Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

2/1995 Legegintzako Errege Dekretua, 1995eko apirilaren 7koa, Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina onesten duena

1995-04-07

Itzulpena nork: Biurrun Mancisidor, Garbiñe; Bengoetxea Alkorta, Aitor; Aldasoro Katarain, Irene; Petrirena Altzuguren, Patxi; Elosegi Aldasoro, Antton; Garzia Garmendia, Juan; Tamayo Errazquin, José Angel

Erakundea: Justizia eta Barne Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1995/4/11, 86. zk.

Indargabetua: 2011-12-11

2/1995 Legegintzako Errege Dekretua, 1995eko apirilaren 7koa, Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina onesten duena

1994ko abenduaren 30eko 42/1994 Legeak, zeinak neurri fiskal, administratibo eta gizarte-arlokoei buruz baitihardu, baimena eman zion Gobernuari, amaierako seigarren xedapenean, lege hori indarrean sartu eta hiru hilabeteko epean testu bateginean apaila zezan 521/1990 Legegintzako Errege Dekretua, 1990eko apirilaren 27koa, zeinaren bitartez onesten baita Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu artikulatua. Testu bategin horretan hainbat aldaketa jaso behar ziren, lege hauek ekarriak: arestian aipaturiko legea bera; 11/1994 Legea, 1994ko maiatzaren 19koa, zeinak zenbait artikulu aldatzen baitizkie Langileen Estatutuari, Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu artikulatuari eta Gizarte Arloko Arauhauste eta Zehapenen Legeari; 14/1994 Legea, 1994ko ekainaren 1ekoa, zeinak arautzen baititu aldi baterako laneko enpresak; eta 18/1994 Legea, 1994ko ekainaren 30ekoa, zeinak aldatzen baitu administrazio publikoen zerbitzuko enplegatuen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeen araudia, 1987ko ekainaren 12ko 9/1987 Legekoa, 1990eko uztailaren 19ko 7/1990 Legeak aldatua.

Xede hori du legegintzako errege-dekretu honek, eta hona bildu da, mandatuak zioena betez, Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategin bat, aurreko atalean azaldutako aldaketak jasotzen dituena.

Horrenbestez, Justizia eta Barne ministroaren proposamenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aurrez irizpena emanik, Estatu Kontseiluarekin ados eta Ministroen Kontseiluak 1995eko martxoaren 31n eztabaidatu ondoren, xedatzen dut :

Artikulu bakarra

Onesten da honi erantsirik doan Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina.

Xedapen derogatzaile bakarra

Derogaturik gelditzen dira: Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu artikulatua, apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia; II. kapitulua, 1994ko maiatzaren 19ko 11/1994 Legean, zeinak zenbait artikulu aldatzen baitizkie Langileen Estatutuari, Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu artikulatuari eta Gizarte Arloko Arau-hauste eta Zehapenen Legeari; bigarren xedapen gehigarria, 1994ko ekainaren 1eko 14/1994 Legean, zeinak arautzen baititu aldi baterako laneko enpresak; xedapen gehigarri bakarra, 1994ko ekainaren 30eko 18/1994 Legean, zeinaren bitartez aldatzen baita administrazio publikoen zerbitzuko enplegatuen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeen araudia, 1990eko uztailaren 19ko 7/1990 Legeak aldatua; eta V. kapitulua, 1994ko abenduaren 30eko 42/1994 Legean, zeinak neurri fiskal, administratibo eta gizarte-arlokoei buruz baitihardu.

Amaierako xedapen bakarra

Legegintzako errege-dekretu hau eta beronek onesten duen testu bategina 1995eko maiatzaren 1ean sartuko dira indarrean.

ERANSKINA

LAN ARLOKO PROZEDURAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA

I. LIBURUA PARTE OROKORRA

I. TITULUA JURISDIKZIO AHALA BALIATZEA

I. KAPITULUA Jurisdikzioa

1. artikulua

Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura dira Zuzenbidearen gizartearloan sorturiko uziak, hala banakoen gatazketan nola gatazka kolektiboetan sortuak.

2. artikulua

Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura dira era honetako auzigaiak :

a) Enpresaburu eta langileen artean lan-kontratuaren ondorioz sortuak.

b) Gizarte Segurantzaren arlokoak, langabezia-babesa barne, Konkurtso Legean xedaturikoa salbu.

c) Gizarte Segurantzaren babes-jarduna hobetzeko sistemak aplikatzean sortuak, pentsio-planei eta aseguru-kontratuei buruzkoak barne, baldin eta auzia lan-kontratu batetik edo hitzarmen kolektibo batetik eratorria bada.

d) Kideen eta mutualitateen artekoak, profesionalen elkargoek ezarritakoak izan ezik. Halako auzigaietan, Aseguru Pribatuen Antolamendu eta Gainbegiratzeari buruzko 1995eko azaroaren 8ko 30/1995 Legeak 64. artikuluan eta hurrengoetan eta hamabosgarren xedapen gehigarrian dioena aplikatu beharko da. Halaber, lan-fundazioen artean edo haien eta beren onuradunen artean sortuak, obligazio berezien eta ondare-eskubideen betetzea, izatea edo deklaratzea dela eta, erakunde horiei dagozkien xede eta obligazioei loturik.

e) Estatuaren kontrakoak, lan-legeriak erantzukizuna esleitzen dionean.

f ) Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontrakoak, lan-legeriak erantzukizuna esleitzen dion kasuetan.

g) Sindikatuak eratzeari eta haien nortasun juridikoa aitortzeari buruzkoak, eta orobat sindikatuen estatutuak eta haien aldaketak aurkaratzeari buruzkoak.

h) Sindikatuen berariazko araubide juridikoa -hala legezkoa nola estatutuzkoa- gai dutenak, barne-funtzionamenduari eta kideekiko harremanei dagokienez.

i) Enpresaburu-elkarteak eratzeari eta haien nortasun juridikoa aitortzeari buruzkoak -1985eko abuztuaren 2ko 11/85 Askatasun Sindikalaren Lege Organikoaren xedapen derogatzaileak dioen moduan-, eta orobat elkarteon estatutuak eta haien aldaketak aurkaratzeari buruzkoak.

j) Zuzenbidearen gizarte-arloko arau-hausteengatik sindikatuek eta enpresaburu- elkarteek duten erantzukizunari buruzkoak.

k) Askatasun sindikaleko eskubideen babesari buruzkoak.

l) Gatazka kolektiboei buruzko prozesuetakoak.

m) Hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzkoak.

n) Hauteskunde-gaiei buruzko prozesuetakoak, hauteskunde-aktak erregistratzeari ezezkoa ematea barne, are prozesuak administrazio publikoen zerbitzuko enplegatuen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeei buruzkoak diren kasuan.

ñ) Lan elkartuko sozietate kooperatiboen nahiz lan-sozietate anonimoen eta haietako bazkide-langileen artean sortuak, langile izate hori dela eta.

o) Enpresaburuen eta langileen artean sortuak, langileak lagatzeko kontratuaren ondorioz.

p) Lege-mailako arau bidez esleituriko beste edozein gairen ingurukoak.

3. artikulua

1. Ez dira gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura :

a) Askatasun sindikaleko eskubideen eta grebarako eskubidearen babesa, funtzionario publikoei dagokienez eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 1.3.a) artikuluan aipaturiko enplegatuei dagokienez.

b) Enpresen inskripzioari, lanbide-arriskuen kontrako babesa formalizatzeari, tarifatzeari, aldi baterako ezintasunaren estaldurari, afiliatzeari, altari, bajari eta langileen datu-aldaketei buruzko ebazpen eta autoak, eta orobat Gizarte Segurantzaren prestazioen kudeaketaz bestelako administrazio-egintzei buruzko ebazpen eta autoak.

Ez dira haien ardura, era berean, Gizarte Segurantzako kuotekin batera biltzeko kuoten kasuan, dagokion entitate kudeatzaileak diru-bilketaren gaian emandako ebazpenak, eta likidazio eta arau-hauste aktei dagozkien ebazpenak.

c) Lan Arloko gaietan administrazio publikoek onartutako xedapen orokorrak eta administrazio-zuzenbideari atxikirik emandako egintzak aurkaratzearekin zerikusia duten uziak, hurrengo zenbakian adierazitakoak salbu.

d) Konkurtso Legeak konkurtsoko epailearen ardura eta erabaki esklusibo eta baztertzaile jotzen dituen uziak.

2. Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura izango dira honako gai hauen inguruko uziak :

a) Gizarte-arloko edonolako arau-hausteengatik jarritako zehapen ororen inguruko administrazio-ebazpenak; salbuespen dira artikulu honen 1. zenbakiko b) letran aurreikusirikoak.

b) Enplegu-erregulazioari buruzko administrazio-ebazpenak, eta lantokialdatze kolektiboetan administrazioak izandako jokabideari buruzkoak.

3. Lege hau indarrean jarri eta bederatzi hilabeteko epean, Gobernuak Gorteetara igorriko du lege-proiektu bat, haren bidez gehitzeko Lan Arloko Prozeduraren Legeari aurreko 2. zenbakiko kasuei dagozkien prozesu-aldaerak eta -berezitasunak. Lege horrek zehaztuko du zer egunetatik aurrera esleituko zaizkion Gizarte Arloko Jurisdikzioari artikulu honen 2. zenbakian sartutako gaiak.

II. KAPITULUA Eskumena

4. artikulua

1. Gizarte-arloko jurisdikzio-organoek orobat izango dute eskumena arlo horretakoak ez diren baina arlo horri esleiturikoekin lotura zuzena duten aurretiazko eta judizio aurreko arazoez arduratu eta haiek erabakitzeko, artikulu honen 3. zenbakian eta Konkurtso Legean aurreikusirikoa salbu.

2. Prozesua amaitzen duen ebazpen judizialean erabakiko dira aurretiazko eta judizio aurreko arazoak. Hartutako erabakiak ez du efekturik izango prozesu horretatik kanpo.

3. Judizio aurreko arazo penalek, organo judizial eskudunak haien gaineko ebazpena eman artean, kasu honetan bakarrik utziko dute geldieran dagokion erabakia hartzeko epea: agiri-faltsutasunean oinarrituak egonik, erabakia emateko guztiz ezinbestekoa denean haiek ebaztea.

4. Judizio aurreko arazo penal batengatik exekuzioa geldieran uztea bidezko izateko, exekuzio-titulua eratu ondorengoa izan behar du hartarako oinarri den agiri-faltsutasunak, eta gai horren ebazpenak zuzenean baldintzaturiko exekuzio- jarduerak baino ez ditu ukituko erabakiak.

5. artikulua

1. Jurisdikzio-organoek, gaia edo beren funtzioa dela eta, irizten badiote ez dutela eskumenik demandaz arduratzeko, hala deklaratuko dute auto batean, demanda jaso orduko, eta demandatzailea jakinaren gainean jarriko dute noren aurrean eta nola erabil dezakeen bere eskubidea.

2. Deklarazio bera egingo dute epaia ematean ere, eskumenik ez dutela irizten badiote, eta ez dira abiatuko auziaren edukia epaitzen.

3. Eskumenik eza ofizioz deklaratzeko, aurreko bi zenbakietako kasuetan, aurrez entzuera eman beharko zaie alderdiei eta Fiskaltzari, hiru egunen epe erkidean.

4. Eskumenik eza deklaratzeko autoaren kontra, lege honetan aurreikusiriko errekurtsoak baliatu ahal izango dira.

6. artikulua

Gizarte-arloko epaitegiak auzialdi bakarrean arduratuko dira gizarte-arloko jurisdikzioari esleitutako auzi guztiez, lege honen 7. eta 8. artikuluetan eta Konkurtso Legean xedaturikoa salbu.

7. artikulua

Justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salen ardura izango dira :

a) Auzialdi bakarrean, 2. artikuluko g), h), i), k), l) eta m) letretan sartzen diren auzigaiei buruzko prozesuak, baldin eta haien efektuek hartzen duten

lurralde-esparrua gizarte-arloko epaitegi baten barrutia baino zabalagoa bada, autonomia-erkidegoa baino zabalagoa izan gabe; orobat, legeek espresuki esleitzen dizkieten prozesuak.

b) Beren barrutiko gizarte-arloko epaitegiek emandako ebazpenen kontra lege honetan ezarritako erregutze-errekurtsoak.

c) Beren barrutiko gizarte-arloko epaitegien artean sorturiko eskumenarazoak.

8. artikulua

Auzitegi Nazionaleko Gizarte Arloko Sala auzialdi bakarrean arduratuko da 2. artikuluko g), h), i), k), l) eta m) letretako prozesuez, haien efektuek lurraldeesparru zabalagoa hartzen badute autonomia-erkidego bat baino.

9. artikulua

Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren ardura izango dira :

a) Legean ezarritako kasazio-errekurtsoak.

b) Gizarte-arloko jurisdikzio-organoek emandako epai irmoen kontrako berrikuspen-errekurtsoa.

c) Jurisdikzio-organoen arteko eskumen-arazoak, hierarkian goragoko organo erkiderik ez dutenean.

10. artikulua

Erregela hauen arabera erabakiko da gizarte-arloko epaitegien eskumena:

1. Oro har, zerbitzuak ematen diren tokikoa izango da epaitegi eskuduna, edo demandatuaren bizilekukoa, demandatzailearen aukeran.

Zerbitzuak lurralde-barruti ezberdinetan ematen badira, langileak aukeran izango ditu: bere bizilekuari dagokion epaitegia; kontratuari dagokiona, baldin eta demandatua hartan egonik hura zitatzerik badago, edo demandatuaren bizilekuari dagokiona.

Demandatuak bat baino gehiago badira eta bizilekuaren irizpideari jarraitzen bazaio, demandatuetariko edozeinen bizilekuari dagokion epaitegia aukeratu ahal izango du auzi-jartzaileak.

Administrazio publikoen kontrako demandetan, zerbitzuak ematen diren tokikoa izango da epaitegi eskudun, edo demandatzailearen bizilekukoa, beraren aukeran.

2. Ondoko paragrafoetan adierazitako prozesuetan, bakoitzean zehazten den epaitegia izango da eskudun.

a) 2. artikuluko b) paragrafoan aipatzen den gaiari buruzkoetan, edo aurkaratu den ebazpen espresu nahiz presuntziozkoa eman den barrutikoa, edo demandatzailearen bizilekukoa, demandatzailearen aukeran.

b) 2. artikuluko c) eta d) paragrafoetan aipatutako gaiei buruzkoetan, edo demandatuaren bizilekukoa edo demandatzailearenekoa, azken horren aukeran, salbuespen honekin: aurreikuspen-mutualitateen arteko prozesuetan, demandatuaren bizilekukoa izango da epaitegi eskudun.

c) Izapidetze-aldiko soldatak Estatuari erreklamatzeari buruzkoetan, kaleratzeepaia eman zuen epaitegia.

d) 2. artikuluko g) eta i) letretan aipatzen diren gaiei buruzkoetan, sindikatuaren edo enpresaburu-elkartearen egoitzakoa.

e) 2. artikuluko h) eta j) paragrafoetan aipatutako gaiari buruzkoetan, prozesua eragin zuen egintzak edo egintzek efektuak izandako tokikoa.

f ) 2. artikuluko k) paragrafoan aipatutako gaiari buruzkoetan, babes-eskea eragin duen lesioa gertatutako tokikoa.

g) Lege honen II. Liburuko II. Tituluko V. kapituluaren II. atalean araututako hauteskunde-prozesuetan, enpresa edo lantokia dagoen barrutiari dagokion tokikoa; eta lantokiak udalerri banatan egonez gero, berriz, jurisdikzioa epaitegi banari dagokiolarik eta bat bera izanik enpresa-batzordea edo administrazio publikoen zerbitzuko enplegatuen ordezkaritza-organoa, hasieran hauteskunde-mahaia eratu zen tokikoa.

h) Hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzko prozesuetan eta gatazka kolektiboei buruzkoetan, aurkaratu den hitzarmenaren aplikazio-eremuari dagokion barrutikoa edo gatazkak efektuak dituenekoa, hurrenez hurren.

11. artikulua

1. Lurralde-eskumena honela zehaztuko da justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salei instantzian esleitutako prozesuetan:

a) Gatazka kolektiboei buruzko prozesuetan edo hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzkoetan, gatazkaren efektuak gertatzen diren auzitegiko sala izango da eskudun, edo aurkaratu den hitzarmeneko klausulen aplikazioeremua hedatzen den barrutikoa.

b) 2. artikuluko g) eta i) paragrafoetako gaiari buruzkoetan, sindikatuak eta enpresaburu-elkarteak egoitza duten barrutiko auzitegikoa izango da eskudun.

c) 2. artikuluko h) paragrafoko gaiari buruzkoetan, prozesua eragin duen egintzaren edo egintzen efektuak gertatzen diren barrutiko auzitegia.

d) 2. artikuluko k) paragrafoko gaiari buruzkoetan, babes-eskea eragin duen lesioa gertatu den barrutiko auzitegia.

2. Gizarte-arloko sala bat baino gehiago baldin bada auzitegi nagusi berean, aurreko zenbakiko erregelak aplikatuz erabakiko da sala bakoitzaren eskumeneremua, lurralde-barrutiari dagokionez.

3. Auzigaiaren efektuak sala bat baino gehiagoren barrutietara hedatuz gero, autonomia-erkidego baten eremua gainditu gabe, Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu-salak halakoetarako onetsitako banaketa-erregelen arabera dagokion sala arduratuko da auziaz.

III. KAPITULUA Eskumen-gatazkak eta eskumen-arazoak

12. artikulua

Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen eta beste arloetakoen arteko eskumengatazketan, Botere Judizialaren Lege Organikoak aginduko du.

13. artikulua

1. Ezin sortuko da eskumen-arazorik elkarren mendeko epaile eta auzitegien artean; halakoetan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 52. artikuluak aginduko du.

2. Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen artean sorturiko eskumen-arazoetan, goragoko hurren organo erkideak erabakiko du.

14. artikulua

Eskumen-arazoak Prozedura Zibilaren Legeari atxikiz bideratuko eta erabakiko dira, erregela hauek diotena salbu :

a) Deklinatoriak salbuespen perentorio gisa proposatuko dira eta epaian lehenik ebatziko, jarduketak geldieran utzi gabe.

Deklinatoria onetsiz gero, lurralde horretan eskumena duen organoari demanda aurkezteko aukera izango du demandatzaileak, eta, iraungitze-datarik badu, akzioa geldieran egongo da demanda aurkezten denetik deklinatoria onesten duen epaia irmo geratu arte.

b) Inhibitoria aurkeztuz gero, hura jasotzen duen organoak horren berri emango dio, ahalik eta biderik lasterrenetik, prozesuaz arduratzen ari den organoari; hark, orduan, geldieran utziko du izapidetzea, inhibitoriaren emaitzaren zain.

Inhibizio-errekerimendua onartu ez dela dioen autoa irmo geratutakoan, horren berri emango zaio, ahalik eta biderik lasterrenetik, prozesuaren ardura duen organoari; hark, orduan, geldiera amaitu eta prozesua izapidetzen segituko du.

Eskumen-arazoa planteatzearen helburu bakarra luzamendutan ibiltzea izan dela ikusiz gero, 97.3 artikuluan aurreikusitako isuna ezarriko zaio inhibizioerrekerimenduaren jartzaileari, zioak emanik, errekerimendua onartu ez dela deklaratzen duen ebazpenean.

IV. KAPITULUA Abstentzioa eta errekusazioa

15. artikulua

1. Abstentzio eta errekusazioetan, kausei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoak aginduko du; prozedurari dagokionez, berriz, Prozedura Zibilaren Legeak.

Adiskidetze eta epaiketa-ekitaldiak baino lehen proposatu beharko da errekusazioa instantzian; errekurtsoetan, berriz, bozketa eta epairako jarritako eguna baino lehen, edo, hala badagokio, ikustaldirako jarritako eguna baino lehen.

Errekusazioa proposatzeak ez du exekuzioa geldieran utziko.

2. Errekusazio-intzidenteak instruitzea nori dagokion :

a) Auzitegi Goreneko, justizia-auzitegi nagusietako edo Auzitegi Nazionaleko gizarte-arloko sala bateko presidentea errekusatzen denean, edo haietako magistratu bat edo gehiago, errekusatuaren salako magistratu bat izango da instruktore, antzinatasun-hurrenkerako txandan izendatua.

b) Justizia-sala bateko magistratu guztiak errekusatzen direnean, dagokion auzitegia osatzen dutenetatik antzinatasunez egokitzen zaiona izango da instruktore, betiere ez badago bera ere errekusaziopean; dagokion auzitegiko gizarte-arloko sala osatzen duten magistratu guztiak errekusatzen direnean, berriz, administrazioarekiko auzien salako magistratu bat, zozketaz izendatua.

c. Gizarte-arloko epaile bat errekusatzen denean, justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko salako magistratu bat, antzinatasun-hurrenkeraren araberako txandan izendatua.

Antzinatasuna erabakitzeko, karrera judizialeko eskalafoi-hurrenkerari jarraituko zaio.

Aurreko paragrafoetan esandakoa ezin bete den kasuetan, dagokion auzitegiko gobernu-salak izendatuko du instruktorea; errekusatua edo errekusatuak baino kategoria handiagokoa, ahal dela, edo gutxienez antzinatasun handiagokoa.

3. Errekusazio-intzidenteak erabakitzea nori dagokion :

a. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan aurreikusitako salari, Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salako presidentea edo magistratuetariko bi edo gehiago errekusatzen badira.

b. Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salari, sala horretako magistratuetariko bat errekusatzen bada.

c. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aurreikusitako salari, baldin eta goi auzitegi horretako gizarte-arloko salako presidentea errekusatzen bada.

d. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 69. artikuluan aipatzen den salari, baldin eta Auzitegi Nazionaleko Gizarte Arloko Salako presidentea edo sala horretako atalen bateko magistratuetariko bi edo gehiago errekusatzen badira.

e. Auzitegi Nazionaleko Gizarte Arloko Salako magistratuetariko bat edo bi errekusatuz gero, errekusatuarena ez den atala izango da erabakitzaile, edo errekusatuaren atalaren hurrengoa, zenbaki-hurrenkeran.

f. Justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko saletako magistratu bat edo bi errekusatuz gero, sala osoa izango da erabakitzaile, ataletan banatua ez badago; ataletan banatua badago, berriz, errekusatuarena ez den atala edo errekusatuaren atalaren hurrengoa, zenbaki-hurrenkeran.

g. Gizarte-arloko epaile bat errekusatuz gero, dagokion justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko sala, osorik, ataletan banatua ez badago; ataletan banatua badago, berriz, 1. atala.

II. TITULUA PROZESUKO ALDERDIAK

I. KAPITULUA Auzitarako gaitasuna eta legitimazioa

16. artikulua

1. Auzitara jo ahal izango dute, beren eskubide eta interes legitimoen defentsan, eskubide zibilak guztiz balia ditzaketenek.

2. Auzitarako gaitasuna izango dute hamasei urte baino gehiago eta hemezortzi baino gutxiagoko langileek, lan-kontratuetatik eta Gizarte Segurantzarekiko harremanetatik eratorritako eskubide eta interes legitimoei dagokienez, baldin eta gurasoen, tutoreen edo bere kargu dituen pertsona edo erakundearen legezko baimenik behar ez badute lan-kontratua egiteko, edo guraso, tutore edo bere kargu dituen pertsona edo erakundeak baimena emana badie, lanarloko legeriaren arabera, kontratua egiteko.

3. Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, hamasei urte baino gehiago eta hemezortzi baino gutxiagoko langileek auzitarako gaitasuna izango dute, orobat, eskubide sindikal eta ordezkaritzazkoei dagokienez.

4. Beren eskubide zibilak guztiz baliatu ezin dituztenen izenean, haien ordezkari legitimoak agertuko dira, edo haien ezgaitasuna zuzenbidearen arabera ordeztu behar dutenak.

5. Pertsona juridikoen izenean, haien legezko ordezkariak agertuko dira; ondasun-erkidegoen eta taldeen izenean, berriz, haien antolatzaile, zuzendari edo kudeatzaile gisa azaltzen direnak.

17. artikulua

1. Eskubide subjektibo baten edo interes legitimo baten titularrek esku izango dute gizarte-arloko jurisdikzio-organoen aurrean akzioak baliatzeko, legeek ezarritako moduan.

2. Langile-sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek legitimazioa izango dute dagozkien interes ekonomikoak eta sozialak defendatzeko.

II. KAPITULUA Auzitarako ordezkaritza eta defentsa

18. artikulua

1. Alderdiak beren kabuz agertu ahal izango dira auzitan, edo ordezkaritza eman ahal izango diote prokuradore bati, graduatu sozial kolegiatu bati edo eskubide zibilak guztiz balia ditzakeen edozein pertsonari. Ordezkaritza inori uzteko, ahalordea eman beharko zaio hari, idazkari judizialaren aurrean agerturik edo eskritura publikoz.

2. Abokatu bati ematen bazaio ordezkaritza, lege honen 21.3 artikuluan aurreikusitako izapideei jarraitu beharko zaie.

19. artikulua

1. Hamar demandatzaile baino gehiagok batera demandatzen duten prozesuetan, ordezkari erkide bat izendatu beharko dute demandatzaileek, eta harekin tratatuko dira aurrerantzean auziko eginbideak. Ordezkari hori, nahitaez, abokatua, prokuradorea, graduatu sozial kolegiatua, demandatzaileetariko bat edo sindikatu bat izango da. Ordezkaritza inori uzteko, ahalordea eman beharko zaio hari, idazkari judizialaren aurrean agerturik, edo eskritura publikoz, edo bestela adiskidetze-, bitartekotza- edo arbitraje-eskumenak dituen administraziozerbitzuaren edo funtzio horiek bere gain dituen organoaren aurrean agerturik. Demandarekin batera, ordezkaritza eskuratu izanaren agiria aurkeztu beharko da.

2. Epaitegiak edo auzitegiak erabakitzen badu, 29. artikuluaren arabera, dela ofizioz edo dela alderdi-eskariz, demandatu baten kontra aurkezturiko hainbat demandaren jarduketak metatzea, eta prozesuak, hartara, hamar demandatzaile baino gehiagori eragiten badio, ordezkari erkide bat izenda dezatela eskatuko die epaitegi edo auzitegiak demandatzaileei; aurreko zenbakian aipaturikoetatik edozein izan daiteke ordezkari hori. Metatze-ebazpenaren berri eman, eta zitazioa egingo die epaitegi edo auzitegiak demandatzaileei, lau egunen barruan idazkari judizialarengana ager daitezen ordezkari erkidea izendatzera; agertu beharreko egunean formaltasunez zitatuetarikoren bat agertu ezean, berdin izendatuko da ordezkari erkidea, agertu ez denak gainerakoen izendapena onartzen duela joko baita.

3. Nolanahi dela ere, demandatzaileetariko edozeinek adierazi ahal izango du, justifikaturik, bera agertzeko borondatea edo bere ordezkaria izendatzekoa, gainerako demandatzaileek batera izendatutakoaz beste.

20. artikulua

1. Sindikatuek parte hartu ahal izango dute prozesu batean, hartarako baimena ematen dieten beren langile afiliatuen izenean eta haien interesen alde, langileen eskubide indibidualak defendatzen dituztela eta esku-hartze horren efektuak langile horiek jasotzen dituztela.

2. Demandan, langilea afiliatua duela eta prozesua hasteko asmoa langileari jakinarazia diola egiaztatu beharko du sindikatuak. Baimena emantzat joko da langile afiliatuak kontrakoa adierazi ezean. Baimenik eman ez badio, dagokion erantzukizuna eskatu ahal izango dio langileak sindikatuari; Lan Arloko beste prozesu batean erabakiko da erantzukizun hori.

3. Prozesuaren edozein fasetan langileak adierazten badu, epaile aurrean, ez duela sindikatuaren jakinarazpenik jaso, edo jasorik ere ukatu egin diola beraren izenean jarduteko baimena, epaile edo auzitegiak, sindikatuari entzuera eman ondoren, jarduketak artxibatzea erabakiko du, besterik gabe.

21. artikulua

1. Aukerakoa izango da instantzian abokatuak egitea defentsa, hurrengo artikuluan aurreikusitakoa salbu, baina auzilarietariko edozeinek izango du aukera hori; erabiltzen badu, berak ordaindu beharko ditu dagozkion ordain edo zerbitzu-sariak, Doako Laguntza Juridikoaren Legearen 2.d) artikuluan ezarritako salbuespenekin.

2. Baldin eta demandatzaileak abokatuaren laguntzaz edo prokuradore edo graduatu sozial kolegiatu batek ordezkaturik agertu nahi badu epaiketan, hala adierazi beharko du demandan. Era berean, demandatuak ere gorabehera horren berri eman beharko dio, idatziz, epaitegi edo auzitegiari, epaiketarako deia jaso eta bi egunen epean, demandatzaileak modua izan dezan, asmo hori jakinarazi zaiolarik, prokuradoreak edo graduatu sozial kolegiatuak ordezkaturik egoteko, beste halako epe batean abokatua izendatzeko edo ofiziozko txandan izenda diezaiotela eskatzeko. Betekizun horiek ez betetzeak esan nahi du alderdiak uko egiten diola abokatua, prokuradorea edo graduatu sozial kolegiatua epaiketan baliatzeko eskubideari.

3. Baldin eta, epaiketaz beste edozein jarduketatan, abokatuak lagundurik parte hartu nahi badu alderdietariko edozeinek, alderdien berdintasuna bermatzeko neurriak hartuko ditu epaile edo auzitegiak.

4. Langileek eta Gizarte Segurantzaren onuradunek ofiziozko abokatua izendatzeko eskatuz gero, iraungitze-epeak geldieran utziko dira edo akzioen preskripzioa etengo da.

22. artikulua

1. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 447. artikuluak eta gainerako aplikazio-arauek arautuko dute Estatuaren eta haren organismo autonomoen defentsa eta ordezkaritza, konstituzio-organoena, autonomia-erkidegoena, toki-entitateena eta gainerako entitate publikoena.

2. Gizarte Segurantzaren Administrazioaren abokatuei dagokie Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileen eta Diruzaintza Nagusiaren ordezkaritza eta defentsa, baina horrek ez du eragozten kasu jakin batzuetan 18. artikuluaren arau orokorren arabera eman ahal izatea ordezkaritza, edo abokatua izendatu ahal izatea horretarako.

III. KAPITULUA Soldatak Bermatzeko Funtsaren esku-hartzea eta hura epaiketara deitzea

23. artikulua

1. Soldatak Bermatzeko Funtsak alderdi gisa esku hartu ahal izango du prozesuaren izapidetzeko edozein fase edo unetan, baldin eta langile auzilariei soldatak ordaintzeko edo kalte-ordainak emateko erantzukizunik erator badaiteke prozesu horretatik. Funtsaren esku-hartze horrek ez ditu jarduketak atzera itzularaziko, ez geldiaraziko.

2. Konkurtso-prozeduraren batean sarturik dauden enpresen kasuan, eta dagoeneko kaudimengabe deklaratu edo desagertuetan orobat, epaileak, ofizioz edo alderdi-eskariz, alderdi gisa deituko du Soldatak Bermatzeko Funtsa, eta demanda helaraziko dio, aukera izan dezan legezko obligazioak bere gain hartzeko eta zuzenbidean dagokiona eskatzeko.

3. Lan-legeriaren babesean Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontra eramandako prozeduretan, espedientean agertzen diren eta haren ebazpenaren oinarri diren egitatezko baieztapenek fede egingo dute, kontrako frogarik ezean.

24. artikulua

1. Exekuzioa hasi aurretik ordainduak badira legez Soldatak Bermatzeko Funtsaren gain doazen prestazioak, exekuzio-tituluan ageri diren langileen eskubide eta akzioetan subrogaturik exekuzioa eskatzen denean, garbi egiaztatu beharko da kopuruok ordaindu direla, eta tituluan aitortutakoei dagozkiela, guztiz edo partez.

2. Exekuzioa agindutakoan, autoan agerraraziko da zer subrogazio egin den, eta langileei edo haien ordezkariei jakinaraziko zaie hori. Langile edo ordezkarioi, artean titulu beretik eratorritako krediturik baldin badute Funtsak ordaindu gabeko parteagatik exekuziopeko enpresari eskatzeko, aukera eskainiko zaie exekutatzaile gisa era daitezen, hamabost egunen epean gehienez, lortutako kopuruak jaso arte, baldin eta, behar bestekoak ez izanik, dagozkien kredituen zenbatekoak osotara ordaintzeko edo Funtsarekin hainbanatzeko eskatzen badute.

IV. KAPITULUA Doako justiziaren onura

25. artikulua

1/1996 Legeak derogatua.

26. artikulua

1/1996 Legeak derogatua.

III. TITULUA METATZEAK

I. KAPITULUA Akzioak, jarduketak eta errekurtsoak metatzea

1. ATALA.Akzioak metatzea

27. artikulua

1. Demandatuaren kontra dagozkion akzio guztiak metatu ahal izango ditu auzi-jartzaileak demandan, titulu desberdinetatik eratorriak izanik ere.

2. Hala ere, eta alde batera utzi gabe lege honen 32. eta 33. artikuluetan xedaturikoa, epaiketa berean ezin metatuko zaizkie beste akzio batzuei, ezta errekonbentzio bidez ere, honako hauek: kaleratzeei buruzkoak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 50. eta 52. artikuluetako lankontratua amaitzeari buruzkoak, hauteskunde-gaiei buruzkoak, hitzarmen kolektiboen aurkarapenari buruzkoak, sindikatuen estatutuen aurkarapenari buruzkoak eta askatasun sindikala eta gainerako eskubide oinarrizkoak babesteari buruzkoak.

3. Ez dira elkarrekin metatzekoak Gizarte Segurantzari buruzko erreklamazioak ere, ez badute eskatzeko arrazoi bera.

28. artikulua

1. Behar ez bezala metaturiko akzioak baliatuz gero, okerra lau egunen buruan zuzentzeko eskatuko dio epaile edo auzitegiak demandatzaileari, eta zer akziori eutsi nahi dion aukeratzeko. Hori egin ezean, demanda artxibatzea erabakiko eta artxibatzeko ebazpena jakinaraziko da.

2. Hala ere, kaleratze-demanda bati metatu bazaio behar ez bezala beste akzio bat, kaleratze-epaiketa izapidetzen jarraituko da demandatzaileak hautua egin gabe ere, eta aurkeztu gabetzat joko da beste akzioa; hura bereiz baliatzeko eskubidea duela ohartaraziko zaio demandatzaileari.

2. ATALAJarduketak metatzea

29. artikulua

Epaitegi edo auzitegi berean demandatu baten kontrako demanda bat baino gehiago izapidetuz gero, nahiz demandatzailea ez bera izan, eta demanda horietan akzio berberak baliatuz gero, jarduketak metatzea erabaki ahal izango da, ofizioz edo alderdi-eskariz.

30. artikulua

Aurreko artikuluko kasuan, barruti bereko gizarte-arloko epaitegi bi edo gehiagoren ebazkizun badira demandak, denak metatzea erabaki ahal izango da, ofizioz edo alderdi-eskariz. Erregistroan lehenik sartutako demandaz arduratzen den epaileari egin beharko zaio eskaera hori.

31. artikulua

Lege honen 146. artikuluak dioen bezala lan-agintaritzaren komunikazio baten ondorioz ofizioz hasitako prozesuei metatu egingo zaizkie, aurreko erregelen arabera, ofiziozko demandako pertsona berak eta eskatzeko arrazoi berak dituzten demanda indibidualak, nahiz eta barruti bereko epaitegi bat baino gehiagoren ebazkizun izan.

32. artikulua

Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan aurreikusitako kausetakoren batengatik eta kaleratzeagatik jartzen baditu langileak demandak, lehenik aurkeztutakoari metatuko zaio geroagokoa, ofizioz edo alderdietariko edozeinen eskariz, eta epaiketa bakar batean eztabaidatu beharko dira planteaturiko arazo guztiak. Horretarako, bigarren demandan, lehenengo prozesua ebazkizun dagoela adierazi beharko du langileak, eta haren ardura duen epaitegia zein den esan.

3. ATALAErrekurtsoak metatzea

33. artikulua

Justizia-auzitegi nagusietako eta Auzitegi Goreneko gizarte-arloko saletan, ebazkizun dauden errekurtsoak metatzea erabaki ahal izango da, ofizioz edo alderdi-eskariz, errekurtsoek bat bera badute objektua eta alderdiren bat, aurrez entzuera emanik agertutakoei kasu guztietan eta Fiskaltzari kasazio-errekurtsoetan.

4. ATALAXedapen erkideak

34. artikulua

1. Adiskidetze-ekitaldiaren aurretik, halakorik bada, eta epaiketaren aurretik formulatu eta erabaki beharko da akzioak eta jarduketak metatzea, non eta proposamena ez den errekonbentzio bidez egiten.

2. Bozketa eta epaitzarako eguna izendatu aurreko edozein unetan erabaki ahal izango da errekurtsoak metatzea, eta, ikustaldirik bada, hartarako eguna izendatu aurreko edozein unetan.

3. Autoak metatzea erabakitakoan, erabaki hori efekturik gabe utzi ahal izango da auto bati edo gehiagori dagokienez, bereiz izapidetzea justifikatzen duen arrazoirik izanez gero.

35. artikulua

Hala dagokionean akzioak, jarduketak edo errekurtsoak metatuz gero, batera eztabaidatuko eta ebazpen bakar batean erabakiko dira planteaturiko arazo guztiak.

II. KAPITULUA Exekuzioak metatzea

36. artikulua

1. Zordun beraren kontra eta organo berean emandako epai eta gainerako exekuzio-tituluak exekutatzean, lege honetan ezarritako moduan titulu horiek metatzea erabaki ahal izango da, ofizioz edo alderdi-eskariz.

2. Erregela berari jarraituko zaio zordun beraren kontra gizarte-arloko epaitegi batean baino gehiagotan bideratutako exekuzioetan, epaitegiok barruti berekoak izan zein ez.

37. artikulua

1. Akzioen xedea diru kopuru bat lortzea bada eta zantzuen arabera zordunaren edo zordunen ondasunak ez badira aski izango exekutatu beharreko kreditu guztiak ordaintzeko, exekuzioak metatzea erabaki beharko da: ofizioz edo alderdi-eskariz, epaitegi berean jarraitzen badira; alderdi-eskariz, epaitegi baten baino gehiagoren ardura badira.

2. Gainerako kasuetan, metatzeko erabakia hartu ahal izango du organo judizialak, ofizioz edo alderdi-eskariz, hala badagokio, ekonomia-irizpideak eta exekutatzeko eskatzen den obligazioen arteko lotura kontuan izanik.

38. artikulua

1. Exekuzioa lehenik hasi duen organo judizialak hartuko du metatzeko erabakia, hala badagokio, eta hark hartuko ditu, orobat, metaturiko exekuzioak eraginkor izateko behar diren neurriak, lege honek ezarritako moduan.

2. Meta daitezen eskatutako exekuzioak barruti berekoak ez diren organo judizialetan izapidetzen badira, eta lehenik hasitako exekuzioan sarturik ez badaude haren eraginpeko langile eta kreditu gehienak, ez eta aurrez enbargaturik zordun erkidearen ondasunen parte handiena, aipaturiko ondasun horiek guztiak edo parterik handiena enbargatzeko agindua lehenik eman zuen organo judizialak erabaki beharko du exekuzioak metatzea, hala badagokio.

39. artikulua

1. Exekuzioak metatzea erabakitzeko eskumena duen organo judizialak planteatu ahal izango du metatze-intzidentea, edo haren aurrean planteatu ahal izango da, betiere aurreko artikuluan ezarririko moduan, ofizioz edo alderdietako edozeinen eskariz.

2. Exekuzioak metatzea dagokiola iritziz gero, organo judizialak, alderdiei entzunda, exekuziook igortzeko eskatuko die, auto batean, haiek izapidetzen ari diren organo judizialei.

3. Bidezko iritziz gero, eskaera onesten duela adieraziko du dagokion epaileak auto batean, eta ordura arteko jarduketak igortzea erabakiko du.

4. Lege honen 37.1 artikuluan ezarritako metatze nahitaezkoaren kasuan, erabakitzeko eskumena duen epaileak desegoki irizten badio metatzeari, edo eskaera egin zaion epaileak hura onartzen ez badu, epaileak, dagokion autoa eman eta gero, bere jarduketen eta, hala badagokio, metatze-intzidentean egindako jarduketa guztien testigantza nahikoa emango dio goragoko hurren auzitegi nagusi erkideko gizarte-arloko salari; gainera, horren berri emango dio beste epaileari, hark ere gauza bera egin dezan eta, artean esku hartu ez badu, dagokion txostena bidal dezan. Salak erabakiko du metatzea bidezko den eta exekuzioez arduratzeko epaitegi eskuduna zein den.

40. artikulua

Metatze-intzidenteak ez du geldieran utziko exekuzioen izapidetzea; salbuespen dira intzidente horrez geroztik lorturiko kopuruak exekutatzaileei ordaintzearen inguruko jarduketak.

41. artikulua

1. Exekutatzen den obligazioa bete gabe dagoen bitartean eska edo erabaki daiteke metatzea, edo, hala badagokio, exekuziopekoa kaudimengabe deklaratzen ez den bitartean.

2. Metatzeak ez ditu aldaraziko hartzekodunek legez beren kredituak kobratzeko izan ditzaketen lehentasunak.

IV. TITULUA EGINTZA PROZESALAK

I. KAPITULUA Jarduketa prozesalak

42. artikulua

Justizia-administrazioko idazkariak eskuetsi behar ditu jarduketa judizialak, edo, bestela, hark horretarako gaitasuna eman dion edo hura legez ordezkatzen duen justizia-administrazioko ofizialak.

43. artikulua

1. Egun eta ordu baliodunetan egin beharko dira jarduketa judizialak.

2. Hartarako ezarritako epe-mugan edo epearen barruan egingo dira jarduketak. Epea amaitzean, ofizioz emango zaio prozesuari dagokion bidea.

3. Ebazpen judiziala emateko epeak izan ezik, nahitaez bete beharrekoak eta luzaezinak dira epe eta epe-muga guztiak, eta legeetan zehazki ezarritako kasuetan bakarrik utzi ahal izango dira geldieran eta berriro ireki.

4. Abuztuko egunak baliogabeak izango dira, honako prozesu-aldaera hauetarako izan ezik: kaleratzeak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 50. eta 52. artikuluetako lan-kontratuaren amaitzea, oporraldiak, hauteskunde-gaiak, gatazka kolektiboak, hitzarmen kolektiboen aurkarapena eta askatasun sindikalaren eta gainerako eskubide oinarrizkoen babesa.

Egun horiek ez dira baliogabe izango beste jarduketa hauek bideratzeko ere: erreklamaturiko eskubideen eraginkortasuna segurtatzera zuzenean bideraturiko jarduketak, eta egin ezean konponbide zaileko kaltea sor dezaketenak.

5. Egun eta ordu baliogabeak baliodun bihur ditzake epaile edo auzitegiak, baldin eta jarduketak denbora baliodunean egin ezin badira, edo beharrezko badira ebazpen judizial baten eraginkortasuna segurtatzeko. Behin jarduketa bat denbora baliodunean hasiz gero, amaitu arte jarraitu ahal izango da, egun edo ordu baliogabeak baliodun bihurtu beharrik gabe.

6. Errekurtsoak jartzeko epeetarako, jarduketen bitartean tokiko edo autonomia- erkidegoko jai ofizial bat egokitzen bada, eginbide bitartez adieraziko da egun horrena.

44. artikulua

Gizarte-arloko epaitegi eta saletako erregistroetan aurkeztu beharko dituzte alderdiek idazki eta agiri guztiak.

45. artikulua

1. Idazkiak edo agiriak epearen azken egunean aurkezten badira, gizartearloko epaitegi edo sala eskudunaren sarrera-erregistroa irekita ez dagoen orduetan, organo horien egoitzako guardiako epaitegira jo beharko da. Guardiako epaitegiko aurkezpen-eginbidean ordua adierazi beharko da, eta interesdunak gizarte-arloko epaitegi edo salan jasota utzi beharko du gorabehera hori hurrengo egun baliodunean, komunikazio-bide lasterrena baliatuz.

2. Gizarte-arloko epaitegien egoitzarik ez den uharteetan, aurreko zenbakian adierazitako kasuetan, guardiako epaitegiaren funtzioak betetzen dituen edozein epaitegitan aurkeztu ahal izango dira idazki eta agiriak.

46. artikulua

1. Idazkariak, edo idazkari diharduenak, eginbidea emango du idazki eta agirien aurkezpen-eguna eta -ordua jasotzeko, eta horren ziurtagiria emango dio interesdunari beti. Alderdiak horretarako aurkeztu duen kopian bertan egindako eginbide bat izan daiteke ziurtagiri hori.

2. Egun berean edo hurrengo egun baliodunean, idazkariak edo idazkari diharduenak kontu emango dio epaile edo presidenteari, edo, bestela, dagokion antolaketa-eginbide edo ebazpen-proposamena egingo du.

47. artikulua

1. Gizarte-arloko epaitegi eta saletan egongo dira jarduketak, idazkariaren zaintzapean, eta han aztertu ahal izango dituzte interes legitimoa dutela egiaztatzen duten interesdunek. Testigantzak, ziurtagiriak edo kopia soilak eman beharko zaizkie interesdunoi, hala eskatzen badute.

2. Interesdun ororen eskura egongo da Prozedura Zibilaren Legearen 213. artikuluan aipatzen den epai-liburua.

48. artikulua

1. Legeak espresuki adierazten duenean soilik eta adierazten duen eperako soilik entregatuko dira jarduketak. Interesdunari jarduketak eskuragarri dituela adierazten zaionetik hasiko da igarotzen epea.

2. Jarduketak aztertzeko epea amaitutakoan jarduketok itzuli ez badira, eguneko 2.000 eta 20.000 pezeta arteko isuna ezarriko zaio arduradunari, non eta entrega testigantza bidez egin ez den. Bi egunen buruan ere jarduketak itzuli ezean, idazkariak jasoko ditu; jasotzera joan eta bertantxe entregatzen ez bazaizkio, epaileari kontu emango dio idazkariak, itzultzen atzeratu izateagatik dagokiona xeda dezan.

II. KAPITULUA Ebazpenak eta antolaketa-eginbideak

49. artikulua

1. Probidentzia, auto eta epai bidez hartuko dituzte erabakiak gizartearloko epaitegi eta auzitegiek, legeak aurreikusitako kasuetan eta haren formaltasunak betez.

2. Ahozko ebazpenak ere emango dituzte epaitegi eta auzitegiok, epaiketan edo epaile aurreko beste ekitaldi batzuetan, eta aktan jasoko dira.

50. artikulua

1. Epaileak, epaiketa amaitzean, ahoz eman ahal izango du epaia, eta aktan jasoko da, Prozedura Zibilaren Legeak ezartzen dituen eduki eta betekizunekin. Orobat eman dezake epaitza soilik, eta epaitza hori aktan jasoko da idazkari judizialaren fedearen bidez, nahiz gero epaia erredaktatu, legeak aurreikusitako epe eta moduan.

2. Ezin emango da epaia ahoz: diziplinazko kaleratzeagatiko prozesuetan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 50. eta 52. artikuluetako kontratu-amaitzeari buruzkoetan; Gizarte Segurantzaren prestazioak -langabezia-prestazioak barne- jasotzeko eskubidea aitortzea edo ukatzea gai duten prozesuetan; gatazka kolektiboei buruzkoetan; hitzarmen kolektiboen aurkarapenari buruzkoetan; sindikatuen estatutuen aurkarapenari buruzkoetan eta askatasun sindikalaren eta gainerako eskubide oinarrizkoen babesari buruzkoetan.

3. Epaia irakurri eta akta sinatutakoan geratuko dira alderdiak ahoz emandako epaiaren jakitun. Baldin eta, epaitzaren berri izanik, errekurtsorik ez aurkezteko asmoa adierazten badute alderdiek, epaia irmo deklaratuko du epaileak ekitaldi berean.

4. Alderdietariko bat agertu ezean, dagokion jakinarazpena egingo zaio alderdi horri.

5. Artikulu honetan ezarritako kasu eta baldintza beretan, ahoz eman ahal izango ditu epaileak autoak, prozesuaren barruan sorturiko edozein intzidentetan eginiko agerraldiaren amaieran.

51. artikulua

1. Idazkariei dagokie gizarte-arloko epaile edo salari proposatzea probidentzia edo auto modura eman behar diren ebazpenak. Salbuespen dira, probidentzien kasuan, antolaketa-eginbideak aldatzen dituztenak, eta autoen kasuan, berriz, errekurtsoei buruzko edo gatazka eragin duten auziei buruzko intzidenteak erabakitzekoak eta eskubideak murrizten dituztenak.

2. Zein ebazpen den, legeak harentzat aurreikusitako garaian eta forman egin beharko dira proposamenak. Aurkezten duen idazkariak sinatu beharko du proposamena, eta epaile edo salak «ados» adierazpenaren bidez onartuko du edo dagokion ebazpena emango du.

52. artikulua

1. Idazkarien egitekoa da jarduketei legeak agindutako bidea emateko antolaketaeginbideak ematea, eta prozedura bere izapide guztietan formalki bultzatzea.

2. Formari dagokionez, zer xedatzen den soilik adieraziko du antolaketaeginbideak, eta idazkariaren izena, data eta idazkariaren sinadura izango ditu.

3. Epaileak edo gizarte-arloko salako magistratu txostengileak ofizioz berrikusi ahal izango ditu antolaketa-eginbideak.

4. Alderdiek antolaketa-eginbideak berrikusteko eskatu ahal izango dute haien jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean, epaileari edo txostengileari zuzendutako idazki ziodun batean; epaileak edo txostengileak unean bertan ebatziko du, non eta ez duen beharrezkotzat jotzen berrikuste-eskaria kontrako alderdiari helaraztea, hark dagokiona alega dezan bi eguneko epean -bat baino gehiago badira alderdiak, denentzat egun berak-. Kasu horretan, entzunaldi baten amaieran eman beharko da ebazpen-probidentzia.

III. KAPITULUA Komunikazio-egintzak

53. artikulua

1. Defentsa-eskubidea eta berdintasun eta kontraesate printzipioak bermatuz egingo dira komunikazio-egintzak. Komunikazioa bera eta haren inguruabar funtsezkoak behar bezala jasotzea bermatuko duten biderik lasterrenak eta eraginkorrenak erabiliko dira egintzotan.

2. Organo judizialari egindako lehen idazkian edo lehen agerraldian, komunikazio-egintzetarako helbide bat emango dute alderdiek.

3. Ordezkaturik edo profesionalek lagundurik agertzen badira alderdiak, ordezkari edo profesional horien helbidea hartuko da komunikazio-egintzetarako, non eta besteren bat ematen ez duten.

54. artikulua

1. Epaiketan alderdi diren guztiei jakinaraziko zaizkie probidentziak, autoak, epaiak eta idazkariaren antolaketa-eginbideak, ematen diren egun berean, edo, hala badagokio, argitaratzen diren egunean; egun horretan ezin bada, hurrengo egun baliodunean.

2. Orobat jakinaraziko zaizkie egintzok, hala agintzen denean, haietan aipaturiko pertsona edo erakundeei, kaltea izan dezaketenei eta auzian interes legitimoa dutenei.

3. Alderdien eskubideak bermatzeko edo ebazpen judizialaren eraginkortasuna segurtatzeko neurriak hartu behar badira prozesuan, eta jarduketa prozesalak edo harturiko neurri kautelazko, prebentziozko edo exekuziozkoak dagokionari berehala jakinarazteak arriskuan jar badezake eraginkortasun hori, jakinarazpena atzeratu ahal izango du organo judizialak, zioak emanik, eraginkortasuna lortzeko ezinbesteko den denboran.

55. artikulua

Idazkariak edo idazkari-lanetan ari denak egingo ditu zitazio, jakinarazpen, epatze eta errekerimenduak, epaitegi edo auzitegiaren lokalean edo zerbitzu erkidean, interesdunak han agertzen badira beren kabuz, eta, bestela, horretarako jarritako helbidean.

56. artikulua

1. Epaitegi edo auzitegiaren egoitzatik kanpo egiten diren zitazio, jakinarazpen eta epatzeak posta ziurtatuaren bidez eta jasotze-agiriarekin egingo dira, nornahi dela ere xedekoa; bidalitako gutunaren edukiaren fede emango du idazkariak jarduketetan, eta jasotze-agiria erantsiko zaie jarduketei.

2. Gutunazalean, lege honen 57.3 artikuluan adierazitako ohartarazpenak egin beharko dira jasotzailearentzat, interesduna bera ez den kasurako.

3. Jasotze-agirian, entrega zer egunetan egin den adierazi beharko da, eta posta-funtzionarioak eta jasotzaileak sinatu beharko dute. Jasotzailea interesduna bera ez bada, haren izena, identifikazio-agiri bat, helbidea eta xedekoarekin zer erlazio duen jasoko da.

4. Komunikazioa telegrafoz edo beste edozein komunikazio-bide edo testuigorbide egokiz egitea erabaki ahal izango da, bide horiek erabiltzeko datuak ematen badituzte interesdunek. Behar diren neurriak hartuko dira komunikaturiko egintza helarazi dela segurtatzeko, eta jarduketetan jasorik geldituko da egintza.

57. artikulua

1. Komunikazio-eginbideak, ezin badira adierazi bezala egin, xedekoari zedula entregatuz egingo dira. Xedekoa aurkitzen ez bada, haren egoitzan den hamasei urtetik goragoko ahaide hurbilenari edo familiartekoari edo enplegatuari entregatuko zaio zedula, eta halako inor ez bada, auzoko hurbilenari edo finkako atezain edo zaindariari.

2. Interesdunaren egoitzan agertu gabe ere, entrega dakioke zedula lehen aipaturiko pertsonetatik edozeini edo xedekoarekin duen erlazioagatik komunikazioegintza burutuko dela berma dezakeenari.

3. Ematen zaion betebehar publikoa bete behar duela jakinaraziko zaio jasotzaileari; 2.000 eta 20.000 pezeta arteko isuna izan dezakeela jasotzeari uko egiten badio edo jasorikoa lehenbailehen entregatzen ez badu; komunikazioa interesdunari entregatu ezin badio organo judizialari jakinarazi behar diola hori, eta sortzen zaizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea duela.

58. artikulua

1. Zedulak erabakiaren kopia literala eraman beharko du berekin, eta betekizun hauek jaso :

a) Zer epaitegi edo auzitegik eman duen erabakia, zer datatan, eta zer auzitan.

b) Erabakia zuzentzen zaion pertsonaren izena.

c) Zedula bidali den data eta idazkariaren sinadura.

2. Alderdiei aitortza judizialerako bidaliriko zitazio-zedulek eta lekuko, peritu eta aholkulariei bidalirikoek, aurreko zenbakian aipaturikoez gainera, honako hauek ere jasoko dituzte :

a) Zitazioaren xedea.

b) Zitatua izan denak non eta zer egun eta ordutan agertu behar duen.

c) Agertu ezean zuzenbidean ezarritako kaltea izango duela adierazten duen oharra. Zedula honetan ez da sartuko zitazioa egitea erabaki zeneko ebazpenaren kopia.

3. Zitazio-, jakinarazpen-, epatze- eta errekerimendu-eginbideak jasota gera daitezen, zedularen bikoiztu bat atxikiko zaie jarduketei, honako hauek biltzen dituena:

a) Eginbidearen data.

b) Zedula entregatu zaion pertsonaren sinadura eta, interesduna bera izan ezean, izena, identifikazio-agiri bat, helbidea eta xedekoarekin duen erlazioa.

c) Idazkariaren sinadura, eta, jakinarazpena jaso duenak sinatu nahi izan ez badu edo ezin izan badu, horren oharra.

59. artikulua

Arrazoizko bideetatik komunikatzeko ahalegina egindakoan, interesdunaren egoitza zein den edo interesduna non den jakiterik ez badago, eginbide batean jasoko da horren berri, eta jakinarazpena, zitazioa edo epatzea ediktu bidez egin dadila aginduko du epaitegi edo auzitegiak; zedularen laburpen nahikoa txertatuko da dagokion aldizkari ofizialean, eta ohartaraziko da hurrengo komunikazioak auzi-gelan egingo direla, non eta ez diren auto edo epai moduan egin beharrekoak edo epatzeak.

60. artikulua

1. Jakinarazpenetan, zitazioetan eta epatze-idazkietan ez da onartuko ez jasoko interesdunaren ezein erantzun, ebazpenean hala agindu ez bada. Errekerimenduetan, berriz, onartuko da errekerituak emandako erantzuna, eta eginbidean jasoko da, labur.

2. Halako eginbideak, pertsona juridiko batekikoak direnean, epaitegi edo auzitegi eskuduna dagoen hirian kokaturiko delegazio, sukurtsal, ordezkaritza edo agentzietan egingo dira, nahiz eta haien buru dauden pertsonek auzitan agertzeko ahalorderik ez izan.

3. Estatuaren abokatuarekin eta Gizarte Segurantzaren administrazioko abokatuekin egin beharreko komunikazio-egintzak haien bulego ofizialean egingo dira.

Autonomia-erkidegoekikoak direnean, erkidegoaren legeriak ezartzen duenari zuzenduko zaizkio halako eginbideak.

4. Enpresa-batzordeekikoak direnean, presidenteari edo idazkariari zuzenduko zaizkio aipaturiko eginbideak, eta, falta badira, batzordeko edozein kideri.

5. Zitazioa edo epatzea exhorto bidez egin behar denean, dagokion zedula erantsi beharko da.

61. artikulua

Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera egiten ez diren jakinarazpen, zitazio eta epatzeak deusez izango dira. Hala ere, interesdunak jakinaren gainean dagoela adieraziz gero, une horretatik hasita izango du efektua eginbideak.

62. artikulua

1. Bere eskumen-eremuari datxezkion jarduketak egin daitezen eskatzeko, ofizio, exhorto, agindu eta oroitarazpenak bidali beharko ditu idazkariak.

2. Nolanahi ere, lankidetza judizialeko egintzok egiteko mandatua eman ahal izango dio epaileak edo salak idazkariari.

V. TITULUA PROZESUA SAIHESTEA

I. KAPITULUA Aurretiazko adiskidetzea

63. artikulua

Prozesua izapidetzeko, beharrezkoa da aurrez adiskidetze-ahalegina egitea, dela dagokion administrazio-zerbitzuaren aurrean, dela Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 83. artikuluan aipatzen diren lanbide-arteko akordioen edo hitzarmen kolektiboen bitartez eginkizun horiek bere gain hartzeko era daitekeen organoaren aurrean.

64. artikulua

1. Eskakizun horretatik salbuetsirik daude prozesu hauek: administraziobideko aurretiazko erreklamazioa eskatzen dutenak, Gizarte Segurantzari buruzkoak, oporrak hartzeari eta hauteskunde-gaiei buruzkoak, ofizioz hasitakoak, hitzarmen kolektiboen aurkarapenari buruzkoak, sindikatuen estatutuen edo haien aldaketen aurkarapenei buruzkoak eta askatasun sindikalaren babesari buruzkoak.

2. Salbuetsirik gelditzen dira, orobat:

a) Alderdi demandatua Estatua edo beste erakunde publiko bat izanik pertsona pribatuak ere demandaturik dauden prozesuak, baldin eta uziak aurretiazko erreklamazioaren izapidea pasatu behar badu eta izapide horretan erabaki badaiteke auzia.

b) Prozesua abiatu ondoren hasieran demandatuez beste pertsona batzuei demanda zuzendu behar zaien kasuak.

65. artikulua

1. Adiskidetze-eskaera aurkezteak geldieran utziko ditu iraungitze-epeak, eta preskripzio-epeak etengo. Adiskidetze-ahaleginaren biharamunean hasiko da iraungitze-epea berriz kontatzen, edo adiskidetze-eskaera aurkeztu eta ekitaldia egin gabe hamabost egun igarotakoan.

2. Betiere, hogeita hamar egun iragaten badira adiskidetze-ekitaldia egin gabe, amaitutzat joko da prozedura eta betetzat izapidea.

3. Orobat utziko dira geldieran iraungitze-epeak, eta preskripzio-epeak etengo, arbitraje-konpromiso bat hartzen bada, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 83. artikuluan aipatzen diren lanbide-arteko akordioak edo hitzarmen kolektiboak direla bitarte. Kasu horietan, arbitraje-laudoa irmo egin eta biharamunean hasiko da iraungitze-epea berriz kontatzen; laudoa deuseztatzeko errekurtso judiziala jarriz gero, berriz, emandako epaia irmo izan eta biharamunean.

66. artikulua

1. Adiskidetze-ekitaldira joatea nahitaezko dute auzilariek.

2. Baldin eta, alderdiak adiskidetze-ekitaldirako behar bezala zitatuak egonik, adiskidetzea eskatu duena agertzen ez bada eta arrazoi zuzenik alegatzen ez badu, aurkeztu gabekotzat joko da adiskidetze-orria, eta artxibatu egingo dira jarduketak.

3. Beste alderdia agertu ezean, saiatu eta huts egindakotzat joko da adiskidetzea, eta epaile edo auzitegiak ausarkeriatzat edo fede gaiztotzat joko du ez agertzea, justifikatu gabea bada. Halakoetan, 97.3 artikuluan zehaztutako isuna ezarriko du epaile edo auzitegiak, baldin eta bere garaian emango duen epaia bat badator, funtsean, adiskidetze-orrian adierazitako uziarekin.

67. artikulua

1. Adiskidetze-akordioa aurkaratu ahal izango dute alderdiek eta akordioagatik kaltea izan lezaketenek, kontratuak baliogabetzen dituzten arrazoiengatiko deuseztasun-akzioa baliatuz, adiskidetzea ekarri duen auziaz arduratzeko eskumena duen epaitegi edo auzitegiaren aurrean.

2. Akordioa egin zenetik hogeita hamar egunera iraungiko da akzioa.

Kaltetuak izan litezkeenentzat, akordioaren berri izaten dutenetik hasiko da kontatzen epea.

68. artikulua

Adiskidetzean hitzartutakoak exekuzio-indarra izango du parte hartzen duten alderdientzat, epaile edo auzitegi aurrean berretsi beharrik gabe ere, eta epaiak exekutatzeko izapidearen bidez gauzatu daiteke.

II. KAPITULUA Auzibidera jo aurreko erreklamazioa

69. artikulua

1. Estatua, autonomia erkidegoak, toki-entitateak edo haien mende dauden erakunde autonomiadunak demandatu ahal izateko, ezinbestekoa da aurrez erreklamazioa egina izatea administrazio-bidetik, legeek ezarritako moduan.

2. Erreklamazioari ezezkoa emanez gero, edo ebazpenik jakinarazi gabe hilabete igaroz gero, epaitegi edo sala eskudunaren aurrean aurkeztu ahal izango du interesdunak demanda, eta harekin batera ezezko ebazpenaren kopia edo erreklamazioa aurkeztu izanaren egiaztagiria; horren guztiaren kopia ere eman beharko du, entitate demandatuarentzat.

3. Erreklamazioak ez du efekturik izango ebazpena ezezkoa bada eta interesdunak demanda epaitegian aurkeztu ez badu bi hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita edo ezetsitzat jo behar den epetik hasita kontaturik. Kaleratzeetatik eratorritako akzioetan, hogei egunekoa izango da epe hori.

70. artikulua

Betekizun horretatik salbuetsirik daude oporrak hartzeari eta hauteskundegaiei buruzko prozesuak, ofizioz hasitakoak, gatazka kolektiboetakoak, hitzarmen kolektiboen aurkarapenari buruzkoak, sindikatuen estatutuen edo haien aldaketen aurkarapenei buruzkoak, askatasun sindikalaren babesari buruzkoak eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 33. artikuluak dioenaren arabera Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontra egindako erreklamazioei buruzkoak.

71. artikulua

1. Gizarte Segurantzako gaietan demanda jartzeko, beharrezko izango da interesdunek aurrez erreklamazioa egitea interesdun, dagokion entitate kudeatzailean edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian.

2. Aurretiazko erreklamazioa hogeita hamar egunen epean jarri beharko da, ebazpena eman zuen organoaren aurrean. Epe hori jakinarazpena egin denetik hasita kontatukoda, jakinarazpena espresua bada, edo, bestela, prozedurari dagokion araudiaren arabera administrazio-isiltasuna gertatutzat jo behar den egunetik hasita.

Ebazpen espresua nahiz presuntziozkoa entitate laguntzaile batek emana bada, entitate kudeatzailean edo zerbitzu erkidean dagokion organoaren aurrean jarriko da aurretiazko erreklamazioa, organo hori eskudun denean, epe berean.

3. Gizarte Segurantzako gaietako egintza edo eskubide bat hasieratik aitortzean edo gero aldatzean dagokion entitatea ofizioz jardutera beharturik dagoenean, akordio edo ebazpenik ez den kasuan, akordioa edo ebazpena eman dadila eska dezake interesdunak, eta aurretiazko erreklamazioaren balioa izango du eskaera horrek.

4. Aurretiazko erreklamazioa egindakoan, artikulu honetan aipatutako kasuetatik edozeinetan, entitateak espresuki erantzun beharko dio hari, berrogeita bost egunen epean. Bestela, administrazio-isiltasunez erreklamazioari ezezkoa eman zaiola joko da.

5. Demanda jartzeko epea hogeita hamar egun izango da, aurretiazko erreklamazioa ukatu dela jakinarazten den egunetik edo administrazio-isiltasunez ukatutzat jotzen den egunetik kontatuta.

6. Erreklamazioak lege honek dioena betez aurkezten direnean, aurkeztu izanaren egiaztagiria emango dute entitate kudeatzaileek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, edo behar bezala zigilatuko dute erreklamazioaren kopia, eguna adieraziz. Demandarekin batera aurkeztu beharko da, ezinbestean, egiaztagiri edo kopia zigilatu hori.

72. artikulua

1. Prozesuan, alderdiek ezin egingo diete aldaketa funtsezkorik aurretiazko erreklamazioari eta haren erantzunari, ez denboran, ez kopuruetan, ez kontzeptuetan.

2. Aurretiazko erreklamazioari erantzun ez dion alderdi demandatuak ezin baliatuko ditu, bere aurkakotza funtsatzeko, administrazio-espedientean adierazitako egitateak baino -halako espedienterik balitz-, non eta beste egitaterik ez den geroztik gertatu.

73. artikulua

Aurretiazko erreklamazioek eten egingo dituzte preskripzio-epeak, eta geldieran utziko iraungitze-epeak. Ebazpena jakinarazi eta biharamunean hasiko da iraungitze-epea berriz kontatzen, edo ezetsitzat jotzeko epea igaro eta biharamunean.

VI. TITULUA PROZESUAREN PRINTZIPIOAK ETA BETEBEHAR PROZESALAK

74. artikulua

1. Gizarte-arloko jurisdikzio-ordenako epaile eta auzitegiek, Lan Arloko prozesu arrunta erregulatzeko arauak interpretatzean eta aplikatzean, arartegabekotasun, ahozkotasun, kontzentrazio eta lastertasun printzipioei jarraituko diete.

2. Lege honetan erregulatutako prozesu-aldaerei dagozkien arau prozesalak interpretatzean eta aplikatzean, orobat, aurreko zenbakian adierazitako printzipioak izango dira gidari.

75. artikulua

1. Organo judizialek atzera botako dituzte ofizioz, ebazpen funtsatuan, luzamendu-asmoz formulatu diren edo eskubideaz abusatzea dakarten eskaera, intzidente eta salbuespenak. Horretaz gainera, zuzendu egingo dituzte arau baten testuan oinarriturik ere prozesuen orekari, babes judizialari eta ebazpenen eraginkortasunari dagokienez Konstituzioan eta legeetan aurreikusitakoaren kontra doazen egintzak.

2. Prozesuan alderdi ez direnek bete egin behar dituzte alderdiei dagozkiekeen eskubideak bermatzearren eta ebazpen judizialen eraginkortasuna segurtatzearren epaile eta auzitegiek ezarritako betebeharrak.

3. Dirutan neur daitekeen kalteren bat gertatuz gero, dagokion kalteordaina eskatu ahal izango du kaltetuak, auzi nagusiaz arduratzen ari den edo arduratu den epaitegi edo auzitegiaren aurrean.

II. LIBURUA PROZESU ARRUNTA ETA PROZESU ALDAERAK

I. TITULUA PROZESU ARRUNTA

I. KAPITULUA Prestamen-egintzak eta prekauzio-neurriak

1. ATALAPrestamen-egintzak

76. artikulua

1. Demandatzeko asmoa duenak organo judizialari eskatu ahal izango dio demandatua izango denak bere nortasunari buruzko egitateren bati buruz deklara dezala, egitate horren berri jakin gabe ezin has badaiteke epaiketa.

2. Era berean, demandatzeko asmoa duenak edo bera demandatuko dutelakoan dagoenak lekukoen galdeketa eskatu ahal izango du aurrez, baldin uste izatekoa bada ezin eutsiko diola bere eskubideari, justifikazio faltaz, lekukoren baten adin handiagatik, haren biziaren arrisku hurbilagatik, komunikazio ezinezkoak edo zailak dituen leku batera joan hurren egoteagatik, edo beste edozein zio larri eta justifikaturengatik.

3. Eginbide hauek egiteari ezezkoa ematen dion ebazpen judizialaren kontra ez dago errekurtsorik aurkezterik; horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea.

77. artikulua

1. Liburu eta kontuak aztertzea edo beste edozein dokumentu kontsultatzea demandaren oinarri ezinbesteko dela frogatzen den kasu guztietan, agiri horiek helarazteko eska diezaioke demandatzeko asmoa duenak organo judizialari.

Kontabilitate-agirien kasuan, gai horretan aditua den batek aholkaturik joan daiteke demandatzailea, eta kontabilitatearen isilpekotasuna gorde beharrak profesionalki dakarzkiokeen betebeharren mende egongo da aditu hori.

Adituaren zerbitzuak eskatu dituenak ordaindu beharko ditu aholkularitzak ekarritako kostuak.

2. Organo judizialak auto bidez ebatziko du, bigarren egunaren barnean, bidezko deritzona, eta behar diren neurriak hartuko ditu, behar izanez gero, agiriak titularraren eskutik atera gabe egin dadin haien azterketa.

2. ATALAPrekauzio-neurriak

78. artikulua

Frogaren bat epaiketa baino lehen egin dadin eskatzen badute alderdiek, epaiketa-ekitaldian bertan ezin egingo delako edo oso nekez egin litekeelako, epaile edo auzitegiak erabakiko du froga horiek egiteari dagokiona, frogabide bakoitza arautzen duen arauak ezarritako moduan. Eskatutakoa ukatzen duen ebazpen judizialaren kontra ez dago errekurtsorik aurkezterik; horrek ez dakar, hala ere, bere garaian epaiaren kontra ezin aurkeztu izatea arrazoi horregatik.

79. artikulua

1. Organo judizialak, ofizioz edo alderdi interesdun batek edo Soldatak Bermatzeko Funtsak eskaturik, Funtsaren erantzukizuna erator daitekeen kasuetan, demandatuaren ondasun batzuk prebentzioz enbargatzea erabaki ahal izango du, baldin demandatuaren zeinahi egintzagatik pentsa badaiteke bere burua kaudimengabezian jarri edo epaiaren eraginkortasuna eragotzi nahi duela. Ondasun enbargatuen zenbatekoak aski izan behar du demandan eskatutakoari eta exekuzio-kostuetarako kalkulaturikoari erantzuteko.

2. Enbargoa eskatzen duenari, alegatzen duen egoera justifikatzeko agiriak, lekukoen informazioa edo beste edozein froga aurkez dezala galdatu ahal izango dio organo judizialak, entzunaldi batean. Soldatak Bermatzeko Funtsaren erantzukizunik erator daitekeen kasuetan, zitazioa egin beharko zaio hari, ondasunak izendatzeko.

3. Prozesuaren edozein unetan eska daiteke prebentziozko enbargoa, epaia baino lehen, hargatik geldieran utzi gabe jarduketak.

II. KAPITULUA Prozesu arrunta

1. ATALADemanda

80. artikulua

1. Demanda idatziz aurkeztuko da, honako betekizun orokor hauekin :

a) Zer organori aurkezten zaion adieraztea.

b) Demandatzailea nor den eta haren nortasun-agiri nazionalaren zenbakia adieraztea, eta orobat adieraztea zein diren prozesura deitu beharreko gainerako interesdunak eta haien bizilekuak; pertsona fisikoen kasuan, izen-abizenak emango dira, eta pertsona juridikoen kasuan, berriz, sozietate-izena. Nortasun juridikorik gabeko talde baten kontra zuzentzen bada demanda, haren antolatzaile, zuzendari edo kudeatzaile ageri direnen izen-abizenak eman beharko dira, eta haien bizilekuak.

c) Argi eta zehatz zerrendatzea uzia eragin duten egitateak, eta orobat legeria substantiboaren arabera auzigaiak ebazteko ezinbesteko diren egitate guztiak. Ezein kasutan ezin alegatuko da egitaterik adiskidetzean edo aurretiazko erreklamazio administratiboan alegatu ez denik, non eta egitateok ez diren geroztik gertatu.

d) Eskea, uziaren edukiaren araberakoa.

e) Demandatzaileak bere kabuz jotzen badu auzitara, bizileku bat izendatuko du epaitegi edo auzitegiaren udalerrian, hartan bidera daitezen berarekiko eginbide guztiak.

f ) Data eta sinadura.

2. Zenbat demandatu eta bestelako interesdun dauden prozesuan, hainbat kopia aurkeztu beharko ditu auzi-jartzaileak, bai demandarenak eta bai harekin batera aurkezturiko agirienak; legez Fiskaltzak esku hartu behar duen kasuetan, harentzat ere kopia aurkeztu beharko du.

81. artikulua

1. Demandan akatsik, hutsik edo zehazgabetasunik izanez gero, horren abisua emango dio organo judizialak alderdiari, gabezia horiek lau egunen epean konpon ditzan, eta ohartaraziko du demanda artxibatzeko aginduko duela konpondu ezean.

2. Epaileak onartu egingo du demanda, behin-behinekoz, nahiz aurretiazko adiskidetze-ekitaldiaren ziurtagiririk ez aurkeztu harekin batera. Hala ere, demandatzaileari abisu emango dio ekitaldia edo hartarako ahalegina egin izana egiaztatu beharko duela hamabost eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontaturik; ohartaraziko du, gainera, hala egin ezean demanda artxibatu egingo duela, besterik gabe.

82. artikulua

1. Demanda onartuz gero, adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldien eguna eta ordua jarriko ditu epaile edo auzitegiak, demanda aurkeztu eta hurrengo hamar egunen barruan; lau eguneko tartea utzi beharko da beti, gutxienez, zitazioaren eta ekitaldiaren beraren artean.

2. Deialdi bakarrean egingo dira adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldiak, eta formaltasunezko zitazioa egin beharko da horretarako, demandaren eta gainerako dokumentuen kopia emanik demandatuei, interesdunei eta, hala badagokio, Fiskaltzari. Zitazio-zeduletan, adierazi beharko da adiskidetze-eta epaiketa-ekitaldiak ezin geroratuko direla demandatua ez agertzeagatik, eta baliatzen saiatu behar duten frogabide guztiekin joan beharko dutela auzilariek epaiketara.

3. Artikulu honen 1. zenbakian jarritakoa baino epe handiagoa jarri beharko da :

a) Zitazioa pertsona juridiko publiko nahiz pribatu batentzako edo nortasunik gabeko talde batentzako denean; kasu horretan, zitazioa hamabost egun lehenago egin beharko da adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldietarako jarritako eguna baino.

b) Epaiketako ordezkaritza eta defentsa Estatuaren abokatuari ematen zaionean; kasu horretan, hogeita bi egunen epea emango zaio Estatuaren Zerbitzu Juridikoaren Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko. Epaiketa-eguna, halakoetan, epe horren ondoren egokitzeko moduan jarriko da.

2. ATALAAdiskidetzea eta epaiketa

83. artikulua

1. Alderdi biek eskatzen dutenean edo organo judizialean egiaztaturiko arrazoi justifikatuak direnean bakarrik geroratu ahal izango dira adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldiak, eta behin bakarrik; halakoetan, erabaki hori hartu ondorengo hamar egunen barruan jarriko da berriro ekitaldia. Salbuespenez, gorabehera larri eta egoki frogatuak tartean direnean, bigarrenez geroratzea erabaki ahal izango da.

2. Baldin eta auzi-jartzailea, formaltasunez zitatua izanik, agertzen ez bada eta epaiketa geroratzeko kausa justurik alegatzen ez badu, demanda utzietsi duela joko da.

3. Demandatuaren ez-agertze justifikatu gabeak ez du eragotziko epaiketa egitea : aurrera jarraituko du, demandatua auzi-ihesean deklaratu beharrik izan gabe.

84. artikulua

1. Organo judizialak, entzunaldi publikoa eraturik, alderdiak adiskidetzeko ahalegina egingo du, zer eskubide eta betebehar dagozkien jakinarazita, izan litekeen epaiaren edukia aurreratu gabe. Alderdiek adostutakoa haietariko batentzat kalte larria, lege-iruzurra edo eskubide-abusua dela iritziz gero, organo judizialak ez du akordioa onetsiko.

2. Epaia eman aurreko edozein unetan onetsi ahal izango da abenikoa.

3. Adiskidetze-ekitaldiaren akta egingo da.

4. Akordioa gauzatzeko, epaiak exekutatzeko izapide berak egingo dira.

5. Abenikoaren baliozkotasuna aurkaratzeko akzioa epaitegi edo auzitegi berean baliatuko da, lege honetan ezarritako izapide eta errekurtsoekin. Akordioa egin eta hamabost egunen buruan iraungiko da akzioa.

85. artikulua

1. Adiskidetze-ekitaldian abenikorik ez bada, epaiketara joko da hurrena, eta izandako jarduketen berri emango du idazkariak. Jarraian, demanda berretsi edo zabaldu egingo du demandatzaileak, baina aldaketa funtsezkorik ezin egingo du hartan, ezein kasutan.

2. Demandatuak erantzun egingo du, demandako egitateak zehaztasunez baieztatuz edo ukatuz eta egoki deritzon salbuespen oro alegatuz. Ezein kasutan ezin formulatuko du errekonbentzioa, ez badu halakorik iragarri prozesuaren aurretiko adiskidetzean edo aurretiazko erreklamazioaren erantzunean, eta ez badu adierazi oinarri hartzen dituen egitateen eta eskaera zehatzaren funtsa. Errekonbentzioa formulatzen bada, hari demandaren arabera erantzuteko izapidea irekiko da. Erantzuteko izapide bera irekiko da salbuespen prozesalentzat, halakorik alegatzen bada.

3. Epaile edo auzitegiak beharrezko deritzon guztietan hartuko dute hitza alderdiek.

4. Adiskidetze-ekitaldian, era berean, lege honen 189.1.b) artikuluan xedaturikoari dagokionez komenigarri deritzoten guztia alegatu ahal izango dute alderdiek, eta, dagokion une prozesalerako, beren alegazioak oinarritzeko behar diren irizpide-elementuak eskainiko dituzte. Berez nabarmena bada prozesuak langile edo onuradun askori eragiten diela, horri buruzko frogarik aurkeztu beharrik ez da izango.

86. artikulua

1. Ezein kasutan ez da prozedura geldieran utziko eztabaidagai diren egitateei buruzko auzi kriminala egiten ari delako.

2. Alderdietariko batek agiri baten faltsutasuna alegatzen badu, eta agiri horrek eragin nabarmena izan badezake auzian, auzi kriminalaren ebazpena gabe behar bezalako erabakirik eman ezin delako edo erabakia zuzen-zuzenean baldintzatzen duelako, epaiketak jarraitu egingo du azkena arte, eta, geroko jarduketak geldieran utzirik, organo judizialak zortzi eguneko epea emango dio interesdunari, kereila aurkeztu izana egiaztatzen duen agiria eransteko. Auzi kriminalean epaia edo largespen-autoa eman arte iraungo du geldierak, eta, erabaki hori ematen denean, epaile edo auzitegiari jakinarazi beharko dio alderdietariko edozeinek.

3. Judizio aurreko beste edozein arazo penaletan absoluzio-epaia ematen bada, egitaterik ezagatik edo subjektuak hartan parte hartu ez izateagatik, zabalik geldituko da gizarte-arloko epaile edo salak emandako epaiari Prozedura Zibilaren Legean araututako berrikuspen-errekurtsoa aurkezteko bidea.

87. artikulua

1. Onartu egingo dira adostasunik ez dagoen egitateei buruz formulatzen diren eta ekitaldian egin daitezkeen frogak. Orobat onar daitezke, ezinbestekotzat joz gero, epaile edo auzitegia entzunaldi-aretotik kanpora ateratzea eskatzen duten frogak. Kasu horretan, geldieran utziko da judizioa, behar-beharrezko den denbora doirako.

2. Epaile edo auzitegiak ebatziko du ea pertinenteak diren frogak eta alderdiek formulaturiko galderak, eta, interesdunak protesta egiten badu ekitaldian, galderak onartu ez zaizkiolako, aktan jasoko dira galdera edo eskatutako proba, ezezko ebazpena, ezezkoaren oinarri arrazoitua eta protesta; horiek guztiak, epaiaren kontra dagokion errekurtsorako. Onarturiko froga bat egiten hasitakoan uko egiten badio hura proposatu zuen alderdiak, organo judizialak jarraitzea erabaki dezake, geroko errekurtsorik gabe.

3. Egitateak argitzeko beharrezko jotzen dituen galderak egin ahal izango dizkie organo judizialak hala alderdiei nola peritu eta lekukoei.

Auzilariek eta defendatzaileek ere balia dezakete eskubide hori.

4. Froga egindakoan, alderdiek edo haien defendatzaileek ahoz adieraziko dituzte beren ondorioak, labur eta zehatz, frogaren emaitzaren arabera zehazturik zer kopuru eskatzen diren edozein kontzeptutan kondena nagusi edo subsidiario gisa, modu likidoan eta ezertan aldatu gabe demandan nahiz errekonbentzioan -halakorik bada- adierazitako oinarrizko puntuak eta eskatzeko arrazoiak; edo bestela, hala badagokio, uzia berdindu dezaketen neurriak eskatuko dituzte, labur eta zehatz.

Alderdiek izapide horretan eskatu ezean, epaile edo auzitegiak hartarako errekerimendua egingo die alderdiei; ezein kasutan ezin utziko da zehaztapen hori epaiaren exekuziorako.

5. Organo judizialak informazio aski ez duela irizten badio eztabaidagairen batean, egoki deritzon denbora eskainiko die bi alderdiei, informazioa edo azalpenak eman ditzaten berak eskatutako gorabeherei buruz.

88. artikulua

1. Epaiketa amaiturikoan, eta epaia emateko epearen barnean, beharrezko deritzon froga guztiak egitea erabaki dezake epaile edo auzitegiak, hobeto ebaztearren, alderdien esku-hartzearekin. Probidentzia berean zehaztuko da zer eperen barruan egin beharko den froga; epe horretan, diligentzien emaitza agertuko zaie alderdiei, egoki deritzoten oro alega dezaten, idatziz, eginbide horien garrantziaz edo irismenaz. Froga gauzatu gabe iragaten bada epe hori, organo judizialak beste probidentzia bat emango du, eta hartan beste epe bat jarriko akordioa exekutatzeko, behar diren jakinarazpenak eginik. Epe horren barnean ere froga gauzatzerik izan ezean, epaile edo auzitegiak, alderdiei entzun ondoren, jarduketak epairako behin betiko itxita geldi daitezela erabakiko du.

2. Aitortza judiziala egitea edo alderdietariko bati agiriren bat eskatzea baldin bada egin beharreko eginbidea, eta jarritako epean alderdi hori aitortzarako agertzen ez bada edo agiria aurkezten ez badu, arrazoi justifikaturik izan gabe, frogatutzat jo daitezke hitzartutako frogari dagokionez kontrako alderdiak egindako alegazioak.

89. artikulua

1. Epaiketak dirauen bitartean, dagokion akta idatziz joango da, eta hartan jasoko dira :

a) Lekua, data, ekitaldiaren buru den epaile edo auzitegia, agertzen diren alderdiak, haien laguntzan ari diren ordezkari eta defendatzaileak, eta adiskidetze- ekitaldiaren aipamen laburra.

b) Alderdien alegazioen laburpen doi bat, alderdiek proposatutako frogabideak, froga horien pertinentziari edo pertinentziarik ezari buruzko deklarazio espresua, ezezkoaren arrazoiak, eta protesta, baldin bada.

c) Onartu eta egindako frogei dagokienez:

1. Aitortza- eta lekukotza-frogen laburpen nahikoa.

2. Aurkezturiko agirien zerrenda zehaztasunez hornitua, edo, zerrendari luzeegiagatik desegoki iritziz gero, agiriak identifikatzeko adinako datuak.

3. Agiri-frogei buruz epaiketan planteatu diren gorabeheren zerrenda.

4. Peritu-txostenen laburpen nahikoa, eta, orobat, proposaturiko perituerrekusazioen inguruan epaile edo auzitegiak emandako ebazpenarena.

5. Aholkularien deklarazioen laburpena, haien irizpena ez bada idatziz prestatua eta jarduketei gehitua.

d) Alderdiek formulaturiko konklusio eta eskaera zehatzak; kopuru-kondenak eskatzen diren kasuan, aktan adierazi beharko dira haien zenbatekoak.

e) Epaile edo auzitegiaren deklarazioa, jarduketak itxitzat ematen eta epaia emateko ekitaldira ekarrarazten dituena.

2. Epaile edo auzitegiak ebatziko du, ondorengo errekurtsorik gabe, aktaren edukiaz egindako ohar oro, eta horren ondoren sinatuko, alderdiekin batera edo haien ordezkari edo defendatzaileekin eta perituekin batera; haietakoren batek sinatu ez badu, ezin duelako, nahi ez duelako edo bertan ez dagoelako, aktan jasoko da hori. Idazkariak sinatuko du akta, azkenik, eta fede emango.

3. Erreprodukzio-bide mekanikoen bitartez ere egin daiteke epaiketaren akta. Kasu horretan, aurreko zenbakian azaldutako betekizun berak eskatuko dira.

4. Epaiketaren aktaren kopia eman beharko zaie prozesuan alderdi izan direnei, eskatzen badute.

3. ATALAFrogak

90. artikulua

1. Legean araututako frogabide guztiez balia daitezke alderdiak. Frogabidetzat onartuko dira hitzaren, irudiaren eta hotsaren erreprodukzio-bide mekanikoak, non eta haiek lortzeko ez diren erabili, zuzenean edo zeharka, oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak bortxatzea dakarten prozedurak.

2. Epaiketan egitekoak diren eta zitazioa edo errekerimendua behar duten frogak ere eskatu ahal izango dituzte alderdiek, epaiketa baino hiru egun lehenago, gutxienez.

91. artikulua

1. Aitortza-frogarako posizioak ahoz proposatuko dira, agiririk gabe.

2. Aitortzera deitutakoa lehen zitaziora agertzen ez bada, kausa justurik izan gabe, edo deklaratzeari uko egiten badio, edo ez baietz ez ezetz erantzun gabe badirau ohartarazpenaren ondoren ere, aitortza egindakotzat jo daiteke epaian.

3. Pertsona juridiko pribatuen kasuan, aitortza egiteko, haien legezko ordezkari izan eta posizioei erantzuteko ahalmena duena agertuko da.

4. Aitortza ez bada egitate pertsonalei buruzkoa, onartuko da egitateon berri zuzenean dakien hirugarren batek erantzutea posizioei, alderdiak hala eskatu eta deklarazioaren erantzukizuna onartuz gero.

92. artikulua

1. Galdera- eta birgaldera-idazkirik ez da onartuko lekukotza-frogarako.

Lekukoak gehiegi badira eta, organo judizialaren iritzian, egitate aski argituen lekukotza alferrik errepikatzea gerta badaiteke haien adierazpenekin, organoak bere irizpidez mugatu ahal izango du lekuko kopurua.

2. Lekukoak ezin arbuiatuko dira, eta konklusioetan soilik egin ahal izango dituzte alderdiek egoki deritzoten oharrak lekukoon inguruabar pertsonalei eta haien adierazpenen egiazkotasunari buruz.

93. artikulua

1. Peritu-frogak egitean, ez dira aplikatzekoak izango perituen zozketari buruzko erregela orokorrak.

2. Organo judizialak, ofizioz edo alderdi-eskariz, auzitegi-mediku baten esku-hartzea eskatu ahal izango du, haren txostena beharrezko den kasuetan.

94. artikulua

1. Aurkezten den agiri-froga epaiketa-ekitaldian helaraziko zaie alderdiei, azter dezaten.

2. Alderdienak diren agiriak prozesura ekarri beharko dira, kontrako alderdiak frogabidetzat proposatu baditu eta epaile edo auzitegiak froga onartu badu. Arrazoi justifikaturik gabe agiriok aurkeztu ezean, frogatutzat jo ahal izango dira hitzartutako frogari kontrako alderdiak egindako alegazioak.

95. artikulua

1. Auzigaian aditua den pertsona baten edo gehiagoren irizpena entzun ahal izango du epaile edo auzitegiak, egoki baderitzo, epaiketa-ekitaldian bertan edo hura amaitutakoan, hobeki ebazteko.

2. Hitzarmen kolektibo baten interpretazioa baldin bada prozesuan eztabaidagai, hitzarmen horretako batzorde parekideari entzun edo haren txostena eskatu ahal izango du organo judizialak.

3. Sexu-diskriminazioagatiko auzigai bat sortzen bada prozesuan, erakunde publiko eskudunen irizpena eskatu ahal izango du epaile edo auzitegiak.

96. artikulua

Prozesuan alderdi auzi-jartzailearen alegazioetatik diskriminazio-zantzurik ondorioztatzen bada, dela sexu, arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmen, ezgaitasun, adin edo sexu-joeragatik, demandatuari dagokio hartutako neurrien eta haien proportzionaltasunaren justifikazio objektibo eta arrazoizkoa ekartzea, aski frogatua.

4. ATALAEpaia

97. artikulua

1. Epaia bost egunen epean emango du epaile edo auzitegiak, berehala argitaratuko da, eta hurrengo bi egunetan jakinaraziko zaie alderdiei edo haien ordezkariei.

2. Epaiak, egitate-aurrekarien atalean, prozesuan eztabaidagai izan diren gertakarien laburpen nahikoa adierazi beharko du. Orobat, konbikzioelementuak balioetsita, espresuki adieraziko du zer gertakari jotzen dituen frogatutzat, eta ondorio horretara zer arrazoibidek eraman duten azalduko du zuzenbideko oinarrien atalean. Azkenik, aski funtsatu beharko ditu epaitzako erabakiak.

3. Epaiak, zioak emanik, diru-zehapena ezarri ahal izango dio fede gaiztoz edo ausarkeria nabarmenez jokatu duen auzilariari; zehapen horren zenbatekoa, instantzian, ezin izango da ehun mila pezeta baino gehiago. Halako kasuetan, enpresaburua bada kondenatua, abokatuen zerbitzu-sariei ere berak egin beharko die aurre.

98. artikulua

1. Epaiketa-ekitaldian buru izan den epaileak epairik ezin eman badu, berriz egin beharko da epaiketa.

2. Gizarte-arloko salei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoan xedaturikoak aginduko du.

99. artikulua

Kopuru bat ordaintzera kondenatzen duten epaietan, epaile edo auzitegiak espresuki zehaztuko du kopurua, ezein kasutan exekuzio-garairako utzi gabe zehaztapen hori.

100. artikulua

Epaia alderdiei jakinaraztean, epai irmoa den edo ez adieraziko da, eta, errekurritzeko aukerarik baldin bada, zer errekurtso eta zer organoren aurrean jar daitekeen, zer epe eta betekizun diren, eta orobat zer gordailu eta kontsignazio egin behar diren eta nola.

101. artikulua

Epaiak enpresaburua kondenatzen badu, enpresaburua beharturik egongo da bere kabuz agertu den demandatzaileari egun hauetako soldatak ordaintzera : epaitegi edo auzitegian adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldiak egin diren egunetakoa, eta dagokion organoaren aurrean aurretiazko adiskidetzea egin denekoa, egin bada.

II. TITULUA PROZESU ALDAERAK

I. KAPITULUA Xedapen orokorra

102. artikulua

Prozesu arrunterako xedapenek aginduko dute titulu honetan berariaz aurreikusi gabeko guztian.

II. KAPITULUA Kaleratzeak eta zehapenak

1. ATALADiziplinazko kaleratzea

103. artikulua

1. Kaleratzea gertatu eta hurrengo hogei egun baliodunen barruan erreklamatu ahal izango du langileak kaleratzearen kontra. Epe hori iraungitze-epea izango da ondorio guztietarako.

2. Okerrez enpresaburutzat jo den norbaiten kontra aurkezten bada kaleratzeagatiko demanda, eta enpresaburua hirugarren bat dela frogatzen bada epaiketan, langileak beste demanda bat aurkeztu ahal izango du hirugarren horren kontra. Enpresaburua nor den frogatu arte ez da hasiko iraungitze-epea kontatzen.

104. artikulua

Kaleratzeagatiko demandetan, aurreikusitako betekizun orokorrez gain, honako hauek agertu beharko dute :

a) Lantokia; lanbide-kategoria; kaleratzearen aurretik egiten zen lanaren ezaugarri bereziak, baldin badira; soldata; noiz eta nola ordaintzen zitzaion, eta kaleratuaren antzinatasuna.

b) Kaleratze-data eta -forma, eta enpresaburuak alegatutako egitateak.

c) Ea langile demandatzailea langileen legezko ordezkari edo ordezkari sindikal den, edo kaleratu aurreko urtean izan den.

d) Ea langilea sindikaturen batean afiliaturik dagoen, baldin eta delegatu sindikalei aurrez entzuera eman gabe kaleratu izana alegatzen badu langileak kaleratzea bidegabe jotzeko.

105. artikulua

1. Demanda berretsitakoan, berresten bada, demandatuari dagokio lehenik bere jarrera agertzea, hala alegazioen fasean nola froga gauzatzean, eta orobat konklusioen fasean. Demandatuari dagokio, halaber, kaleratzea justifikatzearren kaleratze-gutunean egotzitako egitateen egiazkotasuna frogatzearen karga.

2. Kaleratzea justifikatzeko, demandatuak ezin erabiliko du epaiketan, demandaren aurka, kaleratzearen komunikazio idatzian agertu ez duen ziorik.

106. artikulua

1. Lege honen 32. artikuluan aurreikusitako kasuetan, errespetatu beharreko bermeak dira alegazioei, frogari eta konklusioei dagokienez diziplinazko kaleratzeagatiko prozesurako ezartzen direnak.

2. Enpresa-batzordeko kideen, langileen delegatuen edo delegatu sindikalen kaleratzeetan, legeak eskatzen duen kontraesan-espedientea ekarri beharko du alderdi demandatuak.

107. artikulua

Epaian frogatutzat ematen diren egitateetan, honako inguruabar hauek agerrarazi beharko dira:

a) Kaleratze-eguna.

b) Langilearen soldata.

c) Lantokia; lanbide-kategoria; antzinatasuna, lan egin den aldiak zehaztuz; kaleratzearen aurretik egiten zen lana, eta haren ezaugarri bereziak, izanez gero.

d) Ea langileen delegatu, enpresa-batzordeko kide edo delegatu sindikal den langilea, edo kaleratu aurreko urtean izan den.

108. artikulua

1. Epaitza ematean, bidezko, bidegabe edo deusez kalifikatu beharko du epaileak kaleratzea.

Kaleratzea bidezko kalifikatuko da enpresaburuak komunikazio-idazkian alegaturiko ez-betetzea egiaztaturik geratuz gero. Bidegabe kalifikatuko da, aldiz, hori egiaztaturik geratu ezean, edo formazko betekizunak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 55. artikuluan ezarriak, bete ezean.

2. Kaleratzea deusez izango da haren zioa Konstituzioan eta legean aurreikusitako diskriminazio-kausetariko bat baldin bada, edo langilearen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak bortxatuz gertatu bada.

Kaleratzea deusez izango da honako kasu hauetan ere :

a) Amatasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik, adopzioagatik edo familia-harreragatik -Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 45. artikuluaren 1. zenbakiko d) letrak dioenaren arabera- kontratua geldieran den aldian kaleratu bada langilea, edo kaleratzea halako datan jakinarazi bada non emandako aurreabisu-epea bitarte horretan amaitzen baita.

b) Kaleratutako langilea emakume haurduna izanik, haurdunaldiaren hasiera-datatik a) letran aipatutako geldiera hasi bitartean gertatu bada kaleratzea; orobat, kaleratuak Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan aipatzen diren baimenetariko bat eskatua badu, edo hura gozatzen ari bada, edo Langileen Estatutuaren 46. artikuluko 3. zenbakian aurreikusitako eszedentzia eskatua badu.

Aurreko letretan ezarritakoa aplikatuko da non eta ez den kaleratzea bidezko deklaratzen, kasu bietan, haurdunaldiarekin edo baimenerako eta eszedentziarako eskubideaz bestelako arrazoiengatik.

3. Kaleratzearen zioa 2. zenbakiko kausetakoren bat dela egiaztatuz gero, hari buruzko erabakia emango du epaileak, edozein izan dela ere kaleratzearen forma.

109. artikulua

Kaleratzea bidezko joz gero, baliozko deklaratuko da hark ekarritako kontratu-azkentzea, eta ez da eskubiderik izango kalte-ordaina eta izapidetzealdiko soldatak jasotzeko.

110. artikulua

1. Kaleratzea bidegabe deklaratuz gero, kaleratu aurreko baldintza beretan langilea berrartzera kondenatuko du epaileak enpresaburua, edo bestela, langileari kalte-ordaina ematera, enpresaburuaren aukeran; kalte-ordainaren zenbatekoa zehazteko, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 56. artikuluko 1. zenbakiko a) paragrafoak dioenaren arabera jokatuko da. Kondenan, gainera, 1. zenbaki horretako b) paragrafoan aipatutako diru-kopurua ordaindu beharra ezarriko zaio enpresaburuari, artikulu bereko 2. zenbakian aurreikusitako murriztapenekin, hala badagokio, eta 57. artikuluak ezarritakoaren kalterik gabe.

Lan-harreman berezia duen langile bat baldin bada bidegabe kaleratua, harreman berezi hori arautzen duen arauan ezarritakoa izango da kalte-ordainaren zenbatekoa, ezarrita badago.

2. Langileen legezko ordezkari edo ordezkari sindikal baten kaleratzea deklaratzen bada bidegabe, langileari dagokio aurreko zenbakian aurreikusitako hautua egitea.

3. Hautua egiteko, gizarte-arloko epaitegiko idazkaritzan agertu edo hara idatzi beharko da, kaleratzea bidegabe deklaratzen duen epaia jakinarazi eta bost egunen epean, epaia irmo izan arte itxaron gabe, instantziakoa baldin bada.

4. Formazko betekizunak ez betetzeagatik deklaratu bada kaleratzea bidegabe, eta langilea berrartzeko hautua egin bada, beste kaleratze bat egin daiteke epaia jakinarazi eta hurrengo zazpi egunen epean. Kaleratze hori ez da lehengo azkentze-egintza beraren zuzenketa izango, baizik eta beste kaleratze bat, efektuak data horretatik aurrera izango dituena.

111. artikulua

1. Kaleratzea bidegabe deklaratzen duen epaiaren kontra errekurtsoa jarriz gero, enpresaburuak egindako hautuak honako ondorio hauek izango ditu:

a) Langilea berrartzeko hautua egin bada, edozeinek aurkezten duela ere errekurtsoa, behin-behinekoz egingo da berrartzea, lege honen 295. artikuluak ezarritako moduan.

b) Enpresaburuak kalte-ordainaren hautua egin badu, izan errekurtsoa enpresaburuak jarria nahiz langileak jarria, ez da epaia behin-behinekoz exekutatuko; hala ere, errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean, langilea nahi gabeko langabezian dagoela joko da legez. Langileak errekurtsoa jarri eta hartaz ebazten duen epaiak kalte-ordainaren zenbatekoa igotzen badu, enpresaburuak, jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egunen barruan, aldatu ahal izango du bere hautua, eta, kasu horretan, lehenbiziko hautua egin zen egunerainoko atzeraeragina izango dute langilea berrartzearen efektu ekonomikoek; kontzeptu horretan ordaindu beharreko kopurutik kendu egingo da langileak langabezia-prestazio gisa jasotakoa, jaso badu. Enpresaburuak erakunde kudeatzailean sartu beharko ditu langileari langabezia-prestazio gisa ordaindu zaion kopurua eta enpresak Gizarte Segurantzari langileagatik ordaindu beharrekoa.

Gerora langabezia-babesa jasotzeko eskubidea aitortzeari begira, kotizaturiko lan-garaitzat hartuko da aurreko paragrafoan aipaturiko aldia.

2. Egin gabetzat hartuko da hautua, edozein aldetarakoa dela ere, kaleratzea deusez deklaratzen badu goragoko auzitegiak errekurtsoa ebaztean. Errekurritutako epaia berresten denean, ezin aldatuko da hautua.

112. artikulua

1. Langileen legezko ordezkari edo ordezkari sindikal baten kaleratzea bidegabe deklaratzen duen epaiari errekurtsoa jartzen zaionean, ordezkariok egindako hautuak honako ondorio hauek izango ditu :

a) Berrartzea hautatu badu langileak, edozein dela ere errekurritu duen alderdia, lege honen 295. artikuluak dioenari jarraitu beharko zaio.

b) Kalte-ordaina hautatu badu langileak, izan errekurtsoa langileak jarria nahiz enpresaburuak jarria, ez da epaia behin-behinekoz exekutatuko; nolanahi ere, errekurtsoa bideratzen den bitartean, langilea nahi gabeko langabezian dagoela joko da legez. Enpresaburuak jarritako errekurtsoa ebazten duen epaiak kalte-ordainaren zenbatekoa gutxitzen badu, langileak, jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egunen barruan, aldatu ahal izango bere hautua, eta, kasu horretan, lehenbiziko hautua egin zenerainoko atzeraeragina izango dute berrartzearen efektu ekonomikoek; kontzeptu horretan ordaindu beharreko kopurutik kendu egingo da langileak langabezia-prestazio gisa jasotakoa, jaso badu. Enpresaburuak erakunde kudeatzailean sartu beharko ditu langileari langabeziaprestazio gisa ordaindu zaion kopurua eta enpresak Gizarte Segurantzari langileagatik ordaindu beharrekoa.

Gerora langabezia-babesa jasotzeko eskubidea aitortzeari begira, kotizaturiko lan-garaitzat hartuko da aurreko paragrafoan aipaturiko aldia.

2. Egin gabetzat hartuko da hautua, edozein aldetarakoa dela ere, kaleratzea deusez deklaratzen badu goragoko auzitegiak errekurtsoa ebaztean. Errekurritutako epaia berresten bada, berriz, ezin aldatuko da hautua.

113. artikulua

Kaleratzea deusez deklaratuz gero, langilea berehala berrartzea eta jaso gabe geldituriko soldatak ordaintzea izango da kondena. Epaia 295. artikuluak dioen moduan exekutatuko da behin-behinekoz, izan errekurtsoa enpresaburuak jarria nahiz langileak jarria.

2. ATALAZehapenak aurkaratzeko prozesua

114. artikulua

1. Langileak esku izango du ezarri dioten zehapena aurkaratzeko, demanda aurkeztuz, lege honen 103. artikuluak zehazturiko epean.

2. Legezko ordezkari legezko edo ordezkari sindikal diren langileei falta larri edo oso larriengatik jarritako zehapenak aurkaratzeari buruzko prozesuetan, legez ezarritako kontraesan-espedientea aurkeztu beharko du alderdi demandatuak.

3. Enpresaburuari dagokio langileari egotzitako egitateen egiazkotasuna frogatzea, eta haien larritasuna; ezin onartuko da, demandaren aurka egiteko, bere garaian zehapena justifikatzeko alegatu gabeko arrazoirik.

Alegazio, froga eta konklusioetan, diziplinazko kaleratzeetarako ezarritako hurrenkerari jarraitu beharko diote alderdiek.

115. artikulua

1. Erabaki hauetariko bat hartuko da epaian:

a) Zehapena berrestea, frogatu baldin bada formazko eskakizunak bete direla eta langileari egotzitako ez-betetzea benetakoa dela, eta orobat frogatu bada ez-betetzearen larritasun maila, legeetan edo aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan aurreikusiriko falta eta zehapenen mailaketaren arabera balioetsia.

b) Zehapena guztiz errebokatzea, langileari egotzitako egitateen benetakotasuna frogatu ez bada, edo egitateok falta-izaerakoak ez badira.

c) Zehapena partez errebokatzea, egindako falta egoki kalifikatu ez bada. Kasu horretan, faltaren larritasunari egokituriko zehapena ezartzeko baimena eman ahal izango du epaileak.

d) Zehapena deusez deklaratzea, legez edo hitzarmenez ezarritako formazko betekizunak gorde gabe ezarria bada, edo betekizunotan akats larriak egin badira, betekizunen helburua galarazterainokoak.

2. Aurreko zenbakiko ondorioetarako, deusez izango dira langileen legezko ordezkariei edo delegatu sindikalei falta larri edo oso larriengatik jarritako zehapenak, aurrez entzuera eman ez bazaie langilea partaide den ordezkaritzako gainerako kideei, eta orobat sindikatu batean afiliaturik dauden langileei jarritakoak, entzuera eman ez bazaie delegatu sindikalei.

Deusez izango dira, era berean, legez debekaturik dauden zehapenak eta legeetan edo aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan tipifikatu gabe daudenak.

3. Prozesu hauetan emandako epaiak errekurritzeko aukerarik ez da izango, non eta zehapena ez den falta oso larriagatik jarria eta judizialki halakotzat joa falta hori.

III. KAPITULUA Kaleratzeagatiko epaiketetan izapidetze-aldiko soldatak Estatuari erreklamatzea

116. artikulua

1. Hirurogei egun baliodun baino gehiago igaro badira kaleratzeagatiko demanda aurkeztutzat eman zen egunetik auzitegi edo epaitegiak kaleratzea lehen aldiz bidegabe deklaratu duen epaira bitarte, enpresaburuak Estatuari erreklamatu ahal izango dizkio, epaia irmo geratzean, hirurogei egunetatik aurrera langileari ordainduriko soldatak.

2. Enpresaburua behin-behinekoz kaudimengabe den kasuan, langileak zuzenean Estatuari erreklamatu ahal izango dizkio aurreko zenbakian aipaturiko soldatetatik enpresaburuak ordaindu ez dizkionak.

117. artikulua

1. Izapidetze-aldiko soldatengatik Estatua demandatzeko, aurrez administrazio- bidetik erreklamatu beharko da, ezarritako forma eta epeetan. Erreklamazioari ezezkoa ematen bazaio, enpresaburuak edo, hala badagokio, langileak, dagokion akzioa susta dezake kaleratzeagatiko prozesuaz instantzian arduratu zen epaitegiaren aurrean.

2. Demandarekin batera, ezezko administrazio-ebazpenaren edo ordainketa eskatzeko instantziaren kopia aurkeztu beharko da.

118. artikulua

1. Demanda onarturikoan, hurrengo bost egunen barruan jarriko da epaiketa - eguna, eta zitazioa egingo zaie langileari, enpresaburuari eta Estatuaren abokatuari; prozesua ez da geldieran utziko abokatuak Estatuaren Zerbitzu Juridikoko Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egin ahal izan diezaion.

2. Erreklamazioaren bidezkotasuna eta zenbatekoa izango dira epaiketako gai bakarrak, eta ez da onartuko kaleratze-epaian frogaturiko deklarazioak berrikustea xede duen frogarik.

119. artikulua

1. Ez dira kontuan hartuko, 116. artikuluan aipatzen diren hirurogei egun baliodunetatik aurrerako denbora kontatzeko, honako aldi hauek :

a) Demanda zuzentzen emaniko denbora, adiskidetze-ekitaldia edo aurretiazko erreklamazio administratiboa egin zela frogatu ez denean, edo demandak berak akats, huts edo zehazgabetasunak dituenean.

b) Alderdietariko batek eskaturik prozesua geldieran egondako denbora, lege honen 83. artikuluan aurreikusiriko moduan epaiketa-ekitaldia geldieran utzi denean.

c) Kereila aurkeztu izana egiaztatzearren auzia geldieran utzitako denbora, auzian eragin nabarmena izan dezakeen agiri baten faltsutasuna alegatu duenean alderdietariko edozeinek.

2. Aurreko zenbakiko kasuetan, epaileak erabakiko du, aurkezturiko frogak balioetsirik, iragandako denbora horretako soldatek Estatuaren gain ala enpresaburuaren gain joan behar duten. Inoiz, salbuespenez, soldata horiek jasotzea galaraz diezaioke epaileak langileari, prozesuan izandako jokabidean eskubideaz nabarmen abusatu duela irizten badio.

IV. KAPITULUA Arrazoi objektiboengatik kontratua azkentzea eta azkentzeko beste arrazoi batzuk

1. ATALAArrazoi objektiboengatik kontratua azkentzea

120. artikulua

Arrazoi objektiboengatik lan-kontratua azkentzetik eratorritako prozesuetan, kaleratze eta zehapenei buruzko prozesuen kapituluan bilduriko arauei jarraituko zaie, honen ondorengo artikuluetan azalduriko berezitasunekin.

121. artikulua

1. Azkentze-erabakiaren aurkako akzioa baliatzeko, hogei egun izango da epea, lan-kontratua amaitu eta biharamunetik hasita kontaturik beti. Enpresaren aurreabisu-jakinarazpena jasotzen duen unetik aurrera balia dezake langileak akzioa.

2. Enpresaburuak eskainiriko kalte-ordaina jaso izanak edo beste lanpostu bat bilatzeko baimena erabili izanak ez dio langileari galarazten akzioa baliatzea, eta ez du adierazten enpresaburuaren erabakiarekin ados dagoenik.

122. artikulua

1. Bidezko deklaratuko da azkentze-erabakia baldin eta enpresaburuak, eska daitezkeen formazko betekizunak beterik, jakinarazpen idatzian adieraziriko legezko kausa badela frogatzen badu. Hori frogatu ezean, bidegabe deklaratuko da erabakia.

2. Deusez izango da amaitze-erabakia kasu hauetan :

a) Jakinarazpen idatziaren legezko formaltasunak, kausa aipatuz, bete ez direnean.

b) Langileari dagokion kalte-ordaina eskaini ez zaionean, salbu eta legeak betekizun hori galdatzen ez duen kasuetan.

c) Diskriminatzailea edo langilearen oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen kontrakoa denean.

d) Kaleratze kolektiboetarako ezarritako arauak saihesturik lege-iruzurrean egin denean, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak 51.1 artikuluaren azken paragrafoan aipatzen dituen kasuetan.

Deusez izango da amaitze-erabakia, orobat, honako kasuotan :

a) Amatasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik, adopzioagatik edo familia-harreragatik -Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 45. artikuluaren 1. zenbakiko d) letrak dioenaren arabera- kontratua geldieran dagoen aldian kaleratu bada langilea, edo kaleratzea halako datan jakinarazi bada non bitarte horretan amaitzen baita emandako aurreabisuepea.

b) Kaleratutako langilea emakume haurduna izanik, haurdunaldiaren hasiera eta a) letran aipaturiko geldiera hasi bitartean gertatu bada kaleratzea; orobat, kaleratutako langileak Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan aipatzen diren baimenetariko bat eskatua badu, edo hura gozatzen ari bada, edo Langileen Estatutuaren 46. artikuluko 3. zenbakian aurreikusitako eszedentzia eskatua badu.

Aurreko letretan ezarritakoa aplikatuko da, non eta, kasu bietan, kaleratzea ez den bidezko deklaratzen haurdunaldiarekin edo baimenerako eta eszedentziarako eskubidea baliatzearekin lotu gabeko arrazoiengatik.

3. Azkentzea ez da deusez deklaratuko aurreabisu-eperik ez emateagatik, edo langileari eskainiriko kalte-ordaina kalkulatzean akats barkagarri bat egiteagatik.

123. artikulua

1. Epaiak bidezko jotzen badu enpresaburuaren erabakia, azkendutzat deklaratuko da lan-kontratua, eta langileari honako diferentzia hauek ordaintzera kondenatuko du enpresaburua: langileak jaso duen kalte-ordainaren eta legez dagokionaren artekoa, eta aurreabisu-aldiko soldatei dagokiena, aldi hori bete ez den kasuetan.

2. Azkentze-erabakia bidegabe edo deusez deklaratzen denean, diziplinazko kaleratzerako aurreikusi moduan kondenatuko da enpresaburua, eta aurreabisu-aldiari dagozkion soldatei ezin kenduko zaizkie izapidetzealdikoak.

3. Berrartu behar duten kasuetan, langileak itzuli egin beharko du jasoriko kalte-ordaina.

4. Epaileak erabakiko du, hala badagokio, langileak jasoriko kalte-ordainaren eta epaiak zehazturikoaren arteko konpentsazioa.

2. ATALAKaleratze kolektiboak, arrazoi ekonomiko, antolamenduzko, tekniko edo ekoizpenezkoak direla kausa

124. artikulua

Enpresaburuak lan-kontratuen azkentze kolektiboa erabakitzen duenean, horretarako kausatzat emanik arrazoi ekonomiko, antolamenduzko, tekniko edo produkziozkoak, ezinbestea edo enpresaburuaren nortasun juridikoa amaitzea, organo judizialak deusez deklaratuko du erabaki hori, ofizioz edo alderdi-eskariz, non eta ez den aurrez administrazio-baimena eskuratu, legez hala aurreikusia dagoen kasuetan. Halakoetan jarri beharreko kondena lege honen 113. artikuluan ezarritakoa da.

V. KAPITULUA Oporrak, hauteskunde-gaiak, lanbide-sailkapenak, mugigarritasun geografikoa eta lan-baldintzen aldaketa funtsezkoak, edoskitze-baimenak eta familia-arrazoiengatik lanaldia murrizteko baimenak

1. ATALAOporrak

125. artikulua

Langile baten nahiz anitzen opor-data erabakitzeko prozeduran, honako erregela hauei jarraituko zaie :

a) Opor-data hitzarmen kolektiboz edo enpresaburuaren eta langileen ordezkarien arteko akordioz zehaztuta dagoenean, edo enpresaburuak bere aldetik ezarri duenean, langileak hogei egunen epea izango du, data hori jakiten duenetik hasita, gizarte-arloko epaitegian demanda aurkezteko.

b) Opor-data zehaztu gabe dagoenean, langileak oporrak hartu nahi dituen eguna baino bi hilabete lehenago, gutxienez, aurkeztu beharko da demanda.

c) Opor-data, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 38. artikuluan aurreikusirikoaren arabera, prozesua hasi ondoren zehazten bada, ez da geldieran utziko prozedura.

d) Langile jakin batzuei emandako lehentasunak direnean eztabaidagai, langileok ere demandatu beharko dira.

126. artikulua

Prozedura presazkoa izango da, eta lehentasunez izapidetuko da. Demanda onartu ondorengo bost egunen barruan jarri beharko da epaiketa-ekitaldia. Epaia, errekurtsorako aukerarik gabea, hiru egunen epean eman beharko da.

2. ATALAHauteskunde-gaiak

1.azpiatala Laudoak aurkaratzea

127. artikulua

1. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 76. artikuluan aurreikusiriko arbitraje-laudoak hurrengo artikuluotan aurreikusiriko prozesuaren bitartez aurkaratu daitezke.

2. Interes legitimoa dutenek plantea dezakete aurkarapena; baita enpresak berak ere, halako interesik duenean. Aurkaratzeko epea hiru egun izango da, laudoaren berri izan denetik hasita.

128. artikulua

Honako hauetan bakarrik funtsa daiteke demanda:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 76.2 artikuluko arrazoietatik edozein behar bezala balioetsi ez izana edo aintzat hartu ez izana, betiere demandatzaileak alegazio hori egin badu arbitraje-garaian.

b) Arbitrajepean jarri gabeko gaiak ebatzi izana laudoan, edo jarri arren arbitratzekoak ez direnak. Halako kasuetan, gai horiei bakarrik eragingo die deuseztapenak, betiere berezko substantibotasuna badute eta ez badaude ezin banatuzko moduan loturik auzigai nagusiari.

c) Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 76. artikuluan jarririko epeez kanpo sustatu izana arbitrajea.

d) Arbitroak alderdiei aukerarik eman ez izana beren ahotsa entzunarazteko edo frogak aurkezteko.

129. artikulua

1. Arbitraje-prozeduran alderdi izandako pertsona eta sindikatuen kontra zuzendu beharko da demanda, eta orobat aurkaratu den laudoaren eraginpeko beste edonoren kontra.

2. Ezein kasutan ez dira demandatutzat hartuko enpresa-batzordea, langileen delegatuak edo hauteskunde-mahaia.

130. artikulua

Baldin eta epaileak, demanda aztertutakoan, irizten badio beharbada ez zaiela eraginpeko guztiei zuzendu, zitazioa egingo die alderdiei, hurrengo egunean aurretiazko entzunaldi batera ager daitezen. Entzunaldi horretan, alderdiei adituta, beharrezko auzikidetza pasiborik ote den ebatziko du epaileak.

131. artikulua

Alderdi gisa ager daitezke prozesu hauetan, interes legitimoa dutenean, sindikatuak, enpresaburua eta sindikatuek aurkeztuak ez diren hautagai-zerrendetako kideak.

132. artikulua

1. Prozesu hau presaz izapidetuko da, eta berezitasun hauek izango ditu :

a) Demanda onartzean, arbitraje-laudoaren testua eskatuko dio epaileak bulego publikoari, eta harekin batera hauteskunde-prozesuari buruzko administrazio-espedientearen kopia. Agiri horiek hurrengo egunean bidali beharko ditu eskaera jaso duenak.

b) Demanda onartu eta hurrengo bost egunen barruan egin beharko da epaiketa-ekitaldia. Hiru egunen epean eman beharko da epaia, errekurtsorako aukerarik gabea, eta alderdiei eta bulego publikoari jakinarazi beharko zaio.

c) Prozesu hau bideratzeak ez du geldieran utziko hauteskunde-prozesua, non eta epaileak ez duen hala erabakitzen, alderdi-eskariz eta zioak emanik, hori justifikatzen duen arrazoirik dagoenean.

2. Enpresa izan bada demandatzailea, eta demandaren helburua hauteskunde -prozesua oztopatzea edo atzeratzea dela irizten badio epaileak, 97.3 artikuluan aurreikusiriko zehapena jarri ahal izango dio aurkarapenaz ebazten duen epaiak.

2. azpiatalaErregistratzeari ezezkoa ematen dion administrazio-ebazpena aurkaratzea

133. artikulua

1. Bulego publikoak ezezkoa eman badio langileen delegatuak eta enpresabatzordekideak hautatzeko hauteskundeen aktak erregistratzeari, aurkaratu ahal izango da erabaki hori, bulegoa dagoen barrutiko gizarte-arloko salaren aurrean.

Hauteskunde-aktetan ordezkariren bat lortu dutenak izan daitezke demandatzaile.

2. Bulego publikoa alderdi izango da beti prozesuotan, eta hautagaiak aurkeztu dituztenen kontra ere zuzenduko da demanda.

134. artikulua

Aurkarapen-akzioa baliatzeko epea hamar egun izango da, jakinarazpena jaso denetik aurrera.

135. artikulua

1. Prozesu hau presaz izapidetuko da. Demanda onartu eta hurrengo berrogeita zortzi orduen barnean, administrazio-espedientea bidaltzeko eskatuko dio epaileak bulego publiko eskudunari, eta bi egunen epean igorri beharko dio hark.

2. Espedientea jaso eta hurrengo bost egunen barruan egin beharko da epaiketa-ekitaldia.

136. artikulua

Epaia, errekurtsorako aukerarik gabea, hiru egunen epean eman beharko da, eta alderdiei eta bulego publikoari jakinarazi beharko zaie. Demanda onartuz gero, hauteskunde-akta erregistratzeko agindua emango du epaiak berehala.

3. ATALALanbide-sailkapena

137. artikulua

1. Prozesu hau hasteko demandarekin batera, enpresa-batzordearen txostena aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, langileen delegatuena. Hamabost egunen epean organo horiek txostena eman ezean, demandatzaileak aski izango du eskatua duela egiaztatzea.

2. Demanda aurkeztutzat jotzen duen probidentzian, epaileak agindua emango du Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak txostena egin diezaion, eta aginduarekin batera igorriko dio demandaren eta harekin doazen beste agirien kopia. Txosten hori aipaturiko egitateez eta demandatzailearen jarduerari buruzko inguruabarrez ariko da, eta hamabost egunen epean eman beharko da.

3. Epaiaren kontra ez dago ezein errekurtso aurkezterik.

4. ATALAMugigarritasun geografikoa eta lan-baldintzen aldaketa funtsezkoak

138. artikulua

1. Enpresaburuaren erabakiak eragindako langileen demanda dela bitarte hasiko da prozesua. Erabaki hori jakinarazi eta hurrengo hogei egun baliodunen epean aurkeztu beharko da demanda.

2. Langile jakin batzuei emandako lehentasunak direnean eztabaidagai, langileok ere demandatu beharko dira. Langileen ordezkariak ere demandatu beharko dira, lantoki-aldatze edo aldakuntza kolektiboen kasuan, erabakiarekin ados agertu badira.

3. Prozesua hasita dagoelarik gatazka kolektiboko demanda planteatzen bada enpresaburuaren erabakiaren kontra, prozesua geldieran utziko da gatazka kolektiboko demanda ebatzi arte.

Aitzitik, prozesua hasita dagoelarik enpresaburuaren eta langileen legezko ordezkarien artean egindako akordioak ez du prozesua etengo.

4. Prozedura presazkoa izango da eta lehentasunez izapidetuko da. Demanda onartu eta hurrengo bost egunen barruan jarri beharko da epaiketa-ekitaldia.

Hamar egunen epean eman beharko da epaia, errekurtsorako aukerarik gabea eta ararterik gabe exekutatzekoa.

5. Epaiak justifikatutzat edo justifikatu gabetzat jo beharko du enpresaburuaren erabakia: justifikatutzat, egiaztaturik gelditu badira eraginpeko langileei dagokienez enpresak emaniko arrazoiak; justifikatu gabetzat, kontrako kasuan.

Erabakia justifikatu gabetzat jotzen duen epaian, aitortuko da langileak eskubidea duela berriz lehengo lan-baldintzetan jarria izateko.

Erabakia deuseztzat joko da erabakitzean legeari iruzur egin bazaio, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina saihesturik puntu hauetan : 40. artikuluaren 1. zenbakiko azken paragrafoan auzi kolektiboetarako ezarririko arauak, eta lege-testu beraren 41. artikuluaren 3. zenbakikoak.

6. Enpresaburuak langilea lehengo lan-baldintzetan berriz hartzen ez badu, edo modu irregularrean hartzen badu, langileak, gizarte-arloko epaitegiaren aurrean, epaitza exekuta dadila eska dezake, eta lan-kontratua amaitu dadila, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 50.1.c artikuluan aurreikusirikoan oinarriturik, lege honen 277., 278. eta 279. artikuluek diotenarekin bat etorriz.

7. Epaiak deusez deklaratzen badu enpresaburuaren erabakia, epaia bere horretan exekutatuko da, non eta langileak ez duen aurreko zenbakian aurreikusitako exekuzioa eskatzen. Edozein kasutan, aplikatu beharrekoak izango dira aipaturiko artikuluetan ezarritako epeak.

5. ATALAEdoskitze-baimenak eta familia-arrazoiengatik lanaldia murrizteko baimenak

138 bis artikulua

Edoskitze-baimenetan eta familia-arrazoiengatik lanaldia murrizteko baimenetan orduak eta epea zehazteko, honako erregela hauei jarraituko zaie:

a) Langileak hogei egunen epea izango du, berak proposatutako orduekin eta epearekin ados ez dagoela enpresaburuak jakinarazten dionetik hasita, gizarte-arloko epaitegian demanda aurkezteko.

b) Prozedura presazkoa izango da eta lehentasunez izapidetuko da. Demanda onartu eta hurrengo bost egunen barnean jarri beharko da epaiketaekitaldia. Epaia hiru egunen epean eman beharko da, eta irmoa izango da.

VI. KAPITULUA Gizarte Segurantza

139. artikulua

Gizarte Segurantzako gaietan entitate kudeatzaileen edo zerbitzu erkideen kontra jarritako demandetan, barne harturik oinarrizko eskubide baten kaltea argudiatzen den demandak, frogatu beharko da aurretiazko erreklamazioa izapidetu dela, lege honen 71. artikuluan arautu bezala. Izapide hori egin ezean, akatsa lau egunen epean zuzen dadila eskatuko du epaileak, eta epe hori ere izapidea bete gabe igarotzen bada, besterik gabe demanda artxibatzeko aginduko du.

140. artikulua

Entitate kudeatzaileak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia pertsonatu ahal izango dira, eta alderditzat hartuak izan, berek interesa duten Gizarte Segurantzari buruzko auzietan, esku-hartze horregatik jarduketak atzera itzularazi edo geldiarazi beharrik gabe.

141. artikulua

1. Baldin eta lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik aurkeztutako demandetan ez bada adierazten entitate kudeatzailearen izena edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzako lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutualitatearen izena, epaileak errekerimendua egingo dio enpresaburu demandatuari, epaiketa-eguna jarri baino lehen, arrisku-estalduraren egiaztagiria aurkez dezan lau egunen epean. Epe hori igaro eta agiria aurkeztu ezean, inguruabarrak ikusirik eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari entzunik, epaiketaren emaitza segurtatzeko adina ondasun enpresaburuari enbargatzea erabakiko du epaileak.

2. Lan-istripuengatiko prozesuetan, epaileak, epaiketa egin baino lehen, txostena eskatu beharko dio, artean jarduketetan jaso gabe badago, Lan eta Gizarte Segurantzaren Probintzia Ikuskaritzari; txosten horretan azaldu beharko dira istripuaren inguruabarrak, istripua izandakoak egiten zuen lana, jasotzen zuen soldata eta kotizazio-oinarria. Gehienez ere hamar egunen epean bidali beharko da txostena.

142. artikulua

1. Demanda izapidetzeko onartzean, epaileak entitate kudeatzaileari edo zerbitzu erkideari eskatuko dio, ofizioz, hamar egunen epean bidal diezaiola jatorrizko espedientea edo haren kopia edo jarduketena eta, izanez gero, demandaren edukiaz dituen aurrekarien txostena. Jatorrizko espedientea igorriz gero, bidali duen entitateari itzuliko zaio hura epaia irmo geratzean, hala egin delako oharra utzirik jarduketetan.

2. Prozesuan, ezein alderdik ezin alegatuko du administrazio-espedientean alegatu ez duen egitaterik.

143. artikulua

1. Jarritako egunean egingo da epaiketa, nahiz eta dagokion entitateak espedientea edo haren kopia bidali gabe izan, ez badu aski justifikatu bidali ez izana.

2. Demandatzaileak, bere helburuen mesedeko badu espedientea ekartzea, epaiketa geldieran uzteko eska dezake, beste hamar egunen epean espedientea igortzeko agindua eman dadin berriz.

3. Beste egun hori iritsitakoan ere espedientea bidali ez bada, frogatutzat jo daitezke demandatzaileak alegatu dituen eta espedienteaz bestelako bitartekoekin ezin frogatuak edo nekez frogatzekoak diren egitateak.

144. artikulua

Espedientea bidali ez bada, entitate kudeatzailearen edo zerbitzu erkidearen zuzendariari jakinaraziko zaio hori, funtzionarioari diziplinazko erantzukizuna eskatzeko, eskatu behar bazaio.

145. artikulua

1. Entitate kudeatzaileek edo zerbitzu erkideek ezin berrikusiko dute, beren kabuz, eskubideak aitortu dituen beren egintzarik, eskubideon onuradunen kaltetan; gizarte-arloko epaitegi eskudunaren aurrean eskatu beharko dute berrikuspena, aitortutako eskubidearen onuradunaren kontrako demanda jarriz horretarako.

2. Aurreko zenbakian xedaturikotik salbuetsirik daude, alde batetik, errakuntza material edo egitatezkoen eta aritmetikoen zuzenketak, eta, bestetik, onuradunaren deklarazioan atzemandako huts edo zehazgabetasunek eragindako zuzenketak.

3. Lehenengo zenbakian aipaturiko berrikuspen-akzioak bost urteren buruan preskribatuko du.

4. Aurkaraturiko egintza berrikusten duen epaia arartegabekotasunez exekutatzekoa izango da.

145 bis artikulua

1. Langabezia-prestazioak kudeatzeko entitateak, atzematen badu prestazioeskaera baten aurreko lau urteetan langileak prestazioak jaso dituela enpresa berarekin aldi baterako kontratu bat baino gehiago amaitu izateagatik, agintaritza judizialera jo ahal izango du ofizioz, zera eskatzeko: enpresaburua deklara dezala azken kontratuari dagokiona ez beste prestazio guztiak ordaintzearen erantzule, abusua edo iruzurra izan bada behin eta berriz aldi baterako kontratatzea, eta kondena dezala prestazio horiek entitate kudeatzaileari itzultzera, dagozkien kotizazioekin batera.

Komunikazio horrek demandaren balioa izango du, eta demanda funtsatzen duen administrazio-espedientearen edo espedienteen kopia erantsirik aurkeztu beharko da, lege honetan prozesu arruntetako demandetarako galdatzen diren betekizun orokorrekin.

Komunikazioa agintaritza judizialari bidaltzeko epea hiru hilabete izango da, azken prestazio-eskaera garaiz eta forma egokian egin den egunetik hasita.

Zenbaki honetan xedaturikoak ez du ekarriko aldi baterako kontratu bat baino gehiago amaitzeagatik langabezia-prestazioak jasotzeko eskubidea aitortu duten ebazpenak berrikustea, prestazio horiek langileari zor zaizkiola joko baita.

2. Onartu aurretik, aztertu egingo du epaileak demanda, betekizun guztiak betetzen dituen egiaztatzearren, eta, akats edo hutsik izanez gero, horretaz ohartaraziko du entitate kudeatzailea, hamar egunen buruan zuzen daitezen.

3. Demanda izapidetzeko onartutakoan, lege honetako arau orokorren arabera jarraituko du prozedurak, honako berezitasun hauekin:

a) Behin eta berriz aldi baterako kontratuak egin dituzten enpresaburua eta langilea alderditzat hartuko dira prozesuan, baina ezin eskatuko dute prozesua geldieran uzteko, eta langileak ezin utzietsiko du. Alderdiok agertu gabe ere, prozedurak jarraitu egingo du, ofizioz.

b) Prozesuaren oinarri den komunikazioan jasotako egitateen baieztapenek fede egingo dute, kontrakoaren frogarik ezean, eta demandatutako enpresaburuaren gain joango da frogatzearen karga.

4. Entitate kudeatzailearen demanda baiesten duen epaia ararterik gabe exekutatzekoa izango da.

5. Epaia, irmo denean, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari jakinaraziko zaio.

Epaian ageri den egitate frogatuen deklarazioan oinarriturik arau-hauste akta egiten badu Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak, ez da aplikatzekoa izango lege honen 149.2 artikuluan xedaturikoa.

VII. KAPITULUA Ofiziozko prozedura

146. artikulua

Prozesua ofizioz hasteko arrazoi izan daitezke :

a) Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren arau-hauste aktei jarraikiz lan-agintaritzak emandako ebazpen irmoen ziurtapenak, eraginpeko langileentzako kalte ekonomikoa hauteman bada aktetan.

b) Lan-agintaritza eskudunaren erabakiak, hark dolorik, koakziorik edo eskubide- abusurik atzematen badu Langileen Estatutuaren 47. eta 51.5 artikuluek aipaturiko geldiera- edo azkentze-erabakietan.

c) Lege honen 149. artikuluak aipaturiko lan-agintaritzaren komunikazioak.

147. artikulua

1. Prozesua abiarazten duten agirietan, lege honek prozesu arruntetako demandetarako eskatzen dituen betekizun orokorrak jasoko dira.

2. Demandak hamar langileri baino gehiagori eragiten dien guztietan, lege honen 19. artikuluan aurreikusi bezala ordezkariak izenda ditzatela eskatuko die organo judizialak langileoi.

148. artikulua

1. Onartu aurretik, aztertu egingo du epaileak demanda, betekizun guztiak betetzen dituen egiaztatzearren, eta, akats edo hutsik izanez gero, horretaz ohartaraziko du entitate kudeatzailea, hamar egunen buruan zuzen daitezen.

2. Demanda izapidetzeko onartutakoan, lege honetako arau orokorren arabera jarraituko du prozedurak, honako berezitasun hauekin :

a) Prozedura ofizioz jarraituko da, langile kaltetuak bertan egon gabe ere; langileok alderditzat hartuko dira, baina ezin utzietsiko dute demanda, ez prozesua geldieran uzteko eskatu.

b) Organo judizialak adiskidetzea baimentzeko, ezinbestekoa da arauhausteak sorturiko kalte guztiak osotara ordainduak izatea.

c) Arau-hauste aktaren ondoren langile eta enpresaburuen artean egindako itunak eraginkor izateko, ezinbestekoa da akta egin zuen lan-ikuskariaren aurrean edo lan-agintaritzaren aurrean eginak izatea itunok.

d) Prozesua abiarazten duen ebazpen edo komunikazioan jasoriko egitateen baieztapenek fede egingo dute, kontrakoaren frogarik ezean, eta alderdi demandatuaren gain joango da frogatzearen karga guztia.

e) Prozesu hauetan emandako epaiak ofizioz exekutatu beharko dira beti.

149. artikulua

1. Lan-agintaritzak epaitegira bidalitako komunikazio baten eraginez ere has daiteke prozesua ofizioz, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eginiko arau-hauste aktaren bat aurkaratu badu subjektu erantzuleak, ikuskatutako harreman juridikoa Lan Arlokoa ez dela erakuts dezaketen alegazio eta frogak harturik aurkaratzeko oinarri.

2. Orobat has daiteke prozesua, ofizioz, arau-hauste aktak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 95. artikuluko 5., 6. eta 10. zenbakietako eta 96. artikuluko 2., 11. eta 12. zenbakietako gaiei buruzkoak badira eta subjektu

erantzuleak haiek aurkaratzeko oinarri hartu dituen alegazio eta frogetatik ondorioztatzen bada Lan Arloko jurisdikzioari esleitua zaiola auziaren edukiaz arduratzea, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 9.5 artikuluaren arabera.

150. artikulua

1. Aurreko artikuluan aipaturiko ofiziozko demandarekin batera, administrazioespedientearen kopia aurkeztuko du lan-agintaritzak.

2. Demanda onartuz gero, geldieran utziko da administrazio-espedientea.

3. Ofiziozko prozesu honetan, lege honen 148.2 artikuluko a) eta d) letretako erregelak aplikatu ahal izango dira.

4. Subjektu erantzulearen alegazioen xedea administrazio-jarduera luzatzea dela iritziz gero, 97.3 artikuluan aurreikusi den ausarkeriagatiko isun handiena ezarriko du organo judizialak epaian.

5. Lan-agintaritzari komunikatuko zaio epai irmoa.

VIII. KAPITULUA Gatazka kolektiboei buruzko prozesua

151. artikulua

1. Prozesu honen bitartez izapidetuko dira demandak langile talde generiko baten interes orokorrei eragiten badiete eta Estatuko arau baten, hitzarmen kolektibo baten -edozein dela ere haren eraginkortasuna- edo enpresaerabaki edo -jarduera baten aplikazio eta interpretazioari buruzkoak badira.

2. Prozesu honen bitartez izapidetuko dira, orobat, hitzarmen kolektiboen aurkarapenak, titulu honen IX. kapituluan xedaturikoaren arabera.

152. artikulua

Gatazka kolektiboei buruzko prozesuak abiarazteko legitimaturik egongo dira :

a) Sindikatuak, haien jardun-eremua gatazkak hartzen duena bera edo zabalagoa bada.

b) Enpresaburu-elkarteak, haien jardun-eremua gatazkak hartzen duena bera edo zabalagoa bada, eta gatazka, betiere, enpresaz gaindikoa.

c) Enpresaburuak eta langileen legezko ordezkaritzako edo ordezkaritza sindikaleko organoak, enpresa bat edo enpresa baino txikiagoa bada gatazkaren eremua.

153. artikulua

Edozein kasutan, alderdi gisa pertsonatu ahal izango dira prozesuan, nahiz hura berek abiarazia ez izan, ordezkaritzadun sindikatuak, Askatasun Sindikalari buruzko Legearen 6. eta 7. artikuluen arabera; ordezkaritzadun enpresaburuelkarteak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 87. artikuluan jasotako moduan, eta legezko ordezkaritzako edo ordezkaritza sindikaleko organoak, gatazkak hartzen duen jardun-eremu bera edo zabalagoa badute.

154. artikulua

1. Prozesua izapidetzeko, beharrezkoa da aurrez adiskidetze-ahalegina egitea dagokion administrazio-zerbitzuaren aurrean edo Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 83. artikuluan aipatzen diren lanbide-arteko akordio edo hitzarmen kolektiboen bitartez era litezkeen adiskidetze-organoen aurrean.

2. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak 82. artikuluan hitzarmen kolektiboei ematen dien eraginkortasun berbera izango du adiskidetze bidez erabakirikoak, baldin eta adiskidetzen diren alderdiak legitimaturik badaude eta aipaturiko arauak ezarritako betekizunen arabera hartzen badute erabakia. Kasu horretan, erabakiaren kopia bidaliko zaio lan-agintaritzari.

155. artikulua

1. Epaitegi edo auzitegi eskudunari zuzenduriko demanda bidez hasiko da prozesua; demanda horretan jasoko dira, betekizun orokorrez gain, gatazkaren eraginpeko langile eta enpresen izendapen orokorra, eta uziaren oinarri juridikoen aipamen laburra.

2. Demandarekin batera, aurreko artikuluan aipaturiko aurretiazko adiskidetzeahalegina egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo adiskidetzea beharrezko ez delako alegazioa.

156. artikulua

Orobat has daiteke prozesua, lan-agintaritzak komunikazioa eginik, 152. artikuluan aipaturiko ordezkaritzen eskariz. Komunikazio horretan, aurreko artikuluan demandarako eskaturiko betekizun berberak agertuko dira; akatsik, hutsik edo zehazgabetasunik izanez gero, horren oharra egingo dio epaile edo auzitegiak lan-agintaritzari, hamar eguneko epean konpon dadin.

157. artikulua

Prozesu hau presazkoa izango da. Auzi hauek lehentasun osoz aztertuko dira, atzera utzirik beste guztiak, askatasun sindikalaren eta gainerako oinarrizko eskubideen babesari buruzkoak izan ezik.

158. artikulua

1. Epaile edo auzitegiak, demanda edo lan-agintaritzaren komunikazioa jasotakoan, epaiketa-ekitaldirako zitatuko ditu alderdiak. Epaiketa-ekitaldia, deialdi bakarrean, demanda izapidetzeko onartu ondorengo bost egunen barruan egin beharko da.

2. Epaia hurrengo hiru egunen barruan emango da, eta, hala badagokio, lan-agintaritza eskudunari jakinaraziko zaio. Emandako une beretik exekutatzekoa izango da epaia, haren aurka errekurtsoa jar daitekeenean ere.

3. Epaiak, irmo denean, gauza epaituaren efektuak izango ditu gai berberari buruz ebazteko dauden edo plantea daitezkeen banakoen prozesuetan.

159. artikulua

Prozesua izapidetzean emandako probidentzia eta autoen kontra ez dago errekurtsorik jartzerik, ez bada hasieran eskumenik eza deklaratzekoa.

160. artikulua

Gatazka konpondu dela jakinarazten badiote alderdiek epaitegi edo auzitegiari, jarduketak artxibatu egingo dira besterik gabe, izapideak epaiaren aurreko edozein unetan daudela ere.

IX. KAPITULUA Hitzarmen kolektiboak aurkaratzea

161. artikulua

1. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko III. tituluan arauturiko hitzarmen kolektiboetako baten aurkarapena ofizioz abiarazi ahal izango du dagokion lan-agintaritzak, hitzarmen horrek legeria urratzen duela edo hirugarren batzuen interesei kalte bidegabea egiten diela irizten badio, epaitegi edo auzitegi eskudunera igorritako komunikazio baten bitartez.

2. Hitzarmen kolektiboa erregistratu gabe badago, aurrez epaitegi edo salara ofiziozko komunikazioa igor dezala eskatu beharko diote lan-agintaritzari hitzarmena legez kontrakoa dela dioten langileen legezko ordezkari edo ordezkari sindikalek edo enpresaburuek, edo kalte bidegabea jasan dutela dioten hirugarrenek.

3. Lan-agintaritzak hamabost egunen epean eskaerari erantzuten ez badio, eskaera ezesten badu edo hitzarmen kolektiboa ordurako erregistraturik badago, hitzarmena aurkaratzeko eskaera zuzenean aurkeztu ahal izango dute horretarako legitimaturik daudenek, gatazka kolektiboetako prozesuaren izapideen bitartez.

162. artikulua

1. Hitzarmena legez kontrakoa dela dioen ofiziozko komunikazioan honako betekizun hauek jaso beharko dira :

a) Hitzarmenak urratutzat jotzen diren legeen eta lege-atalen zehaztapena.

b) Legezkontrakotasunaren oinarri juridikoen aipamen laburra.

c) Aurkaraturiko hitzarmena negoziatu zuen batzordeko ordezkaritzen zerrenda.

2. Hitzarmena kaltegarri dela dioen ofiziozko komunikazioan, aurreko zenbakiko c) paragrafoan eskatutakoaz gain, ustez kaltetuak diren hirugarren erreklamatzaileen zerrenda agertu beharko da, eta zer interes babestu nahi zaien adierazi.

3. Komunikazioan akatsik, hutsik edo zehazgabetasunik izanez gero, horren oharra egingo dio epaile edo auzitegiak lan-agintaritzari, hamar eguneko epean konpon dadin.

4. Hitzarmena negoziatu zuen batzordeko ordezkaritzekin ez ezik, ustez kaltetuak diren hirugarren erreklamatzaileekin ere segituko da prozesua, halakorik bada, eta orobat lan-agintaritzaren aurrean hitzarmena legez kontrako edo kaltegarri dela salatu dutenekin, halakorik bada.

5. Aurkarapena lan-agintaritzatik datorrenean eta salatzailerik ez dagoenean, Estatuaren abokatua ere zitatuko da.

6. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesu hauetan.

7. Ofiziozko komunikazioarekin batera, aurkaraturiko hitzarmena aurkeztu beharko da, eta hitzarmenaren kopia bana prozesuan alderdi diren guztientzat.

163. artikulua

Gatazka kolektiboetako prozesuaren izapideen bitartez hitzarmen kolektibo bat aurkaratzeko, edozein dela ere hitzarmenaren eraginkortasuna, honako hauek izango dute legitimazio aktiboa :

a) Hitzarmena legez kontrako izatean funtsatzen bada aurkarapena, langileen ordezkaritza legezko edo sindikaleko organoek, sindikatuek eta enpresaburuelkarte interesdunek.

b) Hitzarmenak kalte bidegabea egin izana baldin bada aurkarapenaren arrazoia, beren interesetan kalte larria izan duten hirugarrenek. Ez dira hirugarrentzat hartuko hitzarmenaren aplikazio-eremuko langile eta enpresaburuak.

2. Legitimazio pasiboa, berriz, hitzarmena negoziatzeko batzordea osatu zuten ordezkaritza guztiek izango dute.

3. Demandak, betekizun orokorrez gain, aurreko artikuluan ofiziozko komunikaziorako aurreikusiriko betekizun partikularrak ere bete beharko ditu, eta hitzarmena bera eta haren kopiak ere erantsi beharko dira.

4. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesu hauetan.

164. artikulua

1. Ofiziozko komunikazioa edo demanda jasotakoan, epaiketa-eguna jarriko du epaitegi edo salak, hartarako zitaturik Fiskaltza eta, hala badagokio, lege honen 162. artikuluko 4. zenbakian aipaturiko alderdiak. Epaiketara agertzean, uziarekiko jarrera azalduko dute lehenik alderdiok, haren aldekoa edo kontrakoa.

2. Epaia hurrengo hiru egunen barruan emango da, eta lan-agintaritzari jakinaraziko zaio. Ematen den une beretik exekutatzekoa izango da epaia, haren aurka errekurtsoa jar daitekeenean ere.

3. Aurkaraturiko hitzarmen kolektiboa deusez jotzen badu epaiak, guztiz edo partez, eta hitzarmena argitaratua badago, hura argitaratu den aldizkari ofizial berean argitaratuko da epaia ere.

X. KAPITULUA Sindikatuen estatutuak edo haien aldaketa aurkaratzea

1. ATALAGordailutzeari ezezkoa ematen dion administrazio-ebazpena aurkaratzea

165. artikulua

1. Eratze-fasean dauden langile-sindikatuek estatutuak publiko egiteko aurkeztu eta bulego publikoek estatutuok gordailutzea ukatuz gero, ebazpen hori aurkaratu ahal izango dute sindikatuen sustatzaileek eta eratze-aktaren sinatzaileek.

2. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesu hauetan.

166. artikulua

Aurkarapen-akzioa baliatzeko epea hamar egun baliodun izango da, ezezko ebazpen espresuaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasita, edo, bestela, estatutuak aurkeztu eta hilabeteren buruan hasita, hilabete horretan ez bazaie zuzendu beharreko akatsen berririk eman sustatzaileei.

167. artikulua

Demandarekin batera, estatutuen kopia aurkeztu beharko da; horretaz gainera, ezezko ebazpenaren kopia, ebazpena espresuki eman bada, edo estatutuak aurkeztu izana egiaztatzen duen kopia.

168. artikulua

Demanda onartu eta hurrengo egun baliodunaren barruan, espedientea bidaltzeko eskatuko dio epaile edo salak bulego publiko eskudunari, eta hark bost egunen epean igorri beharko du espediente hori.

169. artikulua

Epaiak, demanda onetsiz gero, sindikatuaren estatutuak dagokien bulego publikoan gordailutzeko agindua emango du berehala.

170. artikulua

1. Atal honetako erregelak aplikatuko dira, orobat, sindikatuen estatutuak aldatzen diren kasuan, estatutuok gordailutzea ukatzen duen ebazpena aurkaratzen den prozesuetan.

2. Administrazio-ebazpena aurkaratzeko legitimaturik egongo dira sindikatuaren ordezkariak, eta laguntzaile gisa ager daitezke afiliatuak.

2. ATALASindikatuen estatutuak aurkaratzea

171. artikulua

1. Fiskaltzak eta zuzeneko interes pertsonal eta legitimoa egiaztatzen duen orok eskatu ahal izango dute gordailuan jarri eta publiko egin diren sindikatuen estatutuak zuzenbidearen araberakoak ez direla dioen deklarazio judiziala, bai sindikatuok eratze-fasean daudenean, bai nortasun juridikoa eskuratua dutenean.

2. Legitimazio pasiboa izango dute sindikatuaren sustatzaileek eta eratzeaktaren sinatzaileek, eta orobat sindikatua legez ordezkatzen dutenek, ordurako nortasun juridikoa eskuratua badu sindikatuak.

3. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesu hauetan.

172. artikulua

Demanda onartutakoan, espedientearen kopia eskuetsia bidaltzeko eskatuko dio organo judizialak dagokion bulego publikoari, eta bost egunen epean igorri beharko du bulegoak kopia hori.

173. artikulua

1. Demanda baiesten duen epaiak deusez deklaratuko ditu zuzenbidearen araberakoak ez diren estatutu-klausulak, edo estatutuak osotara.

2. Dagokion bulego publikoari komunikatu beharko zaio epaia.

174. artikulua

Atal honetako erregelak aplikatu beharko dira, orobat, nortasun juridikoa eskuratua duten sindikatuen estatutuak aldatzeari buruzko prozesuetan.

XI. KAPITULUA Askatasun sindikaleko eskubideen babesa

175. artikulua

1. Eskubide edo interes legitimo baten izenean bere askatasun sindikaleko eskubideak kaltetutzat jotzen dituen edozein langile edo sindikatuk eskubide horiek babesteko eska dezake prozesu honen bitartez, betiere uzia gizarte-arloko jurisdikzio-ordenari esleituetarikoa bada.

2. Langileari baldin badagokio, subjektu kaltetua den aldetik, alderdi nagusi izateko legitimazio aktiboa, laguntzaile ager daitezke prozesuan hala langilearen sindikatua nola ordezkagaitasun nagusiko beste edozein sindikatu. Laguntzaileok ezin jarriko dute errekurtsorik, ez eta alderdi nagusietatik bereizirik prozesuan jarraitu ere.

3. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesu hauetan, eta, delituzko jokaerarik izanez gero, haiei jazartzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

176. artikulua

Askatasun sindikalari egindako kaltea izango da prozesu hauetan aztertzeko gai bakarra. Uzia ezin metatuko da bestelako akzioekin, edo askatasun sindikalaren babesaz bestelako oinarria duen uzi berdin batekin.

177. artikulua

1. Prozesu hauek presaz izapidetzekoak izango dira, ondorio guztietarako, eta lehentasuna izango dute epaitegi edo auzitegiko beste guztien aurrean. Jarritako errekurtsoak ere lehentasun berarekin ebatziko ditu auzitegiak.

2. Demanda jartzeko epea, askatasun sindikalaren kaltegarri gertatu den jokaerarako edo egintzarako aurreikusiriko akzioaren preskripzio- edo iraungipenepe orokor bera izango da.

3. Demandak, lege honetan ezarritako betekizun orokorrez gain, argi adierazi beharko du zer egitate jotzen dituen arau-urratzetzat.

4. Lege honen 81.1 artikuluan xedaturikoaren kalterik gabe, epaile edo auzitegiak atzera botako ditu, zuzenean, kapitulu honetako xedapenen arabera izapidetzekoak ez diren demandak, eta dagokion auzi-bidetik akzioa sustatzeko eskubidea duela adieraziko dio demandatzaileari. Hala ere, izapidetze arrunta edo berezia eman ahal izango dio epaile edo salak demandari, baterako edo

besterako eskudun bada bera eta legeak eskatutako betekizunak betetzen baditu demandak.

178. artikulua

1. Demanda jartzeko idazkian berean, aurkaraturiko egintzaren efektuak geldieran uzteko eska dezake demandatzaileak honako kasu hauetan, eta hauetan bakarrik: kalte bidegabetzat jotzen dena hautagai bati hauteskunde-prozesuan parte hartzea galarazi izana denean, edo norbaiti ordezkari-eginkizuna edo eginkizun sindikala galarazi izana negoziazio kolektibo batean, plantillaberregituratze batean edo langileen interes orokorrari eragiten dion eta kalte konponezinak ekar ditzakeen bestelako gai oso garrantzitsuren batean.

2. Demanda onartu eta hurrengo egunaren barruan, alderdiak eta Fiskaltza aurretiazko entzunaldi batera zitatuko ditu epaitegi edo auzitegiak, hurrengo berrogeita zortzi orduen barruan jarritako egun eta orduan ager daitezen. Entzunaldi horretan, eskatutako geldierari buruzko alegazio eta frogak bakarrik onartuko dira.

3. Ahozko auto baten bitartez, entzunaldian bertan emango du organo judizialak ebazpena, eta, hala badagokio, egoera zuzentzeko egoki diren neurriak hartuko ditu.

179. artikulua

1. Demanda izapidetzeko onarturikoan, adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldietarako zitazioa egingo die epaile edo auzitegiak alderdiei, eta ekitaldiok demanda onartu ondorengo bost egunen epe luzaezinean egin beharko dira.

Edozein kasutan, gutxienez bi egun utzi beharko dira zitazioaren eta ekitaldiaren artean.

2. Epaiketa-ekitaldian, askatasun sindikala bortxatu izanaren aztarnak badirela ikusiz gero, demandatuari dagokio berak hartutako erabakien eta haien proportzionaltasunaren justifikazio objektibo eta arrazoizko bat ematea, behar bezala frogaturik.

3. Epaiketa-ekitaldia egin eta hiru egunen epean emango du epaile edo salak epaia, eta berehala argitaratu eta alderdiei edo haien ordezkariei jakinaraziko zaie.

180. artikulua

1. Salatutako arau-urratzea izan den edo ez ebatziko du epaiak.

Baiezko kasuan, lehenik, guztiz deusez deklaratuko du enplegatzailearen, enpresaburu-elkartearen, administrazio publikoaren edo beste edozein pertsona, entitate edo korporazio publiko nahiz pribaturen egintza; gero, jarduera antisindikala berehala gelditzeko eta gauzak lehengo egoerara ekartzeko aginduko du, eta orobat egintzak ekarri dituen ondorioak konpontzeko, dagozkion kalte-ordainak ere emanik.

2. Demandatuaren jokaeran arau-urratzerik izan ez dela iritziz gero, epaile edo salak, epaian bertan, aurkaraturiko erabaki edo egintzaren edo bere garaian hartua izan lezakeen kautela-neurriaren geldiera kentzea ebatziko du.

181. artikulua

Gainerako oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen babesa eskatzeko demandak ere, tratu diskriminatzailearen eta jazarpenaren debekua eskatzekoak barne, kapitulu honetan ezarritako xedapenen arabera izapidetuko dira, baldin eta gizarte-arloko jurisdikzio-ordenak esleituak dituen harreman juridikoen esparrukoak badira. Demanda horietan, adierazi beharko da zein oinarrizko eskubide jotzen den edo diren urratutzat.

182. artikulua

Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, kasuan-kasuan dagokion prozesu-aldaeraren arabera izapidetu beharko dira, nahitaez, kaleratzeagatik eta lan-kontratua amaitzeko gainerako arrazoiengatik jarritako demandak, oporrei buruzkoak, sindikatuen estatutuak edo haien aldaketa aurkaratzeari buruzkoak, eta askatasun sindikalaren edo beste eskubide oinarrizkoren baten kaltea argudiaturik hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzkoak.

III. TITULUA AUZI IHESEAN DEN DEMANDATUARI ENTZUERA EMATEA

183. artikulua

Demandatua bertan izan gabe egiten diren prozesuetan, Prozedura Zibilaren Legearen II. liburuko V. tituluan bilduriko arauak aplikatuko dira, berezitasun hauekin:

1. Ez da beharrezko izango auzi-iheslari deklaratzea epaiketara formaltasunez zitatua izan eta agertu ez den demandatua.

2. Demandatzailearen eskariz, demandan eskatutakoa segurtatzeko adina ondasun higigarri eta higiezin enbargatzeko agindu ahal izango da.

3. Entzunaldia eskatzeko epea hiru hilabete izango da, epaia jakinarazten denetik hasita. Dagokion aldizkari ofizialean egingo da jakinarazpena, Prozedura Zibilaren Legearen 501. artikuluan aurreikusitako kasu eta baldintzetan.

4. Entzunaldia eskatzeko, dagokion justizia-auzitegi nagusiko gizartearloko salara jo beharko da, edo, hala badagokio, Auzitegi Gorenekora.

5. Auziaz instantzian arduratu zen organoaren aurrean emango zaio demandatuari entzuera.

6. Bi kasuetan, prozesu arruntaren izapideak egingo dira.

III. LIBURUA AURKARATZEKO BIDEAK

I. KAPITULUA Probidentzia eta autoen kontrako errekurtsoak

184. artikulua

1. Gizarte-arloko epaileek emaniko probidentzia eta autoen kontra, berraztertze- errekurtsoa jarri ahal izango da; horrek ez du eragotziko, hala ere, aurkaraturiko ebazpena gauzatzea.

2. Berraztertze-errekurtsoaz ebazten duen autoaren kontra ezin jarriko da beste errekurtsorik, lege honek espresuki ezartzen dituen kasuetan izan ezik; horrek ez du eragotziko kasuan-kasuan dagokion erantzukizun zibila.

3. Ezin jarriko da berraztertze-errekurtsorik gatazka kolektiboei buruzko eta hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzko prozesuetan emandako probidentzia eta autoen kontra.

185. artikulua

1. Izapidetze hutsekoak ez diren probidentzien kontra eta gizarte-arloko salek emandako autoen kontra, erregu-errekurtsoa jarri ahal izango da, sala beraren aurrean; horrek ez du eragotziko, hala ere, aurkaraturiko ebazpena gauzatzea.

2. Erregu-errekurtsoa ebazten duen autoaren kontra ezin jarriko da beste errekurtsorik, lege honek espresuki ezartzen dituen kasuetan izan ezik; horrek ez du eragotziko kasuan-kasuan dagokion erantzukizun zibila.

3. Ezin jarriko da erregu-errekurtsorik gatazka kolektiboei buruzko eta hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzko prozesuetan emandako probidentzia eta autoen kontra.

186. artikulua

Berraztertze- eta erregu-errekurtsoak bideratzean, Prozedura Zibilaren Legean berraztertze-errekurtsorako ezarritakoari jarraituko zaio.

187. artikulua

Beren ardurapeko kexu-errekurtsoak izapidetzean, justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salek, edo, kasuaren arabera, Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salak, Auzitegi Gorenean kexu-errekurtsoa jartzeari buruz Prozedura Zibilaren Legeak dioenari jarraituko diote beti.

II. KAPITULUA Erregutze-errekurtsoa

188. artikulua

1. Justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salak arduratuko dira beren barrutiko gizarte-arloko epaitegiek emandako ebazpenen aurkako erregutze-errekurtsoez, eta, orobat, merkataritzako epaileek beren barrutian ematen dituzten eta lan-zuzenbideari dagozkion auto eta epaien kontrakoez.

2. Lege honetan adierazitako ebazpenen aurka jarri ahal izango da erregutzeerrekurtsoa, eta lege honetan ezarritako zioengatik.

189. artikulua

Erregutze-errekurtso bidez aurkaratu ahal izango dira:

1. Izapidetu dituzten prozesuetan gizarte-arloko epaitegiek emandako epaiak, auzia edozein eratakoa delarik ere, honako gai hauetan emandakoak izan ezik: oporren datak, edoskitze-baimenen eta familia-arrazoiengatik lanaldia murrizteko baimenen orduak eta egunak zehaztea, hauteskunde-gaiak, lanbide-sailkapena, hutsegite ez oso larriagatik jarritako zehapenen nahiz hutsegite oso larriagatik jarri eta judizialki berretsi gabeko zehapenen aurkarapena, eta auzitan 300.000 pezeta (1.803 euro) arterainoko erreklamazioetan emandako epaiak. Erregutze-errekurtsoa jarri ahal izango da beti :

a) Kaleratzeagatiko prozesuetan.

b) Erreklamazio metatuen nahiz metatu gabeen inguruko prozesuetan, auzigaiak langile edo Gizarte Segurantzaren onuradun guztiei edo askori eragiten dienean, betiere eragin orokor hori nabarmena bada edo epaiketan alegatua eta frogatua izan bada, edo alderdi guztiek onartua bada gaiaren orokortasuna.

c) Gizarte Segurantzaren prestazioak -langabezia-prestazioak barne- jasotzeko eskubidea aitortzeari edo ukatzeari buruzko prozesuetan, eta aplikatzekoa den elbarritasun-mailari buruzkoetan.

d) Prozedurako hutsegite funtsezko bat edo aurretiazko adiskidetzeahalegin nahitaezkoa egin ez izana zuzentzeko xedea duten erreklamazioengatik emandako epaien kontra, betiere garaiz eta forma egokian formulatu bada erreklamazioa eta defentsa-gabezia eragin badute gorabeherok.

e) Gaiaren aldetik epaitegiak eskumena duen edo ez erabakitzen duten epaien kontra. Erregutze-errekurtsoen esparruaz kanpokoa bada auziaren edukia, eskumenaz soilik erabakiko du epaiak.

Lekuaren aldetik eskumena duen edo ez erabakitzen duten epaiei erregutzeerrekurtsoa jartzeko, artikulu honen esparrukoa izan behar du erreklamazio eztabaidatuak.

f ) Gatazka kolektiboei buruz, hitzarmen kolektiboen aurkarapenei buruz, sindikatuen estatutuen aurkarapenei buruz eta askatasun sindikala eta gainerako oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteari buruz emandako epaien kontra.

2. Gizarte-arloko epaitegiek epai-exekuzioan emandako autoen aurka jarritako berraztertze-errekurtsoa ebazten duten autoak -erregutze-errekurtsoa jar zekiokeena izanik betiere exekuzio-epaia-, baldin eta autook auzian eztabaidatu gabeko puntu funtsezkoak ebazten badituzte, edo epaian erabaki ez direnak edo exekutatzekoarekin kontraesanean daudenak.

3. Inhibitzeko errekerimenduari ezezkoa ematen zaiola deklaratzen duten autoak, baldin eta auzia, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, erregutzeerrekurtso bidez aurkaratu daitekeena bada.

4. Demanda aurkeztu orduko epaileak gaiaren aldetik eskumenik ez duela deklaratzen duen ebazpenaren aurka jarritako berraztertze-errekurtsoa ebazten duten autoak.

5. Merkataritza-arloko epaitegiek konkurtso-prozesuetan lan-izaerako arazoak ebazteko ematen dituzten auto eta epaiak.

190. artikulua

1. Bat baino gehiago badira demandatzaileak, edo demandatuetariko batek errekonbentzioa jartzen badu, erreklamaziorik handienekoa izango da auzipeko zenbatekoa, errekurtsoa bidezko den edo ez erabakitzeari dagokionez.

2. Demandatzaileak uzi bat baino gehiago formulatzen badu eta bakoitzeko diru-kopuru bat eskatzen badu, guztien batura izango da auzipeko zenbatekoa.

191. artikulua

Erregutze-errekurtsoaren xede izan daiteke :

a) Prozeduraren arauak edo bermeak urratu zireneko egoerara itzultzea jarduketak, urratze horrek defentsa-gabezia eragin badu.

b) Frogatutzat emandako egitateak berrikustea, egindako agiri-frogen eta peritu-frogen argitan.

c) Arau substantiboen edo jurisprudentziaren urratzeak aztertzea.

192. artikulua

1. Epaia jakinarazi eta hurrengo bost egunen barruan iragarri beharko da erregutze-errekurtsoa; horretarako, aski izango da errekurtsoa jartzeko asmoa adieraztea alderdiak edo haren abokatu edo ordezkariak, epaia jakinarazten diotenean. Orobat iragarri ahal izango du errekurtsoa alderdiak, edo haren abokatu edo ordezkariak, aurkaratu nahi den ebazpena eman zuen epaitegian agerturik edo epaitegiari idatziz, adierazitako epearen barruan.

2. Gizarte Segurantzako gaien inguruan eman diren eta onuradunari prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzen dioten epaietan, prestazio hori ordaintzera kondenatutakoak beharrezko izango du, errekurtsoa jartzeko, epaitzan deklaraturiko prestazioaren diru-kopurua sartu izatea dagokion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, errekurtsoa bideratzen ari den bitartean onuradunei ordain dakien; sarrera horren egiaztagiria aurkeztu beharko du epaitegian, eta, jarduketetan testigantza jasorik, idazkariaren zaintzapean geratuko da.

3. Aurreko zenbakian aipaturiko kasuan, behin errekurtsoa iragarrita dagoelarik, epaileak probidentzia bidez aginduko du erakunde kudeatzaileari edo zerbitzu erkideari helaraz dakiola iragarpena, jaso beharreko pentsioaren zenbatekoa finka dadin.

Epaileak, zenbateko horren berri izandakoan, errekurtsojartzaileari jakinaraziko dio, eskatutako diru-sarrera egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, bost egunen epean, eta ohartaraziko dio errekurtsoa izapidetzeari utziko zaiola diru-sarrera hori egin ezean.

4. Erakunde kudeatzailea kondenatzen bada epaian, erakunde hori salbuetsirik geldituko da 2. zenbakian ezarritako diru-sarrera egitetik, baina, errekurtsoa iragartzean, epaitegiaren aurrean ziurtagiri bidez egiaztatu beharko du aldizkako prestazioak ordaintzen hasi dela eta hutsik egin gabe ordaintzen jarraituko duela errekurtsoa bideratzen ari den bitartean. Ordaindu ezean, errekurtsoa izapidetzeari utziko zaio.

193. artikulua

1. Ebazpena erregutze-errekurtso bidez aurkaratu daitekeena bada, eta alderdiak errekurtsoa garaiz eta forma egokian iragarri eta lege honetan ezarritako gainerako beharkizunak bete baditu, iragarritzat joko du epaileak errekurtsoa, eta erabakiko du izendaturiko abokatuaren esku jartzea jarduketak, hark entzunaldi baten epean jaso ditzan eta entzunaldi horren muga-egunetik aurrerako hamar egunen barruan errekurtsoa jar dezan. Epe horrek korritu egingo du, noiznahi jasotzen dituela ere abokatuak beraren esku utzitako jarduketak.

2. Aurkaraturiko ebazpena erregutze-errekurtso bidez aurkaratu daitekeena ez bada, errekurritzaileak kondenako diru-kopurua kontsignatzeko edo segurtatzeko betebeharra bete ez badu, edo errekurtsoa garaiz iragarri ez bada, organo judizialak, auto ziodun baten bidez, iragarri gabetzat deklaratuko du errekurtsoa. Erregela bera aplikatuko da errekurtsoa Gizarte Segurantzaren prestazioei buruzkoa izanik aurreko artikuluko beharkizunak bete ez direnean. Auto horren aurka, kexu-errekurtsoa jarri ahal izango da salaren aurrean.

3. Errekurtso-jartzaileak akats edo hutsik egin badu, hala nola behar den dirua ez kontsignatzea edo segurtatzea edo lege honen 227. artikuluan aipaturiko gordailuaren ziurtagiria ez aurkeztea, edo errekurtsoa iragartzen duenak beharrezko ordezkaritza egiaztatu ez badu, epaileak epe bat emango dio alderdiari -egoki deritzona, baina gehienez ere bost egun- aurkeztu gabeko agiriak aurkez ditzan edo atzemandako akatsak zuzen ditzan. Hala egin ezean, errekurtsoaren izapideak amaitzen dituen autoa emango du epaileak, eta aurkaraturiko epaia irmo geratuko da. Auto horren aurka, kexu-errekurtsoa jarri ahal izango da salaren aurrean.

194. artikulua

1. Aurkaraturiko ebazpena eman zuen epaitegiaren aurrean aurkeztuko da erregutze-errekurtsoa jartzeko idazkia, errekurritutako alderdiak bezainbeste kopiarekin.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkian, behar bezain zehatz eta argi, errekurtsoaren zioa edo zioak adieraziko dira, eta urratutzat jotzen diren ordenamendu juridikoko arauak edo jurisprudentzia aipatuko.

Zioen pertinentzia eta oinarria arrazoitu egin beharko da beti.

3. Orobat adierazi beharko da zer agiri edo peritu-frogatan oinarritzen den egitate frogatuak berrikusteko eskaria, agiri horiek identifikatzeko adina zehaztasun emanik.

195. artikulua

Errekurtsoa garaiz eta forma egokian jarri denean edo haren akats edo hutsak zuzendu direnean, epaileak, bi egunen epean, kontrako alderdiari edo alderdiei helaraziko die errekurtsoa, eta bost egunen epe bakarra emango die denei. Epe hori amaitzean, aurkarapen-idazkiak aurkeztuak izan edo ez, justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko salari igorriko zaizkio jarduketak, errekurtsoarekin eta aurkarapen-idazkiekin batera, hurrengo bi egunen barruan.

196. artikulua

Alderdiek, errekurtsoa jartzeko eta errekurtsoa aurkaratzeko idazkietan, auzitegi nagusiaren gizarte-arloko sala dagoen hiriko helbide bat eman beharko dute, jakinarazpenetarako.

197. artikulua

Baldin eta salak, jarduketak jaso ondoren, zuzentzeko moduko akats edo hutsak atzematen baditu errekurtsoan, epe bat emango dio alderdiari -egoki deritzona, baina gehienez ere zortzi egun- falta diren agiriak aurkez ditzan edo atzeman diren akatsak zuzen ditzan. Hala egin ezean, salak auto bat emango du errekurtsoa onartu ez dela eta errekurrituriko ebazpena irmo geratzen dela deklaratzeko, eta aginduko du jarritako gordailua itzul dadila eta jarduketak sorburuko epaitegira bidal daitezela. Auto horren aurka, erregu-errekurtsoa besterik ezin jar daiteke.

198. artikulua

1. Magistratu txostengileak, hiru egunean jarduketak azterturik, errekurtsoaren kontu emango dio salari. Hark, errekurtso-jartzaileari entzuera emanik, errekurtsoa ez onartzea erabaki ahal izango du, salak beste errekurtso batzuk edukiari dagokionez ezetsi izan baditu funtsean berdinak diren kasuetan.

2. Erregela hauen araberakoa izango da errekurtso-jartzailearen entzuera :

a) Magistratu txostengileak jarduketak aztertu eta hurrengo bost egunen barruan, auzitegiak zerrenda batean adieraziko ditu, labur, jurisdikzioan doktrina finkatua diren aurrekari berdinak, egoera berdin horiei aplika dakizkiekeen erreferentziazko lege-manuak eta salak harturiko irizpidea justifikatzen duten arrazoiak; zerrenda hori errekurtso-jartzaileari jakinaraziko dio auzitegiak.

b) Jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egunen barruan, errekurtsojartzaileak bere alegazioak egingo ditu salaren erabakian agerturiko puntuen inguruan.

3. Errekurtsoa ez onartzea erabakitzen duen ebazpena arrazoiturik eman beharko da, alderdiari entzuerarako emandako epea amaitu eta hurrengo hiru egunen barruan, alegazioak egin badira edo ez badira. Ez-onartze autoa alderdiei eta justizia-auzitegi nagusiko fiskaltzari jakinaraziko zaie, eta haren aurka ezin jarriko da erregu-errekurtsorik.

4. Errekurtsoa onartzen ez denean, errekurtso-jartzaileari ezarriko zaizkio kostuak, lege honetan xedaturikoaren arabera; bestalde, errekurtsoa jartzeko beharrezko den diru-kopuru finkoa itzuli egingo da, autoa irmo geratzean.

199. artikulua

1. Errekurtsoa onartuz gero, epaia hamar egunen barruan emango du salak, eta alderdiei eta justizia-auzitegi nagusiko fiskaltzari jakinaraziko zaie.

2. Epaia irmo izatean, salak sorburuko epaitegira itzuliko ditu jarduketak, epaiaren ziurtagiriarekin batera, epaia exekuta dadin.

200. artikulua

Instantziako ebazpena errebokatzeko arrazoia prozeduraren arau edo bermeak urraturik defentsa-gabezia eragin izana denean, salak, arazoaren edukian sartu gabe, aginduko du arau edo bermeak urratu zireneko egoerara bihur daitezela jarduketak; epaiketa-ekitaldian urratu baziren, berriz, epaiketa-eguna jartzean zeudenera.

201. artikulua

1. Salak instantziako epaia osorik errebokatzen duenean, errekurtso-jartzaileak esku-dirutan kontsignatua edo segurtatua badu kondenaren zenbatekoa, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta egina badu errekurtsoa jartzeko beharrezko den gordailua, hau xedatuko du epaitzak: itzul daitezela egindako kontsignazio guztiak eta gordailua, eta ezezta daitezela emandako segurtamenak, epaia irmo geratzean.

2. Baldin eta, erregutze-errekurtsoa baietsi delarik, errekurritu den ebazpenekoa baino zenbateko txikiagoko kondena jartzen bada, epaitzak hau xedatuko du: itzul dadila kontsignazioen parte bat -bi kondenen arteko aldea-, eta ezezta dadila emandako segurtamenen parte bat, epaia irmo geratzean.

3. Erregutze-errekurtsoa partez baiesten den kasu guztietan, gordailu osoa itzul dadila xedatuko du epaitzak.

202. artikulua

1. Salak epaia berresten duen kasuan, ordurako lege honetan ezartzen diren kopuruak kontsignatuak baditu errekurritzaileak, haiek galtzera kondenatuko du epaitzak; dagokien erabilera emango zaie diru horiei, epaia irmo izatean.

2. Fede gaiztoz edo ausarkeria nabarmenez jokatu duen alderdiari epaileak lege honen 97.3 artikuluan adierazten den isuna ezartzen dion kasuan, isun hori berretsi edo ez berretsi egingo du salaren epaiak, osorik edo partez, zioak emanik; gainera, kondenatua enpresaburua bada, erabaki bat hartuko du epai errekurrituan abokatuentzat ezarritako zerbitzu-sariei buruz.

3. Errekurritzaileak kondenaren zenbatekoa segurtatu badu lege honetan aurreikusitakoaren arabera, salak, bere berrespen-epaitzan, aginduko du segurtamenak bere horretan manten daitezela, harik eta kondenatuak epaia bete arte edo, epaia betetzeko, segurtamen horiek diru bihurtzea erabaki arte.

4. Errekurtsoa jartzeko beharrezkoa den gordailua eratua badu errekurritzaileak, gordailu hori galduko duela xedatuko du berrespen-epaiak, eta epaia irmo izatean gertatuko da galera hori.

III. KAPITULUA Kasazio-errekurtsoa

203. artikulua

1. Auzitegi Goreneko Laugarren Salaren ardura izango dira justizia-auzitegi nagusien gizarte-arloko salek eta Auzitegi Nazionalak auzialdi bakarrean emandako epaien kontra jarritako kasazio-errekurtsoak.

2. Lege honetan adierazitako ebazpenen kontra jarri ahal izango da kasazioerrekurtsoa, eta lege honetan adierazitako zioengatik.

204. artikulua

Kasazio-errekurtso bidez aurkaratu daitezke :

Lehenik.

Aurreko artikuluan aipaturiko salek auzialdi bakarrean emandako epaiak.

Bigarrenik.

Sala horiek epai-exekuzioan emandako autoen kontrako erregu-errekurtsoa erabakitzen duten autoak, puntu funtsezkoak ebazten dituztenean, auzian eztabaidatu gabeak, epaian erabaki gabeak edo exekutatzekoarekin kontraesanean daudenak.

Hirugarrenik.

Demanda aurkeztu orduko salak gaiaren aldetik eskumenik ez duela deklaratzen duen ebazpenaren kontra jarritako erregu-errekurtsoa ebazten duten autoak.

205. artikulua

Honako zio hauetariko batean funtsatu beharko da kasazio-errekurtsoa :

a) Jurisdikzio-jardun abusuzkoak, gehiegizkoak edo gutxiegizkoak.

b) Eskumenik eza edo prozedura desegokia.

c) Epaiketaren funtsezko formetan huts egin izana: epaia arautzen duten arauak urratzea, edo egintza edo berme prozesalen arauak urratzea, baldin eta alderdiaren defentsa-gabezia gertatu bada azken kasu horretan.

d) Froga oker balioetsi izana, baldin eta, jarduketetan jasotako agiriren batean oinarriturik demostratzen bada epaitzailea okertu dela, eta beste ezein frogaelementuk kontrakorik erakusten ez badu.

e) Eztabaidagaiak ebazteko aplikagarri diren ordenamendu juridikoko arauak edo jurisprudentzia urratu izana.

206. artikulua

1. Epaia jakinarazi eta hurrengo hamar egunen barruan prestatu beharko da kasazio-errekurtsoa, eta aski izango da, prestatutzat jotzeko, alderdiek edo haien abokatu edo ordezkariak errekurtsoa jartzeko asmoa adieraztea, epaia jakinarazten zaienean.

2. Ebazpena eman zuen salaren aurrean agertuz edo hari idatziz ere prestatu ahal izango dute kasazio-errekurtsoa alderdiek edo haien abokatu edo ordezkariak, aurreko zenbakian adierazitako epe beraren barruan.

207. artikulua

1. Errekurtsoa jartzeko betekizunak betetakoan, salak prestatutzat joko ditu kasazio-errekurtsoa edo kasazio-errekurtsoak, eta epatu egingo ditu alderdiak Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salan ager daitezen, beren kabuz edo beren abokatu edo ordezkariaren bidez, hamabost egun balioduneko epean -bizilekua penintsulan badute- edo hogei egunekoan -penintsulatik kanpo bizi badira-; epatzearen ondorengo bost egunen barruan bidaliko dira jarduketak.

2. Aurkaraturiko ebazpena kasazio-errekurtsoaren bidez aurkaratu ezin dena bada, edo errekurritzaileak ez badu kontsignatu edo segurtatu kondenak ezarritako kopurua, edo errekurtsoa garaiz prestatu ez bada, prestatu gabetzat joko du salak errekurtsoa, auto ziodun baten bidez. Auto horren aurka, kexuerrekurtsoa jarri ahal izango da.

3. Zuzentzeko moduko akats edo hutsik egin badu errekurtso-jartzaileak, atzemandako akatsak zuzentzeko adina denbora emango du salak -hamar egun, gehienez ere, edozein kasutan-. Zuzendu ezean, errekurtsoa izapidetzeari uzteko autoa emango du salak, eta irmo geratuko da aurkaraturiko epaia. Auto horren aurka, kexu-errekurtsoa jarri ahal izango da.

208. artikulua

1. Errekurtso-jartzailea bera edo haren ordezkari bat Laugarren Salan agertzen bada ezarritako epean, alderditzat hartuko da ondorio guztietarako.

2. Kasazio-errekurtsoa prestatzean ofiziozko abokatua eskatu duen errekurtsojartzaileak ez du Laugarren Salan agertu beharrik izango, eta abokatu horrekin egingo dira eginbideak.

3. Aurreko zenbakiko kasuan ez den errekurtso-jartzailea gizarte-arloko salan agertzen ez bada horretarako emandako epean, sala horrek huts deklaratuko du errekurtsoa eta jatorriko salara itzuliko ditu jarduketak.

209. artikulua

Alderdiaren ordezkaritza egiaztatzen duten ahalordeak aurkezten ez badira, legeak eskatzen duen gordailua eratu izanaren ziurtagiria aurkezten ez bada, edo agiri horietan akatsen bat atzematen bada, egoki deritzon epe bat emango dio salak alderdiari -gehienez ere hamar egun- falta diren agiriak aurkezteko edo atzemandako akatsak zuzentzeko. Hala egin ezean, errekurtsoa onartu ez dela eta aurkaraturiko ebazpena irmo geratzen dela deklaratuko du salak auto batean, eta eraturiko gordailua itzultzeko eta jarduketak jatorriko salara bidaltzeko aginduko du. Auto horren aurka, erregu-errekurtsoa besterik ezin jarriko da.

210. artikulua

Laugarren Salak, jarduketak jasotakoan, jarduketa horiek errekurtsojartzaileak izendaturiko edo ofizioz izendaturiko abokatuari ematea erabakiko du, hark hogei egunen epean errekurtsoa formaliza dezan; abokatuak noiznahi hartzen dituelarik ere jarduketak, salako idazkaritzan eskuragarri dituela jakinarazten zaion egunetik hasiko da kontatzen epea.

211. artikulua

1. Magistratu txostengileak, hiru egunean jarduketak azterturik, jarritako errekurtsoaren kontu emango dio salari. Salak, orduan, erabaki ahal izango du errekurtso-jartzaileari entzuera ematea errekurtsoa ez onartzearen inguruan.

2. Errekurtsoa ez onartzeko arrazoi izango dira: errekurtsoaren betekizunetan modu nabarmen eta ezin zuzenduzkoan huts egitea; uziak kasaziorako edukirik ez izatea; eta beste errekurtso batzuk edukiari dagokionez ezetsi izatea funtsean berdinak diren kasuetan.

3. Salaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo hiru egunen barruan izango du alderdiak errekurtsoa ez onartzearen gaineko entzuera; jarduketak Fiskaltzara helaraziko dira zortzi egunerako, hark bere txostena eman dezan errekurtsoaren zio guztiak edo bakarren bat ez onartzeari buruz.

4. Salak, errekurtsoa ez onartzeko aipatu diren arrazoietakoren bat badela iritziz gero, hiru egunen epean emandako auto ziodun batean, deklaratuko du errekurtsoa ez dela onartu, errekurtsoa jarri zaion ebazpena irmo geratzen dela eta kostuak errekurtso-jartzaileari ezartzen zaizkiola, legeak dioen moduan, eta errekurtsoa jartzeko behar den gordailua itzuli behar dela; ebazpen horren aurka ezin jarriko da errekurtsorik. Ez onartzea ez badagokie alegaturiko zio guztiei, hala erabakiko du salak auto ziodun baten bidez -errekurtsorik jar ez dakiokeena hori ere- eta errekurtsoa izapidetzen jarraituko da onarturiko zioei dagokienez.

212. artikulua

1. Errekurtsoa partez edo osorik onartuz gero, errekurtsoa jarri zaien eta pertsonatu diren alderdiari edo alderdiei emango zaizkie jarduketak, hamar egunerako, aurkarapen-idazkia formaliza dezaten; noiznahi jasotzen dituztela ere jarduketak, salako idazkaritzan eskuragarri dituztela jakinarazten zaien egunetik hasiko da kontatzen epea.

2. Fiskaltza alderdi izan ez bada auzian, hari pasatuko zaizkio ondoren jarduketak, hamar egunen barruan txostena eman dezan, eskaturiko kasazioa bidezko ala bidegabe den.

3. Fiskaltzak jarduketak itzuli eta txostena emandakoan, salak, beharrezko irizten badio, eguna eta ordua jarriko ditu ikustaldirako edo, bestela, bozketa eta epaitzarako; hurrengo hamar egunen barruan egin beharko dira bata edo besteak.

4. Epaia emateko, hamar egun izango ditu salak, ikustaldia amaitu edo bozketa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

213. artikulua

Errekurtsoa baietsiz gero, izan zio guztiengatik edo batzuengatik, salak, errekurrituriko ebazpena epai bakar batean kasatuz, zuzenbidearen arabera ebatziko du, honako hauek kontuan izanik :

a) Jurisdikziorik eza, eskumenik eza edo prozeduraren desegokitasuna baiesten bada, deuseztatu egingo da epaia, eta salbu utziko da uziak dagokionaren aurrean edo dagokion prozeduraren bitartez bideratzeko eskubidea.

b) Lege honen 205. artikuluaren c) paragrafoan aurreikusitako arau-hauste prozesaletakoren bat gertatu dela baiesten bada, aginduko da hura gertatu zeneko egoera eta unera itzul daitezela jarduketak, non eta arau-haustea ez den epaiketa-ekitaldian gertatu; epaiketa-ekitaldian gertatu bada, jarduketak epaiketa-eguna jarri zeneko egoerara itzul daitezela aginduko da.

Epaia arautzen duten erregeletan arau-hausteren bat izan dela baietsiz gero, sala beharturik dago dagokiona ebaztera, eztabaida planteaturik dagoen moduan. Baina ebatzi ezin badu, errekurtsoa jarri zaion ebazpeneko egitate frogatuen kontakizuna horretarako nahikoa ez delako, deuseztzat joko ditu ebazpen hori eta ondorengo jarduketa prozesalak, eta aginduko du epaia eman zeneko unera bihur daitezela, gabeziak osatutakoan jarduketek beren legezko bidea jarrai dezaten.

c) 205. artikuluko gainerako zioetarikoren bat baiesten bada, dagokiona ebatziko du salak, eztabaida planteaturik dagoen moduan.

214. artikulua

1. Kasazio-errekurtsoa baiesten den guztietan, errekurtso-jartzaileak eskudirutan kontsignatua edo segurtatua badu kondenaren zenbatekoa, lege honetan ezarritakoaren arabera, eta eratua badu errekurtsoa jartzeko beharrezkoa den gordailua, kontsignazio guztiak eta gordailua itzul daitezela eta emandako segurtamenak ezezta daitezela erabakiko du epaitzak.

2. Baldin eta, kasazio-errekurtsoa baietsirik, errekurrituriko ebazpenean erabaki zen baino zenbateko txikiagoko kondena ezartzen bada, hau xedatuko du epaitzak: itzul dadila kontsignazioen parte bat -bi kondenen arteko aldea-, eta segurtamenetatik ere parte bat ezezta dadila.

3. Kasazio-errekurtsoa partez baiesten den kasu guztietan, gordailu osoa itzuli behar dela xedatuko du epaitzak.

215. artikulua

Errekurtsoa ezesten bada, eta errekurtso-jartzaileak kondenaren zenbatekoa esku-dirutan kontsignatu edo segurtatu eta gordailua eratu behar izan badu, kontsignazioak galduko direla xedatuko du epaitzak, eta segurtamenak bere horretan mantendu behar direla, harik eta epaia bete arte edo, hala badagokio, segurtamen horiek diru bihurtzea eta gordailuan jarritako diru-kopurua galtzea erabaki arte.

IV. KAPITULUA Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa

216. artikulua

Justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salek erregutze-errekurtsoetan emandako epaien aurka jarri ahal izango da doktrina bateratzeko kasazioerrekurtsoa.

217. artikulua

Doktrina bateratzea izango da errekurtsoaren xedea, erregutze-errekurtsoei buruz justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salek emandako epaiak kontraesanean badaude elkarren artean, edo auzitegi horietako beste sala batek edo batzuek emandakoekin, edo Auzitegi Gorenak emandakoekin, erabaki desberdinak hartu direlako auzilari berak edo egoera berean daudenak diren kasuetan, funtsean berak izanik egitateak, oinarriak eta uziak.

218. artikulua

Edozein alderdik edo Fiskaltzak prestatu ahal izango du errekurtsoa, aurkaratzen den epaia jakinarazi eta hurrengo hamar egunen barruan.

219. artikulua

1. Idazki bidez prestatuko da errekurtso hau, eta erregutze-errekurtsoa epaitu zuen justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko salari zuzenduko zaio idazkia.

2. Idazkian, abokatuak sinatuta, alderdiak errekurtsoa formalizatzeko asmoa duela adieraziko da, eta eskatutako betekizunak betetzen direla azalduko da, labur.

3. Pentsioak eta sorospenak jasotzeko eskubidea aitortzen badu erregutzeerrekurtsoak, errekurtso hori jartzeko lege honen 192. artikuluan eskatzen diren diru-sarrerak egin edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, han ezarritako moduan, epaitegi dioen tokian justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko sala dioela harturik.

220. artikulua

Errekurritzeko betekizunak betetakoan, prestatutzat hartuko du salak errekurtsoa, eta lege honen 207., 208. eta 209. artikuluetan ezarritako izapideei jarraituko zaie.

221. artikulua

1. Errekurtsoa prestatu duen alderdiak Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren aurrean aurkeztu beharko du errekurtsoa jartzeko idazkia, epatze-dataren hurrengo hogei egunen barruan. Hala egin ezean, errekurtsoaren izapidetzea amaitutzat emango du salak, auto baten bidez.

2. Abokatua ez bada ofizioz izendatua edo ofiziozko izendapenak huts egin ondoren alderdiak askatasunez izendatua, ez da beharrezko izango jarduketak abokatu errekurritzaileari ematea errekurtsoa formaliza dezan, hark espresuki hala eskatu ezean; eskaera horrek, nolanahi ere, ez dio eragingo errekurtsoa jartzeko epeari.

222. artikulua

Errekurtsoa jartzeko idazkian, alegaturiko kontraesanaren azalpen zehatza eta xehetasunez hornitua eman beharko da, eta, horrekin batera, errekurritzen den epaiarekin kontraesanean dagoen epaiaren edo epaien ziurtagiriak erantsi, errekurritzen den epaian eginiko lege-haustea funtsatu, eta zuzenbidearen interpretazioa bateratzean eta jurisprudentzia eratzean gertaturiko urratzea ere funtsatu.

Kontraesanean dagoen epaiaren edo epaien ziurtagiririk aurkeztu ezean, hamar egunen epea izango da huts hori zuzentzeko, non eta alderdiak frogatzen ez duen bere garaian ziurtagiria eskatu zuela eta ez zaiola eman; kasu horretan, Auzitegi Goreneko Laugarren Salak ofizioz eskatuko du ziurtagiri hori.

223. artikulua

1. Errekurtsoa jartzeko betekizunetan modu nabarmen eta ezin zuzenduzkoan huts egin badu alderdiak, edo uziak kasazio-interesik ez badu, errekurtsoa ez onartzeko arrazoia jakinaraziko dio magistratu txostengileak salari hiru egunen barruan. Errekurtsogileari ez onartze horren gaineko entzuera ematea erabakiko du salak, eta beste hiru egunen epean izango da entzuera hori. Fiskaltzak jarria ez denean, hari helaraziko zaio errekurtsoa, zortzi egunen epean bere txostena eman dezan errekurtsoa ez onartzeari buruz.

2. Salak, errekurtsoa ez onartzeko aipaturiko arrazoietakoren bat ikusten badu, errekurtsoa onartzen ez dela eta ebazpen errekurritua irmo geratzen dela deklaratuko du auto ziodun batean, eta eragindako kostuak errekurtsogileari ezartzeko aginduko du, lege honetan xedatutakoaren arabera. Auto horren aurka ezin jarriko da inolako errekurtsorik. Ez-onartze autoaren ondorioz, galdu egingo da gordailua, eratu bada; kontsignaturiko diruei eta segurtamenei, berriz, dagokien erabilera emango zaie, erregutze-epaiaren arabera.

3. Errekurtsoa luzamendu-asmoz jarri dela iritziz gero, diru-zehapena ere jarri ahal izango dio salak errekurritzaileari; 150.000 pezetakoa, gehienez.

4. Errekurtso hau aztertzeko eta ez onartzeari buruz ebazteko, hiru magistratuk eratuko dute sala.

224. artikulua

1. Errekurtsoa onartuz gero, pertsonaturiko alderdiari edo alderdiei helaraziko die salak errekurtso-idazkia, hamar egunen epean aurkarapena formaliza dezaten; noiznahi jasotzen direlarik ere jarduketak, salaren idazkaritzan eskuragarri dituztela jakinarazten zaien egunetik hasiko da igarotzen epea.

2. Errekurritzailea Fiskaltza ez bada, hari pasatuko zaizkio segidan jarduketak, kasazioa bidezko den edo ez adieraz dezan, txosten bidez, hamar egunen epean.

225. artikulua

1. Fiskaltzak bere txostenarekin batera jarduketak itzulitakoan, bozketa eta epaitzarako deia egitea erabakiko du salak, hurrengo hamar egunen barrurako.

Epaia emateko epea hamar egun izango da, bozketaren biharamunetik hasita.

2. Auziaren garrantziak edo konplexutasunak hala eskatzen badu, sala bost magistratuz osatzea erabaki ahal izango du presidenteak edo salaren gehiengoak.

226. artikulua

1. Errekurtso hauek ebaztean Auzitegi Goreneko Laugarren Salak emaniko erabakiek ez diete eragingo ebazpen aurkaratuaren aurrekoek sorturiko egoera juridikoei, ezein kasutan.

2. Errekurrituriko epaiak doktrina-batasuna urratzen duela deklaratuz gero, epai hori kasatu eta deuseztatu egingo du Auzitegi Gorenaren epaiak, eta doktrina bateratuaren araberako erabakien bitartez ebatziko du erregutzean planteaturiko eztabaida, aurkaratu den epaiak sorturiko egoera juridiko partikularrak ere harturik. Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren epaian, dagokiona ebatziko da lege honen arabera erregutze-errekurtsoak dakartzan kontsignazio, segurtamen, kostu, zerbitzu-sari eta isunei buruz. Errekurritzeko gordailua eratu bada, hura itzultzea erabakiko da.

3. Auzitegi Gorenaren epaiak errekurtsoa ezesten badu, errekurrituriko epaia doktrinaren araberakoa dela iritzirik, errekurritzeko gordailua galdu egingo da. Epaitzak, erabakien arabera, kontsignatzeak edo segurtamenak ezeztatu behar diren ala bere horretan utzi behar diren xedatuko du.

V. KAPITULUA Erregutze- eta kasazio-errekurtsoen xedapen erkideak

227. artikulua

1. Erregutze-errekurtsoa edo kasazio-errekurtsoa jartzeko asmoa duenak, ez bada langilea edo haren kausaduna edo Gizarte Segurantzaren araubide publikoaren onuraduna, gordailu gisa jarri beharko ditu :

a) Erregutze-errekurtsoa bada, 25.000 pezeta.

b) Kasazio-errekurtsoa bada, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa barne, 50.000 pezeta.

2. Dagokion kreditu-entitatean eratuko da gordailua, eta haren egiaztagiria eman beharko du errekurritzaileak epaitegiko idazkaritzan, erregutze-errekurtsoa jartzean, edo salako idazkaritzan, han agertzean.

Adierazitako moduan gordailu horiek eratu ezean, legeak horri buruzko artikuluetan ezarritakoa beteko da.

3. Epai baten erabakiz galdutako gordailuak Altxor Publikoan sartuko dira.

4. Aipaturiko gordailua eta lege honetan errekurtsoa jartzeko eskatzen diren kontsignazioak eratzetik salbuetsirik geratuko dira Estatua, autonomiaerkidegoak, toki-entitateak, horien guztien mendeko erakunde autonomiadunak eta doako justiziaren onura aitortua duten pertsonak.

228. artikulua

Aurkaraturiko epaiak diru kopuru bat ordaintzeko kondena ezarri bazuen, doako justiziaren onura ez duen errekurtso-jartzaileak ezinbestean egiaztatu beharko du, erregutze-errekurtsoa iragartzean edo kasazio-errekurtsoa prestatzean, kondenaren diru kopurua kontsignatua duela dagokion kreditu-entitatean eta auzialdiko epaitegi edo salaren izenean irekitako Gordailu eta Kontsignazioen Kontuan. Kontsignazioa esku-dirutan egin ordez, banku-abal batezko segurtamena egin ahal izango da, abal-emaileak erantzukizun solidarioa duela adierazirik abalean. Idazkariaren zaintzapean geratuko da esku-dirua kontsignatu izanaren egiaztagiria edo, abalaren kasuan, segurtamen-agiria; agirion testigantza aterako du idazkariak, jarduketei eransteko, eta dagokien hartu-agiria emango du.

229. artikulua

1. Erregutze-errekurtsoa jartzen den kasuan, epaitegiaren aurrean izendatuko da abokatua, errekurtsoa iragartzean. Kasazio-errekurtso arrunta nahiz doktrina bateratzekoa jartzen den kasuan, jatorriko gizarte-arloko salan izendatuko da abokatua, errekurtsoa prestatzeko epearen barruan izendatuz gero, edo Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salan, epatze-epearen barruan izendatuz gero.

2. Agertuz edo idatziz egin daiteke izendapena. Idatziz egiten bada, eta notario-ahalorderik aurkezten ez bada, ez da berrespenik behar izango.

3. Ordezkaria berariaz izendatu ezean, abokatua hartuko da haren defendatuaren ordezkaritzat ere.

4. Errekurritzaileak abokatua espresuki izendatzen ez duenean, langile bat edo doako justiziaren onura duen enpresaburu bat bada errekurritzailea, epaitegiak ofizioz izendatuko dio abokatua, errekurtsoa iragartzeko epea amaitzen den egunaren biharamunean, edo Auzitegi Goreneko Laugarren Salak, epatzeepea amaitzen den egunaren biharamunean.

230. artikulua

1. Abokatu errekurritzailea ofizioz izendatu bada, hari emango zaizkio jarduketak, erregutze-errekurtsoa jarri edo kasazio-errekurtsoa formaliza dezan, hamar edo hogei egunen epean, hurrenez hurren. Jarduketak salaren idazkaritzan eskuragarri dituela jakinarazten zaion egunetik hasiko dira igarotzen epeok.

2. Ofiziozko defendatzaileak, errekurtsoa bidezko ez dela iritziz gero, idatziz azalduko du hori, hiru egunen epean, iritzia arrazoitu gabe. Kasu horretan, hurrengo bi egunen barruan, beste abokatu bat izendatuko da, eta hura ere aurrekoaren iritzikoa bada -lehen adierazitako epe eta moduan azaldu beharko du bere iritzia-, horren berri emango zaio alderdiari, nahi izanez gero hurrengo hiru egunen barruan nahi duen abokatua izenda dezan, legeak adierazten duen epean errekurtso hori formalizatzeko. Alderdiak hiru egunen epe horretan emango dio epaitegi edo salari abokatu-izendapenaren berri, eta izendaturikoari jarduketak ematea erabakiko du epaitegi edo salak, aurreko zenbakian ezarritako moduan. Bestela, utzi egingo zaio errekurtsoa izapidetzeari.

3. Ofizioz izendaturiko abokatua, aipaturiko hiru egunen epean jarduketak itzultzen ez baditu, errekurtsoari bidezko ez deritzola adierazita, beharturik egongo da legezko epean errekurtsoa jartzera.

231. artikulua

1. Salak ez die alderdiei onartuko jarduketetan jaso gabeko agiriak aurkeztu edo egitateak alegatzerik. Hala ere, Prozedura Zibilaren Legearen 506. artikuluan aipatzen diren agirietakoren bat aurkezten badu errekurritzaileak, edo oinarrizko eskubide bat urratzea galarazteko behar diren irizpide-elementuak dituen idazki bat, salak, hiru egunen epean kontrako alderdiari entzuera emanik, dagokiona erabakiko du hurrengo bi egunetan, auto ziodun bidez; auto horren aurka ezin jarriko da erregu-errekurtsorik.

2. Aurreko zenbakian aipaturiko izapidearen ondorioz, eten egingo da salak errekurtsoa bera ez onartzearen gainean erabakitako izapidea, halakorik baldin bada.

232. artikulua

1. Salak, ofizioz edo alderdi-eskariz, izapidetzen ari diren errekurtsoak metatzea erabaki ahal izango du, errekurtsoek bera badute objektua eta alderdietakoren bat. Bozketa eta epaitzarako eguna edo ikustaldirako eguna izendatu baino lehen hartu beharko du erabaki hori. Metatzea dagokion edo ez erabaki aurretik, salak entzuera emango die errekurtso horietan agertu diren alderdiei, bost egunen epe erkide eta bakarrean.

Objektu bera den ala ez aztertuko da entzunaldian.

2. Errekurtsoak metatzen direnean, lehenik izendatutakoa izango da magistratu txostengilea; eta egun berekoak badira, berriena.

3. Auto ziodun bidez hartuko du salak metatzeari buruzko erabakia.

233. artikulua

1. Errekurtsoa galdu duen alderdiari ezarriko zaizkio kostuak epaian, non eta galtzailea ez den doako justiziaren onuradun. Kostuen barruan sartuko da kontrako alderdiak errekurtsoan izan duen abokatuaren zerbitzu-saria; kopuru hori ezin izango da 100.000 pezeta baino gehiagokoa, erregutze-errekurtsoetan, eta 150.000 pezeta baino gehiagokoa, kasazio-errekurtsoetan.

2. Aurreko zenbakiko erregela ez da aplikatuko gatazka kolektiboei buruzko prozesuetan, haietan alderdi bakoitzak bere gain hartu beharko baititu bere eraginez sorturiko kostuak. Hala ere, prozesuan errekurtsoa ausarkeriaz jarri duen alderdiari ezar diezaioke salak kostuak ordaindu beharra.

VI. KAPITULUA Berrikuspen-errekurtsoa

234. artikulua

Gizarte-arloko jurisdikzio-ordenako organoek emaniko edozein epairen aurka jar daiteke Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako berrikuspenerrekurtsoa.

Errekurtso hori Auzitegi Goreneko Gizarte Arloko Salaren aurrean jarriko da, eta Prozedura Zibilaren Legean xedaturikoaren arabera ebatzi beharko du hark, baina errekurritzeko gordailuaren zenbatekoa, nolanahi ere, lege honetan kasazio-errekurtsoetarako ezartzen dena izango da.

IV. LIBURUA EPAIEN EXEKUZIOA

I. TITULUA BEHIN BETIKO EXEKUZIOA

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

235. artikulua

1. Epaien exekuzioari buruz Prozedura Zibilaren Legean ezarritako moduan gauzatuko dira epai irmoak, lege honetan aurreikusitako berezitasunekin.

2. Instantzian auziaz arduratu den organo judizialak exekutatuko du epaia. Exekuzio-titulua epailearen partaidetzarik gabe eratua bada, titulua eratu den barrutiko epaitegia izango da eskudun.

3. Exekuzioak metatzen diren kasuetan eta exekuzioaren ardura barruti bereko gizarte-arloko epaitegi jakin batzuei modu esklusiboan esleitzen zaien kasuetan, kasu horietarako berariazko arauei jarraituko zaie.

4. Gizarte-arloko epaitegi bat baino gehiago dagoen lekuan, Botere Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitako moduan, erabaki ahal izango da barruti bereko epaitegi jakin batzuk arduratzea exekuzioez, modu esklusiboan, bestelako auzien banaketatik kanpo utzirik guztiz edo partez.

5. Konkurtsoen kasuan, Konkurtso Legeak dioenari jarraituko zaio.

236. artikulua

Exekuzio-aldian sustatzen diren intzidente-arazoak bideratzean, bost egunen epean agertzeko zitazioa egingo zaie alderdiei, eskubidez egoki deritzotena alegatu edo frogatu ahal izan dezaten; erabakia auto bidez emango da, hiru egunen epean.

237. artikulua

1. Epai irmoen exekuzioa alderdi-eskariz hasiko da, ofiziozko prozeduretan izan ezik, haietan ofizioz hasiko baita.

2. Exekuzioa, behin hasiz gero, ofizioz izapidetuko da, horretarako behar diren ebazpen eta eginbideak emanik.

238. artikulua

Inork alegatzen badu, exekuzio-tituluan hartzekodun edo zordun gisa agertu gabe edo haien oinordeko deklaratua izan gabe, exekuzioak eskubide edo interes legitimo eta pertsonal bat uki diezaiokeela, eskubidea izango du berari eragiten dioten egintzetan alderdiekiko berdintasunean parte hartzeko.

239. artikulua

1. Exekuzioan, bere horretan gauzatuko da epaian ezarritakoa.

2. Alderdi batek agindu zaiona bete gabe igarotzen badu emandako epea, justifikaziorik gabe, agindua bete bitartean edo hura zehatz-mehatz bete ezina frogatu bitartean diru-premiamenduak ezarri ahal izango dizkio epaitegi edo auzitegiak, alderdiei entzuera eman ondoren, exekutatzen ari den obligazioa bete dadila lortzearren eta segurtatzearren, egiteko edo ez egiteko obligazioa exekutatzen edo ebazpen judizial batean ezarritako legezko obligazioak betearazten ari den kasuan. Premiamenduen zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko dira haien helburua, agindua betetzeari jarkitzea eta errekerimendua egin zaionaren ahalmen ekonomikoa; premiamendua aldatu edo efekturik gabe utzi ere egin daiteke, premiamendupekoak gerora izandako jokabidea eta eman lezakeen justifikazioa aintzat hartuta. Altxorrean sartuko da ezarririko zenbatekoa, eta zenbateko hori ez da izango, obligazioa bete gabe pasaturiko egun bakoitzeko, Zigor Kodean faltei dagozkien isunetarako aurreikusiriko gehienezko zenbatekoa baino handiagoa.

3. Modu berean eta izapide beren bitartez, organo judizialak hertsapenisunak jarri ahal izango dizkie exekuzioan parte ez direnei ere, baldin eta, errekerimenduren bat egin zaielarik ebatzitakoa behar bezala eta osoki exekutatzeko edo ebazpen judizial batean ezarritako legezko obligazioak betearazteko xedez, errekerimendu hori bete ez badute, justifikaziorik gabe.

240. artikulua

Epaiaren kontrako errekurtsoa jarria izanik ere, exekutatu ahal izango da aurkaratu gabeko erabakiei dagokien partea.

241. artikulua

1. Exekuzioa eskatzeko epea, 277. artikuluan xedaturikoaren kalterik gabe, exekutarazi nahi den eskubidea aitortzeko akziorako lege substantiboetan ezarritakoa bera izango da. Epe hori preskripziozkoa izango da ondorio guztietarako.

2. Kasu guztietan, urtebetekoa izango da diru-kopuruak emateko obligazioak bete daitezela erreklamatzeko epea. Hala ere, Gizarte Segurantzaren aldizkako prestazioak ordaintzeko obligazioen kasuan, prestaziorako eskubidea aitortzeko akziorako lege substantiboek ezarritakoa bera izango da exekuzioa eskatzeko epea, edo, bestela, preskribaezina, aipaturiko eskubideak izaera hori badu lege horietan.

Enpresaren ordainkizun deklaratu diren prestazio ekonomikoak Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile edo laguntzaileak ordaindu baditu, Gizarte Segurantzaren Legearen Testu Bateginaren 126. artikulua aplikatu delako, epaia aurreko paragrafoan ezarritako epeetan exekutatzeko eska dezake erakundeak, prestazioa aurreratu duenak ordainketa egindako egunetik kontatzen hasita epea.

3. Exekuzioa hasitakoan, preskripzioa ez da etengo exekutatzen den obligazioa osorik bete arte; ezta exekuziopekoa behin-behinekoz kaudimengabe deklaratu izateagatik jarduketak artxibatu badira ere.

242. artikulua

1. Kasu hauetan bakarrik utzi ahal izango da exekuzioa geldieran :

a) Legeak hala ezartzen duenean.

b) Exekutatzailearen eskariz, exekuzioa ofiziozko prozedura batetik eratorri ez bada.

2. Exekutatzailearen eskariz edo hari egotz dakiokeen kausaz prozesua geldieran utzi edo geldiarazi delarik, eta jarraipena eskatu gabe hilabete igaro, organo judizialak exekutatzaileari galdatuko dio adieraz dezala, bost egunen barruan, ea exekuzioak aurrera jarraitu behar duen, eta eska dezala eskubidez egoki deritzona; horrekin batera, ohartaraziko dio epe hori amaitutakoan jarduketak artxibatu egingo direla behin-behinekoz.

243. artikulua

1. Exekutatzen den obligazioa berehala betetzeak exekutatzaileari ekarriko liokeen kaltearekiko proportzioan neurriz gainekoa bada obligazioa bere hartan ez betetzeak exekuziopekoaren mendeko langileren batzuei ekar liezaiekeen kaltea, benetako arriskuan jartzen duelako enpresa zorduneko lan-harremanen jarraipena, exekuzioaren atzerapen bat eman dezake organo judizial exekutatzaileak, behar-beharrezko den denborarako, interesdunei entzuera eman ondoren eta berak ezarritako baldintzetan.

2. Ezarritako baldintzak bete ezean, galdu egingo da onura hori, espresuki adierazi beharrik edo aurrez errekerimendua egin beharrik gabe.

244. artikulua

1. Legean espresuki ezarritako kasuetan izan ezik, aurkarapena jarrita ere bete egingo dira epai-exekuzioan emandako ebazpenak, eta ez da dirurik kontsignatu beharko haiei errekurtsoa jartzeko.

2. Hala ere, organo exekutatzaileak kautelazko geldieran utzi ahal izango ditu, hilabeterako, kalte konpongaitza sor lezaketen exekuzio-egintzak, fidantza galdaturik edo gabe, eta geldiera beste hilabetez luzatu ahal izango du kasu berezietan.

Ahalmen bera izango du organo exekutatzailearen ebazpenen aurka jarritako errekurtsoaz arduratzen den salak ere, errekurtsoaren izapideek dirauten denborarako.

3. Geldieran uzteko erabakia, edo ez uztekoa, aldatu ahal izango da gerora sortu diren edo geldieraren inguruko ebazpena emateko orduan ezin ezagutu ziren inguruabarren ondorioz.

245. artikulua

Debeku da langilearen aldeko epaiek aitorturiko eskubideen transakzioa egitea edo haiei uko egitea.

II. KAPITULUA Diruzko exekuzioa

1. ATALAArau orokorrak

246. artikulua

1. Ondasun beren gainean enbargo-agindu bat baino gehiago ematen badute gizarte-arloko jurisdikzio-ordenako organo judizialek, ondasunok lehenik atzitu zituen organoak izango du lehentasuna haien aurkako premiamendubidea jarraitzeko, lege honetan exekuzio-metatzeen kasuetarako ezarritakoaren kalterik gabe.

Hala ere, ondorengo enbargatzaileak premiamendu-bidea jarraitu ahal izango du, lehenagoko enbargatzaileen eskubideak bermaturik geratu badira.

2. Aurreko zenbakiko erregelak ez dio eragingo hartzekodun bat baino gehiagoren arteko kreditu-lehentasunari.

3. Zor zaizkien soldatak kobratzeko langileek balia ditzaketen akzioak ez dira geldieran utziko konkurtso-prozedura bat izapidetzen ari delako.

Konkurtsoen kasuan, Konkurtso Legean ezarritakoaren mende gelditzen dira langileek zor zaizkien soldatak kobratzeko balia ditzaketen exekutatzeakzioak.

247. artikulua

1. Exekuziopekoa beharturik egongo da, organo judizialak hartarako errekerimendua eginez gero, zer ondasun edo eskubide dituen adieraztera, bere erantzukizunak bermatzeko bezainbesteko zehaztasunez. Beharturik egongo da, orobat, bere ondasunen gainean edonolako eskubideak dituzten pertsonak aipatzera, eta, ondasunok beste prozesuren batean sarturik badaude, exekuzioan zerikusia izan lezaketen prozesu horretako elementuak zehaztera.

2. Pertsona juridikoen kasuan, haien administratzaileena edo haien legezko ordezkariena izango da betebehar hori; ondasun-erkidegoen edo nortasun juridikorik gabeko taldeen kasuan, berriz, haien antolatzaile, zuzendari edo kudeatzaile gisa agertzen direnena.

3. Ondasunak karga errealen pean dauden kasuan, exekuziopekoa beharturik egongo da bermatutako kredituaren zenbatekoa adieraztera, eta orobat data horretan ordaintzeke duen partearen zenbatekoa, ordaindu gaberik izanez gero.

Bermatutako kredituaren titularrari galdatu ahal izango zaio informazio hori, ofizioz edo alderdi-eskariz edo hirugarren interesdun baten eskariz.

248. artikulua

1. Behar adina ondasun badela jakin ezean, dagozkion erakundeetara eta erregistro publikoetara jo beharko du organo judizialak, han jasota dauden zordunaren ondasun edo eskubide guztien zerrenda eman diezaioten, legeak baimentzen dituen ikerketak eginda, beharrezko bada, horretarako.

2. Diruzko obligazioa exekutarazteko behar duen informazioaren bila jo ahal izango du organo judizialak, pertsonaren intimitate-eskubideak ezarritako mugen barruan betiere, finantza- edo gordailu-entitateetara edo beste pertsona pribatu batzuengana, baldin eta pertsona horiek, beren ohiko jardueragatik edo exekuziopekoarekin dituzten harreman juridikoengatik, haren ondasun edo eskubideen jakinean egon behar dutenak badira edo haren zordun gerta badaitezke.

249. artikulua

Besterik xedatzen ez bada, hartarako zioak emanik, behin-behineko berandutze-korritu gisa eta kostu gisa exekutatutako zenbatekoek ez dute gainditu beharko urtebetean sortuko liratekeen korrituen zenbatekoa, berandutzakorrituen kasuan, eta premiamendupeko kopuru printzipalaren 100eko 10, kostuen kasuan.

250. artikulua

Premiamendupeko zenbatekoaren arabera, enpresa zorduneko langileen ordezkariei helarazi beharko zaizkie exekuzioa ebazten duten autoak edo enbargoa agintzen duten gainerako ebazpenak, hartara prozesuan agertzeko modua izan dezaten ordezkariok.

251. artikulua

1. Soldatak Bermatzeko Funtsa eta Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak edo zerbitzu erkideak, prozesuan esku hartzeko legitimaturik daudenean, beharturik egongo dira, errekerimendu judiziala egiten zaienetik, ondasun enbargatuen gordailua, administrazioa, esku-hartzea edo peritu-azterketa beren gain hartzera, horretarako pertsona egokia izendaturik. Betebehar horretatik libre geratu ahal izango dira, baimen judizialarekin, ezin bete dutela edo neurriz gaineko zama zaiela justifikatzen badute.

2. Betebehar bera eta baldintza berekin ezarri ahal izango zaio, zioak emanik, duen jardueragatik eta dituen baliabideengatik betebehar hori bere gain har dezakeen edozein pertsona edo erakunderi, legearen arabera dagozkion gastuak eta ordainsariak ordaintzearen kalterik gabe.

3. Administrazioak hartarako baimenduriko entitateei enkargatu ahal izango zaizkiebide judizialetik enbargaturiko ondasunak gordailutzearen, kontserbatzearen, garraiatzearen, administratzearen eta haiek saltzeko publizitatea egitearen inguruko jarduketa materialak, hala erabakitzen badu organo judizialak.

2. ATALAEnbargoa

252. artikulua

Behar adina ondasun badela jakinez gero, legeak ezarritako hurrenkeran egingo da agindutako enbargoa. Kontrako kasuan, exekutatzeko eskatzen den ebazpen judizialaren eraginkortasuna segurtatzearren, ondasun horiek ezagututakoan egokituko da hurrenkera.

253. artikulua

1. Enbargaturiko ondasunak higiezinak edo erregistro publikoetan inskriba daitezkeen beste batzuk badira, manamendu bat ateratzeko eta hura zuzenean erregistratzaileari bidaltzeko aginduko du organo judizialak, ofizioz. Manamendu horretan, eskatuko zaio enbargoari dagokion idazpena egin dezala, idazpen hori egin izanaren egiaztagiria eman dezala, eta orobat eman dezala ondasunen titulartasunaren egiaztagiria eta, izanez gero, haien karga eta zamena.

2. Idatzitako enbargoari eragin diezaiokeen geroagoko idazpenik baldin bada, horren berri eman beharko dio erregistratzaileak organo judizialari.

254. artikulua

1. Administrazio edo esku-hartze judizial bat eratu ahal izango da enbargaturiko ondasun edo eskubideen izaerak hala eskatzen duenean.

2. Xede horretarako, agertzeko zitazioa egingo die organo judizialak alderdiei, akordio batera hel daitezen, edo, hala badagokio, egoki iruditzen zaizkien alegazio eta frogak aurkez ditzaten puntu hauen inguruan: administratzaile edo esku-hartzaile bat izendatu behar den edo ez, kargu hori nork bete behar duen, fidantza eskatu behar den edo ez, jarduteko modua, kontu-ematea eta dagokion ordainsaria.

3. Bere kudeaketaren azken kontua eman beharko du izendaturiko administratzaile edo esku-hartzaileak.

255. artikulua

Exekutatzailea nahiz exekuziopekoa izenda daiteke gordailuzain, kontrako alderdiaren aurkakotza justifikaturik izan ezean. Hirugarren bat gordailuzain izendatzea ere onartu ahal izango du organo judizialak, alderdiak horretan ados badaude edo alderdi batek proposatu eta besteak aurkakotza justifikaturik agertzen ez badu.

256. artikulua

1. Lehendik enbargaturik badaude ondasunak, berriz enbargatzen dituen organo judizialak behar diren neurriak hartuko ditu berrenbargatze hori gauzatzeko.

2. Berrenbargatzearen berri eman zaion organo judizial edo administratiboak behar dena erabakiko du berrenbargatzea bermatzeko, eta, hamar egunen epean gehienera ere, jakinaren gainean jarriko du berrenbargatzailea, ondasunen inguruabarrez eta balioaz, erantzun behar dioten premiamenduaren zenbatekoaz eta bere jarduketen egoeraz.

3. Halaber, hartzekodun berrenbargatzaileei eragin diezaiekeen geroagoko ebazpenik baldin bada, horren berri eman beharko dio berrenbargatzea agindu duen organoari.

257. artikulua

1. Organo judizialak, baiezko enbargo-eginbidearen kontu eman eta gero, berretsi edo aldatu egingo du exekuzio-batzordeak egindakoa, eta enbargoa segurtatzeko bermeak jartzea erabakiko du, behar izanez gero, enbargaturiko ondasunen izaeraren arabera.

2. Enbargoak hobetzea, gutxitzea edo kentzea ere erabaki ahal izango du organo judizialak, edozein unetan, ikusirik ondasun enbargatuak zenbateraino diren aski.

258. artikulua

1. Enbargaturiko ondasunen gaineko jabegoa duela alegatzen badu hirugarren batek, eta ondasunok atzitu baino lehen eskuratua duela jabego hori, enbargoa kentzeko eskatu ahal izango dio hirugarren horrek exekuzioaz arduratzen den gizarte-arloko jurisdikzio-ordenako organoari. Orduan, alegatu den eskubideaz ebatziko du organoak, judizio aurreko ondorioetarako soilik, eta, hala badagokio, enbargoa kenduko du.

2. Eskaera hori, uzia funtsatzen duen tituluarekin batera, lehenengo enkanterako izendaturiko data baino gutxienez hamabost egun lehenago aurkeztu beharko du hirugarrengotza duenak.

3. Eskaera onartutakoan, lege honetan arauturiko intzidente-izapideari jarraituko zaio. Intzidentea ebatzi arte bakarrik utziko ditu geldieran organo judizialak auzitan diren ondasunen likidazioari buruzko jarduketak.

3. ATALAOndasun enbargatuak diru bihurtzea

259. artikulua

1. Diru bihurtu aurretik ondasun enbargatuak tasatu behar izanez gero, organo judizialak izendatuko du peritu tasatzailea, Justizia Administrazioan dihardutenen artetik dagokiona; horretaz gainera, edo periturik izan ezean, pertsona egokia izendatzeko eskatu ahal izango die peritu-azterketa egitera legez beharturik dauden entitateei.

2. Izendatutako tasatzailearen berri emango zaie tasatu beharreko ondasunen gainean eskubideak dituzten alderdiei edo hirugarrenei, aukera izan dezaten, bigarren egunaren barruan, beren aldetik beste norbait izendatzeko, eta izendatu ezean ados daudela ulertuko dela ohartaraziko zaie.

260. artikulua

Enbargaturiko ondasun edo eskubideek kargak edo zamak baldin badituzte, salmentaren edo esleipen judizialaren ondoren ere iraun behar dutenak, karga edo zama horien balioespena egingo du idazkariak, perituaren laguntzarekin eta egoki deritzon datuak bildurik, eta ondasunen balio errealari zenbateko hori kenduko dio, balio justua erabakitzeko.

261. artikulua

1. Enbargaturiko ondasunak likidatzeko, prozedura hauek erabil daitezke :

a) Administrazioak horretarako baimenduriko entitate batean saltzea, organo judizialak hala erabakitzen badu, edozein dela ere ondasunen balioa.

b) Fede-emaile publikoaren aurrean enkantean jartzea, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

c) Enkante judiziala egitea, aurreko prozedurak erabiltzen ez diren kasuetan.

2. Baloreak badira enbargaturikoak, Prozedura Zibilaren Legean haiek saltzeko ezarritako moduan salduko dira.

3. Salmenta errazteko, loteka edo banaka saldu ahal izango dira ondasunak.

262. artikulua

Ondasun enbargatuak enkante judizial bidez diru bihurtzeko, prozedura zibilaren legerian xedaturikoari jarraituko zaio, honako aldaera hauekin :

a) Hirugarren enkantean, ez da onartuko ondasunei emandako balio justuaren 100eko 25 baino gehiago ez den eskaintzarik. Zenbateko handiagoa eskaintzen duen eskaintzailerik baldin badago, errematea onartuko da.

b) Hirugarren enkantea huts gertatzen bada, exekutatzaileek edo legez haien erantzule solidario edo subsidiario direnek eskubidea izango dute ondasunak ezarritako balioaren 100eko 25ean berenganatzeko, eta hamar egunen epe erkidea emango zaie horretarako. Eskubide hori baliatzen ez bada, kendu egingo da enbargoa.

263. artikulua

Enkanteko erosketa edo ordain-esleipena exekutatzaileen parte baten alde egiten bada eta esleipen-prezioa aski ez bada gainerako hartzekodunen kreditu guztiak ordaintzeko, esleipen-preziotik banaketa proportzionalean legokiekeen kopururaino soilik amaituko dira esleipendunen kredituak. Prezioa baino gutxiago izanez gero, hartzekodun esleipendunek dirutan ordaindu beharko dute kopuru horretatik gorakoa.

264. artikulua

Exekutatzaileen edo legez erantzule solidario edo subsidiario direnen alde egindako erosketa edo esleipenen kasuan bakarrik onartuko da hirugarren bati lagatzea.

265. artikulua

1. Ez da nahitaezkoa izango esleipen-autoa eskritura publikoan jasotzea.

2. Esleipen-autoa inskribatzeko, titulu nahikoa izango da epaitegi edo auzitegiko idazkariak emandako testigantza, autoa bera eta harekin batera inskripzioa egiaztatzeko behar diren inguruabarrak jasotzen dituena.

4. ATALAHartzekodunei ordaintzea

266. artikulua

1. Exekutatzaileen alde lortzen diren kopuruekin, hurrenez hurren, printzipala, korrituak eta kostuak ordainduko dira, korrituak likidatu eta kostuak tasatutakoan.

2. Organo judizialak aurrez onespena emanez gero, printzipala baino lehen ordaindu ahal izango dira exekuzioak berak eragin dituen ezinbesteko gastuak eta bide judizialetik eskaturiko laguntza ematera beharturiko hirugarrenek egiaztaturikoak.

267. artikulua

1. Premiamendupeko zenbatekoaren printzipala ordaindutakoan, korrituak likidatzeko eginbidea emango du idazkariak.

2. Kostuak tasatzean eta eginbidean bertan egin ahal izango da korrituen likidazioa. Bi eragiketa horiek aurkaratuz gero, metatu ahal izango dira bien izapideak.

3. Kostuen tasazioan sartu ahal izango dira exekuzioa dela-eta abokatuei dagozkien ordain edo zerbitzu-sariak, administrazio publikoen abokatuenak barne, eta prokuradore eta graduatu sozial kolegiatuei dagozkienak.

268. artikulua

Zordun beraren aurka bideraturiko exekuzioak metaturik badaude eta enbargaturiko ondasunak aski ez badira lan-kreditu guztiak ordaintzeko, proportzionaltasunezko irtenbideak aplikatuko dira, legeetan ezarritako kreditulehentasunak errespetatuz betiere.

269. artikulua

1. Gradu bereko kreditu konkurrenteen artean, proportzionalki banatuko dira lorturiko kopuruak, denboraren araberako lehentasunik gabe.

2. Lorturiko kopuruak aski ez badira kreditu guztiak ordaintzeko, honela jokatuko da :

a) Hartzekodun konkurrenteetatik bakar batek ere ez badu kobratzeko lehentasunik alegatzen, kopuruak lortu ahala haiek proportzionalki banatzeko aginduko du organo judizialak.

b) Hartzekodunen batek lehentasuna duela alegatzen badu, banaketaproposamen erkide bat aurkeztu ahal izango dute hartzekodunek, edo jartzen zaien epean aurkez dezatela eskatu ahal izango zaie.

3. Proposamenik aurkezten ez bada edo aurkeztutakoak bat ez badatoz, organo judizialak, bost egunen epean emandako probidentzia batean, behin-behineko banaketa-irizpideak ezarriko ditu, eta idazkariari aginduko dio banaketa-eginbidea

egin dezala, irizpide horien arabera hartzekodun bakoitzari dagozkion kopuruak zehazturik.

270. artikulua

1. Proposamenik egin ez duten hartzekodunei, exekuziopekoari eta Soldatak Bermatzeko Funtsari helaraziko zaie proposamen erkidea edo epaitegi edo auzitegiak formulaturikoa, hiru egunen epean adostasuna edo desadostasuna adieraz dezaten.

2. Aurkakotzarik izan ezean, aurkezturiko proposamen erkidea onetsi egin beharko du organo judizialak, edo behin betikotzat hartuko da banaketaeginbidea. Aurkakotzarik izanez gero, agertzeko deia egingo zaie interesdun guztiei, eta aurkezturiko idazkiak helaraziko zaizkie.

271. artikulua

1. Agerraldian banaketa-akordio bat lortuz gero, ekitaldi berean onetsi ahal izango da akordio hori. Agertu ez eta justifikaziorik aurkeztu ez duten interesdunei dagokienez, agertu direnek adostutakoarekin konforme daudela joko da.

2. Adostasunik ezean, intzidenteak aurrera segituko du, eta alegazioak eta frogak egingo dira aldarrikaturiko lehentasunak badiren edo badirauten ikusteko. Auto baten bidez, planteaturiko arazoak ebatzi eta banaketa-modua ezarriko da.

272. artikulua

Banatu beharreko kopuruak lortzen diren unea arte prozesu metatuen exekutatzaile direla erakusten dutenek hartu ahal izango dute parte banaketa proportzionalean; beren aldeko exekuzioa agintzen duen auto irmoaren bidez erakutsi beharko dute hori.

273. artikulua

1. Hirugarren batek, exekuziopekoaren Lan Arloko hartzekoduna izan edo ez, bere kreditua hartzekodun exekutatzaileak baino lehen berreskuratzeko eskubidean funtsatzen badu hirugarrengotza, exekuzioaren ardura daraman gizarte-arloko organo judizialera jo beharko du, eta lege honetan arauturiko intzidente- izapidearen bitartez bideratuko da hirugarrengotza hori.

2. Exekuzioa ez da geldieran utziko halako hirugarrengotzen kasuan. Jarraitu egingo du ondasunak saldu arte, eta dagokion kreditu-erakundean jarriko da gordailuan salmentaren zenbatekoa.

5. ATALAEnpresaburuaren kaudimengabezia

274. artikulua

1. Exekuziopekoa kaudimengabe deklaratu aurretik, lehenagotik deitua izan ezean, entzuera emango zaio Soldatak Bermatzeko Funtsari, gehienez ere hamabost egunen epean, eskubidez egoki deritzon eginbideak egiteko eskatu ahal izan dezan eta zordun nagusiarenak direla dakien ondasunak izenda ditzan.

2. Soldatak Bermatzeko Funtsak eskaturiko eginbideak egin eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan, organo judizialak, auto baten bitartez, guztiz edo partez kaudimengabe deklaratuko du exekuziopekoa, hala dagokionean, eta enbargaturiko ondasunei perituak emandako balioa finkatuko du autoan, kaudimengabe den kasuan. Behin-behinekotzat hartuko da kaudimengabezia, ondorio guztietarako, harik eta exekuziopekoaren ondasunak ezagutu arte edo enbargaturiko ondasunak diru bihurtu arte.

3. Enpresa bat judizialki kaudimengabe deklaratzea aski oinarri izango da beste exekuzio batzuetan ere halakotzat jotzeko, eta lege honen 248. artikuluan ondasunak ikertzeko ezartzen diren izapideak errepikatu beharrik gabe eman ahal izango da kaudimengabezia-autoa; aurrez entzuera eman beharko zaie, nolanahi ere, alderdi demandatzaileari eta Soldatak Bermatzeko Funtsari, beste ondasunik baden adieraz dezaten.

4. Exekutatzen den epaian zehazturik ageri badira legez Soldatak Bermatzeko Funtsak ordaindu beharreko zenbatekoak, kaudimengabezia-deklarazioa irmo geratutakoan errekerimendua egingo zaio hamar egunen epean ordain ditzan. Ordaindu ezean, jarraitu egingo du haren aurkako exekuzioak.

5. Exekuziopekoaren kaudimengabezia-deklarazioa Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

275. artikulua

1. Enbarga daitezkeen ondasunak enpresa zordunaren ekoizpen-prozesuari loturik badaude eta enpresak jardunean jarraitzen badu, exekuzioa hogeita hamar egunez geldieran uzteko eskatu ahal izango du Soldatak Bermatzeko Funtsak. Epe horretan balioetsiko da, alde batetik, lan-kredituak ordaindu ezinik baden, eta, bestetik, enbargaturiko ondasunak judizialki besterentzeak zer ondorio izango lituzkeen enpresa zordunean dirauten lan-harremanen jarraipenean.

2. Lan-kredituak ordaintzea ezinezkoa dela egiaztatzen badu Soldatak Bermatzeko Funtsak, dirauten lan-harremanak amaitzea ekarriko lukeelako, hala adieraziko du, zioak emanik, eta kaudimengabezia-deklarazioa eskatuko du, soldata-bermerako prestazioak aitortzeari begira eta ez bestetarako.

III. KAPITULUA Kaleratzeagatiko epai irmoen exekuzioa

276. artikulua

Langilea berrartzeko hautua egin duenean, lanera itzultzeko data komunikatu beharko dio enpresaburuak langileari, idatziz, epaia jakinarazi ondorengo hamar egunen barruan, idazkia jaso eta gutxienez hiru egunen buruan lanera itzul dadin.

Kasu horretan, enpresaburuak ordaindu beharko ditu kaleratzea lehen aldiz bidegabe deklaratzen duen epaia jakinarazten den egunetik hasi eta langilea berrartzen den egunera arteko soldatak, non eta berrartzea ez den ezinezko gertatu, langileari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

277. artikulua

1. Enpresaburuak langilea berrartzen ez badu, epaitza exekutatzeko eskatu ahal izango du langileak gizarte-arloko epaitegian :

a) Berrartzeko jarritako dataren ondorengo hogei egunen barruan, berrartu ez badute.

b) Aurreko artikuluan aipatutako hamar eguneko epea amaitzen denetik aurrerako hogei egunen barruan, lanera itzultzeko datarik izendatu ez bada.

c) Berrartu zuten dataren ondorengo hogei egunen barruan, berrartzea irregulartzat jotzen bada.

2. Hala ere, epaia irmo geratu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan baliatu beharko da epaitzaren exekuzioa eskatzeko akzioa, eta ez dagokie soldatarik a, b eta c letretan adierazitako epe bakoitzaren azken egunetik hasi eta epaitzaren exekuzioa eskatzen den egunera bitarteko egunei.

3. Artikulu honetan ezarritako epe guztiak preskripzio-epeak dira.

278. artikulua

Epaitza exekutatzeko eskatutakoan, agertzeko zitazioa egingo die epaileak alderdiei, hurrengo lau egunen barruan. Agerraldiaren egunean, interesdunak formaltasunez zitatuak izanik, langilea edo haren ordezkaria agertzen ez bada, langileak eskaera utzietsi duela joko da; enpresaburua edo haren ordezkaria agertzen ez bada, hura gabe egingo da ekitaldia.

279. artikulua

1. Agerraldian, alegaturiko berrartze-ezaren edo berrartze irregularraren inguruan aztertuko ditu epaileak alderdia edo alderdiak. Orduan egin daitezkeen eta epaileak egoki jotzen dituen frogak bakarrik egingo dira, eta dagokion akta idatziko da.

2. Hurrengo hiru egunen barruan, auto baten bitartez, erabaki hauek hartuko ditu epaileak, non eta ez den frogatu gabe gelditu exekutatzaileak alegaturiko berrartze-eza edo berrartze irregularra :

a) Aipaturiko ebazpenaren datan azkendutzat deklaratuko du lan-harremana.

b) Langileari lege honen 110. artikuluko 1. zenbakian aipatzen den kalteordaina eman dakiola erabakiko du. Kasuaren inguruabarrei begiraturik eta berrartze-ezak edo berrartze irregularrak eragindako kalteak kontuan izanik, kalte-ordain gehigarri bat ere ezarri ahal izango du: lan-urte bakoitzeko, gehienez hamabost egunen soldata, betiere hamabi hilabeteren soldata gainditu gabe. Bi kasuetan, hainbanatu egingo dira urtebete baino gutxiagoko aldiak, eta autoaren eguna bitartekoa kontatuko da lan egindako denboratzat.

c) Enpresaburua kondenatuko du kaleratzea bidegabe deklaratzen duen lehen epaia jakinarazten den egunetik hasi eta aipaturiko konponbidearen egunera bitartean langileak jaso gabeko soldatak ordaintzera.

280. artikulua

1. Epaia bere horretan exekutatuko da honako kasu hauetan :

a) Kaleraturiko langilea langileen delegatu, enpresa-batzordeko kide edo delegatu sindikal izan eta, kaleratzea bidegabe deklaratutakoan, berrartua izateko hautua egin duenean.

b) Kaleratzea deusez deklaratzen duenean.

2. Horretarako, aurreko zenbakian aipaturiko edozein kasutan, epaileak, berrartzea eskatu denean, errekerimendua egingo dio enpresaburuari langilea bere lanpostuan birjar dezan hiru egunen epean; horretaz gainera, alderdiak eskatuta, 282. artikuluko neurriak hartuko ditu.

281. artikulua

1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kasuetan enpresaburuak langilea berrartzen ez badu edo kaleratu aurretik ez bezalako baldintzetan berrartzen badu, gizarte-arloko epaitegira jo eta epaitza exekutatzeko eskatu ahal izango du langileak, aurreko artikuluak langilea berrartzeko ezartzen duen hiru eguneko epearen hurrengo hogei egunen barruan.

2. Epaileak entzuera emango die alderdiei, agerraldi batean, aintzat harturik 278. artikuluan eta 279. artikuluaren 1. zenbakian xedaturikoa, eta auto bat emango du langilea berrartu den edo ez eta, hartu bada, dagokion moduan berrartu den esateko. Berrartzerik izan ez dela edo berrartze irregularra izan dela irizten dion kasuan, enpresaburuari aginduko dio langilea bere lanpostuan birjar dezala ebazpen hori eman eta hurrengo bost egunen barruan; horrekin batera, ohartarazpen hau egingo dio enpresaburuari: langilea bere lanpostuan birjarri ezean edo dagokion moduan birjarri ezean, hurrengo artikuluak ezartzen dituen neurriak hartuko direla.

282. artikulua

Enpresaburuak aurreko artikuluko birjartze-agindua bete ezean, erabaki hauek hartuko ditu epaileak :

a) Langileak bere soldata jasotzen jarrai dezala, epaian deklaraturiko maiztasun eta zenbateko berarekin eta hitzarmen kolektiboen edo arau estatalen ondoriozko igoerekin, dagokion moduan berrartzen duten arte. Horretarako, sei hilabeteko soldatari dagokion zenbatekoa exekutatzeko aginduko du epaileak, behar adina aldiz, eta diru horretatik egingo zaizkio langileari ordainketak, muga-egunak heldu ahala, dagokion moduan berrartzen duten arte; berrartzen duten datan dagoen saldoa enpresaburuari itzultzea erabakiko du epaileak.

b) Gizarte Segurantzan alta-egoeran eta kotizatuz jarrai dezala langileak; horren berri emango dio epaileak entitate kudeatzaileari, dagozkion ondorioetarako.

c) Langileen delegatu, enpresa-batzordeko kide edo ordezkari sindikalak bere karguari dagozkion eginkizun eta jardueretan jarrai dezala enpresaren barruan. Horrekin batera, ohartarazpen hau egingo zaio enpresaburuari: jarduera horiek galarazten baditu edo nolabaiteko eragozpenik jartzen badie, lanagintaritzari jakinaraziko zaiola horren berri, enpresaburuaren jokabidea zehatu dezan, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 97. artikuluak ezarritakoaren arabera.

283. artikulua

1. Ebazpen irmoz lan-kontratua azkendutzat deklaratzen denean lankontratuari loturiko etxebizitza baldin badu langileak, hilabeteko epean utzi beharko du etxebizitza hori. Beste bi hilabete luza dezake organo judizialak epea, arrazoi justifikaturik izanez gero.

2. Aurreko zenbakiko epeak igarotakoan, etxetik botatzeko agindu judiziala eman dezala eska diezaioke enpresaburuak epaitegiari. Segidan beteko da agindua, Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako arauen arabera.

284. artikulua

Aurreko artikuluetan xedaturikoaren kalterik gabe, langilea berrartzerik ez dagoela frogatzen bada, enpresak jarduera utzi duelako edo itxita dagoelako, lan-harremana egun horretan azkendutzat emango du epaileak auto baten bidez, eta langileari 279. artikuluaren 2. zenbakian adierazitako kalte-ordain eta soldata jaso gabeak ordain dakizkiola xedatuko du.

IV. KAPITULUA Ente publikoen aurkako epaien exekuzioa

285. artikulua

1. Estatuaren, Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaile edo zerbitzu erkideen eta gainerako ente publikoen aurkako exekuzioetan, epaia guztiz exekutatu dela jasorik ez dagoen bitartean, exekuzioa eragiteko eta abiarazteko egoki diren neurriak hartuko ditu organo judizialak, ofizioz edo alderdi-eskariz.

2. Horretarako, kondenaturiko administrazioari aurrez errekerimendua eginda eta, hala badagokio, alderdiei agertzeko zitazioa eginda, exekuzioan planteatzen diren erabakizunak erabaki ahal izango ditu organo judizialak; honako hauek, batez ere :

a) Zer administrazio-organok eta zer funtzionariok izango duten jarduketak egiteko ardura.

b) Zer epe izango den gehienez ere exekuzioa betetzeko, inguruabarrak kontuan izanik.

c) Zer baliabiderekin eta zer prozeduraren bitartez egingo den exekuzioa.

d) Zer neurri hartu behar diren agindutakoa lege honetan ezarri bezala betetzeko, 239. artikulua salbu, hura ez baita aplikatuko.

286. artikulua

1. Aldizka ordaintzeko Gizarte Segurantzaren prestazioengatik bideraturiko prozesuetan, kapitala eratzera kondenatzen duen epaia irmo geratutakoan, kopia ziurtatu bat bidaliko dio epaitegiak dagokion entitate kudeatzaile edo zerbitzu erkideari.

2. Erakunde horrek, gehienez ere hamar egunen epean, sartu beharreko kapitala zenbat den jakinarazi beharko dio epaitegiari. Alderdiei ere jakinaraziko zaie zenbatekoa, eta sarrera hamar egunen epean egin dezala eskatuko zaio alderdi kondenatuari.

II. TITULUA BEHIN-BEHINEKO EXEKUZIOA

I. KAPITULUA Diru kopuruak ordaintzeko kondena ezartzen duten epaiak

287. artikulua

1. Enpresaburua diru kopuru bat ordaintzera kondenatzen duen epai bat baldin badu langileak bere alde, eta epai horren aurka errekurtsoa jarri bada, kopuru hartatik aurrerakinak jasotzeko eskubidea izango du langileak; Estatuak bermatu beharko du aurrerakinon itzultzea, eta, hala badagokio, berak ordaindu, lege honek ezartzen duen moduan.

2. Aurrerakinaren guztizkoa, gehienez, epaian erabakitako zenbatekoaren 100eko 50 artekoa izango da, eta epeka ordaindu ahal izango da errekurtsoa izapidetzen den bitartean, eskaera egindako egunetik hasi eta behin betiko epaia eman arte, edo edozein kausagatik epai errekurritua irmo geratu arte.

3. Urteko diru kopurua, gehienez ere, denbora horretan indarrean den hemezortzi urtetik gorako langileentzako lanbide arteko gutxieneko soldata halako bi izango da, aparteko ordainsarien parte proportzionala barne.

288. artikulua

1. Epaia eman zuen organo judizialaren aurrean eskatu ahal izango du alderdi interesdunak behin-behineko exekuzioa. Eskatzaileak eta Estatuak modu solidarioan izango dute jasotako diru kopuruak itzultzeko obligazioa, itzuli behar direnean.

2. Kontsignazioa eratu behar izan bada behin-behinekoz exekutatzen ari den epaiari errekurtsoa jartzeko, aurrerakina diru hartatik ordain dadila xedatuko du organo judizialak, eta Estatuak bermatuko du enpresaburuari itzul dakizkiola, hala badagokio, langileari ordainduriko diru kopuruak.

3. Ez bada dirurik kontsignatu behar izan errekurtsoa jartzeko, Estatuak berak ordainduko dio aurrerakina langileari. Kasu horretan, egindakoaren behar besteko testigantza igorriko dio organo judizialak erakunde kudeatzaileari, eta hamar egunen epean langileari ordain diezaiola eskatuko dio.

289. artikulua

1. Aurkaratu den epaia irmo geratzen bada, kondenaren zenbatekoaren eta aurreraturiko kopuruaren arteko diferentzia jasotzeko eskubidea izango du langileak; kontsignaturikoaren kontura, aurrerakina handik hartu bada.

2. Estatuak ordaindu badu aurrerakina, langileak enpresaburuari erreklamatu ahal izango dio diferentzia, eta Estatua subrogatuko da aurreraturiko diru kopuruari dagokionez langileak enpresaburuaren aurrean dituen eskubideetan.

290. artikulua

Goragoko auzitegiak epai aurkaratua errebokatzen badu eta aurreraturiko diru-kopuru guztiaren edo parte baten zordun gertatzen bada langilea, diru hori enpresaburuari itzuli beharko dio, aurrerakina kontsignaziotik egin bada. Kasu horretan, Estatua, langilearekin batera, enpresaburuarekiko erantzule solidario izango da.

2. Estatuak, aurrerakina zuzenean berak ordaindu duenean edo harturiko erantzukizun solidarioaren ondorioz enpresaburuaren aurrean erantzun duenean, langileari erreklamatu ahal izango dio aurreraturiko dirua.

291. artikulua

1. Dirua itzultzeko obligazioa bete ezean, hartarako exekuzioa abian jartzeko titulu nahikoa izango da behin-behineko exekuzioa erabaki zuen ebazpen irmoa, harekin batera aurkezturik ordaindutako diru kopuruak zehazten dituen ziurtagiria, epaitegiko idazkariak edo erakunde kudeatzaileak emana.

2. Zor duen diru kopurua berehala ordaintzera behartzeak langileari kalte larria ekar diezaiokeenean, ordaintzeko obligazioa geroratu ahal izango du epaileak, beste urtebete gehienez, exekuzioa betetzen dela bermatzeko behar diren neurriak harturik.

II. KAPITULUA Gizarte Segurantzaren arloko kondena-epaiak

292. artikulua

1. Gizarte Segurantza aldizkako prestazioak ordaintzera kondenatzen duten epaiak, errekurtsoa jarrita ere, exekutatzekoak izango dira, eta kondenatua beharturik geratuko da prestazioa ordaintzera, bere erantzukizunaren mugaraino, errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean.

2. Onuradunaren aldeko epaia osorik edo partez errebokatuz gero, onuraduna ez da beharturik egongo behin-behineko exekuzioaren denboran jasotako kopuruak itzultzera, eta eskubidea izaten jarraituko du errekurtsoa izapidetzen den bitartean sortu diren eta epaia irmo egindako egunean jaso gabe dituen prestazioak jasotzeko, lege honen 192.3 artikuluan xedaturikoaren kalterik gabe.

293. artikulua

Gizarte Segurantzako araubide publikoaren onuradun batek bere aldeko epai bat baldin badu, demandatua ordainketa bakarreko prestazio bat ordaintzera kondenatzen duena, eta epaia errekurritzen bada, onuradun horrek eskubidea izango du epaiaren behin-behineko exekuzioa eskatzeko eta prestazioaren kontura aurrerakinak jasotzeko, aurreko atalean ezarritakoaren arabera.

294. artikulua

Aldeko epaia izan duen onuradunaren eskariz eta epailearen irizpidez, behinbehinekoz exekutatu ahal izango dira, orobat, Gizarte Segurantzaren arloan zerbait egiteko edo ez egiteko obligazioa ezartzen duten kondena-epaiak, fidantzarik eskatu gabe.

III. KAPITULUA Kaleratzeagatiko epaiak

295. artikulua

1. Kaleratze batetik edo lan-harremana azkentzeko erabaki batetik eratorritako akzioak baliatzen diren prozesuetan, epaiak bidegabe deklaratzen badu kaleratzea edo lan-harremana amaitzea, eta langilea berrartzeko hautua egin duen enpresaburuak legean baimendutako errekurtsoetakoren bat jartzen badu, enpresaburu hori beharturik egongo da, errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean, gertakariak gertatu aurretik jasotzen zuen lansari bera ordaintzera langileari, eta langileak lanean jarraituko du, non eta enpresaburuak ez duen nahiago ordainketa batere konpentsaziorik gabe egin.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, orobat, enpresaburuak langilea berrartzeko hautua egin eta langileak errekurtsoa jartzen duenean.

2. Enpresaburuak betebehar bera izango du epaiak deusez deklaratu badu kaleratzea edo lan-harremana azkentzeko erabakia.

3. Kaleratzea bidegabe deklaratzen bada eta langileak, hautatzea dagokionean, berrartzearen aldeko hautua egiten badu, artikulu honen 1. zenbakian xedatutakoak aginduko du.

4. Aurreko zenbakietan aipaturiko kasuetan, geldieran utziko da langabeziaprestaziorako eskubidea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak aurreikusitakoaren arabera.

296. artikulua

Baldin eta, aurreko artikuluan xedaturikoa dela eta, enpresaburuari aipatutako betebeharra bete dezala galdatzeko eskaera aurkezten badu langileak, idatziz edo agertuz, edo langilea lanera itzultzeko eskaera aurkezten badu enpresaburuak, dagokiona erabakiko du epaile edo salak, alderdiei entzuera emanik.

297. artikulua

Enpresaburuak lanera itzultzeko eskatu eta langileak, justifikaziorik gabe, eskaera hori bete ez badu, behin betiko galduko ditu langileak aurreko artikuluetan aipaturiko soldatak.

298. artikulua

Langilearen aldeko epaia osorik edo partez errebokatzen bada, langilea ez da beharturik egongo behin-behineko exekuzioaren denboran jasotako soldatak itzultzera, eta eskubidea izango du errekurtsoa izapidetzen den bitartean sortu diren eta epaia irmo geratutako egunean jaso gabe dituen soldatak jasotzeko.

299. artikulua

Kapitulu honetan behin-behineko exekuziorako ezarritako arauak aplikatzekoak ez diren kasuetan, aurrerakin itzulgarriak eman ahal izango dira hartarako behar diren baldintzak gertatuz gero, lege honetan ezarritakoaren arabera, epai errekurrituak deusez edo bidegabe deklaratzen duenean kaleratzea edo lanharremana azkentzeko erabakia.

300. artikulua

Kaleratzeak edo lan-harremana azkentzeko erabakiak langileen legezko ordezkari bati edo ordezkari sindikal bati eragiten dionean, epaiak deusez edo bidegabe deklaratzen badu kaleratzea eta bigarren kasu horretan berrartzearen aldeko hautua egiten badu langileak, behar diren neurriak hartu beharko ditu organo judizialak, 282. artikuluaren c) letran aurreikusitakoaren arabera, errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean ordezkari-eginkizunetan jarduteko modua bermatzeko langile horri.

IV. KAPITULUA Beste prozesu batzuetako kondena-epaiak

301. artikulua

Gatazka kolektiboei buruzko prozesuetan, hitzarmen kolektiboen aurkarapenari buruzkoetan eta askatasun sindikaleko eskubideak eta gainerako eskubide oinarrizkoak babesteari buruzkoetan emandako epaiak exekutatzekoak izango dira ematen direnetik, baietsiriko uziaren izaeraren arabera, haien aurka jar litekeen errekurtsoa gorabehera.

V. KAPITULUA Behin-behineko exekuziorako arau erkideak

302. artikulua

Behin-behineko exekuzioan emandako ebazpenen aurka, berraztertzeerrekurtsoa edo erregu-errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, hala dagokionean.

303. artikulua

Langile edo onuradunaren aldekoak izan eta lege honen arabera behinbehinekoz ezin exekutatu diren epaiak prozedura zibilaren legerian ezarritako moduan exekutatu ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

1. Lege honetan aurreikusi gabekoan, ordeztaile gisa, Prozedura Zibilaren Legeak aginduko du.

2. Legearen intereseko errekurtsoa, Prozedura Zibilaren Legean arautua, ez da aplikatzekoa izango Lan Arloko prozesuetan.

Bigarrena

1. Erregutze-errekurtsoa bidezko izateko lege honek ezartzen duen zenbatekoa aldatu ahal izango du Gobernuak, aurrez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena eginik eta Estatu Kontseiluari entzuera emanik.

2. Orobat aldatu ahal izango ditu, aipaturiko txostenak izan ondoren, lege honetan ezarritako beste zenbatekook: alderdi errekurrituen abokatuei dagozkien zerbitzu-sariak, diru-zehapenak eta isunak, eta erregutze-, kasazio- eta berrikuspen-errekurtsoetarako gordailuen zenbatekoak.

Hirugarrena

Gobernuak, aurrez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena eginik, baimena eman ahal izango die ezarritako bermeak betetzen dituzten entitate publiko eta pribatuei, judizialki enbargatutako ondasunen gordailutze, gordetze, garraiatze, administratze, publiko egite eta saltze kontuetan jarduketa materialak egiteko.

Laugarrena

Soldatak Bermatzeko Funtsari gomendatu ahal izango zaio langileei eta Gizarte Segurantzako araubide publikoaren onuradunei behin-behineko exekuzioa aurreratzeko behar diren aurrekontu-sailak kudeatzea, epai errekurritua langile eta onuradunon aldekoa denean eta demandatua ordainketa bakarreko kopuru edo prestazio bat ordaintzera kondenatu denean.

Bosgarrena

Lege honetan araututako prozesu arrunta ordeztaile gisa aplikatuko da 1987ko apirilaren 2ko Sozietate Kooperatiboen 3/1987 Lege Orokorrak 125. artikuluan aipatzen dituen auziak izapidetzean, lege beraren 126. artikuluan ezarritako moduan.

Seigarrena

Enpresaburu-elkarteen estatutuak gordailutzeari ezezkoa ematen dioten administrazio- ebazpenak aurkaratzeko prozesuak, eta orobat estatutu horiek zuzenbidearen araberako ez direla deklaratzen duten administrazio-ebazpenak aurkaratzeko prozesuak, lege honen II. liburuko II. tituluko X. kapituluan arauturiko prozesu-aldaeraren bidez izapidetuko dira. Fiskaltza alderdi izango da beti prozesuotan.

Zazpigarrena

Lege honen IV. liburuak dioenerako, epai irmoen baliokidetzat joko dira arbitraje-laudo irmoak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 83. artikuluan aipatzen diren lanbide-arteko akordio edo hitzarmen kolektiboen bitartez era litezkeen organoek emanak.

Zortzigarren

Lege honen xedapenak ez dira aplikatzekoak izango konkurtso kasuan planteatzen diren gizarte-arloko auzigaietan, baldin eta Konkurtso Legearen arabera ebazpena epaileari badagokio, lege horretan bertan ageri diren salbuespenekin.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena

Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina onesten duen 1990eko apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartu aurretik hasitako prozesuetan ematen diren ebazpen judizialen kontrako errekurtsoak lege honetan aurreikusirikoak izango dira, eta lege honen arabera izapidetuko dira.

1990eko apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartzean izapidetzen ari diren prozesuek, berriz, orain aldatzen den araudiaren arabera segituko dute.

Bigarrena

Aurreko xedapenean ezarritakoa gorabehera, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 1995eko martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartu aurretik gertatutako lan-harremanaren amaierei dagokienez, gertatutakoan indarrean ziren prozesu-arauek aginduko dute.

Hirugarrena

Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina onesten duen 1990eko apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartu ondotik dagokien organo judizialetan hasitako hitzarmen kolektiboak aurkaratzeari buruzko prozesuak eta gatazka kolektiboei buruzko prozesuak lege horretan xedatutakoaren arabera bideratuko dira, nahiz eta administrazio-jarduketak hura indarrean sartu aurretik izapidetuak izan.

Laugarrena

Lege hau aplikagarri izango da Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina onesten duen 1990eko apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretua indarrean sartzean izapidetzen ari diren exekuzioetan; hala ere, baliozko izango dira aurreko legeriaren arabera egindako jarduketak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra