Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Zuzenbide zibila  >>  Legeria  >> Hipoteka zuzenbidea

Hipoteka Legea. 1946ko otsailaren 8ko Dekretua, Hipoteka Legea onesten duena

1946-02-08

Itzulpena nork: Gaminde Egia, Eba; Lobera Revilla, Gotzon; Urrutia Badiola, Andrés; Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Justizia Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1946/2/27, 58. zk.

Hipoteka Legea

1946ko otsailaren 8ko Dekretua, Hipoteka Legea onesten duena

EAO, otsailaren 27koa

ZIOEN AZALPENA

1944ko abenduaren 30eko Legeak eraldaketa esanguratsuak ekarri izan ditu hipoteka-zuzenbidera. Lege horren bigarren xedapen gehigarriak Gobernuari eskuespena eman dio, urtebeteko epean Hipoteka Legearen idazkera berria argitara dezan. Lege berriaren helburuek izan behar dute, dela indarreko lege-testuak behar bezala harmonizatzea, dela Erregistroko idazkunen edukia laburtzea, betiere sistemaren printzipio nagusiei kalterik egin gabe, dela lege-xedapenei antolaketa sistematiko hobea nahiz erabereko tankera ematea. Horretarako oinarriak ondokoak dira: Hipoteka Legearen eta hori Eraldatzeko Legearen xedapenak, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren doktrina.

Testu hau sinatzen duen ministroak lan zail bezain kontuzko horri ekin dio karguaz jabetzeaz batera, alegia, Gorteek lege berria argitaratzeko eman zuten hamabi hilabeteko epetik ia zortzi igarota zeudenean.

Zuzendaritza zentroan horrexetarako izendatu den batzordea gogotsu aritu da zeregin horretan, etenik gabeko lana gauzatuz, helburu neketsu hori epe barruan erdiesteko; eta batzordeak erakutsitako grinaren emaitza da, hain zuzen ere, dekretu honen bidez berretsi den testu bategina.

1944ko Legeak ezarritako gida-lerroei estu-estuan ekinez, lege horrek idazkerarako ezinbesteko arautzat jo dituenak betetzea izan da testu berriaren jomuga.

Horretarako, legearen tituluak beste modu batean antolatu izan dira, horiei banaketa sistematiko hobea emateko; hasieran gai substantiboei buruzko tituluak kokatu dira, Zuzendaritza Nagusia eta Erregistratzaileen Kidegoari buruzko zati adjektibo eta organikoa azkenerako utzita.

Eta testu berriak aurrekoak baino artikulu gutxiago baditu ere, ahaleginak egin dira artikulu garrantzitsuenei, hots, epai zein ebazpenetan gehien aipatzen direnei, aurreko zenbaki bera emateko, ez bakarrik tradizioari zor zaion begiruneagatik, hori gehiegizkoa izan baitaiteke, ezpada artikuluotan araututako gaiei buruzko jurisprudentzia bihar-etzi errazago jakin eta aplikatu ahal izateko.

Bestalde, testu berrian sartu dira ezbairik gabe lege-hierarkia zuten hainbat xedapen, erregelamenduetan jasota agertzen zirenak, hala nola, lurralde-mugabarruaren araberako erregistro eskumenei buruzkoak, edota erregistroetako idazkunen epai babesaren ingurukoak; gisa bertsuan, edukiaren arabera ordenantzetan jaso beharreko artikulu xeheak legetik kendu eta erregelamenduetara bildu izan dira ondokoagatik: ulertzekoa zen lege zaharrean halakoak agertzea, Espainian lehenengo aldiz ezarri baitzen Erregistroaren erakundea, baina egungo legean desegokia izango litzateke xedapen horiei eustea, euren erregelamendu izaera ageri-agerikoa da eta.

Ildo beretik, ahal izan den neurrian, bat eginiko bi legeen tankera bateratu nahi izan da, gramatika zuzenketa txikiak eginez eta egungo hizkera juridikoan zaharkituta geratu diren esamolde zein hitzen ordez beste batzuk jarriz; zernahi den ere, lan hori xehetasunez eta zorrotz gauzatu nahi izanez gero, denbora luzeago beharko litzateke, testuaren idazkera behin baino gehiagotan berrikusteko beta izateko.

Erregistroko idazkunak laburtzeari dagokionez, legegilearen asmo hori bat dator inskripzio formuletan laburtasun eta argitasuna agintzen duten egungo eskakizunekin; lege berriak, bada, idazkun nagusien idazkera laburtu ez ezik, halakoetan jabariaren eta ondasun higiezinen gaineko eskubide errealen nondik norakoa jasota, aurkezte-idazkunaren edukia ere erraztu du, eta horrek berebiziko garrantzia du ondasun higiezinen gaineko Espainiako sisteman.

Horrela, batetik, idazkun ororen betekizun formalak ahalik gehien gutxitu dira, betiere sistemaren printzipio nagusiei kalterik egin gabe; bestetik, modu berezian inskriba daitezkeen eta inskribatu behar diren eskubideen inguruko aipamenak kendu dira; eta, azkenez, Erregistroaren babes esparrutik at utzi dira izaera pertsonal edo betebehar izaeradun eskubideak. Horrek guztiak nahitaez ekarri behar du Erregistroa argiago eta horren publizitatea errazago egitea, interesdunek zuzenago jakin dezaten horren edukia.

1944ko eraldaketaren manuak oso-osorik sartu dira lege berrian, batzuetan hitzez hitz, eta besteetan, idazkeraren zuzenketa txikiak eginda; manu horietako batzuek, gainera, antolaketa sistematiko desberdina dute lege berrian.

Alferrekoa izango litzateke artikulu berriek hipoteka-legerian sartzen dituzten aldarazpenak eta berrikuntzak sakonean azaltzea, horiek guztiak 1944ko Legearen zioen azalpen txalogarrian azaldu eta plazaratu baitziren.

Legegileak ahalmenak eman dizkio Justizia Ministerioari, erregistroen lurralde antolaketa eta erregistratzaileen estatutu organikoa ezartzeko, eta, ahalmen horiek erabilita, testu berriaren xedapenak indarreko xedapenekin harmonizatzeko manuak jaso dira; horien helburu nagusia izan da, legegileak erregistro moten ordez erregistratzaileen kategoria pertsonalak ezartzeko beren beregi eman zuen agindua betetzea.

Testu berriak behin betiko arautu ditu gai horiek, legegileak emandako eskuespena agortuz; taxu horretan, Erregistroan lanean diharduten funtzionarioen araubide organikoa ezartzeko arau berriek ohiko lege lerruna lortu dute.

Horrenbestez, aurretiaz ezarritako muga zein epe zorrotzen barruan Gor een agindua beteta, behean sinatuko duen ministroak ondoko proiektua Estatuburuaren onespenaren menpe jartzeko ohorea du:

DEKRETUA

Justizia-ministroaren proposamenez, Estatu-kontseiluarekin bat etorriz eta Ministroen Kontseiluak gaia eztabaidatu ondoren, hauxe xedatu dut:

Artikulu bakarra Hipoteka Legearen idazkera berri ofiziala onetsi da eta Justizia-ministroari eskuespena eman zaio, 1944ko abenduaren 30eko Legearen bigarren xedapen gehigarriak eta 1945eko abenduaren 31ko Legearen artikulu bakarrak agindutakoa beteta, ondoko testua argitara dezan «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean.

LEHENENGO TITULUA JABETZA ERREGISTROA ETA BERTAN INSKRIBATU BEHARREKO TITULUAK

1. artikulua. Jabetza Erregistroaren helburua da ondasun higiezinen gaineko jabariari eta gainerako eskubide errealei buruzko egintza nahiz kontratuen inskripzioa edota idatzoharra egitea.

Ondasun higiezinak zein lurralde-mugabarrutan egon eta bertako Erregistroan egin behar da horien inskripzioa edota idatzoharra.

Auzitegiek babesten dituzte Erregistroko idazkunak, baldin eta 238. artikuluak eta ondorengoek aipaturiko liburuetan egin badira, eta bertan inskribatzeko moduko eskubideei buruzkoak badira; idazkun horiek ondore guztiak sortzen dituzte, lege honen arabera zehatzak ez direla adierazi arte.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu erregistroetan inskribatu behar dira:

1. Ondasun higiezinen edo horien gaineko eskubide errealen jabaria eskualdatu edo adierazteko tituluak.

2. Gozamen, erabiltze, biztantze, enfiteusi, hipoteka, zentsu, zortasun nahiz gainerako eskubide errealak eratu, aintzatetsi, eskualdatu, aldarazi edo azkentzeko tituluak.

3. Pertsona zehatz bati ondasun higiezin edo eskubide erreal batzuk adjudikatzeko egintzak edo kontratuak, nahiz eta egintza horietan ezarri, ondasun edo eskubideak beste pertsona bati eskualdatu behar zaizkiola edo horien zenbatekoa helburu jakin baterako inbertitu behar dela.

4. Ondasunak administratzeko lege-ezgaitasuna adierazten duten epaiak, bai eta absentzia zein heriotza adierazten dutenak edota ondasunak askatasunez xedatzeko gaitasun zibila aldarazten dutenak ere.

5. Ondasun higiezinen gaineko errentamendu-kontratuak, baita horien azpierrentamendu, lagapen eta subrogazioak ere.

6. Estatuari, korporazio zibilei edota Elizaren korporazioei dagozkien ondasun higiezinak nahiz eskubide errealak eskuratzeko tituluak, lege edo erregelamenduetan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua. Aurreko artikuluan aipaturiko tituluak inskribatu ahal izateko, tituluok agerrarazi behar dira eskritura publikoan, betearazpen-aginduan edo agintari judizialak, Gobernuak nahiz horren agenteek egindako agiri kautoan, azken horiek luzatu badira erregelamenduek ezarri bezala.

4. artikulua. Edu berean, Erregistroan inskribatu behar dira, bai bigarren artikuluan adierazitako tituluak, atzerrian luzatu direnean, baldin eta tituluok legeen arabera Espainian indarra badute, bai eta atzerriko auzitegiek emandako betearazpen-aginduak, Prozedura Zibilaren Legearen arabera horiek Espainian betearazi behar badira.

5. artikulua. Edukitzaren egitate huts edo soilari buruzko tituluak ezin daitezke inskribatu.

II. TITULUA INSKRIPZIOAREN FORMA ETA ONDOREAK

6. artikulua. Ondokoek eska dezakete tituluak Erregistroan inskribatzea:

a) Eskubidea eskuratzen duenak.

b) Eskubidea eskualdatzen duenak.

c) Inskribatu behar den eskubidea ziurtatzeko interesa duenak.

d) Aurrekoen ordezkariak.

7. artikulua. Jabetza Erregistroan finkaren inguruan egiten den lehenengo inskripzioa jabari-inskripzioa izango da. Inskripzio hori lege honen VI. tituluan araututako prozeduren arabera egin behar da.

Finkaren gaineko eskubide erreala duenak bere eskubidea Erregelamenduko arauen arabera inskribatzea eska dezake, finkaren jabeak ez duenean inskribatu finka horren gaineko jabaria.

8. artikulua. Lehenengoz inskribatzen denetik, finka bakoitzak bere zenbakia izango du, zenbakiok ondoz ondokoak izanik.

Finka berari buruzko inskripzioek ondoz ondoko beste zenbaketa berezi bat izango dute.

Finka bakar moduan eta zenbaki berarekin inskribatuko dira hurrengoak:

1. Galizia edo Asturiasko foropeko finka bakoitzaren lurraldea, mugarte biribila edo tokia, horiek zuzeneko ugazaba bakarra edo zenbait ugazaba indibisoan aintzatesten badituzte; foropeko finka osoa mugarteko mugen barruan sartzen bada, ez da kontuan hartzen hori kolono desberdinei jabari erabilgarripean edo foropean emandako zatietan bananduta dagoen edo ez.

Forudun lurraldea ez bada zuzeneko ugazaben artean banatu, ulertuko da zuzeneko ugazaba bakarra dela, nahiz eta foropeko finka edo toki horretako errenta edo pentsioak pertsona desberdinek kobratu, zuzeneko ugazaba gisa.

2. Batasun organikoa osatzen duen nekazaritzako ustiategi oro, ustiategi horrek landetxerik izan zein ez, eta ustiategi horretara lur mugakideak batu zein ez; halaber, industria-ustiategiak, baldin eta ustiategiok elkarri lotutako edo elkarren mendeko ondasunen multzoa osatzen badute.

3. Hiri-finkak eta eraikinak orokorrean, horien gaineko jabari osoa edo ia osoa ugazaba desberdinei badagokie ere.

4. Jabetza horizontalpeko eraikinak, amaituta edo, gutxienez, hasita badaude.

Legeak agindutako inguruabarrak zehaztuta, inskripzioan deskribatu behar dira, hala ondasun higiezin osoa, nola horren barruan modu lokabean aprobetxa daitezkeen pisu eta lokalak. Pisu nahiz lokalei ondoz ondoko zenbakia eratxikiko zaie letraz idatzita, eta, ondasun higiezinari begira, bakoitzari dagokion partaidetza kuota ere zehaztuko da.

Orube edo eraikin osoaren inskripzioan proiektu huts diren pisuak agerraraziko dira.

Horrez landara, jabetza horren edukia eta egikaritza zehazten duten titulu nahiz estatutuetako erregelak ere jaso behar dira.

Inskripzioa egin daiteke ondasun higiezinaren ugazabaren izenean, horrek eratu baitu araubidea, edota pisu zein lokalen titular guzti-guztien izenean.

5. Jabetza horizontalaren araubidepeko eraikinaren pisu edo lokalak, baldin eta aldez aurretik ondasun higiezinaren inskripzioan agerrarazi bada araubide hori.

9. artikulua. Erregistroko inskripzioek hurrengo inguruabarrak aipatu behar dituzte:

1. Inskribatutako ondasun higiezinaren izaera, egoera eta mugak, edota inskribatu beharreko eskubideak ukitzen dituen ondasun higiezinarenak, baita horren azalera-neurria, izena eta zenbakia ere, horiek tituluan agerrarazi badira.

Finkaren identifikazioa osatzeko, oinarri grafikoa sar daiteke inskribatzeko moduko tituluan, edota finkaren deskripzio topografikoa egin daiteke, teknikari eskudunak eginiko proiektuaren bidez eta nazioko nibelazio-sare geodesikoak aipatzen dituen koordenatu geografikoen sistema kontuan hartuta.

Katastroko edo hirigintzako oinarri grafikoa eta plano topografikoa erabiliz gero, horiek tituluarekin batera aurkeztu behar dira, ale bikoiztuan.

Aleetarik bat Erregistroan artxibatuko da; horrez gain, euskarri informatikoetan ere sar daiteke.

Bikoizkina artxibatu dela adieraziko da, eragiketaren idazkunean eginiko bazterreko oharraren bidez, eta artxibatutako alean, kasuan kasuko finkaren aipamen nahikoa agerrarazi behar du erregistratzaileak.

Erregistroko titularrak hala eskatuz gero, oinarri grafikoa artxibatzea lor daiteke Erregistroko eragiketa berezi moduan; horretarako, notario-akta eskuetsia behar da, eta akta horretan, finka deskribatzeaz gain, oinarri grafikoa sartu behar da.

Erregistratzaileek oinarri grafikoak tratatzeko aplikazio informatikoak izango dituzte, horien eta erregistro-finken arteko koordinazioa ahalbidetzeko, eta finka horietan, hirigintza-, ingurumenzein administrazio-kalifikazio egokia barneratzeko.

2. Inskribatzen den eskubidearen izaera, luze-zabala eta baldintza etengarri nahiz suntsiarazleak, halakorik badago, baita eskubide horren balioa ere, hori tituluan agerrarazi denean.

3. Inskribatzen den eskubidea zein eskubideren gain eratu eta eskubide hori.

4. Inskripzioa zein pertsona fisiko edo juridikoren izenean egiten den.

5. Inskribatu beharreko ondasun edo eskubideak norengandik datozen.

6. Inskribatzen den titulua, horren data eta titulua eskuetsi duen auzitegi, epaitegi, notario nahiz funtzionarioa.

7. Titulua noiz aurkeztu eta noiz inskribatu den Erregistroan.

8. Erregistratzailearen sinadura, horrek adierazten baitu bat datozela inskripzioa eta horren oinarritzat erabili den titulua.

Artikulu honetan xedaturikoak ezin dio kalterik egin zenbait inskripzioren inguruan modu berezian ezarritakoari.

10. artikulua. Prezioa diruz ordaindu denetan, kontratuaren inskripzioan agerrarazi behar da tituluak ondorioztatzen duen prezioa, baita ordainketa egiteko modua edo horren inguruan hitzartu dena ere.

11. artikulua. Ordainketa geroratzen dela adierazteak hurrengo kasuetan bakarrik egin diezaioke kalte hirugarrenari: ordainketa hipoteka bidez bermatu denean edota ordainketa ezari esanbidezko baldintza suntsiarazlearen izaera eman zaionean.

Kasu bietan, prezio geroratua bi finka edo gehiagoren eskualdaketari buruzkoa izanez gero, bakoitzari dagokion zatia zehaztu behar da.

Aurreko lerrokadan xedaturikoa ordainean emandako trukeei edo adjudikazioei aplikatzen zaie, alderdi batek besteari diruz edo gauzaz ordaindu behar dionean diferentziaren bat.

12. artikulua. Hipoteka-inskripzioek adierazi behar dute ziurtaturiko betebeharraren zenbatekoa, baita korrituena ere, halakorik hizpatu bada.

13. artikulua. Eskubide erreal mugatzaileak, berme-eskubideak eta, oro har, jabariaren edo eskubide errealen gaineko zama nahiz mugapenak hirugarrenei begira eragingarriak izan daitezen, horiek zein finka edo eskubideren gainekoak izan eta horren inskripzioan agerrarazi behar dira.

Zortasun errealak ere lur nagusiaren inskripzioan agerraraz daitezke, horren ezaugarri moduan.

14. artikulua. Erregistroaren ondoreetarako, jarauntsi bidezko oinordetzaren titulu gisa har daitezke testamentua, oinordetza-ituna, abintestato jaraunsleak izendatzeko adierazpen judiziala edota Prozedura Zibilaren Legeko 979. artikuluak aipatzen duen nabaritasun-akta.

Ondasun zein adjudikazio zehatzak inskribatzeko, eskritura publikoan edo epai irmoaren bitartez zehaztu behar dira titular edo jaraunsle bakoitzari adjudikatzen zaizkion ondasunak nahiz horien gaineko zati indibisoak, hurrengo lerrokadan agindutakoa salbu.

Jaraunslea bakarra denean eta seniparte-eskubidea duen interesdunik, komisariorik edota jarauntsia adjudikatzeko baimena duen pertsonarik ez dagoenean, Erregistroaren arabera kausatzailearen titulartasunpeko ondasun zein eskubideak jaraunslearen izenean zuzenean inskribatzeko, nahiko izango da oinordetza-titulua aurkeztea lege honen 16. artikuluak aipatu agiriekin batera.

15. artikulua. Jaraunsleak senipartea eskudiruz edo higiezinak ez diren ondasunez ordaintzeko baimena duenean, zati alikuotaren gaineko senipartedunak ezin du testamentu-epaiketarik eragin; senipartedun horren eta Kataluniako legeria bereziaren mendeko senipartedunen eskubideak jarauntsiko ondasunen inskripzioan aipatu behar dira.

Zerbait ordaintzeko ondasun zehatzak ematen direnean, edota ondasunok lotuta geratu direnean seniparteen berme gisa, hori guztia bazterreko idatzoharraren bidez agerrarazi behar da.

Ondasunak jaraunsleen izenean inskribatzeko erabiltzen diren agirien bidez egingo dira aipamen horiek, nahiz eta senipartedunek eskurik ez hartu agiriotan.

Artikulu honen xedapenek ondoreak sortzen dituzte 34. artikuluak babesturiko hirugarrenei begira bakarrik, baina ez jaraunsle eta senipartedunen artean; horien harremanei kausatzailearen jarauntsiari buruzko arau zibilak aplikatuko zaizkie.

Hirugarren horien kontra, aipamenok eratorritako akzioak bakarrik egi

karitu ahal izango dituzte senipartedunek, erregela hauen ariora:

a) Aipamena jaso eta hurrengo bost urteetan, jarauntsiko ondasun guztiak geratzen dira senipartearen ordainketari lotuta, modu solidarioan eta legeak zehaztutako zenbatekoan nahiz moduan; ez dira kontuan hartzen kausatzailearen xedapenak ezta hurrengo akordioak ere: komisarioak, kontulari-banatzaileak nahiz zatitzeko ahalmena duen albazeak egin dituenak, jaraunsle banatzaileak, konfiantzazko jaraunsleak zein seniparteak zehaztu eta ordaintzeko ahalmena duen gozamendunak egindakoak, edota kausatzaileak bere kontratuzko nahiz testamentu bidezko azken nahietan antzeko ahalmenekin izendatu dituen pertsonek eginikoak.

Aipamen hori ondorerik gabe geratuko da eta artilulu honen b) letraren bigarren eta hirugarren zenbakiek xedatutakoa bete beharko da, baldin eta senipartedunak ondasun edo zenbateko zehatzak onartu baditu seniparte horien ordainketa moduan, edota beraren bermea jarauntsiko ondasun higiezin baten edo batzuen gain zehaztu bada.

b) Lehenengo bost urte horiek igaro ostean, aipamenak honako ondore hauek izango ditu:

1. Kausatzaileak edo, horrek izendatuta, a) idatz-zatiaren lehenengo lerrokadan aipaturiko pertsonek ez dutenean finkatu seniparte horien zenbatekorik, ez badute zehaztu ondasun higiezinen gaineko bermerik, edota ez badute ondasun zehatzik lotu seniparteak ordaintzeko, orduan aurreko a) letran adierazitako aipamen solidarioak oso-osoko ondoreak izango ditu, kausatzailearen heriotzatik hogei urte igaro arte.

2. Pertsona horiek seniparteak ordaintzeko zenbateko zehatza bakarrik finkatu dutenean, jarauntsiko ondasun guztiak modu solidarioan lotuta geratzen dira, aurretiaz aipatutako epe horretan.

Hala ere, zenbateko horiek Jabetza Erregistroan agerrarazi eta hurrengo bost urteetan senipartedunek ez badituzte aurkaratu askiezak izateagatik, epe hori igaro eta gero a) idatz-zatian adierazitako aipamen solidarioa ezereztu ahal da; horretarako, jaraunsleak egiaztatu behar du behar besteko zenbatekoa gordailutu duela banketxe edo kutxa ofizial batean, seniparteak eta horien gaineko bost urteko lege-korrituak zehaztutako neurrian ordainduko direla bermatzeko.

3. Gorago aipatu pertsona horiek ondasun jakinak zehaztu dituztenean seniparteak ordaintzeko, edota horien bermea ondasun zehatzen gain finkatu dutenean, senipartedunak ondasun horien gain bakarrik gauzatu ahal izango ditu bere eskubideak, oinordetza tituluak edo banaketa egintzak xedaturikoaren arabera.

4. Kausatzaileak senipartedunen bat jaraunsgabetu duenean, edota oinordetza tituluan adierazi duenean zenbait seniparte oso-osorik ordaindu direla, eta senipartedun ukituek ez badute xedapen hori aurkaratzen artikulu honen a) idatz-zatian zehazturiko epean, orduan ulertzen da senipartedunok onartzen dituztela, hala jaraunsgabetzea, nola kausatzailearen adierazpenak.

Seniparte-eskubideen ondoriozko aipamenek indarrean dirauten bitartean, jaraunsleek ez dute baimenik behar hipotekak ezereztu, zentsuak luditu, prezio geroratuak kobratu, ondasunak atzera-erosi eta, oro har, zenbateko zehatza edo modu aritmetikoan zehazteko moduko zenbatekoa duten antzeko eskubideak azkentzeko, baldin eta horiek guztiak jarauntsiaren zati badira. Betiere, horretara lortutako zenbatekoa Estatuaren baloreetan inbertitu behar da, bai eta eskubideok azkentzeagatik, Erregistroan seniparteen gaineko erantzukizun berezi gisa agertzen diren kopuru zehatzak edo zati alikuotak ere. Notarioak eskuetsita, baloreok banketxe edo kutxa ofizial batean gordailutu behar dira, seniparteak ordainduko direla bermatzeko.

Kausatzailearen heriotzatik hogei urte igaro ostean, jaraunsleek kendu ahal dituzte aurreko lerrokadak eta artikulu honen bigarren zenbakiaren b) letrak aipatzen dituzten gordailuak, baldin eta senipartedunek epe barruan ez badituzte horiek onartu edo erreklamatu.

b) idatz-zatiaren lehenengo, bigarren eta hirugarren zenbakietan araututako aipamenak salbuespenik gabe iraungiko dira, kausatzailea hil denetik hogei urte igaro ostean.

Jarauntsiko ondasunak seniparte-eskubideen inguruko aipamenik gabe inskribatuko dira, jarauntsia Erregistroan sartzen denean kausatzailearen heriotzatik hogei urte igaro eta gero.

16. artikulua. Ondasun higiezinak edo eskubide errealak testamentu bidez edo bestelako titulu unibertsal nahiz banakakoaren bitartez jaso dituzten ugazabek ondasun nahiz eskubide horien inskripzioa eska dezakete, baldin eta tituluok ez badute halakorik zehazten eta banan-banan deskribatzen. Horretarako, ugazabek titulua eta, hala denean, ondasun nahiz eskubidea eskualdatu zaiela frogatzen duen agiria aurkeztu behar dute, baita inskribatu beharreko ondasunak tituluan jasota daudela egiaztatzen duen beste edozein agiri sinesgarri ere.

17. artikulua. Erregistroan, ondasun higiezinen gaineko jabaria zein eskubide errealak adierazi edo eskualdatzeko tituluen inskripzioa edota aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke. Horren ostean, ezin da inskribatu, ezta idatzoharrean jaso ere, ondasun higiezin horien gaineko jabetza edo eskubide errealak kargatu edo eskualdatzen dituen titulurik, titulu hori Erregistroan inskribaturik dauden tituluekin bateraezina edo horien kontrakoa bada, nahiz eta titulu horren data Erregistroko tituluek duten dataren aurrekoa edo berbera izan.

Aurkezte-idazkuna bakarrik egin bada, idazkun horren dataren biharamunetik zenbatzen hasi eta hurrengo hirurogei egunetan, ezin da egin aurrerago adierazitako tituluen inskripziorik, ezta idatzoharrik ere.

18. artikulua. Erregistratzaileek euren erantzukizunpean kalifikatu behar dituzte honako alde hauek: inskripzioa eskatzeko erabiltzen diren orotariko agirien kanpo-formen legezkotasuna; egilesleen gaitasuna; eta eskritura publikoetan jasotako egintza xedatzaileen baliozkotasuna, horiek adierazitakoa eta Erregistroko idazkunek zehazturikoa aztertuz.

Kalifikazioa egiteko gehieneko epea hamabost egunekoa da, aurkezte-idazkunaren datatik zenbatzen hasita.

Baina titulua Erregistrotik eraman bada inskripzioa egin baino lehen, tituluak ongitzeko moduko akatsik badu edo aurretiaz aurkeztutako tituluaren idatzagiria egiteke badago, orduan hamabost eguneko epea zenbatuko da titulua itzuli, akatsa ongitu zein aurretiazko tituluaren idatzagiria egin denetik, hurrenez hurren.

Halakoetan, ulertzen da aurkezte-idazkunaren indarraldia luzatzen dela kalifikazioa eta idatzagiria egin arte.

Arrazoi bereziak daudenean, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak gehienez hamabost egun gehiago luza dezake epe hori, baldin eta erregistratzaile eskudunak hala eskatzen badio, idatzagiria egiteko epearen lehenengo bi egunen barruan.

Aurreko lerrokadan aipatu gehieneko epea igaro eta kalifikaziorik egin ez bada, interesdunak titulua zein erregistratzaileri aurkeztu eta horri eska diezaioke hiru eguneko epe luzaezinean egin dezan kalifikazioa edo lege honen 275bis artikuluko ordezpen-zerrenda aplika dezan.

Erregistratzaile titularrak epez kanpo egin badu kalifikazioa, arantzelak ehuneko hogeita hamarrean urritu behar dira, kasuan-kasuan aplikatu beharreko zehapen-araubideari kalterik egin gabe.

19. artikulua. Aurreko artikuluaren arabera erregistratzaileak tituluan akatsen bat antzematen duenean, inskripzioa eskatzen dutenei horren berri emango die, horiek nahi izanez gero agiria hartu eta akatsa ongi dezaten, aurkezte-idazkuna indarrean dagoen bitartean.

Pertsona horiek ez badute agiria hartzen edo ez badute akatsa ongitzen erregistratzaileak nahi bezala, erregistratzaile horrek agiria itzuliko du, kasuan kasuko errekurtsoak egikari daitezen; hala eta guztiz ere, 42. artikuluak bederatzigarren zenbakian aipatzen duen aurreneurrizko idatzoharra egin dezake erregistratzaileak, hala eskatzen bazaio beren beregi.

Aurreneurrizko idatzoharrik egin ezean, tituluaren aurkezte-idazkunak bere ondoreei eutsiko die aurretiaz aipaturiko hirurogei egun horietan.

19bis artikulua Kalifikazioa baiezkoa bada, erregistratzaileak titulua inskribatuko du eta tituluaren oineko idatzagiri-oharrean adieraziko ditu idazkuna identifikatzeko datuak, eta idazkuna egitean ezereztu diren lotura zein eskubideak.

Erregistroak eta tituluak adierazitako titulartasun nahiz zamak ez badatoz bat, erregistratzaileak informazio-ohar soila luzatuko du.

Kalifikazioa ezezkoa bada, baita interesdunak eskatutako zatikako inskripzioen kasuan ere, erregistratzaileak sinatu behar du hori eta bertan agerrarazi behar dira, hala inskripzio hori oztopatu, eten edo inskripzioari ezezkoa emateko arrazoiak, nola horien azalpen juridikoa, egitateak nahiz zuzenbidearen oinarriak zehaztuz eta aurkarapen bideak, errekurtsoa jartzeko organoa nahiz horretarako epea esanbidez adierazita; horrez gain, interesdunak bidezko deritzon beste edozein errekurtso jar dezake, hala behar denean.

Erregistratzaileak, bere betebeharrak beteta eta epe barruan, ezezko kalifikazioa eman badu oso-osoan edo zati batean, interesdunak Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian jar dezake errekurtsoa, edota lege honen 275bis artikuluko ordezpen-zerrenda aplikatzea eska dezake.

Aurreko lerrokadan aipatu kasuetan, interesdunek eskubidea dute ordezpen-zerrendako erregistratzaileari eskatzeko aurkeztutako tituluen kalifikazioa egin dezan, hurrengo erregelen arabera:

1. Interesdunak ezezko kalifikazioaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hamabost egunetan egikaritu behar du eskubide hori, aurkezte-idazkuna indarrean dagoen bitartean, aurkeztutako tituluaren eta dokumentazio osagarriaren lekukotza osoa emanez ordezko erregistratzaileari.

2. Tituluaren inskripzioa bereganatu duen ordezko erregistratzaileak halaxe komunikatu behar dio erregistratzaile ordeztuari; horretarako, aldez aurretik eska dezake Erregistroko informazio osoa bidal diezaioten, tituluaren lekukotzarekin bidali ez bazaio informazio hori edo bidalitakoa nahiko ez bada.

Erregistratzaile ordeztuak komunikazio hori jaso duela agerraraziko du egun horretan bertan edo hurrengo egun baliodunean, aurkezte-idazkunaren bazterrean oharra eginez; oharrean adierazi behar da tituluen kalifikazioa ordezpen-zerrendako erregistratzaile bati eskatzeko eskubidea egikaritu dela, erregistratzaile horren identitatea zein den eta erregistratzaile hori zein Erregistroren titularra den.

Harako komunikazioa jasotzen denetik, erregistratzaile ordeztuak informazio jarraitua eman behar dio ordezkoari, idazkuna egitean eragina izan dezakeen edozein inguruabar berriren gain.

3. Aurreko erregelan aipatu komunikazioaren osteko hamar egunetan ordezko erregistratzaileak baiezko kalifikazioa eman badio tituluari, erregistratzaile ordeztuari agindu behar dio eskatutako idazkuna egin dezan, idazkuna nola egin azaltzen duen testua bidaliz, tituluaren lekukotza osoarekin eta dokumentazio osagarriarekin batera.

Egiten den idazkunean, betiere, horren izaeraren araberako inguruabarrak ez ezik, ordezko erregistratzailearen identitatea eta horren titulartasunpeko Erregistroa ere agerrarazi behar dira.

Idazkuna egindakoan, erregistratzaile ordeztuak halaxe komunikatu behar dio ordezkoari eta titulua nork aurkeztu eta pertsona horri itzuliko dio berori, hipoteka-legeriak agindutakoaren ariora oin-oharra egin eta gero.

4. Ordezko erregistratzaileak tituluaren zatikako inskripzioa bereganatzen badu, bigarren eta hirugarren erregeletan ezarritakoa egin behar da.

Titulua aurkeztu duenak edo interesdunak bere adostasuna eman badu bakarrik egin daiteke zatikako inskripzio hori.

5. Ordezko erregistratzaileak ezezko kalifikazioa eman badio tituluari, titulu hori interesdunari itzuliko dio, horrek erregistratzaile ordeztuak eginiko kalifikazioaren kontrako errekurtsoa jar dezan Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian. Erregistratzaile ordeztuak akats batzuk zehaztu baditu eta ordezkoa horrekin ados badago, errekurtsoa akats horien gainekoa bakarrik izan daiteke.

Kalifikazioa egitean, erregistratzaile ordeztuak zehaztu akatsak bakarrik aztertuko ditu ordezkoak, interesdunak akatsokin bat ez datozenean eta hala adierazi dutenean ordezkoaren esku-hartzea eskatzeko idazkian; kalifikazioa ezin izan daiteke beste arrazoietan oinarritutako uzien edo epe barruan eta modu egokian aurkeztu ez diren agirien gainekoa.

Erabakiaren arrazoiak azaltzeko, erregistratzaileak txostena egitea eska diezaioke Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoari, eta horrek bertako ikerketa-zerbitzuetara joko du; hori guztia erregistratzailearen erantzukizunpean eta kalifikazioa egiteko epean egin behar da.

6. Eskatutako idazkuna egindakoan, ordezko erregistratzaileari dagokio sortu diren arantzelen ehuneko berrogeita hamarra eta erregistratzaile ordeztuari beste berrogeita hamarra.

Interesdunak erregistratzaile bakoitzari dagozkion arantzel-eskubideak ordainduko dizkio.

7. Aurreko erregelen arabera egin beharreko komunikazioak egingo dira posta, faxa, posta elektronikoa edota komunikazioa jaso dela agerraraztea ahalbidetzen duen beste edozein baliabide telematiko erabilita.

20. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko jabaria eta bestelako eskubide errealak adierazi, eskualdatu, kargatu, aldarazi edo azkentzen dituzten tituluen inskripzioa zein idatzoharra egiteko, aurretiaz eginda egon behar da egintza horiek burutu dituen pertsonaren eskubideari buruzko inskripzioa zein idatzoharra, pertsona horrek zuzenean nahiz inoren bitartez burutu dituenean egintzok.

Eskubidea ez badago inskribaturik eskualdaketa egin edo karga ezarri duenaren izenean, baizik eta beste inoren izenean, erregistratzaileak ezezkoa emango dio horren inskripzioari.

Eskubidea ez dagoenean inoren izenean inskribatuta, eta 205. artikuluaren arabera inskribatzeko modukoa ez dela egiaztatzen denean, erregistratzaileek horren inguruko aurreneurrizko idatzoharra egingo dute, interesdunek hala eskatuta; idatzohar horrek indarrean iraungo du, lege honen 96. artikuluak ezartzen duen epean zehar.

Ez da beharrezkoa aurretiazko inskripzio edo idatzoharrik egitea mandatari, ordezkari, likidatzaile edota albazearen izenean, ezta inoren interesak aldi baterako eta legeak ahalbidetzen duen moduan ordezkatu eta xedatzen dituzten beste pertsonen izenean ere.

Edu berean, ez da aurretiazko inskripziorik behar jaraunsleek egiletsitako agiriak inskribatzeko, hurrengo kasuetan:

1. Haien kausatzaileak eginiko kontratu pribatuak berresten dituztenean, baldin eta kontratuok idatziz egin badira eta kausatzaileak horiek sinatu baditu.

2. Jaraunsleek jaraunskide bati saldu edo laga dizkiotenean eurei indibisoan adjudikaturiko finkak; kasu horretan, inskripzioan adierazi behar da indibisoan eginiko aurretiazko adjudikazioa, berori agerrarazten duen titulua aipatuz. Eta

3. Epaia beteareaztean, exekuzioak nor ukitu eta horren jaraunsleen izenean eginiko salmenta eskrituren edo adjudikazio autoen lekukotzak inskribatu nahi direnean, baldin eta ondasun higiezina edo eskubide erreala kausatzailearen izenean inskribatu bada.

Jaraunsleren bat hil eta gero banatzen denean jarauntsia eta hildakoaren jaraunsleei adjukidatzen zaizkienean horren ondasunak, orduan inskripzioa adjudikaziodunen izenean egin behar da, baina bertan agerrarazi behar dira gertaturiko eskualdaketak.

Ezin daiteke demanda, enbargo, xedatze-debeku nahiz legeak ezarritako beste edozein debekuren idatzoharrik egin, prozedura Erregistroko titularra ez den pertsona baten kontrakoa denean.

Prozedura kriminaletan, kautelazko neurri moduan, aurreneurrizko enbargo-idatzoharra edo xedatze-debekuaren idatzoharra egin daiteke, epaile edo auzitegiaren iritzirako, zantzu arrazoizkoak daudenean ondasunen benetako titularra prozeduretan egotzia dela pentsatzeko, eta hori manamenduan agerrarazi behar da.

21. artikulua. Inskribatu beharreko kontratu nahiz egintzei buruzko agiriek adierazi behar dituzte gutxienez inskripzioan jaso beharreko inguruabar guztiak, baldin eta inguruabarrok egilesleen edota inskribatutako finka zein eskubideen ingurukoak badira.

22. artikulua. Notarioaren ez-egiteak oztopatu badu egintza edo kontratua aurreko artikuluan xedatutakoaren ariora inskribatzea, ahal den heinean notario horrek, beste eskritura bat egin behar du bere kontura, ez-egitea ongitzeko, eta ez-egite horren ondoriozko kalte-ordaina eman behar die interesdunei.

23. artikulua. Inskribaturiko egintza nahiz kontratuen baldintza etengarri, suntsiarazle edo hutsaltzekoak betetzen direnetan, betetze hori Erregistroan agerrarazi behar da, hala bazterreko oharraren bitartez, eskubidearen eskuraketa burutzen denean, nola kasuan kasuko pertsonaren aldeko inskripzioa eginez, suntsiarazpena edo hutsalketa gauzatzen denean.

24. artikulua. Inskripzioaren ondore guztietarako, inskripzio datatzat hartuko da aurkezte-idazkunarena, eta hori inskripzioan bertan agerrarazi behar da.

25. artikulua. Finkaren gain data bereko bi inskripzio daudenean, horien arteko lehentasuna zehazteko kontuan hartzen da titulu bakoitza Erregistroan aurkezteko ordua.

26. artikulua. Xedatzeedo besterentze-debekuak Jabetza Erregistroan agerrarazi behar dira; debekuok eragingarriak izango dira ondoko arauen arabera:

1. Legeak ezarri eta, esanbidezko adierazpen judizial nahiz administrazio adieazpenik gabe, eragingarritasun juridiko osoa duten debekuak ez dira modu banandu eta berezian inskribatu behar. Debekuok ondoreak izango dituzte, jabariaren lege-mugapen gisa.

2. Ebazpen judizial edo administrazio-ebazpen baten ondoriozko debekuen gain, aurreneurrizko idatzoharra egin behar da.

3. Testamentugileak nahiz dohaintza-emaileak testamentuan, ezkontzako itunetan, dohaintzetan zein bestelako dohaineko egintzetan ezarritako debekuak inskriba daitezke, baldin eta indarreko legeriak horien baliozkotasuna aintzatesten badu.

27. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatu ez diren egintza zein kontratuen ondoriozko xedatze-debekuak ezin dira Erregistroan sartu. Hala ere, horien betetzea hipotekaren edo bestelako berme errealaren bitartez ziurta daiteke.

28. artikulua. Jarauntsi edo legatu bidez eskuratutako finkei edo eskubide errealei buruzko inskripzioek ez dute hirugarrenaren kontra ondorerik izango, kausatzailea hil eta ondorengo bi urteetan zehar.

Hala ere, erregela hori ez zaie aplikatzen testamentudun edo testamentu gabeko jarauntsi, hobekuntza edo legatu bidez eskuratutako finken edo eskubide errealen inskripzioei, horiek nahitaezko jaraunsleen izenean eginez gero.

29. artikulua. Erregistroko fede publikoak ez ditu babesten modu banandu eta berezian inskriba daitezkeen eskubideen inguruko aipamenak.

30. artikulua. 2 eta 4. artikuluetan adierazitako tituluen inskripzioak deusezak dira, horietan ez bada adierazten edo modu akastunean adierazten bada 9. artikuluan jasotako inguruabarren bat. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da lege honetan okerren zuzenketari buruz agindutakoa.

31. artikulua. Aurreko artikuluak inskripzio batzuen inguruan ezartzen duen deuseztasunak ez die kalterik egiten 34. artikuluaren bidez babestutako hirugarrenak aurretiaz eskuratu izan dituen eskubideei.

32. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko jabetzari zein gainerako eskubide errealei buruzko tituluek ez diete hirugarrenei kalterik egingo, Jabetza Erregistroan horien inskripzioa edo idatzoharra ez bada egin behar den moduan.

33. artikulua. Inskripzioak ez ditu baliozkotzen legeen aginduz deusezak diren egintzak eta kontratuak.

34. artikulua. Hirugarren onustedunak eskubideren bat kostu bidez eskuratzen badu Erregistroaren arabera eskubide hori eskualdatzeko ahalmena duenarengandik, eskuraketak bere horretan iraungo du, behin eskubidea inskribatu ostean, nahiz eta gero eskualdatzailearen eskubidea deuseztatu edo suntsiarazi, Erregistroan agerrarazten ez diren arrazoiak direla medio.

Hirugarrena onusteduna dela uste izango da, horrek Erregistroa zehatza ez zela jakin bazekiela frogatu ezean.

Dohain bidezko eskuratzaileek euren kausatzaile edo eskualdatzaileei Erregistroak ematen dien babesa baino ez dute.

35. artikulua. Inskribaturiko titularraren aldeko preskripzio eskuratzailearen ondoreetarako, inskripzioa titulu zuzentzat joko da, eta uste izango da titular horren edukitza jendaurrekoa, bakezkoa, etenik gabekoa eta onusteduna izan dela, idazkun hori nahiz horren oinarri izan diren aurrekoak indarrean egon diren bitartean.

36. artikulua. 34. artikuluko hirugarrentzat har daitezkeen titular inskribatuei begira, jadanik gauzatu den preskripzio eskuratzaileak bakarrik izango du lehentasuna, bai eta eskubidea eskuratu eta hurrengo urtean gauza daitekeen preskripzioak ere, ondoko bi kasuotan:

a) Frogatzen denean eskuratzaileak eskuraketa burutu aurretik jakin bazekiela eskualdatzailea ez zen norbaitek bazuela finkaren edo eskubidearen gaineko edukitza egitez eta ugazaba moduan, edota eskuratzaileak hori jakiteko modua eta arrazoiak zituela frogatzen denean.

b) Aurreko arauen arabera, egitezko edukitza jakin ez edo jakiteko modurik izan ez arren, inskribatutako eskuratzaileak esanbidez edo isilbidez onartzen duenean edukitza hori, eskuraketa gauzatu eta hurrengo urtean zehar.

Preskripzioak zortasun negatiboa edo agerikoa ez den zortasuna ukitzen duenean, eta zortasun hori preskripzio bidez eskura daitekeenean, urtebeteko epe hori zenbatzen hasten da a) idatz-zatian xedatutakoaren arabera titularrak zortasun hori zegoela jakin ahal zuenetik, edo bestela, zortasunpeko lurraren askatasuna oztopatzeko egintza gauzatu zenetik.

Hasitako preskripzioak kalte egingo dio inskribatutako titularrari, baldin eta horrek ez badu preskripzio hori geldiarazten lehen aipatu moduan eta epean; betiere, titularrak preskripzio hori geldiaraz dezake, oso-osorik gauzatzen ez den bitartean.

Ondasun higiezina edo eskubide erreala preskripzioz eskuratuko duenari, horien ugazabari eta hirugarrentzat hartzen ez diren oinordekoei begira, legeria zibilaren arabera kalifikatuko da titulua eta zenbatuko da epea.

Eskubide baten gaineko zuzeneko luperketarik ez dakarten eskubideak kostu bidez eta onustez eskuratu direnean, haren usukapioak ez dakar eskubideon azkentzerik.

Gisa bertsuan, zuzeneko luperketa dakarten eskubideak ere ez dira azkenduko, luperketa hori bateragarria denean preskripzio eskuratzailea eragin duen edukitzarekin, edota horrekin bateraezina izan arren, eskubide horien titularrek artikulu honen b) idatz-zatian zehazturiko inguruabarrak betetzeaz gain, bertan xedaturiko moduan eta epeetan dihardutenean.

Inoren gauzaren gaineko eskubide errealak edukitzeko modukoak edo edukitzaren babespean geratzeko modukoak direnetan, preskripzio azkentzaileak kalte egiten dio Erregistroaren araberako titularrari, nahiz eta hori hirugarrentzat hartu.

37. artikulua. Hutsalketa-akzio, ezeztapen-akzio eta akzio suntsiarazleak ezin dira hirugarrenaren kontra egikaritu, hirugarren horrek bere eskubideei buruzko tituluak inskribatu izan baditu lege honek xedatutakoaren arabera.

Aurreko lerrokadako erregela horretatik kanpo geratzen dira ondoko kasuak:

1. Hutsalketa-akzioak eta akzio suntsiarazleak, horiek Erregistroan beren beregi azaltzen diren arrazoietan oinarritzen direnean.

2. Dohaintzak ezeztatzeko akzioak, dohaintza-hartzaileak ez dituenean betetzen Erregistroan inskribatutako baldintzak.

3. Legezko atzera-eskuratze akzioak, legeek ezarritako kasu eta baldintzetan.

4. Besterentzeak hutsaltzeko akzioak, hartzekodunei iruzurra eginez burutu izan direnean. Akziook hirugarrenari kalte egin diezaiokete, ondoko kasuotan:

a) Hirugarrena dohaintza bidezko eskuratzailea denean.

b) Kostu bidezko eskuratzailea izanik, hartzekodunei egindako iruzurrean sopikun gisa jardun duenean.

Prezioaren ordainketa geroratu dela jakite hutsak berez ez du esan nahi hirugarrenak iruzurrean parte hartu duenik.

Kasu batean zein bestean, iruzurrezko besterentzea gauzatu eta hurrengo lau urteetan egikaritu ez den hutsalketa-akzioak ez dio kalterik egingo hirugarrenari.

Artikulu honen lehenengo lerrokadaren arabera akzio suntsiarazlea, ezeztapen-akzioa edo hutsalketa-akzioa ezin bada hirugarrenen aurka jarri, alderdiek euren artean egikari ditzakete bidezkoak diren akzio pertsonal guztiak.

38. artikulua. Lege-ondore guztietarako uste izango da Erregistroan inskribatutako eskubide errealak izan badirela, eta euren titularrei dagozkiela, Erregistroko idazkunek adierazten dutenaren arabera.

Molde berean, ondasun higiezinen gaineko jabaria edota eskubide errealak inskribatu dituenak horien edukitza ere baduela uste izango da.

Aurrerago xedaturikoaren ondorioz, ondasun higiezinen gaineko jabaria edo eskubide errealak pertsona edo erakunde zehatz batzuen izenean inskribaturik badaude, jabari edo eskubide erreal horien aurka edozein akzio egikaritzeko, aurretiaz edo aldi berean, kasuan kasuko inskripzioa deuseztatzeko edo ezerezteko demanda jarri behar da.

Deuseztasun demandak kalteak eragiten dizkionean hirugarrenari, demanda horren oinarria izan behar da lege honetan beren beregi zehazturiko arrazoiren bat.

Ondasun higiezin edo eskubide erreal zehatz baten gain, aurreneurrizko enbargoa, exekuzio-epaiketa edo premiamendu-bidea gauzatuz gero, oso-osorik largetsiko da ondasun eta eskubide horien gaineko, eta euren fruitu, produktu edo errenten gaineko premiamendu-prozedura, baldin eta Jabetza Erregistroak emandako ziurtagiriaren bidez ondokoa agertzen bada auzi-paperetan: ondasun edo eskubide horiek ez daudela inskribaturik auziperatuaren edo enbargopekoaren izenean. Edozelan ere, erregela hori ez da aplikatzen akzioa pertsona horren kontra bideratu denean, Erregistroko titularraren jaraunslea izateagatik.

Exekukzio-epaiketa berean, hartzekodun jarduleak zordunaren beste ondasun batzuk pertsegitzeko akzioa izango du; horrez gain, ondasun batzuei begira prozedura eteten da eta hartzekodunak ondasun horien gaineko eskubideren bat duela uste izanez gero, akzioa izango du kasuan kasuko epaiketan eskubide hori aztertu eta erabaki dadin.

Hirugarren edukitzaile baten jabetzapeko bihurtu diren ondasun hipotekatuak pertsegitzen direnean, lege honen 134 eta baterako artikuluetan xedaturikoa bete behar da.

Erregela berberak bete behar dira, Erregistroan 42. artikuluaren bigarren eta hirugarren zenbakietan ezarritako aurreneurrizko idatzoharren bat egindakoan, ondasunak hirugarren edukitzaile baten esku geratzen direnean.

39. artikulua. Erregistroaren zehaztugabetasun gisa har daiteke bertan adierazitakoaren eta errealitate juridikoaren artean dagoen edozein desadostasun, inskribatzeko moduko eskubideei buruz.

40. artikulua. Erregistroaren zuzenketa hurrengoek bakarrik eska dezakete: inskribatu gabeko jabari edo eskubide errealaren titularrak, okerretara inskribatuta agertzen denak edo zehatza ez den idazkunaren ondorioz kaltedun gertatu denak. Zuzenketa arau hauek kontuan hartuta egingo da:

a) Ondasun higiezinen gaineko harreman juridiko batzuk Erregistroan ez sartzeak eragindako zehaztugabetasuna zuzentzeko, titular interesdunak ondoko bideok ditu: lehenik, bere eskubidea inskriba dezake, hori bidezkoa gertatzen bada; bigarrenik, geldiarazitako segidako traktua berriro has dezake, lege honen VI. tituluan xedatutakoaren arabera; eta, hirugarrenik, zuzenketa agintzen duen ebazpen judiziala erabil dezake.

b) Erregistroan agerrarazitako eskubide erreala azkentzeak dakarren zehaztugabetasunaren kasuan, Erregistroa zuzentzeko interesa duenak eskubidearen ezereztea eska dezake, IV. tituluan xedatutakoaren arabera, edota kargetatik askatzeko prozedura erabil dezake, VI. tituluan ezarritakoaren ariora.

c) Idazkun baten deuseztasunak edo akatsak eragindako zehaztugabetasunaren kasuan, Erregistroa zuzentzen da, legearen VII. tituluak agindutako prozeduraren bidez.

d) Idazkuna egitea eragin duen titulua faltsua, deuseza edo akastuna izateak dakarren zehaztugabetasuna eta, orokorrean, Erregistroan agerrarazitako tituluaren eragingabetasuna dakarren edozein arrazoik eratortzen duen zehaztugabetasuna zuzentzeko, ukituriko titularraren adostasuna behar da eta, adostasunik izan ezean, ebazpen judiziala.

Zuzenketa epaiketa bidez eskatu behar denetan, zuzendu nahi den idazkunak eskubideak nori aintzatetsi eta horren kontra zuzenduko da demanda; horrez gain, kasuan kasuko epaiketa adierazlearen izapideak gauzatuko dira.

Egikaritu den zuzenketa-akzioari ezetza ematen zaionean bete-betean, kostuak auzi-jartzaileari ezartzen zaizkio; akzio horri ezetza zati batean bakarrik ematen zaionean, epaileak hartzen du erabakia, bere sen onaren arabera.

Zuzenketa-akzioa ezin banan daiteke berori eratortzen duen jabari edo eskubide errealetik.

Erregistroaren zuzenketak ez die sekula ere kalterik egiten hirugarren onustedunak kostu bidez eskuratu izan dituen eskubideei, hirugarren horrek eskubideok eskuratu izan baditu idazkun akastunak indarrean zirauen artean.

41. artikulua. Erregistroan inskribatutako eskubideek eratortzen dituzten akzio errealak egikaritzeko, Prozedura Zibilaren Legean araututako ahozko epaiketa gauzatu behar da ondokoen kontra: Erregistroan inskribatutako titulurik izan gabe, eskubide inskribatuen aurka jardun edo eskubide horien egikaritza oztopatzen duten guztien kontra.

Akzio horien oinarria da 38. artikuluak aintzatetsitako erregistro-legitimazioa, eta, halakoak egikaritu ahal izateko, Erregistroko ziurtagiriaren bidez egiaztatu behar da kasuan kasuko idazkuna indarrean dagoela, inolako kontraesanik gabe.

III. TITULUA AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK

42. artikulua. Ondoko pertsonek eska dezakete Erregistro eskudunean aurreneurriz egin dadin euren eskubideei buruzko idatzoharra:

1. Epaiketan demanda jartzen duenak, ondasun higiezinen gaineko jabetza zein eskubide erreala eratu, adierazi, aldarazi edo azkentzeari buruz.

2. Norberaren aldeko enbargo-manamendua lortu duenak, zordunak dituen ondasun higiezinen gain.

3. Edozein epaiketatan demandatua kondenatzen duen epai betearazlea lortu duenak, betearazpen hori gauzatu behar denean Prozedura Zibilaren Legeak ezarritako izapideen bidez.

4. Legeen arabera, epaiketa arruntean edozein motatako betebeharren betetzea eskatu eta gero, ondoko probidentzia lortu duenak: ondasun higiezinak epailearen zainpean uztea agindu edo ondasun horiek besterentzea debekatzen duen probidentzia.

5. Demanda jarri duenak, lege honen 2. artikuluko 4. zenbakian adierazitako epaiketa ebazpenen bat lortzeko asmoarekin.

6. Jaraunsleek, euren jarauntsi-eskubideari dagokionez, ondoko kasuan: euren artean ez direnean bereziki adjudikatu ondasun zehatzak edo horien kuota zein zati indibisoak.

7. Legeen arabera, testamentu-epaiketa eragiteko eskubiderik ez duen legatu-hartzaileak.

8. Errefakziozko hartzekodunak, errefakzioaren objektu diren obrek euren horretan dirauten bitartean.

9. Titulua Erregistroan aurkeztu duenak, baldin eta titulu hori ezin izan bada inskribatu, ongitzeko moduko akatsen bat izateagatik, erregistratzailearen ezintasunagatik edo, erregelamendu bidez ezarritakoaren ariora egin den idazkunen bat akastuna izanik, erregistratzaileak ofizioz hasi duelako akatsok zuzentzeko prozedura.

10. Lege honen edo beste baten arabera, beste edozein kasutan aurreneurrizko idatzoharra egitea eskatzeko eskubidea duenak.

43. artikulua. Aurreko artikuluko lehenengo zenbakiaren kasuan aurreneurrizko idatzoharra egin ahal izateko, idatzoharra agintzen duen epai-probidentzia behar da. Probidentzia hori emango da legitimazioa duenak hala eskatuta, eta epailearen sen onaren arabera askietsia den agiria aintzat hartuta.

Artikulu bereko bigarren zenbakiaren kasuan, exekuzio-epaiketa denean, idatzoharra nahitaez egin behar da, Prozedura Zibilaren Legeko 1453. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Artikulu horretako bosgarren zenbakiaren kasuan, idatzoharra epai-probidentziaren bitartez egin behar da. Probidentzia hori ofizioz eman daiteke, interesdunek ez dutenean hori erreklamatzen, eta epailearen sen onaren arabera, probidentzia bidezkoa bada, epaiketan eman daitekeen epaiaren eragingarritasuna ziurtatzeko.

44. artikulua. 42. artikuluko bigarren, hirugarren eta laugarren zenbakietako idatzoharra egiten bada hartzekodunaren alde, Kode Zibilaren 1923. artikuluan ezarritako lehenespena izango du horrek, bere kreditua kobratzeko.

45. artikulua. Jarauntsi, konkurtso edo porrot bateko ondasun higiezinak adjudikatzen badira ondasun unibertsaltasun horren kontrako zorrak ordaintzeko, adjudikazioak ez die ezelako berme errealik emango kasuan kasuko hartzekodunei. Horretarako, bermea beren beregi hizpatu behar da adjudikazioan.

Eskritura publikoaren edo epai irmoaren bidez agerrarazitako kredituen hartzekodunek, alabaina, euren eskubidea aurreneurriz idatzohar dezakete, baldin eta euren kredituak ordaintzeko, finkak adjudikatzen bazaizkie. Horretarako, hartzekodunek idatzoharra eskatu behar dute adjudikazioa gauzatu eta hurrengo ehun eta laurogei egunetako epean barrena, salbu eta kredituon ordainketa Erregistroan agerrarazi denean.

46. artikulua. Jarauntsi-eskubidea aurreneurriz idatzohar daiteke, jaraunsleei ez zaizkienean bereziki adjudikatu ondasun zehatzak edo horien kuotak zein zati indibisoak.

Ondokoek eska dezakete idatzohar hori egitea: jarauntsian eskubideren bat dutenek, edota idatzoharrean jaso nahi den eskubidearen gain zuzenbidearen araberako interesa dutela egiaztatzen dutenek.

Idatzoharra jaraunsleek, senipartedunek edo testamentu-epaiketa eragin dezaketenek eskatu badute, eskabidea 16. artikuluan zehazturiko agiriekin batera aurkeztu behar da.

Gainerako kasuetan, idatzoharra egingo da 57. artikuluan ezarritakoaren arabera lortutako epai-probidentziaren bidez.

Jarauntsi-eskubidearen idatzoharra egin denean, hori eskualda edo karga daiteke, eta eskubide horren gain beste idatzohar batzuk egin daitezke.

47. artikulua. Legatu moduan ondasun higiezin zehatzak nahiz ondasunon gaineko kreditu edo pentsioak hartzen dituenak edozein unetan eska dezake bere eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra egitea.

Idatzohar hori legatupeko ondasunen gain bakarrik egin daiteke.

48. artikulua. Genero edo kopuruko legatu-hartzaileak bere eskubidearen balioa aurreneurrizko idatzoharrean jartzea eska dezake, testamentugilea hil eta hurrengo ehun eta laurogei egunetan. Idatzohar hori egin daiteke jarauntsiko edozein ondasun higiezinen gain, baldin eta ondasunak balio hori estaltzen badu. Dena dela, idatzohar hori ezin egin daiteke ondasuna beste inori eman bazaio legatu bidez.

Aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, nahiz eta genero edo kopuruko beste legatu-hartzaileren batek ondasun berberen gaineko idatzoharra lortu bere alde.

49. artikulua. Ehun eta laurogei eguneko epe horretan, jaraunsleak bere izenean inskriba ditzake jarauntsiko ondasunak edota idatzohar dezake jarauntsi-eskubidea, baldin eta horretarako lege-eragozpenik ez badago. Aldez aurretik, legatuhartzaile guztiek uko egin behar diote idatzoharra lortzeko eskubideari eskritura publikoan. Esanbidezko uko egiterik egon ezean, legatu-hartzaileoi hogeita hamar egun lehenago jakinarazi behar zaie jaraunsleak egin duen eskaera, epe-muga horretan eskubide hura erabiltzeko aukera izan dezaten.

Legatu-hartzaileren bat zehaztugabea izanez gero, epaile edo auzitegiak aginduko du horren legatuaren aurreneurrizko idatzoharra egitea, bai jaraunsleak berak edo beste interesdun batek halaxe eskatuta, bai ofizioz.

Jaraunsleak jarauntsiko ondasunak bere izenean inskribatzea eskatzen duenean ehun eta laurogei eguneko epe horren barrena, eskabide hori aurreneurriz idatzohar dezake behingoan.

Idatzohar hori ez da behin betiko inskripzio bihurtuko harik eta legatuhartzaileek euren legatuen idatzoharra lortu, idatzohar horri uko egin, edota ehun eta laurogei eguneko epea igaro arte.

50. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharra lortu duen legatu-hartzaileak lehenespena izango du, bai jarauntsia inbentario onurarik gabe onartu duen jaraunslearen hartzekodunen aurretik, bai eta idatzoharrean jasotako ondasunen gain eskubideren bat eskuratzen duenaren aurretik ere. Lehenespen horrek, alabaina, ondasunon zenbatekoa bakarrik ukitzen du.

51. artikulua. 48. artikuluak zehazturiko ehun eta laurogei eguneko epean eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra eskatu eta idatzohar hori lortu duen legatu-hartzaileak lehentasuna izango du eskubide hori epe barruan egikaritu ez dutenen aurretik, idatzoharrean jasotako ondasunen zenbatekoari dagokionez.

Idatzohar hori epe barruan lortu dutenek ez dute ezelako lehenespenik izango euren artean. Hala ere, espezieko legatu-hartzaileak edo legeria zibilaren arabera lehenespena duenak lehenespen horri eutsiko dio, idatzoharrik eskatu ez badu ere.

52. artikulua. Espeziekoa ez den legatu-hartzaileak ez badu erabiltzen bere eskubidea 48. artikuluko epe horretan, gerogarrenean jaraunslearen esku dirauten ondasunen gaineko aurreneurrizko idatzoharra bakarrik eskatu ahal izango du; hala ere, idatzohar horrek ez du ondorerik sortuko aldez aurretik jarauntsiko ondasunen gaineko eskubideren bat eskuratu edo inskribatu duenaren kontra.

53. artikulua. Ehun eta laurogei eguneko epea igaro ostean jaraunslearen esku dirauten ondasunen gaineko idatzoharra eskatzen duen legatu-hartzaileak ez du inolako lehenespenik bereganatzen formalitate hori bete ez duten gainerako legatu-hartzaileei begira. Legatu-hartzaile horrek lortzen duen abantaila bakarra hauxe da: jaraunslearen hartzekodunak baino lehen kobratu ahal izatea bere legatua, hartzekodun horrek gerogarrenean eskubideren bat lortu badu idatzoharrean jasotako ondasunen gain.

54. artikulua. Ondasunen idatzoharra epe barruan egin bada, epez kanpo eskatutako beste idatzohar bat egin daiteke beste legatu-hartzaile baten izenean, baldin eta ondasunok jaraunslearen esku badiraute; hala ere, idatzohar hori lortzen duen legatu-hartzaileak ezingo du bere legatua kobratu, harik eta idatzoharra epe barruan egin zutenei oso-osorik ordaindu arte.

55. artikulua. Epaileak legatuen eta errefakziozko kredituen aurreneurrizko idatzoharra agintzeko, horren kontrako interesen bat dutenei entzun beharko zaie aurretiaz eta laburrean.

56. artikulua. Legatuen aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke alderdien arteko hitzarmenaren bidez edo epailearen aginduz. Horretarako, legatu-hartzailearen eskubidearen oinarri den titulua aurkeztu behar da Erregistroan.

57. artikulua. Legatuaren edo jarauntsi-eskubidearen idatzoharra epailearen aginduz egin behar denean, interesdunak epaile edo auzitegi eskudunarengana joko du, bere eskubidea azaldu, eskubide horren oinarri diren tituluak aurkeztu eta idatzohartu nahi dituen ondasunak zehazteko.

Epaile edo auzitegiak ahozko epaiketan interesdunei entzundakoan, probidentzia emango du, uziari gaitziritzia edo oniritzia emanez.

Azken kasu horretan, epaile edo auzitegiak idatzoharrean jaso nahi diren ondasunak zehaztuko ditu, eta kasuan kasuko manamendua igorriko dio erregistratzaileari, agindutakoa hitzez hitz jasoz, horrek betearaz dezan.

58. artikulua. Legatu-hartzaile batek epaiketan eskatu badu idatzoharra egitea, eta epaiketa horretan beste legatu-hartzaile bat agertzen bada ondasun berberen gaineko eskubide berdina izanik, orduan bigarren horri ere entzun beharko zaio.

59. artikulua. Errefakziozko hartzekodunak eska dezake errefakziopeko finkaren aurreneurrizko idatzoharra egitea, batera zein ondoz ondo aurreratu izan dituen kopuruengatik. Horretarako, hartzekodun horrek zordunarekin egin duen idatzizko kontratua aurkeztu behar du, berori egiteko lege-forma edozein izanda ere.

Errefakziozko kredituari begira, idatzohar horrek hipotekaren ondore guztiak sortzen ditu.

60. artikulua. Errefakziozko kredituen aurreneurrizko idatzoharra eskatzeko erabiltzen diren tituluek ez dute zertan zehaztu kredituok barneratzen duten diru-kopurua edo efektuon zenbatekoa. Nahiko da kontrataturiko obrak amaitzean, kredituok likidatzeko adina datu agerraraztea tituluotan.

61. artikulua. Errefakziopeko finkaren gaineko zama edo eskubide errealak inskribatu badira, aurreneurrizko idatzoharra bi modutara bakarrik egin daiteke: zama zein eskubide horien onuradun diren pertsonen eta jabearen arteko ahobatezko hitzarmenaren bidez edo epai-probidentziaren bidez. Hitzarmena izan behar da errefakzioaren objektuari nahiz obrak hasi baino lehen finkak zuen balioari buruzkoa, eta eskritura publikoan egin behar da. Probidentzia eman behar da balio hori zehazteko instruitu den espedientean, behin pertsona horiei guztiei zitazioa egin eta gero.

62. artikulua. Aurreko artikuluan adierazitako zama zein eskubide errealen onuradun diren pertsonetarik bat zehaztugabea izanez gero, absente egonez gero, berori non dagoen inork jakin gabe, edo pertsona horrek adostasunik eman ezean, orduan idatzoharra epai-probidentziaren bidez bakarrik egin daiteke.

63. artikulua. Errefakziopeko finkari obra hasi baino lehen aldez edo moldez eman zaion balioa kredituaren idatzoharrean agerrarazi behar da.

64. artikulua. Errefakziopeko finkaren gaineko eskubide errealak eratu badira pertsona batzuen mesederako, eta eskubideon balioa aurreko artikuluetan agindutakoaren arabera agerrarazi bada, orduan errefakziozko hartzekodunari begira, pertsona horiek euren lehenespen-eskubideari eutsiko diote; hala ere, finkari adierazitako balioaren besteko zenbatekoaren gainekoa bakarrik izango da lehenespen hori.

Finkaren balioak aurretiaz aipatutako zama edo eskubide errealen balioa gainditzen duen zatian, errefakziozko hartzekoduna hipoteka-hartzekoduntzat hartzen da; edozein kasutan ere, obra hasi aurretik finkari eman zaion balioaren eta epaiketa bidez besterentzean finkak lortzen duen balioaren arteko diferentziari begira ere, errefakziozko hartzekoduna hipoteka-hartzekodun bihurtzen da.

65. artikulua. Inskribatu beharreko tituluen akatsak ongitzeko modukoak edo ongiezinak izan daitezke.

Ongitzeko moduko akatsen bat izanez gero tituluak, erregistratzaileak inskripzioa eten eta horri buruzko aurreneurrizko idatzoharra egingo du, titulua aurkeztu duenak idatzohar hori eskatzen duenetan.

Tituluak akats ongiezina izanez gero, erregistratzaileak ezezkoa emango dio horren inskripzioari, eta ezingo da titulu horren gaineko aurreneurrizko idatzoharrik egin.

Ongitzeko moduko akatsak eta ongiezinak bereizteko, eta, horren ondorioz, artikulu honek aipatzen duen aurreneurrizko idatzoharra egiteko ala ez egiteko, erregistratzaileak kontuan hartu behar ditu, hala tituluaren edukia, formak eta solemnitateak, nola titulu horri lotutako erregistro idazkunak.

66. artikulua. Interesdunek gobernu-errekurtsoa jar dezakete erregistratzaileak tituluaren gain egindako kalifikazioaren kontra, baldin eta kalifikazioak eten badu eskatutako idazkuna, edo idazkun horri ezetza eman badio. Horrez gain, nahi izanez gero, interesdunok auzitegietara jo dezakete, euren artean tituluen baliozkotasuna edo deuseztasuna aztertu eta erabakitzeko.

Inskripzioa eteten bada tituluan ongitzeko moduko akatsak agertzeagatik, eta aurreneurrizko idatzoharrik eskatzen ez bada, orduan interesdunek akatsok ongi ditzakete aurkezte-idazkunaren ondoreek dirauten bitartean, hots, hirurogei eguneko epean.

Aurreneurrizko idatzoharra eginez gero, horrek dirauen bitartean ongi daiteke akatsa, 96. artikuluak agindutakoaren arabera.

Inskripzioari ezezkoa eman zaionean, interesdunak demanda jar dezake auzitegietan, aurkezte-idazkuna egin eta hurrengo hirurogei egunetako epean. Demanda jartzea erabakitzen bada, eskatu behar da, horren aurreneurrizko idatzoharra egiteko; eskaera horren ondorioz egindako idatzoharrak eragina du, aurkezte-idazkuna egin zenetik.

Epe-muga hori igarota, demandaren aurreneurrizko idatzoharrak bere dataz geroztik bakarrik sortuko ditu ondoreak.

Erregistratzaileak egindako kalifikazioaren aurka gobernu-errekurtsoa jartzen bada, aurreko bi lerrokadetan adierazitako epe-muga guztiak eten behar dira, errekurtsoa jartzen denetik behin betiko ebazpena eman arte.

67. artikulua. Idatzoharra egiten bada inskripzioa egitea ezinezkoa delako, ongitzeko moduko betekizunen bat ez izateagatik, interesdunak idatzohar horren kopia eska diezaioke erregistratzaileari. Erregistratzaileak bere sinadurarekin eskuesten du kopia, eta kopia horretan agerrarazi behar du ondasun higiezin berari buruzko beste tituluren bat dagoen eta, hala bada, tituluok zeintzuk diren.

68. artikulua. 42. artikuluko lehenengo, bosgarren, seigarren eta zazpigarren kasuetako aurreneurrizko idatzoharra agintzen duen edo idatzohar horri ezetza ematen dion probidentziaren aurka gorajotze-errekurtsoa jar daiteke, ondore bakarrarekin.

Artikulu beraren zortzigarren kasuan, probidentziaren kontra gorajotze-errekurtsoa jar daiteke ondore bikoitzarekin, idatzoharrean jasotako ondasun higiezinaren gain eskubide errealen bat duenak idatzoharraren aurka egin duenean.

69. artikulua. Eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra eskatzeko aukera izan eta epe barruan halako eskaerarik egiten ez duenak gero ezingo du eskubide hori bere izenean inskribatu edo aurreneurrizko idatzoharrean jaso, eskubide bera inskribatu duen hirugarrenari kalte egiteko; hirugarrenari ez zaio kalterik egiten, horrek Erregistroaren arabera eskubidea eskualdatu ahal zuenarengandik eskuratu badu berori.

70. artikulua. Eskubide baten gaineko aurreneurrizko idatzoharra behin betiko inskripzio bihurtzen denetan, inskripzio horrek ondoreak sortzen ditu, idatzoharraren datatik.

71. artikulua. Idatzoharrean jasotako ondasun higiezin nahiz eskubide errealak besterendu edo kargatu ahal dira, baina idatzoharra lortu duen pertsonaren eskubideari kalterik egin gabe.

72. artikulua. Inskripzioak egiteko beharrezkoak diren inguruabarrak jaso behar dira aurreneurrizko idatzoharretan, baldin eta idatzoharra eskatzeko aurkeztu diren titulu edo agiriek inguruabarrok eratortzen badituzte.

Idatzoharraren oinarria bada ondasunen enbargoa edo ondasunok epailearen zainpean uztea agintzen duen probidentzia, idatzohar horrek adierazi behar du enbargoa nahiz zainpeketa agintzeko arrazoia eta agindu hori ematea ekarri duen betebeharraren zenbatekoa.

73. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharra egitea xedatzen duen manamendu judizialak adierazi behar ditu idatzohar horrek jaso beharreko inguruabar guztiak, aurreko artikuluan agindutakoaren arabera, baldin eta probidentzia emateko erabili diren titulu nahiz agiriek eratortzen badituzte inguruabarrok.

Ezgaitasun eta antzeko kasuetan bezala, idatzoharrak pertsonaren ondasun guztiak barnebildu behar dituenean, pertsona horren izenean inskribatutakoei buruzko idatzoharra egingo du erregistratzaileak.

Kasu horretan, inskribatu gabeko ondasunak ere idatzohar daitezke, baldin eta epaile edo auzitegiak hala agintzen badu, eta idatzoharrak kargaturiko pertsonaren izenean inskripzioa egiten bada aldez aurretik.

74. artikulua. Epaiketan zein epaiketatik kanpo aurreneurrizko idatzoharra eskatzeko aurkezten diren titulu eta agiriek jasotzen ez badituzte idatzoharra baliozkoa izan dadin beharrezkoak diren inguruabarrak, orduan interesdunek idazki batean agerrarazi behar dituzte inguruabarrok. Idazki horretan, interesdunok adostasunez eskatu behar dute idatzoharra.

Adostasunik lortu ezean, idatzoharra eskatzen duenak eskabidean agerraraziko ditu inguruabarrok; beste interesdunak datuon zehaztasunari buruz esan beharrekoa entzun eta gero, epaile edo auzitegiak bidezko deritzona erabakiko du.

75. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharra deuseza izango da, idazkun horrek argitzen ez duenean zein den idatzoharrean jasotako finka edo eskubidea, horren data edo nor den idatzoharrak ukitzen duen pertsona.

IV. TITULUA INSKRIPZIOAK ETA AURRENEURRIZKO IDATZOHARRAK AZKENTZEA

76. artikulua. Hirugarrenari begira, inskripzioak azkentzen dira, horiek ezerezten direnean bakarrik, edota inskribaturik dagoen jabaria zein eskubide erreala beste pertsona bati eskualdatu zaiola adierazten duen beste inskripzio bat egiten denean.

77. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharrak azkentzen dira, horiek ezereztu zein iraungitzen direnean edo inskripzio bihurtzen direnean.

78. artikulua. Inskripzioen eta aurreneurrizko idatzoharren ezereztea erabatekoa zein zati batekoa izan daiteke.

79. artikulua. Inskripzioen eta aurreneurrizko idatzoharren erabateko ezereztea ondoko kasuotan eska daiteke eta, hala denean, ezerezte hori agindu behar da:

1. Inskripzioaren zein idatzoharraren objektu den ondasun higiezina erabat azkentzen denean.

2. Inskribaturik edo idatzoharrean jasota dagoen eskubidea erabat azkentzen denean.

3. Inskripzioaren zein idatzoharraren oinarri izan den titulua deuseza dela adierazten denean.

4. Inskripzioa edo idatzoharra deuseza dela adierazten denean, legeak agindutakoaren arabera oinarrizko betekizun bat ez duelako.

80. artikulua. Zati bateko ezereztea ondoko kasuotan eska daiteke eta, hala denean, ezerezte hori agindu behar da:

1. Inskripzioaren edo idatzoharraren objektu den ondasun higiezina txikiagotzen denean.

2. Inskribatutako zein idatzoharrean jasotako eskubidea urritzen denean.

81. artikulua. Inskribaturik dagoen eskubideren bat zabaltzeko, beste inskripzio bat egin behar da, zabaldutako eskubideari buruzko inskripzioa aipatuz.

82. artikulua. Eskritura publikoaren bidez egindako inskripzioak zein aurreneurrizko idatzoharrak ezerez daitezke, epai bidez edo beste eskritura nahiz agiri kauto baten bidez. Horretarako, ezin da kasazio-errekurtsorik egon epai horren kontra, eta eskritura edo agiri kautoan, inskripzioaren edo idatzoharraren onuradunek zein horien kausadunek edo zuzenbidearen araberako ordezkariek euren adostasuna eman behar dute.

Dena den, halako betekizunik gabe ere egin daiteke ezereztea, legeak berak azkendu duenean inskribaturiko edo idatzoharrean jasotako eskubidea, edota inskripzioaren nahiz aurreneurrizko idatzoharraren oinarri izan den tituluak ondorio hori eratortzen duenean.

Inskripzioa edo idatzoharra eskritura publiko bidez egin bada eta ezereztearen ondorioz kalteak izango dituenak ez badu bere adostasuna eman, beste interesdunak ezereztea eska dezake, epaiketa arruntean.

Artikulu honetan xedaturikoak ezin die kalterik egin lege honetan ezerezte zehatz batzuen gainean xedatutako arauei.

Erregistroaren arabera finka ukituaren gaineko edozein eskubideren titular denak hala eskatzen duenean, lege honen 11. artikuluak aipatutako prezio geroratua bermatzeko baldintza suntsiarazleak ezerez daitezke, baita betebehar oro bermatzeko hipotekak ere, baldin eta ez bada itundu horiei buruzko iraupen epe zehatzik; horretarako, beharrezkoa da legeria zibilak berme horien ondoriozko akzioak preskribatzeko ezarri dituen epeak igarotzea edota, ondore horietarako epe laburragorik hizpatu bada bermeok eratzean, epe hori igarotzea, betiere, Erregistroaren arabera prestazio bermatua oso-osorik bete behar zenetik zenbatzen hasita; ezingo dira bermeok ezereztu, hurrengo urtean berriztatzen badira, preskripzioa geldiarazten bada, edota hipoteka behar bezala exekutatzen bada.

83. artikulua. Inskripzioak edo idatzoharrak manamendu judizialaren bidez egin badira, horiek ezereztu ahal izateko, epaileak exekuzio-probidentzia eman behar du.

Interesdunek ezereztea hitzartzen badute baliozkotasunez, epaile edo auzitegi eskudunari idazkia aurkeztu ahal diote, ezerezte hori eskatuz. Behin idazkiaren edukia berretsi ostean, ezereztea agintzen duen probidentzia emango du epaileak, baldin eta ezerezte horrek kalterik egiten ez badio hirugarrenari.

Halaber, bidezkoa denetan epaile zein auzitegiak probidentzia berbera emango du, nahiz eta ezereztearen onuradunak adostasunik eman ez.

84. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharra ezereztea edo berori behin betiko inskripzio bihurtzea agintzeko eskumena izango du idatzoharra egitea agindu duen epaile nahiz auzitegiak, edota legearen arabera idatzoharra eratorri duen negozioaren gaineko eskumena duenak.

85. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharra ezereztu behar da, dela idatzoharrean jasotako eskubidea azkentzen denean, dela eskrituran hitzartu edo probidentzian agintzen denean idatzohar hori behin betiko inskripzio bihurtzeko.

Eskritura publikorik gabeko idatzoharra behin betiko inskripzio bihurtu barik ezereztu nahi bada, ezereztea egin daiteke, idatzoharra egiteko aurkeztu ziren agirien espezie bereko beste batzuk erabilita.

86. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharren jatorria edozein izanda ere, horiek egin eta lau urteko epearen buruan iraungitzen dira, salbu eta legearen aginduz epe laburragoa dagoenean.

Dena dela, idatzoharron indarraldia beste lau urtetan luza daiteke, baldin eta interesdunek hala eskatzen badute, edota idatzoharra agindu zuen agintariak hala ezartzen badu. Horretarako, luzapen-agindua aurkeztu behar da, idazkuna iraungi baino lehen.

Luzatutako idatzoharra lau urteko epean iraungitzen da, luzapenaren idatzoharra egin zenetik zenbatzen hasita.

Gero, jarraikako luzapenak egin daitezke, baldintza berberetan.

Aurreneurrizko idatzoharren iraungitzea Erregistroan agerrarazi behar da, ondasun higiezin edo eskubide erreal ukituaren ugazabak halaxe eskatuta.

87. artikulua. Espeziez besteko legatu-hartzaile denaren izenean eginiko aurreneurrizko idatzoharra iraungitzen da, hori egin eta urtebetegarrenean.

Legatua ezin bada eskatu hamar hilabeteko epearen buruan, ulertzen da idatzoharrak bere horretan dirauela, legatu hori eskatzeko modukoa izan eta hurrengo bi hilabeteetan.

Aurreneurrizko idatzoharra azkendu aurretik eta idatzoharraren objektu diren ondasunen gaineko zama edo baldintza berezien ondorioz, idatzohar hori askieza bada legatua ziurtatzeko, orduan legatu-hartzaileak eska dezake beste idatzohar bat egitea bestelako ondasunen gain. Horretarako, idatzoharrean jasotzeko moduko nahiko ondasun izan behar dira jarauntsian.

88. artikulua. Testamentugileak jaraunsle zehatz batzuei edo gainerako legatu-hartzaileei aldizkako errenta edo pentsioak ordaintzeko agindua ematen dienean, betebehar hori modu pertsonalean ezarri gabe, orduan legatu-hartzaile onuradunak hauxe eska dezake, aurreko artikuluan ezarritako epean: bere eskubidearen gain behar bezala eratutako aurreneurrizko idatzoharra hipoteka-inskripzio bihurtzea.

89. artikulua. Pentsioarekin kargatutako jaraunsle edo legatu-hartzaileari adjudikatzen bazaizkio idatzoharrean jasotako ondasunak, ondasun horien gain era dezake aurreko artikuluan aipatu hipoteka; bestela, jarauntsitik adjudikatu zaizkion beste edozein ondasun higiezinen gain era daiteke hipoteka hori.

Betiere, kargatutako jaraunsle nahiz legatu-hartzaileak aukeratu behar du hipoteka eratzeko modua, eta horrek eskainitako hipoteka onartuko du pentsiodunak, baldin eta hipoteka hori nahiko bada eta jarauntsiko ondasunen gain eratu bada.

90. artikulua. Aurreneurrizko idatzoharrik lortu ez duen pentsiodunak ere edozein unetan eska dezake bere eskubidea bermatzeko hipoteka era dadin. Hipoteka hori eratzen da jaraunslearen esku dauden jarauntsiko ondasunen gain, edota kargatutako jaraunsle nahiz legatu-hartzaileari adjudikatu zaizkion ondasunen gain, aurreko artikuluan xedaturikoaren arabera.

Kasu horretan, hipoteka-inskripzioak ondoreak izango ditu, berori egiten denetik.

91. artikulua. Pentsiodunak bere eskubidearen aurreneurrizko idatzoharra lortu badu eta idatzoharrean jasotako ondasunak legatua ziurtatzeko adinakoak badira, pentsiodun horrek ezin eska dezake hipoteka beste ondasun batzuen gain eratzea.

Ondasunok askiezak izanez gero, pentsiodunak eska dezake hipotekaren osagarria eratzea, beste ondasun batzuen gain; azken horiei dagokienez, alabaina, aurreko artikuluaren bigarren lerrokadan xedaturikoa izan behar da kontuan.

92. artikulua. Errefakziozko hartzekodunaren izenean eginiko idatzoharra iraungitzen da errefakziopeko obra amaitu eta hurrengo hirurogei egunen buruan.

93. artikulua. Errefakziozko hartzekodunak eska dezake bere izenean eginiko aurreneurrizko idatzoharra hipoteka-inskripzio bihurtzea, baldin eta, aurreko artikuluan zehazturiko epea agortu ostean, ez bazaio oso-osorik ordaindu beraren kreditua, kontratuan hizpaturiko epea muga-eguneratu ez delako.

Epe hori muga-eguneratuz gero, hartzekodunak epea luza dezake, bihurketa horren bitartez, edota ordainketa behingoan eska dezake. Azken kasu horretan, idatzoharrak hipotekaren ondore guztiak sortzen ditu.

94. artikulua. Errefakziozko kredituaren gaineko idatzoharra hipoteka-inskripzio bihurtzeko, kreditu hori likidatu behar da, likidoa ez bada; horrez gain, eskritura publikoa egiletsi behar da.

95. artikulua. Errefakziozko kredituaren likidazioari buruz zein hipoteka eratzearen inguruan arazoak sortzen badira hartzekodunaren eta zordunaren artean, arazook epaiketa arruntean ebatziko dira.

Epaiketa hori gauzatu eta amaitu bitartean, aurreneurrizko idatzoharrak bere horretan iraun eta ondore guztiak sortuko ditu.

96. artikulua. Tituluak ongitzeko moduko akatsak izateagatik aurreneurrizko idatzoharra egiten denean, idatzohar hori hirurogei eguneko epean iraungiko da, horren datatik zenbatzen hasita.

Epe hori ehun eta laurogei egun bete arte luza daiteke, baldin eta horretarako arrazoi zuzenik badago, eta epai-probidentziak halaxe agintzen badu.

97. artikulua. Behin eskubidearen idazkuna ezereztu eta gero, eskubide hori azkendu dela uste izango da.

98. artikulua. Bereziki ziurtatu ez diren eskubide pertsonalak, modu berezi eta bananduan inskribatu beharreko eskubideei buruzko aipamenak edota seniparteari lotzen ez zaizkion legatuak ez badira jaso aurreneurrizko idatzoharrean legeak ezarritako epean, horiek ez dira kargatzat hartuko lege honen ondoreetarako. Alderdi interesdunak hala eskatuz gero, erregistratzaileak ezereztu ahal ditu horiek guztiak.

99. artikulua. Erregistratzaileek euren erantzukizunpean kalifikatuko dute, hala ezerezteak eskatzeko oinarritzat erabili diren agirien legezkotasuna, nola eskuesleen gaitasuna. Horretarako, lege honen 18. artikuluak eta baterakoek inskripzioen inguruan ezarritakoa izango dute kontuan erregistratzaileok.

100. artikulua. Halaber, erregistratzaileek euren erantzukizunpean kalifikatuko dute ezerezteak agindu dituzten epaile edo auzitegien eskumena, inskripzioa edo aurreneurrizko idatzoharra agindu ez duen epaile edo auzitegiak sinatu duenean idatzagiria.

Zalantzarik izanez gero epaile edo auzitegiaren eskumenari buruz, erregistratzaileak arazoaren berri eman behar dio kasuan kasuko audientziaren presidenteari, horrek bidezko deritzona erabaki dezan.

101. artikulua. Audientziaren presidenteak adierazten duenean epaile edo auzitegia eskuduna dela, erregistratzaileak ezereztea egin behar du behingoan.

Epaile edo auzitegiak eskumenik ez duela adieraziz gero, erregistratzaileak eman behar dio erabaki horren berri interesdunari, idatzagiria itzuliz.

102. artikulua. Audientziaren presidenteak hartutako erabakiaren kontra errekurtsoa jar dezakete audientzian bertan, bai epaile eta auzitegiek, baita interesdunek ere. Audientziak zuzen deritzona erabakiko du, alderdiei entzun eta gero.

103. artikulua. Inskripzioaren edo aurreneurrizko idatzoharraren ezerezteak hurrengo inguruabarrok jaso behar ditu:

1. Ezereztea egiteko oinarri den agiriaren mota eta data; agiri hori eskuetsi duen notarioaren izena, edo hori egin duen epaile, auzitegi edo agintariaren izena.

2. Ezereztea eskatzen duen edo horretarako adostasuna ematen duen pertsonaren izen-abizenak.

3. Kasuan kasuko idazkuna erabat nahiz zati batez ezereztu dela azaltzen duen adierazmoldea.

4. Zatikako ezerezteen kasuan, ondasun higiezinaren zein zati desagertu den edo eskubidearen zein alde azkendu den, eta zeinek dirauen bere horretan.

5. Ezerezte hitzarmena edo agindua barneratzen duen titulua Erregistroan aurkezteko data.

Ezereztea egiten denean 82. artikuluko bigarren lerrokadaren kasuan, inskribatutako edo idatzoharrean jasotako eskubidea azkentzeko arrazoia adierazi behar da.

Aurreneurrizko idatzoharra ezerezten denean agiri pribatua oinarritzat hartuta, eta agiri horretako sinadurak ez direnean legezkotu, ezerezteak jaso behar du erregistratzaileak agiria sinatu dutenen gain edo, halakorik izan ezean, lekukoen gain emandako ezagutza-fedea.

Aurreko inguruabarren bat jasotzen ez bada, ezerezte-idazkuna deuseza izango da.

V. TITULUA HIPOTEKAK

LEHENENGO ATALA Hipoteka orokorrean

104. artikulua. Hipotekaren bidez, ondasun batzuk betebehar bat betetzeari lotuta geratzen dira zuzen-zuzenean, ondasun horien edukitzailea edozein izanik ere, betebehar hori bermatzeko eratzen baita hipoteka.

105. artikulua. Hipoteka edozein motatako betebeharrak bermatzeko era daiteke, eta hipoteka horrek ez du aldarazten Kode Zibilaren 1911. artikuluan ezarritako erantzukizun pertsonal mugagabea.

106. artikulua. Ondokoak hipoteka daitezke:

1. Inskribatzeko moduko ondasun higiezinak.

2. Legeen arabera besterentzeko modukoak diren eskubide errealak, ondasun higiezinen gainekoak izanez gero.

107. artikulua. Edu berean, hurrengoak ere hipoteka daitezke:

1. Gozamen-eskubidea. Hipoteka hori azkentzen da, gozamendunaren borondatetik kanpoko egitate baten ondorioz gozamena azkentzen denean.

Gozamena gozamendunaren borondatez azkentzen bada, hipotekak bere horretan irauten du, betebehar bermatua bete arte, edota gozamenari amaiera eman zion egitatea ez gertatzekotan gozamena modu ohikoan azkenduko zukeen epea amaitu arte.

2. Jabetza soila. Kasu horretan, jabeak gozamena eskuratuz gero, hipotekak bere horretan dirau, eta hipoteka horrek bere barruan hartzen du gozamen-eskubidea ere, kontrako itunik izan ezean.

3. Aurretiaz hipotekaturik dauden ondasunak, nahiz eta ondasun horiek berriro hipotekatuko ez direla itundu.

4. Borondatezko hipoteka-eskubidea. Horrelakoetan, borondatezko hipotekaren gain eraturiko hipotekak bere horretan irauten du, borondatezko hipotekak dirauen artean.

5. Azalera-, bazka-, ureta egur-eskubideak, bai eta horien antzeko izaera erreala duten eskubideak ere.

6. Meatze, trenbide, kanal, zubi eta herri-zerbitzura destinaturiko beste edozein obrari buruzko administrazio-emakidak, edota herri-zerbitzura zuzenean edo modu esklusiboan destinaturik ez dauden erakin eta lurrak, eraikin eta lurrok jabari pribatukoak izan arren, obra horiei erantsita daudenean; lehenengo kasuan, hipotekak bere horretan irauten du, emakidadunaren eskubidea suntsiarazi arte.

7. Atzera-eroste itunarekin saldutako ondasunak, erosleak edo horren kausadunak hipoteka eratzen badu salmenta suntsiaraztean berak eskuratuko duen diru kopuruaren gain. Saltzaileari kontratuaren berri eman behar zaio, hipoteka ezereztu baino lehen ondasunak atzera-eskuratzen badira, saltzaileak ez dezan salmentaren prezioa itzul, hartzekodunak hori jakin gabe edo epaileak hori egitea agindu gabe.

8. Hitzarmenezko atzera-eskuratze eskubidea. Hartzekodunak ezin du berreskaera-eskubiderik egikaritu ondasun hipotekatuen kontra, aurretiaz ez baditu ondasun horiek atzera-eskuratu, zordunaren izenean, zordun horrek atzera-eskuratzeko eskubidea duen bitarteko epean eta horretarako behar den diru kopurua aurreratuz.

Saltzaileak atzera-eskuratzeko eskubidea egikarituz gero, hipotekak iraun egiten du zuzenean, atzera-eskuraturiko ondasunen gain.

9. Ondasun auzigaiak, auzia hasi duen demandaren aurreneurrizko idatzoharra egin bada edo inskripzioan agerrarazten bada hartzekodunak auziaren berri zuela. Dena den, hor aipaturiko bi kasuetan, auzian erabakitzen denaren menpe geratzen da hipoteka.

10. Esanbidezko baldintza suntsiarazlepeko ondasunak. Hipoteka azkentzen da, hipotekatzailearen eskubidea suntsiarazten denean.

11. Jabetza horizontalaren araubidepeko eraikinaren pisu zein lokalak, 8. artikuluak dioenaren arabera inskribaturik badaude.

12. Enkante judizialean adjudikatu diren ondasun higiezinen gain errematatzaileak duen eskubidea.

Behin errematearen prezioa ordaindu eta jabaria errematatzailearen izenean inskribatu ostean, hipotekak bere horretan irauten du, adjudikaturiko ondasunen gain.

108. artikulua. Ondokoak ezin dira hipotekatu:

1. Zortasunak, lur nagusiarekin batera hipotekatzen direnean izan ezik. Salbuespen gisa, ur-zortasunak beti hipoteka daitezke.

2. Legezko gozamenak, Kode Zibilak alargunari ematen dion gozamena izan ezik.

3. Erabiltzeko eta biztantzeko eskubideak.

109. artikulua. Hipoteka hedatzen da hipotekaturiko ondasunen berezko akzesioetara, hobekuntzetara eta ondasun hipotekatuak direla-eta horien jabeari eman edo zor zaizkion kalte-ordainetara.

110. artikulua. Aurreko artikuluan xedaturikoaren ariora, kontratuan aipatu ez arren, hurrengoak finkarekin batera hipotekatzen direla ulertzen da, baldin eta eurok jabeari badagozkio:

1. Zenbait hobekuntza, hala nola, landaketak, ureztaketa edo hustubideak egiteko obrak, eraikinak konpondu, ziurtatu, transformatu, erosoago egin, apaindu nahiz eraikitzeko obrak, eta, oro har, horien antzeko hobekuntza guztiak, salbu eta berezko akzesioen bidezkoak ez diren lur-eransketak eta eraikinik gabeko lurretan egindako eraikin berriak.

2. Ondasun hipotekatuak direla-eta horien jabeari eman edo zor zaizkion kalte-ordainak, baldin eta kalte-ordainen oinarri den ezbeharra hipoteka eratu eta gero gertatu bada; halaber, ondasun higiezinen jabetza herri-onuraren ondorioz nahitaez kendu denean, horren ondorioz jasotakoa.

Kalte-ordaina eman behar bada betebehar bermatua muga-eguneratu baino lehen, kalte-ordainaren zenbatekoa gordailuan jarriko da, interesdunei gehien komeni zaien eran, edota hitzarmenik lortu ezean, Kode Zibilaren 1176. artikuluan eta ondorengoetan ezarritako eran. Horretarako, kalte-ordaina eman behar duenari aldez aurretik jakinarazi behar zaio hipoteka eratu dela.

111. artikulua. Kontrako itun esanbidezkorik edo lege-xedapenik izan ezik, hipotekak ez ditu barneratzen hurrengook, bermatu nahi den betebeharren izaera eta forma edozein izanda ere:

1. Hipotekaturiko finkan modu iraunkorrean kokaturiko ondasun higigarriak, salbu eta ondasunok finkatik bereizi ahal direnean, narriadurarik edo kalterik eragin gabe. Ondasunok bertan izan daitezke, bai finka apaindu, erosoago egin edo ustiatzeko, bai eta industriaren bat zerbitzatzeko ere.

2. Fruituak, horien egoera edozein izanda ere.

3. Bermatutako betebeharra betetzea eskatzeko unean muga-eguneratuta baina ordaintzeke dauden errentak.

112. artikulua. Finka hipotekatua hirugarren edukitzaile baten esku geratu denean eta jabe berriak ordaindu baditu, hala eraikinetan iraunkortasunez jarritako ondasun higigarriak, nola eraikina konpondu, ziurtatu edo transformatzeko obraz besteko hobekuntzak, orduan hipoteka ez da hedatuko ondasun eta hobekuntza horietara.

113. artikulua. Aurreko artikuluan xedaturikoaren arabera, hipotekatutzat jotzen ez diren akzesio edo hobekuntzen ugazabak horien zenbatekoa eska dezake; bestela, akzesio nahiz hobekuntza horiek zein objektuen gainekoak izan eta objektu horiek atxiki ditzake ugazabak, horrekin finkaren gainerako zatiari kalterik egiten ez bazaio.

Hobekuntzen zenbatekoa eskatuz gero, ugazabak ezin oztopa dezake betebehar nagusia betetzea, beraren eskubidea gauzatu behar duela esanez. Kontrara, kreditua ordaintzeko finka besterentzen denean, horren preziotik kobratu beharko du berari dagokiona.

Ezinezkoa bada akzesioak edo hobekuntzak banantzea finkari kalterik eragin gabe, ugazabak horien zenbatekoa kobra dezake, gerakinaren zenbatekoa hipoteka-kreditua ordaintzeko beste izan ez arren. Edozein modutan ere, ondasun horiek finkari kalterik eragin gabe bereizi ahal badira, edo ugazabak ondasun horiek ez atxikitzea aukeratzen badu, ondasunok finkatik bereizita besterenduko dira, eta horien truk lortutako prezioa ugazabaren esku geratuko da.

114. artikulua. Hipoteka eratzen bada korrituak sortzen dituen kreditua bermatzeko eta horrek hirugarrenari kalteak eragiten badizkio, kapitala ez ezik, azken bi urteetako korrituak eta urte horretan muga-eguneratutakoak bakarrik bermatuko ditu hipotekak, kontrako itunik izan ezean.

Dena den, ezin da itundu hipotekak bost urtetik gorako korrituak bermatuko dituenik.

115. artikulua. Muga-eguneraturik egon baina ordaindu gabe dauden korrituak ez badira bermatu aurreko artikuluaren arabera, hipoteka-hartzekodunak zordunari eska diezaioke, hipoteka ondasun hipotekatuen gain zabaltzea.

Zabaltze horrek ez die kalterik egingo aurretiaz inskribatutako eskubide errealei.

Zorduna ez bada finka hipotekatuaren jabea, hartzekodunak ezin dio zordunari eskatu hipoteka zabaltzeko. Kasu horretan, hartzekodunak eskubide bera egikari dezake, zordunaren beste edozein ondasun higiezinen gain, hori hipotekatzeko modukoa baldin bada.

116. artikulua. Zentsu-pentsio atzeratuen hartzekodunak bere osteko hipoteka-hartzekodunari edo zentsu-emaileari kalte eginez zentsupeko finkaren kontra berreskaera-eskubidea egikaritu ahal izateko, 114. artikuluan eta 115. artikuluko 1 eta 2. lerrokadetan ezarritako mugapenak izan behar ditu kontuan. Hala ere, hipoteka eratzea eska dezake hipoteka-hartzekodunak dituen mugekin, zentsupeko finkaren edukitzailea edozein izanda ere.

117. artikulua. Jabearen doloz, erruz zein borondatez, finka hipotekatua narriatu eta horren balioa urritzen denean, hipoteka-hartzekodunak eska diezaioke finka kokatuta dagoen barrutiaren lehen auzialdiko epaileari, egitate horien inguruko egiaztapena onar diezaion; eta egiaztapen horretatik segitzen bada egitate horiek zehatz-mehatz hala gertatu direla eta hipoteka askieza delako susmoa oinarriduna dela, epaileak jabeari probidentzia baten bidez aginduko dio zerbait egitea edo ez egitea, kaltea eragotzi eta konpontzeko egokia zer den ikusita.

Hala ere, jabeak abusuari ekiten badio, epaileak beste probidentzia bat emango du, ondasun higiezina epailearen administraziopean jartzeko.

Kasu horietan guztietan, Prozedura Zibilaren Legeko 720. artikuluan eta ondorengoetan ezarritako prozedura bete behar da.

118. artikulua. Finka hipotekatua saltzean, saltzaileak eta erosleak ituntzen badute azken hori subrogatuko dela, hipotekak erakarritako erantzukizunean eta hipotekak bermaturiko betebehar pertsonalean, lehenengoa betebehar horretatik aske geratuko da, hartzekodunak esanbidezko zein isilbidezko adostasuna emanez gero.

Betebehar bermatuaren besterentzea itundu ez arren, erosleak betebehar horren balioa salmentaren preziotik kendu edo atxikitzen badu, eta finka saldu zuen zordunak betebeharra muga-eguneratutakoan hori ordaintzen badu, zordun hori hartzekodunaren lekuan subrogatuko da, erosleak deskontatu edo atxiki duen zenbateko guztia itzultzen ez dion bitartean.

119. artikulua. Kreditu bakarra bermatzeko finka batzuk hipotekatzen direnean, zehaztu beharra dago finka bakoitzak kargaren zein zatiri edo zenbatekori egin behar dion aurre.

120. artikulua. Inskripzioan finkatzen bada ondasun hipotekatu bakoitzak kredituaren zein zatiri egin behar dion aurre, hartzekodunak ondasun horien aurka berreskaera-eskubidea egikari dezake, hirugarrenaren kalterako, ondasun bakoitzari dagokion zenbatekoa eta zenbateko horrek sorturiko korrituak erreklamatzeko bakarrik.

121. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, hipoteka ez bada nahiko kreditu osoa estaltzeko, hartzekodunak diferentzia horren gaineko berreskaera-eskubidea egikari dezake, zordunak bere esku dituen gainerako finka hipotekatuen aurka; dena den, diferentzia hori erreklamatzeko, hartzekodunak ez du inolako lehenespenik izango, hipoteka inskribatu eta gero finka hipotekatu horietan eskubide errealen bat eskuratu duen subjektuei begira.

122. artikulua. Hipoteka ezerezten ez den artean, hipotekak bere horretan dirau, ondasun hipotekatu guztien gain, nahiz eta betebehar bermatua urritu. Ondasun hipotekatuen zati bat desagertuko balitz, hipotekak gainerako zatian iraungo luke, hurrengo bi artikuluetan ezarritakoa gorabehera.

123. artikulua. Finka hipotekatua bi finka edo gehiagotan zatitzen bada, horien artean ez da hipoteka-kreditua banatuko, hartzekodunak eta zordunak borondatez hala erabakitzen dutenean izan ezik.

Banaketa hori ez bada egiten, hartzekodunak asegurupeko zenbateko osoaren gaineko berreskaera-eskubidea egikari dezake, finka zatitu eta gero sorturiko finka berri baten aurka edo finka guztien aurka.

124. artikulua. Kreditu bakarra bermatzeko finka batzuen gain eraturiko hipoteka zatitu eta gero, edozein finkari dagokion kreditu zatia ordaintzen bada, interesdunak eska dezake hipoteka zati batez ezereztea, finka horri dagokionez.

Ordaindutako kreditu zatia erabili ahal bada finka kargaturen bat askatzeko, kreditu hori finkari dagokion erantzukizun berezia baino handiagoa delako, orduan zordunak aukera dezake zein finkak gelditu behar duen aske.

125. artikulua. Finka hipotekatua bakarra denean, edota bat baino gehiago izan arren, ez denean zehaztu bakoitzari dagokion erantzukizun zatia 123. artikuluko kasua gertatzeagatik, orduan ezin eska daiteke ondasun hipotekatuen zati bat askatzea, zordunak ordaindutako kreditu zatia edozein izanda ere.

126. artikulua. Prozedura Zibilaren Legearen arabera gauzaturiko exekuzio-epaiketan ondasun hipotekatuak pertsegitzen direnean eta ondasunok hirugarren edukitzailearen esku daudenean, hartzekodunak edukitzaile horri eska diezaioke ondasun horien bitartez bermaturiko kreditu zatia ordaintzea; hori horrela izango da, muga-eguna heldu eta zordunak ez duenean ordaintzen, nahiz eta horren gaineko epaiedo notario-errekerimendua jaso.

Aurreko lerrokadan adierazitako bideetatik bat erabili eta hirugarren edukitzaileari ordainketa-errekerimendua egiten zaionean, horrek bi aukera ditu: kreditua gehi kasuan kasuko korrituak ordaintzea 114. artikuluan xedatutakoaren arabera, edota ondasun hipotekatuak bertan behera uztea.

Hirugarren edukitzaileak ez badu zorrik ordaintzen ezta ondasunik bertan behera uzten ere, orduan ondasun hipotekatuekin eta bere ondasunekin erantzun beharko du, dela errekerimendua jaso duenetik sortu diren korrituengatik, dela berandutzak eragindako epaiketa kostuengatik.

Hirugarren edukitzaileak bertan behera utzi baditu ondasun hipotekatuak, ondasun horiek zordunaren esku daudela ulertzen da, exekuzio-prozedura horien aurka zuzendu ahal izateko.

127. artikulua. Kreditua epeka ordaintzen denetan ere, aurreko artikulua aplika daiteke, baldin eta eperen bat muga-eguneratu ostean zordunak ordaintzen ez badu kapitalaren edo korrituen zati bat.

Kapitalaren nahiz korrituen eperen bat ordaintzeko finka besterendu behar denean betebeharraren beste epeak muga-eguneratu baino lehen, 135. artikuluaren 2. lerrokadan xedatutakoa aplikatu behar da.

Erosleak ez badu finka jaso nahi ordaintzeke geratzen den hipoteka kargarekin, haren zenbatekoa eta kasuan kasuko korrituak epailearen zainpean utziko dira, hartzekodunak kobra ditzan ordaintzeke dauden epeak, horiek muga-eguneratutakoan.

126. artikulua. ren ondoreetarako, hirugarren edukitzailetzat hartzen dira 134. artikuluaren 2. lerrokadan aipatutakoak.

Hirugarren edukitzaileak bat baino gehiago izanez gero, finkaren gaineko jabetza edo zuzeneko jabaria pertsona bati dagokiolako, eta gozamena edo jabari erabilgarria beste bati, orduan errekerimendua biei luzatuko zaie.

Zorra ordaintzeko epea muga-eguneratutakoan, hartzekodunak eska dezake ondasun hipotekatu guztien aurkako exekuzio-manamendua luzatzea, ondasunok hirugarren edukitzaile baten edo batzuen esku izan zein ez; edonola ere, ordainketa-errekerimendua zordunari egin behar zaio lehenik, eta horrek ordaindu ezean bakarrik eskatu ahal zaie ordainketa hirugarren edukitzaileei.

Hirugarren edukitzaile bakoitzak ordainketaren kontra eginez gero, edukitzaile hori prozedurako alderditzat hartuko da bere edukitzapeko ondasun hipotekatuei begira. Ondasun horien enbargo zein salmentari buruzko eginbide guztiak edukitzaileari eta zordunari zuzenduko zaizkie, eta edukitzaile horrek salmenta eskritura egiletsi beharko du; edukitzailea auzi-ihesean izanez gero, ofizioz egiletsiko da eskritura hori.

Prozeduraren gaineko eskumena du, zordunari begira eskuduna den epaile edo auzitegiak.

Hurrengo inguruabarrek ez dute sekula geldiaraziko exekuzio-prozedura: hirugarrenaren erreklamazioak, baldin eta horren oinarria ez bada aurretiaz inskribatutako titulua, ezta zordunaren edo hirugarren edukitzailearen heriotzak ere.

Konkurtso kasuetan, Konkurtso Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

128. artikulua. Hipoteka-akzioa preskribatzen da, hori egikari daitekeenetik hogei urte igaro eta gero.

129. artikulua. Hipoteka-akzioa zuzenean egikari daiteke ondasun hipotekatuen aurka; kasu horretan, Prozedura Zibilaren Legeko III. liburuaren IV. tituluan xedatutakoa bete behar da, V. kapituluan ezarritako berezitasunak kontuan izanda.

Horrez gain, hipotekaren eskritura eratzailean baliozkotasunez itun daiteke bermaturiko betebeharra betetzen ez bada, epaiketatik kanpoko exekuzio-prozedura gauzatuko dela, Kode Zibilaren 1858. artikuluaren ariora.

Epaiketatik kanpoko salmenta notario bidez egin behar da, Hipoteka Erregelamenduan ezarritako formalitateak kontuan izanda.

130. artikulua. Ondasun hipotekatuen aurkako zuzeneko exekuzio-prozedura hipoteka inskribatua gauzatzeko bakarrik erabil daiteke; inskripzioa eratzailea denez gero, kasuan kasuko idazkunean jasotako datuak hartu behar dira prozedura horren oinarritzat.

131. artikulua. Hipotekaren deuseztasun demandari buruzko aurreneurrizko idatzoharrak eta exekuzioa eteteko arrazoiren batean oinarritzen ez direnak 133. artikuluko ezerezte-manamenduaren bitartez ezerezten dira, baldin eta zamen ziurtagiria egin dela agerrarazten duten bazterreko oharren ostekoak badira idatzohar horiek.

Ezin daiteke hipotekaren inguruko ordainagiririk inskriba, bazterreko ohar hori manamendu judizialaren bitartez ezereztu arte.

132. artikulua. Ondasun hipotekatuen gaineko zuzeneko exekuzio-prozedurak dakartzan inskripzio nahiz ezerezteen ondoreetarako, erregistratzaileak ondoko atalok kalifikatu behar ditu:

1. Demanda eta ordainketa-agindua bidali zaizkiola, bai zordunari, bai zordun ez den hipotekatzaileari, bai hirugarren edukitzaileei, azken horiek euren eskubidea Erregistroan inskribatuta badute, prozeduran zamen ziurtagiria egiten den unean.

2. Hartzekodun nahiz hirugarrenei prozedura jakinarazi zaiela, horien eskubidearen inskripzioa edo idatzoharra hipotekaren ostean egin bada; zamak ziurtatzeko bazterreko oharra egin ostean agertu diren hartzekodun eta edukitzaileen kasuan, jakinarazpena ez da beharrezkoa, bazterreko oharrak horren ondoreak sortzen dituelako.

3. Hartzekodunari kredituaren printzipala, korrituak eta kostuak ordaintzeko eman zaionak ez duela gainditzen kasuan kasuko hipotekaren estaldura.

4. Saldu edo adjudikaturikoaren balioa auzi-jartzaileak duen kreditu osoaren bestekoa edo txikiagoa dela, edota handiagoa izanez gero, gaindikina horrexetarako establezimendu publiko bateko agintariaren zainpean utzi dela, geroko hartzekodunen esku.

133. artikulua. Idazkari judizialak erremate edo adjudikazioari buruzko autoa jasotzen duen lekukotza egin behar du, eta, batzuetan, lekukotza horrek dakar prezioa zainpean utzi behar izatea. Lekukotza titulu askietsia da adjudikatutako finka edo eskubidea errematatzaile nahiz adjudikaziodunaren izenean inskribatzeko, baldin eta lekukotza horrekin batera zamak ezerezteko manamendua aurkezten bada, Prozedura Zibilaren Legeko 674. artikuluak aipatu bezala.

Zamak ezerezteko manamendu judiziala eta erremate edo adjudikazioari buruzko autoa agiri bakarrera bil daitezke; betiere, agiri horretan agerrarazi behar da inskripzioa zein ezereztea egiteko aurreko artikuluak aipatzen dituen betekizunak eta inguruabarrak betetzen direla.

134. artikulua. Adjudikazio autoari buruzko lekukotzak eta zamak ezerezteko manamenduak dakarte finka zein eskubidea adjudikaziodunaren izenean inskribatzea eta exekuzioa eragin zuen hipoteka ezereztea. Halaber, geroko zamak, kargak zein hirugarren edukitzailearen aldeko inskripzioak ezereztuko dira, inolako salbuespenik gabe, bai eta prozeduran zamen ziurtagiria eman delako bazterreko oharraren ostean egindakoak ere.

Geroko obra berrien adierazpenek eta zatiketa horizontalek bakarrik iraungo dute indarrean, hipoteka-inskripzioak eratortzen duenean hipoteka hori eraikin berrietara hedatzen dela, legearen aginduz zein itun bidez.

135. artikulua. Exekuzio-prozedura zein epaileren aurrean gauzatu eta erregistratzaileak epaile horri eman behar dio geroko idazkunen berri, idazkunok exekuzioa uki dezaketenean. Hori horrela izango da, prozedura ondasun hipotekatuen kontrakoa denean ere.

136. artikulua. Hipotekak inskribatu eta ezerezteko, II eta IV. tituluetan inskripzio eta ezerezte orori buruz ezarritako erregelak bete behar dira, titulu honetan jasotako erregela bereziei kalterik egin gabe.

137. artikulua. Hipotekak borondatezkoak edo legezkoak izan daitezke.

2. ATALA Borondatezko hipotekak

138. artikulua. Borondatezko hipotekak dira alderdiek hitzarturikoak edo ondasun hipotekatuen jabeak ezarritakoak. Hipoteka horien eratzaileek ondasun hipotekatuak xedatzeko askatasuna izan behar dute; halako askatasunik izan ezean, hipoteka horien eraketa legeak berak ahalbidetu behar du.

139. artikulua. Aurreko artikuluaren ariora, borondatezko hipotekak eratzeko ahalmena dutenek halakoa era dezakete, bai euren kabuz, bai ahalorde berezi eta askietsia duen ahaldunaren bitartez.

140. artikulua. 105. artikuluan xedatutakoa gorabehera, borondatezko hipoteka eratzeko eskrituran baliozkotasunez itun daiteke betebehar bermatua ondasun hipotekatuen gain bakarrik exekutatzea.

Kasu horretan, hipoteka-maileguaren ondorioz zordunak duen erantzukizunak eta hartzekodunak duen akzioak ondasun hipotekatuen balioa baino ez dute ukitzen, eta ez zordunaren ondareko gainerako ondasunik.

Modu horretan eratutako hipotekak bi finka edo gehiago hartzen dituenean, eta finka horietako baten balioa ez denean nahiko haren erantzukizunpeko kreditu zatia ordaintzeko, hartzekodunak gainerako finka hipotekatuen aurka berreskaera-eskubidea egikari dezake, diferentzia horren ondorioz soil-soilik, eta 121. artikuluan ezarritako eran eta mugapenekin.

141. artikulua. Ondasun hipotekatuaren jabeak alde bakarrez buruturiko egintza juridiko baten bidez borondatezko hipoteka eratzen duenetan, hartzekodunaren onarpena Erregistroan agerrarazi behar da bazterreko ohar bidez; ohar horrek atzeraeraginezko ondoreak ditu, hipoteka eratu zenetik.

Hartzekodunari hipoteka onartzeko errekerimendua egiten zaionetik bi hilabete igaro ostean horrek ez badu onarpenik ematen, finkaren jabeak hipotekaren ezereztea eska dezake, eta, horretarako, ez du behar hipoteka eraketaren onuradunak emandako adostasunik.

142. artikulua. Etorkizuneko betebeharrak edo inskribatutako baldintza etengarripeko betebeharrak bermatzeko hipotekak eragina du hirugarrenen kontra berori inskribatzen denetik, betebeharra sortu edo baldintza betetzen bada.

Betebehar bermatua inskribatutako baldintza suntsiarazlearen menpe jartzen bada, hipotekak eragina izango du hirugarrenen kontra, Erregistroan betebeharra bete dela agerrarazten ez den bitartean.

143. artikulua. Aurreko artikuluaren lehenengo lerrokadak aipatzen duen etorkizuneko betebeharra sortzen denean edo baldintza etengarria betetzen denean, interesdunek hori agerraraz dezakete, hipoteka-inskripzioan bazterreko oharra eginez.

144. artikulua. Hirugarrenaren aurka ez du ondorerik aurretiazko hipoteka-betebehar baten eragingarritasuna aldaraz edo suntsi dezakeen edozein egitatek edo alderdien arteko hitzarmenek, hala nola, ordainketak, konpentsazioak, itxaronaldiak, ez eskatzeko itunak edo aginduak, jatorrizko kontratuaren berritzeak eta transakzio nahiz konpromisoak, baldin eta Erregistroan ez bada hori agerrarazten, inskripzio berri baten bidez, ezerezte oso edo zatikakoaren bidez edo bazterreko ohar baten bidez, kasuan-kasuan.

145. artikulua. Borondatezko hipotekak baliozkotasunez eratzeko, hurrengo betekizunok gauzatu behar dira:

1. Hipotekok eskritura publikoan eratzea.

2. Eskritura Jabetza Erregistroan inskribatzea.

146. artikulua. Kapitala urritzeko unea edozein izanda ere, hipoteka-hartzekodunak ondasun hipotekatuen aurka berreskaeraeskubidea egikari dezake, korritu muga-eguneratuak kobratzeko. Alabaina, ondasun horietan interesa duen hirugarren bat izan eta berreskaerak horri kalte egin ahal badio, berreskaera-eskubidearen bidez erreklamatutako zenbatekoa ezin da izan 114. artikuluaren arabera bermatzen dena baino handiagoa.

147. artikulua. Hipoteka-akzio errealaren bidez hartzekodunak ezin badu eskatu korritu batzuen ordainketa, orduan betebeharpekoari eska diezaioke horien ordainketa, akzio pertsonala egikarituz. Horrelakoetan, konkurtsoa izanez gero, hartzekodun hori eskritura bidezko hartzekoduna besterik ez da, 140. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

148. artikulua. Hipotekarekin kargatutako zentsua luditzean, hipoteka-hartzekodunak luditze hori egin duenari eska diezaioke, kreditu osoa ordaintzea, muga-eguneratutako eta muga-eguneratu gabeko korrituekin batera, edota hipoteka bera aintzatestea, zentsupean zegoen finkaren gain.

Azken kasu horretan, hipoteka berriro inskribatu behar da, inguruabar hori argiro adieraziz. Hipoteka horrek ondoreak sortuko ditu, aurreko inskripzioaren datatik.

149. artikulua. Hipoteka-kreditua oso-osorik zein zati batez besterendu edo laga ahal da, ondoko baldintzak betez gero: besterentzea edo lagapena eskritura publiko bidez egitea, besterentze edo lagapen hori zordunari jakinaraztea eta halakoa Erregistroan inskribatzea.

Kontratu horren ondorioz, zordunak aurretiaz zuen betebeharraren bestekoa bereganatzen du.

Lagapen-hartzailea lagatzailearen eskubide guztietan subrogatzen da.

150. artikulua. Hipoteka eratzen bada endosu bidez eskualdatzeko moduko tituluak edo eramailearentzako tituluak bermatzeko, hipoteka-eskubidea obligazioarekin edo tituluarekin batera eskualdatu dela ulertuko da, eta ez dago zertan eskualdaketa zordunari jakinarazi, ezta Erregistroan inskribatu ere.

151. artikulua. Jakinarazpena nahitaez egin behar denean, zordunari ez bazaio ematen hipoteka-kredituaren lagapenari buruzko berririk, lagatzaileak erantzukizuna du, lagapen-hartzaileak huts horren ondorioz izan ditzakeen kalteen gain.

152. artikulua. Legezko hipoteka bidez bermaturiko eskubideak edo kredituak ezin laga daitezke kredituaren zenbatekoa eskatzeko unea heltzen ez den bitartean.

153. artikulua. Hipoteka era daiteke, kreditudun kontu korronteak bermatzeko. Halakoetan, eskrituran adierazi behar dira finkaren bidez bermatzen den gehieneko kopurua, hipotekaren iraupena eta, hala denean, horren luzapena. Hipoteka luza daitekeenean, eskrituran agerrarazi behar da zeintzuk diren egin daitezkeen luzapenak eta kontua likidatzeko epea.

Kontratugileek finkatutako epe hori edo, hala denean, luzapena muga-eguneratutakoan hartzekodunak ez badu kobratu kontuko saldoa, hipoteka-akzioa erabil dezake, hipoteka bidez bermatutako zenbatekoa kobratzeko 129 eta ondorengo artikuluetan ezarritako prozeduraren bidez.

Eskriturarekin eta 131. artikuluko 3. erregelak aipatu agiriekin batera, zor den kopuruaren zenbateko likidoa egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar du hartzekodunak.

Horretarako, jarraian aipatuko den libretaren alea aurkeztu behar da, auzijartzailearen esku dagoena.

Erreklamazioa egitean horren zenbateko likidoa zehaztu ahal izateko, interesdunek ale bikoizdun libreta aurkeztuko dute: ale bat hipoteka eskuratzen duenaren esku geratuko da, eta bestea hipoteka egilesten duenaren esku. Zerbait kobratu edo ordaintzean, ale horietan agerrarazi behar dira kontu korronteko idazkun guztiak, interesdun bien onespen eta sinadurekin.

Hala ere, banku, aurrezki-kutxa eta kreditu sozietate baimenduek irekitako kontu korronteetan hauxe hitzar daiteke: exekuzio-prozedurari begira, saldoa egiazta daitekeela erakunde hartzekodunak luzaturiko ziurtagiriaren bidez.

Halakoetan, exekuzioa gauzatzeko, zordunari kontuaren laburpena jakinaraziko zaio epai edo notario bidez; bide bera erabilita, zordunak oker edo faltsutzeren bat dagoela alega dezake, hurrengo zortzi egunetan.

Zordunak okerra dagoela aipatuz gero, exekuzio-prozeduraren gaineko eskumena duen epaileak hurrengo zortzi egunen barruan alderdiei zitazioa egingo die ager daitezen, alderdietako batek hala eskatuta. Alderdi horiei entzun ostean eta aurkeztutako agiriak onartu eta gero, epaileak bidezko deritzona erabakiko du hurrengo hiru egunetan.

Epaileak emandako autoaren kontra, gorajotze-errekurtsoa jar daiteke, ondore bakarrarekin; errekurtso hori intzidenteen kontra gorajotzeari buruzko izapideen bidez gauzatuko da.

Faltsutzea alegatu eta auzi kriminala hasten denetan, prozedura geldiaraziko da, harik eta auzi horretan epai irmoa zein largespen askea edo behin-behinekoa ezartzen duen autoa eman arte.

Zordunak halako salbuespenen bat erabiltzen badu, gero ezingo ditu horiek berriro erabili saldo hori gauzatzeko has daitezkeen hurrengo exekuzio-epaiketetan; hori gorabehera, zordunak akzio egokiak egikari ditzake bihar-etzi, kasuan kasuko prozedura zibil edo kriminaletan.

154. artikulua. Eramailearentzako tituluak edo endosu bidez eskualda daitezkeen tituluak bermatzeko hipotekak, eskritura publiko bidez eratu behar dira. Ondasun hipotekatuak zein Jabetza Erregistrotan edo erregistroetan inskribatu eta hartan edo haietan inskribatu behar da eskritura hori, edota herri-lana non hasi eta bertako Erregistroan, hipoteka-bermea mota horretakoa denean. Kasu horretan, herri-lanak gurutzatzen duen lurraldeko erregistroetan hipotekari buruzko aipamen laburra egingo da, horietan agertu behar den jabari-inskripzioaren jarraian.

Eskritura horretan ondokoa agerrarazi behar da: hipotekaren eraketari buruzko inguruabarrak; jaulkitako eta hipoteka bidez bermaturiko obligazioen zenbatekoari eta balioari buruzko inguruabarrak; horien seriea edo serieak; jaulkipen data edo datak; obligaziook amortizatzeko epea eta modua; horiek jaulkitzeko baimena, beharrezkoa denetan; eta titulu horien baldintzak zehazteko balio duten gainerako inguruabarrak. Titulu horiek taloitegiak izan behar dira, eta eramailearentzakoak izanez gero, beren beregi agerraraziko da, hipoteka eratzen dela obligazioen egungo edo bihar-etziko ukandunen alde.

Edu berean, tituluetan agerrarazi behar da eskritura egiletsi duen notarioa, eskritura horren data, zenbakia, folioa, liburua eta Jabetza Erregistro egokietan eginiko inskrizpioen data, baita, hala behar denean, Merkataritzako Erregistroan egindako inskripzioarena ere, Merkataritza Kodearen 21. artikuluaren 10. zenbakian xedatutakoaren ariora.

155. artikulua. Titulu izendunek zein eramailearentzakoek eratorritako hipoteka-akzioa gauzatzeko prozedura da lege honen 129. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoa, erreklamatzen den zenbatekoa edozein izanda ere.

Titulu eta obligazioekin batera ziurtagiri bat aurkeztu behar da, hipoteka Jabetza Erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko. Zordunari edo hirugarren edukitzaileari, halakorik izanez gero, ordainketa-errekerimendua euren egoitzan egin behar zaie, nahiz eta epaiketa gauzatzen den tokitik kanpo bizi; modu subsidiarioan, errekerimendua legearen 131. artikuluan aipatu pertsonei egin dakieke.

Exekuzioaren onarritzat balio duten tituluen antzekoak izanez gero, prozedurapeko finken enkantea eta salmenta egin behar da, titulu horien zenbateko osoari dagozkion hipotekak euren horretan utzita. Errematearen prezioa hipotekok ordaindu edo azkentzeko erabili beharrean, ulertuko da errematatzaileak horiek onartzen dituela eta horietan subrogatzen dela, lege honen 131 eta 135. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Prozedura Zibilaren Legeko 1517 artikuluak horren gain ezarritakoa indarrik gabe utzita.

Artikulu honetan xedatutakoa ezin aplika dakieke trenbideen eta herri-lanen gainerako konpainiek jaulkitako obligazioei, ezta lurraldeetako kreditu-erakundeek jaulkitakoei ere. Obligazio horiei Merkataritza Kodea eta euren inguruko xedapen bereziak aplikatuko zaizkie.

156. artikulua. Endosu bidez eskualda daitezkeen tituluak bermatzeko hipoteka-inskripzioa ezereztu ahal da. Horretarako bideak hauexek dira: kredituak kobratu dituztenek egiletsitako eskritura aurkeztea, eskritura horretan agerraraziz endosatzeko moduko tituluok baliorik gabe utzi direla egilespen egintzan; interesdunek eta zordunak sinaturiko eskabidea aurkeztea, baliogabeko tituluekin batera; edota tituluen zenbatekoa eskaini eta zainpean uztea, Kode Zibilaren 1176. artikuluan eta ondorengoetan ezarritako kasuetan nahiz baldintzekin.

Eramailearentzako tituluak bermatzeko eratu diren hipoteken inskripzioak oso-osorik ezereztu ahal dira, baldin eta notario-aktaren bitartez agerrarazten bada, behar bezala baliogabetutako tituluen jaulkipen osoa bilduta eta zordunaren esku dagoela.

Gisa bertsuan, inskripzio horren ezerezte osoa egin daiteke, baldin eta jaulkitako tituluen hiru laurdenak aurkezten badira gutxienez, eta gainerakoak ordainduko direla ziurtatzen bada, horien zenbatekoa gehi korrituak horretarako establezimendu publikoaren zaintzapean utzita.

Kasu horretan, ezereztea epai bidez egin behar da, behin horren kontra egiteko eskubidea izan dezaketenei bi dei egindakoan, deiok «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratuz, bakoitza bi hilabeteko epean.

Halaber, hipotekok zati batez ezereztu ahal dira, baldin eta, obligazio batzuk bilduta, zordunaren esku eta behar bezala baliogabeturik daudela ziurtatzen duen notario-akta aurkezten bada; obligazio horien balioa izan behar da azkendu nahi den hipoteka zatiaren bestekoa, betiere jaulkipen osoaren hamarrena gaindituz, gutxienez.

Kasu horretan, finka hipotekatuak bat baino gehiago izanez gero, aukera hirukoitza dago: finka baten edo batzuen hipoteka-inskripzioak oso-osorik ezereztea, horien erantzukizuna bildutako obligazioen bestekoa denean; finka guztiak lainean askatzea; edota finkok proportzioz azkentzea, bakoitzaren erantzukizuna kontuan hartuta.

Edu berean, hipoteka zati batez ezereztu ahal da, finka zehatz baten gaineko hipotekaren besteko obligazioak bilduta, zordunaren esku eta behar bezala baliogabeturik daudela ziurtatzen duen notario-akta aurkezten bada, nahiz eta obligazio horien zenbatekoa jaulkipen osoaren hamarrena baino txikiagoa izan.

Halakoetan, askatu nahi den finkaren gaineko hipoteka-inskripzioa bakarrik ken daiteke.

Eramailearentzako tituluak edo endosu bidez eskualda daitezkeen tituluak bermatzeko hipotekak oso-osorik ezereztu ahal dira, baldin eta erakunde jaulkitzaileak adierazten badu tituluok ez direla zirkulazioan jarri; horrez gain, adierazpen hori kontabilitate-ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar du, obligazio horien balioa ez dela kutxan sartu zehaztuz; halaber, iragarkiak argitaratu behar ditu, dela finkak zein probintziatan kokaturik egon eta bertako Aldizkari Ofizialean, dela toki horretako egunkarian, halakorik egonez gero, dela erakunde horren egoitzan bertan, horretara jendeak jakin dezan, erakunde horrek ezereztea eskatzeko asmoa duela.

Lege baten arabera, edo jaulkipen eskrituran ezarritakoaren ondorioz obligaziodunen partzuergo, elkarte edo sindikatuak eratu badira, eta horiek ezereztea gauzatzeko ahalmenik badute, ezerezte hori egin daiteke. Horretarako, zirkulaziopeko tituluen hiru laurdenak ordezkatzen dituzten ukandunek onetsi behar dute erabaki hori.

157. artikulua. Hipoteka era daiteke, errentak eta aldizkako prestazioak bermatzeko.

Hipoteka horren inskripzioan, errentak edo prestazioak eratzeko egintza nahiz kontratua agerrarazi behar da, baita horiek ordaintzeko epea, modua edo forma ere.

Errenta zein prestazio horien hartzekodunak hipoteka exekuta dezake, lege honen 129. artikuluan eta ondorengoetan arauturiko prozedura laburtuaren bidez.

Hipoteka horrekin kargaturiko ondasunen errematatzaileak hipotekarekin batera eskuratzen ditu ondasunok eta, pentsio zein prestazioak muga-eguneratu arte, horiek ordaindu behar ditu.

Hirugarrenei dagokienez, hipotekak ondore berberak sortzen ditu. Dena den, muga-eguneraturik egon baina ordaintzeke dauden errentek edo pentsioek ezin dute kalterik eragin, lege honen 114. artikuluan eta 115. artikuluaren lehenengo eta bigarren lerrokadetan zehazturiko moduan izan ezik.

Kontrako itunik izan ezean, azken pentsioa edo prestazioa erregistro edukiaren arabera ordaindu behar zenetik sei hilabete igaro badira, ondasun higiezinaren titularrak hipotekaren ezereztea eska dezake, salbu eta idazkunen batean agerrarazi denean kontratua aldarazi dela, edo zordunari pentsio zein prestazio horien ordainketa erreklamatu zaiola.

3. ATALA Legezko hipotekak

158. artikulua. Legezko hipotekak dira legeek beren beregi izaera horrekin onartutakoak bakarrik.

Legeak pertsona batzuen mesederako halako hipoteka aintzatesten badu, pertsona horiek euren eskubidea bermatzeko moduko hipoteka berezi eta nahikoa era dadin bakarrik eska dezakete.

159. artikulua. Legezko hipotekak baliozkotasunez eratzeko, horien eraketa-titulua Erregistroan inskribatu behar da.

160. artikulua. Legezko hipotekaren eraketa eskatzeko ahalmena dutenek hala egin dezakete edozein alditan, eta hipoteka eratzera behartuta dagoenak xeda dezakeen edozein ondasun higiezin edo eskubide errealen gain, nahiz eta berori eragin duen arrazoia, hots, ezkontza, tutoretza, guraso-ahala edota administrazioa, amaituta egon. Horretarako baldintza bakarra da ziurtatu beharreko betebeharra betetzeke egotea.

161. artikulua. Inskripzioa egiten denetik, borondatezko hipotekak sortzen dituen ondore berberak sortzen ditu legezko hipotekak, lege honetan ezarritako ñabardura batzuk gorabehera; horretan, ez da kontuan hartzen nork egikaritu behar dituen hipotekak emandako eskubideak.

162. artikulua. Legezko hipotekaren bat eratzeko ondasun batzuk eskaini eta interesdunak ez badira ados jartzen 119. artikuluaren arabera ondasun horietako bakoitzak jasan beharreko erantzukizun zatiari buruz, epaile edo auzitegiak erabakiko du arazoa, behin adituen irizpena izan eta gero.

Gisa bertsuan, interesdunen artean arazoak sortzen badira legezko hipoteka eratzeko eskaintzen diren ondasunak nahikoak diren ala ez zehaztean, epaile edo auzitegiak erabakiko ditu arazook.

163. artikulua. Inskribatutako legezko hipotekak nahikoak ez badira, hipoteka horiek zabaltzea erreklamatu ahal dute edo erreklamatu behar dute, legearen arabera zabaltze hori eskatzeko eskubidea edo betebeharra dutenek hurrenez hurren, bai eta hipoteka horiek nahikoak diren ala ez kalifikatzeko eskubidea dutenek ere.

164. artikulua. Hipotekak zein eskubideren ziurtasunari begira eratu eta, eskubide horiek azkentzen ez diren bitartean, haiek indarrean iraungo dute. Hipotekok borondatezko hipotekak bezala ezereztuko dira.

165. artikulua. Legezko hipoteka oro epai bidez eta alderdiak hala eskatuta eratu edo zabaltzeko, hurrengo erregelok bete behar dira:

1. Hipotekaren eraketa eskatzeko eskubidea duenak idazkia aurkeztu behar du horretarako betebeharra duenaren egoitzako epaitegi edo auzitegian, hipotekaren zenbatekoa zehaztuz eta horren bidez karga daitezkeen ondasunak aipatuz edo, gutxienez, betebeharpeko horren ondasunak zein erregistrotan agerrarazi eta erregistro hori aipatuz.

2. Idazki horrekin batera, legezko hipoteka-eskubidea sorrarazten duen titulua edo agiriak aurkeztu behar dira, bai eta demandatuaren ondasun hipotekatu guztiak agerrarazten dituen ziurtagiria ere, erregistratzaileak luzatuta, hori ahalezkoa izanez gero.

3. Agiri horiek guztiak ikusita, epaile edo auzitegiak aginduko du hipoteka eratzeko interesa duten guztiak beraren aurrean agertzea, ahal izanez gero, hipoteka hori gauzatzeko moduari buruz bat etor daitezen.

4. Interesdunak bat etortzen badira, epaile edo auzitegiak aginduko du hipoteka hitzartutakoaren arabera eratzea.

5. Interesdunok ez badatoz bat hipoteka eratzeko betebeharraren inguruan, bermatu beharreko kopuruari buruz, edota eskainitako hipoteka nahiko den ala ez zehaztean, demanda idazkia igorri behar zaio demandatuari, eta Prozedura Zibilaren Legean intzidenteetarako ezarritako izapideen arabera gauzatuko da epaiketa.

166. artikulua. Epaile edo auzitegiak ofizioz jardun behar duenean legezko hipoteka era dadin eskatzeko, erregistratzaileari aginduko dio aurreko artikuluaren bigarren erregelan aipatzen den ziurtagiria bidal diezaion; ziurtagiri hori ikusita, epaile edo auzitegiak hipoteka eratzeko betebeharra duenari bertan agertzea aginduko dio, eta horri nahiz Fiskaltzari entzun eta gero, ezarritako izapideen arabera gauzatuko da epaiketa.

167. artikulua. Aurreko bi artikuluetan xedatutakoak ezin die kalterik egin erreserbatzeko moduko ondasunen gaineko hipotekei eta tutoreen fidantzari buruzko erregelei; edu berean, estatuaren, probintzien edo herrien izenean eratutako lege hipoteken kasuan, administrazio-erregelamenduek hipotekok gauzatzeko beste prozedurarik ezartzen ez dutenean bakarrik aplikatzen dira bi artikulu horiek.

168. artikulua. Ondokoek eska dezakete legezko hipotekaren eraketa:

1. Emakume ezkonduek, euren senarren ondasunen gain:

a) Senarrari, solemnitateaz eta notarioak fede emanez, eman zaizkion ezkonsariak bermatzeko.

b) Emazteak, goian aipaturiko solemnitateaz, senarrari eman dizkion ondasun parafernalak bermatzeko.

c) Legeak ezarritako mugen barruan, senarrek euren emazteei agindu dizkieten dohaintzak bermatzeko.

d) Emakumeek ezkontzara ekarri eta euren senarrei lehen aipatutako solemnitateaz emandako beste edozein ondasun bermatzeko.

2. Erreserba-hartzaileek, erreserbagileek dituzten ondasunen gain, Kode Zibilaren 811, 968 eta 980. artikuluek adierazitako kasuetan eta lege edo foru berezietan jasotako beste edozein kasutan.

3. Guraso-ahalpeko seme-alabek, gurasoen ondasunen gain, bigarrenez ezkondu den gurasoak administratu edo gozatzen dituen ondasunengatik, horiek seme-alaben jabetzapekoak badira.

4. Adingabeek zein ezgaituek, euren tutoreen ondasunen gain, tutore horiek administratzen dituzten ondasunengatik eta administrazio horrek ondoriozta dezakeen erantzukizunagatik, tutoreek Kode Zibilak ezarri eta baimenduriko beste berme mota bat ematen dutenean izan ezik.

5. Estatuak, probintziek eta herriek, horiekin kontratatzen dutenen edo horien interesak administratzen dituztenen ondasunen gain, lege nahiz erregelamenduetan ezarritakoaren ariora horiek hartutako erantzukizunak bermatzeko.

6. Estatuak, zergadunen ondasunen gain, lege honek adierazitako kasuetan, 194. artikuluak horren alde ezarritako lehenespena bazter utzi gabe.

7. Aseguratzaileek, asegurudunen ondasunen gain, 196. artikuluan zehazturiko kasuan eta lege honek agindutako beste edozein kasutan ere.

LEHENENGO AZPIATALA Ezkonsari-hipoteka

169. artikulua. Lege honek emakume ezkonduaren aldeko legezko hipoteka aintzatesten duenetan, emakume horrek honako eskubide hauek ditu:

1. Senarrak bere izenean eta emaztearen alde inskribatu behar ditu ezkonsari zenbatetsi gisa jasotzen dituen ondasun higiezin eta eskubide errealak, edota horien zenbatekoa itzuliko dela bermatzeko ondasunak.

2. Senarrak zenbatetsi gabe eta itzultzekotan jasotzen dituen gainerako ondasun higiezin zein eskubide erreal guztiak Erregistroan inskribatu behar dira emaztearen izenean, baldin eta aldez aurretik ezkonsari moduan, ondasun parafernal gisa, edo bestelako kontzeptu batean inskribatu ez badira.

3. Senarrak hipoteka berezi eta nahikoaren bitartez bermatu behar ditu ezkontzaren ondorioz jasotako gainerako ondasun guztiak, aurreko lerrokadetara bildu ez badira.

170. artikulua. Senarrak aitortutako ezkonsariak betebehar pertsonalen ondoreak bakarrik sortuko ditu, ez bada inon adierazi ezkonsari hori eman dela edo adierazpen hori agiri pribatuaren bidez egin bada.

Hala ere, ezkontza egin aurretik edo ezkontza egin eta urtebete igaro baino lehen, senarrak ezkonsaria jaso duela aitortzen badu emaztearen alde, horrek edozein unetan eska diezaioke senarrari ezkonsari hori hipoteka bidez berma diezaion; horretarako, epai bidez agerrarazi behar da ezkonsariko ondasunak edo horien antzekoak izan badirela erreklamazioa egitean.

171. artikulua. Erregistratzaileak senarraren izenean inskribatu baditu zenbatetsitako ezkonsariko ondasunak, orduan ofizioz egingo du hipoteka-inskripzioa emaztearen alde, salbu eta emazteak uko egin dionean bere eskubideari, edota hipoteka bestelako ondasunen gain eratu denean.

Lehenengo inskripzioa egiteko aurkeztu den titulua askieza bada bigarrena egiteko, orduan bi-biak eten egingo dira, bakoitzari buruzko aurreneurrizko idatzohar egokia egin ondoren.

172. artikulua. Senarrak emaztearen alde eratutako legezko hipotekak bermatzen du ziurtatutako ondasun nahiz eskubideak itzuliko direla, itzulketa hori bidezkoa denean legeek ezarritakoaren arabera eta horiek xedatutako mugekin. Zuzenbidearen araberako arrazoiren baten ondorioz, senarrak itzulketa egiteko betebeharrik ez badu, hipoteka horrek ez du ezelako ondorerik sortuko, eta berori ezereztuko da.

173. artikulua. Ezkonsari zenbatetsiaren ondorioz bermatu beharreko zenbatekoa ez da sekula izango zenbatespenaren balioa baino handiagoa; ezkonsariaren zenbatekoa urritu behar bada zuzenbideak ahalbidetzen duen kopurutik gorakoa izateagatik, hipoteka ere proportzio berean urritu behar da, behin zatikako ezerezte egokia egin eta gero.

174. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko ezkonsari zenbatetsigabea eratzen denetan, ondasunok zenbatetsi behar dira, itzulketa egin behar denean ondasunok euren horretan ez badiraute, hipotekak zein kopuru bermatu behar duen jakiteko; hori gorabehera, ezkonsaria zenbatetsigabea izango da gero ere, izaera hori eman bazaio ezkonsari eskrituran.

175. artikulua. Ezkontzaren ondoriozko dohaintzak bermatzeko hipoteka eratu behar da, senarrak dohaintzok eskaintzen dituenean ezkonsaria zabaltzeko bakarrik.

Ondasunak halako asmorik gabe eskaintzen badira, dohaintzok betebehar pertsonala bakarrik ekarriko dute, eta senarrak aukeratuko du horiek hipoteka bidez bermatzea ala ez.

176. artikulua. Hurrengo kasuan bakarrik behar daiteke senarra emaztearen ondasun higigarri parafernalen gaineko hipoteka eratzera: ondasunok beraren administraziopean jartzen direnean, eskritura publikoaren bidez eta notarioak horren gainean fede emanda.

Hipoteka hori eratzeko, ondasunok zenbatetsi behar dira, edota hipoteka eskatzeko ahalmena nahiz hipoteka nahiko den ala ez kalifikatzeko ahalmena duenak zehaztu behar du haren balioa.

177. artikulua. 168. artikuluko lehenengo zenbakiaren azken lerrokadaren ondoreetarako, ezkontzara ekarritako ondasuntzat hartzen dira, tokiko foru edo usadioen arabera emazteak edozein izaerarekin ezkontza-sozietatera dakartzanak, baldin eta ondasunok senarrari ematen bazaizkio eskritura publikoaren bidez eta notario-fedearen menpe; senarrak ondasunak administra ditzake, dela salmentarako zenbatespena eginda, dela ondasunok artatu eta ezkontza desegitean itzultzeko betebeharrarekin.

Aurreko lerrokadak aipatzen dituen ondasunen ematea senarrak eginiko aitorpenaren bidez bakarrik agerrarazi denean, ezkonsari hipoteka 170. artikuluko kasuetan nahiz baldintzekin era daiteke.

178. artikulua. Emakume ezkondu eta adin nagusikoak bakarrik eska dezake 169. artikuluak aipatzen duen hipoteka eratu eta ondasunak inskribatzea.

Emakumea oraindik ezkondu ez bada, edo ezkondu arren adingabea bada, orduan horren aitak, amak edota bermatu beharreko ezkonsaria nahiz ondasunak eman dituenak egikaritu behar du eskubidea haren izenean; pertsona horrek kalifikatu behar du eratu den hipoteka nahiko den ala ez.

179. artikulua. Aurreko artikuluan aipaturiko pertsonetarik inor izan ezean, eta emakumea adingabea edo ezkongabea izanik, eskubide horiek gauza daitezen eskatu behar du tutoreak, protutoreak, Familia-kontseiluak zein kontseilu horretako mahaikideren batek, eta horiek halakorik eskatu ezean, Fiskaltzak ofizioz zein alderdiek hala eskatuta aginduko du senarra hipoteka eratzera behartzea.

Udal zein eskualdeko epaileek ere Fiskaltzaren jarduna bultzatzeko betebehar berbera dute, aurreko lerrokadan xedadutakoa bete dezan horrek.

180. artikulua. Senarrak ez badu 169. artikuluko hirugarren zenbakiak aipatzen dituen ondasunetatik bat ere, hipoteka eratzeko, horrek eskuratzen dituen lehendabiziko ondasun higiezin nahiz eskubide errealen gain eratu behar du hipoteka hori; dena den, betebehar horrek hirugarrenei ez die kalterik egingo, hipoteka inskribatzen ez den bitartean.

181. artikulua. Ezkonsariko ondasunak betiereko errenta edo pentsioak izanik horiek besterentzen direnean, hipoteka eratu behar da euren itzulketa bermatzeko; hipoteka horren balioa izango da errenta edo pentsiook ordezkatzen duten kapital zenbatekoaren bestekoa, lege-korrituaren arabera kapitalizatuta.

Aurreko lerrokadan aipatu pentsioak aldi baterakoak badira, edota ezkontza desegindakoan horiek euren horretan iraun ahal badute edo iraun behar badute, orduan ezkontideek hitzarturiko zenbatekoaren besteko hipoteka eratuko da, eta hitzarmenik izan ezean, epaile edo auzitegiek finkatutako zenbatekoaren bestekoa.

182. artikulua. Lege honetan ezkonsari hipotekaren inguruan ezarritako xedapenek ez dituzte aldatzen Merkataritza Kodearen 880, 881 eta 909. artikuluetan jasotakoak.

183. artikulua. Emazteak bere ezkonsariari lotutako ondasunak besterendu edo kargatzeari adostasuna idatziz eman dionetik, bidezko deritzonean eska dezake beraren hipoteka senarraren beste ondasun batzuen gain subrogatzea; emazteak subrogazio bera eska dezake, adostasun hura emateko aurretiazko baldintza gisa.

Emaztea 178. artikuluko kasuan izanez gero, horren izenean eskubide berbera egikari dezakete artikulu horretan eta hurrengoan izendatutako pertsonek.

2. AZPIATALA Erreserbatu beharreko ondasunen ondoriozko hipoteka

184. artikulua. Bigarrenez ezkontzeagatik ondasun jakin batzuk erreserbatu behar dituen alargunak edo alarguntsak erreserbapeko ondasun guztien inbentarioa egin behar du, epailearen esku-hartzearekin; halaber, ondasunok inskribatu behar ditu, jadanik inskribatuta ez badaude eta, betiere, ondasunok erreserbatu beharrekoak direla Erregistroan agerrarazteaz gain, ondasun higigarriak tasatu eta Kode Zibilaren 978. artikuluak ezartzen dituen itzulketak bermatu beharko ditu, hipoteka berezi eta nahikoaren bidez.

Betebehar berberak ditu, dela alargunak Kode Zibilaren 980. artikuluko kasuan, dela erreserbagileak lege-testu horren 811. artikuluaren kasuan, artikuluok eurei aplikatzen zaizkien neurrian.

185. artikulua. Erreserba-hartzaileak ziurrak eta adin nagusikoak direnetan, eurek bakarrik eska dezakete aurreko artikuluan jasotako betebeharrak betetzea; adingabeak edo ezgaituak izanez gero, horien lege ordezkaritza duten pertsonek eskatuko dute betetze hori haien izenean.

Kasu batean zein bestean, erreserbagilearen eta erreserba-hartzaileen nahiz horien ordezkarien artean egiletsitako eskritura publikoa kasuan-kasuan titulu askietsia izango da, bai inskripzioa egiteko, bai eta idazkun egokian ondasunok erreserbatu beharrekoak direla agerrarazteko ere.

186. artikulua. Erreserbagileak erreserba-hartzaileen zein horien ordezkarien parte-hartzerik gabe ere Erregistroan agerraraz dezake ondasun higiezinak erreserbatu beharrekoak direla, edota hipoteka berezi eta nahikoa era dezake, legeak ezarritako itzulketak bermatzeko. Horretarako, epaile eskudunarengana jo eta Hipoteka Erregelamenduan zehaztutako izapideak bete beharko ditu.

187. artikulua. Erreserba betebeharra sortu denetik ehun eta laurogei egun igaro ostean, oraindik erreserbagileak ez badu bete aurreko artikuluetan ezarritakoa, hurrengoek eska ditzakete artikuluotan erreserba-hartzaileentzat aintzatetsitako eskubideak: erreserba-hartzaile horien ahaideek, horien ahaidetasun gradua edozein izanda ere; aurrez hildakoaren ezkontideak; eta, halakorik izan ezean, Fiskaltzak.

Pertsona horietako bi edo gehiago agertuz gero uzi berberarekin, erreklamazioa aurretiaz egin duenak izango du lehentasuna.

Kasu horretan, hipoteka lege honen 165. artikuluaren arabera eratuko da.

188. artikulua. Aurreko bi artikuluek aipatu kasuetako epaile edo auzitegiak bere erantzukizunpean zaindu behar du Erregistroan idazkun egokiak egin direla.

189. artikulua. Erreserbagileak ez badu hipotekatzeko moduko ondasunik, 186. artikuluan ezarritako espedientea instruituko da, helburu bakarrarekin: erreserba eta horren zenbatekoa agerraraztea.

Halakoetan emandako probidentziak alde horien inguruan adierazi beharrekoa bakarrik adieraziko du, bai eta erreserbagileak duen betebeharra ere, lehendabizi eskuratzen dituen ondasunak hipotekatzeko.

3. AZPIATALA Guraso-ahalpekoen ondasunen ondoriozko hipoteka

190. artikulua. 168. artikuluak legezko hipoteka aintzatesten du seme-alaba batzuen mesederako, eta seme-alaba horiek hurrengo eskubideok dituzte:

1. Euren ondasunak euren izenean inskribatzeko eskubidea, baldin eta oraindik inskribatzeke badaude.

2. Aitak edo, hala denean, amak hipotekatzeko moduko ondasunak izanez gero, seme-alaben ondasun higiezinak ez diren guztiak hipoteka bidez bermatzeko eskubidea.

Aitaren edo amaren ondasun higiezinak nahikoak izan ez arren, hipoteka horien gain eratuko da, eta, beharrezkoa denetan, gerogarrenean eskuratzen dituzten ondasunei zabalduko zaie hipoteka hori.

191. artikulua. Seme-alaben izenean, ondokoek eska dezakete aurreko artikuluan adierazitako eskubideak gauzatzea:

1. Ondasunak norengandik etorri, eta pertsona horiek.

2. Pertsona horien jaraunsle nahiz albazeek.

3. Adingabearen aurrekoek.

4. Fiskaltzak, halako pertsonarik izan ezean.

4. AZPIATALA Tutoretzaren ondoriozko hipoteka

192. artikulua. 168. artikuluaren laugarren zenbakiaren ariora tutoreek eman beharreko hipoteka-fidantza Kode Zibilaren 252.etik 260.erako artikuluek arautzen dute, ondoko atalei dagokienez: fidantzaren zenbateko, kalifikazio, urripen zein gehikuntzari, inskripzioa eska dezaketen pertsonei, hipotekak bermatu beharreko erantzukizunei, edota hipoteka hori eratzeko betebeharretik aske geratzen diren tutoreei dagokienez.

Hipoteka-fidantza hori oso-osorik ezerezteko, tutoreak bere kudeaketaren ondoriozko erantzukizun guztiak azkendu behar ditu tutoretzaren kontuak onetsi eta gero, kasu batean izan ezik: hipoteka horren ordez, beste hipotekanahiz pignorazio-fidantza bat eratu denean, Familia-kontseiluaren erabaki betearazlearen bitartez.

5. AZPIATALA Gainerako legezko hipotekak

193. artikulua. Kasuan kasuko agintariak agindu behar du hipoteka bereziak eratzea, hala funts publikoak erabiltzen dituzten pertsonen ondasunen gain, nola estatuarekin, probintziekin eta herriekin kontratatzen dutenen ondasunen gain, betiere, administrazio-erregelamenduek ezarritako kasuetan eta moduan.

194. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko kontribuzio edo zergen urteko bakoitza eta muga-eguneratuta baina ordaintzeke dagoen aurreko urtekoa kobratzeko, estatuak, probintziek zein herriek lehentasuna izango dute beste edozein hartzekodunen eta hirugarren eskuratzailearen gain, horiek euren eskubideak Erregistroan inskribatu badituzte ere.

Aurreko lerrokadaren ondoreetarako, muga-eguneratutako urtekotzat hartzen da ekitaldi ekonomiko baten aurreko lau hiruhilekoek osaturikoa, zerga ordaintzeko betebeharraren data nahiz aldizkakotasuna edozein izanda ere.

Bi urteko horien batuketari dagokiona baino zenbateko handiagoaren gain lehentasun bera izateko, estatuak, probintziek zein herriek eska dezakete hipoteka berezia eratzea, administrazio-erregelamenduek ezarritakoaren ariora.

Hipoteka horrek ondoreak sortuko ditu, inskribatzen denetik.

195. artikulua. Ondasun higiezinen aseguratzaileak eska dezake hipoteka berezia eratzea, aseguratutako ondasunen gain, baldin eta ondasunon ugazabak ez baditu ordaindu bi urte edo gehiagoko primak edota, aseguru mutuoen kasuan, ez baditu ordaindu dibidendu pasiboetarik azken biak edo gehiago.

196. artikulua. Aseguratzailearen kredituak lehentasuna du gainerako kredituen gain, bi urteko primak edo azken bi dibidenduak sortzen ez diren bitartean.

197. artikulua. Aurreko bi artikuluek aipatutako dibidendu edo urteko biak sortu eta ordaintzen ez diren bitartean, zor den zenbateko osoaren gain eratu behar da hipoteka, eta inskripzioa eragingarria izango da horren dataz geroztik.

VI. TITULUA ERREGISTROA ETA ERREALITATE JURIDIKOA BAT ETORTZEA

198. artikulua. Erregistroa eta Erregistrotik at dagoen errealitate juridikoa bateratzeko, bide hauek erabil daitezke, kasuan-kasuan: inoren izenean inskribatu gabeko finkak lehenengo aldiz inskribatzea, geldiarazitako segidako traktua berriro hastea, edota zama nahiz kargetatik askatzeko espedientea gauzatzea.

199. artikulua. Inoren izenean inskribaturik ez dauden finkak immatrikulatzeko erak ondokoak dira:

a) Jabari-espedientea.

b) Finkaren jabetza eskuratzeko titulu publikoa; titulu hori nabaritasun-aktarekin osatu behar da, sinesgarriro egiaztatzen ez denean eskualdatzailearen edo besterentzailearen titulu eskuratzailea.

c) 206. artikuluak aipatzen duen ziurtagiria, baina artikulu horretan zehaztutako kasuetan bakarrik.

200. artikulua. Geldiarazitako segidako traktua berriro has daiteke, nabaritasun-akta nahiz jabari-espedientearen bidez.

Bide horietarik edozein nahiz 205. artikuluan baimendutakoa erabiliz, inskribatutako finken luze-zabal handiagoa agerraraz daiteke Erregistroan.

201. artikulua. Jabari-espedientean hurrengo erregelen araberako izapideak egingo dira:

1. Horren objektu den finkaren edo finken balioa edozein izanda ere, epaile eskuduna izango da finkaren zatirik handiena non egon eta barruti horretako lehen auzialdiko epailea.

2. Espedientea idazki batekin hasiko da, eta, horrekin batera, hurrengo agiriak aurkeztu behar dira: Lurzatien Katastro Topografikoan finka horrek duen egungo egoera egiaztatzen duen ziurtagiria eta, halakorik izan ezean, Katastro Aurrerapenean, Erregistro Fiskalean zein Amilaramenduan finka horrek duen egoerari buruzkoa, baita Jabetza Erregistroak luzaturiko ziurtagiria ere. Ziurtagiri horretan hauxe agerrarazi behar da:

a) Immatrikulatu nahi den finkaren inskripzio-eza, hala denean.

b) Finkaren luze-zabala zuzendu nahi denetan, finka horren egungo deskripzioa eta horren gaineko jabariaren azken inskripzioa.

c) Jabariaren zein eskubide errealen segidako traktua geldiarazita egonda hori berriro hasi nahi denean, jabariaren azkeneko inskripzioa eta indarrean dauden gainerako idazkun guztiak, horiek edozein motatakoak izanik ere.

Aurreko lerrokadaren a) eta c) kasuetan, eskatzailearen eskubidea egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu behar dira, halakoak izatekotan, eta, betiere, agiriok egokiak direnean idazkian eginiko eskaera justifikatzeko.

3. Epaitegiak Fiskaltzari bidali behar dio idazkia eta ondokoei egingo die zitazioa: Erregistroko ziurtagiriaren arabera, finkaren gain eskubide errealen bat dutenei; eskubidearen kausatzaileari edo berorren kausadunei, horiek ezagunak izanez gero; eta katastroan zein amilaramenduan finka noren izenean egon, eta pertsona horri; epaileak pertsona ezezagunei ere dei egin behar die ediktuen bidez, baldin eta eskatzen den inskripzioak kalte egin ahal badie.

Finka zein udalerritan egon eta bertako udaletxe nahiz udal epaitegiko iragarki-oholetan jarriko dira ediktuok, zitazioa egin edota ediktuak argitaratu eta hurrengo hamar egunetan pertsona horiek epaitegian ager daitezen, euren eskubideei begira on izango litzatekeena alegatzeko.

Halaber, ediktuok probintziako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira, baldin eta espedienteko finkaren edo finken balio osoa 25 000 pezetatik gorakoa bada; balio hori 50 000 pezetatik gorakoa izanez gero, probintzian zabalkunderik handiena duten egunkarietatik batean ere argitaratu behar dira ediktuok.

Bigarren erregelaren a) eta b) kasuetan, lur mugakideen jabeei egingo zaie zitazioa, eta erregela bereko a) eta c) kasuetan, finkaren egitezko jabeari, finka hori landa-finka izanez gero, eta atezainari edo, halakorik izan ezean, maizterretatik bati, hiri-finka izanez gero.

4. Epe hori igaro ostean, auzi-jartzaileak eta epaiketan agertu diren interesdun guztiek euren eskubideak justifikatzeko egokiak deritzeten frogak proposa ditzakete, sei eguneko epean.

5. Frogak onartu eta hurrengo hamar egunetan egin behar dira. Jarraian, beste hamar egunetako epean, epaileak entzungo du Fiskaltzak eta espedientean agertutakoek idatziz jasotakoa, aurkeztu diren erreklamazio eta frogen inguruan; horiek alegatzen dutenaren arabera eta frogak zentzuzko kritikaren ariora kalifikatuz, epaileak autoa eman behar du bost egunen buruan, jatorrizko idazkian eskatzen zena justifikatuta dagoen ala ez adieraziz.

Auto horren kontra gorajotze-errekurtsoa jar dezake Fiskaltzak edo interesdunetatik edozeinek, ondore bikoitzarekin. Errekurtso hori gauzatzeko, Prozedura Zibilaren Legeak intzidenteetarako ezarritako izapideak bete behar dira.

6. Behin autoari adostasuna edo baieztapena emandakoan, eskatu den inskripziorako titulu askietsia izango da auto hori, hala behar denetan.

7. Espedientean jasotako finka edo finken balio osoa 5 000 pezetatik beherakoa denean, bosgarren erregelak aipatzen duen entzunaldia ahoz gauzatuko da.

202. artikulua. Espedientean aurreko artikuluaren araberako izapideak egin direnean espediente hori inskriba daiteke, nahiz eta Erregistroan kontraesaneko inskripzioak agertu; horretarako, beharrezkoa da agertzen diren inskripzioek hogeita hamar urtetik gorako antzinatasuna izatea, eta euren titularrari zitazioa behar bezala egin eta gero, pertsona hori ez jartzea espedientearen aurka.

Kontraesaneko inskripzioek hogeita hamar urte baino gutxiago izan arren, autoa Erregistroan inskriba daiteke, espedientean entzun bazaio inskripzio horren titular moduan agertzen denari edo entzun bazaie beraren kausadunei.

Hogeita hamar urtetik beherako antzinatasuna duen kontraesaneko idazkunaren titularra edo horren kausadunak ez badira agertzen espedientean, horiei zitazioa gutxienez hiru aldiz egin eta gero —horietako bat, behintzat, modu pertsonalean—, ulertuko da pertsona horiek uko egin dietela espedientean izan ditzaketen eskubideei, eta espediente hori ere inskriba daiteke.

203. artikulua. 200. artikuluak aipatu nabaritasun-aktak notario-legerian ezarritako erregelen araberako izapideekin egin behar dira, hurrengo erregelok ere kontuan izanda:

1. Finkak zein tokitan egon eta bertako notario doiak eskuetsi behar ditu nabaritasun-aktak.

2. Notarioari eskaera egin behar dio, egiaztatu nahi den egitatearen gain interesen bat duela frogatzen duenak.

3. Interesdunak zin egin behar du egitatea egiazkoa dela, bestela agiri publikoaren faltsutze delituan eroriko baita. Interesdun horrek notarioari aurkeztu behar dio Lurzatien Katastro Topografikoan finka horrek duen egungo egoera egiaztatzen duen ziurtagiria eta, halakorik izan ezean, Katastro Aurrerapenean, Erregistro Fiskalean zein Amilaramenduan finka horrek duen egoerari buruzkoa, baita Jabetza Erregistroak luzaturiko ziurtagiria ere, 201. artikuluko bigarren erregelak zehaztutako edukiarekin.

4. Behin izapideak hasi eta gero, notarioak akta jakinarazten die, buruz buru edo zedularen bidez, finkaren gainean eskubidea duten guztiei, errekerimendua egin duenak esan eta egiaztatutakoaren arabera edo ziurtagiriek eratortzen dutenaren arabera.

Hala behar denean, jakinarazpen berbera egin behar zaie 201. artikuluko hirugarren erregelaren azken lerrokadak zehaztutako pertsonei.

5. Akta hasi dela banan-banan jakinarazi behar zaie aurreko lerrokadan zehazturiko pertsonei, horien egoitza ezezaguna denean, baita orokorrean, finkaren gaineko eskubideren bat izan dezaketen pertsonei ere. Horretarako, ediktuak argitaratuko dira probintziako Aldizkari Ofizialean, zabalkunderik handiena duten egunkarietatik batean, eta finka zein lurraldetan egon eta bertako udaletxeko iragarki-oholetan.

Espedientean jasotako finkaren edo finka guztien balioa 5 000 pezetatik beherakoa denean, notarioak erabaki dezake ediktuok ez argitaratzea probintziako Aldizkari Ofizialean ezta egunkarian ere.

6. Jakinarazpena jaso eta hurrengo hogei egunetan, jakinarazpen hori jaso dutenak notarioaren aurrean ager daitezke, euren eskubideak azaldu eta justifikatzeko.

7. Lortu nahi den nabaritasuna egiaztatzeko egokitzat hartzen dituen eginbideak nahiz frogak egindakoan, notarioak bukatutzat jotzen du akta, froga horiek eskatzaileak proposatutakoak izan zein ez, eta bere ustez egitatea behar bezala egiaztatu den ala ez agerrarazten du bertan.

8. Emaitza baiezkoa izanez gero, notarioak akta osoaren hitzez-hitzezko kopia bidali behar dio, finka zein barrutitan izan eta bertako lehen auzialdiko epaileari.

Fiskaltzari entzun eta gero, epaileak egin diren froga nahiz eginbideak aztertuko ditu, eta, hala behar denean, hobeto epaitzeko eginbideak zabal ditzake; egindakoarekin ados egonez gero, epaileak hala jakinaraziko dio notarioari, ebazpenaren lekukotza igorriz, horrek protokoloan jaso dezan.

Epailea ados egon ezean, horren ebazpenaren kontra gorajotze-errekurtsoa jar dezake eskatzaileak, ondore bikoitzarekin; errekurtso hori Prozedura Zibilaren Legeak intzidenteetarako ezarritako izapideen arabera gauzatuko da.

9. Norbait jartzen bada akta izapidetzaren kontra hipotekanahiz notario-erregelamenduek ezarritako moduan nahiz epeetan, orduan espedientea protokoloan jaso beharrean, notarioak epaitegi eskudunera bidaliko du espediente hori; alderdiek hala eskatuta, epaitegiak bidezko deritzena ebatziko du, intzidenteetarako izapideen arabera.

204. artikulua. Segidako traktua berriz hasteko nabaritasun akten izapideak egiten direnetan, akta horiek ondoko kasuan bakarrik inskriba daitezke Erregistroan: eskubidearen kontraesaneko inskripzioek hogeita hamar urtetik gorako iraupena izan dutenean aldakuntzarik gabe, eta, horrez landara, notarioak izapideen jakinarazpen pertsonala egin dienean inskripzio horietan titular moduan agertzen direnei edo euren kausadunei.

205. artikulua. Inork emandako titulu publikoak inskriba daitezke aurretiazko inskripzioaren beharrizanik gabe, baldin eta tituluok ematen dituztenek sinesgarriro egiaztatzen badute euren eskubidea eskuratu zutela tituluok eman aurretik, eta eskubide berbera ez badago beste inoren izenean inskribatuta. Halaber, finka zein udalerritan egon eta bertako udaletxeko iragarki-oholetan kasuan kasuko ediktuak argitaratu behar dira; ediktuok erregistratzaileak egin behar ditu, aurkeztutako agiriak aztertu eta gero.

Egiten den idazkunean nahitaez adierazi behar dira aurreko eskuraketaren oinarrizko inguruabarrak, horrexetarako aurkeztu diren agiriek edo beste batzuek ondorioztatzen dutena kontuan hartuta.

206. artikulua. Estatuak, probintziak, udalerriak eta estatuaren egitura politikoa osatzen duten Zuzenbide publikoko korporazioek edo zerbitzu antolatuek, zein Eliza Katolikoaren korporazioek inskriba dezakete, jabariari buruzko titulu idatzirik izan ezean, eurei dagozkien ondasun higiezinena; horretarako, ondasunok zein funtzionarioren ardurapean egon eta funtzionario horrek luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, bertan adieraziz zein den eskuraketa-titulua edo nola eskuratu ziren ondasun higiezin horiek.

207. artikulua. Aurreko bi artikuluetan xedatutakoaren arabera egin diren immatrikulazio-inskripzioek ez dute ondorerik sortuko hirugarrenei begira, harik eta bi urte igaro arte, horiek egiten direnetik.

208. artikulua. Landaketa berriak nahiz hiri-finka batean eginiko eraikinak eta hobekuntzak Erregistroan inskriba daitezke, ondasun higiezinen gaineko tituluetan horiek deskribatuz.

Halaber, inguruabar horien inskripzioa eskritura publiko bidez egin daiteke, obrako kontratariak eskritura horretan adierazten badu jabeak ordaindu diola ordaindu beharrekoa, edota eskritura horretan jabeak eraikina deskribatzen badu, eskriturarekin batera obrako arkitekto zuzendariaren zein udal arkitektoaren ziurtagiria aurkeztuz.

209. artikulua. Kargetatik askatzeko espedientea erabiltzen da, inoren gauzaren gain eraturiko hipotekak, kargak, zamak eta eskubide errealak ezerezteko, horiek legeria zibilaren arabera preskribatu egin badira, Erregistroan agertzen den data kontuan hartuta.

210. artikulua. Kargetatik askatzeko espedienteetan hurrengo izapideok egin behar dira:

1. Ezereztu nahi den kargaren zenbatekoa edozein izanda ere, ondasunen kokalekuari dagokion barrutiko lehen auzialdiko epailea da epaile eskuduna, eta askatu nahi den finka bi barruti edo gehiagotan izanez gero, zati nagusia non izan eta bertako epailea; ugazabaren nekazaritza-etxea edo, halakorik izan ezean, laborantza-etxea non izan, edota horrelakorik ere izan ezean, luze-zabalik handiena non izan eta hori berori hartuko da finkaren zati nagusitzat.

Askatu beharrekoa zenbait barruti zeharkatzen dituen trena, kanala edo antzeko obraren bat izanez gero, obra hori non hasi eta zati hori hartuko da zati nagusitzat.

2. Askatu nahi diren zamekin kargatutako finka edo eskubidearen titularra epaitegian agertu behar da, abokatu nahiz prokuradorearen beharrizanik gabe, idazki bat aurkezteko. Idazki horrekin batera, Erregistroko ziurtagiria aurkeztu behar du, beraren titular izaera egiaztatzeko, eta ziurtagiri horretan hitzez hitz jaso behar da ezereztu nahi den aipamen, idatzohar edo inskripzioa.

3. Epaitegiak modu pertsonalean edo zedula bidez eta Prozedura Zibilaren Legeak zehaztutakoaren arabera egingo die zitazioa idazkun horien titularrari edo horien kausadunei, euren egoitza ezaguna denean; egoitza ezezaguna izanez gero, zitazioa egiteko ediktuak argitaratuko dira probintziako Aldizkari Ofizialean, eta udaletxeko zein udal epaitegiko iragarki-oholetan, baita prozedura zein epaitegitan gauzatu, eta bertako oholetan ere.

4. Bide horietatik edozein erabilita zitazioa jaso dutenak epaitegian ager daitezke, euren eskubideei begira bidezko deritzotena alegatzeko; horretarako, hamar eguneko epea izango dute, zitazio pertsonala edo zedula jaso dutenetik edo, hala denean, ediktuak argitaratu direnetik zenbatzen hasita.

5. Pertsona horiek epaiketan agertu eta auzi-jartzailearen uziari amore emanez gero, epaileak epaia emango du, kasuan kasuko ezereztea egin dadin aginduz.

6. Pertsona horiek haren uziaren kontra eginez gero, Prozedura Zibilaren Legeak intzidenteetarako ezarritako izapideen arabera egingo da epaiketa.

7. Pertsona horiek agertu ezean, beste ediktu batzuk argitaratu behar dira hogei eguneko epean, eta epealdi hori igarotakoan ere agertzen ez badira, espedientea Fiskaltzari igorriko zaio, horrek zortzi eguneko epean azal dezan legeak ezarritako formalitateak gauzatu diren ala ez.

Fiskaltzak akatsen bat aurkituz gero, horiek ongitu behar dira, eta, halakorik aurkitu ezean edo aurkitutakoak ongitu ostean, epaileak epaia emango du.

Ezereztu nahi den idazkunaren titularrari zitazioa modu pertsonalean egin bazaio, ez dago zertan argitaratu erregela horrek ezarritako ediktuak.

8. Aurreko hiru kasuetatik edozeinetan epaia ematen denean, epai horren kontra gorajotze-errekurtsoa jar daiteke ondore bikoitzarekin, eta errekurtso hori intzidenteen izapideen ariora gauzatuko da.

9. Epai irmoaren hitzez-hitzezko lekukotza titulu askietsia izango da, ezereztea lortzeko.

VII. TITULUA IDAZKUN-OKERRAK ZUZENTZEA

211. artikulua. 40. artikuluaren c) idatz-zatiak aipatzen dituen idazkun-okerrak izan daitezke oker materialak edo kontzeptuari buruzkoak.

212. artikulua. Oker materiala gertatzen da, kasuan kasuko inskripzio zein idazkunaren esangura orokorra eta berorren kontzeptuak aldatu barik, nahi gabe hitz batzuk beste batzuen ordez idazten direnean; idazkunen inguruabar formalen bat adierazten ez denean; edota tituluetatik okerretara kopiatzen direnean izen bereziak zein kopuruak.

213. artikulua. Erregistratzaileek euren kabuz eta erantzukizunpean zuzen ditzakete hurrengo oker materialok:

1. Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar edo ezerezte-idazkunetan egindakoak, horien tituluek Erregistroan badiraute.

2. Aurkezte-idazkun, bazterreko ohar edo aipamen-adierazpenetan egindakoak, nahiz eta horien inguruko tituluak Erregistroko bulegoan ez izan, baldin eta kasuan kasuko inskripzio nagusia nahiko bada okerra ezagutarazteko, eta inskripzio hori oinarritzat hartuta egin ahal bada zuzenketa.

214. artikulua. Hurrengo okerrak zuzentzeko, inskribatutako titulua duen interesdunaren adostasuna edo, halakorik izan ezean, epai-probidentzia behar dute erregistratzaileek:

1. Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar edo ezerezte-idazkunetan egindakoak, horien inguruko titulurik ez badago Erregistroan.

2. Aurkezte-idazkunetan eta oharretan egindakoak, oker horiek ezin direnean egiaztatu kasuan kasuko inskripzio nagusiak erabilita, eta horien inguruko titulurik ez dagoenean Erregistroko bulegoan.

215. artikulua. Oker materialak ezin ongi daitezke zuzenketa, zirriborro edo karraskatzeen bitartez. Akatsok ongitzeko, beste idazkun bat egin behar da, aurrekoaren okerra adierazi eta zuzenduz, kasu batean izan ezik: okerra antzematen denean idazkuna sinatu baino lehen eta erkaketa egokiaren bidez erraz ongi daitekeenean oker hori.

216. artikulua. Kontzeptuari buruzko okerra gertatzen da, tituluen barnekoak inskripzioan adieraztean, halakoen esanahi egiazkoa aldatu edo bestelakotzen denean.

217. artikulua. Kontzeptuari buruzko okerrak egin badira inskripzio, idatzohar, ezerezte zein horiei buruzko bestelako idazkunetan, eta idazkunok ez badituzte argiro ondorioztatzen okerrak, horiek interesdun guztien eta erregistratzailearen ahobatezko adostasunaren bidez bakarrik zuzen daitezke; bestela, zuzenketa agintzen duen epai-probidentzia behar da.

Oker berberak egin badira aurkezte-idazkun zein oharretan, erregistratzaileak zuzen ditzake horiek, kasuan kasuko inskripzio nagusia nahiko denean okerrok ezagutarazteko.

218. artikulua. Erregistratzaileak edo inskripzioaren gaineko interesa duen edonork kontzeptuari buruzko okerraren inguruan eskatu den zuzenketaren kontra egin dezake, baldin eta, horren iritzirako, okerrekotzat jo izan den kontzeptua bat badator inskripzioak aipatu tituluak jasotakoarekin.

Horren ondorioz sortutako arazoa epaiketa arruntean erabaki behar da.

219. artikulua. Kontzeptuari buruzko okerrak zuzentzeko, beste inskripzio bat egin behar da. Horretarako, jadanik inskribatuta dagoen titulua aurkeztu behar da, baldin eta erregistratzaileak aintzakotzat jotzen badu okerra, edota epaile zein auzitegiak halakoa dagoela aintzatesten badu; okerra sortu bada jatorrizko tituluaren idazkera zalantzagarria, anbiguoa edo zehaztugabea izateagatik, eta, alderdiek hala itundu badute edo epai batek hala adierazi badu, harako inskripzioa egiteko beste titulu bat aurkeztu behar da.

220. artikulua. Zuzendutako kontzeptua eragingarria izango da zuzenketa egiten denetik; hala ere, hirugarrenek erreklamazioa jar dezakete, kontzeptuari buruzko okerra zuen idazkunak aipaturiko tituluaren zein idazkunaren beraren faltsutzea edo deuseztasuna eskatzeko.

VIII. TITULUA ERREGISTRO BIDEZKO PUBLIZITATEA

221. artikulua. Inork interes ezagunik badu, inskribaturiko ondasun higiezinen nahiz eskubide errealen egoera zein den jakiteko, orduan horrentzat Erregistroa publikoa da.

Lanbide zein karguaren arabera diharduen agintari, enplegatu nahiz funtzionario publiko orok interesa duela ulertzen da.

LEHENENGO ATALA Erregistroko informazioa

222. artikulua. 1. Inork interesik badu Erregistroko liburuak kontsultatzeko, erregistratzaileak pertsona horri erakutsiko dizkio liburuok, beharrezkoa den heinean; betiere, liburuak ezingo dira Erregistroko bulegoetatik atera, eta horien artapenerako beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuko ditu erregistratzaileak.

2. Erregistratzaileak Erregistroko idazkunen edukiari buruzko adierazpena ematen du, informazio-ohar soilaren bidez zein ziurtagiriaren bidez. Horretarako, datuok modu profesionalean jorratzen ditu, bitartekorik gabeko publizitatea ahalezkoa izan dadin eta, aldi berean, datuon eskuztatzea eta tele-hustuketa ezinezkoa izan dadin.

Ondore horietarako, debekatuta dago bai jabetza-erregistratzaileen artxiboetara zuzenean sartzea, edozein baliabide fisiko nahiz telematiko erabilita, bai eta lortutako erregistro-publizitatea datutegietan sartzea ere, datuok merkaturatzeko. Erregistratzaileek dute harako artxiboen zaintza, osotasun nahiz artapenaren gaineko erantzukizuna.

3. Adierazpen mota bakoitzean horren balio juridikoa agerrarazi behar da.

Informazio jarraituak ez du aldatzen aukeraturiko adierazpen motaren izaera, horren balio juridikoa kontuan hartuta.

4. Erregistratzaileak publizitate formala modu profesionalean jorratzeko betebeharra du, eta horrek esan nahi du publizitate hori era argi eta errazean adierazi behar dela; hala ere, agintari judizialak nahiz administrazio-agintariak edota interesdunetatik edozeinek hala eskatzen badu, erregistratzaileak hitzez-hitzezko ziurtagiriak luzatu behar ditu, legeak zehaztutako kasuetan.

5. Ohar soilak informazio balioa baino ez du; ohar horretan, adierazpeneko finkari buruzko idazkunen edukia laburtzen da, ondokoa jasota: finkaren identifikazioa, horren gainean eraturiko eskubide errealen titularra edo titularrak eta eskubideon norainokoa, izaera zein mugapenak.

Halaber, ohar horretan agerrarazi behar dira inskribatutako titular edo eskubideei buruzko debeku edo murrizketak.

6. Erregistroko idazkunen edukia kalifikatzean, datu pertsonalak babesteari buruzko arauak betetzen direla zaindu behar dute erregistratzaileek.

7. Erregistratzaileek euren eginkizun publikoa lanbidez gauzatzean, Erregistroari lotutako gaien inguruko informazioa eman behar diote halakoa eskatzen duen pertsona orori.

Informazio horretan adierazi behar da zein den erregistro baliabiderik egokiena, burutu nahi den helburu zilegia erdiesteko.

8. Informazio-ohar soila eskatzen denean, edota finka eta eskubideen Aurkibide Nagusi Informatizatuaren edukiari buruzko informazioa eskatzen denean, interesdunek askatasunez erabaki dezakete zein erregistratzaileri eskatu finkaren gaineko erregistro-informazioa, nahiz eta finka hori ez izan aukeratu den erregistratzaileari dagokion erregistro-mugapekoa.

Aurkibide Nagusi hori Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoak darama, baina aurkibidearen edukiari buruzko informazioa erregistratzaileen bitartez eska daiteke.

Erregistratzaileek euren eginkizun publikoa gauzatzean, elkarri lagundu behar diote, eta, edu berean, laguntza eskaini behar diete jurisdikzio organoei, herri-administrazioei zein notarioei.

9. Artikulu honetan xedatutakoa betetzeko, beharrezko baliabideak ahalbidetuko dira, interesdunari informazioa emateko liburu-egunkariaren edukiari buruz edota, hala denean, sarrera-liburu, inskripzio-liburu nahiz ezgaituen liburuei buruz, telefaxaren nahiz komunikazio elektronikoaren bidez, hark nahi duena kontuan hartuta eta, betiere, informazio-ohar soilaren balioarekin.

10. Hala eskatzen denetan, Erregistroko liburuak baliabide telematikoak erabilita erakutsi behar dira.

11. Erregelamendu bidez ezarri behar dira ondokoak: informazioa ahalik arinen gaurkotzeko irizpide eta prozedurak; Erregistroko idazkunen eskuztatzea eta tele-hustuketa saihesteko bermeak; liburuen edukiari buruzko kontsulta telematikaren bidez egiteko betekizun teknikoak zein eskabideen ereduak; kontsulta hori egin nahi dutenek bete beharreko inguruabarrak; Erregistroko liburuetatik telematikaren bidez kontsulta daitekeen edukia; edota zenbait pertsona, merkatari nahiz finkaren gaineko informazioa murrizteko baimen-prozedura, hori beharrezkoa denean pertsonen edo ondasunen segurtasuna nahiz osotasuna babesteko.

2. ATALA Ziurtagiriak

223. artikulua. Erregistratzaileek hurrengo ziurtagiriok egiten dituzte:

1. Interesdunek zehazturiko ondasun zein pertsonen inguruan, Erregistroan dauden idazkun mota guztiei buruzkoak.

2. Interesdunek zehazten dituzten idazkunei buruzkoak; halakoetan, erregistratzaileek idazkun zehatzak aipa ditzakete, ondasun jakin batzuen gaineko idazkun mota edo motak zehaztu ahal dituzte, edota pertsona batzuen gaineko idazkunak aipa ditzakete.

3. Ondasun jakin batzuen gain edo pertsona zehatz batzuen izenean inolako idazkunik ez dagoela edo mota zehatz bateko idazkunik ez dagoela adierazten duen ziurtagiria.

224. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu ziurtagiriak izan daitezke epealdi finko eta zehatz bati buruzkoak, edota kasuan kasuko Erregistroa eratu zenetik hori berreratu zen arte igarotako epeari buruzkoak.

225. artikulua. Hirugarrenei begira ondasun higiezinen eta eskubide errealen askatasuna nahiz kargak egiaztatzeko, Erregistroak luzatutako ziurtagiria behar da.

226. artikulua. Ziurtagiriak ez datozenean bat jatorrizko idazkunekin, azken horiek ondorioztatzen dutena izan behar da kontuan; hala ere, ziurtagiri horrek kalte egiten badio norbaiti, pertsona horrek kasuan kasuko kalte-ordaina eska diezaioke, akatsa egin duen erregistratzaileari.

227. artikulua. Erregistratzaileek ziurtagiria egingo dute, baldin eta, euren iritzirako, kasuan kasuko ondasun higiezinen nahiz eskubide errealen egoera jakiteko interes ezaguna duenak hala eskatzen badu edo epaileak hala agintzen badu.

Eskaera-orria idatziz egin behar da eta Erregistroko bulegoan aurkez daiteke edo baliabide telematikoak erabilita bidal daiteke.

Eskatzaileak aukeratutakoaren arabera, ziurtagiria paperez edo formatu elektronikoz egin daiteke, erregelamendu bidez ezarritakoa kontuan hartuta.

228. artikulua. Erregistratzaileak ezetza eman dionean Erregistroko liburuak erakusteari edo horietan agertzen denaren inguruan ziurtagiria egiteari, hori eskatu duenak bere kexa azal diezaioke audientziaren presidenteari, leku berean bizi badira, edota lehen auzialdiko epaileari, gainerako kasuetan; batak zein besteak euren erabakia emango dute, behin erregistratzaileari entzun eta gero.

Erabakitakoaren kontra, errekurtsoa jar daiteke Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian.

229. artikulua. Erregistratzaileek ziurtagiria luzatu behar dutenean, interesdunek eginiko eskabidearen ondorioz, edota epaile nahiz auzitegiek emandako manamenduaren ondorioz, eskabide zein manamenduok hurrengo datuak adierazi behar dituzte argiro:

1. 223. artikuluaren ariora eskatutako ziurtagiri mota, eta ziurtagiri hori hitzez-hitzezkoa edo laburtua den.

2. Erregistratzaileak kasuan kasuko ondasunen nahiz pertsonen berri izan dezan beharrezkoak diren datu eta aipamenak, ziurtagiri motaren arabera.

3. Ziurtagirian jaso beharreko epealdia.

230. artikulua. Ziurtagiriak inskripzio liburuetako idazkunei buruzkoak izan ohi dira.

Ziurtagiria egitean bertan jaso beharreko tituluren bat inskribatzeke badago, eta finkaren gaineko askatasuna egiaztatu behar bada, edota horren gain ez dagoela ezelako eskubiderik, orduan erregistratzaileak liburu-egunkariko idazkunei buruzko ziurtagiria ere luzatuko du.

231. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa salbu, erregistratzaileak egunkari horretako idazkunak bere oharrekin ziurtatuko ditu, epaile zein auzitegiak hala agintzen duenean edo interesdunek beren beregi hala eskatzen dutenean bakarrik.

232. artikulua. Eskatutakoaren arabera, ziurtagiriak izan daitezke hitzez-hitzezkoak edo laburtuak.

Hitzez-hitzezko ziurtagiriek oso-osorik jasotzen dituzte kasuan kasuko idazkunak.

Laburreko ziurtagiriek ondokoa adierazi behar dute: idazkunak baliozkoak izan daitezen, horiek jaso beharreko inguruabarrak; ziurtagirian lotzen den inskripzioaren ariora, ondasun higiezin edo eskubide inskribatuen gain eratutako zamak; interesdunak eskatzen duen edota erregistratzailearen iritzirako garrantzitsua den beste edozein datu.

233. artikulua. Liburuak aztertu eta gero, erregistratzaileek ziurtagiriak luzatzen dituzte, eskabidean edo aginduan aipatutako ondasun, pertsona zein epealdiei buruzko datuak bakarrik jasoz eta eskabidean edo manamenduan aipatu ez diren idazkunei nahiz inguruabarrei buruzko aipamenik egin gabe, 230. artikuluaren bigarren lerrokadan eta 234. artikuluan xedatutakoa salbu; halaber, aginduan edo eskabidean eskatzen diren datuak ezin daitezke aipatzeke utzi.

234. artikulua. Inskripzio zein idatzohar baten inguruko ziurtagiria eskatu edo agintzen denetan, eskatzen den hori azkendu bada 76 eta 77. artikuluetan ezarritakoaren arabera, erregistratzaileak horren ostean sartuko du, hitzez hitz zein laburrean, azkentzea eragin duen idazkuna.

235. artikulua. Ondasun higiezin baten kargei buruzko ziurtagiria eskatzen denean, eta eskabidean zehaztutako epealdian nahiz pertsonen inguruan ez bada halakorik agertzen Erregistroan, erregistratzaileak horixe adierazi behar du.

Kargen bat egonez gero, erregistratzaileak hitzez hitz edo laburrean jasoko du berori, 232. artikuluak agindutakoaren ariora, eta indarrean besterik ez dagoela adieraziko du jarraian.

236. artikulua. Erregistratzaileek ahalik arinen egin behar dituzte eskatzen zaizkien ziurtagiriak; betiere, zein finkari buruzko inskripzioak, askatasuna edo kargak egiaztatu nahi izan, eta finka horren inguruko ziurtagiriak gehienez lau eguneko epean luzatu behar dira.

237. artikulua. Aurreko artikuluan finkatutako epea igaro eta gero, 228. artikuluak aintzatesten duen errekurtsoa erabil dezake interesdunak.

IX. TITULUA ERREGISTROAK ERAMATEKO MODUA

238. artikulua. Jabetza Erregistroa liburu foliatuetan eraman behar da, epaileen ikusonespenarekin.

Liburuak suntsituz gero, horiek 1873ko abuztuaren 15eko eta 1938ko uztailaren 5eko legeetan xedatutakoaren arabera ordeztuko dira.

239. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu liburuak eraberekoak izan behar dira erregistro guztietarako, eta Justizia Ministerioaren zuzendaritzapean egin behar dira, bidezko arreta kontuan izanda, horietan izan daitezkeen iruzurrak zein faltsutzeak saihesteko.

240. artikulua. Erregistratzaileek aurreko artikuluen arabera eramandako liburuek bakarrik ematen dute fede.

241. artikulua. Erregistroko liburuak ezin daitezke inola ere atera erregistratzailearen bulegotik; epaiketako edo epaiketatik kanpoko eginbideen arabera beharrezkoa denean liburuak aurkeztea, eginbideok bulegoan bertan gauzatu behar dira.

242. artikulua. Erregistro bakoitzeko inskripzio liburuetan, 2 eta 4. artikuluen arabera inskribatu beharreko titulu guztien gaineko inskripzio, aurreneurrizko idatzohar, ezerezte zein oharrak egin behar dira.

243. artikulua. Liburu egokian folio berezi bat ireki behar da finka bakoitzeko; horixe da Jabetza Erregistroa antolatzeko modua.

Finka berari buruz ondoren egiten diren inskripzio, idatzohar eta ezerezte guztiak jarraian agerrarazi behar dira, idazkunen artean hutsunerik utzi gabe.

244. artikulua. Erregistroaren lurraldeko udal-mugarte bakoitzeko, liburu bat ireki behar da.

Jendearentzat komenigarria izanez gero, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki dezake udal-mugarteren bat bi atal edo gehiagotan zatitzea, horietako bakoitzean liburu bat irekitzeko.

245. artikulua. Udal-mugarte bereko zenbait ondasun higiezin nahiz eskubide erreal biltzen direnean titulu berera, egiten den lehenengo inskripzioak jaso behar ditu 9. artikuluko inguruabar guztiak; besteetan, finkaren deskripzio hutsa jasoko da, hori beharrezkoa denean, edota finka bakoitzaren gaineko eskubide erreala zehaztuko da, eta egintza edo kontratuaren izaera nahiz eskualdatzailearen eta eskuratzailearen izen-abizenak aipatuko dira, gainerako guztian lehenengo inskripziora igorpena eginez, eta hori dagoen liburua eta folioa aipatuz.

246. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu titulua hipotekaren eraketari buruzkoa bada, artikulu horretan agindutakoaz gain, hurrengoa ere zehaztu behar da: finka edo eskubide bakoitzak kredituaren zein zatiri egin behar dion aurre eta finka nahiz eskubideoi eman zaien balioa, enkante kasuetarako.

247. artikulua. Titulu berean jasotako ondasun edo eskubideak udal-mugarte bi edo gehiagotan badaude, aurreko bi artikuluetan xedatutakoa aplikatzen da udal-mugarte bakoitzean.

Mugarte horietako bat edo batzuk ataletan zatitu badira, atal bakoitza udal-mugartetzat hartuko da.

248. artikulua. Aurrekoaz landara, liburu-egunkari deritzona egin behar dute erregistratzaileek, eta titulu bakoitza modu fisikoan, postaz, telefaxez edo telematikaren bidez aurkeztean, bertan jaso behar da horien edukiari buruzko idazkun laburra.

Erregelamendu bidez zehaztu behar dira erregela batzuk aurkezte-idazkunak tituluen aurkezpen-orduaren arabera egin daitezen.

Gisa bertsuan, beharrezko kautelak hartuko dira, tituluen aurkezpen hurrenkera edo jadanik egin diren idazkunen hurrenkera ezkuztatzea nahiz aldatzea guztiz ezinezkoa izan dadin.

Agiriak telefaxez aurkez daitezke, legeak zein erregelamenduak aurkezte-modu hori onartuz gero; halakoetan, agirion idazkuna egingo da liburu-egunkarian erregela orokorrak agindutakoaren ariora, eta agiria bulego-orduetatik kanpo jaso bada, idazkuna hurrengo egun baliodunean egingo da.

Hurrengo hamar egun baliodunetan Erregistroan jatorrizko titulua edo horren kopia eskuetsia aurkezten ez bada, aurkezte-idazkuna iraungiko da.

249. artikulua. Tituluak noiz aurkeztu eta aurkezte-hurrenkeraren arabera egin behar dira egunkariko idazkunak, euren artean zuriune edo hutsunerik utzi gabe. Idazkunok ondoz ondoko zenbakien bidez adierazten dira, eta horietan hauxe aipatu behar da nahitaez:

1. Titulua aurkezten duenaren izen-abizenak.

2. Aurkezpen-ordua.

3. Aurkeztutako tituluaren mota, data eta hori sinatzen duen agintaria edo notarioa.

4. Inskribatu nahi den titulu horren bitartez eratu, aintzatetsi, eskualdatu, aldarazi edo azkentzen den eskubidea.

5. Tituluan jasotako finkaren edo eskubide errealaren izaera, betiere, horren kokapena, izena eta zenbakia zehaztuz, zenbakirik balego.

6. Inskripzio edo idazkuna pertsona baten izenean egin nahi denez gero, horren izen-abizenak.

7. Betiere, erregistratzailearen sinadura, bai eta titulua aurkezten duen pertsonaren sinadura ere, horrek hala eskatuz gero.

250. artikulua. Erregistratzaileari dagokio kasuan kasuko liburuan egitea aurkezte-idazkunean aipatu inskripzio, aurreneurrizko idatzohar, ezerezte nahiz oharra, eta hori egindakoan, halaxe adierazi behar du idazkunaren bazterrean, ondokoa zehaztuz: inskripzioa edo bestelako idazkuna zein liburuki eta foliotan egin den, finkak Erregistroan duen zenbakia eta inskripzioari edo egindako beste idazkunari eman zaion zenbakia.

251. artikulua. Lanegunetan, egunkaria itxi behar da Erregistroa ixteko aurretiaz zehaztutako orduan, erregelamenduek xedaturikoaren arabera; horretarako, erregistratzaileak eginbidea luzatu eta sinatu behar du azken idazkunaren ostean.

Eginbidean agerrarazi behar da egun horretan luzatutako idazkunen kopurua edota, hala denean, ez dela egin inolako idazkunik.

252. artikulua. Erregistroa zabalik dagoen orduetatik kanpo eginiko aurkezte-idazkunak deusezak dira.

253. artikulua. 1. Jabetza Erregistroan aurkezten den titulu ororen oinean erregistratzaileak oharra jartzen du; ohar hori berak sinatu behar du, eta bertan hauxe adierazi behar da: erregistratzaileak egin duen kalifikazioa, horren arabera inskribatu den eskubidea, eskubide hori noren izenean inskribatu den, zein inskripzio edo idazkun mota egin den, zein liburuki eta foliotan jaso den halakoa, zein den finkaren eta inskripzioaren zenbakia, eta nolako ondoreak dituen horrek, idazkunaren edukia epaileen babespean dagoela agerraraziz.

Edu berean, titulua inskribatzean aipamen gisa edo iraungitzea dela bide ezereztu diren eskubideak zehaztu behar dira.

2. Inskripzio-oharra egiteaz batera, erregistratzaileak informazio-ohar soila luzatzen du, inskribatutako eskubidea askea edo kargaduna den adieraziz, edota eskubide hori ukitzen duten mugapen, murrizketa nahiz debekuak zehaztuz.

3. Tituluan jasotako eskubidearen inskripzioari ezezkoa ematen zaionean edo inskripzio hori eteten denean, erregistratzaileak oharra sinatu ostean «oharbide» izeneko atal batean zehaztu behar du ondokoa, baldin eta idazkuna egitea nahi duen interesdunak hala eskatzen badu: aurkeztutako agiriek dituzten akatsak ongitu, zuzendu edo baliozkotzeko bideak zeintzuk diren, akatsok ongitzeko modukoak edo ongiezinak diren aipatuz.

Halakoetan, kasuaren konplexutasuna kontuan hartuta bidezkoa izanez gero, inskripzioan interesa duenak irizpen loteslea edo ezloteslea eska dezake; irizpen loteslea eskatuz gero, Erregistroko egoera juridikoari eutsi behar zaio, eta akatsa ongitzeko bidea bat etorri behar da irizpen horren edukiarekin.

Hala eta guztiz ere, interesdunak askatasun osoz ongi ditzake akatsak, bere eskubideak babesteko egokitzat jotzen dituen bideak erabilita.

254. artikulua. Jabetza Erregistroan inskripzioa egin ahal izateko, legeak ezartzen dituen edo ezar ditzakeen zergak ordaindu direla egiaztatu behar da, baldin eta inskribatu nahi den egintzak edo kontratuak halakoak sorrarazten baditu.

255. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, aurkezte-idazkuna egin daiteke kasuan kasuko zerga ordaindu dela egiaztatu baino lehen; horrelakoetan, eten egiten dira kalifikazioa eta inskripzioa edo eragiketa, eta titulua itzultzen zaio berori aurkeztu duenari, horrek zerga ordain dezan.

Behin zerga ordaindu eta gero, kasuan kasuko inskripzioa edo idazkuna egin behar da, eta titulua itzuli bada idazkuna indarrean egon den bitartean, orduan inskripzio zein idazkun horren ondoreak atzeraeraginez aplikatzen dira, aurkezte-idazkunaren data arte.

Titulua itzuli bada hirurogei egun igaro ostean, beste aurkezte-idazkun bat egin behar da, eta egiaztatzen den inskripzioaren edo eragiketaren ondoreak atzeraeraginezkoak dira, baina idazkun berriaren data arte bakarrik.

Hirurogei eguneko epe horretan zerga ordaindu ez bada behar bezala egiaztaturiko arrazoi baten ondorioz, epe-muga hori eteten da ordainketa egin arte, eta aurkezte-idazkunean etetea agerrarazi behar da bazterreko oharraren bitartez; ohar hori egingo da kasuan kasuko agiri egiaztatzailea ikusita, erregistratzaileak ez badu ziurtasunik egitatearen inguruan.

Halakoetan, aurkezte-idazkuna ehun eta laurogei eguneko epean iraungiko da, horren datatik zenbatzen hasita.

256. artikulua. Inskribatu beharreko egintza edo kontratuen ondoriozko zergen ordainagiriak Erregistroan aurkeztu eta artxibatu dira.

Erregistratzaileak ez baditu horiek iraunarazten, zuzeneko erantzukizuna izango du Ogasunari ordaindu ez zaizkion zenbatekoen gain.

257. artikulua. Ebazpen judizialaren ondorioz Erregistroan edozein idazkun egin ahal izateko, epaile edo auzitegiak kasuan kasuko manamendu bikoiztua eman behar du, betearazpen-aginduen kasuan izan ezik.

Erregistratzaileak ale bat itzuli behar dio epaia eman duen epaile zein auzitegiari edota berori aurkeztu duen interesdunari, agindua behar bezala bete dela adierazten duen ohar bat egin eta sinatuz; beste alea bulegoan utziko du, bertan aurrekoaren antzeko oharra egin eta sinatuz.

Agiriok ondoz ondoko zenbakien bidez artxibatuko dira, aurkezpen hurrenkera kontuan izanda.

KONTSUMITZAILEA INFORMATU ETA BABESTEA

258. artikulua. 1. Erregistratzaileen Elkargoak sortutako informazio-zentroek kontsumitzaileei zerbitzuak eman arren, erregistratzaileak pertsona interesdun orori bermatu behar dio eskatzen den informazioa emango zaiola, baldin eta informazio hori horrexetarako ezarritako orduetan eskatzen bada, eta ondasun higiezinen gaineko eskubideak inskribatzeari, erregistro betekizunei, kalifikazioaren kontrako errekurtsoei edota inskripzio-minutari buruzkoa bada.

2. Erregistratzaileak ezezkoa emango dio inskripzioari, baldin eta inskribatu nahi diren klausulak deusezak badira Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 10bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar edo ezerezte baten gaineko interesa dutenek eska dezakete idazkunon minuta eurei jakinaraztea, horiek liburu egokietan luzatu baino lehen.

Erregistratzaileak eginiko inskripzio-minutan interesdunek oker edo ezegiteren bat antzemanez gero, eska dezakete hori zuzentzea; erregistratzaileak ezetza ematen badio akatsa zuzentzeari, interesdunek lehen auzialdiko epaileari eska diezaiokete zuzenketa hori egitea.

Sei eguneko epe-mugaren barruan, epaileak bidezko deritzona erabakitzen du epaiketarik egin gabe, baina erregistratzaileari entzun eta gero.

4. Emandako edo bidalitako tituluak lege honen 249. artikuluko betekizunak gauzatzen dituen ala ez kalifikatu eta gero erregistratzaileak ezezkoa ematen badio eskatutako aurkezteidazkuna egiteari, titulu horretan oinoharra jarri behar du ikusitako hutsak eta horiek ongitzeko bideak aipatuz, eta inguruabar horren berri eman behar dio titulua eman edo bidali zuenari, egun horretan bertan edo hurrengo egun baliodunean.

5. Erregistratzaileak egiten duen kalifikazioa eskubide, egintza edo egitate juridiko baten inskripzioari buruz eta Erregistroko idazkunen edukiari buruz oso eta baterakoia izan behar da.

X. TITULUA ERREGISTROEN ZUZENDARITZA ETA IKUSKATZAILETZA

259. artikulua. Jabetza Erregistroa Justizia Ministerioaren menpe dago.

Horren inguruko autu guztiak Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari eratxiki zaizkio.

260. artikulua. Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio:

1. Jabetza Erregistroetan lege hau eta berori betearazteko erregelamenduak betetzen direla bermatzeko xedapenak proposatzea Justizia-ministroari edota xedapenok zuzenean ematea, lege zein erregelamendu aginduek hala ezarritako kasuetan.

2. Erregistroetako postu hutsak hornitzeko eta, hala denean, oposizioak egiteko espedienteak instruitzea, baita Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioak edo erregistratzaileak euren karguetatik banantzeko espedienteak instruitzea ere, legeen arabera kasuan-kasuan bidezkoa den behin betiko ebazpena proposatuz.

3. Erregistratzaileek tituluen gain egindako kalifikazioen kontrako gobernu-errekurtsoak ebaztea, eta funtzionario horiei argitzea legea nahiz erregelamenduak ulertu zein betearaztean sortzen zaizkien zalantzak, Justizia Ministerioak hartu beharreko xedapen orokorrik behar ez denean.

4. Ondasun higiezinen gaineko jabetzaren eta eskubide errealen mugimenduari buruzko orria egin eta argitaratzea, erregistratzaileek emandako datuen arabera.

5. Jabetza Erregistro ororen gaineko ikuskapena eta zaintza gauzatzea.

6. Erregistratzaileei diziplina-zuzenketak jartzea, euren karguak betetzean egindako hutsengatik, eta Justizia-ministroari proposatzea funtzionario horiek kargutik kendu, atzeratu edo lekutik aldatzeko, erregelamenduen arabera hori bidezkoa denetan.

7. Justizia-ministroak aldez edo moldez agintzen duenean Zuzendaritza Nagusiari zenbait zerbitzu eratxikitzea, agindu horien berri ematea eta, hala behar denean, agindu horiek egunkari ofizialetan argitaratzeko baimena ematea.

Zuzendaritzaren gainerako eskumenak, horren antolaketa eta araubidea erregelamendu bidez finkatuko dira.

261. artikulua. Zuzendaritza Nagusiko teknikarien kidegoa osatzen dute zuzendariordeak eta Administrazio zibileko goiburu diren bi ofizial legelariek; lehen mailako Administrazioburu den ofizial legelari batek; bigarren mailako administrazioburu den beste ofizial legelari batek, eta lehen mailako bulegoburu diren lau legelari laguntzaileek, bat bulego horretako egungo atal bakoitzeko.

262. artikulua. Teknikarien kidegoko plazak igoera zorrotzaren bidez hornitu behar dira nahitaez, eta laguntzaileen azken plaza txandaka hornitu behar da, batzuetan zuzenbideko lizentziadunen arteko oposizio askearen bitartez eta, besteetan, karguan bost urte baino gehiago daramaten jabetza-erregistratzaile eta notarioen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez; azken horiek plaza lortuz gero, eszedentzia egoeran geratzen dira euren jatorrizko lerrundegian, egoera horri datxezkion eskubideekin.

263. artikulua. Teknikarien kidegoko langileak zuzeneko oposizioaren bidez sartzen direnean kidego horretan, langileok jabetza-erregistratzaile eta notarioekin berdinesten dira, Zuzendaritza Zentroan sartzen direnetik; berdinespen hori gauzatzeko, hurrengo baldintzok izan behar dira kontuan:

a) Langileak bost urte eman behar ditu Zuzendaritza Nagusian, teknikari gisa zerbitzuak eskaintzen.

b) Jabetza Erregistrorako edo Notariotzarako lehiaketa arruntetan postu hutsa eskatu behar du langile horrek, txanda erreserbarik gabe; halakoetan, teknikarien kidegoan izandako antzinatasuna kontuan hartzen da.

c) Notario-lehiaketetan eta klase txandari dagokionez, hamabost urtetan zehar zerbitzuak eman dituen teknikaria lehen mailako notarioarekin berdinesten da; zerbitzuok hamar urtetan eskaini badira, bigarren mailako notarioarekin berdinesten da teknikaria, eta horrek hamar urte baino gutxiago daramanean zerbitzu horretan, berdinespena hirugarren mailako notarioekin egiten da.

Zuzendaritzan sartzen den notario edo erregistratzaileak bere jatorrizko lerrundegian zituen eskubideei eutsiko die; hala ere, ezingo da lerrundegi horretara itzuli, harik eta Zuzendaritzan bost urte eman arte eta ezingo ditu bere eskubideak sendotu Zuzendaritzako lerrundegian.

Erregistratzaileen Kidegoan sartu den notarioa, Notarioen Kidegoan sartu den erregistratzailea eta Zuzendaritzan oposizio askearen bidez sartu den pertsona egoera berean daudela ulertzen da.

Berdinespen-eskubidea egikaritzen duten funtzionarioak eszedentzia egoeran geratzen dira teknikarien kidegoko lerrundegian.

264. artikulua. Zuzendaritzako teknikarien kidegoko funtzionarioak gutxienez urtebeteko eszedentzia egoeran daudela adieraz daiteke, baldin eta halaxe eskatzen badute eurek; epe horretan, funtzionariook kasuan kasuko lerrundegiari eutsiko diote borondatezko eszedentzia egoeran daudela ulertuz; halakoetan, ez dute hartzekorik jasoko, baina bertan zerbitzuak ematen egongo balira bezala igotzeko aukera izango dute.

Funtzionariook Zuzendaritzara itzultzea eskatzen dutenean, eskabide hori aurkeztu ostean euren kategorian sortzen den lehenengo postu hutsa beteko dute, eta, hori gertatu arte, beste edozein postu huts bete dezakete behinbehinean.

265. artikulua. Funtzionario teknikari horiek euren kargutik banantzeko gobernu-errekurtsoaren bidez, horren destinoko eginbeharrak ez betetzearen inguruko arrazoi zuzenen bat azaldu behar da, zuzendariak instruitutako espedientean; aldez aurretik, gainera, Estatu-kontseiluari egin behar zaio kontsulta, eta interesdunari entzun behar zaio, horrek idatziz adieraz ditzan espedientea eragin duen egitatearen inguruko zuribideak.

Teknikarien kidego horretako plazaren bat ezabatuz gero, plaza hori betetzen zuenak besterik bete ezin duen bitartean bere hartzekoen bi herenak jasotzeko eskubidea du.

266. artikulua. Zuzendaritza Nagusiko Kontsultabatza osatzen dute Zuzendaritza Zentroko zuzendariordeak eta atalburu diren ofizialek, zuzendariaren burutzapean.

Batza horrek nahitaez eman behar du irizpena, Zuzendaritzari eratxikitako zerbitzuen gaineko xedapen orokorren bat hartu edo proposatu nahi denean; halaber, batzak esan beharrekoa entzungo da, dela gobernu-errekurtsoak ebatzi behar direnean edo zalantzazko burubidea duten kontsultak konpondu behar direnean, atalburuak hala proposatuta, dela teknikariak sartu eta kargutik banantzeko espedienteak ebatzi behar direnean, dela zuzendariak egoki deritzon guztietan.

267. artikulua. 260. artikuluaren bosgarren zenbakiak aipatu ikuskapen eta zaintza eginkizunak betetzen ditu Zuzendaritza Nagusiak, bai zuzenean, baita Lurralde Audientzia zein Erregistratzaileen Elkargo Nazionaleko presidentearen bidez edota erregistratzaileen bidez ere, hori bidezkotzat jotzen denean zerbitzu hobea eskaintzeko.

Eskuordetzarekin batera, kasuan-kasuan beharrezkoak diren eskumenak ematen dira.

268. artikulua. Zuzendaritzak ikuskapen bisitak erabaki eta egin ditzake, zuzenean nahiz eskuordeen bidez, bidezko deritzen erregistroetara, horien egoera aztertzeko; bisitaldiak orokorrak izan daitezke, Erregistro osoa aztertuz, edota zatikakoak, bertako liburu edo agiri zehatzak arakatuz.

269. artikulua. Audientziaren presidenteak ikuskatzaile iraunkorrak izango dira euren lurraldeko erregistroetan, eta kargu horri datxezkion ahalmenak egikari ditzakete, zuzenean zein magistratuen edo lehen auzialdiko karrerako epaileen bidez.

Audientziaren presidenteek ikuskapenaren mendeko erregistroen egoerari buruzko gaztigua bidali behar diote urtero Zuzendaritza Nagusiari.

270. artikulua. Seihileko bakoitzaren azken egunean, erregistratzaileek ziurtagiri bikoiztua bidali behar diote euren lurraldeko audientziaren presidenteari; ziurtagiri horretan, euren erantzukizunpean agerrarazi behar dute euren erregistroaren egoera, Erregelamenduak zehaztutako datuekin eta moduan.

Audientziaren presidenteak ziurtagiriaren aleetako bat itzuli behar dio erregistratzaileari, hori zigilatu eta gero; erregistratzaileak ale hori artxibatuko du, ikuskapen bisitetan berori egiazta dezaten.

271. artikulua. Ikuskapenak erakusten badu erregistratzaileek formalitateren bat ez dutela bete erregistroak eramatean, edota legea zein hori betearazteko erregelamenduak hautsi dituztela, hutsegite horiek zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ikuskatzaileak, eta, hala denean, lege horren araberako zehapenak ezarriko ditu.

Zuzendaritza Nagusiak gauza bera egingo du seihileko ziurtagirien edukiak ondorioztatzen duenean hutsegitea.

Ikusitako hutsegite edo arau-haustea delitu gisa kalifika daitekeenean, erregistratzaileak epaitegi eskudunari igorriko dio autua, kasuan kasuko erruak argi daitezen.

Zuzendaritza Nagusiak erregistratzailea aldi baterako kargurik gabe uzten duenetan, bien bitarteko ordezkoa izendatu behar du, bitartekotasunei buruzko erregelamenduek ezarritakoaren ariora.

272. artikulua. Zuzendaritza Nagusian erregistratzaile edo notarioei zerbitzu-eginkizunak eman ahal zaizkie, Zuzendaritza Nagusi horri eratxikitako lan berezietan laguntzaile moduan jarduteko bakarrik; betiere, gehienez hiru erregistratzaile eta hiru notario egon daitezke halako zerbitzuak betetzen aldi berean.

Eginkizun horien iraupena ezin izan daiteke urtebetetik gorakoa; epe hori beste horrenbeste luza daiteke, herri-zerbitzuaren beharrizanak hala eskatuz gero.

273. artikulua. Erregistratzaileek Zuzendaritza Nagusian zuzenean kontsulta ditzakete lege hau edo horren erregelamendua ulertu eta betearaztean sortu ahal zaizkien zalantzak, baldin eta zalantzok Erregistroaren antolaketa edo funtzionamenduari buruzkoak badira; betiere, ezin daiteke kontsultarik egin eurek kalifikatu beharreko gai edo autuen inguruan.

XI. TITULUA ERREGISTROEN MUGAPEA ETA ERREGISTRATZAILEEN IZENDAPENA, EZAUGARRIAK NAHIZ EGINBEHARRAK

274. artikulua. Erregistratzaile bat arduratzen da Erregistro bakoitzaz, 275. artikuluko salbuespen kasuan izan ezik.

Jabetza-erregistratzaileak funtzionario publikoak dira lege-ondore guztietarako eta ofiziozko egintzetan erregistratzaileok jaun/andre tratamendua dute.

275. artikulua. Jabetza Erregistroa duten herrietan, erregistrook euren horretan iraungo dute.

Hala ere, ondasun higiezinen eta eskubide errealen gaineko titulu kopurua eta horien mugimendua kontuan hartuta, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki dezake, Justizia Ministerioaren proposamenez eta Estatu-kontseiluari entzun eta gero, herri jakin batzuetan erregistro gehiago jartzea erregelamenduek agindutakoaren arabera, baldin eta herri-zerbitzuak hala eskatzen badu; halaber, Zuzendaritzak erabaki dezake lehendik dauden erregistroak aldarazi edo kentzea.

Edu berean, ministroak Erregistroaren zatiketa materiala erabaki ostean eta hori gauzatzen den bitartean, Zuzendaritza Nagusiak zatiketa pertsonala egin dezake, espediente bidez eta Erregelamenduak agindutakoaren arabera.

Erregistroan postu hutsen bat gertatzen denean bakarrik egin daiteke behin-behineko zatiketa hori; postu hutsa lehiaketa bidez iragarri behar da, bi erregistratzailerekin horni dadin.

Bihar-etzi Erregistroren bat zatituz gero, horrek liburu-egunkari bakar eta erkidea izango du, zatiketaren ondoriozko erregistro guztientzat.

Aurreko bi kasuez landara, egun Erregistro bakoitzari dagokion lurralde-mugabarrua aldatzeko, herri-beharrizanen bat edo komenigarritasun arrazoiren bat izan behar da; beharrizan hori espedientean agerrarazi ostean, Estatu-kontseiluari entzungo zaio.

275bis artikulua Erregelamendu bidez zehaztutakoaren ariora, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ordezpen-zerrenda egin behar du, Jabetza Erregistro bateko erregistratzaile batek edo batzuek beste Erregistro bati dagozkion agiriak kalifikatu eta luzatu ahal izateko.

Zerrenda horretan, probintzia bereko edo mugakideak diren probintzietako erregistratzaileak sar daitezke, baina ordezpenak ez dira sekula izango elkarrekikoak.

276. artikulua. Erregistratzaile bakoitzak izango du bere lerrundegiko zenbakiaren arabera dagokion kategoria.

Lehenenengo mailako kategoria dute, lerrundegiko lehenengo 125 zenbakietarik bat dutenek; bigarren mailakoa, 126 eta 250 zenbakien artekoa dutenek; hirugarren mailakoa, 251 eta 375 zenbaki bitartekoek, eta laugarrenekoa, hurrengo guztiek.

Urte bakoitzeko urtarrilean, Zuzendaritzak jabetza-erregistratzaileen lerrundegia osatzen du, erabateko antzinatasunaren arabera; antzinatasun hori izendapenaren datatik hasten da zenbatzen, baldin eta erregistratzailea karguaz jabetu bada horretarako epe-mugaren barruan, eta karguaz jabetzeko datatik, gainerako kasuetan. Betiere, erregistratzaile bakoitza zein Erregistroz arduratzen den adierazi behar da, baita erregistratzaile horren kategoria ere.

Gerogarrenean Erregistro postu hutsak hornitzeko, lerrundegi horren hurrenkera izango da kontuan.

277. artikulua. Erregistratzaileen Kidegoan sartzeko, oposizioa gainditu behar da, Zuzendaritza Nagusiak idatzitako Erregelamenduak agindutakoaren arabera.

Oposizioa gainditzen dutenek erregistratzailegaien kidegoa osatzen dute; horiek benetako erregistratzaile bihurtzeko, 284. artikuluaren hirugarren lerrokadan xedatutakoa bete behar da.

Bost erregistratzailegai bakarrik geratzen direnean erregistratzaile bihurtzeko, Zuzendaritzak beste oposizio baterako deialdia egiten du, berrogeita hamar plaza bete daitezen, eta gehieneko kopuru hori ezin daiteke inola hori zabaldu.

278. artikulua. Justizia Ministerioak izendatzen ditu erregistratzaileak.

279. artikulua. Inor erregistratzaile izendatzeko, betekizun hauek gauzatu behar dira:

1. Espainiarra, gizonezkoa eta hogeita hiru urtekoa baino zaharragoa izatea.

2. Zuzenbideko lizentziaduna izatea.

280. artikulua. Ezin daitezke erregistratzaile izan:

1. Birgaituak izan ez diren porrot eginak eta konkurtsopekoak.

2. Estatuari zein funts publikoei begira zordun direnak, dela bigarren mailako zergadun bezala, dela kontu egilespenaren ondorioz.

3. Prozesu kriminala izan dutenak, horien kontra espetxealdi-autoa eman bada, eta auto hori ondorerik gabe geratu ez bada.

4. Zigor astunen kondena jaso dutenak.

281. artikulua. Bateraezinak dira erregistratzaile kargua eta udaleko nahiz eskualdeko epaile nahiz fiskal kargua, notario kargua eta, oro har, edozein kargu zein enplegu publiko, kontuan hartu gabe kargu horiek jabetzapean edo ordezpenaren bidez betetzen diren, edota estatu, probintzia nahiz udalerriaren funtsekin ordaintzen diren.

282. artikulua. Norbait erregistratzaile izendatzen denetan, pertsona horrek ordaindu behar du Erregelamenduak zehaztutako fidantza, karguaz jabetu ahal izateko.

Erregistratzaile izendatutakoak fidantzarik jarri ezean, legeak baimendutako bankuren batean gordailutu behar du berak sortutako zerbitzu-sarien laurdena, harik eta bermearen zenbatekoa osatu arte.

283. artikulua. Erregistratzaileek jarritako fidantza eta, hala denean, gordailua itzultzen ez diren bitartean, horiek erregistratzaile karguaren ondoriozko erantzukizunei lotuta geratzen dira, erregistratzaileon beste edozein betebeharri baino lehen.

Fidantza eta, hala behar denean, gordailua ez zaizkie erregistratzaileei itzultzen horiek euren kargua utzi arte.

284. artikulua. Erregistroetako postu hutsak hornitzen dira, erregistratzaileen arteko antzinatasun lehiaketa zorrotzaren bidez; antzinatasuna zehazten da, lehiaketa ebaztean indarrean dagoen lerrundegiaren arabera.

Diziplina-zuzenketa moduan erregistratzaileei igotzeko aukera kendu bazaie, erregistratzaileok ezin dute halako lehiaketetan parte hartu, zuzenketak dirauen bitartean.

Lehiaketan ez bada agertzen Erregistroko postu hutsa eskatzen duen erregistratzailerik, Erregistroa erregistratzailegaien bidez hornituko da, Auzitegi azterlariak horiei emandako zenbaki hurrenkeraren arabera.

285. artikulua. Erregistroak hornitzeko lehiaketetan antzinatasuna zenbatzeko, eta horretarako bakarrik, ulertzen da bi urtetan zehar zerbitzuak Gineako lurraldeetan eman dituztenek Penintsulako edozein erregistrotan sei urte eman dituztenen besteko antzinatasuna dutela.

286. artikulua. Erregistratzaileek euren destinoak elkarri trukatzeko, arrazoi zuzenen bat izan behar dute Zuzendaritza Nagusiaren iritzirako; gainera, trukaketa egiteko hurrengo inguruabarrok bete behar dira:

1. Erregistratzaileek kategoria bera izatea.

2. Trukatu beharreko Erregistro baten produktuek ez gainditzea bestearen produktuen laurdena, azken bosturtekoaren datuak kontuan hartuta.

3. Trukatzaileak hirurogeita lau urtetik beherakoak izatea.

Trukaketa onartuz gero, erregistratzaile trukatzaileek ezin dute beste Erregistrorik lortu lehiaketa edo beste trukaketa baten bidez, eta ezin dute borondatezko eszedentziaren adierazpenik jaso, harik eta bi urte igaro arte, trukaketa onartu zenetik zenbatzen hasita.

287. artikulua. Jabetza-erregistratzaileek nahi izanez gero, eszedentzia eska dezakete, gutxienez urtebeterako.

Epe hori igaro ostean, jardunean has daitezke berriro, lehiaketa arruntaren bidezko postu hutsak eskatuz.

Ez da onartuko borondatezko eszedentziaren gaineko eskabiderik, interesdunaren kontra espedienteren bat ireki denean, horri kargua kendu edo aldatzeko, zuzenketaren bat ezartzeko, edota antzeko helbururen bat gauzatzeko.

Legebiltzarretako kide izateagatik, eszedentzia egoeran dauden erregistratzaileak egoera berean izango dira karguok dirauten bitartean; erregistratzaileok eska dezakete euren Erregistroa erreserbatzea, ordezkaritza kargua utzi eta gero berriro bertan hasteko jardunean.

288. artikulua. Lanegunetan erregistratzaileak ezin irten daitezke euren egoitza ofizialetik bulego orduetan, kasu hauetan izan ezik:

1. Eskubide errealen eta ondasun eskualdaketen gaineko zergen ondorioz bildutako funtsak emateko edo bestelako arrazoi zuzenen bat gauzatzeko irten behar direnean; betiere, audientziaren presidenteari azaldu behar diote zein egunetan eta zertarako irteten diren, eta euren lekuan ordezko bat jarri behar dute, Erregistroaz ardura dadin.

Halakoetan, erregistratzai leak eginbeharra betetzeko behar den denbora bakarrik eman dezake kanpoan, eta Audientziaren presidenteari jakinarazi behar dio noiz itzuli den.

2. Irteteko lizentzia lortu dutenean.

Zuzendaritzak urtero bi hilabeteko lizentziak eman ditzake gehienez, beraren iritziz horretarako arrazoi zuzena dagoenean.

Ministroak beste hilabete bat gehiago luza dezake epe hori.

Audientziaren presidenteek berehala azaldu behar diote Zuzendaritzari erregistratzaileak noiz irten eta noiz itzultzen diren.

289. artikulua. Erregistratzaileak euren borondatearen kontra kargutik kendu edo lekutik aldatzeko, epaia edo Justizia-ministroaren agindua behar da; ministroak Zuzendaritzak instruitutako espedientearen arabera emango du agindu hori, behin interesdunari entzun eta gero eta bidezko deritzen txostenak aztertu ostean.

Justizia Ministerioak agin dezan erregistratzailea kargutik kendu edo lekutik aldatzea, espedientean egiaztatu behar da erregistratzaile horrek hutsegiteren bat egin duela bere kargua betetzean edo hutsegite horren ondorioz izen ona galdu duela jendearen aurrean; betiere, Estatu-kontseiluari entzun behar zaio.

290. artikulua. Erregistroa aldatu edo kentzeagatik erregistratzaileak bere kargua uzten duenean, ulertzen da erregistratzaile hori nahitaezko eszedentzian dagoela; erregistratzaile horrek berehala eskatu behar du beste Erregistro bat, egiten diren lehiaketetan.

Eszedentzia egoerak dirauen bitartean, eta gehienez sei hilabeteko epean, klase pasiboei buruzko legeriak aintzatesten dizkion eskubideak izango ditu erregistratzaileak, kontuan hartuta, bai jardunean eman dituen urteak, baita, hurrengo artikuluaren aginduz, beraren kategoriaren arabera erretiro kasuan legokiokeen soldata arautzailea ere.

291. artikulua. Erregistratzaileek erretiroa lor dezakete berori eskatzeagatik, behar bezala egiaztaturiko ezintasun fisikoa izateagatik edota hirurogeita bost urte betetzeagatik.

Erregistratzaileak erretiroa har dezake Administrazioak aginduta ere, estatuaren legeria orokorrak ezarritako kasuetan.

Hirurogeita hamar urte bete dituen erregistratzaileak nahitaez hartu behar du erretiroa.

Sailkapenaren ondoreetarako, hurrengoak hartzen dira soldata arautzailetzat, betiere, klase pasiboei buruzko legeriaren arabera izan beharreko hartzekoari begira bakarrik, eta erregistratzaileei hori baino kopuru handiagorik ez dagokienean:

a) Erretiroa hartzean lehenengo mailako kategoria pertsonala eta lerrundegiko lehenengo hamabi zenbakietako bat duten erregistratzaileentzat, mugarteko magistratuen soldata; hamahirugarrenetik berrogeita hamarrera arteko zenbakia dutenentzat, igoerako magistratuena; eta berrogeita hamaikagarrenetik ehun eta hogeita bosgarrenera artekoa dutenentzat, sarrerako magistratuena.

b) Bigarren mailako kategoria pertsonala dutenentzat, mugarteko lehen auzialdiko epaileen soldata.

c) Hirugarren mailako kategoria pertsonala dutenentzat, igoerako lehen auzialdiko epaileen soldata.

d) Eta, azkenez, laugarren mailako kategoria pertsonala dutenentzat, sarrerako lehen auzialdiko epaileena.

292. artikulua. Erregistratzaileak karguez jabetu eta gero, euren lurraldeko audientziaren presidenteari ordezko bat izendatzeko proposa diezaiokete, horrek haien absentzia eta gaixotasunak bete ditzan; zeregin horretarako, erregistratzaileok Erregistro bereko ofizialen bat edo konfiantzazko beste edonor aukera dezakete.

Audientziaren presidentea proposamenarekin ados egonez gero, horrek ordezkoa izendatuko du behingoan; zio larriren baten ondorioz proposamena onartu ezean, audientziaren presidenteak erregistratzaileari eskatuko dio beste proposamen bat egitea.

Ordezkoak bere eginkizunak betetzen ditu erregistratzailearen erantzukizunpean, eta, horrek hala eskatuz gero, ordezkoa bere kargutik ken daiteke.

293. artikulua. Urte amaieran, erregistratzaileek ondasun higiezinen besterentzeei, haien gaineko eskubide errealei eta urtean eratutako hipoteka zein maileguei buruzko orriak idatzi eta Zuzendaritza Nagusira bidali behar dituzte, Erregelamenduak zehaztutako moduan eta bertan aipatu inguruabar guztiak jasota.

294. artikulua. Erregistratzaileek jasoko dituzte Justizia Ministerioak onetsitako arantzeleko zerbitzu-sariak, eta erregistroen ibileranahiz artatze-gastuak ordainduko dituzte.

295. artikulua. Jabetza Erregistratzaileen Elkargo Nazionalaren izatea, antolaketa eta baliabide ekonomikoak erregelamendu bidez zehaztu behar dira, baita horren helburuak ere, batik bat elkartze helburuak eta helburu mutualistak.

XII. TITULUA ERREGISTRATZAILEEN ERANTZUKIZUNA ETA DIZIPLINA-ARAUBIDEA

LEHENENGO ATALA Erregistratzaileen erantzukizuna

296. artikulua. Erregistratzaileek erantzukizun zibila dute ondoko arrazoiak direla-eta eragindako kalte-galeren gain, eta horien ordaina eman behar dute, lehenik, euren fidantzekin eta, bigarrenik, gainerako ondasunekin:

1. Erregistroan aurkezten diren tituluen idazkunak, inskripzioak edo aurreneurrizko idatzoharrak liburu-egunkarian ez egiteagatik legeak ezarritako epe-mugan.

2. Eginiko inskripzio, ezerezte, aurreneurrizko idatzohar edo bazterreko oharrak okerrak edo zehaztugabeak izateagatik.

3. Inskripzio edo idatzoharren bat ez ezerezteagatik horretarako oinarridun ziorik izan gabe, edota bazterreko oharren baten idazkuna ez egiteagatik, kasuan kasuko epe-mugan.

4. Inskripzio, aurreneurrizko idatzohar edo bazterreko oharren bat lege honek ezarritako titulu eta betekizunik gabe ezerezteagatik.

5. Ondasun higiezin edo eskubide errealei buruzko inskripzio zein askatasun ziurtagirietan okerrak edo ez-egiteak gauzatzeagatik, edota ziurtagiriok lege honek ezarritako epe-mugan ez emateagatik.

297. artikulua. Inskribatutako tituluaren akatsen batek eragin baditu aurreko artikuluan aipatu oker, zehaztugabetasun edo ez-egiteak, horiek kasu batean bakarrik egotzi ahal zaizkio erregistratzaileari: tituluaren akatsak ageri-agerian ekarri behar zuenean inskripzio, idatzohar edo ezerezteari ezezkoa ematea edo horiek etetea.

298. artikulua. Edozein motatako idazkunetan eginiko okerrak zuzendu arren, erregistratzaileak erantzukizuna izango du idazkunok zuzendu aurretik horiek eragin dituzten kalte-galeren gain, baldin eta okerrok ez badira kasuan kasuko tituluetan egindakoen ondorio.

299. artikulua. Erregistratzailearen ardurapeko Erregistroan ordezkoren bat badago eta horren jarduerak kalte-ordainak eta isunak badakartza, orduan erregistratzaileak izango du horien gaineko erantzukizuna, eta bere fidantza zein ondasunekin gauzatuko du erantzukizun hori.

300. artikulua. Erregistratzailearen oker, asmo gaizto edo zabarkeriaren ondorioz eskubide erreala edo hori erreklamatzeko akzioa galtzen duenak erregistratzaileari behingoan eska diezaioke galdutakoaren zenbatekoa.

Arrazoi berberen ondorioz betebeharra ziurtatzen duen hipoteka bakarrik galtzen duenak erregistratzaileari bi gauza eskatu ahal dizkio, eta erregistratzaileak aukeratuko du horietatik zein gauzatu: galdutako hipoteka bezalako beste bat eratzea edo aseguratutako zenbatekoa behingoan gordailutzea, unea heltzen denean betebeharra betetzea eskatu ahal izateko.

301. artikulua. Erregistratzailearen oker, asmo gaizto edo zabarkeriaren ondorioz inskribatutako zama edo mugapen batetik aske geratzen denak eta erregistratzaileak berak erantzukizun solidarioa izango dute, hutsegite horren ondorioz erregistratzaileak eman behar dituen kalte-ordainen ordainketaren gain.

302. artikulua. Aurreko artikuluaren kasuan erregistratzaileak eman dionean kalte-ordaina kaltedunari, hutsegitearen ondorioz onurak atera dituenaren kontra egikari dezake berreskaera-eskubidea, ordaindutakoa erreklamatzeko.

Kaltedunak onuradun horren kontra zuzentzen duenean akzioa, eta ez duenean jasotzen kalte-ordain osoa edo horren zati bat, erregistratzailearen kontrako berreskaera-eskubidea egikari dezake, zenbateko hori erreklamatzeko.

303. artikulua. Hutsegitea zein Erregistrotan gauzatu, eta horren gaineko eskumena duen auzitegian edo epaitegian aurkeztu eta burutu behar da erregistratzaileari erantzukizuna eskatzeko jartzen den demanda.

304. artikulua. Epai betearazlean erregistratzaileari kalte-galerak ordaintzeko kondena ezartzen zaionean, ediktuak argitaratu behar dira Estatuko Aldizkari Ofizialean eta kasuan kasuko probintziako aldizkarian, baldin eta erantzukizun horiek fidantzarekin ordaindu behar badira, kondenatuak kalte-ordainaren zenbatekoa ordaindu ez duelako.

Ediktu horri esker, erregistratzaile berberaren egintzen ondorioz euren burua kalteduntzat jotzen dutenek ere demanda jar dezakete; halakorik jarri ezean, epaia laurogeita hamar eguneko epean beteraraziko da.

305. artikulua. Laurogeita hamar eguneko epe horretan erreklamaziorik aurkezten bada, epaiaren betearazpenak etenda iraungo du erreklamazioen inguruko ebazpen irmoa egon arte, kasu batean izan ezik: fidantza ageri-agerian nahiko denean erreklamazio horien zenbatekoa ordaintzeko, betearazpen-agindua bete ostean.

306. artikulua. Fidantza ez denean nahiko bidezkotzat jotzen diren erreklamazio guztiak estaltzeko, horren zenbatekoa laindu behar da erreklamazioak aurkeztu dituztenen artean.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, erregistratzailearen erantzukizuna horren gainerako ondasunetara ere hedatzen da.

307. artikulua. Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak behingoan aldi baterako kargurik gabe utzi behar du betearazpen-aginduan kalte-galerak ordaintzera kondenatua izan den erregistratzailea, baldin eta horrek hamar eguneko epean ez badu fidantza osatzen edo berreratzen, edota erreklamazioa aurkeztu dutenei aseguratzen ez badizkie kasuan kasuko epaiketen emaitzak.

308. artikulua. Erregistratzailearen egintzen ondorioz kalteak jasan dituenak ez badu demandarik jartzen 304. artikuluan ezarritako laurogeita hamar eguneko epe-mugan, kaltedun horri fidantzaren edo erregistratzaileak dituen ondasunen gerakina eman behar zaio, 301. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

309. artikulua. Kalte-ordaina eskatzeko demanda onartu ostean fidantza ez bada nahiko horren zenbatekoa ziurtatzeko, orduan epaile edo auzitegiak aginduko du erregistratzailearen ondasunen gain aurreneurrizko idatzoharra egitea, auzijartzaileak hala eskatuta.

310. artikulua. Erregistratzaileari kalte-galerak eta isunak ordaintzeko kondenak ezartzen zaizkionean, lehenengoak ordaindu behar ditu lehendabizi.

311. artikulua. Erregistratzailearen egintzek eragindako kalte-galeren ordaina eskatzeko akzioa urtebeteko epean preskribatzen da, ordain hori erreklamatzeko aukera ematen duten galerak ezagunak direnetik; edonola ere, akzio horren iraupena ezin izan daiteke Kode Zibilak akzio pertsonalen preskripziorako ezarritakoa baino luzeagoa, hutsegitea egin denetik zenbatzen hasita.

312. artikulua. Epaile edo auzitegiari erregistratzaile baten kontrako demanda aurkezten zaionean horren egintzek eragindako galeren ordaina eskatzeko, epaile zein auzitegi horrek berehala eman behar dio demandaren berri Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari, baita, unea heltzen denean, demanda horren gain ematen den epaiaren berri ere.

2. ATALA Erregistratzaileen diziplina-araubidea

313. artikulua. Jabetza, merkataritza eta ondasun higigarrien erregistratzaileen diziplina-araubideari dagokionez, hurrengo artikuluetan eta gainerako garapen arauetan ezarritakoa aplikatu behar da.

Arau berezirik izan ezean, estatuaren funtzionario zibilen diziplina-eraentzari buruzko arauak aplikatuko dira osagarri moduan, arau-hausteen tipifikazioa izan ezik.

Jabetza, merkataritza eta ondasun higigarrien erregistratzaileen arau-hauste oso astun, astun edo arinak dira hurrengoak:

A) Arau-hauste oso astunak dira:

a) Zerbitzua uztea.

b) Erregistroko fede publikoa ematea dela eta, dolozko delitua dakarten jokabideak gauzatzea, baldin eta Administrazioari nahiz norbanakoei kaltea eragin badiete jokabideok eta epai irmoan adierazi bada horiek delitu direla.

c) Dirua zuritzearen kontrako aurreneurriak hartzeari buruzko xedapenak, zerga arlokoak, baloreen merkatuari buruzkoak edota aplikatu beharreko legeria berezian ezarritakoak modu astunean hausteagatik, ebazpen irmoan ezarritako administrazio-zehapena dakarten jokabideak gauzatzea, baldin eta arau-hauste horrek zuzeneko lotura badu erregistratzailea bere lanbidean aritzearekin.

d) Lege edo erregelamenduetan xedaturikoaren kontrako tituluak edota bertan ezarritako oinarrizko forma nahiz erregelen kontrakoak inskribatzea, baldin eta inskripzio horrek kalte larriak badakarzkie titulua aurkeztu duenari, hirugarrenei zein Administrazioari, eta akatsa ez bada zuzenbidearen interpretazioari buruzkoa edo iritzien ingurukoa.

e) Bi urteko epean arau-hauste astunak egitean berrerortzea, horien gaineko ebazpen irmorik badago.

f) Modu larrian ez betetzea, dela Nazioko Gobernukideen eta Estatuaren Administrazio Nagusiko Goi Karguen Bateraezintasunen 12/1995 Legean, maiatzaren 11koan, jasotako bateraezintasunei buruzko arauak, dela Herri Administrazioen Zerbitzuan diharduten Langileen Bateraezintasunen 53/1984 Legean, abenduaren 26koan, jasotakoak.

g) Arantzel-eskubideak jasotzea, horiei buruzko xedapenak hautsiz.

h) Aurkeztutako tituluen kalifikazioa arrazoirik gabe eta orokorrean atzeratzea.

i) Hurrengo betebeharrak ez betetzea: erregistratzailearen sinadura elektroniko aurreratua zaindu eta erabiltzeko betebeharra; sinadura elektronikoa sortzeko segurtasun-eragingailua galdu, desbideratu nahiz narriatu dela salatzeko betebeharra; edota eragingailu horren sekretua zein bakarrekotasuna arriskuan jartzen duen egoera salatzeko betebeharra.

j) Halaber, arau-hauste oso astunak dira ondokoak:

1. Lanbidean aritzean Konstituzioari zor zaion fideltasun-eginbeharra ez betetzea.

2. Arraza, sexua, erlijioa, hizkuntza, iritziak, jaioterria zein auzotartasuna dela bide, edota bestelako inguruabar nahiz baldintza pertsonala zein gizartekoa dela medio, bereizkeria dakarren lanbide jarduera gauzatzea.

3. Neutraltasun edo independentzia politikoa urratzea, norberaren eskumenak erabiliz edozein motatako eta esparruko hautespen-prozesuan eragina izateko; halaber, askatasun publikoen nahiz sindikatu-eskubideen egikaritza oztopatzea.

B) Arau-hauste astunak dira:

a) Dirua zuritzearen kontrako aurreneurriak hartzeari buruzko xedapenak, zerga arlokoak, baloreen merkatuari buruzkoak edota aplikatu beharreko legeria berezian ezarritakoak modu astunean hausteagatik, ebazpen irmoan ezarritako administrazio-zehapena dakarten jokabideak gauzatzea, baldin eta arau-hauste horrek zuzeneko lotura badu erregistratzailea bere lanbidean aritzearekin eta ezin bada hartu hutsegite oso astun moduan.

b) Eskatutako eginkizunak betetzeari ezezkoa ematea behin eta berriro horretarako arrazoirik izan gabe, edota bi egun baino gehiago bizilekutik kanpo izatea eta, horren ondorioz, kaltea eragitea hirugarrenei; zehatzago esanda, erregistratzaileak ezezkoa ematea ezarritako epean eta moduan aurkezte-idazkuna emateari, kalifikazioa egiteari, oharra egin eta horren arrazoiak azaltzeari, jakinarazpena egiteari, idazkunak gauzatzeari edota espedientea egiteari.

c) Zenbait jokabide gauzatzea, baldin eta jokabideok oztopatzen badute indarreko legeriak jabetza, merkataritza edo ondasun higigarrien erregistratzaileei ezarritako kalifikazio-betebeharra inpartzialtasun, dedikazio eta objektibotasunez betetzea, edota arriskuan jartzen badituzte erregistratzaileon eginkizun publikoa gauzatzeko beharrezkoak diren zintzotasun nahiz independentzia-eginbeharrak.

d) Erregistratzaileak bere eginkizuna non gauzatu eta toki, alde edo barruti horretan elkarjotze larriak gertatzea behin eta berriro, haren eta agintari, interesdun edo beste erregistratzaileen artean, haren jarrera ez-bidezkoen ondorioz.

e) Erregistroko legeriak edo korporazioaren erabaki lotesleak ezarritako eginbeharrak modu larrian ez betetzea behin eta berriro, bai eta erregelamendu bidez agindutako elkargo-gastuak ez ordaintzea ere.

f) Erregistroko datuetan telematikaren bidez sartzea errazteko eginbeharra ez betetzea behin eta berriro.

g) Ordu jakin batzuetan jendea hartzeko betebeharra ez betetzea behin eta berriro.

h) Bi urteko epean arau-hauste arinak berregitea, horien gaineko ebazpen irmorik badago.

i) Halaber, arau-hauste astunak dira hurrengoak:

1. Lanari aurrea ez hartzea, horrek eragina badu zerbitzuaren ohiko ibileran eta jarduera hori ezin bada hartu hutsegite oso astun moduan.

2. Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoari zor zaion obedientzia ez izatea.

j) Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 13ko 2/1995 Legearen 134. artikuluan xedatutako epeak ez betetzea behin eta berriro.

C) Erregistroko legeriak edo, hori oinarritzat hartuta, administrazio-ebazpenak nahiz korporazioaren erabakiak ezarritako eginbehar eta betebeharrak ez betetzea diziplinazko arau-hauste arina da, baldin eta jarduera hori ezin bada kalifikatu arau-hauste astun edo oso astun moduan; horretarako, administrazio edo korporazio organo eskudunak eginbeharrok betetzeko errekerimendua egin behar dio erregistratzaileari esanbidez.

Errekerimenduak esanbidez aipatu behar du manua, hori betetzeko epea eman behar du, eta erregistratzaileari ohartarazi behar dio ez-betetzeak diziplinazko arau-hauste arina ekar dezakeela.

Hurrengo kasuetan, Justizia-ministroak edo Erregistro eta Notariotzaren zuzendari nagusiak jar diezaiokete zehapena Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoko gobernu organoetako kideei, eta kasuok arau-hauste astun moduan hartuko dira edo, haien agintaldian behin eta berriro gauzatzen badira, arau-hauste oso astun moduan:

a) Kideok euren eginbeharrak modu larrian edo behin eta berriro betetzen ez dituztenean, baldin eta horrek lege, erregelamendu edo korporazio manuren bat haustea badakar.

b) Kideok nahitaez bete beharreko jarraibide, zirkular, ebazpen edo administrazio-egintzak bete nahi ez dituztenean, edo behar ez bezala nahiz akats larriekin betetzen dituztenean.

c) Baliozkotasunez hartutako korporazio erabakiak betetzen ez dituztenean edo behar bezala betetzen ez dituztenean, doloz zein zabarkeria larriaz jardunda.

314. artikulua. Erregistratzaileei ondoko zehapenak jarri ahal zaizkie, Erregistroko legerian horien fidantza enbargatzearen inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe:

a) Ohartarazpena.

b) Isuna.

c) Absentzia, lizentzia edo borondatezko lekualdaketaren eskubideak etetea, gehienez bi urtetan.

d) Karrerako antzinatasunean ehun postu atzeratzea.

f) Nahitaezko lekualdaketa.

g) Eginkizunak etetea, gehienez bost urtetan.

h) Zerbitzutik banantzea.

Isunaren zehapenak hiru eskala-tarte ditu: txikia, 600 eta 3 000 euro bitartekoa; ertaina, 3 001 eta 12 000 euro bitartekoa; eta nagusia, 12 001 eta 30 000 euro bitartekoa.

Arau-haustea behin eta berriro eginez gero, zenbateko hori biderka daiteke, ordaindu beharreko isunaren ehuneko ehunean, gehienez jota.

Arau-hauste oso astunak zigortzeko, zehapen hauek ezarriko dira: azken tarteko isuna, nahitaezko lekualdaketa, eginkizunen etetea eta zerbitzutik banantzea.

Arau-hauste astunak zigortzeko, zehapen hauek ezarriko dira: eskala-tarte ertainetik gorako isuna, absentzia, lizentzia edo borondatezko lekualdaketaren erregelamendu-eskubideen etetea eta atzeratzea.

Arau-hauste arinen kasuan, zehapena bakarrik izan daiteke ohartarazpena, tarte txikiko isuna edo absentzia, lizentzia nahiz borondatezko lekualdaketaren erregelamendu-eskubideen etetea.

Zehapenak mailakatzeko, kasuan-kasuan kontuan hartu behar dira hurrengo datuok, batik bat: egindako arau-hausteak duen garrantzia Erregistroko eginkizuna betetzeari begira; arau-haustea egiteko asmorik izan den edo hori behin eta berriro egin den; eta eragindako kalteen norainokoa.

Arau-hauste astun edo oso astunaren ondoriozko zehapena jartzeak berarekin dakar, zehapen erantsi moduan, Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargo Nazionaleko gobernu organoetako kide izateko gaitasuna kentzea, birgaitua izan arte.

Zerbitzutik banandutako erregistratzaileak baxa hartuko du lerrundegian eta bere eskubide guztiak galduko ditu, aurreikuspenaren ondoriozkoak izan ezik, horiek bidezkoak direnetan.

315. artikulua. Zehapenak jartzeko organo eskudunak dira Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargo Nazionala, Gobernu-batzaren edo Lurralde zein Autonomia Batzen bidez, Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusia, eta Justizia-ministroa.

Espainiako Jabetza Erregistratzaileen eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargo Nazionalak ohartarazpenak egin eta tarte txikiko nahiz ertaineko isunak jar ditzake, Gobernu-batzaren edo Lurralde zein Autonomia Batzen bidez.

Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Lurralde zein Autonomia Batzei erreserbatu ez zaizkien zehapenak jartzea, zerbitzutik banantzea dakarrena izan ezik.

Justizia-ministroak bakarrik jar dezake zerbitzutik banantzea dakarren zehapena.

316. artikulua. Arau-hauste arinak lau hilabetetan preskribatzen dira; arau-hauste astunak, bi urtetan; eta oso astunak, lau urtetan; epe horiek guztiak zenbatzen hasten dira arau-haustea egin denetik.

Kasu horietan, epe berberak igaro behar dira zehapenak preskribatzeko, horiek ezartzen dituen ebazpena irmoa denetik zenbatzen hasita.

Prozedura penala hasi arren, egitate berberen gain diziplina-espedientea ere has daiteke, baina espediente horretan ez da ebazpenik emango harik eta auzi penaleko epaia edo largespen-autoa irmoa izan arte.

Betiere, prozedura penalaren ebazpenak jasotako egitate frogatuen adierazpena loteslea da diziplina-espedientean emango denari begira, bide batean eta bestean egitate horien kalifikazio juridikoa desberdina izan arren.

Egitate berberen gain zehapen penala eta diziplinazkoa emateko, desberdinak izan behar dira oinarri juridikoak eta babestutako ondasun juridikoa.

317. artikulua. Epaitegi eta auzitegi eskudunek har ditzaketen kautelazko neurriak bazter utzita, ohartarazpen eta isunaren diziplina-zehapenak betearazi behar dira administrazio-bidea agortu ostean.

Atzeratzea, lekualdaketa, eginkizunen etetea zein zerbitzutik banantzea dakarten zehapenak betearazi behar dira, horiek irmoak direnean.

Zerbitzutik banantzearen kasuan Justizia-ministroak eta gainerako kasuetan Erregistro eta Notariotzaren zuzendari nagusiak agin dezakete erregistratzailearen eginkizunak behin-behinean etetea, horren inguruan arau-hauste oso astun edo astunaren ondoriozko diziplina-prozedura hasi denean, baldin eta etete hori beharrezkoa bada espedientearen instrukzio egokia ziurtatzeko edota herri-interesari zein hirugarrenei eragindako kalteak amaitzeko.

Behin-behineko etetea erabakitzen duen ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren kontra errekurtso bereizia jar daiteke.

Zehapena jaso duten erregistratzaileek lor dezakete euren espedienteetan jasotako zehapenak ezereztea. Horretarako, hutsegite arinen kasuan, urtebete igaro behar da agindu, ebazpen edo erabaki zehatzailea irmo bihurtu zenetik, hutsegite astunen kasuan, bi urte, eta hutsegite oso astunen kasuan, hiru urte; zehapenaren ondoreak luzeagoak izanez gero, beharrezkoa da epe horiek igarotzea.

318. artikulua. Hipoteka Erregelamenduak ezarritako prozedura arruntaren bidez bakarrik jar daitezke arau-hauste astun eta oso astunen ondoriozko zehapenak.

Ebazpena eman eta hori jakinarazteko gehieneko epea bederatzi hilabetekoa da, eta epe hori beste hiru hilabetez luza daiteke, prozedura hastea erabaki zuen organoak emandako ziodun erabakiaren bidez.

Arau-hauste arinen ondoriozko zehapenak prozedura laburtuan jarriko dira, erruztatuari entzun eta gero.

Halakoetan, ebazpena eman eta hori jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa da.

Gehieneko epeok igaro eta gero, prozedura iraungitzen da, baina iraungitzeak berez ez dakar arau-haustearen preskripzioa.

XIII. TITULUA INSKRIBATU EZ DIREN AGIRIAK

319. artikulua. Estatuko epaitegi edo auzitegi arrunt zein bereziek, kontseiluek eta bulegoek ez dute onartuko Erregistroan agerrarazi gabeko agiri edo eskriturarik, agiri edo eskritura horien bidez eratu, aintzatetsi, eskualdatu, aldarazi edo azkentzen badira Erregistroan inskribatu beharreko eskubide errealak, eta agiria aurkeztearen helburua bada hirugarrenaren kalterako egikaritzea inskripziorik izan ez duen eskubide bat.

Eskubide horiek jadanik Erregistroan inskribaturik badaude, gorago adierazitako auzitegi, kontseilu eta bulegoetan ez da agiri edo eskriturarik onartuko, eskubidearen egikaritzak ukitzen duen pertsona edozein izanik ere.

Ez da debeku hori aplikatzen, agiri nahiz eskriturak ondore fiskal edo zerga ondoreetarako aurkezten direnean.

Ondasunak edukitzaile moduan dituenaren kontra jabetza nahitaez kentzearen ondoriozko espedientea hasten denean, ez da beharrezkoa Erregistroak egoera horren fede ematea.

320. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, inskribatu beharko zatekeen eta inskribatu ez den agiria onar daiteke, baldin eta hori aurkeztearen helburua bada gerogarrenean inskribatutako titulua berrestea edota Erregistroa zuzentzeko akzioa egikaritzea bakarrik.

321. artikulua. Halaber, aurreko artikuluan aipatu agiria onar daiteke, hori aurkezten denean inskripzioa oztopatzen duen idazkun baten deuseztasuna adierazteko eta, ondorenez, idazkun hori ezerezteko.

XIV. TITULUA KALIFIKAZIOAREN KONTRAKO ERREKURTSOAK

322. artikulua. Agiriaren edo horren klausula zehatzen gaineko ezezko kalifikazioa ondokoei jakinarazi behar zaie: agiria aurkeztu zuenari, aurkeztutako titulu hori eskuetsi zuen notarioari eta, hala behar denean, agiria egin duen agintari judizial edo funtzionarioari.

Jakinarazpen hori egin behar da Herri Administrazioen Eraentza Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, 58 eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ondore horretarako, baliozkoa izango da telematikaren bidez eginiko jakinarazpena, interesdunak hala eskatu bazuen titulua aurkeztu zuenean, eta hori modu sinesgarrian agerrarazi bada.

Edu berean, klausula zehatzen gaineko ezezko kalifikazioa jakinarazi behar da, inskripzioa eteten duen edo inskripzioari ezezkoa ematen dion kalifikazio horrek ez duenean titulu osoa ukitu, eta titulua zatika inskriba daitekeenean, interesdunak hala eskatuta.

Halakoetan, jarraian idazkunak egin daitezke, idazkunok oztopatzen ez badute etendako edo ezetsitako klausulak bihar-etzi inskribatu ahal izatea, kalifikazioaren aurka jarritako errekurtsoari oniritzia eman zaiolako.

Errekurtsoa jarri bada, erregistratzaileak kasuan kasuko idazkunaren bazterrean oharra egingo du, ezetsitako itun edo klausulen edukia modu laburrean baina nahikoan agerraraziz.

Horretarako, ulertzen da jakinarazpenak egiteko egoitza balioduna dela titulua aurkeztu zenean aurkezleak aipatutakoa, salbu eta tituluan beste bat zehaztu denean ondore horietarako.

Titulua eskuetsi zuen notarioari edo hori luzatu zuen agintari judizial edo funtzionarioari dagokionez, jakinarazpena euren idazguan, egoitzan edo administrazio-bulegoan egin behar da.

323. artikulua. Kalifikazioa ezezkoa bada edo erregistratzaileak ezezkoa ematen badio epe barruan kalifikatu ez diren tituluak inskribatzeari, ulertzen da aurkezte-idazkuna hirurogei eguneko epean luzatzen dela berez, aurreko artikuluak aipatu azken jakinarazpenaren datatik.

Data hori agerrarazi behar da aurkezte-idazkunean egindako bazterreko oharraren bidez.

Aurkezte-idazkuna indarrean dagoen bitartean, kalifikatutako titulua berriro aurkezten bada kalifikazio-oharrak zehaztu akatsak ongitu gabe, luzapenaren iraupena eta gobernu-errekurtsoa jartzeko epea zenbatuko dira kalifikazio hori jakinarazi zenetik.

Aurkezte-idazkuna indarrean dagoen bitartean, interesdunak, titulua eskuetsi zuen notarioak eta, hala denean, titulua egin zuen agintari judizial edo funtzionarioak eska dezakete Hipoteka Legearen 42.9 artikuluko aurreneurrizko idatzoharra egin dadin, aurreko artikuluan aipatu hirurogei eguneko epean.

324. artikulua. Erregistratzaileak eginiko ezezko kalifikazioaren kontra errekurtsoa jar daiteke Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian, hurrengo artikuluetan ezarritako moduan nahiz izapideekin.

Jabetza Erregistroa zein autonomia-erkidegotan izan eta autonomia-estatutuen arabera bertako jurisdikzio organoen eskumenekoa denean errekurtsoa, errekurtso hori jurisdikzio organo eskudunari jarriko zaio.

Errekurtsoa Zuzendaritza Nagusian jarri bada, horrek harako organoari bidaliko dio.

325. artikulua. Errekurtso hori jartzeko legitimazioa dute:

a) Inskripzioa zein pertsona fisiko edo juridikoren izenean egin eta pertsona horrek; eskualdatzaile moduan edo bestelako arrazoi baten ondorioz inskripzioaren ondoreak ziurtatzeko interes ezaguna duenak; eta horretarako batzuen zein besteen legezko nahiz borondatezko ordezkaritza duenak ageri-agerian edo ordezkaritza hori modu kautoan egiaztatzen duenak. Ordezkaritza modu akastunean egiaztatzen bada edo egiaztatzen ez bada, horretarako ematen den epean ongitu behar da akatsa; epe hori ezin izan daiteke hamar egunetik gorakoa, salbu eta kasuan kasuko inguruabarrek kontrakoa agintzen dutenean.

b) Betiere, titulua eskuetsi zuen notarioak edo, titulua norbaiten ordez eskuetsi bazen, notario ordeztuak.

c) Betearazpen-agindua, manamendua edo aurkeztutako titulua eman duen agintari judizial nahiz funtzionario eskudunak.

d) Legeen arabera Fiskaltza alderdi izan behar bada prozedura zibil edo penaletan eta kalifikazioa bada agintari judizialak prozedura horietan emaniko agiriei buruzkoa, Fiskaltzak; horrez gain, zenbaki honen arabera interesdun direnek ere legitimazioa dute.

Erregistratzaileak kalifikazioan aipatutako akatsak ongitu arren, legitimazioa duten guztiek errekurtsoa jar dezakete, baita akatsa ongitu zuenak ere.

326. artikulua. Errekurtsoa izan behar da erregistratzailearen kalifikazioarekin zuzeneko eta berehalako lotura duten arazoen gainekoa bakarrik; uziari ezetza eman behar zaio, horren oinarria bada bestelako arrazoiren bat, edota epe barruan eta modu egokian aurkeztu ez den agiria.

Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa da, kalifikazioa jakinarazi zenetik zenbatzen hasita.

Errekurtsoaren idazkiak hurrengo datuok aipatu behar ditu gutxienez:

a) Errekurtsoa zein organori jartzen zaion.

b) Errekurtsogilearen izen-abizenak, eta, hala behar denean, horren kargua eta destinoa.

c) Errekurtsoa zein kalifikazioren aurka jartzen den, kalifikatutako agiria, egitateak eta zuzenbidearen oinarriak adierazita.

d) Tokia, data, errekurtsogilearen sinadura, eta, hala behar denean, jakinarazpenak egiteko modua eta tokia.

e) Errekurtsoa lege honen 327. artikuluaren hirugarren lerrokadan ezarritakoaren arabera aurkeztu bada, kalifikazioa egin duen erregistratzailea zein Erregistrokoa izan eta Erregistro horren egoitza zehaztu behar da, errekurtsoa jaso duen organoak berehala bidal diezaion erregistratzaile horri.

Kapitulu honek aipatzen dituen epeak zenbatu behar dira Herri Administrazioen Eraentza Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 37/1992 Legeak, azaroaren 26koak, xedatutakoaren arabera.

327. artikulua. Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiari begira kalifikazioa egin duen Erregistroan aurkeztu behar da errekurtsoa; horrekin batera, kalifikatutako titulua aurkeztu behar da, hori jatorrizkoa nahiz lekukotza bidezkoa izan, bai eta eginiko kalifikazioaren kopia ere.

Errekurtsoa jaso eta gero, kalifikazioa egin duen Erregistroaren titularrak egiaztatze-ordainagiria eman behar du, haren aurkezpen-data zehaztuz, edo, hala denean, eduki berberarekin errekurtsogileak aurkeztu dion kopiari zigilua jarri behar dio.

Halaber, errekurtsoa aurkez daiteke Herri Administrazioen Eraentza Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, 38.4 artikuluak aipatu erregistro eta bulegoetan, baita edozein Jabetza Erregistrotan ere, errekurtso hori berehala bidaltzeko errekurtsopeko kalifikazioa egin duen erregistratzaileari edo inskripziorik egin ez duenari.

Azken horretan errekurtsoa jaso ostean, aurreko lerrokadan xedatutakoa egin behar da.

Aurkezte-idazkunaren luzapenari dagokionez, errekurtsopeko kalifikazioa egin duen edo inskripziorik egin ez duen Jabetza Erregistroan errekurtsoa noiz sartu eta egun horretan jarri dela errekurtsoa ulertzen da.

Titulua eskuetsi zuen notarioak edo hori luzatu zuen agintari judizialak zein funtzionarioak errekurtsorik jarri ezean, erregistratzaileak horiei bidali behar die errekurtsoa bost eguneko epean, hurrengo bost egunetan bidezko deritzen alegazioak egin ditzaten.

Halaber, Erregistroan aurkeztu, inskribatu, idatzoharretan jaso edo bazterreko oharraren bidez agerrarazi diren eskubideen titularrei ere bidaliko die errekurtso hori, baldin eta egunen batean emango den ebazpenak kalte egin ahal badie.

Gaitziritzia eman duen oharraren oinarria denean agintari edo erakunde publikoren batek eman beharreko lizentzia nahiz baimena eman ez dela, edota pertsona fisiko zein juridikoren batek eman beharreko adostasuna eman ez dela, erregistratzaileak horiei jakinaraziko die errekurtsoa jarri dela, hala behar denean.

Errekurtsoa eta, hala denean, aurkeztu diren alegazioak ikusi ostean, kalifikazioa egin zuen erregistratzaileak hori zuzen dezake idazkiok Erregistroan sartu eta hurrengo bost egunetan, eskatutako inskripzioa osorik edo zati batean eginez, eskatutakoaren arabera; erregistratzaileak errekurtsogileari komunikatu behar dio bere erabakia eta, hala denean, baita notarioari, agintari judizialari edo funtzionarioari ere, inskripzioa egin eta hurrengo hamar egunetan.

Erregistratzaileak bere kalifikazioari eusten badio, espedientea egingo du, ondokoa jasota: kalifikatutako titulua, egindako kalifikazioa, errekurtsoa, beraren txostena eta, hala behar denean, errekurtsorik jarri ez duen notario, agintari judizial zein funtzionarioaren alegazioak; aurreko zenbakian aipatutako epea igaro eta hurrengo bost egunetan, espedientea Zuzendaritza Nagusiari bidali behar dio, bere erantzukizunpean.

Manu honetan zehaztutako txostenak epe barruan egin ez arren, prozedurak aurrera egingo du ebazpena eman arte, atzerapen horrek ekar ditzakeen erantzukizunei kalterik egin gabe.

Errekurtsopeko kalifikazioa egin duen Jabetza Erregistroan errekurtsoa sartu denetik, Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabeteko epea du, ebazpena eman eta hori jakinarazteko.

Epe hori igaro eta ez bada ebazpenik eman, ulertzen da gaitziritzia eman zaiola errekurtsoari eta jurisdikzio bidea irekitzen da, atzerapen horrek ekar dezakeen diziplina-erantzukizunari kalterik egin gabe.

Errekurtsoari oniritzia eman dion esanbidezko ebazpena «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu ostean, hori loteslea izango da Erregistro guztiei begira, auzitegiek bera deuseztatzen ez duten bitartean.

Ebazpenaren deuseztapena irmoa denean, deuseztapen hori modu berean argitaratu behar da.

Errekurtsoari oniritzia eman bazaio, erregistratzaileak inskripzioa egin behar du, ebazpenak agindutakoaren ariora.

Ebazpenak oniritzia eman badio errekurtsoari horren gaineko idazkun egokiak egingo dira, eta gaitziritzia eman badio, egiteke zeuden idazkunak egingo dira; horretarako epeak zenbatuko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean ebazpena argitaratu eta bi hilabete igaro ostean, eta bien bitartean, aurkezte-idazkunaren luzapenak jarraituko du indarrean.

Administrazio-isiltasunaren ondorioz errekurtsoari ustezko gaitziritzia eman bazaio, gobernu-errekurtsoa jarri zenetik urtebete eta egun baliodun bat igarotakoan muga-eguneratuko da aurkezte-idazkunaren luzapena.

Horretarako, betiere, beharrezkoa da hurrengo artikuluan aipatu errekurtso judizialen berririk ez izatea erregistratzaileak.

Kalifikatutako agiriak inskribatu badira kalifikazioak adierazi zituen akatsak ongitu direlako, inskribatutako eskubidearen titularrak bere adostasuna eman behar du idazkuna zuzen dadin, eta zuzenketa horrek ondoreak sortuko ditu, Hipoteka Legearen 34. artikuluak ezarritakoari kalterik egin gabe.

328. artikulua. Erregistratzaileen kalifikazioen kontrako errekurtsoetan Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak emandako esanbidezko zein isilbidezko ebazpenei errekurtsoa jar dakieke jurisdikzio zibileko organoetan; halakoetan, ahozko epaiketaren arauak aplikatu behar dira.

Demanda bi hilabeteko epean jarri behar da, interesdunari ebazpena jakinarazi zaionetik zenbatzen hasita; administrazio-isiltasunaren bidez errekurtsoari gaitziritzia eman zaionean, epea urtebetekoa da, gobernu-errekurtsoa jarri zenetik zenbatzen hasita. Ondasun higiezina zein tokitan izan eta toki horri dagokion probintziaren hiriburuko auzitegietan jarri behar da demanda edo, hala denean, Ceuta eta Melillako auzitegietan.

Demanda jartzeko legitimazioa dute Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian errekurtsoa jartzeko legitimazioa dutenek.

Horretarako, behin espedientea jaso eta gero, auzitegiak interesdun moduan agertu direnak epatuko ditu, auzian ager eta aurkez daitezen, bederatzi eguneko epean.

Ebazpenak oniritzia emanez gero, horren kontrako errekurtsoa jartzeko legitimazioa izango dute, hala ezeztatutako kalifikazio-oharra sinatu zuen erregistratzaileak, nola eskubideen titularrek, horiei jakinarazi zaienean errekurtsoa jarri dela.

Estatuaren abokatuak ordezkatu eta defendatzen du Estatuaren Administrazioa.

Hori gorabehera, Administrazioak zuzeneko interesa duenean eskubidea inskriba dadin, demanda Fiskaltzaren kontra zuzendu behar da.

Errekurtso judizialik jarriz gero, aurkaratutako ebazpenaren betearazpena eten egingo da, ebazpen hori irmoa izan arte.

Hala ere, prozesuaren edozein unetan alderdiak hala eskatzen badu, epaile edo auzitegiak ebazpenaren betearazpena agin dezake, interesdunei entzun ostean eta interes ukituak kontuan hartuta.

Kasu horretan, epaile edo auzitegiak fidantza egokia jartzea agin diezaioke eskatzaileari.

Kalifikatutako tituluak jasotzen duen egintza zein negozioaren edo tituluaren eragingarritasuna edo eragingabetasuna dela-eta, interesdunek elkarren kontra jo dezakete, eta artikulu honetan ezarritakoak ez dio kalterik egiten eskubide horri.

Edozein kasutan ere, prozedura judizialak ez du geldiaraziko errekurtsoaren behin betiko ebazpena.

Tituluaren baliozkotasuna adierazteko demanda proposatzen duenak eska dezake demanda hori aurreneurriz idatzohar dadin, eta idatzohar horrek atzeraeraginezko ondoreak izango ditu aurkezte-idazkunaren data arte; data horrez geroztik, demandaren aurreneurrizko idatzoharra demandaren datatik bakarrik izango da eragingarria.

329. artikulua. Aplikatu beharreko zehapenei kalterik egin gabe, erregistratzaileak ezezkoa eman badio ezarritako epean eta moduan aurkezte-idazkuna emateari, kalifikazioa egiteari, oharra egin eta horren arrazoiak azaltzeari, jakinarazpena egiteari, idazkunak gauzatzeari edota espedientea egiteari, kexa-errekurtsoa jar daiteke Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian hilabeteko epean; errekurtso hori hipoteka-legerian agindutakoaren arabera gauzatuko da.

Emandako ebazpena jurisdikzio bidean aurkara daiteke, jurisdikzio organoek gobernu-errekurtsoaren ebazpena berrikustearen inguruan ezarritakoa kontuan hartuta.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Hurrengo aipamenen inguruko erreferentzia geroko titulu edo inskripzioetan egin arren, aipamenok iraungi egiten dira, eta horiek ez dutenez ezelako ondorerik sortzen, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta ezereztu ahal dira:

A) 1945eko uztailaren 1ean hamabost urte edo gehiago dituzten aipamenak.

Modu berezian eta bananduta inskribatu beharreko eskubideen aipamenek hamabost urte baino gutxiago dituztenean eta 1945eko urtarrilaren 1etik bi urtera oraindik aipamenok behar bezala inskribatu edo idatzoharrean jaso ez direnean, edota data horretan Jabetza Erregistroetako eskubide pertsonalen aipamenekin gauza bera gertatzen denean, aipamenok bi urteko epean iraungitzen dira eta ez dute ezelako ondorerik sortzen; epe hori igarota, erregistratzaileek ofizioz edo alderdiek eskatuta ezereztu behar dituzte aipamen horiek.

B) Seniparte-aipamenak edo seniparte-eskubideen ondoriozko loturen ingurukoak, baldin eta 1945eko urtarrilaren 1ean hogeita hamar urte baino gehiago dituzten oinordetzek eragin badituzte eskubideok.

Mota horretako aipamenak oraintsuagokoak direnetan, 15. artikuluan ezarritako iraungitze epea 1945eko uztailaren 1ean hasten da zenbatzen, eta epe hori ezin izan daiteke hogeita hamar urtetik gorakoa, kausatzailea hil zenetik zenbatzen hasita.

Bigarrena

1945eko uztailaren 1ean hamabost urte edo gehiago dituzten aurreneurrizko idatzoharrak iraungi egiten dira, eta, ondorenez, horiek ezereztu behar dira, alderdi interesdunak hala eskatuta.

Egun horretan bi urte baino gehiago eta hamabost baino gutxiago dituzten aurreneurrizko idatzoharrek lau urteko luzapen bakarra izan dezakete, hurrengo bi urteetan; epe hori edo, hala denean, luzapena igaro ostean, idatzoharrok iraungitzen dira eta, alderdi interesdunak hala eskatuta, horiek ezereztu behar dira.

Lege honen 76. artikuluko aginduek arautzen dituzte berori indarrean jartzean bi urte baino gutxiago dituzten aurreneurrizko idatzoharrak.

Hirugarrena

Kreditua muga-eguneratu zenetik zenbatzen hasi eta 1945eko urtarrilaren 1ean hogeita hamar urte baino gehiago izanik aldarazi ez diren hipoteka-inskripzioak iraungitzen dira hurrengo kasuetan: data horretatik bi urtera berriztatzen ez direnean; horien preskripzioa eteten ez denean; edota hipoteka-akzioa behar bezala egikaritzen ez denean. Halaber, data hori baino lehen eratutakoak ere iraungitzen dira, hogeita hamar urte betetzen dituzten heinean, baldintza eta betekizun berberekin.

Laugarrena

1945eko urtarrilaren 1ean indarrean dauden edukitza-inskripzioek izango dituzte aurreko legerian ezarritako ondoreak, bai eta data hori baino lehen hasitako informazioaren arabera egiten direnek ere.

Bosgarrena

1945eko urtarrilaren 1az geroztik hipotekaren ondorioz hasitako exekuzio-prozedurei lege hau aplikatzen zaie, nahiz eta data hori baino lehen inskribatutako hipotekei buruzkoak izan, edota exekuziorako prozedura bereziren bat itundu.

Edozein kasutan ere, exekuzio-prozedura arrunta erabil daiteke, edota lege bereziek onartutakoa, hori bidezkoa denetan.

Hipotekaren ondoriozko exekuzio-prozeduretan emandako epaiak aurreko legeriaren arabera inskriba daitezke, baldin eta prozedurok data hori baino lehen hasi badira.

Seigarrena

Egungo Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiko teknikarien kidegoko funtzionarioek zerbitzuan hamabost urte betetzen dituztenean, funtzionariook klasean bost urteko antzinatasuna duten lehen mailako notarioekin berdinesten dira, 1945eko uztailaren 5eko Dekretuaren arabera; edu berean, funtzionario horiek jabetza-erregistratzaileekin berdinesten dira, karguaz jabetu direnetik duten antzinatasuna kontuan hartuta.

Zazpigarrena

28. artikuluak jarauntsi-inskripzioen ondoreei ezarritako mugapena bertan ezarri bezala zenbatzen da, 1945eko uztailaren 1az geroztik egindako inskripzioetan bakarrik.

Aurretiaz egindakoetan, aurreko legeriak arautzen du mugapen hori.

Zortzigarrena

Lege hau argitaratzean, sailkapen horren arabera egungo lerrundegi zenbakiari dagokiona baino kategoria handiagoko Erregistroan lan egiten duten erregistratzaileek 1946ko abenduaren 31z geroztik kategoria horri eutsiko diote ondore guztietarako, klase txandaren ondoreetarako izan ezik.

Bederatzigarrena

Erregistro postu hutsak hornitzeko lehiaketetarako deialdia 1946ko abenduaren 31 baino lehen egin bada, 1909ko abenduaren 16ko Hipoteka Legeak eta geroko xedapen osagarriek arautzen dituzte lehiaketok.

Gineako lurraldeetan bi urte eman dituzten erregistratzaileen antzinatasuna, 285. artikuluak aipatzen duena, 1947ko urtarrilaren 1ean hasiko da zenbatzen.

Hamargarrena

1946ko abenduaren 31n iraungitzat joko dira erregistratzaileei Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusian eta gainerako ministerio zentroetan emandako zerbitzu-eginkizun guztiak, inolako salbuespenik gabe; aurrerantzean halako eginkizunak agintzeko, lege honek zehatz-mehatz ezarritako baldintzak eta mugapenak izan behar dira kontuan.

AZKEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

AZKEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lege hau argitaratzean, indarrik gabe geratzen dira ondokoak: 1909ko azaroaren 16ko Hipoteka Legea, 9. xedapen iragankorraren lehenengo lerrokadak agindutakoa salbu; 1944ko abenduaren 30eko Eraldaketa Legea; Justizia Ministerioak 1945eko maiatzaren 24an emandako Dekretua, urte bereko ekainaren 5ean emandakoa eta hilabete bereko 14ko Agindua, azken hori betearazteko eman zena.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra