzerik edo epe berezirik ezarri ez bada, hori hiru egunekoa izango da.

Ez da zenbatuko epearen hasierako egitatea zein egunetan gertatu eta egun hori.

7. artikulua.

Espedientea sustatzen edo legitimazio berezia galdatzen duten eskaeretan, eskatzailearen nortasuna agerrarazi beharko da, arduradun, idazkari edo ofizialaren eginbidearen bidez, salbu eta eskatzailearen sinadura kautotua izan denean edo agerraldia auzitegietako prokuradorearen bitartez egiten denean.

Edozein kasutan ere, lekukoen nortasuna agertu beharko da.

Partikularrak edo lekukoak ezezagunak badira, horiek identifika daitezke bi ezagutza-lekukoren bidez edo identifikatzeko balio duen agiri ofizialaren bidez.

Identifikazioa inskripziorako beharrezkoa denean, identifikazio hori eginbidearen bidez adieraziko da, akta bananduan edo idazkunaren edukian.

8. artikulua.

Aurkezte-bulegoak egiaztagiria emango dio eskatzaileari, horrek hala eskatzen badu, eskaera edo adierazpena ahoz nahiz idatziz egin dela, edo, hala denean, agiriak jaso direla egiaztatzeko.

Jaso-agiri gisa onartuko da kasuan kasuko idazki edo agiriaren fotokopia edo kopia soila, hori zein funtzionariori eman eta berorrek data, sinadura eta zigilua jarriz gero.

9. artikulua.

Erregistroko bulego guztietan egongo da, jendearen esku, legearen nahiz erregelamenduaren eta formulario ofizialen ale bat.

10. artikulua.

Erregistroan liburu eta inprimaki ofizialak erabiliko dira, eta, horiek izan ezean, eredu ofizialak erabiliko dira, inprimaki ofiziala zergatik ez den erabili agerraraziz.

Inprimakiak zuriz duen zatia, egiaztatu ezin den inguruabarrari zuzendutakoa, «ez da jaso» esaldiarekin beteko da.

11. artikulua.

Idazkunek, ziurtagiriek eta eginbideek, hala denean, eskueslea ordezkoa dela adieraziko dute. Bake epailearen kasuan, ez da aipatuko beraren eskuorde-izaera, ezta epaile arduradunaren inguruabarrik ere.

12. artikulua.

Nortasun-aipamenak izango dira, ahal izanez gero, izen-abizenak, gurasoen izenak, nortasun-agiriaren zenbakia, izaera, adina, egoera, egoitza eta naziotasuna.

13. artikulua.

Norbaitek ez badaki sinatzen edo ezin badu sinatu, horren eskabidez bi lekukok sinatuko dute.

Lekuko horiek ezin izango dituzte pertsona bat baino gehiago ordeztu idazkunean edo eginbidean.

14. artikulua.

Idazkunak eta ziurtagiriak benetan zein langilek egin eta berak izenpetuko ditu.

15. artikulua.

Arduradunak data jarriko die eginbideei, eta horiek sinatuko ditu, eta idazkariak ere, horrelakorik badago.

16. artikulua.

Jardunean eta espedienteetan, borondatezko jurisdikzioaren arauak ordezko moduan aplikatzen dira.

II. KAPITULUA

Erregistroko publizitatea

I. ATALA

Ziurtagiriak

17. artikulua.

Arduraduna eta, horren eskuordetzaren ondorioz, idazkaria, Erregistroko idazkunak ziurta ditzaketen funtzionario bakarrak dira. Gainera, behartuta daude interesdunei informazioa ematera, Erregistroko publizitatea errazteko.

Ziurtagiria eskatzen duenak idazkunen berri izateko interesa duela uste izango da.

18. artikulua.

Liburuak erakutsi eta aztertuko dira zerbitzua egiteko komenigarrien den orduan eta arduradunaren zainpean.

19. artikulua.

21. artikulua. n xedatutakoari kalterik egin gabe, agintariek eta funtzionarioek, bakoitzaren eginkizunari dagozkion gaietan hori beharrezkoa denean eta gaiak aipatuz, Erregistroko edozein idazkun edo agiriren edukia jakin dezakete, zuzeneko azterketaren bidez, ziurtagiriaren bidez edo informazio-ohar soilaren bidez, Isilpeko Ezkontzei buruzko Liburuari dagozkionak izan ezik.

Erregistroko folio bat baino gehiagori buruzko ziurtagiria edo ohar soila ofizioz eskatuz gero, arduradunak liburuak erakustea aukera dezake, salbu eta legeak, dekretuak edo Zuzendaritza Nagusiak bestelakoa xedatzen duenean. Azken kasu horietan, ziurtagiri bakar baten barnean jaso ahal izango da folio ezberdinen edukia.

20. artikulua.

Arduradunek organo ofizialei komunikatuko dizkie legeak, errege-dekretuak edo Zuzendaritza Nagusiak eskatutako datuak, eta horretarako ez da eskaera berezirik egin behar.

Era berean, Estatistikako Nazio Erakundeari, horren ordezkaritzen bitartez, eta udaleko estatistika-zerbitzuei ere, buletinak bidaliko zaizkie, jaiotza, abortu, ezkontza, heriotza eta inskribatzeko moduko beste egitateei buruz.

Organo eskudunek, egitateak Erregistroan agerrarazi aurretik, Zuzendaritza Nagusiarekin bat idatzitako buletinen inprimakiak emango dituzte.

Horiek luzatuko ditu sustatzaileak edo idazkunaren titularrak, medikuak, sanitarioak edo arduradunak, ereduak agintzen duenaren arabera, eta arduradunak horietan jasoko ditu, Erregistroko zigiluarekin, inskripzioaren liburukia, orrialdea eta data, eta, abortuen inprimakietan, kasuan kasuko paper-sortaren zenbakiak.

Buletinetan ez dira jasoko egitateek ukitutako partikularren nortasun-datuak; baimen berezia behar da, horiei publizitatea emateko.

21. artikulua.

Baimen berezirik gabe ez dira argitaratuko:

1. Adopziozko seme-alabatasuna, ezkontzaz kanpokoa edo ezezaguna, edo halako izaera agerian jartzen duten inguruabarrak; jaiotza-folioan jaso den ezkontzaren data, baldin eta ezkontza hori jaiotzaren ostekoa bada edo erditzea gertatu baino ehun eta laurogei egun lehenago egin bada; eta «Expósito » edo antzeko abizenen nahiz egoki ez direnen aldaketa.

2. Sexuaren zuzenketa.

3. Ezkontzaren deuseztasun, banantze edo dibortzioari buruzko arrazoiak, edo guraso-ahala kendu edo etetekoak.

4. Artxibatutako agiriak, aurreko zenbakietan adierazitako gorabeherei dagokienez, edo inguruabar laidogarriei dagokienez, edo isilpeko izaera duen espedientean barneratuta dauden inguruabarrei dagokienez.

5. Abortuei buruzko paper-sortak.

Epaile arduradunak baimena emango die hori eskatzeko interes legitimo eta arrazoi oinarriduna dutenei bakarrik.

Ziurtagirian adieraziko dira eskatzailearen izena, hori emateko ondore soilak eta arduradunak beren beregi emandako baimena. Horrek bere kabuz egingo du ziurtagiria, zuzenean bere ardurapean dagoen erregistroan.

22. artikulua.

Hala ere, ziurtagiria eskuratzeko ez dute baimen berezirik behar:

1. Aurreko artikuluaren lehenengo zenbakiak aipatutako gorabeherei dagokienez, inskribatuak berak edo beraren aurrekoek, ondorengoek edo jaraunsleek.

Adopzio osoaren kasuan, adoptatzaileak edo adin nagusiko adoptatuak; eta, adopzio soilaren kasuan, gainera, bataren eta bestearen jaraunsleek, aurrekoek eta ondorengoek.

2. Sexuaren zuzenketari dagokionez, inskribatuak berak.

3. Guraso-ahala kendu edo eteteko arrazoiei dagokienez, horren menpe dagoenak edo beraren aurrekoek, ondorengoek edo jaraunsleek; eta ezkontzaren deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-arrazoien kasuan, ezkontideek edo euren jaraunsleek, haiez gain, hala denean.

4. Artxibatutako dokumentuei dagokienez, aurreko kasuetan aipatutako pertsonek, eta, jakinarazitako ebazpenaren kasuan, jakinarazpenaren jasotzaileak.

5. Abortuei buruzko paper-sorten kasuan, gurasoek.

Halaber, ez dute baimenik behar aurretik aipatutako pertsonak zainpean dituztenek eta haien edo horien ahalorde berezia dutenek.

Idatzizko ahalordea edo zaintza sinesgarriro agertu ez arren,arduradunak bere zuhurtziaren arabera egiaztatutzat jo ahal izango ditu horiek.

Ziurtagirian adieraziko da, artikulu honen kasu guztietan, eskatzailearen izena.

23. artikulua.

Ziurtagiriak lortzeko, ez da beharrezkoa idatzizko eskaera, salbu eta:

1. Bilaketak bi urte gainditu behar dituenean.

2. Aurretiazko baimena behar duten ziurtagirietarako.

3. Ezezko ziurtagirietarako; horiek nahitaez aipatuko dute eskatzaileak beren beregi adierazitako epea.

4. Helburua ebazpen ukatzailea lortzea denean.

5. Ziurtagiria zein bulegok eman behar eta beste bulego batean aurkezten denean.

Eskaerak izango ditu bilaketarako beharrezkoak diren datu guztiak.

24. artikulua.

Ziurtagiriak presaz eskatzen badira, hogeita lau ordutan egin edo ukatuko dira.

25. artikulua.

Behin ziurtagiria ukatuta, ohar soila luzatuko da, edo, hala eskatuz gero, ebazpen ukatzailea gauzatuko da; batean zein bestean, eskaera, horren data eta eskatzailea adieraziko dira.

Oharra edo ebazpena arrazoitua izango da, ziurtatu ezin den daturik azaltzen ez duen artean, eta, hala denean, adieraziko du, formula orokorra erabilita, ziurtagiria eskatu ahal dutela indarreko xedapenetan adierazitako pertsonek bakarrik. Behin errekurtsoa ebazpenaren aurka jarrita, arduradunak isilpeko txostena egingo du ukatzearen arrazoiei buruz.

26. artikulua.

Ziurtagiriak luzatzean ez da tarterik utziko orri-bazterreko alderatzeetarako.

Orri-bazterreko idazkunak testuaren ondoren alderatuko dira, dataren eta sinaduraren aurretik.

Idazkunen kopien gain ziurtagiriak eman daitezke, horiek lortu badira argazki bidez edo Zuzendaritza Nagusiak baimendutako antzeko prozeduren bidez.

27. artikulua.

Ziurtagirietan jasoko dira:

1. Erregistroa; udalekoetan, udalerria eta probintzia aipatuko dira, eta, kontsulatukoetan, herria eta estatua.

2. Inskribatutakoaren nortasun-aipamenak, horiek inskripzio nagusian agertzen baitira.

3. Idazkunaren orrialdea eta liburukia, edo kasuan kasuko folioa eta paper- sorta.

4. Beharrezkoak diren gainerako inguruabarrak.

5. Data, ziurtagiria luzatzen duen arduradun edo idazkariaren izena eta sinadura, eta bulegoko zigilua.

Idazkunaren akatsak edo hutsuneak karaktere nabariekin agerraraziko dira, azpimarratuta edo kolore nahiz letra-mota ezberdinen bidez.

28. artikulua.

Baiezko edo ezezko ziurtagiriak izan daitezke, eta idazkunei buruzkoak edo artxibatutako agiriei buruzkoak.

Idazkunen baiezko ziurtagiriak hitzez- hitzezkoak edo laburtuak izan daitezke.

Hitzez-hitzezkoek eurek aipatutako idazkunak oso-osorik barne hartzen dituzte, sinaduren aipamenarekin.

Ziurtagiri laburtu edo arruntek jasotzen dituzte inskripzio egokiaren fedepeko datuak, geroko inskripzio aldatzaileek eratortzen dutenaren arabera, geroko horiek adierazi gabe; eta, berebat, orri-bazterreko erreferentzia-oharrak ezkontza-, tutoretza-, ordezkaritza-, jaioaren heriotza- edota jaiotza-inskripzio edo idatzoharrei buruz.

29. artikulua.

Jaiotzari buruzko ziurtagiri laburtu arruntak ez du seme-alabatasunaren federik ematen; jaiotzaren data eta lekua adieraziko ditu, ordua eta tokia zehaztu gabe, eta nortasun-aipamenen artean, inskripzioan agertzen diren benetako edo ustezko gurasoak aipatuko ditu.

Adoptatuen kasuan, aitaren eta amaren izena bakarrik aipatuko ditu, horien abizenak lehengo lekuan izanez gero.

Ziurtagiri horrek adieraziko du fede ematen duela jaiotzaren egitate, data eta lekuari buruz, eta inskribatutakoaren sexuari buruz bakarrik.

30. artikulua.

Hitzez-hitzezko jaiotza-ziurtagirian agerraraziko da hori luzatu dela seme-alabatasuna frogatzea nahitaezko den gaietarako; beste ondoreetarako ez da onartzeko modukoa izango.

31. artikulua.

Ziurtagiriek ez dute legeztatzearen beharrik, edozein organotan euren ondoreak sortzeko; horri kalterik egin gabe, zalantza arrazoituaren kasuan, organoak egiaztatze-eginbideak burutu ahal izango ditu, horiei egoki baderitze.

32. artikulua.

Ziurtagiriek folio bereko idatzoharrak aipatuko dituzte, hitzez hitz edo laburtuta, euren motaren arabera, idatzohar horiek ziurtatutako egitatearekin zerikusia duten heinean.

33. artikulua.

Agirien baiezko ziurtagiriak oso-osokoak edo zehaztasunei buruzkoak izan daitezke; eta, batzuk eta besteak, hitzez- hitzezkoak, loturak ezartzekoak edo mistoak. Zehaztasunei buruzkoetan hauxe agerraraziko da: «ziurtagirira alderatu ez denak ez du ezertan zabaldu, murriztu edo aldatzen bertara alderatutakoa»; kontrakoa gertatuz gero, ziurtagirian hori nahitaez adierazi beharko da.

Agirien ziurtagiriek gorabehera konkretuak aipatu ahal izango dituzte, gorabehera horiek jasotzen badira amaituta edo izapidetza-prozesuan dagoen espediente batean.

34. artikulua.

Idazkunen edo artxibatutako agirien ezezko ziurtagiriek aipatuko dute, kasuan- kasuan eskatutakoaren arabera, epe jakin bat edo Erregistro eskuduna ezarri denetik igaro den epea.

35. artikulua.

Ziurtagiria eman daitekeen bezala, modu berean emango zaio informazio- ohar soila, bermerik gabekoa, hori eskatzen duenari.

II. ATALA

Familia Liburua

36. artikulua.

Familia Liburua isilpekoa ez den ezkontzaren ziurtagiriarekin irekitzen da, eta elkarren segidako orriak ditu, Erregistroko aipamenak ziurtatzeko, ezkontza- sozietatearen araubide ekonomikoari buruz, seme-alaba erkideen jaiotzari buruz eta bi ezkontideek batera adoptatutakoen jaiotzari buruz, ezkontideen heriotzari buruz, eta ezkontzaren deuseztasun, dibortzio edo banantzeari buruz.

Familia Liburua emango zaie, berebat, ezkontzaz kanpoko seme edo alaba baten gurasoari edo gurasoei eta adingabea adoptatzen duen pertsonari edo pertsonei. Liburuaren titularrak, geroago, elkarrekin ezkontzen badira, ezkontza hori ere liburuan agerraraziko da.

Liburuan ziurtagirien balioarekin jasoko da guraso-ahalaren gain eragina duen egitateetatik edozein eta seme-alaben heriotza ere, hori emantzipazio aurretik gertatu bada.

Idazkun-ziurtagiriak laburtuak dira, oharrak alderatu gabe, eta jaiotzei dagozkienetan ez da adieraziko seme-alabatasun mota. Zuzen daitezke geroago egindako idazkun-ziurtagiriaren ondorioz.

37. artikulua.

Familia Liburua horren titularrei emango zaie, edo horiek baimendutako pertsonei, behin ezkontza Erregistro arruntean inskribatu eta gero, edo, liburu hori dagoeneko euren esku badago, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasun bat edo adopzioa inskribatzen denean.

Liburua ematen bada adopzioa inskribatzearen ondorioz, naturaren araberako gurasoa edo gurasoak direnentzat aurretiazko Familia Liburuan jasota dagoen jaiotza-idazkuna ezereztu beharko da.

Aurretiazko liburu horretan jaiotzaren idazkun hori bakarrik jaso bada, liburua bera deuseztatuko da.

38. artikulua.

Liburuaren ematea, hori gertatzeko epea edozein izanda ere, kasuan kasuko ezkontza-inskripzioaren orri-bazterrean agerraraziko da beti, edo, hori izan ezean, jaiotza-inskripzio bakoitzaren orri-bazterrean.

Ezkontideak edo guraso-ahalaren titularrak nahiz titularrek beti izango dute liburu egokia. Galera- edo narriadura-kasuan, Erregistrotik bertatik bikoiztu bat lortuko dute, eta, horretan, egoki diren ziurtagiriak egingo dira.

Bikoiztuan adieraziko da horrek hasierakoa ordezten duela, eta horri buruzko oharra Erregistroko inskripzio egokietan jasoko da.

39. artikulua.

Liburuaren titularrak eskatuko du ziurtagiri egoki guztiak bertan egitea, inskripzioa egin eta berehalakoan.

Erregistroko arduradunak bereziki zainduko du betebehar horren betetzea.

40. artikulua.

Arduradunak doan emango dizkie liburuaren titularrei beharrezkoak diren inprimakien ordezko orriak, tamaina berekoak eta orri arruntean.

Arduradunak izenpetuko ditu ordezko orriak eta bulegoko zigilua jarriko die, eta horien kopurua eginbidearen bidez adieraziko da azken orriaren amaieran.

II. TITULUA

ERREGISTROKO ORGANOAK

KAPITULUA

Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusia

41. artikulua.

Justizia Ministerioaren barruan, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Erregistro Zibileko zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea.

Orokorrean, legea eta erregelamendua bete eta betearazi behar ditu; arlo horretan agindu edo errege-dekretuen forma izan behar duten xedapenen proposamenak prestatu behar ditu; eta Erregistro Zibilari dagozkion arazoen inguruan informazioa eman behar du.

Kanpo Arazoetako Ministerioari entzungo zaio, atzerrian dauden erregistro zibilei dagokienez, liburuen nahiz inprimakien zerbitzuari buruzko berezitasunen inguruan.

42. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak ebazpenak edo jarraibideak komunikatuko dizkie Erregistroko organoei, zuzenean edo auzitegi nagusietako lehendakarien bidez nahiz Kanpo Arazoetako Ministerioaren bidez.

Arduradunek edo Erregistro Zibileko ikuskatzaileek ez dituzte bete behar agindu nahiz jarraibideak, jarraibideok eman badituzte legearen arabera zerbitzu hori bete behar duten erakundeez bestelakoek.

Horren ondorioz, hierarkian gorago daudenek funtzionario horiei edozein agindu zuzentzen dietenean, agindu horrek bere jakinarazpen-izaera adieraziko du.

43. artikulua.

Erregistroko arduradunek Zuzendaritza Nagusiari helaraz diezazkiokete, Fiskaltzaren aurretiazko txostenarekin, zerbitzua hobetzeko edo izaera orokorreko arazoak konpontzeko proposamenak.

II. KAPITULUA

Erregistroak

I. ATALA

Udal erregistroak

44. artikulua.

Lehen auzialdiko epaitegi bat baino gehiagoko herrietan, Erregistro Zibileko zerbitzua honako erregelen menpe egongo da:

1. Erregistro bat edo gehiago egongo dira, beti lehen auzialdiko epaileen ardurapean, kasuan kasuko idazkari judizialen laguntzarekin.

2. Justizia Ministerioak, herri bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta, neurri egokiak hartu edo sustatuko ditu, eta, bereziki:

a) Udalerrian Erregistro bat edo batzuk egon behar diren; azken kasu horretan, bakoitzari dagokion eskumena aipatuko da.

b) Erregistro Zibilaren gaineko ardura lehen auzialdiko zein epaileri dagokion, eta, hala denean, zeintzuk diren bakoitzari dagozkion eginkizunak.

c) Epaileak edo epaileek modu esklusiboan jardun behar duten Erregistroaren zerbitzupean.

Edozein kasutan ere, Justizia Administrazioaren xedapen organikoekin bat egingo da gorabehera horien inguruko erabakia hartzea, bai eta epaile, idazkari nahiz langileria laguntzailearen hutsuneak betetzea ere.

Justizia Ministerioari dagokio, Zuzendaritza Nagusiak hala eskatuta, Erregistro Zibileko medikuen kopurua zehaztea eta horien artean zerbitzuak banatzea.

3. Idazkariak, arduradunaren eskuordetzarekin, bere kabuz burutu ahal izango du: ziurtatzeko eginkizuna; 46. artikuluaren bigarren lerrokadak aipatzen dituen erregistro-eginkizun guztiak; eta bizi-agiri nahiz egoera-agiriekin zerikusia dutenak.

Eskumen berberak izango ditu Justizia Administrazioko ofizialak, gaikuntza duenak, idazkariak horri eskuordetza ematen badio arduradunaren aurretiazko baimenarekin.

4. 46. artikuluaren bigarren lerrokadak finkatutako eginkizunen esparruan, adierazpenaren bidez egin daitezkeen inskripzioak egin daitezke, orobat, aipatu ofizialak edo idazkariak adierazpen horri buruz egindako aktaren bidez, baldin eta idazkuna egin bada inskribatzeko moduko egitatea gertatu eta hurrengo hogei egunak igaro baino lehenago.

Epaileak ehorzketa-baimena eman dezan, beharrezkoa da akta egitea, bai eta, akta horretan, heriotzaren partea nahiz egiaztapena agertzea ere, inskripziorako nahitaezko diren baldintzetan.

45. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak, zerbitzuarentzat beharrizana denean, baimendu ahal izango du Liburu Egunkariaren zenbait liburuki irekitzea, bai eta Erregistro bereko atal bakoitzean aldi berean irekita egon daitezkeen liburukiak ere.

46. artikulua.

Udal erregistroetan, bake epaileak arduradunaren eskuordetzarekin dihardu, eta horren ahalmen berberak ditu, espedienteetan izan ezik.

Hori dela bide, inskripzioak egingo ditu ezkontzan izandako seme-alaben jaiotza-epearen barruan; halaber, heriotzaren inskripzio arruntak; kasuan kasuko ziurtagiriaren bidez forma erlijiosoan egindako ezkontzaren inskripzioak; forma zibilean egindako ezkontzaren inskripzioak, horri buruz aurretiaz espedientearen izapidetza egin badu; eta zuzentzeko edo ezerezteko helbururik ez duten orri-bazterreko oharrak.

Hala ere, ez du beste idazkunik egin behar, presako beharra dagoenean izan ezik, arduradunaren jarraibide berezirik idatziz jaso ez badu, berehala eskatutakoa eta aztertutakoa; jarraibide hori idazkunarekin zerikusia duten beste aurrekariekin batera artxibatuko da, minuta arduradunaren esku geratuz.

Edozein kasutan ere, Erregistroko arduradunarengandik jasotako zereginak beteko ditu.

Ziurtagiriak, beti, epaileak eta idazkariak batera egin eta sinatuko dituzte.

47. artikulua.

Lehen auzialdiko epaileak dira bake epaileei argibideak eman eta eurok gidatu behar dituztenak, horien zalantzak argituz, okerrak zuzenduz, euren zeregina betetzeko beharrezko diren jarraibideak emanez, eta gehieneko arreta eta kontsulta eskainiz zalantzazko kasuetan.

Zerbitzuak hala ezartzen duen guztietan, eta gutxienez urtean behin, haien ardurapean dauden erregistroak bisitatuko dituzte, idazkunak, artxibatutako agiriak eta azken bisitaren osteko eginbideak zehatz-mehatz aztertzeko, eta haien jardunbide egokirako beharrezkoa dena ezartzeko.

Aurreko urtean edo urteetan horrelako bisitarik egin ez bada, horren kontu-arrazoiak emango dizkiote Auzitegi Nagusiko lehendakariari.

Emaitzari buruzko akta xehea bikoiztuta egingo da, eta ale bat bake epaileari emango diote; bisita eginbidearen bidez jasoko da Langileria eta Bulego Liburuan, eta irekita dagoen inskripzio-liburu bakoitzean.

48. artikulua.

Lehen auzialdiko epaileak, Erregistroko arduradunak diren heinean, ordeztuko dira, kargu horietarako aginduta dagoenaren arabera.

49. artikulua.

Epaileak eta idazkariak erantzukizun solidarioa dute batera eskuetsitako erregistro- egintzetan.

Idazkariak beteko du epaileak agindutakoa; baina arau-haustea dagoela uste badu, bere erantzukizunetik aske geratuko da, berehalakoan kontu-arrazoiak ematen badizkio zuzenean gorago dagoen organoari.

II. ATALA

Kontsulatuetako erregistroak eta Erregistro Zentrala

50. artikulua.

Erregistro bat egongo da kontsul-mugape bakoitzean; Kanpo Arazoetako Ministerioak Justizia Ministerioari komunikatuko dizkio Espainiak atzerrian dituen kontsulatuak eta horien lurralde-mugapea.

51. artikulua.

Kontsulatuetako erregistroak Espainiako kontsulen ardurapean egongo dira, edo, hala denean, diplomaziako misioan dauden kontsulatu-atalen ardura diplomaziako zein funtzionariok izan eta horien ardurapean.

Karrerako funtzionario egokia horien ordezkoa izango da, eta, horri izan ezean, kantzilerra edo horren ordezko den pertsona, haren erregelamenduaren arabera.

Arauzko ordezkorik ez badago, egitateak Erregistro Zentralean inskribatuko dira.

52. artikulua.

Erregistro Zibil Zentrala bi magistraturen ardurapean egongo da, eta magistratuok beste horrenbeste idazkari judizialen laguntza izango dute. Magistratuak elkarren ordezko izango dira, eta, hori izan ezean, Madrilgo Erregistro Zibilaren arduradunak izango dira ordezko.

Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko ditu arduradun bakoitzaren eginkizunak.

53. artikulua.

Kontsulatuetako erregistroek ez dute idazkaririk; arduradunak bakarrik eskuetsiko ditu idazkunak, ziurtagiriak eta eginbideak.

54. artikulua.

Erregistro bakoitzean auzitegi nagusi eskuduneko lehendakariari esleitutako eginkizunak bereganatuko ditu, Erregistro Zentralari dagokionez, Madrilgo Erregistroko lehendakariak, eta kontsulatuetakoei dagokienez, arduradunak berak edo karrerako legezko ordezkoak.

Erregistro Zentralarekin zerikusia duten espedienteetan Fiskaltzaren ordezkari izango da pertsona egokia, horiek zein Erregistrotan ebazten diren kontuan hartuta; eta Erregistroarekin zerikusia duen gainerako guztian, Madrilgo fiskalen artetik kasuan-kasuan esleitutakoa. Kontsulatuetakoei dagokienez, kontsulatuko kantzilerra, eta, arauzko ordezkorik izan ezean, gai eta eskolatu diren bi espainiar izango dira ordezkari, kontsulatuko bulegoaren edo diplomaziako misioaren buruak izendatutakoak.

Ordezkariak Fiskaltzari buruzko erregelak beteko ditu, eta kontsulengandik independentzia osoz jardungo du zeregin horretan.

Ezin da arazo berean jardun arduradun gisa eta Fiskaltzaren ordezkari gisa.

III. ATALA

Erregistroak bereizi, azkendu eta zatitzea

55. artikulua.

Erregistroa egun zehatz batean ixteko, arduradunak, zero orduetan, oharra egingo du, liburu bakoitzean zuriz dagoen lehenengo folioan xedapena adieraziz.

Zuriz dauden gainerako folioak baliogabetu egingo dira, euren hedadura osoan gurutze bat eginda, eta orri bakoitzaren oinean «baliogabetuta» dagoela adieraziko da, idazkariak edo arduradunak izenpetuta, eta bulegoko zigiluarekin. Azken folioan erreferentzia- oharra jarriko da itxiera-oharrari buruz.

Erregistro baten bereizketa, zatitzea edo azkentzea agintzean, horren artxiboa zeinek gordeko duen aipatuko da.

III. KAPITULUA

Ikuskapena eta zehapenak

56. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak gorengo ikuskapena egiten du A taldeko funtzionarioen bidez; horiek zuzenbideko lizentziadunak dira, zuzendariordeen edo zerbitzuburuen kategoriarekin, eta ikuskatzaile zentralen izaera eta eskumenekin, zuzendari nagusiaren gorengo ahalmenari kalterik egin gabe.

57. artikulua.

Ikuskatzaileek Zuzendaritza Nagusiarengandik jasotako jarraibideak beteko dituzte, zerbitzua eragozten duten urritasunak zuzentzeko.

58. artikulua.

Udal erregistroen gaineko ikuskapen arrunta egingo du kasuan kasuko auzitegi nagusiko lehendakariak, edo, bestela, hark probintzia bakoitzerako eskuorde izendatu duen magistratuak.

Ikuskapena modu pertsonalean eta urtean behin egingo da, hark edo Zuzendaritzak komenigarri deritzen aparteko bisitei kalterik egin gabe; kontu-arrazoiak emango dizkio Zuzendaritza Nagusiari, urte horretan edo aurreko urteetan ikuskapenik egin ez bada.

Ikuskapena hauen gain egingo da:

1. Zuzenean lehen auzialdiko epailearen ardurapean dagoen Erregistroaren gain; arduradunak bere ardurapeko erregistroetan bisitak egin eta bisita horien inguruko aktak aztertuko dira, bai eta bake epaileei emandako jarraibide bereziak ere.

2. Bake epaileak eskuordetza bidez zein erregistrotan jardun eta erregistro horietako lehen auzialdiko epaile bakoitzetik, gutxienez, baten gain, kasuan kasuko arduradunak berari dagozkion eginbeharrak bete dituela egiaztatuz.

59. artikulua.

Kontsulatuetako erregistroen gaineko ikuskapen arrunta diplomaziako misio- buruak egingo du, aldiei lotu gabe.

Hark diplomaziako edo kontsulatuetako funtzionarioen eskuetan ordezka dezake bere ahalmena, horiek bertara destinatuta badaude eta Kanpo Arazoetako Ministerioaren aurretiazko baimena lortzen bada.

Kanpo Arazoetako Ministerioak izendatutako funtzionarioak egingo du misio-buruaren ardurapean dagoen Erregistroaren ikuskapena.

60. artikulua.

Ikuskapenak bere barnean hartuko du Langileria eta Bulego Liburuaren arabera azken ikuskapena noiz egin eta horren osteko denbora.

Ikuskatzaileak liburuak, paper-sortak eta espedienteak aztertuko ditu, eta, bereziki, ezkontza zibilari buruzko espedienteak eta arantzel-kontuei buruzko agiriak. Inskripzioei buruz irekitako liburuetan, eta Langileria eta Bulego Liburuan ere, ikuskapenaren eginbidea burutuko da.

Emaitzari buruzko akta xehea bikoiztuta egingo da, eta ale horietako bat arduradunari emango zaio.

61. artikulua.

Ikuskatzaile arruntek, urtarrilean, ikuskapenen parte arrazoitua emango diote Zuzendaritza Nagusiari, eta izen-abizenekin aipatuko dituzte erregistroetan hutsegiterik izan ez duten funtzionarioak eta bestelako kasuetan daudenak ere; azken horiei dagokienez, atzemandako hutsegiteak adieraziko dira, bai eta horiek zuzentzeko hartu diren neurriak, ongitzea hasi den ala ez azalduko da, eta ezarritako zehapenak adieraziko dira.

62. artikulua.

Zero edo bostean amaitzen diren urteetan, ikuskatzaile arruntek oroitidazkia bidaliko dute, Zuzendaritza Nagusiari bidalitako partearekin batera, eta, oroitidazki horretan, zerbitzurako gomendagarri diren neurriak jasoko dira; oroitidazkiaren idazketa, urtebete lehenagotik, Erregistroko arduradun baten esku utziko da, eta horrek ikuskatzaile berberaren menpe dauden gainerakoen txostenak eta proposamenak erabiliko ditu.

Zuzendariak aipatu ahal izango du, beharrezko aurrerapenarekin, oroitidazkiak jorratu beharreko gaia edo gaiak.

Oroitidazkien laburpena, Zuzendaritza Nagusiak onetsita, zentro honen urtekarian jasoko da.

63. artikulua.

Partikularrek, bai eta Fiskaltzak edo funtzionarioetatik batek ere, edozein arau-hauste, berankortasun edo zabarkeria sala dezakete, Erregistroari, ikuskatzaile arruntari edo Zuzendaritza Nagusiari dagokionez.

64. artikulua.

Ikuskatzaileak, Erregistroarekin zerikusia duten arau-hausteetatik edozeinen berri izanez gero, behartuta daude:

1. Hori egiaztatzera.

2. Hori ongitzeko konponbideak edo espedienteak sustatzera.

3. Isunak ezarri edo proposatzera.

4. Hala denean, administrazio-zuzenketa ezarri edo beste arlo bateko erantzukizunak eskatu behar dituzten organoei kontu-arrazoiak ematera.

65. artikulua. *

Erregistroko organoek arau-hausteak komunikatuko dizkiete euren nagusiei, baldin eta arau-hausteoi dagokien isuna haiek ezar dezaketena baino handiagoa bada edo haien agintepean ez dauden funtzionarioek egin badituzte.

Bake epaileek, Erregistroko eskuorde gisa, 250 pezetarainoko isunak ezarriko dituzte.

Isunak ez dira inoiz izango 500 pezetakoak baino txikiagoak; horiek ezarri ahal izango dira, arau-hausleek euren karguak utzi arren, betiere arau-haustetik bost urte igaro ezean.

Isunak ezarriko dira, arau-hausleari aurretiazko zitazioa eginez, arau-haustea salbuesten, arintzen edo larriagotzen duten arrazoiak aztertuta eta haren egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Isunak estatuaren paperarekin ordainduko dira, eta, hori izan ezean, premiamendu- bidean.

* Azaroaren 30eko 1322/2001 Errege Dekretuak Administrazioko erregistro publikoetan egindako idazkunak euro-kontu unitatean jasotzeko erregelak ezarri ditu (EAO, 288. zk., abenduaren 1ekoa). Dekretu horren lehenengo xedapen gehigarrian, Jabetza Erregistroan, Erregistro Zibilean, Merkataritzako Erregistroan eta Ondasun Higigarrien Erregistroan aplikatzeko moduko araubidea ezarri da. Xedapen horren arabera, diru-kopuruak adierazten dituzten zifrak inskribatuta edo idatzoharraren bidez jasota badaude aipatu erregistroetan, modu automatikoan euroetan izendatutzat joko dira, bihurtze-tasa eta biribiltze- erregela egokiak aplikatuz.

III. TITULUA

ESKUMENARI BURUZKO ERREGELA OROKORRAK

I ATALA

Erregistroen eskumena

66. artikulua.

Erregistroan jasoko dira espainiarren gain eragina duten egitateak, egitateon ondorioz haiek euren espainiar izaera galdu arren edo egitateok izate hori eskuratu aurretik gertatu arren.

Inskribatuko dira, orobat, haien egoera zibilaren gain zeharkako eragina dutenak ere.

Subjektuaren naziotasunari buruz zalantza izan arren, zalantza hori ez da eragozpena egitezko inskripziorako. Kontsuletxean matrikulatua ez egotea ere ez da eragozpen izango.

Jasoko dira, berebat, Espainiako ontzi edo aireontzietan egindako bidaian zehar gertatutakoak.

Kontsulatuetako erregistroetan edo Erregistro Zentralean egin beharreko jaiotza-inskripzioetan, jaioak duen Espainiako naziotasuna egiaztatuta ez badago, inguruabar hori beren beregi agerraraziko da.

67. artikulua.

La Lineako Erregistroaren eskumena Gibraltarrera hedatzen da Espainiako herritarrei dagokienez. Lurralde horri buruz, liburu, paper-sorta eta fitxategi bananduak egingo dira.

68. artikulua.

Jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak inskribatuko dira horiek zein tokitan jazo eta toki horretako Udal Erregistroan edo Kontsulatuko Erregistroan, ukitutakoen egoitza, parrokiaren inkardinazioa edo ehorzketa-lekua edozein izanda ere.

Kontsulatuko erregistro bat eskuduna denean, sustatzaileak Espainian badu egoitza, inskripzioa Erregistro Zentralean egingo da lehenago, eta, ondoren, lekualdaketa dela medio, kasuan kasuko Kontsulatuko Erregistroan.

Legez ezaguna den gurasoaren edo gurasoen egoitza non izan eta bertako Erregistro Zibilean jaiotza-inskripzioa garaiz egiteko, legearen 16.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta egoitza egiaztatuko da nortasun- agiri egokiak erakutsita, edo, horiek izan ezean, udal erroldako ziurtagiriaren bidez.

Inskripzio horren eskatzaileak edo eskatzaileek adierazi beharko dute, beren erantzukizunpean, ez dutela inskripziorik eragin jaioterria zein izan eta bertako Erregistro Zibilean; horrekin batera ziurtagiri bat aurkeztuko dute egiaztatzeko ospitale-zentroko zuzendaritzak ere ez duela inskripziorik eragin erditzea gertatutako lekuan.

Inskripzio horietan beren beregi agerraraziko da, oharrei dagokien zatian, legezko ondore guztietarako inskribatutakoaren jaioterria izango dela idazkuna zein udalerritan egin eta berori.

69. artikulua.

Bidaian zehar gertatutako jaiotza nahiz ezkontza inskribatuko da ibilgailua zein tokitan utzi eta toki horretako Erregistroan. Jaioa edo ezkongaietako bat ibilgailua utzi aurretik hiltzen bada, inskripzioa egingo da heriotza zein Erregistrotan inskribatu eta bertan; eta bi ezkongaiak hiltzen badira, lehenengo heriotza zein Erregistrotan inskribatu eta bertan.

70. artikulua.

Ontzia galtzen denean, Espainiako agintariek eginbideen izapidetzarik egin ez badute, inskripzioa egiteko eskumena erabakiko da ezbeharra zein lekutan gertatu den kontuan hartuta.

Aireko hondamendiaren kasuan, ontzia galtzearen erregelak aplikatuko dira.

II. ATALA

Inguruabar berezietan gertatutako jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak

71. artikulua.

Jaiotza, ezkontza edo heriotzari buruzko inskripzioa akta bidez egiten denerako, akta hori eskuetsiko du, igarotako denbora edozein izanda ere:

1. Egitateak itsas bidaian edo aireko bidaian zehar gertatu badira, gerraontziko kontulariak, edo, gainerako ontzietan, komandanteak, kapitainak edo patroiak.

2. Kanpainan gertatu badira, unitateko komandanteak edo arduradun diren ofizialetatik edozeinek.

3. Erregistro eskudunaren jardunbidea eragozten duten inguruabarretatik edozeinetan, haren arduradunak, Zuzendaritza Nagusiak izendatutako eskuorde bereziak, eta, horiek guztiak izan ezean, tokiko gobernu-agintaritzak.

4. Lazaretoan, kartzelan, kuartelean, umezurtzen etxean, ospitalean edo antzeko beste establezimendu publikoetan, egitatea ondasun higiezinetan gertatu nahiz anbulantzietan edo beste ibilgailu erantsietan gertatu, horien zuzendaritzaz edo burutzaz arduratzen den funtzionarioak edo horren agindu formala duen beste batek.

5. Erregistroko bulegora lekualdaketa egiteko egun bat baino gehiago behar den lekuetan, tokiko gobernu-agintaritzak.

6. Erregistroko bulegotik urrun dauden biztanle-guneetan eta Zuzendaritza Nagusiak zehaztutakoetan, Erregistro Zibileko eskuordeak, hori lehen auzialdiko epaileak izendatuta.

7. Kontsulatuetako ohorezko agente espainiarrak bakarrik dauden lekuetan, horiek, Espainiako naziotasuna izan ez arren.

72. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako agintari nahiz funtzionarioek Erregistroko arduradunaren eginbehar eta ahalmen berberak dituzte, jaiotza, seme-alabatasuna, heriotza edo abortua egiaztatzeko, eta, laugarren eta zazpigarren zenbakietako kasuetan izan ezik, ehorzketa baimentzeko; baimen hori emango dute hogeita lau ordu baino lehenago baimen arrunta lortzeko arazoa dagoenean bakarrik.

73. artikulua.

Adierazpena egitera behartutakoak, orobat, behartuta daude, akta eta inskripzioa eragitera.

Behin akta eginda, hori Nabigazio Egunkarira edo antzeko izaera duen beste liburu batera alderatuko da, akta eskuesten duenak arauz halako liburua egiten badu; halako libururik izan ezean, eskuesleak liburu berezi bat egingo du akta horientzat, Erregistroko bulegoaren Egunkariarentzat ezarritako arretekin.

Kasu guztietan, alderatze-idazkuna sinatuko du hori eskuesten duen pertsonak.

Akta, agiriekin batera, hala denean, biderik azkar eta ziurrenetik bidaliko zaio Erregistro eskudunari; horren arduradunak idazkuna egin dela komunikatuko dio bidaltzaileari, liburukia eta orrialdea edo emandako ebazpena aipatuta.

Erregistrora egindako bidalketa eta horrek egindako komunikazioa, zehaztasunekin batera, Nabigazio Egunkarian jasoko da eginbidearen bidez.

Behin egitatetik hogeita hamar egun igarota, inskripzioa, aktaren ondorioz, aurretiazko espedientearen bidez bakarrik egin ahal izango da.

Kanpainan, zenbait heriotza akta bakar batean ager daitezke.

74. artikulua.

Egitatea bidaian zehar gertatu eta bidaia hori lehenago bukatu behar delako, edo kasuan kasuko inguruabarrek luzamendua eragozten dutelako, jaiotza-akta egiten bada egitatea gertatu baino hogeita lau ordu arinago, jaioaren orduak eta kasuan-kasuan gertatzen diren presako inguruabarrak agerraraziko dira.

Aipatu epean bizirik irautea frogatuko da, inskripzioaren ondoreetarako eta jaioa identifikatzeko akta bananduaren ondorioz, Fiskaltzaren aurrean eta eginbidearen bidez jasota; akta hori Erregistro eskudunaren arduradunak edo egoitza non izan eta Erregistro horretako arduradunak egingo du, eta, aktarik izan ezean, gobernu-espedientearen bidez frogatuko da.

Heriotza gertatzen bada jaiotzatik hogeita lau ordu igaro baino lehenago, hori ere aktan jasoko da, eta akta hori, agiri osagarriekin batera, abortuen paper-sortan barneratuko da; jaiotza ez den beste inguruabar batzuetan gertatzen bada, adierazpenarekin eta parte egokiarekin egiaztatuko da, eta horiek, jaiotza-aktarekin batera, aipatu paper-sortara eramango dira.

75. artikulua.

Atzerriko agintari edo funtzionario eskudunek aktak egin badituzte 71. artikuluan aipatutako kasu berezietan, akta horiek ez dute baztertzen aurretiazko espedientearen beharra; aktok behar bestekoak badira atzerriko Erregistroan inskripzioa egiteko, horiek eta Erregistro honetako ziurtagiriak parekotzat joko dira.

III. ATALA

Inskripzioak lekualdatzea

76. artikulua.

Jaiotza-inskripzioaren lekualdaketa eska dezake jaioak edo beraren legezko ordezkariek; ezkontza-inskripzioaren kasuan, bi ezkongaiek adostasunez; eta heriotza-inskripzioari dagokionez, hildakoaren jaraunsleek.

Egoitza non izan eta bertako Erregistrora jaiotza- edo ezkontza-inskripzioa lekualdatu ondoren, hogeita bost urte igaro beharko dira egoitza berria non izan eta bertako Erregistrora geroko lekualdaketa bat onartzeko.

77. artikulua.

Inskripzioa lekualdatzen da bide ofizialetik bidalitako hitzez-hitzezko ziurtagiriaren bitartez, artxibatutako agiriak banandu gabe; inskripzio berriaren liburukia eta orrialdea aipatuko dira inskribatutako egitatearen data zein izan eta data horretan irekitako liburukiaren aurkibidean, eta ezerezte-idazkunean, datu horiez gain, inskripzioa zein Erregistrotan egin eta Erregistro horretakoa jasoko da, lekualdaketa egin dela komunikatuta.

Inskripzio berrian zaharra aipatuko da.

78. artikulua.

Kontsulatuetako erregistroetan edo Erregistro Zentralean egindako inskripzioak horietako edozeinetatik lekualda daitezke egoitza non izan eta bertako Erregistrora.

Erregistro hori, udalekoa izanez gero, bertan egingo dira geroagoko orri-bazterreko idazkunak bakarrik.

IV. ATALA

Bateraezintasunak

79. artikulua.

Erregistroko funtzionarioek halako izaerarekin jardun dezakete, epaile edo fedemaile gisa esku hartu duten egitateei dagokienez. Hala ere, ezin izango dute bestelako gai eta jardunetan eskurik hartu, baldin eta gai horietan abokatu gisa jardun badute funtzionarioek eurek edo haiekin bateraezinak diren ahaideek, edo jardunaren arrazoiak izan badira batzuek edo besteek egindako arau-hausteak.

IV. TITULUA

IDAZKUNAK OROKORREAN ETA HORIEK EGITEKO MODUA

I. KAPITULUA

Inskripzioa egiteko tituluak

I. ATALA

Titulu-motak eta horien betekizunak

80. artikulua.

Inskripzioa egingo da horrek egitateen fede eman eta egitate horietatik edozein legez egiaztatzen bada, kasuan kasuko motaren arabera, eta, nahitaezko datu guztiak agertu ezin badira ere, inskripzioa osatzeko eginbideei kalterik egin gabe.

81. artikulua.

Agiri kautoa, jatorrizkoa nahiz lekukotza, judiziala, administratiboa nahiz notario bidezkoa, egitatearen fede eman eta egitate hori inskribatzeko titulua da.

Atzerriko agiri kautoa ere halakoxea da, eta Espainian indarra du, legeen edo nazioarteko itunen arabera.

82. artikulua.

Epai eta ebazpen irmoak behar besteko tituluak dira horiek eratu edo adierazten duten egitatea inskribatzeko; inskribatuta dauden egitateekin bat ez badatoz, zuzenketa egokia egin beharko da, haiek inskribatzeko modukoak izan daitezen.

83. artikulua.

Ezin izango da inskripziorik egin atzerriko epai edo ebazpenaren ondorioz, horrek Espainian indarrik ez badu; indarra izateko «exequatur»a behar bada, aurretiaz hori lortu beharko da.

Epai eta ebazpen kanonikoak inskribatzeko, nahitaezkoa da horien betearazpena, ondore zibiletarako, epaile edo auzitegi egokiak dekretatzea.

84. artikulua.

Ez da beharrezkoa Espainian zuzeneko indarra izatea, ordena publikoak hori eragozten duenean izan ezik:

1. Atzerriko epai eta ebazpenek, inskribatzeko moduko egintzarako gaitasuna osatu edo erabakitzen dutenean.

2. Atzerriko agintaritzaren baimen, onespen edo egiaztapenek, egintzaren formak edo betekizunak ezartzen dituztenean egintza zein herrialdetan eman eta herrialde horretan.

85. artikulua.

Inskripzioak espedienterik gabe eta atzerriko Erregistroak emandako ziurtagiriaren bidez egiteko, beharrezkoa da ziurtagiri hori erregular eta kautoa izatea; modu horretan, ziurtatzen den idazkunak, horrek fede emandako egitateei dagokienez, bermeak izango ditu, Espainiako legearen bidez egindako inskripzioak behar dituenen antzekoak.

Legezko bideak erabiliz osatuko dira atzerriko ziurtagiri edo partetik lortu ezin diren datuak eta inguruabarrak, horiek jasota ez daudenean, kautotasunik ez dutenean, edo, beste edozein arrazoi dela eta, horien egiatasunari buruz zalantzak daudenean.

Atzerriko erregistroan inskripziorik ez egiteak ez du eragozten Espainiakoan hori egitea behar besteko tituluaren bitartez.

II. ATALA

Agirien betekizun osagarriak

86. artikulua.

Gaztelaniaz edo autonomia-erkidegoetako gainerako hizkuntza ofizialetan idatzi ez diren agiriekin edo antzinako letraz edo nekez ulertzen denaz idatzitakoekin batera aurkeztuko da behar besteko itzulpena edo kopia, notario, kontsul, itzultzaile edo beste organo nahiz funtzionario eskudunek egindakoa.

Itzulpena ez da beharrezkoa izango, arduradunak horren edukiaren berri izanez gero.

87. artikulua.

Espainiako agintari edo funtzionario eskudunak egindako agiri kautoek ez dute legeztatzerik behar, Espainiako erregistro zibiletan ondoreak sortzeko.

88. artikulua.

Nazioarteko itunetan xedatutakoa salbu, legeztatu behar dira atzerriko funtzionarioak egindako agiriak eta kanpainan edo itsas bidaian nahiz aireko bidaian egindakoak.

89. artikulua.

Legeztatzea aginduzkoa izanda ere, ez da nahitaezkoa izango arduradunak kautotasunaren berri badu zuzenean, edo agiria heldu zaiolako bide ofizialetik, edo behar besteko eginbidearen ondorioz.

Ez da nahitaezkoa izango geroko legeztatzerik, aurrekoaren kautotasuna agertzen bada.

Arduradunak agiriaren kautotasunari buruz zalantza arrazoituak baditu, egiaztapen egokiak egingo ditu, bere jardunerako ezarrita dagoen epea edo denbora luzatu gabe.

90. artikulua.

Erregistroaren ondoreetarako eta atzerriko agirien kasuan, legeztatzea egingo du, agiriok zein tokitan egin eta toki horretan Espainiak duen kontsulak edo Espainian herri horrek duen kontsulak.

Kanpainan edo itsas bidaian nahiz aireko bidaian egindako agiriak izanez gero, legeztatzea egingo du, ondore horietarako, kasuan kasuko Ministerioko idazkariordeak, Defentsako Esku-Hartzeen Kidego Militarrak duen eskumenari kalterik egin gabe.

91. artikulua.

Egitatea edo agiria atzerriko zuzenbideari egokitzeko, arduradunarentzat zuzenbide hori ezezaguna bada, egokitze hori egiaztatuko da, Espainian dagoen kontsulak, herri hartan Espainiak duen kontsulak edo zuzenbide hori dakien notario espainiarrak egindako lekukotzaren bidez.

II. KAPITULUA

Inskripzioa sustatzen duten subjektuak eta hori lortzeko laguntza

92. artikulua.

Inskripzioa sustatu ahal du behar besteko titulua aurkezten duenak.

Hori sustatzeko betebeharra haren datu eta inguruabar guztiei buruzkoa da.

93. artikulua.

Inskripzioa luzamendurik gabe sustatzera behartuta daude, bereziki, legez behartuta daudenen legezko ordezkariak, haiek ezgaiak direnean.

94. artikulua.

Arduradunak ofizioz:

1. Inskripzioa egin beharko du behar besteko tituluak bere esku dituenean.

Beste organo bati itzuli edo bidali behar badizkio, horrekin zerikusia duen lekukotza doan eman eta paper-sortan artxibatuko du.

2. Fiskaltzari komunikatu beharko dizkio inskribatu gabeko egitate nahiz datuei edo Erregistroaren okerrei buruzko salaketak eta idazkunak egiteko erabakigarri izan diren tituluen askieza; horiek guztiak bidaliko ditu, eta, itzuli behar direnean, behar besteko lekukotza emango du.

3. Interesdunei argibideak eman beharko dizkie, eta horien jarduna eragin eta galdatu beharko du, bidezkoa denean.

95. artikulua.

Agintariek, funtzionarioek eta partikularrek beharrezko laguntza emango dute, Erregistroa eta errealitatea bat etor daitezen.

Ondore horretarako, agintariek eta funtzionarioek Fiskaltzari komunikatuko dizkiote inskribatu gabeko egitateak, kasuan kasuko inguruabar guztiekin batera, titulu gisa balio dezaketen agiriak bidalita. Erregistro Zentralak lehentasuna izango du kontsulatuko Erregistroari begira, biak eskudunak izanez gero.

Bikoiztuetan, autoetan, espedienteetan edo matrizeetan, komunikazio hori jasoko da, eta, behin idazkuna eginda, arduradunak bidali beharrekoa ere jasoko da, horren liburukia eta orrialdea edo emandako ebazpena aipatuta.

96. artikulua.

Erregistroko organoek laguntza emango diete atzerriko erregistroei, elkarrekikotasun- araubidepean.

97. artikulua.

Kontsulek inskripzioaren parteak eskatuko dituzte, inskripzio horiek espainiarrengan eragina izan eta herri horretako Erregistroan egin direnean.

III. KAPITULUA

Erregistroko liburuak eta horien artxiboa

I. ATALA

Xedapen orokorrak

98. artikulua.

Erregistro bakoitzean egingo dira:

1. Erregistro horretako atalei dagozkien liburuak: Liburu Egunkaria, kontsulatuetako erregistroetan Erregistroko Liburu Nagusiak ordeztu ahal duena, eta Langileria eta Bulego Liburua.

2. Paper-sorten hurrenkera bat, atalez atal; beste bat, bereizgabea, inskripzioei, aipamenei, ezerezteei eta orri-bazterreko idatzoharrei buruzkoa, orri-bazterreko oharrei buruzkoa, Langileria eta Bulegoari buruzkoa, espedienteei buruzkoa, bestelako agiriei buruzkoa eta abortuei buruzkoa.

3. Eta, gainera, atal bakoitzari buruzko fitxategi bat; beste bat bizi-agiri edo egoera-agiriei buruzkoa; eta koaderno lagungarriak nahiz fitxategiak, arduradunak horiei egoki baderitze, edo Zuzendaritza Nagusiak horiek agintzen baditu.

99. artikulua.

Erregistro Zentraleko inskripzio-liburuak izango dira:

1. Atalez atal osatutako liburuak, kontsulatuetako inskripzioen bikoiztuekin.

2. Gainerako inskripzioetarako liburu arruntak, Erregistro Zentrala inskripzio horiek egiteko eskuduna den heinean.

3. Isilpeko Ezkontzei buruzko Liburu Berezia.

100. artikulua.

Liburu, gai eta agiriak segurtasun-baldintzetan gordeko dira, arduradunaren zainpean; arduradun horrek nagusiari kontu-arrazoiak emango dizkio arrisku bereziei buruz, hala nola, sute, uholde eta bere baliabideen bidez saihestu ezin dituen beste arriskuetatik edozeini buruz.

Probintziako Artxibora bidali gabeko paper-sortak zainduko dira, ahal izanez gero, inskripzio-liburuena ez den gela batean.

101. artikulua.

Eginbide judizialek liburuen zuzeneko azterketa egitea dakartenean, Erregistroko bulegoan egingo dira.

Manamendu judizialaren bidez, gainerako agiriak aldi baterako banandu eta jaso-agiriarekin emango dira.

102. artikulua.

Udal erregistroek urtero bidaliko dizkiote Probintziako Artxiboari, horretarako finkatutako hilabetean, eta horren arduradunaren bidez:

1. Inskripzioei dagozkien paper-sortak, behin horietatik bost urte igarota.

2. Inskripzio-liburuak, inskripzio nagusitik berrogei eta hamar urte igaro badira heriotzen liburuan, eta ehun eta hogeita bost urte, gainerako liburuetan.

Baldintza berberetan Erregistro Zentralak Madrilgo Artxiboari bidaliko dizkio liburu arruntetan egindako inskripzioen paper-sortak, liburu arruntak eurak eta inskripzio bikoiztuen liburuak.

Artxiboko arduradunak zerbitzuaren betetzea zainduko du.

103. artikulua.

Udal Erregistroko arduraduna, Zuzendaritza Nagusiak izendatua, Probintziako Artxiboko arduraduna izango da aldi berean, idazkunen eta ziurtagirien ondoreetarako ere bai.

Artxiboa jarriko da Erregistro Zibilarenaz besteko eraikin batean. Artxibo hori antolatuko da barruti judizialen, eskualdeen, udalerrien, erregistroen edota liburu nahiz paper-sorta moten arabera; eta, azkenik, mota bakoitzaren barruan, kronologia-hurrenkeraren arabera.

104. artikulua.

Inskripzio-liburuak, eta Langileria eta Bulego Liburua beti gordeko dira.

Edukiari publizitatea ematea eragozten duten bideetatik saldu eta baliogabetuko dira: berrogei eta hamar urte baino gehiagoko paper-sortak eta liburu-egunkariak; ehun urte baino gehiagoko heriotzei eta bizi-agiri nahiz egoera-agiriei buruzko fitxak; ehun eta berrogei eta hamar baino gehiagoko ezkontzen fitxak; eta berrehun urte baino gehiagokoak.

II. ATALA

Liburuak bereziki

105. artikulua.

Liburuak orri finkoz edo orri mugikorrez osatuko dira, guztiak ere foliatuta eta zigilua jarrita, eta orriotan adieraziko da Erregistroaren atala eta liburukia.

Goiburuan irekiera-eginbidea jarriko zaie, eta eginbide horretan adieraziko dira Erregistroa, atala edo liburu-mota, bere atalaren edo motaren arabera dagokion zenbaki korrelatiboa eta idazkunetara zuzendutako orrialdeei dagokiena.

Erregistroko azken folio erabilgarrian inskripzio nagusia egin eta gero, itxiera-eginbidea jarriko da, eta horrek adieraziko du folioa ixteko arrazoia, inskripzio nagusien kopuru osoa eta baliogabetutako orrialdeen kopuru osoa.

Arduradunak eta, hala denean, idazkariak baimenduko ditu irekiera- eta itxiera-eginbideak.

Zuzentze- edo berreratze-arrazoia dela medio, eta beti atal bananduetan, liburu berezia irekitzen bada, izaera berezi hori irekiera- eta itxiera-eginbideetan jasoko da.

Justizia Ministerioak ezarri ahal izango du liburuak eratzea adierazpenen osteko koadernatzearen bidez, baldin eta adierazpen horiek inprimaki ofizialetan eginda badaude eta Erregistroko folioa irekitzen badute. Kasu horretan, adierazpenak, zenbatuta eta zigilua jarrita, kronologia-hurrenkeraren arabera iraunaraziko dira, eta liburukiak hirurehun folio dituenean koadernatuko dira; liburura barneratuko dira, halaber, irekiera- eta itxiera-eginbide egokiak, bai eta aurkibideak ere.

Era berean, Justizia Ministerioak erabaki ahal izango du, liburuen gordetzeari kalterik egin gabe, Erregistroak informatizatzea eta ziurtagiriak ordenagailuaren bidez egitea.

106. artikulua.

Argitaraldi ofizialeko libururik ez badago eskura, arduradunak, berak izan dezakeen erantzukizunari kalterik egin gabe, beste batzuk gaituko ditu, haiek bezala eratutakoak edo ezarrita dauden ereduen araberakoak.

Arduradunak zenbatuko ditu idazkunetara zuzendutako orrialdeak, orri bakoitzean bere bulegoko zigilua jarriko du, eta horien goiko aldean izenpetu beharko ditu. Irekiera-eginbidean gorabehera horiek aipatuko dira.

107. artikulua.

Inskripzio-liburuek Erregistroko folioen aurkibidea izango dute, inskribatutakoen abizenen arabera antolatuta, eta ezkontzei buruzko liburuak bi ezkontideen abizenen arabera; aurkibide horretan adieraziko da, berebat, izen berezia eta orrialdea.

Laugarren atalaren aurkibidea egiteko, kontuan hartuko dira tutoretzapekoak eurak edo ordezkaritza gertatu aurretik horren menpe jarritako ondareen titularrak.

Liburuki batean egindako inskripzio nagusiak, liburu hori ez bada eurentzat agindutako denborari dagokiona, azken hauen aurkibidean ere islatu beharko dira, liburukia eta orrialdea aipatuta.

Letra bati lotutako orrialdeak amaitzean, azken lerroan aipatuko da aurkibideak zein tokitan jarraitzen duen; orokorrean, aipamenak egingo dira bilaketa errazteko eta okerrak saihesteko, eta eransketak eta lerroartekoak baimenduta daude.

III. ATALA

Liburu lagungarriak

108. artikulua.

Liburu Egunkarian jasoko dira:

1. Agiri ororen sarrera-data, agiri horren jatorria zein den eta zein paper-sortatan artxibatu den aipatuta. Salbuespen gisa hartzen dira garaiz egindako jaiotza-, ezkontza- eta heriotza-inskripzioen aurrekariak, eta, aurkezleak aurkakoa eskatu ez badu, bizi-agiriak edo egoera-agiriak ematearekin zerikusia duten aurrekariak, horiek eskura emanak.

2. Adierazpenak, horiek ez badute berehalakoan eragiten zein inskripziotara zuzenduta egon eta berori, nahiz eta haien ondorioz akta egin: edukia eta adierazlea aipatuko dira, eta horrek idazkuna sinatuko du, Erregistroan geratu den akta edo agirian hala egin ez badu.

3. Inskripzioen eta orri-bazterreko idatzoharren data, liburukia eta orrialdea, inskribatutakoaren izen-abizenak adierazita.

4. Agirietatik edozeinen irteera, gaia aipatuta; ez, ordea, ziurtagiriak eskura emanak.

109. artikulua.

Liburu Egunkarian gai bakoitzarentzat idazkun bat egingo da, hurrenkera korrelatiboan dagokion zenbakiarekin, eta horretan adieraziko dira, tarte argirik gabe, berarekin zerikusia duten sarrerak eta irteerak.

Ondore horretarako, idazkun bakoitzarentzat beharrezkoa den tartea erabiliko da, eta tarte hori agortzean, beste osagarri bat irekiko da elkarrekiko erreferentziak eginez.

Idazkunek ez dute behar sinadurarik, ezta zigilurik ere.

Eransketak, argibideak, lerroartekoak, urradurak, orbanak edo zuzenketak ontzat hartuko dira, lehenengo lerro erabilgarrian eta idazkunaren edo osagarriaren barruan, parentesiak erabilita eta elkarri erreferentziak eginda.

Liburuak aurkibide alfabetikoa izango du.

110. artikulua.

Tituluen inguruko jaso-agirian, edo hortik bereiz, aurkezte-idazkuna doan ziurtatzea eskatu ahal izango da.

Sarrera eta irteerako zigilua jarriko da, data egokiarekin, Liburu Egunkarian zein agirik idazkuna sortu eta agiri horietan; ez zaio irteerarik emango inongo ebazpen edo komunikaziori, horren minutetan eta kopia guztietan zigilua jarri ez bada.

111. artikulua.

Langileria eta Bulego Liburuak ondoko zatiak izango ditu: lehenengoa, Inbentarioa; bigarrena, Langileria; hirugarrena, Ikuskapenak; eta, laugarrena, Lurralde-eremua eta horren aldarazpenak.

112. artikulua.

Inbentarioak zehaztuko ditu liburuak, paper-sortak, zigilu ofiziala eta artxibatuta dauden gainerako gaiak.

Sarrera eta irteeren berehalako eginbidea jarriko da, jatorria edo helmuga aipatuta; irteeren kasuan, jaso-agiria eskatuko da.

Suntsipen-kasuan, horren norainokoari buruzko eginbidea jarriko da liburu bakoitzean, eta, garaia denean, lekualdatzearen edo berreratzearen ondoriozko ezerezte-eginbidea.

Karguaz jabetzeko, ordezteko edo berriro itzultzeko eginbideetan, sartzen denak inbentarioarekin ados dagoela adieraziko du edo atzemandako hutsegiteak aipatuko ditu. Eginbide berean edo eginbide osagarri batean, ordeztuak azalduko ditu, horrek ere sinatuz, atzemandako hutsegiteak.

113. artikulua.

Langileriaren zatian, folio bananduak erabiliko dira plantilaren kargu bakoitzarentzat, eta, bertan, eginbidearen bidez jasoko dira:

1. Karguaz jabetzeko data, funtzionarioak edo enplegatuak sinatuta eta izenpetuta.

2. Arduradunaren eta idazkariaren folioetan, kasuan kasuko ordezpen-taula eta gertatutako ordezpenak, baita bateraezintasunaren ondoriozkoak ere, horien arrazoia eta iraupena adierazita.

3. Kargua uzteko data.

4. Ebazpenak, horiek adierazten badute jarduna burutu duela horretarako arduradun legitimoa ez denak.

Epaile arduradunaren aldaketak bakarrik islatuko dira haren zuzeneko ardurapean dagoen erregistro-liburuan.

114. artikulua.

Ikuskatze-eginbideak adieraziko ditu haren izaera, ordua eta data, ikuskatzailea eta aktaren bikoizturaren ematea.

Antzeko inguruabarrak izango ditu bake epaileak zein erregistrotan jardun eta erregistro horretara arduradunak burututako bisitaren eginbideak.

115. artikulua.

«Lurralde-eremua» izeneko zatian, eginbidearen bidez jasoko da:

1. Erregistroaren lurralde-eremua, eta epaile arduradunaren egoitzari dagokiona, horren ardurapean dauden mugapeekin.

2. Eransketak edo bereizketak.

3. Lurraldearen jatorria, sorrera edo aldarazpenaren aurreko mugapearen arabera, eta bereizitakoaren erabilera.

Ukitutako erregistroak aipatuko dira, eta bereziki zehaztuko dira artxiboa gordetzen dutenak, aldarazpenak indarrean jartzeko data eta aldarazpenok agintzen dituzten xedapenak.

4. Erregistroak zenbat denboraz ez duen jardun, salbuespeneko inguruabarrak gertatzeagatik.

IV. ATALA

Paper-sortak eta fitxategiak

116. artikulua.

Paper-sortak hurrenkera kronologikoaren arabera eratuko dira, agiri bakoitzari zenbaki korrelatibo bat emanez, folioen zenbakia edozein izanda ere.

Idazkunekin zerikusia duten paper-sortetan, aurrekari guztiak barneratuko dira, idazkariak edo arduradunak, agiri bakoitzean, liburukiaren eta orrialdearen aipamen izenpetua egin eta gero; espedientea Erregistroan artxibatuta egon arren, ebazpenaren lekukotza, idazkuna sorrarazten duena, kasuan kasuko paper-sortan barneratuko da.

«Bestelako agiriak» izeneko paper-sorta berezira eramango dira naziotasun- aktak, auzotasun-aktak edo Erregistro berean idazkunik sortzen ez duten bestelako aktak eta salbuetsi gabeko beste edozein agiri.

Espedienteei, bestelako agiriei eta abortuei buruzko paper-sortek artxibatuta daudenen aurkibidea izango dute.

Agiri publiko baten banantzea lortu ahal izango du horren aurkezleak, behin kasuan kasuko jarduna amaituta; paper-sortan geratuko dira jaso-agiria eta behar besteko lekukotza, ofizioz emandakoa.

117. artikulua.

Fitxategiak hurrenkera alfabetikoan antolatuko dira inskribatutakoek dituzten abizenen arabera, eta ezkontzei buruzko fitxategia, bi ezkontideen abizenen arabera; fitxa bakoitzak aipamenak izango ditu, aurkibide alfabetikoari, egitatearen datari eta liburukiari buruz.

Erregistro Zentraleko bikoiztuen fitxek, gainera, kontsulatua aipatuko dute.

V. ATALA

Erregistro Zentraleko liburu bereziak

118. artikulua.

Kontsulatuetako erregistroek eta Erregistro Zentralak, hilabete bakoitzaren lehenengo hamar egunetan, elkarri bidaliko dizkiote aurreko hilabeteko bikoiztuak eta denbora horretan egindako orri-bazterreko idazkunen hitzez-hitzezko parteak, horiek jaso dituztela adierazita.

Idazkunen akatsak edozein izanda ere, bikoiztuak barneratuko dira eta orri-bazterrekoak alderatuko, baldin eta zalantza oinarridunik ez badago horien eta Erregistro bidaltzaileko idazkunen arteko bat-etortzearen inguruan.

Bikoiztuak argazki bidez edo antzeko prozeduraren bidez egin ahal izango dira; bidaltzaileak zaindu beharko du inprimaketa ezabaezina izatea eta argi irakurtzeko moduko letraz egitea, bai eta inprimaketa horren neurria inskripzio-liburuetako folioen neurriarekin bat etortzea ere. Edozein kasutan ere, inskripzioetan nahitaezko diren sinadurak jatorrizkoak izan beharko dira bikoiztuetan, eta, bikoiztu horiek folio bat baino gehiago betez gero, arduradunak bere sinadura jarriko du horietako bakoitzean.

119. artikulua.

Bikoiztuak eginbidearen bidez barneratuko dira haiei dagokien atalera, zenbaki korrelatibo bat jarrita.

Behin orri-kopuru egokia batu eta orrialdeak zenbatuta, horien orri osagarriekin eta aurkibideekin batera koadernatuko dira.

Liburuki bakoitzak irekiera-eginbidea izango du, orrialdeen kopurua adierazi gabe, eta itxiera-eginbidea ere, hori adierazita, eta bi-biok arduradunak eskuetsiko ditu; itxiera-eginbidearen aurretik, orri osagarriak euren goiko aldeko erdialdean zigilatu eta izenpetuko ditu arduradunak, orrialdeak ere zenbatuz, eta modu horretan jasoko da eginbidean.

120. artikulua.

Inskripzioaren bikoiztuak elkarren deuseztagarri dira kontraesaneko edukietan.

121. artikulua.

Isilpeko Ezkontzei buruzko Liburu Berezia liburu arrunta bezala eratu eta beharrezko isil-gordearekin egingo da; liburu horrek bi paper-sorta mota izango ditu: inskripzioen aurrekariei buruzkoa, arreta berberekin egingo dena; eta argitalpenekin zerikusia duten aurrekariei buruzkoa.

IV. KAPITULUA

Kalifikazioa

122. artikulua.

Erregistroko arduradunak ezin du kontsultarik egin kalifikaziopeko arazoei buruz.

Bake epaileek eten egingo dute, behar- beharrezko denboran, idazkunaren egitea edo ukatzea, baldin eta arduradunari kontsulta egitea nahitaezkoa edo egokia bada.

Kontsulta egin ondoren, ezarritako epeak etenda geratzen dira.

123. artikulua.

Ez da bidezkoa aurreko inskripzio batekin bateraezina den inskripzioa, lehenago eragozpena kentzen ez bada.

124. artikulua.

Erabaki ukatzailea edo etengarria hartzean, modu antolatuan eta zehatz-mehatz aipatuko dira akats guztiak, eta horiek ongitzeko moduak, ahal izanez gero, gainera, aplikatzeko moduko xedapenen aipamen zehatza egingo da.

Behin inskripzioa ukatu edo etenda, adierazpenaren bidez hori sustatu duenak eskubidea du, horren eta hartutako erabakiaren akta lortzeko.

Ukatzea edo etetea idazkuna sustatu dutenei jakinaraziko zaie, eta, hala denean, Fiskaltzari ere.

Hori ulertzen da, agiria zein agintarik edo funtzionariok egin eta horrek jaso beharreko komunikazioari kalterik egin gabe; agintariak edo funtzionarioak, era berean, ukatze- edo etete-kasuan, prozeduraren edo egintzaren alderdiei edota agiriaren sustatzaileei egingo die jakinarazpena, hura jaso eta hurrengo hamar egun baliodunetan.

125. artikulua.

Interesdunen eskubideei kalterik egin gabe, errekurtsoa jartzeko nortasuna du titulua eskuetsi duen notarioak, eta, edozein kasutan ere, Fiskaltzak.

126. artikulua.

Inskripzioa egin arren, errekurtsoa jar daiteke, inskripzio horren gorabeherak tituluekin bat ez badatoz.

Folio berean, eta, zehatzago, orri-bazterrean, errekurtsoa inskribatuko da, horren norainokoa adierazita eta egindako inskripzioa behin betiko ebazpenaren menpe dagoela ohartarazita; ebazpen hori inskribatuko da, inskripzioaren baieztatzea nahiz ezereztea, edo, aldatutako gorabeherak agerrarazita.

127. artikulua.

Errekurtsoa jartzeko epea inskripziotik zenbatzen da, eta, hori egin ez bada, jakinarazpenetik.

Errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera, kalifikatutako agiriak aurkeztuko dira, eta, hala denean, adierazpenaren eta emandako erabakiaren akta.

128. artikulua.

Inskripzioa gobernu-errekurtsoan erabaki arren, beraren aurretik adieraz daitezke hura eragozten duten akatsak, aurreko kalifikazioetan atzeman ez direnak; horri kalterik egin gabe, arduradunak erantzukizuna izan dezake, zabarkeria barkaezinaren ondorioz horiek atzeman ez baditu.

129. artikulua.

Gobernu-errekurtsoa jartzeko epean prozedura judiziala hasi bada, horrek ez ditu eragozten inskripzioa eta gobernu- errekurtsoak.

Behin idazkuna egin eta gero, prozedura hura orri-bazterrean inskribatuko da, beraren norainokoa aipatuta eta inskripzioa epaiaren menpe dagoela ohartarazita; epai hori inskribatuko da inskripzioaren baieztatzea nahiz ezereztea, edo aldatutako gorabeherak agerrarazita.

Erregistroko organoek idazkuna ukatuz gero, etenda geratzen dira, garaiz hasitako prozeduraren ondorioz, epaian agindutako idazkuna egiteko epeak.

V. KAPITULUA

Idazkunak egitea

130. artikulua.

Jaiotza-, ezkontza- eta heriotza-inskripzioak, eta tutoretza edo legezko ordezkaritza bakoitzaren lehenengo inskripzioa, guztiak ere, nagusiak dira; gainerakoak, orri-bazterrekoak.

131. artikulua.

Inskripzio nagusiak edo Erregistroko folioa irekitzen dutenak elkarren segidan egingo dira, horietarako utzitako tarteetan. Erregistroko foliotzat hartuko da inskripzio nagusi baterako eta horren orri-bazterreko idazkunetarako erabili den liburuaren zatia, orrialde- kopurua edozein izanda ere.

Inskripzio nagusia tarte egokian sartzen ez bada, inskripzio horrek orri-bazterreko idazkunetarako erabiltzen den zatian jarraituko du, aipamen egokiak eginez; jarraipenean idatzitako azken lerroaren hurrengoa eta idatzi gabe geratu den lerro horren zatia tintazko marra batekin estaliko dira; inskripzio nagusia sinatu behar dutenek, orobat, jarraipena sinatuko dute.

132. artikulua.

Orri-bazterreko idazkunak kasuan kasuko tartearen buruan hasiko dira, eta, bitarteko hutsunerik utzi gabe, hurrenkera kronologikoaren arabera jasoko dira; idazkunok liburukiaren orrialde osagarrietan jarraituko dute, karaktere nabariekin, horiek zein orrialde eta zutabetan jarraitzen duten adierazi eta gero, horretan aldi berean Erregistroko folioari erreferentzia eginez.

133. artikulua.

Bidegabe zuriz dauden orrialdeak hutsegitea ikustean baliogabetuko dira, tintazko bi marrarekin gurutze bat eginda eta oharraren bitartez horren arrazoia adierazita.

Modu berean baliogabetuko dira orri-bazterreko idazkunen artean zuriz dauden tarteak.

Osorik idatzi gabe dauden lerroak edo lerro-zatiak tintazko marra batekin baliogabetuko dira.

134. artikulua.

Idazkuna geldiaraziko da arduradunak okerra ikusten badu idazkuna zein liburu edo foliotan egin eta horretan.

Idazkuna edozein arrazoiren ondorioz geldiarazi eta gero, tintazko marra batekin estaliko da idazteke dagoen lerroa edo lerro-zatia, bai eta osorik edo zati batez idatzitako azken lerroaren hurrengoa ere.

Idazkun berria egitea ezinezkoa bada edo aurretiaz espedientea egin behar bada, geldiarazitako idazkuna ezereztuko da, bidezko idazkuna egitean elkarri erreferentziak eginez.

135. artikulua.

Idazkunak letra argiz eta tinta ezabaezinaz idatziko dira; orri-bazterreko idazkunetan karaktere txiki-txikiak erabili eta behar-beharrezko adierazpenak bakarrik egingo dira.

Kopuruak zifretan jasoko dira, egitatearen eta inskripzioaren ordua eta data adierazten dituztenak izan ezik.

Idazkunetan noble-tituluak edo duintasunak adieraziko dira, horien legezko edukitza egintzan bertan agertu edo behar bezala egiaztatzen bada.

136. artikulua.

Inskripzio nahiz idatzohar nagusiak egiten badira argitaraldi ofizialekoak ez diren liburuetan, horiek modu korrelatiboan zenbatuko dira, eta beti jasoko dituzte inskribatutakoaren nortasun-aipamenak.

Orri-bazterreko idazkunak beti letraz adieraziko dira, hurrenkera alfabetikoaren arabera, eta horietan subjektua bere izen-abizenekin izendatuko da.

137. artikulua.

Nortasun-aipamenek honako erregela hauek beteko dituzte:

1. Izen-abizenekin batera jasoko dira erabili ohi direnak, batzuk eta besteak desberdinak izanez gero.

2. Emakume ezkondua beraren abizenekin izendatuko da, emakume horrek senarraren abizena erabili arren.

Emakume atzerritarrak, bere lege pertsonalaren arabera, senarraren abizena izanez gero, horrekin izendatuko da, baina, gainera, jaiotza-abizena aipatuko da.

3. Adina aipatuko da, inskripzioan jaiotza-data agertzen ez bada; adina zenbatzeko, urtebeteak izango dira kontuan.

4. Jatorriak erreferentzia egingo dio jaioterriari, eta, hori barrutiko burua ez bada, probintziari, eta atzerriko herrialdea izanez gero, nazioari.

5. Egoitza jatorria bezala zehaztuko da, herriko kalea eta zenbakia edo entitatea aipatuta, udalerriaren hiriburua ez denean.

Inskripzioa adierazpenaren bidez egiten bada, arduradunak ahaleginak egingo ditu, datuak bere Erregistroko datuekin egiaztatzeko, edota jaiotza-ziurtagiria, Familia Liburua edo beste edozein agiri ofizial erakustearen bidez.

138. artikulua.

Orduak adierazteko, eguna zerotik hogeita laugarren ordura zenbatzen da.

Egitateak zein tokitan jazo eta toki hori aipatuko da, jaiotza-, ezkontza- eta heriotza-inskripzioetan, egoitza adierazteko nahitaezko datuekin, eta, hala denean, establezimenduaren izaera edo tenpluaren izena gehituko zaio; ez dira adieraziko inguruabarrak, horiek laidogarri diren neurrian. Gainerako inskripzioetan, lekua adierazteko, nahikoa da horren erreferentzia agertzea titulua baimendu duen funtzionarioaren aipamenean edo beste aipamen generiko batean.

139. artikulua.

Idazkuna adierazpenaren bidez egin bada, adierazpen hori aipatzeko, zehaztuko dira adierazlearen izena, abizenak, egoitza eta izaera.

Lekukoek sinatutako idazkunak jasoko ditu, haien izena, abizenak, egoitza eta beren esku-hartzearen izaera.

140. artikulua.

Idazkunean agerrarazi beharreko agiri kautoaren data eta funtzionario eskueslea jatorrizko agiriarenak edo matrizearenak dira.

Funtzionario eskueslea izendatzeko, beraren izen-abizenak, izaera, eta kargua zein tokitan bete eta toki hori aipatuko dira.

Agintariak izendatzeko, beraien izaera bakarrik aipatzen da, eta nazio-esparrukoak ez badira, lekua.

Testamentuaren bidez egindako inskripzioak, hala denean, horren dataz gain, protokoloan jasotzeko data eta notario eskueslea adieraziko ditu.

141. artikulua.

Inskripzioa zein funtzionariok baimendu eta hori izendatzeko, beraren izena, abizenak eta izaera aipatzen dira.

142. artikulua.

Idazkunetan eta ziurtagirietan ez da erabiliko eransketa, argibide, lerroarteko, urradura, orban edo zuzenketarik.

Hala ere, marra bat jarriko da okerreko hitzen gain edo beharrezkoak ez diren hitzen gain, haien irakurketa eragotzi gabe.

Orban horiek eta ez-egiteak, data eta sinaduraren aurretik, idazkuna edo ziurtagiria egin duenak ontzat hartuko ditu bukaeran; kasu horretan, tintazko marra batekin estaliko da dataren sailkategia, eta data hori eskuz jarriko da; orbanen edota ez-egiteen ondoren, parentesi artean zenbaki korrelatiboak jarriz, ohar egokiak egingo dira, orban edo ez-egite horiek zein tokitan ontzat hartu eta toki horretara jotzeko.

Sailkategiak beharrezkoak ez direnean, tintazko marra batekin estaliko dira, baina ez da beharrezkoa horiek ontzat hartzea.

143. artikulua.

Idazkunik ez da itxiko, hori sinatu behar duenak edukiaren berririk izan gabe; horrek irakurri ezin badu, arduradunak irakurriko du.

144. artikulua.

Erregistroko liburuen idazkunetan eta eginbideetan ez da jarriko bulegoko zigilua.

VI. KAPITULUA

Idatzoharrak

145. artikulua.

Idatzoharrean, zein egitateri buruzko informazioa eman eta egitate hori jasoko da, eta, nabariro, idazkunean nahiz ziurtagirian adieraziko da haren izaera, bai eta informazio-balio soila duela eta inola ere ez duela ematen inskripzioak ematen duen froga.

146. artikulua.

Behin egitatearen idatzoharra eginda, horren inskripzioa orri-bazterrean egin ahal izango da, idatzoharraren edukiari erreferentzia soila eginda.

Egitatea inskribatu eta gero, horren idatzoharra ezereztuko da inskripzioari erreferentzia eginda.

147. artikulua.

Idatzoharrak zuzendu eta ezereztu egin daitezke gobernu-espedientearen bidez, espediente horretan zehaztugabetasuna egiaztatzen bada, edo, bestela, kasuan kasuko inskripzioa zuzentzeko edo ezerezteko behar besteko tituluaren bidez.

148. artikulua.

Idatzoharra eskatu duten pertsonak behartuta daude horren ezereztea eskatzera, hori bidezkoa denean.

149. artikulua.

Idatzoharrei ordezko moduan aplikatuko zaizkie inskripzioei buruzko erregelak.

150. artikulua.

Prozeduraren idatzoharrak adieraziko du prozedura horretan azaldutako uzia, horrek Erregistroko edukiaren gain eragina duen neurrian. Ukitutako folioaren orri-bazterrean egingo da idatzoharra, baina prozeduran inskripzio nagusia egin nahi bada, idatzoharrak Erregistroko folioa irekiko du.

Idatzoharra egiteko titulua da, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, behar besteko froga-abiaburuaren ondorioz luzatutako manamendu judiziala.

Idatzoharra bere datatik lau urtera iraungi eta ofizioz ezereztuko da. Epe bereko luzapenak egin daitezke elkarren segidan, horiek idatzoharra bezala lortuta, eta, idatzoharra bezala, luzapenok Erregistroan agerraraziko dira.

Idatzoharra ezereztuko da, orobat, prozeduraren azkentzea egiaztatzen bada.

151. artikulua.

Egitatearen inskripzioa ezin bada egin, egitate horren baldintzaren bat legez egiaztatu ez delako, egiaztatutako gorabeherak idatzoharraren bidez jaso ahal dira. Hala ere, idatzoharra ez da bidezkoa, horren eragingabetasuna erabatekoa eta konponezina bada; egindako idatzoharra ezereztuko da eragingabetasuna frogatzean.

152. artikulua.

Atzerriko legearen arabera, egoera zibila edo horren gain eragina duen egitate nahiz ebazpenaren izatea edo ez izatea idatzoharraren bidez jasotzeko, nahikoa da:

1. Titulu publiko egokia.

2. Atzerriko Erregistroak emandako ziurtagiria edo parte ofiziala, erregular eta kautoa.

3. Egitatea edo egoera ezin bada egiaztatu erregistro horren bidez, atzerriko adierazpen ofiziala.

153. artikulua.

Idatzoharraren bidez jasotzeko modukoak dira atzerriko epaiak eta ebazpenak, inskribatzeko moduko egitateei buruzkoak, nahiz eta horiek Espainian indarrik ezin izan.

154. artikulua.

Idatzoharra egin ahal izango da, halaber:

1. Inskripzio nagusiaren ordez, hori ezin bada berehalakoan egin edo hori Erregistroan sartzea ezinezkoa bada, eta idatzoharraren ondore bakarra izango da orri-bazterreko idazkunen euskarri izatea; idatzoharrean izaera berezi hori aipatuko da eta interesdunak egindako adierazpenaren bidez egin daiteke; behin hori eragin duen egoera desagertuta, idatzoharra ezereztuko da, eta orri-bazterreko idazkunak, hala denean, kopiatu egingo dira.

2. Espainiako ebazpen judizialari buruz, horrek ukatzen badu idatzoharraren bidez jasotzeko moduko epaiaren betearazpena.

3. Umeordetze edo familia-harrerari buruz, Probintziako Ongintza Batzak emandako ziurtagiriaren ondorioz.

4. Egitezko desagertzeari buruz, epai irmoaren, gobernu-espedientearen edo agintaritza judizialak emandako adierazpenaren bidez, baldin eta, agintaritza horrek ezbeharraren arrazoiei edo bizitzaren aurkako indarkeriari buruzko eginbideen izapideak egin behar izanik, desagertua heriotza-arriskuan egon bada, edo, bestela, defentsa eratzeko autoaren bidez.

Idatzoharrean aipatuko da ezbeharraren edo indarkeriaren data, eta, garaia denean, heriotza-adierazpenaren gain eragina izan dezaketen inguruabarrak.

Erregela berezirik izan ezean, absentzia- eta heriotza-adierazpenei buruzko erregelak aplikatuko dira.

VII. KAPITULUA

Orri-bazterreko oharrak

155. artikulua.

Egitateek, gurasoen geroko ezkontza bezala, pertsonaren gain zeharkako eragina badute, horiek orri-bazterreko erreferentzia-oharraren bidez jasoko dira egindako inskripzioan.

156. artikulua.

Jaiotza-inskripzioa tutoretzapekoen nahiz kuradoretzapekoen, edo ordezkaritzaren menpe jarritako ondareen titularrei buruzkoa bada, horren orri-bazterrean erreferentzia-oharra egingo zaie tutoretza-, kuradoretza- edo ordezkaritza- inskripzioei.

157. artikulua.

Idatzoharrek erreferentzia-oharra edo -aipamena sortzen dute, inskripzio egokiek egingo luketen eraginez.

158. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak erreferentzia- oharrak agindu ahal izango ditu ziurtagiri jakin batzuk egiteko idazkunen gain, bai eta arduradunei ezarritako betebeharrak betetzeko edo ohartarazteko idazkunen gain ere.

159. artikulua.

Orri-bazterreko oharra sorrarazten duen egitatea zein arduradunek inskribatu eta berorrek berehalakoan jasoko du ohar hori edo parte bikoiztua bidaliko dio eskudunari, beharrezko inguruabarrekin batera. Oharra jarri ondoren, ale bat itzuliko da, betetzea aipatuta; hogeita hamar egun igaro badira hori jaso gabe, berriz bidaliko da, eta beste hogeita hamar egun igarota, nagusiari kontu-arrazoiak emango zaizkio.

Erregistro bat baino gehiagoko herrietan, eskuduna zein den jakin gabe, Probintziako Artxiboko arduradunari egingo zaio bidalketa, oharra susta dezan.

160. artikulua.

Orri-bazterreko oharretan jasoko da:

1. Horien izaera.

2. Horiek aipatutako idazkuna edo egitatea.

3. Eta data eta funtzionario eskueslearen edo eskuesleen sinadura.

Erregistroko idazkun edo folio bati egindako erreferentziak aipatuko ditu orrialdea, liburukia eta Erregistroa, eta titularra edo titularrak, euren izen-abizenekin; idazkuna zein foliotan jaso eta folio horretan erreferentziarik egiten ez bada, haiez gain, egitatearen data eta lekua adieraziko dira. Egitateari egindako erreferentziak subjektuen izen-abizenak ere adieraziko ditu.

161. artikulua.

Inskripzioa zein tituluk sorrarazi eta berorrek emandako datuak behar bestekoak izango dira, bertan beste inskripzio bat edo inskribatzeko moduko egitate bat modu bananduan aipatzeko; hala ere, arduradunak ahaleginak egingo ditu adierazpenaren bidez lortutako datuak bere Erregistroan dituenekin egiaztatzeko, edo, bestela, ziurtagiria edo agiri ofiziala erakustearen bidez.

Gisa berean, beste erregistroetara parteak bidaltzeko beharrezko diren datuak jasoko dira, erregistro horiek egitatearekin zerikusia duten oharrak egin behar badituzte.

162. artikulua.

Erreferentziak jarri badira oharretan edo inskripzioaren gorpuan, horiek gehitu, osatu edo zuzenduko dira Erregistroa bera aztertuz edo inskripzioari dagokion ziurtagiriaren edota partearen bidez; eta, hala denean, erreferentziok ezabatuko dira, zehaztugabetasuna egiaztatzen duen espedientearen bidez.

Aldarazpena edo ezabapena adieraztean, hori sortzen duen titulua aipatuko da.

VIII. KAPITULUA

Ezerezteak

163. artikulua.

Idazkuna osorik edo zati batez ezerezten bada, egintzaren eragingabetasuna, edukiaren zehaztugabetasuna edo beste arrazoi bat dela eta, ezerezte hori orri-bazterrean egingo da titulu egokiaren bidez, ezereztutako idazkunaren formalitateei lotuta, eta ezereztearen arrazoia nahiz norainokoa aipatuta.

Kasu horretan, ezereztea zein egitatek sortu eta horren inskripzioan barneratuko da; ezereztea beste folio batean egin behar bada, folio horretan erreferentzia- oharra jarriko da.

164. artikulua.

Guztiz ezereztuta dagoen idazkuna kolore ezberdineko tintaz gurutzatuko da; zati batez bakarrik ezerezten bada, ezereztutako zatia parentesi artean itxita azpimarratuko da, eta, orri-bazterrean, ezereztea ekarri duen idazkuna aipatuko da.

V. TITULUA

ERREGISTROKO ATALAK

I. KAPITULUA

Jaiotzen atala eta atal orokorra

I. ATALA

Jaiotzen inskripzioa

165. artikulua.

Inskripzioa adierazpenaren bidez egin eta adierazpen hori fetua amaren sabeletik guztiz askatuta hogeita lau ordu bizi aurretik egin bada, inskripzioa baliozkotuko da, espedientean egiaztatuz fetua epe horretan bizirik egon dela.

166. artikulua.

Adierazpen-epea hogei egunekoa izango da, arrazoi zuzena egiaztatzen bada; arrazoi hori inskripzioan jasoko da.

Adierazpena egiteko betebeharrak eragina du laugarren gradurainoko odolekoengan eta bigarren gradurainoko ezkontza-ahaideengan.

167. artikulua. *

Jaiotzaren partean, izenaz, abizenez, izaeraz eta hori sinatzen duenaren bazkide- zenbakiaz gain, inskripziorako nahitaezkoa den zehaztasunarekin jasoko dira, erditzearen data, ordua eta lekua, jaioaren sexua eta amaren nortasun-aipamenak; bertan aipatuko da ama norberarentzat ezaguna den edo egiaztatutakoa den, eta, azken kasu horretan, aztertutako agiri ofizialak edo datuok baieztatzen dituen pertsonaren nortasun-aipamenak aipatuko dira; horrek, amarekin batera, partea sinatuko du, salbu eta amak ezin duenean edo aurka jartzen denean, inguruabar hori ere jasota.

Osasun-etxeetako profesional eta langileen parteak edo adierazpenak ez du ama aipatuko beraren borondatearen aurka, haiek isilpean gordetzeko betebeharra dutenean.

* Artikulu honi buruz, ikus irailaren 21eko 776/1999 AGE, 5. oinarri juridikoa. Bertan indargabetzen da letra etzanez jarritako esamoldea, konstituzio-aurkakotasunaren zioz.

168. artikulua.

Arduradunak, inskripzioa egin aurretik, parte egokia eskatuko du, eta, hori lortzen ez badu edo lortutakoa adierazleak emandako informazioarekin bat ez badator, egitatea egiaztatuko du Erregistro Zibileko medikuaren edo horren ordezkoaren bitartez, eta eskatutako partea berretsi edo ordeztuko du.

Erregistro Zibileko medikuak edo hurbilen dagoen ordezkoak, hori bi kilometro baino gehiagotara dagoen herrian bizi bada, adieraz dezake ezin dela bertara joan, eta egiaztapena eginbidearen bidez akta bananduan jasoko da, gai diren bi pertsonak emandako informazioaren bidez, horiek erditzean izan badira edo horren berri ziurra badute.

Kontsulatuetako erregistroetan, familiako medikuaren parte egokirik izan ezean, aurreko lerrokadak aipatu ordezko informaziora joko da.

169. artikulua.

Udalerria eta jaiotza-data ezagunak ez badira, inskripzioa bidezkoa izango da espedientearen bidez bakarrik; bestelako frogarik izan ezean, espediente horrek, nahitaez, erditzearen eguna, hilabetea eta urtea ezarriko ditu, itxurazko adina kontuan hartuta, medikuak emandako txostenaren arabera, eta udalerria ere, jaioa bizi izan den lehenengo udalerri ezagunaren ondorioz.

Bertan behera utzitako umeen etxeei dagokienez, froga gisa nahikoa da toki horretako buruak emandako informazioa, eta, garaia denean, berari komunikatuko zaio inskripzioa, betiere liburukia eta orrialdea aipatuta.

Bertan behera utzitako adingabe edo umeen kasuan, ebazpenean aipatuko dira, inskribatzeko moduko inguruabarrez gain:

1. Horiek aurkitu direneko ordua, data eta lekua, eta horiek jaso dituen pertsonaren nortasun-aipamenak.

2. Konformazio-zeinu bereziak.

3. Aurkitutako agiri, arropa eta gainerako objektuen zerrenda.

4. Etorkizuneko identifikaziorako erabilgarri izan daitezkeen inguruabarrak.

Ebazpenarekin batera, aipatu agiriak artxibatuko dira; gainerako objektuei, artatzeko errazak izanda, seinalea jarriko zaie, denbora guztian zehar identifikatuak izan daitezen, eta bertan behera utzitakoen etxeen zainpean ez daudenak modu egokian gordeko dira.

Idazkunetan ez da aipamenik adieraziko bertan behera uzteari buruz.

170. artikulua.

Jaiotza-inskripzioan bereziki jasoko da:

1. Jaiotzaren ordua, data eta lekua.

Erditze anizkunetan, bakoitzaren ordu zehatza ezaguna ez bada, euren arteko lehentasuna jasoko da, edo, bestela, hori zehaztea ezinezkoa gertatu izana.

2. Jaioa gizonezkoa ala emakumezkoa den eta ezarritako izena.

3. Gurasoak, seme-alabatasuna legez jasota badago.

4. Parteari edo egiaztapenari paper-sortan emandako zenbakia.

5. Inskripzioaren ordua.

II. ATALA

Abortuei buruzko adierazpenak

171. artikulua.

Ondore zibiletarako ulertuko da abortukinak direla fetua jaiotzat hartzeko nahitaezko baldintzak betetzen ez dituztenak.

172. artikulua.

Erregistroaren eskumena zehazten da, haurra hilda jaiotzen bada, jaiotzen kasuan bezala, eta, bestelako kasuetan, heriotzen kasuan bezala.

173. artikulua.

Adierazpenak eta parteak abortua adieraziko dute, edo, hala denean, erditzea eta heriotza; ahal den neurrian, jaiotza eta heriotza inskribatzeko beharrezkoak diren inguruabarrak jasoko dituzte, eta, batez ere, fetua gutxi gorabehera zenbat denbora bizi izan den eta haurra noiz hil den, erditu aurretik, erditzean edo erditu ondoren; azken kasu horretan, zehaztasun osoz aipatuko dira erditzearen eta heriotzaren orduak.

174. artikulua.

Arduradunak, inskripzioaren baldintzekin, baina folio bakartuan, adierazpen- akta egingo du, partearen edo ordezko informazioaren aipamen zehatza eginda. Abortuen paper-sortara berehalakoan barneratuko ditu, aktarekin batera, adierazpendunari buruzko agiriak; barneratze horren sarrera, adierazpenarekin batera, Liburu Egunkarian agerrarazi behar da. Barneratzea egin ondoren, hilobiratzeko baimena emango du.

III. ATALA

Lehenengo atalaren orri-bazterreko inskripzioak

175. artikulua.

Seme-alabatasunari buruzko inskripzioetan, aitaren edo amaren nortasun-aipamenak jasoko dira, eta adopzioan, hori osoa ala soila den jasoko da.

176. artikulua.

Guraso-ahala dutenek emandako emantzipazioa inskribatzen da, idazkiaren bidez edo Erregistroko arduradunaren aurrean egindako agerraldiaren bidez.

Epaileak emandako emantzipazioa eta adin-nagusitasunaren onura inskribatzen dira lekukotza egokiaren bidez.

177. artikulua.

Ezgaiketaren inskripzioak haren hedadura eta mugak adieraziko ditu, bai eta ezgaitua tutoretzapean ala kuradoretzapean dagoen ere, ebazpen judizialaren arabera.

Zarrastelkeria-adierazpenaren inskripzioan adieraziko dira zarrastelak kuradorearen adostasunik gabe burutu ezin dituen egintzak.

178. artikulua.

Probidentzia inskribatzeko modukoa da, horren bidez ordainketa-etenduraren inguruko adierazpena eta egoera hori adierazten duen autoa eskatuz gero.

Adierazpenaren inskripzioak zehaztuko ditu kaudimengabezia behin-behinekoa ala behin betikoa den, eta, epaileak zein muga jarri dion etendurapekoaren gaitasunari.

Inskribatzeko modukoa da, berebat, ordainketa-etenduran epaiketa bidez hitzarmena onetsi izana eta konkurtsatuaren edo porrot eginaren birgaikuntza, horri buruz orokorra ala mugatua den adierazita.

179. artikulua.

Heriotza-adierazpenaren inskripzioan adieraziko da heriotza gertatutzat jotzeko data, aurkako froga dagoenean izan ezik.

Ebazpen judizialak inskribatzeko modukoak dira, horiek ondorerik gabe uzten dituztenean absentzia- eta heriotza- adierazpenak.

Funtzionario edo partikularretatik edozeinek jakin badaki bizirik dagoela absentzia- edo heriotza-adierazpena duena edota desagerpena idatzoharraren bidez jasota daukana, Fiskaltzari edo Erregistroko arduradunari komunikatuko dio hori.

180. artikulua.

Guraso-ahalaren gain eragina duen egitatea inskribatzean, jasoko da:

1. Egitatea bera, guraso-ahalaren gain eragina duten inguruabarrak zehaztuta.

2. Guraso-ahalaren eskuraketa osoa ala mugatua den, edo horren azkentzea, berreskuratzea, murrizketa, luzapena ala birgaikuntza gertatzen den, adingabea tutoretzapean geratzen den, beste gurasoari emandako ahalmenak zeintzuk diren eta administratzailerik dagoen.

Guraso-ahalaren aldaketa modu bananduan inskribatzeko moduko egitatearen ondorioa denean, jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean, soil-soilik, egitatearen inskripzioari buruzko erreferentzia- oharra jarriko da, eta, horretan, lehen adierazitako inguruabarrak jasoko dira.

Ez da erreferentzia-oharrik jasoko, aitaren edo amaren heriotza-inskripzioari buruz.

IV. ATALA

Seme-alabatasuna

I. AZPIATALA

Amarengandiko seme-alabatasuna

181. artikulua.

Jaiotza-inskripzioa garaiz eta adierazpenaren bidez sustatzen duen aitak adieraz dezake, amarengandiko seme-alabatasuna Erregistroan agerraraz dadin, semea edo alaba zein pertsonarekin izan duen, amaren nortasuna ateratzen bada inskripzioa egiteko nahitaezkoa den partetik edo egiaztapenetik.

182. artikulua. *

Arduradunak seme-alabatasunaren arloko jakinarazpenak egingo dizkio jasotzaileari aurrez aurre, zuzenean edo jasotzailearen egoitza non izan eta bertako arduradunaren bidez; eta, isil-gorde egokiarekin bat datozenean, jakinarazpen judizialen erregelak gordeko ditu.

* Artikulu honi buruz, ikus irailaren 21eko 776/1999 AGE, 5. oinarri juridikoa. Bertan indargabetzen da letra etzanez jarritako esamoldea, konstituzio-aurkakotasunaren zioz.

Ama bezala agertutakoari beren beregi ohartaraziko zaio, jakinarazpena egiten zaionean, seme-alabatasunaren aipamena epaiaren bidez bakarrik ezereztu ahal izango dela, hamabost egunetan ez badio adierazten arduradunari seme-alabatasunaren berririk ez duela.

Jakinarazpena jaso duenak ezin badu sinatu, bere eskabidez lekuko batek sina dezake; osterantzean, jakinarazpenean eskuineko eskuaren hatz lodi, erakusle eta erdikoaren aztarnak jarriko dira.

Amarengandiko seme-alabatasunari buruzko idazkunaren jakinarazpena orri-bazterreko inskripzioaren bidez agerraraziko da, horren izaera pertsonala, jakinarazpenaren ordua, data nahiz lekua eta jasotzailea aipatuta.

Seme-alabatasunaren berri ez izateari buruzko idazkunaren jakinarazpenak orri-bazterreko oharra sorraraziko du aipamen berberekin.

II. AZPIATALA

Aitarengandiko ezkontzazko seme-alabatasuna

183. artikulua.

Inskripzioari buruzko adierazpenaren edo tituluaren ondorioz, semea edo alaba senarrarena dela uste bada Kode Zibilean xedatutakoaren arabera, orduan, jaiotza-inskripzioan, eta, hori izan ezean, orri-bazterreko oharraren bidez, gurasoen ezkontzari buruzko inskripzioa aipatuko da, eta, aipamen horren datu guztiak ez badira ezagunak, ezkontzaren data, edo behintzat, ezkontza egin izana jasoko da.

Kasu horretan, aitaren nortasun-aipamenak jasoko dira inskripzioan.

184. artikulua.

Semea edo alaba ezkontzaren osteko ehun eta laurogei egunetan jaiotzen bada, senarraren aitatasuna inskribatuko da, salbu eta Kode Zibilaren 117. artikuluak aipatu bezala haren aurka egindako adierazpen kautoa agertzen denean.

Aitatasuna inskribatu ondoren, hori gobernu-espedientearen bidez ezereztu ahal izango da, senarraren adierazpen kautoa, presuntzioa ahultzeko, Kode Zibilak ezartzen duen nahitaezko denbora eta baldintzetan egin bada.

III. AZPIATALA

Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunari buruzko inskripzioa

185. artikulua.

Garaiz egindako adierazpenaren bidez bakarrik inskribatu ahal izango da emakume ezkonduaren seme edo alabari buruzko ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna, bai eta senarraz besteko gurasoari dagokion aitarengandiko seme-alabatasunaren aitorpena ere, baldin eta inskripzioaren aurretik egiaztatzen bada senarraren aitatasunari buruzko lege-presuntzioa ez dela aplikatzen.

186. artikulua.

Aitorpena egiteko agiri publikoak dira eskritura publikoa, gurasoen ezkontzari buruzko akta zibila, epez kanpoko jaiotza-inskripzioaren espedientea, ezkontzako itunak eta adiskidetze-ekitaldia.

Arduradunari egindako aitorpen-adierazpena ezin bada berehala inskribatu, eginbidearen bidez akta bikoiztuan jasoko da, idazkunaren inguruabarrekin, seme edo alabaren nortasunak dituenekin eta aitortzailearen sinadurarekin batera; horietako ale bat lehenengo bidaliko da, hala denean, kasuan kasuko eskaerarekin batera, onespen judizialera, eta, ondoren, onespenaren lekukotzarekin batera, hori eginbidearen bidez ale bikoiztuan jaso eta gero, Erregistro eskudunari, horrek inskripzioa egin dezan.

187. artikulua.

Ezin da inskribatu adin nagusiko seme edo alabari buruzko aitorpena, horren esanbidezko edo isilbidezko adostasunik gabe. Azken horren izatea gobernu-espedientean egiaztatu ahal izango da.

188. artikulua.

Inskribatzeko modukoa da adingabeak edo ezgaituak egindako aitorpena, legezko ordezkariak emandako adostasunik gabe eta onespen judizialik gabe, baldin testamentuan jasotzen bada eta aitortzailearen heriotza egiaztatu bada.

Inskribatzeko modukoa da, orobat, aipatu adostasun edo onespenik gabe, adingabeek edo ezgaituek egindako aitorpena, hori jaiotza-inskripzioa egiteko epean beste agiri publiko batean egin bada; kasu horretan, aitatasunaren inskripzioa eten edo baieztatu ahal izango da Kode Zibilean ezarritakoaren arabera.

Aurreko lerrokadaren arabera inskribatutako aitorpenak beste gurasoari jakinaraziko zaizkio, eta, hala denean, jaioaren legezko ordezkariari, eta ordezkari hori ezaguna ez bada, Fiskaltzari. Interesduna hil bada, horren jaraunsleei egingo zaie jakinarazpena.

Halako jakinarazpenak 182. artikuluaren lehenengo eta hirugarren lerrokadek xedatutakoaren arabera egingo dira.

189. artikulua.

Igarotako denbora edozein izanda ere, eta aita nahiz semea edo alaba hil arren, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna inskribatzeko espedientea has daiteke, interes legitimoa duenak edo haren legezko ordezkariak hala eskatuta.

Espedientearen hasiera interesdunei jakinaraziko zaie aurrez aurre, eta interesdun horiek alderdi bihurtu eta aurkakotasuna aurkeztu ahal izango dute beti.

Alderdi bihurtu direnen edo Fiskaltzaren aurkakotasuna behar bezala aurkeztutzat jo dadin, eta espedientearen onespena eragozteko ondoreetarako, aurkakotasun hori garaiz aurkeztu behar da, eta bertan arrazoiak adierazi behar dira, eskaeran aipatutako funtsezko oinarri zehatzak ez daudela uste izateko.

190. artikulua.

Inskribatzeko modukoa da epaitzan seme-alabatasuna zehazten duen epai penal irmoa.

IV. AZPIATALA

Seme-alabatasun ezezaguna

191. artikulua.

Seme-alabatasuna agertu ezean, arduradunak, jaiotza-inskripzioan edo orri-bazterreko beste inskripzio batean, aitaren edo amaren izenen ordez, erabilera arrunteko beste batzuk jasoko ditu, eta horiek pertsona identifikatzeko jaso direla adieraziko du. Halako izenak nortasun-aipamenetan erabilitako berberak izango dira.

Interesdunak adin-nagusitasuna lortzean eskatu ahal izango du amaren edo aitaren izenak Erregistroan ezabatzea, horiek identifikazio-ondoreetarako inskribatu badira aurreko lerrokadak xedatutakoaren arabera.

Seme-alabatasunarekin bat ez datozen abizenen ezartzeari eta aldarazpenari buruzko arauak, V. tituluko I. kapituluaren V. atalean jasotakoak, aplikatuko dira, berebat, beharrezko aldaketak eginez eta identifikazio-ondoreetarako, aitaren edo amaren izenak ezarri eta aldarazten direnean.

V. ATALA

Izen-abizenak

I. AZPIATALA

Izen berezia

192. artikulua.

Ezin izango dira ezarri bi izen soil baino gehiago, ezta konposatu bat baino gehiago ere.

Bi izen soil ezartzen badira, horiek gidoi batekin lotu eta biak hasierako letra larriz idatziko dira.

Izen bereziek pertsonei kalte objektiboa egiten dietela ulertuko da, eurak bakarrik edo abizenekin batuta, deduaren aurkakoak direnean.

Izen berezia Espainiako hizkuntzetatik edozeinetan hark duen onomastika- baliokidearekin ordezteko, beharrezkoa da, nabarmena ez bada, baliokidetasun hori eta eskatutako izenaren grafia zuzena bide egokietatik egiaztatzea.

193. artikulua.

Arduradunak jaiotza-inskripzioan agerraraziko du gurasoek edo zaintzaileek ezarritako izena, adierazleak adierazitakoaren arabera.

Izena adierazten ez bada edo izen hori onartezina bada, arduradunak aurreko lerrokadan aipatutako pertsonei eskatuko die jaioari izena jartzea, eta ohartaraziko die, hiru egun igaro ondoren hori egin ez bada, jaiotza-inskripzioa egingo dela izena arduradunak ezarrita.

II. AZPIATALA

Abizenak orokorrean

194. artikulua.

Seme-alabatasuna bi lerroetan zehaztuta badago, eta Kode Zibilaren 109. artikuluan ezarritako aukerari kalterik egin gabe, espainiarraren lehenengo abizena aitaren lehenengoa da, eta bigarrena, amaren abizen pertsonaletatik lehenengoa, ama atzerritarra izan arren.

195. artikulua.

Interesdunak, arduradunari hala eskatuta, «de» preposizioa jarriko du aitaren abizenaren aurretik, hori izen berezi moduan erabili ohi denean edo horrekin hasten denean.

196. artikulua.

Ezin izango da ofizioz abizen gisa ezarri «Expósito» edo jatorri ezezaguna duten beste adierazleetatik edozein, ezta izen berezirik ere.

Aitarengandiko, amarengandiko edo bi lerroetako seme-alabatasuna ezarri ondoren, seme-alabatasun ezagunik ez izateagatik ezarritako abizenek indarra galduko dute.

197. artikulua.

Aitorpen- edo adopzio-inskripzioetan, Espainiako naziotasuna eskuratzeko inskripzioetan, eta, egitate horien nahiz beste batzuen gain eragina izanik, abizenen aldaketa dakarten ebazpenen inskripzioetan, horien ondoriozko hurrenkera argi eta garbi adieraziko da.

198. artikulua.

Adin nagusikoen abizenak alderanztuko dira horiek egoitza non izan eta bertako Erregistro Zibilean, arduradunari egindako adierazpen soilaren bidez; adierazpen horrek ez du ondorerik sortzen inskribatzen ez den bitartean.

Abizenen ortografia erregularizatzean araubide bera aplikatuko da, horiek Espainiako hizkuntza horren gramatika eta fonetikara egokitzeko.

Egitate nabaria ez bada, baliabide egokien bidez egiaztatu beharko da abizena herri-hizkuntza bati dagokiola eta grafia zehatza hizkuntza horretakoa dela.

199. artikulua.

Espainiako naziotasuna eskuratzen duenak eutsi egingo die legez besteko forman lortutako abizenei, hala adierazten badu hura eskuratzeko egintzan, edo eskuraketaren nahiz adin-nagusitasunaren osteko bi hilabeteetan.

Adierazpenak aurreko artikuluko erregelak beteko ditu.

200. artikulua.

Jaiotza-inskripzioan atzerriko jatorria duen abizenaren gizonezko edo emakumezko forma jasoko da, jatorrizko herrian horren aldaera onartzen bada; arduradunarentzat aldaera hori ezaguna ez bada, Espainian dagoen kontsulak, herri hartan Espainiak duen kontsulak edo hura ezagutzen duen notario espainiarrak egindako lekukotzaren bidez egiaztatuko da.

Espainiarren seme-alabek abizen horiek finkatuko dituzte erabileran nagusitu den forman.

Orri-bazterrean, idatzoharraren bidez jaso ahal izango dira atzerriko abizenen bertsioak, horiek ere ohikoak direla egiaztatzen denean.

III. AZPIATALA

Seme-alaba adoptatuen abizenak

201. artikulua.

Pertsona bakar batek norbait forma osoan adoptatzen badu, adoptatuak adoptatzailearen abizenak izango ditu hurrenkera berean. Salbuespen gisa hartzen dira ezkontide batek beste ezkontidearen semea edo alaba adoptatzea eta adoptatzaile bakarra emakumea izatea. Azken kasu horretan, hurrenkera alderanztu daiteke emakume adoptatzailearen eta adoptatuaren adostasunarekin, adoptatu hori adin nagusikoa bada, 207. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

202. artikulua.

Behin adopzio soila eratu eta inskribatuta, geroagoko edozein unetan hitzartu ahal izango da, eskritura publikoaren bidez eta adoptatzailea edo adoptatzaileak bizirik dauden bitartean, adoptatuari dagozkion abizenen ordez haren edo haien abizenak jartzea, edo, jatorri bakoitzetik abizen bat erabiltzea, azken kasu horretan abizenon hurrenkera zehaztuta.

203. artikulua.

Adoptatzaile soila edo soilak hil eta gero, Justizia Ministerioaren baimena behar da haren edo haien abizenak adoptatuari emateko, betiere horrek hala eskatuta, eta adoptatzaileak dituen jaraunsleen, ondorengoen eta ezkontidearen edo horien legezko ordezkarien adostasunarekin.

204. artikulua.

Adoptatuak lehenengo abizena eskualdatzen die ondorengoei.

Adopzioaren ondoriozko abizenen aldaketak eragina du subjektuengan, guraso-ahalaren gain eta gainerako ondorengoengan, eskrituran bertan edo hurrengo bi hilabeteetan hori beren beregi adosten badute. Adierazpenak 198. artikuluko erregelak beteko ditu.

IV. AZPIATALA

Izen-abizenen espedienteak, ministerioaren edo Gobernuaren eskumenekoak direnak

205. artikulua.

Justizia Ministerioak izen-abizenen aldaketak baimen ditzake, aurretiaz espedientearen izapidetza arauz eginda.

Abizenak aldatzeko eskaeraren nahitaezko betekizunak dira:

1. Abizenak, proposatu izan den modu horretan, interesdunak sortu ez duen egitezko egoera eratzea.

2. Batu edo aldatu nahi den abizena edo abizenak modu legitimoan eskatzailearenak izatea.

3. Aldaketaren ondorioz, abizenak lerro beretik ez etortzea.

Aurkakotasuna aurkeztu ahal izango da, eskatutako betekizunak ez betetze horretan oinarritzen denean bakarrik.

206. artikulua.

Aldaketak izan daitezke, besteak beste, hitzak bereiztea, letrak edo azentuak gehitzea, iraultzea edo ezabatzea, artikuluak edo partikulak ezabatzea, grafia edo fonetika Espainiako hizkuntzetara itzultzea edo egokitzea, eta beste izen edo abizen batzuk, edo, abizenen zati batzuk nahiz horien antzekoak ordezko moduan jartzea, aurretik jartzea edo gehitzea, legezko mugen barruan.

Elkarketak ezin dira bi hitz baino gehiagokoak izan, artikuluak eta partikulak zenbatu gabe.

Izen berezia aldatzeko, nahitaezkoa da arrazoi zuzena izatea eta hirugarrenari kalterik ez egitea.

207. artikulua.

Nahikoa izango da 205. artikuluaren 1. zenbakiko betekizuna gertatzea, abizenen aldaketa ondoko kasuetan baimentzeko:

a) Jatorriaren araberakoa ez den abizena edo abizenak badira, eta proposatutakoa ohikoa edo ezaguna den abizenen lerrokoa bada.

b) Eskatutako abizena edo abizenak badagozkio interesdunak adoptatutakoari, umeordetutakoari edo egitez familia- harrerapean duenari, betiere horrek, edo hil bada, beraren jaraunsleek, aldaketarako adostasuna eman dutenean.

Edozein kasutan ere, nahitaezkoa da abizenaren titularraren ezkontideak eta ondorengoek aldaketari baiezkoa ematea, euren kabuz edo euren legezko ordezkarien bidez.

208. artikulua.

Ez da beharrezkoa izango 205. artikuluko lehen betekizuna gertatzea abizen bat aldatzeko edo aldarazteko, hori deduaren aurkakoa denean edo eragozpen handiak sortzen dituenean, ezta Espainiako abizen baten desagerpena saihesteko ere. Abizen batek eragozpen handiak sortzen dituela ulertuko da, atzerrikoa denean edota, edozein arrazoiren ondorioz, laidoa dakarrenean.

Salbuespeneko inguruabarrak gertatzean, eta aipatu artikuluan adierazitako betekizunak izan ez arren, aldaketa onartu ahal izango da dekretu bidez, Justizia Ministerioak hala proposatuta, Estatu Kontseiluaren entzunaldiarekin.

Kasu horietan guztietan, aurkakotasuna edozein zio arrazoitutan oinarri daiteke.

V. AZPIATALA

Izen-abizenak aldatzeko nahiz horiei eusteko bestelako kasuak

209. artikulua.

Lehen auzialdiko epaileak, Erregistroko arduraduna izanik, baimen ditzake, aurretiazko espedientearekin:

1. «Expósito» eta antzeko abizenek jatorri ezezaguna adierazten dutenez gero, horien ordez, eskatzaileari dagokion beste abizen bat jartzea, edo, halakorik izan ezean, erabilera arrunteko abizen bat.

2. Arauak hautsiz ezarritako izen-abizenak aldatzea.

3. Seme nahiz alabak edo horien ondorengoek erabilitako abizenei eustea, baldin eta prozedura eragiten badute aitorpen-inskripzioaren osteko, edo, hala denean, adin-nagusitasunaren osteko bi hilabeteetan.

4. Izen bereziaren ordez erabili ohi dena jartzea.

5. Atzerriko izena itzultzea edo atzerriko abizenen fonetika gaztelaniaren grafiara egokitzea.

Kasu horietan guztietan, Justizia Ministerioak zuzenean eta epe-mugarik gabe baimen dezake izen-abizenak aldatzea edo horiei eustea.

210. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatutako izen-abizenak aldatzeko, nahitaezkoa da beti arrazoi zuzena izatea eta hirugarrenari kalterik ez egitea.

211. artikulua.

«Expósito» edo antzeko abizenaren ordez jarriko da:

1. Beste abizen bat, aldaketa arrunterako beharrezkoak diren egitezko egoera, izate legitimoa eta lerrotiko jatorria baditu.

2. Hori izan ezean, lerro berean, haren ordez jarri beharreko hurrengo abizena.

3. Lerroko abizenik ez badago, eskatzaileak edo legezko ordezkariak beste lerroko abizenen artean aukeratutakoa, aitaren edo amaren abizen gisa jadanik bereganatu dena salbuetsita, edo, erabilera arruntekoen artean aukeratutakoa.

212. artikulua.

Arauak hautsiz ezarritako izena, hala denean, itzuli egingo da, eta, gainerako kasuetan, horren ordez legeekin bat datorren izena jarriko da, eskatzaileak erabili ohi duena izanik; hori izan ezean, eskatzaileak edo legezko ordezkariak aukeratutakoa, eta, azken tokian, ofizioz ezarritakoa.

Arauak hautsiz ezarritako abizenaren ordez, arauok zehaztutako abizena jarriko da; hori izan ezean, eskatzaileak eraman ohi duena; ondoren, erabilera arrunta duena, hori eskatzaileak edo legezko ordezkariak aukeratuta, eta, azken tokian, ofizioz ezarritakoa.

213. artikulua.

Naziotasuna eskuratzen duenari, garaiz inskribatu ez den jaioari edota izen nahiz abizenik gabe inskribatutakoari ondoko erregelak aplikatzen zaizkio:

1. Izenari eutsiko zaio, eta, seme-alabatasunak besterik ez badakar, batak edo besteek erabiltzen dituzten abizenei eutsiko zaie, horiek erabilera arruntekoak izan ez arren.

2. Horiek osatu edo aldatu egingo dira, ezarrita dauden gainerako arauak hausten diren heinean.

Aldaketa edo ezarpena aurreko artikuluko erregelen arabera gauzatuko da; eta, bertan behera utzitakoen kasuan, erregelok ahalbidetzen dutenean, erabilera arrunteko izen-abizenak errespetatuko dira, haiekin batera aurkitutako idazkian aipatuta badaude.

214. artikulua.

Izen-abizenen aldarazpen eta ezarpen horiek egingo dira jaiotza-inskripzioaren aurretiazko izapideetan edo haren inguruabarrei buruzko izapide osagarrietan, edo naziotasun-espedientean bertan.

215. artikulua.

Aurreko hiru artikuluetan xedatutakoa ulertzen da, interesdunek, bidezkoa denean, eska dezaketen izen-abizenen aldaketari kalterik egin gabe, horiek erabilera arruntekoak ez badira.

Izen-abizen zaharrak inskribatu gabe badaude, horiek beti agerraraziko dira gertatutako aldaketarekin batera.

VI. AZPIATALA

Aldaketa-espediente guztietarako erregelak

216. artikulua.

Aldaketa egiteko eskaerak argi eta garbi adieraziko du genealogia, hori abizen baten jatorria egiaztatzeko beharrezkoa bada. Eskatzaileak egiaztatuko ditu aldaketa egiteko nahitaezko diren betekizunak.

217. artikulua.

Abizenen aldaketa orok eragina du guraso-ahalaren menpe dauden subjektuengan eta beren beregi adostasuna eman duten gainerako ondorengoengan ere bai.

Ondorengo horien gain eragina izan dezan, nahitaezkoa da euren adostasuna inskribatzea, bai espedientean jasota dagoelako, bai aldaketa inskribatu eta hurrengo bi hilabeteetan egin delako; adostasun horrek beteko ditu arduradunari egindako aitorpenen erregela formalak.

Arduradunak eskumena duenean izenaren edo abizenen aldaketa dakarten egintzetatik edozein inskribatzeko, hori komunikatuko die Barne Arazoetako Ministerioaren barruan Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari, eta Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralari, aldaketak hamasei urtetik goragoko adin nagusikoengan eragina duen neurrian.

Komunikazioa egin ahal izango die, hala denean, aldaketaren eragina jasan behar duenak atzerriko zein herritan bizilekua izan eta herri horretako polizia- agintariei. Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak beste komunikazio batzuk agin ditzake.

218. artikulua.

Izena edo abizenak aldatzeko baimenetan adieraziko da horiek ez dutela ondorerik sortzen, eskatzaileari buruzko jaiotza-inskripzio egokiaren orri-bazterrean inskribatzen ez diren bitartean.

Inskripzioa egin ahal izango da, jakinarazpenetik ehun eta laurogei egun baino lehenago eskatzen bada bakarrik.

Aldaketa inskribatu ondoren, orri-bazterreko erreferentzia-oharra ofizioz jarriko da Erregistroko folio guztietan, horietan izen edo abizen zaharrak jasotzen diren heinean, bai eta seme-alaben jaiotza-folioetan ere; horretarako, interesdunak emango ditu ezagunak ez diren datuak.

VII. AZPIATALA

Atzerritarren izen-abizenak

219. artikulua.

Atzerritarraren izen-abizenei haren lege pertsonala aplikatuko zaie.

VI. ATALA

Naziotasuna eta auzotasun zibila

I. AZPIATALA

Naziotasun-espedienteei buruzko erregela bereziak

220. artikulua.

Herritartze-agiriaren eskaeran, Espainiako naziotasuna berreskuratzeko Gobernuaren gaikuntza-eskaeran, edo bizilekuaren ondorioz naziotasuna emateko eskaeran, bereziki aipatuko dira:

1. Eskatzailearen nortasun-aipamenak, jaiotza-lekua eta data; Espainiako legearen ondoreetarako beharrezko gaitasuna duen; eta eskatzailearen eta beraren gurasoen oraingo eta aurreko naziotasunak.

2. Eskatzailearen egoera zibila; eta ezkontidearen nahiz guraso-ahalaren menpeko seme-alaben nortasun-aipamenak, jaiotza-lekua eta data. Eskatzailea berriz ezkondu bada, aurreko ezkontzak ere aipatuko dira.

3. Auzipetuta dagoen edo zigor-aurrekariak dituen. Soldadutza edo horren pareko prestazioa bete duen, haren herriko legeen arabera hori beharrezkoa izanez gero, edo horren inguruan zein egoera duen.

4. Espainiako lurraldean duen bizilekua; datak eta lekuak zehaztuko dira, bai eta herritartze-agiria edo gaikuntza eskuratzeko aipatzen dituen salbuespeneko inguruabarrak ere.

5. Nahitaezko denbora murrizten duten inguruabarrak; gaztelaniaz edo Espainiako beste hizkuntzetatik batez hitz egiten duen; espainiarren kultura eta bizimodura egokitzeko inguruabarretatik edozein, hala nola, ikasketak, ongintza- nahiz gizarte-jarduerak, eta egokitzat jotzen dituen gainerakoak.

6. Espainian behin betiko bizitzeko asmoa duen, eta bertan bizitzeko dituen baliabideak.

7. Hori gertatuz gero, aurreko naziotasunari uko egiteko konpromisoa hartu, eta, erregeari leialtasuna eta konstituzioari nahiz legeei obedientzia zin egin edo hitz ematea.

221. artikulua.

Eskatzaileak frogatu beharko ditu aurreko artikuluak aipatu lehenengo bost zenbakietako egitateak.

Lehenengo eta bigarren zenbakietan aipatu egitateak Espainiako Erregistroko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira, eta, hori izan ezean, eskatzailearen herriko kontsul edo funtzionario eskudunak luzatutakoaren bidez, eta, ezinezkoa bada, beste edozein bidetatik.

Kontsulatuko ziurtagiriak, ahal izanez gero, hirugarren zenbakiko inguruabarrak eta jokabidea aipatuko ditu, eta jokabide hori, gainera, tokiko gobernu- agintaritzak, eta Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralak luzatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

Bizilekuaren ondorioz naziotasuna eman dadin, hori egiaztatuko da, ahal izanez gero, Gobernu Zibilak edo Barne Arazoetako Ministerioaren barruan Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak emandako informazioaren bidez.

Gainerako egitate eta inguruabarrak egiaztatuko dira zuzenbidean onartutako frogabideetatik edozein erabilita.

Arduradunak, bizilekuaren ondorioz naziotasuna emateko espedientean, eskatzaileak esan beharrekoa modu pertsonalean entzungo du, bereziki, espainiarren kultura eta bizimodura zein mailatan egokitu den frogatzeko; eta ahaleginak egingo ditu, ezkontideak naziotasunaren aldaketari eta bertan gertatutako inguruabarrei buruz esan beharrekoa entzuteko, bananduta eta isil-gordean.

222. artikulua.

Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen txosten ofizialak eskatuko ditu, eta Barne Arazoetako Ministerioaren txostena beti eskatuko du.

Sail horretako txostenak bere barnean hartuko du atzerritarraren jokabide eta egoerari buruzko iritzia, Espainian sartzeak eta bertan bizilekua izateak dakartzaten betebeharrei dagokienez.

223. artikulua.

Herritartze-agiriaren emateak errege- dekretuaren forma izango du, eta errege-dekretu hori Justizia ministroak proposatutakoaren ariora emango da.

Espainiako naziotasuna berreskuratzeko gaikuntza proposamen berberarekin formalizatuko da, Ministro Kontseiluak hala erabakita.

Estatuko Aldizkari Ofizialean seihileko zerrenda barneratuko da, informazio- ondoreetarako, bizilekua izatearen ondoriozko naziotasun-emateei buruz.

Gerta daiteke ebazpen ukatzaileak ziodunak ez izatea, ordena publikoaren edo nazio-interesaren inguruko arrazoiak direla eta.

224. artikulua.

Jakinarazpenaren osteko ehun eta laurogei egunak igarota, ematea iraungi egingo da; bien bitartean, eskatzailea funtzionario eskudunaren aurrean agertuko da, hala denean, aurreko naziotasunari uko egiteko, nahitaezko hitzematea edo zina egiteko, eta Erregistroan espainiar gisa bere burua inskribatzeko.

Adierazpenak jasotzen dituen arduradunak mota guztietako idazkunen egitea zainduko du, idazkunok egokiak badira aldaketaren ondorioz.

II. AZPIATALA

Naziotasunaren eta auzotasunaren aldarazpenak

225. artikulua.

Auzotasun zibilaren aldaketa ipso iure gertatzen da, hamar urtez jarraian ohiko bizilekua legeria zibil ezberdineko probintzia edo lurraldean izateagatik, salbu eta epe hori amaitu baino lehen interesdunak horren aurkako adierazpena egiten duenean.

Hamar urteko epe horretan ez da zenbatzen interesdunak bere burua legez gobernatu ezin duen denbora.

Atzerritarrak Espainiako naziotasuna eskuratzen badu bertakotzearen edo aukeratzearen ondorioz, gutxienez bi urtez bizi izan bada zuzenbide berezia edo foru-zuzenbidea duen lurralde batean, eta lurralde horretako auzotasun zibila ere aukeratu nahi badu, bigarren aukera hori Erregistro Zibileko arduradunari aurkeztuko dio, Kode Zibilaren 20. artikuluko 2. paragrafoan agindutako adierazpenekin batera. Horrek ez dio kalterik egiten autonomia-estatutuetan, hala denean, xedatutakoari.

226. artikulua.

Erregistroko arduradunak onartuko ditu naziotasunari edo auzotasunari buruzko borondate-adierazpenak, bai eta nahitaezko uko-egitea, zina edo hitzematea ere, inolako agiririk aurkeztu ez arren, baldin eta adierazpenak ondorioztatzen badu nahitaezko betekizunak gertatzen direla; alabaina, inskripzioa egin ahal izango da, naziotasuna edo auzotasuna eskuratu, aldarazi edo horiei eusteko betekizunak aurretik egiaztatzen direnean bakarrik.

227. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako adierazpenak egitean ez badaude egiaztatuta nahitaezko betekizunak, adierazlea behartuta egongo da, errekurtso egokiei kalterik egin gabe, arduradunak finkatutako zentzuzko epean froga osatzera.

Une horretan, arduradunak aitorpenaren akta besterik ez du egingo, eta, garaia denean, betekizunak egiaztatu ondoren inskripzioa egiten denean, horren ordu eta datatzat joko dira aktarenak, idazkunean bertan jaso behar direnak, eta ordu eta data horietatik aurrera adierazpenak ondoreak sortuko ditu.

228. artikulua.

Adierazpenaren bidez egindako naziotasun- edo auzotasun- inskripzioetan, bereziki jasoko dira adierazpenaren izaera eta hori zein ordutan egin den, eta, nahitaezko kasuetan, aurreko naziotasunari uko egitea, eta leialtasuna eta obedientzia zin egitea edo hitz ematea.

Ematearen ondorioz naziotasuna eskuratzen denean, edo, aurretiaz Gobernuaren gaikuntza izanik, hori berreskuratzen denean, inskripzioak egingo dira, errege-dekretuaren edo agindu egokiaren bidez eta interesdunak egindako adierazpenaren bidez.

229. artikulua.

Erregistro eskuduna beste udalerri batean egoteagatik, edo egitezko beste edozein eragozpen gertatzeagatik, inskripzioa ez bada berehalakoan egiten, naziotasunari nahiz auzotasunari eusteko edo hori aldarazteko adierazpena zein arduraduni egin eta berorrek akta bikoiztuan jasoko ditu inskripzioaren inguruabarrak eta subjektuari buruzko nortasunaren inguruabarrak; aleetako bat, tituluekin batera, hala denean, Erregistro eskudunari bidaliko zaio, horren bidez inskripzioa egin dezan.

230. artikulua.

Atzerriko herri batzuetan Espainiak diplomaziako edo kontsulatuko agenterik ez duenez gero, horietan aukera-adierazpena egin ahal izango da, behar bezala kautotutako agiria Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioari zuzenduta; ministerio horrek, berari egindako bidalketaren data txostenean jasota, Justizia Ministerioaren bitartez Erregistro eskudunera lekualdatuko du agiria, inskripzioa egiteko.

Inskripzioaren datatzat hartuko da Kanpo Arazoetako Ministerioari egindako bidalketaren data; data hori aipatutako idazkunean jasoko da, eta aukerak ondoreak sortzen ditu data horretatik aurrera.

231. artikulua.

Aurreko artikuluan ezarritako araubide bera aplikatuko zaio naziotasunaren edo auzotasun zibilaren borondate-adierazpenetatik beste edozeini.

232. artikulua.

Naziotasunaren galera inskribatuko da hori oso-osorik egiaztatzen duten agiri kautoen bidez bakarrik; aurretiaz zitazioa egingo zaio interesdunari edo beraren legezko ordezkariari, eta, hala denean, haren jaraunsleei.

Agiri kautorik izan ezean, gobernu-espedientea beharrezkoa izango da, aipatu zitazioarekin batera.

233. artikulua.

Espainiako naziotasunarekin batera atzerriko naziotasunen bat duenak adingabe denetik, Espainiako naziotasunaren galera inskribatzeko, behar bezala egiaztatuko da, aurreko artikuluak zehaztutakoaren arabera, zein den interesdunari bere adingabetasunetik eratxiki zaion atzerriko naziotasuna, eta beren beregi Espainiako naziotasunari uko egiten diola.

234. artikulua.

Atzerriko herri batzuetan Espainiak kontsulatuetako edo diplomaziako funtzionariorik ez duenez gero, horietan lekapen- edo gaikuntza-eskaerak egin ahal izango dira, Justizia Ministerioari zuzendutako eta behar bezala kautotutako agiriaren bidez.

235. artikulua.

Bizilekuaren edo herritartze-agiriaren ondorioz naziotasuna eman eta emate hori kopiatzen denean, edo aukera nahiz berreskuraketa inskribatzen denean, beren beregi ohartaraziko da interesdunaren seme-alabek, haren guraso- ahalaren menpe daudenek, Espainiako naziotasuna aukeratzeko eskubidea dutela, Kode Zibilaren 19 eta 20. artikuluen arabera.

236. artikulua.

Auzotasunari buruzko inskripzioetan, eta, zehatzago, horien testuan edo orri-bazterreko ohar osagarrian, auzotasun zibilaren aldarazpenak ukitutako gainerako subjektuen jaiotza aipatuko da, haien izen-abizenak zehaztuta.

237. artikulua.

Ukitutako pertsona horien jaiotza-inskripzioetan, erreferentzia-oharra egingo zaio auzotasunaren inskripzioari, inskribatutako egitatea eta titularraren izaera aipatuta.

II. KAPITULUA

Ezkontzen atala

I. ATALA

Epailearen aurrean edo epailearen ordez diharduen funtzionarioaren aurrean ezkontzea

238. artikulua.

Ezkondu aurreko espedientearen izapidetza egiteko, eskuduna da epaile arduraduna edo bake epailea, edo Kontsulatuko Erregistro Zibileko arduraduna, ezkontideetatik edozeinen egoitza non izan eta bertakoa.

239. artikulua.

Bake epailea eskuduna da, arduradunaren zuzendaritzapean eta horrek emandako eskuordetzaren ondorioz, ezkondu aurreko espedientearen izapidetza egiteko, eta ezkontza baimendu edo ukatzeko.

Bake epaileak espedientearen alde emandako autoa irmoa izanik, interesdunek alkateari ezkontza baimentzeko eskatzen badiote, horren aurrean egingo da; alkateak akta egingo du, Kode Zibilean eta legeria honetan agindutako betekizun guztiekin, eta herriko Erregistroari berehalakoan bidaliko dio akta hori, ezkontza inskribatzeko.

240. artikulua.

Espedientea hasten da idazki zehatz bat aurkeztuta; idazki horrek barnean hartuko ditu:

1. Ezkongaien nortasun-aipamenak, baita lanbidea ere.

2. Hala denean, aurretik izandako ezkontidearen edo ezkontideen izen-abizenak eta ezkontza desegiteko data.

3. Ezkontzeko eragozpenik ez dagoelako adierazpena.

4. Hala denean, ezkontza egiteko aukeratu den epaile edo funtzionarioa.

5. Ezkongaiek azken bi urteetan zein herritan izan duten bizilekua edo egoitza.

Idazkia lekuko batek sinatuko du, ezkongaiaren eskabidez, horrek ezin badu sinatu.

241. artikulua.

Idazkiarekin batera, jaiotza-froga aurkeztuko da, eta, hala denean, aurreko loturak desegiteari buruzko froga, emantzipazioa edo lekapena; lekapen horrek ez du nahitaez ondorioztatzen bestelako eragozpen edo oztoporik ez izatea.

242. artikulua.

Alegazio- edo froga-arazoak gertatu eta horiek ongitu behar badira, ezkongaiei adieraziko zaizkie, berrespen-unean edo haiek atzeman direnean. Ezkongaietako batek espedientearen izapidetza zein erregistrotan egin eta erregistro horren mugapean egoitzarik ez badu, berrespena egin ahal izango du Espainiako beste erregistro zibil batean agertzearen bidez edo ahalorde bereziaren bidez.

243. artikulua.

Ediktuak edo aldarriak, hamabost eguneko epean, interesdunen herrietan bakarrik argitaratuko dira, interesdunok azken bi urteetan herri horien mugapean izan badute bizilekua edo egoitza, eta herriok zuzenbideko 25.000 biztanle baino gutxiago badituzte azken errolda ofizialaren arabera, edo Matrikula Erregistroan 25.000 lagun baino gutxiagoko kontsulatu espainiar baten mugapeari badagozkio.

Ediktuek ezkontza iragarriko dute 240. artikuluan jasotako aipamen guztiekin batera, eta, norbaitek eragozpenen baten berri izanez gero, hori salatzeko agindeia egingo zaio.

Izapidegilearengandik komunikazioa jasotzen duten arduradunek hari itzuliko dizkiote ediktuak, behin aipatu epean ediktuok iragarki- taulan finkatu ondoren; horrekin batera ziurtatuko da betekizun hori bete dela, eta eragozpenen bat salatu den ala ez.

244. artikulua.

Interesdunek azken bi urteetan bizilekua izan badute aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten herrietan, ediktuei edo aldarriei buruzko izapidetzaren ordez entzunaldia egingo zaio, gutxienez, ezkongai baten edo bestearen ahaide, adiskide edo hurbileko bati. Pertsona hori izapidegileak aukeratuko du, eta aukeratutako horrek uste osoz adierazi beharko du egin-asmo den ezkontzak ez duela inolako lege-debekurik hausten; bestela, faltsutze-zigorra ezarri ahal izango zaio.

245. artikulua.

Ediktuen edo ordezko eginbideen izapidetza egin bitartean, proposaturiko edo ofizioz erabakitako frogak egingo dira, horiek ezkongaien egoera, gaitasuna edo egoitza edota beharrezkoak diren bestelako gorabeherak egiazta ditzaten.

Izapidegileak uste badu ezkongaietako batek urritasun edo anomalia psikikoak dituela, aditu gisa irizpen egokia eskatuko dio Erregistro Zibileko medikuari edo horren ordezkoari.

246. artikulua.

Izapidegileak, idazkariaren laguntzarekin, bi ezkongaiek esan beharrekoa entzungo du, isil-gordean eta bananduta, ezkontza egiteko lotura-eragozpenik edo lege-eragozpenetatik beste edozein ez dagoela ziurtatzeko. Ezkongaietako batek izapidegilearen mugapean egoitzarik ez badu, bere egoitza non izan eta bertako Erregistro Zibilean burutu ahal izango da hari egin beharreko entzunaldia.

247. artikulua.

Fiskaltzak eta partikularrek ezkontza egiteko eskariaren berri izanez gero, betebeharra dute horren inguruko edozein eragozpen edo oztopo salatzeko, horrelakorik jakin badakite. Izapidegileak lege-eragozpenaren berri izanez gero, ezkontza egitea ukatuko du.

Ezkontza egiteko onespen- edo ukatze- autoaren aurka, gobernu-bidean errekurtsoa jar daiteke, espedienteetarako orokorrean ezarri diren erregelen arabera.

248. artikulua.

Ediktuak, euren lekapena edo ordezko eginbideak argitaratu direnetik urtebete igaro bada ezkontza egin gabe, hori ezin izango da egin, beste argitalpen, lekapen edo eginbide batzuk egin ezean.

249. artikulua.

Ezkontza egitearen aldeko autoa irmoa izanda, ezkontza hori egingo da, zerbitzuaren beharrizanek hori ahalbidetzen duten neurrian, ezkongaiek aukeratutako egun eta orduan; horiek, gutxienez, hilabeteko aurrerapenarekin zehaztuko dira. Ezkongaiek hala eskatuz gero, espedientea amaitu eta hurrengo hiru egunetan egingo da ezkontza, arduradunak zehaztutako egun eta orduan.

250. artikulua.

Hasierako idazkian edo espedientearen izapidetza egin bitartean, ezkongaiek eskatu badute adostasuna beste erregistro zibil bateko arduradunaren aurrean ematea, izapidegileak emandako eskuordetzaren bidez, orduan, behin izapidegileak espedientea amaitu eta gero, hori ezkontza egiteko aukeratu den arduradunari bidaliko zaio; horrek ezkontza baimendu eta bere Erregistroan inskripzioa besterik ez du egingo.

251. artikulua.

Lehen auzialdiko epaile bat baino gehiago duten herrietan, epaile horietatik edozein, epaile dekanoak izendatuta, izapidegilearen ordez jar daiteke, behin horrek ezkontzaren alde emandako autoa irmoa izanik, adostasuna emateko unean eta idazkuna Erregistroan egitean.

252. artikulua.

Ezkongaiek adierazi badute atzerrian ezkondu nahi dutela ezkontza zein tokitan egin eta toki horretako legeak ezarritako formaren arabera, eta, lege horren aginduz, ezkontzeko gaitasuna adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar bada, espedientea amaitzen denean ezkontzaren aldeko autoa irmoa izanik, izapidegileak haiei emango die ziurtagiria.

Ziurtagiri hori baliozkoa izango da beraren datatik sei hilabetera bakarrik.

253. artikulua.

Agintari edo funtzionarioak eskumena duenean heriotza-arriskuan dagoenaren ezkontza baimentzeko, akta egokia egingo du, eta akta horrek inskripzioa egiteko beharrezkoak diren inguruabarrak izan beharko ditu.

Erregistro Zibileko eskuordea izendatzen denean erregelamendu honen 71. artikuluko 6. zenbakiak xedatutakoaren arabera, horrek eskumena du ezkontza baimendu eta ezkontza-akta egiteko.

Bake epaileak ez dio jarraibiderik eskatu behar arduradunari, kasuaren presak hori eragozten badu; baina berehala emango dizkio baimendutako ezkontzaren inguruko kontu-arrazoiak.

254. artikulua.

Ezkontza egiteko akta zibilean, ezkongaiek aitortzen badute ezkontzaren aurretik seme-alabak izan dituztela, jaiotza-inskripzioen datuak adierazi beharko dituzte, orri-bazterreko ohar egokiak sustatzeko.

II. ATALA

Ezkontza Erregistro Zibilean inskribatzea

255. artikulua.

Ezkontza Erregistroaren bulegoetan euretan egin bada, aurretiazko espedientearen ondorio bezala, ezkontzaren akta inskripzioa bera izango da; inskripzio horretan agerraraziko dira Erregistro Zibilaren Legean eta Erregelamenduan ezarritako inguruabarrak, ezkontza egiteko aginduzkoak diren eginbideak bete direla aipatu gabe.

256. artikulua.

Kode Zibilaren 63. artikuluan eta erregelamendu honen 239, 252 eta 255. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ezkontzak inskribatuko dira, baldin eta egitatearen egiatasunari eta legezkotasunari buruz zalantzarik ez badago Espainiako legearen arabera, eta ezkontzok ondoko agirietatik edozeinetan jasota badaude:

1. Arduradun edo funtzionarioak eskumena duenean heriotza-arriskuan dagoenaren ezkontza baimentzeko, horrek egindako aktan.

2. Elizak edo beste erlijio bateko agintariak luzatutako ziurtagirian, ezkontza egiteko forma hori Espainiako legearen arabera behar bestekoa bada.

3. Ezkontza zein herritan egin eta herri horretako agintari edo funtzionarioak luzatutako ziurtagirian.

4. Funtzionario eskudunak luzatutako ziurtagirian, horrek egiaztatzen duenean bi atzerritar Espainian ezkondu direla, horietatik edozeinen lege pertsonalak ezarritako forma beteta.

Inskripzioa egiteko tituluak izango dira, kasu horietan guztietan, aipatu agiria eta adierazpen osagarri egokiak.

257. artikulua.

Beste edozein kasutan, espedientearen bidez bakarrik inskribatu ahal izango da ezkontza; espediente horretan, ezkontza forma egokiz egin izana eta eragozpen eza behar bezala egiaztatuko dira.

258. artikulua.

Ezkontzaren inskripzioan jasoko da ezkontza zein ordu, data eta lekutan egin den, ezkongaien nortasun-aipamenak, eskueslearen izena, abizenak eta izaera, eta, hala denean, ezkontza egiteko erlijio-ziurtagiria edo akta zibila.

Ahalorde bidezko ezkontzaren inskripzioan adieraziko da zein den ahalorde- emailea, ahaldunaren nortasun-aipamenak, eta ahalordearen data eta eskueslea; interpretatzailearen bidez egindako ezkontzaren inskripzioan, haren nortasun-aipamenak, ezkontzaren hizkuntza eta itzulpena jaso duen ezkongaia.

259. artikulua.

Ezkontza-inskripzioaren aurreko jardun eta agiri guztiak kasuan kasuko atalaren paper-sortan artxibatuko dira.

III. ATALA

Ezkontzaren lekapenak

260. artikulua.

Eragozpenen lekapena, bai eta ediktu eta aldarriak argitaratzeko lekapena ere, eskatu ahal izango da, baldin eta bi kasuetan arrazoi zuzena behar beste egiaztatuta badago.

Eskatzaileak berak aipatu arrazoiak egiaztatuko ditu, banakakoak, familiakoak nahiz gizartekoak, eta, hala denean, eragozpenari buruzko froga-abiaburua ekarriko du.

261. artikulua.

Espedientean beti gauzatuko dira legez nahitaezko diren entzunaldiak.

Horien izapidetza isil-gordean egingo da, eta inoiz ez da eskatuko haren presari begira proportziorik ez duen eginbiderik.

Alboko ahaideen artean hirugarren graduko eragozpena lekatzeko, eskaeran argi eta garbi adieraziko da senar-emazteen genealogia-zuhaitza.

262. artikulua.

Ediktuak lekatzeko espedientea ebatziko du ezkondu aurreko espedientea zein arduradunen agintaritzapean egin behar eta arduradun horrek.

IV. ATALA

Epaiak eta ebazpenak

263. artikulua.

Ebazpen judizialen inskripzioek zehaztuko dute haien norainokoa, bai eta dibortzioaren, deuseztasunaren edo banantzearen arrazoia, ezkontideen onustea edo gaitzustea, eta guraso-ahalari eta seme-alaben zaintzari buruzko zehaztapenak.

Deuseztasun-epaiari buruzko inskripzioan, ezkontza-inskripzioaren ezereztea adieraziko da.

264. artikulua.

Inskripzioak egiten dira, jaiotza zein erregistro zibiletan inskribatuta egon eta erregistro zibil horri ofizioz bidalitako lekukotzaren bidez, lekukotza ebazpen judizialari buruzkoa izanik.

Arduradunak sustatuko du, hori ere ofizioz, bere Erregistroan edo beste batzuetan jartzea, 180. artikuluak aipatu bezala, guraso-ahalaren aldaketari buruzko erreferentzia-oharrak.

265. artikulua.

Ezkontza kanonikoaren deuseztasunari buruzko ebazpenak eta ezkontza ratoari buruzko erabaki pontifizioak inskribatzeko, nahitaezkoa da aurretik epaile zibil eskudunak haien betearazpena erabakitzea.

Deuseztasun, banantze edo dibortzioari buruzko atzerriko epaiak inskribatzeko, nahitaezkoa da Espainian horiek aitortzea prozesuko legeek xedatutakoaren arabera.

V. ATALA

Ondasun-eraentzari buruzko aipamenak

266. artikulua.

Ezkontza-sozietatearen ondasun-eraentzari buruz Erregistroan aipamenak egiten direnean, aipamen horiei inskripzioen erregelak aplikatzen zaizkie, erregela berezirik izan ezean.

Interesdunak hala eskatuta bakarrik egingo dira aipamenok.

Ezin da aipamenik egin jadanik inskribatuta dagoen egitateari buruz; egindako aipamena ofizioz ezereztuko da, inskripzioa aipatuta, eta inskripzio horrek, berez duen balioaz gain, Erregistroko aipamen-balioa izango du.

Aipamenean egitatearen izaera jasoko da, eta, hala denean, ondasun-eraentza berriaren izena, idazkuna egitea eragin duen agiri kautoa edo ebazpena, eta, nabariro, hark duen aipamen-izaera.

Titulua aurkezleari itzuliko zaio, sinatutako oharrarekin batera, eta ohar horretan agertuko da aipamena zein Erregistro, liburuki eta foliotan jasotzen den.

Ezkontzako itunek eta ondasun-eraentzaren gain eragina duten gainerako egitateek inskripzioak sorrarazten badituzte beste edozein erregistrotan, inskripzio horietan adieraziko da egitatea zein erregistro zibil, liburuki eta foliotan agertzen den inskribatuta edo aipatuta. Ziurtagiriaren, Familia Liburuaren edo aurreko lerrokadak aipatutako oharraren bidez egiaztatuko dira nahitaezko datuak; horiek egiaztatu ezean, inskripzioa eten egingo da, ongitzeko moduko akatsaren ondorioz.

Ezkontzako itunetan beti jasoko da egindako ezkontza zein erregistro zibil, liburuki eta foliotan dagoen inskribatuta.

Ezkontza oraindik ez bada egin, egilesleak behartuta daude, hala denean, datu horiek notarioari egiaztatzera, ezkontzari buruzko ziurtagiriaren bidez edo Familia Liburua erakustearen bidez, eta notarioak datuok jasoko ditu, oinean egindako oharraren bidez edo eskritura-matrizearen orri-bazterrean; notarioak betebehar horren inguruko ohartarazpena egingo die egilesleei.

Notarioek, notario-legeriak baimendutako kasuetan, ezkontzako ondasun-eraentzaren gain eragina duten hizpaketen kopiak luzatuko dituzte, eta, bereziki, horiek luzatuko dizkiote eskatzaileetatik edozeini, eskatzaile horrek froga-abiaburua aurkezten badu, eta abiaburu horren bidez egiaztatzen bada ezkontideetatik edozeini begira ondare- eskubide baten titularra dela.

VI. ATALA

Isilpeko ezkontzak

267. artikulua.

Isilpeko ezkontza, hori egiteko legezko forma edozein izanda ere, Liburu Berezian inskribatuko da.

Kode Zibilaren 54. artikuluak aipatutako baimena Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta emango da.

Aktak ez du inolako idazkunik sorrarazten inskripzio-liburuetan, eta beraren jatorrizkoa berehala eta isil-gordean bidaliko da Erregistro Zentralera.

268. artikulua.

Inskripzioa isilpekoa da, baina ezkontideetatik edozeinek hori egiazta dezake, bere kabuz edo ahalorde berezia duen mandatariaren bidez, adierazpena eta azterketa eginez.

Isilpean gordetzeko betebeharra ezkontideengana hedatzen da, bi-biok sekretua zabaltzea adosten ez duten bitartean, eta hedatzen da, orobat, ezkontza edo inskripzioa egiteko eginbideetan esku hartzen dutenengana.

Ezkontideak ez dira aipatuko betetze- komunikazioetan, horiek Elizako agintariari edo arduradun bidaltzaileari zuzenduta daudenean, ezta liburu-egunkarietan ere.

269. artikulua.

Argitalpenaren eskaera edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango da.

Hala denean, horrekin batera, aurrez hildako ezkontidearen heriotza-froga aurkeztu beharko da.

270. artikulua.

Isilpeko ezkontza zuzenean inskriba daiteke Erregistro arruntean, horren argitalpena eska dezaketenek hala adierazita, baldin eta, eskaeran, Erregistro Zentraleko arduradunak eginbidearen bidez aipatzen badu, hura inskribatzeko ziurtagiria edo akta ikusita, isilpeko ezkontza Liburu Berezian inskribatu gabe dagoela.

VII. ATALA

Ezkontzari buruzko idatzoharrak

271. artikulua.

Ezkontzari buruzko idatzoharra egin beharko da, baldin eta espedientearen bidez edo 256. artikuluak aipatu agirietatik edozeinen bidez ezkontza hori jaso bada, eta ezin bada inskribatu Kode Zibilaren arabera ezkontzaren baliozkotasunerako nahitaezko diren betekizunak ez betetzeagatik edo betekizunok behar bezala ez egiaztatzeagatik.

272. artikulua.

Alderdietatik edozeinek eska dezake deuseztasun, banantze edo dibortzioari buruzko demandaren idatzoharra egitea, hori onartzen duen lekukotza aurkeztuta.

III. KAPITULUA

Heriotzen atala

273. artikulua.

Adierazpena heriotza gertatu eta berehalakoan egingo da.

Adierazpena egiteko betebeharrak eragina du laugarren gradurainoko odolekoengan eta bigarren gradurainoko ezkontza-ahaideengan.

274. artikulua.

Hildakoari bere azken gaixotasunean lagundu dion adituak edo hilotza aztertu duten adituetatik beste edozeinek berehala bidaliko dio heriotzaren partea Erregistroari, eta, parte horretan, izenaz, abizenez, izaeraz eta hori sinatzen duenaren bazkide-zenbakiaz gain, jasoko dira heriotzaren zeinu nabariak, haren arrazoia, eta, inskripziorako nahitaezkoa den zehaztasunarekin, heriotzaren data, ordua eta lekua, eta hildakoaren nortasun- aipamenak, hori norberarentzat ezaguna bada edo egiaztatutakoa bada; azken kasu horretan, aztertutako agiri ofizialak edo datuok egiaztatzen dituen pertsonaren nortasun-aipamenak aipatuko dira, eta pertsona horrek ere partea sinatuko du.

Indarkeriazko heriotzaren zantzuak badaude, horiek presaz eta bereziki komunikatuko zaizkio arduradunari.

275. artikulua.

Erregistro Zibileko medikua atxikita duten erregistroetan, mediku horrek frogatuko ditu, gorpuaren azterketa eginez, partearen gorabeherak, eta horren hutsuneak beteko ditu, horretarako, gutxienez, lau ordu izanik.

Halako medikurik ez duten erregistroetan, arduradunak, inskripzioa egin aurretik, parte egokia eskatuko dio behartuta dagoen medikuari, inskripzioaren presak hori ahalbidetzen duen unean, eta parte hori eskuratzen ez badu edo adierazleak emandako informazioarekin bat ez badator, Erregistro Zibileko medikuaren ordezkoak egiaztatuko du egitatea, horrek nahitaezko partea berretsiz edo hori ordeztuta.

Erregistro Zibileko medikuak edo hurbilen dagoen ordezkoak, ordezko hori bi kilometro baino gehiagotara dagoen herrian bizi bada, adieraz dezake ezin dela bertara joan. Egiaztapena, kasu horretan, arduradunak edo bake epaileak aukeratu bezala egingo da, alegia, berorrek, arlo horretan betebehar eta gaitasun berberak dituen norbaitek, edo, haren erantzukizunpean, gai diren bi eskuordek egingo dute; emaitza eginbidearen bidez akta bananduan jasoko da.

Kontsulatuetako erregistroetan, parte egokirik izan ezean, aurreko lerrokadak aipatutako ordezko egiaztapenera joko da.

Informazioa akastuna bada edo informazio horrek zalantza oinarridunak sorrarazten baditu, arduradunak, bere kabuz edo adituaren laguntzarekin, egiaztapen egokiak egingo ditu inskripzioa egin aurretik.

276. artikulua.

Ehorzketa-baimena inskribatzeko nahiz luzatzeko egiaztapenak eta gainerako eginbideak heriotzaren osteko hogeita lau orduetan egingo dira.

277. artikulua.

Inskripzioa egin daiteke, edozein kasutan eta hurrengo artikuluak xedatutakoari kalterik egin gabe, agintari judizialak emandako epai edo aginduaren bidez, epai edo agindu horrek, inolako dudarik gabe, heriotza baieztatzen badu.

278. artikulua.

Gorpua desagertu edo hobiratu bada, heriotza-zantzua ez da nahikoa inskripzioa egiteko; aitzitik, beharrezkoa da ziurtasuna izatea, arrazoizko zalantza guztiak baztertzeko.

Hala denean, agintari judizialak heriotzari buruzko eginbideen izapideak egin eta agindua eman baino lehen, Fiskaltzak horren aldeko txostena eman behar du, eta, agintari judizial militarraren kasuan, kontu-hartzaileak eman behar du txostena; agintaria atzerrikoa bada, espediente egokiaren izapidetza egingo da, inskripzioa egin ahal izateko.

Espedientean edo eginbideetan inguruabarrak zehazteko, kontuan hartuko dira berreratze-kasuetarako agindutako frogak.

279. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatu baldintzetan, heriotza gertatu bada kanpainan edo gatibualdian, heriotza hori espedientearen bidez inskribatuko da. Espediente horren gaineko izapideak eta ebazpena lege honen arabera burutuko dira, gobernu-bidean geroko errekurtsorik izan gabe; espedientearen gaineko ardura izango du kasuan kasuko eskualde, gune edo saileko agintaritza judizial militarrak, eta, hori izan ezean, lehenengokoak edo Zentralak, eta beti aurretiaz kontu-hartzaileak horren aldeko txostena emango du.

280. artikulua.

Heriotza-inskripzioan bereziki jasoko dira:

1. Hildakoaren nortasun-aipamenak.

2. Heriotzaren ordua, data eta lekua.

3. Paper-sortan parteari edo egiaztapenari jarritako zenbakia.

281. artikulua.

Nortasun-aipamen ezezagunen ordez jarriko dira izenak edo izengoitiak, egiaztapen- zeinuak edo -akatsak, itxurazko adina edo identifikaziorako balio duten beste datuetatik edozein; hildakoarekin batera aurkitutako arropak, paperak edo bestelako objektuak eginbidearen bidez aipatuko dira folio bakartuan.

Heriotzaren ordua, data eta lekua ezin badira adierazi, heriotza zein alditan gertatu eta aldi horren gehieneko eta gutxieneko mugak, eta hildakoaren kokapenari dagokion lehenengo leku ezaguna aipatuko dira.

Inskripzioa osatu egingo da, eta, hala denean, heriotza-lekua jakinda, Erregistro eskudunera lekualdatuko da, epaiaren, gobernu-espedientearen edo agintari judizialak emandako aginduaren bidez.

Aurrekariak Fiskaltzari emango zaizkio, horrek espediente egokia susta dezan, helburu horretarako prozedurarik edo behar besteko eginbiderik ez badago aribidean.

282. artikulua.

Hobiratze lege eta erregelamenduekin bat etorriko da, denborari, lekuari eta gainerako formalitateei dagokienez.

Baimena emango da arduradunak inskripzioa egin edo agintari judizialak eginbide egokien izapidetza bukatu eta berehalakoan; baimen hori dela medio, edozein lekutan egin ahal izango da hobiratzea, leku hori aipatu gabe.

Heriotza egiaztatu ondoren, eta inskripzioa egin aurretik edo ondoren ere, hobiratzea zein tokitan gauzatu behar eta toki horretako arduradunak ere baimena eman ahal izango du, arduradun hori eta inskripzioa egin behar duena desberdinak badira.

Inskripzioan edo orri-bazterreko oharraren bidez, ehorzketa-lekua aipatuko da, hori agertzen bada heriotza-adierazpenean edota agintaritzak nahiz hilerriaren gaineko ardura duen funtzionarioak emandako ziurtagirian; ziurtagiri hori behar besteko titulua da aipamena aldarazi edo zuzentzeko.

IV. KAPITULUA

Tutoretzen eta legezko ordezkaritzen atala

I. ATALA

Inskripzioak

283. artikulua.

Inskribatzeko modukoak dira tutoretza- edo kuradoretza-karguak, horien aldarazpenak eta kargu horien gaineko zaintza nahiz administrazioari buruzko edo jagoletza nahiz kontrolari buruzko neurri judizialak.

Inskribatzeko modukoak dira, berebat, albazea, gordailuzain, administratzaile eta kontu-hartzaile judizial, sindiko edo bestelako ordezkarietatik edozeini buruzko karguak, horiek izendapen berezia badute, eta ondare zehatz bat administratu eta zaintzeko ardura bereganatzen badute.

284. artikulua.

Ez dira inskribatu behar:

1. Guraso-ahala eta horren aldarazpenak, dela Erregistro Zibileko lehenengo atalaren inguruan zehaztutakoari kalterik egin gabe, dela adingabeentzat izendatutako administratzaileen inskripzioari kalterik egin gabe.

2. Pertsona juridikoen ordezkaritzak edo pertsona horiek likidazioan duten ondareari buruzko ordezkaritzak.

3. Borondatezko ahalordeak.

285. artikulua.

Ondasun gehienen egoitza eta lekua, Espainia barruan egon zein kanpoan egon, kudeatzaileak edo legezko ordezkariak egindako adierazpenaren bidez nahiz beste edozein bidetatik egiaztatzen dira, Erregistro eskuduna zein den erabakitzeko.

286. artikulua.

Karguak inskribatzen dira, behar besteko lekukotza judizialaren bidez edo beste agiri publiko baten bidez, agiri horrek karguaz jabetzea egiaztatzen badu.

Kausatzaileak utzitako ondasunen administratzailea inskribatzeko, nahitaezkoa da karguaren onarpena egiaztatzea, kautotutako sinadura duen agiriaren bidez; ez da beharrezkoa hori egiaztatzea, izendatutakoak berak idazkuna sustatzen badu, hori bere sinadurarekin jasoko baita idazkunean.

287. artikulua.

Tutoretza, kuradoretza edo legezko ordezkaritza bakoitzari buruz folioa irekiko da Erregistroan, harekin zerikusia duten nahitaezko inskripzioetatik lehenengoa egitean; ostekoei dagokienez, orri-bazterreko inskripzioei buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Erregistroko arduradunak, inskripzio nagusia egin eta batera, folioak izan beharreko orrialde-kopurua zehaztuko du, eta eginbidearen bidez hori jasoko du azken orrialdearen oinean, horretan inskripzio nagusia aipatuta.

Inskripzio bakarrak egingo dira zenbait neba-arrebarentzako babes-erakundeari buruz.

Absentearen legezko ordezkaritza inskribatuko da, defendatzailearentzat irekita dagoen folioan, aurretiaz kargu hori inskribatuta egon bada.

288. artikulua.

Lehenengo inskripzioan adieraziko dira babespekoaren nortasun-aipamenak, eta, era berean, ordezkaritza eratu baino lehenago, horren menpe jarritako ondareen titular zirenen nortasun-aipamenak.

Orri-bazterreko idazkunetan izen-abizenak bakarrik adieraziko dira.

Lehenengo inskripzioan edo horren orri-bazterrean aipatuko dira haren jaiotza nahiz ezgaiketari buruzko inskripzioa, absentzia-adierazpena, heriotza-adierazpena edo legezko ordezkaritza eragin duen bestelako egitatea.

Halaber, orri-bazterreko oharraren bidez aipatuko da, garaia denean, tutoretzaren, kuradoretzaren edo ordezkaritzaren azkentzea dakarren egitateari buruzko inskripzioa, hori Erregistroko beste folio batean egiten denean.

289. artikulua.

Inskripzioan bereziki adieraziko da:

1. Karguen izaera, eta ordezkaritza pertsona bat baino gehiagoren ardura den eta zein neurritan.

2. Tutoretzapean edo ordezkaritzapean dagoenarekin izandako ahaidetasuna, hori izendapena egiteko arrazoia bada.

3. Izendapen-tituluan emandako ordezkaritza-ahalmenak eta era berean ezarritako mugapenak, horiek jasotzen ez badira legezko ordezkaritza eragin duen egitateari buruzko inskripzioan.

4. Karguaz jabetzeko data.

Aldarazpenari buruzko inskripzioan haren norainokoa adieraziko da.

II. ATALA

Idatzoharrak

290. artikulua.

Idatzoharraren bidez jasoko da:

1. Inbentarioaren izatea edo desagertuaren tutoreak nahiz defendatzaileak eratutako ondasunen deskripzioak, eta inbentarioen izatea, ondasunen deskripzioak, eskualdaketa eta kargei buruzko eskriturak, edo banaketa nahiz adjudikazioei buruzkoak, eta Kode Zibilaren 198. artikuluak aipatutako protokolatze- aktak.

2. Tutoreari eskatutako berme edo fidantzaren aurkezpena edo aldarazpena.

3. Fruituak mantenuaren truk konpentsatu direla jasotzen duen adierazpena.

4. Tutoreak emandako kontu-arrazoiak.

Kontuok Erregistroko bulegoan gordailatuko dira, eta horiekin paper-sorta bereziak eratuko dira, babes-erakundeen arabera antolatuta; paper-sortok ehun eta berrogeita hamar urtetan iraunaraziko dira.

291. artikulua.

Luzatu gabe inskripzioa sustatzera behartuta daude:

1. Epailea.

2. Tutorea edo kuradorea.

3. Desagertuaren defendatzailea edo absentearen legezko ordezkaria.

4. Fiskaltza.

Agintari eta funtzionarioek, euren karguen ondorioz, idatzoharraren bidez jaso ez diren egitateen berri badute, behartuta daude horiek Fiskaltzari komunikatzera.

292. artikulua.

Idatzohar horiek lekukotzaren bidez egin daitezke, lekukotza horrek jasotzen badu ebazpen judizial egokia edo funtzionario eskuesleak modu ofizialean bidalitako partea.

Idatzohar horietan bereziki jasoko dira:

1. Kasuan-kasuan, agertzaile eta egilesleen nortasun-aipamenak, lekua, data eta funtzionario eskueslea.

2. Inbentario eta banaketei buruzko idatzoharretan, ondasunei tituluan emandako balio osoa.

3. Eskualdaketa eta kargei buruzko idatzoharretan, baimen judiziala ematen duen autoa, eta 4. Fidantza emateko idatzoharrean, fidantza hori zein ondasun-motatan eratu den, eta, pertsonala izanez gero, fidatzaileen nortasun-aipamenak.

VI. TITULUA

ZUZENKETA ETA BESTELAKO PROZEDURAK

I. KAPITULUA

Zuzenketa

I. ATALA

Erregela bereziak

293. artikulua.

Inskripzioak ezin dira zuzendu prozesu penalean emandako epaiaren bidez; hala ere, inskripzio horiek epaiak frogatutzat adierazi dituen egitateekin bat ez badatoz, gobernu-espedientearen bidez zuzenduko dira.

294. artikulua.

Jaiotza-inskripzioan sexuaren aipamena zuzentzeko, ikertuko da:

1. Inskripzioaren gainerako inguruabarrek nortasuna ezartzen duten.

2. Beste pertsonarik dagoen edo egon den halako inguruabarrekin eta aipatu sexuarekin.

3. Zuzenketak ukitzen duen pertsona beste idazkun batean behar bezala inskribatuta ez dagoen, eta

4. Inskribatutakoaren sexua, Erregistro Zibileko medikuak edo horren ordezkoak emandako irizpenaren bidez.

295. artikulua.

Bidezkoa da akatsak zuzentzea, baldin eta akatsok agiri publiko nazionaletik edo atzerriko nahiz Elizako agiri publikotik badatoz, eta jatorrizkoa edo matrizea, aldi berean, legezko prozedura egokiaren bidez zuzendu bada.

Erregistroko legeriak akta soil edo bikoiztu zehatz batzuk onartzen ditu, akton bidez inskripzioak egin daitezen; akta horiek zuzentzeko, kasuan kasuko idazkunetarako finkatuta dauden prozedurak erabiliko dira.

II. ATALA

Inguruabarrak eta idazkunak osatu edo ezabatzeko espedienteak

296. artikulua.

Gobernu-espedientea nahikoa da, sinatutako inskripzioen datuak eta inguruabarrak osatzeko:

1. Egitatearen inskripzioa espedientearen bidez egin daitekeenean.

2. Adierazpenak edo aipamenak jaso ez direnean, horiek okerrekoak izanez gero, gobernu-espedientearen bidez zuzen badaitezke.

Espediente baten zein bestearen erregelak aplikatzen dira, orobat, inskripzioak osatzeko helburua duen espedientean.

Ez da espedienterik behar, baldin eta inskripzio osagarria adierazpenaren bidez egin badaiteke, legeak edo agiri kautoak zehaztutako kasuetan, denboran eta forman.

297. artikulua.

Gobernu-espedientearen bidez hurrengoak bakarrik ezaba daitezke:

1. Inguruabarrak, horiek jasotzea nahitaezkoa ez bada legearen edo erregelamenduaren aginduz.

2. Egitateei buruzko idazkunak, egitate horiek Erregistroko gaiak ez badira.

3. Idazkunak eta inguruabarrak, baldin eta horien egitea, idazkunaren arabera, nabariro zilegi ez den tituluan oinarritu bada.

4. Eransketa, argibide, lerroarteko, urradura eta zuzenketa deusezak; idazkuna zati batez suntsitutzat joko da, espedientean irakurri ezin diren datu eta inguruabarrei dagokienez.

III. ATALA

Akats eta hutsegite formalak, eta horien zuzenketa

298. artikulua.

Idazkunen akats formalak dira:

1. Idazkunak, horiei dagokien erregistro, liburu edo folioan barik, beste erregistro, liburu edo folio batean egitea.

Espedientearen gaineko eskumena izango du idazkunok zein erregistrotan egin eta erregistro horrek; ebazpenak idazkunaren edo idazkunen kopia egitea aginduko du, eta idazkunok ezereztu egin beharko dira.

2. Idazkunetan edo aurretiazko eginbideetan funtzionario bateraezinak jardutea, edo, Erregistroan eginkizunen gaineko ardura legitimoa izan ez arren, haiek jendaurrean burutzea.

3. Idazkunak liburu egokitik kanpo egitea edo arretarik edo arauzko ikus-onespenik gabe eratutako liburuan; edota idazkunok elkarren segidan edo tarte egokietan ez egitea.

4. Adierazpena, adierazlea, lekukoak edo idazkunak zein agiriren ondorioz egin eta agiri hori ez aipatzea edo okerretara aipatzea.

5. Inskripzioen data, inskripzioak baimendu dituztenen izenak edo legez nahitaezko diren sinadurak ez agertzea.

6. Onartu gabeko laburdurak edo zifrak erabiltzea, gaztelaniaz besteko hizkuntza bat erabiltzea, karaktereak irakurtzeko zailak izatea eta kontzeptuak gaizki adieraztea, baldin eta horien edukiari buruz zalantzarik ez badago inskripzio zehatzaren edo beste batzuen testuinguruaren ondorioz. Idazkun horiek suntsitutzat joko dira irakurtezinak diren neurrian.

299. artikulua.

Idazkunek egitateen fede eman eta egitate horiek behar bezala egiaztatzeko, nahitaezkoa da inskripzioa egiteko behar bestekoak diren tituluak aurkeztea, edo idazkun akastun horien bitartez bete-betean egiaztatzea artxibatutako agiriak edo titulu egokiaren bidez erabilitako bestelako baliabideak.

Egitateak egiaztatuta daudela uste da:

1. Egoki ez diren liburu edo erregistroetan jasota daudenean.

2. Legitimoa ez den funtzionarioak esku hartzen duenean, eginkizuna arreta eta trebetasun arruntekin burutu badu.

3. Gainerako hutsegiteetan, baldin eta, behintzat, sinatutako inskripzioa liburuan eta elkarren segidako hurrenkeran egin bada, adierazpena edo agiri kautoak behar bezala agerrarazita, inskripzioa horien bidez eginik.

Aurreko hiru kasuetan, interesdunei horien berri eman dakieke orokorrean.

300. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak adieraz dezake gaztelaniazko itzulpena ez dela beharrezkoa, baina itzulpen hori egin beharko da, interesdunak hala eskatzen badu; ziurtagiriak beti luzatuko dira itzulita.

Kasu horietan, itzulpena egingo du, espedienterik gabe, arduradunak edo aditu-titulu egokia duen funtzionarioak, itzulpena Fiskaltzak ikusita.

Beharrezko ez izate hori inskribatzeko modukoa izango da, espediente horien ebazpenak bezala.

301. artikulua.

Gobernu-espedientea nahikoa da, jadanik inguruabar berberekin inskribatuta dagoen egitateari buruz inskripzioa ezerezteko; ezerezte-idazkunean idazkun zaharra aipatuko da, eta idazkun horretara kopiatuko dira ezereztutako inskripzioaren orri-bazterreko idazkunak.

Inskripzio bat beste batekin bat ez badator bi-biok egitateen fede eman eta egitate horiei dagokienez, zuzenketa epaiketa arruntean bakarrik lortu ahal izango da, eta horren idatzoharra bi folioetan egingo da, Fiskaltzak hala eskatuta.

302. artikulua.

Espedienteen gaineko ebazpenek idazkunen akats formalak edo liburuak egiteko moduan egindako hutsegiteak bakarrik adierazi eta zuzenduko dituzte, hala denean, arau-haustearen norainokoa zehaztu gabe, idazkunen eragingarritasunari dagokionez.

303. artikulua.

Liburuak egiteko moduan hutsegiteak gertatzen dira, eta hutsegite horiek ez dute zuzeneko eraginik inskripzioen gain:

1. Liburuen formatu-akatsak badira.

2. Idazkunak edo orrialdeak zenbatzean edo modu alfabetikoan aipatzean burutu badira. Akatsak asko izanez gero, berriro alderantziz zenbatzea erabakiko da, tinta ezberdinez eta aurreko zenbaketa ezabatu gabe; inskripzioen alderantzizko zenbaketa ez da gauzatuko, itxiera-eginbidea gauzatu arte.

Akatsak zuzentzeko espedienteak sustatzen direnean, nahikoa da interesdunei iragarki orokorra egitea.

304. artikulua.

Ez da espedienterik behar hurrengoak zuzentzeko:

1. Liburuak egiteko moduan gertatutako arau-hausteetatik edozein, irekiera- eginbidean jazotzen denean ere, liburuotan inskripziorik egin ez bada.

2. Itxiera-eginbidea edo aurkibideak jaso ez izana, edo batean zein besteetan burututako arau-hausteetatik edozein.

IV. ATALA

Ebazpenen inskripzioa

305. artikulua.

Ebazpen ukatzaileak ez dira inskribatuko, bai, ordea, idazkunetan akats formalak daudela edo liburuak egiteko moduan hutsegiteak daudela adierazten dutenak, ebazpenok eragina badute sinatutako inskripzioen gain; halaber, inskribatuko dira, zuzenketa-ebazpenak eta inskripzioa osatzen dutenak.

306. artikulua.

Inskripzioa egingo da ebazpenak aipatutako erregistro-folioan, eta inskripzio horrek zehaztuko ditu ezerezten diren adierazpenak edo kontzeptuak eta horien ordez jartzen direnak, ebazpenok zein akats edo hutsegiteren gain duten eragina edo zein inguruabar gaineratzen duten, zuzendu, osatu edo ukitutako inskripzioari erreferentzia eginez.

307. artikulua.

Argitasunaren mesederako, ebazpenean agin daiteke idazkun zaharraren ezereztea, idazkun berri bati erreferentzia eginez; berri horrek, aurreko artikuluak aipatu inguruabarrekin batera, zaharra barnean hartu eta beraren ordez jarriko da. Inskripzio nagusiei dagokienez, dena Erregistroko foliora kopiatuko da.

Era berean aginduko da iraunarazte- bermerik ez duten idazkunak, nekez irakur daitezkeenak eta suntsipennahiz irakurtezintasun-arriskuan daudenak kopiatzea.

Kopiak idazkun asko ukitzen baditu, liburu bereziak irekitzea agindu ahal izango da; ezereztea liburua irekitzeko eginbidearen orri-bazterrean egingo da, liburu horrek indarra galtzen badu, edo, hala denean, ukitutako lehenengo folioaren orri-bazterrean; orriak kolore ezberdineko tintaz gurutzatuko dira, eta ezerezteari eta inskripzio berriari erreferentzia- oharra jarriko zaie Erregistroko folio bakoitzaren orri-bazterrean.

Kopiatutako inskripzio nagusi orok erreferentzia egingo dio inskripzio zaharrari.

308. artikulua.

Liburuen itxiera aginduko da, liburuok akats konponezinak dituztenean; liburuetan indarrean dirauten idazkunak izanez gero, horiek iraunarazteko neurri egokiak hartuko dira, halakoak koadernatuz, komenigarri izanez gero.

309. artikulua.

Akats berberak eragina badu Erregistroko folio bereko zenbait idazkunen gain, nahikoa da zuzenketarako edo adierazpenerako idazkun bat bakarrik egitea, haiek guztiak aipatuta.

Akatsak zenbait folioren gain eragina izanez gero, ebazpena eman duen organoak zuzenketa- edo adierazpen-inskripzioa agin dezake, ukitutako idazkun guztiak aipatuta, irekiera-eginbidearen orri-bazterrean, eta, eginbide hori ez badago edo liburu berriak irekitzen badira, eginbidea burutzeko agindu eta beraren orri-bazterrean; betiere, erreferentzia jarriko da ukitutako folioetan, eta kopiatutakoak zein foliotan jaso eta horietan.

Gauza bera egingo da liburuak egiteko moduan hutsegiteak daudenean, hutsegite horiek inskripzioen gain zuzeneko eragina ez badute; hala ere, idazkuna irekiera-eginbidearen orri-bazterrean egiten bada, folio bakoitzean ez da oharrik jarriko.

310. artikulua.

Inskripzioa zuzendu ondoren, oharraren bidez zuzenduko dira, orobat, inskripzio berean oinarritutako gainerako idazkunak, horiek ere erratuta badaude edo osagabeak badira.

II. KAPITULUA

Epez kanpoko jaiotza inskribatzeko espedientea

311. artikulua.

Epez kanpoko inskripzioa egiteko eskaeran adieraziko da, ikerketa egokia egin eta gero, jaiotza-inskripziorik ez dela aurkitu; bestela, kasuan kasuko ezezko ziurtagiria aurkeztuko da.

312. artikulua.

Espedientean, aurkeztutako frogen bidez edo ofizioz ikertuko da:

1. Aurretiazko jaiotza-inskripziorik ez izatea.

2. Jaioaren nortasuna bera izatea.

3. Inskripzioan jaso beharreko inguruabar guztiak.

313. artikulua.

Jaioaren sexu edo adinari buruz zalantzak izanez gero, Erregistro Zibileko medikuak edo beraren ordezkoak irizpena emango du.

Jaiotzaren urtea eta herria zehazteko, nahikoa da bi pertsonak emandako informazioa, pertsona horiek eurenez edo nabaritasunaren ondorioz haien berri badute; hala ere, egiaztatutako denbora eta lekua gehiago zehaztu daitezen, beste froga batzuk aurkezteko ahaleginak egingo dira.

314. artikulua.

Seme-alabatasunaren kasuan, legeak xedatutakoa hartuko da kontuan.

315. artikulua.

Hogeita hamar egunetik gorako luzapena gertatzen ez bada, espedientera bildu beharko dira:

1. Erditzearen partea, medikuak, emaginak edo osasun-laguntzaile teknikoak sinatuta; edo, parte hori izan ezean, bataio-agiria edo kasuan kasuko erlijioan antzekoa dena.

2. Gurasoen ezkontzari buruzko ziurtagiria, eta, hori ezinezkoa bada, Elizako agiria.

3. Hala denean, ezkontzaren deuseztasun, desegite edo lege-banantzeari buruzko inskripzioaren ziurtagiria edo parte ofiziala, hori behin-behinekoa bada ere, edo senarraren heriotza, absentzia- nahiz heriotza-adierazpena.

Hobeto erabakitzeko eginbideei kalterik egin gabe, hori ulertzen da erroldatze- ziurtagiria espedientera elkartzea bezala, lekuko bidezko froga edo bestelakoak aurkeztu zein zabaltzea bezala.

316. artikulua.

Inskribatu gabe dagoenaren izatea edo nortasuna egiaztatu eta eginbide egokiak burutu ondoren, aginduko da, egiaztatutako inguruabarrekin batera, inskripzioa egitea.

Eskumen ezaren kasuan, jarduna, ebatzi gabe, organo eskudunari bidaliko zaio.

III. KAPITULUA

Suntsitutako inskripzioak berreratzea

I. ATALA

Suntsipen- edo narriadura- kasuetarako neurriak

317. artikulua.

Arduradunak, ezbeharraren kasuan, bere esku dagoen guztia egingo du idazkunak eta agiriak salbatzeko; ondore horretarako, gobernu-agintaritzaren laguntza eska dezake. Suntsipen edo narriadurari buruzko kontu-arrazoiak emango dizkio lehenbailehen Auzitegi Nagusiko lehendakariari.

Ezbeharrak eragina badu Erregistroko folio bat baino gehiagoko inskripzioen gain, Zuzendaritza Nagusiari ere kontu-arrazoiak emango dizkio, eta Auzitegi Nagusiko lehendakariak, edo haren eskuordetza duen magistratuak, aparteko ikuskapen-bisita aginduko du berehalakoan; horretarako ere, eskuordetza eman diezaioke, bake epaileak erregistro horietan badihardu, lehen auzialdiko epaile egokiari.

Arduradunaren erruduntasuna zalantzazkoa denean, arduraduna berehala ordeztuko da salbamendu- eta berreratze-eginbideetan.

318. artikulua.

Arduradunak presaz egingo du akta, eta bertan jasoko dira, argi eta modu antolatuan, ezbeharraren inguruabarrak eta ezbeharra jasan duten liburukiak eta paper-sortak; xehetasunez adieraziko da, orrialde, idazkun edo agirien hurrenkeraren arabera, haren egoera, tinten egoera, haren irakurgarritasuna, eta suntsipen- edo irakurtezintasun-arriskuan dauden idazkun eta agirien hitzez-hitzezko kopia, horiek berehalakoan kopia ezin badaitezke.

Folioak eta liburuak iraunarazteko bermerik ez badago, nekez ulertzen badira edo suntsipen- nahiz irakurtezintasun- arriskuan badaude, aipatu arduradunak idazkunak kopiatuko ditu, zuzenketaren ondoriozko kopiei buruz xedatutakoaren arabera, hori aplikatzeko modukoa den heinean. Fiskaltzak kopietan esku hartuko du, eta, berebat, idazkunak sinatuko ditu.

Salbamenduaren presak ez badu ahalbidetzen kopiarik, ezta aktara hitzez hitz egindako alderatzerik ere, argazkiak edo erreprodukzio fonografikoak modu ofizialean egin eta gordeko dira; halakoak zuhurtziara balioetsiko dira prozeduran.

319. artikulua.

Salbatutako liburuak koadernatu beharko dira, tartean ez dauden folio korrelatiboei buruzko talde bakoitzaren ordez, orri bat tartekatuta; orri horretan adieraziko da haiek desagertu edo baliogabetu direla, hori zein aktatan egiaztatzen den aipatuta, eta, garaia denean, berreraketa, liburukia eta orrialdea aipatuta.

Irekiera-eginbidearen orri-bazterrean, eginbidearen bidez jasoko da narriatutako liburuan izandako ezbeharraren norainokoa.

Koadernatu ezin diren folioak eta artxibatutako agirien artean salbatu direnak karpetetan gordeko dira, liburuki, liburu eta paper-sortetan antolatuta.

320. artikulua.

Idazkunak, baita Langileria eta Bulego Liburuaren idazkunak ere, espedientearen bidez berreratuko dira.

Espedienterik gabe berreratuko dira:

1. Aurkibideak, fitxategiak eta paper- sortak, orri-bazterreko oharrei dagokiena izan ezik, betiere salbatutako folioen inguruan. Paper-sortetan jasoko da inskripzio bakoitzak zein egitateren fede eman eta egitate horren inguruabarrak.

2. Orri-bazterreko oharrak.

II. ATALA

Berreratze-espedientea

321. artikulua.

Espedientea ofizioz hasiko da Erregistroko jardunbidea eragotzi edo nahasten duten salbuespeneko inguruabarrek hori ahalbidetzen dutenean. Auzitegi

ko lehendakariak espedientearen izapidetza egiteko epea finkatuko du irekieraren osteko hamabost egunetan, eta, jarraian, Zuzendaritza Nagusiari horren komunikazioa egingo dio; izapidetzaren iraupena laurogei egunekoa izango da, eta hamar egun gehiago luzatu ahal izango da, laurehun orrialde bakoitzeko edo orrialde horietatik suntsitu edota narriatu den zati bakoitzeko.

Zuzendaritza Nagusiak epea zuhurtziara luza dezake beharrezko denboran, arduradunak edo interes berezia duenak eskaera oinarriduna egiten badu; luzapenak ere publizitate egokia izango du.

Auzitegi Nagusiko lehendakariak berreraketa garaiz amaitzea zainduko du; ondore horretarako, aribidean dagoen espedienteari buruz egoki deritzen argibideak eskatuko ditu.

322. artikulua.

Epe baliodunetik kanpo ere, idazkunen berreraketa susta daiteke.

Garaiz egindako espedientea interesdunei iragarri bazaie, eta egitateek hirugarrenarengan aurkako eragina badute inskribatzen direnetik bakarrik, eragin hori izateari utziko diote berrinskripzioa egiten ez den bitartean.

Inskripzio berriak berrinskripzioaren izaera adierazten ez badu ere, beste frogabide batzuk erabil daitezke aurretiazko inskripzioa frogatzeko.

Berreratze-epean egindako edo egin gabeko inskripzio osoari edo horren zati bati dagokionez, horren berrinskripzio- izaera agerraraz daiteke, hori egiaztatuz gero.

323. artikulua.

Espediente horretan nahikoa da interesdunei iragarki orokorra egitea, epea finkatu eta berehalakoan; iragarkian epe hori aipatuko da, eta interesdunek hogeita hamar egun izango dituzte, alegazioak egiteko edo alderdi bihurtzeko.

324. artikulua.

Suntsitutako inskripzioa egiaztatzeko, edozein frogabide onartzen da, eta kontuan hartuko dira, batez ere:

1. Suntsitutako inskripzioaren edo inskripzio bikoiztuen ziurtagiriak, eta familia nahiz seme-alabatasunari buruzko liburuak.

2. Kopiaren ondorioz ezereztutako inskripzioak.

3. Inskripzioa zati batez suntsitu eta bertatik salbatu diren hondakinak.

4. Suntsitutako inskripzioari beste idazkunetan, orri-bazterreko oharretan, paper-sortetan, aurkibideetan eta fitxategietan egindako erreferentziak.

5. Inskripzioaren titulu gisa balio izan duten kopiak, lekukotzak, ziurtagiriak edo bikoiztuak, edo, legearen 19. artikuluan aipatu funtzionarioen jatorrizko liburuak, liburu-matrizeak edo liburu-egunkariak, edo, inskripzio hori jasota duten beste batzuena.

6. Ziurtagirien edo parteen kopiak nahiz lekukotzak, eta agirietatik edozein, horretan inskripzioaren edo beraren ziurtagiriaren aipamen kautoa jasotzen bada.

7. Hilerriei buruzko liburuen ziurtagiriak.

8. Aipatutako agiriak, agiriok egin badituzte legitimoak ez diren agintari edo funtzionarioek.

Lehentasuna izango dute Erregistro Zibileko Probintziako Artxiboan, epaitegian, erregistroetan eta notariotzetan edo beste bulego publikoetan suntsipen- unean dauden agiriek, agiriok jatorrizkoak badira edo lekualdaketaren ondorioz espedientera bide ofizialetik heltzen badira. Ondore horretarako, ofizioz erreklamatuko dira.

325. artikulua.

Berriro inskribatutako egitateen inguruabarrak zehazteko, nahitaezkoak dira, ahal den neurrian:

1. Agiri kautoak, horien bidez inskripzioa egin badaiteke.

2. Elizako partidak eta atzerriko erregistroen ziurtagiriak, hilerri- eta erroldatze- liburuak, atzerriko agiriak edo legitimoak ez diren agintari nahiz funtzionarioen agiriak, eta espedientean nahitaezko edo egoki diren gainerako baliabideak, espediente hori kasuan kasuko inskripzioa egitera zuzenduta dagoenean.

326. artikulua.

Idazkunak berreratuko dira, euren datu eta inguruabar guztiekin batera, datuok irregularrak edo akastunak izan arren. Espedientearen bitartez zuzenketak edo beste aldaketak egitea bidezkoa bada, gertatutako horiek berrinskripzioetan jasoko dira.

Bestelako espedienteak berreratze-espedientearekin batera pilatzen direnean, pilaketa hori ulertzen da bakoitzaren araubide bereziari, eta, hala denean, haien nahitaezko onespen judizialari kalterik egin gabe.

III. ATALA

Berrinskripzioak

327. artikulua.

Inskripzio zaharrak egiaztatzen diren heinean, berrinskripzioak aginduko dira, egiaztatutako inguruabarrekin eta orri-bazterreko idazkunekin batera, liburukia eta orrialdea ere aipatuta; erabakia laburtuta jasoko da, paper-sortara doan agiri nagusian edo beste agiri berezi batean, data eta sinadura jarrita.

Erabakia ahoz jakinaraziko zaio dagokionari; errekurtsoa jartzeko asmoa duenak eskatuko du autoa ematea eta hori forma egokiz jakinaraztea.

Berrinskripzioak jarraian egingo dira, ahal denean, kronologia-hurrenkera beteta, berrinskripzioek egitateen fede eman eta egitate horien arabera, eta ez da hutsunerik utziko errekurtsoa jarrita duten berrinskripzioetarako; horiek egingo dira ebazpena irmoa denean.

328. artikulua.

Ebazpenak, kasuan-kasuan komeni dena kontuan hartuta, eta argitasunaren eta iraunarazpenaren mesederako, agindu dezake:

a) Erregistro-folio bateko idazkun guztiak liburu arrunten beste folio batera kopiatzea, 318. artikuluaren erregelak beteta.

b) Berreratutako idazkuna egitea, folio zaharrean, edo, hala denean, folio zahar horren gainerako idazkunak zein foliotara kopiatu eta folio horretan.

Berreraketak idazkun asko ukitzen baditu, liburu berezien irekiera agindu daiteke, eta inguruabar hori irekieraeta itxiera-eginbideek adieraziko dute.

329. artikulua.

Berreratutako idazkun edo folio bakoitzean jasoko dira:

1. Idazkunen kopiak, erabakitako baldintzetan.

2. Ebazpena, horren bidez egin bada berreraketa.

3. Idazkun berrien data eta horiek baimentzen dituzten funtzionarioen izenak.

330. artikulua.

Zati batez suntsitutako idazkun zaharrak ezereztu egingo dira, berriak aipatuta.

Ezerezteak idazkun asko ukitzen baditu, ezerezte hori irekiera-eginbidearen orri-bazterrean egingo da, edo, hori izan ezean, ukitutako lehenengo folioan; folio guztiak kolore ezberdineko tintaz gurutzatuko dira, eta ezerezteari eta inskripzio berriari buruz erreferentzia-oharra jarriko da inskripzio nagusi bakoitzaren orri-bazterrean.

331. artikulua.

Inskripzio nagusiak, egitatearen denbora kontuan hartu eta jatorrizko inskripzioei dagokien liburukian barik, beste liburuki batean berreratzen badira, egitatearen denboraren arabera, liburuki zaharraren aurkibidean ere islatuko dira, orrialdea eta liburukia aipatuta, salbu eta kasuan kasuko jatorrizko idazkunak ezereztuta daudenean.

Inskripzio nagusiak, egitatearen data kontuan hartu eta berreraketak jaso behar dituen liburukian barik, beste liburuki batean egiten badira, azken liburukiaren aurkibidean islatuko dira, zein liburuki eta orrialdetan dauden aipatuta.

332. artikulua.

Liburuak, aurkibideak eta itzuli beharrekoak izan ezik, berreraketa gauzatzeko erabili diren agiriak berriro artxibatuko dira idazkun berri bakoitzaren titulu gisa.

Agiria idazkun bat baino gehiago egiteko erabili bada, agiri hori idazkunotatik edozeinen arabera artxibatuko da; paper-sortan, gainerako idazkunei dagokien lekuan, erreferentzia egokiak jarriko dira.

Itzuli beharreko agiriari dagokionez, behar besteko erreferentzia geratuko da paper-sortan.

333. artikulua.

Inskripzioa Erregistroko zein foliotan egin behar den eta aurkibideetan zein erreferentzia egin behar den jakiteko, egitate eta inguruabarrei berreratze- erregelak aplikatuko zaizkie, baldin eta horien inskripziorik ez badago eta inskripzio hori egiteko behar adinako tituluaren bidez egiaztatuta badaude; gainerakoan, arau arruntak aplikatuko dira.

Ikerketen emaitza idatzoharraren bidez jasoko da, frogarik izan ezean, emaitza horren inskripzioa ezin bada egin.

334. artikulua.

Espedientea amaitu ondoren, Auzitegi Nagusiko lehendakariaren bitartez kontu-arrazoiak emango zaizkio Zuzendaritza Nagusiari, berreratutako idazkunen zenbaki eta motari buruz, izaera horrekin egin ez direnei buruz eta agindutako berreraketa egitea ezinezkoa izan den neurriari buruz.

IV. KAPITULUA

Presuntzio hutsaren balioa duten adierazpenen espedienteak

335. artikulua.

Presuntzio hutsaren balioarekin egindako adierazpenetarako espedienteei dagokienez, eskuduna da eskatzailearen egoitza non izan eta bertako Erregistroko arduraduna.

339. artikulua. n aipatu espedienterako eskuduna da, eskatzaileak hala aukeratuta, ezkontza zein tokitan egin edo sustatzailearen egoitza non izan eta bertako Erregistroko arduraduna.

336. artikulua.

Egitateak eta Erregistrora sartzeko ezintasuna nabariak ez direnean, eskatzaileak horiek egiaztatuko ditu:

1. Inskripzioa berreratzeko ezarri diren baliabideekin.

2. Agiri kautoekin, horien bidez inskripzioa egin badaiteke, edo inskripzioaren aurretiazko espedienterako ezarri frogen bidez.

3. Azken tokian, gainerako frogabideen bitartez, egoera-edukitza kontuan hartuta, hala denean.

Legeak frogabide bereziak ezartzen dituenean, bertan ezarritakoa aintzat hartuko da.

Aberrigabeen egoitza egiaztatuko da udal ziurtagiriarekin edo lekuko bidezko informazioarekin; Barne Ministerioari txosten ofiziala eskatuko zaio, aberrigabeak Espainiako lurraldean sartzeari buruz eta haien aberrigabe-izaerari buruz.

337. artikulua.

Presuntzio hutsaren balioarekin adieraz daitezke, berebat, atzerritarraren, Espainian bizilekua nahiz egoitza duenaren egoera zibilarekin zerikusia duten egitateak, baldin eta horrek ezin baditu lortu egitateok egiaztatzeko erabili ohi diren frogak, bere errefuxiatu nahiz asilopeko izaeraren ondorioz, edo ezinbesteko kasuetatik edozeinen ondorioz.

Interesdunak hala eskatuta izan ezik, Erregistro Zibil Zentralean eskari horren bidez egin beharreko idatzoharra ez da jasoko idazkun bikoiztuan, errefuxiatuaren edo asilopekoaren herria zein izan eta herri horretan Espainiak duen Kontsulatuko Erregistroan.

338. artikulua.

Naziotasunari edo auzotasun zibilari buruzko adierazpenek subjektuaren adin zehatza aipatu ahal izango dute.

Espedientean eskuraketa eta egoera-edukitza frogatuko dira, eta, Erregistrora sar badaiteke, frogatuko da, berebat, Erregistroko jaiotza-folioan ez dagoela egin nahi den adierazpenaren aurkako idazkunik.

339. artikulua.

Ezkontza presuntzio hutsaren balioarekin adieraz daiteke, horren egitea jaso bada, eta, hala ere, ezkontza ezin bada inskribatu Kode Zibilaren arabera horren baliozkotasunerako nahitaezko diren betekizunak behar bezala egiaztatuta ez egoteagatik.

340. artikulua.

Adierazpenen lekukotzak, hori hitzez- hitzezkoa izan nahiz laburtua izan, beti adieraziko du presuntzio hutsaren balioa duela, eta lekukotza hori egiteko bete beharko dira Erregistroko ziurtagirientzat ezarritako publizitate-murrizketak.

Adierazpenen idatzoharra egitea nahitaezkoa da, eta idatzohar horrek zehaztuko du adierazpenek zein data aipatzen duten; bizi-agiriaren edo egoera-agiriaren idatzoharra aukerakoa da.

V. KAPITULUA

Espedienteei buruzko erregelak orokorrean

I. ATALA

Espedienteen baldintzak eta izapidetza

341. artikulua.

Legeria honek aipatzen dituen gobernu- espedienteek, erregela berezirik izan ezean, kapitulu honetan ezarritakoa beteko dute.

342. artikulua.

Eskuduna da, ebazpena zein erregistrotan inskribatu behar eta erregistro horretako epaile arduraduna.

Inskripzioa kontsulatuetako erregistroetan eta Erregistro Zentralean egin behar bada, eskumena lehenengoak izango du, sustatzailearen egoitza atzerrian badago, eta bigarrenak, bestelako kasuan.

343. artikulua.

Espedientearen izapidetza arduradunak berak egingo du, eta, Fiskaltzak esan beharrekoa entzun ondoren, bidezkoa den ebazpena emango du auto moduan.

344. artikulua.

Fiskaltzak espedienteen eta errekurtsoen berri izango du horien hasieratik, izapidetza egokia zaintzeko, eta txostena azken izapide gisa luzatuko du, epaile eskudunak ebazpena eman aurretik.

Fiskaltzak, behin betiko txostena eman aurretik, eginbide edo froga egokiak proposa ditzake. Modu berean, aurkeztutako uzia heda, aldaraz edo horren aurka jar daiteke, eta horren inguruan interesdunek esan beharrekoa entzungo da.

Fiskaltzaren ustez prozesuan behar besteko arrazoia badago uziaren aurka jartzeko, aurkakotasun horrek barnean hartu beharko ditu, aldi berean, eskatutakoa lortzea eragozten duten arrazoi guztiak, prozeduraren ingurukoak nahiz edukiari buruzkoak.

Bake fiskalek bake epaileen ardurapeko eginbideetan bakarrik jardun dezakete.

345. artikulua.

Organo judizialen eta Erregistro Zibil Zentralaren eskumeneko espedienteei buruz, izapidetza kasuan kasuko idazkariaren esku-hartzearekin egingo da.

346. artikulua.

Espedientean interes legitimoa dute, horren zuzeneko eragina jasan dezaketenek, euren egoera, ondasun edo eskubideei dagokienez, edo haien jaraunsleek.

Espediente zehatz bat sustatzeko, nahikoa da interesa izatea, indarreko idazkun bat edo jadanik bereganatu den egoera bat baieztatzeko.

347. artikulua.

Espedienteetarako eskumena organo berberak duenean, espediente horiek ofizioz pila daitezke, baldin eta hori egokitzat jotzen bada edo alderdiak eskaera oinarriduna egiten badu.

Pilaketa hori eskatu ez duen alderdiak izapidetza banandua eska dezake, pilaketa legezko arrazoian oinarrituta ez badago.

348. artikulua.

Espedientea hasteko eskaera espediente hori ebatzi behar duen organoari zuzenduko zaio. Eskaera horrek jasoko ditu sustatzailearen eta interes legitimoa dutenen nortasun-aipamen ezagunak; labur eta zehatz azalduko ditu egitateak, eta horiekin batera aurkeztu eta proposatutako frogak eta eginbideak, bai eta zuzenbideko oinarriak ere; eta eskatzen dena argi eta garbi eta xehetasunez finkatuko du.

Eskaeren helburua bada Erregistroa eta errealitatea bat etortzea, horiek onartu beharko dira, akastunak izan arren, eta interesdunei informazioa emango zaie akatsak ongitzeko moduari buruz.

Sustatzaileak egoitza non izan eta bertako Erregistroan eskaera aurkeztu ondoren, arduradunak eginbide egokien izapidetza egingo du Fiskaltzaren esku-hartzearekin; Fiskaltzak txostena emango du, eta, berak prestaturikoarekin batera, espedienteari arauzko aribidea emango dio.

Eskaera jasotzeko eta laguntza-eginbideak burutzeko eskumena dute bake epaileek.

Prokuradoreek eta abokatuak ahaldun gisa edo interesdunen laguntzaile gisa bertaratu ahal dira, interesdun horiek euren erabakiz prokuradore eta abokatu haiez baliatu nahi direnean.

349. artikulua.

Espedientearen hasiera jakinaraziko zaie interes legitimoa dutenei. Ofizioz ikertuko da eskaeran aipatu diren interesdunak baino interesdun gehiago dauden eta horiek guztiak non dauden.

Legeria honetan xedatu ez diren gaietan, jakinarazpen orok beteko du prozesuko legeetan ezarritakoa. Hala ere, jakinarazpen pertsonala nahitaezkoa denean izan ezik, jakinarazpenok egin ahal izango dira gutun ziurtatuaren bidez, telegramaren bidez edo beste edozein bidetatik, bideok ahalbidetzen badute jakinarazitako egintzaren data eta nortasuna jasotzea; eta, jakinarazpen horiek zuzenduko dira interesdunaren egoitzara edo berak jakinarazpenak jasotzeko zehaztu duen lekura.

Hala denean, postako funtzionarioak data eta zigilua jarriko dizkio jakinarazpen-zedulari, hori ziurtatu baino lehen, eta ziurtagiriaren gordekina espedientera bilduko da.

Interesdun baten egonlekua ezezaguna bada, jakinarazpena egingo da hasierari buruzko iragarki orokorraren bidez; iragarkia egiteko, ediktuak jarriko dira erregistroetako iragarki-taulan eta egokitzat erabaki diren bulegoetako iragarki-tauletan. Idazkun askori buruzko espedientean, nahikoa da iragarkiak zehaztea ukitutako inskripzio nagusiek zein egitateren fede eman, eta egitate horiei dagozkien atala eta data.

Gaiaren izaeraren ondorioz egokitzat jotzen bada, jakinarazpenez gain, hasierari buruzko iragarki orokorra egin daiteke ediktuen bidez edo publizitatea emateko balio duten bideetatik beste edozein erabiliz; aldizkari ofizialetan edo informazio orokorreko beste komunikabideetan iragarkia sartzeko, nahitaezkoa da arrazoia larria izatea eta espedientea ebatzi behar duen agintariak hori agintzea.

Interesdunak hala eskatu eta bere kontura bada, ordea, horrek proposatutako publizitatea aginduko da, horrekin ez bazaio inori kalterik egiten edo beste eragozpenik ez badago.

350. artikulua.

Araua haustearen ondoriozko espedienteetan, Erregistro Zibileko xedapenak hausten dituztenei zitazioa egiten zaienean, zitazio horri aurreko artikuluko erregelak aplikatzen zaizkio; kostuak ezartzeko eginbideek ez dituzte eteten espedientearen aribidea eta ebazpena.

351. artikulua.

Egitateen ziurtasuna ofizioz ikertuko da, partikularrek duten froga-zamari kalterik egin gabe; arau-hausleek zama hori dute araua haustearen ondoriozko espedientean.

Froga egingo da organo eskudunaren esku-hartze aske eta zuzenekoarekin, eta, agertuz gero, Fiskaltzaren eta alderdien esku-hartzearekin. Adierazpena jaso aurretik, adierazleari ohartaraziko zaio berak izan dezakeen erantzukizun berezia.

352. artikulua.

Hiru egun baliodun daude:

1. Egoitzan jakinarazpena jaso dutenak, egoitza hori espedientea egiten den herrian izanik, bertara daitezen, edo, alderdi bihurtu gabe, euren alegazioak egin ditzaten.

Herri horretan bizi diren gainerako interesdunentzat, epea hamar egunekoa izango da, iragarkia argitaratu den azken egunetik zenbatuta.

2. Alderdi bihurtutakoek, espedientea ikusi ondoren, euren alegazioak egin ditzaten.

3. Ondoren Fiskaltzari eta alderdiei ere zitazioa egiteko, horiek batera froga egin dadin, eta, egintza berean, izapidetzaren berri izan dezaten, eta euren eskubideei dagokien guztia azal dezaten.

Agerraldi horretan, alderdi bakoitzak aukeratutako pertsona egon daiteke, haren izenean hitz egiteko.

4. Herriaren barruan eginbideetatik edozein burutzeko.

5. Fiskaltzak bere txostenak gauzatzeko.

6. Azken txostenaren ondoren, espedientea ebazten duen autoa emateko, eta horren geroko jakinarazpena Fiskaltzari eta alderdiei egiteko.

Lehenengo, bigarren eta laugarren kasuetan, epea luzatu ahal izango da hamar egun baliodun arte, auziaren larritasunarengatik edo inguruabarrengatik hori nahitaezkoa bada.

Xeda daiteke, berebat, froga aurkeztu ondoren, alderdi bakoitzak hamar egun baliodun arte izatea, alderdiok, elkarren segidan, izapidetzaren berri izan dezaten, eta euren eskubideei dagokien guztia azal dezaten.

Herri horretan egoitzarik ez dutenak bertaratzeko eta euren alegazioak egiteko, edota herri horretatik kanpo eginbideak burutzeko, epe egokiak zehaztuko dira.

353. artikulua.

Espediente edo errekurtsoaren gainean behin betiko ebazpena ematen ez den bitartean, sustatzaileek edo alderdiek beren uzietan atzera egin dezakete idatziz edo ahoz, eginbidearen bidez behar bezalako agerraldia eginda.

Alderdi batek atzera egiten badu, gainerakoei eta Fiskaltzari hori komunikatuko zaie; horiek espedienteari eustea eragin ahal izango dute jakinarazpenaren osteko hamar egun baliodunetan.

354. artikulua.

Eginbidea burutzeak ez ditu gerarazten harekin bateragarriak diren gainerako eginbideak.

Auziari begira alferrekoa den edota proportziozkoa ez den luzapen edo izapide oro saihestuko da. Bestelako kasuan, alderdiek kexa-errekurtsoa jar diezaiokete Auzitegi Nagusiko lehendakariari, eta lehendakari horrek zuzenketarik egiten ez badu, Zuzendaritza Nagusian.

Kexak aurkeztu ahal izango dira, orobat, behin betiko ebazpenaren aurretik ongitu daitezkeen izapideak ez egiteagatik.

Fiskaltzak edo ofiziozko organoak ordeztuko du alderdiek euren eginbeharrak betetzean izandako pasibotasuna, legearen arabera bidezkoak diren isunei kalterik egin gabe. Sustatzailearen edo sustatzaileen erruz, espedientea edo errekurtsoa gerarazten denetik hiru hilabete igaro ondoren, Fiskaltzak edo gainerako alderdiek aho batez eska dezakete haren iraungitzea adieraz dadila, sustatzaileari edo sustatzaileei aurretiaz zitazioa eginda.

Espedienteak aztertzean, hurrenkera zorrotza beteko da izaera homogeneoa duten gaien kasuan, salbu eta zuzenean gorago dagoen organoak horren aurkako agindu arrazoitu eta idatzizkoa ematen duenean.

Interesdunek izapidetzaren edozein unetan informazioa jasotzeko eskubidea izango dute.

II. ATALA

Errekurtsoak

355. artikulua.

Arduradunaren ebazpenek hasierako idazkia onartzen ez badute edo espedienteari amaiera ematen badiote, ebazpen horien aurka errekurtsoa jar daiteke Zuzendaritza Nagusian, hamabost egun baliodunetan, jakinarazpenetik zenbatuta.

Beste organoetan ezin da aurkeztu errekurtso, konponbide edo kexarik.

Ebazpenen jakinarazpenak adieraziko du horiek behin betikoak diren ala zein errekurtso jar daitekeen, zein organotan jarri behar den eta zein epetan.

Jakinarazpen akastuna eragingarria izango da, ebazpena beren beregi onartu edo errekurtso egokia jartzen duen alderdiari dagokionez; gisa berean, alderdiari modu pertsonalean egindako jakinarazpenak, sei hilabete igarota, ondoreak sortuko ditu, jakinarazpen horrek ebazpenaren testu osoa jasotzen badu, salbu eta epe horretan protesta formala egin denean akatsa zuzentzeko eskaeran.

356. artikulua.

Erregistroko arduradunak egutegiko hiru egunetan ebatziko du espedientea sorrarazten ez duen eskaera oro.

Aurreko artikuluak barnean hartzen ez dituen erabaki guztien aurka, erabaki horiek ofiziozkoak izan zein izan ez, birjartze-errekurtsoa jar daiteke, eta, ondoren, artikulu berak aipatutako errekurtsoa.

Arau horiek ez dituzte aldarazten erregistro-kalifikazioaren aurkako errekurtsoei buruz ezarritako arauak.

357. artikulua.

Edozein eskaera edo errekurtso egin, eta, egutegiko laurogeita hamar egunetan, ebazpenik jakinarazten ez bada, interesdunak berandutza salatu ahal izango du, eta, salaketatik beste laurogeita hamar egun igaro ondoren, bere eskaerari gaitziritzia eman zaiola ulertu ahal izango du, ustezko ukatze horren aurrean, errekurtso egokia jartzeko, edo, bestela, eskaera horren esanbidezko ebazpenari itxaron diezaioke.

Ustezko ukatzeak ez du baztertzen esanbidezko ebazpena emateko eginbeharra, eta, hori ematen bada, bidezko errekurtsoa jartzeko epea horren jakinarazpenetik zenbatuko da.

358. artikulua.

Errekurtsoaren idazkiak eskaeraren formak beteko ditu, eta argi eta garbi eta xehetasunez aipatuko ditu erreklamaziopeko gorabeherak.

Errekurtsopeko erabakiarekin zuzen- zuzenean zerikusia duten arazoak bakarrik eztabaidatu ahal izango dira.

Une egokian aurkeztutako agiriak edo frogak ezetsi ahal izango dira, salbu eta horien onarpena interes orokorrekoa denean.

Erregistro-kalifikazioaren aurkako errekurtsoetan, eskaerak ezin izango dira tituluetan oinarritu, titulu horiek ez badira garaiz eta forma egokiz aurkeztu.

Errekurtsoa Erregistro Zibileko organoetatik edozeinetan aurkez daiteke.

Zein organoren erabakiari errekurtsoa jarri eta organo horri berehalakoan jakinaraziko zaio errekurtsoa, eta horrek, hala denean, beste alderdiari jakinaraziko dio, eta Fiskaltzari beti; jakinarazpena hartu dutenen alegazioekin eta organoaren beraren txostenarekin batera, organo eskudunari helaraziko zaio errekurtsoa. Organo eskudun horrek hobeto erabakitzeko eginbideak agindu ahal izango ditu, alderdiei eta Fiskaltzari zitazioa eta entzunaldia eginez.

Baldintzen gabezia dagoela edo funtsezko izapideren bat egin ez dela atzemanez gero, organo erabakitzaileak jarduna birjarri ahal izango du, edo, errekurtsoaren izapidetzaren barruan izandako akatsa ongitu ondoren, edukiari buruz ebatzi ahal izango du.

Errekurtsopeko epaitzak prozedurako baldintzen gabezia bakarrik adierazi badu eta gabezia hori atzematen ez bada, organo erabakitzaileak bere kabuz oinarrizko arazoa ebatzi edo jarduna itzuli ahal izango du.

359. artikulua.

Zuzendaritza Nagusiak errekurtsoa ebatziko du, hori jaso eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunetan, edo, hala denean, eginbide guztiak amaitzen direnean.

360. artikulua.

Zuzendariak ebazpena emango du zuzendariordeak egindako proposamenaren gainean.

Ebazpena autoaren antzera eman eta argitaratu egingo da Justizia Ministerioko Informazio Aldizkarian, Zuzendaritzaren Urtekarian, eta, komenigarri denean, Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Zenbait egitate alegatu edo eztabaidatzen badira eta egitate horiek eragina badute ezkontzari edo ohore pribatuari buruzko arazoen gain edo askatasunez ziurtatu ezin direnen gain, Zuzendaritza Nagusiak neurriak hartuko ditu, interesdunen nortasuna ez ezagutarazteko.

Ebazpena ematean funtzionarioei ohartarazpenen bat eginez gero, nortasun hori ez da adieraziko, «eta erabakitako gainerakoa» esaldia erabiliz.

361. artikulua.

Errekurtsoaren gaineko ebazpena Fiskaltzari eta alderdiei komunikatuko zaie, lehen auzialdian zein organoren erabakiari errekurtsoa jarri eta organo horren bitartez.

Ebazpena irmoa izanik, espedientea organo horri bidaliko zaio artxibatzeko.

362. artikulua.

Zuzendaritzak emandako ebazpenen aurka ezin da errekurtsorik jarri, salbu eta bide judizial arrunta bidezkoa denean, eta VII. kapituluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

VI. KAPITULUA

Bizi- edo egoera-agiria

363. artikulua.

Bizitza, eta ezkongabe-, alargun- edo dibortziatu-egoera egiaztatzen dira, arduradunak duen fede ematearen bidez.

Bizitza egiaztatzen da, orobat, subjektuak egindako agerraldiaren bidez edo bertaratzeko notario-aktaren bidez; eta, ezkongabe-, alargun- edo dibortziatu- egoera, subjektuak zinpean egindako adierazpenaren bidez edo baieztatze solemnearen bidez, bai eta nabaritasun- aktaren bidez ere.

Organo ofizialean bizitza egiaztatzen bada subjektuak egindako agerraldiaren bidez, edo ezkongabe-, alargunedota dibortziatu-egoera egiaztatzen bada harako agerpenaren bidez, ezin izango da beste frogabiderik eskatu, zalantza arrazoituaren kasuan ofizioz egindako ikerketari kalterik egin gabe.

Organo ofizialek adierazleari aurretiaz ohartaraziko diote berak izan dezakeen erantzukizun penala.

364. artikulua.

Bizi- edo egoera-agiriari buruzko espedienteak ondoko arauak beteko ditu:

1. Arduraduna da eskuduna, eta, eskuordetzaren bidez, subjektuak egoitza non izan eta bertako bake epailea ere.

2. Ez da beharrezkoa Fiskaltzari entzunaldia egitea, ezta interesdunei komunikazioa egitea ere; baina hura edo horiek alderdi bihur daitezke edo egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzakete.

3. Ahal izanez gero, subjektuari berari eskatuko zaio bere nortasun edo egoerari buruzko adierazpena egitea.

4. Bizi-agiriaren kasuan, nahikoa da subjektuaren identifikazioa.

5. Egoera adierazi behar denean, pertsona bakoitzari buruz fitxa bat irekiko da, bertan jaiotza-lekua eta -data aipatuta.

Irekiera hori jaioterriko Erregistroari komunikatuko zaio; erregistro horrek irekiera jasoko du inskripzioaren orri-bazterrean oharra eginez, eta ezkontza nahiz heriotzari buruzko orri-bazterreko oharrak komunikatuko ditu, jadanik gertatutakoak edo horiek gertatu ahala, fitxan ager daitezen eta espedienteetan ondoreak izan ditzaten.

Adierazpena, fitxan aipatuko dena, ezin da luzatu jaiotza inskribatu gabe egoteagatik edo orri-bazterreko oharra egin dela aipatzen duen nahitaezko jaso-agiria ez izateagatik.

6. Ezkongabe-, alargun- edo dibortziatu- egoeraren kasuan, behar beste egiaztatuko da beraren edukitza, salbu eta arduradunak horren berri duenean; hura egiaztatzeko, nahikoa da edonoren, eta, bereziki, ahaide baten zinpeko adierazpena.

7. Izapidetza presaz egingo da, betiere, bost egun baliodunetan, gehienez jota

VII. KAPITULUA

Ministerioaren edo goi agintaritzaren eskumeneko espedienteak, eta izen-abizenei buruzkoak

365. artikulua.

Ministerioaren eskumeneko naziotasun- espedienteen, izen-abizenak aldatu edo horiei eusteko espedienteen eta ezkontza-lekapenari buruzkoen izapidetza egingo du, erregela orokorren arabera, sustatzaileetatik edozeinek egoitza non izan eta bertako Udal Erregistroko arduradunak.

Eskatzaile guztiek atzerrian egoitza izanez gero, haien izapidetza horietatik edozeinen egoitza non izan eta bertako kontsulak egingo du, edo, hori izan ezean, Erregistro Zentraleko arduradunak.

Arduradunak bere eskumeneko espedienteak ebatzi ondoren, gainerako espedienteak zuzenean Zuzendaritzari helaraziko zaizkio, eta horrek agindu ahal izango du espedienteok eginbide berriekin zabaltzea; kasu horretan, berriro entzungo da Fiskaltzak esan beharrekoa.

Naziotasun-espedienteak Gobernuak ebatzi behar dituenean, horien izapidetza Zuzendaritza Nagusiak egingo du, eta, ondore horretarako, egoitzako Erregistroaren arduradunari mandatua eman diezaioke; ez dira inoiz ere beharrezkoak izango iragarki orokorrak, ezta Fiskaltzari entzunaldia egitea ere.

366. artikulua.

Naziotasuna zuhurtziara emateko modukoa bada, edo salbuespeneko inguruabarren menpe edo ordena publikoko nahiz interes orokorreko zioen menpe badago, arduradun izapidegileek eta zuzendariordeak euren proposamenetan eduki- eta forma-betekizunak bakarrik balioetsiko dituzte, eta erabakia hartzeko orduan argigarri gerta daitezkeen egitateak azpimarratuko dituzte, egitateok frogatuta dauden heinean edo agerikoak diren heinean.

Kasu horietan, ebazpen ukatzailea Zuzendaritza Nagusiari komunikatuko zaio, bidezkoak diren jakinarazpenak agindu ditzan.

Graziazko eskaeren gain ebazpena ematea ez da aginduzkoa. Horiek aurkeztu direlako jaso-agiria luzatuko da.

367. artikulua.

Justizia ministroak agindu formarekin ematen du ebazpena, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, kasuan kasuko zuzendariordetzaren aurretiazko txostenarekin.

368. artikulua.

Emateak eta gainerako ebazpenak alderdiei jakinaraziko zaizkie, espedientearen izapidetza egiteko eskumena duen arduradunaren bidez.

369. artikulua.

Ministroak, naziotasuna ematean, izen-abizenen aldaketa onetsi badu, ezin izango da aldaketa hori inskribatu, eta horixe ohartaraziko da ebazpenean, subjektuak espainiar gisa bere burua inskribatzen ez duen bitartean.

VII. TITULUA

ARAUBIDE EKONOMIKOA

370. artikulua.

Doakoak dira:

1. Jaiotza- eta heriotza-adierazpenak.

2. Bizi-agiriei buruzko espedienteak, edo bizi- eta egoera-agiriei buruzkoak.

3. Familia-liburuei buruzko eginbideak eta ziurtagiriak; horiengatik kobra daiteke Justizia Ministerioak finkatutako inprimakiaren prezioa bakarrik.

4. Legeak izaera horrekin aipatutako jarduerak, eta, orokorrean, legez onetsitako arantzelak bereziki ordainsariak aipatu eta ordainsari horiek sorrarazten ez dituzten jarduerak.

371. artikulua.

Doakoak ez diren espedienteetan, errekurtsoak doakoak izango dira ebazpenak osorik edo zati batez oniritzia ematen badu.

Doako espedienteetan, errekurtsoak ere doakoak izango dira, salbu eta errekurtsogile partikularra auzialdi guztietan galtzaile ateratzen denean; errekurtsogileak, kasu horretan, kostuak ordainduko ditu, azken ebazpenean ausarkeria atzematen bada.

209. artikuluko 2. zenbakiak izen-abizenak aldatzeko espedientea arautu eta espediente horren kostuak arau-hausleari ezarriko zaizkio; ondore horretarako, aurretiazko zitazioa egingo zaio arau-hausle horri.

372. artikulua.

Lanbidearteko gutxieneko alokairuaren bikoitza baino beheragoko sarrerak dituztenak mota guztietako ordainsarietatik salbuetsita egongo dira Erregistro Zibilaren jardunean, bai eta presaren nahiz Erregistroko laguntzaren ondoriozko ordainsarietatik ere; eta, horien eskaerei buruzko postatrukea posta ofizialaren bidez bidali beharko da.

Inguruabar hori alkateak edo alkateordetzak egindako idazkiaren bidez egiaztatuko da; gehienez ere hura hark noiz aurkeztu eta aurreko urtebetekoa izan behar du.

373. artikulua.

Ordainsariak sorrarazten dituen ziurtagiri edo bizi- nahiz egoera-agiri ororen oinean, beraren zenbateko osoa agerraraziko da, zenbateko hori osatzen duten kontu-sail ezberdinak eta hartzekoa baimentzen duten manu zehatzak adierazita.

Espedienteari amaiera ematen dion ebazpenean adieraziko da horrek ordainsariak sorrarazten dituen eta nork duen horiek ordaintzeko betebeharra.

Doako ziurtagiri edo bizi- nahiz egoera-agiri orotan, izaera hori jasoko da, eta, berarekin batera, salbuespena baimentzen duen manua eta salbuespenik gabeko kasu nahiz helburuetarako hark duen eragingabetasuna.

Erantzukizun berezia izango dute funtzionarioek, artikulu honetan xedatutakoa hausten badute.

374. artikulua.

Ziurtagiriek eta bizi- edo egoera-agiriek ez dute ordainsaririk sorrarazten, halakoak eskatu badituzte:

1. 372. artikuluan aipatutako pertsonek.

2. Familia ugariari buruzko espedienteetan ondoreak sortzeko.

3. Asegurudunek eta eskubidedunek, nahitaezko Gizarte Segurantzarako eta horren onurak hartzeko.

4. Diplomaziako misioek edo atzerriko kontsulatuek, elkarrekikotasun-araubidepean.

5. Erakunde ofizialetatik edo Elizako erakundeetatik edozeinek.

6. Haiek egiteko inprimaki ofiziala ekartzen dutenek, salbuespenari buruzko xedapena aipatuta, Zuzendaritzak onetsita eta haiek zein bulego publikotan ondoreak sortu behar eta bulego horien zigilua jarrita.

375. artikulua.

Ziurtagirien eskatzaileak haien zenbateko osoa aurreratuko du, bai eta postari, bidalketari eta Erregistroko laguntzari dagozkien gastuena ere, eta ordainagiria emango zaio; ordainagiri horrek nahitaez jasoko du aurreratutako zenbatekoa.

Postaz zuzenean jasotako ziurtagirien kasuan, horien eskaerak beteko dira, baldin eta behar besteko kopurua bidaltzen bada eurok ematearen ondoriozko gastu guztiak ordain daitezen.

376. artikulua.

Arauak haustearen ondoriozko isun eta kostuak barkatu egingo dira erantzuleak bere kabuz eragiten badu horiek konpontzeko bidezkoa dena.

Erregistroko funtzionarioei ezin izango zaizkie kostuak ezarri, erantzukizunari buruzko espediente berezirik gabe; baina partikularrei inoiz ere ez zaizkie ezarriko funtzionarioen arau-hausteak direla-eta sortutako kostuak.

Partikularrak, bere erruz, Erregistroko funtzionarioen lekualdaketak edo alferreko beste gastu batzuk sorrarazten baditu, partikular hori kondenatuko da kostu horiek estatuaren paperarekin ordaintzera, kasuan kasuko isunari kalterik egin gabe.

377. artikulua.

Zerbitzuak konpentsatzeko, edo, hala denean, Erregistro Zibileko erakunde eta funtzionarioei dagozkien tasa eta ordainarazpenak, legeak ezarritakoaren arabera administratu eta banatuko dira.

VIII. TITULUA

ERREGISTROKO MEDIKUAK

378. artikulua.

Mediku forenseen kidegoko funtzionarioek beteko dituzte Erregistro Zibilaren Legeak Erregistro Zibileko medikuei eratxikitako eginkizunak. Erregela orokor gisa, eginkizun horiek beteko dira kidego horri dagozkion beste eginkizunekin batera; baina, salbuespenez, Erregistro Zibileko eginkizunei bakarrik atxikitako lanpostuak egon daitezke.

Mediku forenseak, Erregistro Zibilean euren eginkizunak betetzen dituztenean, Erregistro Zibileko organo arduradunek egindako ikuskapenaren menpe eta horien kontrolpean daude.

379. artikulua.

Osasun-etxe militarretan, hondartzetan, itsasoan, kuarteletan nahiz aerodromoetan gertatutako heriotzei dagokienez, eta, orokorrean, xedapen bereziaren ondorioz hildakoen azterketa egitea armadako medikuei dagokienean, aditu horiek Erregistro Zibileko medikuen eginkizunak bereganatuko dituzte.

380. artikulua.

Erregistro Zibilari atxikitako mediku forensearen ordez, halakoa duten erregistroetan, edo Erregistro Zibileko eginkizunak bete behar dituen mediku forensearen ordez, jarriko da, lege-aginduz bidezkoa denetan, Erregistro berean diharduen beste bat, beste mediku forense bat, halakoa izanez gero, edo, hori izan ezean, lehen mailako osasun-arretari dagokion medikua edo osasun-antolaketan horren parekoa dena.

381. artikulua.

Erregistro Zibilaren Legeko 85. artikuluaren arabera, heriotzaren arrazoiari buruzko irizpenetan, ezin izango du medikuak jardun, baldin eta bera izan bada heriotza-ziurtagiria eman duena edo hildakoari bere azken gaixotasunean lagundu diona.

382. artikulua.

Epaile arduraduna da Erregistroari atxikitako medikuen gain, hierarkiaren arabera, zuzenean gorago dagoena.

Ikuskapenak zerbitzuaren jardunbide egokia zainduko du.

383. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

384. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

385. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

386. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

387. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

388. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

389. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

390. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

391. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

392. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

393. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

394. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

395. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

396. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz

397. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

398. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

399. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

400. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

401. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

402. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

403. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

404. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

405. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

406. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

407. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

408. artikulua.

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Egitateak, orri-bazterreko idazkunen oinarri izan behar direnean, inskribatu egingo dira edo idatzoharraren bidez jasoko dira, indargabetutako legearen arabera egitateok Erregistroaren menpe ez badaude ere.

Bigarrena

Liburuak erakusteari eta ziurtagiriei buruzko erregelak aplikatzen dira, nahiz eta idazkunak erregela haiek indarrean jarri aurrekoak izan.

Lege zaharraren menpe egindako ziurtagiriek beren eragingarritasunari eusten diote, horiek onartzeko legeria berriak ezartzen dituen murrizketei kalterik egin gabe.

Hirugarrena

Indarrean jarriko den legeriaren menpe, ziurtagirien inprimaki ofizialak edo bestelakoak erabili ahal izango dira, berriak ematen ez diren bitartean, eta, edozein kasutan ere, irekita dauden familia-liburuak erabili ahal izango dira; dena den, jaiotza-akten ziurtagiri laburtuei buruzko liburuak ez dira aurrerantzean erabiliko, baina aurreko xedapenean ezarritakoari ez zaio kalterik egingo.

Laugarrena

Justizia ministroak zehaztuko du noiz hasten den Probintziako Artxiboaren jardunbidea. Artxibo horretako arduradunaren eginkizunak bereganatuko ditu, 159. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, hiriburuan dagoen Erregistroko arduradunak, eta, liburuak izanez gero, epaile dekanoak.

Fitxategiak osatuko dira legea indarrean jarri aurretik dauden idazkunen datuekin, gutxienez bi urte, igaro den urte bakoitzeko, 1957 eta 1958. urteetako fitxategietatik hasita.

Bosgarrena

1959ko urtarrilaren 1ean, zero orduetan, antzinako laugarren ataleko liburuak itxiko dira, erabilitako orrialdeetatik azkenaren hurrengoan eginbidea burutuz; eginbide horretan xedapen hau aipatuko da.

Paper-sorten eraketa data berean hasiko da, legeria berriaren arabera.

Aurrerantzean ere, gainerako ataletan irekita dauden liburuak erabiliko dira, eta, liburu ofizial berriak banatzen ez diren bitartean, indargabetutako legearen arabera egindakoak ireki ahal izango dira; hala ere, idazkunak beti egingo dira arau berrien arabera.

Seigarrena

Interesdunak hala eskatzen duenean bakarrik, eta jaiotza-inskripzioei dagokienez, horiek egin badira Erregistro Zibilaren 1957ko ekainaren 8ko Legearen aurreko legeriaren menpe, arduradunak beteko du 191. artikuluaren lehenengo lerrokadan xedatutakoa.

Izen nabarmenak, pertsonei ez dagozkienak, adeigabeak edo iraultzaileen kasuan, beti ulertuko da arauak hautsiz ezarri direla.

198 eta 199. artikuluetan aipatutako abizenei buruzko adierazpenak beti egin ahal izango dira, legea indarrean jarri eta hurrengo urtean.

Adopzio-eskrituran adoptatuari baimena ematen bazaio, beraren familiako abizenarekin batera, adoptatzailearen abizena erabiltzeko, inongo hurrenkerarik ezarri gabe, naturaren araberako aita eta amaren abizenek lehentasuna izango dute; adopzioaren ondoriozko abizenak ofizioz ezarritakoen aurretik jarriko dira, eta gizonezko adoptatzailearen abizena, amaren abizenaren aurretik, baldin eta seme-alabatasuna naturaren araberako bada.

Jadanik egindako inskripzioetan, 197. artikuluaren bigarren lerrokadan aipatutakoari helduta, arduradunak, jaiotza- inskripzioaren ziurtagiria egin aurretik edo interesdunak hala eskatuta, inskripzio haien orri-bazterrean adieraziko du, argi eta garbi, aplikatu beharreko hurrenkera.

Zazpigarrena

1936ko azaroaren 8ko Dekretuaren arabera egindako desagerpen-inskripzioek, interesdunak hala eskatuta eta heriotza-adierazpenaren balioa izanik, orri-bazterreko inskripzioak sorraraziko dituzte jaiotza-folioan, eta jatorrizko idazkunak ezereztuko dira.

Zortzigarrena

1959ko ekainaren 1ean, zero orduetan, lehen auzialdiko epaitegiek tutoretzaren liburuak itxiko dituzte eginbidearen bidez.

Aipatu liburuetan inskribatutako tutoretzei buruzko geroko idazkunak Erregistro Zibilean egingo dira, aurretiaz Erregistroko folio egokia irekita, jatorrizko idazkunak kopiatzearen bidez, idazkun horiek ezereztu egingo baitira.

Bederatzigarrena

Akats formal soilek eta liburuak egiteko moduan izandako hutsegiteek ez dute behar zuzenketa-espedienterik, batzuk eta besteak legeria berrian halakotzat hartzen ez badira.

Idazkunak eragingarriak dira legeria berriaren arabera behar besteko tituluan oinarrituz gero, nahiz eta legeria zaharraren arabera idazkunok eragingarriak izan ez.

Hamargarrena

Erregistro Zibilaren Legea indarrean jartzean prozedurak hasita badaude aurreko legeriaren menpe, eta prozedura horien betekizunak edo izapidetza eta lege honetan ezarritakoak desberdinak badira, alderdi bihurtutako interesdunek, aho batez, prozedura berria aukeratu ahal izango dute eztabaidapeko arazoaren gainean ebazpena eman baino lehen.

Aukera egin ezean, aurreko legeriaren erregelak aplikatuko dira.

Hamaikagarrena

Deuseztasunari buruzko orri-bazterreko oharrak ofizioz ezereztu behar direnez gero, eta Erregistroaren gai diren egitate eta inguruabarren gain eragina duten neurrian, deuseztatuta geratzen dira zona gorrian egindako idazkunei buruzko 1938ko abuztuaren 12ko eta irailaren 22ko, eta 1939ko martxoaren 8ko aginduek aipatutako orbanak; idazkunok gainerako lege, dekretu eta aginduen menpe egongo dira, bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari eta legeria berriko prozedurak aplikatu ahal izateari kalterik egin gabe.

Ez zaie kalterik egingo aipatu ministro- aginduetan xedatutakoaren arabera egin diren baliozkotzeei.

Gaztelaniaz ez dauden idazkunen itzulpena ez da beharrezkoa, 300. artikuluaren 1. lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe; horrek aipatzen ditu interesdunak hala eskatuta edo ziurtagirian bidezkoak diren itzulpenak.

Hamabigarrena

Ezabatua, abuztuaren 29ko 1917/1986 Errege Dekretuaren ondorioz.

Hamahirugarrena

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

1948ko abenduaren 29ko Dekretu-Legean zenbait inskripzio arautzen dira, sefardi jakin batzuek duten espainiar- izaerari buruz, eta inskripzio horiek epe-mugarik gabe egin ahal izango dira.

Naziotasunari buruzko 1955eko apirilaren 2ko Dekretuaren xedapenen ordez, dekretua naziotasunari buruzkoa izanik, erregelamendu honetako xedapenak aplikatuko dira.

Bigarrena

Afrikako probintzietan, legeria orokorra aplikatzen da, baina ezin zaie xedapen bereziei kalterik egin, horiek Erregistroko organoak eta inskribatzeko moduko egitateak arautzen dituztenean, indigenei dagokienez.

Hirugarrena

Ezabatua, otsailaren 9ko 181/1993 Errege Dekretuaren ondorioz.

XEDAPEN BEREZIA

Ezabatua, uztailaren 8ko 1778/1971 Dekretuaren ondorioz.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra