Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

56/2003 Legea, abenduaren 16koa, Enpleguari buruzkoa

2003-12-16

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2003/12/17, 301. zk.

56/2003 LEGEA, ABENDUAREN 16KOA, ENPLEGUARI BURUZKOA

(EAO 301 zk, 2003ko abenduaren 17koa)

ZIOEN AZALPENA

Indarrean den 1980ko urriaren 8ko 51/1980 Enpleguaren Oinarrizko Legea one tsi zenean, egoera sozioekonomikoa, teknologikoa eta lurralde-antolamenduarena oso desberdina zen gaur egungoaren aldean.

Garai hartan, enplegu-zerbitzu publiko bakar bat zegoen -hori zen egoeraren berezitasuna-; enplegu-zerbitzu publiko horrek, formalki, monopolio gisa jarduten zuen, Enplegu Institutu Nazionalaren inguruan zentralizaturik eta Estatuaren lurralde osoan eskumena zuelarik. Politika aktiboek oso ezarpen mugatua zuten, eta langabezia-babesa ez zen ulertzen lanik gabeko egoeretako prestazio ekonomiko huts gisa baino.

Azken urteotan fun tsezko aldaketak gertatu dira gizarte, ekonomia, antolamendu eta teknologiaren ingurunean.

Izan ere, lehenik eta behin, Enpleguaren Oinarrizko Legea onartu zenetik igarotako denbora luzean, ikusi da lan-merkatuaren bilakaeran lanpostu-galerak gertatu direla, eta, horrekin batera, gizatalde ahulenen kaleratzea, eta, aldi berean, gizataldeok gero eta zailtasun handiagoak zituztela enplegua lortzeko, handiagoak zirela langabezia eta aldi baterako kontratuen tasak, eta nabarmenagoak lurraldeen arteko desorekak.

Horrekin batera, izan dira hedatze-aldiak ere, enplegua sortzeko bidea eman dutenak. Baina langabezia-tasa altua da oraindik, eta enplegu-tasa, berriz, apala, Europar Batasuneko kopuruekin konparatuz gero, batez ere emakumeei dagokienez.

Gainera, oraindik badira zenbait gizatalde-iraupen luzeko langabezian daudenak bereziki- lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenak; badira langileen prestakuntza-gabeziak, mugigarritasun geografikoari eta funtzionalari buruzko trabak, lan-merkatuen arteko desorekak; aldi baterako enplegu gehiegi dago eta enplegu-zerbitzu publikoek lan-bitartekotzan duten parte-hartzearen tasa txikia da.

Beste hainbat faktorek ere eragin diote lan-merkatuari urteotan: demografiaren bilakaerak, gazteek lehen enplegua izateko egindako presioarekin lehenik, eta populazio aktiboaren zahartzearekin gero; immigrazioaren fenomenoak, haren ondorioz giza baliabide ugari iri tsi baita kanpotik gure lan-merkatura. Bestetik, berriz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek garapen ikaragarri bizkorra izan dute; gizarte-politikari orientazio berria eman zaio (laguntza pasibotik, birlaneratzeko pizgarrietara); informazio-, orientazio- eta bitartekotza-zerbitzuak eragile pribatuei ireki zaizkie, eta horiek denak desafio handiak dira enplegu osora jotzen duen enplegu-politikarentzat.

Baina enplegu-zerbitzu publikoek jarduera-eremu duten lan-merkatua eraldatu eta konplexuago bihurtu bada, orobat aldatu da inguru politiko eta instituzionala ere. Lan-merkatuaren kudeaketa estatalaren metodo tradizionalaren ondotik, planteamendu deszentralizatuagoak etorri dira enplegu-politika aktiboak betetzeko funtzio eta zerbitzuak autonomia-erkidegoei eskualdatzearekin. Beste alde batetik, berriz, politika horien finantzaketan osagai garrantzi tsua dira Europar Batasunetik Estatuaren Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez datozen diru-fun tsak, politika horien kudeaketa administrazio autonomikoek egiten badute ere.

Gaur egun, enplegu-zerbitzu publikoek ingurune lehiakorrago, konplexuago eta dinamikoagoan jardun behar dute eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskainiz bilatu behar dute lekua merkatuan.

Azkenik, ekonomiaren globalizazioarekin eta Europaren integrazioaren aurrerabidearekin, ezinezkoa da jada nazio-ikuspegi hu tsez pen tsatzea eta ekitea. Europar Batasunean abian jarritako politikak koordinatzeko estrategiak -batetik, politika ekonomikoa, Politika Ekonomikorako Orientazio Nagusien bidez, eta bestetik, enplegu-politika, Enplegurako Ildo Nagusien eta enplegurako ekintza-plan nazionalen bidez, gizarteratze-estrategiarekin koordinaturik- langabetuekiko jardueretan helburu kuantifikatuak zehaztera behartzen du Espainiako estatua; izan ere, helburu horiek lortzearekin lotzen du Europar Batasunak europar fun tsen banaketa (Europako Gizarte Fun tsa), eta horrek, ezinbestean, helburuok lortu ahal izateko bideak ezartzea eskatzen du.

Testuinguru honetan, lege honen xedea da: lan-merkatuaren funtzionamendua eraginkorrago bihurtzea eta merkatu horretan sartzeko aukerak hobetzea enplegu osoa lortzeko, estatuburu eta gobernuburuek Europar Batasunaren gailurretan behin eta berriz hitzartu dutenaren ildotik, Luxenburgoko prozesuaren hasieratik Bartzelonako Gailurrean berre tsi zen arte. Horrek esan nahi du enplegu-zerbitzu publikoek arreta prebentziozkoa eta per tsonalizatua eskaini behar dietela langabeei, aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren, gardentasunaren, doakotasunaren, eraginkortasunaren eta kalitatearen prin-tzipioen pean, arreta berezia eskainiz gizatalde kaltetuenei, eta, horien artean, ahalmen-urritasunak dituzten pertsonei lehentasuna emanez. Enplegu-politikek sustapen-tresna gisa funtzionatu behar dute langabetuak lan-merkatuan benetan sar daitezen, enplegua aktiboki bilatzea eta mugigarritasun geografiko eta funtzionala bultzatuz.

Eredu berria gaur egun Estatuak eta autonomia-erkidegoek enplegupoli tikaren arloan duten konstituzio-eskumenen banaketarekin bateratze aldera, inplikaturiko administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa bermatzea da xede nagusia, eskura diren baliabide guztiak mobilizatu eta optimizatuz ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko. Xede hori lortzeko fun tsezko tresna Enplegu Sistema Nazionala da, ho ts, enplegu-politika bultzatzeko eta garatzeko egitura, neurri eta ekintzen multzoa, enplegu osoa lortzeko neurriak eta programak garatzea helburu duena, estatuburu eta gobernuburuen Lisboako Gailurrean adostu bezala. Sistema hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoetako Zerbitzu Publikoek osatzen dute. Haren organoak Lan Gaietarako Konferentzia Sektoriala eta Enplegu Sistema Nazionalaren Kon tseilu Nagusia dira. Haren tresnak, berriz, Enplegurako ekintza- plan nazionala, Enplegu Sistema Nazionalaren Urteko lan-programa eta Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio-sistema. Ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakunde eta sindikatuek sistema horretan eta Estatuaren eta autonomia-erkidegoen enplegu-zerbitzu publikoetan parte hartzea beharrezkoa da Espainiakoa bezalako eredu konstituzional batean, eta gure nazioarteko konpromisoen araberakoa, baina horretaz gainera, kohesio eta arrakastarako berme handiagoak ematen dizkio proiektuari.

Azkenik, lan-bitartekotza definitzea da legearen fun tsezko helburua; enplegu- politikaren oinarrizko tresna da lan-bitartekotza, gizarte zibilarekin lankidetzan aritzea onartzen duena, konstituzio-printzipioak gordez eta objektibotasun- eta eraginkortasun-irizpideen arabera.

Legeak, halaber, enplegu-politika aktiboen kontzeptu modernoago bat ezartzen du. Langabeziaren kontrako benetako aktibatze-tresnak dira politika horiek; langabezia-prestazio ekonomikoarekin osatzen eta erlazionatzen dira, eta enplegu-eskatzaileentzako arreta per tsonalizatuzko ibilbideen inguruan artikulatzen, haien ezaugarrien eta behar per tsonal eta profesionalen arabera.

ATARIKO TITULUA ENPLEGU-POLITIKA

KAPITULU BAKARRA Arau orokorrak

1. artikulua. Definizioa

Kontuan izanik Konstituzioaren 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoa, enplegu-politika Estatuak eta autonomia-erkidegoek hartutako erabaki multzo bat da, programa eta neurri batzuk garatzea helburu duena, haien bidez enplegu osoa eta kalitatezkoa lortzeko, enplegu-eskaintzak eta -eskariak kuantitatiboki eta kualitatiboki egokitzeko, langabezia-egoerak gu txitzeko eta langabeziaegoeretan behar den babesa emateko.

Enplegu-politika Europar Erkidegoa eratzeko Tratatuak araututako enplegurako estrategia koordinatuaren eremuan garatuko da, politika ekonomikorako orientazio orokorren barruan.

2. artikulua. Enplegu-politikaren helburuak

Enplegu-politikaren helburu orokorrak dira:

a) Aukera-berdintasun benetakoa eta diskriminaziorik eza bermatzea enplegurako irispidean eta enplegua lortzera bideratutako ekintzetan, kontuan izanik Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan aurreikusitakoa, eta, era berean, lanbidea aukeratzeko askatasuna bermatzea, ezein diskriminaziori biderik eman gabe, Langileen Estatutuko 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Printzipio horiek Europako Ekonomia Esparruko kide diren estatuetako nazionalitatea dutenei aplikatuko zaizkie, eta, beren eskubide eta askatasunak arautzen dituen araudiak ezarritakoaren arabera, beste atzerritarrei.

b) Langabezia-egoeren aurrean babes-sistema eraginkor bati eustea, hots, enplegu-politika aktiboei eta langabezia-prestazioei; eta haien arteko koordinazioa, enplegu-politika betetzen eta kudeatzen parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetza, eta lan-bitartekotzako jardueren arteko lotura ziurtatzea.

c) Langabeziaren aurrean prebentziozko ikuspegia hartzea, batez ere denbora luzeko langabezia bada, eta langabetuei banan-banako arreta eskaintzea, haien enplegagarritasuna hobetuko duten politika aktiboetako jarduera integratuen bitartez.

Halaber, enplegu-politikak langabeziari prebentziozko ikuspegitik begiratzera eta aldaketari aurrea hartzera joko du prestakuntza-jardueren bidez, haien bitartez langileari erraztasunak emanez bere lanbide-gaikuntza eta enplegagarritasuna mantendu eta hobetzeko eta, hala badagokio, birgaitu eta bere gaitasun profesionalak lan-merkatuaren eskakizunetara egokitzeko.

d) Lanean integratzeko politika egokiak bermatzea laneratzeko zailtasun handienak dituzten gizataldeentzat; bereziki, gazte, emakume, ahalmen urritasunak dituzten per tsona eta 45 urtetik gorako denbora luzeko langabetuentzat.

e) Lan-merkatuaren batasunari eustea Estatu osoan, lurralde bakoitzaren ezaugarri bereziak eta askotarikoak kontuan izanez eta lurralde- eta gizarte-desorekak zuzentzea bultzatuz.

f ) Langileen zirkulazio-askatasuna bermatzea eta enplegu-arrazoiengatik lekualdatu nahi dutenen mugigarritasun geografikoa erraztea, bai estatuaren eremuan bai Europarenean.

g) Barne- eta kanpo-migrazioen fenomenoaren alderdiarekin duen artikulazioa koordinatzea, a) eta d) paragrafoetan ezarritakoaren arabera eta autonomiaerkidegoekin lankidetzan, zein bere eskumenen esparruan.

3. artikulua. Enplegu-politika planifikatzea eta betetzea

1. Estatuaren eskumen-eremuan Gobernuari dagokio, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren bitartez, Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialak hartutako erabakien esparruan, enplegu-politika koordinatzea.

Orobat, Gobernuari dagokio, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak proposatuta, eta aurrez ministerio horrek Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialari txostena eginik, bitartekotza eta lan-merkatuan sartzeari, enplegua sustatzeari, langabezia-babesari, lanerako prestakuntza eta etengabeko lanbide-prestakuntzari dagozkien lege-mailako arauen proiektuak onestea eta erregelamendu-xedapenak egin eta onestea estatu-eremuan, bai eta xedapen  horiek garatzea ere, hargatik eragotzi gabe atzerritarren gaietan Barne Ministerioari dagozkion eskumenak.

Edozein kasutan, Gobernuari dagozkio, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren bitartez, langabezia-prestazioen kudeaketa eta kontrola.

2. Konstituzioaren eta haren Autonomia Estatutuen arabera, autonomiaerkidegoei dagokie beren lurralde-eremuan enplegu-politika garatzea, enplegua sustatzea eta lan-legeria eta eskualdaturiko programa eta neurriak betetzea.

3. Enplegurako ekintza-plan nazionalak Gobernuak egingo ditu, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren bitartez, autonomia-erkidegoen partaidetzarekin; Enplegurako Europar Estrategiaren arabera definituko dira eta enplegu-politika planifikatzeko fun tsezko tresna izango. Orobat hartuko dute parte ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakunde eta sindikatuek. Enplegurako ekintza-plan nazionaletan jasotako neurriak Estatuaren eta Europar Batasunaren beste politikekin koordinaturik eta bat eginik egongo dira; bereziki, Gizarteratze-planetan ezarritakoekin, eta ahalik eta eraginkorrenak izateko behar den koherentzia izan beharko dute haiekin.

Autonomia erkidegoek, beren lurralde-eremuetan, beren enplegu-programak ezarriko dituzte, Enplegurako Europar Estrategiak ezarritako betebeharrekin bat etorriz, Enplegurako ekintza-plan nazionalen bidez.

4. artikulua. Enplegu-politikaren tokikotasuna

Enplegurako Europar Estrategian ezarritakoaren arabera, enplegu-politikek tokikotasuna kontuan izan beharko dute beren diseinuan eta kudeaketa-ereduan, lurraldearen beharretara doitu daitezen eta, hartara, tokian-tokian enplegua sortzeko ekimenak faboratu eta aldeztu ditzaten.

Konstituzioaren, Autonomia Estatutuen eta Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera, autonomiaerkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoek komeni diren lankidetza bideak eta, hala badagokio, tokiko korporazioekin partaidetzan jardutekoak ezarriko dituzte, enplegu-politika aktiboen programak eta neurriak betetzeko.

I. TITULUA ENPLEGU SISTEMA NAZIONALA

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

5. artikulua. Kontzeptua

Enplegu Sistema Nazionala da: enplegu-politika sustatu eta garatzeko beharrezko diren egitura, neurri eta jardueren multzoa. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoek osatzen dute Enplegu Sistema Nazionala.

6. artikulua. Helburuak

1. Enplegu Sistema Nazionalak honako helburu hauek betetzen direla bermatu beharko du:

a) Enplegua sustatzea eta lanpostuak sortzen laguntzea, laneratzeko zailtasun handienak dituzten per tsonei zuzendurikoak bereziki.

b) Langile eta enpresaburuei enplegu-zerbitzu publiko eta doako bat eskaintzea, lan-merkatuko enplegu-eskaintzak bereganatzeko gai dena, arreta eraginkor eta kalitatezko batean oinarriturik, gero eta lan-bitartekotza tasa handiagoak izateko xedez.

c) Behar den informazioa ematea, enplegu bila dabiltzanek lan bat aurkitu edo enplegu-aukerak hobetu ahal izan ditzaten, eta enplegu-emaileek beren beharrei egokitzen zaizkien langileak kontratatu ahal izan ditzaten, berdintasun printzipioa ziurtatuz langile eta enpresaburuek enplegu-zerbitzu publikoak emandako zerbitzuetarako irispidean.

d) Enplegu-zerbitzu publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan, politika aktiboak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituz aplikatzen dituztela, Konstituzioaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta lurraldeen arteko desorekak gainditzeko lan egiten dutela bermatzea.

e) Enplegu-politika aktiboak eta langabezia-babesa aplikatzen direla bermatzea.

f) Espainiako lurralde osoko lan-merkatuaren batasuna eta merkatu hori europar merkatu bakarrean integratzea bermatzea, eta langileen zirkulazio-askatasuna bermatzea.

g) Enplegu-zerbitzu publikoaren eta enpresen lankidetza bultzatzea, enpresek politika aktiboen eta lanbide-gaikuntzaren arloan garatzen dituzten eta langabetuak lanean integratzeko, prestatzeko edo birgaitzeko eraginkorrak izan daitezkeen jardueretan.

2. Helburuok betetzean, Enplegu Sistema Nazionala ebaluatu egingo da aldika, haren egitura, neurri eta jarduerak lan-merkatuaren beharrizan errealetara egokitzeko.

7. artikulua. Enplegu Sistema Nazionalaren organoak

1. Enplegu Sistema Nazionalaren organoak hauek dira:

a) Lan Gaietarako Konferentzia Sektoriala, Estatuaren Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen administrazioen arteko lankidetza eta koordinaziorako tresna orokorra enplegu-politikaren arloan eta, bereziki, Enplegurako ekintza-plan nazionalak lantzean. Hari dagokio, orobat, enplegu-sistema nazionalaren Urteko lan-programa onestea.

b) Enplegu Sistema Nazionalaren Kon tseilu Nagusia, instituzioen partaidetzarako aholku-organoa enplegu-politikaren arloan. Kon tseilua kide hauek osatuko dute: autonomia-erkidego bakoitzaren ordezkari bat eta beste hainbeste kide Estatuaren Administrazio Orokorrarenak, ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakundeenak eta sindikatuenak. Erabakiak hartzeko, enpresaburuerakundeen eta sindikatuen bozak haztatuko dira, bi ordezkaritza horietariko bakoitzak bi administrazioen ordezkarien pisu bera izan dezan, hartara Kontseiluaren hirukotasunari eusteko. Haren funtzioak erregelamenduz zehaztuko dira, Enplegu Sistema Nazionalari lege honen 9. artikuluak esleitutakoekin bat etorriz. Funtzio horien artean dago Enplegurako ekintza-plan nazionalaren eta Enplegu Sistema Nazional horren Urteko lan-programaren inguruko kon tsultak erantzutea eta haiei buruzko txostenak egitea.

2. Enplegu Sistema Nazionala honako tresna hauen bidez koordinatuko da nagusiki:

a) Enplegurako ekintza-plan nazionala.

b) Enplegu Sistema Nazionalaren Urteko lan-programa.

c) Enplegu Zerbitzu Publikoen Informazio-sistema.

8. artikulua. Antolakuntzaren eta funtzionamenduaren printzipioak

Enplegu Sistema Nazionalaren antolakuntza eta funtzionamendua honako printzipio hauetan oinarrituko da:

1. Ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakunde eta sindikatuek parte hartzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoetan, zerbitzuok zehazten duten eran, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

2. Lan-merkatuaren funtzionamenduan gardentasuna izatea eta enpleguaren edo prestakuntzaren kariaz langileek askatasunez zirkulatzeko behar diren politikak ezartzea, elementu fun tsezkotzat harturik, printzipio hori bermatzeko, honako hauek: a) Informazio-sistemen integrazioa, bateragarritasuna eta koordinazioa.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoek lankidetzan jardungo dute informazio-sistema komuna sortu, ustiatu eta mantentzen.Informazio-sistema hori egitura informatiko integratu eta bateragarri batekin antolatuko da. Horri esker, modu egokian eta lurralde-oztoporik gabe burutu ahal izango dira lan-bitartekotzaren funtzioak, langabeziaren erregistroa, estatistika komunak, kontratuen edukiaren komunikazioa eta Estatuaren Administrazio Orokorretik edota Europarenetik datozen fun tsen erabileraren jarraipena eta kontrola, erabilera hori justifikatzeko.

b) Toki komun bat izatea sare telematikoan, hiritarrek jakin ahal izan dezaten zer eskaintza, enplegu-eskari eta prestakuntza-aukera dauden Estatuaren lurralde osoan eta Europako Ekonomia Esparruko beste herrialdeetan, Datu Per tsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa gordez.

3. Enplegu Zerbitzu Publikoen erantzukizuna da enplegu-politika aktiboen exekuzioa bere gain hartzea, lege honetan ezarri bezala, hargatik eragotzi gabe haien koordinaziopean jardungo duten beste entitate batzuekin lankidetzan aritzeko tresnak sortzeko aukera. Entitate horiek, betiere, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak gorde beharko dituzte.

Enkargatu zaien zerbitzua emateko eraginkortasunaren, kalitatearen eta espezializazioaren irizpide objektiboen arabera bideratuko da erakunde horien lankidetza, betiere dagokion araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Gizarte-solaskideen lankidetza berariaz aztertu beharko da.

4. Kalitatea zerbitzua ematerakoan, enplegu-zerbitzu publikoak bultzatuz eta lan-merkatuaren beharretara egokitzeko haiek etengabe hobetzen lagunduz; aldaketarako elementu dinamizatzaile gisa teknologia berriak baliatuz, eta nahikoa giza baliabide eta baliabide material jarriz, bai enplegu-eskatzaileei bai enpresei arreta espezializatu eta per tsonalizatua eskaini ahal izateko.

9. artikulua. Enplegu Sistema Nazionalaren funtzioak

1. Enplegurako Europar Estrategia aplikatzea, bere eskumenen barruan, Enplegurako ekintza-plan nazionalen bidez.

2. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoen arteko koordinazioa eta lankidetza bermatzea, arreta berezia eskainiz enplegu-politika aktiboen eta langabezia-prestazioen arteko koordinazioari.

3. Helburu jakin eta koordinatuak ezartzea Enplegu Sistema Nazionalaren Urteko lan-planaren bitartez, enplegu-politiken emaitzak eta eraginkortasuna ebaluatu eta adierazle konparagarriak definitu ahal izateko.

4. Enplegu-zerbitzu publikoak lan-merkatuaren beharretara etengabe egokitu daitezen bultzatzea eta koordinatzea, Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean lortzen diren akordioen esparruan.

5. Administrazio publikoei txostenak, proposamenak eta gomendioak egitea enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten gaiei buruz.

6. Jarduera-sektore eta lurralde-eremu bakoitzeko lan-merkatua aztertzea; alde batetik, enplegu-politika aktiboak haien beharrizanetara egokitzeko, eta bestetik, nazio-mailan enplegu-egoera zein den zehazteko, hartara zenbat langile atzerritar behar den zehazteko, migrazio-politikatik eratorritako araudiaren arabera.

II. KAPITULUA Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa

10. artikulua. Kontzeptua

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa da: lege honetan ezarritakoaren esparruan, enplegu-politikaren programa eta neurriak xedatzea, garatzea eta haien jarraipena egitea enkargatu zaion Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomoa.

11. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko 1997ko apirilaren 14ko 6/1997 Legeko III. tituluaren II. kapituluan aurreikusietariko organismo autonomo bat da, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioari atxikia, bere titularraren bitartez.

Organismo autonomo den aldetik, nortasun juridiko propioa du, Estatuaren Administrazio Orokorretik independentea; bere funtzioak betetzeko jardutegaitasun osoa, ondare eta diruzaintza propioak, eta kudeaketa-autonomia; eta honako hauetan ezarritakoak eraentzen du harengan: Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko 1997ko apirilaren 14ko 6/1997 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Aurrekontuen Lege Orokorra eta Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomoei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

12. artikulua. Antolamendua

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa egitura zentral baten eta periferiko baten inguruan artikulatzen da bere eskumenak betetzeko.

Ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakunde eta sindikatuek haren organoetan parte hartuko dute, hirukoan eta modu parekidean.

Edozein kasutan, egitura zentralak kontseilu nagusia eta batzorde exekutiboa izango ditu, eta haien osaera eta funtzioa erregelamenduz ezarriko dira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitutako eskumenen arabera.

13. artikulua. Eskumenak

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Enpleguaz denaz bezainbatean egoki diren estatu-eremuko arau-proposamenak egitea eta Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioari igortzea.

b) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren aurreproiektua formulatzea.

c) Europar fun tsen laguntzak jasotzea, bere aurrekontuaren kargura diren jarduerak kofinantzatzeko, eta laguntzok justifikatzea, Europar Batasuneko araudiak izendaturiko kudeaketa-agintariaren bitartez.

d) Autonomia-erkidegoekin elkarlanean jardunez lantzea Enplegurako ekintza-plan nazionala, Enplegurako Europar Estrategiari egokitua, eta Enplegu Sistema Nazionalaren Urteko lan-programa.

Ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu-erakunde eta sindikatuek Enplegurako ekintza-plan nazional hori lantzen parte hartuko dute eta haren garapen eta ebaluazioari buruzko informazioa jasoko dute aldika. Aldi horiek ez dira izango sei hilabete baino luzeagoak.

e) Gastuen aurrekontuan ezarritako kreditu-erreserbaren kargura finantzatutako programak kudeatzea. Programok hauek izango dira:

1. Autonomia-erkidego batena baino eremu geografiko handiagoko exekuzio-eremua duten programak, haietan parte hartzen duten langabetuak edo langileak berenaz besteko autonomia-erkidego batera mugitzea eskatzen dutenean eta koordinazio bateratua behar dutenean.

2. Enplegu-eskatzaileen enplegatze-tasa hobetzera zuzendutako programak, Estatuaren eskumen esklusiboei dagozkien prestakuntza-ekintzak eta interes orokor zein sozialeko obra eta zerbitzuak aurrera eramateko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Estatuko Administrazio Orokorraren organoekin edo haren organismo autonomoekin lankidetzan.

3. Langile etorkinak laneratzea helburu duten bitartekotza-programak eta enplegu-politika aktiboak, haien jatorriko herrialdeetan eginak, migrazio-fluxuak ordenatzen laguntzen dutenak.

Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak zuzkituko du urtero e) letra honetan aipaturiko kreditu-erreserba, aurrez Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialak txostena eginik. Aurrekontu horien bidez finantzatutako jarduketen emaitzen berri emango zaio urtero Konferentzia Sektorial horri.

f ) Ikerketak, azterketak eta analisiak egitea lan-merkatuaren egoeraz eta hura hobetzeko tresnez, dagokion autonomia-erkidegoarekin lankidetzan.

g) Eskaintza, eskari eta kontratuen erregistro publikoa bermatzen duten datu-baseak mantentzea, enpleguen behategia mantentzea, eta enplegu-gaiei buruzko estatistikak egitea estatu-mailan.

h) Langabezia-prestazioak kudeatzea eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza arautzen duen 1997ko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 3. artikuluak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi Mailako Kidegoko eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileordeen Kidegoko funtzionarioei esleitzen dien eginkizuna: Gizarte Segurantzaren sistemako prestazioak lortzeari eta gozatzeari buruzko legeak eta erregelamenduak betetzen diren zaintzea eta bete daitezela galdatzea.

Politika aktiboen eta langabezia-prestazioen arteko koordinazioa bermatzeko, prestazio hori autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoekin lankidetzan jarduteko sistemen bitartez kudeatuko da. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lankidetzan jardun beharko du eskumen horiek bereganatuak dituzten autonomia-erkidegoekin.

i) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste zeinahi eskumen.

14. artikulua. Nazio-eremuko enplegu-fun tsak aurrekontuetan sartzea

1. Estatuak ditu, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez, nazioeremuko enplegu-fun tsen eskumenak, eta haren aurrekontuetan agertuko dira behar bezala identifikaturik eta bereizirik.

Funts horiek ez dira sartzen autonomia-erkidegoei kudeaketa-eskumenak eskualdatzearen benetako kostuan, eta aurrekontuen araudian ezarritakoaren arabera banatuko dira, kudeaketa eskualdatua duten programei dagozkienean.

2. Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean adosturikoaren arabera egindako autonomia-erkidegoentzako fun ts-banaketan, zehaztu egingo da funts horietariko zein parte zuzenduko den Enplegurako Europar Estrategiaren lehentasunen arabera eta autonomia-erkidego bakoitzean diren berezitasunak kontuan izanik berariaz zehaztuko diren gizataldeentzako politika aktiboetara, hartara Enplegu-plan nazionala bete dadin bermatzeko.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuliko zaizkio xede jakin bat zuten eta xede horretarako erabili ez diren funtsak, salbu eta funts horiek, ustekabean gertatu diren eta berehalako arreta eskatzen duten ohiz kanpoko inguruabarren kariaz, beste gizatalde batzuentzat erabili behar badira, aurrekontuen xede zehatzen barruan; bestela, Ogasun Ministerioaren txostena beharko da. Edozein kasutan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta autonomia-erkidegoaren dagokion organoak adostuko dute funts horien berresleipena; berresleipen horrek ez du aldaraziko ezein kasutan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontua.

3. Nazio-eremuko enplegu-funts guztietatik kreditu-erreserba bat ezarriko da, aurreko zenbakietan aipatzen den banaketari lotu gabea, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lege honetako 13. artikuluko e) paragrafoan aipaturiko programak kudea ditzan.

15. artikulua. Europar Batasuneko fun tsekin kofinantzatutako politika aktiboak

1. Aurreko artikuluan aipatzen diren eta autonomia-erkidegoek kudeatzekoak diren fun tsak banatzean, Aurrekontuen Lege Orokorrean aurreikusitako prozeduraren arabera, Europar Batasuneko fun tsekin kofinantzatutako programak zehaztuko dira.

2. Politika aktiboak Europar Batasuneko fun tsekin kofinantzatzen direnean, fun tson kudeaketa beren gain hartu duten autonomia-erkidegoek beren gain hartuko dute, halaber, aplikagarri den Batasuneko legerian aurreikusitako betekizunak betetzetik ondorioztatzen den finantza-erantzukizuna.

16. artikulua. Funtsen jarraipen eta kontrolerako organoak

1. Nazio-eremuko enplegu-fun tsen jarraipen eta kontrolerako organoak dira:

a) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.

b) Autonomia-erkidegoetako organoak, eskualdatutako kudeaketari dagokionez.

c) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza.

d) Estatuaren Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusia.

e) Kontu Auzitegia.

f ) Fun tsak Europar Batasunak kofinantzatzen dituenean, haren organoak, eta, estatu mailan, egitura-fun tsen kudeaketa-agintari eta agintari ordaintzaile izendatutako organismoak.

2. Kontrol-jarduerak organo horiek egingo dituzte, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera.

III. KAPITULUA Autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoak

17. artikulua. Kontzeptua eta eskumenak

1. Autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoa da: administrazio horiek, beren lurralde-eremuan, lege honen 20. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera lan-bitartekotza kudeatzeko eta xedapen honen beraren 23. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren enplegu-politika aktiboak kudeatzeko beharrezkoak diren funtzioak bete ditzatela enkargatzen dieten beren organo edo entitateak.

2. Autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak Enplegu Sistema Nazionalaren Urteko lanprogramaren proposamena lantzen parte hartuko dute, gero hura Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialak onets dezan eta, ondoren, bakoitzaren lurraldeeremuan bete dadin.

18. artikulua. Antolamendua

Autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoak, beren burua antolatzeko gaitasunaren arabera, herritarrari zerbitzu emateko zuzendaritza- eta egitura-organoez hornituko dira.

Enplegu Zerbitzu Publiko horietan, ordezkagaitasun nagusia duten enpresaburu- erakunde eta sindikatuek parte hartuko dute kon tsultarako ordezkaritzaorganoetan, autonomia-erkidegoek aurreikusten duten eran, eta partaidetza hori hiru alderdikoa eta parekidea izango da.

19. artikulua. Enplegu-politika aktiboen finantzaketa autonomikoa

Autonomia-erkidegoetan garatzen diren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari finantzatzea ez dagozkion politika aktiboak, edo, kasua hori bada, Estatuko Zerbitzu Publikoarenen osagarri direnak, autonomia-erkidegoko aurrekontuetan haientzat ezartzen diren kontu-sailen bidez eta Europar Batasunetik datozen fun tsetako partaidetzaren bidez finantzatuko dira, hala badagokio.

II. TITULUA ENPLEGU-POLITIKAREN TRESNAK

I. KAPITULUA Lan-bitartekotza

20. artikulua. Kontzeptua

Lan-bitartekotza da: enplegu-eskatzaileak enplegatze aldera, lan-eskaintzak eta enplegu-eskatzaileak harremanetan jartzeko jarduera multzoa. Lan-bitartekotzak helburu hauek ditu: langileei beren ezaugarriei dagokien enplegua ematea eta enplegu-emaileei beren eskakizun eta beharrei hobekien egokitzen zaizkien langileak aurkeztea.

21. artikulua. Bitartekotzaren eragileak

Enplegu Sistema Nazionalari dagokionez, honako hauek egingo dute bitartekotza lan-merkatuan:

a) Enplegu-zerbitzu publikoek, beren kabuz edota haiekin lankidetzan diharduten erakundeen bidez.

b) Behar bezala baimendutako enplegatze-agentziek.

c) Atzerrian diren langileentzat erregelamenduz zehazten diren beste zerbitzuek.

22. artikulua. Enplegu-zerbitzu publikoen bitartekotzaren oinarrizko printzipioak

1. Enplegu-zerbitzu publikoek beren gain hartzen dute lan-bitartekotzaren alderdi publikoa, baina zilegi izango dute enplegu-eskatzaileak enplegatzen laguntzeko helburua duten itunak, hitzarmenak edo beste koordinazio-tresna batzuk sortzea beste entitate batzuekin.

2. Enplegu-zerbitzu publikoek eta enplegatze-agentziek egindako lanbitartekotza eta haien lankide diren beste erakunde batzuek egin ditzaketen bitartekotza-jarduerak enplegurako irispiderako berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren konstituzio-printzipioen arabera egingo dira, erabateko gardentasunez funtziona dezatela bermatuz.

3. Printzipio horiek betetzen direla ziurtatzeko, enplegu-zerbitzu publikoek berme emango dute lan-eskaintzaren eta enplegu-eskaeraren arteko hautaketa-eta uztartze-prozesu zehatza enplegu-zerbitzu publikoari eta behar bezala baimendutako enplegatze-agentziei dagokiela, oro har.

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten gizataldeen kasuan, enplegu-zerbitzu publikoek lankidetza-erakunde espezializatuekin jardun ahal izango dute aurreko paragrafoan aipatzen den prozesua burutzeko.

4. Enplegu-zerbitzu publikoek egindako bitartekotza-bai beren kabuz egindakoa, bai haien lankide diren erakundeen bidez egindakoa, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera- doakoa izango da langileentzat eta enpleguemaileentzat.

22 bis artikulua. Diskriminazioa enplegurako irispidean

1. Enplegu-zerbitzu publikoek, haiekin lankidetzan diharduten entitateek eta irabazi-asmorik gabeko enplegatze-agentziek berariaz zaindu beharko dute lanbitartekotzaren kudeaketan diskriminaziorik ez dadila izan enplegurako irispidean.

Lan-bitartekotza kudeatzen dutenek, enplegu-eskaintzetan diskriminaziozantzuak hautematen dituztenean, horren berri emango diete eskaintza formulatu dutenei.

2. Bereziki, diskriminatzailetzat joko dira sexuetariko bati egindako eskaintzak, salbu eta bete beharreko jardueraren lanbide-eskakizun funtsezko eta erabakiorra bada.

Edozein kasutan diskriminatzailetzat joko da lan-posturako indar fisikoarekin loturiko betekizunetan oinarritzen den eskaintza egitea sexuetariko bati.

II. KAPITULUA Enplegu-politika aktiboak

23. artikulua. Enplegu-politika aktiboen kontzeptua

1. Enplegu-politika aktiboak honako xede hauek dituzten orientazio-, enplegu-, eta prestakuntza-programa eta -neurrien multzoa da: alde batetik, langabetuek beren edo inoren kontura lan-merkatuan enplegua aurkitzeko aukerak hobetzea eta langileen enplegurako prestakuntza eta birgaikuntza egokitzea, eta bestetik, enpresa-espiritua eta gizarte-ekonomia sustatzea.

Aurreko paragrafoan definituriko politikak Estatu osoan garatu beharko dira, kontuan izanez Enplegurako Europar Estrategia, enplegu-eskatzaileen beharrizanak eta lan-merkatu bakoitzaren eskakizunak, jarduera horiek egiten dituzten lanbide-prestakuntzako eta lan-bitartekotzako eragileak elkarren artean koordinaturik, enplegu-eskatzaileak enplegatzen laguntzeko helburuz.

2. Politika horien osagarri izango da eta haiekin erlazionaturik egongo da, hala badagokio, langabezia-babesa, 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak one tsiriko Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan arautua. Lege-testu horretako 206. artikuluak aipatzen duen langabezia-babesak barnean hartzen ditu kontribuzio- eta asistentzia-mailako langabezia-prestazioak eta enplegu-politika aktiboak osatzen dituzten jarduerak.

24. artikulua. Enplegu-politika aktiboen prebentziozko ikuspegia

1. Iraupen luzeko langabezia-egoeren aurrean prebentziozko tratamendua ezartzen duten Enplegurako Europar Estrategiatik eratorritako jarraibideekin bat etorriz eta Europar Batasuneko egitura-fun tsak arautzen dituen araudiaren arabera, langabetuei iraupen luzeko langabezia-egoerara pasa daitezen baino lehen beste enplegu-aukera batzuk ematera zuzenduko dute enplegu-zerbitzu publikoek beren kudeaketa.

2. Langabetuen aldeko zerbitzuak eta politika aktiboak banan-banako laneratze- ibilbide batean antolatuko dituzte enplegu-zerbitzu publikoek, enplegu-eskatzailearekin elkarlanean, haren inguruabar profesional eta per tsonalen arabera.

3. Enplegu-eskatzaileek enplegu-politiketan parte hartu beharko dute, beren banan-banako laneratze-ibilbideetan ezarritakoaren arabera, enplegatzeko aukera hobeak izateko.

25. artikulua. Sailkapena

1. Enplegu-politika aktiboak osatzen dituzten programa eta neurriak dagokien arauaren arabera bideratu eta arautuko dira, helburu hauek lortzeko jarduketen bitartez: a) Informatzea eta enplegua aktiboki bilatzera orientatzea.

b) Lanerako prestakuntza-programak eta etengabeko lanbide-prestakuntzarako programak garatzea eta lanerako gaitzea.

c) Lanbide-praktika erraztea.

d) Enplegua sortzea eta sustatzea; batez ere enplegu egonkorra eta kalitatezkoa.

e) Autoenplegua, gizarte-ekonomia eta enpresa txiki eta ertainen garapena sustatzea.

f ) Enplegua ekarriko duten jarduerak sortzen ahalegintzea.

g) Mugigarritasun geografikoa erraztea.

h) Gizartetik kanpora dauden edo kanpoan geratzeko arriskuan diren pertsonak laneratzera bideratutako politikak sustatzea.

Politika horiek diseinatzerakoan, bi helburu hauek kontuan izanez jokatuko da beti: alde batetik, gizonak eta emakumeak berdin tratatzea, sexuen arteko berdintasun osoa berma dadin praktikan, eta bestetik, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea, lege honen 2. artikuluaren a) paragrafoan aurreikusi bezala.

2. Lanerako prestakuntza-programak eta etengabeko lanbide-prestakuntzarako programak lege honetan eta Gaikuntza eta Lanbide Heziketaren Lege Organikoan ezarritakoaren arabera garatuko dira, bai eta haiek aplikatzeko ematen diren arauetan ezarritakoaren arabera ere.

26. artikulua. Lehentasuna duten gizataldeak

1. Gobernuak eta autonomia erkidegoek berariazko programak one tsiko dituzte, Konstituzioko eta estatutuetako manuen arabera eta Europar Batasunaren eremuan hartutako konpromisoen arabera, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten per tsonen enplegua sustatzera bideratuak, bereziki gazteena, emakumeena, 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabetuena, ahalmen-urritasunak dituztenena eta immigranteena, atzerritartasun-legeria gordez.

2. Gizatalde horien inguruabar bereziak kontuan izanik, neurri eta politika guztiak-behar bezala antolatuak eta langabetu horien soslai profesionalari eta beharrizan zehatzei egokituak- konbinatzen dituzten laneratze-ibilbideak diseinatzen direla bermatuko dute enplegu-zerbitzu publikoek. Beharrezkoa denean, enplegu-zerbitzu publikoek balioe tsiko dute ea gizarte-zerbitzuekin koordinatu beharrik baden langabetuari arreta hobea eskaintzeko.

III. KAPITULUA Politika aktiboak eta langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoa koordinatzea

27. artikulua. Prestazioen onuradunek enplegu-eskatzaile gisa izena ematea eta enplegu-politika aktiboetan parte hartzea.

1. Langabezia-prestazio eta -subsidioen eskatzaile eta jasotzaileek enpleguzerbitzu publikoan izena eman beharko dute eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda jarraitu.

2. Enplegu-eskatzaile gisa izena ematea enplegatze-eskaintza egoki bat onartzeko prestasun osoz egingo da.

3. Politika aktiboen kudeaketan eskudun diren Administrazio publikoek langabezia-prestazio eta subsidioen onuradunei enplegu-politika aktiboak aplikatzen zaizkiela bermatuko dute, lege honen 14.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera ezarriko denaren barruan. Horri dagokionez, politika horien bitartez artatu beharreko onuradunen kopurua, gu txienez, onuradunok beren lurraldeko langabetu guztien kopuruan duten partaidetzarekiko proportzionala izango da.

4. Enplegu-zerbitzu publikoetan izena emandako langabezia-prestazio eta -sub sidioen onuradunek laneratze-ibilbidean zehazten diren enplegu-politika aktiboetan parte hartu beharko dute. Administrazio publiko eskudunek egiaztatu beharko dute langabezia-prestazio eta -subsidioen onuradunek enplegu-eskatzaile gisa dituzten betebeharrak betetzen dituztela, eta, betetzen ez badituzte, horren berri eman beharko diote Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ez-betetzeak gertatzen edo jakiten diren unean.

28. artikulua. Politika aktiboak kudeatzen dituzten enplegu-zerbitzu publikoen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza langabeziari aurre egiteko babes ekonomikoari buruzko gaietan

1. Enpleguaren kudeaketarako eskumenak esleituak dituzten administrazio eta organismo publikoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak elkarlanean jardun beharko dute beren eskumenak baliatzen, eta lan-bitartekotzako eta laneratzeko jarduketen eta langabezia-prestazioak eskatzeko, aitortzeko eta jasotzeko jarduketen arteko koordinazioa bermatu, Konferentzia Sektorialean hartzen diren erabakien eta lortzen diren lankidetza-hitzarmenen bitartez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuz.

2. Esparru horretan finkatuko dira: kudeaketa-prozesuen eta erlazionaturiko informazio-sistemen konexioa; jarduerak betetzeko lankidetza; zeinek bere eskumenak baliatzeko behar den informazioa komunikatzea; langabeziaprestazioen eskatzaile eta onuradun diren enplegu-eskatzaileei zerbitzuak modu integratuan ematea; eta bitartekotza, laneratze-neurriak eta enplegagarritasuna hobetzeko eta gizataldearen prestasuna egiaztatzeko planak aplikatzea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren identifikazioa

Lehen Enpleguaren Institutu Nazionala zenari Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa deritzo orain; lehengo berak izango ditu araubide juridikoa, ekonomikoa eta aurrekontu, ondare eta per tsonalari buruzko araubideak, eta lehengo berak, orobat, nortasun juridikoa eta Estatuaren Administrazio Orokorraren organismo autonomo izaera, lege honetan aurreikusitako berezitasunekin.

Aurrekoaren ondorioz, indarrean den legerian Enplegu Institutu Nazionala edo haren funtzioak aipatzen diren guztietan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa aipatzen dela ulertu behar da.

Bigarrena. Aldi baterako laneko enpresak

Aldi baterako laneko enpresek enpresa horiek arautzen dituen araudian ezarritakoari egokituko diote beren jarduera.

Hirugarrena. Enplegu-zerbitzu publikoekiko lankidetza informazio-gaietan

Izaera publiko eta pribatuko organismo eta erakunde guztiak behartuta egongo dira beren helburuak betetzeari buruz eskatzen zaizkien datu guztiak ematera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eta autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoei, Datu Per tsonalen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa gordez.

Laugarrena

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak gastuen aurrekontuan ezarritako kreditu-erreserbaren bidez finantzatutako programak, autonomia-erkidego batena baino eremu geografiko handiagoko exekuzio-eremua badute eta haietan parte hartzen duten langabetu edo langileen mugigarritasun geografikorik eskatzen ez badute, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatu ahal izango ditu koordinazio bateratua behar dutenean, aurrez ados jarririk Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa eta aipaturiko programak beteko diren autonomia-erkidegoak.

Bosgarrena. Kanarietako enplegu-plan integrala

Kontuan izanik Kanarietako ekonomia-, gizarte- eta lan-egoera, eskualde ultraperiferiko izaera baitute Kanariek, Konstituzioaren 138.1 artikuluak eta Europar Batasunaren Tratatuaren 299.2 artikuluak aitortzen dioten uhartetasun eta urruntasunetik eratorria eta, egitura-funtsen laguntzei dagokienez, 1999ko ekainaren 21eko 1260/1999 Kontseiluaren Erregelamenduaren (EB) 3.1 artikuluak aitortua, Estatuak Enplegu-plan integrala finantzatzen parte hartu ahal izango du lurralde horretan enplegua sustatze aldera. Enplegu-plan integral hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastuen kontuan hornituko da, bereizturik, autonomia-erkidego horrek zuzenean kudea dezan. Enplegu-plan integral hori ez da sartuko lege honen 13.e) artikuluak aipatzen duen kreditu-erreserban, eta independentea izango da 14. artikuluan araututako nazio-eremuko enplegu-funtsetan dagokion esleipenetik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena. Enpleguaren kudeaketan lankide diren erakundeak

Lege hau indarrean jartzean enplegu-zerbitzuekin lankidetzan ari diren erakundeek izaera hori mantenduko dute lankidetza ezarri zuen araudiaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoekin beste lankidetza-araubide bat erregelamenduz garatzen ez den bitartean.

Araubide horrek ezarriko ditu erakundeen gutxieneko betekizunak kudeaketa lankidetzan egiteko, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidego bakoitzean kudeaketa horrek izan dezakeen garapena.

Bigarrena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak politika aktiboak kudeatzea

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko ditu honako hauei buruzko enplegu-politika aktiboak: bitartekotza eta lan-merkatuan sartzea, estatueremuan enplegua sustatzea eta lanbide-prestakuntza eta etengabeko lanbideprestakuntza, horien kudeaketa autonomia-erkidegoei eskualdatzen ez zaien bitartean.

Hirugarrena

Emakumeen populazio aktiboari dagozkion egungo enplegu- eta langabeziatasek dirauten bitartean, botere publikoek kontuan izan beharko dute, politika aktiboen kudeaketa antolatzerakoan, emakumeek politika horietatik atera behar duten onurak haiek langabetuen gizataldean duten pisuaren proportzio berekoa izan behar duela.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Bakarra. Arauen derogazioa

Derogaturik geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra dauden xedapen guztiak eta, espresuki, indarrean diren 1980ko urriaren 8ko 51/1980 Enpleguaren Oinarrizko Legearen artikuluak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena. Eskumen-tituluak

Lege hau Konstituzioaren 149. artikuluaren 1.1), 1.7) eta 1.17) ataletan ezarritakoaren babesean ematen da. Lege honen 13.e) artikulua Konstituzioaren 149.1.13) artikuluak ezartzen duenaren babesean ematen da.

Bigarrena. Erregelamenduetarako gaikuntza

Gobernuari baimena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.

Hirugarrena. Enplegu Sistema Nazionalaren baliabideak

Enplegu Sistema Nazionalaren helburuak bete daitezen bermatzeko, botere publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan, begiratuko dute lege honetan sortutako enplegu-zerbitzuek une oro beharrezkoa den per tsonala izan dezatela legeak esleitzen dizkion funtzioak betetzeko.

Laugarrena. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta autonomiaerkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoen arteko lankidetzahitzarmenak, Estatuak langabezia-prestazioez egindako kudeaketari dagozkion gastu partekatuak finantzatzeko, autonomia erkidegoei eskualdatutako kostu benetakoa handitzea ez badakarte

Lege honetan autonomia-erkidegoetako Enplegu Zerbitzu Publikoen eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetzari buruz aldeztutako printzipioekin bat etorriz, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatuko ditu, bere aurrekontuaren kargura, autonomia-erkidegoei eskualdatutako titulartasuneko enplegu-bulegoen sarean gerta litezkeen gastu partekatuak, langabezia-prestazioak kudeatzen dituen per tsonalaren zerbitzu-emateari egozgarriak.

Gastu horien finantzaketa noizbehinkakoa izango da eta ez du handituko Enplegu Institutu Nazionalak lan, enplegu eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketa-eskumenerako autonomia-erkidegoei eskualdaturiko baliabideen kostu benetakoa; finantzaketa hori lankidetza-hitzarmenen bidez artikulatuko da, eta haietan zehaztuko da zein den Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ekarpen ekonomikoa, partekaturiko gastuei-langabezia-prestazioak autonomia-erkidegoen lurralde-eremuan kudeatzetik eratorriei- dagokiona.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra