Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zuzenbide zibila  >>  Legeria  >> Erregistro zibila

Erregistro Zibilaren Legea. 1957ko ekainaren 8ko Legea

1958-06-08

Itzulpena nork: Aiora Aristondo, Aiora; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1957/6/10, 151. zk.

Erregistro Zibilaren Legea

1957ko ekainaren 8ko Legea

EAO,151. zk., ekainaren 10ekoa

I. Gaur egun arte indarrean egon den Erregistro Zibilaren Legea behin- -behineko gisa argitaratu zen. Hala ere, laurogei urte baino gehiago igaro ondoren, behar besteko merituak ditu lege modernoenen artean duintasunez agertzeko. Beharbada, horiek goititzen ditu bere legegintza-teknika onarengatik, bai eta funtsezko printzipioen irmotasun eta orekarengatik ere; printzipio horiek oinarri aldaezinak dira pertsonen egoerari buruzko erregistro-sistema orotan. Hala eta guztiz ere, legean badira bizitza praktikoarekin bateraezinak diren manu zorrotzak. Esaterako, manu horietako bati helduta, inskripzioak ezin dira aldatu, auzibide luzean emandako betearazpen-aginduaren ondorioz ez bada.

Epez kanpoko inskripzioak, erregistroen berreraketak eta gobernu- zuzenketak hutsuneak zituzten, eta hutsune horiek, ezari-ezarian, lerrun egokirik gabeko xedapenekin bete ziren.

Era berean, lege-testuan aldaketa garrantzitsua eragin zuten Kode Zibilaren argitalpenak, eta, bereziki, auzotasun zibilaren arauketak; orobat, ezkontza kanonikoaren ondore zibilek eta naziotasunaren antolamendu berriak.

Bestalde, kasuismoa eta errepikapena ezabatu behar ziren, horiek lege esperimentalei bakarrik dagozkielako, eta ez direlako gomendagarri erakundearen egungo egoeran. Horrek guztiak ekarri zuen lege-proiektu bat aztertu eta idaztea. Lege-proiektu horretan iraunarazi behar ziren indarreko sistemaren oinarrizko printzipioak. Proiektu horretara bildu behar ziren, halaber, nabariro egoki ziren berrikuntzak eta erregistro osoagoa nahiz malguagoa lortzera bideratutakoak. Horri guztiari kalterik egin gabe, egungo bermeak iraunarazi eta, are gehiago, gehitu behar ziren.

Hortaz, ahaleginak egin dira irizpide sistematiko eta errazago bati eusteko. Horrela, erregistroen antolamenduan ohikoa den bezala, erregelamendura bilduko dira arau kasuistiko, osagarri edo interpretaziozkoak. Erregelamendua, bere lerruna dela eta, hobeto egokituko zaie praktikaren eskaera eta irakaskuntzei.

Azkenik, xedapen askoren ordez lege bat eta erregelamendu bat onesteak justifikatzen du eraldaketa, beste helburu batzuk lortu ez arren. Xedapenok lerrun eta garai ezberdinetakoak ziren, eta ez zituzten betetzen ziurtasun, sotiltasun eta batasun organikoaren gutxieneko baldintzak, baldintza horiek arauzko sistema orotan nahitaezkoak badira ere.

II. Lege honek Erregistro Zibilaren eginkizunari buruzko ikuspuntu klasikoa aurkezten du. Ikuspuntu horretatik, erregistroa sortu da, pertsonen existentzia, egoera zibila eta izatea modu ofizialean jasotzeko tresna gisa. Indargabetutako legearekin alderatuta, sistema berriak izaera zabalagoa emango dio Erregistroari. Izaera zabalago horren eretzean, bertan jasoko da Tutoretzen Erregistroko eta Absenteen Erregistroko edukia, ez baitago behar besteko arrazoirik bi horiek sakabanatuta egoteko; era berean, legezko ordezkaritza jakin batzuk erregistroaren barnera eramango dira, interes orokorrekoa baita horiek jendaurrean agertzea. Inskripzioaren eragingarritasunari dagokionez, lege hau gaur egun indarrean dauden printzipioetan oinarritzen da; hori dela eta, inskripzioak inskribatutako egitateen froga egiten du oraindik, adierazmolde horrek duen barne balio osoarekin, ez, ordea, prozesuko balio hutsarekin. Hala ere, Erregistroaren eragingarritasuna indartuta gelditzen da, froga hura legean ezarritako zuzenketa-prozeduretan bakarrik eztabaida daitekeela ezartzen delako. Dena den, indartze horren ondorioak ahulduta geratzen dira epaitu aurreko arazoak onartuta. Azken horiek, araututa dauden bezala, ziur asko ez dira izango luzamenduaren edo prozesuko abusuen eragile.

III. Hiru erregistro-mota iraunarazten dira: udalekoa, kontsulatukoa eta zentrala.

Edozelan ere, noizean behin agertzen ziren erregistro zaharrak ezabatzea egokitzat jo da. Izan ere, erregistro horiek ez zuten beti jarduten lege-aginduen arabera, eta arraro gertatzen ziren horiez arduratzen ziren funtzionarioen teknikarentzat. Nahikoa da behar besteko bermeekin baliabide bereziak ematea, salbuespeneko erregistro haien edukia osatzen duten egitateak erregistro arruntean inskriba daitezen.

Arretaz aztertu da udaleko erregistroez arduratzen den langileriaren arazoa, eta, ahal den neurrian, aurreko sistemaren akatsetako bat konpondu nahi izan da. Sistema horrek ikasketarik gabeko pertsonen esku uzten zuen Erregistroa baserri-giroetan, eginkizuna tentuz egitekoa eta garrantzitsua izan arren.

Hori gerta ez dadin, formula berezi bat eskaintzen da; formula horretan, funtzionario teknikoen esku-hartzea indartuko da, baina, aldi berean, Erregistroaren eta partikularren artean hurbiltasun egokia zainduko da. Horrez gain, udalerri guztiei erregistro bakar bat ez ezartzeko ideia nagusitu da. Herri handietan eragozpenak egon zitezkeen Erregistro Zibila Erregelamenduaren bidez behar bezala antolatzeko, eta, aipatu ideiarekin, eragozpen horiek gainditzen dira.

IV. Idazkunak egiteko moduan, erraztasunak eman dira argitasunaren mesederako.

Testu berriaren sistema osoan, oinarrizko ideia bat erabili eta garatzen da: jaiotza-folioa medio, pertsonari buruzko erregistro berezi jakin bat sortzea. Horrek erregistroko publizitatea erraztu beharko du, nahikoa izango baita pertsonaren jaiotza-lekua zein den jakitea, berari buruzko erregistro- idazkunak ezagutzeko. Helburu hori ez da eskuratuko erreferentzia-oharren bidez bakarrik. Lor daiteke, berebat, jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean beste egitate batzuei buruzko inskripzioak eginez. Egitate horiek izango dira, besteak beste, naziotasuna, auzotasuna, absentzia-adierazpena, heriotza-adierazpena eta bestelakoak.

Nolanahi ere, begi-bistako arrazoiek gomendatzen dute jaiotza-folioa Erregistro berezi perfektua ez izatea; arrazoi horiek izaera praktikoa dute edo argitasun formalaren nahiz zorroztasun teknikoaren ingurukoak dira. Izan ere, folio bananduak onartzen dira, horiek jaiotza-folioarekin lotuta, beharrezko erreferentzia egokien bidez bakarrik.

Bestalde, idazkun-mota berri bat onartu da, hain zuzen ere, idatzoharra. Idazkun horrek indarreko sisteman nolabaiteko aurrekaria izan du, eta egitate zehatz batzuk ezagutzeko interes orokorrari erantzuten dio. Dena den, idazkun- mota hori onartzeko, zenbait eragozpen gainditu behar izan dira, onarpenak nahasgarri egin baitezake Erregistroaren edukia. Alabaina, ziurrenik ere, legezko arauketa zorrotzak, kautelazko arauek eta, batik bat, halako idazkunaren informazio-balio soilak saihestu egingo dute idazkunak Erregistroko segurtasunari kalte egitea.

V. Lehenengo atalaren berrikuntzarik garrantzitsuena, beharbada, naturaren araberako seme-alabatasuna inskribatzeko modua da.

Azken gai horretan, amatasunari dagokionez, gaur egun arte indarrean egon den legeria kontraesanekoa zen neurri batean behintzat. Arean ere, naturaren araberako amatasuna ikertzea baimentzen zen artean, eragozpenak agertzen ziren hori jaiotza-inskripzioan agerrarazteko, eta errealitatean eragozpen horiek gainditzeko zailak ziren. Horrela, semea edo alaba sarritan inskribatzen zen, ama ezezaguna izango balu bezala.

Beste alde batetik, ama askok ez zekiten euren seme edo alabak ez zirela legez agertzen haien seme edo alaba gisa; eginera traketsen ondorioz, seme- -alaba horiek inskribatzen ziren hirugarrenek egindako adierazpen hutsaren bidez. Horrek ondorio larri eta bidegabeak zekartzan, batez ere, borondatezko aitorpena ezinezkoa zenean, bat-bateko eragozpenak zirela medio. Testu berriak kontuan hartzen du naturaren araberako ama gehienek euren ondorengoen seme-alabatasuna inskribatu nahi dutela Erregistroan, ondorengo horiek ezkontzaz kanpokoak direnean. Testuak gogoan izan du, orobat, estatistiken arabera, hirugarrenen adierazpenak orokorrean zehatzak direla, horien bidez jaiotza-inskripzioa egiten denean. Hori guztia aintzakotzat hartuta, testu berriak ondore osoak ematen dizkio amatasuna Erregistroan finkatzeari, amaren adierazpenik izan ez arren; hala ere, emakumezko interesdunari abantailazko egoera aitortzen zaio seme-alabatasunari buruzko eratxikipen faltsuen aurka. Ildo beretik, naturaren araberako seme-alabatasuna Erregistroan ager dadin errazteko, lege berriak ahalbidetzen du adierazpen soilaren bidez aitorpena egitea. Hori edozein unetan egin ahal izango da, Erregistroko arduradunaren aurrean, baldin eta, kasuan-kasuan, seme nahiz alabaren adostasuna edo onespen judiziala lortzen bada.

Bestalde, kasu asko eta askotan, nahitaezko aitorpen izenekoak eragozpenak eragiten zituen, eta eragozpen horiek saihestu nahi izan dira. Nahikoa izango da gobernu-espedientea —soila, baina behar besteko bermeekin—, naturaren araberako seme-alabatasuna zehatz-mehatz ezarritako kasuetan inskribatua izan dadin. Legeak, orobat, aurre egin dio seme-alabatasunaren publizitateak sorrarazten duen arazo zailari, seme-alabatasun hori ezezaguna denean edo legitimoa ez denean. Hori konpontzen saiatu da, eta, horretarako, jaiotza-folioa erakusteko aukera murrizten du eta seme-alabatasuna jasotzen ez duten ziurtagiriak luzatzea ahalbidetzen du. Horrekin batera, legez garatzen du, seme-alabatasunaren gai zehatz horretan, Espainiarren Fueroko 3. artikulua, legearen arabera izan beharreko berdintasun-printzipioari buruzkoa.

VI. Orokorrean, sistema tradizionala erabili da izen eta abizenen kasuan. Izen bereziari buruz berrikuntzak egin dira, eta berrikuntza horien helburua da izen berezia benetako zeinu bereizlea izatea. Aldi berean, ahaleginak egin dira, izen zibila bataioan ezarritakoarekin bat etor dadin.

Bestelako berrikuntzak dira, esaterako, naturaren araberako seme nahiz alabaren edo adopzio bidezkoaren abizenetan egindakoak; berrikuntza horiek kontuan hartu beharreko sentimendu-interesei erantzuten diete. Aldaketen gaineko administrazio- eskumenak arauketa malguagoa du, formaren ikusmiratik behinik behin, eta, horrekin batera, automatikoagoa da, bere alderdi materialean.

VII. Erregistroaren arloan, naziotasunari eta auzotasunari buruzko arauketa nabariro arindu da.

Naziotasunak bizitza juridikoan duen garrantzia eta funtzioen espezializazioa kontuan hartuta, Justizia Ministerioan zentralizatu da naziotasunaren arloan Administrazioak izan dezakeen esku-hartze oro. Hala ere, horrek ez du esan nahi beste ministerioen menpeko gobernu-agintariek txostenik eman behar ez dutenik, naziotasuna emateko edo ukatzeko arrazoiei buruz.

Beste berrikuntzek funtsezko manuren bat osatzeko beharrari erantzuten diote. Horrela, egoera zibilak izan beharreko ziurtasunarekin bateraezinak diren zalantza batzuk argitu dira, eta naziotasunari buruzko froga erraztu da.

VIII. Ezkontza kanonikoaren inskripzioa arautzean ahaleginak egin dira, arauketa hori Kode Zibilari eta konkordatu- araubideari egokitzeko. Gainera, ulertu izan da, ezkontza kanonikoa eta zibila bi ezkontza-mota ezberdin izan arren, ez dagoela behar besteko arrazoirik bi horiek bereizteko, inskripzioaren eragingarritasunari dagokionez. Isilpeko ezkontzaren kasuan ere, parekatze-irizpide bera aplikatzen da. Testu berriaren arabera, ezkontza-sozietatearen araubidea aldatzen duten egitateek ez diete kalterik egiten hirugarren onustedunei, egitateok jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean aipatzen direnetik ez bada. Modu horretan, ondasun-eraentzei buruzko publizitate-sistema zehatz bat barneratzen da. Sistema horrekin, nahi izan diren gorengo helburuak lortuko dira.

Datu horri buruzko publizitatearen eragingarritasuna arautzean, arauketa hori argi eta garbi datza Kode Zibilaren 1322. artikuluan, zuzenbide konparatuan aurrekariren bat izan arren.

IX. «Heriotzak» deritzon hirugarren atalean, berrikuntzarik garrantzitsuena izan da, hilotza desagertu edo hobiratu arren, hori inskribatzeko aukera egotea.

Helburua ez da Kodean heriotza- -adierazpenari buruz dauden manuak ahultzea; jakina da, dudarik gabe, lege berriak jasotako kasuetan, pertsona hil egin dela.

X. Laugarren atalak, «Tutoretzak eta legezko ordezkaritzak» izenekoak, Tutoretzen Erregistroko edukia barneratzen du, eta Absenteen Erregistro Zentraleko zati bat ere, alegia, lehenengo atalak barne hartzen ez duena. Erregistro horien edukia osatzen zuten egitate guztiek ez dute inskripziorik sortzen. Aitzitik, egitate batzuk, euren izaera medio, ez datoz bat idazkun horien ondoreekin, eta, hori dela eta, idatzoharraren gai besterik ez dira.

Legezko ordezkaritzen kasu zehatzei buruzko erabakia erregelamenduaren esku uzten da.

XI. Gobernu-espedienteei dagokienez, xedapen ugarik behin-behineko legea malgutu, osatu eta garatu zuten. Xedapen horiek sakabanatuta zeuden, eta, orain, eurek barneratzen duten sistema jaso eta esperientziaren arabera hobetu da.

Azaletik ikusita, arraro gerta daiteke zenbait zuzenketa-motatan entzunaldia beharrezkoa izateaz gain, Fiskaltzak zuzenketaren alde emandako txostena ere beharrezkoa izatea. Kasu horietan, printzipiorik garbienak zorrotz aplikatuz gero, zuzenketa egiteko epaiketa arrunta beharko litzateke.

Praktikaren beharrak prozedura errazagoa onartzera behartzen du. Hala ere, hori konpentsatzeko, bermeak indartu dira ordezkariak eta interes publikoaren defendatzaileak izan beharreko esku-hartze bereziarekin. Ildo beretik, Erregistro Zibilak ez du osotasunari buruzko presuntziorik, eta, ondorenez, ez da ezezko egitateen froga izango.

Nolanahi den ere, bizitza juridikoan egitateon froga behar da. Froga hori lortzeko, norainoko murriztuarekin bada ere, eta inskribatzeko moduko egitateen froga izateko, Erregistroak berori eman ezin duenean, espediente berezi bat bideratuko da, eta, espediente horren amaieran, presuntzio hutsaren balioa duen adierazpena egingo da.

Espediente horretan adieraz daiteke, berebat, aberrigabeen egoitza, haien estatutu pertsonalari nolabaiteko segurtasuna emanez.

XII. Kode Zibilaren printzipioekin bat etorriz, legeak ez du atzeraeraginezko ondorerik, inskribatutako egitateei dagokienez. Alabaina, legeak arautzen du bera indarrean jarri aurretik inskribatu gabe zeuden egitateen inskripzioa.

Legearen xedea bada Erregistroaren alderdi guztiak arautzea, Erregistroko eduki guztia erregelamenduarekin agortuz, osotasunean indargabetu beharko lituzke, eta horrela egiten du beronek, berarekin zerikusia duten gainerako xedapen guztiekin.

Erregela horretatik salbuetsi dira Kode Zibilaren xedapenak; horiek indarrean iraungo dute lege honetan ezarritakoaren bidez aldatzen ez diren artean.

Hori guztia dela bide, eta Espainiako Gorteek egindako proposamenarekin bat etorrita, hurrengoa xedatu da:

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Erregistro Zibilean inskribatuko dira pertsonen egoera zibilari buruzko egitateak, bai eta legeak zehazten dituen bestelako egitateak ere.

Hortaz, haren gaiak dira:

1. Jaiotza.

2. Seme-alabatasuna.

3. Izen-abizenak.

4. Emantzipazioa eta adin-gaikuntza.

5. Pertsonen gaitasunari buruzko aldaketa judizialak, eta haien konkurtso, porrot edo ordainketa-etenduraren gaineko adierazpen judizialak.

6. Absentzia edo heriotzari buruzko adierazpenak.

7. Naziotasuna eta auzotasuna.

8. Guraso-ahala, tutoretza eta legeak aipatzen dituen gainerako ordezkaritzak.

9. Ezkontza.

10. Heriotza.

2. artikulua.

Erregistro Zibilak bertan inskribatutako egitateen froga egiten du. Bestelako frogak soil-soilik onartuko dira inskripziorik ez dagoenean edo idazkuna egiaztatu ezin denean; nolanahi ere, lehenengo kasuan, froga onartzeko nahitaezko betekizuna izango da, aurretiaz edo aldi berean, egin gabeko inskripzioa edo idazkunaren berreratzea eragitea.

3. artikulua.

Erregistroan inskribatutako egitateak ezin izango dira epaiketan aurkaratu, horrekin batera kasuan kasuko idazkunaren zuzenketa eragiten ez bada.

4. artikulua.

Erregistro Zibileko idazkunaren zehaztugabetasuna epaitu aurreko arazo gisa gauzatu ahal izango da, edozein epaiketatan onarturiko ziurtagiria ikusita.

Epaileak, aurkako alderdiak eta Fiskaltzak esan beharrekoa entzun ondoren, epaitu aurreko arazoa onartuko du kasu honetan bakarrik: bere irizpidearen arabera, hasitako auzi horretan arazoa erabakigarri izan ahal izatea, alegatutako zehaztugabetasunari buruzko froga-hastapena aurkezten denean.

Onarpenak ez du prozedura geldiaraziko, baina epaitza etengo du zehaztugabetasunari buruzko epaia edo ebazpena eman arte.

Etendura hori ondorerik gabe geldituko da, baldin eta etendura jakinarazi denetik hilabeteko epean egiaztatzen ez bada alegatutako zehaztugabetasuna konpontzeko prozedura egokia sustatu dela.

Epaitu aurreko arazoa prozesuan bertan ebatziko da, prozesuaren izaerak eta egoerak hori ahalbidetzen dutenean.

Prozedura kriminalari bere lege berezietan zehaztutakoa aplikatzen zaio.

5. artikulua.

Absentzia, heriotza-adierazpena eta tutoretzei buruzko inskripzioek ondoreak sortzen dituzte, dela lege honetan ezarritakoak, dela Kode Zibilak Tutoretzen Erregistroan eta Absenteen Erregistro Zentralean inskripzioak egiteko aipatzen dituenak.

6. artikulua.

Erregistroa publikoa da idazkunen berri izan nahi duten interesdunentzat.

Publizitatea liburuak erakutsiz eta aztertuz egiten da, udal erregistroetan lehen auzialdiko epaileak aurretiazko baimena eman behar duelarik; publizitatea egiten da, halaber, folio bereko idazkun bati edo guztiei buruzko ziurtagiriaren bidez, ziurtagiri hori hitzez-hitzezkoa nahiz laburtua izan, edo ezezkoa, idazkunik izan ezean.

Ziurtagiria folio osoari buruzkoa ez bada, Erregistroko arduradunaren erantzukizunpean agerraraziko da ziurtagirira alderatu ez denak ez duela ezertan zabaldu, murriztu edo aldatzen bertara alderatutakoa; kontrakoa gertatuz gero, ziurtagirian hori nahitaez adierazi beharko da.

Erregistroko inskripzioak tratamendu automatizatuaren gai izan daitezke.

7. artikulua.

Ziurtagiriak agiri publikoak dira. Ziurtagiria ez badator bat berak aipatzen duen idazkunarekin, idazkuna hartuko da kontuan, kasuan-kasuan bidezkoa den erantzukizunari kalterik egin gabe.

8. artikulua.

Familia Liburuan ziurtatuko dira, ondore guztietarako doan ziurtatu ere, erregelamenduak zehazten dituen egitate nahiz inguruabarrak, horiek inskribatu eta berehala.

II. TITULUA

ERREGISTROKO ORGANOAK

9. artikulua.

Erregistro Zibila Justizia Ministerioaren menpe dago. Hari dagozkion arazo guztiak Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren esku daude.

Erregistroko arduradunek, euren kargua edo enplegua edozein izanda ere, bete behar dituzte, Erregistro Zibilari dagokionez, Justizia Ministerioaren eta arlo horretako Zuzendaritza Nagusiaren agindu nahiz jarraibideak, halakoak zuzenean komunikatu zaizkienean ere.

10. artikulua.

Erregistro Zibila osatzen dute:

1. Udaleko edo eskualdeko epailearen ardurapean egon eta idazkariaren laguntza duten udal erregistroek, hurrengo artikuluan xedatutako kasuan izan ezik.

2. Kontsulatuetako erregistroek; horiek Espainiak atzerrian dituen kontsulen ardurapean daude.

3. Erregistro Zentralak; hori Zuzendaritza Nagusiko funtzionario baten ardurapean dago.

11. artikulua.

Erregistro bat egongo da gutxienez udalerri bakoitzarentzat; hala ere, laugarren atala bakarra izango da, kasuan kasuko udal edo eskualdeko epaitegiaren mugape osoarentzat.

Udal epaitegi bat baino gehiagoko herrietan, erregistroak udal epaileen ardurapean egongo dira oraindik; epaileok udal justiziako idazkarien laguntza izango dute, erregelamenduak adierazten duen moduan.

Bake epaileek, kasuan kasuko udal erregistroetan, idazkariaren laguntzarekin jardungo dute, udal edo eskualdeko epaile eskudunak emandako eskuordetzaren bidez.

12. artikulua.

Kontsulek bikoiztuta egingo dituzte euren ardurapeko erregistroan folioari hasiera ematen dioten inskripzioak; ale horietako bat Erregistro Zentralari bidaliko zaio, horrek behar bezala barnera dezan. Erregistro batean zein bestean egingo dira, arauzko bidetik bidalitako partearen bidez, horietatik edozeinetan egindako orri-bazterreko inskripzio guztiak.

13. artikulua.

Erregistro Zibilaren gaineko gorengo ikuskapena Justizia Ministerioari bakarrik dagokio; ikuskapen hori Zuzendaritza Nagusiak egiten du Justizia Ministerioaren zuzeneko menpeko gisa, erregelamenduak xedatzen duen moduan.

Lehen auzialdiko epaile eskudunak egiten du udal erregistroen gaineko ikuskapen arrunta.

14. artikulua. *

* Azaroaren 30eko 1322/2001 Errege Dekretuak Administrazioko erregistro publikoetan egindako idazkunak euro-kontu unitatean jasotzeko erregelak ezarri ditu (EAO, 288. zk., abenduaren 1ekoa). Dekretu horren lehenengo xedapen gehigarrian, Jabetza Erregistroan, Erregistro Zibilean, Merkataritzako Erregistroan eta Ondasun Higigarrien Erregistroan aplikatzeko moduko araubidea ezarri da. Xedapen horren arabera, diru-kopuruak adierazten dituzten zifrak inskribatuta edo idatzoharraren bidez jasota badaude aipatu erregistroetan, modu automatikoan euroetan izendatutzat joko dira, bihurtze-tasa eta biribiltze- erregela egokiak aplikatuz.

Arau-hausteak Erregistroari badagozkio eta delitu edo falta ez badira, 2.000 pezetatik beherako isunekin zuzenduko dira, bakoitzak duen garrantziaren arabera, administrazio-zuzenketa egokiei kalterik egin gabe.

Ministroak gehieneko isunak ezar ditzake; dena den, zuzendaritzak, lehen auzialdiko epaileak edo Erregistroko arduradunak ezin dituzte ezarri 1.500, 1.000 edo 500 pezetatik gorako isunak, hurrenez hurren.

III. TITULUA

ESKUMENARI BURUZKO ERREGELA OROKORRAK

15. artikulua.

Erregistroan jasoko dira, espainiarren gain eragina izanik inskribatzeko modukoak diren egitateak eta Espainiako lurraldean jazotakoak ere, atzerritarren gain eragina izan arren.

Edozein kasutan ere, Espainiatik kanpo gertatutako egitateak inskribatuko dira, kasuan kasuko inskripzioak Espainiako zuzenbideak eskatutako orri-bazterreko inskripzioen oinarri izan behar direnean.

16. artikulua.

1. Jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak inskribatuko dira, horiek zein tokitan jazo eta toki horretako Udal Erregistroan edo Kontsulatuko Erregistroan.

Toki hori ezezaguna bada, jaiotzaedo heriotza-inskripzioa egingo da, bertan behera utzitako umea edo hilotza zein tokitan egon eta toki horretako Erregistroan.

Bidaian gertatutakoak inskribatzeko, Erregistro eskuduna izango da, bidaia zein tokitan bukatu eta toki horretakoa. Heriotza-kasuan, ehorzketa zein tokitan egin behar eta toki horretakoa, edo, halakorik izan ezean, lehen aldiz zein tokitan lehorreratu eta bertakoa.

Ontzia galtzen denean, Erregistro eskuduna izango da lehenengo eginbideen izapidetza zein tokitan egin eta toki horretakoa.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, jaiotzak Espainiako lurraldean gertatu badira eta horien inskripzioa epe barruan eskatu bada, jaiotzok inskribatu ahal izango dira legez ezaguna den gurasoak edo gurasoek egoitza non izan eta bertako udal erregistro zibilean.

Eskaera adostasunez egingo dute jaioaren legezko ordezkariek, edo, hala denean, haren legezko ordezkari bakarrak, eta, eskaerarekin batera, arauz ezarritako agiriak aurkeztuko dituzte, gurasoen egoitza erkidea edo guraso ezagun bakarraren egoitza egiaztatzeko.

Paragrafo honetan ezarrita dagoenaren ondorioz jaiotza-inskripzioak egiten badira, inskripzio horietan inskribatutakoaren jaioterria izango da, legezko ondore guztietarako, idazkuna zein udalerritan egin eta berori. Ziurtagiri laburtuek udalerri hori bakarrik aipatuko dute.

17. artikulua.

Erregistroko epaile arduradunak, inskripzioa egiteko eskumena izanik, eskumena du, orobat, aurretiazko gobernu- egintzetarako nahiz borondatezko jurisdikzio- egintzetarako, horiek Udal Justiziari eratxikitzen zaizkionean.

18. artikulua.

Erregistro Zentralean egitateak inskribatuko dira, gainerako erregistroek egitate horiek inskribatzeko eskumenik ez badute, eta egitateok ezin badira inskribatu gerrak dakartzan salbuespeneko inguruabarren ondorioz edo Erregistro eskudunaren jardunbidea eragozten duten inguruabarren ondorioz.

Modu berean, Erregistro Zentralean egingo dira kontsulatuetako inskripzio bikoiztuez osatutako liburuak.

19. artikulua.

Itsas bidaian, aireko bidaian, kanpainan edo aurreko artikuluak bere lehenengo lerrokadan aipatzen dituen salbuespeneko inguruabarretan; lazaretoan, kartzelan, kuartelean, ospitalean edo antzeko establezimendu publikoan, leku bakartuan edo Erregistroko bulegotik urrun dauden biztanle-gune jakin batzuetan gertaturiko jaiotza, ezkontza edo heriotzaren inskripzioa egin ahal izango dute, igarotako denbora edozein izanda ere, erregelamenduan aipatutako agintari edo funtzionarioek, horretarako akta eginez, kasuan kasuko idazkunaren betekizunekin.

Jaiotza-akta horietan egindako aitorpenek eta inskripzioan egindakoek balio bera dute.

Bidaiaren kasuan edo luzaezineko inguruabarretan, jaiotza-akta egin daiteke egitatea gertatu baino hogeita lau ordu lehenago, baina orduan, jaiotza-inskripzioa egiteko, beharrezkoa izango da jaioa epe horretan bizirik dagoela egiaztatzea.

20. artikulua.

Inskripzio nagusiak euren orri-bazterreko idazkunekin batera lekualdatuko dira, horretan interes kualifikatua dutenek hala eskatuta, hurrengo kasuetan:

1. Jaiotza-inskripzioak, jaioaren edo beraren legezko ordezkarien egoitza non izan eta bertako Erregistrora.

2. Ezkontza-inskripzioak, ezkontideen egoitza non izan eta bertako Erregistrora.

3. Bidaia bitartean gertatutako heriotzei buruzko inskripzioak, hildakoaren azken egoitza ezaguna non izan eta bertako Erregistrora.

4. Erregistro eskudunaren ezintasuna dela eta, Erregistro Zentralean egindako inskripzioak, erregistro hartara, behin ezintasuna desagertu eta gero.

Dena dela, lekualdaketa burutu ondoren, jatorrizko idazkunak indarrik gabe geratu eta ezereztu egingo dira, idazkun berriak aipatuz.

21. artikulua.

Erregistro Zibileko funtzionarioek ezingo dituzte idazkunak egin, ziurtagiriak luzatu, ezta izaera horrekin inolako egintza, eginbide edo espedientetan parte hartu ere, horiek zerikusia badute haiekin edo euren ezkontidearekin, zuzeneko lerroko ahaide nahiz ezkontza-ahaideekin, edota alboko lerroan bigarren gradurainoko ahaide direnekin.

22. artikulua.

Erregistroaren gaineko ardura modu legitimoan izan ez eta norbaitek jendaurrean burutzen badu halako jarduna, horren baliogabetasunak kalte egiten die gaitzustez aritu izan direnei bakarrik.

IV. TITULUA

IDAZKUNAK OROKORREAN ETA IDAZKUNAK EGITEKO MODUAK

23. artikulua.

Inskripzioak egiten dira agiri kautoen bidez, edo, legeak adierazten dituen kasuetan, berak agintzen duen adierazpenaren bidez.

Halaber, inskripzioak egin ahal izango dira, aurretiazko espedienterik gabe, atzerriko erregistroetan egindako idazkunei buruzko ziurtagiriaren bidez, zalantzazkoa ez bada inskribatutako egitatearen egiatasuna eta beraren legezkotasuna, Espainiako legearen arabera.

24. artikulua.

Luzatu gabe inskripzioa sustatzera behartuta daude:

1. Legeak kasuan-kasuan izendatutakoak.

2. Inskribatzeko moduko egitateak nori buruzkoak izan eta horiek beroriek, edo beren jaraunsleak.

3. Fiskaltza.

Aurreko zenbakietan barneratuta ez dauden agintari eta funtzionarioek, euren karguak direla eta, inskribatu gabeko egitateak badakizkite, behartuta daude horiek Fiskaltzari komunikatzera.

25. artikulua.

Epaileak, inskribatu beharreko epai eta ebazpen irmoak, zibilak nahiz kanonikoak, betearazteko eskumena izanik, inskripzioa sustatu beharko du, eta, ondore horretarako, behar besteko lekukotza bidaliko dio Erregistroko arduradunari.

26. artikulua.

Erregistroko arduradunak zainduko du Erregistroa eta errealitatea bat etortzea, horretarako Fiskaltza eragin, interesdunei ohartarazpenak egin eta Erregistro Zibileko beste organoekin harremanetan jarriko da.

27. artikulua.

Erregistro eskuduneko arduradunak egitateak kalifikatuko ditu, horien inskripzioa eskatzen bada adierazpenen eta aurkeztutako agirien ondorioz edo Erregistroaren ondorioz.

Adierazpenei dagokienez, kalifikazioak barneratuko ditu adierazlearen gaitasuna eta nortasuna. Epai eta ebazpenen kasuan, kalifikazioa mugatuko da eskumenera, gauzatutako prozedura- motara, aurkeztutako agirien kanpoko formalitateetara eta Erregistroko idazkunetara.

28. artikulua.

Adierazpenak egin edo beharrezkoak diren agiriak aurkeztu eta berehala, Erregistroko arduradunak idazkunak egingo ditu edo ebazpen arrazoitua emango du idazkunak ukatuz.

Adierazpenon zehaztasunari buruz zalantza oinarridunak baditu, horiek egin aurretik eta hamar eguneko epean, beharrezko egiaztapenak burutuko ditu.

29. artikulua.

Erregistroko arduradunak hartutako erabakien aurka errekurtsoa jar daiteke, gobernu-bidean, hogeita hamar eguneko epean, lehen auzialdiko epaile eskudunaren aurrean; epe berean, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Zuzendaritza Nagusian, eta ezin da gero beste errekurtsorik jarri, bide judizial arrunta bidezkoa denean izan ezik.

Behin errekurtsoa jarrita, kasuan kasuko inskripzioarentzat ezarritako epeak eteten dira, eta egindako inskripzioa behin betiko ebazpenaren menpe dago.

30. artikulua.

Inskripzioa egintza-batasunean gauzatuko da. Geldiarazpena gertatuz gero, ahalik arinen idazkun berria egingo da, eta idazkun horretan aipatuko dira, batez ere, gertatutako geldiarazpena eta horren arrazoia. Geldiarazitako inskripzioa ezereztuko da idazkun berria aipatuz.

31. artikulua.

Erregistroko bulegoa erregistro horren mugapearen barruan egon behar da. Ezin da inolako aitzakiarik erabili liburuak bulegotik ateratzeko, horiek suntsitzeko arriskua dagoenean izan ezik.

32. artikulua.

Erregistro Zibilaren ondoreetarako, baliodunak dira urteko egun eta ordu guztiak.

33. artikulua.

Erregistro Zibila lau ataletan banatzen da: lehenengoa, «Jaiotzak eta orokorra »; bigarrena, «Ezkontzak»; hirugarrena, «Heriotzak»; eta laugarrena, «Tutoretzak eta legezko ordezkaritzak».

Atal bakoitza liburu desberdinetan egingo da, eta liburuok arauzko arreta eta ikus-onespenarekin osatuko dira.

34. artikulua.

Idazkunak egingo dira folioak edo tarteak zuriz utzi gabe, eta arauz baimendutako laburdurak edo zifrak baino ez dira erabiliko. Deusezak izango dira eransketak, argibideak, lerroartekoak, urradurak, orbanak edo zuzenketak, idazkuna sinatu aurretik bere oinean ontzat hartu ez badira.

35. artikulua.

Inskripzioetan jasoko dira soil-soilik:

1. Fede ematen duten egitateak, euren motaren arabera, horien data, ordua eta lekuari buruzko inguruabarrak, ezagunak baldin badira, eta kasuan-kasuan legeak edo erregelamenduak eskatutako gainerakoak aipatuta.

2. Inskripzioak egiteko erabili den adierazpena edo agiri kautoa.

3. Inskripzioen data, eta horiek baimendu dituzten funtzionarioen izenak.

36. artikulua.

Adierazpenaren ondorioz egindako idazkuna adierazleak sinatuko du, eta ez badaki edo ezin badu, horren eskabidez bi lekukok sinatuko dute; guztiek ere euren izen-abizenak adieraziko dituzte.

Agiri kautoaren ondorioz egindako idazkunak adieraziko ditu haren data eta funtzionario eskueslea; ebazpen judiziala edo administratiboa izanez gero, data eta ebazpena eman duen agintaria.

37. artikulua.

Idazkunak itxiko dira Erregistro Zibileko arduradunaren eta idazkariaren sinadurekin; behin sinatuta, ezingo da haietan egin zuzenketarik, gehiketarik, ezta inongo aldaketarik ere, prozedura egokian lortutako ebazpen irmoaren bidez ez bada, lege honen arabera.

38. artikulua.

Fiskaltzak edo interesdunetatik edozeinek hala eskatuta, idatzoharra egingo da informazio-balio soilarekin eta inguruabarrak aipatuz, hurrengoak jasotzeko:

1. Hasitako prozedura judiziala edo gobernu-prozedura, horiek Erregistroko edukiaren gain eragina izan dezakeenean.

2. Egitate zehatza, horren inskripzioa ezinezkoa denean, haren gorabeheraren bat legearen araberako egiaztatu ez delako.

3. Espainiarrekin zerikusia duen egitatea, edo Espainian gertatutakoa, horiek atzerriko legearen arabera egoera zibilaren gain eragina izan duenean.

4. Egoera zibilaren gain eragina duen atzerriko epai edo ebazpena, «exequatur »a lortzen ez den bitartean.

5. Epai edo ebazpen kanonikoa, horren betearazpena, ondore zibilei dagokienez, auzitegi eskudunak halakoa oraindik dekretatu ez duenean.

6. Bestelako egitateak, legeak edo erregelamenduak horien idatzoharra egitea ahalbidetzen duenean.

Idatzoharrak ez dira inoiz izango inskripzioak egiteko besteko froga.

39. artikulua.

Jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean, jaioaren ezkontza-, tutoretza-, ordezkaritza- eta heriotza-inskripzioei buruzko erreferentzia-oharra jarriko da. Inskripzio horietan agerraraziko da, aldi berean, jaiotza-inskripzioaren erreferentzia.

V. TITULUA

ERREGISTROKO ATALAK

ATALA

JAIOTZAK ETA OROKORRA

KAPITULUA

Jaiotzen inskripzioa

40. artikulua.

Inskribatzeko moduko jaiotzak dira Kode Zibilaren 30. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.

41. artikulua.

Inskripzioak fede ematen du, egitateari, datari, orduari, jaioterriari, sexuari, eta, hala denean, inskribatutakoaren seme-alabatasunari buruz ere.

42. artikulua.

Inskripzioa egiten da jaiotzaren berri ziurra izan duenak egindako adierazpenaren bidez. Adierazpen hau jaiotzaren osteko hogeita lau ordu eta zortzi egunen artean egingo da, erregelamenduak epe luzeagoa aipatzen duenean izan ezik.

43. artikulua.

Adierazpen egokiaren bidez inskripzioa sustatzera behartuta daude:

1. Aita.

2. Ama.

3. Ahaiderik hurbilena, edo, halakorik izan ezean, erditzea gertatu denean bertan dauden adin-nagusikoetatik edozein.

4. Jaiotza zein establezimendutan gertatu eta bertako burua edo zein etxetan gertatu eta hango familia-burua.

5. Bertan behera utzitako jaioberriei dagokienez, horiek jaso dituen pertsona.

44. artikulua.

Aurreko artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, jaiotzan lagundu duen medikua, emagina edo osasun-laguntzaile teknikoa behartuta egongo da beti Erregistroko arduradunari haren idatzizko partea berehala ematera. Parterik izan ezean, arduradunak, inskripzioa egin aurretik, egitatea egiaztatu beharko du Erregistro Zibileko medikuaren bitartez edo arauzko beste edozein prozeduraren bitartez.

45. artikulua.

Jaiotza adieraztera edo horren partea ematera behartutako pertsonak, orobat, behartuta daude modu berean abortukinen erditzea komunikatzera, fetuek, gutxi gorabehera, ehun eta laurogei egun baino gehiagoko bizitza izan badute.

Erregistro Zibilean paper-sorta bat osatuko da abortu horien inguruko adierazpen eta parteekin.

46. artikulua.

Adopzioa, gaitasunaren aldaketa judizialak, konkurtso, porrot edo ordainketa- etendurari buruzko adierazpenak, absentzia edo heriotza, naziotasunarekin edo auzotasunarekin zerikusia duten egitateak, eta, orokorrean, inskribatzeko modukoak diren gainerakoak, jaiotza- -inskripzio egokiaren orri-bazterrean inskribatuko dira, horien inskripzioa Erregistroko beste atalen batean egin behar dela beren beregi ezartzen ez bada.

Guraso-ahalaren gain eragina duten egitateak, gurasoen heriotza izan ezik, seme-alaben jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean inskribatuko dira.

II. KAPITULUA

Seme-alabatasuna

47. artikulua. *

* Artikulu honi buruz, ikus irailaren 21eko 776/1999 AGE, 5. oinarri juridikoa. Bertan indargabetzen da letra etzanez jarritako esamoldea, konstituzio-aurkakotasunaren zioz.

Jaiotza-inskripzioan amarengandiko seme-alabatasuna jasoko da, baldin eta horretan bat badatoz adierazpena eta partea edo arauzko egiaztapena.

Amaren ezkontza jasotzen ez bada, ezta horrek egindako seme-alabatasunaren aitorpena ere, Erregistroko arduradunak, luzamendurik gabe, idazkuna jakinaraziko die modu pertsonalean emakumezko interesdunari edo beraren jaraunsleei.

Seme-alabatasun horren aipamena ezabatu ahal izango da, epai bidez edo ama bezala agertutakoak horren berri ez izateagatik; azken hori Erregistroko arduradunaren aurrean gauzatuko da, eta horrek orri-bazterrean inskribatuko du. Ama bezala agertutakoak ezin izango du adierazi haren berririk ez duela izan, jakinarazpen hartatik hamabost egun igaro ondoren. Aipamenaren ezabatzea modu berean jakinaraziko zaio inskribatutakoari, edo, hilda egonez gero, beraren jaraunsleei; hala denean, inskribatutakoaren legezko ordezkaria ezaguna ez bada, jakinarazpena Fiskaltzari egingo zaio.

48. artikulua.

Aitarengandiko seme-alabatasuna jasoko da jaiotza-inskripzioan edo horren orri-bazterrean, gurasoen ezkontza-inskripzioari aipamena eginda edo aitorpena inskribatuta.

49. artikulua.

Aitorpena egin daiteke Kode Zibilean ezarritako formen arabera, edo amak zein aitak edozein unetan eta Erregistroko arduradunaren aurrean egindako adierazpenaren bidez, orri-bazterrean inskribatuta eta haiek sinatuta. Azken kasu horretan, beharrezkoa izango da, halaber, seme edo alabaren adostasuna edo onespen judiziala, harako kodeak xedatutakoaren arabera.

Naturaren araberako seme-alabatasuna inskribatu ahal izango da lehen auzialdiko epaileak onetsitako gobernu- espedientearen bidez, baldin eta Fiskaltza edo nahitaezko jakinarazpen pertsonala jaso duen alderdi interesduna aurka ez badago eta hurrengo inguruabarretatik edozein gertatzen bada:

1. Amaren edo aitaren zalantzarik gabeko idazkia egotea, eta, bertan, seme-alabatasuna beren beregi aitortzea.

2. Semeak edo alabak aitaren edo amaren naturaren arabera seme edo alabaren etengabeko egoera-edukitza izatea, gurasoaren edo familiaren zuzeneko egintzekin egiaztatuta.

3. Amari dagokionez, erditzea eta seme edo alabaren nortasuna bete-betean frogatzea.

Behin aurkakotasuna aurkeztuta, seme-alabatasunari buruzko inskripzioa prozedura arruntaren bidez bakarrik lortu ahal da.

50. artikulua.

Ezin izango da inolako idazkunik egin Erregistroak frogatutako seme-alabatasun egoerarekin bat ez badator, salbu eta bestelakoa xedatzen denean adierazpeneko epaiketan emandako epai irmoaren bidez, betiere Fiskaltzaren entzunaldiarekin.

51. artikulua.

Ezin izango da idazkunik agertu, ezta ziurtagiririk eman ere, horrek legitimoa ez den edo ezezaguna den seme-alabatasun bati buruzko datua barneratzen duenean, ezpada zuzenean ukitutako pertsonei, edo, lehen auzialdiko epaileak baimenduta, interes berezia egiaztatzen dutenei.

52. artikulua.

Familiatik kanpo ezin izango da espainiarren artean bereizketarik egin seme-alabatasun mota dela eta.

III. KAPITULUA

Izen-abizenak

53. artikulua.

Pertsonak euren izenarekin eta aita nahiz amaren abizenekin izendatzen dira; legeak guztien aurrean babesten ditu izen-abizenok.

54. artikulua.

Inskripzioan adieraziko da jaioari emandako izena, baina ezin izango da izen konposatu bat baino gehiago jaso, ezta bi soil baino gehiago ere.

Debekatuta daude pertsonei kalte objektiboa egiten dieten izenak, baita txikigarriak edo familiako aldaerak eta funtsik lortu ez duten lagunartekoak ere, identifikazioa zaildu egiten dutenak eta horien osotasunean sexuari buruz okerra eragiten dutenak.

Ezin zaio jaioari ezarri horren neba- arreba batek duen izena, hilda dagoenean izan ezik, ezta hark beste hizkuntza batean duen ohiko itzulpena ere.

Interesdunak edo horren legezko ordezkariak hala eskatuta, Erregistroko arduradunak haren izen berezia ordeztuko du, horrek Espainiako hizkuntzetatik edozeinetan duen onomastika-baliokidearekin.

55. artikulua.

Seme-alabatasunak abizenak eratortzen ditu.

Jaiotzaren inguruan seme-alabatasun bat bakarrik aitortu bada, horrek eratortzen ditu abizenak; gurasoak bere burua halakotzat aitortzen badu, abizenen hurrenkera zehaztu ahal izango du inskripzio-unean.

Jaiotzaren lehenengo inskripziorako ezarritako abizen-hurrenkerak eratortzen du seme-alabatasun berberarekin gero gertatzen diren jaiotzen inskripziorako hurrenkera.

Adin-nagusitasuna lortzean, abizenen hurrenkera aldatzea eskatu ahal izango da.

Erregistroko arduradunak erabilera arrunteko izen bat eta abizen batzuk ezarriko dizkio jaioari, horren seme-alabatasunak halakoak zehaztu ezin baditu.

Interesdunak edo horren legezko ordezkariak hala eskatuta Erregistroko arduradunak abizenen ortografia erregularizatuko du, Erregistroan inskribatutako forma egokia ez bada Espainiako hizkuntza horren gramatika eta fonetikaren arabera.

56. artikulua.

Adopzioaren eskrituran hitzartu ahal da adopzio-hartzaile edo adopzio-hartzaileen lehen abizena naturaren araberako adoptatuaren familiak dituenen aurretik jartzea.

Naturaren araberakoak ez diren abizenen ordez, adopzio-hartzaileenak jar daitezke.

57. artikulua.

Justizia Ministerioak baimena eman dezake, izen-abizenen aldaketak egiteko, aurretiaz espedientearen izapidetza arauz eginda:

Abizenak aldatzeko, eskaeraren nahitaezko betekizunak dira:

1. Abizenak, proposatu izan den modu horretan, interesdunak sortu ez duen egitezko egoera eratzea.

2. Batu edo aldatu nahi den abizena edo abizenak modu legitimoan eskatzailearenak izatea.

3. Aldatu nahi den abizena zein lerrotakoa izan eta lerro horretatik etortzea.

Aurkakotasuna aurkeztu ahal izango da, eskatutako betekizunen ez-betetze horretan oinarritzen denean bakarrik.

58. artikulua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko artikuluko lehen betekizuna gertatzea abizen bat aldatzeko edo aldarazteko, hori deduaren aurkakoa denean edo eragozpen handiak sortzen dituenean, ezta Espainiako abizen baten desagerpena saihesteko ere.

Salbuespeneko inguruabarrak gertatzean, eta aipatu artikuluan adierazitako betekizunak izan ez arren, aldaketa onartu ahal izango da dekretu bidez, Justizia Ministerioak hala proposatuta, Estatu Kontseiluaren entzunaldiarekin.

Kasu horietan guztietan, aurkakotasuna edozein zio arrazoitutan oinarri daiteke.

59. artikulua.

Lehen auzialdiko epaileak baimen ditzake, aurretiazko espedientearekin:

1. «Expósito» eta antzeko abizenek jatorri ezezaguna adierazten dutenez gero, horien ordez, eskatzailearen beste abizen bat jartzea, edo, halakorik izan ezean, erabilera arrunteko abizen bat.

2. Arauak hautsiz ezarritako izen- -abizenak aldatzea.

3. Naturaren araberako seme nahiz alabak edo horien ondorengoek erabilitako abizenei eustea, baldin eta prozedura eragiten badute aitorpen-inskripzioaren osteko, edo, hala denean, adin-nagusitasunaren osteko bi hilabeteetan.

4. Izenaren ordez, modu kanonikoan ezarritakoa jartzea, hori bada erabili ohi dena.

5. Atzerriko izena itzultzea edo atzerriko abizenen fonetika gaztelaniaren grafiara egokitzea.

60. artikulua.

Aurreko artikuluak aipatutako izen- -abizenak aldatzeko, nahitaezkoa da beti arrazoi zuzena izatea eta hirugarrenari kalterik ez egitea.

61. artikulua.

Abizenen aldaketa gubernatiboak eragina du subjektuengan, guraso-ahalaren gain eta beren beregi adostasuna eman duten gainerako ondorengoengan.

62. artikulua.

Izen-abizenak aldatzeko baimenek ez dute ondorerik sortzen, jaiotza-inskripzio egokiaren orri-bazterrean inskribatzen ez diren bitartean.

<

IV. KAPITULUA

Naziotasuna eta auzotasun zibila

63. artikulua.

Justizia Ministerioak emango du, aurretiazko espedientearekin, bizilekua izatearen ondoriozko naziotasuna.

Ministerio horren eskumena da, berebat, herritartze-agiriak emateari buruzko espedienteen izapidetza edo estatuko buruak graziaz emandako berreskuratze- espedienteen izapidetza.

64. artikulua.

Xedapen berezirik izan ezean, naziotasunari edo auzotasunari buruzko euste- edo aldatze-adierazpenak jasotzeko, funtzionario eskuduna da, naziotasuna aukeratzeari buruzko erregelek zehazten duten funtzionario bera.

Funtzionario hori ez denean jaiotza inskribatuta dagoen Erregistroko arduraduna, akta egingo du inskripziorako beharrezkoak diren inguruabarrekin, eta akta hori Erregistro eskudunari bidaliko dio orri-bazterreko inskripzio egokia egin dezan.

Inskripzio-datatzat hartuko da aipatu idazkunean jasotako aktarena; horrelako adierazpenek euren ondoreak sortzen dituzte data horretatik aurrera.

65. artikulua.

Kode Zibilaren 26. artikuluak aipatutako adierazpena urtebetean bakarrik egin daiteke, bizilekuaren herriko legeak atzerriko naziotasuna eratxiki duen datatik zenbatuta, edo adin-nagusitasunetik nahiz adierazlearen emantzipaziotik zenbatuta, atzerriko legeak hura lehenago eratxiki badu.

Behin naziotasunari edo auzotasun zibilari eusteko adierazpena eginda, ez da beharrezkoa hori errepikatzea, igarotako denbora edo bizileku-aldaketak edozein izanda ere.

Halaber, hari eusteko ez du adierazpenik egin behar naziotasun edo auzotasun bera eskuratzeko borondatea adierazi duenak.

66. artikulua.

Espainiako Erregistro Zibilean inskribatuko dira adierazpenak eta gainerako egitateak, baldin eta horiek espainiarraren izaera juridikoa edo Iberoamerikako nahiz Filipinetako nazionalarena ukitzen badute, hura herrialdeotako nazionalek edo espainiarrek hitzarmenen arabera izanik.

Erregistroko arduraduna behartuta dago inskripzio horiek Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari komunikatzera.

67. artikulua.

Naziotasunaren galera eskubide osoz gertatzen da beti, baina inskribatu behar da. Interesdunak berak hori sustatzen ez badu, Erregistroko arduradunak, aurretiaz hari zitazioa eginez, bidezkoa den idazkuna egingo du.

68. artikulua.

Kode Zibilaren I. liburuko, I. tituluan xedatutakoari kalterik egin gabe, eta gurasoen atzerritartasuna agertzen ez den artean, Espainiako lurraldean jaioak espainiar direla uste izango da, gurasoak ere Espainian jaioak badira.

Presuntzio bera aplikatzen zaio auzotasunari.

II. ATALA

EZKONTZAK

69. artikulua.

Inskripzioak fede ematen du, ezkontzaren egintzari, eta beraren data, ordu eta lekuari buruz.

70. artikulua.

Ezkontza kanoniko edo zibilaren ondore zibilak ezkontza egiten denetik sortuko dira. Ondoreak aitortuak izan daitezen, nahikoa izango da ezkontzaren inskripzioa. Hala ere, inskripzioa bost egun igaro ondoren eskatzen denean, horrek ez die kalterik egingo hirugarrenek modu legitimoan eskuratutako eskubideei.

Isilpeko edo kontzientziazko ezkontzaren ondore zibiletarako, nahikoa da hori Isilpeko Ezkontzei buruzko Liburu Berezian inskribatzea, baina horrek ez die kalterik egingo hirugarrenek modu legitimoan eskuratutako eskubideei, Erregistro Zibilean argitaratzen denetik ez bada.

71. artikulua.

Ezkongaiak eurak behartuta daude ezkontza kanonikoaren inskripzioa sustatzera. Horretarako, hogeita lau orduko aurrerapenarekin gutxienez, idatziz helaraziko dizkiote Erregistro eskuduneko arduradunari egintzaren eguna, ordua eta lekua, jakinaren gainean egon dadin. Arduradunak emango du aipatu abisuaren jaso-agiria, eta ezkontzara azalduko da, bera zuzenean edo eskuorde bidez, berehalako inskripzioa egiaztatzeko bakarrik.

Edozein kasutan ere, inskripzioa edozein unetan egin ahal izango da, ezkongaiak hilda egon arren, edozein interesdunek hala eskatuta, sakramentu-aktaren kopia kautoa edo ezkontza egiaztatzeko Elizak luzatutako ziurtagiria aurkeztuz, besterik gabe. Inskripzioa parrokoari komunikatu beharko zaio.

72. artikulua.

Ezkontza kanonikoa «in articulo mortis» egiten dutenek Erregistroko arduradunari abisua eman ahal izango diote ezkontzaren aurreko edozein unetan, eta edozein modutara egiaztatu ahal izango dute eginbehar hori bete dutela.

Elizan egindako kontzientziazko isilpeko ezkontza ez dago aurreko artikuluan xedatutakoaren menpe.

73. artikulua.

Funtzionarioak, ezkontza zibila baimentzean, akta egingo du, ezkontza egiten den une berean, legeak zehaztutako betekizun eta inguruabarrekin, eta ezkongaien eta lekukoen sinadurarekin.

Ezkontza atzerrian egin bada bertako formaren arabera, edo, beste edozein kasu izanik, harako akta egin ez bada, inskripzioa bidezkoa izango da espediente bidez bakarrik.

74. artikulua.

Justizia Ministerioari dagozkio, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, Kode Zibilean ezkontzarako ezarri diren lekapenak.

75. artikulua.

Ezkontzaren egintza zein funtzionariok baimendu eta berorrek emango die ezkongaiei, berehalakoan, Familia Liburuaren ale bat; bertan ezkontzaren egiatasuna agertuko da ziurtagiri-balioarekin.

76. artikulua.

Ezkontzaren baliozkotasunari, deuseztasunari edo banantzeari buruzko epai eta ebazpenak, bai eta hura bukatzea dakarten bestelako egintzak ere, jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean inskribatuko dira.

77. artikulua.

Jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean, berebat, aipatu ahal izango dira, ezkontza- sozietatearen ondasun-eraentza aldatzen duten itunak, ebazpen judizialak eta gainerako egitateak.

Kode Zibilaren 1322. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, inoiz ez zaio kalterik egingo hirugarren onustedunari, aipamen horren datatik ez bada.

78. artikulua.

Erregistro Zentraleko Isilpeko Ezkontzei buruzko Liburu Berezian inskribatuko dira:

1. Elizan egindako kontzientziazko ezkontzak, bi ezkongaiek hori eskatzen badute.

2. Lekapen bidez isilpean egindako ezkontza zibilak.

79. artikulua.

Hurrengoek bakarrik eskatu ahal izango dute isilpeko ezkontza argitaratzea, eta hala egingo da, Erregistro Zibil egokira inskripzioa lekualdatuz:

1. Bi ezkongaiek, ados jarrita.

2. Alargunak.

3. Ezkontza kanonikoaren kasuan, ordinarioak, sekretuaren betebehar kanonikoa berarentzat bukatzen den kasuetan.

4. Ezkontza zibilaren kasuan, zuzendari nagusiak hori agintzen duenean, ezkontideen zitazioarekin, bata edo biak sekretupean babesten badira ezkontzaren oinarrizko eginbeharrak edo seme-alabei begira dituztenak modu larrian hausteko.

80. artikulua.

Interesdunak edo Fiskaltzak hala eskatuta, idatzoharraren bidez jasoko dira hurrengoak:

1. «In articulo mortis» egindako ezkontza kanonikoa edo lekukoen aurrean bakarrik egindakoa, horren izatea zuzenbide kanonikoan ziurtatzen ez den bitartean.

2. Ezkontza zibila, behar bezala egiaztatzen ez den bitartean bi ezkongaiak ez direla katolikoak edo ezkongaiok aske direla, eragozpenik ez egotearen ondorioz.

III. ATALA

HERIOTZAK

81. artikulua.

Inskripzioak fede ematen du, pertsona baten heriotzari buruz, zein heriotza horren data, ordu eta lekuari buruz.

82. artikulua.

Inskripzioa egiten da heriotzaren berri ziurra izan duenak egindako adierazpenaren bidez. Adierazpen hori ehorzketaren aurretik egingo da.

83. artikulua.

Inskripziorik egiten ez den artean, ez da emango ehorzketarako baimenik; ehorzketa heriotzaren unetik gutxienez hogeita lau ordu igarota egingo da.

Indarkeriazko heriotzaren zantzuak badaude, baimena eten egingo da, agintari judizial eskudunaren irizpidearen arabera, eginbideen egoerak hura ahalbidetu arte.

84. artikulua.

Inskripzioa kasuan kasuko adierazpenaren bidez sustatu beharko dute hildakoaren ahaideek edo haren etxe berean bizi direnek, edo, halakorik izan ezean, auzokoek.

Heriotza etxetik kanpo gertatuz gero, behartuta daude ahaideak, edota heriotza zein establezimendu edo etxetan gertatu eta hango agintari edota familia-buru, edota gobernu-agintaritza.

85. artikulua.

Heriotza inskribatu ahal izateko, beharrezkoa da heriotzaren zeinu nabariak badirelako mediku-ziurtagirian jasotzea.

Medikuaren ziurtagiririk ez dagoenean edo hori osagabea nahiz kontraesanekoa denean, edota arduradunak beharrezko baderitzo, Erregistro Zibilari atxikitako mediku forenseak edo horren ordezkoak heriotzaren arrazoiari buruzko irizpena emango du, hilotza bere kabuz aztertzearen bitartez bada ere.

86. artikulua.

Inskripzioa egin ahal izateko, beharrezkoa izango da epai irmoa, gobernu- espedientea edo agintari judizialaren agindua, indarkeriazko heriotzari buruzko eginbideen izapideak egin eta inongo zalantzarik gabe heriotza baieztatzeko, hilotza desagertu denean edo inskribatu aurretik hobiratu denean.

87. artikulua.

Izurrite-garaian, kutsatzeko beldur oinarriduna badago edo aparteko beste inguruabar batzuk gertatzen badira, kontuan hartuko dira aurreko manuei egindako salbuespenak; salbuespen horiek osasun-lege eta -erregelamenduek agintzen dituzte, bai eta Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ere.

IV. ATALA

TUTORETZAK ETA LEGEZKO ORDEZKARITZAK

88. artikulua.

Laugarren atalean inskribatzen dira babes-erakundea eta gainerako lege-ordezkaritzak, horiek pertsona juridikoei eta halakoen aldaketei ez badagozkie.

Atal honetan, orobat, idatzoharraren bidez agerraraziko dira egitate nahiz inguruabarrak, baldin eta egitateok, Erregistro Zibilarekin bat etorriz, Tutoretzen Erregistroaren eta Absenteen Erregistro Zentralaren edukia eratzen badute, eta lege honen arabera inskripzioaren gai ez badira.

89. artikulua.

Babes-erakundeari buruzko inskripzioak egingo dira, tutoretza eratzeko unean tutoretzapekoen egoitza non izan eta bertako Erregistroan.

Absentearen ordezkaritza inskribatuko da, absentzia-adierazpena zein tokitan egin eta toki horretako Erregistroan. Desagertuari dagokion defendatzailearena, berriz, defentsa zein tokitan eratu eta toki horretakoan.

90. artikulua.

Bestelako lege-ordezkaritzak inskribatuko dira horiek zein tokitan eratu eta toki horretako Erregistroan. Kausatzaileak bere ondasunen administrazioa ezarri badu, administrazio horren inskripzioa egingo da Espainian azken egoitza zein izan eta bertako Erregistroan, edo, egoitzarik izan ezean, ondasun gehienak zein tokitan egon eta toki horretakoan.

91. artikulua.

Arduradunak urtero aztertuko ditu laugarren atalean indarrean dauden idazkunak, eta Fiskaltzari kontu-arrazoiak emango dizkio, bere ustez tutoretza edo ordezkaritzaren interesak hobeto defendatzeko komeni denari buruz.

VI. TITULUA

ZUZENKETA ETA BESTELAKO PROZEDURAK

92. artikulua.

Inskripzioak bakarrik zuzen daitezke epaiketa arruntean emandako epai irmoaren bidez.

Demanda Fiskaltzaren aurka eta idazkunak aipatutakoen aurka zuzenduko da, azken horiek demandatzaile ez direnean.

Epaiketa horretan ez da gertatzen 2. artikuluak ezarritako froga-murrizketa.

93. artikulua.

Aurreko artikulua gorabehera, aurretiazko gobernu-espedientearen bidez zuzen daitezke:

1. Nortasunaren okerreko aipamenak, baldin eta, inskripzioaren gainerako inguruabarren ondorioz, nortasun hori zalantzarik gabe ezarrita gelditzen bada.

2. Sexuaren okerreko aipamena, gainerako inguruabarren ondorioz dudarik ez badago jaioaren nortasunari buruz.

3. Beste edozein oker, oker hori begi-bistan geratzen bada beste inskripzio batekin edo batzuekin erkatuta, azken horiek kasuan kasuko egitatearen fede ematean.

94. artikulua.

Zuzen daitezke, berebat, gobernu-espedientearen bidez, Fiskaltzak zuzenketaren alde emandako irizpenarekin:

1. Okerrak, inskripzioa agirien ondorioz egin bada eta agiriokin erkatuta okerrak begi-bistan geratu badira.

2. Geroago zuzendutako agiri publikoak edo Elizako agiriak ondorioztatzen dituenak.

95. artikulua.

Gobernu-espedientea nahikoa da:

1. Inskripzioak osatzeko, inskripzio horiek sinatu badira eurok egiteko unean ezagunak ez ziren inguruabarrekin.

2. Baimendu gabeko inguruabar nahiz idazkunak ezabatzeko, eta horiek modu nabarian oinarritu badira idazkunaren arabera zilegia ez den tituluan, horiek ere ezabatzeko.

3. Idazkunen akats formal hutsak zuzentzeko, fede ematen duten egitateak behar bezala egiaztatzen badira.

4. Liburuak egiteko moduan hutsegiteak zuzentzeko, baldin eta hutsegiteok zuzeneko eraginik ez badute sinatutako inskripzioen gain.

5. Inskripzioa epez kanpo egiteko.

6. Suntsitutako inskripzioak berreratzeko.

96. artikulua.

Gobernu-espedientearen bidez, presuntzio hutsaren balioarekin adieraz daiteke:

1. Egoera zibilaren gain eragina izan dezakeen egitate zehatza ez dela gertatu.

2. Naziotasuna, auzotasuna edo edozein egoera, Erregistroan jasotzen ez bada.

3. Aberrigabeen egoitza.

4. Egitateen izatea, ezinbesteko kasuaren ondorioz Erregistroan sartzea ezinezkoa den bitartean, horiek bertan inskribatu beharrekoak izanda.

Adierazpen horiek idatzoharraren bidez jaso daitezke, legeak xedatutakoaren arabera.

97. artikulua.

Lege honek aipatzen dituen gobernu- espedienteak hurrengo erregelen menpe egongo dira:

1. Horiek susta ditzake edo alderdi izan daiteke interes legitimoa duten pertsonetatik edozein. Horretara behartuta daude, hala denean, inskripzioa sustatu behar dutenak.

2. Fiskaltzak esan beharrekoa beti entzungo da.

3. Espedientearen hasiera interesdunei komunikatuko zaie, eta interesdunok euren ustez egoki diren adierazpenak egin ahal izango dituzte.

4. Azken auzialdian, ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Zuzendaritza Nagusian.

Dena den, bizi-agiriari, ezkongabetasunari edo alarguntasunari buruzko espedienteak araudi bereziekin bat etorriko dira.

VII. TITULUA

ARAUBIDE EKONOMIKOA

98. artikulua.

Doakoak dira Erregistro Zibileko idazkunak, ehorzketa-baimenak, eta beren beregi salbuetsita egon ez eta Erregistro Zibilari dagozkion espedienteak.

99. artikulua.

Ezabatua, azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoaren ondorioz.

100. artikulua.

Salbuespenez aplikatzen dira, ondore ekonomikoetarako, borondatezko jurisdikzioaren erregelak:

1. Izena edo «Expósito» eta antzeko abizenak aldatzeko espedienteetan.

2. Lege honetan ezarritako betebeharrak haustearen ondoriozko espedienteetan. Kasu horietan, kostuak ezarriko zaizkio betebeharrak hautsi dituenari, eta, ondore horretarako, aurretiaz zitazioa egingo zaio.

3. Adierazpenetarako espedienteetan, adierazpenok presuntzio hutsaren balioa dutenean.

101. artikulua.

Ezabatua, azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoaren ondorioz.

102. artikulua.

Ezabatua, azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoaren ondorioz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Lege honen 6. artikuluak ezarritako ondoreetarako, berorrek Erregistroko liburuak edo idazkunak aipatzen dituenean ulertuko da aipamen hori egiten zaiela Erregistroko datuen fitxategi automatizatuei eta horien tratamenduari.

Bigarrena

Naziotasunari eta izen-abizenei buruzko eskaera eta espediente guztietan, ezin izango da ulertu interesdunen eskabideei oniritzia eman zaienik isiltasun administratiboaren ondorioz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honek arautuko ditu bera indarrean jarri ondoren gertatutako egitateak, eta aurretiazko egitateak ere, horiek inskribatu beharrekoak izanik, eta oraindik inskribatu ez badira.

Edozein kasutan ere, seigarren tituluan ezarritako prozedurak aurretiazko inskripzioei aplika dakizkieke; lege hau indarrean jartzean, prozedurak hasita badaude aurreko legeriaren menpe, eta prozedurok eta lege honetan ezarritakoak desberdinak badira, orduan interesdunek batzuk edo besteak aukeratu ahal izango dituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Indarrean diraute Kode Zibilean Erregistroarekin zerikusia duten xedapenek, horiek lege honetan ezarritakoaren ondorioz aldatu ez badira. Legearekin eta erregelamenduarekin bat etorriz, Erregistro Zibilaren barruan geratzen dira Tutoretzen Erregistroa eta Absenteena.

Bigarrena

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera. Epe horretan onetsiko da Erregistro Zibilaren erregelamendu berria.

Legea indarrean jartzeaz geroztik, indarrik gabe geldituko dira Erregistro Zibilari buruzko gainerako xedapenak.

Hirugarrena

Erregelamendu bidez ezarriko dira betekizunak, idazkunak egiteko nahiz ziurtagiriak luzatzeko modua eta gainerako baldintzak, horiek guztiek eragina badute Erregistroko datuen fitxategi automatizatuak ezarri eta kudeatzearen gain.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra