Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Nazioarteko zuzenbidea  >>  Legeria  >> Europa mailako nazioarteko testuak

Oinarrizko Eskubideen Gutunari buruzko Azalpenak

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Europar Batasuna

Argitalpena: EBAO, 2007/12/14, C303. zk.

OINARRIZKO ESKUBIDEEN GUTUNARI BURUZKO AZALPENAK

(2007/C 303/01)

Hemen ageri diren azalpenak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideei buruzko gutuna idatzi zuen Konbentzioaren Praesidiumaren ardurapean egin ziren hasieran. Europako Konbentzioaren Praesidiumaren ardurapean eguneratu dira, Konbentzioak Gutunaren testuaren idazketan egindako egokitzapenak (bereziki 51. eta 52. artikuluak ) eta Batasuneko Zuzenbidearen bilakaera ikusirik. Berez balio juridikorik ez badute ere, interpretazio-tresna baliotsua dira Gutunaren xedapenak argitzeko.

I TITULUA —  DUINTASUNA

Azalpena, 1. artikuluari buruzkoa — Giza duintasuna

Gizakiaren duintasuna, berez, oinarrizko eskubidea ez ezik, oinarrizko eskubideen funtsa bera ere bada.Giza duintasuna du xede 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren atarikoak:«…Aintzat hartuz munduan askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarria dela giza familiako kide guztien berezko duintasuna eta eskubide berdin eta besterenezinen aitorpena.»Giza duintasunerako oinarrizko eskubidea Batasunaren Zuzenbidearen zati dela berretsi zuen Justizia Auzitegiak 2001eko urriaren 9ko C-377/98 auziari buruzko epaian (Herbehereak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren aurka, 2001 Bild., -7079. or., 70etik 77ra arteko paragrafoak).

Hortaz, Gutun honetan jasotako ezein eskubide ezingo da erabili besteren duintasunaren aurka egiteko, eta gizakiaren duintasuna Gutun honetan jasotako eskubideen muinaren zati da.Beraz, ezin izango da horren aurka egin, ezta eskubide bat mugatzen den kasuetan ere.

Azalpena, 2. artikuluari buruzkoa — Bizitzeko eskubidea

1. Artikulu honen 1. paragrafoa GEEHren 2. artikuluaren 1. paragrafoaren lehen esaldian oinarritzen da, honako honetan, hain zuzen ere:

  «1.   Legeak babesten du pertsona orok duen bizitzeko eskubidea...».

2. Xedapen horren bigarren esaldia, heriotza-zigorrari buruzkoa, xederik gabe geratu zen GEEHren 6. protokoloa indarrean sartu zenetik. Hitzarmen horren 1. artikuluak hau dio:

  «Ezabatuta geratu da heriotza-zigorra. Inor ezin da zigor horretara kondenatu, ez eta     hil ere.»

Xedapen hori Gutunaren 2. artikuluaren 2. paragrafoaren oinarria da.

3. Gutunaren 2. artikuluaren xedapenak lehen aipatutako GEEHren artikuluekin eta Protokolo Gehigarriko artikuluekin bat datoz. Esanahi eta irispide bera dute, Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoari jarraiki. Hala, aintzat hartu behar da GEEHn bildutako definizio «negatiboak» Gutunean ere bildu direla:

a) GEEHren 2. artikuluaren 2. paragrafoa:

   «Ez da ulertuko artikulu hau urratuz heriotza eragin dela, baldin eta indarra ezinbestean erabili behar izan delako gertatu bada:

 a) pertsona bat legez kontrako eraso batetik defendatzeko;

 b) pertsona bat zuzenbidearen arabera atxilotzeko, eta preso zein legez atxilotutako batek ihes egitea saihesteko;

 c) errebolta edo altxamendua Legeari jarraiki erreprimitzeko.»

 b) GEEHren 6. protokoloaren 2. artikulua:

  «Estatu batek heriotza-zigorra jaso ahal izango du bere legerian gerra-garaian eta gerra berehala izateko arriskua dela-eta egindako ekintzetarako; zigor hori aipatutako legerian ezarritako kasuetan aplikatuko da soilik, bertan xedatutakoaren arabera...».

Azalpena, 3. artikuluari buruzkoa — Pertsonaren osotasunerako eskubidea

1. Pertsonaren osotasunerako eskubidea Batasunaren Zuzenbidearen zati dela berretsi zuen Justizia Auzitegiak 2001eko urriaren 9ko C-377/98 auziari buruz eman zuen epaian (Herbehereak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren aurka, 2001 Bild., -I-7079. or., 70., 78., 79. eta 80. paragrafoak); era berean, horren barruan jasota dago, medikuntzaren eta biologiaren arloan, emaileak eta hartzaileak askatasunez eta jakinaren gainean egonik emandako onespena.

2. Gutunaren 3. artikuluan bildutako printzipioak giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Hitzarmenean ageri dira dagoeneko, Europako Kontseiluan egindako Hitzarmenean, hain zuzen ere (164. ETS eta Protokolo gehigarria 168. ETS). Gutun honen xedea ez da printzipio horiei uko egitea; beraz, ugalketa-klonazioa debekatzen du soilik. Ez ditu galarazten ez zilegi bihurtzen gainerako klonazio-moduak. Hortaz, ez dio legegileari eragozten beste klonazio-moduak debekatzea.

3. Praktika eugenesikoei buruzko erreferentzia, bereziki pertsonen hautespena jomuga dutenei buruzko erreferentziak, hautespen-programak antolatu eta aplikatu diren kasuak hartzen ditu barne, honakoen bidez egindakoak, esaterako: antzutze-kanpainak, haurdunaldi bortxatuak, irizpide etnikoen araberako nahitaezko ezkontzak, etab.; izan ere, horiek guztiak nazioarteko krimentzat hartzen dira, Erroman 1998ko uztailaren 17an onartutako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren estatutuaren arabera (ikus, estatutu horren 7. artikuluaren 1. paragrafoaren g) idatz_zatia).

Azalpena, 4. artikuluari buruzkoa — Debekatu egiten dira tortura eta zigor edo tratu anker edo laidogarriak

Hemen azaltzen den 4. artikulu honen adierazitako eskubidea GEEHren 3. artikuluan bermatutakoarekin bat dator eta eduki berekoa da: «Inori ere ezin izango zaio torturarik eta zigorrik edo tratu anker edo laidogarririk ezarri». Gutunaren 52. artikuluaren 3 paragrafoari jarraiki, beraz, azken artikulu horren esanahi eta irispide berbera du.

Azalpena, 5. artikuluari buruzkoa — Debekatu egiten dira esklabotasuna eta bortxazko lana

1. Hemen azaltzen den 5. artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan barne hartutako eskubidea GEEHren 4. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoekin bat dator, eduki berekoa da. Beraz, azken artikulu horren esanahi eta irispide berekoa da, Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera. Horren ondorioz,

—artikulu honen 1. paragrafoan jasotako eskubidea ezin da inola ere murriztu legez;

— artikulu honen 2. paragrafoko «bortxazko edo nahitaezko lanen» nozioak, GEEHren 4. artikuluaren 3. paragrafoan bildutako definizio «negatiboak» kontuan hartuta ulertu behar dira:

   «Ez da “bortxazko edo nahitaezko lantzat” hartzen, artikulu honen arabera:

 a) Hitzarmen honetako 5. artikuluan jasotako baldintzetan, askatasunaz gabetutako edo baldintzapeko askatasunean dagoen pertsonari eskatu ohi zaion lan oro;

 b) zerbitzu militar oro, edo kontzientzia-eragozpena legezkotzat aitortzen duten herrialdeetan, kontzientzia-eragozleen kasuan, nahitaezko soldadutzaren ordezko den beste edozein zerbitzu;

 c) larrialdi edo hondamenen batek komunitatearen bizitza edo ongizatea arriskuan jartzen dituenean eskatutako zerbitzu oro;

 d) ohiko herritar-betebeharren arteko lan edo zerbitzu oro.»

2. artikulu honen 3. paragrafoak gizakiaren duintasuna du zuzeneko sorburu, eta kontuan hartzen ditu delinkuentzia antolatuaren joera berriak, irabaziak egiteko asmotan, immigrazio klandestinoko edo sexu-esplotazioko sareen antolamendua, esate baterako. Europol Hitzarmenaren eranskinean, gizakiak sexu-esplotaziorako salerosteari buruzko honako definizio hau ageri da: «Gizakiak salerostea: Pertsona bat bortxaz edo mehatxuen bidez, edo aginte-harreman batez abusatuz edo iruzurraren bidez beste batzuen legez kanpoko botere errealaren mende jartzea, bereziki besteren prostituzioaren esplotaziorako, adingabeekiko edozein sexu-esplotazio edo -indarkeria motatarako edo haurrak abandonatzeari lotutako merkataritzarako.» Schengengo Akordioa aplikatzeko Hitzarmenaren VI. kapituluan (Batasunaren altxorrean barne hartutakoa eta Erresuma Batua zein Irlanda partaide dituena), 27. artikuluaren 1. paragrafoan legez kanpoko immigrazio-sareei buruzko honako formulazio hau ageri da: «Tratatugileek honako konpromiso hau hartu dute: Tratatugile baten atzerritarren sarrerari eta egonaldiari buruzko legeria urratuz, Tratatugile horren lurraldean, irabazi-asmoa duela, atzerritar bati sartzen edo geratzen lagundu edo laguntzen saiatzen den edozein pertsonari, zehapen egokiak ezartzea.» Kontseiluak, 2002ko uztailaren 19an, gizakien salerosketaren aurkako borrokari buruzko esparru-erabaki bat hartu zuen (AO L 203, 2002.8.1ekoa, 1. or.), eta esparru-erabaki horren 1. artikuluan lan-edo sexu-esplotazioa helburu duen gizakien salerosketarekin zerikusia duten arau-hausteak ezarri dira berariaz. Aipatutako esparru-erabaki hori aplikatuz, arau-hauste horiekiko zigorra bermatu behar dute estatu kideek.

II TITULUA — ASKATASUNAK

Azalpena, 6. artikuluari buruzkoa — Askatasun eta segurtasunerako eskubidea

Hemen azaltzen den 6. artikulu honetan ezarritako eskubideak bat datoz GEEHren 5. artikuluan bermatutakoekin, eta, Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoari jarraiki, esanahi eta irispide berekoak dira. Horren ondorioz, legez ezar daitezkeen mugek ezin izango dituzte gainditu GEEHk 5. artikuluaren idazketan bertan baimendutakoak:

«1. Pertsona orok du askatasun eta segurtasunerako eskubidea.Inor ezin da askatasunaz gabetu, ondoko kasuetan izan ezik, eta, betiere, Legeak ezarritako prozedurari jarraiki:

 a) Legez zigortu badute, horretarako eskumena duen auzitegi batek emandako epaiaren arabera;

 b) Zuzenbidearen arabera, prebentzioz atxilotu badute edo barneratu badute, epailearen agindu bat urratzeagatik edo Legeak ezarritako betebehar bat beteko duela ziurtatzeko;

 c) Zuzenbidearen arabera, prebentzioz atxilotu badute edo barneratu badute, eskumena duen agintari judizialen aurrean aurkezteko, arau bat hautsi duelako zentzuzko zantzuak daudenean, edo beharrezkotzat jotzen denean arau bat haustea saihesteko edo araua hautsi ondoren ihes egitea saihesteko;

 d) Adingabeko bat, legez erabakitako agindu bati jarraiki, bere heziketa zaintzeko barneratu badute edo eskumena duten agintarien aurrean aurkezteko zuzenbidearen arabera atxilotu badute;

 e) Honako hauetako bat zuzenbidearen arabera barneratu badute: gaixotasun kutsakor bat heda dezakeen pertsona bat, ero bat, alkoholiko bat, toxikomano bat edo arlote bat;

 f) Zuzenbidearen arabera, pertsona bat prebentzioz atxilotu badute edo barneratu badute lurraldean legearen aurka sartzea eragozteko edo kanporatze- edo estradizio-prozedura bat bere aurka abian badu.

2. Prebentzioz atxilotutako pertsona orori lehenbailehen eman behar dizkiote atxilotzeko izandako arrazoien eta bere aurkako edozein akusazioren berri, ulertzen duen hizkuntzan.

3. Artikulu honen 1, c) paragrafoan jasotako baldintzetan prebentzioz atxilotutako edo barneratutako pertsona oro epailearen aurrera eraman behar da lehenbailehen, edo Legeak botere judizialak erabiltzeko gaitzen duen beste agintari baten aurrera, eta zentzuzko epean epaitua izateko edo prozedurak iraun bitartean aske geratzeko eskubidea izango du. Aske uzteko, interesduna epaiketan agertuko dela ziurtatzeko berme bat jar daiteke baldintza gisa.

4. Prebentzioz atxilotuta edo barneratuta, askatasunik gabe utzitako pertsona orok organismo judizial baten aurrean errekurtso bat aurkezteko eskubidea izango du, agintari horrek lehenbailehen askatasunaz gabetze hori legezkoa izan ote den ebatz dezan, eta legez kanpokoa izanez gero, aske utz dezan.

5. Artikulu honetako xedapenen aurka prebentzioz atxilotutako edo barneratutako pertsona orok kalte-ordainerako eskubidea izango du.»

Seigarren artikuluan barne hartutako eskubideak bereziki errespetatu beharko dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 82, 83 eta 85. artikuluei jarraiki, zigor-arloko lankidetza judizialaren eremuko lege-egintzak onartzen dituztenean, batez ere gutxieneko xedapen erkideak definitzeko, arau-hausteei, zigorrei eta zuzenbide prozesalaren hainbat alderdiri dagokienez.

Azalpena, 7. artikuluari buruzkoa — Bizitza pribatuaren eta familiako bizitzaren errespetua

Hemen azaltzen den 7. artikulu honetan bermatutako eskubideak bat datoz GEEHren 8. artikuluak bermatzen dituenekin. Bilakaera teknikoa kontuan hartzeko, «korrespondentzia» hitza «komunikazioak» hitzaz ordeztu da.

Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, eskubide honek GEEHko dagokion artikuluak duen esanahi eta irispide bera ditu. Horren ondorioz, aipatutako 8. artikulu horretan baimendutako muga berberak ezarri ahal izango zaizkio legez, ez besterik:

 «1.   Pertsona orok du bere bizitza pribatua, bere familia-bizitza, bere etxebizitza eta bere komunikazioak errespetatuak izateko eskubidea.

2. Agintari publikoek ezin izango dute eskua sartu eskubide hori baliatzeko aukeran, betiere, esku-sartze hori legeak jasotakoa ez bada, eta gizarte demokratiko batean honako hauek bermatzeko neurria ez bada: estatu-segurtasuna, segurtasun publikoa, herrialdearen ekonomiaren ongizatea, ordenaren defentsa eta delituaren prebentzioa, osasunaren zein moralaren babesa, edo besteen eskubideen zein askatasunen babesa.»

Azalpena, 8. artikuluari buruzkoa — Pertsona bakoitzaren datuen babesa

Artikulu honek ondokoak ditu oinarri: Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 286. artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 95/46/EE Zuzentaraua, pertsonen datuen trataerari eta datu horiek askatasunez zirkulatzeari (AO L 281, 1995.11.23koa, 31. or.) dagokionez, bai eta GEEHren 8. artikulua eta, pertsonen datuen trataera automatizatuari dagokionez, pertsonak babesteko Europako Kontseiluaren 1981eko urtarrilaren 28ko Hitzarmena, estatu kide guztiek berretsitako hitzarmena, hain zuzen ere. EE Tratatuaren 286. artikulua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 16. artikuluak eta Europar Batasunaren Tratatuaren 39. artikuluak ordeztu dute.Era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 45/2001 (EE) Erregelamendua nabarmendu beharra dago; erregelamendu hori pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, betiere, erkidegoko instituzioek eta organismoek pertsonen datuak tratatzeko erari eta datu horiek askatasunez zirkulatzeari dagokionez (AO L 8, 2001.01.12koa).Aipatutako Zuzentarauak eta Erregelamenduak datu pertsonalak babesteko eskubidea baliatzeko baldintzak eta mugak ezartzen dituzte.

Azalpena, 9. artikuluari buruzkoa — Ezkontzeko eskubidea eta familia eratzeko eskubidea

Artikulu honek GEEHren 12. artikulua du oinarri eta hau xedatzen du: «Ezkontza-adinetik aurrera, gizonak eta emakumeak ezkontzeko eta familia eratzeko eskubidea dute, estatu bakoitzean eskubide horiek arautzen dituzten legeen arabera.» Eskubide honen idazketa modernizatu egin da, hainbat estatutako legeriek familia eratzeko ezkontza ez diren beste bide batzuk aitortzen dituzten kasuak barne hartzeko. Artikulu honek ez du debekatzen, ez eta inposatu egiten ere, ezkontza-estatutua ematea sexu bereko pertsonen elkartzeei. Beraz, eskubide hau GEEHn jasotakoaren antzekoa da, baina irispide handiagoa izan dezake estatu jakin bateko legeriak hala xedatzen duenean.

Azalpena, 10. artikuluari buruzkoa — Pentsamendu-askatasuna, kontzientzia-askatasuna eta erlijio-askatasuna

Artikulu honen 1. paragrafoan bermatutako eskubidea bat dator GEEHren 9. artikuluan bermatutako eskubidearekin, eta Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraiki , esanahi eta irispide berekoa da. Beraz, mugek errespetatu egin beharko dute aipatutako 9. artikuluaren 2. paragrafoa, honako idazketa hau duen paragrafoa, hain zuzen ere: «Norbere erlijioak edo sinesteek gehienez ere izango dituzten murrizketak gizarte demokratiko batean, betiere, legeak jasota, ondokoak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak izango dira: segurtasun publikoa, ordenaren, osasunaren eta moral publikoaren babesa, nahiz besteen eskubideen eta askatasunen babesa.»

Artikulu honen 2. paragrafoan bermatutako eskubidea estatuetako konstituzio-tradizioekin eta estatu bakoitzean arlo honetan legeriek izan duten bilakaerarekin bat dator.

Azalpena, 11. artikuluari buruzkoa — Adierazpen-askatasuna eta informazio-askatasuna

1. Hemen azaltzen den 11. artikulua bat dator GEEHren 10. artikuluarekin; hau dio 10. artikulu horrek:

«1.   Pertsona orok du adierazpen-askatasunerako eskubidea.Eskubide horrek iritzi-askatasuna eta informazioa zein ideiak jaso nahiz ezagutarazteko askatasuna dakartza, herri-agintariek esku sartu gabe eta mugarik kontuan hartu gabe.Artikulu honek ez du eragozten estatuek aldez aurretiko baimen-erregimena ezartzea irrati-, zinema- edo telebista-enpresei.

2. Askatasun horiek baliatzeko aukerari, hots, eginbeharrak eta erantzukizunak dakartzaten askatasunak baliatzeko aukerari, legeak jasotako hainbat formalitate, baldintza, murrizketa edo zehapen ezarri ahal izango zaio, betiere, neurriok gizarte demokratiko batean honako hauek bermatzeko beharrezkoak badira: estatu-segurtasuna, lurralde-osotasuna eta segurtasun publikoa, ordenaren defentsa eta delituaren prebentzioa, osasunaren eta moralaren babesa, besteren ospea zein eskubideen babesa, isilpeko informazioen hedapena saihestea nahiz botere judizialaren agintea eta inpartzialtasuna.»

Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoaren ondorioz , GEEHk bermatutako eskubidearen esanahi eta irispide bera du eskubide honek; horri ezar dakizkion mugek, beraz, ezin dituzte gainditu GEEHren 10. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoak, betiere, GEEHren 10. artikuluaren 1. paragrafoaren hirugarren esaldian aipatutako baimen-erregimenak ezartzeko estatu kideek duten ahalari Batasuneko lehia-zuzenbideak ezar diezazkiokeen murrizketei kalterik egin gabe.

2. Artikulu honetako 2. paragrafoak 1. paragrafoak dituen ondorioak zehazten ditu komunikabideen askatasunari dagokionez. Justizia Auzitegiak telebistari buruz sortutako jurisprudentzia du oinarri bereziki, batez ere C-288/89 gaiari dagokionez (1991ko uztailaren 25eko epaia, Stichting Collectieve Antennevoorziening Gouda eta beste batzuk, 1991 Bild., I-4007. or.) baita honako hauek ere: estatu kideetako irrati-sistema publikoari buruzko protokoloa (EE Tratatuari erantsia eta orain Tratatuei erantsia) eta Kontseiluaren 89/552/EEE Zuzentaraua (ikus bereziki horren 17. kontuan hartuzkoa).

Azalpena, 12. artikuluari buruzkoa — Biltzeko eta elkartzeko eskubidea

1. Artikulu honetako 1. paragrafoaren xedapenak bat datoz GEEHren 11. artikuluan xedatutakoarekin; honako hau dio artikulu horrek:

«1.   Pertsona orok du askatasunez era baketsuan biltzeko eskubidea eta elkartzeko eskubidea, bere interesen alde beste batzuekin batera sindikatuak sortzeko eta haietan afiliatzeko eskubidea barne.

2. Eskubide horiek baliatzeko aukerak gehienez ere izango dituen murrizketak gizarte demokratiko batean, betiere, legeak jasota, ondokoak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak izango dira: estatu_segurtasuna, segurtasun publikoa, ordenaren, osasunaren zein moral publikoaren babesa, eta besteen eskubideen eta askatasunen babesa. Artikulu honek ez du debekatzen indar armatuetako, poliziako edo Estatuko Administrazioko kideek eskubide horiek baliatzeko legezko murrizketak ezartzea.»

12. artikulu honen 1. paragrafoaren xedapenak GEEHren xedapenen esanahi eta irispide berekoak dira; hala ere, haien aplikazio-eremua zabalagoa da, maila guztietan aplika baitaitezke, Europakoa barne. Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoari dagokionez , eskubide horri ezartzen zaizkion mugek ezin dituzte gainditu GEEHren 11. artikuluaren 2. paragrafoak legezkotzat jotzen dituenak.

2. Eskubide honek Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoko Gutuna ere badu oinarri, hain zuzen erre Gutun horretako 11. artikulua.

3. Artikulu honen 2. paragrafoa bat dator Europar Batasunaren Tratatuaren 10. artikuluaren 4. paragrafoarekin.

Azalpena, 13. artikuluari buruzkoa — Arteetako eta zientzietako askatasuna

Eskubide honek pentsamendu- eta adierazpen-askatasunak ditu iturburu.Lehen artikulua errespetatuta baliatzen da eta GEEHren 10. artikuluak onartutako mugak ezar dakizkioke.

Azalpena, 14. artikuluari buruzkoa — Hezkuntzarako eskubidea

1. Artikulu hau bi alderditan oinarritzen da, hala nola, estatu kideek dituzten konstituzio-tradizio beretan eta GEEHren Protokolo Gehigarriaren 2. artikuluan; artikulu horrek, hain zuzen ere, hau baitio:

«Inori ezin zaio hezkuntzarako eskubidea ukatu. Estatuak, hezkuntzan eta irakaskuntzan bere gain hartzen dituen eginkizunak baliatuz, gurasoek hezkuntza eta irakaskuntza horiek beren erlijio eta filosofia sinesteen arabera bermatzeko duten eskubidea errespetatuko du.»

Komenigarritzat jo da artikulu honetan lanbide-prestakuntza eta etengabeko prestakuntza jasotzeko aukera ere barne hartzea (ikus Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 15. puntua eta Gutun Sozialaren 10. artikulua), bai eta nahitaezko hezkuntzaren doakotasun-printzipioa eranstea ere. Zehaztuta dagoen bezala, azken printzipio horrek hau baino ez dakar: nahitaezko hezkuntzarako, haur guztiek doako ikastegi batean sartzeko aukera izatea. Ez du ezartzen hezkuntza-mota hori ematen duten ikastegi guztiak eta, batik bat, pribatuak (lanbide-heziketako ikastegia eta etengabeko prestakuntzakoak barne) doakoak izatea. Era berean, ez du debekatzen hezkuntza-modu berezi batzuk ordaindu beharrekoak izatea, betiere, Estatuak diruz konpentsatzeko behar diren neurriak hartzen baditu. Gutuna Batasunean aplikatzen denez gero, errespetatu egin behar du nahitaezko hezkuntzaren doakotasuna bere prestakuntza-politiketan, baina, jakina, horrek ez du eskumen gehiago sortzea ekarri behar. Gurasoen eskubideari dagokionez, 24. artikuluaren xedapenen arabera interpretatu beharko da .

2. Ikastegi publikoak edo pribatuak sortzeko askatasuna enpresa-askatasunaren alderdi gisa bermatzen da, baina printzipio demokratikoek mugatzen dute, eta estatuetako legeek definitutako moduen arabera baliatzen da.

Azalpena, 15. artikuluari buruzkoa — Lanbide-askatasuna eta lan egiteko eskubidea

Lanbide-askatasuna, 15. artikuluaren 1. paragrafoan bildutakoa, Justizia Auzitegiak aitortua du bere jurisprudentzian (ikus, besteak beste, honako epai hauek: 1974ko maiatzaren 14ko epaia, 4/73 gaia, Nold, 1974 Bild., 491. or., 12-14. paragrafoak; 1979ko abenduaren 13koa, 44/79 gaia, Hauer, 1979 Bild., 3727. or.; 1986ko urriaren 8koa, 234/85 gaia, Keller, 1986 Bild., 2897. or., 8. paragrafoa).

Era berean, paragrafo horrek 1961eko urriaren 18an sinatutako eta estatu kide guztiek berretsitako Europako Gutun Sozialaren 1. artikuluaren 2. paragrafoa du oinarri, bai eta 1989ko abenduaren 9ko Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutuneko 4. puntua ere. «Lan-baldintzak» esapidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 156. artikuluaren esanahiaren arabera ulertuko da.

Artikuluaren 2. paragrafoak , Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 26 eta 45, 49 eta 56. artikuluek bermatutako hiru askatasunak hartzen ditu barne, hau da: langileen zirkulazio askea, kokatzeko askatasuna eta zerbitzuak aske ematea.

Artikuluaren 3. paragrafoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 153. artikuluaren 1. paragrafoaren g) idatz-zatian oinarrituta dago, baita 1961eko urriaren 18an sinatutako eta estatu kide guztiek berretsitako Europako Gutun Sozialaren 19. artikuluaren 4. puntuan ere Beraz, Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoa aplika daiteke . Batasunaren Zuzenbideak eta estatu kide bakoitzeko lege eta jokaerek arautuko dute estatu kide bateko bandera duten itsasontzietako tripulazioetan hirugarren estatuetako nazionalitatea duten tostartekoen kontratazioa.

Azalpena, 16. artikuluari buruzkoa — Enpresa-askatasuna

Artikulu hau, batetik, honako askatasun hauek aitortzen dituen Justizia Auzitegiaren jurisprudentzian oinarritzen da: ekonomian eta merkataritzan jarduteko askatasuna (ikus 1974ko maiatzaren 14ko sententzia, 4/73 gaia, Nold, 1974 Bild. 491 or., 14. paragrafoa; eta 1979ko irailaren 27koa, 230/78 gaia, SpA Eridania eta beste batzuk, 1979 Bild., 2749 or., 20. eta 31. paragrafoak) eta kontratu-askatasuna (ikus, besteak beste, Sukkerfabriken Nykoebing epaia, 151/78 gaia, 1979 Bild., I-6571 or., 19. paragrafoa; eta 1999ko urriaren 5ekoa, Espainia v. Batzordea, C-240/97, 1999 Bild., I-6571. or., 99. paragrafoa) aintzat hartzen dituen jurisprudentzian, hain zuzen ere; eta, bestetik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 119 artikuluaren 1. eta 3. paragrafoetan, hots, lehia askea aintzat hartzen duen artikuluaren paragrafoetan. Batasunaren Zuzenbidea eta estatu kideetako legeriak errespetatuz baliatuko da eskubide hori, jakina.Gutunaren 52. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako mugak ezarri ahal izango zaizkio .

Azalpena, 17. artikuluari buruzkoa — Jabetza-eskubidea

Artikulu hau GEEHren Protokolo Gehigarriaren 1. artikuluarekin bat dator; hau dio artikulu horrek:

«Pertsona fisiko edo moral orok du bere ondasunak errespetatuak izateko eskubidea.Inori ere ezin zaio bere jabetzarik kendu, onura publikorako denean izan ezik; hala ere, legean eta nazioarteko zuzenbidearen printzipio orokorretan jasotako baldintzetan izango da.

Ondasunak interes orokorraren arabera erabiltzea arautzeko, edota zergak zein beste ekarpen batzuk edo isunak ordainduko direla bermatzeko, estatuek beharrezkotzat jotzen dituzten legeak indarrean jartzeko duten eskubideari kalterik egin gabe ulertu behar dira aurreko xedapenak.»

Estatu kide guztietako konstituzioek barne hartzen duten oinarrizko eskubidea da hori. Askotan bildu du Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak; Hauer epaiak bildu zuen lehen aldiz (1979ko abenduaren 13ko epaia, 1979 Bild., 3727 or.). Horren idazketa modernizatu egin da; hala ere, 52. artikuluaren 3. paragrafoari jarraiki , eskubide hau GEEHn bermatutakoaren esanahi eta irispide berekoa da, eta ezin dira gainditu aipatutako hitzarmen horretan jasotako mugak.

Artikuluaren 2. paragrafoan jabetza intelektuala aipatzen da zehazki (jabetza intelektuala jabetza_eskubidearen alderdietako bat da) gero eta garrantzitsuagoa delako eta erkidegoko zuzenbide eratorriaren eraginez. Jabetza literarioaz eta artistikoaz gain, jabetza intelektualak patente zein marketarako eskubideak eta horiei lotutako eskubideak hartzen ditu barne bereziki. Lehen paragrafoan ezarritako bermeak era egokian aplikatzen zaizkio jabetza intelektualari.

Azalpena, 18. artikuluari buruzkoa — Asilo-eskubidea

Artikulu honen testua EE Tratatuaren 63. artikuluan oinarritu da; artikulu horren ordez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 78. artikulua dago indarrean gaur egun, eta azken horrek iheslariei dagokienez Genevako Hitzarmena errespetatzera behartzen du Batasuna. Komenigarria da kontuan hartzea Erresuma Batuari eta Irlandari buruz Tratatuei erantsitako protokoloetako xedapenak, bai eta Danimarkari buruzkoak ere, betiere zehazteko estatu kide horiek zein neurritan aplikatzen duten gai horri buruzko Batasunaren Zuzenbidea eta zein neurritan aplika dakiekeen artikulu hau. Asiloari buruz Tratatuei erantsitako protokoloa errespetatzen du artikulu honek.

Azalpena, 19. artikuluari buruzkoa — Babesa ematea, pertsonak bihurtu, kanporatu eta estraditatzeko kasuetan

Artikulu honen 1. paragrafoa GEEHren 4. protokoloaren 4. artikuluaren esanahi eta irispide berekoa da, pertsonak taldeka kanporatzeari dagokionez. Erabaki bakoitza azterketa zehatz batean oinarrituta hartzen dela bermatzea du xede, bai eta Estatu jakin bateko nazionalitatea duten pertsona guztiak kanporatzea neurri bakar batez erabakitzeko aukera eragoztea ere (ikus Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Itunaren 13. artikulua).

Artikuluaren 2. paragrafoak GEEHren 3. artikuluari buruz Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako jurisprudentzia bildu du (ikus 1996ko abenduaren 17ko epaia, Ahmed v. Austria, 1996 Bild., VI-2006, eta 1989ko uztailaren 7ko Soering epaia).

III TITULUA — BERDINTASUNA

Azalpena, 20. artikuluari buruzkoa — Berdintasuna legearen aurrean

Artikulu hau bat dator Europako konstituzio guztietan barne hartuta dagoen Zuzenbidearen printzipio orokor batekin; Justizia Auzitegiak Erkidegoko Zuzenbidearen oinarrizko printzipiotzat jo zuen (1984ko azaroaren 13ko epaia, Racke, 283/83 gaia,.1984 Bild., 3791. or.; 1997ko apirilaren 17ko epaia, C-15/95 gaia, EARL, 1997 Bild., I-1961 or., eta 2000ko apirilaren 13ko epaia, C-292/97 gaia, Karlsson, 2000 Bild., 2737 or.)

Azalpena, 21. artikuluari buruzkoa — Bereizkeriarik eza

Artikuluaren 1. paragrafoak honako hauek ditu oinarri: EE Tratatuaren 13. artikulua (gaur egun, horren ordez Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 19. artikulua dago indarrean), GEEHren 14. artikulua eta giza eskubideei zein biomedikuntzari buruzko Hitzarmenaren 11. artikulua, ondare genetikoaren gainekoa. GEEHren 14. artikuluarekin bat datorrenez, horren arabera aplikatzen da.

Ez dago kontraesanik, ez eta bateraezintasunik ere 1. paragrafoaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 19. artikuluaren artean, azken horren helburuak eta irispidea desberdinak dira eta: 19. artikuluak lege-egintzak onartzeko eskumenak ematen dizkio Batasunari, estatu kideen lege- eta erregelamendu-xedapenak harmonizatzea barne, betiere, aipatutako artikuluan luze-zabal osoan zehaztutako bereizkeria-modu jakin batzuen aurka borrokatze aldera. Legeria horrek estatu kideetako agintarien ekintzaren oinarriz izan ahal izango litzateke (bai eta pertsona partikularren arteko harremanak ere) edozein eremutan, betiere, Batasunaren eskumenen mugen barruan.Hala eta guztiz ere, 21. artikuluaren 1. paragrafoaren xedapenek ez dute eskumenik ematen estatu kideen ekintza-eremuetan edo arlo pribatuan gertatzen diren bereizkeria-moten aurka borrokatzeko legeak onartzeko; era berean, ez dute eremu horietan guztietan bereizkeria debekatzen.Xedapen horiek soilik aipatzen dituzte tratatuek emandako eskumenak erabiliz Batasuneko instituzioek eta organoek egindako bereizkeriak, batetik, eta estatu kideek Batasunaren Zuzenbidea aplikatzen dutenean egindakoak, bestetik.Horrenbestez, 1 paragrafoak ez du aldatzen 19. artikuluak emandako eskumenen irispidea, ez eta artikulu horren interpretazioa ere.

Artikuluaren 2. paragrafoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 18. artikuluarekin bat dator, eta artikulu horren arabera aplikatu behar da

Azalpena, 22. artikuluari buruzkoa — Kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna

Artikulu hau kulturari buruzko honako artikulu hauetan oinarritu da: Europar Batasunaren Tratatuaren 6. artikuluan eta EE Tratatuaren 151. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoetan; azken atal horiek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 167. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoek ordeztu dituzte.Gainera, kultura-aniztasunarekiko eta hizkuntza_aniztasunarekiko errespetua Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluaren 3. paragrafoan ere badago barne hartuta orain.Artikulu hau Amsterdamgo Tratatuaren azken Aktako 11. adierazpenean ere oinarritzen da (Elizen eta konfesionalak ez diren erakundeen estatutuei buruzkoa); orain, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 17. artikuluan bilduta dago adierazpen hori.

Azalpena, 23. artikuluari buruzkoa — Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna

Artikulu honen lehen lerrokada honako hauetan oinarritu da: batetik, EE Tratatuaren 2. artikuluan eta 3. artikuluaren 2. paragrafoan; horien ordez, orain Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikulua eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 8. artikulua jarri dira indarrean. Batasunak, Batasunaren barruan, gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna sustatzeko helburua izan behar duela ezartzen dute artikulu horiek. Bestetik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 157. artikuluaren 1. paragrafoan oinarritzen da.Iturburu dira 1996ko maiatzaren 3ko Europako Gutun Sozial berrikusiaren 20. artikulua, baita Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 16. puntua ere.

Era berean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 157. artikuluaren 3. paragrafoa hartzen da oinarri, bai eta Kontseiluaren 76/207/EEE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 4. paragrafoa ere; hain zuzen ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzko Zuzentaraua da hori, enplegua eskuratzeari, lanbide_prestakuntzari eta lanbidean gora egiteari zein lan-baldintzei dagokienez.

Bigarren lerrokadak formula laburragoan biltzen du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 157. artikuluaren 4. paragrafoa; horren arabera, tratu-berdintasunaren printzipioak ez du eragozten abantaila zehatzak eskaintzen dituzten neurriei eustea edo beste neurri batzuk hartzea, ordezkaritzarik txikiena duen sexukoei lanbide-jardueretan sartzeko bidea emateko, edo lanbide-ibilbidean dituzten desabantailei aurrea hartzeko edo desabantaila horiek konpentsatzeko. Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoari jarraiki , bigarren lerrokadak ez du 157. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen.

Azalpena, 24. artikuluari buruzkoa — Haurren eskubideak

Artikulu hau Haurraren Eskubideei buruzko New Yorkeko Hitzarmenean oinarritu da, eta bereziki, horren 3., 9., 12. eta 13. artikuluetan. Hitzarmen hori 1989ko azaroaren 20an sinatu zen, eta estatu kide guztiek berretsi dute.

Artikuluaren 3. paragrafoan honako hau hartzen da aintzat: askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparru batean oinarrituz, mugaz gaindiko eraginak dituzten gai zibilei buruzko Batasuneko legeriak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 81. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, bisita-eskubidea har dezake barruan. Haurrek beren gurasoekin aldiro-aldiro harreman pertsonalak eta zuzenekoak izateko aukera bermatzen du eskubide horrek.

Azalpena, 25. artikuluari buruzkoa — Adineko pertsonen eskubideak

Artikulu honek Europako Gutun Sozial berrikusiaren 23. artikulua du iturburu, baita Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 24. eta 25. puntuak ere. Gizarte eta kultura bizitzako parte_hartzeak, jakina, bizitza politikoan parte hartzeko aukera ere hartzen du barne.

Azalpena, 26. artikuluari buruzkoa — Ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa

Artikulu honetan bildutako printzipioa Europako Gutun Sozialaren 15. artikuluan oinarritzen da; era berean, langileen oinarrizko eskubide sozialen erkidegoaren Gutunaren 26. puntua du iturburu.

IV TITULUA — ELKARTASUNA

Azalpena, 27. artikuluari buruzkoa — Langileek enpresan informaziorako eta kontsulta egiteko duten eskubidea

Artikulu hau Europako Gutun Sozial berrikusian (21. artikuluan) eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunean (17. eta 18. puntuetan) ageri da. Batasunaren Zuzenbideak eta estatu kideetako Zuzenbideek jasotako baldintzetan aplikatzen da. Langileei eta haien ordezkariei dagozkien mailak Batasunaren Zuzenbideak eta estatu kideetako Zuzenbideak nahiz ohiko jokaerek jasotako mailak dira; Europako maila ere hartuko da Batasuneko legeriak hala aurreikusten duenean. Batasunaren altxorra garrantzitsua da arlo horretan: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 154. eta 155. artikuluak, eta honako zuzentarau hauek: 2002/14/EE (langileen informazioari eta kontsultari buruzko esparru orokorra), 98/59/EE (kaleratze kolektiboak), 2001/23/EE (enpresen eskualdatzeak) eta 94/45/EE (Europako enpresa-batzordeak).

Azalpena, 28. artikuluari buruzkoa — Negoziazio eta ekintza kolektiborako eskubidea

Artikulu hau Europako Gutun Sozialaren 6. artikuluan oinarritzen da, bai eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunean ere (12-14. puntuak). Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aitortu zuen ekintza kolektiborako eskubidea badela sindikatuko kide izateko GEEHren 11. artikuluan ezarritako eskubidearen osagaietakoa bat. Negoziazio kolektiboa egin daitekeen maila egokiei dagokienez, ikus aurreko artikuluan emandako azalpenak. Ekintza kolektiboak betetzeko moduak eta mugak, greba barne, estatu kide bakoitzeko lege eta jokaeren eremukoak dira, zenbait estatu kidetan modu paraleloan egiteko aukerari buruzko auzia barne.

Azalpena, 29. artikuluari buruzkoa — Enplegu-zerbitzuez baliatzeko eskubidea

Artikulu hau Europako Gutun Sozial berrikusiaren 3. artikuluaren 1. paragrafoan oinarritzen da, baita Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 13. puntuan ere.

Azalpena, 30. artikuluari buruzkoa — Bidegabeko kaleratzetik babestuta izateko eskubidea

Artikulu honek Europako Gutun Sozial berrikusiaren 24. artikulua du iturburu.Ikus honako zuzentarau hauek ere: 2001/23/EE, enpresak eskualdatuz gero langileek beren eskubideei eusteari buruzkoa, eta 80/987/EEE, kaudimenik ezeko kasuetan langileak babesteari buruzkoa. Zuzentarau hori 2002/74/EE Zuzentarauak aldatu zuen.

Azalpena, 31. artikuluari buruzkoa — Lan-baldintza zuzen eta bidezkoak

1. Artikulu honen 1. paragrafoa 89/391/EEE Zuzentarauan oinarritzen da; zuzentarau hori lanean langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko neurriak aplikatzeari buruzkoa da. Era berean, Europako Gutun Sozialaren 3. artikulua eta langileen oinarrizko eskubide sozialen erkidegoaren Gutunaren 19. puntua ditu iturburu, eta lanean duintasuna errespetatzen duten baldintzak izateko eskubideari dagokionez, Europako Gutun Sozial berrikusiaren 26. artikulua. «Lan-baldintzak» esapidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 156. artikuluaren esanahiaren arabera ulertu behar da.

2. Artikulu honen 2. paragrafoa lan-denboraren antolamenduaren gaineko alderdi jakin batzuei buruzko 93/104/EE Zuzentarauan oinarritzen da, bai eta Europako Gutun sozialaren 2. artikuluan eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 8. puntuan ere.

Azalpena, 32. artikuluari buruzkoa — Haurren lanaren gaineko debekua, eta gazteen babesa lanean

Artikulu hau gazteak lanean babesteari buruzko 94/33/EE Zuzentarauan oinarritzen da, bai eta Europako Gutun Sozialaren 7. artikuluan eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 20-23. puntuetan ere.

Azalpena, 33. artikuluari buruzkoa — Familia-bizitza eta lanbide-bizitza

Hemen azaltzen den 33. artikuluaren 1. paragrafoa Europako Gutun Sozialaren 16. artikuluan oinarritzen da.

Artikuluaren 2. paragrafoak honako zuzentarau hauek ditu oinarri: Kontseiluaren 92/85/EEE Zuzentaraua, lanean haurdun dagoen langilearen, erditu den edo edoskitzealdian dagoen langilearen segurtasuna eta osasuna sustatzeko neurriak aplikatzeari buruzkoa, eta 96/34/EE Zuzentaraua, UNICEk, CEEPek eta ESK-k gurasoen baimenari buruz lortutako Esparru Akordioa. Era berean, Europako Gutun Sozialaren 8. artikuluan oinarritzen da (amatasunaren babesa) eta Gutun Sozial berrikusiaren 27. artikulua du iturburu (familia-ardurak dituzten langileek aukera eta tratu berdina izateko eskubidea). «Amatasuna» terminoak sorkuntzatik edoskitzera bitarteko tartea hartzen du barne.

Azalpena, 34. artikuluari buruzkoa — Gizarte-segurantza eta gizarte-laguntza

Hemen azaltzen den 34. artikuluaren 1. paragrafoan adierazten den printzipioa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 153. eta 156. artikuluetan oinarritzen da, bai eta Europako Gutun Sozialaren 12. artikuluan eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 10. puntuan ere. Batasunak errespetatu egin behar du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 153 eta 156. artikuluek ematen dizkioten eskumenak baliatzeko orduan.Gizarte_zerbitzuei buruzko aipamenak zerbitzu horiek prestazio jakin batzuk bermatzeko ezarri diren kasuak hartzen ditu barne; aldiz, ez du inola ere esan nahi halako zerbitzurik ez badago, sortu egin behar denik.«Amatasuna» terminoak aurreko artikuluan duen esanahi bera du.

Artikuluaren 2. paragrafoa 12. artikuluaren 4. paragrafoan oinarritzen da, baita Europako Gutun Sozialaren 13. artikuluaren 4. paragrafoan eta Langileen Oinarrizko Eskubide Sozialen Erkidegoaren Gutunaren 2. puntuan ere; 1480/71 (EEE) Erregelamendutik eta 1612/68 (EEE) Erregelamendutik sortutako arauak biltzen ditu.

Artikuluaren 3. paragrafoak Europako Gutun Sozialaren 13. artikulua eta Gutun Sozial berrikusiaren 30. eta 31. artikuluak ditu iturburu, bai eta Erkidegoko Gutunaren 10. puntua ere. Batasunak eskubide hori errespetatu behar du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 153. artikuluan oinarrituriko politiken esparruan.

Azalpena, 35. artikuluari buruzkoa — Osasunaren babesa

Artikulu honetan barne hartutako printzipioak EE Tratatuaren 152. artikuluan oinarritzen dira (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 168. artikuluak ordeztu du), bai eta Europako Gutun Sozialaren 11. eta 13. artikuluetan ere. Artikuluaren bigarren esaldiak 168. artikuluaren 1. paragrafoa biltzen du.

Azalpena, 36. artikuluari buruzkoa — Ekonomia-interes orokorreko zerbitzuez baliatu ahal izatea

Artikulu hau Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 14. artikuluari lotzen zaio erabat, eta ez du beste eskubiderik sortzen. Guztien interes ekonomikoko zerbitzuez baliatu ahal izateari Batasunak izan beharreko errespetuari buruzko printzipioa finkatzen du soilik, estatuetako xedapenek aurreikusten duten bezalaxe, betiere, xedapen horiek Batasunaren Zuzenbidearekiko bateragarriak badira.

Azalpena, 37. artikuluari buruzkoa — Ingurumenaren babesa

Artikulu honetan barne hartutako printzipioa EE Tratatuaren 2., 6. eta 174. artikuluetan oinarritu da. Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluaren 3. paragrafoak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 11. eta 191. artikuluek ordeztu dituzte orain aipatutako artikuluak.

Era berean, estatu jakin batzuetako xedapenak ditu iturburu.

Azalpena, 38. artikuluari buruzkoa — Kontsumitzaileen babesa

Artikulu honetan barne hartutako printzipioa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 169. artikuluan oinarritu da.

V TITULUA — HERRITARTASUNA

Azalpena, 39. artikuluari buruzkoa — Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautesle zein hautagai izateko eskubidea

Hemen azaltzen den 39. artikulua Tratatuetan ezarritako baldintzetan aplikatzen da, Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.Izan ere, 39. artikuluaren 1. paragrafoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. artikuluaren 2. paragrafoan bermatutako eskubideari dagokio (cf. eskubide hori baliatzeko moduak onartzeari buruz 22. artikuluan ezarritako oinarri juridikoa), eta 39. artikuluaren 2. paragrafoa Europar Batasunaren Tratatuaren 14. artikuluaren 3. paragrafoari dagokio.Aipatutako 39. artikuluaren 2. paragrafoak  sistema demokratiko baten hauteskunde_erregimenaren oinarrizko printzipioak adierazten ditu.

Azalpena, 40. artikuluari buruzkoa — Udal-hauteskundeetan hautesle zein hautagai izateko eskubidea

Artikulu hau Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I20. artikuluaren 2. paragrafoan bermatutako eskubideari dagokio (cf. eskubide hori baliatzeko moduak onartzeko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 22. artikuluan ezarritako oinarri juridikoa). Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, Tratatuen artikulu horiek ezarritako baldintzetan aplikatuko da.

Azalpena, 41. artikuluari buruzkoa — Administrazio ona izateko eskubidea

Hemen azaltzen den 41. artikulu honen oinarria Batasuna Zuzenbide-erkidegoa izatea da; jurisprudentziak garatu ditu zuzenbide-erkidego horren ezaugarriak, eta, besteak beste, administrazio ona Zuzenbidearen printzipio orokor gisa finkatu zuen (ikus, besteak beste, Justizia Auzitegiaren 1992ko martxoaren 31ko C-255/90 P, Burban epaia, 1992 Bild., I-2253. or.; bai eta Lehen Auzialdiko Auzitegiaren honako epai hauek ere: 1995eko irailaren 18koa, T-167/94, Nölle, 1995 Bild., II-2589. or.; 1999ko uztailaren 9koa, T-231/97, New Europe Consulting eta beste batzuk, 1999 Bild., II-2403. or.). Eskubide honi buruz aurreneko bi paragrafoetan ezarritakoek jurisprudentzia dute oinarri (Justizia Auzitegiaren honako epai hauek: 1987ko urriaren 15ekoa, 222/86 gaia, Heylens, 1987 Bild., 4097. or., 15. paragrafoa; 1989ko urriaren 18koa, 374/87 gaia, Orkem, 1989 Bild., 3283. or.; 1991ko azaroaren 21ekoak, C-269/90, TU München, 1991 Bild., I-5469. or.; eta Lehen Auzialdiko Auzitegiaren honako epai hauek: 1994ko abenduaren 6koa, T_450/93, Lisrestal, 1994 Bild., II-1177. or.; 1995eko irailaren 18koa, T-167/94, Nölle, 1995 Bild., II-2589. or.), eta arrazoiak emateko betebeharrari dagokionez, berriz, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 296. artikulua dute oinarri (era berean, ikus Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 298. artikuluan Europako administrazio ireki, eragingarri eta independentea lortze aldera lege-egintzak onartzeko bildutako oinarri juridikoa).

Artikuluaren 3. paragrafoak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 340. artikuluak egun bermatzen duen eskubidea biltzen du, eta 4. paragrafoak orain Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. artikuluaren 2. paragrafoaren d) idatz-zatian eta 25. artikuluan bermatutako eskubidea biltzen du. Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoari jarraiki , Tratatuetan ezarritako baldintzetan eta mugen arabera aplikatuko dira eskubideok.

Babes judizial eragingarria izateko eskubidea, gai honetan oso alderdi garrantzitsua izanik, bermatuta dago Gutun honen 47. artikuluan.

Azalpena, 42. artikuluari buruzkoa — Agiriak eskuratzeko eskubidea

Artikulu honetan bermatutako eskubidea EE Tratatuaren 255. artikulutik hartua da, eta horretan oinarrituta onartu zen ondoren 1049/2001 Erregelamendua. Europako Konbentzioak instituzio, organismo eta agentzia guztietako agirietara zabaldu du eskubide hori, agiri horiek edozein forma dutela ere (ikus Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa). Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, agiriak eskuratzeko eskubidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 15. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako baldintzak eta mugak kontuan hartuta beteko da.

Azalpena, 43. artikuluari buruzkoa — Europako Arartekoa-{}-

Artikulu honetan bermatutako eskubidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. eta 228. artikuluek bermatzen dute.Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, bi artikulu horiek zehaztutako baldintzetan aplikatuko da.

Azalpena, 44. artikuluari buruzkoa — Eskariak egiteko eskubidea

Artikulu honetan bermatutako eskubidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. eta 227. artikuluek bermatzen dute.Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, bi artikulu horiek zehaztutako baldintzetan aplikatuko da.

Azalpena, 45. artikuluari buruzkoa — Zirkulatzeko eta bizilekua hartzeko askatasuna

Artikuluaren 1. paragrafoan bermatutako eskubidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20 artikuluaren 2. paragrafoaren a) idatz-zatiak bermatzen du (ikus, era berean, 21. artikuluaren oinarri juridikoa eta Justizia Auzitegiaren 2002ko irailaren 17ko epaia, C-413/99 gaia, Baumbast, 2002 Bild., 709. or.). Gutunaren 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, Tratatuek ezarritako baldintzak eta mugak kontuan hartuta aplikatuko da.

Artikuluaren 2. paragrafoak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 77, 78 eta 79. artikuluek Batasunari emandako eskumena gogorarazten du.Beraz, eskubide hori ematea ala ez ematea, instituzioek eskumen hori baliatu ala ez, horren arabera egongo da.

Azalpena, 46. artikuluari buruzkoa — Babes diplomatiko eta kontsularra

Artikulu honek bermatutako eskubidea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 20. artikuluak bermatzen du; ikus 23. artikuluaren oinarri juridikoa ere. Bi artikulu horiek zehaztutako baldintzetan aplikatuko da, betiere, 52. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

VI TITULUA — JUSTIZIA

Azalpena, 47. artikuluari buruzkoa — Babes judizial eragingarria eta epaile inpartziala izateko eskubidea

Lehen lerrokada GEEHren 13. artikuluan oinarritzen da:

   «Hitzarmen honetan aitortutako eskubide eta askatasun guztiak berari dagokionez urratuta ikusten dituen pertsona orok du eskubidea bere estatuko instantzia baten aurrean errekurtso eragingarria eman dakion, bai eta eskubide eta askatasun horiek beren eginkizun ofizialetan betetzen ari diren pertsonek urratzen dizkiotenean ere.»

Dena dela, Batasunaren Zuzenbidean babesa zabalagoa da, epaile baten aurrean errekurtso eragingarria aurkezteko eskubidea bermatzen baitu.Justizia Auzitegiak Batasunaren Zuzenbidearen printzipio orokor gisa finkatu zuen eskubide hau 1986ko maiatzaren 15eko epaian (Johnston, 222/84 gaia, 1986 Bild. 1651. or.; ikus honako epai hauek ere: 1987ko urriaren 15ekoa, 222/86 gaia, Heylens, 1987 Bild., 4097. or., eta 1992ko abenduaren 3koa, 97/91 gaia, Borelli, 1992 Bild., I-6313. or.)Justizia Auzitegiaren arabera, Batasunaren Zuzenbidearen printzipio orokor hori estatu kideei ere aplikatzen zaie eurek Batasunaren Zuzenbidea aplikatzen dutenean.Jurisprudentzia hori Gutunean biltzeak ez zuen Tratatuetan ezarritako jurisdikzio-kontroleko sistema aldatzeko helburua, ez eta bereziki, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean jarritako errekurtsoak onartzeari buruzko arauak aldatzekoa ere.Europako Konbentzioak Batasunaren jurisdikzio-kontroleko sistema aztertu du, errekurtsoak onartzeari buruzko arauak barne, eta sistema hori berretsi du; dena den, hainbat alderdi aldatu dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 251.etik 281.era arteko artikuluek, eta, bereziki, 263. artikuluaren 4. paragrafoak ezartzen duten bezala. Batasunaren Zuzenbideak bermatzen dituen eskubide guztien kasuan, 47. artikulua aplikatzen zaie Batasuneko instituzioei eta estatu kideetakoei, Batasunaren Zuzenbidea aplikatzen dutenean.

Bigarren lerrokada GEEHren 6. artikuluaren 1. paragrafoarekin bat dator. Hau dio paragrafo horrek:

   «Pertsona orok du eskubidea Auzitegi independente eta inpartzial batek zentzuzko epe baten barruan ekitatez eta jendaurrean bere auzia entzun dezan; legeak aldez aurretik ezarritakoa izan behar du, eta pertsona horren eskubide eta betebehar zibilei buruzko auzietan erabakiko du, bai eta zigor-arloan haren aurka aurkeztutako edozein akusazioren oinarriari buruz ere. Epaia jendaurrean eman behar da, baina prozesu guztian edo horren zati batean prentsari eta jendeari debekatu ahal izango zaio salara sartzea, gizarte demokratiko batean moraltasuna, ordena publikoa edo estatu_segurtasuna babeste aldera, betiere, adingabeen interesak edo prozesuko alderdien bizitza pribatua babesteko beharrezkoa denean; era berean, Auzitegiak beharrezkotzat jotzen duen neurrian ere debekatuko zaio prentsari eta jendeari salan sartzea, egoera berezietan publizitatea justiziaren interesetarako kaltegarria denean.»

Batasunaren Zuzenbidean, auzitegira jotzeko eskubidea ez da eskubide eta betebehar zibilei buruzko auzietan soilik aplikatzen. Hori da, hain zuzen, Batasuna zuzenbide-erkidegoa izateak dakarren ondorioetako bat da, eta halaxe agerrarazi zuen Justizia Auzitegiak 294/83 gaian, Les Verts v. Europako Parlamentua (1986ko apirilaren 23ko epaia, 1986 Bild., 1339. or.). Nolanahi ere, aplikazio-eremuari dagokiona izan ezik, GEEHk eskainitako bermetan berdintsu aplikatzen dira Batasunean.

Hirugarren lerrokadari dagokionez, azpimarratu beharra dago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziari jarraiki, laguntza juridikoa eman behar dela, laguntza juridikorik ez izateak errekurtso eragingarriaren bermea eraginik gabe utz dezakeenean (GEEAren 1979.10.09ko epaia, Airey, A seriea, 32. liburukia, 11. or.). Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean laguntza juridikoa izateko sistemarik ere bada.

Azalpena, 48. artikuluari buruzkoa — Errugabetasun-presuntzioa eta defentsaren eskubideak

Hemen azaltzen den 48. artikulu hau bat dator GEEHren 6. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoekin; honela diote paragrafo horiek:

«2.   Arauren bat hautsi izanaz akusatutako pertsona oro errugabe da harik eta bere erruduntasuna legez deklaratu arte.

3.   Akusatu orok honako eskubide hauek ditu, gutxienez:

 a) eskubidea du bere aurka egindako akusazioaren arrazoia eta izaera jakinaraz diezazkioten, ahalik eta eperik laburrenean, ulertzen duen hizkuntza batean;

 b) eskubidea du bere defentsa prestatzeko behar beste denbora eta behar bezalako laguntza izan ditzan;

 c) eskubidea du bere kabuz defendatzeko, edo berak aukeratutako defentsariaren laguntza izateko; defentsariari ordaintzeko dirurik ez badu, ofiziozko abokatu baten laguntza doan jasotzeko eskubidea ere badu, justiziaren interesetarako ezinbestekoa denean;

 d) eskubidea du bere aurka deklaratuko duten lekukoak galdekatzeko edo galdekatzea agintzeko, eta eskubidea du bere alde deklaratuko duten lekukoen zitazioa eta galdeketa egin dadin, aurka deklaratuko duten lekukoen baldintza beretan.

 e) eskubidea du interprete baten doako laguntza izateko, entzunaldian erabilitako hizkuntza ulertzen edo hitz egiten ez badu.»

Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraiki , eskubide honek GEEHk bermatutako eskubidearen esanahi eta irispide bera ditu.

Azalpena, 49. artikuluari buruzkoa — Delituen eta zigorren arteko heinekotasunaren printzipioa eta legezkotasun-printzipioa.

Artikulu honek lege eta zehapen penalen atzeraeraginik ezaren arau klasikoa biltzen du. Zigor arinenaren atzeraeraginari buruzko araua erantsi da. Estatu kide ugarik aitortzen dute arau hori, eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan dago bilduta.

GEEHren 7. artikuluak hau dio:

«1.   Inor ezin izango da kondenatu egite edo ez-egite bategatik, egiterako orduan estatuko zuzenbidean zein nazioarteko zuzenbidean kasu hori arau-haustea ez bada. Era berean, ezin izango da ezarri arau-haustea egitean aplikatzekoa zena baino zigor astunagorik.

2.   Artikulu hau ez da egite edo ez-egite baten errudun dena epaiketarik eta zigorrik gabe gelditzeko arrazoi izango, baldin eta, hark egindakoa edo egin gabe utzi zuena, orduan, estatu zibilizatuek aitortutako printzipio orokorren arabera delitu bazen.»

Artikuluaren 2. paragrafotik «zibilizatu» terminoa kendu da; hala ere, horrek ez du inola ere aldatzen paragrafo horrek gizateriaren aurkako krimenei buruz duen esanahia.Gutunaren 52. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoari jarraiki , eskubide honek, beraz, GEEHk bermatutako eskubidearen esanahi eta irispide bera ditu.

Artikuluaren 3. paragrafoak delituen eta zigorren arteko heinekotasunaren printzipio orokorra biltzen du. Estatu kideetako konstituzio-tradizioek eta Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak finkatua dute printzipio hori.

Azalpena, 50. artikuluari buruzkoa — Arau-hauste berberagatik zigor-zuzenbidearen arabera bi aldiz epaitua edo kondenatua ez izateko eskubidea

GEEHren 7. protokoloaren 4. artikuluak hau dio:

 «1.   Estatu bereko jurisdikzioek ezin izango dute inor arau-hauste batengatik auzipetu edo bide penalean zigortu, baldin eta dagoeneko arau-hauste horrengatik Estatu horren Legearen eta prozedura penalaren arabera emandako epai irmoaren bidez kondenatua edo absolbitua izan bada.

2.   Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez da arrazoi izango estatu interesdunaren legeari eta prozedura penalari jarraiki prozesua berriro zabaltzeko, baldin eta gertakari berriek, ezagutzen ez ziren alderdiak ezagun bihurtzeak edo prozedura horretan izandako funtsezko akatsen batek emandako epaian eragina izan badezakete.

3.   Ez da artikulu honi salbuespenik egiteko baimenik emango Hitzarmenaren 15. artikuluari dagokionez.»

«Non bis in idem» printzipioa Batasunaren zuzenbidean aplikatzen da (horri buruzko jurisprudentzia ugaria da; ikus, besteak beste, 1966ko maiatzaren 5eko epaia, Gutmann v. Batzordea, 18/65 eta 35/65 gaiak, 1996 Bild., 150. or.; eta gai berriago bati dagokionez, Lehen Auzialdiko Auzitegiaren 1999ko apirilaren 20ko epaia, T-305/94 gai metatuak eta beste batzuk, Limburgse Vinyl Maatschappij NV v. Batzordea, 1999 Bild. II-931 or.); dena den, aditzera eman beharra dago bi zehapen ez metatzeko araua izaera bereko zehapenei buruzkoa dela, kasu honetan, zehapen penalei buruzkoa.

Gutunaren 50. artikuluan xedatutakoari jarraiki, «non bis in idem» printzipioa Estatu bereko jurisdikzio-eremuan ez ezik, hainbat estatu kideren jurisdikzioen artean ere aplikatzen da; hori bat dator Batasunaren zuzenbidearen altxorrarekin (ikus Schengeneko Akordioa Aplikatzeko Hitzarmenaren 54-58. artikuluak eta Justizia Auzitegiaren 2003ko otsailaren 11ko epaia, C-187/01 Gözütok gaia (2003 Bild. I-1345 or.), Erkidegoaren finantza-interesak babesteari buruzko Hitzarmenaren 7. artikulua eta ustelkeriari aurre egiteari buruzko Hitzarmenaren 10. artikulua). Estatu kideei «non bis in idem» printzipioa ez aplikatzeko aukera ematen dieten salbuespenak oso urriak dira, eta mugei buruzko 52. artikuluaren 1. paragrafoaren klausula horizontalak biltzen ditu. Zazpigarren protokoloaren 4. artikuluan bildutako egoerei dagokienez, hau da, printzipio hori estatu kide baten barruan aplikatzeari dagokionez, bermatutako eskubidea GEEHn horrekin bat datorren eskubidearen esanahi eta irispide berekoa da.

VII TITULUA —  GUTUNAREN INTERPRETAZIOA ETA APLIKAZIOA ARAUTZEKO XEDAPEN OROKORRAK

Azalpena, 51. artikuluari buruzkoa — Aplikazio-eremua

Hemen azaltzen den 51. artikulu honek Gutunaren aplikazio-eremua zehaztea du xede.Hau du helburu: argi eta garbi zehaztea Gutuna Batasunaren instituzioei eta organoei aplikatzen zaiela lehenik eta behin, subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz.Xedapen hori Europar Batasunaren Tratatuaren 6. artikuluaren 2. paragrafoa —Batasuna oinarrizko eskubideak errespetatzera behartzen zuen— eta Koloniako Kontseilu Europarrak emandako manua aintzat hartuta idatzi zen.Tratatuek «instituzioak» terminoa finkatzen dute.«Organoak eta organismoak» terminoak Tratatuek edo zuzenbide eratorriko egintzek sorturiko instantzia guztiak aipatzeko erabili ohi dira (ikus, adibidez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 15 eta 16. artikuluak).

Estatu kideei dagokienez, Justizia Auzitegiaren jurisprudentziatik ondorioztatzen da argi eta garbi Batasunaren esparruan definitutako oinarrizko eskubideak errespetatzeko betebeharra Batasunaren Zuzenbidearen aplikazio-eremuan jarduten dutenean aplikatzen zaiela estatu kideei (1989ko uztailaren 13ko epaia, Wachauf, 5/88 gaia, 1999 Bild., 2609. or.; 1991ko ekainaren 18ko epaia, ERT, 1991 Bild., I-2925. or.; 1997ko abenduaren 18ko epaia, C-309/96 Annibaldi gaia, 1997 Bild., I-7493. or.). Justizia Auzitegiak berretsi berri du jurisprudentzia hori, honelaxe berretsi ere: «Gogoan izan behar da, gainera, estatu kideak ere erkidegoko ordenamendu juridikoan oinarrizko eskubideak babesteak dakartzan eskakizunen menpe daudela, erkidegoko araudia aplikatzen dutenean...» ( 2000ko apirilaren 13ko epaia, C-292/97 gaia, 2000 Bild., I-2737. or., 37. paragrafoa).Arau hori, jakina, agintari zentralei nahiz eskualdeetako nahiz tokiko instantziei aplikatzen zaie Gutun honetan finkatutako moduan, bai eta organismo publikoei ere, Batasunaren Zuzenbidea aplikatzen dutenean.

Artikuluaren 2. paragrafoak eta 1. paragrafoaren bigarren esaldiak berresten dute Gutunak ezin ekar dezakeela Tratatuek Batasunari emandako eskumenak eta eginkizunak hedatzea. Kontua da berariaz aipatzea subsidiaritate-printzipioak dakarren ondorioa dela hori, eta, Batasunak eskumen hartuak baino ez dituenez, horrek dakarren ondorioa ere bai. Batasunean bermatutako oinarrizko eskubideak tratatuek ezarritako eskumenen esparruan baino ez dira eraginkorrak.Artikuluaren 2. paragrafoak eta 1. paragrafoaren bigarren esaldiak berresten dute Gutunak ezin ekar dezakeela Tratatuek Batasunari emandako eskumenak eta eginkizunak hedatzea.

Gutunaren eraginez ezin dela zabaldu Batasunaren Zuzenbidearen aplikazio-eremua Tratatuetan definitzen diren Batasunaren eskumenetik haratago.Justizia Auzitegiak ezarria du arau hori Batasunaren Zuzenbidearen zati gisa aitortutako oinarrizko eskubideei dagokienez (1998ko otsailaren 17ko epaia, 249/96 Grant gaia, 1998 Bild., I-621. or., 45. paragrafoa).Arau horri jarraiki, garbi dago Europar Batasunaren Tratatuko 6. artikuluan Gutunaz egiten den aipamena ezin dela hartu estatu kideen ekintzaren irispidearen zabalkuntzatzat, hots, “Batasunaren Zuzenbidearen aplikazioan” egindako zabalkuntzatzat (1. paragrafoaren eta aipatutako jurisprudentziaren zentzu berean).

Azalpena, 52. artikuluari buruzkoa — Eskubideen eta printzipioen irispidea eta interpretazioa

Hemen azaltzen den 52. artikulu honek hau du xede: Gutunean bildutako eskubide eta printzipioen irispidea finkatzea eta horiek interpretatzeko arauak ezartzea. Lehen paragrafoa eskubideen mugen erregimenari buruzkoa da. Erabilitako formulak Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia du iturburu: «… dagoeneko finkatuta dagoen jurisprudentziaren arabera, eskubide horiek baliatzeari murrizketak ezar dakizkioke, batez ere merkatuaren antolaketa erkidearen eremuan; hala ere, murrizketa horiek Erkidegoak xede dituen interes orokorreko helburuak lortzeko izan beharko dute, eta, lortu nahi den helburua kontuan hartuta, eskubide horien funtsean ezin dute eragin neurriz kanpo edo ezin onartzeko moduan» (2000ko apirilaren 13ko epaia, C-292/97 gaia, 45. paragrafoa). Batasunak aitortutako interes orokorren aipamen horren barruan sartzen dira hala Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluan aipatutako helburuak nola Tratatuen berariazko xedapenek babesturiko beste interes batzuk ere, hala nola, Europar Batasunaren Tratatuaren 4. artikuluaren 1. paragrafoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 35. artikuluaren 3. paragrafoa eta Tratatu horren beraren 36 eta 346. artikuluak.

Artikuluaren 2. paragrafoa Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuak berariaz finkatutako eskubideei buruzkoa da; eskubide horiek Gutunean aitortuta daude, eta orain Tratatuetan daude bilduta (batez ere, Batasuneko herritartasunetik eratorritako eskubideak). Paragrafo horrek garbi uzten du eskubide horiek badituztela baldintza eta muga batzuk oinarri duten Batasunaren Zuzenbideari aplikatzekoak direnak, Tratatuetan ezarritakoaren arabera.   Gutunak ez du aldatzen EE Tratatuak emandako eskubideen erregimena; eskubide horiek, gaur egun, Tratatuetan daude jasota.

Artikuluaren 3. paragrafoak Gutunaren eta GEEHren artean beharrezkoa den koherentzia bermatzea du xede, eta honako arau hau finkatzen du: Gutun honen eskubideak GEEHk bermatutako eskubideak ere badirenez gero, eskubide horien esanahia eta irispidea —onartutako mugak barne— GEEHk jasotako berak direla. Horren ondorioz, eskubide horiei mugak ezartzean, GEEHn bildutako muga-erregimen zehatzak ezarritako arau berberak errespetatu behar ditu legegileak, paragrafo horretan bildutako eskubideei aplikatzen zaizkien arauak errespetatu ere. Nolanahi ere, horrek ez du eraginik izan behar Batasunaren Zuzenbidearen eta Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren autonomian.

GEEHri buruzko aipamenak Hitzarmena bera zein hitzarmen horren protokoloak hartzen ditu barne. Bermatutako eskubideen esanahia eta irispidea tresna horien testuak zehazten ditu, bai eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren zein Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak ere. Paragrafo horren azken esaldiaren helburua babes zabalagoa bermatzea da. Edonola ere, Gutunak eskainitako babes-maila ezin da inoiz GEEHk bermatutakoa baino apalagoa izan.

Gutuna hartu behar da estatu kideek, GEEHren 15. artikulatuari jarraiki, GEEHn bildutako eskubideei salbuespenak ezartzeko aukerari kalterik egin gabe, betiere, Europar Batasunaren Tratatuaren 4. artikuluaren 1. paragrafoak eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 72 eta 347. artikuluek esleitzen dieten erantzukizunei jarraiki, kasu hauetan ezartzen badituzte: gerra-kasuan edo estatua mehatxupean jartzen duten beste arrisku publikoen kasuan, estatu-defentsaren eremuko ekintzak gauzatzen dituztenean (gerraren kasuan) edo ordena publikoari eusteko ekintzak gauzatzen dituztenean.

Ondoren ageri da paragrafo horri dagokionez, gaur egun GEEHren eskubidetzat har daitezkeen eskubideen zerrenda. Nolanahi ere, zerrenda hori aldatu egin daiteke Zuzenbidearen, legeriaren eta tratatuen bilakaeraren arabera.Ez dira bildu GEEHekoez gain ezartzen diren eskubideak.

1. GEEHren eskubideekin bat datozen eta esanahi zein irispide berbera duten Gutunaren artikuluak:

—2. artikulua bat dator GEEHren 2. artikuluarekin,

— 4. artikulua bat dator GEEHren 3. artikuluarekin,

— 5. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak bat datoz GEEHren 4. artikuluarekin,

— 6. artikulua bat dator GEEHren 5. artikuluarekin,

— 7. artikulua bat dator GEEHren 8. artikuluarekin,

— 10. artikuluaren 1. paragrafoa bat dator GEEHren 9. artikuluarekin,

— 11. artikulua bat dator GEEHren 10. artikuluarekin; nolanahi ere, Batasunaren Zuzenbideak murrizketak ezarri ahal izango dizkio estatu kideek baimen-erregimenak ezartzeko duten ahalmenari, GEEHren 10. artikuluaren 1. paragrafoaren hirugarren esaldian aipatutako baimen_erregimenak ezartzeko duten ahalmenari,

— 17. artikulua bat dator GEEHren Protokolo Gehigarriaren 1. artikuluarekin,

— 19. artikuluaren 1. paragrafoa bat dator 4. protokoloaren 4. artikuluarekin,

— 19. artikuluaren 2. paragrafoa bat dator GEEHren 3. artikuluarekin, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak interpretatzen duen bezalaxe,

— 48. artikulua bat dator GEEHren 6. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoekin,

— 49. artikuluaren 1. paragrafoa (azken esaldia izan ezik) eta 2. paragrafoa bat datoz GEEHren 7. artikuluarekin.

2. Honako artikulu hauek bat datoz GEEHren eskubideekin eta esanahi berekoak dira, baina irispide zabalagoa dute:

— 9. artikuluak GEEHren 12. artikuluaren eremua hartzen du barne, baina bere aplikazio-eremua beste ezkontza-modu batzuetara zabal daiteke estatu kideetako legeriak barne hartzen baditu,

— 12. artikuluaren 1. paragrafoa bat dator GEEHren 11. artikuluarekin, baina bere aplikazio-eremua Europar Batasunaren mailara zabaltzen da,

— 14. artikuluaren 1. paragrafoa GEEHren Protokolo Gehigarriaren 2. artikuluarekin bat dator, baina bere aplikazio-eremua lanbide-prestakuntza eta etengabeko prestakuntzarako sarbidera zabaltzen da,

— 14. artikuluaren 3. paragrafoa  GEEHren protokoloaren 2. artikuluarekin bat dator, gurasoen eskubideei dagokienez,

— 47. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoak GEEHren 6. artikuluaren 1. paragrafoarekin bat datoz; hala ere, eskubide eta betebehar zibilei edo zigor-arloko akusazioei buruzko auzietara mugatzea ez dagokio Batasunaren zuzenbideari eta haren aplikazioari,

— 50. artikulua GEEHren 7. protokoloaren 4. artikuluarekin bat dator, baina haren irispidea Europar Batasunaren mailara zabaltzen da estatu kideetako jurisdikzio-organoen artean,

— azkenik, Europar Batasuneko herritarrak ezin dira atzerritartzat hartu Batasunaren zuzenbidearen aplikazio-eremuan, debekatuta baitago nazionalitateagatiko bereizkeria oro. Atzerritartasunari buruz GEEHren 16. artikuluan bildutako mugak, beraz, ezin izango zaizkie testuinguru horretan aplikatu.

Artikuluaren 4. paragrafoan ageri den interpretazio-araua Europar Batasunaren Tratatuaren 6. artikuluaren 3. paragrafoaren idazketan oinarritzen da eta behar bezala hartzen du aintzat Justizia Auzitegiak konstituzio-tradizio erkideei buruz jarraitutako planteamendua (adibidez, 1979ko abenduaren 13ko epaia, 44/79 gaia, Hauer, 1979 Bild., 3727. or.; 1982ko maiatzaren 18ko epaia, 155/79 gaia, AM&S, 1982 Bild., 1575. or.). Arau horren arabera, «izendatzaile komunetako txikiena» kontuan hartzen duen planteamendu zorrotza izan beharrean, Gutunean bildutako eskubideak honela interpretatu behar dira: Batasunaren Zuzenbiderako egokia izango den babes-maila handia emateko moduan eta konstituzio-tradizio erkideekiko harmonian egoteko moduan.

Artikuluaren 5. paragrafoak argitu egiten du Gutunean aitortutako «eskubideen» eta «printzipioen» arteko bereizketa.Bereizketa horren arabera, eskubide subjektiboak errespetatu egin beharko dira; printzipioak, ordea, bete egin behar dira (51. artikuluaren 1. paragrafoa).Printzipioak lege-egintzen edo betearazpen-egintzen bidez aplika daitezke (Batasunak bere eskumenen arabera eta estatu kideek Batasunaren Zuzenbidea aplikatuz onartutakoak); ondorioz, egintza horiek interpretatu edo berrikusi behar direnean baino ez dira garrantzitsuak auzitegietarako.Hala eta guztiz ere, ez dute sortzen Batasunaren instituzioen edo estatu kideen agintarien ekintza positiboei buruzko berehalako eskubiderik; hori bat dator hala Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin (ikus bereziki Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 191. artikuluaren 2. paragrafoan bildutako «kautelazko printzipioa»):Lehen Auzialdiko Auzitegiaren 2002ko irailaren 11ko epaia, T-13/99 gaian, Pfizer Kontseiluaren aurka, aurreko jurisprudentziari buruzko aipamen ugari dituena, bai eta nekazaritza-arloko legeriaren printzipioei buruzko 33. artikuluari (lehen 39. artikulua) buruzko epai-sorta bat ere, honako hau adibidez: Justizia Auzitegiaren epaia, 265/85 gaia, Van den Berg, 1987 Bild., 1155. or.: merkatuak egonkor bihurtzeari eta bidezko konfiantzari buruzko printzipioaren kontrola), nola estatu kideetako konstituzio_sistemek «printzipioekiko» duten planteamenduarekin, batez ere Zuzenbide sozialaren eremuan.Argibide gisa, 25, 26 eta 37. artikuluek, besteak beste, biltzen dituzte Gutunak aitortutako printzipioen adibideak.Kasu jakin batzuetan, Gutunaren artikulu batek zuzenbide baten eta printzipio baten elementuak bil ditzake; adibidez, 23, 33 eta 34. artikuluek.

Artikuluaren 6. paragrafoa bat dator estatu kide bakoitzeko legeak eta jokaerak, subsidiariotasuna xede, aipatzen dituzten Gutunaren artikuluekin.

Azalpena, 53. artikuluari buruzkoa — Babes-maila

Xedapen honek hau du xede: Batasunaren Zuzenbideak, estatu kideetako Zuzenbideak eta Nazioarteko Zuzenbideak dagozkien aplikazio-eremuetan egun eskaintzen duten babes-mailari eustea. GEEH aipatzen da, oso garrantzitsua baita.

Azalpena, 54. artikuluari buruzkoa — Eskubideaz abusatzeko debekua

Artikulu hau bat dator GEEHren 17. artikuluarekin; honela dio artikulu horrek:

«Jarduera edo egintza batek hitzarmen honetan aitortutako eskubideak edo askatasunak suntsitzekotan, edo eskubide edo askatasun horiei hitzarmen honetan jasotakoak baino murrizketa handiagoak eragitekotan, hitzarmen honetako xedapenetarik bat ere ezin izango da interpretatu, Estatu, talde edo gizabanako bati jarduera horretan aritzeko edo egintza hori burutzeko bestelako eskubiderik dakarkiolako ustean.»

(*) Argitaratzailearen oharra: Tratatuen artikuluen zenbakien erreferentziak eguneratu egin dira eta oker material batzuk zuzendu.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra