Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

5/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen testu bategina aldatzen duena

2000-07-03

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

5/2000 FORU LEGEA, uztailaren 3koa, Nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen testu bategina aldatzen duena. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

Foru Legea, Nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen testu bategina aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Otsailaren 16an eman eta otsailaren 16ko 30. "Nafarroako Aldizkari Ofizial"ean argitaratu zen 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak indarra duen nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen, dena 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legeko hogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian emaniko baimenaren arabera. Testu Bategin horrek oso-osorik ordeztu zuen apirilaren 4ko 133/1991 Legegintzako Foru Dekretua, legezko aldaketa asko izan zituena.

2000 Agenda deritzona osatzen duten arauzko xedapenen multzo garrantzitsuaren barruan, Europako Batasuneko Kontseiluak maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamendua (EE) onetsi zuen, Europako Nekazaritzaren Orientabide eta Bermearen (FEOGAren) kontu herriak garatzeko laguntzei buruzkoa. Erregelamendu horren bidez beste erregelamendu batzuk aldatu eta indargabetu ziren. Herriak garatzeko laguntzen artean Europako Batasuneko Erregelamendu berriak aipatzen ditu nekazaritzako ustiategietako inbertsioak, gazteei nekazari bihurtzen laguntzekoak eta nekazaritzako produktuen eraldaketa eta salerosketak hobetzekoak.

Bestaldetik, Europako Batzordeak, 2000ko otsailaren 1ean, nekazaritza sektorerako Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasuneko zuzentarauak argitaratu ditu, besteak beste, nekazaritzako ustiategietako inbertsiorako laguntzei, nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektoreko inbertsioari eta gazteak nekazari bihurtzeko laguntzei aplikatzekoak.

Arautegi berri hori Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala aplikatu ahal izateko, nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina, otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, arautegiko eskakizun eta betebeharretara egokitu behar da. Egokitze hori, gehienbat, Testu Bategineko II. Tituluari dagokio, horretan nekazaritzako egituren eragina hobetzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntza publikoen orotariko arauak ezarri baitziren.

Manu aldatuei ematen zaien idazketa berriak ahalbidetzen du erantzun arinago bat agintaritza publikoaren aldetik, neurriak finantzatzeko korritu tasak aldatzen direnean, eta posible egiten du laguntza mota batzuk aukeratzea, hala nola, kapitalerako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak edo maileguen korrituendako sorospenak, unean-unean agertzen diren inguruabarrak kontuan hartuta.

Azkenik, legearen aldaketak, halaber, nekazaritzako aseguruen lerro berriak lehenago abian jartzeko aukera dakar. Horretarako behar diren administrazio jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organorik egokienari esleitzen dizkie, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, hain zuzen ere, kasuan kasuko foru aginduen bidez.

1. artikulua. Aldatu egiten dira otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategineko II. Tituluko 3., 4. eta 5. artikuluak, nekazaritzako egituren eraginaren hobekuntzari buruzkoak.

"II.TITULUA

Nekazaritzako egituren eragina hobetzea

3. artikulua. Xedea.

Titulu honen barrenean sartuko dira:

a) Kontseiluak 1999ko maiatzaren 17an emaniko 1257/1999 (EE) Erregelamenduan Europako Nekazaritzaren Orientabide eta Bermearen (FEOGAren) kontu herriak garatzeko laguntzei buruz aipatzen direnak, haien helburu baldin bada:

-Nafarroako abeltzaintzako inbertsioak sustatzea.

-Gazteei lehenbizikoz nekazari bihurtzen laguntzea.

-Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta salerosketa hobetzea.

b) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontu finantzaturiko laguntza nazionalak, haien helburua nekazaritzako egituren eragina hobetzea bada.

c) Inbertsioak, haien helburua baldin bada:

-Osasun ekinaldien bidez hil diren behiak ordeztea.

-Kooperatibek eta eraldaketarako nekazari elkarteek makinak erostea, makina horiek bazkideek batera eta zuzenean erabiltzekoak badira.

4. artikulua. Onurak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erregelamendu bidez ezartzen diren onurak ematen ahalko ditu, kapitalerako dirulaguntzak izan daitezkeenak edo haien baliokidea korrituen hobarietan, edo bien konbinazioa, maiatzaren 17ko 1257/1999 (EE) Erregelamenduan edo, hala bada, nekazaritzako sektorerako Estatuko laguntzei buruzko Europako Batasuneko zuzentarauetan ezarririko gehieneko mugak errespetatuz.

2. Ondoriozko mailegu edo kredituei, hobaria aplikatutakoan, gutxienez ere 100eko 1,5eko korritu tasa ezarriko zaie. Gehienez ere, mailegu edo kredituen korrituen ehuneko 8 finantzatuko da. Maileguek gehienez ere hamabost urteko epea izanen dute.

5. artikulua. Onuradunak. 1. Nafarroako nekazaritzako ustiategietako inbertsioak sustatzeko eta gazteei lehenbizikoz nekazari bihurtzeko laguntzen onuradun izan daitezke:

a) Pertsona fisikoak, nagusiki nekazariak badira eta maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduan xedaturikoaren arabera erregelamenduz ezartzen diren beste betebeharrak betetzen badituzte.

b) Pertsona juridikoak, haien helburu bakarra nekazaritza bada eta, gutxienez ere, haien bazkideen 100eko 50 nagusiki nekazariak badira. Halaber, kapital sozialaren 100eko 50ek eta elkartearen organo erabakigarrietako ordezkari gehienak nagusiki nekazariak direnen eskuetan izan beharko dute.

2. Nekazaritzako produktuen eraldaketa eta salerosketa hobetzeko laguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin eta zama finantzarioa haiei badoakie eta dirulaguntzaren xede diren inbertsio eta gastuen azkeneko erantzuleak badira, enpresen bideragarritasun ekonomikoa frogatuz gero, eta ingurumen, higiene eta abereen ongizateari buruzko gutxieneko arauak betez gero.

3. Osasun ekinaldiaren ondorioz hil diren behiak ordezteko inbertsioetarako laguntzak eskatzen ahalko dituzte erregelamendu bidez ezarririko baldintzak betetzen dituzten abeltzainek.

4. Makinak erosteko laguntzak eskatzen ahalko dituzte erregelamendu bidez ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten kooperatiba eta eraldaketarako nekazari elkarteek."

2. artikulua. Hemendik aurrera ulertuko da otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Testu Bategineko 18, 19 eta 23 artikuluetan eta 25. artikuluko 2. idatz-zatian Nafarroako Gobernuaz egiten diren aipuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari dagozkiola.

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek "Nafarroako Aldizkari Ofizial"ean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra