Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Prozedura zuzenbidea  >>  Legeria

29/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoarena

2015-07-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/31, 182. zk.

bcl_468999040.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8564 29/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko lege honek Prozedura Zibilaren Legearen (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) azken xedapenetatik hogeigarrenean jasota dagoen eta 1985ean Botere Judizialaren Lege Organikoa aldarrikatu zenetik egiteke egon den agindua betetzen du. Ase da, beraz, Espainian arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko araudi moderno bat ezartzeko premia.

Indarrean dauden nazioarteko tratatu eta akordio anitzen eta Europar Batasuneko xedapen ugariren bidez adostutako nazioarteko hartu-emanen esparru konplexuan sartuta egonik, nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko legeek izaera subsidiarioa izan behar dute. Izaera hori 2.a) artikuluan ageri da. Izan ere, Europar Batasuneko zuzenbidearen nagusitasuna kontuan hartuta, Europar Batasuneko arauek eta Espainia partaide duten nazioarteko tratatu eta akordioek arlo horretan ezarritakoa aplikatzeari ematen zaio lehentasuna. Espezialitate-printzipioa, berriz, 2.b) artikuluan ageri da. Arau sektorial espezifikoei lehentasuna emateko aukera ematen du; adibidez, Konkurtsoari buruzko Legean (uztailaren 9ko 22/2003 Legea) , Nazioarteko Adopzioari buruzko Legean (abenduaren 28ko 54/2007 Legea) , Erregistro Zibilari buruzko Legean (uztailaren 21eko 20/2011 Legea) , eta Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu bateginean (azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitakoa, martxoaren 27ko 3/2014 Legeak aldatu ondoren) eta haren lege osagarrietan jasotako arauei. Testuinguru horretan, hau bezalako neurriek segurtasun juridikoa eta ziurtasuna ematen diote nazioarteko lankidetza juridikoaren arloari.

Dena den, lege honen esparru objektiboa mugatu egin behar da. Araudi sektorial espezifikoagoak aipatzen direnez eta arau hau esparru orokorrekoa izanik, lege honek ez ditu arautzen honako hauek errazteko lankidetza-ekintzak: demanden aurkezpena, atzerriko konkurtso-prozesuak, nazioarteko doako laguntza juridikoa, elikagaiak eskuratzeko eskaerak edo adingabeen nazioarteko lapurreta, lege-araudi espezifiko eta espezializatuak egokiagoak direlako horietarako. Hala ere, era subsidiarioan aplikatuko litzateke araudi hau gai horietan.

Gauza bera gertatzen da karrerako funtzionario diplomatiko eta kontsularren edo legez horretarako baimena duten bestelako pertsonen justizia-administrazioko funtzio osagarriak arautzen dituzten arauekin. Espainiako funtzionarioen eskumenak eta atzerriko funtzionario espainiarrek eta Espainiako atzerriko agenteek baliatzen dituzten eskumen horien baldintzak argitzeko ere sortu da legea, baina oinarrizkoa eta esparru orokorrekoa denez, legeria berezi eta zehaztuago batean arautuko dira alderdi horiek.

Estatuen eta haien ondasunen immunitate jurisdikzionalei buruzko 2004ko abenduaren 2ko Nazio Batuen Konbentzioak, Espainiak 2011ko irailaren 21ean berretsi zuenak, onargarritzat jotzen dituen kasuak izan litezkeen estatuen aurkako demandak ere ez dira

garatuko lege honen prozesu espezifiko gisa. Atzerriko estatuen aurkako balizko epatze eta jakinarazpen judizialetan zer egin besterik ez da argitzen.

Nazioarteko lankidetza juridikoaren kontzeptua oso modu zabalean erabili da lege honetan. Horri esker, adierazitako kontzeptuekin zerikusirik ez duten eta beste araudi batzuetan –adibidez, Prozedura Zibilaren Legean edo Botere Judizialaren Lege Organikoan– jaso izan diren gaiak sartzen dira lege honetan, hala nola auzibitartea eta nazioarteko lotura, epaien aitortzea eta betearazpena, edota atzerriko zuzenbidearen informazioa eta froga.

II

Lege hau arlo zibilean eta merkataritzakoan aplikatzen da, jurisdikzio-organoaren izaera edozein dela ere, delituaren ondoriozko erantzukizun zibila eta lan-kontratuak barne hartuta; halaber, nazioarteko lankidetza juridikoa, baita elkarrekikotasunik ez dagoenean ere, zabal garatzearen aldeko printzipio orokorra du oinarri, baina nazioarteko lankidetza juridikoa ukatzeko aukera ere aurreikusten du, lankidetza behin eta berriz ukatzen denerako edota hori ematea legez debekatuta dagoenerako. Era horretan, herritarrek euren eskubideak bermatuta eta babestuta izateko dauzkaten interesak lehenesten dira, baita benetako babes judizialerako eskubideari dagokionez ere, estatu jakin batzuek elkarlanerako jarrera handiagoa edo txikiagoa izatea alde batera utzita. Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da elkarrekikotasuna eskaintzea jardunbide egokia dela beti. Premisa horiek bere egiten dute, horrenbestez, nazioarteko zuzenbide orokorretik datorren lankidetzarako betebehar orokorra.

Nazioarteko lankidetza juridikoaren munduan zuzeneko komunikazio judizialek zer garrantzi duten eta izango duten ikusita, legeak gaikuntza ematen die Espainiako organo jurisdikzional guztiei bitartekotzarik gabe komunikatzeko beste estatu batzuetako organo jurisdikzionalekin, betiere bi estatuetako antolamendu juridikoari eta independentzia judizialari zor zaien errespetuak ezarritako mugen barruan. Gure ordenamendu juridikoan badaude jada zuzeneko komunikazio judizialak egiteko aukera antolatzen duten araudiak; besteak beste, Kontseiluaren 2003ko azaroaren 27ko 2201/2003 (EE) Erregelamenduaren (ezkontza-gaiaren eta guraso-erantzukizunaren inguruko ebazpen judizialen eskumen, aitorpen eta gauzatzeari buruzkoa eta 1347/2000 Erregelamendua (EE) indargabetzen duena) 11.6, 11.7 eta 15. artikuluak, eta 1996ko urriaren 19ko Hagako Hitzarmenaren (guraso-erantzukizunaren eta haurren babes-neurrien lege eskumenari, lege aplikagarriari, aitorpenari, gauzatzeari eta babes-neurriei buruzkoa) 8., 9. eta 31. artikuluak. Hori dela eta, arau-oinarri gaitzailea –izaera orokorrekoa, behintzat– eman behar zaie jada zuzeneko komunikazio judizialei. Gaiaren gaineko egungo egoera Hagako Hitzarmenak argitaratutako Gida Orientatzailean dago azalduta. Zehazki, Hagako Hitzarmeneko Epaileen Nazioarteko Sarearen garapenari eta komunikazio judizialetarako printzipio orokorrei buruzkoa da, bai eta, kasu espezifikoetarako oro har onartutako babesetarako printzipio orokorrei buruzkoa ere, Hagako Hitzarmenaren Epaileen Nazioarteko Sarearen testuinguruan.

III

Legearen I. tituluan, nazioarteko lankidetza juridikoaren araubide orokorra arautzen da. Hain zuzen, dokumentu judizialak jakinarazteko eta helarazteko prozesuei zein frogak lortu eta gauzatzeko lankidetza judizialerako eskaerei aplikatzen zaie araubide hori. Nazioarteko lankidetza juridikoak gaur egun berezkoa duen konplexutasun teknikoari erantzuteko, Justizia Ministerioa izendatzen da Espainiako agintaritza nagusi. Kontzentrazio-printzipio baliagarri hori egon badago jada Espainiako barne-araudian. Izan ere, Erregistro Zibilari buruzko Legeak (uztailaren 21eko 20/2011 Legea) , esate baterako, antzeko arrazoiengatik, Erregistroaren Bulego Zentrala izendatzen du nazioarteko lankidetzaren arloko agintaritza arduradun lege horren mendeko gai guztiei dagokienez. Justizia Ministerioak agintari nagusi gisa zer eginkizun dituen legearen 8. artikuluan dago azalduta eta, neurri handi batean, eginkizunok bat datoz nazioarteko tratatu eta hitzarmenetan zein Europar Batasuneko arauetan aitortuta dituenekin. Horrez gain, eginkizunok erraztu egin behar

dute nazioarteko lankidetza juridikoa, bai Espainiako agintariek eskatzen dutenean, bai Espainiako agintariei eskatzen dietenean.

Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoaren eremuan, lege honek barneko hutsune bat bete nahi du (Espainian ez baitago sektore honetako lege-araubiderik) , dokumentu judizialak eta auzibidetik kanpokoak komunikatzeko egintzei zein frogak gauzatu eta eskuratzeari aplikatu ahal izateko. Ideia orokorra da, izan ere, nazioarteko lankidetza juridikoaren araubide orokorra diseinatu behar dela organo jurisdikzionalei justizia administratzeko eginkizunean lana errazteko bitarteko eraginkorra izan dadin, era horretan benetako babes judiziala nazioartean ere eraginkorra izatearren.

Indarrean den nazioarteko lankidetza juridikoaren barneko araubide erkidea honako hauetan dago aurreikusita: Prozedura Zibilaren Legearen 177. artikuluan, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 276-278 artikuluetan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Akordioaren IV. tituluko II. kapituluan (2005eko irailaren 15ekoa, jarduketa judizialetako alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onesten duena, 74-80 artikuluetan) .

Lege honek, beharrezko diren egokitzapenak eginda, adierazitako araudi hori barne hartzen eta zehazten du, eta era horretan eraginkortasunez betetzen du Prozedura Zibilaren Legearen 177. artikuluak egindako lege-igorpena. Artikulu horrek bi gai hauek lantzen ditu, zehazki: nazioarteko lankidetza judiziala eta atzerrian jarduketa judizialak gauzatzeko aplikatu beharreko Europar Batasuneko araudirik zein nazioarteko trataturik ezean aplikatu beharreko barne-legeria, baita atzerriko agintari judizialek Espainiako organo judizialen lankidetza eskatzen dutenean ere.

Lege honek lehenagoko egoera hobetzen du. Lehen, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 276. artikulua hartzen zen oinarri Espainiako jurisdikzio-organoek laguntza judizial aktiboa eskatzean, eta lege bereko 277. eta 278. artikuluak atzerriko jurisdikzioorganoek laguntza judizial pasiboa eskatzean. Hortaz, hainbat urtetako beharrari erantzun zaio.

I. tituluko I. kapituluko arauak jakinarazpenen eta frogen lorpenaren arloko lankidetza juridikoan aplikatzen diren berberak dira. Arau horietan igortzeko bideak deskribatzen dira; baina kasu zehatzetan horietako bat edo beste bat aukeratzea eskaera egiten edo jasotzen duen atzerriko estatuko legerian xedatutakoaren mende egongo da, azken batean. Halaber, eskaerek izan behar duten gutxieneko edukia ezartzen da eta, horiei dagokienez, legez finkatutako edukia eta eskakizunak dituztela egiaztatuko du Espainiako agintaritza nagusiak; hortaz, eskaerak 10. artikuluan aurreikusitako eskakizunak betetzen ez dituenean, eskaera egin duen agintaritzari itzuliko dio, horren zergatia zehatz-mehatz azalduta. Legeak hizkuntza eta izapideak ere lantzen ditu; azken horiek aldatzen dira eskaera jasotzen dutenak Espainiako edo atzerriko agintariak diren; eta zehaztu egiten du, halaber, Espainiako agintariei zuzendutako eskaerak Espainiako arau prozesalen arabera gauzatuko direla, eta salbuespenez bakarrik, eta atzerriko agintarien eskariz, baino ez direla prozedura bereziak onartuko, betiere Espainiako legeriarekin bateragarriak badira eta egingarriak badira. Ukatzeko arrazoiak ere zehazten dira, eskaera betearaztea ukatzeko, arrazoietan oinarritutako ebazpena eman beharra dagoela ere xedatuta.

Espainiako funtzionario kontsularrek eta diplomatikoek eginbide prozesalak atzerrian gauzatzeari ere heltzen dio legeak, eta nazioarteko lankidetza juridikoaren alderdi osagarriak ere jorratzen ditu, lankidetzako eginbideak gauzatzeko egokiak diren bitarteko teknologiko guztiak erabiltzeko aukera ematen baitu, baina zehazten du gastuak agintaritza errekeritzailearen kontura izango direla; halere, nazioarteko lankidetza juridikoaren eskaera egin duen alderdiari jasanarazi ahal izango dizkio gastu horiek. Espainiako agintaritza nagusiak inola ere ez du gasturik bere gain hartuko jasotzen dituen lankidetza-eskaeren ondorioz, eta funts-hornidura ere eskatu ahal izango du elkarlanean ari den atzerriko agintaritzak ordainketarik eskatzen badio eskariarekin lotuta.

IV

I. tituluko II., III. eta IV. kapituluetan eskakizun bereziak daude araututa dokumentu judizialak eta auzibidetik kanpoko dokumentuak jakinaraztearen arloari zein frogak

eskuratzeari dagokienez, hurrenez hurren. Araudia sinplifikatu egin dela nabari da, esate baterako, atzerrian agiriak komunikatzeko, jakinarazteko eta helarazteko bideak hautatzean. Horrez gain, Espainiako agintariek zuzenean bidal diezazkiekete hartzaileei komunikazioak, hartu-agiridun gutun ziurtatu bidez edo hartu izana jasota uzten duen antzeko beste moduren batez. Aukera hori gehitu da jakinarazpena errazteko eta haren kostuak murrizteko, eta 25. artikuluan hizkuntzari buruz xedatutakoarekin ere lotuta dago. Izan ere, agiriak hartzaileak ulertzen duen hizkuntza batean igor daitezke, estatu errekerituko hizkuntza ofiziala izan ez arren. Aurreikuspen horiek ez dute zertan zailtasunik ekarri Espainiako erabakia gerora atzerrian ezagutu eta gauzatu dezaten, betiere, alderdiak, ohikoa izaten denez, Espainiako prozesuan agertu eta parte hartuz gero. Aurreikusi dira, orobat, demandatua agertzen ez den kasuak eta horrelako kasuetan defentsarako eskubideak babestea. Atzerriko estatuetara zuzendutako jakinarazpenegintzei dagokienez, gainera, arau berezi bat sartu da 27. artikuluan, eta auzibidetik kanpoko agiriak jakinarazi eta helarazteko egintzak ere arautu dira III. kapituluan. Atzerrian frogak gauzatzeari eta lortzeari buruzko arau bereziak jasotzen ditu IV. kapituluak, atzerrian sinpletasuneta subsidiariotasun-irizpideak hartzen baitira oinarri, jardueraren prozedura, edukia eta eskakizunak zehaztuta.

Nazioarteko lankidetza juridikoaren araubide orokorraren barruan, datu pertsonalen babesaren inguruko arazo espezifikoei erantzuteko araua egin da, proportzionaltasunprintzipioaren eta minimizazio-printzipioaren arteko zentzuzko oreka lortzeko, eta baita nazioarteko trafiko judizialak behar duen arintasuna arriskuan jar dezaketen gehiegizko murrizketa eta estandarrak saihesteko beharrari erantzuteko ere. Proposatutako arauan jasota dago, halaber, nazioarteko lankidetza juridikoko egintza guztiek igorritako datu pertsonalak erabiltzeko mugei buruzko informazio argia eduki behar dutela.

V

Atzerriko zuzenbideko frogaren arloan, ez deritzogu komenigarri Prozedura Zibilaren Legearen (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) ostean indarrean dagoen Espainiako sistema aldatzeari; alabaina, gure ustez, zuhurra da zehaztea Espainiako zuzenbidea aplikatu ahal izango dela, alderdiek atzerriko zuzenbidearen edukia eta indarra egiaztatzerik ez dutenean, era horretan demanda ezetsiz gero bidegabea izan zitekeen justizia-ukatzea saihestearren, eta benetako babes judiziala bilatzeko.

Atzerriko zuzenbideko alegazioeta froga-sistemaren alderdi eztabaidagarrienetako batean eragin nahi izan dugu horrela. Gure sistema mistoa da, hau da, uztartu egiten ditu alderdiak eskatutako alegazioaren eta frogaren printzipioa zein auzitegiak froga hori osatzeko aukera, hartarako beharrezko iritzitako ikerketa-bitarteko guztiak baliatuta. Orain arte ez zegoen zehaztuta nola jokatu behar zen atzerriko zuzenbidea egiaztatzerik izan ez den kasuetan. Auzitegietako praktikan funtsean bi irtenbide proposatu izan dituzte, demanda ezestea eta lex fori deritzona aplikatzea. Testu honek azken irtenbide horren alde egiten du, gure sisteman ohikoa delako, bai eta inguruko nazioarteko zuzenbide pribatuko sistemetan ere. Irtenbide hori da, gainera, konstituzio-jurisprudentziara gehien egokitzen dena, horretatik ondorioztatzen baita demanda ezesteak kasu jakin batzuetan benetako babes judizialerako eskubidea urratuko lukeela.

Ulertu behar da prozesu judizial baten barruan ezohikoa dela atzerriko zuzenbidearen frogarik eza, eta alderdiek atzerriko zuzenbidea frogatzea lortzen ez dutenean baino ez da gertatuko; betiere auzitegia, eduki hori egiaztatzen, elkarlanean aritu daitekeela ahaztu gabe. Horrez gain, errespetatu egin har dira lege berezietan bestelako irtenbideak –berdinak edo askotarikoak– aurreikusten dituzten sistema espezifikoak, erreferentzia eginez, esaterako, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudiari zein erregistro zibilari buruzko araudiari.

Halaber, lege honetan, egindako frogaren froga-balioaren interpretazioa argitzen da kritika onaren irizpideei jarraikiz, eta gaiari buruzko peritu-txostenen balioa zehazten da.

VI

Atzerriko zuzenbideari buruzko informazioari dagokionez, hartutako sistema Estatuko eta nazioarteko araudiaren subsidiarioa da. Horrek, bada, sistemaren aplikazio eraginkorra baldintzatuko du, baldin eta kontuan hartzen baditugu Europar Batasunean indarrean dauden tresnak (Londresko 1968ko ekainaren 7ko hitzarmen aldeaniztuna –Estrasburgon 1978ko martxoaren 15ean egindako protokolo gehigarria barne– eta Montevideoko 1979ko maiatzaren 8ko hitzarmen aldeaniztuna) , eta Espainiak parte hartzen duen eta gaiari buruzko aurreikuspenak jasotzen dituzten aldebiko hitzarmenak (adibidez, Marokorekin 1997ko maiatzaren 30ean eginiko aldebiko hitzarmena, eman beharreko informazioa eta bideak oso zehatz arautzen dituena) . Eta komunikazioa ahalik eta era onenean egiten da izendatutako agintaritza nagusien bitartez. Horregatik, hain zuzen ere, prozesu gaitzaile baina aldi berean sinple eta erraza arautzen da, erantzun hipotetiko bat eskuratzeko aukera eman dezan.

Organo judizialek zein notario eta erregistratzaileek atzerriko zuzenbideari buruz egiten dituzten informazio-eskaerak arautzen dira 35. artikuluan, esaterako. Arlo horretan ez dugu itxaropen faltsurik sortu behar, araudia hitzarmenezko edo Europako araurik ezean aplikatzen baita, eta ez baitago bermatuta atzerriko agintariak informazio hori ematea onartuko dutenik.

VII

Nazioarteko auzibitartearen eta loturaren arloko irizpide egokiak definitzea ezinbestekoa da, eta alderdiei segurtasun juridikoa eta aurreikusgarritasuna eman behar die. Estatu ezberdinetan prozesu paraleloak egotearen ondorioz, ebazpen kontraesankorrak emateko aukera dago, besteak beste. Lege honek kontu horri heltzen dio eta mekanismo ustez erraz eta eraginkorra ematen du Europar Batasuneko araudiaren joerekin bat etorriz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 12ko 1215/2012 Erregelamendu (EB) berriak (gai zibileko eta merkataritzako ebazpen judizialen eskumen judizialari, aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa) hirugarren estatuetako organo jurisdikzionalen aurrean ebatzi gabe dauden prozesuen kasuetarako emandako irizpideak, hortaz, onargarriak dira, oro har, aipatutako tresna horretan jaso gabeko gaietarako.

Argitu behar dugu, halere, aipatutako erregelamenduak hirugarren estatuekin lotuta auzibitarteari eta loturari buruzko arauak sartzeak ekarriko duela horiek lehentasunarekin aplikatzea testu honetan jasotako arauen gainean. Horrenbestez, lege honetan jasotako xedapenak erregelamendu horrek arautu gabeko gaiei aplikatuko zaizkie, hots, bereziki pertsonaren, familiaren, oinordetzen eta konkurtsoaren arloko zuzenbideko gaiei.

Auzibitartearen salbuespena 39. artikuluan arautzen da. Nabarmendu behar dugu salbuespena hautematea hautazkoa dela, arauak oinarri hartzen duen Europako Batasuneko erregelamenduan gertatzen den moduan. Hori egokia da eta justifikaturik dago, loturarik ez dagoen hirugarren estatu batean prozesu baten konkurrentzia baloratzea baita xedea. Hori dela eta, salbuespena hautemateko, hainbat baldintza metatu beharko dira; besteak beste, atzerriko organoak arrazoizko foro baten bidez gaiaz arduratzea, edota organo horrek emandako ebazpena, halakorik badago, Espainian onartzeko modukoa izatea. Azkenik, eskatzen da Espainiako organo jurisdikzionalak ondorioztatu behar duela Espainian hasitako prozedura etetea beharrezkoa dela justizia behar bezala administratzeko. Etetea altxatzeko (manuaren bigarren zenbakian aurreikusita) antzeko eskakizunak ere bete beharko dira, baina oraingoan ez dira metagarriak, aukeratzekoak baizik (dena delako hirugarren estatuan prozedura amaitzea edo etetea; prozedura arrazoizko epean bukatzea ez dela oso gertagarria uste izatea edo prozedura jarraitzea beharrezkotzat jotzea justizia behar bezala administratzeko) .

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 12ko 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren hitzaurreak behar bezalako justizia-administrazioa emateari buruzko azken eskakizun horren zentzua zehazten du 24. zenbakian. Horrela bada, kasuaren inguruabar guztien balorazioa egin behar dela adierazten du, zehazki hauek nabarmenduta: gaiaren egitateen eta alderdien eta dena delako hirugarren estatuaren

arteko loturak (gai hori, halere, testu honetako 39. artikuluko a) letran jasotako aurreikuspenen arabera baloratuko da, horrek ez baitu parekorik erregelamenduaren testuan) , prozedura hirugarren estatu horretan duen fasea eta arrazoizko epearen barruan ebazpena ematea aurreikus daitekeen.

VIII

Exequatur deritzonaren prozesu judiziala testuaren funtsezko piezetako bat da, baita gure barne-legerian erreforma gehien behar duten arloetako bat ere. Indarrean dagoen Prozedura Zibilaren Legeak (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) indargabetu egin zuen aurreko Prozedura Zibilaren Legea (1881eko otsailaren 3ko Errege Dekretu bidez onartutakoa) , beste arau batzuekin batera 951-958 artikuluak salbuetsita. Atzerriko organo jurisdikzionalek emandako epaiek Espainian duten eraginkortasunari buruzko artikulu horiek, izan ere, indarrean jarraitu zuten, harik eta Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoari buruzko Legea indarrean jarri arte.

1881eko Prozedura Zibilaren Legearen 951-958 artikuluen oraingo diseinua ez dago koordinaturik Auzitegi Goreneko jurisprudentziarekin, halako manuen hitzez hitzeko edukia gainditu baitu, ezta lege berezi modernoekin edo eskumen handieneko doktrinarekin ere. Exequatur deritzonaren prozesu judizial berria diseinatzeko gaur egungo doktrina-joerak ez ezik, lege-zehaztapen berrienak ere hartu dira kontuan. Azken horiek, adibide moduan, Europar Batasuneko araudia dute oinarri, baita gure azkenaldiko araudiaren adibide zehatz batzuk ere, honako testu hauetan jasota daudenak, besteak beste: Konkurtsoari buruzko Legea (uztailaren 9ko 22/2003 Legea) , Nazioarteko Adopzioari buruzko Legea (abenduaren 28ko 54/2007 Legea) eta Erregistro Zibilari buruzko Legea (uztailaren 21eko 20/2011 Legea) .

V. tituluko arauen bidez, erabat berrikusi da atzerriko erabakiak aitortzearen eta gauzatzearen sektorea, eta berrikuspen hori, gure iritziz, bereziki egokia da ondoren azalduko dugunagatik. Lehenik, eremu bereziki garrantzitsua da, Europar Batasuneko tratatu eta erregelamenduetan elkarrekikotasun-printzipioak agintzen duela kontuan hartuta; horrenbestez, aipatutako instrumentu horietan parte hartzen duten estatuetatik datozen eta instrumentuen barruan jasotako gaiei buruzko ebazpen judizialei baino ez zaizkie aplikagarri. Hortaz, oso maiz gertatuko da barneko araudia aplikatu beharra. Aipatutako araudiak, gaur egun 1881eko Prozedura Zibilaren Legearen 951. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoenak, zaharkituta eta jurisprudentziak gaindituta dauden planteamenduak ditu oinarri. Hori dela eta, arau-sektore honek zinez behar du erregulazio modernoa, Espainiakoa bezalako gizarte ireki baten premiei egokitua, kanpoko harremanak jada ez baitira fenomeno bakan eta ezohiko bat. V. tituluan exequatur prozedurari eutsi egiten zaio prozedura berezi modura, atzerriko ebazpen judizial bat aitortzen dela, xede nagusiz, deklaratzeko eta, hala badagokio, haren gauzapena baimentzeko. Hori ez dator bat Europar Batasuneko erregelamenduetan xedatutakoarekin, eta egoki deritzogu jarrera horri, testu honetan jasotako araubidea gurearekin loturarik ez daukaten herrialdeetatik datozen ebazpenei aplikatzen baitzaie. Hortaz, haien organo jurisdikzionalek hartutako erabakiei balioa eman aurretik, komenigarria da nolabaiteko zuhurtasunez jokatzea.

Argitu egiten dira terminologia eta kontzeptuak, zehaztu egiten dira aitortu eta gauzatu ahal diren ebazpenak eta haien ondorioak zein diren, eta atzerriko ebazpenak zati batez eta intzidentalki aitortu eta gauzatzeko zein haiek aldatzeko kontuei heltzen zaie. Exequatur deritzonaz diseinatutako prozesuak oraingoaren gabezia prozesal guztiak konpontzen ditu. Prozesu hori, dena den, nazioarteko zein barneko arauen subsidiarioa izango da beti.

Atzerriko ebazpen bat modu intzidental batez aitortzeari dagokionez, Prozedura Zibilaren Legearen 388. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz intzidente bat irekitzeari erreferentzia egitea saihestu dugu 44.2 artikuluan, era horretan prozedura bakoitzaren barruan aitortze intzidentala lege prozesalen arabera azkar eta errazago egin ahal izan dadin. Izan ere, aipatutako 388. artikuluan eta hurrengoetan jasotako prozesu intzidentala beste gai batzuetarako diseinaturik dagoela dirudi. Hori horrela, prozesu hori erabiltzeak prozesu ireki baten barruan exequatur bat txertatzea ekarriko zuen, baina, egiaz, irtenbidea errazagoa izan daiteke, normalean aitortzea planteatzen baita uzi nagusia

baiesteko edo ezesteko oinarritzat; horrenbestez, epaiak zehaztuko du dokumentuak nahi duena frogatzeko gaitasunik duen. Kontua bada prozesuko salbuespen bat aldez aurretik konpontzea, une horretan dokumentuak uziak frogatzeko zer gaitasun duen ere azter daiteke.

Lehen aldiz arautzen da atzerriko epaian dauden eta Espainiako ordenamenduan ezezagunak diren neurriak egokitzeko beharra. Kasu horretan, 44.4 artikuluan xedatzen den moduan, Espainiako zuzenbidearen berezko neurri bat hartuko da. Neurri horrek jatorrizkoaren antzeko ondorioak izango ditu, baita antzeko helburu edo interesak ere. Egokitzapenak, halere, ezingo ditu eduki jatorrizko estatuko zuzenbidean xedatutakoak baino ondorio gehiago. Kontu delikatua eta zaila dela kontuan hartuta, edozein alderdik aurkaratu ahal izango du egindako egokitzapena.

Izaeragatik aldatzeko modukoak diren gaiei buruzko atzerriko ebazpen irmoei edo behin betikoei dagokienez –hala nola elikagaien prestazioak, adingabeen zaintza eta jagoletzari buruzko erabakiak edo adingabeak eta ezgaiak babesteko neurriak jorratzen dituzten ebazpenen gainean–, 45. artikuluan berariaz ezarri da halako ebazpenak aldatu ahal izango direla xede nagusiz edo intzidentalaz aitortu aurretik. Xedapen horrek ez du eragozten, halere, Espainiako organo jurisdikzionalen aurreko deklarazio-prozesu batean demanda berri bat aurkeztea; azken batean, alderdiei dagokie bi aukeretako bat hartzea, atzerriko epaia aldatzea edota prozedura berri bat irekitzea.

Atzerriko ebazpen judizialak eta atzerriko transakzio judizialak aitortzea ukatzeko arrazoiak 46. artikuluan daude ezarrita. Ohiko arrazoiak dira. Ordena publikoaren esparruan, artikuluetan familiaren edo adingabeen arloko prozesuetan horrek zer berezitasun dituen jasota ez badago ere, zehaztu behar dugu argi dagoela ebazpenak adingabeei eragiten badie ordena publikoa baloratu beharko dela adingabearen interes nagusia kontuan hartuta; hori horrela, exequatur deritzona ukatzearen ondoreetarako, ebazpenak adingabeei eragiten badie eta, premiazko kasuetan izan ezik, adingabeari entzunaldirako aukerarik eman gabe, hau da, Espainiako prozeduraren funtsezko printzipioak urratuta, eman badute, ez dela exequaturrik egongo ebaluatu ahal izango da.

Halaber, b) eta c) letretan jasotako manuak ere nabarmendu behar ditugu. Horietan lehena, b) letra, alderdien defentsarako eskubideak urratzeari buruzkoa da. Gai hori, teknikoki, a) letran ageri den ordena publikoaren kontzeptuaren barruan sar liteke. Dena den, erreferentzia hori, ondore didaktikoekin, egitea baliagarria dela jotzen dugu. Egokia da, orobat, jarraian xedatzea auzi-ihesean emandako erabakia bada ulertuko dela demandatuaren defentsarako eskubideak urratu direla, baldin eta, demanda jarri izana ez bada ohiko moduan eta behar besteko denboraz jakinarazi. Horri dagokionez, araua Europar Batasuneko erregelamenduetan jasotakoa baino zorrotzagoa da, azken horiek ez baitute eskatzen jakinarazpena egiteko ohiko modu formalik egotea. Hori egokia da, xedapen hori aplikatuko baita Europako erregelamendurik edo nazioarteko hitzarmenik indarrean ez dagoenean.

46.artikuluko c) letrak jatorrizko epailearen eskumenaren kontrola deitutakoa arautzen du. Hau da, kontrol horren bidez egiaztatu nahi da aitortzea eskatzen duen ebazpena eman zuen agintariaren eta ebazpenari dagokion gaiaren artean arrazoizko loturarik dagoela, eta ez dela jo behar haren eskumena Espainiako epaileek eta auzitegiek baino ez dutela. Jarraibide bat ematen da arrazoizko lotura dagoen zehazteko, Espainiako nazioarteko zuzenbide prozesal zibilean ezarritako foroen bilateralizazioaren bidez; azken hori, bestalde, behar bezain malgua da, aski baita jatorrizko auzitegia gure legerian aurreikusitakoen antzeko lotura-irizpideak erabiliz arduratu izana dena delako auziaz.

Ekintza kolektiboen ondoriozko prozeduretan emandako atzerriko ebazpenak aitortzearen arloko arau berezi bat ere jaso dugu, horrelakoak gero eta sarriagoak direla kontuan hartuta. Aipatutako ebazpen horiek Espainian aitortu eta betearazi daitezkeela hartzen da oinarri, betiere zuhurtasun gehigarri batzuk hartuta. Hala bada, 47. artikuluak ekintza kolektiboak aipatzeaz gain, gure ordenamenduan parekorik ez duten «class actions» batzuei aurre egiteko tresna baliagarri batzuk ere ematen ditu. Prozesu kolektiboetan emandako erabakiak aitortzea jatorrizko epailearen eskumenaren kontrol zorrotzago baten mende egongo da. Izan ere, atzerriko agintaritza jurisdikzionala auziaz

arduratzeko baliatutako eskumen-foroak Espainiako legerian aurreikusitakoen baliokideak izatea eskatzen da, eta ez da aski antzekoak bakarrik izatea.

48.eta 49. artikuluetan, aplikatutako legearen funtsa eta kontrola berrikustea debekatzen da, baina aukera ematen da partzialki aitortzeko, ordea. Gure inguruko herrialdeetan atzerriko erabakiak aitortzeko eta betearazteko sistemetako ohiko arauak dira, eta ez dute arazorik planteatzen.

Ebazpenak zein transakzio judizialak betearazteari buruzkoa da III. kapitulua. Argi eta garbi xedatzen da 50. artikuluan, halaber, horretarako aldez aurretik exequatur deritzona eskuratu beharra dagoela, eta gainerakoan Prozedura Zibilaren Legearen xedapenetara bidaltzen gaitu. Bereziki argigarria da zehaztea betearazteko ekintzaren iraungipenari ere aplikatzen zaiola Prozedura Zibilaren Legea.

IV. kapituluak exequatur deritzonaren prozedura arautzen du, eskumen-arauak eta doako laguntza juridikoa ezartzen ditu eta prozesua zein onar daitezkeen errekurtsoak zehazten ditu. Eskumen-arauak zehatzak dira eta ez dakarte funtsezko aldaketarik orain indarrean daudenetan.

Nazioarteko lankidetza juridikoak auzibidetik kanpoko eremuari ere heldu behar dio, harreman juridiko ekonomikoen eta familiarren normaltasunaren adierazle baita. Horregatik, hain zuzen, lege honen artikulu batzuk dokumentu publikoak –notarialak, bereziki– betearazi eta jakinarazteari buruzkoak dira, baita merkataritzaren eta ondasun higigarrien Espainiako erregistro publikoetan atzerriko tituluak inskribatzeari buruzkoak ere.

Dokumentu publikoak –notarialak, bereziki– nazioarteko lankidetza juridikoaren zutabe bat dira, Europar Batasuneko zuzenbide pribatuaren adierazpen ezberdinetan eta, oro har, hirugarren herrialdeekiko trafiko zibil eta merkataritzakoan, sobera agerian geratzen den moduan.

Dokumentu publikoen zirkulaziorako joera horregatik, hain zuzen, eta legeak Europar Batasuneko tresnatik eta jurisprudentziatik hartutako definizio erkide bat aitortzen dien neurrian, notario bidez baimendutakoentzat zuzenean jakinarazi eta helarazteko bide bat ezarri behar du legeak. Era horretan, balio arauemailea ematen zaie ekonomia globalizatu batean zirkulazio zibilean eta merkataritzakoan jada sarriak diren jakinarazpenei.

Dokumentu publikoei dagokienez, legeak, batetik, jotzen du ez dela dokumentu publikoa aurrez aitortzeko prozedurarik behar baina, bestetik, jatorrizko herrialdean zer eraginkortasun duen baloratu beharko dela, han ondore baliokide bera gutxienez baduela ezartzeko. Edozelan ere, ebazpen judizialekin partekatzen duen parametroa da haien edukia ezin dela izan ordena publikoaren aurkakoa.

Egokitzeko arau bat ere aurreikusten da ezezagunak diren erakunde juridikoentzat.

44.4artikuluan jasotakoaren analogoa izango da arau hori. Espainiako notario eta funtzionario publikoek atzerriko dokumentu publikoak Espainian betearazten lagunduko dute. Hartarako, hala dagokionean, atzerriko erakunde juridiko ezezagunak egokituko dituzte, eta espresuki aurreikusiko da, halaber, aukera egongo dela egokitzearen kontra zuzenean organo jurisdikzional baten aurrean errekurritzeko.

Segurtasun juridikoaren funtsezko elementua da Espainiako erregistro publikoetan atzerriko ebazpen judizialak eta dokumentu publikoak inskribatzea. Erregistro-jarduera osoa Espainiako berariazko erregistro-legeen arabera zuzentzen da; Espainiako legegileari erreserbatutako eremua da, hortaz. Hari dagokio, horrenbestez, lege honetan egin bezala, jabetzako, merkataritzako eta ondasun higigarrien erregistratzailearen jarduera ezartzea aurkeztutako ebazpen judizialak (auzi-ebazpenak edo borondatezko jurisdikzioko prozeduretan emandakoak) intzidentalki aitortzearekin lotuta, dela ebazpen horiek inskribatzeko, irmoak edo behin betikoak direnean, dela haien idatzoharra egiteko, bestelako kasu batean. Nolanahi ere, inskripzioan interesa duenak aldez aurretik jo dezake ebazpena xede nagusiz aitortzera, ondoren inskripzioa egitea eskatzeko; azken hori, bestalde, Espainiako ebazpen judizialekin lotuta erregistroari buruz dagoen legeriaren arau orokorren arabera egingo da.

Legeak atzerriko tituluak egokitzea aurreikusten du. Teknika horren aplikazio espezifiko gisa, erregistratzaileak hori erabili ahal izango du Espainiako zuzenbidean ezagunak ez diren neurriak agintzen badituzte edota erakunde edo eskubide ezezagunak badituzte;

hala bada, horrelakoak, ahal den neurrian, Espainiako ordenamendu juridikoan aurreikusita dagoen edo ezaguna den neurri edo agindu batera egokituko dira, eta horrek ondore baliokideak izango ditu eta antzeko helburu eta interesak. Horrez gain, egokitzapen horrek ez ditu jatorrizko estatuko zuzenbidean xedatutakoak baino ondore gehiago izango, eta inskripzioaren aurretik, dena delako eskubidearen edo neurriaren titularrari jakinarazi beharko zaio egin beharreko egokitzapena. Nolanahi ere, egindako egokitzapena aurkaratzeko aukera egongo da. Atzerriko dokumentu publikoen inskripzioa aplikatu beharreko Espainiako berariazko legearen arabera gauzatuko da.

Halaber, azken xedapenetatik hirugarrenak Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legearen (uztailaren 6ko 5/2012 Legea) 27. artikulua aldatzen du. Azken xedapenetatik bigarrenak, berriz, Prozedura Zibilari buruzko Legea (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) aldatzen du erregelamendu hauetan xedatutakora egokitzeko: batetik, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 12ko 1015/2012 Erregelamenduan (EB) xedatutakora (gai zibileko eta merkataritzako ebazpen judizialen eskumen judizialari, aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa) ; eta bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 650/2012 (EB) Erregelamenduan xedatutakora (ebazpenen eskumenari, lege aplikagarriari, ebazpenen aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa, mortis causa oinordetzen gaian dokumentu publikoen onarpenari eta betearazpenari buruzkoa eta Europako oinordetza-ziurtagiria sortzeari buruzkoa) . Horrez gain, azken xedapenetik lehenak aurretik aipatutako ziurtagiria jasotzen duen Hipotekari buruzko Legea aldatuko du. Amaitzeko, azken xedapenetatik laugarrenaren bidez aldatu egingo da Estatuaren Atzerri Ekintza eta Zerbitzuaren Legea (martxoaren 25eko 2/2014 Legea) , Espainiaren kanpoko ordezkaritzek egindako edo bere gain hartutako dokumentu publikoen itzulpenen izaera ofiziala aitortzeko, edota Espainian dauden atzerriko ordezkaritzek beren estatuko dokumentu publikoen itzulpenena aitortzeko. Horri esker, erraztu egingo da herritarrek administrazio publikoekin duten harremana, bereziki, zati batez bada ere, atzerrian izapidetzen dituzten espedienteen edo prozeduren kasuan.

AURKIBIDEA

Atariko titulua. Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Iturriak.

3. artikulua. Lankidetzaren aldeko printzipio orokorra.

4. artikulua. Zuzeneko komunikazio judizialak.

I. titulua. Nazioarteko lankidetza juridikoaren araubide orokorra.

I. kapitulua. Xedapen orokorrak.

5. artikulua. Aplikazio-eremua.

6. artikulua. Ondoreak.

7. artikulua. Espainiako agintaritza nagusia.

8. artikulua. Espainiako agintaritza nagusiaren eginkizunak.

9. artikulua. Eskaerak igortzea.

10. artikulua. Lankidetza-eskaeren gutxieneko edukia eta eskakizunak.

11. artikulua. Hizkuntza.

12. artikulua. Izapideak.

13. artikulua. Betearazpen-prozedura.

14. artikulua. Ukatzearen arrazoiak.

15. artikulua. Espainiako funtzionario diplomatiko eta kontsularrek eginbide prozesalak gauzatzea.

16. artikulua. Epaileak, magistratuak, fiskalak, idazkari judizialak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak eta bestelako langileak atzerrira joatea.

17. artikulua. Baliabide teknikoak eta elektronikoak.

18. artikulua. Gastuak, kostuak eta doako laguntza juridikoa.

19. artikulua. Datuen babesaren arloko araudi orokorra.

II. kapitulua. Dokumentu judizialak jakinarazteko eta helarazteko egintzak.

20. artikulua. Aplikazio-eremua

21. artikulua. Atzerrira komunikatzeko, jakinarazteko eta helarazteko bideak.

22. artikulua. Espainian komunikatzeko, jakinarazteko eta helarazteko bideak.

23. artikulua. Jakinarazteko edo helarazteko data.

24. artikulua. Demandatua ez agertzea.

25. artikulua. Hizkuntza.

26. artikulua. Ziurtagiria.

27. artikulua. Atzerriko estatuei zuzendutako epatzeak eta komunikazio judizialak.

III.kapitulua. Auzibidetik kanpoko dokumentuak jakinarazteko eta helarazteko egintzak.

28. artikulua. Auzibidetik kanpoko dokumentuak.

IV. kapitulua. Frogak gauzatzea eta lortzea.

29. artikulua. Aplikazio-eremua.

30. artikulua. Eskaeraren edukia.

31. artikulua. Froga lortzeko eginbideak deskribatzea.

32. artikulua. Atzerriko agintari batek eskatutako froga Espainian gauzatzea.

II.titulua. Atzerriko zuzenbideko froga. 33. artikulua. Atzerriko zuzenbideko froga.

III. titulua. Atzerriko zuzenbideari buruzko informazioa.

34. artikulua. Informazio juridikoa.

35. artikulua. Atzerriko zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak.

36. artikulua. Espainiako zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak.

IV. titulua. Nazioarteko auzibitartea eta lotura.

I. kapitulua. Xedapen orokorrak.

37. artikulua. Ebazteke egotea.

38. artikulua. Prozedura.

II.kapitulua. Nazioarteko auzibitartea 39. artikulua. Nazioarteko auzibitartea.

III.kapitulua. Lotutako demandak.

40. artikulua. Lotutako demandak.

V. titulua. Atzerriko ebazpen judizialak eta dokumentu publikoak aitortu eta betearaztea, exequatur prozedura eta erregistro publikoetan inskribatzea.

I. kapitulua. Xedapen orokorrak.

41. artikulua. Aplikazio-eremua.

42. artikulua. Exequatur prozedura.

43. artikulua. Definizioak.

II.kapitulua. Aitortzea. 44. artikulua. Aitortzea.

45. artikulua. Alda daitezkeen atzerriko ebazpenak.

46. artikulua. Aitortzea ukatzeko arrazoiak.

47. artikulua. Ekintza kolektiboak.

48. artikulua. Mamia berrikusteko debekua.

49. artikulua. Partzialki aitortzea.

III. kapitulua. Betearaztea.

50. artikulua. Betearaztea.

51. artikulua. Transakzio judizialak betearaztea.

IV. kapitulua. Exequatur prozedura judiziala.

52. artikulua. Eskumena.

53. artikulua. Doako laguntza juridikoa.

54. artikulua. Prozesua.

55. artikulua. Errekurtsoak.

V. kapitulua. Atzerriko dokumentu publikoak.

56. artikulua. Atzerriko dokumentu publikoak betearaztea.

57. artikulua. Atzerriko erakunde juridikoak egokitzea.

VI. kapitulua. Erregistro publikoetan inskribatzea.

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

59. artikulua. Atzerriko ebazpen judizialak inskribatzea.

60. artikulua. Atzerriko dokumentu publikoak inskribatzea.

61. artikulua. Egokitzapena.

Lehenengo xedapen gehigarria. Arlo zibileko eta merkataritzaren arloko nazioarteko lankidetza juridikoaren eremuko arau bereziak.

Bigarren xedapen gehigarria. Inprimaki normalizatuak. Hirugarren xedapen gehigarria. Kostuen aurreikuspena.

Xedapen iragankor bakarra. Izapidetzen ari diren prozesuei aplikatzekoa den araubidea.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea. Azken xedapenetatik lehena. Hipoteka Legea aldatzea.

Azken xedapenetatik bigarrena. Prozedura Zibilaren Legea (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) aldatzea.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legea (uztailaren 6ko 5/2012 Legea) aldatzea.

Azken xedapenetatik laugarrena. Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko Legea (martxoaren 25eko 2/2014 Legea) aldatzea.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Eskumen-titulua. Azken xedapenetatik seigarrena. Indarrean jartzea.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.Lege honek Espainiako eta atzerriko agintarien arteko nazioarteko lankidetza juridikoa arautzen du.

2.Lege hau arlo zibilean eta merkataritzakoan aplikatuko da organo jurisdikzionalaren izaera zein den, delituaren ondoriozko erantzukizun zibila eta lan-kontratuak barne hartuta.

2. artikulua. Iturriak.

Arlo zibileko eta merkataritza-arloko nazioarteko lankidetza juridikoa hauek zuzentzen dute:

a) Europar Batasuneko arauek eta Espainiak parte hartzen duen nazioarteko tratatuek.

b) Barne-zuzenbideko arau bereziek.

c) Subsidiarioki, lege honek.

3. artikulua. Lankidetzaren aldeko printzipio orokorra.

1.Espainiako agintariek elkarlanean jardungo dute atzerriko agintariekin lege honen xedeko arloetan, aurreko artikuluan xedatutakoa betez.

2.Elkarrekikotasuna eskatzen ez bada ere, Gobernuak errege-dekretu bidez xedatu ahal izango du Espainiako agintariak ez direla elkarlanean arituko atzerriko estatu bateko agintariekin, baldin eta estatu horretako agintariek lankidetza behin eta berriz ukatu badute edo lankidetzan aritzeko legezko debekua badute.

3.Lege hau interpretatu eta aplikatzeko orduan, partikularren eskubide eta interes legitimoen babes judiziala, nazioartean eraginkorra, bermatzen saiatuko dira.

4.Nazioarteko lankidetza juridikoko eskaera guztiak lehenbailehen gauzatu eta betearaziko dira, malgutasuneta koordinazio-printzipioekin bat etorriz.

4. artikulua. Zuzeneko komunikazio judizialak.

Espainiako organo jurisdikzionalek zuzeneko komunikazio judizialak ezartzeko gaitasuna izango dute, betiere estatu bakoitzean indarrean dagoen legeria errespetaturik. Estatuko eta atzerriko organo jurisdikzionalen artean bitartekotzarik gabe egindakoak dira zuzeneko komunikazio judizialak. Halako komunikazioek ez diote eragingo edo ez diote arriskurik ekarriko esku hartzen duten organo jurisdikzionalen independentziari, ezta alderdien defentsarako eskubideei ere.

I. TITULUA

Nazioarteko lankidetza juridikoaren araubide orokorra

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Aplikazio-eremua.

Titulu hau nazioarteko lankidetza juridikoko egintzei aplikatzen zaie, bereziki dokumentu judizialak eta auzibidetik kanpokoak komunikatu eta helarazteko egintzei –jakinarazpen, zitazio eta errekerimenduei adibidez–, baita frogak lortu eta gauzatzeari buruzko egintzak xedetzat dituzten erreguzko eskaerei ere.

6. artikulua. Ondoreak.

Espainiako agintariek egindako nazioarteko lankidetza juridikoko egintzek ez dute aurrez juzgatzen nazioarteko eskumen judizialaren determinazioa, ezta atzerriko ebazpen judizialak Espainian aitortu eta betearaztea ere.

7. artikulua. Espainiako agintaritza nagusia.

Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoaren arloko Espainiako agintaritza nagusia Justizia Ministerioa da.

8. artikulua. Espainiako agintaritza nagusiaren eginkizunak. Espainiako agintaritza nagusiari dagokio:

a) Jasotzen diren eskaerak 10., 11., 30. eta 31. artikuluetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitakoarekin bat datozela egiaztatzea.

b) Eskumena duten agintari judizialek nazioarteko lankidetza juridikoaren arloan eskatzen duten laguntza eta lankidetza ematea.

c) Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak behar bezala izapidetzen direla bermatzea.

d) Erabilgarri dauden lankidetzako barneko eta nazioarteko sareen erabilera bultzatzea.

e) Espainiako zuzenbideari buruzko informazioa ematea 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera bidezkoa denean, eta atzerriko zuzenbideari buruzkoa ere ematea, 34. eta 35. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

f) Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak betetzean sor daitekeen zailtasun oro ahal den neurrian konpontzea.

g) Beste estatu batzuetako agintaritza nagusiekin zein Espainiako eta atzerriko beste agintaritza batzuekin elkarlanean aritzea.

9. artikulua. Eskaerak igortzea.

Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak igorri ahal izango dira, betiere bi estatuetako ordenamendu juridikoan aurreikusita badaude, honako bide hauetako edozein erabiliz:

a) Bide kontsular edo diplomatikoa.

b) Estatu bakoitzeko agintaritza zentralak.

c) Zuzenean organo jurisdikzionalen artean.

d) Bide notariala, hori bateragarria bada lankidetza-egintzaren izaerarekin.

10. artikulua. Lankidetza-eskaeren gutxieneko edukia eta eskakizunak.

1.Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerek hau zehaztu beharko dute:

a) Eskaera zer agintarik egin duen eta, ezaguna bada, eskaera zer agintarik jaso duen, eskuragarri dauden datu guztiak adierazita, bereziki posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

b) Alderdien izena eta helbidea, eta, hala badagokio, beren ordezkari prozesalenak.

c) Eginbidea dagokion pertsonaren izena eta helbidea, eta eskaera betetzeko behar diren ezagututako identifikazio-datu gehigarri guztiak.

d) Prozesu judiziala eta haren xedea, baita gertaeren azalpen laburra ere.

e) Eskatutako eginbidearen eta oinarritzen den ebazpen edo erabakien deskribapen zehatza.

f) Dokumentuak behar bezala itzulita eta, hala dagokionean, behar bezala legeztatuta edo apostillatuta, baita haien zerrenda xehatua ere.

g) Eskatutako eginbideak epea badu edo premiaz egitekoa bada, betetzeko behar diren epe zehatzak eta premia justifikatzen duten arrazoiak.

2.Lankidetzarako eskaerak aurreko zenbakian eta 11. artikuluan adierazitako eskakizunak eta edukia betetzen dituela egiaztatuko du Espainiako agintaritza nagusiak. Eskaerak ez baditu eskakizun horiek betetzen, agintari errekeritzaileari itzuliko diote, itzultzearen arrazoi zehatzak adierazita.

11. artikulua. Hizkuntza.

1.Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak, eta haiei erantsitako dokumentuak, baldin eta atzerriko agintaritza bati zuzenduta badaude, itzulita ere egon beharko dira;

estatu errekerituko hizkuntza ofizial batera edo hark onartutako hizkuntza batera, hain zuzen.

2.Espainiako agintariei zuzendutako nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerekin eta haiei erantsitako dokumentuekin batera itzulpena ere egon beharko da, Prozedura Zibilaren Legearen 144. artikuluarekin bat etorriz.

12. artikulua. Izapideak.

1.Espainiako agintariek erabakitzen dituzten nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak ofizio bidez bidaliko zaizkio Espainiako agintaritza nagusiari, eta azken horrek estatu errekerituko agintari eskudunei igorriko dizkie, dela bide diplomatiko edo kontsularrez, dela estatu horretako agintaritza nagusiaren bitartez, halakorik badago, eta hango legeria horren aurkakoa ez bada. Halaber, 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Espainiako agintariek zuzenean igorri ahal izango diete eskaera estatu errekerituko agintari eskudunei, hango legerian hori aurreikusita balego.

2.Zuzeneko komunikazio judizialen aukera alde batera utzi gabe, atzerriko agintariek erabakitako nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak Espainiako agintaritza zentralari igorriko zaizkio, eta horrek, berriz, betearazteko eskumena duten Espainiako agintariei.

3.Komunikazioen segurtasuna eta konfidentzialtasuna ez ezik, dokumentuak egiazkoak eta irakurgarriak direla ere bermatzen duen edozein bide baliatuta egin ahal izango da igorpena.

4.Betearazitakoan, bideratzeko erabilitako bide beretik itzuliko dituzte eskaera

horiek.

13. artikulua. Betearazpen-prozedura.

Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak lehenbailehen betearaziko dira,

Espainiako arau prozesalekin bat etorriz. Salbuespenez eta eskaera egiten duen atzerriko agintaritzak eskatuta, baldintza edo prozedura bereziak onartu ahal izango dira, betiere hori egingarria eta Espainiako legeriarekin bateragarria bada.

14. artikulua. Ukatzearen arrazoiak.

1.Espainiako agintari judizialek nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak ukatuko dituzte, baldin eta:

a) Eskatutako lankidetzaren xedea edo helburua ordena publikoaren aurkakoa bada.

b) Lankidetzaren eskaeraren oinarri den prozesua Espainiako jurisdikzioaren eskumen esklusibokoa bada.

c) Gauzatu beharreko egintzaren edukia ez badator bat eskaera jaso duen Espainiako agintaritza judizialaren berezko eskudantziekin. Kasu horretan, bada, eskumena duen agintaritzari igorri ahal izango dio eskaera, betiere, agintari errekeritzaileari jakinarazita.

d) Nazioarteko lankidetzaren eskaerak ez baditu betetzen lege honek izapidetzeko eskatutako gutxieneko edukia eta eskakizunak.

e) 3. artikuluko 2. zenbakian jasotzen den kasua betetzen bada.

2.Agintari errekeritzaileei lankidetzaren eskaera ukatzen duen arrazoietan oinarritutako ebazpena jakinaraziko zaie.

15. artikulua. Espainiako funtzionario diplomatiko eta kontsularrek eginbide prozesalak gauzatzea.

1.Espainiako agintaritza judizialaren aurrean izapidetutako prozedura baten ondoriozko eginbideak atzerrian gauzatu ahal izango ditu Espainiako funtzionario diplomatiko edo kontsular batek, betiere horiek ez badakarte derrigortzerik, Espainiako legeak ez badu ezinbestean eskatzen agintaritza judiziala egotea, kontsul-mugapean egin behar badira eta estatu hartzaileko legeria ez badago horren aurka.

2.Horrelakoetan, Espainiako agintaritza judizialak ofizioa helaraziko dio Espainiako agintaritza zentralari eskaera Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari helaraz diezaion, eta gauzatzeko ardura duen Espainiako funtzionario diplomatiko edo kontsularrari bidaliko dio azken horrek.

16. artikulua. Epaileak, magistratuak, fiskalak, idazkari judizialak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak eta bestelako langileak atzerrira joatea.

Espainiako agintariak gaituta daude, oro har, atzerriko estatu batera joateko, estatu horretan egin behar dituzten eginbide prozesalak gauzatzeko edo horietan esku hartzeko. Bidaia horiek, edozelan ere, berariazko legeriak aurreikusitakoa bete beharko dute.

17. artikulua. Baliabide teknikoak eta elektronikoak.

1.Komunikaziorako edozein baliabide tekniko eta elektroniko erabiltzea eskatu ahal izango dute beste estatu bateko lurraldean egin beharreko nazioarteko lankidetza juridikorako eginbideak gauzatzeko.

2.Eskaera egiten edo jasotzen duen estatuko organo jurisdikzionalean ez badute adierazitako baliabide horietarako sarbiderik, horiek eskuratzeko aukera ematen duen akordio oro izango da onargarri.

18. artikulua. Gastuak, kostuak eta doako laguntza juridikoa.

1.Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerak izapidetu eta betearazteari buruzko gastuak agintaritza errekeritzailearen kontura joango dira edo, bestela, horiek eskatzen dituen alderdiaren kontura.

2.Espainiako agintariek egiten dituzten jarduketa prozesalei dagokienez, doako laguntza juridikoari buruzko araudiaren arabera legozkiokeen prestazioak eskatu ahal izango ditu interesdunak.

Lankidetzaren eskatzailea jarduketa prozesalen gastuak ordaintzetik salbuetsita badago, doako laguntza juridikorako eskubidea dutenentzat aurreikusitakoa aplikatuko da.

3.Espainiako agintaritza nagusia ez dago behartuta gasturik bere gain hartzera titulu honetan xedatutakoari jarraikiz aurkeztutako eskaerekin lotuta, ezta, halakorik badago, abokatu baten, prokuradore baten edo beste edozein profesionalen parte-hartzeak eragindako gasturik bere gain hartzera ere. Espainiako agintaritza nagusiak funts-hornidura eskatu ahal izango du.

19. artikulua. Datuen babesaren arloko araudi orokorra.

1.Nazioarteko lankidetza juridikorako eskaerek haiek betearazteko beharrezkoak diren datu pertsonalak baino ez dituzte jasoko. Igorritako datuak ezin dira erabili edo tratatu eskaerarekin zuzenean lotuta ez dauden xedeetarako, betiere agintaritza errekeritzaileak berariaz emandako baimenik ezean.

2.Espainiako organo jurisdikzional baten eskariz bideratutako nazioarteko lankidetza juridikorako eskaeretan zera jasoko da: han agertzen diren datu pertsonalak eskaeran aurreikusitako ondoreetarako bakarrik igortzen direla eta harekin zuzenean lotuta ez dauden edo haren ondoriozkoak ez diren xedeetarako ezin izango direla erabili edo tratatu, agintaritza errekeritzailearen berariazko baimenik gabe.

3.Epaileak, ofizioz edo alderdi baten eskariz, beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu datu pertsonalen konfidentzialtasuna babestearren.

II. KAPITULUA

Dokumentu judizialak jakinarazteko eta helarazteko egintzak

20. artikulua. Aplikazio-eremua.

Espainiatik atzerriko estatu batera edo atzerriko estatu batetik Espainiara igorri beharreko dokumentu judizialak jakinarazi eta helarazteko egintzei aplikatu beharreko eskakizun bereziak arautzen ditu kapitulu honek, 9. artikuluan xedatutakoa hargatik eragotzi gabe.

21. artikulua. Atzerrira komunikatzeko, jakinarazteko eta helarazteko bideak.

1.Espainiako organo jurisdikzionalek dokumentuak atzerrira jakinarazi eta helarazteko eskaerak honela igorri ahal izango dituzte:

a) Espainiako agintaritza nagusiaren bitartez, zeinak eskaerak helaraziko dizkien estatu errekerituko agintari eskudunei, dela bide kontsular edo diplomatikoa erabiliz, dela haren agintaritza nagusiaren bidez, betiere 12.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

b) Zuzenean estatu errekerituko agintaritza eskudunari, 12.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.Betiere xede-estatuko legeria aurka ez badago, Espainiako agintariek komunikazioak zuzenean egin ahal izango dizkiete hartzaileei, posta ziurtatu bidez edota hartu-agiria edo jaso izana egiaztatzen duen beste berme bat duen pareko bide bat erabiliz.

22. artikulua. Espainian komunikatzeko, jakinarazteko eta helarazteko bideak.

Aurreko 1. artikuluan aurreikusitako bideak onartuko dira Espainian atzerriko agintari

batetik datozen dokumentu judizialak jakinarazi eta helarazteko. Horrez gain, komunikazioa hartzaileari zuzenean egitea ere onartzen da, posta ziurtatu bidez edota hartu-agiria edo jaso izana egiaztatzen duen beste berme bat duen pareko bide bat erabiliz.

23. artikulua. Jakinarazteko edo helarazteko data.

Jakinarazteko edo helarazteko data dokumentua benetan jakinarazi edo helarazi duten data izango da, betiere estatu errekerituko edo jakinarazi eta helarazi beharreko tokiko barneko zuzenbidearekin bat etorriz.

24. artikulua. Demandatua ez agertzea.

1.Baldin eta demanda-idazki bat edo dokumentu baliokide bat beste estatu batera igorri badute jakinarazi edo helarazteko eta demandatua ez bada agertzen, prozedura etenda geldituko da harik eta dokumentua behar bezala jakinarazi dutela egiaztatzen den arte. Horrek ez du eragotziko behin-behineko eta kautelazko neurriak hartzea.

2.Dokumentua bidaltzen dutenetik sei hilabete igaro ostean, agintari eskudunak ebatzi egingo du alderdi interesdunak eskatuta, jakinarazpena egin dela ziurtatzerik izan ez balute ere.

25. artikulua. Hizkuntza.

1.Xede-estatuko legeak eskatzen duena hargatik eragotzi gabe, atzerrira jakinarazi edo helarazi beharreko dokumentuekin batera xede-estatuko hizkuntza ofizial batera edo hartzaileak ulertzen duen hizkuntza batera egindako itzulpena ere bidali beharko da.

2.Baldin eta komunikazioa atzerriko agintarietatik badator eta Espainiako hartzaile bat badu helburu, dokumentuekin batera espainierazko itzulpena ere bidaliko dute edo, hala badagokio, dena delako autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialera edo hartzaileak

ulertzen duen hizkuntza batera egindako itzulpena, betiere aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera.

26. artikulua. Ziurtagiria.

Jakinarazteko edo helarazteko edozein eginbide gauzatuta, estatu errekerituak ziurtagiria egin dezala eskatu ahal izango da, izapideak bete direla eta eginbideak forma egokian gauzatu direla egiaztatzeko; estatu errekerituko hizkuntza erabili ahal izango dute horretarako.

27. artikulua. Atzerriko estatuei zuzendutako epatzeak eta komunikazio judizialak.

1.Epatzeak, zitazioak, errekerimenduak eta atzerriko estatuei zuzendutako komunikazio judizialeko beste edozein egintza bide diplomatikoz egingo dira Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioren bitartez; halaber, hitzezko ohar bidez komunikatu beharko dira, Harreman Diplomatikoei buruzko 1961eko apirilaren 18ko Vienako Konbentzioan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.Espainiako organo jurisdikzionalek atzerriko estatu baten kontrako edozein prozeduraren berri emango diote Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari, jurisdikzioeta betearazpen-immunitateari lotutako gaiei buruzko txostena egin dezan soilik, eta txosten hori organo jurisdikzional eskudunari helaraziko dio bide bera erabiliz.

3.Espainian atzerriko estatuen kontra jarraitzen ari diren prozesu zibiletan, lehen epatzea, 1. zenbakian aurreikusitako bide diplomatikoz egindakoa, eginbidean edo haren berri jaso izanaren egiaztagirian ageri den datatik bi hilabete igarota joko da egindakotzat.

III. KAPITULUA

Auzibidetik kanpoko dokumentuak jakinarazteko eta helarazteko egintzak

28. artikulua. Auzibidetik kanpoko dokumentuak.

1.Eskumena duen notario, agintari edo funtzionarioak baimendu edo egindako dokumentuak helarazi edo jakinarazi ahal izango dira haien izaera bereziaren arabera aplikagarri zaizkien aurreko kapituluko aurreikuspenekin bat etorriz.

2.Auzibidetik kanpoko dokumentuak agintaritza nagusiaren bidez edo zuzenean igorri ahal izango zaizkie notario, agintari edo funtzionario publikoei.

3.Eskaerak, gutxienez, honako informazio hau jasoko du:

a) Dokumentuaren izaera, data eta identifikazioa.

b) Dokumentua baimendu edo egin duen notario, agintari edo funtzionarioaren izenabizenak eta posta-helbidea nahiz helbide elektronikoa.

c) Jakinarazitako uzia eta, hala badagokio, ez betetzearen ondorioak, eta adieraziz gero, horretarako epea.

IV. KAPITULUA

Frogak gauzatzea eta lortzea

29. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Kapitulu hau frogak atzerrian gauzatu eta lortzeari aplikatzen zaio, Espainiako prozedura judizial batean ondoreak sor ditzaten, edo frogak Espainian gauzatu eta lortzeari, atzerriko prozesu batean ondorea sor dezaten.

2.Eskatutako frogak zuzeneko lotura eduki behar du jada hasitako edo etorkizuneko prozesu batekin.

3.Espainian froga bat eskatzen dutenean atzerriko prozedura judiziala hasi aurretik, zera exijituko da: aurretiazko froga egitea onargarria izatea Espainiako legerian ezarritakoaren arabera.

Espainian gauzatutako froga batek atzerriko prozesu batean ondoreak sortu behar baditu, Espainiako legerian aurreikusitako bermeak errespetatu beharko ditu, eta Espainiako araudi prozesalaren arabera gauzatu beharko da.

30. artikulua. Eskaeraren edukia.

Frogak lortzearen arloko nazioarteko lankidetzarako eskaerek, 10. artikuluan aurreikusitakoaz gain, informazio hau ere bildu beharko dute:

a) Eskatutako frogak lortzeko eginbideen deskribapena.

b) Froga estatu errekeritzaileko legerian aurreikusitako prozedura baten arabera gauzatzeko eskatzen ote den adieraztea, eta hori aplikatzeko behar diren argibideak.

c) Komunikatzeko baliabide teknologikoak erabiltzea eskatzen ote den adieraztea.

d) Alderdi interesdunen, haien ordezkarien edo estatu errekeritzaileko funtzionarioren baten eskaera, eskatutako eginbidearen gauzapenera joateko.

31. artikulua. Froga lortzeko eginbideak deskribatzea.

Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, froga lortzeko eginbideek alderdi hauek zehaztuko dituzte:

a) Pertsona bati deklarazioa hartzeko eskaera bada, pertsona horren izen-abizenak eta helbidea, egin beharreko galderak edo zer gertaerak hartzen dituen hizpide; hala badagokio, estatu errekeritzaileko ordenamendu juridikoarekin bat etorriz deklarazioa ez emateko eskubidea egoteari buruzko informazioa, deklarazioa egia esateko zina edo promesa eginda jasotzeko eskaera edo, hala badagokio, zer formula erabili behar den, eta organo jurisdikzional errekeritzaileak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein informazio.

b) Lekukoen azterketa bada, horien izen-abizenak eta identifikatu zein kokatzeko eskuragarri dauden datu guztiak; hala badagokio, lekukoari egin beharreko galderak edo azterketa zer gertaeraren gainekoa izango den azaltzea, estatu errekeritzaileko legeriaren arabera lekukotza emateari uko egiteko eskubidea, lekukoa zinpean edo promesa eginda edo deklarazio modura aztertzeko eskaria eta organo jurisdikzional errekeritzaileak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein informazio.

c) Beste edozein froga bada, aztertu beharreko dokumentuak edo bestelako objektuak. Dokumentuak edo bestelako informazio-euskarririk erakusteko eskatuz gero, behar bezala identifikatuta egongo dira horiek. Horrez gain, eskatutako dokumentuak eskatutako pertsonaren kontrol edo zaintzapean daudela jo ahal izateko gertaerak edo inguruabarrak identifikatu beharko dira, eta, hala badagokio, estatu errekeritzaileko legerian dokumentuak ez aurkezteko eskubidea jasota ote dagoen zehaztu beharko da.

32. artikulua. Atzerriko agintari batek eskatutako froga Espainian gauzatzea.

1. Atzerriko agintari baten eskaera jasota, froga gauzatuko da eta, erreguzko eskaera

betetakoan, errekeritzaileari horren egiaztagiriak igorriko zaizkio.

2.Froga ez da gauzatuko 14. artikuluan ezarritako ukatze-arrazoiren bat dagoenean. Nolanahi ere, froga ez da gauzatuko izendatutako pertsonak horri uko egitea justifikatzen badu deklaratzeko edo dokumentuak aurkezteko salbuespena edo debekua adierazita, hori Espainiako legeak edo estatu errekeritzailekoak ezarrita edo aitortuta egonik.

3.Froga gauzatzeari uko eginez gero, errekeritzaileari dokumentuak itzuli beharko zaizkio ukatzearen arrazoiak azalduta.

II. TITULUA

Atzerriko zuzenbideko froga

33. artikulua. Atzerriko zuzenbideko froga.

1.Atzerriko zuzenbidearen edukiaren eta indarraldiaren frogak Prozedura Zibilaren Legea eta arloan aplikatu beharreko gainerako xedapenak bete beharko ditu.

2.Espainiako organo jurisdikzionalek egindako frogaren froga-balioa zehaztuko dute atzerriko zuzenbidearen edukia eta indarraldia egiaztatzeko, betiere kritika onaren arauekin bat etorriz.

3.Salbuespenez, aldeek atzerriko zuzenbidearen edukia eta indarraldia egiaztatzerik izan ez badute, Espainiako zuzenbidea aplikatu ahal izango da.

4.Atzerriko zuzenbideari buruzko txosten edo irizpenak, nazionalak edo nazioartekoak izan, ez dira lotesleak izango Espainiako organo jurisdikzionalentzat.

III. TITULUA

Atzerriko zuzenbideari buruzko informazioa

34. artikulua. Informazio juridikoa.

Atzerriko zuzenbidearen informazioa hauei buruzkoa izan daiteke: legeriaren testua, indarraldia eta edukia, haren zentzua eta irismena, jurisprudentzia, prozeduraren eta antolamendu judizialaren esparrua, bai eta garrantzitsua den beste edozein informazio juridiko ere.

35. artikulua. Atzerriko zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak.

1.Zuzeneko komunikazio judizialak egiteko aukera alde batera utzi gabe, organo judizialek, baita notario eta erregistratzaileek ere, atzerriko zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak ofizioz zuzendu ahal izango dizkiote Espainiako agintaritza nagusiari, Espainiako prozesu judizial batean edo Espainiako agintaritza batek bere eskumenen barruan erabil ditzan.

2.Agintarien txostenak, legelari adituen peritu-irizpenak, jurisprudentzia, ziurtatutako lege-testuak eta garrantzitsu iritzitako beste edozein eska daitezke informazio-eskaeren bitartez.

3.Agintaritza nagusiak eskaerak helaraziko dizkie estatu errekerituko agintari eskudunei, dela bide kontsular edo diplomatikoz, dela hango agintaritza nagusiaren bitartez, halakorik badago eta ordenamenduan aurreikusita badu. Espainiako agintaritza nagusiak erraztu egingo ditu, hala badagokio, Espainiako eta atzerriko organo jurisdikzionalen arteko zuzeneko komunikazio judizialak.

4.Informazio-eskaeretan agintaritza errekeritzailea zein den zehaztu beharko da, haren posta-helbidea edo helbide elektronikoa zein gaiaren izaera aipatuta, eskaera eragin duten gertaeren azalpen zehatza eginda, bai eta eskatutako froga-elementu zehatzak zein diren adierazita ere, eta hori guztia eskaera jasotzen duen agintaritzaren hizkuntzara behar bezala itzulita. Informazio-eskaerei beren irismena zehazteko ezinbestekotzat jotzen diren dokumentuen kopiak ere batu ahal izango zaizkie.

5.Kosturik dakarren froga-elementu bat eskatuz gero, alderdi eskatzailearen kontura izango da hori. Horrelakoetan, funts-hornidura eskatzeko aukera egongo da.

36. artikulua. Espainiako zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak.

1.Zuzeneko komunikazio judizialak egiteko aukera alde batera utzi gabe, atzerriko agintariek Espainiako zuzenbideari buruzko informazio-eskaerak zuzendu ahal izango dizkiote Espainiako agintaritza nagusiari, atzerriko prozesu judizial batean edo atzerriko agintaritza batek bere eskumenen barruan erabil ditzan.

2.Agintarien txostenak, legelari adituen peritu-irizpenak, jurisprudentzia, ziurtatutako lege-testuak eta garrantzitsu iritzitako beste edozein eska daitezke informazio-eskaeren bitartez.

3.Informazio-eskaeretan agintaritza errekeritzailea zein den zehaztu beharko da, haren posta-helbidea edo helbide elektronikoa zein gaiaren izaera aipatuta, eskaera eragin duten gertaeren azalpen zehatza eginda, bai eta eskatutako froga-elementu zehatzak zein diren adierazita ere, eta hori guztia espainierara behar bezala itzulita.

4.Espainiako agintaritza nagusiak zuzenean erantzun ahal izango die Espainiako zuzenbideari buruzko informazio-eskaerei edo eskaerok beste erakunde publiko edo pribatu bati igorri ahal izango zaizkio.

5.Kostua dakarren frogarik eskatuz gero, eskaera egiten duen agintaritzak bere gain hartu beharko du beti, eta horretarako funts-hornidura eskatzeko aukera egongo da.

IV. TITULUA

Nazioarteko auzibitartea eta lotura

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

37. artikulua. Ebazteke egotea.

Titulu honen ondoreetarako, prozesu bat ebazteke dagoela joko da demanda aurkezten denetik aurrera, baldin eta demanda hori geroago onartzen bada.

38. artikulua. Prozedura.

Nazioarteko auzibitartearen eta loturaren salbuespenak barneko auzibitartearen salbuespenaren antzera alegatu eta izapidetuko dira.

II. KAPITULUA

Nazioarteko auzibitartea

39. artikulua. Nazioarteko auzibitartea.

1.Baldin eta Espainiako organo jurisdikzional baten aurrean demanda bat aurkezten duten unean atzerriko estatu bateko organo jurisdikzionalen aurrean xede eta kausa bereko prozesu bat ebazteke badago alderdi berberen artean, Espainiako organo jurisdikzionalak prozedura eten ahal izango du, alderdiak eskatuta eta Fiskaltzaren txostenaren ostean, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Atzerriko organo jurisdikzionalaren eskumenak arrazoizko lotura edukitzea auziarekin. Arrazoizko lotura dagoela joko da atzerriko organo jurisdikzionalak nazioarteko eskumen judiziala oinarritu badu Espainiako legerian kasu jakin horretarako aurreikusitakoen irizpide baliokideetan.

b) Atzerriko organo jurisdikzionalak Espainian onartzeko moduko ebazpena emango duela aurreikusi ahal izatea.

c) Espainiako organo jurisdikzionalak prozedura etetea beharrezkotzat jotzea justizia behar bezala administratzeko.

2.Espainiako organo jurisdikzionalek prozesua edonoiz jarraitzea erabaki ahal izango dute, alderdiak eskatuta eta Fiskaltzaren txostenaren ostean, baldin eta honako hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Atzerriko auzitegiak bere burua ezgai jotzea edo, alderdietako edozeinek eskatuta, bere eskumenari buruzko erabakirik hartu ez izana.

b) Beste estatuko organo jurisdikzionalaren aurreko prozesua etetea edo largestea.

c) Beste estatuko organo jurisdikzionalaren aurreko prozesua, itxura denez, arrazoizko denboran ez dela amaituko jotzea.

d) Justizia behar bezala administratzeko, prozesua jarraitzea beharrezkoa dela

jotzea.

e) Emango luketen behin betiko epaia Espainian ez dela aitortzeko eta, hala badagokio, betearazteko modukoa izango ulertzea.

3.Espainiako organo jurisdikzionalak prozesuari azkena emango dio eta jarduketak artxibatuko ditu beste estatuko organo jurisdikzionalaren aurreko prozesua amaitu bada Espainian aitortu eta, hala badagokio, betearazi ahal den ebazpena emanda.

III. KAPITULUA

Lotutako demandak

40. artikulua. Lotutako demandak.

1.Artikulu honen ondoreetarako, demandak lotuta daudela joko da, baldin eta oso harreman estuagatik elkarri lotuta badaude eta, horren ondorioz, aldi berean izapidetu eta epaitzea komeni denean ebazpen bateraezinak saihestearren.

2.Baldin eta Espainiako organo jurisdikzional baten aurrean lotutako demanda bat aurkezten duten unean atzerriko estatu bateko organo jurisdikzionalen aurrean prozesu bat ebazteke badago, azken horrek prozesua eten ahal izango du, alderdiak eskatuta eta Fiskaltzaren txostenaren ostean, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Lotutako demandak batera entzun eta ebaztea komenigarria izatea ezin ebazpen bateraezinak emateko arriskua saihestearren.

b) Atzerriko estatuko organo jurisdikzionalak Espainian onartzeko moduko ebazpena emango duela aurreikusi ahal izatea.

c) Espainiako organo jurisdikzionalak prozesua etetea beharrezkotzat jotzea justizia behar bezala administratzeko.

3.Espainiako organo jurisdikzionalek prozesua edonoiz jarraitzea erabaki ahal izango dute, alderdiak eskatuta eta Fiskaltzaren txostenaren ostean, baldin eta honako hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Kontraesanezko ebazpenen arriskurik jada ez dagoela jotzea.

b) Atzerriko prozesua etetea edo amaitzea.

c) Atzerriko prozesua arrazoizko denboran amaitzeko aukera gutxi dagoela jotzea.

d) Justizia behar bezala administratzeko, prozesua jarraitzea beharrezkoa dela

jotzea.

V. TITULUA

Atzerriko ebazpen judizialak eta dokumentu publikoak aitortu eta betearaztea,

exequatur prozedura eta erregistro publikoetan inskribatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

41. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Titulu honen xedapenekin bat etorriz, Espainian aitortu eta betearazi ahal izango dira auzi-prozedura batean emandako atzerriko ebazpen irmoak.

2.Borondatezko jurisdikzio-prozedura baten barruan hartutako atzerriko behin betiko ebazpenak ere aitortu eta betearazi ahal izango dira Espainian titulu honetako xedapenekin bat etorriz.

3.Atzerriko dokumentu publikoak betearazi ahal izango dira lege honetan aurreikusitako moduan.

4.Kautelazko neurriak eta behin-behinekoak aitortu eta betearazi ahal izango dira horiei uko egiteak benetako babes judiziala urratzea dakarrenean soilik, eta, betiere, horrelakoak kontrako alderdiari entzunaldia eman ondoren hartu badira.

42. artikulua. Exequatur prozedura.

1.Atzerriko ebazpen judizial bat xede nagusiz aitortzea deklaratzeko eta, hala badagokio, haren betearazpena baimentzeko prozedurari exequatur prozedura esango zaio.

2.Prozedura bera erabili ahal izango da atzerriko ebazpen bat, 46. artikuluan aurreikusitako ukatze-kausetakoren bategatik, Espainian aitortzeko modukoa ez dela deklaratzeko.

43. artikulua. Definizioak.

Titulu honen ondoreetarako, esanahi hau izango dute terminoek:

a) Ebazpena: estatu bateko organo jurisdikzional batek hartutako edozein erabaki, haren izena edozein dela ere, baita idazkari judizialak edo antzeko agintariak prozesuaren kostuak likidatzeko emandako ebazpena ere.

b) Ebazpen irmoa: jatorrizko estatuan errekurtsorik aurkezterik ez dagoen ebazpena.

c) Organo jurisdikzionala: lege honen gaietan eskumena duen agintaritza judizial oro edo estatu bateko agintaritza judizialen eskumen analogoak dituen agintaritza oro.

d) Transakzio judiziala: prozedura baten barruan estatu bateko organo jurisdikzional batek hartutako edo estatu bateko organo jurisdikzional baten aurrean ebatzitako erabaki oro.

e) Dokumentu publikoa: estatu batean izen horrekin ofizialki formalizatu edo erregistratutako dokumentu oro, haren benetakotasuna agerkariaren sinadura eta edukiari badagokio, eta agintari publiko batek edo xede horretarako gaitutako beste agintari batek ezarri badu benetakotasuna.

II.KAPITULUA

Aitortzea

44. artikulua. Aitortzea.

1.Titulu honetako xedapenetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten atzerriko ebazpenak aitortuko dira Espainian.

2.Baldin eta atzerriko ebazpen baten aitorpena modu intzidental batez planteatzen bada prozedura judizial batean, horretaz arduratzen den epaileak aitortze horri buruzko erabakia hartu beharko du prozedura judizial bakoitzaren barruan, betiere lege prozesaletan xedatutakoaren arabera. Aitortze intzidentalaren eraginkortasuna prozesu nagusian ebatzitakora mugatuko da, eta ez da eragozpen izango atzerriko ebazpenaren exequaturra eskatzeko.

3.Aitortzearen ondorioz, jatorrizko estatuan eragindako ondore berak sortu ahal izango ditu Espainian atzerriko ebazpenak.

4.Baldin eta ebazpen batean Espainiako ordenamendu juridikoan ezaguna ez den neurria badago, ondore baliokideak dituen eta antzeko xedeak eta interesak dituen neurri ezagun batera egokituko da. Egokitzapen horrek, halere, ezingo ditu eduki jatorrizko estatuko zuzenbidean xedatutakoak baino ondore gehiago. Alderdiek neurriaren egokitzapena aurkaratu ahal izango dute.

45. artikulua. Alda daitezkeen atzerriko ebazpenak.

1.Espainiako organo jurisdikzionalek atzerriko ebazpena aldatu ahal izango dute, betiere titulu honetako xedapenekin bat etorriz aldez aurretik hori aitortu badute bide nagusi edo intzidentala erabiliz.

2.Horrek ez du galaraziko, dena den, beste demanda bat aurkeztu ahal izatea Espainiako organo jurisdikzionalen aurrean izapidetzen ari den deklarazio-prozedura batean.

46. artikulua. Aitortzea ukatzeko arrazoiak.

1.Atzerriko ebazpen judizial irmoak ez dira aitortuko honako kasu hauetan:

a) Ordena publikoaren aurkakoak direnean.

b) Ebazpena eman badute alderdietako edozeinen defentsarako eskubideak argi eta garbi urratuta. Baldin eta ebazpena auzi-ihesean eman badute, defentsarako eskubideak argi eta garbi urratu dituztela jotzen da demandatuari epatzeko zedula edo dokumentu baliokidea behar bezala eta defendatu ahal izateko denbora nahikoarekin eman ez badiote.

c) Atzerriko ebazpenak erabakia hartu badu Espainiako organo jurisdikzionalak bakarrik eskudun diren gai bati buruz edo, gainerako gaiei dagokienez, jatorrizko epailearen eskumena ez bada arrazoizko lotura baten ondorio. Auziarekin arrazoizko lotura dagoela joko da atzerriko organo jurisdikzionalak nazioarteko eskumen judiziala oinarritu badu Espainiako legerian aurreikusitakoen antzeko irizpideetan.

d) Ebazpena bateraezina bada Espainian emandako ebazpen batekin.

e) Ebazpena bateraezina bada aurretik beste estatu batean emandako ebazpen batekin, baldin eta azken ebazpen horrek Espainian aitortzeko beharrezko diren baldintzak betetzen baditu.

f) Espainian auzi bat ebazteke badago alderdi berberen artean eta xede berarekin, betiere atzerriko prozesuaren aurretik hasi bada.

2.Atzerriko transakzio judizialak ez dira aitortuko ordena publikoaren aurkakoak

badira.

47. artikulua. Ekintza kolektiboak.

1.Ekintza kolektiboen ondoriozko prozeduretan emandako atzerriko ebazpenak Espainian aitortu eta betearazi ahal izango dira. Zehazki, prozesuarekin berariaz bat egin ez duten ukituen aurka Espainian baliatzeko, beharrezkoa izango da atzerriko ekintza kolektiboa Espainian komunikatu edo argitaratu izana Espainiako legedian ezarritako antzeko bideak erabiliz, baita ukitu horiek zein jatorrizko estatuan bizilekua dutenek prozesu kolektiboan parte hartzeko edo hori uzteko aukera berberak eduki izana ere.

2.Horrelakoetan, atzerriko ebazpena ez da aitortuko jatorrizko organo jurisdikzionalaren eskumena ez bada oinarritu Espainiako legerian aurreikusitakoen foro baliokide batean.

48. artikulua. Mamia berrikusteko debekua.

Atzerriko ebazpenaren mamia ez da inolaz ere berrikusiko. Zehazki, aitortzea ukatzeko

arrazoien artean ezin izango da alegatu atzerriko organo judizialak Espainiako nazioarteko zuzenbide pribatuko arauen arabera legokiokeena ez beste ordenamendu bat aplikatu duela.

49. artikulua. Partzialki aitortzea.

Baldin eta atzerriko ebazpenak hainbat uziri buruzko erabakia hartu badu eta epaitza osorik aitortzerik ez badago, horietako erabaki bat edo batzuk aitortzeko aukera egongo da.

III. KAPITULUA

Betearaztea

50. artikulua. Betearaztea.

1.Jatorrizko estatuan betearazte-indarra duten ebazpen judizialak Espainian betearazi ahal izango dira titulu honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz exequaturra eskuratu ondoren.

2.Prozedura Zibilaren Legearen xedapenen arabera zuzenduko da atzerriko ebazpenak Espainian betearazteko prozedura –betearazteko ekintzaren iraungipena barne.

3.Ebazpen bat zati batez betearazteko eskatu ahal izango da.

51. artikulua. Transakzio judizialak betearaztea.

Aitortutako atzerriko transakzio judizialak aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz betearaziko dira.

IV. KAPITULUA

Exequatur prozedura judiziala

52. artikulua. Eskumena.

1.Aitortzea edo betearaztea zein alderdiren aurka eskatzen den, alderdi horrek egoitza duen tokiko lehen auzialdiko epaitegiei edota atzerriko ebazpen judizialaren ondoreak dagozkion pertsonaren egoitzako lehen auzialdiko epaitegiei dagokie exequatureskaerez arduratzeko eskumena. Subsidiarioki, betearazteko tokiaren edo ebazpenak ondoreak izango dituen tokiaren arabera zehaztuko da lurralde-eskumena, eta, azken kasuan, exequatur-demanda jartzen den lehen auzialdiko epaitegiak izango du eskumena.

2.Beren eskumeneko gaiei buruzko atzerriko ebazpen judizialen exequatur-eskaerez arduratzeko merkataritza-arloko epaitegiek zer eskumen duten 1. zenbakian ezarritako irizpideen arabera erabakiko da.

3.Baldin eta exequatur-eskaeraren xede den alderdia Espainian konkurtso-prozesu baten mende badago eta atzerriko ebazpenak konkurtsoko epaiaren eskumen diren gaietako batzuk baditu xedetzat, exequatur-eskaeraz arduratzeko eskumena konkurtsoko epaileak izango du, eta konkurtso-intzidentearen izapideen bitartez bideratuko da.

4.Espainiako organo jurisdikzionalak prozesu horietaz arduratzeko eskumen objektiboa ofizioz kontrolatuko du.

53. artikulua. Doako laguntza juridikoa.

Exequatur-prozesuko alderdiek Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legearen arabera (urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea) legozkiekeen prestazioak eskatu ahal izango dituzte.

54. artikulua. Prozesua.

1.Interes legitimoa egiaztatzen duen edozein pertsonak eskatutako demanda bidez hasiko da exequatur-prozesua. Prozesu horretan prokuradoreak ordezkatuta eta letradu batek lagunduta egon beharko dira alderdiak. Exequatur-demanda eta betearazteko eskaera idazki berean metatu ahal izango dira. Nolanahi ere, ez da betearaziko, harik eta exequaturra dekretatzen duen ebazpena ematen duten arte.

2.Kautelazko neurriak hartzeko eskatu ahal izango da nahi den babes judizialaren eraginkortasuna bermatzeko, Prozedura Zibilaren Legearen aurreikuspenekin bat etorriz.

3.Demanda zuzendu beharko da atzerriko ebazpen judiziala baliarazi nahi den alderdiaren edo alderdien kontra.

4.Demandak Prozedura Zibilaren Legearen 399. artikuluko eskakizunak beteko ditu, eta harekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Atzerriko ebazpenaren jatorrizkoa edo benetako kopia, behar bezala legeztatuta edo apostillatuta.

b) Ebazpena auzi-ihesean eman bazuten, epatzeko zedula edo dokumentu baliokidea eman edo jakinarazi izana egiaztatzen duen agiria.

c) Atzerriko ebazpenak jatorrizko estatuan duen irmotasuna eta betearazte-indarra egiaztatzen duen beste edozein dokumentu, hala badagokio. Hori ebazpenean bertan egon daiteke jasota edo jatorrizko auzitegiak aplikatutako legetik ondoriozta daiteke.

d) Prozedura Zibilaren Legearen 144. artikuluaren arabera egin beharreko itzulpenak.

5.Idazkari judizialak aztertuko ditu aurkezturiko demanda eta dokumentuak. Demanda onartzeko dekretua emateaz gain, alderdi demandatuari ere helaraziko dio, haren aurka egin dezan hogeita hamar eguneko epearen barruan. Demandatuak, aurka egiteko idazkiarekin batera, beste dokumentu batzuk ere aurkeztu ahal izango ditu, esate baterako, atzerriko ebazpenaren benetakotasuna, demandatua behar bezala epatu dutela edota atzerriko ebazpenaren irmotasuna eta betearazte-indarra aurkaratzeko bide ematen duten dokumentuak.

6.Idazkari judizialak, alabaina, akats prozesal bat ez dutela zuzendu edo ez onartzeko kausaren bat egon daitekeela ikusiz gero, Espainiako lege prozesalekin bat etorriz betiere, organo jurisdikzionalari emango dio horren berri, hamar eguneko epearen barruan onartzeari buruzko ebazpena eman dezan, baldin eta jurisdikziorik edo eskumenik eza ikusi badu edo demandak akats formalak dituela edo dokumentazioa osatu gabe dagoela hauteman badu eta egileak hori ez badu zuzendu idazkari judizialak horretarako emandako bost eguneko epean.

7.Aurka egitea formalizatuta edo horretarako emandako epea formalizatu gabe igarota, organo jurisdikzionalak dagokiona auto bidez ebatziko du hamar eguneko epearen barruan.

8.Fiskaltzak beti esku hartuko du horrelako prozesuetan, eta horretarako jarduketa guztiak helarazi beharko dizkiote.

55. artikulua. Errekurtsoak.

1.Exequatur-autoaren aurka apelazioko errekurtsoa bakarrik aurkez daiteke, Prozedura Zibilaren Legearen aurreikuspenekin bat etorriz. Errekurritutako autoa baieslea bada, organo jurisdikzionalak betearazpena eten edo betearazpen hori dagokion kauzioa ematearen mende utzi ahal izango du.

2.Probintzia-auzitegiak bigarren auzialdian emandako ebazpenaren kontra, arauhauste prozesalaren ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango du alderdi legitimatuak, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

V. KAPITULUA

Atzerriko dokumentu publikoak

56. artikulua. Atzerriko dokumentu publikoak betearaztea.

1.Atzerriko agintariek egin edo baimendutako dokumentu publikoak Espainian betearazteko modukoak izango dira jatorrizko herrialdean hala badira eta ez badira ordena publikoaren aurkakoak.

2.Espainian betearazi ahal izateko, Espainiako agintariek egin edo baimendutakoen eraginkortasun bera edo baliokidea eduki beharko dute gutxienez.

57. artikulua. Atzerriko erakunde juridikoak egokitzea.

Espainiako notario eta funtzionario publikoek, baldin eta beharrezkoa bada atzerriko agintariek egin edo baimendutako dokumentu publikoak behar bezala betearazteko, Espainiako ordenamendura egokitu ahal izango dituzte Espainian ezezagunak diren erakunde juridikoak; hala bada, gure legerian ondore baliokideak dituzten eta antzeko helburuak edota interesak bilatzen dituzten beste batzuez ordeztu ahal izango dituzte horrelakoak. Interesdun orok izango du egindako egokitzapena zuzenean organo jurisdikzional baten aurrean aurkaratzeko aukera.

VI. KAPITULUA

Erregistro publikoetan inskribatzea

58. artikulua. Xedapen orokorrak.

Erregistro-prozedurak, lege-eskakizunek eta erregistro-idazpenen ondoreek Espainiako zuzenbideko arauak bete beharko dituzte edozelan ere.

59. artikulua. Atzerriko ebazpen judizialak inskribatzea.

1.Beren legeriaren arabera errekurtsorik onartzen ez duten atzerriko ebazpen judizialak Espainiako jabetzaeta merkataritza-erregistroetan eta ondasun higigarrien erregistroetan inskribatzeko ez da prozedura berezirik beharko, horiek ebazpen judizial irmoak edo behin betiko borondatezko jurisdikzio-ebazpenak izan. Ez badira irmoak edo behin betikoak, haien prebentzioko idatzoharra baino ezin izango da egin.

2.Aurreko zenbakian aipatutako atzerriko ebazpen judiziala inskribatzeko, titulu inskribagarria kalifikatu aurretik, erregistratzaileak aurkeztutako dokumentuen erregulartasun eta benetakotasun formala egiaztatuko du, baita ukatzeko titulu honetako II. kapituluan aurreikusitako kausarik ez dagoela ere; halaber, erabakia postaz, telegramaz edo jakinarazitakoa jaso izana zein haren data eta edukia jasota uzteko aukera ematen duen beste edozein baliabide teknikoz jakinarazi beharko dio aurkezten duenari eta atzerriko ebazpena baliarazi nahi duen alderdiari, erregistroan edo aurkeztutako ebazpenean ageri den egoitzan, eta horiek hogei eguneko epea izango dute erabaki horren aurka egiteko.

Baldin eta jakinarazpena adierazitako helbideetan egiterik ez badute izan, eta, nolanahi ere, erregistratzaileak aitortze intzidentalaren aurkako erabaki bat hartzen badu, eskatutako inskripzioa eten egingo da eta erregistratzaileak xede nagusiz aitortzeko prozeduraz (titulu honetan araututa) arduratu beharreko epailearengana igorriko ditu alderdiak. Aurkezten duenaren eskariz, orobat, eskatutako idazpena egin ahal izango da.

3.Interesdunak titulu honetan aurreikusitako exequatur-prozesua errekurritzeko aukera edukiko du beti.

60. artikulua. Atzerriko dokumentu publikoak inskribatzea.

Auzibidetik kanpoko atzerriko dokumentu publikoak Espainiako erregistro publikoetan inskribatu ahal izango dira aplikatu beharreko berariazko legerian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, betiere atzerriko agintariak agiria egiten esku hartu badu Espainiako agintariek kasuan kasuko gaian betetzen dituztenen antzeko eginkizunak betetzen, eta jatorrizko herrialdean ondore berberak edo antzeko ondoreak sortzen baditu.

61. artikulua. Egokitzapena.

1.Baldin eta atzerriko ebazpenak edo dokumentu publikoak Espainiako zuzenbidean ezezagunak diren neurriak agintzen baditu edo eskubideak gehitzen baditu, erregistratzaileak, ahal den neurrian, Espainiako ordenamendu juridikoan aurreikusia edo ezaguna den antzeko helburu eta intereseko neurri edo eskubide batera egokituko ditu,

baina egokitzapen horrek jatorrizko estatuko zuzenbidean xedatutako ondoreak baino ez ditu izango. Inskripzioaren aurretik, egin beharreko egokitzapena jakinaraziko dio erregistratzaileak dena delako eskubidearen edo neurriaren titularrari.

2.Interesdun orok izango du egokitzapena zuzenean organo jurisdikzional baten aurrean aurkaratzeko aukera.

Lehenengo xedapen gehigarria. Arlo zibileko eta merkataritzaren arloko nazioarteko lankidetza juridikoaren eremuko arau bereziak.

Lege honen 2. artikuluan aurreikusitakoaren ondoreetarako, arlo zibil eta merkataritzakoko nazioarteko lankidetza juridikoaren eremuko arau berezitzat hartzen dira honako hauek, besteak beste:

a) Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 199-230 artikuluak.

b) Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 25-31 artikuluak.

c) Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legearen 94-100 artikuluak.

d) Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategineko (azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartuta) 67. artikuluko 1. zenbakia.

e) Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legearen 46. artikulua.

f) Hipotekari buruzko Legearen eta Erregelamenduen arauak, eta Merkataritza Kodearen zein Merkataritza Erregistroaren Erregelamendua onartzeko Errege Dekretuarenak (uztailaren 19ko 1784/1996 Errege Dekretua) , atzerriko dokumentuen inskripzioa arautzen dutenak, Lege honetan xedatutakoarekin bateragarriak badira.

g) Borondatezko Jurisdikzioaren Legean jasotako nazioarteko zuzenbide pribatuko

arauak.

Bigarren xedapen gehigarria. Inprimaki normalizatuak.

Justizia Ministerioaren aginduaren bidez era guztietako inprimaki normalizatuak ezarri ahal izango dira lege hau aplikatzen laguntzeko, baita nazioarteko lankidetza juridikoko eskaerak zein erreguzko eskaerak betetzen laguntzeko ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kostuen aurreikuspena.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute hornidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.

Xedapen iragankor bakarra. Izapidetzen ari diren prozesuei aplikatzekoa den araubidea.

1.Espainiako agintariek indarrean jarri ondoren jasotzen dituzten nazioarteko lankidetza juridikoko eskaerei aplikatuko zaie Lege hau.

2.Legea indarrean jarri ondoren Espainiako organo jurisdikzionalen aurrean jarritako demandei aplikatuko zaie IV. titulua.

3.Legea indarrean jarri ondoren Espainiako organo jurisdikzionalen aurrean jarritako exequatur-demandei aplikatuko zaie V. titulua, atzerriko ebazpena noiz eman den gorabehera.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1.Indargabetuta geratzen dira Prozedura Zibilaren Legearen (1881eko otsailaren 3ko Errege Dekretu bidez onetsita) 951-958 artikuluak.

2.Indargabetuta geratzen dira Lege honetan ezartzen denaren aurkako xedapen

guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Hipoteka Legea aldatzea.

Hipoteka Legearen 14. artikuluko lehen lerrokada honela geratuko da idatzita:

«Jarauntsi bidezko oinordetzaren titulu gisa har daitezke testamentua, oinordetza-kontratua, abintestato-jaraunsleak izendatzeko nabaritasun-akta, abintestato-jaraunslea Estatuaren alde izendatzeko administrazio-adierazpena eta, bidezkoa bada, 650/2012 Erregelamenduaren (EB) VI. kapituluak aipatzen duen Europako oinordetza-ziurtagiria.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Prozedura Zibilaren Legea (urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea) aldatzea.

Orain arteko hogeita bosgarrenetik hogeita zazpira bitarteko azken xedapenak aurrerantzean hogeita zazpigarrena, hogeita zortzigarrena eta hogeita bederatzigarrena izango dira, hurrenez hurren, eta hogeita bosgarrena izango den azken xedapen berri bat eta hogeita seigarrena izango den azken xedapen berri bat sartzen dira; honela geratzen dira idatzita:

«Azken xedapenetatik hogeita bosgarrena. Azken xedapenetatik hogeita bosgarrena. 1215/2012 (EB) Erregelamendua, Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko abenduaren 12koa –gai zibileko eta merkataritzako ebazpen judizialen eskumen judizialari, aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa–, Espainian aplikatzea bideratzeko neurriak.

1.1215/2012 (EB) Erregelamenduaren babesean Europar Batasuneko estatu kide batek emandako ebazpenak aintzatesteari buruzko erregelak.

1.a 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartutako eta Europar Batasuneko estatu kide batean emandako ebazpenak aintzatetsi egingo dira Espainian, inolako prozedurarik bideratu beharrik gabe.

2.a Aintzatespenaren ukapena arazo intzidental baten moduan inbokatzen bada organo judizial baten aurrean, organo hori eskuduna izango da hartaz arduratzeko, eta lege honen 388. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio; aintzatespen horren eraginkortasuna intzidentearen oinarriko prozesu nagusian ebatzitakora geratuko da mugatuta, eta ezingo da eragotzi ebazpenaren aintzatespenari buruz ebaztea gai nagusia hori izango duen prozesu bereizi batean.

3.a Beste estatu kide batean emandako ebazpen bat Espainian inbokatu nahi duen alderdiak 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 37. artikuluan aurreikusitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu, eta hura zein organo judizialen edo agintaritzaren aurrean inbokatu eta hark artikulu horren 2. zenbakian aurreikusitako itzulpenak edo transkripzioak eskatu ahal izango ditu.

4.a Beste estatu kide batean emandako ebazpena zein organo judizialen edo agintaritzaren aurrean inbokatu eta hark prozedura eten ahal izango du, 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 38. artikuluan aurreikusitako zioetan oinarrituta.

5.a Alderdi interesdunetatik edozeinek eskatuta, ebazpenaren aintzatespena ukatu egingo da 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 45. artikuluaren zioetakoren batean oinarrituta eta azken xedapen honen 4. zenbakian aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz. Lege honen 50. eta 51. artikuluen arabera egokitzen den lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna.

6.a Xedapen honen 4. zenbakian aurreikusitako prozedura berberari jarraitu beharko zaio alderdi interesdunak eskatzen duenean deklara dadila atzerriko ebazpenak ez duela Erregelamenduaren 45. artikuluan jasotako aintzatespena ukatzeko ziorik. Lege honen 50. eta 51. artikuluen arabera egokitzen den lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna.

2.1215/2012 (EB) Erregelamenduaren babesean Europar Batasuneko estatu kide batek emandako betearazte-indardun ebazpenak betearazteari buruzko erregelak.

1.a Estatu kide batean eman eta bertan betearazte-indarra duten ebazpenek indar hori ere izango dute Espainian, haien betearazte-indarra deklaratu beharrik gabe, eta Espainian eman balira bezalako baldintza berberetan betearaziko dira, 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 39. artikulutik 44.era bitartekoetan eta xedapen honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Aurrekoa gorabehera eta 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 2.a) artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, behin-behineko edo kautelazko neurri bat agintzen duen ebazpena izanez gero, Espainian betearaziko da, soilik, baldin eta hura eman duen jurisdikzio-organoak ziurtatu badu eskuduna dela auzigaiaren funtsari dagokionez.

2.a Betearazte-indardun ebazpen baten betearazpenaren ondoreetarako, 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 42.1 artikuluan aurreikusitako dokumentuak aurkeztuko ditu eskatzaileak, edo erregelamendu beraren 42.2 artikuluan aurreikusitakoak, behin-behineko edo kautelazko neurri bat agintzen duen ebazpena bada, bai eta erregelamendu horren 42.3 artikuluan aurreikusitako ziurtagiriaren itzulpena ere, baldin eta organo judizial eskudunak galdatzen badu. Eskatzaileari ebazpenaren itzulpen bat aurkezteko galdatu ahal izango zaio soilik hura gabe eginbideak jarraitu ezin badira.

3.a Estatu kide batek emandako betearazte-indardun ebazpenen betearazpena lege honen xedapenen arabera egingo da Espainian kasu orotan.

4.a Estatu kide batek eman eta betearazte-indarra duen ebazpen orok berarekin ekarriko du lege honetan aurreikusitako kautelazko neurriak aplikatzeko ahalmena, bertan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz.

3.Ez egiaztatzea ziurtagiriaren jakinarazpena, eta atzerriko ebazpenaren itzulpena.

1.a 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 43.1 artikulua aplikatzearen ondoreetarako, lehenengo betearazpen-neurria hartu aurretik, betearazleak egiaztatzen ez duenean 53. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria eta atzerriko ebazpena jada jakinarazi zaizkiola betearazpena noren aurka eskatu eta pertsona horri, azken horri jakinarazi beharko zaio bata ala bestea, edo, kasua denean, biak, betearazpena abiarazten duen autoarekin batera.

2.a 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 43.2 artikulua aplikatzearen ondoreetarako, betearazpena noren aurka eskatu eta pertsona horrek bost eguneko epea izango du atzerriko ebazpenaren itzulpena eskatzeko, betearazpena abiarazi dela jakinarazi denetik kontatzen hasita, baldin eta aldez aurretik jakinarazi ez bazaio eta ebazpen horren itzulpen bat erantsi ez bazaio betearazpen-demandari.

3.a Itzulpen hori entregatzen ez zaion bitartean, etenda geratuko da lege honen 556.1 artikuluan betearazpenari aurka egiteko aurreikusitako epea, bai eta hurrengo zenbakian aurreikusitako erantzun-epea ere. Epaileak betearazpena largetsiko du, baldin eta hilabeteko epean itzulpen hori ekartzen ez badu betearazleak.

4.a Zenbaki hau ez zaio aplikatuko ebazpen baten kautelazko neurrien betearazpenari, edo betearazpena eskatu duen pertsonak kautelazko neurriak eskatzen dituenean xedapen honen 2. zenbakiko 4. erregelarekin bat etorriz.

4.4. 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren babesean Europar Batasuneko estatu kide batek emandako betearazte-indardun ebazpenak ukatzeari buruzko erregelak.

Lege honetan aurreikusten diren betearazpenari aurka egiteko zioei kalterik egin gabe, betearazpena noren aurka eskatu eta pertsona horrek eskatuta, betearazteindarra duen ebazpen baten betearazpena ukatuko da, 1215/2012 (EB)

Erregelamenduaren 45. artikuluan jasotzen diren aintzatespenari uko egiteko zioetako bat edo batzuk egoteagatik, hitzezko judizioaren bideetatik, honako berezitasun hauekin:

1.a Betearazpenaz arduratzen den lehen auzialdiko epaitegiak izango du eskumena.

2.a Lege honen 437. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko da demanda, demandatuari betearazpena abiarazi dela jakinarazten zaion datatik kontatzen hasita hamar eguneko epean, kasua denean; demandarekin batera aurkeztu beharko dira 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 47.3 artikuluan aipatutako dokumentuak eta haren uzia justifikatzen duen beste edozein, eta, kasua denean, auzi-jartzaileak egiteko eskatu dituen frogabideen proposamena jasoko du demandak.

3.a Auzi-jartzaileak 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 44.1 artikuluan aurreikusitako neurriak eska ditzake. Auzi-jartzaileak eskatuta ere, erregelamendu bereko 44.2 artikuluaren kasuan, prozedura eteteko erabakia hartuko da, atzerapenik gabe.

4.a Idazkari judizialak demanda helaraziko dio demandatuari, 10 eguneko epean erantzun dezan. Erantzunean, bere aurkakotza justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu, eta baliatu nahi dituen frogabide guztiak proposatu. Auzijartzaileari helaraziko zaizkio idazki hori eta harekin batera aurkeztutako dokumentuak.

5.a Demanda erantzunda edo egokitzen den epea igarota, idazkari judizialak ikustaldirako zitazioa egingo die alderdiei, baldin eta hala eskatzen badute euren demandaeta erantzun-idazkietan. Ikustaldia egiteko eskaerarik egin ez badute euren idazkietan, edo proposatutako froga bakarra dokumentu bidezkoa denean eta dokumentu horiek prozesura ekarri direnean aurkaratuak izan gabe, edo aditutxostenen kasuan berrespena beharrezkoa ez denean, epaileak auto bidez ebatziko du, izapide gehiagorik gabe.

6.a Auto horren aurka apelazio-errekurtsoa egongo da. Bigarren auzialdian emandako epaiaren aurka, kasua denean, arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa egongo dira, lege honetan aurreikusitakoaren arabera. Errekurtso horietakoren baten ardura duen organo judizialak prozedura eten ahal izango du, baldin eta jatorriko estatu kidean ebazpenaren aurka errekurtso arrunt bat aurkeztu bada edo hura jartzeko epea oraindik amaitu ez bada, 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 51. artikuluaren arabera. Ondore horietarako, ebazpena Irlandan, Zipren edo Erresuma Batuan eman denean, errekurtso arruntzat joko da jatorriko estatu kide horietakoren batean aurreikusitako edozein errekurtso.

5.Ziurtagiria egitea.

1.a 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 53. artikulua aplikatzearen ondoreetarako, manu horretan aurreikusitako ziurtagiria egin dadila berebat bidez eskatu ahal izango da demandan, epaiarekin batera egin dadin. Kasu orotan, bananduta eta probidentzia bidez egingo da, artikulu horretan aipatutako formularioeredua erabiliz.

Transakzio judizialak direnean, modu berean egingo da ziurtagiria, 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 60. artikuluaren ondoreetarako, artikulu horretan aurreikusitako formulario-eredua erabiliz.

2.a Betearazte-indardun dokumentu publikoen kasuan, notario eskuesleak edo protokoloan legez ordezten duenak edo jarraitzen dionak beteko du 1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 60. artikuluan aipatutako formulario-eredua. Bete izana matrizean edo polizan jasoko du, ohar bidez, eta kopia autentikoa txertatuko du bertan, zirkulatuko duen dokumentua ziurtagiriaren jatorrizkoa izanik.

6.Egokitzea.

1215/2012 (EB) Erregelamenduaren 54. artikulua aplikatzearen ondoreetarako, atzerriko ebazpen baten aintzatespenari edo betearazpenari buruz ebazten duen agintaritzak manu horretan aurreikusitakoaren arabera egokituko du hura. Atzerriko neurria edo agindua egokitzeari buruzko erabakiaren aurka, legeria prozesalean jasotako errekurtsoak egongo dira, kasuan kasuko ebazpen-motaren eta prozeduraren arabera.

7.Dokumentu publikoen betearazte-indarra.

1.a Jatorriko estatu kidean betearazte-indardun dokumentu publikoek indar hori ere izango dute Espainian, haien betearazte-indarra deklaratu beharrik gabe; betearazpena ukatu ahal izango da, soilik, ordena publikoaren aurkakoa denean argi eta garbi. Jatorriko estatu kidean autentikotzat hartzeko beharrezkoak diren betekizunak izan behar ditu aurkeztutako dokumentu publikoak.

2.a Betearazpenaren ukapena eskatu ahal izango du betearazpena noren aurka eskatu eta pertsona horrek, xedapen honen 4. zenbakian aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz.

3.a Estatu kide batean egindako dokumentu publikoen betearazpena, kasu orotan, xedapen honen arauak aplikatuz gauzatuko da Espainian, lege honen xedapenekin bat etorriz.

8. Transakzio judizialen betearazte-indarra.

Jatorriko estatu kidean betearazte-indardun transakzio judizialak aurreko zenbakian dokumentu publikoentzat aurreikusitako baldintza berberetan betearaziko dira Espainian.»

Azken xedapenetatik hogeita seigarrena. 650/2012 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2012ko uztailaren 4koa – eskumenari, lege aplikagarriari, ebazpenen aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa, «mortis causa» oinordetzen gaian dokumentu publikoen onarpenari eta betearazpenari buruzkoa eta Europako oinordetza-ziurtagiria sortzeari buruzkoa–, Espainian aplikatzea bideratzeko neurriak.

1.650/2012 (EB) Erregelamenduaren babesean Europar Batasuneko estatu kide batek emandako ebazpenak betearazteko eta aintzatesteko erregelak.

1.a Edozein alderdi interesdunek eskatu ahal izango du deklara dadila ebazpen batek Espainian betearazpen-indarra izatea, baldin eta ebazpen hori 650/2012 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartuta badago eta Europar Batasuneko estatu kide batean eman eta bertan betearazte-indarra badu, xedapen honen 2. zenbakitik 7.era aurreikusitako prozeduraren arabera.

2.a Europar Batasuneko estatu kide batean emandako ebazpenak aintzatetsi egingo dira Espainian, inolako prozedurarik bideratu beharrik gabe. Aurrekoa gorabehera, aurka eginez gero, ebazpen hori aintzatets dadila eskatu ahal izango du mota horretako ebazpen bat titulu nagusi gisa aintzatets dadila inbokatzen duen edozein alderdi interesdunek, 1. zenbakian aurreikusitako prozedura beraren bidez.

Aintzatespenaren ukapena arazo intzidental baten moduan inbokatzen bada organo judizial baten aurrean, organo hori eskuduna izango da hartaz arduratzeko, eta lege honen 388. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio; aintzatespen horren eraginkortasuna intzidentearen oinarriko prozesu nagusian ebatzitakora geratuko da mugatuta, eta ezingo da eragotzi ebazpenaren aintzatespenari buruz ebaztea gai nagusia hori izango duen prozesu bereizi batean.

Edozein kasutan, aintzatespena zein organo judizialen aurrean eskatu eta hark prozedura eten ahal izango du, baldin eta ebazpen hori errekurtso arrunt baten objektua bada jatorriko estatu kidean.

2.Eskumena.

Aintzatespenedo betearazpen-eskaera zein alderdiren aurka egin eta haren egoitzako lehen auzialdiko epaitegiak izango du betearazte-indarraren prozeduraz arduratzeko eskumena, edo betearazteko tokikoak, zeinean ebazpenak bere ondoreak sortu behar dituen.

3.Doako laguntza juridikoa.

1.a Espainian aplikagarriak diren arau orokorrak bete beharko ditu doako laguntza juridikoak prozedura honetan.

2.a Aurreko zenbakian xedatutakoari kalterik egin gabe, jatorriko estatu kidean osorik edo partzialki doako laguntza juridikoaren edo kostuen eta gastuen salbuespenaren onura lortu duen eskatzaileak doako laguntza juridikoaren onurarik mesedegarriena edo ahalik eta salbuespenik zabalena izango du prozedura honetan, Espainian aplikagarri diren arau orokorrekin bat etorriz.

4.Ebazpen baten betearazte-indarra deklaratzeko prozedura.

1.a Betearazte-indarra deklaratzeko eskaera demanda bidez aurkeztuko da; demandak lege honen 437. artikuluaren betekizunak bete beharko ditu, eta honako dokumentu hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Ebazpenaren kopia autentiko bat.

b) 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 46.3.b) artikuluan aurreikusitako ziurtagiria.

2.a Aurreko zenbakian aurreikusitako ziurtagiria aurkezten ez bada, organo judizialak epe bat finkatu ahal izango du hura aurkezteko, dokumentu baliokide bat onartu ahal izango du, edo haiek lekatu ahal izango ditu informazio nahikoa duela irizten badio.

Organo judizialak, halaber, dokumentuen itzulpen bat eskatu ahal izango du, estatu kideetako batean itzulpenak egiteko kualifikatutako pertsona batek egindakoa.

3.a Eskatzaileak ez du posta-helbidea Espainian edukitzeko betebeharra izango, ezta prokuradoreak ordezkatuta eta letraduak lagunduta jardutekoa ere.

4.a Eskatzaileak behin-behineko neurriak edo kautelazkoak har daitezela eskatu ahal izango du, lege honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Betearazteindarraren deklarazioak barnean hartuko du edozein kautela-neurri hartzeko baimena.

5.a 1. eta 2. erregeletan aurreikusitako formalitateak beteta, epaileak, auto bidez, berehala deklaratuko du ebazpenaren betearazte-indarra, deklarazioa zein alderdiren aurka eskatu eta hari helarazi gabe eta 650/2012 (EB) Erregelamenduaren

40. artikuluan aurreikusitako zioak, aintzatespena ukatzekoak, aztertu gabe. Deklarazioaren objektu den ebazpenak uzi batzuk baditu eta ezin bada haien

guztien betearazte-indarra deklaratu, bidezkoak direnen betearazte-indarra deklaratuko du autoak.

6.a Deklarazioa zein alderdiren aurka eskatu eta hari zuzendutako jakinarazpena zenbaki honen 1. eta 2. erregeletan aipatutako dokumentuekin batera aurkeztuko da.

5.Betearazte-indarra deklaratzeko eskaerari buruzko ebazpenaren aurkako errekurtsoak.

1.a Betearazte-indarra deklaratzeko eskaerari buruzko ebazpena alderdietako edozeinek errekurritu ahal izango du hogeita hamar egun naturaleko epean. Deklarazioa zein alderdiren aurka eskatu eta hark egoitza Espainiatik kanpo edukiz gero, hirurogei egun naturaleko epea izango du errekurtsoa jartzeko; epe horrek ez du luzapenik onartuko haren egoitzatik Espainiara dagoen distantzia dela-eta.

Probintzia-auzitegiak izango du errekurtsoaz arduratzeko eskumena.

2.a Betearazte-indarraren deklarazioaren aurkako errekurtsoaren epean eta hari buruz ebatzi arte, betearazpena zein alderdiren aurka eskatu eta haren ondasunen gaineko kautelazko neurriak soilik hartu ahal izango dira.

3.a Bigarren auzialdian emandako epaiaren aurka, kasua denean, arau-hauste prozesalaren ondoriozko aparteko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa egongo dira, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

6.Betearazte-indarra deklaratzeko eskaerari buruzko ebazpenaren aurkako errekurtsoaren prozedura.

Aurreko zenbakiaren 1. erregelan aurreikusitako errekurtsoa apelazioerrekurtsoaren bideetatik bideratuko da, ordezkaritza prozesalari eta defentsa teknikoari buruzko arauak barne, honako berezitasun hauek dituela:

a) Arau edo berme prozesalak hautsi izana lehenengo auzialdian alegatzeari kalterik egin gabe, errekurtsoa oinarritu ahal izango da soilik 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 40. artikuluan aurreikusitako zioetakoren batean edo batzuetan; errekurtsogileak bere uziak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak aurkeztuko ditu errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera, eta, kasua denean, egiteko eskatu dituen frogabideen proposamena jasoko du idazkiak.

b) Idazkari judizialak gainerako alderdiei helaraziko dizkie errekurtso-idazkia eta harekin batera aurkeztutako dokumentuak, eta epatu egingo ditu, hogei egun naturaleko epean aurka egiteko edo aurkaratzeko idazkia aurkez dezaten; beharrezkotzat jotzen dituzten justifikatze-dokumentuak erantsiko dizkiote hari, eta, kasua denean, egiteko eskatu dituzten frogabideen proposamena jasoko da bertan.

c) Betearazte-indarraren deklarazioa zein alderdiren aurka eskatu eta hura agertu ezean, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da haren ohiko bizilekua Espainiatik kanpo egonez gero.

7.Errekurtsoen etendura.

5.zenbakian aurreikusitako errekurtsoetatik edozein zein auzitegiren aurrean jarri eta hark prozedura etengo du, betearazte-indarra deklaratzeko eskaera zein alderdiren aurka egin eta hark eskatuta, baldin eta betearazte-indar hori jatorriko estatu kidean eten egin bada errekurtso bat jartzeagatik.

8.Dokumentu publikoen betearazte-indarra.

Jatorriko estatu kidean betearazte-indardun dokumentu publikoak betearazteindardun deklaratuko dira Espainian, alderdi interesdunetatik edozeinek eskatuta, azken xedapen honen 2. zenbakitik 7.era bitartekoetan araututako prozedurarekin bat etorriz; 4.1. b) zenbakian aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko da, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 60.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Xedapen honen 16. zenbakian aurreikusitako errekurtsoetatik edozein zein auzitegiren aurrean jarri eta hark dokumentu publiko baten betearazte-indarraren deklarazioa ezetsiko edo errebokatuko du, soilik, hura ordena publikoaren aurkakoa denean argi eta garbi.

9. Transakzio judizialen betearazte-indarra.

Jatorriko estatu kidean betearazte-indardun transakzio judizialak betearazteindardun deklaratuko dira Espainian, alderdi interesdunetatik edozeinek eskatuta, azken xedapen honen 2. zenbakitik 7.era bitartekoetan araututako prozedurarekin bat etorriz; 4.1. b) zenbakian aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko da, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 61.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.zenbakian aurreikusitako errekurtsoetatik edozein zein auzitegiren aurrean jarri eta hark transakzio judizial baten betearazte-indarraren deklarazioa ezetsiko

edo errebokatuko du, soilik, hura ordena publikoaren aurkakoa denean argi eta garbi.

10.Ebazpen, dokumentu publiko edo transakzio judizial baten ziurtagiria egitea, beste estatu kide batean haren betearazte-indarraren ondoreetarako.

1.a Erregelamenduaren 46.3 artikuluaren aplikazioaren ondoreetarako, ebazpena eman duen organo judizialari egokituko zaio manu honetan aurreikusitako ziurtagiria egitea, eta bananduta egingo da, probidentzia bidez, artikulu horretan aurreikusitako formulario-eredua erabiliz.

Gauza bera egingo da, Erregelamenduaren 61. artikuluaren aplikazioaren ondoreetarako, transakzio judizial bat denean, eta artikulu horretan aurreikusitako formulario-eredua erabiliko da ziurtagiria egiteko.

2.a Dokumentu publikoen kasuan, notario eskuesleak edo protokoloan legez ordezten duenak edo jarraitzen dionak egingo du Erregelamenduaren 60. artikuluan aipatzen den ziurtagiria, artikulu horretan aurreikusitako formulario-eredua erabiliz. Egin izana matrizean jasoko da, ohar bidez, eta kopia autentikoa txertatuko da bertan, zirkulatuko duen dokumentua ziurtagiriaren jatorrizkoa izanik. Matrizean txertatu ezin bada, ohar bidez lotuko zaio osteko aktari, eta han txertatu beharko da.

11.Europako oinordetza-ziurtagiria organo judizialak egitea.

1.a Organo judizialak probidentzia bidez eta bananduta egingo du Europako oinordetza-ziurtagiria, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 67. artikuluan aurreikusitako moduan eta aldez aurretik eskatuta; erregelamendu beraren 65.2 artikuluan aurreikusitako formularioaren bidez aurkeztu ahal izango da eskaera.

2.a Europako oinordetza-ziurtagiri bat judizialki egiteko eskumena oinordetza bideratzen ari den edo bideratu duen auzitegi berak izango du. Oinordetzaziurtagiriaren lekukotza egingo da, eta eskatzaileari entregatuko zaio.

3.a Ziurtagiri bat eskatzeko eskubidea duen pertsona orok errekurritu ahal izango ditu egokitzen den organo judizialak hartutako erabakiak.

12.12. Organo judizial batek egindako Europako oinordetza-ziurtagiria zuzentzea, aldatzea edo deuseztatzea.

1.a Europako oinordetza-ziurtagiri bat zuzentzeko prozedura uztailaren 1eko Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoaren 267. artikuluaren 1. zenbakitik 4.era bitartekoetan aurreikusitako moduan ebatziko da, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71.1 artikuluan aurreikusita dagoen moduan.

2.a 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71.1 artikuluan aipatutako Europako oinordetza-ziurtagiri bat aldatzeko edo deuseztatzeko prozedura lege honetan berraztertze-errekurtsoarentzat aurreikusitakoarekin bat etorriz izapidetuko eta ebatziko da, auzialdi bakarrean.

3.a Kasu orotan, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71.3 artikuluarekin bat etorriz, erregelamendu beraren 70.1 artikuluaren arabera ziurtagiriaren kopia autentikoak entregatu zitzaizkien pertsona guztiei atzerapenik gabe komunikatuko die auzitegiak ziurtagiriaren edozein zuzenketa, aldaketa edo deuseztapen.

13.Organo judizial batek uko egitea Europako oinordetza-ziurtagiria egiteari.

Europako oinordetza-ziurtagiri bat egiteko ukapena bananduta egingo da, auto bidez, eta berraztertze-errekurtsoaren izapideen bidez aurkaratu ahal izango da, auzialdi bakarrean.

14.Europako oinordetza-ziurtagiria notarioak egitea.

1.a Aldez aurretik eskatuta, oinordetza edo haren elementuetakoren bat deklaratzen duen notarioak edo protokoloan legez ordezten duenak edo jarraitzen

dionak dauka 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 62. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria egiteko eskumena; horretarako, erregelamendu beraren 67. artikuluan aipatutako formularioa erabili beharko du. Oinordetza-ziurtagiri bat egiteko eskaera erregelamendu beraren 65.2 artikuluan aurreikusitako formularioaren bidez aurkeztu ahal izango da.

2.a Aipatutako Europako oinordetza-ziurtagiria egin izana jasota utziko da egintza edo negozioa bideratu duen eskrituraren matrizean, ohar bidez, 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzaren Legearen 17. artikuluaren arabera ziurtagiriak dokumentu publikoaren izaera izango baitu; ziurtagiriaren jatorrizkoa txertatuko da bertan, eta kopia autentikoa entregatuko zaio eskatzaileari.

Matrizean txertatu ezin bada, ohar bidez lotuko zaio osteko aktari, eta han txertatu beharko da ziurtagiriaren jatorrizkoa.

15.Notario batek egindako Europako oinordetza-ziurtagiria zuzentzea, aldatzea edo deuseztatzea.

1.a Europako oinordetza-ziurtagirian oker material bat antzemanez gero, ziurtagiri hori dagoen protokoloko notarioari egokituko zaio haren zuzenketa egitea, bai eta 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71.1 artikuluan aurreikusitako aldaketa edo deuseztapena egitea ere.

2.a Kasu orotan, 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71.3 artikuluarekin bat etorriz, notarioak atzerapenik gabe komunikatuko die haren edozein zuzenketa, aldaketa edo deuseztapen erregelamendu beraren 70.1 artikuluaren arabera ziurtagiriaren kopia autentikoak entregatu zitzaizkien pertsona guztiei.

16.Errekurtsoa.

1.a 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 63.1 eta 65 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz interes legitimoa duenak errekurritu ahal izango ditu Europako oinordetza-ziurtagiri bati lotuta notario batek hartutako erabakiak.

2.a 650/2012 (EB) Erregelamenduaren 71. artikuluaren eta 73. artikuluaren 1. zenbakiaren a) letran aurreikusitakoarekin bat etorriz interes legitimoa duenak errekurritu ahal izango du Europako oinordetza-ziurtagiri bat zuzentzeko, aldatzeko, deuseztatzeko edo egiteko notario baten ezezkoa.

3.a Zenbaki honen 1. eta 2. erregeletan aipatutako erabakien aurkako errekurtsoa notarioaren bizileku ofizialaren tokiko lehen auzialdiko epailearen aurrean jarriko da zuzenean, auzialdi bakarrean, eta hitzezko judizioaren izapideetatik bideratuko da.

17.Errekurtsoaren ondoreak.

1.a Aurreko zenbakian aurreikusitako errekurtsoaren ondorioz egiaztatuta geratu bada egindako Europako oinordetza-ziurtagiria ez datorrela errealitatearekin bat, organo judizial eskudunak hura egin duen notarioari aginduko dio emandako ebazpen judizialaren arabera zuzen, alda edo deusezta dezala.

2.a Errekurtsoaren ondorioz egiaztatuta geratzen bada Europako oinordetzaziurtagiria egiteko ezezkoa justifikatugabea zela, organo judizial eskudunak ziurtagiria egingo du edo bermatuko du hura egin duen notarioak kasua berriro azter dezala eta emandako ebazpen judizialarekin bat datorren beste erabaki bat har dezala.

3.a Kasu orotan, egintza edo negozioa bideratu duen eskrituraren matrizean eta egindako Europako oinordetza-ziurtagiria protokoloan jasotzeko aktan jaso beharko du egindako zuzenketaren, aldaketaren edo deuseztapenaren oharra, bai eta errekurtsoa jarri izanarena eta bertan emandako ebazpen judizialarena ere.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legea (uztailaren 6ko 5/2012 Legea) aldatzea.

Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legearen (uztailaren 6ko 5/2012 Legea) 27. artikulua honela geratzen da idatzita:

«27. artikulua. Mugaz gaindiko bitartekaritza-akordioak betearaztea.

1.Bitartekaritza-akordio bat aitortu eta betearazteko orduan Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legean aurreikusitakoa beteko da, Europar Batasuneko araudiak eta Espainian indarrean dauden nazioarteko hitzarmenek xedatutakoa alde batera utzi gabe.

2.Atzerriko agintariek betearaztekotzat jo ez dituzten bitartekaritza-akordioak Espainian betearazi ahal izateko, beharrezkoa izango da notario espainiar batek akordioak eskritura publiko bihurtzea, alderdiek hala eskatu diotelako edota alderdietako batek eskatu diolako, gainerakoen berariazko adostasunarekin.

3.Atzerriko dokumentua ezin izango da betearazi Espainiako ordena publikoaren aurkakoa denean.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko Legea (martxoaren 25eko 2/2014 Legea) aldatzea.

Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko Legearen (martxoaren 25eko 2/2014 Legea) hamaseigarren xedapen gehigarria honela geratuko da idatzita:

«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Itzulpen eta interpretazio ofizialak.

Atzerriko hizkuntza batetik gaztelaniara eta alderantziz egindako itzulpenak eta interpretazioak ofizialak izateko betekizunak erregelamenduz zehaztuko dira. Edozelan ere, ofizialak izango dira Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoak ziurtatutakoak, baita Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak ematen duen zinpeko itzultzaile-interprete titulua duenak egindakoak ere. Titulu hori lortzeko betekizunak, bai eta horren araubide juridikoa eratzen duten gainerako elementuak ere, erregelamendu bidez garatuko dira. Zinpeko itzultzaile-interpreteak bere sinaduraren eta zigiluaren bidez ziurtatuko ditu itzulpenaren eta interpretazioaren zehaztasuna eta doitasuna.

Hauek ere izango dira ofizialak:

a) Espainiaren atzerriko ordezkaritza diplomatiko edo bulego kontsular batek egindakoak edo bere gain hartutakoak, betiere administrazio-unitate horren aurrean hasi edo aurkeztutako eta Espainiako administrazioak ebatzi beharreko espediente edo prozedura bati erantsitako atzerriko dokumentu publiko bati badagozkio.

b) Espainian atzerriko ordezkaritza diplomatiko batek edo karrerako bulego kontsular batek egindakoak, betiere beren herrialdeko lege baten testu bati edo haren dokumentu publiko bati ez badagozkie.

Itzulpen edo interpretazio bat ofiziala izateak esan nahi du itzulpen edo interpretazio hori organo judizialen eta administrazio-organoen aurrean aurkeztu ahalko dela, erregelamenduz zehaztutako baldintzetan.

Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoak aztertu ahal izango ditu zinpeko itzultzaile-interpreteek edo ordezkaritza diplomatiko edo bulego kontsular batek egindako itzulpenak eta interpretazioak, horiek jaso dituen administrazio-erakundeak, judizialak, erregistroak edo agintaritza eskudunak hala eskatuz gero.»

Azken xedapenetatik bosgarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoaren babesean eman da; artikulu horrek legeria prozesalaren arloko eskumena esleitzen dio Estatuari.

V. tituluko VI. kapitulua, batetik, Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluan aurreikusitakoaren babesean eman da; artikulu horrek erregistro eta agerkari publikoak antolatzearen arloko eskumena ematen dio Estatuari Jabetza Erregistroari eta Ondasun Higigarrien Erregistroari dagokienez. Eta bestetik, Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, artikulu horrek Estatuari merkataritza-legeriaren arloko eskumena ematen baitio Merkataritza Erregistroari dagokionez.

Azken xedapenetatik lehena Konstituzioaren 149.1.8 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da, artikulu horrek Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitio erregistroak eta agerkari publikoak antolatzearen arloan.

Azken xedapenetatik hirugarrena Konstituzioaren 149.1.6 eta 149.1.8 artikuluetan ezarritakoaren babesean eman da, zenbaki horietan Estatuari eskumen esklusiboa aitortzen baitzaio merkataritza-legeriaren, legeria prozesalaren eta legeria zibilaren arloan.

Azken xedapenetatik seigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 30ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra