Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Sexu-berdintasunari buruzko arauak

9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena.

2018-08-03

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/08/04 188zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11135   9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren

aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena.

I

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren zioen azalpenak aipatzen du genero-indarkeria ez dela esparru pribatuan eragina duen arazoa. Aitzitik, gure gizartean dagoen berdintasun-faltaren erakusgarririk ikaragarriena da. Emakume izate hutsagatik erabiltzen da indarkeria hori emakumeen aurka, erasotzaileek uste dutelako emakumeek ez dituztela aske izateko, errespetua merezi izateko eta erabakimena izateko gutxieneko eskubideak.

Emakumearen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta haien kontra borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenak, Istanbulen 2011 ko maiatzaren 11n eginak, 5.2 artikuluan hitzarmeneko aldeei exijitzen die legegintza-neurriak eta behar diren gainerakoak har ditzatela behar den diligentziaz jarduteko hitzarmenaren aplikazioaren eremuan sartzen diren indarkeria-ekintzak prebenitu, ikertu, zigortu eta haiengatiko kalte-ordaina emate aldera.

2016ko azaroaren 15ean, Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak, aho batez, legez besteko proposamen bat onetsi zuen, zeinaren bidez Gobernua premiatzen baitzen genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun bat sustatzera, Nazioko Gobernuak, autonomia-erkidegoek, autonomia-estatutua duten hiriek eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak sina zezaten, horren bidez emakumearen aurkako indarkeria desagerrarazteko politikak bultzatzeko, Estatuko egiazko politika baten gisara. Legez besteko proposamenak ezartzen zuen Kongresuko Berdintasun Batzordean azpibatzorde bat sortuko zela, eta azpibatzorde horrek txosten bat egitea izango zuela helburu, genero-indarkeriaren modu guztiak deuseztatzeko bidean aurrera egitea eragozten duten arazoak identifikatu eta analizatuko zituena. Txostenak, halaber, jarduketa-proposamen batzuk jasoko zituen; horien artean, helburu hori egiazki betetzeko egin beharreko erreforma nagusiak, bai eta nazioarteko erakundeen gomendioak ere. Kongresuak, 2017ko irailaren 28ko Osoko Bilkuran, aurkako botorik gabe onetsi zuen azpibatzordeak genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun baterako egindako txostena.

Bestalde, Senatuko Berdintasun Batzordeak ponentzia bat sortzea erabaki zuen 2016ko abenduaren 21ean, genero-indarkeriari dagokionez biktimen prebentzioari, babesari eta erreparazioari buruzko alderdiak aztertu eta ebaluatu zitzan, genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun bat erdietsi eta ezartzeko estrategia azter zezan eta abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa azter zezan. 2017ko irailaren 13an, Senatuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi zuen genero-indarkeriaren aurkako estrategiak lantzeko azterlana egiteko ponentziaren txostena.

Bi txosten horiek proposamen sail bat daukate emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria eragotzi eta borrokatzeko eta erakundeek biktima diren emakumeei eta haien seme-alaba adingabeei edo haien zaintzapeko, tutoretzapeko edo harrerapeko adingabeei ematen dieten erantzuna hobetzeko.

2016ko azaroaren 15ean onetsitako legez besteko proposamenaren arabera, sei hilabete iragan baino lehen bidali behar ziren Gorte Orokorretara lege-testu indardunak aldatzea zekarten txosteneko neurriak, izapidetzeko.

Epe hori iraganda, presakoa da behar diren neurri batzuk hartzea genero-indarkeria desagerrarazteko bidean eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko bidean aurrera egiteko.

Babestu beharreko eskubideek, hain garrantzitsuak izanik, erantzun irmo eta berehalakoa behar dute, oinarrizko eskubideen urratze horren biktimen bizitza eta osotasun fisiko, psikologiko eta morala babestuko duena; eskubideok neurriaren beharra eta premia justifikatzen dute, eta, gainera, zuzenbide-estatu orori eskatu beharrekoak dira.

II

Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasunaren eta gizonek emakumeen gainetik dituzten botere-harremanen agerkaririk ankerrena da. Egiturazko indarkeria bat da, emakume izate hutsagatik erabiltzen dena emakumeen aurka. Indarkeria horrek ez die uzten emakumeei giza eskubideez eta oinarrizko askatasunez erabat gozatzen, eta oztopo bat da emakumeen eta gizonen artean erabateko berdintasuna izateko.

Horixe aitortzen dute nazioarteko erakundeek -besteak beste, Nazio Batuen Erakundeak, Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak- Espainiak berretsitako hainbat tresna juridikotan. Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruz Nazio Batuen Batzar Nagusiak onetsitako adierazpenak (48/104 Ebazpena, 1993ko abenduaren 20koa) honela definitzen du emakumeen aurkako indarkeria: emakume izateagatik gertatzen den edozein indarkeria-egintza, emakumearentzat kalte edo sufrimendu fisikoa, sexuala edo psikologikoa dakarrena edo ekar dezakeena, bai eta indarkeria hori erabiltzeko mehatxuak egitea, derrigortzea eta nahierara askatasunaz gabetzea ere, hori bizitza publikoan zein pribatuan gertatu.

Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak legearen aurreko berdintasuna aitortzen du, eta ez du onartzen inolako diskriminaziorik izatea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa edo iritziak direla-eta edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozial dela eta. Eta 15. artikuluak bizitzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea aitortzen du, eta, hala, inoiz ezin izango da inor torturatu eta inoiz ezin izango zaio inori zigor edo tratu jasanezin edo apalesgarririk eman. Bestalde, 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoek baldintza zehatzak sustatu behar dituztela gizabanakoaren eta hura partaide den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta egiazkoak izan daitezen eta kendu egin behar dituztela askatasun eta berdintasun horiek bete-betekoak izatea galarazten edo zailtzen duten trabak.

III

Espainian, azken urte hauetan, legegintza-arloko oso aurrerapen adierazgarriak egin dira emakumearen aurkako indarkeria borrokatzearen arloan. Daukaten garrantzi berezia dela eta, nabarmentzekoak dira uztailaren 31ko 27/2003 Legea, Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Agindua arautu duena, eta, batez ere, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren xedea hau da: diskriminazioaren, berdintasun-faltaren eta gizonek emakumeen gainean dituzten botere-harremanen agerpen gisa erabiltzen den indarkeriaren kontra egitea indarkeria emakumeen aurka erabiltzen dutenean horien ezkontide direnek edo izan direnek, edo horiekin antzeko harremanak dituztenek edo izan dituztenek, nahiz eta elkarrekin ez bizi.

Indarrean egon den hamahiru urteetan, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak hiru aldaketa izan ditu, honako lege hauen bitartez eginak, hurrenez hurren: Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legea -zurztasun-pentsioei buruzko lehen xedapen gehigarria aldatzen du-; urriaren 5eko 42/2015 Legea, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzekoa -20.1 artikulua aldatzen du, doako laguntza juridikoaren gainekoa-, eta uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa, Haurren eta Nerabeen Babes-sistema aldatzen duena -1.2, 61.2, 65 eta 66. artikuluak aldatzen ditu, genero-indarkeriaren biktimen seme-alaben edo haien tutoretzaren edo zaintzaren eta jagoletzaren peko adingabeen gainekoak-.

Espainiak 2014an berretsi zuen Emakumearen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta haien aurka borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Istanbulen 2011ko maiatzaren 11n egina, eta hitzarmen horrek 2014ko abuztuaren 1ean hartu zuen indarra. Hitzarmenaren aplikazio-eremuak, zeinak emakumeengan emakume izateagatik eragina duten edo haiengan neurriz kanpo eragina duten indarkeria modu guztiak hartzen baititu, «emakumeen aurkako indarkeria» definitzen du, esanez giza eskubideen urraketa bat eta diskriminazio mota bat dela, eta generoan oinarrituta dauden eta emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoa ekartzen duten edo ekar dezaketen indarkeria-ekintza guztiak izendatzen ditu, horien barnean dela ekintza horiek egiteko mehatxuak egitea, derrigortzea edo nahierara askatasunaz gabetzea, bizitza publikoan zein pribatuan.

  • IV

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluak ezartzen du administrazio publikoek legegintza-ekimena baliatzean printzipio hauen arabera jokatu behar dutela: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Premiaren eta efizientziaren printzipioei dagokienez, guztiz bermatuta daude horiek, araua oinarrituta dagoen interes orokorra dela eta; izan ere, errege lege-dekretua da tresnarik egokiena hura lortuko dela bermatzeko.

Proportzionaltasunari dagokionez, babesaren beharrari erantzuteko ezinbesteko neurriak ezarri nahi izan dira, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza eta arreta hobetuz eta neurrien hartzaileentzat eskubideak gutxiago murrizten dituzten edo betebehar gutxiago ezartzen dituzten neurriak hartzea galaraziz.

Halaber, ordenamendu juridikoaren gainerakoarekin koherentea izateko, arau-esparru egonkorra, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa dakar, zeinak erraztasunak ematen baititu bera ezagutu eta ulertzeko eta, beraz, pertsonek jardun dezaten eta erabakiak har ditzaten; horrenbestez, proposamena segurtasun juridikoaren printzipioarekin bat datorrela irizten zaio.

Gardentasunaren printzipioa betez, arauak argiro identifikatzen du bere helburua, eta bere edukiari buruzko azalpen oso bat eskaintzen du zioen azalpen honetan.

Azkenik, zama administratiborik ezartzen ez duenez eta genero-indarkeriaren biktimen eta haien seme-alaben babesa argiro hobetzen duenez, irizten zaio araua guztiz egokitzen zaiola efizientziaren printzipioari.

  • V

Genero-indarkeriaren aurkako estatu-itun baterako Kongresuko Azpibatzordearen txostenean eta Genero-indarkeriaren aurkako estrategiak lantzeko azterlana egiteko Senatuko Ponentziaren txostenean egindako proposamenen esparruan, errege lege-dekretu honek abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren arau batzuk aldatzen ditu, zeinek ez baitute lege organikoaren maila hori, eta beste araugintza-testu batzuk ere aldatzen ditu, zeinak presaz aldatu behar baitira biktimentzako eta haien seme-alaba adingabeentzako laguntzaren arloan erantzun eraginkorra emateko.

Genero-indarkeriak, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren eta gizonek emakumeen gainetik dituzten botere-harremanen agerkaririk ankerrenak, 947 emakumeren heriotza ekarri du Espainian 2003tik, urte horretan hasi baitziren kontabilizatzen beren bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeak. 2018ko ekainean eta uztailean erail dituzte horietatik 11. Biktimek, gehienetan, aurretik salatu gabe zituzten pairatutako indarkeria eta tratu txarrak. Adierazle horiek azaltzen dute larrialdi batean gaudela, eta nahikoa justifikatzen dute errege lege-dekretura jotzea. Hartara, erreforma honen helburua tutoretza judiziala eta justiziarako sarbidea indartzea da, bai eta genero-indarkeriaren biktimak laguntzeko baliabideetarako sarbidea indartzea ere, 20. eta 23. artikuluak aldatuz. 20. artikuluak hiru neurri mota dauzka, biktimak zigor-prozesuan duen parte-hartzea hobetzera bideratuak. Alde batetik, artikulu horren 4. apartatua aldatzen da eta 5. apartatua gehitzen da, biktimentzako laguntza juridikoa indartzeko, estatu-itunak agintzen duen bezala, eta jasotzen du abokatuen elkargoek ez ezik prokuradoreen elkargoek ere behar diren neurriak har ditzatela ofiziozko abokatuak eta prokuradoreak presaz izendatzeko genero-indarkeria dela-eta jarraitzen diren prozeduretan, segurtatze aldera berehala presente egongo direla biktimak defendatzeko eta ordezkatzeko. Bestalde, 6. paragrafoa gehitzen da, estatu-ituneko neurri bat ezartzeko -biktimaren abokatuaren legezko gaikuntzari dagokio, prozesuan hura ordezkatu ahal izan dezan, biktima bera prozeduran pertsonatu arte-, baina hori harmonizatu beharra dago hirugarren neurriarekin -7. apartatua gehitzea, biktima akusazio partikular gisa pertsonatu ahal izan dadin prozeduraren edozein fasetan-.

Lege Organikoaren 23. artikulua ere bi xederekin aldatzen da. Alde batetik, genero-indarkeriaren biktimaren izaera egiaztatzeko gaikuntza ematen duten titulu judizialak zehaztu eta zabaltzeko; eta, bestetik, salaketarik egon ez eta, horrenbestez, prozedura judizial irekirik ez dagoen kasuetarako gaikuntza emango duten beste titulu ez-judizial batzuk ezartzeko. Esan bezala, erail dituzten genero-indarkeriaren biktimen ehuneko handi batek aurretik ez zuen salatu pairatzen ari zen tratu txarreko egoera. 2017an, eraildako emakumeen % 76,5 bere erasotzailea salatu gabea zen; hortik dator genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeko mekanismoak zabaltzeko urgentzia eta beharra. Gogorarazi beharra dago Emakumearen aurkako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurrea hartzeko eta haien kontra borrokatzeko Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren 18.3 artikuluak exijitzen duela ez egoteko genero-indarkeriaren biktimek legezko ekintzez baliatu zain edo haiek erasotzailearen aurka deklaratu zain haiek babesteko.

Pairatzen ari diren indarkeria-egoera ez salatzeko biktimek dauzkaten arrazoi ugarien artean, baliabide ekonomikoen falta dago, horixe baita indarkeriaren gurpila ez gelditzeko faktoreetako bat. Hori dela eta, 27. artikuluan araututako laguntzei dagokienez, haiek eskuratzeko aukerak zabaltzeko asmoz eta Genero-indarkeriaren aurkako estrategiak lantzeko azterlana egiteko Senatuko Ponentzian aurkeztutako proposamenekin bat etorriz, errege lege-dekretu honetan aurreikusi da laguntza horiek bateragarriak izan daitezela biktimek autonomia-erkidegoetatik edo tokiko erakundeetatik jaso ditzaketen beste batzuekin.

  • VI

Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren esparruan urgenteenak diren neurrietako batek planteatzen du lege-aldaketa egokiak egin behar direla toki-administrazioa gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen eta genero-indarkeriaren aurka borrokan jardun dadin; izan ere, herritarrengandik eta, horrenbestez, biktimengandik hurbilen dagoen administrazioa da. Hala, proposatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2. artikuluan udalen eskumen propio gisa ageri diren gaien katalogoan jasotzea arazo hauek. Bestalde, 2018. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak berariazko zenbateko batzuk jasotzen ditu toki-entitateentzat haiek Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna ezar dezaten.

Hori guztia dela eta, ezinbestekoa da bai apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzea, genero-indarkeriaren aurkako politikak garatu ahal izateko, eta bai aldaketa hori oso azkar egitea, toki-entitateak ez daitezen geratu aurreikusiak dituzten jarduketak garatu ezinda xedapen indardunen egokitzapen-faltarengatik; izan ere, horrek kalte izugarria eragingo lieke genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeei eta haien seme-alabei.

  • VII

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaba adingabeen babesa da estatu-itunaren ardatzetako bat eta erantzun urgenteena eskatzen dutenetako bat. Emakumeen aurkako indarkeriari buruz 2015ean egindako makroinkestaren arabera, indarkeria fisikoa edo sexuala edo beren bikotekideen edo bikotekide ohien beldurra pairatzen duten edo pairatu duten eta indarkeria-aldietan seme-alabak zituzten emakume guztietatik % 63,6k baieztatu zuen seme-alabek bertatik bertara ikusi edo entzun zutela indarkeria-egoeraren bat. Beren seme-alabek indarkeria-egoerak bertatik bertara ikusi edo entzun zituztela erantzun zuten emakumeetatik, % 92,5ek baieztatu zuen seme-alaba horiek 18 urtetik beherakoak zirela indarkeria-aldietan. Hori dela eta, errege lege-dekretu honek Kode Zibilaren 156. artikuluan aldaketa bat egiten du, Kongresuaren Azpibatzordearen Txosteneko 148. neurria betetzeko, genero-indarkeriaren arriskua duten adingabeekiko esku-hartze psikologikoa eta guraso-ahalaren erabilera bereiztea proposatzen baitu. Zehazki, Kode Zibilaren 156. artikuluan eragina duen erreformak helburu hau du: guraso-ahala erabiltzean erabakiak batera hartzea eskatzen duten egintzen katalogotik kanpo geratzea arreta eta laguntza psikologikoa, baldin eta gurasoetako bat zigor-arloko prozesu batean sartuta badago beste gurasoaren edo bien seme-alaben bizitzaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurka egiteagatik.

  • VIII

Errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak ezarri ziren datak direla eta, ezinezkoa da horiek guztiz gauzatzea 2018ko ekitaldian.

Azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86. artikuluan jasotako araubideak berekin dakar ezen inguruabar horiek direla-eta 2019an galera bat gertatzen dela Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren esparruan bultzatutako politiketan.

Neurriak aplikatzeko aldia laburra izanik eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzea guztiz lehentasunezkoa izanik, gomendagarria da, guztiz aparteko izaeraz eta kasu jakin honetarako, salbuets dadila azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86.2 artikuluaren seigarren arauan jasotako araubidea, soilik 2018ko ekitaldian.

  • IX

Bestalde, araugintzako tresna honetaz baliatzeko Konstituzioan ezarritako mugak errespetatzen dira, zeren eta errege lege-dekretu honek ez baitu eraginik ez Estatuko oinarrizko erakundeen ordenamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluan araututako herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez eta hauteskunde-zuzenbide orokorrean ere; izan ere, soilik Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren xedapen batzuk aldatzen dira, bai eta beste lege batzuenak ere, estatu-itunean proposatutako zenbait alderditan, lege organikoaren bidez arautzeko erreserbatuta ez dauden horietan.

Gainera, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, diruz laguntzea egoera jakin bat, aurrez ikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea eskatzen duena.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek -orokorrean zein banan-banan hartuta-, haien izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Gobernuko presidenteorde eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministroaren proposamenari jarraikiz, Ministroen Kontseiluak 2018ko abuztuaren 3ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzea.

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. 20. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da, eta beste hiru apartatu gehitzen zaizkio -5.a, 6.a eta 7.a-; honela geldituko da idatzita:

«4. Orobat, abokatuen elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte presaz izendatzeko ofiziozko abokatua genero-indarkeriaren ondoriozko prozeduretan, hura berehala bertaratuko dela eta biktimei berehala lagunduko diela segurtatzeko.

  • 5.  Prokuradoreen elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte presaz izendatzeko prokuradorea genero-indarkeriaren ondoriozko prozeduretan, biktimak akusazio partikular moduan pertsonatu nahi duenean.

  • 6.  Biktimarentzat izendatutako abokatuak, halaber, legezko gaikuntza izango du haren ordezkaritza prozesala eramateko prokuradorea izendatzen den arte, biktima ez bada akusazio moduan pertsonatu, hurrengo apartatuan xedatutakoari jarraituz. Bien bitartean, abokatuaren betebeharra izango da agiriak jakinarazteko eta helarazteko egoitza zehaztea.

  • 7.  Genero-indarkeriaren biktimak akusazio partikular moduan pertsonatu ahalko dira prozeduraren edozein unetan, baina horrek ez du aukerarik emango pertsonatu aurretik aurrera eraman diren jarduketetara itzultzeko, ez eta haiek errepikatzeko ere, eta ezin izango du berekin ekarri akusatuaren defentsarako eskubidea urritzea.»

Bi. 23. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«23. artikulua. Genero-indarkeria egon dela egiaztatzea.

Kapitulu honetan araututako eskubideen aitorpena ekar dezaketen genero-indarkeriako egoerak honela egiaztatuko dira: genero-indarkeriako delitu batengatiko epai kondenatzaile batez, babes-agindu batez edo biktimaren alde kautelazko neurri bat agintzen duen beste edozein ebazpen judizialen bitartez, edo, bestela, Fiskaltzaren txosten baten bitartez, zeinean adierazten baitu aztarna batzuk badaudela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten dutenak. Gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo Administrazio Publiko eskudunaren genero-indarkeriaren biktimentzako harrera-zerbitzuen txosten baten bitartez ere egiaztatu ahalko dira genero-indarkeriaren egoerak; edo beste edozein tituluren bitartez, baldin eta hori aurreikusita badago eskubideetako eta baliabideetako bakoitza eskuratzeko bidea arautzen duten arau-xedapen sektorialetan.

Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren esparruan, elkarrekin ados jarrita, oinarrizko prozedura batzuk diseinatuko dituzte genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeko sistemak abian jarri ahal izateko.»

Hiru. Aldatu egiten dira 27. artikuluaren 2. eta 5. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«2. Laguntza horren zenbatekoa langabeziaren ondorioz sei hilabeteko sorospenari dagokion zenbatekoaren baliokidea izango da. Emakumearen aurka gauzatutako genero-indarkeriaren biktimak 100eko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua badu modu ofizialean, hamabi hilabeteko sorospenari dagokion zenbatekoaren baliokidea izango da laguntzaren zenbatekoa.

(...)

5. Laguntza horiek bateragarriak izango dira abenduaren 11ko 35/1995 Legeak -Indarkeriazko Delituen eta Sexu Askatasunaren Aurkako Delituen Biktimak Laguntzeko eta Sorostekoak- ezarritako edozein laguntzarekin, bai eta genero-indarkeriarengatik autonomia-erkidego batek edo toki-erakunde batek emandako beste edozein laguntza ekonomikorekin ere.»

Xedapen gehigarri bakarra. Konprometitu gabeko gerakinei aplikatzekoa zaien araubide berezia.

Salbuespen gisa, eta soil-soilik 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 26.15.231F.450 kredituetan jasotako diru-laguntzetan, ekitaldiaren amaierako konprometitu gabeko gerakinei ez zaie aplikatuko azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontu Lege Orokorraren 86.2 artikuluaren seigarren erregelan xedatutakoa.

Lehenengo xedapen iragankorra. Emakume langileen aurkako genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeko Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aurreikusita dauden bitartekoen aplikagarritasuna.

Errege lege-dekretu honek indar hartu ondoren gertatutako genero-indarkeriako egoerek ekartzen dituzten eskubide-aitorpeneko eskaerei soilik aplikatu ahal izango zaizkie Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan errege lege-dekretu honen artikulu bakarraren bigarren apartatuaren bitartez berridatzi ondoren aurreikusita dauden genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeko baliabide berriak, egoera horien barnean direla haren aurretik hasitakoak izanda ere haren ondoren ere mantentzen direnak eta aipatutako 23. artikuluan jasotako baliabideen bitartez egiaztatzen direnak.

Bigarren xedapen iragankorra. Dagoeneko abiarazi diren prozedura judizialei aplikatu beharreko araudia.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedura judizialek hasi ziren egunean indarrean zegoen arautegia bete beharko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo horren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzea.

o) paragrafoa gehitzen zaio Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluaren 2. apartatuari, eta honela dio:

«o) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta genero-indarkeriaren aurkako jarduketak.»

Azken xedapenetako bigarrena. Kode Zibilaren 156. artikulua aldatzea.

Bigarren paragrafoa gehitzen zaio Kode Zibilaren 156. artikuluari, eta honela dio:

«Epai kondenatzailea eman ondoren eta erantzukizun penala amaitzen ez den bitartean edo gurasoetako baten aurka zigor-arloko prozedura bat hasi denean bien seme-alaba adingabeen edo beste gurasoaren bizitzaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurka egiteagatik, seme-alaba adingabeei arreta eta laguntza psikologikoa emateko, nahikoa izango da beste guraso horrek baimena ematea, eta lehenengo gurasoari horren berri eman beharko zaio aurrez. Laguntza hamasei urtetik gorako seme-alabei eman behar bazaie, haien berariazko baimena beharko da beti.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna betetzeko jartzen diren eta genero-indarkeria desagerrarazteko programetarako udalei esleitzen zaizkien funtsen banaketa.

  • 1.  Honako irizpide hauen arabera banatuko dira Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna betetzeko jarritako funtsak, transferentzia finalista edo zuzen baten bidez edo beste toki-entitate batzuen bidez udalei genero-indarkeria desagerrarazteko programetarako esleitzen zaizkien eta 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen azken xedapenetako seigarrenean aurreikusita dauden horiek, bai eta geroko aurrekontu-legeetan esleitutako funtsak ere:

  • a)  Kopuru finko bat udal bakoitzeko.

2018rako zenbatekoa 689 eurokoa izango da.

  • b)  Kopuru finko bat udal bakoitzeko zuzenbidezko biztanleei arabera. Zuzenbidezko biztanle horien kopurua 2017ko urtarrilaren 1ean indarrean dagoen eta Gobernuak ofizialki onartu duen biztanleen udal-erroldan jasotako biztanleena izango da.

2018rako zenbatekoa 0,18 eurokoa izango da biztanle bakoitzeko.

  • c)  Transferentziaren zenbatekoa aurrez aipatutako zenbatekoen batura izango da.

Banaketa hori egin ondoren dagoen gerakina modu proportzionalean banatuko da funtsaren esleipenari dagokion urteko uztailaren 1ean Genero-indarkeriako Kasuen Osoko Jarraipenerako Sisteman sartuta dauden udal guztien artean.

  • 2.  Funtsak genero-indarkeria desagerrarazteko programetarako erabili beharko dira.

  • 3.  Gobernuari ahalmena ematen zaio banatu beharreko zenbatekoak eta banaketarako irizpideak eta prozedura aldatzeko Ministroen Kontseiluaren errege-dekretu baten bidez.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Artikulu bakarrak hirugarren apartatuan 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluaren 5. apartatua aldatzeko ezarritakoak, hau da, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan ezarritako laguntza ekonomikoak autonomia-erkidego batek edo toki-erakunde batek emandako beste edozein laguntza ekonomikorekin bateragarriak izateari buruz ezarritakoak, ondoreak izango ditu errege lege-dekretu honek indar hartzen duen egunean, eta hortik aurrera izango da aplikatzekoa.

Palman emana, 2018ko abuztuaren 3an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra