Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Portuei buruzko arauak

Azaroaren 24ko 27/1992 Legea, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzkoa

1992-11-24

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 25/11/1992, 283. zk.

Eguneratua: 2009-12-31

Indargabetua: 2011-10-21

Azaroaren 24ko 27/1992 Legea, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzkoa.

(2009ko abenduaren 31n itxitako argitaraldia)

Atarikoa

Nabaria da portuen arauketari ekiteko beharrizana, testu arauemaile baten bidez lortu ahal izateko arauketa horren edukiak gainerako antolamendu juridikoarekin bat egitea, eta gai horretan estatuaren eskumen-esparrua zehaztea. Beharrizan horren ageriko dira, oso barreiatuta egotea portu-kudeaketaren eta itsas trafikoaren esparruetan indarrean dagoen legeria, kasu batzuetan XIX. mendekoa dena; portu-araubideari dagokionez, tributu-izaerako legeria berria aldarrikatzea; eta, batez ere, Kostaldeei buruzko Lege berria eta horren erregelamendua aldarrikatzea, horiek aldarazi baitituzte estatuko itsas-lehorreko jabari publiko gisa sailkatuta dauden eta portu-zerbitzua emateko oinarri diren ondasunen arauketa eta araubidea.

Konstituzioak, 148.1.6 eta 149.1.20 artikuluetan, autonomia-erkidegoei hainbat eskumen eratxiki die portuen gaian; horren ondorioz, autonomia-erkidegoek euren estatutuetan jaso dituzte eskumen horiek, eta estatuak transferentziak gauzatu ditu, eskumenak eskualdatzeko prozesuaren bidez. Hori dela eta, nahitaez zehaztu behar da estatuak portuko zein ondasun eta instalazioen gainean duen titulartasuna, eta zein ondasun eta instalazioei begira egikaritzen dituen eskumenak; aldi berean, argitu behar da estatuko itsas-lehorreko jabari publikoan okupatu behar diren ondasunen araubidea, autonomia-erkidegoen eskumeneko portuak eraikitzeko edo hedatzeko orduan.

Dela portu bakoitza, dela portu guztiak orokorrean, denek portu-sistema osatzen duten heinean, duda-mudarik gabe, garrantzi handiko ekonomia-unitateak eta zerbitzuak emateko unitateak dira; ildo horretatik, portuek kudeaketa-autonomia zabalaz gain, arintasuna eta burokratizatu gabeko prozedurak izan behar dituzte, eta portuei aplikatu behar zaizkie eguneratutako enpresa-sistemak, kontabilitate, estatistika eta kudeaketa-kontrolari dagokionez.

Hori guztiori lortzea oso zaila da, Administrazio publikoaren egitura hertsiarekin; horrenbestez, beharrezkoa da kudeaketarako erakunde publikoak sortzea, euren jarduera enpresen erregela eta prozedurekin bat etorriz gauzatuko dituztenak.

Esangura horretan, inportazio guztien 100eko 86 eta Espainiako esportazioen 100eko 68, tonetan, (1990ean), portuetatik igarotzen dira; bada, horrek argiro erakusten du portuen garrantzia ekonomia-estrategiari dagokionez.

Hortaz, funtsezkoa da portuetan kudeaketa eragingarria bermatzeko gai den antolaketa ezartzea, garraioa bezalako sektore bati begira, aintzat hartuz sektore hori kapitalaren aldetik guztiz intentsiboa dela, eta, sektore horretan, denbora-kontua nabarmentzeko moduko faktorea dela ekonomiari eta lehiakortasunari dagokienez.

Kontuan hartzen bada, Europako Parlamentuak 1988ko azaroan Portu Politikari buruz eman zuen Ebazpenak gomendioak jaso dituela portuen kudeaketa-autonomiaren, itsas portuen arteko lehiaren eta erabiltzaileei transferentziak egitearen ondoriozko kostuak estaltzearen inguruan, 1993ko urtarrilaren 1ean Europako Merkatu Bakarra indarrean jartzen denean, Espainiako portuek eta horien lehorreko garraio-sistemek badute erronka:

Nazioarteko garraioak aintzat hartzea Europara sartzeko ate egoki gisa.

Helburu eta planteamendu horien guztien laburpena da gero eta premia handiagoa dagoela portuen kudeaketa burokratizatu gabea eta eragingarria lortzeko; egin-eginean ere, horri erantzutera dator lege hau, Espainian Estatuko Administrazioaren mende dagoen portu-sistema osoarentzat erakunde-esparru egokia ezarri baitu, horrek ahalbidetu dezan helburu den eragingarritasun-maila erdiestea, eskatutako portu-zerbitzuen kudeaketan eta zerbitzuak ematean.

Merkataritzako Marinari dagokionez, Espainiak, historiarengatik, gizarte-ekonomiaren errealitatearengatik, kokapen eta eraketa geografikoarengatik —7.880 kosta-kilometro ditu, penintsula-lurraldearen, bi uhartedien eta Ceuta eta Melilla hirien artean, eta merkataritzako, arrantzarako eta kirolerako portu ugari besteko garrantzitsuak— uste du Merkataritzako Marinak eta itsas garraioak berebiziko garrantzia dutela bere ekonomia-garapenerako; halaber, beharrezkoa da botere publikoek etengabe arreta jartzea, Espainiako itsas ingurunea zaintzeari dagokionez, eta kabotaje-nabigazioaren gaia zehatz-mehatz arautzea.

Itsas garraioaren sektoreak, urtero, garraioen BPGri, gutxi gorabehera, 100eko 19ko ekarpena egiten dio, 230.000 milioi pezetaren baliokidea dena, eta BPG nazionalaren 100eko 1,1; halaber, zuzenean 35.000 lanpostu sortzen ditu (25.000 ontziratutako langileen artean eta 10.000 lehorreko langileen artean), eta zenbatesten da zeharka beste 110.000 lanpostu sortzen dituela, kontuan hartuta itsasontzigintza, industria laguntzailea, sektorearentzako zerbitzuak eta abar.

Orobat, kanpo merkataritzan, Espainiako ontzidiak, 1990ean, inportazioen 100eko 27,6 eta esportazioen 100eko 12,8 egin zituen; horrek itsas pleiten balantza defizitarioa eragin zuen, aintzat hartuta, 1988an, 74.931 milioi pezetako irabaziak sortu zituela eta 138.672 milioiko ordainketak.

Gauzak horrela, badirudi Espainia itsasoari bizkarra emanda bizi ezin den herrialdea dela.

Nazioko Merkataritzako Marinak eta itsas garraioak garrantzi handiko eginkizuna dute herritarren gizarte-ekonomiako interesei behar bezala erantzuteko. Halatan, interes publikoa nabarmendu behar da, Merkataritzako Marinaren dimentsio, kalitate eta egitura egokiari eta itsas garraioaren eragingarritasun eta efizientziari dagokienez.

Interes publiko horrek arauketa propioa behar du, Merkataritzako Marinaren jarduera kontuan hartu, eta itsas garraioa eragingarria izatea ahalbidetuko duena. Bestela esanda, arauketa horrek bere gain hartu behar ditu une bakoitzean benetakoak diren eta indarrean dauden egoerak, eta, horretarako, bere lege-antolamendua egokitu behar zaie, hain berezia den itsas garraioaren ekonomia-jarduera honetan, denborak aurrera egin ahala, etengabe sortzen diren era guztietako aldaketei.

Orain arte Merkataritzako Marina eta itsas garraioa arautu duen legeria, oinarrizko arauei dagokienez behinik behin, 1956koa da; hain zuzen, urte horretan aldarrikatu zen Marinako Ontzidia Antolatu eta Berriztatzeko Legea, eta horren atzetik xedapen ugari etorri ziren, gehienak, erregelamendu-izaerakoak. Arau horiek guztiek modu asistematikoan eta barreiatuan ahalegindu dira aurre egiten aipatu datatik hona agertu diren beharrizan eta egoera berriei; izan ere, denbora-tarte horretan, aldaketa sakonak gauzatu dira, eragina izan dutenak itsas garraioaren teknika-, ekonomia-, gizarte- eta politika-gaietan.

Era berean, arau horiek, euren artean duela mende erdi baino gehiago aldarrikatutakoak, egokitu behar zitzaienez konstituzio-antolamenduak ezarritako betekizunei eta Europar Erkidegoko arauen multzoari, beraien berrikuspen orokorra atzeraezinezko eginkizun bihurtu zen.

Horregatik, orain aldarrikatu den legeak nazioko itsas legeria sakon modernizatu du; hurrean ere, lege honek ahalbidetu du igarotzea autoritarioa eta esku-hartzailea zen eredu batetik, trafikoetan liberala baina interes orokorrak bermatzeko mekanismo zehatzetan gizarte-izaerakoa den eredura.

Horrela, legeak oinarriak ezarri ditu, ahalbidetuko dutenak arian-arian, beharrezkoak diren zuzenketak eginez, merkataritzako erregelak sartzea urte luzez Administrazioak gogor babestu eta esku-hartutako enpresa-jarduera batean.

Itsas enpresek, publikoek nahiz pribatuek, modernoagoa eta malguagoa den esparruan jardun ahal izango dute, baina, aldi berean, aurre egin beharko diote Europar Erkidegoko lehiari; hain justu ere, horretarako beharrezkoa da ezari-ezarian egokitzea itsas garraioan gero eta zorrotzagoa nahiz hautakorragoa den eskaerari.

Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioan eta Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioan, hain zuzen ere, desagertu direnetan, urte luzez lan egin da, hurrenez hurren, estatuko portuen kudeaketa eta Merkataritzako Marina arautzea xede zuten lege-testuen zirriborroak gauzatuz.

Behin Sustapen Ministerioa sortuta, eta, beraz, sail berera bilduta portuen eta Merkataritzako Marinaren gaian estatuak dituen eskumenak, zentzuzkoa zirudien, hala legeria-ekonomiaren irizpidea aintzat hartzeagatik, nola elkarren artean lotura duten eskumen nahiz jarduerak izateagatik, bi zirriborroak biltzea lege bakarrera, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzkora.

Portuen eginkizunak, itsasoko eta lehorreko garraio-moten arteko aldatzea gauzatuz, badu loturarik Merkataritzako Marinarekin, kontuan hartzen bada itsas jarduera dela portuak izatearen arrazoia, eta Itsas Administrazioak portu horietan jardun behar duela, itsas jarduera zuzen gauzatzeko beharrezkoak diren kontrolak ezarriz.

Portu Agintaritzei eta Itsas Agintaritzei eratxikitako eskumenei dagokienez, aurreko egoerekin ikusita gauzatu diren aldarazpenak, eta horien arteko eginkizun-banaketa behar bezala zehaztuta eta argituta uztea komeni dela kontuan hartuz, egoki da lege-testu bakarra erabiltzea.

Zentzuzkoa denez, Merkataritzako Marinaren eta itsas garraioaren politika ez da mugatzen portuko eremu fisikora, eta hedatzen da, halaber, legelariak emandako definizioaren arabera, «Espainiak subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa egikaritzen dituen guneetara», bai eta gune horietatik kanpora ere, ur nabigagarri guztietan gauzatzen den edo gauza daitekeen jarduera ekonomikoaren sektorea arautu dela kontuan hartuta.

Legeak portu eta itsas politikei eman dien tratamendu bateratuak aurreko ereduak hautsi ditu, eta, zalantza izpirik gabe, bermatuko du bi esparru horien artean beharrezkoa den koordinazioa izatea, eta Portu eta Itsas Agintaritzek batera jardutea.

Nolanahi ere, desberdintasun handiak daude itsas eginkizunen eta portu-arduren artean; hori dela bide, esparru bakoitzarentzako administrazio-egitura desberdina ezarri da.

A) Portu-kudeaketaren esparruan, legearen xede nagusia da estatuaren titulartasunekoa den portu-sistema antolatu eta ustiatzeko eredua ezartzea.

Ekainaren 20ko 27/1968 Legea, Portuetako Batzei eta Autonomia Estatutuei buruzkoa, aldarrikatu zenetik honako eskarmentua dela eta, nahiago izan da administrazio-eginkizunaren eta -egituraren zurruntasunak ezabatzea, bateragarri egiteko estatuak eman behar duen zerbitzua eta portuetan gauzatu beharreko enpresa-kudeaketaren efizientzia-, arintasun- eta malgutasun-printzipioak.

Espainian tradizio historiko luzekoa da portu-demanioa estatuaren mende izatea, eta hori berori sendotu eta baieztatu da konstituzio-testuan. Arean ere, konstituzio-testuak Estatuko Administrazioari eratxiki dio interes orokorreko portuen gaineko eskumena, portu horiek, gehienetan, merkataritzako jarduerak gauzatzen dituztenekin bat egiten dutela; bestalde, autonomia-erkidegoei eratxiki die babes-portuen, kirol-portuen eta, orokorrean, merkataritzakoak ez diren portuen gaineko eskumena. Modu horretara amaitu da zuzenbide konparatuan behin betiko erantzunik ez duen eztabaida teorikoa.

Portu-zerbitzuen oinarrizko helburua da lehorreko garraiobideetatik itsas garraiobideetarako transferentzia ziurtatzea, eragingarritasun-, ekonomia-, arintasun- eta segurtasun-baldintzetan. Bada, portu-zerbitzu horien ezaugarriek eta mundu osoan, baita Espainian ere, kudeaketaren inguruan izandako esperientziek eragin dute espezializatutako testu eta erakundeek, portu-zerbitzuen kudeaketa oso-osokoari dagokionez, deszentralizazioaren alde egitea, kudeaketa-eredu guztien artean.

Gaur egun, portu publikoak kudeatzeko gehien gomendatzen den formula erakunde publiko bat sortzea da, kudeaketa-autonomia izatez gain, nortasun juridiko eta aurrekontu propioak dituena, eta eragingarritasun- eta enpresa-irizpideekin kudeatzen dena.

Portu Agintaritza horrek emakida gisa edo ustiatze-kontratu bidez eman ditzake espezializatutako zerbitzu batzuk, horietan behar besteko arintasunik, espezializaziorik edo estimulurik ez duenean.

Legeak portuak kudeatzeko eredu bakarra ezarri du. Eredu hori oinarritzen da Portu Agintaritza izeneko erakunde publiko batzuetan (izen hori nazioarte-mailan ezarri zen, portuak kudeatzen dituzten organoentzako); halakoek, gaur egungo Portu Autonomoek baino kudeaketa-autonomia gehiago dute, eta enpresa-helburu eta -prozedurak dituzte, portu-beharrizanetarako zurrunegiak edo burokratizatuegiak diren Estatuko Erakunde Autonomoen ordez.

Erakunde publiko horiek gaur egungo Portu Autonomoen antzeko ezaugarriak, egitura eta eskumenak dituzte; izan ere, horien inguruko araubidearen abantailak egiaztatu dira, hogei urtetik gora Portuetako Batzekin batera jardun ostean. «Estatuko Portuak» erakunde publikoak koordinatu eta kontrolatuko du horien kudeaketa, «holding» baten eginkizuna gauzatuz, Sustapen Ministerioaren mende eta horren jarraibideak gauzatuz.

Portu Agintaritzari eratxiki zaizkio gaur egun Portu Autonomoek eta Portuetako Batzek dituzten eskumenak, osatuta portuko itsas eragiketen eta praktikoek, amarratzaileek eta atoiontziek dituzten eginkizunen kudeaketarekin; izan ere, eragiketa nahiz eginkizun horiek portu-zerbitzu gisa definitu dira, eta, portua ustiatzeari dagokionez, nabarmentzeko moduko garrantzia teknikoa eta ekonomikoa dute.

Gaur egun, Itsasoko Komandantzia Militarrek egikaritzen dituzte eskumen horiek, eta aurrerantzean Portu Agintaritzek gauzatuko dituzte, portuetako itsas jarduerak kudeatzeko organo gisa.

Gaur egun, moilako hegala edo ertza da portu-erakundeen eta Itsasoko Komandantzien arteko eskumenen banalerroa; halakoek garatzen dituzte Sustapen Ministerioari eratxikitako eskumenak, hurrenez hurren, portuen eta Merkataritzako Marinaren gaietan.

«Estatuko Portuak» erakundearen sistemari begira, egokiagotzat jo da baterako kudeaketaren printzipioa ezartzea itsasoko nahiz lehorreko portu-jarduera guztietan. Edu horretan, Portu Agintaritzara bildu dira portu-zerbitzuen inguruko eskumen eta ardura guztiak, zerbitzu horiek lehorreko gunean nahiz portuko itsas gunean ematen diren kontuan hartu gabe, eta kalterik egin gabe organo eskudunek portuan egikaritzen dituzten bestelako administrazio-eskumenei, halakoek ez dutenean zuzeneko loturarik portu-erakundea kudeatu eta ustiatzearekin.

Hori lege honen ekarpen garrantzitsua da, erabiltzaileari eta eragiketen kudeaketa eragingarriari dagokienez.

«Estatuko Portuak» izeneko erakunde publikoa eratuko da, ardurak dituena portu-sistema osoaren gainean, eta «holding» eginkizunak Portu Agintaritzen gainean; labur-zurrean esanda, eginkizun horiek dira kudeaketa-jarraibideak eta -helburuak ezartzea, finantzaketa-baliabideak eta diru-laguntzak esleitzea, kudeaketa kontrolatzea eta informazio- eta kontabilitate-sistema bateratuak ezartzea, inbertsioen plangintza osoa egitea eta Portu Agintaritza horietako goi-arduradunen izendapenak proposatzea.

Helburua da enpresa-kudeaketako erakunde publiko gisa eratu diren Portu Agintaritzen gainbegiraketa, koordinazioa eta kontrola arina eta eragingarria izatea.

Antzeman daitekeenez, horrek guztiorrek ez die kalterik egingo Sustapen Ministerioak, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak eta Gobernuak dituzten eskumenei, portuak kudeatzeari dagokionez.

Gaur egun, portu batzuetan, langileez osatutako egiturak izatea eta, aldi berean, kudeaketa-kontrolaren organo zentralak funtzionarioz osatutako egiturak izatea ezegokia da, egoera horrek eragozten baitu kudeaketa-organo periferikoetatik zentraletara langileak nahiz esperientziak igarotzea eta alderantziz.

Hori dela eta, erakunde publikoa egituratu da Portu Agintaritzen antzeko enpresa- eta lan-arloko ezaugarriekin.

Bestalde, urtero 75.000 milioi pezeta inguru fakturatzen dituen «holding» bati dagokionez, enpresa-kudeaketan esperientzia duten langileak eta prestakuntza desberdineko profesionalak izan beharrak gomendatzen du lan-merkatura zabaltzea, funtzio publikoaren arauak errespetatzearen ondorioz halako espezializazioei begira izan daitezkeen mugak gaindituz.

Ekonomia- eta finantza-ikuspuntutik, aldaketa garrantzitsuak egin dira, honako hauek kasu:

- «Estatuko Portuak» erakunde publikoa finantzatzea, portu-sistema osoak sortutako baliabideak erabilita.

Planteamendu horrek oinarri du printzipio orokor bat, sektore baten kudeaketa-kostu guztiak sektore horri eratxiki behar zaizkiola dioena, eta jarduera gauzatzeagatik zenbat kostu sortu eta kostu horien guztien berri izatea ahalbidetzeko moduko kontabilitatea ezartzearen alde egiten duena.

- Konpentsazio Funtsa sendotzea, portu-sistema osoan inbertsioak egiteko. Funts hori 1985eko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean sortu zen, eta funts horrek argi erakutsi du bere erabilgarritasuna, batetik, portu-sistema osoaren autofinantzaketa-ahalmena ahalik gehiena baliatzeko, diru-laguntzak eskatu beharra eta Estatuko Aurrekontu Orokorren konturako transferentziak egin beharra murriztuz, eta, bestetik, portu-sistemaren politika oro hartzaile eta arrazionalizatzailearen lanabes gisa jardutean, portu-sistema osoa ekonomia-unitatetzat hartzean.

- Portu Agintaritzek zuzenean emandako portu-zerbitzuen ondoriozko tarifak zuzenbide pribatuko baliabide gisa definitzea, lehen, prezio publikotzat hartzean, halakoek zuten izaera ordeztuz; arean ere, izaera horrek zurruntasun- eta egokitzapen-arazoak sortzen zituen, portua kudeatzeko tresna gisa erabiltzeari dagokionez.

- Emakiden eta baimenen ondoriozko kanonak zuzenbide publikoko prezio gisa definitu dira, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen edukiarekin bat etorriz.

B) Merkataritzako Marinako araubideari dagokionez, hurrengoak dira testua eratzen duten jarraibide-ildoak:

a) Estatuaren itsas eskumenak zehaztea, Konstituzioan, autonomia-estatutuetan eta indarreko legerian ezarritako kontzeptuak definituz:

- Merkataritzako Marina.

- Itsas garraioa.

- Espainiako ontzidi zibila.

- Enpresa ontzi-ustiatzailea.

- Nabigazioen araubidea (barnekoa, kabotajekoa, kanpokoa eta nazioz gaindikoa).

- Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako urak.

b) Bateratze-prozesua sendotzea eta, edozein kasutan, Europako itsas sistemaren edo legeriaren harmonizazioa edo hurreratzea -Agiri Bakunak bultzatutakoa- dela eta, nahitaezkoa da gizarte- eta ekonomia-egituren norainokoa berriro zehaztea, baita itsas sektorean ere, 1993an Barneko Merkatu Bakarraren eraketari eragingarritasunez ekiteko.

c) Itsas sektoreko zenbait administrazio-oztopo ezabatzea, bat etorriz merkatu-ekonomiaren esparruko enpresa-askatasunaren printzipioarekin, nahiz eta printzipio horrek ekonomia orokorraren betekizunek ezarritako ñabardurak izan, erabiltzaileak defendatzeko printzipioarekin eta aberastasuna herrialdearen interes orokorren mende izateko printzipioarekin; printzipio horiek jaso dira Espainiako Konstituzioaren 38, 51 eta 128. artikuluetan.

Legeak ezarri ditu ontziak Espainian erregistratu edo banderapean jarri ahal izateko betekizunak, eta, horren bidez, Espainiako naziotasuna lortzekoak; horretarako, oinarri hartu du subjektu titularren bizileku- edo egoitza-printzipio liberala, naziotasunaren inguruko betekizunak ezarri gabe.

Espainiako merkataritzako ontzien dotazioko kideen naziotasunari dagokionez, aintzat hartu da, halaber, Merkatu Bateratuaren barruan langileen joan-etorri askeak izango duen eragina.

Legeak esanbidez indargabetu ditu ontziak inportatzea edo esportatzea debekatzen edo mugatzen dituzten lege guztiak, horretarako kanpo merkataritzako askatasuna ezarriz, Europako Erkidegoetan sartzeagatik, Espainiari, Europako Erkidegoaren eta EFTA estatuen esparruan, ezarri zaion liberalizazioarekin bat etorriz.

d) Itsas Administrazioa berrantolatzea eta modernizatzea, maila zentralean (Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusia) nahiz maila periferikoan (Itsas Kapitaintzak), itsas garraio zibilaren zailtasun teknikoak behar duen adinako espezializazioarekin bat etorriz.

Itsas Kapitaintzak sortzean, oso-osoan izaera zibila duten organo periferiko gisa, bertan behera uzten da itsas eginkizun zibilei dagokienez egindako eskuordetza, Itsasoko Komandantziek eta Bulego Laguntzaile Militarrek gauzatzen zutena, eta behin betiko banandu da marina zibilaren eta itsas armadaren administrazio-kudeaketa.

e) Estatuko sozietate bat sortzea, «Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietatea» deritzona, bere gain har dezan kudeaketa askatasun gehiago behar duten zerbitzu batzuk emateko ardura, hala nola, itsas segurtasuna eta salbamendua edo kutsaduraren aurkako borroka.

f) Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro berezia sortzea, Sustapen Ministerioari atxikita eta egoitza Kanarietako uharteetan izanik, gure enpresa ontzi-ustiatzaileen lehiakortasuna ahalbide dezan, neurri jakin batzuk hartuta, homologagarriak izango direnak EEEko estatu kideen antzeko erregistroetan daudenekin.

g) Azkenik, konstituzio-printzipioen eta Konstituzio Auzitegiaren sendotutako doktrinaren arabera, Administrazioaren zehatzeko ahalmena arautu da marina zibilaren arloan, Merkataritzako Marinaren Zigor eta Diziplina Legea indargabetuz, eta itsas esparruan arau-hausteen eta zehapenen araubidea ezarriz, ukitutako ondasun juridikoa kontuan hartzen duten hiru ordenatan:

Itsas segurtasuna, itsas trafikoa, eta itsas ingurunearen kutsadura, hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako ontzietatik, plataforma finkoetatik edo beste instalazio batzuetatik.

Legeak hurrengo egitura du:

- Xedapen orokorrak ezarri dituen atariko tituluan, oinarrizko kontzeptuen definizioak jaso dira, portuen eta Merkataritzako Marinaren gaian estatuaren eskumenak zehazteko balio dutenak.

- I eta II. tituluak portuen gaiari buruzko eskumenez ari dira; titulu horietarik lehenengoa oinarritu da eskumenok garatzeko sortuko den erakundean, eta bigarrena arduratuko da portuko jabari publikoaren kudeaketa arautzeaz.

- III. titulua ari da Merkataritzako Marinaz eta hori arautzen duen Administrazioaren arauketaz.

- IV. tituluak portuaren eta Merkataritzako Marinaren kudeaketa barne hartzen dituen polizia-araubidearen lege-oinarriak ezarri ditu.

- Xedapen gehigarriek, xedapen iragankorrek, xedapen indargabetzaile batek, azken xedapenek eta eranskin batek osatzen dute legearen testua.

Atariko titulua

Xedapen orokorrak

I. kapitulua

Legearen xedea

1. artikulua. Legearen xedea.

Lege honen xedea da:

- Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren portuak zehaztu eta sailkatzea.

- Horien plangintza, eraikuntza, antolakuntza, kudeaketa, ekonomia- eta finantza-araubidea eta polizia arautzea.

- Portu horietako zerbitzu-emateak arautzea, bai eta zerbitzu horien erabilera ere.

- Estatuko portu-antolaketa zehaztea, interes orokorreko portuei aitortuz eginkizun- eta kudeaketa-autonomiaren araubidea, lege honek eratxikitako eskumenak egikaritzeko, eta autonomia-erkidegoek Portu Agintaritzen gobernu-organoen inguruan egin beharreko izendapena arautzea.

- Merkataritzako Marinaren esparru arauemailea ezartzea.

- Merkataritzako Marinaren Administrazioa arautzea.

- Merkataritzako Marinaren esparruan eta estatuaren eskumeneko portuen esparruan arau-hausteei eta zehapenei dagokienez aplikatu beharreko araubidea ezartzea.

II. kapitulua

Portuak eta itsas instalazioak

2. artikulua. Itsas portuak:

Kontzeptua.

Lege honen ondoreetarako, itsas portu deritzo lehorreko eremuen, itsas uren eta instalazioen multzoari, baldin eta, itsasertzean edo erriberan kokatuta, multzo horrek betetzen baditu portuko trafikoaren eragiketak gauzatzea ahalbidetzen dituzten baldintza fisiko, natural edo artifizialak eta antolakuntza-baldintzak, eta lortzen badu Administrazio eskudunak jarduera horiek gauzatzeko emandako baimena.

Portu gisa har daitezen, hurrengo baldintza fisikoak eta antolakuntza-baldintzak izan beharko dituzte:

a) Ur-azalera izan behar da, gutxienez, hektarea erdiko luzerakoa, eta ur-azalera horrek izan behar ditu babes- eta sakonera-baldintza egokiak, naturalak edo modu artifizialean lortutakoak, portua erabili behar duten ontzi-motak eta portuan itsas trafikoari begira gauzatu nahi diren eragiketak aintzat hartuta.

b) Ainguratze-guneak, moilak edo atrakatze-instalazioak, ahalbidetu behar dutenak ontziak hurreratzea eta amarratzea, euren eragiketak gauzatzeko edo ainguratuta, amarratuta edo atrakatuta izateko, segurtasun-baldintza egokietan.

c) Merkatu-gaiak edo tresnak gordailutzeko eta biltegiratzeko eremuak.

d) Lehorreko azpiegitura eta sarbide egokiak, portuaren trafikoa kontuan hartuta, garraio-sare nagusiekin lotura ziurtatzen dutenak.

e) Portuko trafikoaren eragiketak eragingarritasun-, arintasun- ekonomia- eta segurtasun-baldintza egokietan gauzatzea ahalbidetzen duten bitartekoak eta antolakuntza.

Portuko trafikotzat ulertzen dira ontziak portuan sartu, bertatik irten, atrakatu, desatrakatu, egon eta konpontzeko eragiketak; ontzietatik lehorrera nahiz beste garraiobide batzuetara edozein motatako merkatu-gaiak, arrainak, zuzkidurak eta bidaiariak edo tripulazio-kideak transferitzeko eragiketak; bai eta merkatu-gaien aldi baterako biltegiratzea ere, portuko eremuan.

Itsas portuak izan daitezke merkataritzarakoak edo merkataritzarakoak ez direnak.

Era berean, itsas portuak interes orokorrekotzat jo daitezke, euren eginkizunak Espainiako portu-sistema osoan duen pisua kontuan hartuta.

Portu instalazioak dira azpiegituretarako eta eraikinetarako edo gainegituretarako obra zibilak, bai eta portu baten lurralde-esparruan eraikitako edo kokatutako instalazio mekanikoak eta zerbitzurako sare teknikoak ere, halakoen xedea portuko trafikoa gauzatzea edo ahalbidetzea denean.

3. artikulua. Merkataritzarako portuak.

Merkataritzarako portuak dira euren trafikoaren ezaugarrien arabera teknika-baldintzak, segurtasun-baldintzak eta administrazio-kontrolaren baldintzak betetzen dituztenak, horietan gauza daitezen portuko merkataritza-jarduerak; halako jardueratzat joko dira edozein motatako merkatu-gaiak sartu, atera, kargatu, deskargatu, ontzitik aldatu eta biltegiratzeko eragiketak, baldin eta euren bolumenak edo kanpoko itxurak justifikatzen badu bitarteko mekanikoak edo espezializatutako instalazioak erabiltzea.

Orobat, portuko merkataritza-jardueratzat joko dira, bidaiarien trafikoa, betiere, hori tokikoa edo itsasadarrekoa ez bada, eta ontzien zuzkidura eta konponketak.

Lege honen ondoreetarako bakarrik, hurrengoak ez dira portuko merkataritza-jarduerak:

a) Arrain freskoa deskargatzeko eta manipulatzeko eragiketak, halakoak zamak sartzeko eta ateratzeko zerbitzu publikoaren esparrutik kanpo daudenean.

b) Arrantza-ontziak, kirol-ontziak eta ontzi militarrak atrakatzea, ainguratzea, portuan egotea, zuzkitzea, konpontzea eta mantentzea.

c) Eskuz egiten diren karga- eta deskarga-eragiketak, ekonomiaren ikuspuntutik ez dagoenean justifikatuta bitarteko mekanikoak erabiltzea.

d) Paragrafo honetako jarduerak gauzatzeko erabilitako instalazioak eta horretarako beharrezkoak diren eragiketa eta zerbitzuak.

Lege honen ondoreetarako hurrengoak ez dira merkataritzarako portuak:

a) Arrantza-portuak; halakoak dira soil-soilik edo gehienbat destinatzen direnak arrantza-ontzietatik arrain freskoa deskargatzera, edo ontzi horien egoitza izatera, atrakatzeko, ainguratzeko, egoteko, zuzkitzeko, konpontzeko edo mantentzeko beharrezkoak diren zerbitzuetarik baten bat edo den-denak eskainiz.

b) Ekaitzetan itsasontziei behar besteko babesa eskaintzera destinatutakoak, betiere, halakoetan portuko merkataritza-jarduerak gauzatzen ez badira edo jarduera horiek noizbehinkakoak eta garrantzi gutxikoak badira.

c) Soil-soilik edo batez ere kirol-itsasontziek edo jolas-itsasontziek erabiltzera destinatutakoak.

d) Aurreko idatz-zatiek aipatu erabileren konbinazioa ezarria dutenak.

Sustapen Ministerioak baimenduko du estatuko portuetan merkataritzako eragiketak gauzatzea, aldez aurretik Ekonomia eta Ogasun Ministerioak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak aldeko txostena emanda.

Autonomia-erkidegoen eskumeneko portuetan, merkataritzako jarduerak gauzatzeko, aurreko paragrafoan aipatu ministerioek horren aldeko txostena egin beharko dute, itsas trafikoari eta nabigazio-segurtasunari dagokienez eta, hala denean, aduana-kontrol, osasun-kontrol eta kanpo merkataritzako kontrolei dagokienez.

Estatuko Administrazioaren mende dauden merkataritzako portuek kudeaketa-unitatera bilduko dituzte arrantzarako eremu eta dartsenak, bai eta nautika- eta kirol-erabileretara destinatuta dauden eremuak ere, halakoak portu horien zerbitzu-gunean kokatuta daudenean.

Era berean, euren esparrura bildu ahal izango dituzte merkataritzakoak ez diren beste jarduera batzuetara destinatutako eremuak, halakoek izaera osagarria dutenean, portuen oinarrizko jarduerari begira, edo kultura- edo jolas-ekipamenduetara, azoka-saioetara eta erakusketetara destinatutakoak, betiere, portuko trafikoaren eragiketak gauzatzeari oso-osoko kalterik eragiten ez bazaio.

4. artikulua. Itsas instalazioak (Konstituzio Auzitegiaren 40/1998 Epaiak Konstituzioaren aurkakoa eta deuseza dela adierazi du).

Itsas instalazioak dira itsas ontziralekuak, ontziak lehorreratzeko eta konpontzeko instalazioak, eta antzeko beste obra edo instalazio batzuk, halakoak destinatzen direnean merkatu-gaiak, bidaiariak edo arrainak ontzitik aldatzera, portuetako zerbitzu-guneetatik kanpo, itsas-lehorreko jabari publikoko eremuak okupatuta; alabaina, instalazio horiek ez dituzte bete behar aurreko artikuluetan itsas portu izateko ezarri betekizunak, eta lege hau indarrean jartzeko datan ez dira izan behar autonomia-erkidegoen eskumenekoak.

Instalazio horien eraikuntza-, baimen-, kudeaketa- eta polizia-ondoreetarako aplikatuko da kostaldeei buruzko arautegian itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari dagokionez ezarritako araubidea.

5. artikulua. Interes orokorreko portuak.

Interes orokorreko portuak dira lege honen eranskinean jasotakoak; modu horretara sailkatu dira hurrengo inguruabarren bat izateagatik:

a) Portu horietan nazioarteko itsas merkataritzako jarduerak gauzatzea.

b) Portu horien merkataritza-eraginpeko guneak autonomia-erkidego bat baino gehiago ukitzea modu nabarmenean.

c) Portu horiek baliagarri izatea nazio-ekonomiari begira garrantzi estrategikoa duten industria edo establezimenduentzako.

d) Portu horien itsas merkataritzako jardueren kopuruak eta ezaugarriek behar adinako garrantzia izatea edo estatuaren ekonomia-jarduera orokorraren oinarrizko beharrizanei aurre egitea.

e) Portu horiek, euren baldintza tekniko edo geografiko bereziengatik, itsas trafikoaren segurtasunarentzat oinarrizko osagaiak izatea, batik bat, uharteetako lurraldeetan.

Portu baten sailkapen-aldaketa, aurreko paragrafoak aipatu inguruabarrak aldatzeagatik, Gobernuak gauzatuko du, errege-dekretu bidez, Sustapen Ministerioak hala proposatuta, kasuan kasuko autonomia-erkidegoa eta, hala denean, portuko merkataritza-eraginpeko guneak modu nabarmenean ukitzen dituen gainerako autonomia-erkidegoak entzun ondoren, bai eta portuaren zerbitzu-gunea zein udalerritan kokatu eta udalerri horietako udalak entzun ondoren ere.

Interes orokorraren izaera galtzeak berarekin ekarriko du portuaren titulartasuna aldatzea, portua zein autonomia-erkidegotan kokatu eta autonomia-erkidego horren mesedetan, betiere, autonomia-erkidego horrek titulartasuna izateko behar besteko eskumenak bereganatu baditu.

III. kapitulua

Merkataritzako Marina

6. artikulua. Merkataritzako Marina.

Lege honen ondoreetarako Merkataritzako Marina izango da:

a) Itsas garraioaren jarduera, non garraio hori ez den egiten autonomia-erkidego bereko portuen edo puntuen artean, beste lurralde-esparru batzuetako portu edo puntuekin loturarik izan gabe, autonomia-erkidego horrek gai honetan eskumenak dituenean.

b) Espainiako ontzidi zibilaren antolaketa eta kontrola.

c) Nabigazioaren eta giza bizitzaren segurtasuna itsasoan.

d) Itsas segurtasuna, horretara biltzen direla praktikaje-zerbitzua gauzatzeko gaikuntza ematea eta portuko atoiari begira beharrezkoak diren zerbitzuak zehaztea, bai eta bi-bien erabilgarritasuna ere, larritasun-kasuetan.

e) Itsas salbamendua, 87. artikuluan ezarritako baldintzetan.

f) Kutsaduraren prebentzioa, hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzietatik, plataforma finkoetatik eta beste instalazio batzuetatik, eta itsas ingurumenaren babesa.

g) Ontzien, tripulazioen eta merkatu-gaien ikuskatzailetza teknikoa nahiz operatiboa.

h) Itsasoko trafikoaren eta komunikabideen antolaketa.

i) Ontzi zibilen egoeraren, banderatzearen eta erregistroaren kontrola, bai eta ontziaren despatxoa ere, kalterik egin gabe aldez aurretik beste Administrazio batzuek nahitaez eman behar dituzten baimenei.

j) Itsasoan nazio-defentsaren eta babes zibilaren gaian dauden betebeharrak gauzatzeko bermea.

k) Legeak Administrazioari eratxikitako beste edozein itsas zerbitzu, Administrazio hori denean lege honen III. tituluko III. kapituluan araututakoa.

Ez da Merkataritzako Marina izango arrantzako ontzidiaren antolaketa, arrantzaren eta arrantza-sektorea antolatzearen inguruko esparruetan, ezta esparru horietako ikuskatzailetza-jarduera ere.

7. artikulua. Nabigazio-guneak eta -motak.

Espainiak subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa egikaritzen ditu barne uretan ez ezik, lurralde-itsasoan, ondoko gunean eta gune ekonomiko esklusiboan ere.

- Espainiako barne urak dira, lege honen ondoreetarako, lurralde-itsasoaren oinarri-lerroen barnean daudenak, horietara biltzen direla ibaiak, aintzirak eta kontinenteko urak.

- Lurralde-itsasoa da hamabi itsas miliaraino hedatzen dena, beraren zabalera neurtzeko kontuan hartzen diren oinarri-lerroetatik zenbatuta.

- Ondoko gunea da lurralde-itsasoaren kanpo mugatik hogeita lau itsas milietaraino hedatzen dena, lurralde-itsasoaren zabalera neurtzeko kontuan hartzen diren oinarri-lerroetatik zenbatuta.

- Gune ekonomiko esklusiboa da lurralde-itsasoaren kanpo mugatik berrehun itsas milietaraino hedatzen dena, horren zabalera neurtzeko kontuan hartzen diren oinarri-lerroetatik zenbatuta.

Nabigazioa, esparruaren arabera, barnekoa, kabotajekoa, kanpokoa eta nazioz gaindikoa izango da.

- Barneko nabigazioa da oso-osoan portu jakin baten edo Espainiako beste barne ur batzuen esparruan gauzatzen dena.

- Kabotajeko nabigazioa da, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako portuen edo puntuen artean gauzatzen dena, barneko nabigazioa bazter utzita.

- Kanpoko nabigazioa da, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako portuen edo puntuen eta gune horietatik kanpo kokatutako portuen edo puntuen artean gauzatzen dena.

- Nazioz gaindiko nabigazioa da, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietatik kanpo kokatutako portuen edo puntuen artean gauzatzen dena.

Nabigazioa, zerbitzua emateko baldintzen arabera, sailka daiteke erregular eta ez-erregular moduan.

- Linea erregularreko nabigazioa da aldez aurretik zehaztutako ibilbideak, eskala-maiztasuna, tarifak eta garraio-baldintzak dituena.

- Nabigazio ez-erregularra da aurreko lerrokadako baldintzak betetzen ez dituena.

Gobernuak, estatuaren eskumenen esparruan, hala denean, ezarri ahal izango du nabigazio horiek edo horietako batzuk zerbitzu publikoko betebeharrekin gauzatzea, xede izanik behar adinako garraio-zerbitzu erregular bermatzea Balear Uharteetara, Kanariar Uharteetara, Ceutara eta Melillara joateko edota bertatik etortzeko, edo nabigazio horiek gauzatzea administrazio-kontratu bereziko araubidearen mende, nabigazio horiek duten helburu publikoa zuzenean edo berehala betetzeko.

Zerbitzu publikoko betebeharrak ezarri beharko dira modu objektiboan, gardentasunez, bereizkeriarik gabe eta interesdunek horien berri aldez aurretik izateko moduan, zerbitzua lehia askeko eta benetako baldintzetan ematea bermatzeko helburuarekin.

8. artikulua. Ontzidi zibila eta plataforma finkoak.

Lege honen ondoreetarako Espainiako ontzidi zibila da:

a) Merkataritzako ontzidi nazionala.

b) Arrantzako ontzidi nazionala.

c) Nazioko jolas-ontziak eta kirol-ontziak.

d) Espainiako gainerako ontzi zibilak, aurreko idatz-zatietan aipatu ez direnak.

Ontzi zibila da edozein itsasontzi, plataforma edo tresna flotatzaile, mugi daitekeena ala ez, nabigatzeko baliagarri dena eta nazio-defentsarako zerbitzuari lotuta ez dagoena.

Merkataritzako ontzia da nabigaziorako erabiltzen den ontzi zibil oro, baldin eta merkataritzako asmoekin erabiltzen bada; bazter uzten dira arrantzarako erabiltzen direnak.

Plataforma finkoa da itsas hondoan kokatuta, ainguratuta edo ipinita dagoen tresna edo instalazio oro, baliagarri dena miaketa-eragiketak egiteko nahiz itsasoko baliabide naturalak ustiatzeko edo beste jarduera batzuetara destinatzeko.

Lege hau aplikatuko zaie Espainiako ontzidi zibilari, bai eta plataforma finkoei ere, halakoak kokatuta daudenean Espainiak subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa egikaritzen dituen uretan.

Lege honen xedapenak aplikatuko zaizkie, berebat, atzerriko ontzi zibilei, halakoak daudenean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan; xedapenok aplikatuko dira nazioarteko zuzenbideak ezarritako mugekin, batik bat, ukiezintasun-egoeren aldetik.

Erregelamendu bidez ezarriko dira lege hau aplikatzeko orduan dauden berezitasunak, segurtasun publikoaren edo kontrabandoa jagon eta zigortzeko zerbitzuari lotutako ontziei dagokienez.

9. artikulua. Enpresa ontzi-ustiatzaileak

Enpresaburu edo enpresa ontzi-ustiatzailea da pertsona fisikoa edo juridikoa, merkataritzako ontziak, bereak edo inorenak, ustiatzen dituena, nazioarteko usadioek onartutako edozein modalitateren bidez, nahiz eta hori ez izan bere jarduera nagusia.

I. titulua

Estatuaren portu-antolakuntza

I. kapitulua

Estatuko portuen antolaketa, plangintza eta kudeaketa

1. atala.

Eskumenak

10. artikulua. Eskumenak.

Estatuko Administrazioak, Konstituzioaren 149.1.20) artikuluak xedatutakoaren arabera, eskumen esklusiboa du interes orokorreko portuen gainean; portu horiek sailkatuko dira lege honek ezarritakoarekin bat etorriz.

Autonomia-erkidegoek izendatuko dituzte Portu Agintaritzen gobernu-organoak, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta lege honek eta antolamendu juridikoko gainerako arauek eratxikitako eginkizunak gauzatuko dituzte.

11. artikulua. Sustapen Ministerioak kudeatutako portu eta instalazioak.

Aurreko artikuluan aipatutakoaren arabera, Estatuko Administrazioak zein eskumen izan eta eskumen horiek egikarituko ditu, portuetan eta izaera zibileko instalazioetan, Sustapen Ministerioak, «Estatuko Portuak» erakundearen eta Portu Agintaritzen bidez, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta kalterik egin gabe Estatuko Administrazioaren beste Administrazio edo sail batzuek dituzten eskumenei.

12. artikulua. Estatuko Administrazioaren mende dauden beste portu eta instalazio batzuk.

Lege honen aplikazio-esparrutik kanpo daude izaera militarreko portu, base, geltoki, armategi nahiz itsas instalazioak eta portuko gune militarrak.

Jabari publikoko eremuak lotuta daudenean, Estatuko Administrazioari erreserbatzen zaizkio halakoak, beraren eskumenak Defentsa Ministerioak egikarituko dituela.

Orobat, Defentsa Ministerioak egikarituko ditu, nazio-defentsarako interesgarri diren gune eta instalazioen legeriak zein eskumen ezarri eta eskumen horietarik dagozkionak.

13. artikulua. Gune-erreserbak.

Estatuko Administrazioak itsas-lehorreko jabari publikoko eremuak erreserbatu ahal izango ditu, itsas instalazioetara eta portu-guneetara destinatzeko, halakoak beharrezkoak direnean indarreko legeriak Guardia Zibilari eratxikitako helburuak betetzeko; itsas instalazio eta portu-gune horiek lege honen aplikazio-esparrutik at daude.

2. atala.

Portuko jabari publikoaren izaera eta zehaztapena.

14. artikulua. Portuko ondasunen izaera.

Estatuaren portuko jabari publikoko ondasun dira, Estatuko Administrazioaren eskumeneko portuetako itsas urak, lurrak, obrak eta instalazio finkoak.

Estatuaren portuko jabari publikoa da itsas-lehorreko jabari publikoa, hori lotzen zaienean estatuko titulartasuneko portuei eta portu-instalazioei.

Autonomia-erkidego baten eskumeneko portu batek okupatutako itsas-lehorreko jabari publikoak jarraituko du estatuaren titulartasunekoa izaten, baina kasuan kasuko autonomia-erkidegoari atxikitako ondasunaren izaerari eutsiko dio.

Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak autonomia-erkidegoei atxikitzen zaizkienean, halakoek ez dute sortuko kanonik Estatuko Administrazioaren mesedetan.

Atxikitako itsas-lehorreko jabari publikoan autonomia-erkidegoek emakidak edo baimenak ematen dituztenean, orduan kasuan kasuko okupazio-kanona sortuko da Estatuko Administrazioaren mesedetan.

Autonomia-erkidegoek estatuko portu eta portu-instalazioetan emandako emakida edo baimenek ez dute sortuko Estatuko Administrazioaren mesedetan aurreko paragrafoak aipatu kanona, portu eta portu-instalazio horiek transferituta dituztenean eta esanbidez aipatu direnean portuen gaian transferentziak egiteko errege-dekretuetan.

15. artikulua. Zerbitzu-gunea estatuaren eskumeneko portuetan.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

16. artikulua. Autonomia-erkidegoen eskumeneko portu-eremuak.

Autonomia-erkidegoek estatutuen arabera portuen gaian dituzten eskumenak egikaritzeko itsas-lehorreko jabari publikoko zein eremu izan beharrezkoak eta eremu horiek Estatuko Administrazioak atxiki beharko ditu.

Autonomia-erkidegoko eskumeneko portuen zerbitzu-guneak hedatzeko edo euren eskumeneko portu berriak eraikitzeko Sustapen Ministerioak aldeko txostena egin beharko du.

Txostenak jasoko du estatuarentzat berria den eta atxikitzeko modukoa den jabari publikoaren zehaztapena; eremu horietan aurreikusitako erabilerei dagokienez, erabilerok izan dezaketen lotura itsas-lehorreko jabari publikoaren babesarekin; eta babes hori bermatzeko beharrezko neurriak.

Oinarrizko betekizun hori ez betetzeak berarekin dakar kasuan kasuko proiektuaren onespena deuseztatzea.

Proiektuak behin betiko onesten direnean, obrak jabari publikoko zein zatitan kokatu eta zati horren atxikipena gauzatuko da, eta, hala denean, portuko zerbitzuetarako gune berria zehaztuko da, bi Administrazioetako ordezkariek izenpetutako akta baten bidez.

Atxikipenak arautzean kostaldeei buruzko legeria aplikatuko da.

17. artikulua. Zerbitzu-gunea emakida-araubidearen arabera kudeatutako portuetan.

Emakidaren xede diren portuetako zerbitzu-gunea osatuko dute okupazio-baimenak bere baitan hartutako jabari publikoak, eta titulartasun pribatuko eremuek, halakoak jabari publikora biltzen direnean, emakida-tituluan xedatutakoaren arabera.

3. atala.

Plangintza, proiektuak eta eraikuntza

18. artikulua. Portuen hirigintza-izaera.

Portu-eremuaren gainean baterako eskumenak dituzten Administrazioen arteko beharrezko koordinazioa bideratzeko, hirigintza-antolamenduko plan orokorrek eta gainerako tresna orokorrek estatuko portuen zerbitzu-gunea kalifikatu beharko dute portuko sistema orokor moduan, eta ezin izango dute jaso portua ustiatzeko eskumenen egikaritzari begira nahasmenduak edo kalteak eragiten dituzten xedapenak.

Portuko sistema orokor hori gauzatuko da plan berezi baten bidez edo tresna baliokidearen bidez, hurrengo urratsak emanez:

a) Portu Agintaritzak plan berezi hori azalduko du.

b) Hirigintza-arloko Administrazio eskudunak egingo ditu plan horren izapideak eta onartuko du plan hori, hirigintzari eta lurralde-antolaketari buruzko legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Behin izapideak egin eta gero, eta plan berezi hori behin betiko onetsi aurretik, hirigintza-arloko Administrazio eskudunak, hamabost eguneko epean, behin-behineko onespenetik zenbatzen hasita, plan horren edukia helaraziko dio Portu Agintaritzari, horrek, hilabeteko epean, bere eskumeneko gaien inguruko erabakia har dezan.

Eduki hori helarazten ez bada, edo Portu Agintaritzaren erabakia negatiboa bada hirigintza-arloko Administrazio eskudunaren proposamenari begira, Administrazio horrek ezin izango du plan berezia behin betiko onetsi, eta Portu Agintaritzarekin behar adinako kontsultak egin beharko ditu, plan horren edukiari buruz esanbidezko akordioa lortzeko.

Desadostasunak bere horretan jarraituz gero, sei hilabeteko epealdian, Portu Agintaritzak erabaki negatiboa hartu zuenetik zenbatzen hasita, Ministroen Kontseiluak izaera loteslearekin emango du proiektuaren inguruko txostena.

Paragrafo honek aipatu dituen plan bereziak behin betiko onetsi ondoren, onespen hori Portu Agintaritzari komunikatu beharko zaio, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritako betekizunekin.

Plan bereziak bere edukian jaso beharko ditu portu-eremuaren ustiapen efizientea, espazio horren garapena eta espazio hori lehorreko garraioaren sistema orokorrari lotzea bermatzeko behar diren neurri eta xedapenak.

19. artikulua. Portuko jabari publikoan egin beharreko obrak.

Portu Agintaritzek portuko jabari publikoan egiten dituzten obrak bat etorri beharko dira portu-eremua antolatzeko plan bereziarekin.

Betekizun hori egiaztatzeko hirigintza-arloko Administrazio eskudunak txostena eman beharko du obra horien gainean; ulertuko da txosten hori aldekoa dela, baldin eta agiriak jaso direnetik hilabete igaro ondoren txostenik ez bada esanbidez eman.

Aurreko paragrafoak aipatu plan berezia onetsi ez bada, Portu Agintaritzek euren eskumeneko jabari publikoan egiten dituzten gainegitura-obrek eta instalazioek bateragarriak izan beharko dute portu-eremuen erabilera-planekin.

Portu Agintaritzek portuko jabari publikoan egiten dituzten obrak, halakoak eraikuntza berrikoak, konponketa-izaerakoak eta kontserbazio-izaerakoak badira, interes orokorreko obra publikoak diren heinean, ez dira egongo apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzeari buruzkoak, 84.1.b) artikuluan udalen prebentzio-ondoreetarako aipatu kontrol-egintzen mende.

Portuko obra publiko bat, bere izaera eta ezaugarriengatik, ezin duenean ekonomikoki ustiatu emakidadun batek, Portu Agintaritzak kontratatu ahal izango du obra publiko horren eraikuntza eta kontserbazioa, kontratistari kontraprestazio gisa eman ahal izango diola lege honen IV. tituluan portuko jabari publikoaren inguruan araututako emakida bat.

Ondore horietarako, kontratuari buruzko administrazio-klausula berezien agirian ezarri ahal izango dira demanio-emakidaren xedea eta ezaugarriak.

Edozein kasutan, kasuan kasuko emakida zein gunetan emango litzatekeen zehaztu beharko da.

Era berean, agirian ezarriko da batera aurkeztu behar direla, jabari publikoko emakidari begira egindako eskaintza eta horren inguruan ekarri beharreko agiri tekniko eta ekonomikoak, obra eraikitzeko eta ustiatzeko kontratuaren, edo eraikitze- eta kontserbatze-kontratuaren inguruko eskaintza egiten den une berean.

Kontratista hautatzeko, kontratazio-organoak balioetsiko ditu, modu bateratuan, obra eraikitzearekin eta ustiatzearekin zerikusia duen eskaintza, edo eraikitzearekin eta kontserbatzearekin zerikusia duen eskaintza, bai eta lizitatzaileak jabari publikoaren gainean gauzatu nahi dituen obrak edo jarduerak, eta jabari horri begira aurreikusten duen araubidea ere.

Portuko obra publikoa betearazteko jabari publikoaren gainean gauzatzen den okupazioarengatik ez da ordainduko portuko jabari publikoa modu pribatiboan okupatzearen ondoriozko kanona.

20. artikulua. Portu berriak eraikitzea.

Estatuko titulartasuneko portu berria eraikitzeko, aldez aurretik Sustapen Ministerioak onetsi beharko ditu kasuan kasuko proiektua eta azterketa osagarriak.

Eraikuntza-proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen-prozeduraren mende egongo dira, aplikagarri den legeriarekin bat etorriz.

Orobat, Defentsa Ministerioaren, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren txostena beharko da, horien kasuan kasuko eskumenen inguruabarrei dagokienez, bai eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren txostena ere, arrantza-jarduerak aurreikusten badira.

Portuko zerbitzu-guneko autonomia-erkidegoak eta udalek txostenak emango dituzte, lurralde-antolaketari eta hirigintzari dagokienez dituzten eskumenen inguruan.

Era berean, autonomia-erkidegoak txostena emango du, barne uretako arrantzaren eta arrantza-sektorea antolatzearen aldetik dituen eskumenei dagokienez.

Ulertuko da txosten horietarik edozein aldekoa dela, baldin eta agiriak jaso direnetik hilabete igaro ondoren txostenik ez bada esanbidez eman.

21. artikulua. Portuak hedatzea edo aldaraztea.

Azpiegitura-obra berriak egiteko eta estatuko portuak hedatzeko kasuan kasuko proiektua eta azterketa osagarriak egin beharko dira, eta Portu Agintaritza eskudunak edo, hala denean, «Estatuko portuak» erakundeak onetsi beharko dituzte horiek.

Proiektu horiek ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio-prozeduraren mende izango dira, hori nahitaezkoa denean legeria berezia aplikatzearen ondorioz.

Arrantzaren gaian eskuduna den Administrazioak txostena emango du, obra berriak edo aurrekoak aldaraztekoak onetsi aurretik, obra horiek dike edo harri-lubeta berriak eraikitzea dakartenean, portuko uren barneko gunetik kanpo.

Portuak aldarazi edo hedatzeko, dragatze- edo betegune-obrak egin ahal izango dira, lehorreko nahiz itsasoko materialak erabilita, baldin eta material horiek, euren izaerarengatik, azken erabilerarengatik edo babes-isolamenduarengatik ez badituzte sortzen kutsadura-prozesuak, itsasoko uren kalitatearen inguruan aplikagarri den arautegiaren kutsadura-mailak gaindituz.

Dragatze-obrak bat etorriko dira Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzko Legearen 131. artikuluan jasotakoarekin.

Portuko jabari publikoko betegune-obrek Portu Agintaritzaren baimena beharko dute.

22. artikulua. Herri-onuraren adierazpena eta okupatzeko beharrizana.

Proiektuen onespen teknikoak berarekin ekarriko du herri-onuraren adierazpena eta ondasunak okupatu eta eskubideak eskuratzeko beharrizana, jabetza nahitaez kentzeko eta aldi baterako okupazioa gauzatzeko.

Ondore horietarako, proiektu bakoitzean jaso beharko dira, modu zehaztuan eta banan-banan, portuko jabari publikora bildu gabeko ondasun eta eskubideetarik ukitu direnak, horien deskripzio materialarekin batera.

Era berean, onura publikoaren adierazpenak eta okupazio-beharrizanak kontuan hartuko dituzte proiektuaren zuinketako eta jatorrizko proiektua onesteko agintari eskudunak gerogarrenean onets ditzakeen obra-aldarazpeneko ondasun eta eskubideak, aurreko paragrafoan ezarri betekizun berberekin.

Estatuaren eskumeneko portuetan Sustapen Ministroak egin behar du presako adierazpena, Portu Agintaritzetako obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatze aldera.

4. atala.

Portu-sistemaren kudeaketa

23. artikulua. Kudeaketa

Lege honek ezarritakoaren arabera, Portu Agintaritzei dagokie euren eskumeneko portuen kudeaketa, autonomia-araubidean, eta «Estatuko Portuak» erakundeari portu-sistemaren eragingarritasunari buruzko koordinazioa eta kontrola.

II. kapitulua. «Estatuko Portuak» erakunde publikoa eta Portu Agintaritzak

1. atala.

«Estatuko Portuak» erakunde publikoa

24. artikulua. Izena eta izaera.

«Estatuko Portuak» zuzenbide publikoko erakundea, lege honek sortutakoa, Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen testu bateginaren 6. artikuluko 6. paragrafoko erakundeetako bat da, Sustapen Ministerioari atxikita dagoena; erakunde hori arautuko dute bere legeria bereziak, Aurrekontu Orokorren Legetik aplikagarri zaizkion xedapenek eta, ordezko moduan, apirilaren 14ko 6/1997 Legeak, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Jardunbideari buruzkoak.

Sustapen Ministerioak onetsi behar du «Estatuko portuak» erakundeak dituen helburuen urteko plana, plan horri jarraipena egiteko sistema ezarri behar du, eta, beste eskumen batzuei kalterik egin gabe, erakundearen eragingarritasuna kontrolatu behar du, indarreko arautegiarekin bat etorriz.

Erregelamendu bidez ezarriko dira eskumen horiek egikaritzeko tresna eta prozedura egokiak.

«Estatuko Portuak» erakunde publikoak nortasun juridiko eta ondare propioak izango ditu, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere. Beraren jarduerak gauzatuko ditu antolamendu juridiko pribatuarekin bat etorriz, baita ondare-eskuraketetan eta kontratazioan ere, salbu eta botere publikoaren eginkizunak gauzatzen dituenean, antolamenduak halakoak eratxiki dizkiolako.

Kontratazioaren gaian, «Estatuko Portuak» erakundea, edozein kasutan, publizitate, lehia, erakundearen interesa babeste eta kontratazio-sistema sektore publikoarekin homogeneizatzearen printzipioen mende izango da, eta abenduaren 30eko 48/1998 Legeak, Uraren, Energiaren, Garraioen eta Telekomunikabideen Sektoreetako Kontratazio Prozedurei buruzkoak, ezarritakoaren mende izango da, lege horren esparruko kontratuak egitean.

Ondare-araubideari dagokionez, arautuko dira euren legeria bereziaren arabera, eta horretan jaso gabeko alorretan, Administrazio publikoen ondare-legeriaren arabera.

«Estatuko Portuak» erakundeak bere eginkizun publikoak gauzatzean, eta, zehatzago, jabari publikoa kudeatu eta erabiltzean, sarrera publikoak ordainarazi eta biltzean, eta zehapenak ezartzean, emandako egintzek administrazio-bidea bukatuko dute, tributuen gaian izan ezik, gai horretako egintzei bide ekonomiko administratiboan jarri ahal izango zaielako errekurtsoa.

Erakunde publikoaren aholkularitza juridikoa, defentsa eta epaiketako ordezkaritza estatuko abokatuen ardurapean utzi ahal izango da hitzarmen bidez; hitzarmen horretan, ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoa ezarriko da, kreditua sortuz Justizia Ministerioko kasuan kasuko zerbitzuetan.

25. artikulua. Eskumenak.

«Estatuko Portuak» erakundeak hurrengo eskumenak ditu, Sustapen Ministerioaren aginduen eta gainbegiraketaren mende.

a) Gobernuaren portu-politika betearaztea eta estatuaren titulartasuneko portu-sistemaren efizientzia koordinatzea eta kontrolatzea, lege honetan ezarritakoaren arabera.

c) Koordinazio orokorraz arduratzea, Estatuko Administrazioaren organoetatik portuaren esparruan kontrolak ezartzen dituzten organoei dagokienez, eta estatuaren eskumeneko portuetan jarduten duten garraio-motei dagokienez, portu-jardueraren ikuspuntutik.

c) Portu-ekonomia, -kudeaketa, -logistika eta -ingeniaritzari lotutako gaietan eta portuetako jarduerarekin zerikusia duten beste gai batzuetan prestakuntzaz, ikerketa sustatzeaz eta garapen teknologikoaz arduratzea, bai eta portuko esparruen eta azpiegituren diseinu, ustiapen eta kudeaketarako beharrezkoak diren neurtze-sistemen eta itsasoko ozeanografia nahiz klimatologiako teknika operazionalen garapenaz arduratzea ere.

d) Espainiako itsas seinaleen sistemaren plangintza, koordinazioa eta kontrolaz arduratzea, eta gai horietan prestakuntza, ikerketa eta garapen teknologikoa suspertzea.

Itsas seinaleen gaiaren koordinazioa Itsasargien Batzordearen bidez gauzatuko da; Sustapen Ministerioak zehaztuko du batzorde horren egitura eta jardunbidea.

26. artikulua. Eginkizunak.

Aurreko artikuluak eratxikitako eginkizunak egikaritzeko, «Estatuko Portuak» erakundeak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Estatuko portu-sistema osoaren helburuak eta Portu Agintaritzen kudeaketaren helburu orokorrak definitzea, horiekin adosten diren enpresa-planen bidez, Sustapen Ministerioak ezarritako esparruan.

b) Portu Agintaritzen finantza- eta inbertsio-programazioa onestea, horiekin adostutako enpresa-planek eratorritakoak izango dena, eta horien kontabilitateak eta aurrekontuak sendotzea.

c) Proposatzea, hala denean, Estatuko Aurrekontu Orokorretara biltzea Portu Agintaritzetako obren eta azpiegituren inbertsioetarako eslei daitezkeen ekarpenak.

d) Txosten teknikoak ematea, ikuspuntu teknikotik edo ekonomikotik ezaugarri bereziak dituzten proiektuei dagokienez, Portu Agintaritzek halakoak onetsi aurretik.

e) Irizpideak definitzea, xedapen orokorrak aplika daitezen, segurtasunaren, obren eta eskuraketen eta erabiltzaileekin izan beharreko ekonomia- eta merkataritza-harremanen inguruan.

Segurtasun-gaiko jarduerak gauzatuko dira Barne Arazoetarako Ministerioarekin elkarlanean eta, bidezkoa denean, kasuan kasuko autonomia-erkidegoetako organoekin elkarlanean, halakoak eskudunak direnean pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren segurtasunari eusteko.

f) Paragrafo honetako a) idatz-zatian definitutako enpresa-planetan Portu Agintaritza bakoitzari begira zein helburu ezarri eta helburu horiek efizientziaz kudeatu eta betetzen direla kontrolatzea.

g) Baimentzea Portu Agintaritzek merkataritzako sozietateetan partaidetza izatea, sozietate horien xedea portua ustiatzeko jarduerei lotuta dagoenean, eta sozietate horien akzioak eskuratu edo besterentzea, 37.1.q) artikuluko kasuak gertatzen ez direnean, betiere, eragiketa horiek ez badakarte gehieneko partaidetza irabaztea edo galtzea; hori gertatuz gero, Ministroen Kontseiluak eman beharko du baimena.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

j) Itsas seinaleen jardunbidearen plangintzaz, normalizazioaz, ikuskapenaz eta kontrolaz arduratzea, eta Portu Agintaritzei eratxikitzen ez zaizkien zerbitzuak ematea.

k) Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritza izatea portuen eta itsas seinaleen gaian, nazioarteko erakunde eta batzordeetan, ordezkaritza hori ez duenean bere gain hartzen Sustapen Ministerioak, kalterik egin gabe Kanpo Arazoetarako Ministerioak dituen eskumenei.

l) Portu Agintaritzen merkataritza-politika koordinatzeko neurriak bultzatzea, bereziki, nazioarte-mailari dagokionez, portuen kudeaketa-autonomiaren printzipioa aintzat hartuta, kalterik egin gabe autonomia-erkidegoen eskumenei.

m) 116. artikuluko izapideak egin aurretik, portuetako Ustiatze eta Polizia Erregelamendu Orokorra egitea eta Sustapen Ministerioaren mende uztea horrek onets dezan, eta txostena egitea portu-ordenantzak erregelamendu horretan jasotako ordenantzen ereduarekin bat etortzearen inguruan.

n) Estatuko Administrazio Orokorreko organo desberdinen jarduerak bultzatzea, halakoek eskumenak dituztenean intermodalitatearen, logistikaren eta garraio konbinatuaren gaian, interes orokorreko portuetan.

ñ) Berrikuntza teknologikoko eta prestakuntzako politikak proposatzea portu-esparruko kudeatzaile eta arduradunentzat.

o) Gai batzuetan gomendioak ezartzea, interes orokorreko portuetako helburuak eta jardute-ildoak finkatze aldera, era berean halako portuen artean informazioa trukatzea ahalbidetuz.

p) Trafikoko eta beste gai interesgarri batzuen inguruko estatistikak egitea portu-sistemarako.

Eginkizun horiek betetzearen ondorioz, «Estatuko Portuak» erakundeak urtero txostena egingo du, portu-politikaren betearazpenari buruz, horretara bilduko dela interes orokorreko portuetan gauzatutako kudeaketaren azterketa; txosten hori Sustapen Ministerioari igorriko dio, eta horrek Gorte Nagusiei bidaliko die.

Portu Agintaritzek erakunde publiko horri emango diote agintzen zaien informazio oro.

27. artikulua. Organo artezkariak.

«Estatuko Portuak» erakundearen gobernu- eta administrazio-organoak dira Kontseilu Artezkaria eta Lehendakaria.

27bis artikulua.

«Estatuko Portuak» erakundearen Kontseilu Aholkularia.

«Estatuko Portuak» erakunde publikoaren organo laguntzaile moduan Kontseilu Aholkularia eratuko da. Kontseilu hori eratuko dute «Estatuko Portuak» erakundearen Lehendakariak, Kontseiluko Lehendakaria ere izango denak, eta Portu Agintaritza bakoitzeko ordezkari batek, horien Lehendakaria izango denak; azken hori ordeztu ahal izango du Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak, Lehendakariak hala proposatuta, bere gainerako kideen artean izendatutako pertsonak.

Sustapen Ministerioari dagokio Kontseilu horren jardunbideari buruzko arauak onestea.

28. artikulua. Kontseilu artezkaria:Osaera eta eginkizunak.

Osaera eta eginkizunak.

Kontseilu Artezkaria osatzen dute erakundearen Lehendakariak, aldi berean Kontseiluko Lehendakari ere izango denak, eta gutxienez bost eta gehienez hamabost kidek, Sustapen Ministroak izendatuak.

2. Kontseilu Artezkariak, Lehendakariak hala proposatuta, Idazkaria izendatuko du; Idazkari hori ez bada Kontseiluko kidea, Kontseilura joango da hitz egiteko aukerarekin baina botorik gabe.

3. Kontseilu Artezkariko kideen izendapenek lau urteko iraupena izango dute, berriztatzeko aukerarekin, kide horiek kargua uzten dutenean izan ezik.

Kontseilu Artezkariak hurrengo eskumenak ditu:

a) Pertsona zehatzei, fisikoei nahiz juridikoei, ahalorde orokorrak edo bereziak ematea eta ezeztatzea, halakoak ematea beharrezkoa denean, gaiak direla eta.

b) Erakundearen antolaketa eta horren aldarazpenak onestea, bai eta barne arauak eta kudeaketarako beharrezko xedapenak ere.

c) Kontseilu Artezkariaren jardunbiderako erregelak ezartzea, artikulu honetako 6. paragrafoan ezarritakoaren arabera, bai eta Kontseiluaren araubide ekonomikoa eta Kontseiluko Idazkariaren eginkizunak ere.

d) Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

e) Erakundearen ustiatze- eta kapital-aurrekontuak eta urte anitzeko jardute-programa akordatzea.

f) Balantzea, galera-irabazien kontua, erakunde publikoaren urteko kudeaketari buruzko argibide-oroitidazkia eta, hala denean, emaitzen aplikazioari buruzko proposamena onestea, emaitza horietarik zein ehuneko destinatuko den erreserbak eratzeari akordatuz, inbertsioak egiteko eta Kontseilu Artezkariaren jardunbidea egokia izateko beharrezkoa den zenbatekoan.

g) «Estatuko Portuak» erakundearen inbertsioak eta finantza-eragiketak baimentzea, merkataritzako sozietateak eratzea eta horietan parte hartzea barne, halakoak erakundearen urte anitzeko jardute-programak eratortzen dituenean.

h) Akordio, itun, hitzarmen eta kontratuak onestea, Kontseiluak zehazten duenean halakoak bere eskumenekoak izan behar direla, horien garrantziari edo gaiari erreparatuta.

i) «Estatuko Portuak» erakundeak Administrazio publikoetan eta edozein ordena, maila edo jurisdikziotako auzitegietan bere interesak defendatzeko dituen akzio eta errekurtsoak egikaritzearen inguruan komenigarria dena erabakitzea.

Presa badago, ahalmen hori Lehendakariak egikarituko du, erabakitakoaren berri berehala emango diola Kontseilu Artezkariari, euren arteko lehenengo bileran.

j) Bere ondarearen inguruko kudeaketa-, xedatze- eta administrazio-egintzak gauzatzea, halakoak egokitzat jotzen direnean.

k) Jabari publikoko ondasunen artetik «Estatuko Portuak» erakundearen helburuak betetzeko premiakoak ez diren ondasunen beharrezkotasunik eza adieraztea; ondasun horiek Sustapen Ministerioak jaregingo ditu.

l) Oinarrizko portu-zerbitzuen agiri arauemaileak onestea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Kontseilu Artezkaria baliozkotasunez eratu ahal izateko beharrezkoa izango da bere bileretara joatea Lehendakaria eta Idazkaria, eta, gutxienez, Kontseiluko kideen erdia.

Kontseiluko kideen ordezkaritza baliozkoa izango da, baldin eta ordezkaritza hori idatziz ematen bada, Kontseiluko bilkura bakoitzari begira eta Kontseiluko beste kide baten edo Lehendakariaren mesedetan.

Kontseilu Artezkariaren erabakiak hartuko dira zuzenean edo ordezkatuta bertaratu direnen botoen gehiengoarekin, berdinketak Lehendakariak erabakiko dituela kalitateko botoarekin.

29. artikulua. Lehendakaria:

Izendapena eta eginkizunak.

Gobernuak errege-dekretu bidez izendatuko du «Estatuko Portuak» erakundearen Lehendakaria, Sustapen Ministroak hala proposatuta.

Lehendakariak aldi berean gauzatu ahal izango du kargu hori eta erakunde publikoak partaidetza duen sozietateetako Administrazio Kontseiluaren Lehendakariaren edo Mahaikidearen kargua, bateraezintasunen legeriak eratorritako betekizunekin eta ordainsari-mugekin.

«Estatuko Portuak» erakundearen Lehendakariak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Etengabe ordezkatzea erakunde publikoa eta horren Kontseilu Artezkaria, edozein jarduera eta kontratutan, pertsona fisiko edo juridiko ororen aurka, hori publikoa nahiz pribatua izan, epaiketan eta epaiketatik kanpo, Kontseilu Artezkariak dituen ahalorde-ahalmenak gorabehera.

b) Kontseilu Artezkariaren bileren deialdia egitea, eguneko aztergaien zerrenda ezartzea, bileretan Lehendakari gisa jardutea eta bilerak amaitzea, eta bilerako eztabaidak bideratzea.

c) «Estatuko Portuak» erakundea eta horren zerbitzuak antolatu, zuzendu, kontrolatu eta administratzea, eratxikitako jardueren garapena jagonez.

d) Erakunde publikoari aplikatu beharreko arauak betetzen direla eta Kontseilu Artezkariak hartutako erabakiak betearazten direla zaintzea.

e) Kontseilu Artezkariari aurkeztea, dela aurrekontuen aurreproiektuak, horiek onets ditzan, dela jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programak, aldez aurreko akordioa lortzeko, dela urteko kontuak.

f) Gastuak erabakitzea eta kasuan kasuko ordainketak agintzea.

g) Kontseiluari proposatzea portu-sistema osoaren helburuak.

h) Kontseiluari edo erakundearen beste organoren bati esanbidez erreserbatu gabeko gaien inguruan erabakiak hartzea.

i) Kontseiluak eskuordetzen dizkion ahalmen bereziak egikaritzea.

j) Lege honek eratxikitako gainerako ahalmenak.

Lehendakariak Kontseilariei eskuordetu ahal izango die Kontseilu Artezkariaren zenbait eginkizun; orobat, beste organoei eskuordetu ahal izango dizkie «Estatuko Portuak» erakundearen jardunbideari dagozkion eginkizunak, Kontseiluak eskuordetuta egikaritzen dituen eginkizunak izan ezik.

30. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

31. artikulua. Ondare-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

32. artikulua. Aurrekontu- eta kontrol-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

33. artikulua. Tributu-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

34. artikulua. Langileen araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

2. atala.

Portu Agintaritzak

35. artikulua. Izena eta izaera.

Portu Agintaritzak erakunde publikoak dira, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 6. artikuluko 6. paragrafoan ezarritakoak, nortasun juridiko eta ondare propioa dutenak, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, eta erakunde horiek arautuko dituzte euren legeria bereziak, Aurrekontu Orokorrei buruzko Legetik aplikagarri zaizkien xedapenek eta, ordezko moduan, apirilaren 14ko 6/1997 Legeak, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Jardunbideari buruzkoak.

Portu Agintaritzek euren jarduerak gauzatuko dituzte antolamendu juridiko pribatuarekin bat etorriz, baita ondare-eskuraketetan eta kontratazioan ere, salbu eta botere publikoen eginkizunak gauzatzen dituztenean, antolamenduak halakoak eratxiki dizkielako.

Kontratazioaren gaian, Portu Agintaritzak, edozein kasutan, publizitate, lehia, erakundearen interesa babeste eta kontratazio-sistema sektore publikoarekin homogeneizatzearen printzipioen mende izan beharko dira, eta abenduaren 30eko 48/1998 Legeak, Uraren, Energiaren, Garraioen eta Telekomunikabideen Sektoreetako Kontratazio Prozedurei buruzkoak, ezarritakoaren mende izango dira, lege horren esparruko kontratuak egitean.

Ondare-araubideari dagokionez, arautuko dira euren legeria bereziaren arabera, eta horretan jaso gabeko alorretan, Administrazio publikoen ondare-legeriaren arabera.

Portu Agintaritzek lege honetan esleitutako eginkizunak gauzatuko dituzte, eginkizun- eta kudeaketa-autonomiaren printzipio orokorraren mende, kalterik egin gabe Sustapen Ministerioak, «Estatuko Portuak» erakundearen bidez, berari eratxikita dituen ahalmenei, eta autonomia-erkidegoei dagozkien ahalmenei.

Gobernuak, errege-dekretu bidez, Sustapen Ministroak hala proposatuta eta autonomia-erkidegoak aldez aurretik txostena emanda, Portu Agintaritza berean bateratu ahal izango ditu, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumeneko portu batzuen administrazioa, kudeaketa eta ustiapena, portu horiek autonomia-erkidego bereko lurraldean kokatzen direnean, erabilitako baliabideen multzoari dagokionez kudeaketa efizienteagoa eta errentagarritasun handiagoa lortzeko.

Kasu horretan, portuaren izena ordeztu ahal izango da, kudeatutako portu-multzoaren erreferentziarengatik, baldin eta erreferentzia hori portu-multzoaren ezaugarrietan oinarritzen bada.

Eraikuntza berriko portuak aldez aurretik dagoen Portu Agintaritza baten eskumen-esparrura bilduko dira, Sustapen Ministerioaren agindu baten bidez, eta autonomia-erkidegoak aldez aurretik txostena emanda, edo beren-beregi sortutako Portu Agintaritza batek kudeatuko ditu.

Estatuaren titulartasuneko portu berri bat eraikitzearen ondorioz Portu Agintaritza bat sortzen denean, Ministroen Kontseiluak errege-dekretu bidez onetsiko du sorrera hori, Sustapen Ministroak hala proposatuta, Administrazio Publikoetarako Ministerioa entzun ondoren eta autonomia-erkidegoak aldez aurretik txostena emanda.

Portu Agintaritzei aplikatuko zaie 24.4 artikuluan ezarritakoa.

Portu Agintaritzek euren eginkizun publikoak gauzatzean, eta, zehatzago, jabari publikoa kudeatu eta erabiltzean, tasak ordainarazi eta biltzean, eta zehapenak ezartzean, emandako egintzek administrazio-bidea bukatuko dute, tributuen gaian izan ezik, gai horretako egintzei bide ekonomiko administratiboan jarri ahal izango zaielako errekurtsoa.

36. artikulua. Eskumenak.

Portu Agintaritzek hurrengo eskumenak dituzte:

a) Portuko zerbitzu orokorrak ematea eta oinarrizko portu-zerbitzuak baimendu eta kontrolatzea, halakoak eragingarritasun-, ekonomia-, ekoizpen- eta segurtasun-baldintza ezin hobean garatzea lortzeko, beste agintaritza batzuen eskumenari kalterik egin gabe.

b) Portuko zerbitzu-gunea eta portu-erabilerak antolatzea, lurralde-antolaketaren eta hirigintzaren gaian eskumena duten Administrazioekin koordinatuta.

c) Portuko obra nahiz zerbitzuen, eta euren ardurapean dauden itsas seinaleen plangintza, proiektua, eraikuntza, kontserbazioa eta ustiapena gauzatzea, lege honek ezarritakoa aintzat hartuta.

d) Portuko jabari publikoa eta itsas seinaleak kudeatzea, halakoak atxiki zaizkienean.

e) Ekonomia kudeaketa optimizatzea eta esleitu zaizkien ondarea eta baliabideak errentagarri egitea.

f) Itsas trafikoarekin edo portu-trafikoarekin zerikusia duten industria- eta merkataritza-jarduerak suspertzea.

g) Portu-eremuan garraio-mota desberdinen eragiketak koordinatzea.

37. artikulua. Eginkizunak.

Aurreko artikuluak eratxikitako kudeaketa-eskumenak egikaritzeko, Portu Agintaritzek hurrengo eginkizunak izango dituzte:

a) Portu Agintaritzaren ustiatze- eta kapital-aurrekontuen proiektuak eta urte anitzeko jardute-programa onestea.

b) Portuko zerbitzu orokorrak eta itsas seinaleen zerbitzuak kudeatzea, oinarrizko portu-zerbitzuak eta euren baimena edo emakida behar duten eragiketa eta jarduerak baimendu eta kontrolatzea.

c) Administrazioaren organo desberdinak eta Administrazioaren partaidetza duten erakundeak koordinatzea, halakoek euren jarduerak portu-esparruan gauzatzen dituztenean, salbu eta eginkizun hori esanbidez eratxiki zaienean beste agintaritza batzuei.

d) Portuko zerbitzu-guneko erabilerak antolatzea, eta horien garapena planifikatu eta programatzea, lurraldea antolatzeko eta hirigintza planifikatzeko onetsita dauden tresnekin bat etorriz.

e) Portuko zerbitzu-gunea antolatzeko plan bereziak idaztea eta aurkeztea, hirigintza-plangintza orokorra garatzeko, edo beharrezkoak diren azpiegitura-obrak eta babes-neurriak betearazteko, hirigintza-legerian eta lurralde-antolamenduan ezarritakoaren mende.

f) Beharrezko obrak proiektatu eta eraikitzea onetsitako plan eta programen esparruan.

g) Hala denean, lau urtetik gorako iraupena izango duten helburu-planak egitea, 26.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

h) Onetsitako programaziora bilduta dauden inbertsio-proiektuak onestea, bai eta inbertsio horien kasuan kasuko gastua ere, eta proiektu horien betearazpena kontratatzea.

i) Txostena ematea portuen ustiatze- eta polizia-erregelamendu orokorraren proiektuari buruz, eta kasuan kasuko portu-ordenantzak egin eta onestea, 106. artikuluan ezarritako izapide eta betekizunekin, bai eta horiek betetzen direla zaintzea ere.

j) Portu-esparruan kontrolatzea merkatu-gai arriskutsuak onartu, manipulatu eta biltegiratzearen inguruko arauketa betetzen dela, bai eta azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Lan Arriskuak Prebenitzeari buruzkoak, 24. artikuluan jarduerak koordinatzeko ezarri betebeharrak betetzen direla ere, eta beste horrenbeste egitea segurtasun-sistemei eta suteen aurkako sistemei begira ere, kalterik egin gabe Administrazio publikoetako beste organo batzuek dituzten eskumenei, eta, batez ere, lan-arautegia haustearen ondoriozko zehapen-eskumenei.

k) Askatasunez onestea ematen dituzten merkataritza-zerbitzuen ondoriozko tarifak, bai eta tarifa horiek aplikatu eta biltzea ere.

l) Portuko jabari publikoari dagokionez, emakidak eta baimenak ematea, eta erroldak eta erregistroak egin eta horiek eguneratuta izatea.

Halaber, portuko zerbitzu-gunean portu-zerbitzuak emateko kontratuak egitea, «Estatuko Portuak» erakundeak ezar ditzakeen irizpide orokorrekin bat etorriz.

m) Emandako emakida eta baimenengatik tasak biltzea, emate-egintzan ezarritako klausula eta baldintzak betetzen direla jagotea, araubide zehatzailea aplikatzea eta portuko jabari publikoa babestu eta modu egokian kudeatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea.

n) Euren langileen prestakuntza bultzatzea eta portuko jarduerarekin eta ingurumena babestearekin zerikusia duten azterketa eta ikerketak gauzatzea, bai eta arlo horietan nazioko nahiz atzerriko beste portu, erakunde edo enpresa batzuekin lankidetzan aritzea ere.

ñ) Itsas seinaleen jardunbidea ikuskatzea, horien kontrola esleitzen zaienean, autonomia-erkidegoen eskumeneko portuetan; detektatutako arazoak autonomia-erkidego horiei jakinaraziko dizkiete, itsas seinaleen jardunbidearen eta mantentzearen arduradun diren heinean, arazo horiek zuzen ditzaten.

o) Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

p) Horien nazioarteko merkataritza-politika kudeatzea, kalterik egin gabe Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren eta Kanpo Arazoetarako Ministerioaren berezko eskumenei.

q) Baimena ematea, Portu Agintaritzak partaidetza izan dezan sozietateetan, eta bere akzioak eskuratu edo besterendu ditzan, hartutako konpromisoek, osotasunean, ez dutenean gainditzen Portu Agintaritzaren aktibo finko garbiaren ehuneko 1, eta, betiere, eragiketa horiek ez badakarte gehieneko partaidetza irabaztea edo galtzea.

Administrazio Kontseiluaren akordioak izan beharko du Estatuko Administrazio Orokorreko ordezkarien aldeko botoa.

r) Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Portu Agintaritzek «Estatuko Portuak» erakundeari eman beharko diote horrek eskatutako informazioa, egikaritzen dituzten eginkizunei buruz, obren plangintza, proiektu eta eraikuntzari dagokionez, jabari publikoa emakidak eta baimenak emanez kudeatzeari dagokionez eta portuko trafikoa, horrekin lotura duten industria- eta merkataritza-jardueren suspertzea, tarifak eta horien aplikazioa eta portuko esparruan garraio-mota desberdinen eragiketen koordinazioa arautu eta kontrolatzeari dagokionez.

38. artikulua. Lurralde-esparrua.

Portu Agintaritzen eskumenaren lurralde-esparrua izango da portuko zerbitzu-gunearen eta itsas seinaleen zerbitzuari lotutako eremuaren mugen barruan dagoena, eremu horren kudeaketa esleitu zaien neurrian.

Portu Agintaritza batek estatuaren eskumeneko portu batzuk kudeatzen baditu, bere lurralde-esparrua hedatuko da portu horietako zerbitzu-guneetara eta itsas seinaleen zerbitzuari lotutako eremuetara, eremu horien kudeaketa esleitu zaion neurrian.

39. artikulua. Organoak.

Portu Agintaritzen organoak hurrengoak dira:

a) Gobernu-organoak:

- Administrazio Kontseilua

- Lehendakaria.

b) Kudeaketa-organoak:

- Zuzendaria.

c) Laguntza-organoak:

- Nabigazio eta Portu Kontseilua.

40. artikulua. Administrazio Kontseilua:

Bateraezintasunak eta eginkizunak.

Administrazio Kontseilua hurrengo kideek osatzen dute:

a) Erakundeko Lehendakariak, aldi berean Kontseiluko Lehendakari ere izango denak.

b) Berezko bi kidek, izango direnak Itsas Kapitaina eta Zuzendaria.

c) Gutxienez 15 eta gehienez 22 izango diren Mahaikideek, autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melillako hiriek ezarritakoaren arabera, eta horiek izendatuta.

Autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiriek aurreko paragrafoko c) idatz-zatiak aipatu Mahaikideak izendatuko dituzte hurrengo irizpideak errespetatuz:

Estatuko Administrazio Orokorra ordezkatuko dute, Itsas Kapitainak ez ezik, aipatu Mahaikide horietako lau kidek ere, euretariko bat estatuko abokatua izango dela eta beste bat «Estatuko Portuak» erakunde publikokoa.

Portuko zerbitzu-gunea zein udalerritan kokatu eta udalerri horiek %14ko ordezkaritza izango dute, Kontseiluko kide guztien artean.

Ukitutako udalerriak bat baino gehiago direnean, ordezkaritza izango dute lehenengo eta behin Portu Agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena zein udalerrik eman eta udalerri horrek edo horiek, eta, gerogarrenean, gainerakoek, zerbitzu-guneak udalerrian ukitutako azalerarekiko proportzioan.

Kontseiluko kide guztien %24 izendatuko da Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak, enpresaburuen eta sindikatuen erakundeak eta portu-esparruan ekonomiaren aldetik garrantzitsuak diren sektoreak ordezkatzeko.

Gainerako Mahaikideak izendatuko dira autonomia-erkidegoa ordezkatzeko; autonomia-erkidegoa arduratu beharko da aurreko paragrafoetan xedatutakoak eratorritako ehunekoen doikuntza zuzentzeaz.

Mahaikideen izendapena nahitaez egin beharko da Administrazio Kontseiluan ordezkatuta dauden Administrazio publikoen eta erakunde nahiz antolakundeen proposamena kontuan hartuta.

Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, proposamen hori egingo du «Estatuko Portuak» erakunde publikoaren Lehendakariak.

Administrazio Kontseiluko Mahaikideen izendapenek, c) idatz-zatiak aipatutakoek, lau urteko iraupena izango dute, berriztatzeko aukerarekin, hurrengo lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Kontseiluko Mahaikideak banantzea akordatuko du autonomia-erkidegoko organo eskudunak, mahaikide horiek ordezkatzen dituzten organizazio, antolakunde eta erakundeek hala proposatuta.

Kontseiluak, Lehendakariak hala proposatuta, Idazkaria izendatuko du; Idazkari hori ez bada Kontseiluko kidea, Kontseilura joango da hitz egiteko aukerarekin baina botorik gabe.

Portu Agintaritzetako Administrazio Kontseiluko kide ez dira izango:

a) Portuan zerbitzuak eskaintzen edo jarduerak gauzatzen dituzten sozietate edo enpresetako ugazabak, bazkideak, kontseilariak, zuzendariak, gerenteak, konfiantzako karguak, edo zuzendaritza-kideak orokorrean, zerbitzu edo jarduera horiek ematea, baimentzea edo kontratatzea Portu Agintaritzaren eskumena denean edo Portu Agintaritzak hitzartu behar dituenean, salbu eta pertsona horiek estatuan, autonomia-erkidegoan edo toki-mailan enpresa ordezkatzeko hautapenezko kargua dutenean.

b) Portuan obrak eta hornidurak edo Portu Agintaritzari behar adinako gastuak eragiten dizkion edozein jarduera gauzatzeko zein enpresak edo erakundek egin edo aurkeztuta izan eskaintzak eta enpresa edo erakunde horietan partaidetza edo zuzeneko interesa duten pertsona guztiak, salbu eta halakoak zuzenbide publikoko erakunde edo korporazioak direnean edo halakoek estatuan, autonomia-erkidegoan edo toki-mailan enpresa ordezkatzeko hautapenezko kargua dutenean.

c) Portu Agintaritzako edo portuan zerbitzuak ematen dituzten enpresa, erakunde edo korporazioetako langileak, halakoek lan-harremanak dituztenean, sindikatu-ordezkaritzako postuei dagokienez, salbu eta langile horiek estatuan, autonomia-erkidegoan edo toki-mailan hautapenezko sindikatu-kargua dutenean.

d) Bateraezintasuna dutenak, aplikagarri den legeriaren arabera.

e) Europar Batasuneko herritar ez diren pertsonak.

Administrazio Kontseiluak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Portua arautu eta administratzea, Lehendakariak dituen ahalmenak gorabehera.

b) Bere organoen eginkizunak eta ardurak zehaztea, eta pertsona zehatzei, fisikoei nahiz juridikoei, ahalorde orokorrak edo bereziak ematea eta ezeztatzea, halakoak ematea behar duten gaiei dagokienez.

c) Lehendakariaren ekimenez, erakundearen antolakuntza eta horren aldarazpenak onestea.

d) Bere kudeaketa-arauak eta barne jardunbideko erregelak, bere araubide ekonomikoa eta Idazkariaren eginkizunak ezartzea, artikulu honetako 6. paragrafoan xedatutakoa aintzat hartuta.

e) Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

f) Portu Agintaritzako ustiatze- eta kapital-aurrekontuen proiektuak eta horren urte anitzeko jardute-programa onestea, bai eta horiek «Estatuko Portuak» erakundeari bidaltzea ere, horien gaineko izapideak egiteko.

g) Balantzea, galera-irabazien kontua, erakundearen urteko kudeaketari buruzko argibide-oroitidazkia, enpresa-plana eta, hala denean, emaitzen aplikazioari buruzko proposamena onestea, emaitza horietarik zein ehuneko destinatuko den erreserbak eratzeari akordatuz, inbertsioak egiteko eta erakundearen jardunbide egokirako beharrezkoa den zenbatekoan.

h) Erakundearen inbertsioak eta finantza-eragiketak baimentzea, merkataritzako sozietateak eratzea eta horietan parte hartzea barne, aldez aurretik beharrezko lege-betekizunak gauzatuta.

i) Ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea dakarten proiektuak, lege honetako 22. artikuluak aipatu dituenak, onestea, Zuzendariak horiek ikuspuntu teknikotik onestea gorabehera.

j) Lege honek eratxikitako polizia-ahalmenak gauzatzea, halakoak beharrezkoak direnean bere helburuak betetzeko.

k) Urteko kudeaketa-helburuak finkatzea, «Estatuko Portuak» erakundeak sistema osorako ezarritako helburu orokorren esparruan.

l) Aktiboko edo pasiboko finantza-eragiketak sustatzea, halakoak «Estatuko Portuak» erakundeak onetsi behar dituela, erakunde publiko horri begira Gobernuak eta Gorte Nagusiek onesten dituzten inbertsio-, finantzaketa-, eta zorpetze-planen esparruan.

m) Zirkulatzailea finantzatzeko kredituak baimentzea.

n) Portu Agintaritzaren merkataritza-zerbitzuen ondoriozko tarifak ezartzea.

ñ) Emakidak eta baimenak ematea, Sustapen Ministerioak onetsitako irizpide eta baldintza orokorren agiriekin bat etorriz, portuko jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzearen edo modu berezian aprobetxatzearen ondoriozko tasak biltzea, bai eta merkataritza-izaerarik gabeko zerbitzuen ondoriozko tasak biltzea ere.

o) Akordio, itun, hitzarmen eta kontratuak onestea, Kontseiluak zehazten duenean halakoak bere eskumenekoak izan behar direla, horien garrantziari edo gaiari erreparatuta.

p) Portu Agintaritzei Administrazio publikoetan eta edozein ordena, maila edo jurisdikziotako auzitegietan euren interesak defendatzeko dituzten akzio eta errekurtsoak egikaritzearen inguruan komenigarria dena erabakitzea.

Presa badago, ahalmen hori Lehendakariak egikarituko du, erabakitakoaren berri berehala emango diola Administrazio Kontseiluari, euren arteko lehenengo bileran.

q) Lehia askea ahalbidetzea eta portu-zerbitzu desberdinak ematean monopolio-egoerak sortuko ez direla zaintzea.

r) Bere ondarearen inguruko kudeaketa-, xedatze- eta administrazio-egintzak gauzatzea, halakoak egokitzat jotzen direnean.

s) Portuko ordenantzak onestea, lege honetako 106. artikuluak jasotakoa aintzat hartuta.

t) 37. artikuluan Portu Agintaritzari begira ezarritako gainerako eginkizunak gauzatzea, halakoak beste gobernu- edo kudeaketa-organo batzuei eratxiki ez zaizkienean eta aurreko idatz-zatietan aipatu ez direnean.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Administrazio Kontseilua baliozkotasunez eratu ahal izateko beharrezkoa izango da bere bileretara joatea bere kide guztien erdia eta kide bat gehiago eta, edozein kasutan, Lehendakaria edo Lehendakariordea eta Idazkaria.

Mahaikideen ordezkaritza Kontseiluko beste kide batzuei bakarrik eman ahal izango zaie, idatziz eta bilkura bakoitzari begira.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak hartuko dira zuzenean edo ordezkatuta bertaratu diren kideen botoen gehiengoarekin.

Hala ere, Zuzendaria izendatzeko eta artikulu honetako e), f) eta g) idatz-zatiek aipatutako eginkizunak gauzatzeko beharrezkoa izango da erabakiak hartzea Administrazio Kontseiluko kideen erabateko gehiengoarekin.

Kontseiluko Lehendakariak berdinketak erabakiko ditu bere kalitateko botoarekin.

41. artikulua. Lehendakaria:

Izendapena eta eginkizunak.

Portu Agintaritzaren Lehendakaria izendatu eta bananduko du autonomia-erkidegoko edo Ceuta eta Melillako organo eskudunak, lanbide-trebetasun eta egokitasun nabariko pertsonen artean.

Izendapena eta banantzea kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko da, Sustapen Ministerioari hori komunikatu ondoren; halaber, Sustapen Ministerioak aginduko du hori «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzea.

Lehendakariak aldi berean gauzatu ahal izango du kargu hori eta bera zein Portu Agintaritzako Lehendakaria izan eta Portu Agintaritza horrek partaidetza duen sozietateetako Administrazio Kontseiluaren Lehendakariaren edo Mahaikidearen kargua, bateraezintasunei buruzko legeriaren aplikazioak eratortzen dituen betekizunekin eta ordainsari-mugekin”.

Lehendakariak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Etengabe ordezkatzea Portu Agintaritza eta horren Administrazio Kontseilua, edozein jarduera eta kontratutan, pertsona fisiko edo juridiko ororen aurka, hori publikoa nahiz pribatua izan, epaiketan eta epaiketatik kanpo, Administrazio Kontseiluak dituen ahalorde-ahalmenak gorabehera.

b) Administrazio Kontseiluaren bileren deialdia egitea, eguneko aztergaien zerrenda ezartzea, bileretan lehendakari gisa jardutea eta bilerak amaitzea, eta bilerako eztabaidak bideratzea.

c) Erakundearen zerbitzuak kudeatzeko jarraibide orokorrak ezartzea.

d) Portu Agintaritzari aplikatu beharreko arauak eta Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea.

e) Administrazio Kontseiluari aurkeztea enpresa-plana, erakundearen kudeaketa-helburuekin eta jardute-irizpideekin batera, bai eta aurrekontuen, jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programaren eta urteko kontuen proiektuak ere.

f) Gastuak erabakitzea eta Zuzendariarekin modu mankomunatuan ordainketak edo funtsen mugimenduak agintzea.

g) Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion ahalmen bereziak egikaritzea.

j) Lege honek eratxikitako gainerako ahalmenak.

Lehendakariaren ardura da, lege honek «Estatuko Portuak» erakundeari begira Portu Agintaritzei eratxiki dizkien betebeharrak gauzatzen direla zaintzea, bereziki, hark onetsi behar dituen xedapen eta egintzei dagokienez edo halakoei begira eman behar dituen txostenei dagokienez, bai eta erakunde horri estatuko portu-sistemarentzako interesgarria den informazio oro ematea ere.

42. artikulua. Lehendakariordea:

Izendapena eta eginkizunak.

Administrazio Kontseiluak, bere Lehendakariak hala proposatuta, bere kideen artean, Lehendakariordea izendatuko du; kargu hori ezin izango dute izan Zuzendariak eta Idazkariak.

Lehendakariordeak Lehendakaria ordezten du hutsune-, absentzia- edo gaixotasun-kasuetan; orobat, Lehendakariak edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkion eginkizunak gauza ditzake.

43. artikulua. Zuzendaria

Zuzendaria izendatu eta bananduko da Administrazio Kontseiluaren erabateko gehiengoarekin, Lehendakariak hala proposatuta, goi-mailako titulazioa eta esperientzia nabarmena duten pertsonen artean, halakoek, gutxienez, 10 urte gauzatu dituztenean portuko tekniketan eta kudeaketan.

Izendapen- eta banantze-proposamena «Estatuko Portuak» erakundeari komunikatuko zaio, Administrazio Kontseiluaren deialdia egin baino 15 egun lehenago gutxienez.

Lehendakariak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Erakundearen eta bere zerbitzuaren zuzendaritza eta kudeaketa arrunta gauzatzea, Portu Agintaritzaren gobernu-organoetatik jasotzen dituen jarraibide orokorren arabera, bai eta Lehendakariari erakundearen egitura organikoaren proposamena bidaltzea ere.

b) Administrazio-espedienteak hastea eta horien izapideak egitea, hori ez zaionean esanbidez eratxiki beste organo bati, bai eta baimenei eta emakidei buruzko txostena nahitaez ematea ere, horien oinarri izango diren jarduera-proiektu eta -proposamenen azterketa eta txosten teknikoak eginez.

c) Portu Agintaritzak betearazi behar dituen obra-proiektuei onespen teknikoa ematea.

d) Erakundearen kudeaketa-helburuak eta jardute-irizpideak, aurrekontuen, jardute-, inbertsio-, finantzaketa-programen eta urteko kontuen, eta erakundeak behar duen langile-kopuruaren aurreproiektuak egitea eta halakoak Lehendakariaren esku uztea, horrek aztertu ditzan eta erabakia har dezan.

44. artikulua. Nabigazio eta Portu Kontseilua.

Itsas Kapitaintzaren eta Portu Agintaritza bakoitzeko Lehendakariaren laguntza- eta informazio-organo gisa, estatuaren titulartasuneko portu guztietan sortuko da Nabigazio eta Portu Kontseilua; bertan ordezkaritza izan dezakete hala eskatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta egiaztatzen bada pertsona horiek zuzeneko eta nabaria den interesa dutela, portuaren edo itsas merkataritzaren jardunbidea egokia izan dadin, edo horretarako modu eragingarrian lagun dezaketela.

Ordezkaritza izan dezaketenen artean egongo dira:

a) Portuarekin zerikusia duten eskumenak egikaritu eta jarduerak gauzatzen dituzten erakunde publikoak.

b) Zuzenbide publikoko korporazioak eta erakunde edo organizazio pribatuak, horien jarduerak zerikusia duenean portuko edo itsasoko jarduerekin.

c) Portu Agintaritzaren lurralde-esparruan itsasoko eta portuko sektoreetan ordezkaritza handiena duten sindikatuak.

Kasuan kasuko Portu Agintaritzetako Administrazio Kontseiluek erabakiko dute Nabigazio eta Portu Kontseiluko kideak izendatzeko nahiz kargutik kentzeko modua eta bilkuren araubidea.

45. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

46. artikulua. Kontribuzio-funtsa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

47. artikulua. Finantzaketa eta Elkartasun Funtsa.

Finantzaketa eta Elkartasun Funtsa eratuko dute portuko erakunde publikoen artean zeinek izan altxorreko soberakinak eta halakoek borondatez beste batzuen eskuragarri jartzen dituzten zenbatekoekin, kasu bakoitzean merkatuko baldintzen arabera ezartzen den korrituarekin.

«Estatuko Portuak» erakundeak aldez aurretik baimendu beharko ditu eragiketa horiek, Funtsaren erabilerak kontraprestaziorik gabeko onura ekonomikoak edo kredituen transferentziak sor ez ditzan, eta erabilera horrek interes orokorreko portuen artean lehia askea zaildu edo desbideratzen duen beste edozein neurri sor ez dezan.

48. artikulua. Bere baliabideak kobratu ahal izatea bermatzeko neurriak.

Portu Agintaritzek premiamenduaren administrazio-prozedura erabili ahal izango dute, euren zerbitzuen bidez, zuzenbide publikoko sarreren izaera duten zorrak eragingarri egiteko.

Era berean, Ekonomia eta Ogasun Ministerioko organo biltzaileekin hitzartu ahal izango dute sarrera horiek biltzeko kudeaketa, Baliabideak Biltzeari buruzko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

49. artikulua. Ondare-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

50. artikulua. Aurrekontu- eta kontrol-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

51. artikulua. Tributu-araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

52. artikulua. Langileen araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

II. titulua

Portuko jabari publikoaren kudeaketa

I. kapitulua

Portuko jabari publikoa erabiltzea eta portu-zerbitzuak ematea

1. atala.

Xedapen orokorrak

53. artikulua. Estatuaren portu-jabariaren edukia.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

54. artikulua. Estatuaren portuko jabari publikoaren erabilera.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

55. artikulua. Baimendutako jarduera, instalazio eta eraikuntzak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

56. artikulua. Baimena edo emakida eskatzea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

2. atala.

Baimenak

57. artikulua. Galdatze-esparrua.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

58. artikulua. Azkentzea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

59. artikulua. Industria-jarduerak, merkataritza-jarduerak edo jendaurreko zerbitzuetarako jarduerak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

60. artikulua. Isurketen araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

61. artikulua. Hondakinak jasotzea

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

62. artikulua. Dragatze-obrak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

3. atala.

Emakidak.

63. artikulua. Galdatze-esparrua.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

64. artikulua. Xedatze- edo kargatze-egintzak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

65. artikulua. Erreskatea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

4. atala.

Portu-zerbitzuak ematea

66. artikulua. Portu-zerbitzuen kontzeptua.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

67. artikulua. Zerbitzuak emateko araubidea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

II. kapitulua

Estatuaren portu-jabari publikoa erabiltzeko eta portu-zerbitzuak emateko araubide ekonomikoa

1. atala.

Arau orokorrak

68. Bete beharreko helburuak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

2. atala.

Kanonak

69. artikulua. Portuko jabari publikoa modu pribatiboan okupatzearen ondoriozko tasa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

69bis artikulua.

Jendaurreko zerbitzuak ematearen eta merkataritzako nahiz industriako jarduerak gauzatzearen ondoriozko kanona.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

69 ter artikulua.

Salbuespenak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

3. atala.

Portu-zerbitzuen ondoriozko tarifak

70. artikulua. Esparrua eta zehaztapena.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

71. artikulua. Salbuespenak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

72. artikulua. Zeharkako kudeaketa-zerbitzuen tarifak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

73. artikulua. Ontzien kontsignatarioa.

Lege honen ondoreetarako, ontzi baten agente kontsignatariotzat joko da ontzi-ustiatzailearen edo -jabearen izenean eta hori ordezkatzen jarduten duen pertsona fisikoa edo juridikoa.

Kontsignatarioak, halakoa dagoenean, Portu eta Itsas Agintaritzei begira betebeharra izango du, ontzia portuan egotearen ondoriozko tasa edo beste kontzeptu batzuengatik zein likidazio ezarri eta likidazio horiek ordaintzeko, lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Ontzia kontsignatuta ez badago, ontziko kapitainak izango du likidazio horiek ordaintzeko betebeharra.

Bi kasuetan, ontzi-ustiatzaileak edo -jabeak ordainketa egiteko betebeharra izango du, izaera solidarioarekin.

Kontsignatarioaren erantzukizuna, ontziak zein merkatu-gai garraiatu eta merkatu-gai horien zamatzaile edo jasotzaileei begira ontzi-ustiatzaileak hartu dituen betebeharrak gauzatzeari dagokionez, merkataritzako legeria bereziak arautuko du.

Kontsignatarioak Portu Agintaritzari edo Itsas Kapitaintzari begira dituen betebeharrak bermatzeko, ontzien kontsignatarioak portu-erakundean gordailutu beharko ditu behar besteko ekonomia-bermeak edo banku-abalak, lege honen 59.2 artikuluko baldintza orokorren agirian zehaztutako irizpideekin bat etorriz.

Ontzi baten agente kontsignatarioak alde bakarrez uko egin ahal izango dio ontzi horren kontsignatarioa izateari, uko-egite hori modu sinesgarrian komunikatuz Portu Agintaritzari eta Itsas Kapitaintzari; uko-egite hori eragingarria izango da Agintaritza bakoitzari begira, euretariko bakoitzari kasuan kasuko komunikazioak egin arte dituen zorrak ordaindu ostean.

III. titulua

Merkataritzako Marina

I. kapitulua

Helburuak

74. artikulua. Helburuak.

Merkataritzako Marina arduratuko da, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluan Estatuko Administrazioari esleitutako eskumenen esparruan, hurrengo helburuak lortzeaz:

1. Itsasoan giza bizitzaren segurtasuna babestea.

2. Itsas nabigazioaren segurtasuna babestea.

Itsas segurtasuna babestea.

4. Itsas ingurumena babestea.

Herrialdearen beharrizanek eskatzen dituzten zerbitzuak izatea, itsas garraioari dagokionez.

Interes publikoko nabigazioei eustea.

II. kapitulua

Ontzi-ustiapena eta nabigazioen araubidea

1. atala.

Ontziak eta enpresa ontzi-ustiatzaileak

75. artikulua. Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroa.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroa administrazio izaerako erregistro publikoa da, xedetzat duena hurrengoak inskribatzea:

- Espainian banderapean jarritako ontziak.

- Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileak.

Identifikazio-ondoreetarako, ontzien inskripzioan jasoko dira horien oinarrizko inguruabarrak eta inguruabar horien aldarazpenak, bai eta ontzi horien jabetza eskuratzeko edo eskualdatzeko egintza eta kontratuak, hipotekak eratzeko edo eskubide errealak ezartzeko egintza eta kontratuak eta lege nahiz erregelamendu bidez ezarritako beste edozein inguruabar.

Enpresa ontzi-ustiatzaileen inskripzioan jasoko dira eratze-egintza eta horren aldarazpenak, beraien administratzaileen izendapena eta kargu-kentzeak, beraien jabetzapeko ontziak edo beraiek ustiatzen dituztenak, eta lege nahiz erregelamendu bidez ezarritako beste edozein inguruabar.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko inskripzioak ez du askatzen beste erregistro publiko batzuei begira izan daitezkeen inskripzio-eginbeharretatik.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo hamabosgarren xedapen gehigarrian, Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Berezia arautzekoan, ezarritakoari.

76. artikulua. Ontziak banderapean jartzea.

Espainian behar bezala erregistratutako eta banderapean jarritako ontziek Espainiako naziotasuna izango dute ondore guztietarako.

Ontzi zibilak erregistratzeko eta banderapean jartzeko ahalmena izango dute Espainian edo Europako Ekonomia Erkidegoko herrialdeetan bizi diren pertsona fisikoek eta egoitza duten pertsona juridikoek; azken kasu horretan, pertsona juridikoek ordezkaria izendatu beharko dute Espainian.

Espainiako ontzi zibilak behin-behinean atzerrian jarri ahal izango dira banderapean eta atzerriko ontziak Espainian, erregelamendu bidez ezarritako kasuetan.

Ontzia Espainiako banderapean jartzeko baimena eman aurretik bete behar diren baldintza-mota guztiak erregelamendu bidez ezarriko dira.

77. artikulua. Ontzietako dotazioak.

Ontzien dotazioko kideen kopurua eta horien lanbide-trebakuntzaren baldintzak egokiak izan behar dira, une oro nabigazioaren eta ontziaren segurtasuna bermatzeko, kontuan hartuta ontziak teknikaren eta ustiapenaren aldetik dituen ezaugarriak, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

Ontzi nazionaletako kapitainak eta lehenengo ofizialak Europako Gune Ekonomikoko estatu kide bateko naziotasuna izan beharko dute, salbu eta Itsas Administrazioak ezartzen duenean enplegu horiek gauzatu behar dituztela Espainiako naziotasuna duten herritarrek, enplegu horietan ohikotasunez egikaritu behar direlako aginte publikoaren prerrogatibak, betiere, prerrogatiba horiek ez badira euren jardueretatik gutxi batzuk.

Dotazioko gainerako kideei dagokienez, gutxienez, ehuneko 50ak, merkataritzako ontzien kasuan, Espainiako edo Europako Gune Ekonomikoko beste estatu kide bateko naziotasuna izan beharko dute.

78. artikulua. Erantzukizun zibila.

Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileek betebeharra izango dute, ontziak ustiatzean izan dezaketen erantzukizun zibila aseguratzeko, Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, nazioarteko merkatuan jarduera-adar horretan ohikoak diren estaldurekin bat etorriz.

Arauketa horrek ezarriko ditu, orobat, erantzukizun zibilari buruzko asegurua izateko betebeharra eta aseguru horren norainokoa, aurreko lerrokadara bildu gabeko osterantzeko ontzi zibilei dagokienez, halakoak Espainiakoak direnean.

Edu berean, atzerriko ontziek nabigatzen dutenean gune ekonomiko esklusibotik, ondoko gunetik, lurralde-itsasotik edo barne uretatik, Gobernuak zehaztuko du ontzi horiek zein kasutan aseguratu beharko duten erantzukizun zibila, erantzukizun hori nabigazioak erator dezakeenean, bai eta estaldura horren norainokoa ere.

2. atala.

Ontzien kanpo merkataritza

79. artikulua. Ontziak inportatzea eta esportatzea.

Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileek euren jarduera gauzatzeko behar dituzten merkataritzako ontziak inportatu ahal izango dituzte, baldin eta aldez aurretik egiaztatzen badute ontzi horiei jatorrizko erregistroan baja eman zaiela eta ontzi horiek segurtasunari edo beste inguruabar batzuei buruzko kontrol teknikoak gainditzen dituztela, indarreko legeriarekin bat etorriz.

Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileek askatasunez esportatu ahal izango dituzte euren jabetzako merkataritzako ontziak, halakoak Espainiakoak direnean.

Hala ere, ontzi horien gainean, zamak, kargak edo itsas kreditu pribilegiatuak daudenean, indarreko legeriak aitortutakoak eta Merkataritzako Erregistroan edo horren ordezko erregistroetan inskribatutakoak, uztailaren 25eko 19/1989 Legearen azken xedapenetatik bigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, hartzekodunak esportazioa gauzatu aurretik eskatu ahal izango du enpresa ontzi-ustiatzaileak behar adinako bermea ematea, Espainiako lurraldean betearazteko moduko ondasunen edo eskubideen gainean edo ontzi-ustiatzaileak zorraren zenbatekoa zainpean uztea Kode Zibilaren 1.176.etik 1.181.era arteko artikuluetan ezarritako moduan.

Ondore horretarako, Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak eskubideak inskribatuta dituzten hartzekodunei jakinaraziko die baja-espedientea dagoela Ontzien Erregistroan, artikulu honek aitortu dien eskubidea egikaritu ahal izateko.

Ontzien eta Itsas Enpresen Erregistroan baja emateko eskabideak aurkeztuko ditu ontziaren erregistro-titularrak Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusian; baja eman dela ulertuko da eskabidea ez bada esanbidez ebazten berrogeita bost eguneko epean.

Salbuespeneko inguruabarretan, nazioko lurraldearen oinarrizko itsas komunikazioak edo zuzkiduren nahiz merkatu-gaien hornidura ziurtatuta ez daudenean, Gobernuak erregelamendu bidez ezarri ahal izango ditu merkataritzako ontziak esportatzeko aplikatu beharreko baldintza edo murrizketak.

Neurri horiek indarrean izango dira aipatu inguruabarrek iraun bitartean.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo kanpo merkataritzari buruzko arautegian ezarritakoari.

3. atala.

Barneko nabigazioa

80. artikulua. Barneko nabigazioaren araubidea.

Merkataritza-helburuarekin egiten den barneko nabigazioa erreserbatuko zaie Espainiako merkataritzako ontziei, horren inguruan Europako Erkidegoko arautegiak ezarritakoa gorabehera.

Salbuespenez, jarduera jakin bat gauzatzeko ez dagoenean Espainiako merkataritzako ontzi egokirik edo erabilgarririk, eta inguruabar horrek iraun bitartean, Sustapen Ministerioak baimena eman ahal izango die Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileei, atzerriko merkataritzako ontziak kontratatu eta erabil ditzaten, barneko nabigazioak gauzatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatu ontziek askatasunez gauzatu ahal izango dute barneko nabigazioa, itsas segurtasunari, nabigazioari eta despatxoari dagokienez erregelamendu bidez emango diren arauekin bat etorriz.

Linea erregularreko barne nabigazioa merkataritza-helburuarekin egiten denean, Administrazio eskudunak eman beharreko administrazio-baimenaren mende geratu ahal izango da.

4. atala.

Kabotajeko nabigazioa

81. artikulua. Kabotajeko nabigazioa.

Merkataritza-helburuarekin egiten den kabotajeko nabigazioa erreserbatuko zaie Espainiako merkataritzako ontziei, horren inguruan Europako Erkidegoko arautegiak ezarritakoa gorabehera.

Salbuespenez, jarduera jakin bat gauzatzeko ez dagoenean Espainiako merkataritzako ontzi egokirik edo erabilgarririk, eta inguruabar horrek iraun bitartean, Sustapen Ministerioak baimena eman ahal izango die Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileei, atzerriko merkataritzako ontziak kontratatu eta erabil ditzaten, kabotajeko nabigazioak gauzatzeko.

Linea erregularreko kabotajeko nabigazioa, horrek merkataritza-helburua duenean, eta lege honen 7.4 artikuluaren arabera interes publikokotzat jotzen denean, artikulu horretan jasotakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

Sustapen Ministerioak zehaztuko ditu enpresa ontzi-ustiatzaileek gauzatu behar dituzten betekizunak euren gaitasun ekonomikoa egiaztatzeko, bai eta ontziek halako nabigazio-motetan jarduteko izan beharreko betekizunak ere.

Lege honen ondoreetarako linea erregulartzat joko dira kabotaje-zerbitzuak, izen hori izan ez arren, zerbitzu horiek modu orokorrean eskaintzen zaizkienean kasuan kasuko erabiltzaileei eta zerbitzu horiek ematen direnean kabotajeko zerbitzu erregularrekin berdinesteko moduko erregulartasun-, publizitate- eta kontratazio-baldintzetan.

Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko itsas garraioaren gaian eskumena duten autonomia-erkidegoei, itsas garraioa autonomia-erkidego bereko portuen artean egiten denean, beste lurralde-esparru batzuetako portuekin edo puntuekin loturarik izan gabe.

5. atala.

Kanpoko eta nazioz gaindiko nabigazioa

82. artikulua. Kanpoko eta nazioz gaindiko nabigazioa

Lehia askearen edo merkataritza-askatasunaren printzipioen aurkako edo nazioarteko itsas garraioarentzat zein printzipio izan oinarrizkoak eta printzipio horien aurkako eraso larriak daudenean, eta eraso horiek Espainiako ontzietan eragina dutenean, Gobernuak behar besteko neurriak eta xedapenak erabaki hartu izango ditu, gatazka horretan Espainiako interesak defendatzeko

Gobernuak, Europako Erkidegoko arautegia edo Espainiak izenpetutako nazioarteko akordioak errespetatuta, trafiko batzuk, oso-osoan edo zati batean, erreserbatu ahal izango die Espainiako edo Europako Erkidegoko merkataritzako ontziei, baldin eta hori beharrezkoa bada nazioaren ekonomiarako edo defentsarako.

6. atala.

Zerbitzu publikoko betebeharrak ezartzea.

83. artikulua. Zerbitzu publikoko betebeharrak ezartzea.

Administrazio eskudunak zerbitzu publikoko betebeharrak ezarri ahal izango ditu linea erregularreko barneko eta kabotajeko nabigazioko zerbitzuetatik egokitzat jotzen dituenetan, euren ezaugarri bereziak aintzat hartuta, zerbitzu horiek jarraitutasun- eta erregulartasun-baldintzetan ematea bermatzeko helburuarekin.

Betebehar horiek, hala denean, eskubidea sortuko dute Administrazioarengandik konpentsazio ekonomikoak jasotzeko, izaera orokorrarekin edo kasuan kasuko baimenetan ezarritako baldintzetan.

Era berean, Administrazio eskudunak betebehar bereziak ezarri ahal izango dizkie enpresa ontzi-ustiatzaileei, halakoek gauzatzen dituztenean barneko, kabotajeko, kanpoko edo nazioarteko nabigazioaren zerbitzu erregularrak edo ez-erregularrak, salbamendu, itsas segurtasun, kutsaduraren aurkako borroka eta osasun arrazoiengatik edo herri-onurako nahiz gizarte-intereseko beste arrazoi larriengatik.

Betebehar horrek eskubidea sortuko du, hala denean, ukitutako enpresek kasuan kasuko konpentsazioa jasotzeko, izan dezaketen kostu gehigarriengatik.

7. atala.

Itsas konferentziak eta erabiltzaileen kontseiluak

84. artikulua. Itsas konferentziak eta erabiltzaileen kontseiluak

Itsas konferentzia gisa ulertuko da bi enpresa ontzi-ustiatzailek edo gehiagok osatutako taldea, baldin eta enpresa horiek linea erregularreko kabotaje, kanpo edo nazioz gaindiko nabigazioa egiten badute, itsas bide jakin batean edo batzuetan, muga geografiko zehatz batzuen barruan, eta akordio bat hitzartu badute, bere izaera edozein dela, horren esparruan jarduteko, aplikatuz era bereko edo erkideak diren pleitak edo nabigazioari dagokionez hitzartutako baldintzetatik edozein.

Itsas konferentziek bermatu beharko dute zerbitzu-eskaintza behar bestekoa eta eragingarria izatea, erabiltzaileen interesak kontuan hartuz.

Konferentzia horiek lehia izango dute konferentzia horietara bildu ez diren zerbitzu erregularrekin eta, hala denean, zerbitzu ez-erregularrekin, halakoek itsas bide horietan jarduten dutenean; konferentzien jardunak inola ere ezin du lehia ezabatu konferentziek zerbitzuak ematen dituzten merkatuko zati garrantzitsuetan, lehiarik ezaren ondorioz konferentziak osatzen dituzten enpresen nagusitasun-egoerak sortuz.

Konferentzietara bildutako linea erregularretako zerbitzuen erabiltzaileek aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, erabiltzaileen kontseiluak izeneko erakundeak eratu ahal izango dituzte, xede izanik euren interesak defendatzea, batik bat, tarifa-baldintzei eta zerbitzuak emateko kalitate- eta erregulartasun-baldintzei dagokienez, eta euren kideei pleiten eta itsas zerbitzuen inguruko aholkularitza- eta kontsulta-zerbitzua eskaintzeko.

85. artikulua. Informazio- eta kontsulta-betebeharrak.

Itsas konferentziek, euren ontziek merkatu-gaiak kargatzeko edo deskargatzeko Espainiako portuetan eskala egiten dutenean, Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiari komunikatu beharko diote, horrek hala agindu badie, adostu dituzten zama-banaketak, eskalak edo irteerak, akordio horiekin zuzeneko lotura duten agiriak, tarifak eta garraioaren gainerako baldintzak.

Itsas konferentziak eta erabiltzaileen kontseiluak eratu badira, bi erakundeek elkarrekiko kontsultak egin beharko dituzte, alderdietako baten batek iritzia eskatzen dienean, itsas garraioen jardunbidearen inguruko arazoak konpontze aldera.

III. kapitulua

Itsas Administrazioa

1. atala.

Administrazio Zentrala

86. artikulua. Sustapen Ministerioaren eskumenak.

74. artikuluan xedatutakoaren esparruan, Sustapen Ministerioak eskumenak ditu itsas nabigazioa eta ontzidi zibila orokorrean antolatzeko gaian, horren salbuespen izanik Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak dituen eskumenak arrantzako ontzidiaren eta arrantza-sektorea antolatzearen gaian.

Bereziki, hurrengoak dira Sustapen Ministerioaren eskumenak:

Itsasoan giza bizitzaren eta nabigazioaren segurtasuna, Espainiako plataforma finko edo ontzi zibil guztiei dagokienez, bai eta atzerritarrei dagokienez ere, halakoak daudenean Espainiak subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa zein gunetan egikaritu eta gune horietan kokatutako uretan, eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.

Itsasoan giza bizitzaren salbamendua, bai eta itsasoko uren garbiketa eta itsas inguruneko kutsaduraren aurkako borroka ere, kutsadura hori sortzen dutenean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontziek edo plataforma finkoek, horretarako egokiak izan daitezkeen neurriak hartuz eta, bereziki, lege honen 118.2 artikuluaren d) idatz-zatian aipatutakoak, eta 87. artikuluko plan nahiz programek ezarritakoaren arabera jardunez.

Espainiako ontzi zibilen egoeraren, banderatzearen eta erregistroaren kontrola, bai eta despatxoaren arauketa ere, kalterik egin gabe aldez aurretik beste Administrazio batzuek nahitaez eman behar dituzten baimenei.

Itsas nabigazioaren zerbitzuen inguruko emakida edo baimenak ematea, salbu eta autonomia-erkidego batek eskumenak dituenean itsas garraioaren gaian, eta itsas garraio hori autonomia-erkidego bereko portu edo puntuen artean egiten denean, beste lurralde-esparru batzuetako portuekin edo puntuekin loturarik izan gabe.

Espainiako ontzi zibil guztien ikuskapen eta kontrol teknikoak, irratielektrikoak, segurtasunari buruzkoak eta kutsadura prebenitzeari buruzkoak antolatu eta betearaztea, bai eta Espainian eraikitzen ari diren ontzi guztiena ere, eta atzerriko ontziena, nazioarteko akordioek baimendutako kasuetan.

Esparru horretara biltzen dira ontziaren aparatuak eta osagaiak edo ontziaren materialak edo ekipamenduak onestea eta homologatzea, itsas segurtasuna, itsasoan giza bizitza eta nabigazioa babesteko arrazoiengatik.

Arestian aipatu ikuskapen eta kontrolak eragingarritasunez gauzatu ahal izango dira, dela zuzenean Sustapen Ministerioaren bidez, dela erakunde laguntzaileen bidez, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera; edozein kasutan, erakunde laguntzaileek jardungo dute Administrazio titularrak emandako irizpide eta jarraibideen mende, eta euren zerbitzuen kontraprestazio gisa jaso ahal izango dituzte euren kostuak estaltzeko ezarritako konpentsazio ekonomikoak.

Itsasoko sorospena, salbamendua eta atoiak, aurkikuntzak eta ateratzeak, horien salbuespen izanik material militarrarena edo defentsarekin zerikusia dutenena, Defentsa Ministerioaren eskumenekoak izaten jarraituko dutela, eta kalterik egin gabe balio historiko, artistiko edo arkeologikoko aurkikuntzen edo ateratzeen kasuan Administrazio eskudunak izan ditzakeen ahalmenei.

Estatuko Administrazioaren zuzeneko jardunaren ondorioz, saria edo konpentsazioak sortzen direnean, halakoak zuzenean sartuko dira Altxorrean, sarrera hori eragin duten jardueren garapenerako kreditua sortzeko aukerarekin.

Administrazioak arestian aipatu jarduerak gauzatzen dituenean, erakunde pribatu edo publikoen bidez, aipatu sariak edo konpentsazioak banatzeko formulak hitzartu ahal izango ditu zerbitzuak emateko kasuan kasuko kontratuetan.

Itsas trafikoa antolatu eta kontrolatzea, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan, kalterik egin gabe beste agintaritza batzuei eratxikitako eskumenei, eta, bereziki, Defentsa Ministerioari dagozkion eskumenei nazio-subiranotasuna defendatzeko.

Tarifen eta itsas zerbitzu mota guztiak ematearen ondoriozko araubidea, baita zerbitzu publikoko betebeharrak ezartzea ere, hori ez zaienean eratxiki beste Administrazio batzuei

Itsas langile zibilen erregistroa eta kontrola, ontzi zibiletako dotazioen gutxieneko osaera segurtasun-ondoreetarako, Espainiako ontzi zibil guztien dotazioetako kide izateko gaitasun-, lanbide- eta titulazio-baldintza orokorrak zehaztea, kalterik egin gabe Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren eskumenei, itsas arrantzako eta urpeko arrantzako lanbide-heziketako trebakuntzaren eta irakaskuntzen gaian, arrantza-ontzietako dotazioei dagokienez.

Itsasargien Batzordean edo erakundeekin elkarlanean aritzeko beste tresna batzuetan parte hartzea itsas seinaleen gaian, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan, hurrengo inguruabarrei dagokienez:

a) Seinaleen ezaugarri teknikoak nahiz jardunbide operatiboa eta kokapen egokia zehazten laguntzea, ontzien eta nabigazioaren segurtasuna babesteko.

b) Itsas seinaleen sistemak euren artean koordinatzea eta sistema horiek eta nabigazio aktiborako lagungarri diren beste sistema batzuk koordinatzea.

Zehatzeko ahalmena egikaritzea, indarreko legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

Lege honetan edo antolamendu juridikoko gainerako arauetan eratxikitzen zaizkion eskumen guztiak.

87. artikulua. Salbamenduko zerbitzu publikoa.

Itsasoan giza bizitzaren salbamenduko eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurkako borrokaren zerbitzu publikoa Estatuko Administrazioak emango du, bai eta eskudun diren gainerako Administrazio publikoek ere, koordinazio-printzipioarekin bat etorriz, kasuan kasuko planen eta programen bidez.

Plan eta programa horiek Administrazio bakoitzaren jarduerak osotasunean hartuko dituzte kontuan, bai eta jarduera horiek gauzatzeko tresnak ere, beraien titulartasuna, atxikipen funtzionala edo lurralde-kokalekua gorabehera.

Gobernuak, Sustapen Ministroak hala proposatuta, Itsasoan Giza Bizitzaren Salbamenduko eta Itsas Ingurunearen Kutsaduraren Aurkako Borrokaren Zerbitzu Berezien Plan Nazionala onetsiko du.

Gai horretan autonomia-erkidego eskudunek onesten dituzten planak bat etorri beharko dira Plan Nazionalean baliabideen mobilizazioari eta koordinazioari buruz ezarritako jarraibideekin.

Plan horrek oinarrizko helburuak izango ditu:

- Bilaketa, giza bizitzen salbamendu eta itsas kutsaduraren aurkako borrokarako lanak egiteari dagokionez, gai diren baliabide desberdinen jarduna koordinatzea, baliabide horiek Administrazio desberdinetakoak direnean, bai eta erakunde publiko nahiz pribatuenak ere.

- Itsas trafikoa kontrolatzeko sistema ezartzea, bere baitan gure kostalde osoa hartuko duena, erregio- eta toki-mailako koordinazio-zentroak ezarriz.

- Egon dauden salbamendu-baliabideak eta itsas kutsaduraren aurkako borrokarako baliabideak indartzea, eta espezializatutako langileak prestatzea, langile horiek izango direla bilaketa eta salbamenduko lanak eta itsas kutsaduraren aurkako borrokarako lanak zuzendu eta koordinatzeko arduradunak.

Plan Nazionala garatuko da sektorekako eta lurraldeen araberako programen bidez, programok Sustapen Ministerioak onetsiko dituela.

Estatuko Administrazioak programak egiteko baliatu ahal izango du autonomia-erkidego eskudunen edo programa horietako jarduerak gauzatzeko beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak dituzten autonomia-erkidegoen laguntza, beharrezko koordinazioa ziurtatzeko helburuarekin.

Estatuko Administrazioak programak gauzatu ahal izango ditu, dela bere langile eta baliabideekin edo berari atxikita daudenekin, dela enpresa publikoekin nahiz pribatuekin egindako kontratuen bidez, dela erakundeekin egindako hitzarmenen bidez, halako erakundeek irabazteko asmorik ez dutenean (Konstituzio Auzitegiaren 40/1998 Epaiak Konstituzioaren aurkakoa eta deuseza dela adierazi du).

Itsas Salbamenduko Batzorde Nazionala sortu da koordinazio-organo moduan, Administrazio publiko eskudunen partaidetza errazteko planifikazioa egiteko orduan eta planifikazio horrek ezarritako helburuen jarraipena egiteko orduan.

Horren osaera eta eginkizunak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

2. atala.

Administrazio periferikoa

88. artikulua. Itsas Kapitaintza.

Eginkizunak

Nabigazio-jardueren maila jakin bat duten portuetan edo trafiko- edo segurtasun-baldintzek hala eskatzen duten portuetan Itsas Kapitaintza bat egongo da.

Erregelamendu bidez ezarriko dira aipatu irizpideekin bat egiten duten gutxieneko betekizunak, bai eta organo periferiko horiek sortzeko prozedura ere.

Autonomia-erkidegoetako eskumeneko portuetan Portuko Administrazioak eta Itsas Kapitaintzak euren jarduerak koordinatuko dituzte, euren kasuan kasuko helburuak betetzeko.

Nabigazio eta Portu Kontseilurik ez duten portuetan, Nabigazio Kontseiluak izan daitezke, Itsas Kapitaina buru dutela; Kontseilu horiek itsas gaietan laguntza, informazio eta elkarlanerako organoak izango dira, eta beraien osaera eta jardunbidea erregelamendu bidez ezarriko da.

Itsas Kapitainak hurrengo eginkizunak gauzatuko ditu, besteak beste:

a) Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzien sarrera eta irteera baimentzea edo debekatzea, bai eta ontziak despatxatzea ere, kalterik egin gabe aldez aurretik beste Administrazio batzuek nahitaez eman behar dituzten baimenei.

b) Ainguratze- eta maniobratze-guneak zehaztea, itsas segurtasuneko arrazoiengatik, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan; Portuko Administrazio eskudunari dagokio ainguratzea baimentzea eta portuetako zerbitzu-gunean postuak esleitzea.

c) Portuetako sarrera- eta irteera-kanalen baldintzak zehazteko prozeduretan parte hartzea, txosten loteslearen bidez, baldintza horiek itsas segurtasunean eragina duten ginoan.

d) Itsas segurtasuneko arrazoiengatik irizpideak ezartzea, merkatu-gai arriskutsuak edo salbuespen-izaerako merkatu-gaiak garraiatzen dituzten ontzien maniobretarako, horien artean atrakatzea ere badela.

e) Itsas segurtasuneko arrazoiengatik praktikaje- eta atoi-zerbitzuak ezartzea, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan.

f) Gainbegiratzea, dela Espainiako ontzi zibilen, Espainian eraikitzen ari diren ontzien eta, nazioarteko akordioek baimentzen dutenean, atzerriko ontzien ikuskapen teknikoa, dela ontzi horietako merkatu-gaiak, batez ere, nazioarte-mailan arriskutsu moduan sailkatuak, dela zamak sartzeko eta ateratzeko bitartekoak, halakoek itsas segurtasunarekin zerikusia duten heinean.

g) Eta, orokorrean, nabigazioari, itsas segurtasunari, itsas salbamenduari eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurkako borrokari buruzko eginkizun guztiak, Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan.

3. atala.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea

89. artikulua. Izaera, izena eta xedea.

Sustapen Ministerioari atxikita eta Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea izenarekin sortuko da zuzenbide publikoko erakunde bat, Aurrekontuen Lege Orokorreko 6. artikuluko 1.b) idatz-zatian aipatu diren horietarikoa; erakunde horrek izango ditu nortasun juridikoa, ondare propioa eta jarduteko gaitasun osoa.

Erakunde horrek bere jarduerak gauzatuko ditu antolamendu juridiko pribatuarekin bat etorriz, esanbidez Aurrekontuen Lege Orokorra aplikatu behar zaien gaietan izan ezik, eta bere aplikazioa izango da lege horretan eta lege hori garatzeko arauetan xedatutakoaren araberakoa, bai eta atal honetan ezarritakoaren araberakoa ere.

Erakunde horren eraketa eragingarri egingo da lege honen azken xedapenetatik lehenengoan, lehenengo paragrafoan, ezarritakoaren arabera.

Sustapen Ministerioak sozietatearen jardute-jarraibideak ezarriko ditu, helburuen urteko plana onetsiko du, jarraipena egingo dio sozietatearen jarduerari eta, beste eskumen batzuk gorabehera, eragingarritasun-kontrola ere gauzatuko du, indarreko arautegiarekin bat etorriz.

Atxikipen-saileko titularrak gauzatuko ditu, edozein kasutan, erregelamenduak emateko ahalari datxezkion ahalmenak, erakundearen jardunbiderako ezinbestekoak direnak.

90. artikulua. Estatuko Sozietatearen xedea.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietateak eman behar ditu bilaketa, erreskate eta itsas salbamenduko zerbitzuak, itsas trafikoa kontrolatu eta laguntzeko zerbitzuak, itsas ingurunearen kutsaduraren aurkako prebentzio eta borrokarako zerbitzuak, atoi eta sorospen-itsasontzien zerbitzuak, bai eta zerbitzu horien guztien osagarri direnak ere.

91. artikulua. Sozietatearen gobernu- eta kudeaketa-organoak.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatearen gobernu-organoak izango dira:

a) Administrazio Kontseilua.

b) Lehendakaria.

Kudeaketa-organoa Sozietatearen Zuzendaria izango da.

92. artikulua. Administrazio Kontseilua.

Administrazio Kontseilua osatuko dute Sozietatearen Lehendakariak, aldi berean Kontseiluko Lehendakari ere izango denak, Sozietatearen Zuzendariak eta gutxienez zortzi eta gehienez hamabost kidek, Sustapen Ministroak izendatutakoak.

Administrazio Kontseiluko kideen izendapenek lau urteko iraupena izango dute, berriztatzeko aukerarekin, kide horiek kargua uzten dutenean izan ezik.

Administrazio Kontseiluaren ardurak dira:

a) Pertsona zehatzei, fisikoei nahiz juridikoei, ahalorde orokorrak edo bereziak ematea eta ezeztatzea, halakoak ematea behar duten gaiei dagokienez.

b) Sozietatearen antolaketa eta horren aldarazpenak onartzea, bai eta Sozietatearen jardunbidearen barne arauak ere.

c) Kontseiluaren jardunbiderako arauak ezartzea, deialdiei, bilerei, eraketari, akordioak egiteari, Kontseiluko Idazkaria izendatu, banandu eta horren eginkizunak ezartzeari, eta araubide ekonomikoari dagokienez, Estatuko Sozietate mota horiek zerbitzuak emateagatik zein kalte-ordain jaso eta kalte-ordain horien gaian indarrean dauden xedapenen esparruan.

d) Behar den langile-kopurua eta kopuru horren aldarazpenak onestea, bai eta langile horiek hautatzeko, onartzeko eta horiei ordaintzeko irizpide orokorrak ere, lan-arloko edo aurrekontuen arloko arautegiak ezarritakoa gorabehera.

e) Sozietatearen urteko aurrekontuen aurreproiektuak eta jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programaren aurreproiektuak onestea, eta horiek saileko titularrari bidaltzea.

f) Helburuen urteko plana proposatzea, saileko titularrak onets dezan.

g) Onestea balantzea, galera-irabazien kontua, erakundearen urteko kudeaketari buruzko argibide-oroitidazkia, eta, hala denean, emaitzen aplikazioari buruzko proposamena, emaitza horietarik zein ehuneko destinatuko den erreserbak eratzeari akordatuz, erakundearen jardunbide egokirako beharrezkoa den zenbatekoan.

Gainerako emaitzak, ehuneko hori kenduta, Altxorrean sartuko dira.

h) Sozietatearen xedearen arabera zerbitzuak emateagatik faktura daitezkeen tarifak proposatzea, saileko titularrak onets ditzan.

i) Kontseiluari garrantziaren edo gaiaren arabera erregelamendu bidez eratxikitzen zaizkion akordio, itun, hitzarmen eta kontratuak onestea.

j) Bere ondare propioari dagokionez beharrezkotzat jotzen diren kudeaketa-, xedatze- eta administrazio-egintza guztiak gauzatzea, eta, bereziki, Sozietatearentzako komenigarriak izan daitezkeen kreditu-eragiketak eta gainerako zorpetze-eragiketak baimentzea, aurrekontuei buruzko urteko legeetan ezarritako mugen barruan.

k) Akordatzea edo, hala denean, Ministroen Kontseiluari proposatzea, horren inguruko legeria aplikagarriak ezarritako prozedurarekin bat etorriz, merkataritzako sozietateen forma duten erakundeak eratzea edo horien kapitalean partaidetza izatea, betiere, erakunde horien sozietate-xedea Sozietatearen xede eta helburuei lotzen bazaie.

l) Onestea kontratazioaren erregela orokorrak eta Lehendakariak, eta, hala denean kasuan kasuko langile zuzendariak, kontratuak onesteko eta sinatzeko duen gaitasunaren muga ekonomikoak.

m) Sozietatearen obra, eskuraketa, azterketa eta zerbitzuak gauzatzeko jarraibideak eta agiri orokorrak onestea, eta proiektuak onestea, edo horien onespena eskuordetzea, Kontseiluak erabakitako zenbatekoan.

93. artikulua. Lehendakaria:

Izendapena eta eginkizunak.

Sozietatearen Lehendakaria izango da Merkataritzako Marinaren Zuzendari Nagusia.

Lehendakariak hurrengo eginkizunak ditu:

a) Etengabe ordezkatzea erakundea eta horren Administrazio Kontseilua, edozein jardueratan, pertsona fisiko edo juridiko ororen aurka, hori publikoa nahiz pribatua izan, epaiketan eta epaiketatik kanpo, Administrazio Kontseiluak dituen ahalorde-ahalmenak gorabehera.

b) Administrazio Kontseiluaren bileren deialdia egitea, bileretan lehendakari gisa jardutea eta bilerak amaitzea, bilerako eztabaidak bideratzea eta bileretako berdinketak erabakitzea kalitateko botoarekin.

c) Erakundeari aplikatu beharreko arauak betetzen direla eta Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak betearazten direla zaintzea.

d) Kontseiluak esanbidez eskuordetzen dizkion ahalmen bereziak egikaritzea.

Lehendakariak zenbait eginkizun eskuordetu ahal izango dizkie Kontseilariei eta Sozietatearen Zuzendariari.

94. artikulua. Sozietatearen zuzendaria.

Izendapena eta eginkizunak.

Sustapen Ministroak izendatuko du Sozietatearen Zuzendaria, Administrazio Kontseiluak hala proposatuta.

Sozietatearen Zuzendariak gauzatu behar ditu hurrengo eginkizunak:

a) Sozietatearen zerbitzuak zuzentzea eta horren jardueraren garapena kontrolatzea.

b) Itsas Administrazioak eratxikitako itsas zerbitzuak zuzendu eta kontrolatzea, haren zuzendaritzaren eta jarraibideen mende, eta hari beraren eskumen berezietan laguntza teknikoa ematea.

c) Administrazio Kontseiluari aurrekontuen aurreproiektua, jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programa, helburuen urteko plana eta urteko kontuak aurkeztea, horrek aztertu eta, gerogarrenean, izapideak egin ditzan.

d) Gastuak erabakitzea eta kasuan kasuko ordainketak agintzea.

95. artikulua. Langileen araubidea.

Sozietatearen langileek arautegi izango dituzte lan-zuzenbidean eta zuzenbide pribatuan aplikagarri zaizkien arauak.

Langileak hautatuko dira merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarritzen diren sistemekin bat etorriz, eta deialdi publikoaren bidez, langile zuzendarien kasuan izan ezik.

96. artikulua. Aurrekontu-araubidea.

Sozietateak urtero egingo du jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programa, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 87. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Programa hori, bere edukiaren eta indarrean dagoen programarekiko aldarazpen garrantzitsuenen argibide-oroitidazkiarekin batera, bidaliko zaio Sustapen Ministerioari, aipatu lege-testuko 89.2 artikuluaren ondoreetarako.

Erakundeak urtero egingo ditu ustiatze- eta kapital-aurrekontuak; aurrekontuok Administrazio Kontseiluarekin akordatu ondoren, horien izapideak egingo ditu Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bategineko 87.4 eta 90. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Kapital-aurrekontuarekin batera aurkeztuko da erakundeak finantzatutako inbertsio-proiektuen urte anitzeko xehetasuna.

Administrazio Kontseiluak onetsiko ditu aurrekontuen barne aldarazpenak, baldin eta aldarazpen horiek ez badute igotzen aurrekontuen zenbateko osoa eta ekitaldian zehar sortutako beharrizanen ondorio badira.

Ustiatze- eta kapital-aurrekontuen gainerako aldarazpenak, Estatuaren Aurrekontu Orokorren diru-laguntzei begira eraginik ez dutenak, baimenduko dituzte:

a) Ekonomia eta Ogasun Ministroak, aldarazpenok kasuan kasuko aurrekontuaren 100eko 5 gainditzen ez dutenean, eta Gobernuak osterantzeko kasuetan, betiere, erakundeak ustiatze- eta kapital-izaerako diru-laguntzak jasotzen baditu, Estatuaren Aurrekontu Orokorretatik.

b) Erakundeak diru-laguntza horiek jasotzen ez dituenean, aurrekontu horietan agertutako inbertsio-kopuruen aldarazpenek, inbertsio horiek errealak nahiz finantza-izaerakoak izan, beharko dute Sustapen Ministroaren baimena, euren zenbatekoak ez duenean gainditzen inbertsioen 100eko 5, eta Gobernuaren baimena, gainerako kasuetan.

Ekitaldia zenbatuko da urtealdien arabera, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasita.

Galera-irabazien kontua; hala denean, emaitzen aplikazioari buruzko proposamena; balantzea; eta ekonomia-ekitaldi bakoitzeko justifikazio-oroitidazkia Sozietatearen Lehendakariak aurkeztuko dizkio Administrazio Kontseiluari, horrek onets ditzan hurrengo urteko lehenengo seihilekoa amaitu aurretik.

97. artikulua. Ondare- eta finantza-araubidea.

Sozietateak, bere xedea gauzatzeko, ondare propioa izango du; ondare hori osatuko dute estatuak berezko gisa eratxikitzen dizkion ondasunen eta eskubideen multzoak, etorkizunean edozein tituluren bidez eskura ditzakeen ondasun eta eskubideek edo edozein pertsonak edo erakundek lagatakoek edo dohaintzan emandakoek.

Halaber, erakundeari atxikiko zaizkio, bere xedea bete dezan, Itsas Trafikoa Kontrolatzeko eta Itsas Salbamendua eta Kutsaduraren Aurkako Borroka Erregio Mailan Koordinatzeko Zentroak, bai eta kasuan kasuko baliabide material eta pertsonalak eta aurrekontu- nahiz finantza-baliabideak ere.

Orobat, Sozietateari atxikiko zaizkio, gaur egun Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita dauden atoiontziak, salbamenduko itsasontziak, garbitasunerako ontziak eta segurtasun-material guztia, horren barnean daudela zuzendaritza nagusi horrek Gurutze Gorriari lagatako baliabide materialak, bai eta kasuan kasuko aurrekontu-baliabideak ere.

Sortu den Sozietatea hurrengoen bidez finantzatuko da:

a) Bere ondare propioaren ekoizpen, errenta eta gehikuntzekin, bai eta atxikitzen zaion ondarearen errentekin ere.

b) Bere jarduerak gauzatzean lortutako sarrera arrunt eta apartekoekin.

c) Hala denean, Estatuko Aurrekontu Orokorretara bil daitezkeen diru-laguntzekin.

d) Bere mesedetan ematen diren diru-laguntza, ekarpen eta dohaintzekin, halakoen iturri direnean Europako Ekonomia Erkidegoko funts espezifikoak, beste Administrazio publiko batzuk, erakunde publikoak, bai eta subjektu pribatuak ere.

e) Hitzar ditzakeen mailegu, kreditu eta gainerako finantza-eragiketen baliabideekin.

f) Aurreko idatz-zatietan jaso gabeko beste edozein baliabiderekin, halakoak legez dagozkionean edo hitzarmen, dohaintza nahiz lege bidez ezarritako beste edozein prozeduraren bidez eratxiki zaizkionean.

98. artikulua. Kontratazio-araubidea.

Sozietatearen kontratazioa bat etorriko da publizitate, lehia, erakundearen interesa babeste eta sektore publikoan jokabideak homogeneizatzearen printzipioekin, denak ere Estatuaren Kontrataziorako Erregelamendu Orokorraren bigarren xedapen iragankorrean ezarri direnak; kontratazioa gauzatuko da zuzenbide pribatua aplikatuz, kalterik egin gabe Estatuko Administrazioko organoek izan ditzaketen eskumenei hornidura informatikoen gaian.

99. artikulua. Kontabilitatea eta kontrol-araubidea.

Sozietateari aplikatuko zaio kontabilitate publikoaren araubidea, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren VI. tituluan ezarritakoaren arabera.

Erakundearen ekonomia- eta finantzaketa-jardueren kontrol-araubidea gauzatuko dute, hurrenez hurren, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bategineko 17.1 eta 20. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak eta Kontu Auzitegiak.

100. artikulua. «Itsas Atoiak, Sozietate Anonimoa» sozietatea transformatzea.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea eratu eta sei hilabeteko epean, Gobernuak behar diren neurri guztiak hartzeari ekingo dio, bere ondare propiora biltzeko «Itsas Atoiak, Sozietate Anonimoa» sozietatearen kapitala ordezkatzen duten akzio guztiak.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea eratu eta «Itsas Atoiak, Sozietate Anonimoa» sozietatearen akzioak bere ondarera bildu arteko denbora-tartean, sozietate horrek jardungo du Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietate berriaren gobernu- eta kudeaketa-organoen bidez emandako jarraibide eta aginduekin bat etorriz.

IV. kapitulua

Marina zibileko kidegoak

101. artikulua. Marina zibileko kidegoak.

Sustapen Ministerioari atxikita, Estatuko Administrazio Zibileko hurrengo kidegoa sortuko da:

A taldeko Marina Zibileko Teknikarien Kidego Berezia, abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 25. artikuluak aipatu duena.

Marina Zibileko Teknikarien Kidego Bereziko kide izateko hurrengo titulazioetakoren bat izan beharko da:

Nautikako eta Itsas Garraioko Lizentziaduna, Itsasoko Makinetan Lizentziaduna, Itsasoko Irrati-elektronikan Lizentziaduna, Merkataritzako Marinako Kapitaina, Merkataritza Marinako Makina Burua eta Merkataritza Marinako Irrati-elektronikako lehen mailako Ofiziala.

Kidego horretara bildu ahal izango dira, horretarako probarik egin beharrik gabe, hala eskatzen duten karrerako funtzionarioak, baldin eta horiek aipatu titulazioetakoren bat badute, A Taldeko Kidego eta Eskalakoak badira eta euren zerbitzuak ematen badituzte Itsas Administrazioan edo Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietatean, edo horietan zerbitzuak eman badituzte, gutxienez, bi urtez, lege hau indarrean jarri aurreko bost urteetan.

Titulazio horietakoren bat duten langileak kidego horretara bilduko dira azaroaren 24ko 27/1992 Legeak, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzkoak, bederatzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

V. kapitulua

Praktikaje-zerbitzua

102. artikulua. Definizioa eta kudeaketa-araubidea.

Praktikajetzat ulertzen da ontzietako eta tresna flotatzaileetako kapitainei ematen zaien aholkularitza-zerbitzua, errazteko portura sartzea eta bertatik irtetea, eta portu barruan egin beharreko itsas maniobrak, segurtasun-baldintzetan eta lege honen, zerbitzu hori arautzeko erregelamendu orokorraren nahiz aplikagarri diren beste arau- edo kontratu-xedapen batzuen arabera.

Praktikaje-eginkizunak gauzatzen dituzten portu-praktikoek lanbide-gaitasun egokia izan beharko dute, behar bezala egiaztatutakoa, portu bakoitzari edo portu-talde bakoitzari begira Itsas Administrazioak erregelamendu bidez ezarriko duenaren arabera.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Zerbitzu horri aplikatzeko modukotzat joko dira, zerbitzu horretan esku hartzen duten langileei dagokienez, eta bereziki lanaldiaren araubideari begira, benetan gauzatutako lana luzatzeari dagokionez, presentziako edo prest egoteko denbora kontuan hartuta, garraioetan lanaldiari buruzko arautegian zein erregela ezarri eta erregela horiek.

Autonomia-erkidegoen eskumeneko portuetan, artikulu honen aurreko paragrafoetan Portu Agintaritzei eratxikitako eginkizunak gauzatuko ditu, portu horiek zein Portuko Administrazioren mende izan eta Portuko Administrazio horrek.

Edozein kasutan, artikulu honen 8. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

Itsas Administrazioaren eskumenak hurrengoak dira:

a) Portu batean praktikaje-zerbitzua izateko beharrizana erabakitzea, bai eta, hala denean, zerbitzu hori erabiltzeko nahitaezkotasunik eza eta zerbitzu hori emateko baldintza teknikoak erabakitzea ere, itsas segurtasuneko arrazoiengatik, horretarako entzungo dituela Portuko Administrazio eskuduna, bai eta Nabigazio eta Portu Kontseilua, edo, hala denean, Nabigazio Kontseilua ere, eta estatuaren esparruan praktikoen lanbide-ordezkaritza duen erakundea.

b) Praktikogaiek bete behar dituzten gutxieneko lanbide- eta titulazio-betekizunak erabakitzea, bai eta portu edo portu-talde jakin batean praktikaje-zerbitzuak emateko gaitasuna aitortze aldera behar diren probak ezarri eta gauzatzea ere.

c) Etengabeko prestakuntzarako eta birziklatzeko baldintzak ezartzea, bai eta praktikoek gainditu beharko dituzten gaitasun-probak ere, edozein unetan egiazta dadin beharrezkoa duten kualifikazio teknikoa eta gaitasun fisikoa, halakoak portu edo portu-talde jakin bateko praktikoaren gaitasunari eusteko betekizunak diren heinean.

d) Itsas segurtasunaren ikuspuntutik praktikaje-eragiketak behar bezalako baldintzetan gauzatzeko aukeraren inguruko erabakia hartzea, edo eragiketa horiek egitearen inguruko baldintzak erabakitzea, praktikoak eta Portu Agintaritza bat ez datozenean.

e) Praktikoaren gaikuntza kautela moduan etetea, praktikaje-zerbitzuaren segurtasun-beharrizanengatik, kasuan kasuko espedientea hasi eta horren gainean behin betiko ebazpena eman arte.

103. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

104. artikulua. Erantzukizuna.

Praktikoek edo Portu Agintaritzek praktikaje-zerbitzua ematean izan dezaketen erantzukizun zibilak ezin izango du gainditu, ezbeharra dagoenean, bi mila pezetako zenbatekoa, zein ontzirentzat eman zerbitzua eta ontzi horren tonaje gordinak duen unitate bakoitzeko, gehieneko zenbatekoa ehun milioi pezetakoa izanik.

Ondore horretarako, tonaje gordina izango da Espainiak nazioarteko zein hitzarmen izenpetu eta hitzarmen horietan eta aplikagarri diren erregelamendu nazionaletan definitutakoa.

VI. kapitulua

Tasak ikuskatze- eta kontrol-zerbitzuengatik

105. artikulua. Galdatze-esparrua eta -araubidea.

Ikuskapen eta kontrol teknikoak, irratielektrikoak, segurtasunari buruzkoak eta kutsadura prebenitzeari buruzkoak, lege honen 86. artikuluko 5. paragrafoak aipatu dituenak, beharrezkoak direnean, ontziek eta horien osagaiek indarreko legeriaren betekizun eta zehaztasunak gauzatzen dituztela egiaztatzeko ziurtagiriak luzatu, berritu edo aldaraz daitezen, halako ikuskapen eta kontrolek eskubidea sortuko dute, Itsas Administrazioak jaso ditzan beharrezko izapide eta jardueren kostuak konpentsatzeko tasak, hurrengo paragrafoetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Tasa horien zerga-egitatea da Administrazioak aurreko paragrafoan aipatu zerbitzuak edo jarduerak gauzatzea.

Tasen subjektu pasiboak izango dira kasuan kasuko administrazio–zerbitzu edo -jarduerak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

Tasen zenbatekoak eta horien kasuan kasuko aldarazpenak ezarriko dira apirilaren 13ko Legeak, Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoak, ezarritako xedapenekin bat etorriz.

Tasak sortuko dira eskabidea egiteko unean, edo zerbitzua emateko unean, zerbitzu hori baten batek eskatzen ez duenean.

Tasen etekina Altxorrean sartuko da, etekin horrek tasen xede diren jardueretarako kreditua sor dezakeela.

Subjektu pasiboak tasak autolikidatu ahal izango ditu erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

IV. titulua

Polizia-araubidea

I. kapitulua

Estatuko portuetako Polizia Erregelamendua

106. artikulua. Ustiatze eta Polizia Erregelamendua.

«Estatuko Portuak» erakunde publikoak egingo du, Portu Agintaritzak entzun ondoren eta Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak txostena eman ostean, portuetako Ustiatze eta Polizia Erregelamendu Orokorra, zerbitzu eta eragiketa desberdinen jardunbidea arautuko duena.

Erregelamenduak eranskin gisa jasoko du portu-ordenantzen eredua.

Sustapen Ministerioak onetsiko ditu Erregelamendu Orokorra eta portu-ordenantzen eredua.

Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena loteslea izango da, ontzien eta nabigazioaren segurtasunari, itsas salbamenduari eta kutsadurari dagokienez, kutsadura hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzietatik, plataforma finkoetatik eta beste instalazio batzuetatik.

Ordenantzen ereduak jasoko ditu portu guztiei aplikatu beharreko Erregelamendu orokorraren arauak, kasuan kasuko Portu Agintaritzak arautu ahal izango dituen alorrak edo gaiak, eredu horretan zehaztuko diren irizpideekin edo printzipioekin bat etorriz, eta Portu Agintaritzek askatasunez arautu ahal izango dituzten aldeak edo gaiak, kalterik egin gabe Erregelamendua modu ordeztailean aplikatzeari, askatasunezko arauketa hori ez dagoenean.

Portu Agintaritzek, Itsas Kapitaintzaren txosten loteslearekin, Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko arloei dagokienez, portu-ordenantzak egin eta onetsiko dituzte, aldez aurretik «Estatuko Portuak» erakunde publikoak egiaztatuko duela horiek Erregelamendu Orokorrarekin bat datozen.

Onetsi ondoren, portu bakoitzeko Ustiatze eta Polizia Erregelamendu Orokorra nahiz ordenantzak argitaratu beharko dira «Estatuko Aldizkari Ofizialean».

II. kapitulua

Portu-jarduera eta nabigazioa bermatzen dituzten neurriak

107. artikulua. Ontziak hondoratzea.

Ontzi batek portuan hondoratzeko arriskua duenean, baldin eta ontzi-ustiatzaileari edo kontsignatarioari agindeia egin bazaio, portua utzi edo ontzia konpon dezan, Portu Agintaritzak, aurretiaz Itsas Kapitaintzak txostena emanda, ontzia lekuz aldatu edo hondoratu ahal izango du, haren kontura, portu-jarduerari, nabigazioari edo arrantzari kalterik egiten ez dion lekuan.

Azken ondore horretarako, txostena eskatuko zaio Arrantza Administrazioari; txosten hori positiboa dela ulertuko da, baldin eta ematen ez bada hamabost eguneko epean edo, hondoratze-arriskuaren ondoriozko presa-arrazoiengatik, Portu Agintaritzak ezarritako epean.

Ontziak portuko uretan hondoratzen direnean, Portu Agintaritzak ontziaren jabeei, ustiatzaileei, ordezkariei edo aseguru-etxeei adieraziko die non utzi behar dituzten ontziaren hondakinak edo ontzia, hori hondotik atera ostean, ondore horretarako ezarritako epean, bai eta beste hondoratze bat saihesteko hartu beharreko segurtasun-berme edo -neurriak ere.

Portu Agintaritzaren agindu edo akordioak betetzen ez badituzte, horrek hondoratutako ontzia erreskatatzeko erabili ahal izango ditu antolamendu juridikoan nahitaezko betearazpenerako ezarri bideak; edozein kasutan, ontziaren jabeak edo ustiatzaileak eragindako gastuak ordaintzeko betebeharra izango du.

Horrek, erregelamendu bidez ezarritako epean erreskateak sortutako zenbatekoak ordaintzen ez baditu, Portu Agintaritzak ontziaren hondakinak besterendu ahal izango ditu, lortutako zenbatekotik eragindako gastuak kenduz.

Lortutako zenbatekoa behar bestekoa ez bada, aldea premiamendu bidez eskatuko da.

Erreskatearengatik Portu Agintaritzaren mesedetan sortutako zenbatekoak kreditu pribilegiatuaren izaera izango dute, Merkataritzako Kodearen 580.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hondoratze-arriskua edo ontziaren hondoratzea gertatzen bada portutik kanpo eta Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan, Itsas Kapitainak eskumena izango du artikulu honek aipatzen dituen akzioak egikaritzeko.

Prozedura judizial edo administrazio-prozedura baten ondorioz, akordatu bada ontzi bat atxikitzea, gordetzea edo gordailutzea portuko zerbitzu-gunean, kasuan kasuko Portu Agintaritzak agintaritza judizialari eskatu ahal izango dio ontzia hondoratzea edo ontzi hori jendaurreko enkantean besterentzea, ontzi hori portuan egoteak benetako edo ustezko arriskua sortzen duenean pertsonentzat nahiz gauzentzako edo kalte larria eragiten dionean portuko ustiapenari.

Agintaritza judizialak hondoratzea edo salmenta akordatuko du kasu bakoitzean legeak ezarritako prozedurarekin bat etorriz, salbu eta uste duenean ontzia gordetzea nahitaezkoa dela prozesuaren instrukzioak dituen helburuetarako, horretarako beharrezkoa den denboran.

Era berean, enkante publikoko salmenta egingo da, prozedura judizialak iraun dezakeen denbora dela eta, ontziak modu nabarmenean galdu dezakeenean balioa; salmentaren ekoizkina prozeduraren arabera gordailutuko da.

Prozedura judizialaren edo administrazio-prozeduraren bidez ontziak enbargatu edo gelditu behar diren kasu guztietan, portu-jardueraren neurri bermatzaile gisa, Portu Agintaritzak ezarri edo aldaraziko du ontziak portuan duen kokapena, horren berri emanez enbargoa edo geldiarazpena agindu duen agintaritzari.

108. artikulua. Zatikatze-eragiketak.

Ontziak, itsas instalazioak eta material erabilezina zatikatzeko eragiketetan, halakoak portu-uretan gauzatzen direnean, aldez aurretik Itsas Kapitainaren txosten loteslea eskatuko da, itsas segurtasunari buruzko arautegia betetze aldera.

109. artikulua. Nabigazio askea babestea.

Ontzi batek edo batzuek portu, kanal edo bide nabigagarrietara askatasunez sartzea, edo horietatik zehar askatasunez igarotzea eragozten edo oztopatzen badute, edo ontzi bat itsasoratu bada despatxoari buruzko arauak modu larrian bete gabe, edo ontzi batek Itsas Kapitaintza eskudunen aginduei jaramonik egiten ez badie, Itsas Kapitaintzek, berehala, eta beharrezkotzat jotzen den aldirako, egokiak diren neurri guztiak hartu ahal izango dituzte, antolamendu juridikoarekin bat etorriz, urratutako legezkotasuna edo ukitutako nabigazio askea berrezartzeko.

Aipatu ondoreetarako, Itsas Kapitainak agindu egokiak emango dizkio kasuan kasuko ontziko kapitainari, edo horren ordezkoari.

Agindu horiek bete beharko dituzte interesdunak eta ontzian dauden guztiek, kalterik egin gabe akzioak egikaritzeari, legeen arabera hori dagokionean euren burua kalteduntzat dutenei.

Behar izanez gero, Itsas Kapitainak ontzia atxilotu, ainguratu eta atxikitzea agindu ahal izango du, horretarako erabakitzen den lekuan, behar den beste denborarako, normaltasuna berrezarri arte.

110. artikulua. Arrisku-egoera ontzian.

Ontziko kapitainek edo horien ordezkoek, salbuespen-izaerarekin, egokitzat jotzen dituzten polizia-neurri guztiak hartu ahal izango dituzte, ontziko barne araubidea ona izan dadin arrisku-egoera dagoenean.

111. artikulua. Zilegi ez diren jarduerak eta debekatutako trafikoak prebenitzea.

Jarduera ez-zilegiak edo debekatutako trafikoetatik edozein prebenitzeko, Gobernuak ontzi zibilen kategoria batzuen nabigazioa eragotzi, mugatu edo baldintzatu ahal izango du, barne uretan, lurralde-itsasoan edo ondoko gunean.

112. artikulua. Itsas nabigazioa eta itsas ingurunea bermatzeko neurriak.

Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan, nabigazioaren segurtasuna babestu eta itsas ingurunearen kutsadura prebenitzeko, Sustapen Ministerioak, Portu Agintaritzen eta Itsas Kapitaintzen bidez, ondasun juridiko horiek urratzen edo urra ditzaketen ontziei dagokienez, bisitak egin, ikuskatzeak gauzatu, ainguratzea baldintzatu, atxiloketak gauzatu, prozedura judizialak hasi eta, orokorrean, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu.

Neurri horiek hartu ahal izango dira, kalterik egin gabe itsas ingurunea babesteari dagokionez beste erakunde edo Administrazio publiko eskudun batzuek erabaki ditzaketen neurriei.

III. kapitulua

Arau-hausteak

113. artikulua. Kontzeptua eta sailkapena.

Merkataritzako Marinaren esparruan eta estatuko portu-esparruan arau-hauste administratiboak dira lege honetan tipifikatutako egite eta ez-egiteak.

Arau-hausteak izango dira arinak, astunak eta oso astunak, hurrengo artikuluetan ezarritako irizpideak kontuan hartuz.

114. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira egiteak edo ez-egiteak, halakoak arau-hauste astun edo oso astuna izan ez arren, euren garrantziagatik edo eragindako kalteen garrantziagatik, hurrengo kasuetako batean tipifikatuta daudenean:

Portua eta horren instalazioak erabiltzeari dagokionez:

a) Portuko Ustiatze eta Polizia Erregelamenduan ezarritako xedapenak ez betetzea.

b) Ez betetzea Portu Agintaritzak portu-esparruan itsas eragiketei begira ezarritako ordenantzak edo emandako jarraibideak.

c) Itsas-eragiketa horiek portu-esparruan gauzatzea, obrei, instalazioei, portu-ekipamenduari edo beste ontzi batzuei arriskua sortuz, edo behar den arreta izan gabe.

d) Portu Agintaritzak ezarritako ordenantzak edo emandako jarraibideak ez betetzea, merkatu-gaiak sartu eta atera, kargatu eta deskargatu, biltegiratu, eman eta jasotzeko eragiketei dagokienez eta merkatu-gaiekin zerikusia duen edozein eragiketari dagokionez.

e) Portu-ekipamenduak baimenik gabe, modu ezegokian edo behar besteko segurtasun-baldintzarik gabe erabiltzea, ekipamendu horiek Portu Agintaritzarenak edo subjektu pribatuenak izan daitezkeela.

f) Portu Agintaritzak emandako ordenantza edo jarraibideak ez betetzea, horrek trafikoak antolatzeari eta lehorreko nahiz itsasoko garraio-moten inguruan dituen eskumenen esparruan.

g) Portu Agintaritzari emandako informazio ez-zuzena, ontzien, merkatu-gaien, bidaiarien eta lehorreko garraio-ibilgailuen gainean, bereziki, informazio hori denean portu-tarifak aplikatzeko zein datu oinarri hartu eta datu horiei buruzkoa.

h) Portu-gunean kokatutako obra, instalazio, ekipamendu, merkatu-gai, edukiontzi eta itsasoko nahiz lehorreko garraiobideei zuzeneko kalteak eragitea doloarengatik edo zabarkeriarengatik.

i) Organo eskudunek itsas segurtasunaren edo kutsaduraren inguruan emandako arautegia edo jarraibideak ez betetzea.

j) Portuko jabari publikoko ondasunei, edo horien erabilera nahiz ustiatzeari kalteak edo urripenak eragiten dizkieten jarduera edo ez-egiteetatik beste edozein.

Aurretiazko baimena nahiz emakida behar duten jarduerei eta kontratu bidez gauzatutako jarduerei dagokienez:

a) Kasuan kasuko administrazio-tituluen baldintzak, portu-zerbitzuak zeharka emateko kontratuen klausulak edo portu-zerbitzuak arautzen dituzten agirietako baldintza orokorrak ez betetzea, halakoak iraungitzea edo hutsaltzea gorabehera.

b) Portu-esparruan baimendu gabeko kanpo publizitatea egitea.

c) Portu Agintaritzari informazio ez-zuzena edo eskasa ematea, norbere ekimenez edo hark hala eskatuta.

d) Lege honetan edo berau garatu edo aplikatzeko xedapenetan ezarritako betebeharrak zati batean edo oso-osoan ez betetzea, eta horien arabera nahitaezkoak diren egintzak ez egitea.

e) Portuko Ustiatze eta Polizia Erregelamenduak, Praktikajeen Erregelamendu Orokorra eta portu-jarduerei buruzko gainerako erregelamenduak ez betetzea.

Itsas segurtasunaren aurkako arau-hausteak.

a) Hordituta edo gai psikotropikoen, droga toxiko nahiz estupefazienteen mende dauden pertsona ontziratuen egintzak, ontziaren segurtasuna arriskuan jartzen dutenak.

b) Erregelamenduen edo ontziko kapitainak edo ofizialak emandako aginduen aurkako egintzak, nabigazioaren segurtasunari kalte egin diezaioketenak.

Itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hausteak.

a) Kapitainak edo pertsona arduradunak galdatzen diren agiriak ez aurkeztea.

b) Merkataritzako Marinako erregelamenduak ez betetzea, ontzian merkatu-gaiak kargatu edo deskargatzeari dagokionez, edo bidaiariak ontziratu edo lehorreratzeari dagokionez.

c) Portuaren barruan, kasuan kasuko erregelamenduak baimendu gabeko hots-seinaleak erabiltzea.

d) Kostaldearen ondoko berrehun metro zabalerako itsasertzean, hondartzei dagokienez, eta kostaldearen ondoko berrogeita hamar metro zabalerako itsasertzean, gainerako lekuei dagokienez, garraio-, arrantza- edo jolas-erabilerarako destinatzen den edozein ontzi-, itsasontzi- edo tresna-motaren nabigazioa, indarreko xedapenek ezarri abiadura-mugatik gora.

e) Kirol-erabilerarako destinatzen den edozein ontzi-, itsasontzi- edo tresna-motaren nabigazioa, ezinbesteko kasua dagoenean izan ezik, kostaldera sartzeko balizatutako kanaletatik kanpo, bainurako erreserbatutako moduan markatu eta behar bezala balizatutako guneetan.

f) Itsas Agintaritzaren esku, norberaren ekimenez edo hark hala eskatuta, jarri behar den informazioa emateko eginbeharra ez betetzea, edo hori modu ez-zuzenean edo eskasean egitea.

Itsas ingurunea kutsatzearen inguruko arau-hausteak.

a) Arauak ez betetzea edo portuetako Polizia Erregelamenduetan edo beste ur batzuei buruzko erregelamenduetan ezarritakoa bete gabe uztea, urak garbi izateari edo itsas ingurunearen aprobetxamendu erkideari dagokionez.

b) Aplikagarri den arautegiaren kontra, kutsadura sor dezaketen konponketa, karena eta bilketak gauzatzea.

c) Ontziek sortutako hondakinak eta zama-hondakinak itzultzeko betebeharren inguruan dagoen arautegia edo agintaritza eskudunak emandako jarraibideak ez betetzea.

115. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira aurreko artikuluan tipifikatutako egite eta ez-egiteak, halakoek pertsonaren bati eragiten dizkiotenean lan egiteko ezgaitasuna, gehienez ere, zazpi egunekoa, edo berrehun mila pezetatik gorako eta milioi bat pezetatik beherako kalte-galerak; ontziaren edo nabigazioaren segurtasuna arriskuan jartzen dutenak; arin moduan tipifikatutako faltak berregitea, falta horiek preskribatzeko ezarri den data baino lehenago; eta, edozein kasutan, hurrengoak:

Portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteak.

a) Pertsonentzat arrisku larria sortzen dutenak.

b) Ontzietatik edo tresna flotatzaileetatik baimenik gabe isurtzea produktu solido, likido edo gaseosoak II. gunean, portu-uren kanpoko aldean.

c) Zamak sartu edo ateratzeko eragiketak gauzatzeari dagokionez, horren legeria bereziak ezarritako arautegia ez betetzea.

d) Merkatu-gai arriskutsuak manipulatzearen eta biltegiratzearen inguruko arau, ordenantza eta jarraibideak ez betetzea edo merkatu-gai horiek edo beraien izaera ezkutatzea.

e) Portu Agintaritzako edo Itsas Agintaritzako langileei edo zamak sartzeko eta ateratzeko estatuko sozietateetako langileei dirua edo beste erregalu- nahiz opari-mota batzuk eskaintzea edo ematea, euren borondatea irabazteko asmoarekin, eroskeria egin duenaren mesedetan, bai eta erakunde edo sozietate horietako langileek opariak, bezuzak, erregaluak edo dirua eskatzea, galdatzea edo onartzea ere.

f) Portu Agintaritzak edo Itsas Agintaritzak gauzatu behar dituen polizia-eginkizunak oztopatzea.

h) Portu Agintaritzari, norberaren ekimenez edo hark hala eskatuta, emandako informazioa faltsutzea.

h) Kapitainak indarreko xedapenen arabera beharrezkoak diren praktikaje- edo atoi-zerbitzuak ez eskatzea.

Itsas segurtasunaren aurkako arau-hausteak.

a) Ontziratutako pertsonen arteko errieta eta liskarrak, halakoek eragina dutenean ontziaren edo nabigazioaren segurtasunean.

b) Erregelamenduen edo ontziko kapitainak edo ofizialek emandako aginduen aurkako egintzak, ontziaren edo nabigazioaren segurtasunari modu larrian kalte egin diezaioketenak.

c) Armak, aparatuak edo substantzia arriskutsuak eramatea, aurretiaz ontziko kapitainaren baimenik izan gabe.

d) Ontziko edozein kideren egite edo ez-egiteak, hordituta edo gai psikotropikoen, droga toxiko nahiz estupefazienteen mende dagoen bitartean, baldin eta horren ondorioz dagozkion eginkizunak gauzatzeko gaitasuna alda badaiteke.

e) Kapitainak ezezkoa ematea ontzian ezkutuko bidaiariak izateari, halakoak agintari eskudunen edo horiek xedatzen dituztenen esku utzi arte.

f) Kapitainak, edo horren ordez agintea duenak, abordajea dagoenean, justifikatu gabe informaziorik ez ematea, bere agindupean dagoen ontziaren izenari eta matrikula-portuari, abiapuntuari eta helmugari dagokienez.

g) Espainiako ontzi batean modu klandestinoan ontziratzea.

h) Kapitainek, patroiek edo beste itsas langile batzuek euren lanbide- edo jolas-titulazioaren araberakoak diren eratxikipen-mugak gainditzea.

i) Interesdunek ez komunikatzea Itsas Kapitaintzarik hurbilenekoari, justifikatutako arrazoia izan ezik, ontzi edo plataforma finko baten arrisku-egoera desagertu izana, arrisku horrek eragin duenean interesdunaren sorospen-eskaria.

j) Espainiako ontzi zibil orotako dotazioko kideek ez ezagutzea edo ez gauzatzea ezbehar-egoeretarako kasuan kasuko lauki organikoan eratxiki zaizkien betebehar eta eginkizunak, lauki hori Administrazioak onetsitakoa dela, aplikatu beharreko erregelamenduekin bat etorriz.

k) Ontzi-ustiatzaileek, kapitainek eta patroiek ez betetzea ontziaren eta horren osagaien azterketei eta ziurtagiriei buruzko arauak.

l) Garraio-, arrantza- edo jolas-erabilerarako destinatzen den edozein ontzi-, itsasontzi- edo tresna-motaren nabigazioa, ezinbesteko kasua dagoenean izan ezik, kostaldera sartzeko balizatutako kanaletatik kanpo, bainu-guneetan, nabigazio horrek gune horietako erabiltzaileei lesioak eragiten dizkienean.

m) Aurreko idatz-zatietan jaso gabeko egite eta ez-egiteak, ontziaren edo nabigazioaren segurtasuna arriskuan jartzen dutenak.

Itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hausteak.

a) Indarrean dauden arauak ez betetzea, ontzian bandera nazionala edo kontrazeinuak erabiltzeari dagokionez.

b) Ontziek izenik gabe eta arauzko inskripzio-foliorik gabe nabigatzea.

c) Ontziaren arauzko agiririk ez izatea, horiek kaltetuta izatea edo horiek zehaztugabetasun larriak izatea.

d) Portuko merkataritza-jarduerak gauzatzea, kanpo merkataritzakoak edo autonomia-erkidegoen artekoak, portuetan, kostaldeko lekuetan edo barne uretako edo lurralde-itsasoko ainguratze-egoeretan, horretarako behar den baimenik gabe.

e) Itsas Kapitaintzen jarraibideak ez betetzea, horren eskumenen esparruan, ontzien maniobra eta nabigazioari dagokionez, portu, itsasarte edo portutik kanpoko beste itsas ur batzuetan.

f) Erregelamenduak edo Itsas Kapitaintzen jarraibideak ez betetzea, itsasontzien araubideari eta trafikoari dagokienez, itsasontzi horiek izan daitezkeela baita ere jolaserako edo beste edozein erabilerara destinatutakoak, eta nabigazioari edo pertsonei begira arriskua sor dezakeen edozein tresna erabiltzeari dagokionez.

g) Ontzien eta itsasontzien despatxoari buruzko arauak edo Itsas Kapitaintzetan edo kontsuletxeetako bulegoetan tripulazioak ontziratzeari eta rol-araubideari buruzko arauak ez betetzea.

h) Ur gaineko itsas industriak gauzatzea, itsas inskripzioari buruzko arauak bete gabe, bai eta lanbidea gauzatzeko galdatzen den libretarik edo beste agiriren bat ez izatea nahiz arau-betekizunen bat ez gauzatzea ere.

i) Ontziak, itsasontziak edo plataforma finkoak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko kasuan kasuko zerrendetan inskribatzeari buruzko arauak haustea eta batzuk zein besteak erabiltzea inskripzioek baimendu gabeko trafiko edo jardueretan.

j) Ontziek estazio eta zerbitzu irratielektrikoak erabiltzeari buruzko arauak haustea.

k) Enpresak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroan inskribatzeko betebeharra ez gauzatzea, edo Erregistro horri inskripzioaren edo idatzoharraren bidez jaso beharreko egintza, kontratu edo akordioen berri ez ematea.

l) Ontzi bat eraikitzea edo transformazio-obrak edo motorra aldatzeko obrak egitea, estatuko kasuan kasuko administrazio-baimenik gabe edo hori arautu duten arauak hautsiz, bai eta ontziak uretaratzea ere, kasuan kasuko baimenik gabe.

m) Ontziak zatikatzeari buruzko erregelamenduak eta Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan plataforma finkoak suntsitzeari edo bertan behera uzteari buruzko erregelamenduak haustea.

n) Itsas zerbitzuak emateko emakida edo baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

ñ) Erregelamendu-aginduz Itsas Agintaritzen esku jarri behar den informazioa emateko eginbeharra ez betetzea edo modu ez-zuzenean betetzea.

Itsas ingurunea kutsatzearen inguruko arau-hausteak, kutsadura hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzietatik, plataforma finkoetatik edo beste instalazio batzuetatik.

a) Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan zabarkeriaz ebakuatzea zaborrak edo beste substantzia batzuk, ontzietatik, plataforma finkoetatik edo itsasoko beste eraikuntza batzuetatik, hori gai horren inguruan indarrean dagoen legeriaren aurka egiten denean.

b) Hidrokarburoak edo beste substantzia kutsagarri batzuk garraiatzen dituzten ontzien nabigazioaren, zamak manipulatzearen eta nahitaezko aseguruaren arau bereziak ez betetzea.

c) Zaborrak edo beste substantzia batzuk ebakuatzeko eragiketak prebenitu eta kontrolatzeko ontziko osagai, instalazio eta agiriei buruz indarrean dauden xedapenak ez betetzea.

d) Itsas Kapitaintzarik hurbilenekoari edo Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiari berehala ez komunikatzea, legeria aplikagarriak ezarritako kasuetan eta moduan, isurketa eta ebakuazio kutsagarriak, halakoak egiten direnean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzietatik edo plataforma finkoetatik nahiz beste instalazio batzuetatik.

e) Itsas ingurunean, zuzenean edo zeharka, substantziak, materialak edo energia-motak zabarkeriaz sartzea, halakoek giza osasunerako arriskua sor dezaketenean, turismo-, paisaia- edo biologia-baliabideak eta itsas bizitza kaltetu ditzaketenean, aisialdiko aukerak murritz ditzaketenean edo itsasoen legezko beste erabilera batzuk oztopa ditzaketenean, baldin eta horiek sartzea indarreko legeriaren aurkakoa bada edo horretarako behar den baimenik ez badago.

Arau-hausteak oinarrizko portu-zerbitzuak ematean:

a) Oinarrizko portu zerbitzuak emateko etekin- eta kalitate-mailei eusteko betebeharrak ez gauzatzea.

b) Lizentzian jaso ez diren baliabideak baimenik gabe erabiltzea, zerbitzu-emateari kalteak eragiten zaizkionean.

c) Ikertua izateari eta ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeari ezetza ematea edo hori oztopatzea, ikerketa eta elkarlan hori agintzen denean.

d) Informazioa emate aldera Portu Agintaritzak gauzatutako agindeiak ez betetzea.

e) Lizentziak oso osoan edo zati batean eskualdatzea baimenik gabe.

116. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunak dira aurreko 114 eta 115. artikuluetan tipifikatutako egite eta ez-egiteak, halakoek pertsonaren bati eragiten diotenean zazpi egunetik gora lan egiteko ezgaitasuna, edo milioi bat pezetatik gorako kalte-galerak; ontziaren edo nabigazioaren segurtasuna arriskuan jartzen dutenak; larri moduan tipifikatutako faltak berregitea, falta horiek preskribatzeko ezarri den data baino lehenago; eta, edozein kasutan, hurrengoak:

Portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteak.

a) Giza bizitzen osasun edo segurtasunerako arrisku oso larria sortzen dutenak.

b) Ontzietatik edo tresna flotatzaileetatik baimenik gabe isurtzea produktu solido, likido edo gaseosoak I. gunean, portu-uren barruko aldean.

c) Lege honen arabera behar den administrazio-titulurik gabe portu-esparruan edozein motatako obrak edo instalazioak gauzatzea, bai eta baimendutako obra edo instalazioek okupatutako azalera gehitzea edo horien gaineko eraikuntzak bolumena edo altuera gehitzea ere, betiere Portu Agintaritzak esanbidez egindako agindeiari, abusuzko jokabidea bertan behera utz dadin, jaramonik egin ez bazaio, edo espediente zehatzailearen hasiera jakinarazi ondoren jokabide horrekin jarraitu bada.

Itsas segurtasunaren aurkako arau-hausteak.

a) Nabigazioa agintzea edo hastea ontziak behar bezalako nabigagarritasun-baldintzak bete gabe, bere segurtasuna arriskuan jarriz.

b) Salbamendu-osagaien eraikuntzan egindako funtsezko aldaketak, modu ofizialean homologatutako prototipoen ezaugarriei dagokienez.

c) Gai leherkor edo arriskutsuak ontzian gordailutu, manipulatu, kargatu, atera, sartu, garraiatu edo mantentzearen inguruko arauak edo Itsas Agintaritzen jarraibideak ez betetzea.

d) Sorospen-seinaleak egitea, beharrizanik gabe, eta ikur bereizgarriak nahierara erabiltzea, ontziari ematen diotenak ospitale-ontziaren edo beste edozein ezaugarriko ontziaren izaera, nazioarteko zuzenbidean ezarritakoaren aurka.

e) Kontratatzea, edo kapitainaren, patroiaren edo nabigazioak iraun bitarteko zaintzaz arduratzen den ofizialaren eginkizunak gauzatzen uztea eginkizun horietarako gaitzen duen titulazio nahikorik ez dutenei, bai eta eginkizun horiek aipatu titulaziorik gabe gauzatzea ere, jolas-itsasontzien kasuan izan ezik.

f) Espainiako bidaiari-ontzietako dotazioko kideek ez ezagutzea edo ez gauzatzea ezbehar-egoeretarako kasuan kasuko lauki organikoan eratxiki zaizkien betebehar eta eginkizunak, lauki hori Administrazioak onetsitakoa dela, aplikatu beharreko arauekin bat etorriz.

g) Arauak edo Administrazioaren ebazpenak ez betetzea, lege honen 77. artikuluak segurtasuneko gutxieneko dotazioen gaiari buruz aipatutakoari dagokionez.

h) Itsas segurtasunari buruzko erregelamendu-xedapenak ez betetzea, horrek istripuak sortzen dituenean, pertsonei kalteak eraginez.

i) Arauak edo Itsas Administrazioen ebazpenak ez betetzea, plataforma finkoak instalatu eta plataforma horietatik jarduerak gauzatzeari dagokionez, itsas segurtasuna arriskuan jartzen denean, betiere, plataforma horiek badaude Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan.

j) Kapitainaren, ontziko patroiaren edo zerbitzu-praktikoaren egite edo ez-egiteak, hordituta edo gai psikotropikoen, droga toxiko nahiz estupefazienteen mende dagoen bitartean, baldin eta horren ondorioz dagozkion eginkizunak gauzatzeko gaitasuna alda badaiteke.

k) Kapitainaren edo ontziko dotazioko kideen egite eta ez-egiteak, halakoek beraiekin dakartenean pertsonei edo ontziei sorospenik ez ematea edo sorospen hori ukatzea, sorospena eskatzen denean edo horren premia dagoela uste denean.

l) Aurreko idatz-zatietan jaso gabeko egite eta ez-egiteak, ontziaren edo nabigazioaren segurtasuna arrisku larrian jartzen dutenak.

Itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hausteak.

a) Erregelamendu bidez ezarritako seinale-sistemarik gabe nabigatzea, sistema horiek ahalbidetu behar dutela ontzia etengabe lokalizatu eta bistaratzea.

b) Nabigazio-patentea, pasabantea edo ontziaren nahiz itsasontziaren nazionalitatea egiaztatzen duen agiria lortu gabe, edo arauzko ziurtagiriak iraungita, nabigatzea.

c) Ontzia behar bezala matrikulatuta egon gabe nabigatzea.

d) Lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, Espainiako banderadun ontzientzako trafiko edo jarduera batzuk erreserbatzen dituzten arauak ez betetzea.

e) Ontzien eta enpresa ontzi-ustiatzaileen Erregistroari, esportazioari, inportazioari edo Espainiako ontzia atzerritarren mesedetan behin-behinean banderapean jartzeari edo atzerriko ontziak Espainian behin-behinean banderapean jartzeari buruzko arauak ez betetzea.

f) Lege honetako 109, 110, 111 eta 112. artikuluek aipatu agindu, debeku edo baldintzak ez betetzea.

g) Itsas nabigazioko zerbitzuak ematea kasuan kasuko administrazio-emakida edo -baimenik gabe, hori eskatzeko modukoa denean lege honetan ezarritakoaren arabera.

h) Erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera Itsas Agintaritzei eman behar zaien informazioa faltsutzea.

i) Barneko, kabotajeko, kanpoko edo nazioarteko nabigazioko linea erregularretako edo zerbitzu ez-erregularretako enpresa ontzi-ustiatzaile titularrei ezarritako zerbitzu publikoko betebeharrak ez gauzatzea.

j) Lege honetan ezarritakoa aplikatzeko zein xedapen eman eta xedapen horiek eratorritako betebeharrak ez gauzatzea, estatuko portuak eta Merkataritzako Marina koordinatzeari dagokionez, defentsa nazionalaren eta segurtasun publikoaren beharrizanekin.

Itsas ingurunea kutsatzearen inguruko arau-hausteak, kutsadura hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako ontzietatik, plataforma finkoetatik edo beste instalazio batzuetatik.

a) Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan ontziak edo plataforma finkoak nahiz beste eraikuntza batzuk daudenean, halakoek nahita ebakuatzea hondakin, zabor edo asmo horrekin ontzian kargatutako nahiz gordailututako beste material batzuk, salbu eta behar bezalako isurketa-baimena dagoenean edo baimen hori eskatu beharrik ez dagoenean indarreko legeria berezian ezarritakoaren arabera.

b) Itsas ingurunea nahita kutsatzea Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontziak hondoratzeagatik edo plataforma finkoak edo beste eraikuntza batzuk suntsitzeagatik, aurreko idatz-zatian aipatu salbuespen berberekin.

c) Hala nahita ebakuatzea zaborrak edo beste materia batzuk, ebakuazio hori zuzenean edo zeharka sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, eskubide subiranoak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzi, plataforma finko edo beste eraikuntza batzuen eragiketa arrunten ondorioz, betiere, halako ebakuazioak gauzatzen badira gai horren inguruan indarrean dagoen legeriaren aurka eginez.

d) Itsas ingurunean, zuzenean edo zeharka, hala nahita sartzea substantziak, materialak edo energia-motak, halakoek giza osasunerako arriskua sor dezaketenean, turismo-, paisaia- edo biologia-baliabideak eta itsas bizitza kaltetu ditzaketenean, aisialdiko aukerak murritz ditzaketenean edo itsasoen legezko beste erabilera batzuk oztopa ditzaketenean, baldin eta horiek sartzea indarreko legeriaren aurkakoa bada edo horretarako behar den baimenik ez badago.

Arau-hausteak oinarrizko portu-zerbitzuak ematean:

a) Oinarrizko portu-zerbitzuak ematea horretarako behar den ahalbidetze-titulurik gabe.

b) Zerbitzu publikoko betebeharrak modu larrian edo behin eta berriro ez betetzea.

c) Portu-erakundeek, euren eskumenen esparruan, lehia askea babestearen inguruan emandako jarraibideak ez betetzea.

d) Lizentzien titularrek ezarri zaizkien oinarrizko baldintzak modu larrian edo behin eta berriro ez betetzea.

117. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio-epea bost urtekoa izango da, arau-hauste oso astunentzako, hiru urtekoa astunentzako eta urtebetekoa arinentzako.

Epea zenbatzen hasiko da arau-haustea eragin duen jokabidea oso-osoan zein unetan burutu eta une horretatik aurrera.

Arau-hausteak jarraikakoak direnean, preskripzio-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea burutzen duen jarduera amaitzen denetik edo arau-haustea burutzeko azken egintza amaitzen denetik.

Arau-haustea eragiten duten egitateak edo jarduerak ezezagunak badira, ageriko ezaugarririk ez izateagatik, epe hori zenbatzen hasiko da ezaugarri horiek azaltzen direnetik.

Hala ere, arau-haustea burutu denetik igarotako denbora edozein dela, gauzak itzultzea eta aurreko egoeran berrezartzea galdatuko da.

Uste izango da eraikuntza edo instalazio bat erabat amaituta dagoela, prest dagoenean aurreikusitako xedea betetzeko, geroagoko jardunik behar izan gabe.

Ondore horretarako, amaiera-data Portu Agintaritzak egiaztatuko du eta, modu subsidiarioan, hurrenkera honen arabera, hurrengoak egiaztatuko dira: jardunbiderako edo zerbitzurako lizentzia, eskumen edo baimenen data, edo obra-bukaerari buruz teknikari eskudunak izenpetutako ziurtagiriaren data.

118. artikulua. Erantzuleak.

Arau-haustearen erantzule izango dira hurrengo pertsona fisiko edo juridikoak:

Portuko erabileren eta jardueren inguruko arau-hausteen kasuak:

a) Administrazio-titulu edo -kontratu baten baldintzak betetzen ez direnean, horren titularra.

b) Ontziarekin zerikusia duten arau-hausteen beste kasu batzuetan, ontzi-ustiatzailea edo, halakorik izan ezean, ontziko kapitaina, kalterik egin gabe praktikaje-zerbitzua emateko kontratuaren titularrak eta praktikoak bere eginkizuna betetzean izan ditzakeen erantzukizunei, horren arauketa bereziarekin bat etorriz.

Arau-hausteek zerikusia dutenean ontzia portuan egotearekin, kontsignatarioa erantzule solidarioa izango da ontzi-ustiatzailearekin batera.

c) Merkatu-gaiak manipulatzeari eratxikitako arau-hausteen kasuan, izaera solidarioarekin, merkatu-gai horiek manipulatzen dituzten langileak eta eragiketa horiek gauzatzeko ardura duen enpresa zamaketaria, eta modu subsidiarioan merkatu-gaien kontsignatarioa.

d) 114.1.g) artikuluan jasotako kasuan, informazio hori emateko betebeharra duten erakundeak.

e) 114.1 artikuluko h) eta j) idatz-zatiek aipatu dituzten egite eta ez-egiteen kasuan, egitea edo ez-egitea gauzatzen duena edo hori gauzatzearen arduraduna, eta modu solidarioan, hala denean, zerbitzua emateko ardura duen enpresa, egitea edo ez-egitea gauzatu duenak enpresa horrekin lan-harremanak dituenean kalte-galera horiek sortzeko unean.

f) 115.1.d) artikuluan ezarritako kasuan, merkatu-gai arriskutsuak garraiatzeaz arduratutako erakundeak, eta, modu subsidiarioan, gai horren inguruko erregelamenduekin bat etorriz, informazioa emateko betebeharra duten erakundeak.

g) 115.1.e) artikuluan jasotako kasuan, dirua nahiz erregaluak eskaintzen edo ematen dituzten pertsonak eta horiek eskatzen edo jasotzen dituzten langileak.

h) Behar besteko administrazio-titulurik izan gabe obrak egiten direnean, jardueraren sustatzailea, jarduera gauzatzen duen enpresaburua eta jardueraren zuzendari teknikoa.

i) Oinarrizko portu-zerbitzuak ematean arau-hausteak egiten badira, oinarrizko portu-zerbitzua emateko lizentziaren titularra edo zerbitzua ahalbidetze-titulurik gabe ematen duena.

Marina zibilaren inguruko arau-hausteen kasuak:

a) Merkataritzakoak ez diren ontzi zibilen nabigazioaren ondorioz, edo portuetako zerbitzu-gunetik kanpo kokatutako plataforma finkoak nahiz beste eraikuntza batzuk direla eta, gauzatzen diren arau-hausteetan, ontziak, plataformak edo eraikuntzak zein enpresa-jarduera gauzatu eta horren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, edo jolas-nabigazioan bakarrik erabiltzen diren ontzien kasuan, itsasontziaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, edo zuzenean arau-haustearen erantzule dena.

Kasu horietan erantzule subsidiarioak izango dira ontzietako kapitain edo patroiak.

b) Merkataritzako ontzien itsas nabigazioaren ondorioz gauzatutako arau-hausteetan, jardueraren titularra den enpresa ontzi-ustiatzailea, edo, halakorik izan ezean, ontziaren kapitaina.

c) Erabiltzaileek gauzatutako arau-hausteetan eta, orokorrean, aurreko idatz-zatietara bildu ez diren hirugarrenek gauzatutakoetan, halakoek egiten dituztenean Merkataritzako Marina arautzeko legeriak ukitutako jarduerak, hautsitako manua zein pertsona fisiko edo juridikori zuzendu eta pertsona hori edo kasuan kasuko arauek zein pertsona fisiko edo juridikori eratxiki beren-beregi erantzukizuna eta pertsona hori.

d) Itsas ingurunea kutsatzeari buruzko arau-hausteei dagokienez, halakoak ontzietatik gauzatzen direnean, modu solidarioan erantzungo dute ontzi-ustiatzaileak, jabeak, erantzukizun zibilaren aseguratzaileak eta ontziko kapitainak.

Arau-haustea gauzatzen bada Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako plataforma finkoetatik nahiz beste instalazio batzuetatik, modu solidarioan erantzungo dute horien jabeek, enpresa-jardueraren titularrak, hala denean, eta jardueraren aseguratzaileak.

Era berean, aipatu subjektu erantzuleak beharturik egongo dira eragindako kaltea modu solidarioan konpontzera; Administrazio eskudunak haien kontura betearazi edo agindu ahal izango ditu, presako izaerarekin, ingurumena babesteko beharrezkoak izan daitezkeen eragiketak.

Marina zibilaren arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko xedapenak ez zaizkie aplikatuko nazionalak ez diren pertsonei, halakoak ontziratuta daudenean atzerriko ontzietan, nahiz eta Espainiako jurisdikzioaren mendeko guneetan izan, betiere, egitateak ontziaren barruko ordena bakarrik ukitzen badu eta egitate horretan atzerriko herritarrek soilik parte hartu badute.

Kasu horietan, Espainiako agintariak mugatuko dira ontziaren banderako kapitain eta kontsulei laguntza eskaintzera, horiek hala eskatu dutenean eta hori bidezkoa denean nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.

Arau-hauste beraren ondorioz subjektu desberdinei ezartzen zaizkien zehapenak independenteak izango dira euren artean, salbu eta lege honetan araubide desberdina ezarri denean.

IV. kapitulua

Zehapenak eta beste neurri batzuk

1. atala.

Xedapen orokorrak

119. artikulua. Printzipio orokorrak.

Arau-haustea gauzatzen duten egite edo ez-egiteak zehatuko dira lege honetan jasotako xedapenen arabera.

Egite edo ez-egite berak arau-hauste bi edo gehiago gauzatzen baditu, kontuan hartuko da zehapen handiena duena bakarrik.

Edonola ere, lege honen arabera emandako emakiden titularrak beti zehatu ahal izango dira lege honetako arau-hausteak egiteagatik, hala denean, titular horiei ezar dakizkiekeen beste erantzukizun batzuk gorabehera.

Arau-hausteak delitua edo falta gauza dezakeenean, Fiskaltzari helaraziko zaio hori, prozedura zehatzailea bertan behera utziz, agintari judizialak epai irmoa edo prozesua amaitzen duen ebazpenik ematen ez duen bitartean.

Zehapen penalak baztertuko du administrazio-zehapena ezartzea.

Delitua edo falta egiaztatu ez bada, Administrazioak espediente zehatzailearekin jarraituko du, kontuan hartuz, edozein kasutan, organo judizial eskudunaren ebazpenean frogatutzat adierazitako egitateak.

Edozein kasutan, berehala bete beharko dira portu-jarduera, itsas segurtasuna eta itsas trafikoaren antolaketa babesteko, eta itsas ingurunearen kutsadura prebenitzeko hartutako administrazio-neurriak, prozedura zehatzailearen etendura ezin izango dela hedatu urratutako ordena juridikoa ezartzeko neurrien betearazpenera.

Era berean, administrazio-egintzen edo kontratuen ondoreak eteteko eta horiek deuseztatzeko edo suntsiarazteko prozedurak hasiko dira, ustez halakoetan oinarritu daitekeenean legearen aurkako jarduna.

Lege honek enpresaren eta langileen arteko administrazio-erantzukizun solidarioa jaso duen kasuetan, langileari ez zaio ezarriko administrazio-zehapenik.

2. atala.

Zehapen aplikagarriak

120. artikulua. Isunak eta zehapen erantsiak.

Arau-hauste arinak 10.000.000 pezetarainoko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunen kasuan, zehapena izango da:

a) Portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteentzako:

115.1 artikuluko b), c), e), f), g) eta h) idatz-zatietako kasuetan, 20.000.000 pezetarainoko isuna; 115.1 artikuluko a) eta d) idatz-zatietako kasuetan, 50.000.000 pezetarainoko isuna.

b) Itsas segurtasunari buruzko arau-hausteetan, 30.000.000 pezetarainoko isuna.

c) Itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hausteetan, 20.000.000 milioi pezetarainoko isuna.

d) Itsas ingurunea kutsatzearen ondoriozko arau-hausteetan, 100.000.000 pezetarainoko isuna.

e) Oinarrizko portu-zerbitzuak ematean gauzatutako arau-hausteetan, 602.000 eurorainoko isuna.

Arau-hauste oso astunen kasuan, zehapena izango da:

a) Portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteentzako:

116.1).c) artikuluaren kasuetan, obrek eta instalazioek duten balioaren 100eko 50eko isuna.

Gainerako kasuetan, 100.000.000 pezetarainoko isuna.

b) Itsas segurtasunaren aurkako arau-hausteetan, 150.000.000 milioi pezetarainoko isuna.

c) Itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hausteetan, 50.000.000 milioi pezetarainoko isuna.

d) Itsas ingurunea kutsatzearen ondoriozko arau-hausteetan, 500.000.000 pezetarainoko isuna.

e) Oinarrizko portu-zerbitzuak ematean gauzatutako arau-hausteetan, 3.005.000 eurorainoko isuna.

Arau-hauste astunaren edo oso astunaren kasuan, horiek gertatzen direnean, hurrenez hurren, falta arinak edo astunak berregiteagatik, halakoak preskribatu aurretik, isunaren zenbatekoa izango da horietariko bakoitzari begira ezarritakoaren batura.

Aurreko paragrafoetan ezarritako erregelekin bat etorriz ezarritako multa-zenbatekoa zati batean barkatu ahal izango da, hori ezartzeko organo eskudunarekin akordioa eginez, eta, betiere, arau-hausleak arau-haustea egiteagatik sortutako egoera zuzendu badu, aldez aurretik agindeia jasota eta erregelamendu bidez ezarritako epean.

Arau-hauste oso astunen kasuei dagokienez, ontzia atxikitzea edo horren sarrera nahiz beraren karga- eta deskarga-eragiketak debekatzea akordatu ahal izango da, kasu bakoitzean bidezkoa den zehapenaren osagarri.

116.2).b) artikuluaren kasuan, isunak berarekin ekarriko du prototipoaren homologazio ofiziala deuseztatzea.

Arau-hauste oso astunen kasuan, halakoak eragin direnean lege honen 54. artikuluak aipatu dituen jarduerak gauzatzean, portua eta horren instalazioak erabiltzeari dagokionez, Sustapen Ministerioak adierazi ahal izango du, «Estatuko Portuak» erakundeak hala proposatuta, arau-hausleak behin-behinean desgaituta gelditzea, gehienez ere, hirutik bost urtera bitartean, baimenen eta emakiden titular izateko, hurrenez hurren, kasuan kasuko portu-esparruan edo portu-jarduerak gauzatzeko.

Zerbitzuak emateko edo jarduerak gauzatzeko baimenen eta oinarrizko portu-zerbitzuak emateko lizentzien kasuan, halakoen erabileraren edo bertako jardueren inguruko arau-hausteek beraiekin ekarri ahal izango dute, halaber, jarduera edo zerbitzua behin-behinean etetea, hurrengo irizpideekin bat etorriz:

1. Arau-hauste arinak:

Etetea, gehienez ere hilabeteko aldian.

2. Arau-hauste astunak:

Etetea, gehienez ere sei hilabeteko aldian.

3. Arau-hauste oso astunak:

Etetea eta behin-behineko desgaikuntza, gehienez ere, bost urteko aldian, edozein jarduera gauzatzeko edo edozein zerbitzu emateko, kasuan kasuko egoeran.

Itsas segurtasunaren aurkako arau-hauste astun edo oso astunen kasuan, halakoak gauzatzen dituztenean ontziko kapitainak edo patroiak, zerbitzu-praktikoak edo dotazioko gainerako kideek, Merkataritzako Marinaren Zuzendari Nagusiak, arau-hauste astunei begira, eta Sustapen Ministroak, Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, arau-hauste oso astunei begira, adierazi ahal izango dute lanbide-titulua etetea hurrengo irizpideekin bat etorriz:

a) Arau-hauste astunak:

Etetea, gehienez ere urtebeteko aldian.

b) Arau-hauste oso astunak:

Etetea, urtebete eta bost urte bitartean.

Arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik ezarritako zehapenak erregelamendu bidez zehaztu moduan egingo dira jendaurreko, irmo bihurtu ondoren.

Arau-hausteen preskripzio-epea bost urtekoa izango da, arau-hauste oso astunentzako, hiru urtekoa astunentzako eta urtebetekoa arinentzako.

Espainiako eta atzerriko merkataritzako ontziei egindako azterketek gabeziak egiaztatu edo agerrarazten dituztenean, gabezia horren ondorioa izanik ontziaren nabigazioa debekatzeko polizia-neurri administratiboa, isunari erantsitako zehapen gisa ezarriko da ikuskatzearen kostu guztiak ordaintzea.

Ikuskatze-orduaren kostua Sustapen Ministroak ezarriko du.

121. artikulua. Zehatzaileak ez diren neurriak.

Arau-haustea gauzatzen duten egite edo ez-egiteek beraiekin ekarriko dute, bidezkoa den zehapena ezartzeaz gain, hala denean, neurri hauek hartzea:

a) Gauzak itzultzea eta aurreko egoeran berrezartzea.

b) Kalte konponezinak ordaintzea, suntsitutako ondasunen edo eragindako narriaduraren balioa zein izan eta horren araberako zenbatekoan, bai eta eragindako galerak ordaintzea ere, ezarritako epean.

Arau-haustea gauzatzen duten egite edo ez-egiteek arau-hauslearentzat onura dakartenean eta onura hori kalte-ordaina baino gehiago denean, kalte-ordaina ezartzeko orduan kontuan hartuko da, gutxienez, arau-hausleak izandako onuraren zenbatekoa.

c) Administrazio-titulua iraungitzea, hori bidezkoa denean, bertan jasotako baldintzak ez betetzeagatik.

d) Ontziaren eskala, irteera, karga edo deskargari ezezkoa ematea, lege edo erregelamendu bidez ezarritako kasuetan.

e) Lizentzia ezeztatzea, hori bidezkoa denean.

122. artikulua. Mailakatze-irizpideak.

Isunen zenbatekoa eta zehapen erantsien aplikazioa erabakiko da aintzat hartuta arau-haustea gauzatuta izandako onura, jokabide arau-hausleak kanpora begira duen garrantzia, subjektu arau-hauslearen zabarkeria edo asmoa, eragindako kaltea, gauzatutako arau-hauste kopurua, bai eta arau-haustea gaitzesteko mailaketan, aringarri nahiz astungarri gisa, eragina izan dezakeen beste edozein inguruabar ere.

Analogiaz aplikatuko dira, ahal den neurrian eta administrazio-sektore honen berezitasunen araberako ñabardura eta egokitzapenekin, zuzenbidearen aurkakotasunaren eta erruduntasunaren bazterketari buruzko zigor-erregelak, kalterik egin gabe, ondore horietarako, sektore horretan nabarmentzeko modukoak diren beste inguruabar batzuk kontuan hartzeari.

123. artikulua. Eskumena.

Lege honetan jasotako zehapenak ezartzeko eskumena izango dute:

a) Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak, portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hauste arinen kasuei dagokienez.

Itsas Kapitainei, itsas segurtasunaren eta itsas trafikoaren antolaketaren aurkako arau-hauste arinen kasuan, edo itsas ingurunea kutsatzeari buruzko arau-hauste arinen kasuan, kutsadura hori sortzen denean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietako uretan kokatutako ontzietatik edo plataforma finkoetatik nahiz beste instalazio batzuetatik.

c) Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak eta Merkataritzako Marinaren Zuzendari Nagusiak, euren eskumenen esparruan, lege honetan tipifikatutako arau-hauste astunen kasuei dagokienez.

d) Sustapen Ministroak, «Estatuko Portuak» erakundeak hala proposatuta, edo Merkataritzako Marinaren Zuzendari Nagusiak, euren eskumenen esparruan, arau-hauste oso astunen kasuetan, berrehun milioiko kopurutik behera.

e) Ministroen Kontseiluak, Sustapen Ministroak hala proposatuta, ara-hauste oso astunen kasuetan, artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatu kopurutik gora.

Gobernuak eguneratu edo aldarazi ahal izango ditu muga horiek, bai eta isunen zenbatekoa ere, kontsumoko prezioen indizeak izandako gorabeherekin bat etorriz.

Portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteak direla-eta isunak eta kalte-ordainak daudenean, halakoen zenbatekoa izango da arau-haustea zein Portu Agintaritzaren esparrutan gauzatu eta Portu Agintaritza horren berezko sarrera.

3. atala.

Kalte-galeren ordaina

124. artikulua. Kalte-galeren ordaina.

Gauza itzultzea eta aurreko egoeran berrezartzea ezinezkoa denean, eta, edozein kasutan, kalte-galerak eragin direnean, arau-haustearen erantzuleek bidezkoak diren kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte.

Onura kalte-ordaina baino gehiago denean, kalte-ordaina zehazteko, gutxienez, onuraren zenbatekoa hartuko da kontuan.

Kalteak ebaluatzea zaila denean, kalte-ordaina finkatzeko, Portu Agintaritzak edo Itsas Agintaritzak hurrengo irizpideak kontuan hartuko ditu, horietarik baliorik handiena dakarrena aplikatu beharko duela:

a) Itzulketaren eta berrezartzearen kostu teorikoa.

b) Kaltetutako ondasunen balioa.

c) Arau-hausleak legearen aurkako jarduerarekin izandako onura.

V. kapitulua

Prozedura, betearazpen-bideak eta kautela-neurriak

125. artikulua. Prozedura.

Portu Agintaritzako edo Itsas Agintaritzako langile eta arduradunek betebeharra izango dute, salaketak jartzeko, aurkeztutako salaketen izapideak egiteko eta euren eskumenekoak diren salaketak ebazteko, bidezko diren zehapenak ezarriz.

Aipatu ondoreetarako, ikuskatze- edo kontrol-eginkizunak dituzten langileek sartzeko ahalmena izango dute, emakidaren edo baimenaren xede diren azalera eta instalazioetan, halakoak portuetako zerbitzu-gunean daudenean, edo Espainiako banderadun ontzi eta plataformetan edota, hala denean, Espainiak nazioarteko zein hitzarmen izenpetu eta hitzarmen horietan ezarritako mugekin, atzerriko banderadun ontzietan, halakoak daudenean Espainiak zein gunetan egikaritu subiranotasuna, subiranotasun-eskubideak edo jurisdikzioa eta gune horietan kokatutako uretan, baldin eta horietan kasuan kasuko egiaztapenak eta jarduerak gauzatu behar badira, salbu eta halakoek legearen arabera egoitzaren izaera dutenean; azken kasu horretan, ikuskatze-eginkizuna bat etorri beharko da bortxaezintasuna bermatzen duten erregelekin.

Aurrekoa gorabehera, portua erabiltzearen eta portuko jarduerak gauzatzearen inguruko arau-hausteei dagokienez, prozedura zehatzailea hasiko da eta urratutako ordena juridikoa berrezartzeko neurriak hartuko dira kostaldeen legerian ezarritakoarekin bat etorriz, berezitasun bakar moduan, neurri horiek hartzeko organo eskuduna Portu Agintaritza izango dela.

Edozein kasutan, horri dagokio berrezartzeko neurriak hartzea.

Lege honetan ezarritako arau-hausteak zehatuko dira aurretiaz kasuan kasuko administrazio-espedientea hasita, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritakoaren arabera.

126. artikulua. Kobratzea bermatzeko neurriak.

Isunen nahiz kalte-galeren ondoriozko ordainen zenbatekoak eskatu ahal izango dira administrazioko premiamendu-bidea erabilita.

Era berean, Portu Agintaritzek eta Itsas Agintaritzek, isunak eta kalte-ordainak kobratzea bermatzeko eta urratutako ordena juridikoa berrezartzeko, izango dituzte Administrazio Prozeduraren Legean eta kostaldeei buruzko legerian nahitaezko betearazpenerako ezarri bideak.

127. artikulua. Gertatutako egitateak jasotzeko betebeharrak.

Ontzietako kapitainek betebeharra izango dute, nabigazio-egutegian edo despatxo- eta dotazio-rolean jasotzeko nabigazioak iraun bitartean ontzian diren pertsonen egitateak, euren ustez halakoak lege honetan ezarritako arau-hausteak direnean.

Idazkuna izenpetuko dute kapitainak eta interesdunak edo, horrek uko egiten badu, bi lekukok.

128. artikulua. Ontziak atxikitzea.

Itsas Kapitainak, kautela-neurri moduan, agindu ahal izango du ontzia berehala atxikitzea, lege honetako 118.2.d) artikuluko betebeharrak bermatzeko helburuarekin.

Atxikitze hori ordeztu ahal izango da Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiaren arabera behar bestekoa den abal edo bermeagatik.

Zehatzeko ahalmena egikaritzeko organo eskudunak prozedura zehatzailearen edozein unetan eta ziodun akordioaren bidez, agindu ahal izango du, kautela-neurri moduan, ontzia berehala atxikitzea, ziurtatzeko eman daitekeen ebazpenaren eragingarritasuna, prozeduraren bukaera ona, arau-haustearen ondoreak saihestea eta interes orokorren eskakizunak, betiere, lege honek aipatu dituen arau-hauste astunak edo oso astunak gauzatu badira.

Horretarako, kasuan kasuko gobernu-agintaritzari eskatu ahal izango dio segurtasun-indar eta -kidegoen elkarlana, beharrezkoa denean.

Atxikipen hori ordeztu ahal izango da behar bestekoa den abal edo bermearengatik.

Salbuespenez, kautela neurri moduan, berehala agintzen denean ontzia atxikitzea, hori berori ezarri ahal izango du Portu Agintaritzako Zuzendariak.

Lehenengo xedapen gehigarria.

Zerbitzu-gunea.

15.1 artikuluak aipatu zehaztapena egiten ez den bitartean, estatuaren eskumeneko portuetako zerbitzu-gunetzat joko dira lege hau indarrean jartzeko uneko zerbitzu-gunera bildutako lur-eremuen multzoa eta tarifa-ondoreetarako portu bakoitzean I eta II. guneetara bildutako ur-azalerak, indarreko arautegiarekin bat etorriz.

Bigarren xedapen gehigarria.

Ondoko gunea.

Lege honen 7.1 artikuluan definitutako ondoko gunean, Gobernuak behar besteko fiskalizazio-neurriak hartu ahal izango ditu hurrengo helburuetarako:

a) Lurralde nazionalean edo lurralde-itsasoan prebentzioa gauzatzea, aduana-, kontrabando-, fiskal-, immigrazio- edo osasun-arloko lege eta erregelamenduak hauts ez daitezen.

b) Arau-hauste horiek zehatzea.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Portuko Kapitaintzak eta Kapitainak.

Lege hau indarrean jarri ondoren, aurreko legeriak portuko Kapitaintzei edo Kapitainei begira egindako erreferentziak ulertu beharko dira 88. artikuluak jasotako Itsas Kapitaintzei edo Itsas Kapitainei egindakotzat.

Laugarren xedapen gehigarria.

Ministerioen arteko elkarlana.

Estatuko Administrazioaren sailek eta Administrazio publikoetako gainerako erakundeek Sustapen Ministerioko zerbitzuen elkarlana eskatu ahal izango dute, hala behar dutenean interes orokorreko beharrizanek.

Era berean, Sustapen Ministerioak aipatu sailei edo erakundeei atxikitako zerbitzuen elkarlana eskatu ahal izango du, halakoek portuko edo itsasoko esparruan eginkizunak gauzatzen dituztenean, betiere, interes orokorreko beharrizanak badaude.

Sustapen Ministerioak Barne Arazoetarako Ministerioari bere itsas zerbitzuen elkarlana eskatu ahal izango dio, interes orokorreko beharrizanek hala behar dutenean marina zibilaren, pertsonen nahiz gauzen segurtasunaren edo itsas garraioaren arloan.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Defentsa-politika portuko eta itsasoko esparruetan

Defentsa Nazionala arautzeko legerian ezarritakoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazioan, Sustapen Ministerioa da lurralde nazional osoan eskumenak dituen organoa, defentsa-politika gauzatzeko portuetan, estatuaren titulartasuneko itsas-lehorreko jabari publikoan eta Merkataritzako Marinaren sektorean, Defentsa Ministroaren koordinaziopean.

Defentsa zibilarekin zerikusia duten eginkizunen esparruan, Sustapen Ministerioaren ardura da, Defentsa Ministerioarekin elkarlanean arituz, sailaren mende zein baliabide izan eta baliabide horiek defentsa nazionalari begira ekartzearekin zerikusia duten inguruabar edo jarduera guztiak aztertu, planifikatu, programatu, betearazi eta ikuskatzea, Estatuko Administrazioaren mendekoak diren portuen esparruan eta Merkataritzako Marinaren esparruan.

Modu berean, eginkizun berberak gauzatuko ditu, pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen mobilizazioari dagokionez, mobilizazioari buruzko sektore- edo ministerio-planekin bat etorriz.

Ondore horietarako, etengabe eguneratuta izango dira Merkataritzako Marinaren antolaketa zibila aldarazteko behar diren mekanismo guztiak.

Sustapen Ministerioak behar diren arau eta prozedurak garatuko ditu:

- Defentsa Ministerioak jakin dezan merkataritzako ontzidiak dituen ontziak, horien ezaugarriak eta horien egoera, bai eta, krisi-egoeretan, ontzidi horretatik Armadara igaro daitekeen ontzi-kopurua ere.

- Zerbitzu publikoko betebeharrak ezartzeko, defentsa nazionaleko arrazoiengatik edo krisi-egoeretan, edota zerbitzu horiek jarraitutasun- eta erregulartasun-baldintzetan ematea bermatzeko helburuarekin, kalterik egin gabe indarreko legeriarekin bat etorriz aplikagarri izan daitezkeen kalte-ordainei.

- Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileei agintzeko, halakoek lurralde nazionaletik kanpo sukurtsalak edo jarduera-zentroak dituztenean, euren baliabideekin lagundu dezaten defentsa nazionalaren sistemari eta beharrizanei eusten.

- Espainiako enpresa ontzi-ustiatzaileek jakinarazteko atzerriko enpresekin zenbat ontzi-errentamendu- edo -pleitamendu kontratu egiten dituzten.

- Espainiako merkataritzako ontzien kapitainek, nabigatzen ari direnean, euren kokapen geografikoa komunikatzeko Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiari, batez ere, krisi-egoeretan edo nazioarteko tentsio-egoeretan; Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak informazio horren berri emango dio Armadako Kuartel Nagusiari.

Merkataritzako ontzidiaren inguruan aurreko paragrafoan ezarritakoa ontzi zibilei ere aplikatuko zaiela ulertuko da, ontzi horiek erabiltzea beharrezkoa denean defentsa nazionalaren beharrizanak erdiesteko.

Seigarren xedapen gehigarria.

Portuetako Batzak eta Portu Autonomoak transformatzea.

Bat.

Lege hau indarrean jartzeko unean zeuden Portuetako Batza erakunde autonomoak eta «Portu Autonomoak» erakunde publikoak transformatuko dira lege honen 35. artikuluak arautu Portu Agintaritzetan, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horren izena izango da «-ko Portu Agintaritza», aurretik doala kasuan kasuko portuaren izena.

Bi.

Erakunde publiko berriek ordeztuko dituzte gaur egungo Portuetako Batzak eta Portu Autonomoak, horien ondarearen titulartasunari dagokionez, beraien egoera berean subrogatuko direla, halakoak alderdi ziren harreman juridikoetan.

Antolakunde eta erakunde transformatuei lotutako ondasunak, halakoak jabari publikokoak direnean, bai eta lehenengo xedapen gehigarriak aipatu I eta II. guneetako ondasunak, atxikitzen zaizkie kasuan kasuko Portu Agintaritzei, euren jatorrizko kalifikazio juridikoari eutsiz.

Hiru.

Une honetan, ontzietatik zamak sartzeko eta ateratzeko estatuko sozietateen kapitalean Estatuko Administrazioak duen partaidetza eskualdatzen zaio Portu Agintaritzetako ondareari, Portu Agintaritza horiek eratxikita badute sozietateek zein herrialdetan izan egoitza eta herrialde horretako portuaren kudeaketa.

Lau.

1) Portuetako Batzetan, Portu Taldeen Administrazio Batzordearen zerbitzu periferikoetan eta Portu Autonomoetan destinatutako funtzionarioek aukeratu ahal izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik 1992ko abenduaren 31ra arte:

a) Sortzen diren erakundeetan sartzea alokairuko langile gisa, halakoek eurek garatzen dituzten eskumenak bereganatzen dituztenean; egoera horretan, aitortuko zaie kasuan kasuko ordainsari-osagarria jaso ahal izateko dagokien antzinatasuna, euren jatorrizko kidegoetan geratuko direla abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, 29.3.a) artikuluan ezarri borondatezko eszedentzia-egoeran.

Klase Pasiboen Araubidean egiaztatutako zerbitzu-aldiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean totalizatu ahal izango dira, eskubide pasiboen ondoreetarako, apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuan jasotako arauen arabera.

Lan-kontratua azkentzearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatu ahal izateko, azkentze hori langileak alokairuko izaera eskuratu ondoren gertatzen denean, antzinatasuna izango da alokairuko izaera eskuratu zeneko dataren araberakoa, salbu eta alokairuko izaera eskuratzean esanbidez uko egiten zaionean funtzionario-izaerari, Estatuko Funtzionario Zibilei buruzko Legearen testu bategineko 37 eta 38. artikuluen norainokoarekin; azken kasu horretan, antzinatasuna zenbatuko da langilea Administrazio publikoan sartu zenetik.

b) Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran irautea, bere kidego edo eskala zein sailari atxiki eta sail horretan sartuz.

2) Arestian aipatu antolakunde eta erakundeetako langileak, alokairukoak direnak, izaera horrekin sartuko dira kasuan kasuko Portu Agintaritzetan.

3) Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Portu Agintaritzetan alokairuko langile gisa sartzen denean, sarrera hori gauzatuko da euren lan-eskubideak errespetatuz, eratxikiko zaizkiela euren titulazio akademikoarekin eta lanbide-gaitasunarekin bat datozen eginkizunak, onetsiko den egitura organikoarekin bat etorriz eta Portu Agintaritzetara bildu aurretik gauzatu ohi zituzten eginkizunak gorabehera.

Bost.

Azkendu egingo da Itsas Seinaleen Teknikari Mekanikoen Kidegoa.

Sei.

Kostaldeak argiztatzeko eta itsas seinaleetarako obra nahiz instalazioak, eta horien zerbitzuari lotutako lurrak, atxikiko zaizkie Sustapen Ministerioak zehaztutako Portu Agintaritzei.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Portuetako Zuzendaritza Nagusia eta Portu Taldeen Administrazio Batzordea transformatzea.

Bat.

Portuetako Zuzendaritza Nagusia ezabatuko da «Estatuko Portuak» erakundea indarrean jartzeko unean, une hori dela azken xedapenetatik lehenengoan jaso dena. Erakunde horretara bilduko dira, berebat, Portu Taldeen Administrazio Batzordeko zerbitzu zentralak; Portu Taldeen Administrazio Batzordea, merkataritza-izaeradun erakunde autonomoa dena, aipatu data horretan azkenduko da.

Bi.

Erakunde publiko berriak ordeztuko du azkendu den erakunde autonomoa, horren ondarearen titulartasunari dagokionez, beraren egoera berean subrogatuko dela, hori alderdi izan zen harreman juridikoetan.

Hiru.

Portuetako Zuzendaritza Nagusian eta Portu Taldeen Administrazio Batzordeko zerbitzu zentraletan destinatutako funtzionarioek aukeratu ahal izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik 1992ko abenduaren 31ra arte:

a) «Estatuko Portuak» erakundean sartzea alokairuko langile gisa; egoera horretan, aitortuko zaie kasuan kasuko ordainsari-osagarria jaso ahal izateko dagokien antzinatasuna, euren jatorrizko kidegoetan geratuko direla abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, 29.3.a) artikuluan ezarri borondatezko eszedentzia-egoeran.

Estatuko Klase Pasiboen Araubidean egiaztatutako zerbitzu-aldiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean totalizatu ahal izango dira, eskubide pasiboen ondoreetarako, apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuan jasotako arauen arabera.

Lan-kontratua azkentzearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatu ahal izateko, azkentze hori langileak alokairuko izaera eskuratu ondoren gertatzen denean, antzinatasuna izango da alokairuko izaera eskuratu zeneko dataren araberakoa, salbu eta alokairuko izaera eskuratzean esanbidez uko egiten zaionean funtzionario-izaerari, Estatuko Funtzionario Zibilei buruzko Legearen testu bategineko 37 eta 38. artikuluen norainokoarekin; azken kasu horretan, antzinatasuna zenbatuko da langilea Administrazio publikoan sartu zenetik.

b) Zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran irautea, bere kidego edo eskala zein sailari atxiki eta sail horretan sartuz.

Portuetako Zuzendaritza Nagusiarekin lan-kontratua duten langileak, horien artean daudela, baita ere, Itsas Klimari eta Datu Ozeanografikoen Bankuari buruzko Programako langileak, eta Portu Taldeen Administrazio Batzordeko zerbitzu zentraletako alokairuko langileak, bilduko dira «Estatuko Portuak» erakundeko langile gisa.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, «Estatuko Portuak» erakundean alokairuko langile gisa sartzen denean, sarrera hori gauzatuko da euren lan-eskubideak errespetatuz, eratxikiko zaizkiela euren titulazio akademikoarekin eta lanbide-gaitasunarekin bat datozen eginkizunak, onetsiko den egitura organikoarekin bat etorriz eta «Estatuko Portuak» erakundera bildu aurretik gauzatu ohi zituzten eginkizunak gorabehera.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Autonomia-erkidegoek portuen gaian duten titulartasunari eustea.

Etorkizunean lege honetako 4, 5.2 eta 5.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatzeko aukerari kalterik egin gabe, lege hau indarrean jartzeak ez du ukituko autonomia-erkidegoek portuen edo itsas instalazioen gainean duten titulartasuna, hori esanbidez jaso denean kasuan kasuko transferentzia-dekretuetan edo Estatuko Administrazioak eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoak itsas-lehorreko jabari publikoari dagokionez izenpetutako atxikitze-aktetan.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Hidrokarburoei buruzko legeriaren aplikazioa erreserbatzea.

Lege honetan xedatutakoak ez du baztertzen ikerketari, ustiatzeari eta hidrokarburoak ustiatzeari buruzko legeria aplikatzea, portuko jabari publikoa okupatzen duten plataforma edo instalazioetatik zein jarduera egin eta jarduera horiei dagokienez.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Informazio-betebeharrak.

Sustapen Ministerioak Administrazio Publikoetarako Ministerioari portu-sistemaren inguruko hurrengo informazioa emango dio, urteko lehenengo hiruhilabetekoan, aurreko urteko abenduaren 31ra arteko epeari dagokionez:

a) Sustapen Ministerioak «Estatuko Portuak» erakundeari, Portu Agintaritza desberdinei eta Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateari egindako kudeaketa-auditoretzak eta -kontrolak, erreferentzia-datan amaitzen den urtean zehar.

b) Portu-erakunde bakoitzaren oinarrizko egitura organikoak, zuzendaritza-maila desberdinak aipatuz.

c) Aurreko erakunde guztietako alokairuko langileen plantillak, lanbide-kategoriak eta urteko ordainketa-mailak barneratuz.

Funtzionarioek Portu Agintaritzei, «Estatuko Portuak» erakundeari edo Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateari lan-kontratuarekin lotzeko aukera duten bitartean, eragiketa horren inguruko jarraipen-batzorde bat izango da; berau osatuko dute Sustapen Ministerioko eta Ordainketen Ministerio Arteko Batzordeko ordezkariek, eta horri aurretiaz eta erregulartasunez unean-uneko informazioa emango zaio, prozesu horretan ordainsarien gaian nagusi diren printzipioen gainean, eta, prozesu horren bilakaeraren eta ondorioen gainean.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Hamabi bis xedapen gehigarria.

Uztailaren 6ko 19/1994 Legeak, Kanarietako Araubide Ekonomikoa eta Fiskala Eraldatzeari buruzkoak, 14. artikuluan sortutako Batzorde Mistoan izango da garraioen, portuen eta aireportuen azpibatzorde bat; azpibatzorde horren ardura izango da pertsonen eta merkatu-gaien aire eta itsaso bidezko garraioaren gaietan azterketak egitea, Batzorde Mistoari proposamenak egitea eta gai horien jarraipena egitea, xede izanik Kanarietako araubide ekonomikoaren eta fiskalaren arauek gai horren inguruan jasotako neurrien garapen ezin hobea bermatzea.

Hamabi ter xedapen gehigarria.

Portuko azpiegitura-obrak eta telekomunikabide-instalazioak interes orokorrekotzat hartuko dira, ekainaren 7ko 20/1991 Legearen 95. artikuluan jasotakoaren ondoreetarako.

Hamabi quater xedapen gehigarria.

Kanarietan eta Balear Uharteetan bermatu beharko da Kabildoak eta Uharte Kontseiluak ordezkatuta izatea Portu Agintaritzen Administrazio Kontseiluetan, kasuan kasuko autonomia-erkidegoei dagokien ordezkaritza-ehunekoaren barruan, lege honen 40.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Ontziko zamak sartzeko eta ateratzeko araubidea.

Maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Dekretu-legean, Ontziko Zamak Sartzeko eta Ateratzeko Zerbitzu Publikoari buruzkoan, azken paragrafoa izango dena gehitu zaio 9. artikuluari; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

«Lehenengo paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatuko sozietateetako langileek, betiere, hutsuneak betetzeko egiten diren deialdietako betekizun fisikoak eta gaitasunekoak betetzen badituzte, lehentasuna izango dute, antzinatasun-hurrenkeraren arabera, estatuko sozietateetan egiten diren enplegu-eskaintzetatik edozein betetzeko, enplegu-eskaintza zein portutan egin eta portu horretako Enpleguko Institutu Nazionalaren portuko langileen Erregistro berezian inskribatutako langileei begira».

Aipatu errege dekretu-legearen 12. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

«Salbuetsita geratzen dira «Estatuko Portuak» erakundeak zehaztutako portuak; portu horietan kasuan kasuko estatuko sozietateak bete gabeko lan-eskaintza igorri beharko dio gertuen dagoen estatuko sozietateari».

Kasu horretan, langileek lan-eskaintzak onartu beharko dituzte, eskaintza zein portutan egin eta portu horretan ezarritako lan-baldintzetan.

Joanarazte-gastuen ondoriozko konpentsazioa gauzatuko da negoziazio kolektiboaren bidez ezarritakoaren arabera.

Bigarren estatuko sozietateak ezin dituenean eskaini eskatutako langileak kontratatu ahal izango dira bakarrik aipatu Erregistro berezian inskribatutakoak».

Gobernuak, kontuan hartuz ekonomia-baldintza zehatzak, portu bakoitzean, zamak ateratzeko zerbitzu publikoa gauzatzeko orduan, eta horien ondorio negatiboa zerbitzu horrek ukitutako ekonomia-sektore bakoitzean, aldi batean eten ahal izango du 2/1986 Errege Dekretu-legeko edozein xedapen, etete hori justifikatu zuten inguruabar eta baldintzek iraun bitartean, ukitutako sektorean ekonomia-jardueraren antolaketa egokia bermatzeko xedearekin.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea sortzeagatik ukitutako funtzionarioek aukeratzeko ahalmena egikaritu ahal izango dute, seigarren xedapen gehigarrian, laugarren paragrafoko 1. idatz-zatiaren a) eta b) letretan, ezarri epe eta baldintzetan.

Alokairuko langileak direnean ukitutakoak, langile horiek sozietate horretara bilduko dira, aipatu seigarren xedapen gehigarriko laugarren paragrafoko 2 eta 3. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Berezia.

Bat.

Xedea, araubidea eta jardunbide-arauak.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Berezia sortu da, bertan inskribatu ahal izango direla ontziak eta enpresa ontzi-ustiatzaileak, betiere, xedapen gehigarri honetan jasotako betekizunak gauzatzen badituzte.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Berezia Kanarietako autonomia-erkidegoaren lurraldean kokatuko da.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Berezia administrazio-izaerako Erregistro publikoa da, arautuko dena xedapen gehigarri honetan eta hori garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

Bi.

Erregistroaren kudeaketa eta administrazioa.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistro Bereziaren kudeaketa eta administrazioa gauzatuko da bi kudeaketa-bulegoren bidez; bulego horiek atxikiko zaizkio Sustapen Ministerioari, egoitza izango dutela batak Las Palmas Kanaria Handikoan eta besteak Santa Cruz Tenerifekoan, aipatu bi probintzietako Itsas Kapitaintzetan.

Edozein kasutan, Sustapen Ministerioak eskumenak izango ditu Erregistro Berezian inskripzioa eta baja aitortzeko, ontzietako dotazioen ezaugarriak zehazteko, ontziak ikuskatzeko eta ontzien ohiko jardunbidea ahalbidetzen duten beste administrazio-izapideak gauzatzeko.

Hiru.

Ontzien matrikula, banderatzea eta nabigazio-patentea.

Erregistro Berezian kanpoko edo nazioz gaindiko nabigazioa bakarrik egiten duten ontziak inskribatzen direnean, berehala gauzatuko da lege honen 75. artikuluak aipatu Erregistroko baja.

Aplikatu beharreko araubidea izango da Erregistro arruntekoa kabotajeko nabigaziorako, eta Erregistro Berezikoa aplikatuko da kanpoko edo nazioz gaindiko nabigaziorako.

Erregistro Berezian inskribatutako ontzien nabigazio-patentea Sustapen Ministroak eman eta Merkataritzako Marinaren Zuzendari Nagusiak luzatuko du.

Patente horrek ontziei ahalbidetuko die Espainiako banderapean nabigatzea eta kapitainak legitimatuko ditu, ontzi horien barruan euren eginkizunak gauza ditzaten.

Atzerriko banderako ontzien titularrak diren enpresa ontzi-ustiatzaileei ez zaie galdatuko jatorrizko banderaren araberako Erregistroko baja-ziurtagiria aurkeztea, ontzia Espainian behin-behinean banderapean jartzeko.

Lau.

Enpresa ontzi-ustiatzaileak eta ontziak inskribatzeko betekizunak.

Erregistro Berezian inskripzioa eskatu ahal izango dute enpresa ontzi-ustiatzaileek, baldin eta Kanarietan badute kontrol-zentro eragingarria edo, hori Espainiako gainerako lurraldean edo atzerrian izanda, Kanarietan badute establezimendu edo ordezkaritza iraunkorra, horren bidez indarreko legeriak eratorritako eskubideak egikaritu eta betebeharrak gauzatuko dituztela.

Enpresa ontzi-ustiatzaileak inskribatzeko soil-soilik beharko da Merkataritzako Erregistroan inskribatuta izatearen ziurtagiria ekartzea; ziurtagiri horretan agertu beharko da sozietatearen xedeak barne hartzen duela merkataritzako ontzien ustiapen ekonomikoa, ustiapen hori ontzi osoaren gainekoa izatea ziurtatzen duen edozein modalitateren bidez.

Aurreko paragrafoak aipatu enpresek eskatu ahal izango dute hurrengo betekizunak betetzen dituzten ontziak Erregistro Berezian inskribatzea:

a) Ontzi-motak:

Merkataritzako helburuarekin nabigaziorako balio duen edozein ontzi zibil, dela dagoeneko eraikita daudenak, dela eraikitzen ari direnak, arrantzarako direnak bazter utzita.

b) Gutxieneko tamaina:

100 GT.

c) Edukitza-titulua:

Inskripzioa zein ontziri begira eskatu eta enpresa ontzi-ustiatzaileak izan beharko dira ontzi horien jabeak edo finantza-errentariak; edo enpresa ontzi-ustiatzaileek ontzi horien edukitza izan dezakete, kasko soilaren bidezko errentamendu-kontratuaren mende nahiz ontziari begira itsasoko eta merkataritzako kudeaketaren kontrola dakarren beste titulu baten mende.

d) Ontziaren baldintzak:

Beste Erregistro batzuetatik datozen ontziak Erregistro Berezian inskribatu nahi direnean, justifikatu beharko da Espainiako legeriak eta Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenek zein arau ezarri segurtasunaren inguruan eta arau horiek betetzen direla; halatan, ontzi horiek Erregistro Berezian inskribatu aurretik ikuskatu ahal izango dira, Sustapen Ministerioak ezarritako baldintzetan.

Ontzi bat Erregistro Berezian matrikulatu aurretik, ontziaren titularrak aduana-tributuak ordaindu izana justifikatzen duen ziurtagiria ekarri beharko du, formalitate horren mende dauden ontzi inportatuen kasuan.

Bost.

Nabigazioen betekizunak.

Erregistro Berezian inskribatu ahal izango dira aurreko paragrafoko betekizunak gauzatzen dituzten enpresa ontzi-ustiatzaileen ontziak, halakoak destinatzen direnean kanpoko edo nazioz gaindiko nabigaziora.

Europako Erkidegoko esparruan kabotajeko nabigazioak duen liberalizazio-prozesua ikusirik, Gobernuak errege-dekretu bidez baimendu ahal izango du Erregistro Berezian inskribatzea kabotajeko nabigaziora destinatutako ontziak, hala denean, ezarriko den araubide aplikagarrira egokituta.

Sei.

Ontzietako dotazioak.

Erregistro Berezian inskribatutako ontzien dotazioak hurrengo ezaugarriak bete beharko ditu:

a) Naziotasuna:

Ontzi nazionaletako kapitainak eta lehenengo ofizialak Europako Gune Ekonomikoko estatu kide bateko naziotasuna izan beharko dute, salbu eta Itsas Administrazioak ezartzen duenean enplegu horiek gauzatu behar dituztela Espainiako naziotasuna duten herritarrek, enplegu horietan ohikotasunez egikaritu behar direlako aginte publikoaren prerrogatibak, betiere, prerrogatiba horiek ez badira euren jardueretatik gutxi batzuk.

Gainerako dotaziotik, gutxienez, 100eko 50ak izan beharko du Espainiako naziotasuna edo Europar Batasuneko edo Europako Gune Ekonomikoko beste estatu kide bateko naziotasuna.

Aurrekoa gorabehera, Espainiako edo Europar Batasuneko nahiz Europako Gune Ekonomikoko beste estatu kide bateko naziotasuna duen tripulazio-kide nahikorik ez dagoenean, garraio-zerbitzuaren ekonomia-bideragarritasunari buruzko arrazoiak daudenean, edo zerbitzu-ematean funtsezko eragina izan dezakeen beste edozein arrazoirengatik, Sustapen Ministerioak hala eskatzen duten enpresei baimendu ahal izango die Europar Batasuneko edo Europako Gune Ekonomikoko estatu kideetako naziotasunik ez duten tripulazio-kideak baliatzea, arestian aipatu kopurutik gora, betiere, ontziaren eta nabigazioaren segurtasuna bermatzen bada, kontuan hartuz atzerritartasunaren eta immigrazioaren gaian Espainian indarrean dagoen arautegiaren formalitateak.

b) Gutxieneko osaera:

Enpresa ontzi-ustiatzaileak hala eskatuta, eskabide horrekin batera edozein kasutan ontzia Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko duela, Sustapen Ministerioak, ontzia aipatu Erregistroan matrikulatu aurretik, ezarriko du horren gutxieneko tripulazioa, kontuan hartuta ontzi-mota, ontziaren automatizazioa eta ontzia zein trafikotara destinatzen den; gutxieneko tripulazio hori bat etorri beharko da ontziaren eta nabigazioaren segurtasunarekin bateragarria den gutxiengoarekin eta Espainiak nazioartean bereganatutako konpromisoekin.

Ondore horietarako, zehaztuko dira beharrezko lanbide-homologazioak, kualifikazio tekniko berezia behar duten lanpostuak betetzeko, eta kontuan hartuko da tripulazioen balizko balioaniztasun funtzionala, horien kualifikazio egokiak eratorritakoa.

Zazpi.

Laneko eta Gizarte Segurantzako arautegi aplikagarria, nazionalak ez diren langileei begira.

Espainiako naziotasunik ez duten langileen laneko eta Gizarte Segurantzako baldintzak, langile horiek enplegatuta daudenean Erregistro Berezian matrikulatutako ontzietan, arautuko ditu, dela alderdiek askatasunez zein legeriaren mende jarri eta legeria horrek, betiere, Lanaren Nazioarteko Erakundeak emandako arautegia errespetatzen badu, dela, Espainiako laneko eta Gizarte Segurantzako arautegiak xedatutakoak, baldin eta alderdiak legeria baten mende esanbidez jarri ez badira; horrek guztiorrek ez dio kalterik egingo Europako Erkidegoko arautegia eta Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenak aplikatzeari.

Zortzi.

Lanaldien eta atsedenaldien gaian aplikatu beharreko arautegia.

Lanaldiaren eta atsedenaldien gaian, Erregistro Berezian inskribatutako ontzien arautegia osatuko dute Langileen Estatutuari buruzko Legeak, horren testu bategina dela martxoaren 24ko Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitakoa, eta sektoreko arautegi bereziak, hori osatzen duela irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuak, Lanaldi Bereziei buruzkoak, edo hori ordeztuko duen arauak; arautegi horretatik bazter utziko da Langileen Estatutuaren 35. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa, ez baita aplikatuko.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.

Tasak.

Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroek, lege honen 75. artikuluan eta hamabosgarren xedapen gehigarrian araututakoek, jarduten dutenean, hurrengo tasak sortuko dituzte:

a) Inskripzio-tasa.

b) Bajako tasa.

c) Bitarteko administrazio-jardueren tasa.

Lege honek eta apirilaren 13ko 8/1989 Legearen, Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoaren, 9. artikuluan tasetarako ezarri gainerako iturri arauemaileek arautuko dituzte tasa hauek.

Aurreko paragrafoko tasen zerga-egitatea da, hurrenez hurren, inskripzioa, baja eta bitarteko jarduerak, alderdiek hala eskatuta, Erregistroetan matrikulatutako ontzi bakoitzari dagokionez.

Tasak sortuko dira:

a) Inskripzioko eta bajako tasen kasuan, kasuan kasuko idazkunak egiten direnean Erregistroetan.

b) Bitarteko administrazio-jardueren kasuan, zerbitzua eskatzen den unean.

Subjektu pasiboak izango dira pertsona fisikoak nahiz juridikoak, halakoek eskatzen dutenean zerga-egitatea osatzen duten zerbitzuak ematea.

Galdatuko diren zenbatekoak hurrengoak izango dira:

a) Inskripzio-tasa:

0,15 euro tonaje-unitateko, 15,03 euro izanik gutxienekoa.

b) Bajako tasa:

0,15 euro tonaje-unitateko, 15,03 euro izanik gutxienekoa.

c) Bitarteko administrazio-jardueren tasa:

Lehenengo tarifa.

Alderdiek hala eskatutako administrazio-jarduera, horrek berarekin dakarrenean idatzoharra egitea idazkun-orrian:

15 euro.

Bigarren tarifa.

Alderdiek hala eskatutako ziurtagiriak.

Idazkun-orrien kopia bakoitzeko:

6 euro.

Hirugarren tarifa.

Espedienteen edukiaren kopia soila:

15 euro.

Tasa eskudirutan ordainduko da, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak baimendutako gordailu-erakundean, eta ordainketa horri aplikatuko zaio 1990eko abenduaren 20ko Baliabideak Biltzeari buruzko Erregelamendu Orokorrak xedatutakoa.

Tasa subjektu pasiboak autolikidatuko du.

Tasa kudeatuko du Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak, Sustapen Ministerioaren mende izango denak.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria.

Arrantzarako esparruak eta nautika- eta kirol-erabileretara destinatutako esparruak, lege honen 3. artikuluko 6 paragrafoak aipatutakoak, interes orokorreko portuen zerbitzu-gunetik segregatu ahal izango dira, baldin eta, esparru horiek badituzte portu-azpiegitura independenteak eta lurralde eta itsas esparru bereiziak; orobat, esparru horiek portuko zerbitzu-gunea ez badute banantzen edo geldiarazten, horren ustiapena ukituz; halaber, portu-eremuak erabiltzeko planean gune horietarako erabilera alternatiboak jaso ez badira; era berean, egiaztatzen bada segregazio horrek ezin duela inolako interferentziarik izan interes orokorreko portuen kudeaketan; eta lehengoratzea bermatzen bada, segregazio hori eragin duten arrazoiak eta inguruabarrak aldarazten direnean.

Segregazioak beharko du «Estatuko Portuak» erakunde publikoak egindako aldeko txostena, eta segregazioa Gobernuak onetsiko du, errege-dekretu bidez, Sustapen Ministerioak hala proposatuta.

Behin segregazioa akordatuta, portuko zerbitzu-gunea aldaraziko da, lege honen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria.

Autonomia-erkidegoen eskumeneko portuetako isurketa eta dragatzeak autonomia-erdidegoei dagozkie, uztailaren 28ko 22/1988 Legeak, Kostaldeei buruzkoak, ezarritakoarekin bat etorriz; dragatzeei dagokienez, lege honen 62. artikuluan ezarritako betekizunak gauzatu beharko dira.

Era berean, autonomia-erkidegoen ardura izango da estatuko legeria betearaztea barne uretako eta lurralde-uretako isurketen gaian, autonomia-erkidegoek hala jaso dutenean euren autonomia-estatutuetan.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria.

Autonomia-erkidegoen ardura izango da, euren autonomia-estatutuetan hala jaso dutenean, estatuko legeria betearaztea, euren itsasertzaren lurralde-uretako itsas salbamenduaren gaian.

Hogeigarren xedapen gehigarria.

Aurreko bi xedapen gehigarrien arabera autonomia-erkidegoek dituzten eskumenek barne hartuko dute zehatzeko ahalmenaren egikaritza.

Hogeita batgarren xedapen gehigarria.

Portu Agintaritzek, lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz, portuko jabari publikoaren barruan adjudikatuko dituzte erregaiak zuzkitzeko instalazio gutxi batzuk, erregelamendu bidez ezarritako moduan eta irizpideekin bat etorriz; irizpide horiek kontuan hartuko dituzten inguruabarren artean izango dira, besteak beste, trafikoaren intentsitatea, merkataritza-eragiketen kopurua, portu bakoitzak okupatutako azalera, portuaren kokapen estrategikoa, beste portu batzuekiko distantzia, segurtasun-baldintzak, erregaiak zuzkitzeko eragiketek ontzien trafikoan duten eragina eta, orokorrean, horniduraren segurtasunean eta portuko trafikoaren eta eragiketen garapen egokian eragina izan dezaketen inguruabarrak.

Edozein kasutan, erregaiak zuzkitzeko instalazioek gauzatu beharko dituzte galdatutako betekizun teknikoak, bai eta pertsonen eta gauzen segurtasunerako baldintzak ere; emakidaren titularrak lizentziak, eskumenak eta baimenak lortu beharko ditu indarreko legeriarekin bat etorriz.

Hogeita bigarren xedapen gehigarria.

Tarifak ordaintzea.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Hogeita hirugarren xedapen gehigarria.

Txanelen, muskuilu-haztegien, haztegi flotatzaileen eta akuikulturara destinatutako beste instalazio batzuen moduko tresna flotatzaileekin okupatutako ur-azalerak baimena edo emakida beharko du, bidezkoa denaren arabera, eta kasuan kasuko kanonak sortuko ditu, lege honetan jasotakoarekin bat etorriz.

Portu Agintaritzak portuko jabari publikoko eremuak ahalbidetze-titulurik gabe okupatzen dituzten tresna flotatzaileen titularrei komunikatuko die kasuan kasuko okupazio-tituluaren luzapena eskatzeko betebeharra hiru hilabeteko epean lege hau indarrean jartzen denetik.

Hogeita laugarren xedapen gehigarria.

Bidaiarien segurtasunerako portuko tasa.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Lehenengo xedapen iragankorra.

Zerbitzuak emateko eta ondasunak okupatzeko araubide ekonomikoa.

Portu Agintaritzek zein antolakunderen edo erakunderen eginkizunak bereganatu eta lege hau indarrean jartzeko unean antolakunde edo erakundeok jasotzen zituzten kontraprestazioak jasoko dituzte portu-zerbitzuak emateagatik.

Kontraprestazio horiek euren egitura, zenbateko eta oinarrizko osagaiak gordeko dituzte, lege honetan ezarritako araubideak halakoak ordeztu arte.

Hori gorabehera, aipatu kontraprestazioek prezio pribatuen izaera izango dute lege hau indarrean jartzen denetik.

Jabari publikoa okupatzearen ondoriozko kanonak kasuan kasuko Portu Agintaritzaren berezko sarreratzat hartuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.

Portuko praktikoak.

Bat.

Lanpostua lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren bidez lortu duten portu-praktikoek, lege hau indarrean jartzeko unean estatuaren eskumeneko portuetan praktikoen zerbitzuak ematen badituzte, kasuan kasuko portuko praktiko moduan jarraituko dute zerbitzuok ematen, gaur egungo praktiko-korporazioetara bilduta edo, hala denean, korporazio horiek, euren eginkizunei dagokienez, ordezten dituzten korporazioetara bilduta; praktiko horiek gordeko dituzte lege hau onetsi aurretik eskuratutako eskubideak, indarrean zegoen arauketak hala aitortzeagatik.

Praktiko-korporazioek ez dute izango zuzenbide publikoko korporazioaren izaerarik.

Portuko Administrazioak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu, zerbitzuak modu egokian ematea bermatzeko, praktikaje-zerbitzua behar adinakoa ez den portuetan; neurri horien arabera, zerbitzu horiek eman ahal izango dira, dela praktikaje-zerbitzu horiek beste portu batzuetako zerbitzuekin elkartuta, ordura arte bezala, zeharkako kudeaketa-araubideari eutsiz, dela, salbuespenez, zuzeneko kudeaketa-sistema baliatuta, aldez aurretik estatuko esparruan praktikoen ordezkaritza duen erakundeak txostena emanda.

Azken kasu horretan, eta Portu Agintaritzak praktikaje-zerbitzua zuzenean emateko erabakia jakinarazi ondoren, praktiko horiek alokairuko langile gisa bilduko dira zerbitzuak zein portutan eman eta portu horretako Portu Agintaritzara; hori gorabehera, lehentasuna izango dute beste portu batean praktikoaren lanpostua lortu ahal izateko, aldez aurretik proba egokiak gaindituta, eta xedapen iragankor honetako lehenengo paragrafoko 1. idatz-zatiak aipatu izaera galdu gabe.

Lanpostua lehentasunez lortzeko araubide horrek bost urte iraungo du.

Alokairuko langile bihurtzean, antzinatasuna aitortuko da, langilearen tituluaren araberakoa den lanbide-sailkapenarekin eta gaitasunarekin bat etorriz, eta ez dira kontuan hartuko langileak aurretiaz gauzatutako eginkizunak.

Praktiko-korporazioen alokairuko langileak, aurreko paragrafoek arautako egoeran, kasuan kasuko Portu Agintaritzaren alokairuko langileen plantillara bilduko dira; Portu Agintaritza hori subrogatuko da aipatu korporazioaren eskubide eta betebeharretan, eta horren harreman juridikoetan, egoera berberarekin, haren ondorengo bihurtuz praktikaje-zerbitzuari zuzenean lotutako ondasun, eskubide eta betebeharretan.

Jasotako ondare garbiaren balioa, Jabetza Nahitaez Kentzeari buruzko Legearen balorazio-irizpideen arabera zehaztutakoa, ordainduko zaie korporazioa azkentzeko unean horren kide izan zirenei, korporazioaren eratze-arauetan xedatutakoaren arabera edo, halako xedapenik izan ezean, hainbana.

Jasotze horrek kasuan kasuko korporazioa azkentzea eragingo du.

Arestian aipatu langileak Portu Agintaritzara bilduko dira aurretiaz eskuratutako eskubide guztiei eutsita; kasuan kasuko praktiko-korporazioarekin zituzten lan-harremanetako antzinatasuna aitortuko zaie.

Praktikaje-zerbitzua emango da, hori aldarazten edo ordezten ez den bitartean, Praktikajeen Erregelamendu Orokorrak, 1958ko uztailaren 4ko Dekretuak onetsitakoak, ezarri araubide eta betebeharrekin bat etorriz, hori lege honetan ezarritakoaren aurkakoa ez den neurrian.

Bi.

Aurreko paragrafoko 1. idatz-zatiko baldintzak betetzen dituzten praktikoak izan bitartean, Portu Agintaritzek praktikaje-zerbitzuak kontratatu beharko dituzte kasuan kasuko praktiko-korporazioekin edo, hala denean, korporazio horiek ordezten dituzten erakundeekin.

Zerbitzua Portu Agintaritzak galdatutako baldintzetan eman dadin, korporazio horiek behar diren praktiko berriak bilduko dituzte kasuan kasuko baldintza orokorren agiriaren bidez, eta Praktikajeen Erregelamendu Orokorraren bidez.

Praktiko-korporazioetara edo horien ordezko erakundeetara biltzen diren praktiko berriak egon beharko dira Itsas Administrazioak behar bezala gaituta, lege honen 102. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta bilduko dira eskubide eta betebehar berberekin; nolanahi ere, gordeko dira lege hau indarrean jarri arteko araubideak eratorritako eskubide eta betebeharrak, lanbidea gauzatzeari buruzkoak direnak.

Aldi iragankorrak iraun bitartean, aldi hori zehazten dela portuan xedapen iragankor honetako lehenengo paragrafoko 1. idatz-zatian aipatu izaeradun praktikoak izateagatik, portu bakoitzean dauden hutsuneak betetzeko izendapenak Portu Agintaritzak egingo ditu, praktiko horiek bildu behar dituen Itsas Administrazioaren eta praktiko-korporazioaren, edo horren ordezko erakundearen, parte-hartzearekin.

Korporazioaren edo, hala denean, horren ordezko erakundearen kide diren praktikoengan eragina izateko aukera gorabehera, korporazio edo erakunde horrek zuzeneko erantzukizuna izango du Portu Agintaritzaren aurrean, praktikaje-zerbitzua egikaritzearen edo ematearen inguruan.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa gorabehera, praktiko-korporazioak edo Itsas Agintaritzak, bere eskumen-esparruan, hala proposatuta, Portu Agintaritzak korporazio horretara bildutako praktikoak zehatu ahal izango ditu, Portu Agintaritzak zerbitzua emateko ezarri eta kasuan kasuko agiri edo erregelamenduetan jasotako baldintzak ez betetzeagatik, lege honetako IV. tituluak araututakoarekin bat etorriz.

Praktikaje-zerbitzuan kontuan hartu beharreko erregelamendu orokorreko betebeharren, zerbitzua emateari dagokionez agiri orokorreko baldintzen edo kasuan kasuko kontratuko baldintzen inguruko ez-betetze oso larria dagoenean, bai eta lege honen 116. artikuluko arau-hausteak egitearen ondorioz zehapen irmoak daudenean ere, Portu Agintaritzak kontratu-hutsalketa adierazi ahal izango du, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, aldez aurretik «Estatuko Portuak» erakundeak hala baimenduta, Nabigazio eta Portu Kontseilua eta, hala denean, estatu-esparruan, praktikoen lanbide-ordezkaritza duen erakundea entzun ondoren.

Behin korporazioarekin praktikaje-zerbitzua emateko kontratua hutsalduta, korporazio horretako praktikoak bilduko dira zerbitzuak emateko kontratuaren emakida-hartzaile den erakunde berrira, baldin eta praktiko horiek lege hau indarrean jartzeko datan kasuan kasuko portuan zerbitzuak ematen bazituzten eta hutsalketa-unera arte etengabe zerbitzuok ematen jarraitu badute.

Aurreko kasuan aipatu gabeko praktikoek eutsiko diote praktikaje-eginkizunak gauzatzeko gaikuntzari, eta, hala denean, bildu ahal izango dira zerbitzu hori emateko kontratuaren emakida-hartzaile den erakunde berrira.

Lege honen 102. artikuluko 4. paragrafoak jasotako kasuan, lege hau indarrean jartzeko datan portuan zerbitzuak ematen zituzten praktikoak alokairuko langile gisa bilduko dira Portu Agintaritzara, lehenengo paragrafoko bigarren idatz-zatian praktikoei begira ezarritako baldintzetan, baldin eta praktiko horiek zerbitzuok etengabe ematen jarraitu badute zuzeneko kudeaketara aldatzeko unera arte.

Lege hau indarrean jartzeko unean, autonomia-erkidegoen eskumeneko portuetan euren zerbitzuak ematen dituzten praktikoei aplikatuko zaie bigarren paragrafoko 2. idatz-zatiaren bigarren lerrokadan ezarritakoa, Itsas Administrazioak nahitaez eman beharreko gaikuntzaren inguruan, eta xedapen honetako hirugarren eta laugarren paragrafoetan ezarritakoa.

Hiru.

Lege hau indarrean jartzen denetik, portuko praktikoen derrigorreko jubilazioa gertatuko da Gizarte Segurantzaren araubide aplikagarrian ezarritako jubilazio-adina izatean.

Praktikoak Portu Agintaritzara alokairuko langile gisa biltzen badira, langile horiek derrigorreko jubilazioa izango dute Gizarte Segurantzaren araubide aplikagarrian ezarritako jubilazio-adina izatean.

Derrigorreko jubilazio hori gertatu ahal izango da langileak kasuan kasuko jubilazio-pentsioa izateko behar diren ezaldiak bete baditu bakarrik.

Paragrafo honetan ezarritakoa aplikatuko zaio lege hau indarrean jartzeko unean iraupen mugagabearekin praktikaje-zerbitzuak ematen dituen langile orori.

Lau.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Bost.

Azkendu egingo da gaur egungo praktikoen izaera eta praktiko-eginkizuna gauzatzeko araubidea, indarrean izan dena lege hau indarrean jarri arte.

Sei.

Lege honen 103. artikuluko tarifa-sistema aplikatzen den unetik aurrera, «Seigarren Praktikajea» izeneko tasa parafiskala indarrik gabe geratuko da.

Hirugarren xedapen iragankorra. Zamak sartzeko eta ateratzeko estatuko sozietateak.

Bat.

Maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Dekretu-legeak, Ontzien Zamak Sartzeko eta Ateratzeko Zerbitzu Publikoari buruzkoak, jaso du zamak sartzeko eta ateratzeko estatuko sozietateen inguruan kasuan kasuko enplegu-planak egiteko prozesua. Bada, prozesu hori amaitzen ez den bitartean, gai horretako politikaren jarraipena eta koordinazioa gauzatuko da lege hau indarrean jarri aurreko prozedurarekin eta arauketarekin bat etorriz.

Bi.

Zamak sartzeko eta ateratzeko estatuko sozietateetan estatuko kapitala ordezkatzen duten ordezkarien lehenengo izendapena egingo da, sozietate horiek eratu ez direnean lege hau indarrean jartzeko unean, aipatu maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Dekretu-legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarri prozedurarekin bat etorriz.

Edozein kasutan, aipatu estatuko sozietate horiek eratu eta estatuko kapitalaren ordezkariak aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera izendatzeko epea bi urtekoa izango da, lege hau indarrean jartzen denetik.

Hiru.

Aipatu maiatzaren 23ko 2/1986 Errege Dekretu-legearen xedapen iragankorretatik hirugarrenak ezarri neurriak, estatuko sozietateetako jarduneko plantillak egokitzeko asmoarekin hartutakoak, aplikatzeko epea hamar urteraino luzatuko da, eta neurri horietako bakoitza kasuan kasuko sozietateari begira zenbatuko da sozietate hori sortzen den unetik.

Laugarren xedapen iragankorra.

Baimenak eta emakidak.

Bat.

Legeak ezarritako kasuak gertatzean gauza daitezkeen aldarazpenak gorabehera, portuko jabari publikoa okupatzea dakarten baimenek eta lege hau indarrean jartzeko unean indarrean zeuden emakidek eman zireneko baldintza berberen mende jarraituko dute, euren epealdia igaro arte; horren salbuespen dira aplikatu beharreko kanonak, horiek egokituko baitira lege honetan eta lege hau garatzeko xedapenetan ezarritakora.

Bi.

Edozein kasutan, bateraezina da emakidei eustea, lege honetan portuko jabari publikoa okupatzeko ezarri irizpideekin, emakidok eman direnean betiko, iraupen mugagabearekin edo lege hau indarrean jarri eta 35 urtetik gorako eperako.

Kasu horietan guztietan, ulertuko da indarreko emakidak eman direla, gehienez, 35 urteko eperako, lege hau indarrean jartzen denetik.

Gainerako kasuetan, emakida-klausulak berrikus daitezen espedientea izapidetu beharko da, interesduna entzun ondoren, erregelamendu bidez ezarritako forman eta irizpideekin.

Hiru.

Kasuan kasuko Portu Agintaritzak ebatziko du prekarioan emandako emakidak bere horretan uztearen edo ezeztatzearen inguruan.

Emakida horiei eustea erabakitzen bada, emakida irmoa eman beharko du, lege honetan ezarritako irizpideekin eta prozedurarekin bat etorriz.

Lau.

Lege honen aurretik emandako emakidak azkendu ondoren, Portu Agintaritza eskudunak ebatziko du emakida horien babesean gauzatutako instalazioak nahiz obrak bere horretan uztearen edo jasotzearen inguruan.

Bost.

Inola ere ez da baimenduko lege hau indarrean jartzeko unean dauden emakiden epea luzatzea, horretarako baldintzak lege honen edo lege hau garatzen duten xedapenen aurka badoaz.

Edozein kasutan, lege honetan ezarritakoaren aurkakoa izango da hasierako epeari gehitutako luzapena, baturak 35 urteko muga gainditzen badu.

Sei.

Lege hau indarrean jarri aurretik, portu-esparruan jendaurreko industriako nahiz merkataritzako jarduerak gauzatzen edo zerbitzuak ematen dituzten pertsonek euren jarduerarekin jarraitu ahal izango dute, aurretiazko baldintza berberetan, baina egokitu beharko dira euren jarduera arautzen duten agiri orokorretako xedapenetara hiru hilabeteko epean, agiri horiek argitaratzen direnetik, eta, hala denean, Portu Agintaritzak ezar ditzakeen baldintza berezietara.

Egokitze hori ez bada gauzatzen aipatu epean, Portu Agintaritzak azkendutzat jo ahal izango du portu-esparruan jarduerak gauzatzeko baimen hori.

Bosgarren xedapen iragankorra.

Emakida-araubidearen araberako portuak.

Estatuaren eskumeneko portuetan, halakoak emakidaren bidez kudeatzen direnean, zerbitzu-gunea bilduko da estatuaren zuzeneko kudeaketa duen portuko gunera, hori izanik Sustapen Ministerioak ezarritakoa, portuko trafikoen ezaugarriengatik edo gertutasun geografikoarengatik.

Seigarren xedapen iragankorra.

Aplikatu beharreko prozedurak.

Xedapen hori indargabetu du azaroaren 26ko 48/2003 Legeak, Interes Orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Zerbitzuak Emateari buruzkoak (2003ko azaroaren 27ko EAO, 284. zk.).

Zazpigarren xedapen iragankorra.

Merkataritzako Marinaren arloan indarrean dagoen arauketa.

Lege hau indarrean jartzeko unean zegoen araubideak, nabigazio-zerbitzuak baimentzearen inguruan, Espainiako edo Europako Erkidegoko ontzien mesedetan zamak erreserbatzearen edo banatzearen inguruan, eta ontziak erregistratzearen eta banderapean jartzearen inguruan, eta Merkataritzako Marina arautzeari buruzko gainerako xedapenek indarrean jarraituko dute, Gobernuak lege hau garatzeko egoki diren erregelamendu-xedapenak onetsi arte, betiere, araubide eta xedapen horiek lege honetan ezarritakoarekin bateragarriak badira.

Zortzigarren xedapen iragankorra.

Itsasoko Komandantziak eta Bulego Laguntzaileak.

Itsasoko Komandantzia eta Bulego Laguntzaile Militarrek, Sustapen Ministerioaren organo periferiko gisa, euren eginkizunetan jarraituko dute, Merkataritzako Marinaren gaian, Gobernuak Itsas Administrazio periferikoa eta Itsas Kapitaintzak arautu arte, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz; une horretan utziko diote ordura arte zituzten eginkizunak gauzatzeari.

Era berean, lege hau indarrean jarri arte Defentsa Ministerioak Merkataritzako Marinaren jarduerei begira zituen baliabideak arian-arian Sustapen Ministerioari eskualdatuko zaizkio, aurrekontu-aukerak aintzat hartuz.

Era berean, Itsasoko Komandantziek eta Bulego Laguntzaileek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren organo periferiko gisa dituzten eginkizunak gauzatzen jarraituko dute, itsas arrantzaren gaian, Gobernuak aipatu sailaren egitura periferikoa arautu arte; sail horri arian-arian eskualdatuko zaizkio lege hau indarrean jarri arte Defentsa Ministerioak itsas arrantzaren esparruan zituen baliabideak.

Bederatzigarren xedapen iragankorra.

Alokairuko langileak.

Lege hau indarrean jartzean, alokairuko langileak, marina zibilarekin zerikusia duten eginkizunak gauzatzen badituzte, funtzionarioek gauzatu beharreko lanpostuetan zerbitzuak emanez, lege honen 101. artikuluan sortutako kidegora bildu ahal izango dira, abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, hamabosgarren xedapen iragankorrean, uztailaren 28ko 23/1988 Legeak gehitutakoan, eta gai horren inguruko gainerako arautegi aplikagarrian jaso baldintza eta betekizunak gauzatuz.

Hamargarren xedapen iragankorra.

Itsasoko sorospenak, salbamenduak, atoiak, aurkikuntzak eta ateratzeak.

Defentsa Ministerioak eta Sustapen Ministerioak, euren eskumenen esparruan, hala proposatuta, itsasoko sorospen, salbamendu, atoi, aurkikuntza eta ateratzeei buruzko eskumenak arautzeari ekin arte, lege honen 86. artikuluko seigarren paragrafoan ezarritakora egokitzeko xedearekin, Armadako organoek jarraituko dute eskumen horiek egikaritzen, abenduaren 24ko 60/1962 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarren xedapen iragankorra.

«Estatuko Portuak» erakundea eta Portu Agintaritzak jardunbidean hastea.

«Estatuko Portuak» erakundeko Lehendakariak kargu hori eta Portuetako Zuzendari Nagusiaren eta Portu Taldeen Administrazio Batzordeko Lehendakariaren karguak modu bateragarrian gauzatu ahal izango ditu, Zuzendaritza Nagusia eta erakunde autonomoa azkendu arte, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoaren arabera.

Portu Autonomoen Administrazio Kontseiluko eta Portuetako Batzetako kideek bereganatuko dituzte lege honek Portu Agintaritzen Administrazio Kontseiluei eratxiki dizkien eskumenak, mahaikide berriak izendatu arte, lege honetako xedapenekin bat etorriz, modu iragankorrean.

Era berean, Portu Autonomoen eta Portuetako Batzetako Lehendakariek bereganatuko dituzte lege honek Portu Agintaritzetako Lehendakariei eratxikitako eskumenak.

Hamabigarren xedapen iragankorra.

Portuko zamak sartzeko eta ateratzeko araubidea.

Lege hau indarrean jarri aurretik behin-behineko izaerarekin Portuetako Lanen Erakundeak kudeatutako erroldetan zeuden langileak estatuko sozietateek kontratatu ahal izango dituzte, sozietate horiek deitutako hutsuneak betetzeko, baldin eta langile horiek izaera hori epai irmoaren bidez aitortua badute eta gaur egun portuetako langileen Erregistro bereziren batean inskribatuta badaude; langile horiek lehentasuna izango dute erregistro horietan inskribatuta dauden gainerako langileei begira, betiere, hutsune horiek betetzeko behar diren betekizun fisikoak eta gaitasunekoak gauzatzen badituzte, eta kalterik egiten ez bazaio hamahirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoak aipatu lehentasun-araubideari.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe geratuko dira, lege honen aurka doazen heinean, eta edozein kasutan, ez dira aplikatuko estatuaren mende dauden portuetako esparruan, 1877ko apirilaren 13ko Herri Lanei buruzko Lege Orokorraren hurrengo puntuak:

1. artikuluaren 2. paragrafoko «portuak» aipamena; 4. artikuluko 3 eta 4. puntuak; 5. artikuluko 2. puntua; 6. artikuluko 4. puntua; 7. artikuluko 2. puntua; 8. artikuluko 6 eta 7. puntuak; eta 11. artikuluko 4. puntua, eta 125. artikuluak portuei egindako erreferentziak. Ulertuko da aipatu legearen gainerako xedapenak ez direla aplikagarriak estatuaren mendeko portuetako zerbitzu-guneetan.

Hurrengo xedapenak indarrik gabe geratuko dira:

a) 1880ko maiatzaren 7ko Portuei buruzko Legea.

b) 1928ko urtarrilaren 19ko Errege Dekretu-legea, portuei buruzkoa.

c) 1931ko urriaren 14ko Legea, Marinako Sailaren dekretu batzuk onetsi eta berrestekoa, abuztuaren 22koari dagokionez, merkataritzako ontzi nazionalak atzerritarrei saltzea debekatuz.

d) 1932ko martxoaren 13ko Legea, kabotaje-trafikoko pleitei buruzkoa.

e) 1939ko otsailaren 27ko Legea, ontzi nazionalen gainean hipotekak eratzeari buruzkoa.

f) 1939ko ekainaren 2ko Legea, ontzi-kredituaren sistema eratzekoa.

g) 1940ko apirilaren 5eko Legea, atzerrian ontziak eskuratzeko baimenari buruzkoa.

h) 1942ko otsailaren 19ko Legea, Merkataritzako Marinaren Idazkariordetza eratzekoa, gerra eta mobilizazio kasurako ezarri manuak edo defentsa nazionalarekin zerikusia duten manuak izan ezik, horiek indarrean jarraituko baitute uztailaren 1eko 6/1980 Lege Organikoa, Defentsa Nazionalaren Oinarrizko Irizpideak eta Antolakuntza Militarra arautzeari buruzkoa, urtarrilaren 5eko 1/1984 Lege Organikoak aldarazitakoa, garatu arte.

i) 1955eko abenduaren 22ko Merkataritzako Marinaren Zigor eta Diziplinako Legea.

j) 1956ko maiatzaren 12ko Legea, Espainiako merkataritzako ontzidia babestu eta berriztatzekoa.

k) 1958ko abenduaren 26ko Legea, administrazio erakunde berri bat eratzeari buruzkoa: «Itsasoko Obra eta Lanetarako Makineria eta material Osagarriaren Taldea».

l) Abenduaren 23ko 68/1961 Legea, nabigazio-poliziaren, itsas industriaren eta portuen lege, erregelamendu eta erregela orokorren aurkako falten zehapenei buruzkoa, halako zehapenak ez direnean bildu Merkataritzako Marinaren Zigor Legera; horren salbuespena da 53/1982 Legeak, arau-hausteak egiteko esparrua eta horien zehapena gorabehera, itsas arrantzaren gaian atzerriko ontziek Espainiako jurisdikziopeko uretan eta Espainiako ontziek egindako arau-hausteei buruzkoak, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoa.

m) Abenduaren 16ko 87/1964 Legea, portuetako praktikoen kidegoko lanpostuak betetzeko deialdiak arautzekoa.

n) Urtarrilaren 28ko 1/1966 Legea, Espainiako portuen finantza-araubideari buruzkoa.

ñ) Ekainaren 20ko 27/1968 Legea, Portuetako Batzei eta Autonomia Estatutuari buruzkoa.

o) Apirilaren 26ko 55/1969 Legea, kirol-portuei buruzkoa.

p) Apirilaren 4ko 6/1970 Legea, Nazioarteko Itsas Trafikoa Babestekoa.

q) Apirilaren 1eko 21/1977 Legea, ontzien isurketek itsasoan eragindako kutsaduraren kasuetan zehapenak aplikatzeari dagokionez.

r) Urriaren 3ko 13/1980 Errege Dekretu-legea, Herri Lan eta Hirigintzaren eta Osasunaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioetan erakunde autonomoak ezabatu eta berrantolatzeari buruzkoa.

s) Uztailaren 1eko 18/1985 Legea, urtarrilaren 28ko 1/1966 Legea, Espainiako portuen finantzaketa-araubideari buruzkoa, aldaraztekoa.

t) Merkataritzako Kodearen 609. artikulua, kapitainaren lanbidea gauzatzeko Espainiako naziotasuna galdatzeari dagokionez, bai eta antzeko izaera duten arauetatik edozein ere.

Indarrik gabe geratuko dira, berebat, lege honetan ezarritakoarekin bateraezinak diren arau guztiak, lerrun berekoak nahiz beheragokoak.

Azken xedapenetatik lehenengoa.

Erakunde publiko berriak eratzea eta jardunbidean hastea.

«Estatuko Portuak» erakundea, Portu Agintaritzak eta Salbamenduko eta Itsas Segurtasuneko Sozietatea eratuko dira lege hau indarrean jartzean.

Erakunde publiko horiek jardunbidean hasiko dira 1993ko urtarrilaren 1ean.

Lege hau indarrean jartzean, lege honen 35. artikuluak aipatu Portu Agintaritzak sortuko dira, zenbat Portuetako Batza eta Portu Autonomo izan eta horrenbesteko kopuruan.

Portuetako Zuzendaritza Nagusia, Portu Taldeen Administrazio Batzordea, Portuetako Batzak eta Portu Autonomoak azkenduko dira «Estatuko Portuak» erakundea jardunbidean hasten denean.

Sustapen Ministerioak sail hori berrantolatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, sortzen diren erakunde publikoen eskumenak kontuan hartuta.

Azken xedapenetatik bigarrena.

Itsas Administrazio periferikoa.

Urtebeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik, eta Sustapen Ministerioak hala proposatuta, Gobernuak hurrengoak arautu beharko ditu:

a) Kostaldea banatzeko itsas probintzien eta barrutien kopurua, esparru geografikoa eta izena, bai eta sailaren, Itsas Kapitaintzen, Nabigazio eta Portu Kontseiluen eta Nabigazio Kontseiluen eraketa, egitura organikoa, eskumenak eta egitura periferikoaren gainerako aldeak ere.

b) Itsas Epaitegi Iraunkorren eta Itsas Auzitegi Zentralaren antolaketa, lege honetan ezarritakora egokitzeko xedearekin.

Era berean, izena aldatu ahal izango du.

Abenduaren 24ko 60/1962 Legeak, itsasoko sorospen, salbamendu, atoi, aurkikuntza eta ateratzeei buruzko inguruabarrak arautzekoak, bere II tituluan jaso dituen xedapenek indarrean jarraituko dute, erregelamendu moduan, eta Gobernuak horiek indargabetu edo aldarazi ahal izango ditu Defentsa Ministroak eta Sustapen Ministroak batera hala proposatuta.

Azken xedapenetatik hirugarrena.

Erregelamendu bidezko garatzea.

Ministroen Kontseiluak eta Sustapen Ministroak, euren eskumenen esparruan, lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduak eta administrazio-xedapen orokorrak eman ahal izango dituzte.

ERANSKINA

Interes orokorreko portuak dira, eta, ondorenez, eta Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 artikuluarekin bat etorriz, Estatuko Administrazioaren eskumen esklusibokoak, honako hauek:

Pasaia eta Bilbo Euskadin.

Santander Kantabrian.

Xixon-Musel eta Avilés, Asturiasen.

San Cibrao, Ferrol eta bere itsasadarra, A Coruña, Villagarcia de Arousa eta bere itsasadarra, Marin eta Pontevedrako itsasadarra eta Vigo eta bere itsasadarra, Galizian.

Huelva, Sevilla eta bere itsasadarra, Cádiz eta bere badia (barne hartzen dituela Santa Mariako portua, Cádizeko gune irekia, Puerto Real, Bajo de la Cabezuela eta Puerto Sherry), Tarifa, Algeciras-La Línea, Málaga, Motril, Almería eta Carboneras Andaluzian.

Ceuta eta Melilla.

Cartagena (Escombreraseko dartsena barnean hartzen duela) Murtzian.

Alacant, Gandía, Valentzia, Sagunto eta Castelló Valentziako Erkidegoan.

Tarragona eta Bartzelona Katalunian.

Palma Mallorcakoa, Alcudia, Mahón, Eivissa eta Cala La Savina, Balear Uharteetan.

Arrecife, Puerto Rosario, Las Palmas (barnean hartzen dituela Salinetasekoa eta Arinagakoa), Santa Cruz Tenerifekoa (Granadillakoa barnean hartzen duela), Los Cristianos, Guía de Isora, San Sebastián de la Gomera, Santa Cruz Palmakoa eta La Estaca Kanarietan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra