Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

11/2014 Legea, uztailaren 3koa, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea aldatzen duena

2014-07-03

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/07/04, 162. zk.

bcl_1568662790.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7009 11/2014 Legea, uztailaren 3koa, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honakoa ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Honako legearen xedea da urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea aldatzea, haren prebentzio alderdiak indartzeko, haren aplikazioarekin loturiko hainbat alderdi sinplifikatu eta hobetzeko, bai eta Europako Parlamentuaren zein Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EE Zuzentarauaren —Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/35/EE Zuzentaraua aldatzen duena— 38. artikuluan xedatutakoaren transposizioa egiteko ere.

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen bidez Europako Parlamentuaren zein Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/35/EE Zuzentarauak xedatutakoa txertatu zen gure antolamendu juridikoan. Lege horrek ingurumen-kalteen konponketari buruzko administrazio-araubide berria ezarri zuen, eta horren arabera ingurumenean kalteak eragiten dituzten edo eragin dezaketen operadoreek kalteak gerta daitezen ekiditeko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte edo, kalteak eragin badira, kaltetutako natura baliabideak kaltearen aurretik zeuden egoerara itzultzekoak. Halaber, legearen III. eranskineko jarduerak burutzen dituzten operadoreek finantza-bermea izan beharko dutela xedatzen du, jarduera horiekin loturiko ingurumen-erantzukizunari aurre egin ahal izateko.

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak Gobernua gaitzen du, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren eta bere eskumenen esparruan, honakoak garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapenak eman ditzan: legearen IV. kapitulua, finantza-bermeen araubide juridikoari buruzkoa baita; I. eranskina, espezie basatien artean edo habitetan eragindako kalteen maila zehazteko irizpideei buruzkoa baita; II. eranskina, ingurumen-kaltearen konponketari buruzkoa baita; eta VI. eranskina, herri administrazioek ingurumen-erantzukizunaren arloan Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari igorri behar dioten informazioari buruzkoa baita.

Gaikuntza hori baliatuz, abenduaren 22an 2090/2008 Errege Dekretua eman zuen Gobernuak, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea zati batean garatzeko araudia onartzen baitu. Besteak beste, derrigorrezko finantza-bermearen oinarrizko alderdiak arautzen ditu horrek: zenbatekoa zehaztu, finantza-bermearen modalitateak —abala, erreserba teknikoa eta aseguruaren poliza—, baita derrigorrezko finantza-bermearen zenbatekoa zehazteko prozedura ere.

II

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EE Zuzentaraua, itsas zabalean burutzen diren petrolio eta gasarekin loturiko lanen segurtasunari buruzkoa, 2013ko ekainaren 28ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean

argitaratu zen, eta honakoa aldatzen du: 2004ko apirilaren 21eko 2004/35/EE Zuzentaraua, itsas zabalean burutzen diren petrolio eta gasarekin loturiko lanetan istripu larriak prebenitzeko eta horien ondorioak mugatzeko gutxieneko betekizunak ezartzen dituena. Aipatu zuzentarauak uretan eragindako kalteen definizioaren aldaketa ezarri zuen, 2004ko apirilaren 21eko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/35/EE Zuzentarauan jasotako definizioa, hain zuzen, operadorearen erantzukizuna itsas urei aplikatzen zaiela ziurtatzeko.

Lege honen bidez, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen 2.1.b) artikulua aldatzen da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/35/EE Zuzentarauaren aldaketa gure ordenamendura ekartzeko. 2013ko ekainaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/30/EE Zuzentarauak 38. artikuluan jasotzen duen aldaketa da hori.

III

Legeak paragrafo berria gehitzen du legearen aplikazio-eremuari buruzkoa den 3. artikuluan, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren interes orokorreko herri-lanen kasuan izango duen aplikazio-eremua zehazteko. Era berean, paragrafo bat gehitzen du 7. artikuluan, Estatuko Administrazio Orokorrak egoki diren prebenitzeko, ekiditeko edo konpontzeko neurriak har daitezen exijitzeko duen eskumena ezartzen duena, betiere, haren eskumenekoak diren interes orokorreko herri-lanak direnean.

IV

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea aplikatzearen ondoriozko esperientziak agerian utzi du prebenitzeko alderdiak indartu behar direla, eta horretarako, egokitzat jotzen da ingurumen-arriskuen analisia ingurumen-arriskuen kudeaketarako tresna gisa erabil dadin bultzatzea.

Xede horrekin 17 bis artikulua gehitu da, eta bertan jasotzen denez, ingurumenkalteak eragin ditzaketen jarduerak burutzen dituzten operadoreek ingurumen-arriskuen analisia beren borondatez egin dezaten bultzatuko du agintaritza eskudunak, ingurumenarriskua gutxitzeko eta hura kudeatzeko neurri gisa.

V

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legean ezarritako ingurumenerantzukizunaren erregimena aplikatzeko hainbat alderdi sinplifikatu dira, operadore ekonomiko zein herri administrazioei begira; horrek ez du, ordea, legearen xedean murrizketarik eragingo, zein baita ingurumen-kalteak prebenitzeko, ekiditeko eta konpontzeko operadoreek duten erantzukizuna arautzea, Konstituzioaren 45. artikuluarekin zein prebentzio eta «kutsatzen duenak ordaintzen du» dioen printzipioekin bat.

Herri Administrazioen Erreformarako Batzordeak (CORA) egindako txostenean aurreikusitako neurriak betetzea da helburua, ingurumen-erantzukizunari dagokionez, administrazioaren zamak sinplifikatu eta murrizteaz ari baita.

Sinplifikazio hori lortuko bada, beharrezkotzat jo da finantza-bermeen inguruko IV. kapituluaren hainbat xedapen aldatzea, besteak beste, 24.1 artikuluaren idazketa, bermea jartzera behartuta ez dauden operadoreek —legearen 28. artikuluan jasotako salbuespenekin bat— beren borondatez jar dezaketela zehazteko. Horren helburua da ingurumen-arriskuen analisiak ingurumen-arriskuen kudeaketarako tresna gisa erabil dadin sustatzea. Era berean, ingurumen-erantzukizunaren sistemari segurtasun juridiko gehiago emateko eta finantza-bermea eratzeko prozeduran administrazioaren zamak murrizteko,

24.3artikulua aldatzen da, eta horrela, finantza-bermea zehazteko prozedura arintzen da, hura eratu behar duen operadoreak berak zehazten baitu zenbatekoa, jardueraren ingurumen-arriskuen analisia aintzat harturik, bai eta agintaritza eskudunari eratu dela jakinarazi ere.

Gainera, 24.3 artikuluaren idazketa berrian jasotakoaren arabera, finantza-bermearen zenbatekoa jardueraren ingurumen-arriskuen analisia aintzat harturik zehaztuko da. Aldaketaren helburua da legean eta hura zati batean garatzeko erregelamenduan erabilitako terminologia batzea, finantza-bermearen zenbatekoa zehazteko metodoari dagokionez.

Aldatzen da ere 27. artikulua, finantza-bermearen estaldura zabaltzeko, bermatutako subjektuei dagokienez, ingurumen-kalteak eragin ditzaketen jarduerak burutzen diren instalazioetako titularrak ere bermearen baitan jaso baitira.

VI

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen 28. artikuluak, a) eta b) paragrafoetan xedatzen zuenez, hainbat operadore finantza-bermea osatzeko beharretik salbuetsita zeuden, eragin zitzaketen kalteak konpontzeko kostea aintzat harturik; baina

III.eranskinaren barruko operadore guztiak behartzen zituen ingurumen-arriskuaren analisia egitera, horrek dakartzan gastuekin.

Kontuan hartua, alde batetik, legearen III. eranskinean agertzen diren operadore guztiek finantza-bermea eratzeko duten betebeharrak —28.a) eta b) artikuluan jasotzen dira salbuespen bakarrak—, giza baliabideei zein diruari begira, zama handia ekartzen diela, bai ekonomia operadoreei bai herri-administrazioei; eta bestetik, arau honek prebentzio alderdiei aitortzen dien garrantzia, uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez —hipoteka-zordunei laguntzeko, gastu publikoa kontrolatzeko eta toki erakundeek enpresa zein autonomoekin egin dituzten zorrak deuseztatzeari buruzko neurriak, enpresa jarduera sustatzeko eta administrazioaren eraberritze eta sinplifikazioa bultzatzeari buruzkoak xedatzen dituena—, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen aldaketa egin zen, 28. artikuluan d) paragrafo berria gehitzeko, derrigorrezko finantza-bermea eratzeko beharraren salbuespenei buruzkoa. Horren arabera, erregelamendu bidez ezarritako jarduerak burutzen dituzten operadoreek ez dute derrigorrezko finantza-bermea eratu beharko, eta ondorioz, ez diote proposamena igorri beharko agintaritza eskudunari, 24.3 artikuluan aurreikusitako prozedura aplikatzeko. Horrenbestez, eta egindako aldaketaren ildoari jarraiki, lege honek finantza-bermea derrigorrez eratzetik salbuetsita geratuko diren jarduerak —ingurumenean kalteak eragiteko ahalmena txikia delako edo istripua gertatzeko aukera gutxi dagoelako— erregelamendu bidez zehazteko oinarri izango diren irizpideak arautzen ditu.

VII

Legearen 30. artikulua ere aldatu da, aseguru-polizen gutxieneko edukia ahalik eta homogeneoena izan dadin, kontzeptu batzuek berezko erregulazioa izan dezaten egokitzat jo baita, hain zuzen, finantza merkatuetan momentu oro dagoen eskaintza nola garatu eta bilakatzen ari den aintzat harturik egokiro eguneratu ahalko den erregulazioa.

Derrigorrezko finantza-bermearen indarraldiari buruzkoa den 31.1 artikulua ere aldatzen da, jarduera martxan den denbora guztian zehar hura indarrean egon beharko dela zehazteko, eratzea derrigorrezkoa den unetik jarduera eten egiten den momentura arte, hain zuzen.

Legearen IV. kapituluaren barruan 33. artikulua aldatzea beharrezkotzat jo da, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ingurumen-kalteak konpentsatzeko funtsari buruzkoa baita. Aldaketaren xedea funtsaren erregulazioa egun nazio mailan dauden arauetara egokitzea da, haien mendekoa baita; izan ere, gaur egun, kaudimengabeziaren egoeran dauden aseguru-etxeen likidazio sistema erabiltzen baita, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak kudeatzen duena, hain zuzen. Sistema hori berme mekanismoa da aseguruaren arlo guztietako aseguratuentzako, eta egoera gertatuz gero, ingurumen-erantzukizunarekin loturikoa ere estali ahalko luke. Hori dela eta, erredundantzia ekiditeko, artikuluaren jatorrizko idazketan jasotzen zen kaudimengabeziaren funtsa kendu egiten da eta mantendu aseguruaren estaldura

luzatzen duena polizaren indarraldian zehar eragindako baina agerpen geroratua duten kalteak estaltzeko.

VIII

Halaber, hainbat alderdi aldatzen dira VI. kapituluan, hain zuzen, ingurumenerantzukizuna exijitzeko prozedurei aplikatu beharreko arauei buruzkoak, horien tramitazioa hobetzeko asmoz. Hasteko, 41. artikulua aldatzen da, ingurumenerantzukizuna exijitzeko prozedura abiarazteko izapideak zehazteko. Ingurumenerantzukizuna exijitzeko prozedurak ebazteko epea, 45.3 artikuluan ezartzen baitzen, aldatu da ere.

IX

Amaitzeko, lege honen bidez, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legearen hamargarren xedapen gehigarria ezabatu egiten da, herri-lanen ingurumenerantzukizuna arautzen baitu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/35/EE Zuzentarauaren transposizioa hobetzeko xedez; ingurumenkalteak prebenitzeko zein konpontzeko ingurumen-erantzukizunari buruzko zuzentaraua baita.

Artikulu bakarra. Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea aldatzea

Urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunaren 26/2007 Legea honela geratzen da idatzita:

Bat. 2.1. artikuluko b) lerrokada honela geratzen da idatzita:

«b) Uretan eragindako kalteak, hau da, efektu kaltegarri nabarmenak sortzen dituzten kalte guztiak:

1.Azaleko zein lurpeko ur-masen egoera ekologiko, kimiko eta kuantitatiboan, bai eta ur-masa artifizialen eta asko eraldatutakoen ahalmenean ere. Ondorio horietarako uren inguruko legeek jasotako definizioei kasu egingo zaie.

Efektu kaltegarriak ez dira urei eragindako kaltetzat joko Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren 39. artikulua aplikatu behar bazaie.

2.Itsas uren egoera ekologikoan, abenduaren 29ko Ingurune Itsastarraren Babeserako 41/2010 Legeak emandako definizioaren arabera; ingurune itsastarraren egoera ekologikoaren hainbat alderdi Uren Legearen testu bategina onestekoa den uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan jasota egon daitezkeela aintzat harturik.»

Bi. Paragrafo berri bat, 6.a, gehitzen zaio 3. artikuluari. Hona nola geratzen den idatzita:

«6. Estatuaren Administrazio Orokorraren eskumeneko interes orokorreko herri-lanen kasuan, honela aplikatuko da legea:

a) Babestutako espezie eta habitatei egindako kalteei, itsasoko zein itsasadarretako ur, lur eta urertzetan egindakoei, eta horiek gertatzeko hur-hurreko mehatxuei, III. eranskinaren zerrendan ageri diren jarduera ekonomiko edo profesionalek eragindakoak direnean, nahiz eta dolo, erru edo zabarkeriarik ez egon.

b) Babestutako natura espezie eta habitatetan eragindako kalteei, III. eranskinean zerrendatutako jarduera profesional ez direnek egindakoak, eta jarduera horietako baten ondoriozko kalte horien hur-hurreko edozein mehatxuri, operadorearen aldetik errua edo zabarkeria egon bada.

Gai horren inguruko erkidegoen arauek aurreko lerrokadak dioena erkidegoen titulartasun zein eskumeneko herri-lanei aplikatzea xedatu ahalko dute, aparteko garrantzia badute eta Estatuarenak diren interes orokorrekoen interes baliokidea badute.»

Hiru. Paragrafo berri bat, 7.a, gehitzen zaio 7. artikuluari. Hona nola geratzen den idatzita:

«7. Lege hau beteko bada, Estatuko Administrazio Orokorrak exijitu beharko du egoki diren prebentzio, ekidite eta konponketa neurriak har daitezen, haren eskumeneko interes orokorreko herri-lanak direnean, lege honetan bertan aurreikusitako ingurumen-kalteen gaineko dagokion prozeduraren instrukzioaren bidez. Kalteak edo kaltea gertatzeko mehatxuak autonomia erkidegoren baten tutoretzapeko natur baliabideak eragiten dituenean, dena delako erkidegoaren organo eskudunak egindako txostena beharko da.

Aparteko garrantzia eta Estatuarenak diren interes orokorrekoen interes baliokidea duten herri-lanen kasuan, titulartasuna eta eskumena autonomia erkidegoren batena bada, horiek izapidetzeko eta aurreko lerrokadan aurreikusitako neurriak hartzeko eskumena erkidegoaren legeek xedatutako organoena izango da.

Lau. 17 bis artikulua gehitzen da. Hona nola geratzen den idatzita:

«17 bis artikulua. Ingurumen-kalteak prebenitu eta ekiditeko neurriak sustatzea.

Ingurumen-kalteak eragin ditzakeen edozein jarduera burutzen duten operadoreek ingurumen arriskuen-analisia beren borondatez egin dezaten bultzatzeko neurriak hartuko dituzte agintaritza eskudunek, jardueraren ingurumenarriskuaren kudeaketa egokia lortzeko xedez.»

Bost. 24. artikulua honela geratzen da idatzita:

«24. artikulua. Derrigorrezko finantza-bermea eratzea

1.III. eranskinean jaso diren jardueren operadoreek, 28. artikuluan aurreikusitako salbuespenak gorabehera, burutu nahi duten jarduerari loturiko ingurumen-erantzukizunari aurre egiten ahalbidetuko dien finantza-bermea eduki beharko dute. Beste operadoreek, berriz, beren borondatez erabakiko dute finantzabermea ezartzea edo ez.

2.Operadoreak zehaztuko du gutxienez bermatua geratu behar denaren zenbatekoa, jarduerak eragin dezakeen kaltearen intentsitatea eta izan dezakeen zabalpena kontuan harturik, erregelamendu bidez ezarritako irizpideekin bat; horrek ez du inolaz ere legeak ezarritako erantzukizuna mugatuko.

3.Operadoreek agintaritza eskudunari jakinarazi beharko diote finantzabermea eratu dutela, artikulu honetako lehen paragrafoak dioenarekin bat derrigorrez eratu behar dutena, hain zuzen. Berme horren zenbatekoa ezartzeko jardueraren ingurumen-arriskuen analisia edo baremo taulak hartuko dira kontuan, gobernuak erregelamenduz ezartzen duen metodologiarekin bat egingo direnak. Agintaritza eskudunak dagozkion kontrol sistemak ezarriko ditu betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko.»

Sei. 27. artikulua honela geratzen da idatzita:

«27. artikulua. Subjektu bermatuak

Subjektu bermatua da ekonomia jarduera edo profesionala burutzen duen operadorea, eta subjektu bermatu gehigarri gisa jaso daitezke operadore horren azpikontratistak, baimendutako jarduera burutzen operadorearekin batera

lankidetzan ari direnak eta jarduera burutzen den instalazioaren titular den pertsona edo erakundea.»

Zazpi. 28. artikulua honela geratzen da idatzita:

«28. artikulua. Derrigorrezko finantza-bermea eratzeko salbuespenak

Ondorengoak salbuetsita egongo dira derrigorrezko finantza-bermea eratzeko:

a) Burututako jarduera dela eta eragindako 300.000 euro baino gutxiagorekin konpon daitezkeen kalteen erantzule diren operadoreak.

b) Burututako jarduera dela eta eragindako 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteen erantzule diren operadoreak; baina horretarako operadoreak egiaztatu beharko du, erakunde independenteek emaniko ziurtagirien bidez, etengabe atxikirik dagoela Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemari (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemari.

c) Nekazaritzako eta abeltzaintzako zein basogintzako lanetarako III. eranskinaren 8.c) eta d) paragrafoek jasotako produktu fitosanitarioak eta biozidak erabiltzen dituzten operadoreak; halaber, 24.3. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena ez dute egin beharko.

d) Ingurumenean kalteak eragiteko ahalmen txikia dutela eta istripua gertatzeko aukera gutxi dagoela kontuan harturik erregelamenduz ezartzen diren jardueren operadoreak; halaber, 24.3. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena ez dute egin beharko.»

Zortzi. 30. artikulua honela geratzen da idatzita:

«30. artikulua. Bermearen muga kuantitatiboa.

1.Derrigorrezko finantza-bermearen estaldura ez da inoiz izango 20.000.000 euro baino gehiago. Edonola ere, bermea estaldura handienarekin eratzen bada ere, agintaritza eskudunari eman beharko zaio 24.3 artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat egindako eraketaren berri.

2.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, Aseguruen eta Pentsiofuntsen Zuzendaritza Orokorra entzun eta gero, bermearen gutxieneko edukia eta onartuko diren mugak —azpimugak, baztertzeak edo jardueraren titularraren kargura dauden frankiziak— erregulatzeko xedapenak aldarrikatu ahalko ditu. Horrela eginda, herri administrazioek bilatzen dutena lortuko dute, hau da, betebeharra duten jardueren titularrek nahiko estaldura izan dezaten beren ingurumen-erantzukizunaren balizko alderdi guztiak betetzeko, finantza merkatuetan momentu oro dagoen bermerako eskaintzarekin bat, hain zuzen.»

Bederatzi. 31.1. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1. Bermea eratua egon beharko da hura exijitzen den momentutik bertatik, erregelamenduz xedatuko baita hori, ingurumen-kaltea eragiten duten gertaera guztiak estali ahal izateko. Operadoreak indarrean gorde beharko du bermea jarduera martxan den denbora guztian zehar, benetako etetea izan arte. Berme horiek indarrean daudela kontrolatzeko dagozkion sistemak ezarriko ditu agintaritza eskudunak, eta aseguru-erakundeek, finantza-erakundeek eta operadoreek beraiek eskatzen zaien informazioa eman beharko dute.»

Hamar. 33. artikulua honela geratzen da idatzita:

«33. artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ingurumen-kalteak konpentsatzeko funtsa.

1.Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak administratu eta kudeatuko du ingurumen-kalteak konpentsatzeko funtsa, zein finantzaketa eta kontabilitateari dagokionez independente izango baita partzuergoak burutzen dituen bestelako jarduerekiko. Ingurumen-erantzukizuna bermatzeko asegurua kontratatzen duten operadoreek aseguruaren priman egindako errekarguaren bidezko ekarpenekin eratuko da funts hori.

Jatorrizko polizan aseguratutako erantzukizunaren estaldura baldintza berberekin luzatzea du xede funtsak, hain zuzen, asegurua indarrean zen garaian baimendutako jarduerak eragindako kalteak izanik, polizak onartzen zituen agerpen edo erreklamazio epeak pasatu ondoren agertu edo erreklamatzen direnak estaltzeko. Erreklamazio horietarako epea da aseguruaren poliza indargabetu zenetik aurrera hura indarrean egon zen urte kopuru bera kontatuta ateratzen dena, gehienez 30 urte.

2.Funtsaren erantzukizuna 24. artikuluak dioenarekin bat zehaztutako kopuruen araberakoa izango da, jarduera aintzat harturik, eta funtsa bera osatzen duen kopurura mugatuta geratuko da. Jarduera zein den aintzat harturik zehazten dira kopuru horiek.»

Hamaika. 41. artikulua honela geratzen da idatzita:

«41. artikulua. Prozeduraren hasiera

1.Lege honetan araututako ingurumen-erantzukizuna exijitzeko prozedurak honela abiaraziko dira:

a) Ofizioz, organo eskudunaren arrazoitutako erabakiaren bidez. Norberaren ekimenak, goragokoaren aginduak edo beste organo batzuen arrazoitutako eskaerak eragindakoa; edo organo eskudunaren iritziz abiaraztea erabakitzeko nahiko arrazoi erakusten duten gertaeren berri emango duen salaketa batek eragindakoa izan daiteke.

b) Operadoreak edo interesa duen beste edonork eskatua.

2.Operadore ez diren interesdunen ekimenez abiarazten denean ingurumenerantzukizuna exijitzeko prozedura, idatziz egin beharko da eskabidea eta ingurumen-kalteak edo, lege honek aurreikusitako eraginei dagokienez, horiek egoteko mehatxuak zein diren zehaztu beharko da. Halaber, eskabidean, posible denean, honakoak jasoko dira:

a) Ustezko erantzulearen ekintza edo ez-egitea.

b) Ustezko erantzulearen identifikazioa.

c) Ekintza edo ez-egitea burutu zen eguna.

d) Kaltea edo kaltearen mehatxua izan den tokia.

e) Ustezko erantzuleak burututako ekintzaren edo ez-egitearen zein kaltearen edo kaltearen mehatxuaren arteko kausalitate-erlazioa.

3.Ingurumen-erantzukizuna exijitzeko prozedura abiarazteko eskabidearen gaineko iritzia emango du organo eskudunak, bai eta eskatzaileari jakinaraziko ere, 10 egun balioduneko epean, eskabidea jasotzen denetik. Operadoreak ez diren interesdunen prozedura abiarazteko eskabideetan aurreko paragrafoan adierazitakoak jaso ez direla ikusten badu organo eskudunak, dagozkion agiriak aurkezteko eskatuko dio eskatzaileari, bai eta horiek aurkezteko hamar egun balioduneko epea emango ere. Akats hori zuzendu ezean, eskatzaileak eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Aurrekoa gorabehera, organo eskudunak eskabidea ez onartzea erabaki dezake, arrazoitutako erabakiaren bidez, argi badago dagokion oinarria ez

duela edo oinarrian berdinak ziren aurreko beste eskabide batzuk ebazpen irmoaren bidez ezetsi badira. Ez onartzeko ebazpen horren aurka legez egoki diren errekurtsoak jarri ahalko dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.

Hamabi. 45.3. artikulua honela geratzen da idatzita:

«3. Agintaritza eskudunak ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, gehienez, 6 hilabeteko epean. Konplexuak diren kasuetan, zientzia zein teknikari dagokionez, epe hori 3 hilabetez luzatu ahalko du agintaritzak, eta luzapenaren berri eman beharko die interesdunei. Interesdunek administrazioaren babesa zein judiziala dutela bermatzearen ondorio bakarrarentzat, aipatutako epe hori pasatutakoan, ofizioz abiarazitako prozedura iraungitzat joko da, agintaritza eskudunaren ebazteko nahitaezko betebeharra gorabehera.

Epe hori eten ahalko da operadoreari kaltea konpontzeko 20.1.b) artikuluak jasotzen duen neurrien proposamena aurkezteko edo, kasua denean, kaltea konpontzeko eskatzen zaionetik benetan horri erantzuna ematen dionera arte.»

Hamahiru. Ezabatu egiten da hamargarren xedapen gehigarria.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Azaroaren 15eko 34/2007 Legea, Airearen Kalitatearen eta Atmosfera Babestearena, aldatzea.

Lerrokada berri bat txertatu da xedapen indargabetzaile bakarraren 1. paragrafoan. Hona nola geratzen den idatzita:

«Aurrekoa gorabehera, jarduera gogaikarri, osasun-galgarri, kaltegarri eta arriskutsuen erregelamenduak 4., 11., 15. eta 20. artikuluetan kokapen eta distantziei buruz jasotzen duen erregulazioa ez da aplikatu beharko ur tratamendurako instalazioetan, hondakin-urak arazteko instalazioetan eta ur gaziei gatza kentzen zaion instalazioetan. Hori horrela izango da alderdi hori analizatu eta, kasua denean, zuzendu bada dagozkion neurrien bidez, hots, eskura dauden teknika onenak edo ingurumen-ebaluazioak horri buruz dioenari hoberen egokitzen zaizkionak edo, kasua denean, atxikitako ingurumen-baimenak edo administrazio titulu baliokideak ezarritakoak baliatuz.»

«Azken xedapenetako bigarrena. Uztailaren 5eko 10/2001 Legea, Plan Hidrologiko Nazionalarena, aldatzea.

III.eranskina zabaltzen da. Interes orokorreko jarduera berriak sartzen dira, hain zuzen, honako lanak:

«● Dueroko demarkazio hidrografikoan:

–Ur Kalitateari buruzko Plan Nazionalaren baitako jarduerak Segovian (Aguilafuente, Zarzuela del Monte, Prádena, Villaverde de Íscar, Ortigosa del Monte, Cabezuela, Nieva eta Santa María la Real de Nieva) .

–Ur Kalitateari buruzko Plan Nazionalaren baitako jarduerak Valladoliden (Castronuño, Nava del Rey, Fesno el Viejoko hondakin-uren araztegia eta kolektoreak)

–Ur Kalitateari buruzko Plan Nazionalaren baitako jarduerak Arribes del Dueron.

–Burgosko hondakin-uren araztegiarekin lotzeko hustubideak (Las Fuentes errekaren kolektorea, Ubierna, Vena eta Arlazón ibaien kolektoreak) .

–Segoviako saneamendua (Alfozeko kolektoreak eta San Cristóbal de Segoviarekiko lotura)

–Burgosko hondakin-uren araztegia zabaltzea.

–Segoviako hondakin-uren araztegia zabaltzea.

– Corteseko (Burgos) hornikuntza eraztuna eta edateko uraren depositua.

● Guadalquivirreko demarkazio hidrografikoan:

–«Plan de Écija» Partzuergoaren udalerrietako uraren goi-horniduraren sistema hobetzea.

● Ebroko demarkazio hidrografikoan:

– Meatze-arroen erdiko aldearen hornikuntza, Las Parras urtegitik.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-tituluak.

Ingurumena babesteko oinarrizko lege izaera du lege honek, Espainiako Konstituzioaren 149.1.23. artikuluak xedatutakoarekin bat autonomia erkidegoek babesteko eman ditzaketen arau gehigarriak gorabehera. Baina bosgarren paragrafotik hamargarrenera doazenak aseguruen oinarrizko lege dira, Konstituzioaren 149.1.11. artikuluarekin bat emandakoak, eta 3. paragrafoa Konstituzioaren 149.1 artikuluak xedatzen dituen 18., 23. eta 24. arauen mende emandako legea da.

45.3artikuluan xedatutako epeak ez du oinarrizko izaera.

Azken xedapenetatik laugarrena Europar Batasunaren zuzenbidea txertatzea.

Lege honek Espainiako antolamendu juridikoan txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EB Zuzentarauaren

38. artikulua; itsas zabalean burutzen diren petrolio eta gasarekin loturiko lanen segurtasunari buruzko araua da hori eta 2004/35/EE Zuzentaraua aldatzen du.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2014ko uztailaren 3an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra