Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

11/2014 Errege Lege Dekretua, irailaren 5ekoa, konkurtso alorreko premiazko neurriei buruzkoa

2014-09-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/09/06, 217. zk.

bcl_1161233766.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9133 11/2014 Errege Lege Dekretua, irailaren 5ekoa, konkurtso alorreko premiazko neurriei buruzkoa.

I

4/2014 Errege Lege Dekretuak, martxoaren 7koak, enpresen zorra birfinantzatzeko eta berregituratzeko arloan premiazko neurriak onartzekoak, aurrekonkurtso-hitzarmenen araubidea malgutu zuen, oinarrizko premisa batzuen arabera. Premisa horietako lehena hauxe zen: ekonomikoki bideragarriak diren enpresek aurrera egitea onuragarritzat hartzea, hala enpresentzat beraientzat nola ekonomiarentzat oro har, eta, oso bereziki, enpleguari eusteari dagokionez. Bigarren premisa pribilegio juridikoa azpian dagoen errealitate ekonomikora egokitzea zen; izan ere, askotan, oinarririk gabeko pribilegioak aitortzea zen aurrekonkurtso-akordioak egiteko oztopo nagusia. Hirugarren premisa berme errealen izaera juridikoa ahalik eta gehien errespetatzea zen –baina, betiere, eta bigarren premisa kontuan hartuta, bere benetako balio ekonomikoaren arabera–.

Errege lege-dekretu honek aurreko premisak konkurtso-hitzarmenera hedatzea du xede.

II

Aurrekoaz gain, konkurtsopekoaren negozioaren edo bere jarduera-adar baten eskualdaketa malgutzeko neurri sorta bat onartzen da; izan ere, gaur egun, dela konkurtso-prozesua izapidetzean, dela konkurtsopekoaren likidazioa saihestezina denean, salmenta zailtzen duten oztopo batzuk daude.

Ikuspegi horretatik, gai horretan egiten diren aldaketek konkurtso-hitzarmenarekin lotutakoen helburu bera daukate: ahal den neurrian, enpresa-jarduerarekin jarraitzeko erraztasunak ematea, hori onuragarria izango baita bai enpresarentzat berarentzat, bai bere langile zein hartzekodunentzat, baita ekonomiarentzat ere, oro har.

III

Errege lege-dekretu honen xedapenetan artikulu bakarra dago, hiru paragrafotan banatua; horren bidez, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen (aurrerantzean, Konkurtso Legea) hainbat arau aldatzen dira; zehazki, konkurtsohitzarmenaren eta likidazio-fasearen ingurukoak, baita alderdi horiekin estuki lotuta dauden lege horretako beste arau batzuk ere.

Konkurtso-hitzarmenari dagokionez, lehenik eta behin, Konkurtso Legearen laugarren xedapen gehigarriko (martxoaren 7ko 4/2014 Errege Lege Dekretuak emaniko idazketaren arabera) aurreikuspenen antzekoak sartzen dira, pribilegio bereziaren xede diren bermeak baloratzearen inguruan. Horretarako, Konkurtso Legearen 90. eta 94. artikuluak aldatzen dira. Horrela, indarrean jarraituko du ikuspuntu ekonomikotik arrazoizkoena dirudien arauak, eta, era berean, beste arau batzuen sintesia denak; izan ere, gure Zuzenbidean ondorengo bermeak askatzearen inguruan, lehentasunezko bermeei eustearen inguruan eta berme errealen titularretako batek exekutatuz gero soberakina esleitzearen inguruan indarrean dauden arauen sintesia ere bada. Eztabaidaezina dirudi berme baten benetako balioa lortzeko beharrezkoa dela bermepean dagoen ondasunaren arrazoizko balioari ondasun horren gainean lehentasunezko bermea duten ordaindu gabeko kredituen zenbatekoa kentzea. Horrez gain, zuhurtziazkoa dirudi aipatutako arrazoizko balioa ehuneko hamar jaistea; izan ere, bermea gauzatuko balitz, dagokion ondasun edo

eskubidea exekutatu beharko litzateke, eta horrek sortutako kostuek eta atzerapenek gutxienez aipatutako ehunekoan murriztuko lukete bermearen balioa.

Pentsatu beharra dago horrelako neurri bat hartu ezean, kreditu pribilegiatuak ad infinitum biderkatu ahal izango liratekeela haien bermearen xedea ondasun bat bera izatean, aipatutako ondasunaren balioa batere handitu ez arren. Adibide praktiko bat jartzearren, gaur egun, 100 balio duen ondasun baten gainean 100eko bost hipoteka eduki daitezke, eta, hala, egoera zentzugabe batera irits gaitezke; hau da, 100 balio duen ondasun baten gainean, konkurtso-ondorioetarako 500ekoa den pasibo pribilegiatu bat izatera. Ez da ahaztu behar, beste alde batetik, konkurtsoa zuzendu behar duen printzipioetako bat pars conditio creditorum dela, eta pribilegioak mugagabe hedatzea aipatutako printzipio horrekiko kontraesan garbia dela. Gainera, ondorio praktikoetara etorrita, berme horien onuradun diren hartzekodunek abstentzio-eskubidea bakarrik izango dute, eta hori ez da batere lagungarria izango ez hitzarmenerako, ez enpresak aurrera jarraitzeari begira, eta ez du inola ere zorra kobratzea bermatuko; are gutxiago, konkurtsopekoak likidaziora jo behar badu. Kontuan izan hipotekatutako ondasuna likidatuz gero edota singularki exekutatuz gero, hartzekodunak, asko jota, bermearen balioa jasoko duela. Bermeak estaltzen ez duen kredituaren gainerako zatiari dagokionez, hartzekodunak hitzarmenean kaltegabe geratu den zatia baino ez du kobratuko; baina, segur aski, likidazio-testuinguru batean gutxiago kobratuko du, enpresak martxan jarraitzearen kasuan baino.

Halaber, ez dago esaterik bermearen balioa zehazteak bermatutako kreditua murrizten duenik; eskubide nagusia eta eskubide osagarria bereiz baloratzea besterik ez da. Eskubide nagusia ez da zalantzan jartzen; aitzitik, argitu egiten da eskubide nagusiaren zein zatik jasoko duen eskubide osagarriaren onura, eta zein zatik ez duen jasoko. Azken zati horri, bestalde, kredituari bere izaeraren arabera dagokion tratu bera eman beharko zaio.

Bigarrenik, konkurtso-hitzarmenen arloko beste aldaketa garrantzitsu bat da hartzekodunen batzarreko quoruma handitu egiten dela, orain arte bozkatzeko eskubiderik ez zuten hartzekodun batzuei horretarako eskubidea emanez. Bermeen balorazioaren inguruan hartutako neurriek, berez, quorum hori handitzera eraman behar dute, eta hala egin behar dute, era berean, kreditu-eskubideak konkurtsoa deklaratu ondoren eskuratu dituzten hartzekodunek, oro har –zordunarekin lotura berezia dutenak salbu–, bozkatzeko eskubidea dutela aitortzen duten neurriek ere. Orain arte, bi kasutan bakarrik aitortzen zitzaien bozkatzeko eskubidea: eskubideak titulu unibertsal bidez eskuratzen zituztenean, nahitaezko bihurketa baten ondorioz, eta, 2012az geroztik, gainbegiradapean zeuden finantza-erakundeen kasuan.

Lehen hartzekodun horiekiko zegoen prebentzioa eskubideak eskuratuz iruzurren bat estali nahiko ote zuten errezeloan oinarritzen zen, eta, asmo horiek kentzeko, ukatu egiten zitzaien bozkatzeko eskubidea. Baina iruzurra ez da zerbait (kasu honetan, kreditueskubide bat) salmenta-prezioan edo diru bihurtzekoa den prezioan baino merkeagoan eskuratzea, hori berezkoa baita, azken finean, merkatuko jarduera ekonomikoan. Benetako arazoa zera da: eskuratzaileak zordunarekin gainerako hartzekodunei iruzur egitea adostea. Horregatik, 122. artikuluaz gain, 93. artikulua ere aldatzen da, zordunarekin lotura berezia daukaten pertsonen zerrenda zabaltzeko. Pertsona horiek mendeko hartzekoduntzat joko dira, eta, ondorioz, ez dute hartzekodunen batzarrean bozkatzeko eskubiderik izango.

Kredituak konkurtsoa deklaratu ondoren eskuratzen dituzten hartzekodunei bozkatzeko eskubidea emateak badu gainerako hartzekodunentzat onuragarritzat jo behar den beste ondorio bat ere: aipatutako kredituen merkatu baten existentzia sustatzea, likidezia eman ahal izango baitie zorduna konkurtso-egoeran egotean, azken likidazioaren zain egon behar izan gabe. Hartzekodun lagatzaileak berak baloratuko du horretarako eskatutako sakrifizioa edo deskontua onargarria den, eta hartzekodun lagatuak –horrelako eskuratzeetan aditua izan ohi da– hartuko du bere gain eskuratzeak eta horren ondorioz konkurtsoa izapidetzeak dakarten arriskua.

Hirugarrenik, 100. artikuluan, hitzarmenaren ondorioei buruzko aurreikuspen gehigarri batzuk jasotzen dira. Laugarren xedapen gehigarrian bezala, adierazten da kapitalizazioen kasuan kapitala handitzearen inguruko akordioak egiteko eskatuko diren gehiengoak xedapen gehigarri horretan aurreikusitako berberak izango direla. Halaber, ekoizpenunitateak transmititzeko araubide orokorrera igortzen da 146 bis artikuluan; horrek esan nahi du, salbuespen jakin batzuk kenduta, aurretik zeuden ordaindu gabeko obligazioetatik libre eskuratuko direla. Gainera, ordain gisa ondasunak lagatzea onartzen da, iruzurrezko jokabideak saihesteko kautela-neurri batzuk hartuta.

Konkurtso-hitzarmenen arloan egiten diren aldaketen laugarren alderdia hitzarmenen bozketekin eta gehiengoekin lotuta dago, baita hartzekodun disidenteek egoera jakin batzuetan duten arraste-ahalmena handitzearekin ere. Kendu egiten da lehen hitzarmenaren ondorioetarako zegoen mugaketa orokorra (ehuneko 50eko kitak eta bost urteko itxaroteak) , baina, muga horiek gainditzeko, ehuneko 65eko gehiengo indartua eskatzen da. Era berean, sindikazio-itunetarako eska daitezkeen gehiengo maximoei dagokienez, aurrekonkurtso-hitzarmenen kasuan dagoeneko onartuta dagoen araua ezartzen da; gehiengo hori ehuneko 75ekoa izango da (121.4 artikulua) .

Eta, azkenik, aurreikuspen berritzaile bat sartzen da (134.3 artikulu berria) , pribilegio orokorra edo berezia duten kreditu batzuk arrastatzeko aukerarekin lotuta, bermearen balioak estalitako zatia barne dela. Aurreikuspen horrek ere martxoaren 7ko 4/2014 Errege Lege Dekretuan dauka aurrekaria. Hala ere, bi baldintza bete behar dira aukera hori emateko: batetik, gehiengo are indartuagoen bidez, akordioa mota bereko hartzekodunen artean adostua izatea –betekizun hori aurrenekoz sartu da gure konkurtsoesparruan, nahiz eta bazuen aurrekaririk zuzenbide konparatuan–, eta, bestetik, akordio hori laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako aurrekonkurtso-akordioetan jasotzea, pasibo finantzarioen hartzekodunekin lotuta. Horretarako, lau hartzekodun mota bereizten dira, eta bakoitzak konkurtsoaren barruan berariazko tratamendua jasotzea justifikatzen duten ezaugarri bereziak ditu. Lehenik eta behin, lan-zuzenbideko hartzekodunak; bigarrenik, hartzekodun publikoak; hirugarrenik, hartzekodun finantzarioak; eta, azkenik, gainerakoak (horien artean, nagusiki, merkataritza-hartzekodunak sartu beharko dira) .

Eskatutako gehiengo kalifikatuek hartutako erabakia arrastatutako hartzekodunarentzat sakrifizioa dela pentsa daiteke, eta hala da, baina badu ikuspuntu positibo bat ere, arrastatzea erabakitzen duten gainerako hartzekodunentzat sakrifizioa txikiagoa izango baita. Gehiengo kalifikatu zabalak eskatzen direnez, akordioak oinarrituak izan behar dira, ezinbestean, eta konkurtsopekoaren eta haren hartzekodunen errealitatearekin bat etorri behar dira. Pentsatu beharra dago, gainera, hartzekodunen ehuneko 60 edo 75ek (kasuan kasu) beren kreditu pribilegiatuetarako sakrifizio jakin batzuk adosten badituzte, eta sakrifizio horiek ezinbestekoak badirudite enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eta ordaintzeke dagoen kredituaren ahalik eta zati handiena berreskuratzeko, neurri horiek are gogorragoak izan beharko direla hartzekodunen gainerako ehuneko 40 edo 25a, hurrenez hurren, gehiengoaren erabakiarekin lotetsita ez badago. Halako gehiengo kalifikatuekin, eta bakoitzak bere buruarentzat ahalik eta sakrifizio txikiena bilatuko duenez gero, ziurta daiteke akordioak ez direla hartzekodun horien interesei kalte egiteko helburuarekin hartuko. Gainera, kalte egitea are ezinezkoagoa bihurtzen da lehen aipatutako lau hartzekodun motak ezartzearekin; izan ere, hartzekodunek ezin izango dute beste mota batekoen aurkako hitzarmenik egin; are gutxiago, lan-zuzenbideko hartzekodunen edo hartzekodun publikoen aurka, haien izaera dela eta bereziki babestu beharrekoak baitira.

Laugarren xedapen gehigarriko 11. paragrafoan bezala, eta bermearen benetako balioa ahalik eta gehien errespetatzeko xedearekin, 140. artikuluan honako hau ezartzen da: pribilegiodun hartzekodunak (hitzarmen baten alde bozkatu badu edo hitzarmenak arrastatu badu) bermea exekutatu behar badu, lortutako zenbateko osoarekin egingo da, baina horrek ezin izango du hasierako kredituaren zenbatekoa gainditu. Garbi utzi beharra dago errege lege-dekretu honetan eta martxoaren 7ko 4/2014 Errege Lege Dekretuan bermeen balioari buruz sartutako neurri guztien eraginkortasuna konkurtso-prozedurarekin

lotuta dagoela, baina neurri horiek ez dituztela aldatzen ez erregistratutako bermeak, ezta konkurtsotik kanpo exekutatzeko finkatuta dauden arauak ere.

Gainera, baldintza berezi batzuk jasotzen dira herri-lan eta -zerbitzuen emakida duten enpresen edota herri-administrazioen kontratisten kaudimengabeziarekin lotutako gaietan. Gaur egun, administrazio-kontratuen esleipendun diren enpresa asko daude konkurtsoegoeran. Zerbitzu publikoak ziurtatzeko eta horiei eusteko interes publikoko premiazko arrazoien eraginez, kontratuaren xedea den jarduerarekin aurrera jarraitu ahal izateko irtenbideak bilatu behar dira; guztia ere, esleipendunen, administrazio-kontratuak exekutatzearen onuradun diren hirugarrenen eta herri-administrazioaren mesederako. Irtenbiderik egokiena konkurtso-prozesu guztietarako formula bateratu bat ezartzea da; beraz, erakunde horiei guztiei eragin diezaieketen hitzarmen-proposamenak aurkeztu beharko dira. Ildo horretan, prozesua bizkorra eta ekonomikoa izan dadin, eta pentsatutako irtenbideak arrakasta izan dezan, aipatutako erakundeekin lotuta deklaratutako konkurtsoprozesu guztiak batera izapidetzea komeni da.

Sektore publikoko kontratuen administrazio-legediak –bai orokorrak, bai sektorekoak– hainbat berezitasun dituenez, eta Konkurtso Legeak konkurtso-prozedura gauzatzeko eta burutzeko finkatzen dituen moduekin erlazionatuta egon behar duenez, araubide berezi bat ezarri behar da herri-lan eta -zerbitzuen emakida duten enpresen eta herriadministrazioaren kontratisten konkurtsoetan aplikatzeko. Araubide horrek bi iturri izango ditu: administrazio-kontratuak arautzen dituen administrazio-legedia (hala orokorra nola berezia) eta Konkurtso Legea, arlo horretako konkurtsoen berezitasunak jasoko dituen bigarren.ter xedapen gehigarri berri baten bidez.

Konkurtso Legeak berak, 67. artikuluan, legedi espezifikora igortzen du zordunak herri-administrazioekin egindako administrazio-kontratuen kasuan konkurtsoa deklaratzeak izango dituen ondorioak zehazteko. Halaber, gogoan hartu behar da konkurtso-epailearen eskumenek eta konkurtso-prozeduran izan behar duen nahitaezko esku-hartzeak administrazio-organoen eskumenak errespetatu behar dituztela, mota honetako kontratuei eta horiekin lotuta dauden administrazio-prozedurei dagokienez.

IV

Likidazioaren gaian, Konkurtso Legearen V. tituluko II. kapituluko arau batzuk aldatzen dira, konkurtso-prozedurako fase honen garapena errazteko. Lehen azaldu dugun bezala, ahal den neurrian enpresaren jarduerarekin aurrera jarraitu ahal izatea bermatzea da helburua; horretarako, konkurtsopekoaren establezimendu eta ustiategien multzoa edo haren beste edozein ekoizpen-unitate saltzeko erraztasunak ematen dira, nagusiki.

Horrenbestez, lagatzailea titularra den administrazio-kontratu eta -lizentzietan eskuratzailea ipso iure subrogatzea barneratzen da (146 bis artikulua) , eta aurretik zeuden zorrekiko erantzukizuna kentzeko mekanismoak ezartzen dira. Hala ere, salbuespenik ere xedatzen da kasu berezi batzuetarako, beraien ezaugarriak direla eta babes berezia merezi dutelako; hori da, adibidez, Gizarte Segurantzarekiko edo langileekiko zorren kasua.

Halaber, 148. artikuluan, ordain gisa lagapena edo ordainketari egiteari buruzko beste aurreikuspen batzuk eransten dira, eta aurreikuspen berritzaile bat ere jasotzen da, epaileari masa aktiboaren ehuneko hamar atxikitzea agindu ahal izateko aukera ematen baitio, etorkizuneko aurkaratzeak ordaintzeko xedez. Aurreikuspen horrek likidazio-fasea bizkortzen lagundu behar luke.

149. artikulua ere aldatu egiten da, ekoizpen-unitateak besterentzeari buruzko ordezko arau batzuk sartzeko; bereziki, ekoizpen-unitatean barne hartutako ondasun guztiei edo batzuei lotuta dauden berme errealak baztertzeari edo bere horiei eusteari buruzkoak.

V

Azkenik, 167. artikuluan aldaketa bat egiten da, «mota» terminoaren interpretazioari buruzko zalantzak argitzeko. Termino hori, interpretazio zorrotza eginez gero, kredituen

«legezko sailkapenarekin» lotuta egon daiteke, Konkurtso Legearen 89. artikulutik 92.era bitartean jasotako moduan; horren arabera, ondorengo kasuan bakarrik utziko da sailkapen-atala sortu gabe: konkurtso-prozesuan modu berean sailkatutako hartzekodun guzti-guztiak arauan xedatutakoak baino kita eta itxarote txikiagoen eraginpean daudenean. Praktika judizialak, ordea, zentzu orokorragoa eman izan dio terminoari, eta ezaugarri komunak dituzten hartzekodunen talde bat ere sartu izan du «mota» horren barruan, nahiz eta talde horretan sartzen diren guztiak konkurtso-sailkapen berekoak ez izan, sailkapen-atalean gasturik ez dakarten hitzarmeneko proposamenekin lotuta eman dakiekeen tratamenduari dagokionez.

Kontuan hartuta 94.2 artikuluak, errege lege-dekretu honek emandako idazketan, «mota» terminoari definizio berria ematen diola –eta termino hori, 134. artikuluari jarraiki, hitzarmenak, hartzekodun arruntak ez ezik, pribilegiatuei ere arrastatuz gero aplikatu beharko litzateke–, nahitaez argitu behar da, zalantza gehiago saihesteko,

167. artikuluan jasotako aipamena definizio horrekin ere lotuta badagoela; hau da, konkurtso-irtenbidearen onuradun diren askotariko hartzekodunei eragiten diela, eta hartzekodun multzo hori sailkapen-atalari dagokionez tratamendu bera jasotzeko bezain handia dela.

VI

Errege lege-dekretu honen azken zatian, lau xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bakar bat eta bost azken xedapen daude.

Lehenengo xedapen gehigarriak argitzen duenez, Konkurtso Legearen 5 bis artikulua eta laugarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko jarduerak saneamenduneurritzat joko dira, martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarrian, sarbide telematikoko atari bat sortzea aurreikusten da, likidazio-prozesuan dauden enpresak edo horien ekoizpen-unitateak besterentzea errazteko.

Hirugarren xedapen gehigarrian, birfinantzazio-jardueren eta gainzorpetzea murrizteko jardueren jarraipena egiteko batzorde bat sortzeko agindua ematen da. Batzorde horren eginkizunak honako hauek izango dira: errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurriak betetzen diren egiaztatzea, eta Gobernuari aurrekonkurtsoedo konkurtsoegoeran dauden enpresa ekonomikoki bideragarrien zorra berregituratzea errazteko araualdaketak proposatzea.

Laugarren xedapen gehigarrian, inbertitzaile instituzionalei bakarrik zuzendutako aktiboen titulizazio-funts batek jaulkitako baloreen negoziazioaren inguruko interpretaziozalantzak argitzen dira. Aktibo horiek baloreak harpidetzeko eta negoziatzeko aukera inbertitzaile kalifikatuei bakarrik ematen dien negoziazio-sistema multilateral batean soilik negoziatu ahal izango dira.

Lehenengo xedapen iragankorretik hirugarrenera bitartekoek errege lege-dekretu honetan jasotako arau batzuen araubide iragankorra arautzen dute.

Laugarren xedapen iragankorrak zehazten du izapidetze-fasean dauden zer exekuzioprozeduretan aplikatu behar diren azken xedapenetako hirugarrenaren bidez Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean egindako aldaketak.

Azken xedapenetako lehenak luzatu egiten du uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginaren xedapen iragankorrean aurreikusitako vacatio legis epea, agortzear dago eta, dibidenduak banatzen ez diren kasuan bereizteko eskubideari dagokionez.

Azken xedapenetako bigarrenean, interpretazio mugatzaileak saihesteko helburuarekin, argitzen da Bankuen Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari (SAREB) transmititutako kredituak aintzat hartuko direla Konkurtso Legearen laugarren xedapen gehigarrian araututako akordioak egiteko beharrezkoak diren gehiengoak kalkulatzeari dagokionez.

Azken xedapenetako hirugarrenak aldatu egiten du Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko uztailaren 17an eman berri duen epaira egokitzeko. Horren bidez, hipoteka-zordunak apelazio-errekurtsoa jarri

ahal izango du exekuzioaren kontrako argudioak ezesten dituen autoaren kontra, exekuzioaren edo kopuru galdagarriaren oinarria gehiegizko kontratu-klausula bat den kasuetan.

Bukatzeko, azken xedapenetako laugarrenak errege lege-dekretu hau onartzeko eskumen-tituluak zehazten ditu; bosgarrenak, berriz, adierazten du araua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dela indarrean.

VII

Errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurriak apartekoak eta premiazkoak dira; betetzen dira, beraz, Konstituzioaren 86. artikuluak mota honetako arauak onartzeko eskatzen dituen baldintzak.

Premiazkoa da, 4/2014 Errege Lege Dekretuak, martxoaren 7koak, birfinantzazioakordioen araubidean berrikuntzak ekarri ondoren konkurtsoari buruzko araudi osoa erabat koherentea izatea bermatu behar delako.

Aurrekonkurtso-fasean bezala, konkurtsoan dagoen edo berehala konkurtsoan egongo den enpresa-ehunduraren etorkizuneko bideragarritasuna, neurri handi batean, konkurtso-hitzarmena malgutzearen mende dago, hala edukiari nola ondorioen irismenari dagokienez. Egindako aldaketei esker, enpresek eta haien hartzekodunek zorra berregituratzeko eta birfinantzatzeko tresna gehiago izango dituzte. Gainera, ondorioak hartzekodun pribilegiatu guztiei zabaltzeak, mota bakoitzerako aurreikusitako gehiengoak emanez gero, horiek guztiek sakrifizio proportzionala egitea bermatuko du. Hala, enpresen finantza-saneamendua erraztuko da, eta beren jarduerarekin aurrera jarraitu ahal izango dute.

Aldaketa hori egin ezean, konkurtsoak gaur egun kasu gehienetan den bezalakoa izaten jarraituko du; hau da, zordunaren ondarearen likidazio ordenatua egiteko prozesu bat, eta ez zorra berregituratzeko eta enpresen bideragarritasuna ziurtatzeko benetako aukera bat.

Ezinbestekoa da, halaber, errege lege-dekretu honek konkurtsoaren likidazio-fasean dakartzan aldaketak ahalik eta azkarren ezartzea. Ekoizpen-unitateak transmititzeko orduan sortzen ari diren oztopo batzuk ezabatzea pizgarria izango da enpresak edo negozio-adarrak eskuratzeko; hala, enpresa-jarduerari eustea ahalbidetuko da, eta, hedaduraz, lanpostuei eustea.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Ekonomiako eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, eta Ministroen Kontseiluak 2014ko irailaren 5eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra. Konkurtsoari buruzko 22/2003 Legea, uztailaren 9koa, aldatzea.

Konkurtsoari buruzko 22/2003 Legean, uztailaren 9koan, ondoko aldaketa hauek egiten dira:

Bat. Hitzarmenaren arloko aldaketak.

1.90. artikuluari 3. paragrafoa gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Pribilegio bereziak hartzekodunen zerrendan agertzen den bermearen balioa gainditzen ez duen kreditu-zatiari bakarrik eragingo dio, eta zati hori 94. artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoari jarraiki kalkulatuko da. Bereziki pribilegiatutzat hartutako zatia gainditzen duen kredituaren zenbatekoa bere izaeraren arabera kalifikatuko da.»

2.93. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak aldatu egiten dira, eta honela geratzen dira

idatzita:

«1. Honako hauek jotzen dira pertsona naturala den konkurtsopekoarekin lotura berezia duten pertsonatzat:

1.a Konkurtsopekoaren ezkontidea edo konkurtsoa deklaratu aurreko bi urteetan ezkontide izan dena, bere izatezko bikotekide inskribatua, edota horren pareko afektibotasun-harremana izanik berarekin bizi dena edo konkurtsoa deklaratu aurreko bi urteetan bizi izan dena.

2.a Konkurtsopekoaren edo aurreko zenbakian aipatutako edozein pertsonaren aurrekoak, ondorengoak eta anai-arrebak.

3.a Konkurtsopekoaren aurrekoen, ondorengoen eta anai-arreben ezkontideak.

4.a Konkurtsopekoak edo aurreko zenbakietan aipatutako pertsonek kontrolatutako pertsona juridikoak, edo haien izatezko edo legezko administratzaileak. Kontrola dagoela uste izango da, Merkataritzako Kodearen 42.1 artikuluan aurreikusitako egoeraren bat ematen denean.

5.a Aurreko zenbakian aurreikusitako enpresa-talde berekoak diren pertsona juridikoak.

6.a Aurreko zenbakietan deskribatutako pertsonek izatez edo legez administratutako pertsona juridikoak.

2.Honako hauek jotzen dira pertsona juridikoa den konkurtsopekoarekin lotura berezia duten pertsonatzat:

1.a Bazkideak eta, horiek pertsona naturalak baldin badira, beraiekin lotura berezia duten pertsonak, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera, baldin eta legeari jarraiki zor sozialen erantzuleak badira, pertsonalki eta mugarik gabe. Era berean, kreditu-eskubidea sortzen den unean gutxienez kapital sozialaren ehuneko 5aren titular zuzenak edo zeharkakoak direnak, konkurtso-egoeran dagoen sozietateak bigarren mailako merkatu ofizial batean negoziatzeko onartutako balioak baldin baditu, edo ehuneko 10aren titularrak, sozietateak halakorik ez badu.

2.a Legezko edo izatezko administratzaileak, pertsona juridikoa den konkurtsopekoaren likidatzaileak eta enpresaren ahalorde orokorrak dituzten ahaldunak, baita konkurtsoa deklaratu aurreko bi urteetan halakoak izan direnak ere. Aurkakoa frogatu ezean, 71 bis artikuluan edo laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako birfinantzaketa-akordioa izenpetu duten hartzekodunak ez dira izatezko administratzailetzat joko, zordunak bideragarritasun-planarekin lotuta bere gain hartzen dituen betebeharrei dagokienez.

3.a Konkurtso-egoeran deklaratutako sozietatearen talde bereko sozietateak eta bazkide komunak; azken horiek, betiere, paragrafo honen 1. zenbakian adierazitako baldintza berak betetzen baldin badituzte.»

3.94. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da eta 5. paragrafoa eransten zaio; honela geratzen dira idatzita:

«2. Barne hartutako hartzekodunen zerrendan, horietako bakoitzaren izenabizenak, zergatia, printzipalaren eta interesen zenbatekoa, titular gisa aitortuta dituen kredituen sortzapeneta iraungipen-datak, berme pertsonal edo errealak, eta sailkapen juridikoa agertuko dira. Horrez gain, hala dagokionean, auzitan dauden, baldintzapekoak diren edo zordun nagusiak ondarea eskusatzeko zain dauden adierazi behar da. Pribilegio orokorra edo berezia duten hartzekodunak, hurrenez hurren, ondorengo mailetan sartuta egon beharko dira:

1.a Lanekoak: lan-zuzenbideko hartzekodunak. Goi-zuzendaritzako lanharreman berezia duten langileak salbuetsita geldituko dira 91.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekotik gorako zatian.

2.a Publikoak: zuzenbide publikoko hartzekodunak.

3.a Finantzarioak: edozein finantza-zorpetzeren titularrak, finantzagainbegiradapean egon edo ez.

4.a Gainerako hartzekodunak: horien artean, merkataritza-eragiketen ondoriozko hartzekodunak eta aurreko kategorietan sartuta ez dauden gainerako hartzekodunak egongo dira.

Komunikazioaren eta aitorpenaren artean ezberdintasunik baldin badago, espresuki jasoko dira, baita dagokion komunikazioa ez egitearen ondorioak ere.

Konkurtsopekoa irabazpidezko ondasunen eraentzan edo beste edozein ondasun-erkidegotan oinarrituta ezkondu den pertsona bat bada, bereiz zerrendatuko dira bere ondare pribatiboaren gainean bakarrik gauza daitezkeen kredituak eta ondare komunaren gainean ere gauza daitezkeenak.»

«5. 90.3 artikuluaren ondorioetarako, pribilegio berezia duten kredituak segurtatzeko eratutako bermeen balioa adieraziko da. Balio hori zehazteko, bermearen xede den ondasun edo eskubidearen arrazoizko balioaren bederatzi hamarrenetatik, ondasun horren gainean lehentasunezko bermea duten ordaindu gabeko zorrak kenduko dira; nolanahi ere, bermearen balioak ezin izango du zerotik beherakoa izan, ezta kreditu pribilegiatuaren balioa baino handiagoa edo hitzartutako gehieneko hipotekaedo pignorazio-erantzukizunaren balioa baino handiagoa ere.

Ondorio esklusibo horietarako, honako hau joko da arrazoizko baliotzat:

a) Bigarren mailako merkatu ofizial batean edo beste merkatu arautu batean kotizatzen duten balio higigarrien kasuan, edota diru-merkatuko tresnen kasuan, konkurtsoa deklaratu aurreko azken hiruhilekoan araututako merkatu batean edo batzuetan negoziatutako batez besteko prezio haztatua, dagokion bigarren mailako merkatu ofiziala edo merkatu arautua zuzentzen duen sozietateak emandako ziurtapenarekin bat.

b) Ondasun higiezinen kasuan, homologatuta dagoen eta Espainiako Bankuaren Erregistro Berezian inskribatuta dagoen tasazio-sozietate batek emandako txostenetik ondorioztatzen dena.

c) Aurreko hizkietan adierazitako ondasunez bestelakoetan, aditu independente batek, ondasun horietarako orokorki aitortzen diren balorazioprintzipio eta -arauekin bat, emandako txostenetik eratorritakoa.

b) eta c) hizkietan adierazitako txostenak ez dira beharrezkoak izango balio hori aditu independente batek zehaztu badu konkurtsoa deklaratu den dataren aurreko sei hilabeteetan, ezta eskudiru, kontu korronte, diru elektroniko edo epe finkorako diru-sartzeen kasuan ere.

Ondasunen arrazoizko balioa nabarmen aldaraz dezaketen inguruabar berriak sortuz gero, aditu independentearen beste txosten bat beharko da.

Hartzekodun baten beraren aldeko bermea hainbat ondasunekin lotuta baldin badago, ondasun bakoitzari paragrafo honen lehen lerrokadan jasotako araua aplikatzearen ondorioz lortutako emaitzak batuko dira, baina bermeen baterako balioak ezin izango du gainditu dagokion hartzekodunaren kredituaren balioa.

Bi hartzekodunen edo gehiagoren alde proindibiso gisa eratutako bermeen kasuan, hartzekodun bakoitzari dagokion bermearen balioa honela kalkulatuko da: pribilegio bereziaren guztizko balioari hartzekodun bakoitzari dagokion proportzioa aplikatu behar zaio, proindibisoa eraentzen duten arau eta akordioen arabera.»

4.100. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoak aldatu egiten dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. Hitzarmen-proposamenean, kita-proposamenak edota itxaroteproposamenak jaso beharko dira, edo biak.

2.Hitzarmen-proposamenean, gainera, hartzekodun guztientzako edo batzuentzako ordezko proposamenak jaso ahal izango dira, hartzekodun publikoentzat izan ezik. Ordezko proposamenen artean, kreditua akzio bihurtzeko eskaintzak jaso ahal izango dira, edota kreditua partaidetza, kuota sozial, obligazio bihurgarri, mendeko kreditu, partaidetza-kreditu, interes kapitalizagarriko mailegu edo bestelako edozein finantza-tresna bihurtzeko eskaintzak, jatorrizko zorrarenak ez bezalako maila, epemuga edo ezaugarriekin.

Kreditua akzio edo partaidetza bihurtuz gero, kredituak kapitalizatzeko beharrezkoa den zordunaren kapitala handitzeko akordioa ondorengo gehiengo hauek izenpetu beharko dute: uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginaren 198. eta 201.1 artikuluetan erantzukizun mugatuko sozietateetarako eta sozietate anonimoetarako zehaztutako gehiengoek, hurrenez hurren. Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginaren 301.1 artikuluaren ondorioetarako, pasiboak likidoak direla, mugaeguneratuta daudela eta eskagarriak direla uste izango da.

Horrez gain, hitzarmen-proposamenean, besterentzeko proposamenak jaso ahal izango dira; zehazki, konkurtsopekoaren enpresaedo lan-jarduerarekin lotutako ondasun eta eskubide guztiak besterentzeko, edota ekoizpen-unitate batzuk pertsona natural edo juridiko zehatz baten alde besterentzeko. Proposamen horiek 146 bis artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.

Proposamenetan, nahitaez adierazi beharko da eskuratzaileak jarraitu egingo duela proposamenaren eraginpean dauden ekoizpen-unitateei dagokien enpresaedo lan-jarduerarekin. Kasu horietan, langileen legezko ordezkariei entzun egin beharko zaie.

3.Ezin izango da inola ere proposatu konkurtsopekoaren ondarearen likidazio globala egitea, bere zorrak ordaintzeko, ezta legez zehaztutako kredituen sailkapena aldatzea edo prozeduran finkatutako kreditu-zenbatekoak aldatzea ere; dena den, horrek ez du eragozten kitak hitzartzea, ezta pertsona juridikoa den konkurtsopekoaren aktiboa eta pasiboa fusionatzea, zatitzea edo globalki lagatzea ere.

Ondoko kasuan bakarrik barne hartu ahal izango da hartzekodunei ordain gisa ondasunak edo eskubideak lagatzea: lagatako ondasun edo eskubideak ez direnean beharrezkoak lanedo enpresa-jarduerarekin jarraitzeko, eta haien arrazoizko balioa, 94. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, iraungitzen den kredituaren parekoa edo txikiagoa denean. Handiagoa izanez gero, aldea masa aktiboaren barruan sartu beharko da. Berme bati lotutako ondasunak baldin badira, 155.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Hartzekodun publikoei ez zaie inola ere ordain gisa lagapena ezarriko.»

5.121. artikuluaren 4. paragrafoari azken lerrokada bat gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Konkurtsoa deklaratu ondoren sindikazio-araubide edo -itun bati lotuta jarraitzen duten akordioen kasuan, hartzekodunek hitzarmenaren alde bozkatzen dutela uste izango da, sindikazio-araubidearen mende dagoen akordioaren eraginpean dagoen pasiboaren gutxienez ehuneko 75 ordezkatzen dutenek hitzarmenaren alde bozkatzen badute; nolanahi ere, sindikazioa erregulatzen duten arauek gehiengo txikiagoa ezartzen badute, azken gehiengo hori aplikatuko da. Aurreikuspen hori hitzarmena onartzeko beharrezkoak diren gehiengoak kalkulatzeko aplikatuko da, baita haren ondorioak parte hartzen ez duten hartzekodunei edo disidenteei hedatzeko ere.»

6.122. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Mendeko kredituen titularrek ez dute batzarrean botoa emateko eskubiderik izango; bereziki, kreditua konkurtsoa deklaratu ondoren inter vivos egintzen bidez eskuratu duten lotura bereziko pertsonek.»

7.124. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«124. artikulua. Hitzarmen-proposamenak onartzeko beharrezkoak diren gehiengoak.

1.Hitzarmen-proposamen bat batzarrean onartutzat jotzeko, ondorengo gehiengo hauek beharko dira:

a) Pasibo arruntaren gutxienez ehuneko 50ek proposamenaren alde bozkatu badu, kredituaren zenbatekoaren erdiaren pareko edo hortik beherako kiten eraginpean geratuko dira; gehienez ere bost urteko epeko itxaroteen mende, printzipal, interes edo zorpetutako beste edozein kopururekin lotuta; edota, hartzekodun publikoak edo lan-hartzekodunak ez diren gainerakoen kasuan, epe horretan zorra partaidetza-mailegu bihurtzearen eraginpean.

Aurreko lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabea, proposamenaren xedea kreditu arruntak gehienez ere hiru urteko epean osoki ordaintzea bada, edota mugaeguneratutako kreditu arruntak berehala ordaintzea, ehuneko hogeitik beherako kitarekin, nahikoa izango da haren alde bozkatzen duen pasiboaren zatia kontra bozkatzen duena baino handiagoa izatea. Ondorio horietarako, aurretiazko proposamenen eta idatzizko izapidetzeen kasuetan, hartzekodunek, kontrako botoa adierazi nahi izanez gero, 103. artikuluan aldeko botoetarako aurreikusitako baldintza berberak bete beharko dituzte, eta 108. eta 115 bis artikuluetan, kasuan kasu, aurreikusitako epeetan.

b) Pasibo arruntaren ehuneko 65ek proposamenaren alde bozkatu badu, bost urtetik gorako itxaroteen eraginpean geratuko dira, baina inola ere ez hamar urte baino gehiagoz; kredituaren zenbatekoaren erdia baino gehiagoko kiten eraginpean; eta, hartzekodunak publikoak edo lan-hartzekodunak ez badira, zorra epe berean partaidetza-mailegu bihurtzearen eta 100. artikuluan aurreikusitako gainerako neurrien eraginpean.

2.Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo ondorioak hartzekodun pribilegiatuei hedatu ahal izateko 134. artikuluaren arabera galdagarriak diren gehiengo gehigarriak lortu behar izateari.»

8.134. artikuluari 3. paragrafoa gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:

«3. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, hartzekodun pribilegiatuak ere hitzarmenera lotetsita egongo dira, beren mota bereko hartzekodunen artean ondorengo gehiengo hauek lortzen badira, 94.2 artikuluko definizioaren arabera:

a) Ehuneko 60koa, 124.1.a) artikuluan zehaztutako neurrien kasuan.

b) Ehuneko 75ekoa, 124.1.b) artikuluan zehaztutako neurrien kasuan.

Pribilegio berezia duten hartzekodunen kasuan, gehiengoa kalkulatzeko, mota bakoitzaren barruan emandako bermeen balio osoaren gainean onartutako bermeproportzioa hartuko da kontuan.

Pribilegio orokorra duten hartzekodunen kasuan, gehiengoa kalkulatzeko, mota bakoitzaren barruan pribilegio orokorra duen pasiboaren osoaren gainean onartutako pasiboa hartuko da kontuan.»

9.140. artikuluaren 4. paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«4. Hitzarmenean xedatutakoa bete ez dela deklaratzen bada, hitzarmena indargabetu egingo da, eta desagertu egingo dira 136. artikuluan kredituei dagokienez adierazitako ondorioak.

Hala ere, ez-betetze horrek 134.3 artikuluan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz hitzarmenari lotetsita geratu diren pribilegio bereziko hartzekodunei

eragiten badie, edo hitzarmenarekin beren borondatez bat egin dutenei, hartzekodun horiek bermearen exekuzio bereizia abiarazteko aukera izango dute, edo ez-betetzea deklaratu zenetik jarraitzekoa, likidazio-fasea hasita egon edo ez. Kasu horretan, hartzekodun exekutatzaileak bere egingo du exekuzioaren ondoriozko zenbatekoa, gehienez ere jatorrizko zorraren kopuruan, eta gainerakoa, halakorik baldin badago, konkurtsoko masa aktiboari egokituko zaio.»

10.Bigarren ter xedapen gehigarria sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Bigarren ter xedapen gehigarria. Herri-lan eta -zerbitzuen emakida duten enpresen edo herri-administrazioen kontratisten kaudimengabezia-egoeretan aplikatzekoa den araubide berezia.

Herri-lan eta -zerbitzuen emakida duten enpresen edo herri-administrazioen kontratisten konkurtsoetan, sektore publikoko kontratuen legedian eta administraziokontratu mota bakoitza arautzen duen berariazko legedian zehaztutako berezitasunak aplikatuko dira.

Konkurtso horietan, jada hasita dauden konkurtso-prozesuak metatzeko erabakia hartuko da, prozesu horiei guztiei eragiten dieten hitzarmen-proposamenak egiten direnean. Hitzarmen-proposamenak herri-administrazioek egin ahal izango dituzte, bai eta haiei lotutako edo haien mendeko organismo, erakunde eta merkataritza-sozietateek ere. Konkurtso-prozedura bakoitzean aurkeztutako hitzarmen-proposamena onartu ahal izateko, metatutako gainerako konkurtsoprozeduretan aurkeztutako hitzarmen-proposamenak onartzearen baldintza jarri ahal izango da, xedapen honetan zehaztutakoaren arabera.

Xedapen honetan aipatzen diren konkurtso metatuak izapidetzeko eskumena lege honen 25 bis.3 artikuluaren arabera arautuko da.»

Bi. Likidazioaren arloko aldaketak.

1.43.3 artikuluari azken lerrokada bat gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Konkurtsopekoaren jabetzakoak diren ondasun edo zerbitzuen ekoizpenunitateak transmititzean, 146 bis artikuluan xedatutakoa bete beharko da.»

2.75. artikuluaren 2. paragrafoari 5. zenbakia gehitzen zaio, eta honela geratzen da

idatzita:

«5.a Enpresa osoaren eta berau osatzen duten ekoizpen-unitateen balorazioa, eragiketek aurrera jarraitzearen eta likidazioaren hipotesian oinarrituta.»

3.146 bis artikulua eransten da, eta hauxe dio:

«146 bis artikulua. Ekoizpen-unitateak transmititzearen berezitasunak.

1.Ekoizpen-unitateak transmitituz gero, indargabetzeko eskaeraren xede ez diren eta lanedo enpresa-jarduerarekin jarraitzearekin lotuta dauden kontratuen ondoriozko eskubide eta betebeharrak lagako zaizkio eskuratzaileari. Eskuratzailea konkurtsopekoaren kontratu-posizioan subrogratuko da, beste aldearen adostasuna jaso behar izan gabe. Administrazio-kontratuen lagapena Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginaren 226. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da –aipatutako testu bategina azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen–.

2.Enpresaedo lan-jarduerarekin jarraitzearen eraginpean dauden eta ekoizpen-unitatearen parte diren administrazio-lizentzia edo -baimenak ere lagako dira; betiere, eskuratzaileak jarduerari instalazio beretan ematen baldin badio jarraipena.

3.Eskuratzaileak ez subrogratzeko asmoa espresuki adierazi badu, lizentzia, baimen edo kontratu horiei ez zaie aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko.

Horrek ez du eragozten, lan-ondorioei dagokienez, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan enpresen ondorengotza-kasuetarako xedatutakoa aplikatzea.

4.Transmisioak ez dakar berarekin konkurtsopekoak transmisioa egin aurretik ordaindu gabe zituen kredituak –dela konkurtsoarekin lotutakoak, dela masaren kontrakoak– ordaintzeko betebeharra; hala ere, betebehar hori egongo da eskuratzaileak espresuki onartu duenean edota legezko xedapen batek hala ezartzen duenean, 149.2 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Aurreko lerrokadan deskribatutako salbuespena ez da aplikatuko ekoizpenunitateen eskuratzaileak konkurtsopekoarekin harreman berezia duten pertsonak diren kasuetan.»

4.148. artikuluari 5. eta 6. paragrafoak gehitzen zaizkio, eduki honekin:

«5. Hartzekodun publikoen kasuan izan ezik, likidazio-planean ordain gisa ondasunak edo eskubideak lagatzeko aukera jaso ahal izango da, baita konkurtsokredituen ordain gisa ere, 155. artikuluaren 4. paragrafoan berme bati lotuta dauden ondasunetarako aurreikusitako mugekin eta irismenarekin.

6.Epaileak, ofizioz edo aldeetako batek hala eskatuta, epaitegiaren kontu batean konkurtsoaren masa aktiboaren ehuneko 10era arte atxikitzea erabaki ahal izango du. Zenbateko hori hartzekodun jakin batzuei zor zaizkien kopuruei aurre egiteko erabiliko da, likidazio-egintzen aurrean jarritako apelazio-errekurtsoetan emandako epaietan zehaztutakoaren arabera. Kopuru hori apelazio-errekurtsoak ebatzi ondoren askatuko da, edota apelazio-errekurtsoak jartzeko epea bukatutakoan. Ebazpenaren ondoren edo errekurtsoak jartzeko epea bukatu ondoren aske geratu den zatia legez ezarritako lehentasun-ordenaren arabera esleituko da, jadanik zer kreditu-zati ordaindu den kontuan hartuta.»

5.149. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«149. artikulua. Ordezko lege-arauak.

1.Likidazio-planik onartzen ez den kasuetan, edota onartutako planak aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, likidazio-eragiketek ondorengo arau hauek beteko dituzte:

1.a Zordunaren jabetzako establezimenduen, ustiategien eta ondasun edo zerbitzuak ekoizteko bestelako edozein unitateen multzoa osotasun gisa besterenduko da; nolanahi ere, epaileak, aurrez konkurtso-administrazioak egindako txostena jasota, eta konkurtsoaren interesetarako egokiagoa dela iritziz gero, lehenengo zatitzea erabaki ahal izango du, edota osagai guztiak edo batzuk bereizita bihurtzea diru.

Enkante bidez besterenduko dira osotasuna edota, hala badagokio, ekoizpenunitate bakoitza. Hala ere, epaileak diru-bihurketa besterentze zuzenaren bidez egitea edota pertsona edo erakunde espezializatu baten bidez egitea erabaki ahal izango du, enkantea hutsik geratzen denean edota, konkurtso-administrazioaren txostena ikusita, konkurtsoaren interesak babesteko modurik egokiena hori dela irizten dionean. Transmisioa erakunde espezializatu baten bidez egiten denean, kostuak konkurtso-administrazioaren kontura izango dira.

Epaileak, kasu horietan, ebazpena eman aurretik, langileen ordezkariei entzun beharko die, hamabost eguneko epean, eta, hala dagokionean, 148. artikuluaren 4. paragrafoan jasotakoa bete beharko du. Ebazpen horiek auto bidez emango dira, eta ezin izango da horien kontra inolako errekurtsorik jarri.

2.a Likidazio-operazioen ondorioz lan-baldintza kolektiboak nabarmen aldatzen baldin badira –lekualdatze kolektiboak eta lan-harremanen etete edo iraungitze kolektiboa barne hartuta–, 64. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3.a 1. arauan aipatzen diren ondasunak, baita konkurtsopekoaren gainerako ondasun eta eskubideak ere, Prozedura Zibilaren Legean premiamendu-

prozedurarako zehaztutako xedapenei jarraiki besterenduko dira, haien izaera aintzat hartuta. Pribilegio bereziko kredituei lotuta dauden ondasun eta eskubideen kasuan, 155.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da; nolanahi ere, zordunaren jabetzako establezimenduetan, ustiategietan edo ondasun edo zerbitzuak ekoizteko bestelako edozein unitatetan sartuta baldin badaude eta osotasunean besterentzen badira, ondorengo arau hauek bete beharko dira:

a) Transmititzean bermea bertan behera geratuko bada, hartzekodun pribilegiatuentzat honako hau izango da: lortutako prezioaren barruan, transmititutako enpresaren edo ekoizpen-unitatearen balio globaletik bermearekin lotuta dagoen ondasun edo eskubidearen balioari dagokion zati proportzionala.

Jasotzekoa den prezioa bermearen baliora iristen ez bada –94. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta–, beharrezkoa izango da bereiz exekutatzeko eskubidea duten pribilegio bereziko hartzekodunek transmisioarekin ados daudela adieraztea, transmititzekoa den mota horretako pasiboaren gutxienez ehuneko 75a ordezkatzea, eta mota berekoak izatea, 94.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera. Kasu horretan, ordaintzen ez den bermearen balio-zatiak bere izaeraren arabera dagokion kreditu-kalifikazioa izango du.

Jasotzekoa den prezioa bermearen balioaren parekoa edo handiagoa bada, ez da beharrezkoa izango eraginpean dauden hartzekodun pribilegiatuek transmisioarekin ados daudela adieraztea.

b) Transmititzean bermeak indarrean jarraitzen badu, eta eskuratzailea zordunaren betebeharrean subrogatzen bada, ez da beharrezkoa izango hartzekodun pribilegiatuak adostasuna ematea, eta kreditua masa pasibotik kanpo geratuko da. Epaileak egiaztatuko du eskuratzaileak transmititutako obligazioa bere gain hartzeko beharrezkoak diren kaudimen ekonomikoa eta bitartekoak dituela.

4.a Enpresa osoa edo bere ekoizpen-unitate batzuk enkante bidez besterentzean, enpresa erosteko eskaintzak aurkezteko epe bat finkatuko da. Eskaintza horietan, konkurtso-egoeran deklaratutako enpresak behin betiko esleipenera arte martxan jarraitu ahal izateko izango dituen gastuetarako partida bat jaso beharko da, baita ondorengo informazio hau ere:

a) Eskaintzailearen identifikazioa, bere kaudimen ekonomikoari buruzko informazioa, eta erabilgarri dituen giza baliabideei eta bitarteko teknikoei buruzko informazioa.

b) Eskaintzan sartutako ondasun, eskubide, kontratu eta lizentzia edo baimenen izendapen zehatza.

c) Eskainitako prezioa, ordaintzeko modalitateak eta emandako bermeak. Transmititzen direnak pribilegio bereziko kredituei lotutako ondasun edo eskubideak badira, eskaintzan bermeek indarrean jarraituz gero eta bertan behera utziz gero eskainiko liratekeen prezioak bereizi beharko dira.

d) Eskaintzak langileengan duen eragina.

Transmisioa besterentze zuzenaren bidez egiten bada, eskuratzaileak 4. arau honetan deskribatutako edukia jaso beharko du bere eskaintzan.

5.a 1. arauan jasotakoari kalterik egin gabe, prezio txikieneko eskaintzarekiko ehuneko 10eko edo gutxiagoko aldea duten eskaintzen artean, epaileak bere ikuspuntutik enpresak edo ekoizpen-unitateek martxan jarraitzeko, lanpostuei eusteko eta hartzekodunen kredituak estaltzeko berme handienak ematen dituenari esleitzea erabaki ahal izango du.

2.Aurreko paragrafoko 1. arauan aipatutako besterentzearen ondorioz erakunde ekonomiko batek bere nortasunari eusten dionean –nortasuna ekonomiajarduera funtsezko edo osagarri bat aurrera eramateko antolatutako bitartekoen multzotzat hartuta–, enpresaren ondorengotza gertatu dela joko da, lan-arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko ondorioetarako. Kasu horietan, epaileak erabaki ahal

izango du eskuratzailea ez subrogatzea Soldatak Bermatzeko Funtsak Langileen Estatutuaren 33. artikuluari jarraiki bere gain hartzen duen zatian, zati hori besterentzearen aurretik ordaintzeke zeuden soldaten edo kalte-ordainen zenbatekoaren zatia denean. Era berean, etorkizunean jarduera hori bideragarria izatea eta enpleguari eustea ziurtatzeko, lagapen-hartzaileak eta langileen ordezkariek lan-baldintza kolektiboak aldatzeko akordioak egin ahal izango dituzte.

3.Bereizita, sortatan banatuta edota enpresa baten edo ekoizpen-unitate baten parte gisa diru bihurtutako ondasunen edo eskubideen errematea edo transmisioa onartzeko autoan, epaileak konkurtsoa baino lehen konkurtso-kredituen alde eratutako karga guztiak indargabetzea erabakiko du, 90. artikuluaren arabera pribilegio bereziaren onura dutenak eta eskuratzaileari kargari eutsiz transmititu zaizkionak izan ezik.»

6.155.2 artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, 56. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako epeak igaro arte, edota konkurtsoa deklaratu aurretik hasitako exekuzio-eteteak irauten duen bitartean, artikulu bereko 2. paragrafoaren arabera, konkurtso-administrazioak pribilegio bereziko kredituen titularrei jakinarazi ahalko die kredituak masari kargatuz ordainduko dituela, horien eraginpean dauden ondasunak eta eskubideak diru bihurtu gabe. Aukera hori jakinarazitakoan, konkurtso-administrazioak berehala ordaindu beharko ditu mugaeguneratutako amortizazio-epe eta interes guztiak, eta hurrengoak masaren kontrako kreditu gisa tratatzeko betebeharra hartuko du bere gain; betiere, beren zenbatekoak bermearen balioa gainditzen ez badu, 94. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta. Ez-betetzeen kasuan, lotutako ondasun eta eskubideak diru bihurtuko dira, pribilegio bereziko kredituak ordaintzeko.»

Hiru. Kalifikazioaren arloko aldaketak.

1.167. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Seigarren atala osatzeko agindua hitzarmena edo likidazio-plana onartzen duen ebazpen judizial berean jasoko da, edo ordezko lege-arauen arabera likidatzea agintzen duen ebazpen judizial berean.

Aurreko paragrafoan zehaztutakoaren salbuespen gisa, konkurtsoaren kalifikazio-atala ez da osatuko hitzarmen bat judizialki onartzen denean, eta hitzarmen horretan kredituen zenbatekoaren herenetik beherako kita edo hiru urtetik beherako itxarotea ezartzen denean hartzekodun guztientzat, mota batekoentzat edo hainbat motatakoentzat, mota kontzeptua 94.2 artikuluan zehaztutako moduan ulertuta.

Atalaren hasieran, ebazpen judizialaren lekukotza jasoko da, eta konkurtsoa deklaratzeko eskarien lekukotzak, zordunak emandako dokumentazioa, konkurtsoa deklaratzeko autoa eta administrazioaren txostena gehituko zaizkio.

2.Hitzarmena ez betetzearen ondorioz kalifikazio-atala berriz irekitzen bada, honela jokatuko da, ez-betetzearen zergatiak eta horren ondoriozko erantzukizunak zehazteari dagokionez:

1.a Artxibatze-autoa edo kalifikazio-epaia eman bada, hitzarmena ez betetzearen ondorioz likidazioa irekitzea xedatzen duen ebazpen judizialean bertan atala berriz irekitzeko agindua emango da, aurreko jarduerak eta ebazpena bera barne hartuta.

2.a Bestelakoan, aipatutako ebazpen judizialak irekita dagoen kalifikazioatalaren barruan pieza bereizi bat eratzea aginduko du, modu autonomoan izapidetu dadin, eta kapitulu honetan zehaztutako arau aplikagarrien arabera.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Aurrekonkurtso-egoeretako saneamendu-neurriak.

Produktibitatea bultzatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren ondorioetarako, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 5 bis artikuluaren eta laugarren xedapen gehigarriaren aplikaziotik eratortzen diren jarduerak saneamendu-neurritzat joko dira. Jarduera horietan, aipatutako martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren I. tituluko II. kapituluan konkurtsoa irekitzeko zehaztutako efektu berak aplikatuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria. Sarbide telematikoko atari bat ezartzea.

Sei hilabeteko epean, sarbide telematikoko atari bat sortuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean; sarbide horretan, konkurtsoko likidazio-fasean dauden enpresen zerrenda agertuko da, bai eta besterentzea errazteko beharrezkoa den informazio guztia ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Birfinantzatzeko eta gainzorpetzea murrizteko jardueren jarraipena egiteko batzordea.

1.Birfinantzatzeeta konkurtso-jardueren jarraipena egiteko batzordea sortzen da.

2.Batzordea honako kide iraunkor hauek osatuko dute:

a) Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak izendatutako bi kidek; horietako bat batzordeko presidentea izango da.

b) Justizia Ministerioak izendatutako bi kidek; horietako batek idazkari-lanak egingo

ditu.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak izendatutako kide batek.

d) Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak izendatutako kide batek.

e) Industria, Energia eta Turismo Ministerioak izendatutako kide batek.

f) Espainiako Bankuak izendatutako kide batek.

g) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatutako epaile batek.

3.Batzordeko presidenteak, bileretan aztertzekoak diren gaiak aintzat hartuta, bere ekimenez edota batzordeko edozein kidek hala eskatuta, interesa izan dezaketen beste ministerio-sail batzuen ordezkariek parte hartzea eskatu ahal izango du, baita neurrien eraginpean dauden sektoreen ordezkariek eta, beraien ezagutza teknikoak direla eta, egokitzat jotzen diren beste pertsona batzuek ere.

4.Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Errege lege-dekretu honen bidez konkurtso-arloan eta zorraren aurrekonkurtsoko birfinantzaketa-arloan hartutako neurrien eraginkortasunaren jarraipena egitea, baita sektore pribatuaren zorpetzearen bilakaerarena eta horren eragin makroekonomikoena ere.

b) Neurrien aplikazioa ebaluatzea eta, kasuan kasu, Gobernuari komenigarritzat jotzen diren erreformak proposatzea, ekonomikoki bideragarriak diren enpresen zorra aurrekonkurtsoedo konkurtso-egoeran berregituratzea ahalbidetzeko.

c) Zorrak aurrekonkurtso-fasean birfinantzatzeko jardunbide egokien kodeak onartzen badira, kode horiek betetzen diren egiaztatzea.

5.Jarraipen-batzordeak bere funtzionamendu-arauak zehaztuko ditu, eta presidenteak deialdia egiten duen bakoitzean bilduko da. Presidenteak bere ekimenez egin ahal izango du deialdia, edota batzordeko lau kidek hala eskatzean. Halaber, deialdiaraubide propioa ezartzeko ahalmena izango du.

6.Batzordeak, zuzenean edo kideren baten bitartez, bere eginkizuna ondo betetzeko beharrezkotzat jotzen duen aurrekonkurtsoeta konkurtso-prozesuetako birfinantzaketaeta berregituraketa-akordioei buruzko informazioa eskatu ahal izango du.

7.Urtean behin, batzordeak bere eginkizunen emaitzari buruzko txosten bat egingo du, eta bai Gobernuari, bai Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordeari helaraziko die.

Laugarren xedapen gehigarria. Inbertitzaile instituzionalei zuzendutako aktiboak titulizatzeko funtsen negoziazio-sistema multilateraletako negoziazioa.

Aktiboak titulizatzeko funts batek jaulkitako baloreak inbertitzaile instituzionalentzat bakarrik diren kasuetan, balore horiek kategoria horretako inbertitzaileen artean bakarrik transmititu ahal izango dira, eta baloreak harpidetzeko eta negoziatzeko aukera inbertitzaile kalifikatuei bakarrik ematen dien negoziazio-sistema multilateral batean bakarrik negoziatu ahal izango dira.

Lehenengo xedapen iragankorra. Errege lege-dekretu hau indarrean sartzean izapidetzen ari diren konkurtso-prozedurei aplikatzekoa den araubide iragankorra.

1.Artikulu bakarreko lehenengo paragrafoko 1., 2., 3., 4., 6., 7., 8. eta 9. zenbakietan xedatutakoa eta bigarren paragrafoko 2., 5. eta 6. zenbakietan xedatutakoa izapidetzeprozesuan dauden konkurtso-prozeduretan aplikatuko da, baldin eta konkurtsoadministrazioak txostenik jaulki ez badu.

2.Artikulu bakarreko bigarren paragrafoko 1., 3. eta 4. zenbakietan xedatutakoa izapidetze-prozesuan dauden konkurtso-prozeduretan aplikatuko da, baldin eta likidaziofasea hasi gabe badago.

3.Artikulu bakarreko lehenengo paragrafoko 5. zenbakian eta hirugarren paragrafoko

1.zenbakian xedatutakoa izapidetze-prozesuan dauden konkurtso-prozedura guztietan aplikatuko da, baldin eta hitzarmen-proposamenik bozkatu ez badute.

4.Artikulu bakarreko lehenengo paragrafoko 10. zenbakian xedatutakoa iraungi ez diren administrazio-kontratu guztietan aplikatuko da, horien esleipen-data edozein izanda ere, eta konkurtso-prozedurak edozein fasetan daudela.

Halaber, artikulu bakarreko lehenengo paragrafoko 8. zenbakian xedatutakoa aurreko lerrokadan aipatutako konkurtso-prozeduretan aplikatuko da, baldin eta likidazio-fasea ireki gabe badute.

Paragrafo honetan aipatzen diren prozeduretan hitzarmen-proposamena aurkezteko legez ezarritako epea agortu bada, baina likidazio-fasea oraindik ireki ez bada, edo epe horren zenbaketa hasi bada, konkurtso-epaileak ebazpena emango du, hitzarmenproposamenak aurkezteko beste epe bat emanez.

Bigarren xedapen iragankorra. Homologazio judiziala mugatzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurreko urtean judizialki homologatutako birfinantzaketa-akordioak egin dituzten zordunei ez zaie aplikatuko Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen laugarren xedapen gehigarriko 12. paragrafoan beste homologazio judizial bat eskatzeari dagokionez jasota dagoen urtebeteko muga.

Hirugarren xedapen iragankorra. Konkurtso-hitzarmenen araubidea.

1.Errege lege-dekretu honek indargabetzen duen araudia aplikatuz onartutako konkurtso-hitzarmenak osotasunean bete beharko dira.

2.Errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik bi urteko epean ez-betetzerik gertatuz gero, zordunak edo ez-betetzea gertatzen denean dagoen pasibo osoaren gutxienez ehuneko 30 ordezkatzen duten hartzekodunek hitzarmena aldatzeko eskatu ahal izango dute, errege lege-dekretu honen bidez sartutako neurriak aplikatuz. Eskaerarekin batera, aldaketa-proposamen bat aurkeztu beharko dute.

3.Eskaeraren berri zordunari eta eskaera egin ez duten hartzekodunei emango zaie, kasuan kasu, hamar eguneko epean adieraz dezaten proposatutako aldaketa onartzen duten edo aurka dauden. Aldaketa onartutzat jotzeko, pasiboaren ondorengo gehiengoak ordezkatzen dituzten hartzekodunen atxikimendua beharko da:

a) Hartzekodun arrunten kasuan:

1.a Ehuneko 60koa, 124.1.a) artikuluan zehaztutako neurriak hartzeko.

2.a Ehuneko 75ekoa, 124.1.b) artikuluan zehaztutako neurriak hartzeko.

b) Hartzekodun pribilegiatuen kasuan:

1.a 94.2 artikuluan aurreikusitako hartzekodun mota bakoitzean, pasiboaren ehuneko 65ekoa, aurreko a) 1 paragrafoan adierazitako neurriak aldatzeko.

2.a 94.2 artikuluan aurreikusitako hartzekodun mota bakoitzean, pasiboaren ehuneko 80koa, aurreko a) 2 paragrafoan adierazitako neurriak aldatzeko.

Aurreko gehiengoak 134. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera kalkulatuko dira.

4.Epaileak 10 eguneko epean emango du hitzarmenaren aldaketa onartzen edota ezesten duen epaia. Proposatutako neurriek konkurtsopekoaren bideragarritasuna bermatzen dutenean bakarrik onartu ahal izango du aldaketa.

Aldaketa onartzen bada, aldaketa horren alde egin ez duten hartzekodunei zabalduko zaizkie ondorioak, kreditu pribilegiatuak edo arruntak badauzkate, baita mendeko hartzekodunei ere.

5.Xedapen honetan aurreikusitakoa ez zaie hartzekodun publikoei aplikatuko; horiek, gainera, manu honetan zehaztutako zenbaketatik eta gehiengoetatik kanpo geratuko dira.

Laugarren xedapen iragankorra. Exekuzio-prozeduretako araubide iragankorra.

1.Errege lege-dekretu honen azken xedapenetako hirugarrenaren bidez Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean egindako aldaketak errege lege-dekretu hau indarrean sartu ondoren hasitako exekuzio-prozeduretan aplikatuko dira, higiezina oraindik ez bada Prozedura Zibilaren Legearen 675. artikuluan jasotakoaren arabera eskuratzailearen esku geratu.

2.Edonola ere, errege lege-dekretu hau indarrean sartzean hasita dauden exekuzioprozeduretan, baldin eta Prozedura Zibilaren Legearen 695. artikuluaren 4. paragrafoaren lehenengo lerrokadan aipatzen den ezespen-autoa eman bada –arau horri errege legedekretu honek emandako idazketan–, exekutatutako alderdiek hilabeteko preklusio-epea izango dute apelazio-errekurtsoa aurkezteko, Prozedura Zibilaren Legearen 557.1 artikuluaren 7. paragrafoan eta 695.1 artikuluaren 4. paragrafoan jasotako aurkaratzearrazoietan oinarrituta. Aipatutako epea errege lege-dekretu hau indarrean sartu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

3.Xedapen hau argitara ematea komunikazio oso eta baliozkotzat joko da, xedapen honen 2. paragrafoan aurreikusitako jakinarazpenari eta epeak zenbatzeari dagokienez, eta ez da, inola ere, beharrezkoa izango xede horretarako ebazpen espresua ematea.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geratzen dira.

Azken xedapenetako lehenengoa. Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Honela geratzen da idatzita uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren xedapen iragankorra:

«Lege honen 348 bis artikuluan xedatutakoaren aplikazioa eten egiten da, 2016ko abenduaren 31ra arte.»

Azken xedapenetako bigarrena. Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatzea.

Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 36.4 artikuluari k) hizki berria gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:

«k) Bankuen Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari transmititutako kredituak kontuan hartuko dira Konkurtso Legearen laugarren xedapen gehigarrian adierazitako gehiengoak zenbatzeari dagokionez, nahiz eta Bankuen Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea zordunarekin lotura berezia duen pertsonatzat joa izan, Konkurtso Legearen 93. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzea.

Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 695. artikuluaren 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:

«4. Exekuzioa artxibatzeko, gehiegizko klausula bat ez aplikatzeko edota aurreko 1.4 paragrafoan jasotako arrazoiarekin lotutako aurkaratzea ezesteko agintzen duen autoaren kontra apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango da.

Kasu horietatik kanpo, artikulu honetan aipatzen den aurkaratzearen inguruko autoen aurka ezin izango da batere errekurtsorik jarri, eta beren ondorioak dagokien exekuzio-prozesura mugatuko dira.»

Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.

1.Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen aldaketa, errege legedekretu honen artikulu bakarrean jasotzen dena, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan xedatutakoaren babesean emana da; artikulu horrek eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari merkataritza-legediaren eta prozesu-legediaren esparruetan, arlo horietan autonomia-erkidegoen zuzenbide substantiboaren bereizgarrietatik eratortzen diren berezitasunei kalterik egin gabe.

2.Lehenengo xedapen gehigarritik laugarrenera bitartekoak Konstituzioaren 149.1.6, 149.1.11 eta 149.1.13 artikuluen babesean emanak dira. Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari merkataritza-legediaren, kredituak, bankuak eta aseguruak antolatzearen eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak zehaztu eta koordinatzearen esparruetan.

3.Errege lege-dekretu honen azken xedapenetako lehenengotik hirugarrenera bitartean jasotzen diren lege-testuetako gainerako aldaketak aldatutako arauan zehaztutako eskumen-tituluan babesten dira.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2014ko irailaren 5ean.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra