Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

8/2018 Legea, azaroaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 6ko 19/1994 Legea, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena.

2018-11-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/11/06 268zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15139   8/2018 Legea, azaroaren 5ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita uztailaren 6ko

19/1994 Legea, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Uztailaren 6ko 19/1994 Legean (Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena) Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren oinarri ekonomikoak jaso ziren, XX. mendearen amaieran eta XXI. mendeko lehen hamarkadetan Kanarietako ekonomia erregulatzea helburu zutenak. Horretarako, lege-testu horrek mekanismo malguak ezarri zituen, bai nazioarteko eta Europar Batasuneko ingurune ekonomikoan bai maila nazionalean gerta zitezkeen aldaketei aurre egiteko.

Estatu-laguntzen arloko Europar Batasuneko araudiaren berrikuspenak, ordea, Erregimenean aurreikusitako zerga-pizgarriak eguneratu beharra sortu zuen eta halaxe egin zen abenduaren 19ko 15/2014 Errege Lege Dekretuaren bidez. Zehazki, Europar Batasuneko agintariek estatu-laguntzen esparruan definitutako ikuspegi berriari egokitu zitzaion Erregimena, eta horretarako, funtsean, ordura arte erabilitako jakinarazpen eta baimenen eskemaren kaltetan, izaera orokorrarekin aplikatu zen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez adierazten baita zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, EBFTren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Erregimenean jasota dauden xedapenak ez daude Europako erakundeen aldian behingo berrikuspenaren pean, eta aldatu gabe iraun dute hogei urtetik gora. Horri dagokionez, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duen uztailaren 6ko 19/1994 Legea onartu zenetik Espainian eta nazioarteko ekonomian gertatu diren egiturazko aldaketa sakonek Erregimena eguneratu beharra sortu dute, beraren helburuak neurri handiago batean betetzeko aukera emateko. Hain zuzen ere, eguneratze horri ekiten dio lege-testu honek.

Testu honetan, gainera, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena hobetzeko beste aldaketa batzuk bildu dira, hark funtzionatu duen urteetan metatutako esperientzia aintzat hartuta eta haren xedapenetako batzuen eragingarritasuna hobetu nahian.

II

Uztailaren 6ko 19/1994 Legeak onetsitako oinarrizko printzipioak indartzeaz gainera, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren aldaketa horrek legearen atariko tituluan jasotzen ditu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 349. artikuluaren indarrez Kanaria uharteak Europar Batasuneko eskualde ultraperiferiko izendatu izanaren ondoriozko printzipioak; helburua da Kanarietako herritarrek, urruntasuna, uhartetasuna eta egiturazko muga iraunkorrak gorabehera, Europar Batasuneko gainerako herritarrek bezalako aukerak izatea, eta helburu horretarako modulatu behar da Estatuaren jarduna politika ekonomikoetan.

Berariaz aipatzen da, gainera, Erregimenean bildutako neurrietan aintzat hartuko dela, izaera orokorrarekin, hiribururik gabeko uharteen uhartetasun bikoitza.

III

Europar Batasuneko eskualde ultraperiferiko batez ari garela kontuan izanik, uharteetako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta bertako sektore estrategikoen lehiakortasuna sustatzeko neurri ekonomiko batzuk biltzen ditu Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren aldaketak.

Uztailaren 6ko 19/1994 Legearen I. tituluak Kanarietako ekonomiaren eta gizartearen testuinguruan funtsezkoak diren bi arloditu hizpide: garraioa eta telekomunikazioak. Garraioari dagokionez, bidaiarien garraio publiko erregularra, bai airez bai itsasoz, oinarrizko zerbitzu publikoa dela aitortzen da. Ildo horretan, eguneratu egiten da Kanaria uharteetan bizilekua dutenentzako murrizketa-ehunekoa, bai uhartediaren eta gainerako lurralde nazionalaren arteko zuzeneko joan-etorrietarako, bai Kanarietako uharteen arteko joan-etorrietarako. Halaber, bultzada ematen zaio salgaiak itsasoz edo airez uharteen artean, Kanarien eta penintsularen artean eta Kanarien eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeen artean garraiatzeko benetako kostuaren konpentsazioen sistemari.

Beren izaera estrategikoa dela eta, azpimarratu egiten da Kanarietako portu eta aireportuak ezinbestekoak direla uhartediaren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesiorako, eta Kanariak konektatuago egotera bultzatzen duten neurriak aurreikusten dira.

Telekomunikazioak direnaz bezainbatean, Kanaria uharteen urruntasuna, uhartetasuna eta biztanleriaren barreiadura inguruabar bereziak direla kontuan hartuta, neurriak ezartzen dira Kanarietako biztanle guztiei informaziorako eta teknologia berrietarako irispidea bermatzeko Espainiako gainerako lurraldeetan bezalatsu.

Uztailaren 6ko 19/1994 Legearen II. titulua aldatzean, neurri batzuk sartzen dira Kanaria uharteetako energia elektrikoaren ekoizpenaren kostua konpentsatzeko sistemaren inguruan; horien bidez, bermatu nahi da energia elektrikoaren horniduraren prezioak parekoak izatea Kanarietan eta Espainiako gainerako lurraldeetan. Horiek horrela, uhartedian energia elektrikoa ekoizteko mugak daudenez gero, erraztasunak ematen dira energia-kostua murriztea dakarten autokontsumoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatuko dituen erregulazio-esparru bat ezartzeko.

Hondakinen kudeaketa ez dago aurreikusita uztailaren 6ko 19/1994 Legean; horregatik, Kanarietan hondakinen kudeaketaren, balorizazioaren, birziklapenaren eta deskontaminazioaren arriskuak eta ingurumen-inpaktua ahalik gehien murrizteko neurriak sartzen dira, bai eta zenbait hondakinen kontrola hobetzekoak ere.

Horrez gain, konpentsazio-sistema bat ezartzea aurreikusten da, zeinak bermatu behar baitu ur gatzgabetuaren, ur lehengoratuaren edo ur berrerabiliaren prezioak neurrizkoak direla, harik eta gainerako lurralde nazionaleko prezioen parera iritsi arte, bai eta nekazaritzako kontsumorako uraren prezioak ere, laborantza-lurrak ureztatzeko putzu eta galerietatik ateratzen den urarenak alegia.

Uztailaren 6ko 19/1994 Legearen IV. tituluaren aldaketek uhartediaren sustapen turistikoa indartzen dute, Turismoaren Plan Estrategiko bat zehaztuz. Bereziki, turismoaren sektoreko lanbide-heziketa sustatzen da.

Enplegu-sorkuntza bultzatzeko xedez, Estatuak kontuan hartuko du Kanarietako ekonomia-, gizarte- eta lan-egoera, Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoa den aldetik, Enplegu Politikarako Urteko Plana egiterakoan, eta Kanarietarako enplegu-plan bat erantsiko du.

Prestakuntzaren alorrean, uztailaren 6ko 19/1994 Legeari artikulu bat gehitzen zaio, uharteetako unibertsitateei buruzkoa, eta bertan azpimarratzen da unibertsitateek garrantzi handia dutela Kanarietako ekonomia produktiboari lotutako erreferentziako zentro gisa, eta uhartediko garapen ekonomiko eta soziala sendotzen dutela.

Kanarietako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren lehiakortasuna bermatze aldera, Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparruan Europar Batasunak tokiko nekazaritza-produkzioak sustatzeko neurrietarako baimendutako finantzaketa gehigarrirako tarte bat finkatzen da.

Kanariak plataforma atlantiko gisa sustatzeko estrategiaren atal modura, aldatu egiten da uztailaren 6ko 19/1994 Legearen VI. titulua, eta aduana-zergarik gabeko eremuak ezarri ahalko dira Kanaria uharteetako lurralde osoan, Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 952/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera (erregelamendu horrek Europar Batasuneko Aduana Kodea ezartzen du).

Lehenengo artikuluak, gainera, xedapen iragankor bat gehitzen du, bidaiariak uharteen artean itsasoz garraiatzeko zerbitzu erregularren tarifan uztailaren 6ko 19/1994 Legearen 6.1.a) artikuluak aurreikusten duen murrizketa dela eta.

Lehen xedapen gehigarrian, Kanarietako Autonomia Erkidegoko salgaien garraiorako dirulaguntzak arautzen dira. Urtero, Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak adieraziko du dirulaguntza horiek finantzatzeko kredituak handitu egin daitezkeela.

IV

Testu honen edukiak aldatu egiten duenez Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena, nahitaezko txostena eskatu zaio Kanarietako Parlamentuari, hala agintzen baitute Konstituzioaren hirugarren xedapen gehigarriak eta Kanarietako Autonomia Estatutuaren 46. artikuluaren 3. apartatuak (estatutu hori abuztuaren 10eko 10/1982 Lege Organikoaren bidez onartu zen). Kanarietako Parlamentuak, 2017ko maiatzaren 9an eta 10ean egindako osoko bilkuran, txosten hori eman zuen, eta 2017ko maiatzaren 16an argitaratu zen Kanarietako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean, 150. zenbakian.

Lehenengo artikulua. Uztailaren 6ko 19/1994 Legea aldatzea, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena.

Aldatu egiten da uztailaren 6ko 19/1994 Legea (Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena), eta honela geratzen da:

Bat. Aldatu egiten da 1. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. artikulua. Legearen helburua.

Hau da lege honen helburua:

  • a)  Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimen tradizionalaren alderdi ekonomikoak eguneratzea.

  • b)  Bermatzea berariazko eta behar adinako politiken bitartez konpentsatuko direla Kanarien urruntasuna, uhartetasuna eta egiturazko muga iraunkorrak, Europar Batasuneko eskualde ultraperiferiko bihurtzen dutenak, Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 349. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  • c)  Neurri ekonomiko eta fiskalen multzo egonkor bat garatzea Kanarietako garapena eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatzeko, eta ardura berezia izatea hiribururik gabeko uharteei arreta eraginkorra emateko.

  • d)  Kanarietako ekonomia nazioartekotzea, Kanariak plataforma atlantiko gisa sustatuz.»

Bi. Honela idatzita geratzen da 2. artikuluaren 1. apartatuko a) letra:

«a) Osasunarekin, landare-osasunarekin, ingurumenarekin, ordena publikoarekin edo nazioartean onartutako beste arrazoi batzuekin zerikusia dutenak.»

Hiru. Aldatu egiten da 3. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. artikulua. Finantzaketaren arloko printzipioak.

  • 1.  Kanarietako jarduera ekonomikoaren kostuak ez ditu uharteak egoera okerragoan utzi behar lurralde nazionaleko gainerako eskualdeen batez besteko egoeraren aldean.

  • 2.  Uharteetan ekonomia- eta zerga-araubide berezia egoteak ez du inoiz berekin ekarriko Estatuak uharteetan egiten duen gastu publiko arrunta eta inbertsiokoa txikiagoa izatea halako araubiderik gabe egingo lukeena baino.

  • 3.  Ekonomia eta Zerga Erregimenak Estatuaren presio fiskala txikiagoa izatea bermatzen du, uharteetako garapen ekonomikorako pizgarri propioen, konpentsazioen eta askatasunen edukiekin batera.

  • 4.  Ekonomia eta Zerga Erregimenaren baliabideak gehitu egingo zaizkie Kanarietako Autonomia Erkidegoa eta haren toki-entitateak finantzatzeko une bakoitzean indarra duen araudian eta politikan aurreikusitakoei. Autonomia Erkidegoak Finantzatzeari buruzko 8/1980 Lege Organikoak eta hura garatzeko arauek ezartzen dituzten baldintzetan, zerga-baliabide horiek ez dira sartuko ez kontuan hartuko autonomia-erkidegoak finantzatzeko sisteman, Kanarietako eremu fiskal propioa errespeta dadin eta horren garapenak ez dezan zigortu Kanarietako Autonomia Erkidegoaren finantza-autonomia.

  • 5.  Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena nahitaez bete beharrekoa da. Beraz, administrazio publikoek arlo horretan hartzen dituzten erabakiak hura eraginkortasunez gauzatzekoizango dira.»

Lau. Artikulu berri bat gehitzen da, 3 bis artikulua; hona:

«3 bis artikulua. Kanariak eskualde ultraperiferikotzat jotzearen ondoriozko printzipioak.

  • 1.  Urruntasunagatik, uhartetasunagatik eta egiturazko muga iraunkorrengatik, Kanariei eskualde ultraperiferikoa izatea aitortzen zaie Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 349. artikuluan. Hori kontuan hartuta, Kanarietako herritarrek Europar Batasun osoan nagusi diren aukera berak eduki behar dituzte, eta xede horretarako modulatu behar da Estatuaren jarduna politika ekonomiko eta fiskaletan.

  • 2.  Europar Batasuneko eskualde ultraperiferiko batez ari garela kontuan izanik, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimenak hainbat neurri ekonomiko eta fiskal bilduko ditu uharteetako ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta bertako sektore ekonomiko guztien lehiakortasuna sustatzeko.

  • 3.  Botere publikoek, bakoitzak bere eskumeneko eremuan, aintzat hartuko dute, beren politiken aplikazioan nahiz legegintzako eta araugintzako jarduketetan, bai eta finantza- eta aurrekontu-gaiei buruzko erabakietan ere, Kanariak Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoa izatea; eta berariazko baldintzak finkatuko dituzte uhartedian aplika daitezen. Balorazio horrek kontuan hartu beharko ditu, beste arlo batzuen artean, aduana-politika, garraioei, telekomunikazioei eta horien azpiegiturei buruzko politika, barne-merkatua, barneko eta kanpoko merkataritzako politika, energia- eta ingurumen-politikak, portuak eta aireportuak, zerga-politika, aduana-zergarik gabeko eremuak, nazioartekotzea, nekazaritza- eta arrantza-politikak, lehengaien eta funtsezko kontsumo-ondasunen hornidurarako baldintzak, industria-politika, eta laguntza publikoak eskuratzeko baldintzak.»

Bost. Artikulu berri bat eransten da, 3 ter artikulua; hona:

«3 ter artikulua. Gizarte- eta lurralde-kohesiotik eratorritako printzipioak.

  • 1. Lege honetan jasotako konpentsazio-neurrietan, kontuan hartuko dira, izaera orokorrarekin, hiribururik gabeko uharteek beren baldintza berezien ondorioz dituzten kostu erantsiak.

  • 2. Botere publikoek enpresen gizarte-erantzukizun korporatiboa sustatu eta indartuko dute Kanarietan.»

Sei. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«4. artikulua. Lurralde-jarraitutasunaren eta garraiorako askatasunaren printzipioak.

  • 1.  Pertsonak eta salgaiak airez eta itsasoz garraiatzeko zerbitzuen printzipio arautzaileak, batetik, lurralde-jarraitutasuna -Kanarien uhartetasuna eta izaera ultraperiferikoa direla eta- eta, bestetik, garraiorako askatasuna izango dira, lege honetan, berau garatzen duten arauetan, Europar Batasunaren xedapenetan eta nazioarteko hitzarmen aplikagarrietan aurreikusitako moduan.

  • 2.  Itsasoko eta aireko garraiorako askatasunaren eta lurralde-jarraitutasunaren printzipioak, aurreko apartatuan aldarrikatuak, era guztietako zerbitzuei dagozkie, uharteen artekoei, nazionalei zein nazioartekoei, zerbitzu erregularrak izan zein ez.

  • 3.  Printzipio horiek itsasoko eta aireko garraioaren zerbitzu lagungarri guztiei ere eragiten diete. Konpainiek zuzenean eman ditzakete zerbitzu horiek, edo hirugarren enpresei kontratatu ahal dizkiete, eta enpresa horiek ez dute zertan garraio-enpresak izan.

  • 4.  Kanarietako portu eta aireportuen lehiakortasuna lortzeko, hots, hurbiltasun geografikoa dela-eta haien ordez erabil daitezkeen beste batzuekin lehiatu ahal izateko, Kanarietan portu- eta aireportu-tasen murrizketak edo hobariak ezarriko dira. Horrela, nazio-mailan indarrean daudenak baino txikiagoak izango dira tasa horiek, eta erabil daitezkeen beste portu eta aireportu horiekin lehiatzeko gaitasuna lortuko da. Horretarako, arreta berezia jarriko zaie kontainerren trafikoari lotutako tasei.

  • 5.  Kanariak eskualde ultraperiferikoa dira, eta, biztanleen mugikortasuna bermatzeko, aireko garraioaren mende daude. Estatuak, hori kontuan izanik, abiazioko berotegi-efektuko gasen emisioen salerosketarako sisteman (2008/101/ EE Zuzentarauak ezarritakoan) salbuespen bat egitea sustatuko du Europar Batasunean, Kanarietako eskualde ultraperiferikoko aireportuen eta Europako Esparru Ekonomikoko aireportuen arteko hegaldietarako.

  • 6.  Estatuaren titulartasunekoak izan eta indarra duen legediarekin bat etorriz interes orokorreko izendatuta dauden Kanarietako portu eta aireportuak, ondore guztietarako, nahitaezko tresnatzat joko dira Kanarietako integrazio ekonomiko eta sozialerako, bertako konektibitatea, egituraketa, gizarte-kohesioa eta garapen ekonomikoa areagotzen laguntzen baitute. Hori dela eta, Estatuko Administrazioak bermatu egingo du portu eta aireportu horiek interes orokorreko kalifikazioari eutsiko diotela eta, halaber, behar diren inbertsioak egingo direla; ez bakarrik instalazio horiek erabilera-, ustiapen- eta operatibitate-baldintza egokietan mantentzeko inbertsioak, baizik eta baita azpiegitura horiek trafiko-fluxu berrien sorrerak eska lezakeen operatibitate-baldintzetara moldatzeko beharrezkoak izan litezkeenak ere. Arreta berezia jarriko da hiribururik gabeko uharteetan dauden interes orokorreko portu eta aireportuen operatibitatea eta moldaketa egokiak izan daitezen.

Kanarietako Autonomia Erkidegoko interes orokorreko portuak ere nahitaezko azpiegiturak dira Kanarietako integrazio ekonomiko eta sozialerako, zeren, berez edo Estatuko interes orokorreko portuetan abiapuntua edo helmuga duten trafikoekiko konexioen bitartez, Kanarietako konektibitatea, egituraketa, gizarte-kohesioa eta garapen ekonomikoa areagotzen laguntzen baitute.»

Zazpi. Aldatu egiten da 5. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«5. artikulua. Zerbitzuen liberalizazioa.

  • 1. Kanarietan ez da inolako monopoliorik aplikatuko ez kanpoko edo barneko itsas garraioko zerbitzuetan, ez nazioko edo nazioarteko aireko garraioko zerbitzuetan. Konpainia nazionalen batek zerbitzu horien prestazioa esklusibotasun-edo monopolio-araubidean esleituta edo onartuta badauka, baldintzak aldatu edo ezeztatu egingo zaizkio.

  • 2.  Atzerriko konpainiek uharteetatik abiatuta, uharteetarantz eta uharteetan zehar egiten duten aireko garraioari dagokionez, printzipio ahalik eta malguenak aplikatuko dira -bateragarriak badira Estatuko eta Europar Batasuneko aireko politikarekin- Kanaria uharteek zuzeneko konexioa izan dezaten beste herrialde batzuekin, batez ere Afrikakoekin eta Amerikakoekin, eta, horrela, bidaiariak eta salgaiak hiru kontinenteen artean banatzeko gune gisa duten rola indartu dadin. Bermatu egin behar da, hala ere, aireko operadoreek aurkezten dituzten proiektuek kaudimen tekniko eta ekonomikoa frogatuko dutela eta Kanarietarako onuragarriak izango direla.

  • 3.  Kanaria uharteetatik, uharteetara eta uharteetan zehar egiten diren hegaldi erregularretan zein bestelakoetan (charterrak barne), zama-edukiera nahi bezala erabili ahal izango da denetariko salgaiak garraiatzeko.

  • 4.  Hegazkinen, bidaiarien eta salgaien lurreko zerbitzuetan ez da aplikatuko inolako monopoliorik. Hegazkin-konpainiek beren nahierara egin ahal izango dituzte zerbitzu horiek, berek zuzenean edo beste enpresa batzuk (nahitaez hegazkinen arlokoak izan behar ez direnak) kontratatuta. Zerbitzuak egiteko lanak aireportu bakoitzaren egiturara eta edukierara moldatu beharko dituzte, eta aplikatzen diren baldintza teknikoak eta administratiboak bete beharko dituzte.

  • 5.  Kanaria uharteen arteko kabotaje-linea erregularrek eta penintsularen eta Kanaria uharteen artekoek baimen administratiboa beharko dute. Beharrezkoa gertatuz gero, administrazio eskudunak zerbitzu publikoko betebeharrak ezarri ahal izango ditu zerbitzua bermatzeko uharteen arteko eta uharteen eta penintsularen arteko trafiko guztietan.

  • 6.  Orobat, Kanaria uharteen arteko eta Kanaria uharteen eta gainerako lurralde nazionalaren arteko hegazkin-komunikazioak bermatzeko, Nazioko Gobernuak zerbitzu publikoaren betebeharrak ezarri ahal izango ditu.

  • 7.  Kanarien uhartetasuna eta izaera ultraperiferikoa direla eta, bertako portuen eta aireportuen sistemak baldintza bereziak bete behar ditu uharteetan bizi diren pertsonen zirkulatzeko askatasuna eta kontinenteko lurraldearekiko konektibitate orokorra bermatzeko. Horregatik, garraio-politika orokorraren esparruan, tratamendu berezia eman behar zaie; tratamendu horrek, besteak beste, interes orokorrekotzat jotako uharteetako portuak eta aireportuak nazioarteko garraio- eta banaketa-sare nagusietan egotea bultzatu behar du, eta Kanarietako Autonomia Erkidegoko erakundeei aukera eman behar die uharteetako portuen eta aireportuen sistemaren plangintzan parte hartzeko.

Horretan, Estatuak, Europar Batasuneko erakundeen aurrean, behar diren kudeaketa-lanak egingo ditu botere publikoek Kanaria uharteen konektibitatea hobetuko duten bideak modu iraunkorrean sustatu ahal izateko behar den baimena mantentzeko, berritzeko eta zabaltzeko; batez ere, estatuek itsasoko eta aireko garraioari eta horren azpiegiturei ematen dizkieten laguntzei buruzko zuzentarauetan aitortzen diren berezitasunak kudeatuko ditu.

  • 8.  Aurreko apartatuetan xedatzen dena ezin izango da izan nazioarteko hitzarmenek ezartzen dutenaren kontrakoa.»

Zortzi. Aldatu egiten da 6. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«6. artikulua. Pertsonen trafiko erregularrak.

  • 1. Kanarien uhartetasuna eta izaera ultraperiferikoa kontuan hartuz, bertako pertsonen garraio publiko erregularra (airekoa zein itsasokoa) funtsezko zerbitzu publikoa da. Espainiako eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako herritarrei, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten beste estatuetako herritarrei eta Suitzakoei, horien bizileku-eskubidearen edo bizileku iraunkorreko eskubidearen onura jasotzen duten beste herrialde batzuetako ahaideei eta iraupen luzeko egoiliar diren hirugarren herrialdeetako herritarrei murrizketa aplikatuko zaie bidaiarien garraio-zerbitzu erregularren tarifetan, baldin eta bizilekua Kanaria uharteetan dutela frogatzen badute; hona zenbatekoak:

  • a)  Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako gainerako lurraldearen arteko itsas garraioko zuzeneko bidaietan, joanekoetan zein joan-etorrikoetan, hobariaren portzentajea zerbitzu erregularraren tarifaren ehuneko 75 izango da; uharteen arteko bidaietan, berriz, tarifa horren ehuneko 50 izango da. Hobari horren indarraldiak ez dauka mugaegunik.

  • b)  Kanarietako Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako gainerako lurraldearen arteko bidaiarien aireko garraioko zerbitzu erregularren tarifetan, hobari hau aplikatuko da: joaneko zein joan-etorriko zuzeneko bidaia bakoitzeko, zerbitzu erregularraren tarifaren ehuneko 75; uharteen arteko bidaietan, hobaria tarifa horren ehuneko 75ekoa izango da. Hobari horren indarraldiak ez dauka mugaegunik.

Horri dagokionez, hauxe da joaneko zuzeneko bidaia: Kanaria uharteetako aireportu edo heliportu batetik Espainiako lurraldeko beste batera joatea, edo alderantziz, tarteko eskalarik gabe zein eskalak eginda; eskalak 12 ordukoak izan daitezke gehienez, zerbitzuaren premia teknikoek edo ezinbesteko arrazoiek bultzatuta luzeagoak diren kasuetan izan ezik.

Hobari hori aplikatzeko, Aireko Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legeak 68.2 artikuluko d), e) eta f) letretan aipatzen dituen ondare-prestazio publikoen zenbatekoa kenduko da zerbitzu erregularraren tarifaren zenbatekotik, bidaiariari ordainarazi zaizkion ala ez kontuan eduki gabe. Horretarako, ondare-prestazio horiek banakatuta agertuko dira hegaldi-kupoiak justifikatzeko dokumentazioan.

  • 2.  Nazioko Gobernuari baimena ematen zaio honako hau egiteko, Kanarietako Gobernua entzun ondoren: aurreko apartatuan ezartzen diren konpentsazioen zenbatekoa gehitu, batez ere uhartetasunari eta egoera ekonomiko eta sozial bereziei aurre egiteko, edo araubide horren ordez beste konpentsazio-sistema bat ezarri aireko edo itsasoko garraio-zerbitzuen merkatuaren bilakaeraren arabera, ematen den laguntza ez urritzeko edo zerbitzuaren kalitatea ez makaltzeko.

  • 3.  Batasuneko araudiari errespetua zor zaiola jakinik eta tarifa-askatasunaren printzipioa gogoan hartuta, Administrazioak behar den guztia egingo du bidaiarien garraioan ari diren konpainiek beren tarifak ezartzean kontuan eduki dezaten lurralde-jarraitutasunaren printzipioa bermatu behar dela eta aintzat hartu behar direla uhartetasun bikoitzaren ondoriozko kostuak, oharturik ezinbestekoa dela Espainiako gainerako lurraldeko lineekin konektatzea. Hori dela eta, interes orokorrak horretara behartzen duenean, gehieneko prezioak ezarri ahal izango ditu zerbitzu publikoaren betebehartzat jotzen diren lineetan.»

Bederatzi. Aldatu egiten da 7. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«7. artikulua. Salgaien itsasoko eta aireko garraioa.

  • 1.  Kanaria uharteetan Europar Batasuneko zuzenbidean urruntasunaz eta uhartetasunaz ezartzen diren xedapenak aplikatzeaz gainera, urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan diru kopuru bat kontsignatuko da, urte naturala erreferentzia hartuta, honako konpentsazio-sistema hau finantzatzeko: Kanaria uharteen arteko eta Kanaria uharteen eta penintsularen edo Europar Batasuneko beste herrialdeen arteko salgaien itsasoko eta aireko garraioaren benetako kostuaren ehuneko 100 konpentsatzeko aukera ematen duen sistema.

  • 2.  Erregelamendu baten bidez arautuko dira konpentsazioak emateko sistema (modalitate guztiak), konpentsatuko diren garraio-kostuak kalkulatzeko metodoa, eta onuradunak.

  • 3.  Ibilbide bakoitzeko ereduzko kostuak urtero zehaztuko ditu Estatuaren Administrazio Orokorrak, gardentasunarekin eta entzunaldi publiko batekin; horretarako, behar den informazioa emateko eskatuko die ibilbide horietan lan egiten duten operadore independenteei.

  • 4.  Ezartzen den sistemak zuzeneko eragina eduki behar du proiektuan sartzen diren garraioen guztizko kostuetan; kostuen zenbatekoan, portu eta aireportuetako azpiegiturak eta zerbitzuak erabiltzen dituztenei jasanarazten zaiena ere sartu behar da.

  • 5.  Nolanahi ere, artikulu honetako konpentsazio-sisteman kontuan eduki behar da Kanarien eta penintsularen arteko lurralde-jarraitutasunaren printzipioa.

  • 6.  Estatuko Administrazio Orokorrak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioak batzorde misto bat sortuko dute aurreko apartatuetan arautzen den konpentsazio-sistemaren aplikazioaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

  • 7.  Kanaria uharteak lurralde ultraperiferikoa izateak berekin dakartzan inguruabar bereziak kontuan edukita, uharteen jarduera ekonomikorako ezinbestekoa da salgaien itsasoko eta aireko garraioaren jarraitutasuna bermatzea. Lurralde-jarraitutasunaren printzipioa betetzen dela bermatu nahian, Estatuko Administrazioak jarraitutasun hori kontuan edukiz planifikatu eta emango ditu salgaiak Kanarietatik esportatzeko, Kanarietara inportatzeko edo uharte horietatik pasatzeko prozesuetan aritzen diren estatu-eskumeneko zerbitzu publikoak.»

Hamar. Aldatu egiten da 8. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«8. artikulua. Lurreko garraio publikoa.

Bidaiarien garraio publiko erregularra funtsezko zerbitzu publikoa da.

Kanaria uharteak bereziak dira uharte-lurraldea diren aldetik; hori dela eta, mota horretako garraioaren antolamendua eta kudeaketa modu integratuan eta uhartetasuna aintzat hartuz egin behar dira. Garraio hori Estatuaren Aurrekontu Orokorren bidez finantzatuko da. Finantzaketan, kontuan eduki behar da jarduera hori inguruabar berezietan egiten dela Kanaria uharteetan, ultraperiferikotasuna, konfigurazio geografikoa, biztanleriaren banaketa eta turisten ugaritasuna direla eta.»

Hamaika. Aldatu egiten da 9. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«9. artikulua. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko eskubidea.

  • 1.  Botere publikoek ondo zuzkitutako politika ekonomikoak eta fiskalak ezarriko dituzte Kanarietako biztanle guztiek informazioa eta teknologia berriak eskuratu ahal izateko eta modu aktiboan parte hartu ahal izateko ezagutzaren, informazioaren eta komunikazioaren gizartean.

  • 2.  Telekomunikazioetako azken zerbitzuak lehia-araubidean eman daitezke Kanarietan.

  • 3.  Estatuak komunikazioen arloko zerbitzuek eta sareek modu eraginkorrean funtzionatzeko behar diren zehaztapen teknikoak ezarri eta onartuko ditu, bai eta irrati-maiztasunen espektroaren ingurukoak ere.»

Hamabi. 10. artikuluari apartatu bat gehitzen zaio, hirugarrena; hona testua:

«3. Kanaria uharteak lurralde ultraperiferikoa izateak berekin dakartzan inguruabar bereziak (urruntasuna, uhartetasuna eta biztanleriaren barreiadura) kontuan hartuta, eta banda zabaleko era guztietako ikus-entzunezko zerbitzuak lurralde horretan Espainiako gainerako lurraldean bezala egin behar direnez gero, urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan diru kopuru bat kontsignatuko da, urte naturala erreferentzia hartuta, uharte horietako herritar guztiei zerbitzu horiek erabiltzeko aukera bermatzeko. Diru kopuru horren bidez, Kanarietan ari diren operadoreei banda zabaleko zerbitzuak hedatzeak eragiten dien gainkostua finantzatuko da.»

Hamahiru. Aldatu egiten da 11. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«11. artikulua. Energiaren prezioa.

  • 1.  Erregelamendu baten bidez, Kanaria uharteetan elektrizitatea sortzeak eragiten duen gainkostua konpentsatzeko sistema bat ezarriko da. Sistema horrek bermatu behar du Kanarietan hornidura elektrikoa jasotzeagatik kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioak Espainiako gainerako lurraldeko prezioen parekoak direla.

Kanarietako Sistema Elektriko Ultraperiferikoan energia elektrikoz hornitzeko egiten diren jarduerak erregelamendu berezi batez arautu ahal izango dira. Erregelamendu horretan, kontuan edukiko dira Kanaria uharteen kokapena eta bakartasuna. Beraren bidez, mix energetiko egokia ezartzea sustatuko da, eta, horretarako, elektrizitatea sortzeko zentralen tamaina, teknologia eta erregaia Kanarietako ingurumenera, inguruabar ekonomikoetara eta sistemak jarduteko baldintza teknikoetara moldatuko dira, elektrizitatea ahalik kosturik txikienarekin sortzea eta energia-iturri berriztagarriak geroz eta gehiago erabiltzea hartuta helburutzat.

  • 2.  Estatuaren Administrazio Orokorrak lehentasuna emango die lurralde ultraperiferikoetako proiektuei Europa barneko energia-sareen esparruan, Kanaria uharteen onurarako. Horretarako, batez ere, elektrizitate-iturri berriztagarrien alde egingo du eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak Europar Batasunak Afrikarekin energiaren arloan lankidetzan jarduteko politikan parte hartzearen alde.»

Hamalau. Aldatu egiten da 12. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«12. artikulua. Garapen energetikoa eta ingurumena.

Kanarietako sistema energetiko bakartuetan energia elektrikoz hornitzeko jardueren erregelamenduaren helburuetako bat energia-iturri berriztagarriak sustatzea izango da, kontuan edukita, baina, ezinbestekoa dela energiaren kostua murriztea, Sektore Elektrikoaren Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz.»

Hamabost. Honela idatzita geratzen da 13. artikulua:

«13. artikulua. Energia aurrezteko plana.

Nazioko Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak, bakoitzak bere eskumeneko esparruan, industriako, hirugarren sektoreko eta nekazaritzako energia- eta ur-kontsumoak optimizatzeko eta aurrezteko plana prestatu eta abiaraziko dute.»

Hamasei. Artikulu berri bat gehitzen da, 13 bis artikulua; hona:

«13 bis artikulua. Energiaren autokontsumoa.

Nazioko Gobernuak autokontsumo modalitateak sustatuko ditu Kanarietako sistema elektriko bakartuetan.

Nolanahi ere, Kanarietako sistema elektrikoetako kontsumitzaileek eta ekoizleek, elektrizitatearen autokontsumoaren modalitate batean badaude, ez dute sekula ordaindu beharko berek sortutako energia kontsumitzeagatik urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak jasotako kargu aldagarri iragankorra, baldin eta autokontsumoko sistema horietako kostu energetikoak murrizten baditu autokontsumo horrek (900/2015 Errege Dekretuak energia elektrikoaren autokontsumoko hornidura- eta ekoizpen-modalitateen baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak arautzen ditu).

Gainera, lege hau indarrean jarri aurretik Kanarietako sistema elektrikoetan funtzionatzen egon diren norberaren kontsumorako instalazioei ez zaie aplikatuko urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretuak 5.2.a) artikuluan xedatzen duena, eta, ondorioz, halako instalazioetako guztizko potentzia kontsumitzaileak kontratatutakoa baino handiagoa izan daiteke.»

Hamazazpi. Honela idatzita geratzen da 14. artikulua:

«14. artikulua. Kanarietako hondakinen kudeaketa, balorizazioa, birziklapena eta deskontaminazioa.

  • 1.  Lurralde-jarraitutasunaren printzipioa aplikatuz, eta uharteen barreiadurak berezko dituen eragozpenak gainditzeko, hondakin batzuen fluxuan hondakin-sortzailearen erantzukizun hedatua aplikatzekoa bada, sortzaileek berek finantzatu beharko dute hondakinak tratamendu-zentroa dagoen uhartera eramatearen kostua (edo penintsulara eramatearena, Kanarietan tratatu ezin badira), zeinek bere banako sistemaren bidez edo erantzukizun hedatuko sistema kolektiboen bidez.

  • 2.  Botere publikoek estrategia egokiak prestatu behar dituzte Kanarietan ahalik eta hondakin kutsagarri gutxien sortzeko politikak ezartzeko. Ildo horretatik, lehentasuntzat ezarri behar dute halako hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea, horretarako guneen sare lokal baten bidez.

  • 3.  Hondakinen garraioak eta zirkulazioak ahalik arrisku gutxien sortzeko eta hondakinek ingurumenean duten eragina ahalik txikiena izateko, hurbiltasunaren printzipio orokorra egon behar da Kanarietako hondakinen kudeaketari eta tratamenduari buruzko politikan. Hain zuzen ere, hondakinak Kanarietan tratatzea sustatuko da, horretarako egokiak diren zentroak egonez gero; bestela, ahalik eta hondakin mota gehien hartzeko gauza diren tratamendu- eta birziklapen-zentroak sortzea eta garatzea bultzatuko da.

  • 4.  Kanarietako lurraldeko ingurumena behar bezala babestu nahian, araudiak gaika estatu osoan gutxieneko kopuruak bildu beharra ezartzen duen hondakinetan, hondakin-fluxu bakoitzaren araudian ezartzen diren irizpideak aplikatu behar dira Kanarietako Autonomia Erkidegoan helburua lortzeko, edo, bestela, autonomia-erkidegoan sortutako hondakinen proportzioa, aurreko urteko abenduaren 31ko datuak eta osagarri moduan erabil daitezkeen datu ofizialak aintzat hartuz.

  • 5.  Ontziratutako produktuen, produktu elektriko eta elektronikoen, pila eta metagailuen, pneumatikoen eta olio eta koipe mineralen hondakinak kontrolatzeaz denaz bezainbatean, inportatzailea atxikita dagoen hondakinen kudeaketa-sistema integratuaren izena adierazi behar da Kanarietako zeharkako zergarako aduana-araubide jakin bat eskatzeko egin beharreko aitorpenean. Gauza bera egin behar da Espainiako gainerako lurraldetik edo Europar Batasuneko beste estatu batetik horrelako produktuak heltzen direnean Kanaria uharteetara. Hori betetzen ez duenari hondakinen arloko zehapen-araubidea aplikatuko zaio.

  • 6.  Ingurumenerako arriskutsuak diren hondakinak, oso kutsagarriak edo berrerabili edo birziklatu ezin direnak sor ditzaketen produktuak ez-gaitzat jo daitezke eta lege honetako salbuespenetik kanpo gera daitezke. Halaber, ingurumenerako arriskutsutzat jo daitezke Kanaria uharteetako ingurumena arriskuan jartzen duten landareak, animaliak, haziak eta antzekoak ere.»

Hemezortzi. Artikulu berri bat gehitzen da, 14 bis artikulua; hona:

«14 bis artikulua. Uraren prezioa.

Erregelamendu bidez konpentsazio-sistema bat ezarriko da, urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan jasoko dena, eta haren bidez bermatuko da Kanaria uharteetan ur gatzgabetuaren, ur lehengoratuaren edo ur berrerabiliaren prezioak neurrizkoak direla, harik eta nazioko gainerako lurraldeko prezioaren parera iritsi arte, bai eta putzu eta galerietatik nekazaritzarako ateratzen eta igotzen den eta laborantza-lurrak ureztatzeko gatzgabetzen den uraren prezioak ere.»

Hemeretzi. Honela idatzita geratzen da 15. artikulua:

«15. artikulua. Hitzarmenak.

Kanarietako Autonomia Erkidegoak legez eskumenik ez daukan gaietan, ekainaren 7ko 20/1991 Legeak (Kanaria uharteetako Zerga Araubide Ekonomikoaren zerga-alderdiak aldatzen dituena) 95. eta 96. artikuluetan arautzen dituen aurrekontu-kredituen kudeaketa eskuordetu ahal izango da, hitzarmen bidez, baldin eta eraginkortasuna eta arrazionaltasuna dela-eta beharrezkotzat jotzen bada.»

Hogei. Honela idatzita geratzen da 16. artikulua:

«16. artikulua. Printzipio orokorra.

Estatuko Administrazio Orokorraren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko koordinazioa egokia izan dadin, batzorde misto bat sortuko da eta mekanismo egokiak ezarriko dira bi administrazioek Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena abian jartzeko, garatzeko eta jarraipena egiteko egin beharreko lanak sektoreka koordinatzeko.»

Hogeita bat. Honela idatzita geratzen da 17. artikulua:

«17. artikulua. Kanpo-merkataritzaren ikuskapena.

  • 1.  Kanpo-merkataritza ikuskatzea Estatuko Administrazio Orokorraren egitekoa izango da; izan ere, horrela uharteak hobeto integratuko dira Europar Batasunean eta, gainera, Estatuak hori gauzatzeko eta arautzeko eskumen esklusiboa dauka. Egiteko horretan, Batasunaren araudiari jarraituko zaio printzipio orokor modura.

  • 2.  Kanarietako Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazio Orokorrak lankidetzan jardungo dute kanpo-merkataritzaren arloan Kanaria uharteetan gertatzen diren arazoak identifikatzen (batez ere, ikuskapen fitosanitario eta zoosanitarioan gertatzen direnak identifikatzen) eta horien konponbideak bilatzen, Estatuko Administrazio Orokorrak Europar Batasunari aurkeztu eta kasuz kasu negoziatzeko.»

Hogeita bi. Honela idatzita geratzen da 18. artikulua:

«18. artikulua. Merkataritza sustatzea.

  • 1.  Estatuko Administrazio Orokorrak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak beren arteko lankidetza indartuko dute Espainiako merkataritzaren sustapenean dituzten baterako helburuak zehazteko eta lortzeko. Arreta berezia jarriko da honako hauetan: espainiarrak, afrikarrak eta iberoamerikarrak merkataritza-arloan prestatzeko programak garatzea; esportaziorako sozietateak eta partzuergoak sustatzea; atzerriko azoketara joateko laguntza ematea; merkataritza sustatzeko bidaiak egitea; Kanarietako produktuen markak eta jatorri-deiturak sortzea (lurralde ultraperiferikoen ikur grafikoa sustatzea barne), eta hirugarren herrialdeei zerbitzuak egitea Kanarietako lurraldetik.

  • 2.  Kanarien Sustapen Estrategiko eta Komertzialerako Aholku Kontseilua sortzen da, Kanarietako ekonomia nazioarteratzen laguntzeko asmoz. Haren egoitza Kanarietan egongo da.

Kontseiluko burua Merkataritzako estatu-idazkaria izango da. Horrez gainera, Ekonomia, Sustapen eta Kanpo Arazoetako ministerioen ordezkariak egongo dira, bai eta Estatuko Administrazio Orokorraren, Kanarietako Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta nazioarteratzearekin lotuta dauden agente sozial eta ekonomikoen ordezkariak ere. Idazkaritza iraunkorra edukiko du Kanaria uharteetan, Estatuko administrazio periferikoaren barruan.

Organo horren osaera eta egitekoak erregelamendu-arau baten bidez garatuko dira.»

Hogeita hiru. Honela idatzita geratzen da 19. artikulua:

«19. artikulua. Turismoa sustatzea.

  • 1.  Turismoa estrategikoa da Kanarietako ekonomian; gainera, eragin handia dauka uharteetako enpleguan. Horregatik, arreta berezia ipiniko da turismoa sustatzeko eta garatzeko, eta, horretarako, Turismoaren Plan Estrategikoa ezarriko da. Horrenbestez, sektore horretan inbertitzeko ezartzen diren pizgarrien helburu nagusiak hauek izan behar dira: sektorea berregituratzea, turismo-ostatuko eraikinak modernizatzea, ostatu-zerbitzuen osagarri izango diren aisialdiko jarduerak sortzea eta turismo espezializatua eta alternatiboa sustatzea.

Halaber, turismoaren sektorearen beharrizanak aintzat hartuta, Estatuak sasoiko turismoa hartuko du erreferentziatzat, sektorean eragina edukiko duten denetariko neurriak (ekonomikoak, sozialak eta bestelakoak) ezartzeko, enplegua mantendu eta sortzeko asmoarekin.

  • 2.  Arreta bereziarekin landuko da sektorean ari direnen lan-prestakuntza teknikoa; hizkuntzen irakaskuntza eta teknologia berrien erabilera bultzatuko dira, besteak beste.

Gainera, gastronomiaren inguruko ezagutza sustatuko da, Kanarietako produktuak (nekazaritzakoak, agroindustrialak eta arrantzakoak) erabiltzeari buruzkoa, eta aisialdiko jarduerak ere bai.

Estatuko Administrazio Orokorrak, horretarako, turismoaren sektorerako lan-prestakuntzako plan berezi bat egiten lagunduko dio Kanarietako Autonomia Erkidegoari. Plana sortzeko lanetan erkidegoko agente sozial adierazgarrienek ere parte hartuko dute.

  • 3.  Estatuak turismoa bultzatzeko atzerrian egiten dituen kanpainetan, Kanarietako eskaintza ongi bereizita azalduko da, Kanarietako Gobernuak interesa badu eta hala eskatzen badu, kanpainak uharteetako produktuak edota helmuga turistikoak ukitzen dituela eta.

Horretarako, Kanaria uharteen turismo-merkatu handienetan Espainiak dauzkan ordezkaritza diplomatikoetako turismo-bulegoetan, Kanaria uharteetako turismo-sustapeneko organoko teknikari bat egon ahal izango da, zehazten diren horrelako turismo-bulego bakoitzean Kanarietako turismoa sustatzeko lanak egiten.

  • 4.  Estatuak Kanarietako turismo-aldeetako azpiegituretan inbertsio publikoak egiteko plan bat finantzatuko du, Kanarietako turismoaren sektorean behar den kalitatea lortzeko eta beraren errentagarritasun soziala mantentzeko, bai eta alde horietako zerbitzu publikoen eta azpiegituren eskarian gertatzen diren igoerei behar bezala erantzuteko ere. Plan hori Estatuaren Aurrekontu Orokorren bidez zuzkituko da, Kanarietako Autonomia Erkidegoak zuzenean kudea dezan dagokion tresna arruntaren bidez. Ez du loturarik edukiko Erkidegoari esleitzen zaizkion estatu-esparruko turismo-funtsekin.»

Hogeita lau. Honela idatzita geratzen da 20. artikulua:

«20. artikulua. Pizgarri ekonomiko erregionalak.

  • 1. Estatuaren Administrazio Orokorrak malgutasunik handiena ahalbidetuko du pizgarri erregionalen funtzionamenduan eta Kanaria uharteetan inbertitzeko orduan: Batasunaren araudian ezartzen diren muga sektorial eta finantzarioak baino ez dira egongo.

Uharteetan inbertitzeko pizgarria hauxe izango da: gutxieneko inbertsio-bolumena estatuko gainerako lurraldean baino txikiagoa izango da. Hain zuzen ere, Tenerifen eta Kanaria Handian, gutxieneko inbertsio-bolumena 300.000 euro izango da, eta gainerako uharteetan, 100.000 euro. Gainera, hiribururik gabeko uharteetan proiektu hautagarrien puntuazio-ehunekoa altuagoa izango da.

  • 2.  Arreta bereziarekin lagunduko dira enpresa txikiak eta ertainak, enplegua sortzeko ahalmen handia baitute; horretarako, aholkularitza- eta informazio-zentroak edo -erakundeak bultzatuko dira.

  • 3.  Proiektuen balorazioan, kalitateko enplegua sortzea, ingurumenean ahalik eragin txikiena edukitzea eta ezagutzaren teknologiak erabiltzea sarituko da.

  • 4.  Europar Batasunaren araudian eskualdeetarako laguntzei ezartzen zaizkien mugak kontuan hartuz, hauekin lotutako sektore produktiboak baloratuko dira: janarien eta edarien industria eta agroindustria; nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea; energia berriztagarriak —bai energia kontsumitzeko, bai ura gatzgabetzeko eta berrerabiltzeko-; produktuen berrerabilera eta hondakinak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste era batzuetan balorizatzeko prestaketa. Baina, batez ere, teknologia berriekin lotutako sektore produktiboak baloratuko dira.

  • 5.  Arreta berezia ipiniko da turismo-ostatuko eraikinak birgaitzeko eta modernizatzeko proiektuetan eta turismoaren sektore osagarrietan.

  • 6.  Estatuko Gobernuak Kanarietako Gobernua entzungo du, eta, gero, artikulu honetako aurreko apartatuetan ezartzen diren neurriak sendotzeko neurriak prestatuko ditu hiribururik gabeko uharteetarako. Neurri horietan hiribururik gabeko uharteetara moldatuko da inbertsio-proiektuen dimentsioez eta autofinantzaketaz ezarritakoa, eta haietako bakoitzaren garapen ekonomiko eta sozialera egokituko dira dirulaguntzarako onartzen diren sektore produktiboak.

  • 7.  Europar Batasunaren eta Estatuaren araudi aplikagarrian ezartzen dena gorabehera, enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak moldatu egingo dira, ahal den heinean, kofinantzaketa-ehuneko altuagoko inbertsioak eginez hiribururik gabeko uharteetan, uharte horien egoera sozioekonomiko berezia kontuan hartuz.

  • 8.  Botere publikoek behar den guztian egingo dute pizgarri ekonomiko erregionalak jasotzen dituzten entitateetan enpresen gizarte-erantzukizun korporatiboa aplika dadin, Espainiaren eta Europar Batasunaren arlo horretako estrategiak ezartzen duenarekin bat etorriz.»

Hogeita bost. Honela idatzita geratzen da 21. artikulua:

«21. artikulua. Enplegua sortzea.

  • 1.  Estatuko Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak, enplegua ahalik gehien sustatzeko, beren ahaleginak eta baliabideak koordinatuko dituzte, eta horren emaitza diren jarduketak Kanarietako Eskualdeko Antolamendu eta Plangintza Ekonomikoaren esparruan finkatuko dituzte.

  • 2.  Estatuak kontuan edukiko ditu Kanarietako egoera ekonomikoa, soziala eta lan-arlokoa, Europar Batasuneko lurralde ultraperiferikoa den aldetik, ekitaldi bakoitzeko Enplegu Politikarako Urteko Plana egiteko; hala agintzen du Enpleguaren Legearen testu bateginak, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, hirugarren xedapen gehigarrian. Hain zuzen ere, plan horren barruan berariazko plana txertatuko du Kanarietarako, behar besteko zuzkidurarekin, enpleguaren sorkuntza bultzatzeko, pobreziaren aurka borrokatzeko eta uharteetako enpresen lehiakortasun-arazoak konpentsatzeko.»

Hogeita sei. Artikulu berri bat gehitzen da, 21 bis artikulua; hona:

«21 bis artikulua. Gizarte-integrazioa sustatzea.

Lege honen helburuetako bat Kanarietako gizartearen kohesioa sustatzea da,

  • 1.c) artikuluan ezartzen denez, kontuan edukita uharteetan pobrezia eta gizarte-bazterketa arazo oso larriak direla eta uharteak lurralde ultraperiferikoa direla. Bada, hori aintzat harturik, Espainiako Gobernuak urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan zuzkidura nahikoa ezarriko du Kanarietako pobrezia eta gizarte-bazterketa murrizteko neurriak aplikatzeko, adierazle ofizialak estatuko batezbestekoen gainetik dauden artean. Zuzkidura ekonomiko hori xede jakin baterako izango da eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen arretarako abian dituen programa eta tresnetan aplikatuko da.»

Hogeita zazpi. Honela idatzita geratzen da 22. artikulua:

«22. artikulua. Inbertsioak egiteko pizgarriak.

  • 1.  Kanarietako biztanle bakoitzeko barne-produktu gordina nazioko batezbestekoaren azpitik dagoen artean, eta eskualde ultraperiferikoa dela aintzat harturik, Kreditu Institutu Ofizialak zabalik edukiko du bitartekotza-maileguen lerro bat, lehentasunezko interes-tasekin, egoitza Kanarietan duten enpresa txiki eta ertain berriei edo jada eratuta dauden eta beren instalazioak handitzen, modernizatzen edo lekuz aldatzen dituzten enpresa txiki eta ertainei aktibo finkoetako inbertsioak finantzatzeko.

  • 2.  Nazioko Gobernuak honako hauek zehaztuko ditu, unean uneko egoera ekonomiko eta finantzarioaren arabera: mailegu-lerroaren zenbatekoa, Kreditu Institutu Ofizialak kreditu-erakundeei funtsak lagatzean aplikatu beharreko tasa, lerro horren kargura finantzatu ahal izango den inbertsio-portzentajea, maileguak amortizatzeko baldintzak, maileguen beste ezaugarri batzuk, eta Kreditu Institutu Ofizialaren Kontseilu Nagusiak arlo horretan izango dituen eskumenak.»

Hogeita zortzi. Artikulu berri bat gehitzen da, 22 bis artikulua; hona:

«22 bis artikulua. Unibertsitateak.

  • 1.  Kanariak eskualde ultraperiferikoa direla kontuan hartuta, uharteetako unibertsitateak erreferentziako zentroak dira Espainiako Estatuaren unibertsitate-politikak zehazteko. Kanarietako Eskualdeko Antolamendu eta Plangintza Ekonomikoaren esparruan, neurriak hartuko dira lehiakortasuna handitzeko eta ahalegin guztiak produkzio-sektorean eragina duten ikerketa eta berrikuntzan egiteko, bai eta horien emaitzen transferentzian ere, eta merkatuaren beharrizanetara bideratuko da haien eskaintza, uharteen arteko mugikortasuna erraztuz.

  • 2.  Kanarietan kokatutako unibertsitateek ikerketaren, berrikuntzaren, prestakuntzaren bidez eta bikaintasunezko ezagutza aplikatuz bat egiten dute Kanarietako ekonomia produktiboarekin. Zentro horien ahalmenak Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren zerbitzuan jarriko dira, uharteetako garapen ekonomiko eta soziala indartzeko.

  • 3.  Estatuko Administrazio Orokorrak Kanarietako unibertsitateak erreferentzia nazionaleko zentroak izatea sustatuko du berariazko ekintzen edo programen bidez.

  • 4.  Irakaskuntza-jardueren, ikerketen eta garapenerako lankidetza-jardueren programak sustatu eta koordinatuko dira, zeinetan Kanarietako unibertsitateekin batera Europako erakundeek eta beste herrialde batzuetakoek parte hartuko baitute (batez ere, auzoko hirugarren herrialdeetakoek eta beste eskualde ultraperiferiko batzuetakoek).

  • 5.  Europar Batasunak eskualde ultraperiferiko izendatu ditu Kanariak, eta hori kontuan hartuta, Nazioko Gobernuak, urruntasunaren kostu erantsiak konpentsatzeko, laguntza ekonomiko gehigarria ezarriko du Kanarietako unibertsitateetako ikasle eta irakasleentzat, bizi diren lekutik helmugarainoko garraio-gastuen adinakoa, ikerketa-, prestakuntza- eta mugikortasun-programetan. Gainera, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko beste neurri osagarri batzuk hartuko ditu.»

Hogeita bederatzi. Honela idatzita geratzen da 23. artikulua:

«23. artikulua. Lanbide-heziKeta.

  • 1.  Enplegu-sorrera sustatzeko asmoz, Estatuko Administrazio Orokorrak laguntza emango dio Kanarietako Autonomia Erkidegoari zerbitzu aurreratuen sektorean lan egiteko lanbide-heziketako programa berezi bat prestatzeko.

Profesionaltasun-ziurtagiriak egitean eta eguneratzean, kontuan hartuko da Kanarietako Autonomia Erkidegoak lurralde zatikatua duela, uhartez osatua, eta, behar izanez gero, uharteen inguruabar berezietara egokitutako ziurtagiri espezifikoak gehituko dira.

  • 2.  Behar duten hezkuntza-eskaintza beren uhartean aurkitzen ez duten ikasle kanariarrentzat ikasketa-beken programa bat ezarriko da berariaz. Joan-etorrietarako beken programa espezifiko bat ezarriko da, era berean, beren lanbide-heziketa amaitu eta praktikak penintsulako edo Europar Batasuneko beste estatu bateko enpresetan egiten dituzten gazte kanariarrentzat.

  • 3.  Autonomia-erkidegoan ordezkaritasun handiena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeek Kanarietako Autonomia Erkidegoarekin elkarlanean jardungo dute enplegurako lanbide-heziketako planak taxutzen, lehentasunez langile landunei eta langabeei zuzenduak.

Erakunde horiek Administrazioaren laguntzaile izango dira, era berean, Lanbide Heziketa Arautuko, Enplegurako Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketa Dualeko praktikak enpresetan egiteko diseinu- eta programazio-lanetan.

  • 4.  Lanbide Heziketa Arautuko, Enplegurako Lanbide Heziketako eta Lanbide Heziketa Dualeko plazen hornidura egokia bermatuko zaie Kanarietako ikasleei.»

Hogeita hamar. Honela idatzita geratzen da 24. artikulua:

«24. artikulua. Lehen seKtorearen aldeKo neurriaK.

  • 1.  Estatuko Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak autohornidurarako ahalmen handiagoa lortzea hartu dute helburutzat, eta, eskualde ultraperiferikoaren izaera kontuan hartuta, Kanarietako nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreen etorkizuna eta garapena bermatzea epe ertain eta luzerako, tokiko produktuen ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea barnean direla. Nekazaritza eta abeltzaintza bultzatuko dituzte, lehiakortasuna eta berrikuntza sustatuko dituzte sektorean, eta babestu egingo dituzte enpresa txiki eta ertainak, bai eta eskaintzaren kontzentrazioa errazten duten nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatiben garapena ere.

  • 2.  Kanarietako nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreen lehiakortasuna bermatzeko, Nazioko Gobernuak urtero behar besteko zuzkidura ezarriko du Estatuaren Aurrekontu Orokorretan, POSEI Urrun eta Uharteetan egoteagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparruan Europar Batasunak baimendutako tokiko nekazaritza-produkzioak sustatzeko neurrien ekarpen nazionalaren ehuneko 100 bermatzeko.

  • 3.  Nekazaritzako aseguruek ekoizleen errenta bermatzen laguntzen dute, ezbehar klimatikoetatik eta beste arrisku natural batzuetatik babesten dituztelako. Horrelako aseguruen kontratazioa sustatzearren, Nazioko Gobernuak urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan behar besteko zuzkidura ezarriko du % 65 igo ahal izateko oinarrizko dirulaguntza, une bakoitzean Nekazaritzako Aseguruen Estatu Erakundeak (ENESA) ezartzen duena Kanarietan aplikatzen diren nekazaritza-aseguruetarako.

  • 4.  Nekazaritzako tokiko barietateek eta tokiko abere-arrazek higadura genetikoaren arrisku larria dute, eta kontserbatu egin behar dira, tokiko produkzioak bereizteko eta merkatuetan balioesteko oinarriak direlako. Xede horrekin, Nazioko Gobernuak urtero Estatuaren Aurrekontu Orokorretan berariazko zuzkidura ezarriko du tokiko baliabide fitogenetiko eta zoogenetikoen kontserbaziorako bankuak sustatzeko eta nekazari eta abeltzainei barietate eta arraza horiek in situ babesten laguntzeko.

  • 5.  Botere publikoek Kanarietako turismo-establezimenduetan tokiko nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-produktuak erabil daitezen sustatuko dute.

  • 6.  Uharteetan nekazaritzako teknologien nazioarteko zentro baten sorrera sustatuko da. Europako, Mendebaldeko Afrikako eta Latinoamerikako herrialdeekiko harreman ekonomikoak bultzatzea izango du helburu.»

Hogeita hamaika. Artikulu berri bat gehitzen da, 24 bis artikulua; hona:

«24 bis artikulua. Enplegua sustatzea.

Lege honen 21. artikuluan adierazitakoa dela eta, uharteetako langabeziaren eta gizarte-bazterketaren tasa handiak kontuan harturik, Nazioko Gobernuak eta Kanarietako Gobernuak ahaleginak eta baliabideak koordinatuko dituzte kalitatezko enplegua ahalik gehiena sustatzeko. Sustapen horretarako oinarrizko baliabidetzat joko dira honako hauek: Estatuak eta autonomia-erkidegoak egin beharreko inbertsioak; Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren, autonomia-erkidegoaren eta toki-korporazioen arteko hitzarmenak; autonomia-erkidegoko enplegu-planetako funtsak eta Europar Batasuneko laguntza-esparruetako ekarpenak; eta, halaber, lege honetan uharteetako enpleguaren egiturazko arazoak leuntzeko aurreikusten diren mekanismoak eta xede bererako erabil litezkeen beste baliabide batzuk.»

Hogeita hamabi. Artikulu berri bat gehitzen da, 25 bis artikulua. Honela dio:

«25 bis artikulua. Kultura sustatzea.

Kanariak eskualde ultraperiferikoa direla kontuan izanik, eta uhartediaren kultura-trukea areagotzearren, erakusketak egiteko Kanarietatik penintsulara, Balearretara eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeetara eta alderantziz garraiatzen diren arte-ondasunak zerga- eta aduana-kargetatik salbuetsiko dira. Hala, arte-ondasunen lekualdatze horiek penintsulako eta Europar Batasuneko lurraldearen barruan egiten direnekin parekatuko dira. Arte-ondasun horiek, gerora eskualdatzen edo ematen badira, dagokien tributazioa izango dute.»

Hogeita hamahiru. Apartatu bat gehitzen zaio 26. artikuluari, 3. apartatua. Hona:

«3. Kanarietan ekoitzitako ondasun gorpuzdunak salduz ateratako etekinak kalkulatzean, honako hauek etekin horietan sartu beharko dira:

  • a)  Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 228/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.1.a) artikuluaren indarrez ezarritako hornidura-araubide espezifikotik eratorritako laguntzen zenbatekoak.

  • b)  Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 228/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.1.b) artikuluaren indarrez ezarritako Kanarietako Nekazaritza Produkzioetarako Erkidegoko Laguntza Programaren ondorioz ekoizleek jasotako laguntzen zenbatekoak.

Funts horiek ordaintzen dituen erakundeak aurreko paragrafoko babes-neurrien bidez ekoizleak zenbateko laguntzak jaso dituen ziurtatuko dio zerga-administrazio eskudunari.»

Hogeita hamalau. Aldatu egiten dira 27. artikuluaren 2., 4.A) eta C), 5., 8. eta 12. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«27. artikulua. Kanarietako inbertsioetarako erreserba.

«2. Aurreko paragrafoan aipatzen den murriztapena aplikatuko zaie zergaldi bakoitzean inbertsioetarako erreserbari egiten zaizkion zuzkidurei, zergaldi horretan lortutako mozkin-zatiaren ehuneko 90eko mugara arte, mozkina banatzen ez bada, eta Kanarietan kokatutako establezimenduetatik sortu bada.

Murriztapena ezartzeak ezin izango du inola ere eragin zerga-oinarria negatiboa izatea.

Ondorio horietarako, hauek hartuko dira Kanarietako establezimenduetan sortutako mozkintzat, erregelamenduz xedatzen den moduan: ekonomia-jardueretatik eratortzen direnak, jarduera horiei atxikita dauden ondare-elementuak eskualdatzearen ondorio direnak barne, eta ekonomia-jarduerei lotuta ez dauden ondare-elementuak eskualdatzearen ondorio direnak.

Ondorio horietarako, mozkin banatugabetzat, berriz, erreserbak zuzkitzera bideratzen diren mozkinak hartuko dira, lege-erreserbara bideratzen direnak izan ezik. Ez dira mozkin banatugabetzat hartuko 2007ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietako mozkinez zuzkitu den inbertsioetarako erreserba gauzatzeko eskuratutako ondare-elementuak eskualdatzearen ondorio diren mozkinak.

Data horretatik aurrera erreserba gauzatzeko zati batean bakarrik erabili diren ondare-elementuen kasuan, erreserba gauzatzeko erabili ez den eskuratze-balioari dagokion zati proportzionala hartuko da mozkin banatugabetzat.

Erreserbei egiten zaizkien esleipenak funts propioetatik atera den zenbatekoaren arabera gutxitu direla joko da, bai zerga-oinarriaren kenkariari dagokion ekitaldian, bai aipatutako esleipenak egiteko erabakia hartu zen ekitaldian.»

«4. Kanarietan inbertsioak egiteko erreserbara zuzendutako zenbatekoak gehienez ere hiru urteko epean erabili beharko dira, zuzkidura egin den ekitaldiari dagokion zerga sortzen denetik zenbatzen hasita, inbertsio hauetako bat gauzatzeko:

A. Ibilgetu materialaren edo ukiezinaren ondare-elementu berriak eskuratzeko hasierako inbertsioak, honako hauek direla eta:

  • - Establezimendu bat sortzea.

  • - Establezimendu bat handitzea.

  • - Establezimendu baten jarduera dibertsifikatzea, produktu berriak egiteko.

  • - Establezimendu baten ekoizpen-prozeduraren funtsa eraldatzea.

Kanarietako inbertsioetarako erreserba ezingo da inola ere gauzatu turismo-helburuetarako etxebizitza-higiezinak eskuratzeko.

Hasierako inbertsiotzat joko dira, era berean, lurzoruan egindako inbertsioak (lurzorua eraikia izan edo ez), baldin eta aurrez ez badute jaso artikulu honetan aurreikusitako araubidearen onura, eta honako hauei lotuta badaude:

  • - Etxebizitza babestuak sustatzeari, kalifikazio hori egoki denean martxoaren 7ko 27/2006 Dekretuak (Kanarietako Etxebizitza Planeko jarduketak arautzen dituena) aurreikusitakoaren arabera, eta etxebizitza horiek errentamendura xedatzen dituenean sozietate sustatzaileak.

  • - Ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen lehenengo ataleko 1. dibisiotik 4. dibisiora bitartean jasotako industria-jarduerak garatzeari. Tarifa horiek irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zituen, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibideak onesten dituenak.

  • - Jarduera soziosanitarioei, adinekoen egoitza-zentroei, geriatrikoei eta errehabilitazio neurologiko eta fisikorako zentroei.

  • - Birgaitze-prozesuan dauden merkataritza-guneei.

  • - Kanarietako Turismoa Antolatzeko apirilaren 6ko 7/1995 Legeak araututako turismo-jarduerei, baldin eta turismo-establezimendu bat birgaitzeko eskuratzen bada lurzorua.

(Gainerakoa berdin geratzen da).

C. Ibilgetu materialaren edo ukiezinaren ondare-elementuak eskuratzea, baldin eta, aurreko A letran ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik, hasierako inbertsiotzat hartu ezin bada; Kanarietako lurraldeko ingurumena hobetzen eta babesten laguntzen duten ondare-elementuetan inbertitzea; eta erregelamendu bidez zehazten diren ikerketa- eta garapen-gastuak egitea.

Kanarietako inbertsioetarako erreserba ezingo da inola ere gauzatu turismo-helburuetarako etxebizitza-higiezinak birgaitu edo zaharberritzeko.

Bidaiariak itsasoz edo errepidez garraiatzeko ibilgailuen kasuan, Kanaria uharteen behar publikoekin bat datozen interes orokorreko funtzioen esparruan zerbitzu publikoetara baino ezin izango dira bideratu horiek.

Lurzorua, eraikia izan edo ez, honako hauei lotu beharko zaie:

  • - Etxebizitza babestuak sustatzeari, sailkapen hori egoki denean martxoaren 7ko 27/2016 Dekretuak (Kanarietako Etxebizitza Planeko jarduketak arautzen dituena) aurreikusitakoaren arabera, eta etxebizitza horiek errentamendura xedatzen dituenean sozietate sustatzaileak.

  • - Ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen lehenengo ataleko 1. dibisiotik 4. dibisiora bitartean jasotako industria-jarduerak garatzeari. Tarifa horiek irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zituen, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibideak onesten dituenak.

  • - Jarduera soziosanitarioei, adinekoen egoitza-zentroei, geriatrikoei eta errehabilitazio neurologiko eta fisikorako zentroei.

  • - Birgaitze-prozesuan dauden merkataritza-guneei.

  • - Kanarietako Turismoa Antolatzeko apirilaren 6ko 7/1995 Legeak araututako turismo-jarduerei, baldin eta turismo-establezimendu bat birgaitzeko eskuratzen bada lurzorua.

Lurzoruari dagokion balioa erreserba gauzatzeko zenbatekoan sartuta dagoela jotzeko, birgaitze-obratzat hartuko dira turismo-establezimenduak berritzeko, zabaltzeko edo hobetzeko jarduketak, baldin eta baldintzak betetzen badituzte ibilgetu materialean erantsi ahal izateko higiezinaren balio handiago gisa.

«5. Inbertsioa gauzatzen den ondare-elementuak Kanarietan egon beharko dira kokatuta, edo bertan jaso beharko dira; artxipelagoan erabili beharko dira; zergadunaren jarduera ekonomikoari lotuta egon beharko dira, eta horretarako beharrezkoak izan beharko dira; salbuespen izango dira Kanarietako lurraldeko ingurumena hobetzen eta babesten laguntzen dutenak.

Ondore horietarako, honako hauek artxipelagoan kokatuta daudela eta bertan erabiltzen direla iritziko zaio:

  • a)  Aireontziak, baldin eta, haien helmuga aintzat hartuta, Kanaria uharteen loturak hobetzen laguntzen badute, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.

  • b)  Espainiako bandera duten itsasontziak, baldin eta egoitza-portua Kanarietan badute, Itsasontzien eta Ontzi-enpresen Erregistro Berezian erregistratuta daudenak barne.

  • c)  Kanarietako artxipelagoa kanpoaldearekin lotzen duten garraio- eta komunikazio-sareak, Kanaria uharteetako lurraldean dagoen tartean, eta, hortik kanpoko zatian, artxipelagoko uharteak elkarrekin lotzeko erabiltzen denean.

  • d)  Aplikazio informatikoak eta industria-jabetzako eskubideak, zergadunaren edo haren produktuen bereizgarri hutsak ez direnak, baldin eta entitateak Kanarietako lurralde-eremuan dituen bitartekoak erabiliz sortuak badira edo hirugarrenei erosi bazaizkie eraldatzeko, eta, betiere, haien ustiapen ekonomikoa Kanarietatik zuzentzen, gauzatzen, kontratatzen, banatzen, antolatzen eta fakturatzen bada.

  • e)  Industria-jabetzako eskubideak, baldin eta entitateak Kanarietako lurralde-eremuan dituen bitartekoak erabiliz sortuak badira edo hirugarrenei erosi bazaizkie eraldatzeko, eta, betiere, haien ustiapen ekonomikoa lurralde-eremu horretatik zuzentzen, gauzatzen, kontratatzen, banatzen, antolatzen eta fakturatzen bada.

Apartatu honetako e) letran aipatutako eraldatze kontzeptua eskubide horien babesari buruzko legeria sektorialean aurreikusitakoa izango da, eta eraldatzearen emaitza den eskubideak jatorrizko eskubidea hirugarrenei erosi zaien zergaldian bertan hasi beharko du funtzionatzen.

  • f)  Kanarietan kokatuta dauden jabari publikoko ondasunak erabiltzeko administrazio-emakidak.

  • g)  Zerbitzu publikoak emateko administrazio-emakidak, baldin eta artxipelagoan soilik ematen badira.

  • h)  Kanarietan kokatutako azpiegitura publikoak egiteko edo ustiatzeko obra publikoetarako administrazio-emakidak.»

«8. Laugarren apartatuko A eta C letretan aipatutako erreserba gauzatzeko ondare-elementuek eta apartatu bereko D letran ezarritakoaren arabera eskuratutakoek gutxienez bost urtean egon beharko dute jardunean eskuratzailearen enpresan, eta ezin izango zaizkie hirugarrenei erabiltzeko eskualdatu, errentan eman edo laga. Ondare-elementu horien iraupena epe hori baino laburragoa denean, eskakizun hori bete egiten dela iritziko zaio, baldin eta beste ondare-elementu bat eskuratzen bada aldez aurretik, edo sei hilabeteko epean balantzean baja eman zaionetik, haren kontabilitate-balio garbia ordezten duena, artikulu honetan aurreikusitako murriztapena aplikatzeko eskakizunak biltzen dituena eta epe hori osatzeko behar den denboran funtzionatzen jardungo duena. Eskuratze berri horri dagokionez, ezin izango zaio iritzi Kanarietan inbertsioetarako erreserbara zuzendutako kopuruak gauzatzen dituenik; salbuespen izango da ordezten den ondare-elementuaren kontabilitate-balio garbia gainditzen duen zenbatekoa, baldin eta artikulu honetan araututako erreserbaren gauzatzetzat jo bazen. Lurzorua eskuratzen den kasuetan, epea hamar urtekoa izango da.

Ondare-elementua galtzen den kasuetan, elementu hori ordeztu egin beharko da, aurreko paragrafoan zehaztutako moduan.

Hirugarrenei ibilgetuko ondare-elementuak erabiltzeko xedez errentan ematean edo lagatzean datzan jarduera ekonomikoan aritzen diren zergadunek inbertsioetarako erreserbaren araubidea erabili ahal izango dute, baldin eta ondasun horien errentariekin edo lagapen-hartzaileekin lotura zuzenik nahiz zeharkakorik ez badute, Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legeak 18. artikuluaren 2. apartatuan zehaztutako moduan, eta finantza-errentamenduko eragiketak ez badira. Ondorio horietarako, 35/2006 Legearen 27. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean iritziko zaio higiezinen errentamendua jarduera ekonomikoa dela, eta orduan baino ez.

Ondasun higiezinen errentamenduaren kasuan, zergadunak, aurreko paragrafoan aurreikusitako baldintzez gain, hauek ere bete beharko ditu: turismo-enpresaren izaera eduki beharko du, Kanarietako Turismoa Antolatzeko apirilaren 6ko 7/1995 Legeak aurreikusitakoaren arabera; sozietate sustatzaileak babestutako etxebizitzen errentamendua izan beharko da; ondasun higiezinak lotuta egongo dira ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen lehenengo ataleko 1. dibisiotik 4. dibisiora bitartean jasota dauden industria-jarduerak gauzatzeari (irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen ditu tarifa horiek, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibideak onesten dituenak); edo, bestela, esparru komertzialak izango dira, hiriguneak birgaitzeko esku-hartze integratuak behar diren eta turismo-eskaintzak behera egin duen eremuetan kokatuta daudenak, Kanarietako antolamendu orokorrerako gidalerroek zehazten dutenaren arabera (apirilaren 14ko 19/2003 Legeak onesten ditu gidalerroak).

Laugarren apartatuaren D letran aipatutako baloreak baldin badira, haiek bost urtez jarraian egon beharko dira zergadunaren ondarean, eta balore horiei atxikitako erabilera- edo gozamen-eskubideak ezin izango zaizkie laga hirugarrenei.»

«12. Inbertsioetarako erreserbaren onura aplikatzea bateraezina izango da, ondasun eta gastu beretarako, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluko IV. kapituluan araututa dauden zenbait jardueratarako pizgarri diren kenkariekin eta 20/1991 Legearen 94. artikuluan araututa dagoen inbertsioengatiko kenkariarekin.

Aktibo erabilien eta lurzoruaren kasuan, aurrez onura hauek baliatu gabeak izan behar dute horiek: artikulu honetan ezarritako araubidea, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietako mozkinekin zuzkidurak egiteagatik; zenbait jarduera egiteko pizgarri diren kenkariak, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren VI. tituluko IV. kapituluan arautzen direnak, eta 20/1991 Legearen 94. artikuluan arautzen den inbertsioengatiko kenkaria. Aktibo erabiliei Kanarietako inbertsioetarako erreserbaren araubidea zati batean bakarrik aplikatu bazaie, aktibo horietan egindako inbertsioaren zati proportzionalari aplikatu ahalko zaio onura.»

Hogeita hamabost. Honela idatzita geratzen da 28. artikulua:

«28. artikulua. Kanarietako Eremu Berezia sortzea.

Kanaria uharteetan kalitatezko enpleguaren sorrera, garapen ekonomiko eta soziala eta bertako produkzio-egituraren dibertsifikazioa sustatzeko, Kanarietako Eremu Berezia sortzen da, estankotasun geografikoaren printzipioan oinarritua. Lege honetan eta berau garatzeko arauan xedatutakoaren bidez arautuko da, eta berariaz aurreikusi gabeko gaietan araudi orokorra aplikatu ahalko zaio.»

Hogeita hamasei. Aldatu egiten da 31. artikuluaren 2.d).b’) paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«31. artikulua. Kanarietako Eremu Bereziaren aplikazio-eremu subjektiboa.

(...)

b’) Elementu erabiliak ezin izango dira d) letra honetan aurreikusitako xedea betetzeko aurrez erabilitakoak izan.

Kanarietako Eremu Bereziko araubidean inskribatzeko edo bertan irauteko baimena eman ahalko zaie d) letra honetan ezarritako inbertsio-eskakizuna betetzen ez duten erakundeei, baldin eta sortuko diren lanpostuen kopuruak eta plantillaren urteko batez besteko kopuruak gainditu egiten badute apartatu honen e) letran aurreikusitako gutxienekoa.

Hogeita hamazazpi. Honela idatzita geratzen da 38. artikulua:

«38. artikulua. Kontseilu Errektorearen eskumenak.

Kanarietako Eremu Bereziko Partzuergoko Kontseilu Errektoreari dagokio:

  • a)  Kanarietako Eremu Bereziko araubide bereziari heldu nahi dioten erakundeek aurkeztutako baimen-eskaerak izapidetzea eta ebaztea; horrez gain, Batzorde Teknikoaren txostena jaso ondoren, baimena ematea erakundeak inskribatzeko edo inskripzioak irauteko, lege honen 31.2 artikuluaren d) letraren azken paragrafoan aipatutako egoera gertatzen denean.

  • b)  Kanarietako Eremu Bereziko Erakundeen Erregistro Ofiziala kudeatzea.

  • c)  Lege honen 50. artikuluan araututako tasak kudeatzea eta biltzea.

  • d)  Kanarietako Eremu Bereziko erakundeek lege honetan xedatu dena betetzen duten begiratzea, eta, horretarako, behar den informazio guztia eskatzea, ezertan eragotzi gabe beste organo edo erakunde publiko batzuei esleitutako eskumenak.

  • e)  Titulu honetako VI. kapituluko arauetan xedatutakoaren arabera izapidetzen diren zehapen-espedienteak ebaztea.

  • f)  Administrazio edo erakunde eskudunek eskatzen duten informazioa ematea, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezarritakoari jarraituz.

  • g)  Urtero aurrekontuaren aurreproiektua egitea, Ogasun Ministerioak adierazten duen egiturarekin.

  • h)  Kanarietako Eremu Bereziaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak ematea eskumen hori esleituta daukan gaietan, eta, halaber, legean jasotako arauak garatu eta betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak ematea, beste organo batzuen eskumenak galarazi gabe, Kanarietako Eremu Bereziko Erakundeen Erregistro Ofizialaren prozeduraren ingurukoei dagokienez.

  • i)  Kudeaketarako eta barne-funtzionamendurako arauak ezartzea beretzat eta atxikita dauzkan organoentzat, idazkariaren eginkizunak zehaztea eta, aurretik Ogasun Ministerioak aldeko txostena emanda, Kontseilu Errektoreko eta Batzorde Teknikoko asistentzien araubide ekonomikoa ezartzea.

  • j)  Batzorde Teknikoko kideak kargutik kentzea proposatzea, gaitasun teknikorik ez dutela edo legea urratu dutela irizten badio.

  • k)  Bere eskumeneko gaiei buruz eskatzen dizkioten txostenak eman eta argitaratzea, batez ere Kanarietako Eremu Berezian kalitatezko enplegua sustatzeari dagokionez.

  • l)  Kanarietako Eremu Berezia sustatzea.

  • m)  Lege honetan edo beronen garapenerako arauetan zuzenean esleitzen zaion beste edozein eginkizun edo eskumen.»

Hogeita hemezortzi. Aldatu egiten da Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duen uztailaren 6ko 19/1994 Legearen 44. artikuluaren 5. apartatuko bigarren paragrafoko c) letra, eta idazkera berria ematen zaio 6. apartatuari.

Bat. Aldatu egiten da 5. apartatuko c) letra; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«Lege honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hauek Kanarietako Eremu Berezian kokatuta daudela iritziko zaio:

  • a)  Aireontziak, baldin eta, haien helmuga aintzat hartuta, Kanaria uharteen loturak hobetzen laguntzen badute, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.

  • b)  Espainiako bandera duten itsasontziak, baldin eta egoitza-portua Kanarietan badute, Itsasontzien eta Ontzi-enpresen Erregistro Berezian erregistratuta daudenak barne.

  • c)  Aplikazio informatikoak, industria-jabetzako eskubideak, zergadunaren edo haren produktuen bereizgarri hutsak ez direnak, eta jabetza intelektualeko eskubideak, baldin eta entitateak Kanarietako Eremu Berezian dituen bitartekoak erabiliz sortuak badira, eta, betiere, haien ustiapen ekonomikoa eremu horretatik zuzentzen, gauzatzen, kontratatzen, banatzen, antolatzen eta fakturatzen bada.»

Bi. Idazkera berria ematen zaio 44. artikuluaren 6. apartatuari, eta aldaketak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Honela geratzen da:

«6. Karga-tasa berezia ezarriko zaio honako zenbateko hauetako txikienarekin bat datorren zerga-oinarriaren zatiari, eta zati horri bakarrik:

  • a)  Zerga-oinarriari 4. apartatuan zehaztutako ehunekoa aplikatuta lortzen den zenbatekoa.

  • b)  Honako arau hauek aplikatuta lortzen den zenbatekoa:

- 1.800.000 euro, lege honen 31.2.e) artikuluan aurreikusitako gutxieneko enplegua sortzeko eskakizuna betetzen duten Kanarietako Eremu Bereziko erakundeen kasuan.

  • - 500.000 euro gehiago, aipatutako gutxienekoa gainditzen duen lanpostu bakoitzeko, 50 lanpostu izan arte.

  • - 50 lanpostutik gora sortuz gero, eta aurreko bi arauetan aipatutakoak sortuz gero, honako muga hau bete beharko da: Kanarietako Eremu Berezian aplikatzekoa den tasa berezia aplikatu ondoren, zergaldi bakoitzeko kuota osoa gehienez ere ehuneko 30 txikiagotuko da, Kanarietako Eremu Bereziko erakundearen negozio-zifraren zenbateko garbiarekiko.

Ondorio horietarako, enpleguaren sorrera garbitzat hau joko da: Kanarietako Eremu Bereziko erakundeak inskripzioa egiten duenetik aurrera Kanarietako Eremu Bereziaren eremu geografikoan sortutako lanpostu garbien kopurua, aurreko plantilla batetik datozenak alde batera utzita hala dagokionean.

Enpleguaren sorrera garbiko aldaketek gertatzen diren zergaldian izango dituzte ondorioak.»

Hogeita hemeretzi. Honela idatzita geratzen da 72. artikulua:

«72. artikulua. Aduana-zergarik gabeko Kanarietako eremuei aplikatu beharreko araubide juridikoa

Kanariak plataforma atlantiko gisa sustatzeko estrategiaren atal modura, aduana-zergarik gabeko eremuak ezarri ahalko dira Kanaria uharteetako lurralde osoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan eta hura garatzeko arauetan xedatutakoaren arabera (erregelamendu horrek Europar Batasuneko aduana-kodea ezartzen du).

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Kanarietako Autonomia Erkidegoak aduana-zergarik gabeko eremu horiek nahikoak izatea eta finantza-autonomia edukitzea bermatuko dute.»

Berrogei. Idazkera berria ematen zaio hirugarren xedapen gehigarriari, eta honela idatzita geratzen da:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Kanarietako ur-erkidego eta -heredamenduen araubide berezia.

  • 1.  Kanarietako ur-erkidego eta -heredamenduek, 1956ko abenduaren 27ko Legeak arautzen dituen horiek, sozietateen gaineko zergaren kargatik salbuetsita jarraituko dute, alde batera utzi gabe partaide eta erkideei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan edo sozietateen gaineko zergan, kasuan kasukoan, dagokien tributazioa eta Espainiako Ogasun Publikoari laguntzeko betebeharrak, Zergei buruzko Lege Orokorrean ezarritakoak.

  • 2.  Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, inola ere ez da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo sozietateen gaineko zergaren mendeko errentatzat joko partaide edo erkideei ura entregatzea, bakoitzari dagokiona, jabekidetzako bere partaidetza-kuotaren arabera. Kanarietako ur-erkidego eta -heredamenduek azaleratutako urari dagokionez, era berean, ez da sortuko aipatutako zergen kargapeko errentarik, erkideek beren nekazaritza-ustiategiak ureztatzeko erabiltzen badute.

  • 3.  Pertsona fisikoen gaineko zergaren peko erkide edo partaideek lortutako errenta, Kanarietako ur-erkidego eta -heredamenduek azaleratutako ura hirugarrenei eskualdatuta lortua bada, jarduera ekonomikoaren etekintzat joko da; eta uren aprobetxamendurako eskubideak -norberaren titulartasuneko partaidetza edo kuota indibisoaren araberakoak- hirugarrenei aldi baterako lagata lortua bada, berriz, kapital higiezinaren etekintzat joko da; zehazki, azaroaren 28ko 35/2006 Legeak 25. artikuluaren 4. apartatuan aipatzen duen etekintzat (lege hori pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena da, eta zati batean aldatzen dituena sozietateen gaineko, ez-egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak).

Bi kasuetan etekin garbia kalkulatzeko, gastu kengarritzat joko da zergaldian zehar erkidegoko edo heredamenduko kide izateagatik ordaindutako kuoten zati bat, eskualdatutako urari edo lurpeko uren aprobetxamendurako lagatako eskubideei proportzioan dagokien zatia. Gastu kengarri horien muga eskualdatze edo lagapen horren bidez ekitaldian lortutako etekin osoen zenbatekoa izango da. Muga horretatik gorakoa hurrengo lau urteetan kendu ahal izango da, eta, era berean, ezingo du gainditu, urte horietako bakoitzean kontzeptu beragatik izandako gastuekin batera, azaleratutako ura eskualdatuta edo eskubideak aldi baterako lagata urte bakoitzean lortutako etekin osoen zenbatekoa.

Sozietateen gaineko zergaren peko erkide edo partaideen kasuan, azaleratutako ura salduta edo uren aprobetxamendurako eskubideak -bakoitzaren titulartasuneko partaidetza edo kuota indibisoaren araberakoak- hirugarrenei aldi baterako lagata lortutako errenta sartuko da zerga horren zerga-oinarrian. Zerga horretan gastu kengarria izango da erkidegoko edo heredamenduko kide izateagatik ordaindutako kuoten zati bat; eskualdatutako urari edo aprobetxamendurako lagatako eskubideei proportzioan dagokien zatia, hain zuzen.

  • 4.  Erkidego eta heredamenduetako partaidetzen inter vivos eta mortis causa eskualdaketak ondasunen trafikoa kargatzen duten zergetatik salbuetsiko dira.

  • 5.  Kanarietako ur-erkidego eta -heredamenduak ekonomia-jardueren gaineko zergaren kargatik salbuetsiko dira honako jarduera hau dela eta: hiriguneetarako ura hartzea, tratatzea eta banatzea.»

Berrogeita bat. Aldatu egiten da laugarren xedapen gehigarria (Kanarietan inbertsioak egiteagatiko kenkaria), eta honela geratzen da:

«Laugarren xedapen gehigarria. Kanarietan inbertsioak egiteagatiko kenkaria.

Ekainaren 7ko 20/1991 Legearen 94. artikuluaren b) letra honela idatzita geratuko da:

b) Kanarietan inbertsioak egiteagatiko kenkariaren gehieneko muga kuota likidoaren portzentaje bat izango da, behean adierazten dena. Kuota likido hori kalkulatzeko, kuota osoari zergapetze bikoitzarengatiko kenkarien zenbatekoa kendu behar zaio, eta, hala badagokio, Sozietateen gaineko Zerga abenduaren 27ko 61/1978 Legeak 25. artikuluan aurreikusten dituen hobariak. Portzentaje hori beti izango da araubide orokorrean inbertsioengatiko kenkariaren aldaketa bakoitzerako ezartzen dena baino % 80 handiagoa, eta gutxieneko aldea ehuneko 35 punturena izango da. La Palma, Gomera eta Hierro uharteetan, ordea, gutxieneko muga % 80tik % 100era igoko da eta gutxieneko aldea ehuneko 45 punturena izango da, estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko araudiak aukera ematen duenean eta, gainera, irailaren 27ko 2/2016 Legean eta uharte horietako ekonomia-jarduera antolatzeko neurriei buruzko gainerako legeetan aurreikusitako inbertsioak direnean.»

Berrogeita bi. Aldatu egiten da hamalaugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. Kanarietan gauzatzen diren ekoizpen zinematografikoetan, ikus-entzunezko sailetan, eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko emankizunetan inbertsioak egiteagatiko kenkarien mugak.

Film luze zinematografikoen eta fikziozko, animaziozko edo dokumentalezko ikus-entzunezko sailen ekoizpen espainiarretan inbertsioak egitearen ondoriozko kenkaria, Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legeak 36. artikuluaren 1. apartatuan aipatutakoa, ezingo da izan 5,4 milioi eurotik gorakoa Kanarietan egindako ekoizpenen kasuan.

Film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpenek Espainiako lurraldean gastuak egitearen ondoriozko kenkaria, 27/2014 Legearen 36. artikuluaren 2. apartatuan aipatutakoa, ezingo da izan 5,4 milioi eurotik gorakoa gastuak Kanarietan egindakoak direnean.

27/2014 Legearen 36. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako gutxieneko gastu-zenbatekoari dagokionez, atzerriko ekoizpen baten postprodukzio- edo animazio-zerbitzuak egiten direnean, Kanarietan egindako gastuak 200.000 eurotik gorakoak izan beharko dira.

Arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko emankizunak ekoiztean eta erakustean gastuak egitearen ondoriozko kenkaria, 27/2014 Legearen 36. artikuluaren 3. apartatuan aipatutakoa, ezingo da izan 900.000 eurotik gorakoa gastuak Kanarietan egindakoak direnean.»

Berrogeita hiru. Hamalau bis xedapen gehigarria eransten da, eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak. Hona:

«Hamalau bis xedapen gehigarria. Sozietateen gaineko zerga. Kanarietako Eremu Berezian sukurtsalak dituzten erakundeei zerga-baterakuntzaren araubidea aplikatzea.

Zerga-egoitza Espainian duten erakundeek Kanarietako Eremu Berezian dituzten sukurtsalen kasuan lege honen 43. artikuluan ezarritako karga-tasa berezia aplikatzeak ez die eragotziko erakunde horiei zerga-baterakuntzaren araubidea aplikatzen duen talde fiskal bateko kide izatea. Zerga-baterakuntzaren araubidea Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legeak aurreikusten du, VII. tituluaren VI. kapituluan.

Aurrekoa gorabehera, erakunde bat talde fiskal bateko kidea bada, erakunde haren zerga-oinarriaren zati bat, Kanarietako Eremu Berezian duen sukurtsalari egotzi behar zaion zatia, ez da sartuko erakunde horren banakako zerga-oinarrian talde fiskalaren zerga-oinarria zehaztean, eta bereiz aitortuko da, erregelamendu bidez zehazten den moduan.»

Berrogeita lau. Xedapen iragankor bat gehitzen da, zazpigarrena, honela idatzita:

«Zazpigarren xedapen iragankorra.

Bidaiariak uharteen artean itsasoz garraiatzeko zerbitzu erregularren tarifan

  • 6.1.a) artikuluak aurreikusten duen murrizketaren ehuneko 50erainoko igoera 2018tik aurrera aplikatuko da.»

Berrogeita bost. Aldatu egiten da uztailaren 6ko 19/1994 Legeak (Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena) 31.2.c) artikuluan aipatzen duen eranskina.

«ERANSKINA

Jarduera ekonomikoen zerrenda (NACE sailkapenaren 2. berrikuspenaren arabera)

01.28. Sendabelarren eta farmazia-landareen laborantza.

03. Arrantza eta akuikultura.

  • 10.  Elikagaien industria.

  • 11.  Edarien fabrikazioa.

  • 12.  Tabako-industria.

  • 13.  Ehungintza-industria.

  • 14.  Jantzigintza.

  • 15.  Larrugintza eta oinetakogintza.

  • 16.  Zuraren eta kortxoaren industria (altzariak izan ezik); saskigintza eta espartzugintza.

  • 17.  Papergintza.

  • 18.  Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

  • 20.  Industria kimikoa.

  • 21.  Farmazia-produktuen fabrikazioa.

  • 22.  Kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

  • 23.  Beste mea-produktu ez-metalikoen fabrikazioa.

  • 24.  Metalurgia; burdinazko eta altzairuzko produktuen eta ferroaleazioen fabrikazioa.

  • 25.  Produktu metalikoen fabrikazioa, makinak eta ekipamendua izan ezik, salbu 25.4 «Armen eta munizioen fabrikazioa».

  • 26.  Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

  • 27.  Material eta tresneria elektrikoen fabrikazioa.

  • 28.  Makineria eta ekipamenduen fabrikazioa, b.i.s.g.

30.12. Laketontzien eta kirol-ontzien fabrikazioa.

  • 30.3. Urruneko kontroleko aire-ibilgailuen fabrikazioa.

30.92. Desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuen eta bizikleten fabrikazioa.

  • 31.  Altzarien fabrikazioa.

  • 32.  Manufakturako beste industria batzuk.

  • 33.  Makineriaren eta ekipamenduen konponketa eta instalazioa.

  • 35.1. Energia elektrikoa iturri berriztagarrietatik sortzea, garraiatzea, banatzea eta merkaturatzea.

  • 36.  Iturri berriztagarriak erabiliz urak gatzgabetzea eta gezatzea.

  • 37.  Hondakin-uren bilketa eta tratamendua.

  • 38.  Hondakinen bilketa, tratamendua eta deuseztatzea; balioztatzea.

  • 39.  Deskutsatzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk.

  • 41.20. Eraikinak edo guneak birgaitzea, erreformatzea, birmoldatzea edo berritzea. Eraikuntza aurrefabrikatuak in situ muntatzea.

  • 45.  Motordun ibilgailuak eta motozikletak saltzea eta konpontzea, motordun ibilgailuen, motozikleten eta haien ordezko piezen txikizkako salmenta izan ezik (ordezko piezak 45.1,45.32 eta 45.4 zenbakiekin sailkatuta daude)

  • 46.  Handizkako merkataritza eta merkataritza-bitartekoak, ibilgailu motordunen eta motozikleten kasuan izan ezik.

  • 49.  Lurreko eta tutueria bidezko garraioa.

  • 50.  Itsas garraioa eta barneko bide nabigagarrian egindakoa.

  • 51.  Aireko garraioa.

  • 52.  Biltegiratzea eta garraioari lotutako jarduerak.

  • 53.  Postako jarduerak.

  • 58.  Edizioa.

  • 59.  Zinematografia, bideo, telebista-saio, soinu-grabaketa eta musika-edizio arloetako jarduerak, salbu 59.14 «Zinematografia-emanaldien arloko jarduerak».

  • 61.  Telekomunikazioak.

  • 62.  Programazioa, aholkularitza eta informatikarekin lotutako beste jarduera batzuk

  • 69.  Zuzenbidearekin eta kontabilitatearekin lotutako jarduerak.

  • 70.  Egoitza nagusien jarduerak; enpresa-kudeaketarako aholkularitza-jarduerak.

  • 71.  Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzu teknikoak; saio eta analisi teknikoak.

  • 72.  Ikerketa eta garapena.

  • 73.  Publizitatea eta merkatu-azterketak.

  • 74. Beste jarduera profesional, zientifiko eta tekniko batzuk.

77.4 Jabetza intelektualaren eta antzeko produktuen errentamendua, egile-eskubideek babestuta dauden lanak izan ezik.

  • 78.  Enpleguarekin lotutako jarduerak.

  • 79.  Bidaia-agentzien, bidaia-agentzia handizkarien eta erreserba-zerbitzuen jarduerak eta horiekin lotutako jarduerak.

  • 80.  Segurtasun- eta ikerketa-jarduerak.

82. Bulegoko administrazio-jarduerak eta enpresetako jardueren osagarriak diren beste batzuk.

85.32. Bigarren hezkuntza teknikoa eta profesionala.

  • 85.4.  Bigarren hezkuntzaren osteko hezkuntza.

  • 85.5.  Beste hezkuntza mota batzuk.

  • 85.6.  Hezkuntzari laguntzeko jarduerak.

86.9. Beste osasun-jarduera batzuk.

87.1 Osasun-zaintzak dituzten egoitza-establezimenduetako laguntza.

  • 90.2. Arte eszenikoei lotutako jarduera osagarriak.

90.4. Ikuskizun-aretoen kudeaketa.

93.11. Kirol-instalazioen kudeaketa.

93.19. Beste kirol-jarduera batzuk.

  • 93.21. Jolas-parkeetako eta parke tematikoetako jarduerak.

93.29. Olgetarako eta denbora-pasako beste jarduera batzuk.

96.04. Mantentze fisikoko jarduerak.

Era berean, aplikatzekoak izango dira, goian azaldutako eranskinean ez egon arren, ekainaren 23ko 2/2000 Errege Lege Dekretuaren eranskineko jardueren zerrendan agertzen diren jarduerak (dekretu horrek aldatu egiten du uztailaren 6ko 19/1994 Legea, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena), baldin eta goian azaldutako eranskin horretan ez agertzearen arrazoi bakarra kodearen aldaketa bada; hau da, NACE 1.1 berrikuspena ordeztu duen NACE 2. berrikuspenean jarduera horien kodea aldatu izana.

Jardueraren izena ez datorrenean guztiz bat NACE kodean duen izenarekin, aurreneko hura nagusituko da.

10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 17., 18., 20., 21., 22., 23., 25., 26., 27., 28., 30.12,

  • 30.3, 30.92, 31. eta 32. jardueretan, barnean daude alokairu-jarduerak eta fabrikatzaileek beren ekoizpena zirkulazioan jartzeko egiten dituzten gainerako jarduerak.

Koordinazio-zentroak eta intratalde-zerbitzuak ez daude sartuta 70.10 «Egoitza nagusien jarduerak» eta 70.22 «Enpresa-kudeaketarako beste aholkularitza-jarduera batzuk» kategorietan.»

Bigarren artikulua. Kanarietako ekintzailetzari eta jarduera ekonomikoari laguntzeko kenkari eta hobariak.

Artikulu bat gehitzen zaio, 94 bis artikulua, Kanaria uharteetako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren zerga-alderdiak aldatzen dituen ekainaren 7ko 20/1991 Legeari. Hona:

«94 bis artikulua. Kanarietan ekintzailetzari eta jarduera ekonomikoari laguntzeko aplika daitezkeen kenkariak.

Kanarietan beren jarduerarako langileren bat kontratatzen duten erakundeek eskubidea izango dute enplegua sortzeagatik zerga-arloko araudian ezartzen diren zerga-onurak jasotzeko, araudi horretan ezartzen diren baldintzak betez gero, eta hobari horiek % 30 handituko zaizkie.»

Hirugarren artikulua. Abenduaren 19ko 15/2014 Errege Lege Dekretua aldatzea, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena.

Bat. Aldatu egiten da abenduaren 19ko 15/2014 Errege Lege Dekretua, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena, bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan, eta honela idatzita geratzen da:

«2. 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondoreekin, funtzionamenduari laguntzeko eskualde-laguntzatzat hartzen diren zerga-onurak aplikatzean, onuradunak Kanaria uharteetan lortutako urteko negozio-bolumenaren ehuneko 30 izango du muga. Zerga-onura horiek honako arau hauetan daude xedatuta: 20/1991 Legearen II. liburuan eta 94. artikuluan; Kanarietako Autonomia Erkidegoko ekainaren 26ko 4/2014 Legean, zeinaren bidez aldatu egiten den Kanaria uharteetan salgaiak inportatzearen eta entregatzearen gaineko ariel-araubidea; 19/1994 Legearen 26. eta 27. artikuluetan eta V. tituluan, eta Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 27ko 43/1995 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian. Muga hori bete beharko dute, halaber, martxoaren 20ko 362/2009 Errege Dekretuaren esparruan jasota dauden salgai-garraiorako laguntzek, jatorria edo helmuga Kanaria uharteak direnean (dekretu hori Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren I. eranskinean jasota ez dauden salgaien itsaso eta aire bidezko garraioa konpentsatzeari buruzkoa da). Eta, azkenik, 2009ko uztailaren 31ko Aginduan jasotako laguntzek ere muga berbera izango dute; agindu hori Kanarietako Gobernuko Herri Lanen eta Garraioen sailburuarena da, eta bertan onartzen dira Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren I. eranskinean jasota ez dauden salgaiak uharteen artean garraiatzeko dirulaguntzen oinarriak, mugagabeko indarraldikoak.»

Bi. Aldatu egiten da abenduaren 19ko 15/2014 Errege Lege Dekretua, Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duena, laugarren xedapen gehigarrian, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarren xedapen gehigarria. Estatu-laguntzak kontrolatzea.

Kanarietako ekonomia- eta zerga-erregimenaren esparruan aplikatzekoak diren pizgarri guztien ondorioz laguntza bat baino gehiago jasoz gero, sistema bat ezarriko da horren jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, baita estatu-laguntzatzat jotzen diren gainerako pizgarrien ondorioz laguntza bat baino gehiago jasoz gero ere, edozein dela ere haien izaera.

Kanarietan salgaiak inportatzearen eta entregatzearen gaineko arielari dagokionez, barneko entregatzeetan estatu-laguntzen ondorioetarako zerga-oinarria kalkulatzeko, ekitaldian sorrarazitako zergaren zenbateko agregatua hartuko da kontuan, barneko entregatzeetan ezin izan bada aplikatu Kanarietako Autonomia Erkidegoko ekainaren 26ko 4/2014 Legearen 2. artikuluaren 4. apartatuan ezarritako salbuespena.

Zerga horren zenbateko agregatua kalkulatzeko, ekainaren 7ko 20/1991 Legeak (Kanaria uharteetako Ekonomia eta Zerga Erregimenaren zerga-alderdiak aldatzen dituena) 23. artikuluaren 1. apartatuko 2. arauan xedatutakoa aplikatuz ateratzen den zerga-oinarriaren araberako zerga-tasa aplikatuko da, honako zenbateko hauek kendu ondoren:

  • a)  ekitaldian egin diren eta ekainaren 7ko 20/1991 Legearen 85. artikuluaren arabera itzulketarako eskubidea sortu duten eskuratze edo inportazioetan jasandako arielaren kuoten zenbatekoa;

  • b)  eta 4/2014 Legearen 2.4 artikuluarekin bat etorriz barneko entregatzeetan arieletik salbuetsita egon diren ondasunak eskuratu zirenean jasandako kuoten zenbatekoa; horiek ere 20/1991 Legearen 23. artikuluaren 1. apartatuko 2. arauari jarraituz kalkulatuko dira.

Horretarako, onuradunek informazio-aitorpena aurkeztu beharko dute, baliatu dituzten laguntzarako araubide edo neurriei buruzkoak. Aitorpen horretan, aipatutako pizgarriei buruzko datu xehatuak jaso beharko dira, eta datuok egiaztatu egingo dira.

Laguntzaren gaindikina itzultzeko eta aipatutako zehapena ezartzeko, laguntzaren izaeraren arabera dagozkion prozedurei jarraituko zaie.

Erregelamenduz emango dira xedapen gehigarri honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren arauak; bereziki, xede duen kontrola egiteko eskumenak esleitzeari buruzkoak.»

Laugarren artikulua. Ontzien eta Ontzi Enpresen Erregistro Berezian inskribatutako erakundeen ordainketa zatikatuak.

Aldatu egiten da Sozietateen gaineko Zergaren 27/2014 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Zergadunek... (Berdin).

a) Sartu beharreko diru kopurua... (Berdin).

Kanpora geratuko da... (Berdin).

Baldin eta... (Berdin).

Kanarietako Ekonomia eta Zerga Erregimena aldatzen duen uztailaren 6ko 19/1994 Legeak 76. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako hobaria aplika dezaketen ontzi-enpresen kasuan, hobaririk gabeko errentei soilik dagokiena hartuko da emaitza positibotzat.

Tonajearen araberako tributazio-araubide berezia -lege honen XVI. kapituluan ezarritakoa- duten ontzi-enpresen kasuan, lege honen 114.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz lortzen den zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira ordainketa zatikatuak.

Letra honetan xedatutakoa... (Berdin).»

Lehen xedapen gehigarria. Salgaien garraiorako dirulaguntzak Kanarietako Autonomia Erkidegoan.

Bat. 100eko 100ekoa izango da otsailaren 13ko 170/2009 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 20ko 362/2009 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan araututako 100eko 70eko portzentajea (170/2009 Errege Dekretua Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren I. eranskinean sartuta dauden salgaien itsasoko eta aireko garraio abiapuntua edo xedea Kanaria uharteetan duena konpentsatzeari buruzkoa da; 362/2009 Errege Dekretua, berriz, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren I. eranskinean sartuta ez dauden salgaien itsasoko eta aireko garraio abiapuntua eta xedea Kanaria uharteetan duena konpentsatzeari buruzkoa).

Bi. 170/2009 Errege Dekretuaren 7. eta 13.1 artikuluetan eta 362/2009 Errege Dekretuaren 8. eta 15.1 artikuluetan ezarritako mugak ondorerik gabekoak direla iritziko zaio ukitutako aurrekontu-kredituak zabalgarriak direla deklaratzen denean Estatuaren hurrenez hurreneko aurrekontu orokorrei buruzko legeetan.

Bigarren xedapen gehigarria. Kanariak lurralde fiskal berezia izateagatik haiekin egin behar diren aduana-izapideak sinplifikatzea.

Europar Batasuneko Aduana Kodearen eta hura garatzeko arauen esparruan, Espainiako Gobernuak behar diren xedapenak emango ditu eta behar diren neurri administratibo eta teknikoak hartuko ditu, aduana-betebehar eta -formalitateen sinplifikazioak aplikatu daitezen 2019ko urtarrilaren 1erako luzeen jota Batasuneko salgai-merkataritzaren esparruan Kanarien eta Espainiako gainerako lurraldeen artean, Ceuta eta Melilla izan ezik; batez ere, Kanarietan inportazio-, esportazio- eta aduana-aitorpenak aurkezteko erabiltzen den Aduanako Leihatila Bakarraren sistema informatikoan egingo dira behar diren egokitzapenak.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko azaroaren 5ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra